Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2025eko abenduaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5471

AGINDUA, 2025eko abenduaren 9koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez ekonomia zirkularreko berrikuntzarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta 2026ko ekitaldiko deialdia egiten baita.

Draghi Txosteneko gomendioak aintzat hartuta, Europako Batzordeak 2024ko hasieran abian ipini zuen «EBko lehiakortasunaren iparrorratza», industriaren lehiakortasuna sendotzeko estrategia. Geroago, 2025eko otsailean, estrategia hori Industria Garbiaren Itunarekin (Clean Industrial Deal) osatu zuen; itun horretan zirkulartasuna eta deskarbonizazioa uztartzen dira, industriaren sektorearen ingurumen-aztarna murrizteko eta beraren eraginkortasuna, berrikuntza eta autonomia hobetzeko.

Beraz, Industria Garbiaren Itunaren gakoetako bat zirkulartasuna da, hau da, lehengaien kontsumoa murriztea eta materialak ahalik ondoen aprobetxatzea beren bizi-zikloan zehar.

Era berean, ekonomia zirkularra tresna edo preskriptore espezifikoen bidez hedatzen da Europan, hala nola Produktu Jasangarriaren Ekimena, Teknika Erabilgarri Onenen Zuzentaraua (IED), Substantzia Kimikoen Jasangarritasunerako Estrategia edo Hondakinen Zuzentaraua, horien ondoriozko sektore-erregulazioekin.

EAEn, Eusko Jaurlaritzak 2025ean onartutako Euskadi 2030 Industria Plana, Basque Green Deal esaten zaiona, prestatu du Industria Garbiaren Ituna hedatzeko. Plan horretan ingurumenari buruzko estrategia eta plan nagusietan aurreikusitako jarduketak biltzen dira; hauexek dira: Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030; Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Plana; EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea, 2024ko otsailean onartua, zeinak Epe Luzeko Ibilbide Orria eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 2030erako Estrategia ezartzen baititu; Erosketa Publiko Berdeko 2030eko Programa; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030, energia- eta ingurumen-trantsizioaren aldeko apustua egiten duena.

Hain zuzen ere, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030ek honako helburu hauek ezartzen ditu:

– Produktibitate materiala % 30 handitzea.

– Materialen kontsumoarekin lotutako karbono-emisioak % 26 murriztea.

– Material zirkularraren erabilera-tasa % 30 handitzea.

– Hondakinen sorrera % 30 murriztea.

– EAEn fabrikatutako produktu zirkularrenen fakturazioa hirukoiztea.

– Enplegu zirkularra % 15 handitzea.

Helburu eta emaitza zirkular horiek lortzeko, besteak beste, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030eko Estrategian ezarritako lehentasunezko eremuetara bideratutako jarduketa berritzaileak bultzatu behar dira enpresetan, hauen arabera: Europar Batasunaren arauak edo preskripzio-tresna bat egotea, EAEko ekonomiarako aukera bat egotea, eta konponbide ekoberritzaileak bizkortzeko elkarlan publiko-pribatua behar izatea.

Ekoberrikuntza bultzatzeko bi etapa behar dira:

1.– «Irtenbide teknologiko berrien garapena» etapa, erronka zirkular espezifiko baterako, Europar Batasuneko tresna berde berriekin lerrokatua, ekoberrikuntza zirkularreko enpresa aitzindari eta erreferenteen talde bat finkatuz EAEko gainerako enpresentzat.

Konponbide horiek ekodiseinuko, ekonomia zirkularreko erakusketako edo ekoberrikuntza estrategikoko proiektuen bidez garatzen dira.

2.– Ekonomia zirkularraren arloan garatutako «soluzio teknologiko edo metodologiko berritzaileak eraginkortasunez lehentasunezko balio-kateetako euskal ETE askori transferitzeko» etapa. Honetan nahitaez hartu beharko dute parte bitarteko eragileek (klusterrek, enpresa-elkarteek, eskualde-agentziek...).

Transferituko diren soluzioak, funtsean, Basque Circular Huben ingurumen-zaintzatik etorriko dira, bai eta Basque Ecodesign Centerrek garatutako metodoetatik eta dirulaguntza-programa honen 1. eta 2. lerroetako proiektuetan baliozkotzen diren teknologia zirkularretatik ere. Transferentzia-prozesuak ETEen arteko harremanak sendotu behar ditu eta haien posizionamendua hobetu behar du.

Laguntza hauek Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko uztailaren 15eko Aginduan ezartzen dira. Agindu horren bidez Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onartze da. Agindua Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratu da (www.euskadi.eus), egungo Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren esparruan, «Planak eta proiektuak» atalean. Hiru dirulaguntza-lerro daude:

– 1. lerroa. Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia.

– 2. lerroa. Ekoberrikuntza estrategikoa.

– 3. lerroa. ETE zirkularra.

Lehen bi lerroetan esperientzia luzea bildu da aurreko zazpi deialdietan. Guztira, deialdi horietan hirurehun enpresak baino gehiagok hartu dute parte. 3. lerroaren kasuan («ETE zirkularra»), honako hau laugarren deialdia da izango da. Orain arte 250 ETEk baino gehiagok hartu dute parte, denetan bitarteko eragileak buru direla.

Proiektu-lerro horiek aldizka monitorizatuko dira, ekonomiaren desmaterializazioa eta ekoberrikuntza zirkularra sustatzeko helburuei egiten dieten ekarpena ebaluatzeko. Helburu horiek Ekonomia Zirkularraren Estrategian eta Eusko Jaurlaritzaren gainerako planetan eta estrategietan bilduta daude, eta Europako araudiaren aurrerapenaren eta horrek Euskadin daukan eraginaren arabera modulatzen dira.

Beraz, dirulaguntza horiek EAEko enpresen eta lotutako zerbitzuen ekonomia zirkularraren inguruko berrikuntzarako dira; aplikazio-eremua hori izanik, helburu hauek lortzen lagundu nahi dute:

– Ekonomia zirkularraren bidez berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak murriztea, ekoizpen-prozesuetako baliabideen efizientzia kontuan hartuta.

– Lehengaien kontsumoa murriztea eta, bereziki, horien hondakinak ez botatzea.

– Enpresa-jarduera iraunkorrak sortzea, EAEko ekonomiaren suspertze berdean lagun dezaten, baita lehiakortasuna hobetzen eta enplegu kualifikatua sortzen ere.

– Lurraldearen ingurumen-erresilientzia handitzea, merkatu globalean erreplikabilitate handia duten soluzio teknologiko berritzaileen bidez.

– Enpresen arteko lankidetza sendotzea, Europako tresna zirkularrek dakartzaten erronkei eta aukerei hobeto erantzuteko.

Agindu honi Europar Batasuneko honako erregelamendu hauek aplikatuko zaizkio:

– 1. eta 2. lerroetan, Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, hain zuzen ere 25. artikulua («Ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzak»). Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko (EB) 2023/1315 Erregelamenduaren bidez aldatu zen.

– 3. lerroan, Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 eta 10.1 artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluari dagokionez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua da programa honen oinarriak eta deialdia onartzeko organo eskuduna.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ekonomia zirkularreko berrikuntzarako dirulaguntzen oinarriak (agindu honen eranskinean biltzen direnak) onartzea eta 2026ko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia egitea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak, eta ezartzen dituen xedapenak deialdi honen itzalpean 2026an ematen diren dirulaguntzei aplikatuko zaizkie, erabat likidatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 9a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

ERANSKINA

1. oinarria.– Helburua eta araudi aplikagarria.

1.– Ekonomia zirkularreko berrikuntza bultzatzeko dirulaguntzak; jarduketa-lerroak:

– 1. lerroa. Ekodiseinurako eta ekonomia zirkularraren erakustaldirako proiektuak.

– 2. lerroa. Ekoberrikuntza estrategikorako proiektuak.

– 3. lerroa. ETE zirkularra.

2.– Deialdi honetako dirulaguntzei honako hauek aplikatuko zaizkie:

– Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamendua (L 187 Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, 2014ko ekainaren 26koa), 2014ko ekainaren 17koa, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko (EB) 2023/1315 Erregelamenduaren bidez aldatu da. Aipatu laguntzak Erregelamenduaren 25. artikuluan jasota daude («Ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzak»).

– Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– Dirulaguntzen oinarrizko araubidea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko arauak eta haren betearazpen-erregelamenduan jasotakoak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako erregelamendua).

– Dirulaguntzei buruzko araudi horiek erregulatzen ez duten gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura gauzatzeko erregelamenduaren alderdi ez-oinarrizkoak aplikatuko dira, osagarri gisa.

Era berean, prozedura honen araubide juridikoa osatzen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokorreko administrazio-araubidearen gainerako xedapenek.

2. oinarria.– Definizioak.

Dirulaguntzei dagokienez, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

– Enpresa sustatzailea (1. eta 2. lerroak): bultza-lana egiten du, eta proiektuaren ardura bere gain hartu; normalean berak du interesik handiena konponbide berritzailea lortzeko, baita gero ustiatzeko ere, bideragarritasuna frogatuz gero. Enpresa-elkarte bateko kidea izan daiteke.

– Enpresa bazkidea (1. eta 2. lerroak): ezagutza-eragileak, -industriak edo -enpresak dira (zientzia, teknologia eta berrikuntza), proiektuko zeregin jakin batzuk gauzatzen parte hartzen dute, eta proposatutako konponbideari balioa ematen diote. Elkarte bateko kidea izan behar da.

– Bitarteko eragile sustatzailea (3. lerroa): EAEko irabazi-asmorik gabeko enpresa-antolakundea, pribatua edo publikoa, eta nortasun juridiko propioa duena, bere langile propioak dituena, zerbitzuak ematen dituena eta bere eragin-arloko enpresen lehiakortasuna sustatzea eta hobetzea helburu duena, baita EAEko enpresa-ehunaren kapilaritatea sustatzea eta ahalik eta enpresa gehienei EAEko Administrazio publikoaren lehiakortasuna hobetzeko programetarako sarbidea erraztea ere. Dirulaguntza-deialdi honi dagokionez, hauek dira bitarteko eragileak: EAEko kluster elkarteak, enpresa- eta sektore-elkarteak, merkataritza-ganberak, baita tokiko, eskualdeko edo probintziako garapen-agentziak ere. Elkartean bitarteko eragile bat baino egonez gero, sustatzailea zein parte-hartzailea izan daiteke.

– Enpresa parte-hartzailea (3. lerroa): ETE industriala edo industriari lotutako zerbitzuetakoa (aholkularitza-zerbitzuak izan ezik), bitarteko eragile sustatzaile batek bultzatutako ETE zirkularraren proiektu espezifiko batean parte hartzen duena. Elkarte bateko kidea izan behar da.

– Kontratatzen den hirugarrena (lerro guztiak): ezagutza-eragilea edo enpresa, proiektuari enpresa sustatzaileak edo bazkideak (1. eta 2. lerroak) egindako kontratazio-zerrenda batean oinarrituta laguntzen diona, edo proiektuan parte hartzen dutenei aholkularitza-zerbitzuak emateaz arduratzen dena (3. lerroa), ekonomia zirkularreko metodoak edo tresnak ezartzeko, saiakuntzak egiteko, estandarren eta abarren aurka egiaztatu eta ziurtatzen duena, eta proiektuaren eremu teknikoan egiazta daitekeen ezagutza duena.

– Enpresa laguntzailea: «enpresa parte-hartzailearen» (3. lerroa), «enpresa bazkidearen» (1. eta 2. lerroak) edo «kontratatzen den hirugarrenaren» (lerro guztiak) baldintzak betetzen ez dituen enpresa, proiektu espezifiko bati balioa ematen diona. Proiektuaren talde-dinamikan parte hartu ahal izango du, eta eginkizun eta zeregin espezifikoak bere gain hartu,, baina inolako dirulaguntzarik jaso gabe, adibidez, enpresa handi bat (3. lerroa) edo EAEn finkatuta ez dagoen enpresa edo entitate bat.

– ETE (1. eta 2. lerroak): Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.

– ETE (3. lerroa): 5 eta 249 pertsona arteko plantilla duen erakundea, lanaldi osoko urteko baliokideetan.

Plantillakotzat hartuko dira lan-kontratu baten bidez enpresarekin lotutako pertsonak, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuta daudenak. Era berean, plantillakotzat hartuko dira lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuta ez badaude ere, eta beren lan-jarduera edo jarduera profesionala enpresan garatzen duten pertsonak, baldin eta beren izaeragatik Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanda egon ezin badira, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 305.2 artikuluaren b) eta e) letretan jasotakoaren arabera. Seme-alabak edo mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko lanaldi-murrizketarik izanez gero, langile horien lanaldiak murrizketa kontuan hartu gabe zenbatu ahal izango dira, entitate eskatzaileak hala eskatuz gero. Ez dira plantillakotzat hartuko atzerriko lantegietan lan egiteko kontratatutako langileak.

Plantilla zenbatzeko, langileen zerrenda izendunaren balioak hartuko dira kontuan (azken LZI, lehengo TC2 ordezkatzen duena), eta, enpresari atxikitako langile autonomorik egonez gero, pertsona bakoitzaren kotizazio-oinarrien txostena.

– Enpresa handia (3. lerroa): 249 pertsonatik gorako plantilla duen enpresa, lanaldi osoko urteko baliokideetan.

Plantillakotzat hartuko dira lan-kontratu baten bidez enpresarekin lotutako pertsonak, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuta daudenak. Era berean, plantillakotzat hartuko dira lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuta ez badaude ere, eta beren lan-jarduera edo jarduera profesionala enpresan garatzen duten pertsonak, baldin eta beren izaeragatik Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanda egon ezin badira, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 305.2 artikuluaren b) eta e) letretan jasotakoaren arabera. Seme-alabak edo mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko lanaldi-murrizketarik izanez gero, langile horien lanaldiak murrizketa kontuan hartu gabe zenbatu ahal izango dira, entitate eskatzaileak hala eskatuz gero. Ez dira plantillakotzat hartuko atzerriko lantegietan lan egiteko kontratatutako langileak.

Plantilla zenbatzeko, langileen zerrenda izendunaren balioak hartuko dira kontuan (azken LZI, lehengo TC2 ordezkatzen duena), eta, enpresari atxikitako langile autonomorik egonez gero, pertsona bakoitzaren kotizazio-oinarrien txostena.

3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdiko laguntzak finantzatzeko, 1.500.000,00 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

2.– Emango diren dirulaguntzen diru-zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua, ez eta hura eguneratzearen ondorioz ateratzen dena ere –gehienez ere, aurreikusitako zenbatekoaren % 50–, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldaketari jarraikiz eta laguntzak ebatzi baino lehen. Hori gertatzen bada, Trantsizio Energetikoko sailburuordearen sailburuordeak horren berri emango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez. Horrek, ordea, ez du eskaerak aurkezteko epea luzatuko (16. oinarria).

3.– Deialdi honetarako aurrekontu-zuzkidura honela banatuko da lerroen artean:

– 1. lerroa. Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia, hirurehun mila (300.000) euro.

– 2. lerroa. Ekoberrikuntza estrategikoa, zazpiehun mila (700.000) euro.

– 3. lerroa. ETE zirkularra, bostehun mila (500.000) euro.

4.– Aurreko apartatuan adierazitako jarduketa-lerroetako baterako esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kopuru horiek beste jarduketa-lerro baten zenbatekoa handitzeko erabili ahal izango ditu, gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuen kopuruaren arabera eta proiektu horien laguntza-eskubideari erantzuteko behar den zenbatekoaren arabera. Hori gertatzen bada, Trantsizio Energetikoko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

4. oinarria.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde onuradunak izan daitezke:

a) Enpresa pribatuak, forma juridikoa gorabehera, batez ere industria-sektorekoak, bai eta konponketa-zerbitzu aurreratuak eta industria-sektorearekin lotutako beste zerbitzu batzuk ere, baldin eta agindu honetan ezartzen diren eskakizunak betetzen badituzte.

Enpresek enpresa sustatzaile, enpresa bazkide, enpresa parte-hartzaile edo enpresa laguntzaile modura har dezakete parte deialdi honetan, kasuan kasukoa dirulaguntza-lerroaren arabera.

b) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak.

Pertsona fisiko edo juridikoen taldeentzako laguntzak taldeek izendatutako pertsona fisiko zein juridikoei emango zaizkie. Nolanahi ere, laguntza jasotzen duten taldeetako erakunde guztiak izango dira onuradunak, eta denek bete beharko dituzte agindu honetan ezartzen diren betekizunak eta baldintzak.

2.– 1. lerroan (Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia) eta 2. lerroan (Ekoberrikuntza estrategikoa), erakunde onuradunak enpresak (sustatzaileak zein bazkideak) eta elkarteak izan daitezke.

3.– 3. lerroan (ETE zirkularra), erakunde onuradunak elkarteak izan behar dira, eta honela eratuta egon behar dira, gutxienez:

– Proiektuaren sustatzaile gisa jarduten duten bitarteko eragileak, taldearen ordezkaritza eta koordinazioa beren gain hartuko dutenak; proiektuak aurrera egiteko behar diren elkarrizketa- eta harreman-eginkizunez arduratuko dira; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekikoez.

– Proiektuetan parte hartzen duten enpresa txiki eta ertain pribatuak. Lehentasunez, baina inor baztertu gabe, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030ean identifikatutako sektoreetako balio-kateetako ETEak. Sektore hauek dira: garraio-sektorea (automobilgintza, trenbidea, aeronautika, ontzigintza); ekipo osagarri makineriaren eta makina-erreminten sektorea; sektore elektriko-elektronikoa; metala; kimika sektorea; eraikuntza; elikagaien sektorea; birziklapenaren eta ingurumen-erremediatzearen sektorea; bilgarrien eta enbalajeen diseinuaren eta fabrikazioaren sektorea.

Enpresa handiek enpresa laguntzaile gisa parte hartu ahal izango dute, baina horien banakako kostuak ez dira finantzatuko.

4.– Talde horiek agindu honen IV. eranskinean bildutako proiektua gauzatzeko akordioa bete beharko dute eskaeran, honako hauek adierazita, gutxienez:

– Taldeko zer kidek jasoko dituen dirulaguntza-funtsak. Horrek gainerako taldekideen artean banatuko ditu funtsak.

– Nor izango den taldearen ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeak onuraduna den aldetik dauzkan betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoak edukiko dituena. Besteak beste, ahaldun horrek justifikazio-kontua sinatuko du eta taldean gertatzen diren aldaketen berri eman beharko du.

– Dirulaguntzaren xede den proiektuan parte hartzen duten enpresen behin betiko zerrenda, proiektuaren arduradunen harremanetarako datuekin.

– Taldekide bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak, bai eta horietako bakoitzak betearazi beharreko dirulaguntzen zenbatekoak ere.

– Taldearen barruko harremanak.

– 3. lerroan, zer enpresarekin kontratatu den laguntza teknikoa; proiektuaren ardura edukiko duen pertsonak gaitasun tekniko nahikoa daukala frogatu beharko da. Hain zuzen ere, frogatu beharko da finantzabideak eskatzen diren proiektuaren gaiaren inguruko gaitasun teknikoa daukala edo gutxienez gai horrekin lotutako hiru proiektu garatu dituela azken bost urteetan, sektore berean zein beste batzuetan.

– Proiektuaren kostuak eta alderdi bakoitzak proiektuaren finantzaketa osoan daukan partaidetza-portzentajea.

– Nola arautuko den lankidetza diru aldetik.

– Proiektuaren plana, aurreikusitako hasiera-data eta amaitzeko epealdia.

– Helburuak lortzeko lan-metodoak, taldea eta dinamika. Talde-lanaren balioa ziurtatzeko plangintza adieraziko da, bai eta horren helburuak ere. 3. lerroan, ahalik eta balio handiena lortzeko, proiektua enpresan finkatzeko mugarriak zehaztu behar dira (ingurumen-ekintza eta lehia-ekintza emaitzak erakundean sartu direla ziurtatzeko). Proiektuaren faseak eta zereginak adieraziko dira, baita zeregin bakoitzari esleitutako baliabideak ere. Alderdi kritikoenak eta proposatutako konponbideak identifikatuko dira.

– Proiektuan parte hartzen dutenen baimena enpresa sustatzaileak (1. eta 2. lerroak) edo bitarteko eragileak (3. lerroa) dirulaguntza eskatzeko espedientea koordinatu eta izapidetu dezan haien ordezkari gisa.

Proiektua gauzatzeko akordioa taldeko kide guztien legezko ordezkariek sinatu beharko dute. Gainera, ordezkari edo ahaldun bakar izendatutako pertsonak ere sinatu beharko du akordioa. Sinadura horrek berekin ekarriko du ahalduna izatea onartzea.

Taldea ezin izango da desegin lau urte igaro arte, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 44.2 artikuluan ezartzen duen bezala.

Apartatu honetan aipatzen diren taldeetako kideek modu solidarioan erantzungo diote itzulketa-betebeharrari. Erantzukizun hori mugatuko da gauzatzea hitzeman duten diruz lagundutako jardueretara. Muga hori kide bakoitzari emandako laguntzaren zenbatekoarekin bat etorriko da, zeina emate-ebazpenean zehaztuko baita.

5.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetako bat jaso nahi duten erakundeek egunean eduki behar dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta eduki behar dituzte eskaerak aurkezteko epealdiaren barruan.

6.– Halaber, erakunde interesdunek eskaeran adierazi behar dute konpromisoa hartzen dutela dirulaguntza jasotzen duen jarduketarako behar baino finantzabide gehiago ez eskuratzeko eta enpresa ez deslokalizatzeko (deslokalizazioa zer den Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan zehazten da).

7.– Erakunde interesdunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte agindu honetan arautzen den deialdiko lerroetako laguntza bat jaso ahal izateko:

a) Pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta eta bidezko erregistroan behar bezala inskribatuta egon behar dira 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen. Gainera, zuzenbidearen arabera askietsitako ahalordeak dauzkan legezko ordezkaria eduki beharko dute.

b) Eskatzailea nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo pertsona juridiko pribatuen taldea bada, agindu honen IV. eranskinean ageri den gauzatze-akordioa bete beharko du eskaeran, eta taldeko kide guztiek sinatu beharko dute, eta ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonak ere bai.

Taldeko pertsona juridikoak legez eratuta eta bidezko erregistroan behar bezala inskribatuta egon behar dira 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen.

c) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar da, edo jarduera-zentro bat gutxienez.

d) Dirulaguntza-jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egin behar dira.

e) Dirulaguntzaren onuraduna ezin da izan krisian dagoen enpresa, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 2.18 artikuluan ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Eskakizun hori dirulaguntza eskatzen duten nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo pertsona juridiko pribatuen taldeetako kideei aplikatuko zaie.

f) Erakunde eskatzaileak eskaeran adierazi behar du laguntza hauen helburu bererako beste diru-sarrera, laguntza, dirulaguntza edo baliabide ekonomikorik eskatu dien ala ez erakunde publiko eta pribatuei, eta halakorik jaso duen ala ez. Halakorik jaso bada, erakundeak eskaeran zehaztu beharko du nork eman dion dirua, zenbat eskatu duen eta zenbat eman zaion, eta aurrekontua benetan jasotako diru-sarrerak kontuan hartuta egin beharko du.

8.– Aurreko apartatuetan adierazitako eskakizunak eskaera aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.

9.– Taldeetako kide guztiek frogatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela.

5. oinarria.– Debekuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ezingo dira dirulaguntza hauen onuradun izan egoera hauetako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Epai irmo baten bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Kausa batean errudun deklaratu eta ondorioz administrazioarekin sinatutako kontraturen bat irmoki suntsiarazi zaien pertsonak.

d) Lege hauetan arautzen diren bateraezintasun-egoeretako batean dauden pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak eta beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargudunak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.

g) Dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketa egunean ez dutenak.

h) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat jotzen den lurralde edo herrialde batean dutenak.

i) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera kendu dien zehapena jaso dutenak lege honen edo hori ezartzen duten beste lege batzuen arabera.

Zehazki, ezingo dira izan dirulaguntza onuradunak ez erakunde laguntzaileak sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapena edo zigor-zehapena ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak zehapenean ezarritako aldi osoan.

Halaber, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar eta halakorik ez duten enpresak, bai eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

j) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

k) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

2.– Halaber, hauek ere ezingo dute dirulaguntzarik jaso:

– Abenduaren 29ko 3/2004 Legeak, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituenak, finkatzen dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituztenek, betiere eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundeez bestelakoa, eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntza jasoko badu.

– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeran daudenek.

– Batzordearen erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresek. Honetatik salbu daude hondamendi natural jakin batzuen kalteak konpontzeko dirulaguntza jasotzen dutenak.

– Krisian dauden enpresek. Halakotzat joko dira krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko gidalerroetan zehazten direnak (DO C249, 2014-07-31).

– (i) arrantza eta akuikultura, (ii) nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioa edo (iii) nekazaritzako produktuan eraldatzea eta merkaturatzea sektoreko jarduera bat egiten dutenek, Batzordearen (EB) 1407/2013 Erregelamenduak, 2013ko abenduaren 18koak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoak, 1.1.c) artikuluan arautzen dituen kasuetan.

– Deslokalizazio-deklarazioa duten erakundeek, deklarazioa egin zenetik zortzi urte igaro ez badira.

3.– 3. lerroko dirulaguntza ematen zaien erakunde onuradunek inolaz ere ezin dute jaso 300.000 euro baino gehiago jaso, haren zenbatekoa aurreko hiru ekitaldi fiskaletan jasotako beste minimis laguntza batzuei gehituta, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoak, 3. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

4.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi eskatu ahal izango du aurkezteko 17. oinarriko erantzukizunpeko adierazpeneko betebeharrak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa. Halaber, erakunde onuradunak eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko du.

Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu edo informazioren bat zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik. Gainera, bidezko erantzukizun penalak, administratiboak edo zibilak aplikatuko dira.

5.– Oinarri honen 1.e) apartatuan ezarritako inguruabarra egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–, eta organo kudeatzaileak ofizioz bilduko du inguruabar horiei buruzko informazioa, non eta interesduna aurka ez badago.

6.– Onuraduna izateko aurreko apartatuetan adierazten dena eskaera aurkezten denetik dirulaguntza likidatu arte bete beharko da. Inguruabar horietako batean dagoen kideren bat duten taldeek ezin izango dute jaso dirulaguntzarik.

6. oinarria.– Dirulaguntzarako onartuko diren proiektuak.

Dirulaguntza eskatu ondoren hasten diren proiektuek soilik jaso dira ahal izango dute dirulaguntza.

Mota hauetako proiektuetarako emango dira dirulaguntzak:

1.– Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia (1. lerroa): ekodiseinuko eta ekonomia zirkularreko erakustaldiko proiektutzat hartuko dira enpresek merkatuan edo fabrikan konponbide berri, frogatu eta bideragarri bat jartzera bideratutakoak, honako hauen bidez:

– Ekipoak, produktuak edo materialak ekodiseinatzea. Bizi-zikloa azterturik, ikusi beharko da ingurumen-aztarna murriztu egiten dela aurreko beste alternatiba edo eredu batzuen aldean. Proiektua ekodiseinu gisakoa definitzen bada, produktua/zerbitzua diseinatzeko eta garatzeko orduan ingurumenaren gaia ere bildu beharko du, eta bizi-zikloaren analisiaren metodologietan oinarritu beharko du (BZA), analisi-prozesuan UNE-EN ISO 14040 eta 14044:2006 arauak betez, konponbide jasangarririk onena ziurtatzeko. Produktuaren ingurumen-informazioa zehazteak ez du berez ekodiseinu-proiektua denik esan nahi (bizi-zikloaren analisiak, LCC, ingurumen-aitorpenak, aztarnak, eta abar).

– Proba pilotuen bidez frogatzea (izan daiteke industriara igaro aurretik edo industriara igarota) ingurumen-aztarnaren hobekuntza, hau da, materialak ahalik eta gutxiena kontsumitzeko, xahutzea prebenitzeko eta materialon ahalik eta baliorik handiena berreskuratzeko konponbideak bideragarriak direla ekonomikoki, teknikoki eta ingurumenaren aldetik, bai eta produktuen eta osagaien bizi-zikloa luzatzeko konponbideak ere.

2.– Ekoberrikuntza estrategikoa (2. lerroa): Ekoberrikuntza estrategikoko proiektutzat hartuko dira ekonomia zirkularreko eta baliabideen efizientziarako Europako politika-tresna bati erantzuten dion eta EAEn merkatu-aukera bat sortzen duen konponbide ekoberritzailea garatzea helburu duten proiektuak. Proiektuak estrategikoa izan beharko du enpresa sustatzailearentzat, eta euskal balio-katea ere inplikatu beharko du, aktiboki. Lehenengo lerroaren aldean, bigarren hau ez dago hura bezain aurreratua edo heldua (TRL), eta balio-katean lankidetza handiagoa behar du.

1. eta 2. lerroetan eskatu beharreko proiektuen tipologia I. eranskineko dokumentuan dago zehaztuta: «2026ko lehentasunezko eremuak ekodiseinuko, ekonomia zirkularreko erakustaldiko eta ekoberrikuntza estrategikoko proiektuetarako».

3.– ETE zirkularra (3. ildoa): Diruz laguntzeko moduko proiektutzat hartuko dira enpresa txiki eta ertainetan ekonomia zirkularreko metodoak eta jarduerak aplikatzea bultzatzera bideratutako proiektuak, talde-proiektuen bidez, bitarteko eragile batek koordinatuta. Horrela, enpresen arteko elkarlanak merkatu-tresnen aplikazio indibidualarekin konbinatzen dira, eta EAEko industriaren sektore-posizionamendurako balio-gehikuntza efizienteagoa da.

Lerro honetako dirulaguntzekin Euskadiren egungo erronketarako tresnak eta metodologiak aplikatzea finantzatuko da, baldintza hauek betez gero:

• ETEetan aplikatzeko pentsatuta edo egokituta egon behar dira.

• Irisgarriak, irekiak eta doakoak izan behar dira, eta, ahal dela, kasuan kasuko arloan erreferentziazkoa den erakunde batek baliozkotu behar ditu.

• Maila operatiboan ezagunak izan behar dira, baina berritzaileak Euskadirako.

• Trantsizio zirkularrerako ekintza praktikoa bultzatu behar dute (batez ere material, prozesu edo zerbitzu zirkularragoak), zuzenean aplikatuz edo enpresak proiektua amaitutakoan bere gain hartu beharreko berariazko lan-plan baten bidez (baliabideak eta epealdiak).

Proiektuetan talde-lana eta ikaskuntza enpresa bakoitzeko banakako lanarekin uztartu beharko dira, eta emaitza zehatz bat eman beharko dute parte hartzen duten enpresek praktika zirkularragoak egin ditzaten.

Proiektu hauetarako lehentasunezko gai-eremuak II. eranskinean zehazten dira.

7. oinarria.– Diruz lagunduko diren proiektuen baldintzak eta ezaugarriak.

1.– 1. lerroko (Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia) eta 2. lerroko (Ekoberrikuntza estrategikoa) proiektuetarako baldintza eta ezaugarri hauek ezartzen dira:

a) Proiektu guztietan bizi-zikloaren azterketa (BZA) egin beharko da, proiektuaren ondoriozko ingurumen hobekuntzak baloratzeko:

– Ekodiseinuko proiektuetan (1. edo 2. lerroa) BZA ISO 14040 eta 14044 arauei jarraikiz egin behar da. BZAri esker jakin ahal izango da hobekuntza nolakoa izango den aurreko beste aukera edo ereduen aldean bizi-zikloaren ikuspuntutik.

– Gainerako proiektuetan gutxienez BZA erraztua egin behar da, proiektuaren ingurumen-hobekuntza potentzialaren berri jakiteko eta kargak bizi-zikloko fase batetik beste batera ez pasatzeko. Horretarako Ihoberen «Climate & Circularity Calculator» tresna erabiltzea gomendatzen da: https://www.ihobe.eus/climate-circularity. Tresna horrek datu-base mugatua dauka, erakunde onuradunek eskatuta handitu daitekeena Basque Circular Hub-en karakterizazio-faktoreak garatzeko zerbitzuaren bidez. Beste tresnaren bat erabiliz gero, zein den zehaztu beharko da.

b) Proiektuen lana justifikatzeko memoria teknikoan aurreikusitako emaitzen eta ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen gaineko eraginen zenbatespena agertu behar da, proiektua ixten denekoa eta ondoko 3 urteetakoa, edo, bestela, berretsitako emaitzak, III. eranskinean ezarritako jarraibideen arabera. Enpresa sustatzaileak edo taldeko erakunde eskatzaileak informazio hori prestatu beharko du eta epealdiaren barruan eta behar bezala aurkeztu beharko du.

c) Dirulaguntza eskatzen den proiektua Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluko ikerketa eta garapenekoa bada eta bertan zenbait erakundek lankidetzan jardun behar badute, enpresa bakoitzak ezin du bere kabuz ordaindu dirulaguntza-gastuen % 70 baino gehiago.

Dirulaguntza eskatzen den proiektuan ikerketa eta zabalkundeko erakunde batekin edo batzuekin jardun behar bada lankidetzan, horiek dirulaguntza-gastuen % 10 ordaindu behar dituzte gutxienez, beren ikerketen emaitzak argitaratzeko eskubidea eduki behar dute eta lankidetza egiazkoa izan behar da (ez da aski azpikontratatzea).

2.– 3. lerroko (ETE zirkularra) dirulaguntzak EAEko enpresa txikietan eta ertainetan ekonomia zirkularreko estrategiak aplikatzeko emango dira.

a) Proiektu bakoitza gutxienez 5 ETE dauden talde batek egin behar du, bitarteko eragile batek koordinatuta.

b) Proiektuak Europako Batzordearen politika zirkularreko tresna zehatz bati erantzun beharko dio (preskriptorea edo ingurumen-eragilea) eta enpresa parte-hartzaileen lehiakortasunean eragin positiboa duela egiaztatu beharko du objektiboki.

c) Parte hartzen duen ETE bakoitzak ainguratze-mugarri bat zehaztuko du, proiektuan lortutako emaitzak antolamenduan integratzen direla ziurtatzeko. Horrela, egindako lanaren erabilgarritasuna eta jarraitasuna sendotuko dira eta horri esker aukera zirkular berriak identifikatu ahal izango dira aurrera egin ahal izango da ekonomia zirkularra eta neutraltasun klimatikoa lortzeko Euskadin.

d) Horrez gain, entitate parte-hartzaileek mugarri bat edo entregagai aurreratu bat proposatu ahal izango dute (adibidez: proiektu zirkular bat aurkeztea dirulaguntza-programa batera, hirugarren alderdiak tresna egiaztatzea edo ziurtagiri espezifiko bat lortzea); horrek ere finantzaketa jaso ahalko du.

e) Taldeko lana kontzeptuak eta ideiak argitzera, kontrasteak eta gogoetak egitera eta oztopoak azaltzera, ikuspegiak eta esperientziak partekatzera bideratuta egongo da, enpresa parte-hartzaileen artean sinergiak sortuz eta emaitzak partekatuz, proiektua aberastuz eta banakako lanarekiko balio bereizgarria emanez. Betiere enpresa parte-hartzaile bakoitzaren banakako informazioaren konfidentzialtasuna ziurtatuko da.

Gutxienez talde-bilera bat egingo da proiektuko fase bakoitzean. Talde-bilera bakoitzean eguneko aztergaien zerrenda eta helburu zehatzak egongo dira.

f) Enpresen eta aplikaziorako ingurumen-preskriptoreen heldutasunaren arabera, proiektuaren ikuspegia sektoriala, balio-katekoa edo zeharkakoa izan daiteke, eta beharrezkoa izango da 6.3 oinarrian zehazten diren ezaugarriak dituen lan-tresna edo -metodoa edukitzea, bai eta aplikatzeko ezagutza frogagarria duen laguntza teknikoa ere.

g) Proiektua eskatzen duen erakunde sustatzaileak bitarteko eragile bat izan behar du. Bitarteko eragilearen jarduketa-eremuko enpresek zein horren eremutik kanpokoek parte hartu ahal izango dute proiektuetan.

h) Bitarteko eragile batzuek proiektu bera bultzatzen lagundu ahal izango dute. Formalki, horietako batek bakarrik jardungo du solaskide gisa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrean, baina bien kanpo-irudia maila berean mantendu ahal izango da proiektuaren sustatzaile gisa.

i) Bitarteko eragile bakoitzak (proiektuaren liderra zein laguntzailea) gehienez ere bi proiektutarako dirulaguntzak jaso ditzake deialdiko, baina proiektuak ezin dira izan mota berekoak.

j) Enpresa txikiek eta ertainek proiektu bakar baterako dirulaguntza jaso ahal izango dute deialdi bakoitzean.

8. oinarria.– Dirulaguntzarako onartuko diren gastuak.

1.– 1. lerroan (Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia) eta 2. lerroan (Ekoberrikuntza estrategikoa) honako gastu hauek onartuko dira dirulaguntzarako:

a) Proiektuko enpresa sustatzailearen eta enpresa bazkideen langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak, eta gainerako langileenak, baldin eta entitate eskatzailearen langileak badira), betiere proiektuaren xedeak betetzeaz arduratzen diren neurrian. Langileen kostu zuzenak bakarrik joko dira halakotzat. Memoria ekonomikoan zehazten dira diruz lagundu daitezkeen langileen kostuen tipologia. Langileen gastu horien aurreikusitako zenbatekoa proiektu osoaren finantzaketaren % 70 baino gutxiago izango da. Portzentaje-muga hori proiektu osoari aplikatuko zaio, ez proiektuan parte hartzen duen bazkide bakoitzaren langile-kostuei. Aitortutako eta justifikatutako kostu unitarioa, gehienez ere, 70 euro/orduko izango da.

b) Prototipoaren edo proiektuaren kanpoko saiakuntza teknikoen kostuak, enpresak produktuaren edo materialaren kalitatea, prestazioak, errendimendu teknikoa eta ingurumen-errendimendua eta abar egiaztatzeko aldizka egiten dituen probak alde batera utzita. Kostu mota horretan, honako hauek sar litezke: saiakuntzak (testak, neurketak eta analisiak) eta horien kalkulua, modelizazioa edo balioespena, bai eta proiektuaren helburuak betetzera bideratutako estandar tekniko normalizatuak berresten dituzten probak egitea ere, bereziki produktuen iraunkortasunarekin, konpongarritasunarekin eta birziklagarritasunarekin lotutakoak, Europako normalizazio-erakundeek arlo horretan egiten dituzten aurrerapenen arabera.

c) Enpresa sustatzailearen edo enpresa bazkideen materialen eta ustiaketa-horniduren kostuak, esaterako proiektuaren jardueraren zuzeneko emaitza gisa hartutako proben prototipoak egiteari dagozkionak.

d) Gastu gehigarrien kostuak; adibidez, soilik proiektuarekin zerikusia duten lekualdaketetarako edo probak gauzatzeko materialak edo ekipamenduak bidaltzeko gastuak.

e) Kanpo-aholkularitzaren edo adituen laguntzaren kostuak. Mota honen barruan daude proiektuaren atal oso espezializatuak egiteko hirugarrenak eta ezagutza teknikoak kontratatzeak eragiten dituen kostuak, esaterako bizi-zikloaren analisiak eragiten dituenak. Finantzagarriak dira orobat proiektuko administrazio-gaiak kudeatzeko zerbitzuen kostuak, bai eta, bideragarritasun komertzialaren analisien kasuan, «business cases» edo antolaketa-metodo eta -protokolo berriak egitea ere.

Adituen laguntzaren kostu horiek ezingo dute gainditu dirulaguntzaren xede den jardueraren kostu guztien % 60.

f) Proiektuaren jarduerarako bakarrik erabilitako tresnen eta ekipoen kostuak. Ekipoen alokairu- edo leasing-kostuak, proiektuaren helburuak betetzeko ezinbestekoa den prototipoa fabrikatzeko kostuak, edo proiektuak irauten duen bitartean jarduera berritzailerako esklusiboki eta etengabe erabilitako ekipamendua eta tresnak amortizatzeko kostuak, non eta ez diren dohainik lagata lortu.

2.– 3. lerroan (ETE Zirkularra) honako gastu hauek onartuko dira dirulaguntzarako:

a) Proiektua sustatu duen bitarteko eragilearen langile-kostuak. Honako hauek sartzen dira:

– Proiektuaren diseinua, zer ingurumen-politikako ekimeni erantzuten dien zehaztuta, baita enpresa parte-hartzaileek zer emaitza zehatz lortuko dituzten zehaztuta ere.

– Ekimenaren sustapena eta hedapena, baita parte hartuko duten enpresak erakartzea ere.

– Parte hartzen duten enpresei laguntza teknikoa emateko hornitzaileen lizitazio- eta balorazio-prozesua.

– Proiektua dinamizatzea, kudeatzea eta ikuskatzea, interes berezia eskainiz partekatzeko espazioak sustatzeko, enpresen artean egon daitezkeen sinergiak identifikatzeko eta proiektua aberasteko.

– Proiektua eta haren emaitzak dokumentu argitaragarri baten bidez zabaltzea (eta emaitzen azken txosteneko «Emaitzen fitxa» atalaren arabera), eta proiektua amaitutakoan bilera bat egitea lortutako emaitzen berri emateko.

– Inplikatutako eragileekin egiten diren koordinazio-bileretara joatea, bai eta azken bateratzea ere, ETE zirkularra ekimena baloratzeko eta hobekuntzak proposatzeko.

– Proiektuaren kudeaketa tekniko-administratiboa eta proiektuaren azken justifikazioa.

Bitarteko eragileak aitortu eta justifikatutako ordu-kostua ezin izango da orduko 50 eurotik gorakoa izan.

b) Hirugarrenak kontratatzeko kostuak:

– Euskarri teknikoa eta proiektua lantaldean ezartzeko laguntza tekniko espezializatuak.

– Ainguratze-mugarri aurreraturako laguntza teknikoaren kostu gehigarriak; esate baterako:

• proiektu berritzaile bat prestatzea, ETE zirkularra ez den beste dirulaguntzen programa batzuetan (EAEkoa, estatukoa, Europakoa) aurkezteko, lantaldearen emaitza gisa.

• analisiak edo laborategiko proba teknikoak egitea, emandako konponbide berrien bideragarritasun teknikoa egiaztatzeko, behar denean, eta proiektuaren arrakasta bermatzeko.

• ezarritako metodologia egiaztatzea edo ziurtatzea.

3.– Honako gastu hauek ez dira onartuko dirulaguntzarako:

– Zeharkako zergak, berreskuratu edo konpentsatu ahal badira. Zergak dirulaguntzarako gastutzat onartuko dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu (frogatu egin beharko da).

– Softwarea eta makinak erostea.

– Aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak.

– Sustapen, publizitate eta marketineko materiala sortzea (1. eta 2. lerroetan soilik).

– Merkataritzako webguneak, plataformak eta softwarea egitea.

– Lurrak eskuratzeari dagozkion kostuak.

– Dirulaguntza-eskaera aurkeztu aurreko kostu guztiak.

– Banku-kontuen interes zordunak.

– Interesak, gainordainak eta zehapen administratibo eta penalak.

– Prozedura judizialetako gastuak.

4.– Dirulaguntza-gastuei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatzen zaie.

9. oinarria.– Proiektuak gauzatzeko epealdia eta luzapenak.

1.– Dirulaguntzak pizgarri izan daitezela bermatzeko, dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa da proiektua eskaera aurkeztu ondoren eta 2026ko ekitaldia amaitu aurretik hastea.

2.– Proiektuak gauzatzeko gehieneko epealdia (oinarri honen 4. apartatuan xedatzen denaren arabera ematen diren luzapenak barne) honako hau izango da:

– 1. lerroa (Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia): 2027ko urriaren 31ra arte.

– 2. lerroa (Ekoberrikuntza estrategikoa): 2028ko urriaren 31ra arte.

– 3. lerroa (ETE zirkularra): 2027ko urriaren 31ra arte.

3.– Proiektua gauzatzeko epealdia enpresa sustatzaileak ezarriko du, berrikuntza-prozesuaren ondoriozko desbideratze posibleak kontuan hartuta; nolanahi ere, aurreko apartatuan proiektuak gauzatzeko ezarritako gehieneko epealdia errespetatu beharko da.

4.– Dirulaguntzaren xede den proiektuaren baldintza espezifikoekin lotutako eta behar bezala justifikatutako arrazoiak direla eta, pertsona onuradunak, ezarritako gauzatze-epealdia amaitu baino lehen, eta gutxienez hilabete lehenago, xedatutako epealdia luzatzeko eskatu ahal izango du. Luzapenaren iraupena ezin da izan eskaeran zehaztutako gauzatze-epealdiaren erdia baino luzeagoa. Luzapen-eskaera Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko Sailburuordetzara bidali beharko da egoitza elektronikoko helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Luzapen-eskaeraren ebazpena hasieran proiektua gauzatzeko emandako epealdia amaitu baino lehen eman beharko da. Luzapen-eskaera ez bada ebazten hasieran emandako epealdia amaitu baino lehen edo eskaera aurkeztu ondoko hiru hiletan, interesdunak ezetsitzat jo ahal izango du.

10. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatzea.

1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala onuradun ez diren hirugarrenekin kontratatu ahalko du onuradunak. Proiektua gauzatzeko azpikontratazioak ezingo ditu honako muga hauek gainditu:

1. eta 2. lerroetan, diruz lagundutako jardueraren % 60 gehienez.

3. lerroan, hirugarrenekin egiten diren kontratazioen portzentajea diruz lagundutako jardueraren % 100 izan daiteke.

2.– Dirulaguntzarako onartzen den gastuaren zenbatekoa sektore publikoko kontratazioari buruzko araudian (9/2017 Legea, azaroaren 8koa, sektore publikoko kontratuena) kontratu txikietarako ezarritakoa (14.999,00 euro, BEZik gabe, zerbitzuak eta hornidurak) baino gehiago bada eta hirugarrenekin kontratatzeak eragiten badu, pertsona onuradunak hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu gutxienez zerbitzua egin edo ondasuna eman aurretik, honako kasu hauetan izan ezik: zerbitzuaren edo ondasunaren ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan egiten edo ematen duten hiru erakunde ez daudenean; gastua dirulaguntza eman aurretik egiten denean.

Eskaintzak justifikazioan edo dirulaguntzaren eskaeran sartu behar dira. Haien artean hautatzeko efizientzia eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira. Eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, berariazko memoria batean azaldu beharko da hautapena.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea eta aurkezten ez badira edo eskaintzarik merkeena hautatzen bada, behar bezala justifikatu gabe, organo emaileak ondasunaren edo zerbitzuaren peritu-tasazioa egiteko eskatu ahal izango du, eta horrek eragiten dituen gastuak onuradunak ordaindu beharko ditu. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.

3.– Hirugarrenekin azpikontratatutako jardueraren balioa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 baino gehiago bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioan baldintza hauek bete beharko dira:

a) Kontratua idatziz egin behar da.

b) Dirulaguntza ematen duen organoak kontratua sinatzeko baimena eman behar du aurretik laguntzaren espediente elektronikoari atxikitako eskaeraren bidez.

c) Nolanahi ere, berariazko erabakirik ez hartzeak baimena ukatzea dakar.

4.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta aurreko apartatuko betekizunak betetzea saihesteko.

5.– Kontratistak onuradunaren mende soilik egongo dira, eta onuradun horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

6.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da zaintzea agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla diruz lagundu daitekeen jarduera itundua egikaritzean, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

7.– Onuradunek inola ere ezingo dute honako hauekin hitzarmenik egin diruz lagundutako jarduera osoa edo haren zati bat gauzatzeko:

a) Agindu honetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako bat ezarrita duten pertsona fisiko edo juridikoekin.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoekin.

c) Bitartekariekin edo eragiketaren kostu osoaren ehuneko bat ordaintzen zaienekin, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoekin, honako kasu hauetan izan ezik:

– Aurretik dirulaguntza ematen duen organoaren baimena ematen duenean.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa ez denean lotutako erakundeak egindako kostua baino gehiago. Kostua justifikazioan egiaztatuko da onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako modu berean.

– Deialdi edo programa berean dirulaguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako dirulaguntzarik gabe geratu diren pertsonekin edo erakundeekin.

8.– Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.8 artikuluan jasotzen diren inguruabarretakoren bat betetzen bada.

9.– Honako kasu hauetan ezin izango da hirugarrenik kontratatu diruz lagundutako jardueraren zati bat egiteko:

– Hirugarrena nortasun juridiko propioa duten erakundea denean, administrazio publiko baten mendekoa edo administrazio publiko batekin lotua.

– Hirugarrenak dirulaguntza eskatzen duen erakundean zuzenean edo zeharka % 25eko edo horik gorako partaidetza ekonomikoa daukanean, edo haren gobernu-organoetan erabakitzeko ahalmena daukanean.

– 3. lerroan, hirugarrena bitarteko eragilea denean, agindu honen 2. oinarrian zehazten denaren arabera.

11. oinarria.– Dirulaguntzen izaera eta emateko prozedura.

Ematen diren dirulaguntzak ez dira itzuli beharko. Deialdiko dirulaguntza-lerro bakoitzeko dirulaguntzak norgehiagoka emango dira, lehiaketa bidez: 19. oinarrian ezartzen diren irizpideen aplikazioaren ondoriozko balorazioaren araberako lehentasun-ordenan emango dira dirulaguntzak, hau da, puntuazioaren araberako ordenan, esleitutako zuzkidura ekonomikoa amaitu arte.

12. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta intentsitatea.

1.– Proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntzen mugak, diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontu onartuen gainean, gehieneko zenbateko hauetara iritsi ahal izango dira, dirulaguntzaren lerroaren arabera:

a) 1. lerroa. Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia: 30.000 euro proiektuko.

b) 2. lerroa. Ekoberrikuntza estrategikoa: 150.000 euro proiektuko.

c) 3. lerroa. ETE zirkularra: 100.000 euro proiektuko.

– Proiektua sustatu duen bitarteko eragilearen jardueren kasuan, finantzatuko den gehieneko zenbatekoa 15.000 euro izango da proiektu bakoitzeko.

– Laguntza tekniko espezializatua kontratatzeko gehieneko zenbatekoa 15.000 euro izango da, gehienez, proiektuan parte hartzen duen ETE bakoitzeko.

– Enpresak ainguratze-mugarri aurreratuaren konpromisoa hartzen badu, finantzatu beharreko gehieneko zenbatekoa 2.000 euro handituko da ETE bakoitzeko.

2.– Dirulaguntzen intentsitatea honako hau izango da:

a) 1. eta 2. lerroak –Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia eta Ekoberrikuntza estrategikoa–: laguntzaren intentsitatea % 25ekoa da, baina, garapen esperimentalerako irizpideen arabera, enpresa txikientzat, hauta daitezkeen kostuen gehienez ere % 60 izan daiteke; ertainentzat, % 50; eta, handientzat, % 40 (Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko 25.5.c eta 25.6 artikuluetan datoz irizpide horiek). Onartutako proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza kalkulatzeko, lehen aipatutako apartatuetan (25.5.c eta 25.6) aurreikusitako dirulaguntzarik handiena aplikatuko zaio proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuari.

b) 2. lerroan, Ekoberrikuntza estrategikoan, lortutako azken dirulaguntzaren gehieneko ehuneko hartzekoduna ezartzen da, proiektuaren bikaintasun-mailaren arabera. Horrela, eta oinarri honetan zehaztutako dirulaguntzaren gehieneko intentsitatearen irizpidea aplikatu ondoren, emaitzazko zenbatekoari aplika dakiokeen zuzenketa-faktore bat ezartzen da proiektuen kalitatearen arabera. Honatx puntuazio-tarteak:

– 100-86 puntu. Zuzenketa-faktorea: 1.

– 85-79 puntu. Zuzenketa-faktorea: 0,90.

– 78-72 puntu. Zuzenketa-faktorea: 0,80.

– 71-65 puntu. Zuzenketa-faktorea: 0,70.

c) 3. lerroa. ETE zirkularra: Bitarteko eragileen eta parte hartzen duten enpresen dirulaguntzen intentsitatea % 100ekoa izan daiteke. Dirulaguntzei Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua aplikatuko zaie, Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzak aplikatzeari buruzkoa.

13. oinarria.– Dirulaguntzen bateragarritasunak eta dirulaguntzak metatzea.

1.– 1. eta 2. lerroetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira proiektu edo jarduketa bererako beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta laguntza-neurri horiek diruz laguntzekoak diren beste kostu batzuei buruzkoak badira edo, diruz laguntzekoak diren kostuen berdinak –osorik edo partez– izanda ere dirulaguntzen baturak ez badu gainditzen Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera eman daitekeen laguntzaren intentsitatea edo diru-zenbateko handiena.

Baldin eta Batasunaren finantzaketa –Batasuneko erakundeek, agentziek, enpresa erkideek edo beste organo batzuek zentralki kudeatua eta estatu kidearen zuzeneko edo zeharkako kontrolik gabea– Estatuko laguntzekin konbinatzen bada, azken horiek soilik hartuko dira kontuan jakinarazpen-atalaseak eta gehieneko laguntza-intentsitateak errespetatzen diren zehazteko, betiere diruz laguntzekoak diren kostu berberetarako emandako finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoak ez baditu gainditzen Europako araudi aplikagarrian ezarritako gehieneko finantzaketa-ehunekoak.

Aurreko apartatuan adierazitakoa baloratze aldera, eskatzaileek beste erakunde batzuei eskatutako edo beste erakunde batzuek esleitutako dirulaguntzak aitortu beharko dituzte eskabidea egiteko unean (esaterako, SPRIren programak, aldundietakoak, eta abar), bai xede bereko proiektuei eta bai xede horrekiko lotura duten edo beste eskabide edo esleipen batekin proiektuaren zati direnei dagokienez. Azken kasu horretan proiektuen osagarritasuna, bikoizketak eta bat-etortzea azaldu beharko dituzte.

2.– 3. lerroko dirulaguntzak (ETE zirkularra) beste laguntza batzuekin metatu ahal izango dira, baldin eta Dirulaguntzei Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduak, Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzak aplikatzeari buruzkoak, 5. artikuluan ezartzen duena betetzen bada. Hori egiaztatzeko, lerro honetako dirulaguntza eskatzen duten erakunde guztiek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jaso dituzten minimis dirulaguntzen zerrenda aurkeztu beharko dute, honako datu hauek zehaztuta: dirulaguntza noiz eman den, zer erakundek eman duen, dirulaguntzaren programa eta zenbatekoa. Gainera, ebazteko dauden eskaeren berri ere eman beharko dute.

3.– Dirulaguntza beste diru-sarrera batzuekin bateragarria dela onartu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak eskaeran adieraziko du diruz lagundutako jardueren eta jarduketen gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa.

14. oinarria.– Organo kudeatzailea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.

15. oinarria.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honen ondorioetarako, Ihobe SA izango da erakunde laguntzailea, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezartzen denari jarraikiz. Horretarako lankidetza-hitzarmena egingo da.

2.– Ihobe SAk eginkizun hauek edukiko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Dirulaguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta eskakizunak betetzen diren egiaztatzea.

c) Laguntzari berariaz uko egiteko eskaerak aztertzea.

d) Jardueren eta proiektuen ebaluazioari buruzko txosten teknikoa egitea eta balorazio batzordeari bidaltzea.

c) 18. oinarrian adierazitako balorazio batzordeari laguntzea eskaerak aztertzen eta ebaluatzen 19. oinarrian ezarritako adjudikazio-irizpideen arabera.

f) Jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak exekutatzeko eskakizunak betetzen jarraitzen duten egiaztatzeko.

g) Erakunde onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez aztertzea.

h) Dirulaguntzak ordaindu aurretik, erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintzak egin dituztela eta ekintzen kostua frogatzen duten egiaztagiriak aztertzea.

i) Ordaintzea proposatzea.

g) Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari proposatzea dirulaguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, erakunde onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

k) Proiektuen emaitzak sustatzea, horiek ikusarazteko eta ikaskuntzak beste enpresa eta erakunde batzuei transferitzeko.

l) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

m) Deialdi hau kudeatzeko lanetan Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Trantsizio Energetikoko Sailburuordetzak egiten dituen egiaztatze-jarduketa guztiak onartzea.

n) Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian ezartzen direnak ere.

16. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epealdia eta modua.

1.– Eskaerak agindu hau EHAAn argitaratu ondoko egunetik 2026ko martxoaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen III. kapituluaren II. tituluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan dago (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez eskaera-inprimakia eskuratu daiteke eta ondoko izapide guztiak egin daitezke, jakinarazpenak eta justifikazioak barne):

https://www.euskadi.eus/servicios/1222303 (castellano).

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1222303 (euskara).

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Eskaera ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Halaber, eskatzaileak hirugarrenen erregistro elektronikoan alta eman beharko du edo bere datuak aldatu beharko ditu; hona helbidea: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

4.– Eskaera bakarra aurkeztu beharko da, beteta, erakunde eskatzaileak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena daukan pertsonaren sinadura onartuarekin, eta eskaerarekin batera hurrengo oinarrian aipatzen diren agiriak ere bai, euskarri gisa.

Eskaera nortasun juridikorik gabeko talde batek egiten badu, proiektua gauzatzeko konpromisoa aurkeztu beharko da, eskaera egingo duen eta dirulaguntza-funtsak jasoko dituen taldeko erakundearen izendapena egiaztatzeko. Izendatutako erakundearen legezko ordezkariak egin beharko du eskaera.

5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskaera eta beharrezko agiriak. Era berean, dirulaguntza-eskaerak eragiten dituen jarduketetan eta prozedura osoan erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.

6.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak dagoeneko badituen indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskaeran adierazi beharko da agiriok noiz eta zer organotan aurkeztu ziren.

7.– Eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituen ala ez. Hala ere, eskatzaileak zuzeneko egiaztapen hori ukatu ahal izango du. Hori eginez gero, betebehar horiek betetzeko dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.

8.– Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago jaso ahal izateko, helbide honetara jo:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/094000-capa2-eu.shtml

Datuen arduraduna Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Ekonomia Zirkularraren zuzendaria da, eta haren aurrean erabili ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

17. oinarria.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– 1. lerroa (Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia) eta 2. lerroa (Ekoberrikuntza estrategikoa). Eskaera guztiekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira nahitaez, kasuan kasuko gidalerroei eta formatu espezifikoari jarraikiz:

– Memoria teknikoa, finantzaketaren xede den lerroari dagokion ereduaren araberakoa.

– Memoria ekonomikoa, finantzaketa eskatu den lerroari dagokion ereduaren araberakoa. Proiektuarekin lotutako dirulaguntza-gastu guztiak adierazi beharko dira, agindu honen eta 8. oinarrian ezartzen den bezala.

Agindu honen eranskinaren 8. eta 12. oinarrietan arautzen diren kostu hautagarriak eta mugak adieraziko dira aurrekontuan, parte hartzen den finantzaketa-lerroaren arabera. Era berean, proiektuaren guztirako kostuen taula egingo da. Proiektuaren esparruan aurreikusitako gastu bakoitzaren deskribapena ere adieraziko da. Langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaeretan, aurreko apartatuan adierazitako moduan egindako taldearen aurrekontuaz gain, taldekide bakoitzak gauzatzeko konpromisoa hartu duen proiektu zatiaren kostuei buruzko informazioa adieraziko da (aurreko paragrafoan aipatutakoa).

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaeretan honako hauek sartu behar dira taldekide bakoitzeko:

– Kide bakoitzak gauzatuko duen proiektu zatiaren kostuen taula, kostu hautagarriak eta agindu honen 12. oinarrian ezarritako mugak kontuan hartuta.

– Kide bakoitzak gauzatuko duen jardueraren kostu orokorren taula.

– Proiektuaren esparruan aurreikusitako gastu bakoitzaren deskribapena.

– Era berean, langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.

– Behar denean, hirugarrena kontratatzeko dokumentua.

– 50 langiletik gorako enpresek Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistro eta Gordailuan berdintasun-plana inskribatuta dagoela frogatzen duen dokumentua aurkeztu behar dute, Estatuko araudiaren arabera beharrezkoa baita dirulaguntzak jasotzeko.

– Taldeek proiektua gauzatzeko akordioa aurkeztu behar dute, 4. oinarrian ezartzen denaren arabera.

– Eskatzailea enpresa ETEa bada, hori frogatzen duen dokumentazioa (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota; horiek guztiak laguntza eskatu aurreko bi ekitaldiei buruzkoak.

2.– 3. lerroa (ETE zirkularra). Eskaera bakoitzarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira nahitaez, kasuan kasuko gidalerroei eta formatu espezifikoari jarraikiz:

– Memoria teknikoa (3. lerrorako ezarritako ereduaren araberakoa). Atal guztiak landu behar dira, proiektuan parte hartuko duten ETEen zerrenda sartu behar da eta proiektua gauzatzeko kontratatutako laguntza teknikoa zehaztu behar da.

– Memoria ekonomikoa (3. lerrorako ezarritako ereduaren araberakoa). Guztirako zenbatekoa agertu behar da, parte hartzen duen eragile bakoitzaren, bitarteko eragile bakoitzaren eta laguntza teknikoen jarduketen zenbatekoak banakatuta, eta laguntza teknikoaren kostuak parte hartzen duten ETEen artean banatuta.

Agindu honen 8. eta 12. oinarrietan arautzen diren kostu hautagarriak eta mugak adieraziko dira aurrekontuan, parte hartzen den finantzaketa-lerroaren arabera. Era berean, proiektuaren guztirako kostuen taula egingo da. Proiektuaren esparruan aurreikusitako gastu bakoitzaren deskribapena ere adieraziko da. Langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaeretan, aurreko apartatuan adierazitako moduan egindako taldearen aurrekontuaz gain, taldekide bakoitzak gauzatzeko konpromisoa hartu duen proiektu zatiaren kostuei buruzko informazioa adieraziko da (aurreko paragrafoan aipatutakoa).

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaeretan honako hauek sartu behar dira taldekide bakoitzeko:

– Kide bakoitzak gauzatuko duen proiektu zatiaren kostuen taula, agindu honen 8. eta 12. oinarrietan ezarritako kostu hautagarriak eta mugak kontuan hartuta.

– Kide bakoitzak gauzatuko duen jardueraren kostu orokorren taula.

– Proiektuaren esparruan aurreikusitako gastu bakoitzaren deskribapena.

– Era berean, langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.

– Behar denean, hirugarrena kontratatzeko dokumentua.

– Parte hartzen duten enpresek eta bitarteko eragileak proiektua gauzatzeko sinatutako akordioa; bertan barne-xedapenak ezarriko dira eta gutxienez 4. oinarrian ezartzen dena jaso behar da.

3.– Erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzerako. Bitarteko eragileak zuzenduko du proiektua, taldearen lider gisa jardunez, eta proiektuaren ordezkaria izango da, abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, dirulaguntzen araubidea erregulatzekoak, 11.4 artikuluan ezartzen duen bezala. Horretarako, bere gain hartuko du proiektua garatzeko eta kudeatzeko ardura, arreta berezia jarrita talde-bilerak dinamizatzen, eta, proiektua behar bezala garatzeko, behar den guztietan hitz egingo du Administrazioarekin. Erakundearen legezko ordezkariak aurkeztuko du eskaera, eta hark eta parte hartzen duten gainerako erakundeek sinatu beharko dute.

Nolanahi ere, taldearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da, nahiko ahal daukana taldeak onuradun gisa dauzkan betebeharrak betetzeko. Taldea ezin izango da desegin harik eta abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, dirulaguntzen araubidea erregulatzekoak, 43. artikuluan xedatzen duen preskripzio-aldia igaro arte.

4.– Inbertsio berak egiteko erakunde honen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eskatu edo jasoz gero, eskaeran erakundeak eta zenbatekoak adierazi behar dira.

5.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza-operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, honako bide hauek erabiliko dira eskaera aurkezten denean:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak (edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo baliokideak) sinatua. Horrez gainera, b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera ondorioztatzen bada iristen dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen da), uztailaren 5eko 15/2010 Legeak –zeinak abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen baitu– hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioaren arabera.

Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte izango da baliozkoa.

2.– Baldin eta ezin bada egin aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria, hots, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeko dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita inolako salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak, edo, salbuespenak aurkituz gero, ez dutela eragozten apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.

Apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila irailaren 28ko 18/2022 Legean (azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan) ezartzen den ehunekoaren parekoa edo handiagoa bada (18/2022 Legea, Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzkoa).

6.– Erakunde eskatzailearen (eta kide edo parte-hartzaile guztien) erantzukizunpeko adierazpena, baldintzak betetzeari eta emandako datuen zehaztasunari buruzkoa; hau da,

– Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-agindu honen artikuluetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

– Eskaerako datu guztiak egiazkoak eta osoak direla, bai eta aurkeztutako dokumentazio guztia ere.

– Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei inbertsio berberetarako eskatu dizkien edo haiengandik jaso dituen laguntzak aitortu dituela.

– Aurkezten dituen dokumentuen egiazkotasunaren erantzukizuna bere gain hartzen duela.

– Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela.

– Konpromisoa hartzen duela aurretik adierazitakoa betetzeko, adierazpen hau aurkezten duenetik deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arteko denbora-tarte osoan.

– Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Konpromisoa hartzen duela diruz lagundutako jarduerak eta jarduketak neurriz kanpo ez finantzatzeko, dirulaguntza likidatu arteko aldian, ezertan eragotzi gabe etorkizunean xede bererako jaso ditzakeen laguntzen zenbatekoa adierazteko betebeharra.

7.– Erakunde eskatzailearen (eta kide edo parte-hartzaile guztien) erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena legezko debeku hauetako ezein ez zaiola aplikatzen:

– Ez dago epai irmo batez laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera ez izatera zigortuta edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik zigortuta.

– Ez du eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dago ezein prozeduratan kaudimengabetzat jota, ez dago konkurtsoan deklaratuta, ez dago esku-hartze judizialaren eraginpean edo ez dago desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Ez du eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak ez daude lege hauetan arautzen diren bateraezintasun-egoeretako ezeinetan: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez dira Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargudunak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.

– Zerga-egoitza ez dago erregelamenduz paradisu fiskaltzat jotzen den lurralde edo herrialde batean.

– Ez du galdu epai irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera hori xedatzen duten legeen arabera. Zehazki, ez du zehapen administratibo edo penalik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik zehapenean ezarritako aldian. Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean eduki behar badu, berdintasun-plana dauka eta, 50 langile baino gehiago edukiz gero, egiaztatu dezake ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeek ezartzen duten bezala.

– Ez dago Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutako egoeran.

– Ez du zehapenik jaso administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera; edo, zehapena jaso badu ere, behar diren zuzenketa-neurriak ezarri ditu eta zehapena ordaindu du.

– Bete du desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den lanpostu kuota edo egiaztatu du abian ipini dituela hori betetzeko neurri alternatiboak.

– Ez dago berreskuratze-agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak dirulaguntza bat legez kanpoko eta barne-merkatuarekin bateraezin deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren.

– Ez da krisian dagoen enpresa, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.

– Ez dauka dirulaguntzak jasotzeko debekurik, honako enpresa hauei ere eragiten diena: eraldatzearen, bat-egitearen edo ondorengotzaren bitartez debekua jaso duen beste enpresa baten jarraipena edo ondorengoa direla uste izan daitekeen enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla eta.

8.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi eskatu ahal izango du aurkezteko eskatzen diren baldintzak betetzen direla eta erantzukizunpeko adierazpenetan aipatzen diren debekuak ezarrita ez dituela frogatzen duten agiriak. Halaber, erakunde onuradunak eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko du.

Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu edo informazioren bat zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik. Gainera, bidezko erantzukizun penalak, administratiboak edo zibilak aplikatuko dira.

9.– Eskaerak osorik betetzen ez badira edo haiekin batera eskatutako agiriak aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari bide elektronikoz eskatuko zaio 10 egun balioduneko epealdian falta dena zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkez ditzala bide bera erabiliz. Horretaz gainera, adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezartzen den bezala.

10.– Nolanahi ere, laguntza hauek kudeatzen dituen organoak –Ekonomia Zirkularraren zuzendariak, alegia– beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko. Agindu honetan berariaz arautzen ez den guztirako Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

11. Nolanahi ere, egindako eskaera kontuan hartzeko aurkeztu beharreko gutxieneko dokumentazioa memoria tekniko eta ekonomiko osoak dira.

18. oinarria.– Eskaerak baloratuko dituen epaimahaia.

1.– Balorazio batzordeak egiteko hauek edukiko ditu:

a) Aurkeztutako eskaerak agindu honen 19. oinarrian ezarritako irizpideen arabera ebaluatzea.

b) Egindako ebaluazioaren emaitza zehazten den txostena aurkeztea organo kudeatzaileari.

Txosten horretan batzordeak adierazi behar du zer eskatzaileri uste duen eman behar zaiela dirulaguntza (datu hauek zehaztuta: eskatzailearen izena, lortutako puntuazioa, dirulaguntza jasotzen duen jarduketa eta dirulaguntzaren zenbatekoa, urteka xehatuta) eta zer eskatzaileri uste duen ukatu behar zaiela dirulaguntza (arrazoiak zehaztuta).

Gainera, txostenean agertu behar da oinarri arautzaileetan onuraduna izateko ezarritako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren 3. oinarrian finkatutako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik eskaera ezetsi eta dirulaguntza ukatu zaien eskatzaile guztien zerrenda antolatua. Zerrenda horretan deialdian ezarritako balorazio-irizpideen arabera eskaera bakoitzari emandako puntuazioa eta laguntzaren zenbateko zenbatetsia zehaztu behar dira. Azken horiei dagokienez, laguntza emateko epealdia 2026ko abenduaren 30era arte izango da, eta horretarako kontuan hartuko dira oinarrietan proiektua gauzatzeko ezartzen den gehieneko epealdia eta proiektua gauzatzeko epealdia.

c) Administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari aholkuak ematea, agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia eskaeraren balorazioa bera denean.

2.– Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta bertan badaude batzordeburua (edo beraren ordezkoa) eta gainerako kideetako bat gutxienez.

Batzordearen jardunaz apartatu honetan arautzen ez den guztirako Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

3.– Hauek izango dira batzordeko kideak:

Batzordeburua: Guillermo Allende Aranguiz.

Ordezkoa: Alberto Fernández Gonzalez.

1. batzordekidea: Nicolás García-Borreguero Uribe.

Ordezkoa: Adolfo Uriarte Villalba.

2. batzordekidea: Alexander Boto Basteguieta.

Ordezkoa: Jose María Fernández Alcalá.

3. batzordekidea, idazkari ariko dena: Salomé Cenigaonaindia.

Ordezkoa: Sara Aguado.

4.– Era berean, ekonomia zirkularraren berrikuntzaren arloan eskumen eta eginkizun garrantzitsuak dituzten erakundeetako beste aditu edo ordezkari batzuek ere laguntza eta aholkuak eman ahal izango dizkiote ebaluazio-organo horri, beharrezkotzat jotzen denean.

19. oinarria.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak honako irizpide hauen arabera emango dira, eta guztira 100 puntu lortu ahal izango dira.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Ekonomia zirkularreko ekodiseinua eta erakustaldia (1. lerroa) eta ekoberrikuntza estrategikoa (2. lerroa) lerroetan honako balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Proiektuaren izaera berritzailea (1. eta 2. lerroen pisu espezifikoa: % 15):

– Indar eragileen zaintzaren azterketa, artearen egoera eta planteatutako alternatiben aurretiazko azterketa.

– Garatu beharreko produktuak, materialak, prozesuak edo negozio-ereduak merkatuan dakarren berrikuntza.

– Konponbide berritzaile integral eta sistemiko bat garatzea, Europako politikaren «driverrei» aurrea hartzeko gai izango dena.

– 1. lerroan, soluzioaren hurbiltasuna eta heldutasuna merkatuan jartzeari dagokionez, hasierako eta amaierako TRL eta merkaturatzearen azelerazioa zenbatetsiz eta justifikatuz.

2. lerroan, abiaburua garapen ertaina izan behar da.

Ingurumen-emaitzen garrantzia (pisu espezifikoa: 1. lerroan % 15 eta 2. lerroan % 10):

– Proiektua amaitu eta hiru urte igaro ondoren, berotegi-efektuko gasetan, zuzenekoetan eta zeharkakoetan, materialen kontsumoa murriztea lortzea aurreikusten den ingurumen-hobekuntzaren zenbatespen kuantitatiboa.

– Erabilitako metodoaren fidagarritasuna eta aurkeztutako zenbatespenen garapen-maila

Lehiakortasunerako ekarpena (1. eta 2. lerroen pisu espezifikoa: % 20):

– Proiektua amaitu eta hiru urtera lortzea aurreikusten den lehiakortasun-hobekuntza potentzialaren zenbatespen kuantitatiboa.

– Aurkeztutako adierazleen bost zenbatespenak kalkulatzeko metodoaren garapen-maila eta kalitatea.

– Partzuergoko EAEko enpresentzat aurreikusitako negoziorako balioa sortzearen justifikazioa

– Eskalagarritasuna, balio-sinergien bidez etorkizunean inpaktua handitzeko aukera eta proiektu berritzaile eratorriak garatzea.

– Sustatzaileak proiektuarekin duen konpromisoaren eta lidergoaren justifikazio argia.

Proposamenaren metodologia eta koherentzia (1. eta 2. lerroen pisu espezifikoa: % 15):

– Argitasuna proiektuaren definizioan, bai eta bideragarritasun teknikoan, ekonomikoan, ingurumenekoan eta merkataritzakoan ere.

– Funtsezko entregagaiak eta proiektuaren alderdi kritikoak deskribatzea, eta plangintzan sartzen diren konponbideak planteatzea, zeregin erabakigarriak epe barruan adierazita.

– Lanaren antolaketa eta plangintza, proposatutako zereginetan aurreikusitako baliabideak eta proiektuaren helburua lortzeko koherentzia.

– Nazioarteko erreferentziako entitateetatik lortutako adituen kontratazioak eta lankidetzak, jakintzaren finkapena bizkortzea edo bideragarritasun komertziala hobetzea aurreikusten dutenak

– Eskura dauden ezagutzak eta gaitasunak, eta enpresetako sailen parte-hartzea. Proiektuan proposatutako konponbidearekin lotuta partzuergoko enpresek egindako eta justifikatutako I+G proiektuak.

– Bizi-zikloaren azterketa kalkulatzeko aurreikusitako metodoa.

Lehentasunezko eremuekiko lerrokadura (1. lerroaren pisu espezifikoa: % 25; eta 2. lerroarena: % 20):

– «Ekodiseinuko, ekonomia zirkularraren erakustaldiko eta ekoberrikuntza estrategikoko proiektuetarako euskal industriari zuzendutako laguntzen deialdietarako lehentasunezko eremuak» dokumentuan zehaztutako eremu espezifiko zehatzetako bati egindako ekarpena (1. eta 2. lerroetarako, I. eranskinean).

– Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren sektore eta lerro giltzarriei laguntzea, elikadura alde batera utzita, bai eta hondakin kopuru handiak isurtzeko konponbide berritzaileei edo industriako baliabideen eraginkortasuna optimizatzeari ere.

Proiektuak balio-katean edo beste sektore batzuetan duen eragina (1. lerroaren pisu espezifikoa: % 10; eta 2. lerroarena: % 20):

– Balio-katea proiektuan eta, ahal dela, konponbidean integratzea, argi eta garbi zehaztutako funtzioarekin, EAEko enpresentzat baliorik handiena sortuz

– Proiektuaren konponbidearen edo emaitzen garrantzia, administrazioak EAEko ingurumen-politikako tresnen hedapena hobetu ahal izan dezan

– Konponbide berritzaileak EAEko beste enpresa batzuetara transferitzeko aukera; enpresa horiek, konponbidea, proiektua amaitu eta bost urtera aplikatu ahal izango lukete.

3.– ETE zirkularrean (3. lerroa), honako balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Proiektuaren izaera berritzailea (pisu espezifikoa: % 10):

– Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: legeria berrira aurretik egokitzea, bezeroek edukiko dituzten beharrizanetara egokitzea, nahitaezkoak ez diren arauak eta estandarrak aplikatzea, etab. Gainera, Euskadin berriak diren metodoak aplikatzea ere kontuan hartuko da, hau da, proiektua aurretik finantzabiderik jaso ez duen mota batekoa izatea.

– Baldin eta eskaerako metodologiarako aurretik finantzabideak jaso baditu lerro honetan edo EAEko beste erakunde baten beste laguntza-lerro batean, azaldu beharko da zer berrikuntza dakarren proiektuak aurrekoekin alderatuta eta nola hobetuko diren emaitzak.

Ingurumen-emaitzen garrantzia (pisu espezifikoa: % 10):

– Proiektuak EAEko ingurumen-plangintzari egiten dion ekarpena, batez ere Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia 2030ari egiten diona.

Berotegi-efektuko gasak eta materialak, epe ertainera eta luzera, murrizteari dagokionez, proiektuaren ondorioz zenbatetsitako ingurumen-emaitzak.

Lehiakortasunerako ekarpena (pisu espezifikoa: % 20):

– Proiektuaren emaitzaren eta parte hartzen duten ETEentzako balioa eta lehiakortasuna lortzearen arteko hurbiltasuna (adibidez, merkatu berrirako edo bezero berrienganako irisgarritasuna, produktu berria, posizionamendu hobea, bereizketa, erosketa publikorako sarbidea).

– Proiektuaren emaitzek aukera ematea ekonomia zirkularreko ekintza berrietarako.

Helburuak lortzeko proposamenaren metodologia eta koherentzia (pisu espezifikoa: % 20):

– Argitasuna proiektuaren helburuaren definizioan (gainditu beharreko erronka edo arazoa), entregagaiak eta enpresa parte-hartzaileen ainguratze-mugarria.

– Proposatutako tresna teknikoa (gida, eskuliburua, aplikatiboa, eta abar) erantzun behar dion Europako Batzordearen tresnarekin («Ingurumen-Driverra») bat datorren, eta ETEen emaitza zehatzetarako ikuspegia.

– Lanaren antolaketa eta plangintza, proposatutako zereginetan aurreikusitako baliabideak (ardura propioak, adituak, beste kostu batzuk) eta proiektuaren helburua lortzeko koherentzia.

– ETEen (eta sektoreen) arteko sinergiak sortzeko talde-dinamika, eta bilera bakoitzerako ezarritako helburuak.

– Lortutako emaitzak ETEei eta gizarteari jakinarazteko eta helarazteko plana.

Proiektuak balio-katean edo beste sektore batzuetan duen eragina (pisu espezifikoa: % 20):

– Proiektuaren xede den ETEaren profila eta justifikazioa (sektorea, ingurumen-heldutasunaren maila, nazioartekotze-maila eta abar).

– Antzeko proiektu bat egin dezaketen ETEen guztirako kopuruaren kalkulua.

– Proiektuan parte hartzen duten ETEen kopurua.

Kostuen eraginkortasuna eta proportzionaltasuna (pisu espezifikoa: % 20):

– Kostuen banaketaren koherentzia helburuak betetzeko.

– Proposatzen diren kostuen proportzionaltasuna, bai beren artekoa, bai haien eta erakunde bakar batek antzeko proiektua egiteko edukiko lituzkeen kostuen artekoa.

– Guztirako kostua ETE parte-hartzaile bakoitzeko.

4.– Proiektuek 65 puntu lortu behar dituzte gutxienez dirulaguntza jasotzeko, irizpide guztiak batuta.

5.– 19. oinarrian ezarritako 1. eta 2. dirulaguntza-lerroetako lehentasun-irizpideez gain, EMAS Europako erregistroan inskribatuta dagoen erakunde sustatzaile batek aurkeztutako eskaerek (edo gutxienez proiektuaren aurrekontuaren heren bat duen bazkide baten partaidetza dutenek) 3 puntu gehiago lortuko dituzte, ebaluazio teknikoaren emaitza orokorraz gainera, baldin eta ebaluazio horretan artikulu honen 4. apartatuan adierazitako gutxieneko puntuazioa gainditzen bada.

6.– Bi proposamen edo gehiagok puntu kopuru bera lortuz gero, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, ezarritako hurrenkeran, berdinketa hausteko:

– Enpresak desgaitasuna duten edota gizarte-bazterketa egoeran dauden langileen ehuneko handiagoa edukitzea; berdinketaren kasuan, lehentasuna izango dute plantillan desgaitasuna duten langile finko gehiago dutenek edota gizarteratze egoeran dauden langileen kopuru handiagoa dutenek.

– Enpresako langileen artean emakume enplegatuen ehuneko handiagoa izatea.

– Zozketa, aurreko irizpideak aplikatuta berdinketa hautsi ez bada.

20. oinarria.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza da prozedura kudeatzeko eskumena duen organoa, eta ofizioz egingo ditu datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarritu eta ebazpen-proposamenak egiteko. Era berean, eskaera bakoitzean eskatutako baldintzak betetzen diren egiaztatuko du, eta horren berri emango du nahitaezko txostenean.

2.– Espedientea eta balorazio batzordearen txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Bertan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda agertu beharko da, zenbatekoa zehaztuta, eta haien ebaluazioa eta hura egiteko baliatutako balorazio-irizpideak argitu beharko dira. Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

21. oinarria.– Dirulaguntzak emateko prozeduraren ebazpena.

1.– Agindu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten eskaerak (1.1 oinarriko dirulaguntza-lerro bakoitzean) prozedura bakar batean izapidetuko dira, puntuazioaren arabera, eta Trantsizio Energetikoko sailburuordeak ebatziko ditu, Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren ebazpen-proposamena ikusita, deialdi honen 3. oinarrian esleitutako kreditua agortu arte.

Zenbait eskaerak puntuazio bera lortzen badute, dirulaguntzak 19.6 oinarrian ezartzen den hurrenkeran emango dira.

Baldin eta onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari deialdiaren esparruan eta uko horren bidez kreditu nahikoa libre geratzen bada kreditu faltagatik ukatutako eskaeretako bati gutxienez erantzuteko, organo eskudunak, jakinarazpena egiten denetik 10 egun igaro baino lehen, beste deialdi bat egin gabe, dirulaguntza beste eskatzaile bati edo batzuei ematea erabakiko du, puntuazio-ordenaren arabera.

2.– Eskaerak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epealdia sei hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Dirulaguntza emateko ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, eta bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian adjudikaziodunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak urtero argitaratu behar dira, Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Sei hilabeteko epealdian ez bada egiten apartatu honen lehen paragrafoan adierazitako jakinarazpena, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskaera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Dirulaguntzak emateko ebazpenean honako hauek agertu behar dira:

a) Dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda; onuradun bakoitzeko datu hauek adierazi behar dira: dirulaguntza jasoko duen proiektua, lortutako puntuazioa, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, behar denean, hirugarrenekin kontratatzeko baimenak.

b) Horrez gain, onuraduna taldea denean, ebazpenean honako hauek agertu behar dira: taldekideen zerrenda, kide bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak, eta nortasun kide bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

c) Eskaera ezetsi zaien pertsonen zerrenda, dirulaguntza zergatik ukatzen zaien zehaztuta. Halaber, aurrekontu-krediturik ez egoteagatik soilik ukatu direnak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta agertuko dira, oinarri honen 1. apartatuan xedatzen denaren ondorioetarako.

4.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari hilabeteko epean, baldin eta esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahalko da errekurtsoa, bi hilabeteko epean esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.

22. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluari jarraikiz, dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatu dela justifikatzeko, justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko da. Horretarako, onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute justifikazio-kontuan:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen lege-ordezkariak bere erantzukizunpean baieztatzen duena dokumentazioan emandako datuak egiazkoak direla eta gastua justifikatzeko dokumentazioa ez dela aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko.

Onuraduna taldea bada, dirulaguntzari loturiko betebeharrak betetzeko ordezkaritza daukan erakundeak aurkeztu eta sinatu beharko du erantzukizunpeko adierazpena, eskaeran aurkeztutako gauzatze-konpromisoen akordioan ezartzen denaren arabera.

2.– 1. lerroa (Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia) eta 2. lerroa (Ekoberrikuntza estrategikoa). Proiektua sustatzen duen enpresak honako hauek ere aurkeztu beharko ditu:

– «Proiektuaren amaierako memoria teknikoa», formatu librean. Bertan egindako lana deskribatuko da proiektua gauzatu dela frogatzeko. Memorian hauek sartuko dira: bilera-aktak, interes konfidentzialik gabeko entregagaiak, eta soluzio berriaren bizi-zikloaren azterketa, aurreko alternatibarekin alderatuta, ezarritako gutxienekoen eskakizunei jarraikiz.

– «Lortutako emaitzen eta proiektuan aurreikusitako eraginen azken txostena», ezarritako ereduaren arabera egina. Txosten horretan honako hauek bildu behar dira: emaitzen laburpena; proiektu teknikoaren oztopoak, alderdi kritikoak eta ikaskuntza; hurrengo urratsak; emaitzen berri emateko plana; partzuergoak nola baloratzen duen proiektua; epe ertain eta luzerako inpaktuen eta emaitzen zenbatespena; proiektuaren fitxa komunikatiboa (parte-hartzaileen sare sozialetan zabalduko da).

– Proiektuaren memoria ekonomikoa, baliagarri dagoen ereduaren arabera egina. Memorian honako hauek jasoko dira, kostu motaren arabera: onartutako gastuak, balidatutako aldaketak hala badagokio, baita benetan egindako gastuak ere. Inbertsioak eta gastuak, edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, dirulaguntza aplikatu behar den urteetan egin beharko dira eta agindu honetan ezartzen den epealdien barruan.

– Langileen kostuei dagokienez: erantzukizunpeko adierazpena edo sinatutako ordutegi-parteak, enpresa onuradun guztietako pertsona eta urte bakoitzeko proiektuan emandako orduak identifikatzeko. Ordu horietako bakoitzaren kostu unitarioa eta kostu unitario horren kalkulua, behar bezala egiaztaturik. Horrela, bi gauza ikusi ahal izango dira islaturik: sortutako guztizkoa, eta Gizarte Segurantzak enpresarentzat duen kostua.

Langile-gastuak honako hauen bidez frogatuko dira: nominak, gastu horien ordainagiriak, langile-zerrenda izenduna (LZI), kotizazioen likidazioaren ordainagiriak (KLO) eta proiektuaren aurrekontua betearazteko ekitaldietako KLOak, eta hitzartutako lanorduen kopurua frogatzen duen agiria.

– Gainerako kostuetarako: fakturak eta ordainagiriak. Fakturek Fakturazio-betebeharrak arautzeko erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan xedatutako eskakizunak bete beharko dituzte, eta, ildo horretan, honako hauek jaso beharko dituzte: jaulkitzailearen identifikazio-datuak (izena eta IFZ/IFK), faktura zein entitateren izenean egin den eta haren datuak, IFK, kontzeptua, data, fakturaren zenbakia, BEZa barne duten kontzeptuen xehetasuna (edo salbuespena), zenbatekoa eta sinadura edo zigilua. Era berean, argi eta garbi deskribatuko dituzte gastuaren kontzeptuak, proiektuko diruz lagundutako jarduerak egitearekin zuzenean lotuta egongo direnak.

Ez da fotokopiarik edo albaranik onartuko.

3.– 3. lerroa: ETE zirkularra. Proiektua sustatu duen bitarteko eragileak hauek aurkeztu beharko ditu:

– Emaitzen azken txostena, ezarritako ereduaren araberakoa, honako hauek biltzen dituena, egindako lanen irismena baloratzeko: bilera-aktak, txostenak eta entregagai guztiak. Horrekin batera proiektuaren komunikazio-memoria ere aurkeztu beharko du, honako hauek zehazten dituena: lan-metodologia, parte-hartzaileak eta lortutako emaitzak. Txostena parte-hartzaileen sare sozialetan zabalduko da.

– Proiektuaren memoria ekonomikoa, Excel formatuan. Memorian honako hauek jasoko dira, kostu motaren arabera: onartutako gastuak, balidatutako aldaketak –hala badagokio–, baita benetan egindako gastuak ere. Inbertsioak eta gastuak, edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, dirulaguntza aplikatu behar den urteetan egin beharko dira eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen den epealdien barruan. Ereduaren arabera aurkeztuko da, eta honako hauek ere jasoko ditu:

– Bitarteko eragilearen langileen kostuei dagokienez: erantzukizunpeko adierazpena edo sinatutako ordutegi-parteak, egindako jarduerak eta pertsona eta urte bakoitzeko egindako orduak identifikatuta. Ordu horietako bakoitzaren kostu unitarioa eta kostu unitario horren kalkulua, behar bezala egiaztaturik. Horrela, bi gauza ikusi ahal izango dira islaturik: sortutako guztizkoa, eta Gizarte Segurantzak enpresarentzat duen kostua.

– Gainerako kostuetarako: fakturak eta ordainagiriak. Fakturek Fakturazio-betebeharrak arautzeko erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan xedatutako eskakizunak bete beharko dituzte, eta, ildo horretan, honako hauek jaso beharko dituzte: jaulkitzailearen identifikazio-datuak (izena eta IFZ/IFK), faktura zein entitateren izenean egin den eta haren datuak, IFK, kontzeptua, data, fakturaren zenbakia, BEZa barne duten kontzeptuen xehetasuna (edo salbuespena), zenbatekoa eta sinadura edo zigilua. Era berean, argi eta garbi deskribatuko dituzte gastuaren kontzeptuak, proiektuko diruz lagundutako jarduerak egitearekin zuzenean lotuta egongo direnak.

Ez da fotokopiarik edo albaranik onartuko.

4.– Horretarako, proiektuaren azken justifikazioa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) aurkeztu beharko dute dokumentazio hori proiektua gauzatzeko epealdia amaitzen denetik hiru hilabete igaro baino lehen.

5.– Kanpo-aholkularitzarekin lotutako gastuak frogagiriak aurkezteko epealdiaren barruan bakarrik egin/fakturatu ahal izango dira.

6.– Proiektuaren gastuak (langile-gastuekin zerikusia dutenak izan ezik) egiaztatzeko, fakturen eta merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten froga-balio bereko gainerako dokumentuak erabiliko dira, eta ezinbestekoa izango da proiektua gauzatzeko onartutako jarduketak egin direla egiaztatzen duen faktura aurkeztea.

Proiektuko jarduerak beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ere finantzatu badituzte, edo eskatzailearen beraren finantzabideak ere eduki badituzte, proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda xehatua erantsiko da, zenbatekoa eta jatorria adierazita, finantzaketa-iturri bakoitzeko. Zerrenda horri gastu horien kopia erantsiko zaio.

Behar denean, dirulaguntzarako onartzen den gastuaren zenbatekoak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluari jarraikiz, onuradunak eskatu beharreko hiru aurrekontuak.

7.– Organo kudeatzaileak dirulaguntzaren justifikazio-agiriak egiaztatuko ditu, eta, horretarako, onuradunak hartarako aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du. Zuzendu daitezkeen akatsak hautematen badira aurkeztutako justifikazio-agirietan, onuradunari horren berri emango zaio, eta hamar egun balioduneko epea eman, akatsak zuzentzeko.

8.– Dokumentazioa aztertu ondoren organo kudeatzaileak proiektua gauzatzeari buruzko txostena emango du, eta bertan onuradunari likidatu beharreko zenbatekoa adieraziko da.

23. oinarria.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Administrazioak ordainketa egin ahal izateko, onuraduna administrazio honen «Hirugarrenen erregistro elektronikoan» agertu behar da.

2.– Dirulaguntza ordaintzen denean onuradunak egunean eduki beharko ditu bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Horretarako, sailak ofizioz egiaztatuko ditu inguruabar horiek, eskatzaileak eskaera aurkeztean horren kontra dagoela adierazi ez badu. Hori adierazi badu, behar diren ziurtagiriak aurkezteko eskatuko zaio.

Era berean, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izan beharko ditu. Horretarako, eskaeran aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako inguruabarrak aldatu badira, itzultzeko betebeharrak egunean dituela adierazten duen beste erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du.

3.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko zein juridikoen taldeen dirulaguntzak agindu honen IV. eranskineko akordioan ezartzen denaren arabera ordainduko zaizkie onuradunei, gero haiek taldekideen artean banatzeko.

4.– Organo kudeatzaileak erakunde onuradun bakoitzari bere dirulaguntza ordaintzeko aginduko du. Ordainketak honela egingo dira:

a) 1. lerroa. Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia: dirulaguntza-gastuak honela ordainduko dira:

– % 25, 24.1 oinarrian ezartzen den aldia dirulaguntzari berariaz uko egin gabe igaro ondoren.

– Gainerako % 75, frogagiriak aurkeztu eta baliozkotu ondoren.

b) 2. lerroa. Ekoberrikuntza estrategikoa: dirulaguntza-gastuak honela ordainduko dira:

– % 35, 24.1 oinarrian ezartzen den aldian berariaz uko egin ezean.

– Gainerako % 65, frogagiriak aurkeztu eta baliozkotu ondoren.

c) 3. lerroa. ETE zirkularra: dirulaguntza-gastuak honela ordainduko dira:

– % 36, 24.1 oinarrian ezartzen den aldia dirulaguntzari berariaz uko egin gabe igaro ondoren.

– Gainerako % 64, frogagiriak aurkeztu eta baliozkotu ondoren.

Lehen ordainketa aurreratuta egin ahal izango da orobat, hau da, justifikazioa aurkeztu baino lehen ere ordaindu ahal izango da, finantzaketa hori beharrezkoa baldin bada dirulaguntzaren helburu diren jarduerak aurrera eramateko.

Jarduketaren benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta aplikatu behar den intentsitatea oinarri berriari aplikatuko zaio.

5.– Laguntza ordaintzeko, pertsona edo erakunde onuraduna erregistratuta egon beharko da Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan. Horretarako, pertsona edo erakunde eskatzaileak, eskaera egitean, alta eman ahal izango du edo aurretik gehitutako informazioa aldatu ahal izango du telematikoki, https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/ helbidean jasotako jarraibideen arabera.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan aipatutako ordainketarako Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa interesdunak berak egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, edo haren ordezkari batek beraren izenean, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkariak) eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago.

Hala ere, jarduketa hori ez da nahitaezkoa izango eskaera izapidetzeko; izan ere, eskaera egin ondoren noiznahi gauzatu ahal izango da, baita dirulaguntza eman ondoren ere. Nolanahi ere, ezin izango da eskatu emandako laguntza ordaintzeko, baldintza hori bete ezean.

Hirugarrenen Erregistroan agertzen diren sozietate-izenek bat etorri behar dute dirulaguntza jasotzen duten erakunde onuradunen izenekin. Sozietate-izenean edo hasieran jakinarazitako beste daturen batean aldaketarik izanez gero, Hirugarrenen Erregistroan eguneratu beharko dira.

6.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ez eta itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorduna bada ere.

24. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak arau hauetan ezartzen dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan, Europako erregelamendu aplikagarrietan eta oinarri hauetan. Onuradunek betebehar hauek edukiko dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Hain zuzen ere, enpresa onuradunek ez badiote uko egiten berariaz eta idatziz dirulaguntza eman zaielako jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hamar egun igaro baino lehen, onartutzat joko da.

2.– Laguntza eman den xederako erabili behar dute, eta hitzartutako proiektuak eta jarduerak egin behar dituzte eta egin dituztela frogatu.

3.– Proiektuak eta jarduerak egiteko aldiaren barruan eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman behar diote organo kudeatzaileari, eta gertatzen diren aldaketen berri eman behar diote, administrazioak haien garapenerako eta exekuziorako egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan.

4.– Proiektuekin eta jarduerekin lotutako behin betiko fakturak artxibatu behar dituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura eduki beharko dituzte 5 urtez dirulaguntza likidatu ondoren.

5.– Jasotako funtsak nola erabili diren frogatzen duten agiriak bost urtean gorde beharko dituzte dirulaguntza likidatu ondoren, agiri elektrikoak barne, egiaztapen eta kontrol jarduketak aplikatu ahal zaizkien aldian; gainera, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta eduki beharko dituzte, merkataritzako legerian eskatzen den bezala, eta jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereizita egin beharko dute edo haren kontabilitate-kode egokia eduki beharko dute.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren egitekoetan ari direla agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari buruz eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.

7.– Xede bererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako edo lortutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide guztien berri eman beharko diote organo kudeatzaileari, jaso bezain laster eta, nahitaez, funtsak nola erabili diren frogatu baino lehen edo frogatzen denean.

8.– Laguntza ilegitimorik edukiz gero, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatibo baten bidez hura itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez bada, horren berri eman beharko diote organo kudeatzaileari.

9.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabar objektiboetan zein subjektiboetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote organo kudeatzaileari, bai eta diruz laguntzen den jarduera osorik edo haren zati bat ez egitea eragiten duten gorabehera guztien berri ere, aldaketaren edo gorabeheraren berri jakin bezain laster eta, nahitaez, funtsak nola erabili diren frogatu baino lehen edo frogatzen denean.

10.– Nortasunik gabeko taldean gertatzen diren aldaketen berri eman beharko diote zuzendaritza kudeatzaileari: taldearen osaeraren aldaketak, kide batek uko egitea, ordezkaritza-gorabeherak eta proiektua gauzatzeko konpromisoen aldaketak.

11.– Jasotako finantzabideak publikoak direla zabaldu beharko dute eta ekintzek dirulaguntza jaso dutela azaltzen duen aipamena ipini beharko dute toki ikusgarri batean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren logotipo korporatiboa agerian dagoela, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezartzen den bezala.

12.– Emandako laguntzaren indarraldian zehar egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean ezartzen diren erakundeekikoak ere (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen da), eta jasotako funtsak itzuli beharko dituzte, haien bidezkotasunari buruzko ebazpen baten ondorioz zorrak edukiz gero.

13.– Ezin dute deslokalizatu enpresa (deslokalizazioa zer den Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen Legearen 49. artikuluan arautzen da).

14.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta horien garapen-arauetan xedatzen denaren arabera legez eska daitezkeen gainerako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

15.– Proiektuak nahitaezko lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak kontuan hartuz gauzatu beharko dituzte.

16.– Proiektua itxitakoan Ihobe erakunde laguntzaileak proiektuaren emaitzak argitaratzeko oinarri moduan erabiliko duen komunikazio-fitxa aurkeztu beharko dute, eta proiektuaren inguruan egiten diren informazio-jardueretan parte hartu beharko dute, elkar hartuta.

17.– Jarduketaren ondorioz herritarrei arreta eman behar zaie edo haiekin harremanetan jardun behar bada, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea bermatu beharko dute.

18.– Argitalpenik eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailera bidali beharko dira, bi hizkuntzetan eta euskarri digitalean.

19.– Proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan genero-ikuspegia txertatu beharko dute, hizkuntza eta irudiak sexismorik gabe erabiltzeko.

25. oinarria.– Emaitzen jabetza, konfidentzialtasuna eta dibulgazioa.

1.– Proiektuaren karietara garatzen den informazioa eta ezagutza enpresa sustatzailearena izango dira, bai eta proiektuan parte hartzen duten gainerako enpresa bazkideena ere, idatziz zehazten dutenaren arabera. Enpresa sustatzaileak edo bazkideek eskaeran adierazi eta frogatu beharko dute entregagaiak isilpean daudela, proiektua gauzatu bitartean edo amaitutakoan.

2.– Proiektuaren emaitzak ondo zaintzeko, hala nahi duten enpresa onuradunek beste planteamendu zehatzago bat ere egin ahal izango dute jakintzaren jabetzari, babestu beharreko emaitzei eta konfidentzialtasunari buruz. Planteamendu hori proiektua itxi aurretik jakinarazi beharko da.

3.– Emaitzak kanal eraginkorrenetatik zabaldu eta transferituko dira, zer zabaldu behar den elkarrekin adosturik eta proiektuan parte hartu duten alderdiak berariaz aipatuta.

4.– Politika publikoak aplikatzeko egokiak diren metodologiak garatzen badira edo halako ezagutzak sortzen badira, Trantsizio Energetikoko Sailburuordetzak erabili ahal izango ditu. Horretarako, konfidentzialtasunari lotutako guztia babestu beharrez, sailburuordetza horrek zehatz-mehatz definituko du zer metodologia edo jakintza nahi duen aplikatu. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia zirkularraren politikak garatzeko soilik erabili beharko ditu, erakunde onuradunei jakinarazita.

26. oinarria.– Ez-betetzeak eta dirulaguntza itzultzea.

1.– Kasu hauetan dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta, behar denean, jasotako zenbatekoak eta haien berandutze-interesak itzuli beharko dira:

a) Erakunde onuradunak ez badu erabiltzen dirulaguntza eskatutako eta emandako helbururako, ez badu egiten dirulaguntza eragin duen jarduera, ez badu frogatzen eskatutako helburuetarako erabili duela, edo, oro har, jarduketa egiteko bere eskumeneko esparruan ebazpena emateko eskumena daukan organoak ezarritako baldintzetako bat betetzen ez badu.

b) Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan xedatutako gainerako kasuetan.

2.– Dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada.

3.– Dirua itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezartzen den bezala egingo da. Espedientea Ekonomia Zirkularraren zuzendariak abiaraziko du, eta ebazpena emateko eskumena Trantsizio Energetikoko sailburuordeak edukiko du.

4.– Onuradunaren betetze-maila ia erabatekoa bada, eta hark egiaztatzen badu dirulaguntza onartu zuenean hartu zituen konpromisoak betetzeko asmo irmoa duela, ezingo da deklaratu kobratzeko eskubidea guztiz galdu duela, eta, ondorioz, jasotako dirulaguntza osoa itzuli behar duela. Aitzitik, dirulaguntzaren ordainketa partzialerako eskubidea duela deklaratuko da, eta, behar denean, itzulketa partziala egin behar duela. Itzuli beharreko kopurua jarduketaren betetze-mailaren araberakoa izango da.

Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa izango da, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.

5.– Aipatutako zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

6.– Itzulketa-betebeharren erantzukizunen araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan xedatzen da.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera, onuradunaren kide elkartuek eta taldeko pertsonek eta erakundeek onuradunaren itzulketa-betebeharraren erantzukizun solidarioa edukiko dute, egiteko konpromisoa hartu duten diruz lagundutako jarduerei dagokienez. Onuradunak jarduteko gaitasunik ez badauka, beraren legezko ordezkariek itzulketa-betebeharraren erantzukizun solidarioa edukiko dute. Kideek, partaideek edo titularkideek erantzukizun solidarioa izango dute, bakoitzak bere partaidetzen arabera, ondasun-erkidegoen edo bestelako edozein unitate ekonomikoren edo ondare bananduren kasuan.

27. oinarria.– Emandako dirulaguntzak aldatzea.

1.– Emandako dirulaguntzak aldatu ahal izango dira, alderdi batek eskatuta edo ofizioz, honako kasu hauetan:

a) Proiektuko jarduketa guztiak ez direla gauzatuko aurreikusten denean eta, ondorioz, gauzatutako eta justifikatutako jarduketen behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean. Era berean, jarduketa guztiak gauzatuta, justifikatutako behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino gutxiago izango dela aurreikusten denean.

b) Aldi berean beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako laguntzak eta dirulaguntzak jasoz gero.

c) Ezarritako gauzatze-epealdiak luzatu nahi direnean. Kasu horretan, luzapena ezin izango da izan agindu honen 9. oinarrian ezarritakoa baino luzeagoa.

d) Taldeak proiektua gauzatzeko sinatutako konpromisoan aldaketak sartu nahi badira, batez ere honako hauei buruzkoak: osaera (kideren baten uko egitea edo konkurtso-egoera), ordezkaritza, gauzatzean hartutako konpromisoak edo dirulaguntzaren banaketa ekonomikoa.

e) Proiektua gauzatzean aldaketak gertatzen direnean helburuetan, jarduketetan, faseetan, gastu-kontzeptuetan edo egutegian.

2.– Dirulaguntza ematen duen organoak dirulaguntza aldatzea erabaki ahal izango du oinarri honen 1. apartatuan adierazitako kasuetan, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Alderdi batek eskaturik, aurreko apartatuan ezarritako inguruabarretako batean oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, inguruabarra ezagutu bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, proiektua gauzatzeko epealdia amaitu baino lehen.

b) Alderdi batek eskatuta, oinarri honen 1. apartatuaren a) letran ezarritako kausan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, emandako dirulaguntzaren % 60 gutxienez gauzatuta eta justifikatuta egon behar da. Dirulaguntzaren % 60 baino gutxiago gauzatzen eta justifikatzen bada, ez-betetze handitzat hartuko da, eta emandako dirulaguntza osoa itzuli beharko da.

c) Oinarri honen 1. apartatuaren c) letran adierazitako gauzatzeko epealdia aldatu nahi denean, interesdunak aldaketa hori eskatu beharko du gutxienez gauzatze-epealdia amaitu baino bi hilabete lehenago.

d) Aldaketak ezin du handitu dirulaguntzaren zenbatekoa.

e) Onuradunaren borondateak ezin du eduki zerikusirik aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

f) Gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedeen artean egon behar da.

g) Aldaketa eragiten duten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

h) Aldaketak ezin die kalterik egin hirugarrenen eskubideei.

3.– Alderdi batek eskaturik gertatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eskaeran, onuradunak behar bezala justifikatu beharko du zergatik egin nahi duen aldaketa hori, eta, behar denean, agiri bidez egiaztatu beharko du.

4.– Aldaketa, egonez gero, Trantsizio Energetikoko sailburuordeak erabakiko du. Zenbatekoa gutxitzearen ondorioz ebazpena aldatzeko baimena ematen bada, zenbateko hori dagokion proportzioan murriztuko da, eta kasu horretan dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

5.– Nolanahi ere, aldaketa horiek ez dute eragingo inolaz ere emandako laguntzaren zenbatekoa gehitzea, ez eta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak aldatzea ere.

I. ERANSKINA
LEHENTASUNEZKO EREMUEN ZERRENDA: EKODISEINUKO, EKONOMIA ZIRKULARREKO ERAKUSTALDIKO ETA EKOBERRIKUNTZA ESTRATEGIKOKO PROIEKTUAK (1. ETA 2. LERROAK)

Jarraian ezarriko diren lehentasunezko bost eremuak metalaren sektoreko edo metal asko erabiltzen den ekipoak, produktuak, osagaiak, piezak, materialak eta zerbitzuak biltzen dira. Euskadin 10 milioi tona metal baino kontsumitzen dira urtean. Kontsumo horrek metal giltzarrien ingurumen-inpaktuaren % 63tik gora eragiten du. Horregatik, Euskadi 2030 Industria Planean lehentasuna ematen zaio metalari «Basque Zirkular Metals» proiektu eraldatzailearen bidez (agindu honen bidez hori bultzatzen da).

1.– Ekipoen eta osagaien ekodiseinu zirkularra.

a) Ekodiseinua, erabilera-fasean baliabideak eraginkortasunez kontsumitzeko.

b) Bizitza erabilgarria luzatzeko ekodiseinua.

c) Birziklagarritasunerako ekodiseinua.

d) Desmaterializaziora bideratutako ekodiseinua.

2.– Ontzien eta bilgarrien ekodiseinu zirkularra.

a) Ontzi eta bilgarri berrerabilgarriak diseinatzea.

b) Kontsumorako eta industriako ontzi- eta bilgarri-sistema berritzaileak.

3.– Iraunkortasunerako, birmanufakturako eta konponketa aurreratuko serbitizazioa.

a) Birmanufakturako / konponketa aurreratuko prozesua garatzea edo optimizatzea.

b) Aurrediagnosiak, diagnosiak, kontrolak eta testak egiteko teknologiak garatzea.

c) Serieko produktuen, piezen eta osagaien birmanufaktura automatizatzea.

d) Konponketa mekanikorako teknologia aurreratuak.

e) Produktuak zerbitzu gisa duen funtzioa.

4.– Metal giltzarriak eta material kritikoak:

a) Ingurumen-aztarna txikiagoa duten materialak (aleazioak) eta produktu metalikoak ekodiseinatzea.

b) Aleatutako txatarren eta ekoizpeneko hondakin metalikoen kudeaketa, gaikako bilketa eta bereizketa edo berreskurapena optimizatzea.

c) Metalen berreskurapena, hondakin konplexuetatik abiatuta.

d) «Near Net Shape» fabrikazio-teknologia berritzaileak.

e) Zein diren eskura dauden teknologiarik onenak burdin-galdaketako prozesuetarako eta BREF eskakizunak berrikusten dituzten sektoreetarako.

5.– Eraikuntza-materialak.

a) Eraikuntza-materialak ekodiseinatzea, iraunkortasun, berrerabilera eta birziklapen handiagoa lortzeko.

b) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetan eta metalaren sektoreko hondakinetan dauden materialak kontzentratzeko edo bereizteko teknologia berritzaileak.

c) Funtzio anitzeko eraikuntza-elementuak fabrikatzea.

d) Eraikuntza industrializaturako produktu aurreratuen fabrikazioaren gidaritza.

Eremu hauen deskribapen xehatuak dokumentu honetan daude: «2026ko lehentasunezko eremuak ekodiseinuko, ekonomia zirkularreko erakustaldiko eta ekoberrikuntza estrategikoko proiektuetarako».

II. ERANSKINA
LEHENTASUNEZKO TIPOLOGIEN ZERRENDA: ETE ZIRKULARREKO PROIEKTUAK (3. LERROA)

3. lerroko (ETE zirkularra) proiektuek EBko Industria Garbiaren Itunaren ondoriozko erronkei erantzun behar diete. Ihobek honako 10 jarduketa-gako hauek lehentasunezkotzat jo ditu 2025erako. Ingurumen-zaintza estrategikoari buruzko txostena:

1.– Euskadin karbono-neutraltasuna 2045erako, beranduenez 2050erako.

2.– Produktu jasangarrien diseinu ekologikoaren erregelamendua aplikatzen zaien produktuen ebaluazioa eta ekodiseinua.

3.– Ingurumen-informazioa kudeatzea gardentasun-eskakizunei erantzuteko.

4.– Enpresa handiak beren balio-katearen eraldakuntza jasangarriaren bermatzaileak izatea.

5.– Zuritze ekologikoa (greenwashing) geldiaraztea.

6.– Karbonoaren prezioa arriskutzat hartzea ekonomia jasangarrirako trantsizioan.

7.– Energia eta material asko kontsumitzen diren sektoreetan baliagarri dauden hobekuntza teknologikoen prozesua eta berrikuntza azkartzea.

8.– Ekonomia zirkularra oinarrizko lehengaien hornidura segurua eta jasangarria lortzeko.

9.– Ekoizlearen ardura hedatua zabaltzea eta bigarren mailako lehengaiak erabiltzea sustatzea.

10.– Europako taxonomia finantza jasangarrietarako.

Hona hemen erronka horiei heltzen dieten proiektu batzuk:

– Ekodiseinua eta bizi-zikloaren ikuspegia, produktuaren, erakundearen edo zerbitzuaren ingurumen-inpaktuak zehaztea metodologia normalizatuen bidez eta ingurumen-jarduna hobetzea.

– Jasangarritasunaren inguruko jardunaren ebaluazioa, bezeroen eskaerei erantzuteko, rankingetako posizioak edo markaren ospea hobetzeko, eta reportingari, gardentasunari edo ESG ebaluazioari buruzko araudiak betetzeko.

– Hirugarren alderdiak egiazta ditzakeen aintzatespenak (ingurumen-aztarnak eta ekoetiketak: I. mota edo produktuaren III. motako ingurumen-adierazpenak) lortzeko behar den ingurumen-informazioa zehaztea.

– Estrategia zirkular berriak: produktuen, materialen eta osagaien bizitza baliagarria hedatzearekin zerikusia dutenak (berrerabiltzea, birziklatzea eta berreskuratzea, konpontzea, berregokitzea, berriz manufakturatzea), serbitizazioarekin lotutakoak (zerbitzutik produktura eraldatzea), industria-sinbiosia, edo produktuaren eta zerbitzuen alokairuan eta erabilera partekatuan, elektronikan eta garraio eta mugikortasun jasangarrian oinarritutako negozio-eredu berriak.

– Zirkulartasunaren alderdiak ebaluatzeko arauak eta estandarrak aplikatzea Europako produktu jasangarrien diseinu ekologikoaren erregelamenduaren esparruan (konpongarritasun, zirkulartasun eta iraunkortasun indizeak).

Horrela lehentasuna ematen zaio metodologia hauen aplikazio praktikoari:

a) Ekodiseinu zirkularra: «Ekonomia zirkularrerako Ekodiseinuari buruzko eskuliburu praktikoa», batez ere metalezko aleazioen, piezen, produktuen eta ekipoen diseinuan aplikatuta

b) Serbitizazioa: «Del producto al modelo de negocio: servitización en una economía circular» gida praktikoa.

c) Birmanufaktura: «Birmanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktikoa»

d) Ekonomia zirkularraren arloan esku hartzeko arauak aplikatzea eta kanpotik egiaztatzea: UNE-EN 4555X, ekodiseinu-araua; UNE-EN ISO 59010, negozio-eredu zirkularrei buruzko araua; UNE-EN ISO 14024:2025, ekoetiketen araua; UNE-EN ISO 14025:2025, produktuen ingurumen-adierazpenei buruzko araua.

e) ETEen jasangarritasunaren kanpoko ebaluazioa (ESG) hornitzaileak ebaluatzeko sistema ezagunenak (Achilles, EcoVadis, Estándar GRI 308, NQC, Sedex, RBA,...) eta «Ingurumena, gizartea eta gobernanatza kalifikatzeko jardueren gida enpresentzat» erabiliz.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala