Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2026ko urtarrilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
202

AGINDUA, 2025eko abenduaren 17koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, 2026-2027 biurtekorako dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzen dituena. Dirulaguntza horien xedea da EAEko espetxeen mende dauden eta askatasunaz gabetuta dauden zigortuak birgizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko proiektu komunitarioak egitea, bai eta zigorrak betearazten eta zigortuak espetxean, ingurune irekian eta ingurune komunitarioan tratatzen laguntzea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du espetxeetako eta gizarteratzeko erakundeen antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako legeria orokorrarekin bat.

Bestalde, 12.1 artikuluak gure autonomia-erkidegoari esleitzen dio Estatuko espetxe-legeria betearazteko eskumena.

Eskumen horien bitarteko eta baliabideen eskualdatzea ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuaren eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez onartu zen. Dekretu horiek Estatuaren eta Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2021eko maiatzaren 10eko Erabakia onartzen dute, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 26/2024 Dekretuaren 12. artikuluaren i) letraren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio espetxeen eremuan honako prestazio hauek kudeatzea: hezkuntza, gizarte-ekintza, espetxe-lana, lanerako prestakuntza, gizarteratzea eta laneratzea, kultura- eta kirol-jarduerak sustatzea, eta adikzioen prebentzioa eta tratamendua, Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentziarekiko eta osasunaren, hezkuntzaren, enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten administrazioekiko koordinazioa erraztuz, bai eta gobernuz kanpoko erakundeen esku-hartze programak koordinatuz ere.

Espetxe-politikaren funtsezko helburua da, arau-esparruaren barruan, birgizarteratzeko eta gizarteratzeko programen hobekuntza bultzatzea, eta, horrela, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasotako gizarteratze-printzipioa gauzatzea.

Espetxe-tratamendua birsozializazio hori sustatzeko bidea da, eta presoen trebetasunak garatzera, hobetzera eta aurretiazko delitu-jokabideekin lotutako arazo espezifikoei irtenbideak ematera bideratutako prestakuntza-programen eta -esku-hartzeen diseinuan islatzen da.

Birsozializazio horretarako bidea prestatzeko, hainbat politika publiko uztartu behar dira, baina ezinbestekoa da, halaber, gizartearen inplikazioa eta parte-hartzea; horregatik, printzipio komunitarioa EAEko espetxe-ereduaren balioetako bat da.

Esku-hartze horiek bultzatutako aldaketa pertsonala administrazio publikoen eta gizarte-erakundeen baterako ahaleginari eta lankidetzari esker lor daiteke; izan ere, herritar horien birgizarteratzean parte-hartze aktiboa dute, eta horien parte-hartzea funtsezkoa da birgizarteratzeko, gizarteratzeko eta komunitate-eraldaketako prozesuetan.

Espetxeen Lege Organiko Orokorrak berak 69.2 artikuluan aitortzen du herritarren eta presoak birgizarteratzen diharduten erakunde edo elkarte publiko edo pribatuen lankidetza eta partaidetza hori, presoak araubide arruntean eta irekian gizarteratzeko.

Bestalde, Espetxeen Erregelamenduaren 62. artikuluak erakunde eta elkarte publiko eta pribatuen lankidetzaz, erakundeen egiaztapena egiteko moduaz, esku hartzeko programen onarpenaz, erakunde eta entitate horietako langileak eta boluntarioak espetxeetan sartzeko kudeaketaz, jarraipen eta ebaluaziorako sistemez eta abarrez hitz egiten du.

Beraz, lankidetza-programak garatzeko, espetxe-administrazioak onartu behar ditu.

Eskakizun hori beharrezkoa da bermatzeko hirugarren sektorearen parte-hartzeak benetan eta modu nabarmen, seguru eta efizientean osatuko duela Espetxe Administrazioak egindako lana, elementu distortsionatzaile edo erredundantea izan gabe, eta zigortuentzako, gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeetako langileentzako eta espetxeko langileentzako arriskuak prebenitzeko moduan egingo dela.

Euskadin badago zigortuak birgizarteratzen eta haiei gizarte-arreta ematen laguntzeko sare komunitario bat, hirugarren sektoreko fundazioek eta elkarteek osatua. Sare horren helburua da zigortuek eta presoek eskubide osoko herritar gisa duten bizitza orientatzeko aukera izatea, eta, espetxean egon ondoren, komunitatean erabat integratu ahal izatea, gizarte-aktibo gisa.

Ildo beretik, etenaldi baldintzatuan daudenekin ere lan egiten dute, gizarteratze-ibilbideak ezartzeko, pertsona jakin batzuek beren bizitza berregin ahal izan dezaten eta gure gizartearentzat aktibo bihur daitezen, espetxeko bizitzak gizarteratzeko dituen ondorio kaltegarriak jasan gabe.

Bestalde, zigor-arloko legeriak eskubideez gabetzeko beste zigor batzuk arautzen ditu, hala nola gizartearentzat lan egiteko zigorrak, segurtasun-neurri jakin batzuk, bai eta askatasunaz gabetzeko zigorren betearazpena etetea eta zigorrak ordeztea ere.

Hirugarren graduko barneratuekin eta baldintzapean askatutakoekin garatu beharreko programak eta tailerrak sustatu behar direnez, eta zigorrak eta ordezko neurriak betearazi eta horien jarraipena egin behar denez, lan horretan lagunduko duten kanpoko erakundeen laguntza behar da. Testuinguru horretan, nolabaiteko laguntza ekonomikoa duten hirugarren sektoreko erakundeekiko lankidetza eta elkarlana bultzatu nahi da.

Sare komunitario hori gure herrialdean duela 20 urte baino gehiagotik izandako esperientzia arrakastatsua da, eta Euskadin espetxe-eredua garatzeko programazioak indartu egin nahi du, zigor-legearekin gatazkan sartu diren pertsonak gizarteratzeko eta birgizarteratzeko politiken oinarri izan nahi duen ikuspegi komunitarioa bere forma guztietan sartzeko.

Gizarte zibilaren konpromisoa eta, ildo horretan, hirugarren sektoreko erakundeen ekimenak, beren konpromiso sozialarekin, modu profesionalean eta koordinatuan ari dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeekin, eta modu eraginkor eta gardenean aritu dira lankidetzan Eusko Jaurlaritzarekin.

Hala, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak honako hau jasotzen du zioen azalpenean: «Administrazio-ikuspegitik, dirulaguntzak jokabide jakin batzuk sustatzeko teknika bat dira, botere publikoek beren eskumenak baliatu behar dituzten eremuetan. Emakida bidez, onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak edo helburu publiko bat sustatzeko jarduerak egitea sustatzen dute administrazio publikoek. Kontzesioa lotuta dago helburu jakin bat betetzearekin, proiektu bat gauzatzearekin, jarduera bat egitearekin, jokabide berezi bat hartzearekin edo egoera bat gertatzearekin, eta horrek justifikatzen du sustapeneko administrazio-jarduera bera, bai eta haren baldintzapeko izaera ere, itzultzeko zigorraren ordez».

2022. urteaz geroztik, EAEko Espetxe Administrazioak deialdiak egiten ditu norgehiagoka-araubidean, honen antzeko hedadurarekin eta xedearekin. Deialdi horiek askatasunaz gabetutako pertsonak gizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko proiektu komunitarioekin lotutako zenbait jarduera diruz laguntzen dituzte, agindu honetan aurreikusitakoen antzeko baldintzetan.

Laguntzak emateko ematen diren administrazio-ebazpenen objektibotasuna bermatzeko, agindu honetan zehatz-mehatz ezartzen dira dirulaguntzak emateko irizpideak, eta aplikatu beharreko lege-esparrua Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea da, zeinak indargabetu egiten baititu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Estatuko oinarrizko araudi gisa.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, sailburuak izango dira dirulaguntzak emateko organo eskudunak, eta desberdinak izango dira prozedura kudeatzen duen organoa eta ebazteko organo eskuduna, 21. artikuluan jasotzen den bezala. Horrela, dirulaguntza hori Justizia Zuzendaritzak kudeatuko du eta Justizia Sailburuordetzak ebatziko du.

Agindu honen bidez deitutako laguntzak Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude. Plana Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgune instituzionalean argitaratu da.

Adierazi behar da agindu honetan proposatutako dirulaguntzek ez dakartela estatu-laguntzarik; izan ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, estatu-laguntzaren kontzeptuari buruzko Batzordearen Komunikazioaren arabera, «estatu-laguntzei buruzko arauak laguntza-neurriaren onuraduna "enpresa" denean soilik aplikatzen dira».

Beraz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz,

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da Aginduaren eranskinean agertzen diren oinarriak onartzea, eta norgehiagoka-araubidearen arabera, honako helburu hauek dituzten dirulaguntzetarako deialdia egitea: EAEko espetxeen mende dauden eta askatasunaz gabetuta dauden zigortuak birgizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko proiektu komunitarioak, bai eta zigorrak betearazten eta zigortuak espetxean, ingurune irekian eta ingurune komunitarioan tratatzen laguntzeko proiektuak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi (2) hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 17a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honek EAEko espetxeen mende dauden eta askatasunaz gabetuta dauden pertsonak birgizarteratzeko eta haiei gizarte-arreta emateko proiektu komunitarioetarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzen ditu, norgehiagoka-araubidean, bai eta zigorrak betearazten eta espetxean, ingurune irekian eta komunitarioan zigortutako pertsonak tratatzen laguntzekoak eta EAEko espetxeen mende dauden pertsonen espetxeratzearen ordezko zigorrak eta neurriak betearaztekoak ere.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

Zehazki, agindu honen aplikazio-eremuan sartzen dira diruz lagundu daitezkeen proiektu-mota hauek:

a) Espetxean zein ingurune irekian, adikzio-arazoak (substantzia psikoaktiboekin edo gabe) dituzten askatasun-gabetuen mendekotasuna gainditzeko, tratamendua egiteko, jarraipena egiteko eta gizarteratzeko esku hartzeko proiektuak, eredu bio-psiko-sozial batetik.

b) Esku-hartze psikoterapeutikoko, psikoedukatiboko eta sozioedukatiboko proiektuak, espetxean zein ingurune irekian askatasunaz gabetuta dauden pertsonei banaka edo taldean arreta, tratamendua eta laguntza emateko, bai eta tratamendu-programa espezializatuak ere, bai xede duten kolektibo bereziki zaurgarriarentzat, bai jorratzen dituen delitu-motagatik: genero-indarkeria, sexu-indarkeria, familia barruko indarkeria, indarkeriazko delituak, delitu ekonomikoak, diskriminaziokoak eta gorrotokoak, bide-segurtasunaren aurkakoak, ingurumenaren aldekoak, animalien babesekoak, besteak beste.

c) Espetxean zein ingurune irekian askatasunaz gabetuta dauden pertsonen gizarteratze- eta laneratze-prozesuak errazteko proiektuak: orientazio-programak, prestakuntza, enpleguaren sustapena, okupazionalak, bitartekaritza, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideetan gizarte-laguntza ematea eta abar, Lanbideren eta Aukerak agentziaren eskaintza modu integralean osatzen dutenak, laguntzarekin, aholkularitzarekin edo prestazioen kudeaketarekin.

d) Aisialdi hezigarriko gizarte- eta kultura-jardueren proiektuak, trebetasun pertsonalen eta sozialen garapena eta kulturarako sarbidea bultzatzen dituztenak, eta ikastetxeetan ematen duten denborari balioa eta erabilgarritasuna ematen diotenak, eta haien sozializazioa eta aldaketa pertsonaleko prozesua sustatzen dutenak, hala nola arte bisualak, plastikoak, eszenikoak eta ikus-entzunezkoak; lehiaketak, erakusketak, erakustaldiak eta azokak antolatzea, ariketa fisikoa eta kirol-praktika; kultura-irteerak eta naturan zeharreko paseoak; aisialdiko hezkuntza, eta abar.

e) Errestaurazio-prozesuen testuinguruan erantzukizuna hartzen laguntzeko proiektuak. Biktimei eragindako kalteaz eta galeraz jabetzen, horiek onartzen eta leheneratzen laguntzen duten ekimenak.

f) Lankidetza-proiektuak, askatasunaz gabetzeko zigorren ordezko zigorrak eta neurriak betearazteko eta horien jarraipena egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeen mendeko pertsonentzat: segurtasun-neurriak, eteteak eta gizartearentzako lanak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan jasotako diruz lagundu daitezkeen proiektuak finantzatzeko baliabide ekonomikoak bost milioi zortziehun mila euro (5.800.000 euro) dira guztira; horietatik bi milioi zortziehun mila euro (2.800.000 euro) 2026ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta hiru milioi euro (3.000.000 euro) 2027ko ekitaldirako konpromiso-kredituari, biak ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontu orokorretan aurreikusitakoak.

2.– Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren kredituak aurreko 2. artikuluan aipatzen diren proiektu moten artean banakatuko dira, honela:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

3.– Nolanahi ere, proiektu bakoitzerako eskabideei erantzungo zaie, artikulu honetan adierazitakoaren arabera aurrekontu-kreditua egon arte. Hala ere, diruz lagundu daitekeen proiektu-modalitate jakin batean kreditu-soberakinik badago, soberakin hori diruz lagundu daitezkeen gainerako proiektuen eskaeretara bideratuko da, baldin eta, dagokion gutxieneko puntuazioa gainditu arren, laguntza eman ezin bazaie, proiektu horretan aurrekontu-kreditua agortu delako eta proiektu komunitario horiek espetxeen premiak betetzeko funtsezkoak direlako. Horretarako, Balorazio Batzordeak proposamen bat egingo du, behar hori behar bezala justifikatuta.

4. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Baldintza hauek betetzen dituzten proiektuak lagundu ahal izango dira diruz:

a) Agindu honen 2. artikuluan jasotako proiektu-modalitateren batekoak izatea (hau da, A, B, C, D, E edo F).

b) Espetxeetan hasten diren proiektuek EAEko espetxe-administrazioaren aldez aurreko baimena izatea edo, deialdia ebatzi aurretik, baimen hori lortzea. Horretarako, erakundeek proiektua dagokion espetxean gauzatzeko baimena eskatu beharko dute, Justiziako zuzendariaren 3/2021 Instrukzioaren arabera, betiere agindu honetan araututako eskabide-aldia amaitu baino lehen. Justiziako zuzendariaren 3/2021 Jarraibidea eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

c) Laguntza integralaren metodologia erabiltzea.

d) 2026ko eta 2027ko ekitaldien artean burutzea. Proiektua 2026an hasi beharko da, 2026an bakarrik gauzatzeko, edo 2026 eta 2027. urteetan gauzatzeko. Ez dira diruz lagunduko 2027an hasten diren proiektuak.

2.– Baldintzak proiektuak gauzatzen hasi aurretik eta diruz lagundu daitekeen aldi osoan bete beharko dira.

5. artikulua.– Proiektuaren aurrekontua eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Finantzatzeko eskatzen den proiektu bakoitzak diru-sarreren eta gastuen aurrekontu bat aurkeztu beharko du eskabidearekin batera, eskuragarri egongo den aurrekontu-ereduaren arabera. Hemen deskargatu ahal izango da:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

Proiektua garatzeko eskatu diren eta/edo lortu diren diru-sarrera guztiak identifikatu beharko dira.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2026. eta 2027. urteetan egiten direnak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ezin izango da, inola ere, merkatuko balioa baino handiagoa izan.

Proiektu bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuak honela banakatuko dira: zuzenekoak eta zeharkakoak.

2.1.– Zuzeneko gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren garapenetik berariaz eratorritako guztiak. Zehazki, honako hauek hartuko dira halakotzat:

– Diruz lagundutako esku-hartze jarduera garatzeko erakundeak kontratatutako langileen kostuak zuzeneko gastutzat hartuko dira beti. Diruz lagundutako jardueratik eratorritakoak ez diren beste funtzio eta zeregin batzuk ere egiten dituzten erakundeko langileek egindako jardueren kasuan, zuzeneko kostu gisa egotzi ahal izango da soilik jarduera horrek langile horiek egiten dituzten jarduketen multzotik dakarren zati proportzionala. Aldiz, ez da gastu zuzentzat hartuko (zeharkakotzat baizik) erakundearen staffaren edo teknikari orokorren edo egiturazkoen zati proportzionala, hala nola administrazioko, kontabilitateko, aholkularitzako, garbiketako langileak, etab., diruz lagundutako jarduerara soilik bideratuta ez badaude.

– Proiektua garatzeko beharrezkoak diren konpontze- edo mantentze-lanak, diruz lagundu daitekeen 6.000 euroko gehieneko mugarekin. Aitzitik, ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko proiektuak abian jartzeko behar diren ekipamenduak jartzea edo obrak egitea.

– Diruz lagundu daitezkeen lokalen alokairu-kostuak berariaz eta esklusiboki diruz lagundutako jarduera garatzeko erabiltzen diren lokalenak izango dira. Erakundeak lokal bat alokairuan badu (ez jabetzan edo lagata, edo alokatuta izanda ere erakunde onuraduneko kideren batena) hainbat jarduera edo proiektu garatzeko, eta diruz lagundutako proiektua edo jarduera bertan garatu nahi bada, haren erabilera partziala egiten dela ulertuta, diruz lagundutako proiektuan erabiltzen den zati proportzionala soilik jasanarazi ahal izango da, azaleraren, maiztasunaren eta behin-behinekotasunaren irizpidea kontuan hartuta. Horretarako, faktura osoa eta erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko dira, proiektuaren erabilerarako eta beste proiektu batzuetarako ehunekoa banakatuta adierazita.

2.2.– Zeharkakotzat joko dira onuradunak garatzen dituen jardueretako batzuei egotz dakizkiekeen kostu aldakorrak, edo, bestela, diruz lagundutako jarduera zehatzari zuzenean egotzi ezin zaizkion baina hura gauzatzeko beharrezkoak diren egitura-kostuak.

Ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 15 baino gehiago erabili zeharkako kostuak ordaintzeko.

Zeharkako kostuak diruz lagundutako jarduerari egotzi beharko dizkio onuradunak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta, betiere, kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari badagozkio.

Aurrekoaren ondorioz, honako hauek hartuko dira zeharkako kostutzat:

– Proiektuari zeharka lotutako langileen gastuak: administrazioko edo staffeko langileak edo erakundeko teknikari orokorrak, hala nola administrariak, kontulariak, aholkularitzakoak, garbitzaileak, etab., diruz lagundutako jardueran soilik aritzen ez badira.

– Zerbitzu profesional independenteen kostuak, proiektua gauzatzeagatik sortutakoak: lan-, zerga- edo administrazio-arloko aholkularitza edo kudeaketa.

– Funtzionamendu- edo egitura-gastuak: egoitzako bulegoaren alokairua, hornidurak.

– Material administratiboaren gastuak.

– Finantza-zerbitzuen ordainketatik eratorritako gastuak.

Erakundearen bulegoko zerbitzu orokorretarako, biltegietarako, langileen prestakuntzarako, egoitzetarako eta abarretarako lokalak zeharkako gastutzat hartuko dira beti.

3.– Ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko higiezinak edo ondasun inbentariagarriak erosteko gastuak, ez eta alokairu-gastuak ere, baldin eta diruz lagundutako jarduera garatzeko alokatutako higiezinen titulartasuna, osorik edo zati batean, erakunde onuraduna osatzen duten kideetako batena edo batzuena bada; ez eta protokolo-arretak, ez eta bazkideentzako, langileentzako edo boluntarioentzako ekitaldi, aurkezpen edo ospakizunetako janari- eta edari-gastuak ere.

4.– Diruz lagundu ahal izango da proiektua gauzatzeko aurrekontu xehatuan jasotako gastu oro, baldin eta, artikulu honetan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen baditu.

5.– BEZaren zenbatekoa ez da diruz laguntzeko moduko gastua izango, berreskuratu edo konpentsatu badaiteke. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

6.– Baldin eta erakunde eskatzaileak proiekturako aurkeztutako eskabidean artikulu honetan diruz lagundu ezin diren gastuak jasotzen badira, edo uste bada gastua ez dela guztiz egokia edo estali beharreko beharrizanaren araberakoa, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, diruz lagundu daitekeen aurrekontua zehazteko, eta hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria, Agindu honen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko erakunde onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioari dagokionez, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

6. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera, azpikontrataziotzat jotzen da hirugarrenekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo partzialki gauzatzea.

2.– Diruz lagundutako proiektuak osatzen dituzten jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50era arte, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin soilik. Inola ere ezingo da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua handitzen badu eta jardueraren edukiari balio erantsirik ematen ez badio.

3.– Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Dirulaguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

4.– Erakunde onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko debekuren bat duten pertsona edo entitateekin.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, baldin eta ordainketak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin gisa definitzen badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuek merkatuan duten balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsonak edo erakundeak, salbu eta organo emailearen aldez aurreko berariazko baimena lortzen bada eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez badu gainditzen lotutako erakundeak egindako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.

e) Deialdi eta proiektu berean laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako dirulaguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.

7. artikulua.– Dirulaguntza eskatzeko baldintzak eta horiek egiaztatzeko modua.

1.– Baldintza hauek betetzen dituzten erakundeek eskatu eta lortu ahal izango dute dirulaguntzen onuradun izatea:

a) Irabazi-asmorik gabeko erakundeak izatea, legez eratuak eta beren izaera juridikoa dela-eta dagokien erregistroan inskribatuak. Gainera, hirugarren sektore sozialeko entitateak badira, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Errolda Publikoan inskribatuta egon beharko dute. Errolda hori martxoaren 7ko 33/2023 Dekretuan aipatzen da (33/2023 Dekretua, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Errolda sortzen duena).

b) Egoitza eta jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzea, eta artikulu horretan aurreikusitako debekuen eraginpean ez egotea.

d) Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako laguntzak edo dirulaguntzak emateko debekuren baten eraginpean ez egotea.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetan ez dagoela egiaztatzeko, entitatearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez. Adierazpen hori hemen deskargatu ahal izango da:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

Justizia Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, salbu eta erakundeak baimena ukatzen badu.

Entitate eskatzaileak berariaz aurka eginez gero, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan arautzen diren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dizkio interesdunak deialdia kudeatzen duen organoari.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

2.– Eskabideak elektronikoki izapidetuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan, non eskuragarri baitaude bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak, oinarrien eranskinak eta inprimakiak:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak euskaraz, https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide hauetan: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/ordezkariak Euskaraz, https://www.euskadi.eus/ordezkariak;

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, dagokion zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa /.

9. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Justizia Zuzendaritzari dagokio deialdi hau kudeatzea.

10. artikulua.– Eskabidea.

1.– Eskabideetan, agindu honen 2. artikuluan adierazitako proiektu-modalitateetako bat garatzen duen jarduera-proiektu bat sartuko da. Proiektu bat baino gehiago garatzen dituzten erakundeek eskabide bana aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko.

Era berean, proiektu-modalitate berean koka daitezkeen hainbat proiektu garatzen dituzten erakundeek eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko.

2.– Erakundeek, deialdi honen esparruan, lau (4) eskabide aurkeztu ahal izango dituzte gehienez, hau da, lau (4) eskabide, diruz lagundu daitezkeen proiektu guztietan. Erakunderen batek eskabide gehiago aurkezten baditu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio bere nahierara erretiratzeko gehieneko kopurua gainditzen dutenak, eta hamar (10) eguneko epea emango dio horretarako. Hori egin ezean, ez aurkeztutzat joko dira eta ez dira aztertuko edo baloratuko azkenekoz aurkeztutako eskabideak. Hau da, aurkezteko unea hartuko da kontuan, eta lehenengo lau (4) eskaerak bakarrik hartuko dira aurkeztutzat, eta gainerakoak baztertu egingo dira. Erregistro elektronikoak automatikoki ematen du aurkezpen-agiria, hau da, eskabidea aurkeztu izanaren egiaztagiria, aurkezpen-data eta -ordua eta sarrera-erregistroaren zenbakia adierazita.

3.– Erakundeek ezin izango dute aurkeztu diruz lagundu daitekeen proiektu-modalitate bakoitzerako gehieneko zenbatekoa baino zenbateko handiagoko dirulaguntza-eskabiderik, agindu honen 19.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aurrekoan oinarrituta, eta, hala badagokio, agindu honen 5.6 artikuluan xedatutakoa aplikatu ondoren, gehieneko zenbateko horiek gainditzen dituzten eskabideak ezetsi egingo dira, ezesteko egintza bera beste izapiderik egin gabe.

4.– Erakundeek hilabeteko (1) epea izango dute eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak eskuragarri dagoen ereduaren araberakoak izango dira, eta hemen deskargatu ahal izango dira:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

5.– Erakundeek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Halaber, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak diruz lagundu daitezkeen proiektu-modalitate batetik bestera eramatea.

1.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak uste badu aurkeztutako eskabidea ez datorrela bat aurkeztu den proiektu-modalitatearen xedearekin, eta hobeto sartzen bada agindu honetan aurreikusitako diruz laguntzeko moduko beste proiektu-modalitate batean, erabaki ahal izango du eskabidea bere xedera ondoen egokitzen den laguntza-proiektu motan sartzea, laguntzak emateko espedientea ebatzi aurretik.

2.– Erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio aurreko paragrafoan aipatutako lekualdaketa egiteko erabakia, hamar (10) eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Epe hori igaro eta erakunde eskatzaileak aurka egin ez badu, beste proiektu-modalitate batera aldatzea onartutzat joko da.

12. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eratze-eskritura, estatutuak eta erakundea bere izaera juridikoa dela-eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren egiaztagiria.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren memoria teknikoa, «Proiektuaren memoria teknikoa» izeneko eredu normalizatuaren arabera egina. Eskuragarri egongo da hemen:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

Memorian zehaztu beharko da, 2. artikuluaren arabera, zer proiektu-modalitatetan kokatzen den eskaera (hau da, A, B, C, D, E edo F). Erakundeek argi eta zehatz deskribatu beharko dute zertan datzan jarduera eta pertsona zigortuekin egin beharreko lana, proiektuaren helburu zehatzak eta erabili beharreko metodologia.

c) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua, proiektua gauzatzeko kostuaren partiden eta urteko exekuzio-lerroaren arabera banakatua, eta, halakorik badago, proiektua finantzatzeko gainerako bitartekoak adierazita, edo, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena, «Aurrekontu banakatua» izeneko eredu normalizatuaren arabera. Eredu hori eskuragarri egongo da, eta hemen deskargatu ahal izango da:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

2.– Eskabideak baloratzeko, aurreko paragrafoko dokumentazioa bakarrik hartuko da kontuan.

Nolanahi ere, erakundeek proiektua hobeto baloratzeko egokitzat jotzen duten beste dokumentazio osagarri bat aurkeztu ahal izango dute.

3.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, eta hark emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

13. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

Deialdia kudeatzen duen organoak egiaztatzen badu erakunde eskatzaileren batek aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe dagoela edo aurreko artikuluetan adierazitako baldintzak betetzen ez dituela, hamar (10) eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, egoera hori adierazten duen ebazpena eman ondoren, eta zer gertatu den eta zer arau aplikatu behar diren adieraziko dio.

14. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da, aurkeztutako proiektuen balorazioa egiteko eta balorazioen txostena egiteko.

2.– Hauek izango dira Balorazio Batzordeko kideak:

a) Batzordeburu titularra: David Garrido Navaridas, ordezko batzordeburua: Benito Aguirre Gonzalez.

b) Batzordekideak:

– Mercedes Iruarrizaga Sagredo (Ordezkoa: Juan Carlos Calzada González).

– Miren Almeida Pequeño, (Ordezkoa: Jesus María Guerrero Guecho).

– Alfredo Gómez López (Ordezkoa: Hector Valladares Narganes).

– Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia, Sofia Archeli Mesonero ordezkari duela.

c) Idazkaria: Sonia Martínez de Marañón Arocena (Ordezkoa: Javier Prado Ayuso).

15. artikulua.– Txostenak.

1.– Organo kudeatzaileak ofizioz bilduko ditu espetxeetatik deialdira aurkeztutako proiektuen interesari, beharrari, esperientziari eta bideragarritasunari buruzko txostenak, espetxe-helburu estrategikoei dagokienez, bai eta jada ezarrita dauden beste proiektu batzuekiko osagarritasunari eta bikoiztasunik ezari buruzkoak ere, eta, nolanahi ere, proiektua espetxean ezartzeko aldez aurreko baimenari buruzkoak, diruz lagundu daitezkeen laguntzak eman ala ez alde batera utzita. Txosten horiek aurkeztutako proiektuei buruzko balio-iritzi bat egingo dute, eta haien helburua izango da elementu gehigarriak ematea, instrukzioaren gainerako jarduketekin batera, Balorazio Batzordeak erabaki hobea har dezan, hautazkoak eta ez-lotesleak izanik.

2.– EAEko espetxeetan dagokien baimenarekin funtzionatzen ez duten proiektu berriak badira, ofizioz izapidetuko da proiektuari dagokion baimena, Espetxeen Erregelamenduaren 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

16. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen aurrekontua zehaztea eta eskabidea birformulatzea.

1.– Erakunde interesdunek aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren, eta agindu hau eta espetxe-administrazioaren benetako aukerak eta premiak kontuan hartuta, Balorazio Batzordeak, aurkeztutako eskaera interes partzialekoa dela eta ez erabatekoa dela iritziz gero, edo diruz lagundu daitezkeen gastuetara egokitzen ez diren edo haren helburua betetzeko beharrezkoak ez diren partida batzuk daudela iritziz gero, aurkeztutako aurrekontua birformulatu eta doitu ahal izango du, eta diruz lagun daitekeen aurrekontu-proposamen bat definitu ahal izango du modu globalean, egokitzat jotzen den eta diruz lagun daitekeen proiektuaren edo gastuaren zatia identifikatuz, hargatik eragotzi gabe modalitate bereko beste proiektu batzuekin batera parte hartzea.

Eskaera (proiektuena eta aurrekontuena) doitu edo birformulatu ahal izango da, honako hauen arabera, besteak beste: jarduketa-aldia, garapen-lekua, intentsitatea, parte-hartzaileen kopurua edo profila, esku-hartzearen aldizkakotasuna eta/edo maiztasuna, eta beharrezkoak diren gastu motak.

2.– Diruz lagun daitekeen aurrekontu-proposamena elektronikoki jakinaraziko zaie erakundeei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren «Nire karpeta» atalean, onartu edo beherantz birformulatu ditzaten, jakinarazten denetik gehienez bost (5) eguneko epean. Erakundeak epe horretan horri buruzko adierazpenik egiten ez badu, doikuntza- edo birformulazio-proposamena ezetsitzat joko da, eta hasierako eskaerak bere horretan jarraituko du.

17. artikulua.– Eskabideen balorazioa.

Balorazio Batzordeak modu independentean baloratuko du parte hartzen duen eskabide bakoitza, bai teknikoki, bai aurrekontuan, eta betekizunak betetzen diren eta agindu honetara egokitzen diren aztertuko du, bai eta haien egokitasuna ere, eta dagokion puntuazioa emango die, hurrengo artikuluan jasotako balorazio-irizpideen arabera.

Parte hartzen duten diruz laguntzeko moduko proiektu-modalitatea edozein dela ere (hau da, A, B, C, D, E edo F), eskabideek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte guztira izan daitezkeen 100 puntuetatik, edozein dirulaguntza jaso ahal izateko.

60 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerei ezezkoa emango zaie.

Nolanahi ere, espedientean jasota utzi beharko dira irizpide bakoitza aplikatuz baloratu diren alderdi zehatzak eta bakoitzari esleitutako puntuazioa.

18. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Diruz lagundu daitezkeen proiektuen jarduerak baloratzeko, alderdi hauek ebaluatuko dira:

a) Erakundearen eta proiektuaren ibilbide soziala espetxeetako esku-hartzearen eremuan: 10 puntu.

b) Proiektua EAEko espetxe-administrazioaren tratamenduko esku-hartzearen lehentasunezko ildoetan txertatzea: 25 puntu.

c) Proiektuaren jardueraren lurralde-irismena (Gipuzkoako Zubieta espetxe berriko jarduketen aurreikuspena barne): 15 puntu.

d) Proiektuaren irismena eta eragina espetxeratuengan: 10 puntu.

e) Bereziki kalteberak diren kolektibo baten edo batzuen arreta espezifikoa: 5 puntu.

f) Proiektuaren diseinuaren edukia eta kalitate teknikoa: 5 puntu.

g) Proiektuak genero-ikuspegia txertatzearekin lotutako alderdiak barne hartzen ditu: 5 puntu.

h) Erabilitako ikuspegi metodologikoa baliozkotzea: 2,5 puntu.

i) Garatu beharreko jardueren plangintzaren zehaztasuna eta egokitasuna: 5 puntu.

j) Proiektuaren gizarte-berrikuntzaren maila: 5 puntu.

k) Giza baliabideak eta baliabide materialak proiektua garatzera egokitzea: 5 puntu.

l) Proiektuaren aurrekontu-oreka: diru-sarrerak, gastuak, baterako finantzaketa: 2,5 puntu.

m) Espetxeekiko koordinazioaren kalitatea eta hartzaileekin esku hartzen duten beste baliabide komunitario batzuekiko sare-lana: 5 puntu.

19. artikulua.– Balorazio Batzordearen txostena eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Balorazio Batzordeak aurkeztutako dirulaguntza-eskabide guztiak aztertu eta diruz lagun daitezkeen aurrekontuak zehaztu ondoren (hala badagokio, 16. artikuluan aurreikusitako doitzeko edo birformulatzeko ahalmena erabiliz), txosten bat egingo dio Justiziako zuzendariari. Txosten horretan, 2. artikuluan aipatutako proiektu mota bakoitzerako aurkeztutako eskabideen zerrenda jasoko da, eta deialdiaren baldintzak betetzen dituztenak eta betetzen ez dituztenak bereiziko dira.

Proiektukako zerrenda bakoitzak honako hauek jasoko ditu: alde batetik, deialdi honetako baldintzak betetzen dituen eskabide bakoitzari eman beharreko laguntzaren hautaketari eta zenbatekoari buruzko proposamena, eskabideek lortutako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; eta, bestetik, deialdiaren baldintzak betetzen ez dituzten eskabideei ezezkoa emateko proposamena, kasu bakoitzean ukatzeko arrazoia adierazita..

2.– Proiektu bakoitzerako aurreikusitako aurrekontu-kreditua nahikoa bada, proiektu mota horretara aurkeztu diren eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskabideen kopurua kontuan hartuta, eskatutako zenbatekoa esleitzea proposatuko du Batzordeak, edo, bestela, dagokion zenbatekoa esleitzea, agindu honen 16. artikuluan aurreikusitako Batzordea doitzeko edo birformulatzeko ahalmenaren arabera.

3.– Aitzitik, proiektu mota jakin baten aurrekontu-kreditua proiektu horren inguruan egindako eskabide guztiei erantzuteko nahikoa ez dela erabakitzen bada, Balorazio Batzordeak eskabideei laguntzak puntuazio handienetik txikienera esleitzea proposatuko du, proiektu horretara bideratutako zenbateko osoa agortu arte, eta agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen dituzten baina ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako erantzun ezin zaien eskabideak ezestea.

4.– Eskabide bati urtean eman ahal izango zaion dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, banaka hartuta, honako hau izango da, diruz lagundu daitekeen proiektu-modalitate bakoitzaren arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

5.– Gainera, deialdi honen esparruan erakunde onuradun bakar bati eman beharreko gehieneko zenbatekoa (hau da, biurtekorako aurkeztu dituen eskaera guztiak kontuan hartuta, diruz lagundu daitekeen proiektua edozein dela ere) seiehun mila eurokoa (600.000 euro) izango da.

20. artikulua.– Behin-behineko ebazpen-proposamena.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, Balorazio Batzordeak eskabideen ebaluazioaren emaitzari buruzko txostena egin ondoren, Justizia Zuzendaritzak – emakida-prozeduraren organo kudeatzailea – behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta hamar (10) egun balioduneko epea emango da alegazioak aurkezteko edo proiektuak birformulatzeko.

21. artikulua.– Behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– Justiziako zuzendariak, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko ditu, eta, hala badagokio, ebaluazioa egiteko erabilitako balorazio-irizpideak zehaztuko ditu.

2.– Behin betiko ebazpen-proposamena onuradun izateko proposatu direnei jakinaraziko zaie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) banakako jakinarazpen elektronikoa egingo zaie, hamar (10) egun balioduneko epean, proposatutako dirulaguntza onartzen dutela jakinarazteko.

Onartzen ez bada, onuradun gisa proposatutako erakundeak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

22. artikulua.– Ebazpena.

1.– Dirulaguntza emateko ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, honako hauek adieraziko dira berariaz: xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zein xedapenen babesean eman den eta oinarri arautzaileek eskatutako gainerako betekizunak, bai eta gainerako eskabideak ezetsi direla ere.

Deialdiaren oinarrietan jada ezarrita dauden edukien erreprodukzioa diren baldintzak eta betekizunak alde batera utzi ahal izango dira ebazpenean, eta, haien ordez, deialdirako esteka eta egoitza elektronikorako oinarriak jarri ahal izango dira.

2.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea bost (5) hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko (1) epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea

23. artikulua.– Onarpena.

Erakunde onuradunek dirulaguntza onartzeak berekin dakar agindu honetan ezarritako arau guztiak onartzea, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako bermeak eta itzulketen eta zehapenen araubidea ere.

24. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Era berean, erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Dirulaguntza eman den proiektu zehatza egiteko erabiltzea.

b) Dirulaguntza kudeatzen duen organoari gerora gertatutako edozein gorabeheraren berri ematea, baldin eta, osorik edo zati batean, ezinezkoa bada dirulaguntza emateko betekizunak eta baldintzak betetzea, bai eta dirulaguntzaren xede den proiektua egitea ere.

c) Dirulaguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea, horren berri izan bezain laster, proiektuak gauzatzeko aldian diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko edozein dirulaguntza edo laguntza eman diotela edo ukatu diotela.

d) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia ematea.

e) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean argitaratzen diren proiektu, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko edo soinuzko materialen publizitate-aleetan berariaz eta argi eta garbi aipatzea Eusko Jaurlaritzaren lankidetza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan araututakoa bete beharko da. Webgune honetan eskura daitezke informazioa eta eskaerak: https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/identidad_corporativa.html

25. artikulua.– Ordainketa.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 33.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, honako hau izango da dirulaguntzaren ordainketa-araubidea:

1.1.– Diruz lagundutako proiektua 2026an soilik gauzatu bada:

a) Lehenengo ordainketa aurreratua egingo da, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75), dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren eta onartzeko epea igaro ondoren.

b) Gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25), 24. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztuta justifikatu ondoren ordainduko da, 2027ko urtarrilaren 15a baino lehen.

1.2.– Diruz lagundutako proiektua 2026an eta 2027an gauzatu bada:

2026ari dagokionez:

a) 2026ari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabosteko (% 75) lehen ordainketa aurreratua egingo da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren eta onartzeko epea igaro ondoren.

b) 2026ko dirulaguntzaren zenbatekoaren gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25) ordainduko da, 24. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztu ondoren, 2027ko urtarrilaren 15a baino lehen.

2027. urteari dagokionez:

a) 2027ari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabosteko (% 75) lehen ordainketa aurreratua egingo da 2026an gauzatutakoaren justifikazio teknikoa eta ekonomikoa onartu ondoren. Justifikazio hori 2027ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu zen.

b) 2027ari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoaren gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25) ordainduko da 24. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztu ondoren, 2028ko urtarrilaren 15a baino lehen.

2.– Hasieran onartutako banaketa aldatzeko, urterokoen egokitzapena izapidetu beharko da gastu-espedientean.

3.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, dirulaguntza osoa ordaindu ahal izango da urteko ordainketa bakar baten bidez, baldin eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi aurretik amaituta badaude jarduerak, eta, betiere, erakundeak guztiz justifikatu badu dirulaguntzaren xedea, paragrafo horietan aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztuta.

4.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, elektronikoki izapidetu ahal izango du, egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

6.– Kontuan hartuko da, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako berme-araubidea (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

Ordainketa aurreratuen zenbatekoa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren erakunde onuradunak, dagokion ordainketa egin aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du.

26. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta justifikatzeko dokumentazioa.

1.– Entitate onuradunek dirulaguntza kudeatzen duen organoaren aurrean justifikatu behar dute dirulaguntza emateko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta dirulaguntzaren xede den proiektua egin dutela ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, 2027ko urtarrilaren 15a eta 2028ko urtarrilaren 15a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute justifikazio-kontu batean, informazio hau barne hartuta:

a) Justifikazio-memoria tekniko bat, urteko ekitaldi bakoitzean egindako jarduera xehetasunez jasoko duena. Eskuragarri egongo da eta hemendik deskargatu ahal izango da:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

Memoriarekin batera, ahal bada, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzen duten argazkiak edo dokumentu grafikoak aurkeztuko dira, eta, hala badagokio, proiektuen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko, idatzi edo soinudunen aleak, argitaratuak edo inprimatuak.

b) Justifikazio-memoria ekonomiko bat, non jasoko baitira, banakatuta eta sailkatuta, aldi bakoitzeko jardueraren gastuak eta inbertsioak, justifikazio-kontuaren ereduaren arabera. Helbide honetatik jaitsi daiteke:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

Inprimaki horretan, gutxienez, honako informazio hau adierazi behar da:

(i) Justifikatzen den aldian diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak eta inbertsioak justifikatzen dituzten dokumentuen zerrenda, zenbakituta.

Gastu bakoitzarekin batera, zerk eragin duen azaldu behar da labur-labur, eta zer dokumentu euskarritan dagoen jasota: hartzekodunaren identitatea, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data. Faktura edo euskarri-dokumentua ez bazaio osorik egozten emandako dirulaguntzari, hari egotzi beharreko zenbatekoa adieraziko da.

(ii) Entitate onuradunak diruz lagundutako proiektua egiteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoaren eta jatorriaren zerrenda zehatza, dirulaguntza kudeatzen duen organoari aurretik jakinarazi ez diona.

c) Emandako dirulaguntzari egotz dakizkiokeen fakturak eta ordainagiriak (proiektua egiten duen dirulaguntzaren onuradunaren izenean eginak), dirulaguntzaren zenbatekora artekoak. Fakturak edo ordainagiriak sailkatutako sortetan eta formatu digitalizatuan aurkeztu beharko dira, aurreko b) letran aipatzen den gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatuaren ordena berean (kapitulu berberak eta gastuen hurrenkera), organo kudeatzaileak gastua eta haren frogagiriak aldi berean aztertu ahal izateko. Justifikazioa agindu horri jarraitu gabe aurkezten bada, organo kudeatzaileak justifikazioa zuzentzeko edo osatzeko eskatu ahal izango dio onuradunari, eta hamar (10) eguneko epea emango dio horretarako.

2.– Diruz lagundutako proiektua gauzatu dela justifikatzeko dokumentazioa bide telematikoz aurkeztu beharko da, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Gainera, espetxe-administrazioak diruz lagundutako jardueraren jarraipen egokia egin dezan, dirulaguntza kudeatzen duen organoak justifikazio-memoria tekniko gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango die erakunde onuradunei, 2026ko uztailaren 15a eta 2027ko uztailaren 15a baino lehen. Memoria horretan, sei hilean behin xehetasunez egindako jarduera jasoko da, eta eskuragarri egongo da hemen:

https://www.euskadi.eus/servicios/0040813

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040813

4.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak erakunde onuradunak bisitatu ahal izango ditu justifikazio-dokumentazioan emandako informazioa egiaztatzeko eta jatorrizko justifikazio-dokumentuak eskatzeko, beharrezkotzat jotzen dituen auditoretzak egiteko.

27. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak izango dira.

1.– Nolanahi ere, ez-betetzetzat hartuko dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza, osorik edo zati batean, onartu zen jarduera ez den beste baterako erabiltzea, bere garaian aurkeztutako eskabidearen arabera.

b) Diruz lagundutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, funtsezkoak ez izateagatik, eskaera arrazoitua egin ondoren, Justiziako zuzendariak berariaz baimentzen baditu, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Gutxieneko betekizunak izango dira erakunde onuradun izateko baldintza guztiei eustea, eta proiektua, erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion inguruabarrengatik, aurreikusitakoak baino zigortu edo preso gutxiago izan badira onuradun, edo gizarteratze-helburuak antzeko gizarteratze-proiektuekin lortu badira.

c) Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan jasotako edozein datu faltsua izatea.

2.– Erakunde onuradunak dirulaguntza emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze-interesekin batera, honako hauetan aurreikusitakoaren arabera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

28. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira edozein administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk emandako beste edozein dirulaguntzarekin. Helburu bererako lortutako laguntzen zenbateko osoa aurrekontu osoa baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, gehiegizko kopurua kenduta.

29. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada eta Aginduan ezarritako betekizunak betetzen badira. Horretarako, Justiziako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko.

30. artikulua.– Konfidentzialtasuna eta datu pertsonalen babesa.

Erakunde onuradunak sekretupean gorde behar ditu Espetxe Administrazioak emandako datu eta informazio guztiak, diruz lagundu daitekeen proiektua gauzatzeari buruzkoak badira. Zehazki, informazio konfidentzialtzat hartuko dira zigortuei buruzko datu guztiak, eta informazio hori erreserban eta isilpean gorde beharko da, eta ez zaio inola ere jakinaraziko, ez osorik, ez zati batean, ezein pertsona fisiko edo juridikori.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute, halaber, honako hauetan ezarritakoa betetzeko: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; garapen-xedapenak; eta, zehazki, Espetxe Erregelamenduaren 6. artikulutik 9. artikulura bitartean xedatutakoa.

Ondorio horietarako, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saila eta erakunde onuraduna tratamendu propioen arduraduntzat hartuko dira, baldin eta tratamendu horietan espetxeetako presoengandik jasotako datu pertsonalak jasotzen badira, hurrenez hurren. Entitate batek beste alderdiaren tratamendurako irispidea izango du datuetara, tratamendu-eragile gisa, eta diruz lagundu daitekeen proiektua gauzatzearen ondoriozko helburuarekin soilik eta esklusiboki. Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei lagako edo jakinaraziko, salbu eta legitimatutako tratamendu-eragileei lagatzen zaizkienean edo beste organismo edo administrazio publiko batzuei lagatzen zaizkienean, legez aurreikusitakoaren arabera.

Tratamenduaren xede diren datuen helburu bakarra diruz lagundu daitekeen proiektua kudeatzea izango da, eta kategoria hauetan sailkatuko dira: presoaren identifikazio-datuak (izen-abizenak, NANa edo NISa) eta txosten juridikoetan, gizarte- eta hezkuntza-txostenetan, txosten medikoetan eta espetxe-txostenetan dauden datuak.

Tratamenduaren arduradunek Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 13. eta 14. artikuluetan ezarritako informazio-betebeharrak beteko dituzte, datu pertsonalak eskuratzen zaizkien interesdunei dagokienez.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saila eta erakunde onuraduna behartuta daude datu pertsonalen segurtasuna eta osotasuna bermatzeko eta datu horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatzea edo eskuratzea saihesteko beharrezkoak diren neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezartzera.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saila eta erakunde onuraduna salbuetsita daude beste edozein alderdik aurreko betebeharrak ez betetzeagatik sor lezakeen erantzukizun orotik. Bere gain hartutako betebeharrak urratuz gero, betebehar horiek bete dituen erakundea izango da egindako arau-hausteen erantzule.


Azterketa dokumentala