Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2025eko abenduaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
5474

AGINDUA, 2025eko azaroaren 18koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira ikerketa kooperatiboko zentroen –IFZ– kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei laguntzak emateko eta deialdia egiten baita (CIC programa).

Euskadiko zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-ekosistema eraldatzen eta sendotzen ari den honetan, ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ) funtsezkoak dira ezagutza sortzeko eta teknologia ekoizpen-sarera transferitzeko. Zentro horiek nabarmen lagundu dute gure erkidegoko bikaintasun zientifikoan eta industria-lehiakortasunean, eta erreferente bihurtu dira ikerketa aurreratu eta aplikatuan.

Orain arte, IKZen finantzaketa eta ikuskapena Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mende egon dira. Baina lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua onartu zelarik, –dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu–, aurrerantzean Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak kudeatuko du eskumen hori.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila gure ekosistema zientifikoa eta teknologikoa indartzeko xedearekin sortu da, Euskadin ezagutza aurreratua eta berrikuntza bultzatzeko, eta horrek jauzi kualitatibo ekonomiko-teknologiko-industriala egiteko aukera emango du. Horretarako, beharrezkoa da euskal sistema zientifiko-teknologikoaren ikerketa-gaitasunak sustatzea. Horrela, ikerketa-zentroei lagunduz, gizarte guztiaren mesederako izan daitekezkeen teknologia eta soluzio berriak garatzea ahalbidetzen da.

Esparru horretan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak laguntzak norgehiagoka prozeduraren bidez emateko deialdi berri bat jarri du abian, berariaz IKZei zuzendua. Laguntzak lau urterako pentsatuta daude, zentro horien finantzaketari egonkortasuna emateko eta ikerketa-ildo estrategikoenjarraipena bermatzeko. Neurri horren bidez, IKZen gaitasuna indartu nahi da, gai izan daitezen inpaktu handiko ikerketa-proiektuei ekiteko, diziplinarteko lankidetza sustatzeko eta EAEko ezagutzaren ekonomiari egiten dioten ekarpena sendotzeko.

Deialdi honekin, ikerketa babesteko mekanismoak errealitate administratibo eta zientifiko berrira egokitu nahi dira, eta ziurtatu, IKZek beren lana behar bezala aurreikusi eta eraginkortasunez garatzeko behar dituzten baliabideak izango dituztela. Gainera, bikaintasun- eta transferentzia-adierazleetan oinarritutako ebaluazio-sistema zorrotz bat ezartzen da, ikerketara bideratutako funts publikoen kudeaketa gardena eta efikaza ahalbidetuko duena.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planak laguntza-programa bat aurreikusten du ikerketa kooperatiboko zentroentza, lortzen dituzten emaitzak eta gaitasunak hobetzeko eta gero merkatura bideratzeko. Helburu hori lortze aldera, proposatzen du zentro horiek I+Garen balio-kate osoan garatzea beren jarduera, EAEn identifikatutako espezializazio-eremuetan etorkizuneko ikuspegiarekin ezagutza berriak sortzea, eta, aldi berean, bultzada bat ematea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetzari.

Laguntzen zenbatekoa zehazteko, oinarri hartuko dira proposamen eta emaitzen ebaluazioa eta jarduera ez-ekonomikoaren eta horri lotutako xedeen azterketa. Bestalde, zientzian eta teknologian ikerketa bikaina sustatze aldera, agindu honek aurreikusitako finantzaketaren zati bat izango da munduan ondo kokatuta dauden ikerketa kooperatiboko zentroetan proiektu bereziak garatzeko, eta, hartara, nazioarteko erreferentzia-zentro gisa sendotu daitezen laguntzeko. Horrela, bikaintasunera bideratutako finantzaketa gutxienez aurrekontuaren % 50ekoa izango da, eta, beraz, deialdi honetako aurrekontu erabilgarriaren gehienez % 50 erabiliko da IFZEN egiturazko finantzaketarako. Era berean, tokiko, nazioko eta nazioarteko mailan duten garrantziagatik, zentro horiek erreferentziazko eragile izan behar dute Euskadin, bai ezagutzaren gizarte-hedapenean, bai ikertzaileen ongizate psikologikoa sustatu eta zaintzeko orduan. Alde horretatik, agindu honetan sartuta dago zabalkunde zientifikoko plan berariazko bat izateko betebeharra, gizartearen kultura zientifikoa hobetzen areagotzeko, eta herritarrei jakinarazteko nola erabiltzen diren ikerkuntzara eta berrikuntzara bideratutako baliabide publikoak. Zentroko langileen ongizate psikologikoa zaintzeko plan bat ere aurkeztu behar da.

Deialdi hau Eusko Jaurlaritzaren IKUR 2030 Estrategiaren osagarria da. Estrategia horren helburua da Euskadin egiturazko aldaketak sustatzea, ibilbide luzeko ikerketa-ekimen enblematikoak bultzatuz, inpaktu zientifikoa, teknologikoa, enpresariala eta soziala sortzeko. Kontua da Euskadi nazioartean erreferentziazko gune zientifiko bihurtzea, halako moldez non Estrategiaren xede diren arlo zientifiko-teknologikoetan garapen industrial eta sozialerako aukerak sortuko dituen. Bestetik, eta IKUR 2030 Estrategiarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila azpiegitura estrategiko handiak garatzeko epe luzerako programa bat bultzatzen ari da, bikaintasuneko ikerketa zientifikoarekin lotuta. Programa hori LINKER (Large Infrastructures for Key Excellence Research) da, eta horren bidez, azpiegitura zientifiko estrategiko handiak jarriko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen esku. IKUR ekimenen xedea da osagarri izatea bikaintasun-ezagutza eskualdatzea sustatzen duten eta gizarte- eta enpresa-arloetan balioa ematen dioten beste programa estrategiko batzuentzat.

Bestalde, agindu honek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak xedatutakoa gauzatzen laguntzen du. Dekretu horrek ezartzen du aldian-aldian egiaztatutako eragileen jarraipena egingo dela, eta ebaluazio horren ondorioz, egiaztapen horri eutsi egingo zaio edo errebokatu egingo da.

Beraz, laguntza hauen xedea da IFZ zentroak garatzen laguntzea, finantzaketa esleituz proposamen eta emaitzen ebaluazioaren eta jarduera ez-ekonomikoaren eta horri lotutako xedeen azterketaren bitartez.

Eskabidea egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, sailaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragai egongo dena, betiere urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak betetzeko efikazia, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia, gardentasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza–, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen legea) eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin; orobat, eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, oinarri hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa,

eta azaldutako guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu honen xedea da ikerketa kooperatiboko zentroen kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzera bideratuta dauden 2026-2029 aldirako laguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurretiaz izapidetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Agindu honetako laguntzak ebatziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa badago.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Berrikuntzako zuzendariari ahalmena eman zaio agindu hau garatu eta egikaritzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 18a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

I. ERANSKINA
ZIENTZIA, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZAREN EUSKAL SAREAN IKERKETA KOOPERATIBOKO ZENTROEN KATEGORIAN EGIAZTATUTA DAUDEN ERAGILEENTZAKO LAGUNTZEN OINARRIAK (CIC PROGRAMA)

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2026-2029 aldirako dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, ikerketa kooperatiboko zentroen kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzeko (CIC programa).

2. oinarria.– Laguntzen finantzaketa.

Deialdi honetako dirulaguntza-programaren guztizko zenbatekoa, 2026 urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2027, 2028, 2029 eta 2030erako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, 80.000.000 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura ordainduko da. Zenbatekoen banaketa:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

3. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango dituzte izaera juridiko propioa izan eta ikerketak kooperatiboko zentro gisa egiaztatuta dauden entitateek, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean –ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak arautuan– integratuta badaude. Laguntza gauzatzeko aldi osoan zehar bete beharko dute baldintza hori.

2.– Entitate onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ikerketa kooperatiboko zentro moduan onartuta egon behar dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean.

b) Entitateak ezin izango dira onuradun izan baldin eta dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administratibotik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, hala xedatzen baitu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak (otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.). Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du betebehar horiek egunean daudela, eta, horretarako, ez du onuradunen baimenik beharko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Dena dela, eskatzaileak berariaz erabili ahal izango du baimen horri aurka egiteko eskubidea. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

d) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden entitateak.

e) Zuzendari zientifikoa izan beharko dute, entitate onuradunarekin lan- edo estatutu-harreman izango duena edo hari atxikita egongo dena; pertsona hori arduratuko da diruz lagundutako jardueren betearazpena zuzentzeaz.

f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

4. oinarria.– Dirulaguntzaren helburua eta xede diren jarduerak.

1.– Diruz laguntzekoak izango dira ikerketa kooperatiboko zentroen emaitzak eta gaitasunak hobetzen eta merkatura bideratzen laguntzen duten ikerketa-programak, I+G jardueraren balio-kate osoan lan eginda, eta arreta 2030erako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren espezializazio-eremuetan etorkizunerako ikuspegiarekin lanutako ezagutza berriak eskuratzean jarrita, eta, era berean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen arteko lankidetzari bultzada emanda.

2.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak eta 5. oinarrian ezarritako epean egiten direnak. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

3.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da betearazpen-aldian egin eta agindu honetan ezarritako gastuak egiaztatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.

4.– Laguntzari honako hauek egotzi ahal izango zaizkio: langile-kostuak; ondasun inbentariagarriak lortu, eraiki, berregokitu, eta hobetzea –betiere ondasun horiek entitate onuradunaren ibilgetu izatera pasatzen badira–; alokairuak; material suntsigarria hornitzea; aholkularitza eta laguntza teknikoko lanak edo bestelako zerbitzuak kontratatzea; zientzia-jarduerak antolatzea; zientzialarien eta teknikarien dieta eta bidaiak, betiere otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak ezarritako mugen barruan (16/199 Dekretua, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa), eta proposatutako jarduerak gauzatzearekin zuzenean lotuta dauden beste batzuk.

5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora), gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, zerbitzuon ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski erakunderik haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntzaren aurretik egin bada gastua.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

6.– Ondasun inbentariagarriak lortu, eraiki, berregokitu eta hobetzeko, honako arau hauek beteko dira:

a) Onuradunak dirulaguntza eman den xede jakinera bideratuko ditu ondasunak, gutxienez bost urtez erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunak badira, eta gutxienez lau urtez gainerako ondasunak direnean.

Erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eskrituran jaso beharko da zirkunstantzia hori, baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta bi baldintzok dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.

b) Aurreko letran aipatutako helburuzko betebeharra ez betetzeak, zeina betiere gertatuko baita ondasunaren besterentzearekin edo kargarekin, dirua organo emaileari berreskuratu behar izatea ekarriko du berekin, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan ezarritako eran. Ondorioz, dirua organo emaileari berreskuratzeari atxikita geratuko da ondasuna, ondasun hori daukana edozein izanda ere, salbu eta erregistroko fede publikoak babesten duen hirugarren bat bada edukitzaile hori edo justifikatzen bada ondasunak fede onez eta bidezko tituluz eskuratu direla edo, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan, merkataritza- edo industria-establezimendu batean eskuratu direla.

7.– Diruz laguntzekoak diren ekintzak azpikontratatu ahalko dira, diruz lagundutako zenbatekoaren % 20ko portzentajean gehienez ere, betiere abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan artikuluan xedatutako betekizunak eta debekuak betez gero.

8.– Ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak gastua eragin duen enpresa hornitzailearekin lotura badu, berariaz justifikatzen ez bada behintzat; justifikazio hori Berrikuntza Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi entitatek edo enpresak lotura dutela, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.8 artikuluak adierazitako egoeraren batean badaude. Gainera, 20/2023 Legearen 31.7.d artikuluan ezarritakoa ere errespetatu beharko da.

9.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazitakoa beteko da.

5. oinarria.– Laguntzen ezaugarriak eta mugak.

1.– Dirulaguntzak urte anitzetarako emango dira, itzuli beharrik gabekoak izango dira, eta, prozedurari dagokionez, lehiaketa ez den norgehiagokarako beste prozedura bati jarraituko zaio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.– Laguntza-deialdi honek diruz lagunduko du entitate onuradunek 2026, 2027, 2028 eta 2029ko ekitaldietan egiten dituzten jarduera ez-ekonomikoen kostu osoaren portzentaje bat, betiere jarduerari lotutako xedeen arabera; jarduera ez-ekonomikotzat ulertuko da Europako Batzordeak Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako estatu-laguntzei buruzko Esparruan ezarritakoa (2014/C 198/01).

Diruz laguntzeko gehiengo portzentajea % 70ekoa izango da, egiaztatutako IKZentzako.

3.– Dirulaguntzaren helburutik kanpo gelditzen da jarduera ekonomikoa. Jarduera ekonomikotzat jotzen dira hala industriarekin kontratupean burututako ikerketa, nola ikerketa-azpiegituren alokairua eta Europako Batzordearen arauetan –aurreko paragrafoetan jasotakoetan– exijitu eta jasotako baldintzei erantzuten ez dieten beste jarduera ekonomiko batzuk.

6. oinarria.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten entitate onuradunek beste laguntza batzuk ere jaso ahal izango dituzte, edozein delarik ere ematen dituen administrazioa edo entea –publikoa zein pribatua–. Dena den, onuradunak jasotzen dituen laguntza guztiak bilduta, ezin izango dute gainditu entitatearen jarduera ez-ekonomikoaren kostu osoaren % 100a, portzentaje horren barruan sartzen direlarik hirugarrenetatik jaso dituen bestelako laguntza edo diru-sarrerak.

2.– Onuradunak jasoko dituen laguntzen guztizkoa zenbat den jakin ondoren, agindu honetan ezarritakoaren ondorioz onuradun horrek jaso ahal izango dituen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira Europar Batasunean horretarako indarrean dauden arauak, eta, zehazkiago, zer ezarri den Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Europar Batasunaren Esparruan.

3.– Eskuratutako dirulaguntzek aurreko apartatuan ezarritako muga gainditzen badute, gutxitu egingo da agindu honetan oinarrituta emandako laguntzen zenbatekoa, muga hori erdiesteko.

7. oinarria.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Eskaerak egiteko, formulario bat bete beharko da, zeina bide telematikoz eskuratu ahal izango baita Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren egoitza elektronikoan, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1264401

Eskabidea elektronikoki sinatzeko, entitate eskatzaileak entitate-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistroan (Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2023ko azaroaren 14ko Agindua).

Aplikaziora ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria, BAK-q). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Berrikuntza Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

Dirulaguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza kudeatuko duen organoari zuzenean egiazta ditzan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1.e artikuluan aurreikusita dauden inguruabarrak.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

2.– Behin eskabidea osorik betetakoan, eta oinarri honetako 4. apartatuan zehaztutako dokumentuak erantsitakoan, entitateak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, 1. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz; eta orduantxe geratuko da erregistraturik eskabidea.

3.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

4.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Garatu beharreko ekintza-plana (EP). 2022-2025 aldian egindako jardueren memoria eta zentroak egingo duen ikerketaren plangintza jaso beharko ditu, baita haren ildo guztiak eta honako hauek ere: ikerketa-taldeak, lortu beharreko xede eta adierazleak, emaitzen estimazioa, finantza-plana, azpiegituren eta ekipamenduaren deskribapena, ikertzaileen hautaketa- eta prestakuntza-politika eta berdintasun-plana, ongizate psikologikoko plana, nazioartekotzeko estrategia eta transferentzia eta dibulgazio zientifikoko estrategia, eta plana osorik deskribatzeko behar diren kontzeptu guztiak. Ekintza-plana agindu honen II. eranskinaren arabera egingo da. Agiria ingelesez idatzi ahal izango da.

Ekintza-planak (EP) 2022-2025 eta 2026-2029 aldietarako adierazle-sorta bat ere jasoko du. 2026-2029 aldirako ezarritako adierazleek koherenteak izan beharko dute aurreko fasean zentroek erakutsitako ahalarekin; bestela, desadostasuna justifikatu egin beharko da. Agindu honen III. eranskinean, sartu beharreko adierazleen zerrenda agertzen da.

Finantza-planean (FP) jasoko dira 2022-2025 eta 2026-2029 aldietako urteko datu multzokatuak, pertsonal-gastuei, bestelako gastu arruntei eta inbertsioakei buruzkoak, agindu honen IV. eranskinari jarraituz. Halaber, aldi horietarako sarrera-iturriak zehaztuko dira, honela sailkatuta: iturri publikoak eta pribatuak, eremu geografikoa eta entitate finantzatzailea. Gainera, modu esplizituan zehaztuko dira lokalak errentatzeko gastuak, halakorik izanez gero, eta instalazioetarako, laborategietarako, tresneria espezifikoetara eta abarretarako bideratutako zenbatekoak, laborategian zein laborategitik kanpo esperimentu bidez egindako ikerketekin zerikusia dutenak. Alderdi biak aztertu beharko dira finantza-planean.

2026-2029 aldirako aurreikusitako gastuak justifikatu behar dira; horretarako, izango duten xede zehatzaren deskribapena eta gastu horiek finantzatzeko lortu ahalko diren finantzaketa-iturrien azterketa egingo da.

b) Diruz lagundu beharreko jarduera gauzatzeko epean beste entitate publiko edo pribatu batzuei jarduera ez-ekonomikorako eskatutako edo haiek horretarako emandako laguntzen adierazpena.

c) Organo eskudunak egiaztatuko du 3.2 oinarrian ezarritakoa betetzen dela.

8. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 7.4 oinarrian eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Berrikuntza Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zuzenketa-errekerimenduaren jakinarazpena, zuzendu beharreko eskabideak www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz gauzatuko da.

9. oinarria.– Ebaluazioa.

1.– Eskabideen ebaluazioak batik bat honako hauek izango ditu aztergai: zentroen bikaintasun zientifikoa, bikaintasunerako gobernua eta kudeaketa, sortutako jakintzak zernolako inpaktua izan duen, 2026-2029 aldirako proposatutako ekintza-plana eta zentroak nola lagundu dion Zientziaren Euskal Sistemari, Euskadi 2030 ZTBP planari, Ikerketaren Europako Espaziori (ERA) eta H2030 programari. Ebaluazio horrek oinarri gisa hartuko ditu Leidengo Manifestuan (The Leiden Manifesto for research metrics, Nature 2015) ezarritako printzipioak, eta produkzio zientifiko-teknikoaren ebaluazio-praktikak hobetzea sustatzen duten antzeko beste printzipio batzuk; horrela, aipatutako ebaluazioan modu arduratsuan erabiliko dira erreferentziazko iturriak eta ebaluazio-metrikak, bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak.

2.– Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak egingo ditu, entitate laguntzaile den aldetik, eskabideen ebaluazioa kudeatzeko lan materialak. Ikerbasque Fundazioaren Aholku Batzorde Zientifikoak balorazio zientifiko-teknikoari buruzko txosten bat egingo du eskabide bakoitzarentzat, oinarri honetan adierazitako irizpideei jarraituz. Batzorde horrek Zientziaren Euskal Sistematik kanpo dauden eta IKZ bakoitzaren zientzia-arloan nazioarteko ospea duten zientzialarien aholkularitza izan ahalko du txosten hori egiteko. Prozeduran zehar, informazio osagarria eskatu ahalko zaie entitate eskatzaileei, balioztatzeko aurkeztutako agirien inguruko zalantzak argitzeko. Informazio hori aurrez aurreko elkarrizketa bidez aurkezteko eskatu ahal izango da, agirien inguruko zalantzak argitzeko soilik.

3.– Zehazki, ondoko irizpide-bloke hauek balioztatuko dira:

a) Gobernantza, bikaintasunerako kudeaketa eta Zientziaren Euskal Sistemari egindako ekarpena: zentroaren antolaketa, Euskadi 2030 ZTBPrekin bat egitea, kudeaketa ekonomikoa, zentroaren Nazioarteko Aholku Batzorde Zientifikoa (ISAC, International Scientific Advisory Committee) edo baliokidea zeinek osatzen duten.

b) Bikaintasun zientifikoa, ikerketa-kalitate frogatua eta sortutako jakintzaren inpaktu frogatua: ikerketa-programaren kalitatea eta argitalpen zientifikoak; ikertzaileak prestatzeko eta erakartzeko programa; zentroaren nazioarteko lidergoa; jakintzaren transferentzia eta dibulgazioa eta ikerketaren gizarte-inpaktua, jabetza intelektuala eta diru-sarrerak sortzea; startupak edo spin-offak sortzea; OTEBetan sortutako enplegu berriak eta OTEBetatik datorren fakturazioa; finantzaketa pribatua EAEn eta guztizko finantzaketa pribatua.

c) 2026-2029 aldirako ekintza-plana: antolaketa, helburu estrategikoak, garapen-programa, Euskadin eta nazioartean izandako inpaktua, talentua erakartzeko eta trebatzeko programa, finantzaketa-plana, transferentzia eta dibulgazio zientifikorako estrategia, berdintasun-plana eta ongizate psikologikoko plana.

4.– Puntuazioak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

5.– Ebaluazio-prozesuaren ondorioz, honako kategoria hauen arabera sailkatuko dira zentroak:

(A+) Aparta, zentroa mundu osoan erreferentziazko erakundea da bere ikerketa-alorrean. A+ kategoria eman ahal izango zaio 95 puntu edo gehiago lortu dituen entitateari.

Kategoria hori lortzeko, Ikerbasqueren Aholku Batzorde Zientifikoaren iritziz nazioartean berezia den ekarpen zientifikoa egin beharko du entitateak. Gainera, entitateak gutxienez 4 puntu lortu beharko ditu, guzira, adierazle hauen ebaluazioaren puntuazioan:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

(A) Bikaina, emaitza bikainak ditu estatu-mailan, baina zentroaren nazioarteko bikaintasunari begira alderdi batzuk hobetu egin behar dira. Entitate horiek 90 puntu edo gehiago eta 100 puntu baino gutxiago dituzte.

(B) Ona, emaitza onak ditu estatu-mailan, baina hobetu egin behar du datozen urteetan nazioarteko erreferentzia-zentrotzat hartu ahal izateko. Entitate horiek 77 puntu edo gehiago eta 90 puntu baino gutxiago dituzte.

(C) Hobe daitekeena; zentroa berbideratu edo eraldatu egin behar da, gaur egungo egiturak edo duen garapenak ez baitu bermatzen etorkizunean zentro bikaintzat hartu ahal izango denik. 65 puntu edo gehiago eta 77 puntu baino gutxiago lorrtzen dituzten entitateak.

(D) Ez nahikoa, zentroa deialditik kanpo geratzen da. 65 puntu baino gutxiago lortzen dituzten entitateak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

6.– Aholku Batzorde Zientifikoak, eskabidearekin batera bidalitako dokumentazioa ikusi ondoren, zentroaren esperimentaltasun-maila zehaztuko du; 0 eta 10 artekoa izango da maila. Ohiko jarduera zientifikoa garatzeko behar diren instalazio, laborategi eta tresneria espezifikoak izateko egiaztatutako beharren arabera zehaztuko da maila hori.

7.– Aholku Batzordeak, gainera, kalitate-adierazleen proposamen bat eta emaitzen ebaluazioa egingo ditu laguntza gauzatzeko aldian, gaitasun zientifikoari, ekoizpen zientifikoari, prestakuntza-gaitasunari, langileak erakartzeari eta funtsak lortzeari dagokionez. Gainera, beste kalitate-adierazle mota batzuk sartu ahalko ditu bikaintasunari; laguntzei; sareei; jakintza transferitzeari eta dibulgazioari; funtsak erakartzeari; startupak eta spin-offak sortzeari, eta lizentziak eta patenteak erregistro eta ustiapenari dagokionez.

Hori zenbakiz zehazteko, entitateak datozen lau urteetarako diseinatutako jarduera-planean sartutako adierazleetatik eta aurreko urteetan erakutsitako ahaletik abiatuko da Aholku Batzordea. Entitate onuradunak proposatutako adierazleak dagoeneko erakutsitako ahal eta bilakaerarekin bat ez badatoz edo horien azpitik badaude, Aholku Batzordeak, hori finkatzeko, proposatutako adierazleen gaineko programa estrategikoetan entitateek egindako justifikazioa hartuko du aintzat. Gainera, horretarako, entitate bakoitzaren espezializazio-alorrean entzute handia eta ebaluazioak egiten eskarmentua duten ikertzaileei txostenak eskatu ahalko dizkie.

10. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

Dirulaguntzen esleipena bi fasetan egingo da:

1.– Zentro bakoitzaren egiturazko finantzaketa zehaztea. Entitate onuradunen egiturazko finantzaketa honako lau osagai hauen batura izango da: errentamendu-gastuetarako modulua, azpiegitura handi berezien modulua, esperimentaltasun-modulua eta oinarrizko gastuen modulua. Lehenengo hiruak eskabidean egiaztatutako finantzaketa-beharren arabera zehaztuko dira. Laugarrena, berriz, zenbateko finkoa da entitate onuradun guztientzat.

Errentamendu-gastuen moduluari emateko zenbatekoa eraikinak eta lokalak errentan hartzeko egiaztatutako gastuen arabera zehaztuko da, eta zentroaren 2026-2029 aldirako errentamendu-gastu horien bilakaeraren justifikazioaren arabera. Errentamendu-moduluagatik dagokiona ordaintzea onartzeko, zentroaren errentamendu-koefizientea aplikatuko da, eta % 80 baino handia izan beharko du. Kalkulatzeko, zentroak errentan duen azaleraren eta guztira jabetzan, erabilera-eskubidean edo usufruktuan duen azaleraren arteko erlazioari errreparatuko zaio, m2-tan neurtuta. Justifikatutako errentamendu-gastuen % 80 finantzatuko da gehienez, eta urteko 250.000 euro arte.

Azpiegitura berezi handiei laguntzeko moduluan eman beharreko zenbatekoa azpiegitura horien kudeaketan espezializatutako ikertzaileen gastuen arabera kalkulatuko da. Azpiegitura berezi handitzat hartuko dira hiru betekizun hauek betetzen dituztenak:

a) Erosketa-kostua 1,5 M euro-tik gorakoa izatea.

b) EAEn bakarra izatea.

c) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste zentro batzuetako ikertzaileentzako ere irekia egotea.

Modulu honetan, gehienez ere 200.000 euro finantzatuko dira urtean.

Esperimentaltasun-moduluari emateko zenbatekoa Aholku Batzorde Zientifikoak entitate bakoitzari esleitutako esperimentaltasun-mailaren arabera zehaztuko da, eta urteko 200.000 euro arte.

Oinarrizko gastuen moduluan 400.000 euro emango dira urtean entitate guztientzat. Laburbilduz, kontzeptu horietarako laguntzaren zenbatekoak honako hauek izango dira:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

C kategorian ebaluatutako zentroen kasuan, oinarrizko gastuen modulua bakarrik aplikatuko da, eta, beraz, zentro horiek urtean 400.000 euroko egiturazko finantzaketa bakarrik izango dute.

2.– Bikaintasunagatiko finantzaketa zehaztea.

A+ gisa ebaluatutako entitateek gehienez 700.000 euro jasoko dituzte urtean bikaintasunagatiko finantzaketa gisa. Modulu horren zuzkidura 5 milioi eurokoa izango da, kategoria horretan sartutako entitateen artean bati berdinetan banatu beharrekoa, aipatu urteko muga dutela.

Esleitzeke geratzen diren zenbatekoak ebaluazioan 77 puntu gainditzen dituzten entitateetako bakoitzak lortutako bikaintasun-puntuen arabera esleituko dira. Lortutako notari 77 puntu kenduta lortzen dira bikaintasun-puntuak.

C kategorian ebaluatutako zentroek ez dute jasoko bikaintasunagatiko finantzaketarik.

3.– Onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntzak ezingo du gainditu 5. oinarriko 2. apartatuan adierazitako jarduera ez-ekonomikoaren kostuaren portzentajea, ez eta eskatutako zenbatekoa ere. Horietako kasuren bat gertatzen bada, 77 puntu baino gehiagoko puntuazioa duten gainerako entitateen artean banatuko da soberakina.

11. oinarria.– Hautaketa-batzordea.

1.– Entitate laguntzailearen ebaluazioaren emaitzak Hautaketa Batzordeari helaraziko zaizkio, eta hari egokituko zaio eskabideen azken balorazioa egitea eta, ondoren, ebaluazioaren emaitza zehazten duen txosten bat egitea.

2.– Hautaketa Batzordea osatuko dute Berrikuntzako zuzendariak (batzordeburua izango da), Zientzia Politikako zuzendariak eta Zientzia eta Berrikuntzako Sailburuordetzako teknikari batek (idazkaria izango da).

3.– Hautaketa-batzordearen zeregina izango da deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla aztertzea.

4.– Organo ebazleari dagokio baliabideak esleitzea, agindu honen 10. oinarrian adierazitakoaren arabera, organo kudeatzaileak proposatuta.

5.– Hautaketa-batzordeak, gainera, Ikerbasque Fundazioaren Aholku Batzordeak laguntza gauzatzeko aldian proposatutako kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa baieztatuko ditu.

12. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Berrikuntzako zuzendariak deialdia ebazteko proposamena prestatuko du.

2.– Proposamena dirulaguntza ematearen aldekoa bada, hau dena adierazi beharko da bertan: entitate onuradunaren identifikazioa, gauzatzeko epea, guztira zenbat esleitu zaion eta urte bakoitzean zenbat emango zaion, kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.

3.– Proposamena kontrakoa bada, identifikatu behar da zein entitatek eskatzen duen dirulaguntza eta zergatik ukatzen zaion laguntza.

13. oinarria.– Ebazpena.

1.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeari dagokio laguntzak esleitzeko ebazpena ematea.

2.– Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira laguntzak, organo kudeatzaileak egindako ebazpen-proposamena aintzat hartuta. Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta honako hauek jasoko ditu: entitatearen identifikazioa, gauzatzeko epea, guztira zenbat esleitu zaion eta urte bakoitzean zenbat emango zaion, kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa; bai eta ukatutako eskaerei dagokienez, horretarako arrazoiak. Ebazpena Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren egoitza elektronikoko taula elektronikoan argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: www.euskadi.eus/servicios/1264401

3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da ebazpena, beranduenez. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Emandako laguntzak egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien, kalitate-adierazleekin eta emaitzen ebaluazioarekin batera, iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

5.– Hargatik eragotzi gabe aurreko 4. apartatuan ezarritakoa, Berrikuntza Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

6.– Ebazpen horren aurka, interesdunek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote informatika-aplikazioaren bidez; horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpen hau www.euskadi.eus helbideko egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

14. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak urtero ordainduko dira, zatika. Urtearen lehen hiruhilekoan urte horretan dagokienaren % 80ko aurrerakina emango zaie, eta hurrengo urtean, gainerako % 20a likidatuko da. Honela:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Ordainketak 16. oinarrian adierazitako kontrolen eta 15. oinarrian jasotako justifikazioa behar bezala aurkeztearen mende geratzen dira.

3.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko entitate onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirua itzuli behar duela dioen ebazpen baten ondorioz zorduna bada.

4.– Dirulaguntzaren zenbatekoa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bematuko da (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

15. oinarria.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Entitate onuradunak urtero aurkeztuko ditu laguntza gauzatu izanaren jarraipena egiteko agiri hauek:

a) Auditoretza-txosten bat, entitate onuradunaren egoera finantzarioari buruzkoa. Auditoreak alta emanda egon behar du Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean; Kontabilitateko eta Kontu Ikuskaritzako Institutuaren mende dago erregistro hori. Txosten hori egiteak sortutako gastua diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da.

b) Txosten ekonomiko laburtua, entitate onuradunaren jarduera ez-ekonomikoaren zenbatekoari buruzko kontu-auditorearen ziurtagiria jasotzen duena. Ordainketa-egiaztagiriak erantsi beharko dira.

c) Ziurtagiri bat, entitate onuradunaren legezko ordezkariak egina, entitateak ekitaldi horretan beste entitate publiko edo pribatuetatik deialdiaren helburu bererako jasotako laguntza guztiei buruzkoa.

2.– Entitate onuradunak, aurreko apartatuan adierazitako dokumentuekin batera, bi urtean behin (2028 eta 2030), laguntzaren jarraipenerako dokumentu hauek aurkeztuko ditu:

a) 13.2 oinarrian ezarritako xedeen lortze-mailaren txostena.

b) Laguntza eman zenetik egindako jarduerei buruzko txostena.

3.– Oinarri honen 1. apartatuan aipatutako justifikazio-agiriak 2027, 2028, 2029 eta 2030eko ekitaldietako lehenengo seihilekoan aurkeztu beharko dira. 15.2 oinarriko egiaztagiriak 2028ko eta 2030eko urtarrilaren 31 baino lehen entregatuko dira.

4.– Artikulu honetan aipatzen diren agiriak bide telematikoz aurkeztuko dira, agindu honen 7.1 oinarrian zehazten den helbide elektronikoan.

5.– Entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, eta fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera.

16. oinarria.– Jarraipena eta kontrola.

1.– 2026-2027 biurtekoak.

15.2 oinarrian 2026 eta 2027 urteetarako zehaztutako agiriak 2028ko lehen hiruhilekoan ebaluatuko dira. Ebaluazio horretan, 13.2 oinarrian ezarritakoaren arabera lehen biurtekoan bere gain hartutako konpromisoei dagokienez erdietsitako zientzia-, kudeaketa- eta lankidetza-lorpenak aztertuko dira.

Ikerbasque Fundazioko Aholku Batzorde Zientifikoa arduratuko da ebaluazioaz, eta amaieran jarraipen zientifiko eta teknikoko txosten indibiduala egingo du. Ebaluazioaren emaitza 2028ko martxoaren 31 baino lehen jakinarazi beharko da. Emaitza ezezkoa bada, ekintza-plan zuzentzaile espezifiko bat eskatuko zaio entitateari, txostena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, eta aholku-batzordeak ez badio oniritzia ematen, galdu egingo du 2026-2027 biurtekorako emandako laguntza.

2.– Laguntza egikaritzeko aldiaren amaiera.

Laguntza egikaritzeko bigarren biurtekoa amaitu ondoren, arestian azaldu den ebaluazio-prozedura errepikatuko da laguntza egikaritzeko aldi osoari dagokionez (2026-2029). Emaitza ezezkoa bada, ulertuko da ez-betetzea egon dela, eta agindu honen 20. oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

17. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan araututako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

a) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea, nahiz eta Berrikuntza Zuzendaritzak onartu ahal izango dituen jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldaketak, betiere aldaketa horiek guztiz justifikatzen badira, eta Berrikuntza Zuzendaritzaren berariazko baimena lortu bada, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

b) Kostu-kontrolari eustea, entitateak burutzen duen jarduera ekonomikoa eta ez-ekonomikoa bereiziko dituena.

c) Berrikuntza Zuzendaritzari laguntzea, esleitutako dirulaguntzen inguruan hark egokitzat jotzen duen guztia egiaztatzeko. Eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute entitate onuradunek.

d) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, hamar urtez gutxienez.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –dirulaguntzen gaineko fiskalizazio-egitekoak dituztenez– eskatzen duten informazio guztia ematea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan ezarritako eran.

f) Beste edozein administrazio, entitate publiko edo pribatuk helburu bererako edo antzekorako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo eskuratuz gero, horren berri ematea Berrikuntza Zuzendaritzari.

g) Agindu honetan aurreikusitako laguntzekin burutu diren jardueren finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia ematea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan xedatuaren arabera.

h) Zuzendari zientifikoak kargua utziz gero, Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraztea kargu hori nola beteko den.

18. oinarria.– Organo kudeatzailea.

Berrikuntza Zuzendaritza da laguntza horien organo kudeatzailea.

19. oinarria.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiaren arabera ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko, Ikerbasque Fundazioa entitate laguntzaile izendatzen da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritako baldintzetan, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

Era berean, ezingo dira entitate laguntzaile izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aipatutako debeku-egoeraren batean dauden entitateak.

2.– Lankidetza-esparrua aipatutako legearen 12.6 eta 12.7 artikuluetan ezarritakoaren arabera formalizatuko da, dagokion lankidetza-hitzarmenean.

3.– Ikerbasque Fundazioak, entitate laguntzaile gisa, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Proposamenak aztertu eta ebaluatzeko kudeaketa-lanak.

b) Jarraipen-prozesuak definitu eta inplementatzeko proposamena.

c) Lortutako emaitzen erdibideko eta amaierako ebaluazioa kudeatzea.

4.– Berrikuntza Zuzendaritzak eskatuta, Ikerbasque Fundazioak programa ondo kudeatzeko beharrezko den beste edozein jarduketetan lagunduko du, eta hori dela-eta zuzendaritza horrek egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartuko ditu.

20. oinarria.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Ondoren zehazten diren kasuetan, entitate onuradunek ezingo dute laguntza ordain dakien eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da jasotako zenbatekoak itzularaztea, berandutze-interes eta guzti, honako kasu hauetan:

a) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute dirulaguntza.

b) Dirulaguntza emateko oinarrizkoak diren xedeak, jarduera edo proiektua bete ez bada edo eskatzen den portaera izan ez bada. Horri dagokionez, ez-betetzea gertatu dela ebatziko da aginduaren 16.3 oinarrian aipatutako azken ebaluazio-prozedura gauzatu eta gero.

c) Gastuak justifikatzeko eginbeharra betetzen ez bada. Finantza daitekeen inbertsioa egin dela justifikatzeko behar diren agiriak ez badira aurkezten organo emaileak eskaera egin eta 15 egun balioduneko epean, jasotako zenbateko ez justifikatuak itzuli egin beharko dira. Dirua itzuli beharko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritako eran berreskuratzeko prozedura izapidetu ondoren.

d) Emandako zenbatekoaren % 25 baino gutxiago erabili bada.

2.– Ez-betetze partzialtzat hartuko da emandako laguntzaren erabilpen osoa ez egitea, % 25 baino gehiagokoa bada. Kasu horretan, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, betiere laguntzen onuradun izateko agindu honen 3. oinarrian ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 4. oinarrian ezarritakoa betetzen badira.

3.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

21. oinarria.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honen 3. oinarrian ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 4. oinarrian ezarritakoa betetzen badira.

2.– Era berean eta salbuespen gisa, entitate onuradunak hala eskatzen badu eta behar bezala justifikatzen badu, posible izango da laguntzak eman zituen administrazio-organoak jarduketak egiteko epea luzatzea.

3.– Berrikuntza Zuzendaritzak aldaketak onar ditzake jardueretan, betiere aldez aurretik aldaketak egitea eskatzen badu entitate onuradunak eta amaitu aurretik guztiz justifikatzen baditu, eta ez baditu desitxuratzen lortu nahi diren izaera eta xedeak, eta jakina, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako eskakizunak errespetatzen badira.

22. oinarria.– Datuen babesa.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa-sustatzeko). Informazio hau emango da:

Arduraduna: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Berrikuntza Zuzendaritza.

Xedea: Oinarri zientifizkoa duen berrikuntza finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzean egindako misioa betetzeko edo interes publikoaren alde egindako misioa betetzeko beharrezkoa den tratamendua.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ogasun eta Finantza Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskatzaileak eskubidea du datuak eskura izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea dago gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala