
222. zk., 2025eko azaroaren 18a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (256 KB - 20 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4903
AGINDUA, 2025eko azaroaren 11koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, euskara hutseko argitalpenak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena, 2025. urtean (Argitalpenak deialdia).
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 6. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, hizkuntza-politikaren eta euskararen sustapenaren inguruko egitekoak esleitu zizkion.
Bestalde, azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak (EHAA, abenduaren 3koa, 235. zk.), zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari bere 13. artikuluan: azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak. Esleitutako jardun-eremuan, euskararen erabilera normalizatzeko xedez, arreta berezia jarriko du botere publikoek xedapen orokorrak bete ditzaten, baita Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak ere, eta betetze-maila ebaluatuko du.
Horretaz gain, Gobernu Kontseiluak, 2024ko urtarrilaren 30ean, datozen hamar urteetarako plana onartu zuen: aroa, euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa. Erronken artean, euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eramatea jasotzen da. Lan-ildo horretan, koordinazioaren eta osagarritasunaren ardatza da euskara eremu instituzionalean zein sozialean sustatzea (G.1.2.), bai eta euskararen normalizazioan ari diren pertsonak, elkarteak, erakundeak, hedabideak, enpresak eta abar saretzea ere (G.1.2.4.). Era berean, euskara eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko berariazko estrategiak garatzeko erronkaren barnean, euskararen babesguneak indartu eta berriak sortzea (EE.1.1.) jasotzen da lan-ildo gisa, euskarazko hedabideak bultzatuz, besteak beste (EE.1.1.7.).
Era berean, Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikoa da ingurune digitaletan euskara eta euskal kultura zaindu eta sustatzea. Eta horrela dago jasota XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programako lehenengo ardatzean (Pertsonak erdigunean):
«Euskara suspertze-bidean dauden eremuetara eta eremu berrietara zabaltzeko estrategiak eta prozesuak bultzatzea» dio Gobernu Programak. https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/lxiii_coordinacion_programacio/eu_def/adjuntos/2024-2028_Gobernu_Programa_-Eu_def.pdf
Hau dio 1. ekimenak: «Euskara hizkuntzaren teknologietan integratzen jarraitzea, ahotsa ezagutzeko sistemak (transkripzioa), elkarrizketa automatikoko sistemak (chatbotak) edo zuzentzaile ortografikoak, gramatikalak eta hizkera ez-sexistakoak bezalako tresnak garatuz».
Hori betetzeko eta corpus jasoa sortzeko, lankidetza hau ezinbestekoa da, datuak behar baitira euskara tresna digital ezberdinetan erabilgarri izateko. Euskarazko corpusak sortzea estrategikoa da hizkuntzaren teknologiek ere euskaraz erantzun dezaten, bizi dugun gizarte digital honetan eskaintzen diren zerbitzuek behar bezainbesteko kalitatea eduki dezaten. Alde horretatik, kontuan hartuta Eusko Jaurlaritza euskararen hizkuntza-corpusa sortzea aktiboki bultzatzen ari dela, dirulaguntza-deialdi honen bidez azpimarratu nahi da entitate onuradun guztiek sortzen dituzten datuen ekarpenak eragin biderkatzailea duela corpus hori sortzeko.
Euskarazko hedabideak zein argitalpenak sustatzearen helburua da, besteak beste, kalitatezko euskara esparru guztietan erabilgarri izatea da. Azken batean, hizkuntza batek iraun dezan tresna baliagarria baitira, XXI. mendean.
Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko teknologia- eta industria-eremuan hizkuntza-teknologiak garatzeko eta euskara sustatzen jarraitzeko, sormen-datu horien bidez lortuko dugu corpus nahikoa eta kalitatezkoa. Horiek guztiak osatzea ezinbestekoa izanik, entitate onuradunek berrerabilpen-lizentzia zabalenaren alde jokatzea lehenetsiko da. Eskuragarri egongo diren datuak euskararen corpus linguistikoaren sorrera prozesatzeko baino ez dira erabiliko, corpus hori industrian eta gizartean euskarazko adimen artifiziala ezartzea ahalbidetuko duten ereduak sortzeko oinarritzat hartuta.
Era berean, 2019ko urtarrilaren 22ko Gobernu Kontseiluak erabakia hartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren (Eusko Jaurlaritzaren), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena izenpetzeko baimena emateko, euskarazko hedabideen finantzaketa-marko berria adoste aldera. Hitzarmen horren dirulaguntzekin hedabideen enpresa-egiturak indartu nahi dira. 2025ean indarrean sartuko da hitzarmen berria. Hitzarmen horretatik kanpo gelditzen diren argitalpenei begirako deialdia da honako hau.
Hedabideak eta argitalpenak eraldaketa digitalerako bidean daude jarrita, baina teknologia berriek eta plataforma digitalek aukerak irekitzen dituzten arren, euskara hutsezko hedabide zein argitalpen batzuek ez dute behar adina baliabide aldaketa horietara modu eraginkorrean egokitzeko, eta horrek desabantailan jartzen ditu hedabide handiagoekiko. Profesionalizazio-prozesuan murgilduta daude. Publizitatetik etorritako diru-sarrerak gero eta mugatuagoak dira. Eusko Jaurlaritzak, 2025ean, euskarazko hedabideei zuzendutako dirulaguntza arautzeko deialdia egin du. Horretan parte hartzeko baldintzetako bat Interneteko jardunbide sendoa izatea da. Norabide hori hartuko ez duten hedabideak ere egon badaude. Paperean gelditzeko apustua egin dutenek abantaila hauek ikusten dituzte: papereko argitalpenak ukitu fisikoa eskaintzen du, aleak bilatzeko aukera eskaintzen du, koloreak eta irudiak inprimaketa-kalitate altuarekin ikus daitezke, irakurleari esperientzia bisual aberatsagoa eskaintzen dio. Gazteei dagokienez, pantailetatik aldentzeko ohitura sustatzen du. Argitalpen batzuen kasuan, haien edukia ez da beti egokia Interneten zabaltzeko. Interneteko edukien sorkuntzak eta mantentzeak kostu ekonomiko eta teknikoak ditu. Zenbait argitalpenek ez dute baliabide nahikorik webgune bat sortu eta kudeatzeko, eta, horregatik, paperean jarraitzea erabaki dute. Euskarazko zenbait argitalpenek Interneterako jauzia egitea erabaki ez izana praktikaren eta estrategiaren zenbait arrazoirekin lotuta dago. Argitalpen horien bideragarritasuna bermatze aldera, dirulaguntza-lerro hori zabaltzea hobetsi da.
Halaber, 2025eko otsailaren 27an, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2025-2028 epealdiko Dirulaguntza Plan Estrategikoa onartu du (Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez, eta sail horren 2025eko Dirulaguntzen Urteko Plana. Plan horiek sailaren webguneko esteka honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/sail-plana/pes-2025-2028-dirulaguntzen-planestrategikoa/web01-s2hhk/eu/. Izaera programatikoa duen plan estrategiko hori sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako den jarduera bat sustatzea jomuga duten jardun-arloetan. 2025eko dirulaguntzen urteko planean, besteak beste, deialdi hau jaso da.
Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bitartez, euskara hutsezko argitalpenak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzen deialdia egitea erabaki du 2025. urterako.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da euskara hutsean eta paperean argitaratzen diren argitalpenak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzen araubidea ezartzea eta horien deialdia egitea (Argitalpenak deialdia).
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Dirulaguntza hauetara bideratutako zenbateko osoa 554.000,00 eurokoa da. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.
3. artikulua.– Denbora-eremua.
Dirulaguntza deialdi honen denbora-eremua 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa da.
4. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Deialdiaren xede diren laguntzak jaso ahal izango dituzte Europar Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna edo helbide soziala duen pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiek, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute. Diruz lagundutako entitateek lagungarriak diren jarduerak burutu beharko dituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileei zuzenduta egon beharko dute laguntza jasotzen duten egitasmoek.
2.– Pertsona fisikoen taldeak, ondasun-erkidegoak edo beste mota bateko unitate ekonomiko edo ondarezko bereziak, nortasun juridikorik izan ez arren dirulaguntza horiek jasotzeko moduko egoeran daudenak. Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du guztien izenean. Nolanahi ere, eskabidea egitean argi eta garbi zehaztu beharko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako bakoitzak egitasmoan duen nortasuna, ardura eta egitekoa, baita horietako bakoitzak aurrekontuari egiten dion ekarpena ere. Horrela osatutako taldea ezingo da desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren (EONALTBaren) 44. artikuluan jasotako preskripzio-epea igaro arte.
3.– EAEn egoitza edo lurralde-ordezkaritza izatea.
4.– Aurreko ataletan aurreikusitakoaz gain, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak xedatutakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
b) Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta izatea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak xedatutakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
5.– Hala ere, ezin izango dira onuradun izan honako hauek:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak, edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
f) Dirulaguntzak organo emaileari itzuli behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.
g) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
h) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
j) Kapital gehiena publikoa eta, gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza nagusiki publikoa duten entitateak.
k) Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabe ez direnak.
l) Nolanahi ere, ezingo dute laguntza mota hau jaso eta, ondorioz, kanpoan utziko dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren babesean 2025eko dirulaguntzen deialdian onuradun direnak.
m) Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotako kasuren batean daudenak.
n) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako beste egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.
6.– Aurreko ataletan adierazitako baldintzak eskabidea aurkezten denetik dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.
7.– Dirulaguntza hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, dirulaguntzarik esleituz gero, eskatzaileak Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda eduki beharko du.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen egitasmoak.
Euskara hutsez eta paperean argitaratzen diren argitalpenak diruz lagunduko dira.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen egitasmoen baldintzak.
1.– Aurkezten diren egitasmoek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdiaren denbora-eremua kontuan izanik –2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa–, laguntza mota honetara aurkezten den paperezko argitalpenak epealdi horretan kalean izan behar du, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.
b) Ekoizpen propioa eta euskara hutsean ekoitzia izan beharko dute.
c) Jabetza intelektualari buruzko araudia betetzea. Zehazki, apirilaren 12ko 1/1996 Errege dekretu legegileak, jabetza intelektualaren legearen testu bateratua onartzen duenak xedatutakoa.
d) Legezko gordailuaren edota ISSN-zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.
e) Honako hauek betetzea: banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea; salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean; dohainik zabaltzen diren argitalpenen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango; eta aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.
f) Defizitarioak diren argitalpenei bakarrik eman ahal izango zaie dirulaguntza; hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako dirulaguntza publikoekin berdindu ezin dituzten argitalpenei.
g) Paperezko argitalpen orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den argitalpena kanpo utziko da.
Agindu honen babeseko laguntza-deialdira eskaerak aurkezteko azken egunean urtebeteko bizitza baino laburragoa duten argitalpenen kasuan, autofinantzaketa, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 20 izango da.
Lehenagotik ari diren argitalpenen kasuan, autofinantzaketa, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 25 izango da.
2.– Argitalpenaren ekoizpenari dagokionez:
a) Gutxieneko zenbaki kopurua: 3 ale, urtean.
b) Gutxieneko orrialde kopurua: 20 orrialde, aleko.
c) Gutxieneko tirada: 400 ale, zenbakiko.
d) Paper-formatuko aldizkako argitalpentzat hartuko da, izenburu beraren pean eta serie jarraituan, gehienez hamabostean behin eta gutxienez lau hilean behin argitaratzen dena.
e) Paperezko argitalpena osorik euskaraz argitaratu behar da; beste hizkuntza batzuetan ere izan dezake bertsioa, baina ez da onartuko gaztelaniazko argitalpenen bertsiorik.
f) Argitalpenek gutxienez EAE hartzen duen banaketa- eta merkaturatze-eremua izan behar dute.
g) Edukiak lantzeko orduan, hizkera ez-sexista erabili behar da eta pertsonak kazetaritza eta giza subjektu gisa duten duintasuna errespetatzeko moduan tratatu behar dira.
h) Publizitatearen edukiak ezin izango du argitaratzen den eduki guztiaren % 50 baino gehiago izan.
3.– Nolanahi ere, ezaugarri hauetakoren bat duten argitalpenak ez dira diruz lagunduko:
a) Honako argitalpen hauek: entitate publikoek egindakoak edo, gobernuak edo organismo publikoek aginduta, entitate pribatuek argitaratutakoak.
b) Argitalpenen gehigarriak: txertatuta edo beste bat erostearen baldintzapean soilik merkaturatzen diren argitalpenak.
c) Euskadiko Administrazio publikoa osatzen duten entitateen argitalpenak.
d) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen argitalpenak.
e) Elkarteek, fundazioek zein antzeko entitateek beren bazkideentzat soil-soilik eginiko argitalpenak.
f) Glotodidaktika- eta psikopedagogia-aldizkariak, bai eta bere edukiak hezkuntza-arlora zuzenduak dituzten aldizkariak ere.
g) Eskola-aldizkari, -irrati eta –telebistak.
h) Kultura-berripaperak, ikuskizun-gidak, denbora-pasakoak eta antzekoak.
i) Mota guztietako argitalpen konfidentzialak, harpidetza bitartez nahiz kioskoan saldutakoak edo formatu elektronikoan zabaldutakoak.
Aipatutako apartatuen artean ez dauden kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan jasotakoa hartuko da aintzat.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz lagunduko dira jarduera garatzearekin lotura zuzena duten gastuak. Beraz, laguntza-deialdiak gastu hauek baino ez ditu gogoan hartuko: sorkuntza-, funtzionamendu-, sustapen-, inprenta- eta zabalkunde-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.
2.– Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:
a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.6 artikuluaren a), b) eta c) letretan adierazitako baldintzak betetzen dituzten amortizazio-gastuak izan ezik.
b) Finantza-gastuak.
c) Balio erantsiaren gaineko zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten entitate onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta entitateok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.
d) Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzeneko zerikusirik ez dutelako) agertzen badira, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, zuzendaritza kudeatzaileak ezabatu edo araztu egingo ditu, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
3.– Agindu honen 6.1.g) atalean aipaturiko finantzaketa propioa diru-sarrera hauetaz osatuta egongo da:
a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.
b) Zerbitzuen salmentatik eskuratutakoak.
c) Produktuen salmentatik eskuratutakoak.
d) Publizitatetik eskuratutakoak.
e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.
8. artikulua.– Onuradunek dirulaguntza jaso duten jarduerak kontratatzea.
1.– Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da onuradun batek azpikontratazioa egiten duela diruz lagundutako xedea den jarduera osorik nahiz zati batean hirugarren batekin burutzea hitzartzen duenean. Atal horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko nahitaez kontratatu behar izango dituen gastuak.
2.– Onuradunak ezin du diruz lagundutako jardueraren % 50 baino gehiago azpikontratatu. Ezin dira inola ere azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua handiagotu eta, aldi berean, haren edukiari balio erantsirik gehitzen ez dioten ekintzak.
3.– Halaber, onuradunak ezin izango ditu azpikontratatu diruz lagundutako jarduerak honako hauekin:
a) Dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretako batean dauden pertsona edo entitateak, 4.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Kontratatu nahi den jarduera horretarako beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo entitateak.
Aurreko apartatuetan jasotzen ez diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan jasotakoa hartuko da aintzat.
9. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza bateragarria da edozein entitate publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzaketenekin, baldin gainfinantzaketarik ez badago.
Agindu honen indarraldia amaitu eta 23. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketa gertatu dela ikusten bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 22. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketaren adinakoa izango da.
10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak honako epe honetan aurkeztu ahal izango dira: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hamabost egun naturaleko epean.
2.– Pertsona fisikoen kasuan, aurrez aurreko izapidetzea aukeratuz gero, eskabideak leku hauetan aurkeztu daitezke:
– Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuko bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Postaz egin nahi izanez gero, helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri hasiera ematen bazaio, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.
3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte. Era berean, bide horri jarraituko diote prozeduraren gainerako pausoetan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpeta atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpeta atalaren bidez egingo dira.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
4.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, aurrez aurreko izapidetzearen zein elektronikoaren bidez, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1264001
5.– Izapidetze elektronikoaren kasuan, ondorengo tramiteak gune honen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkeztu ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza-eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
11. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek, pertsona fisikoen taldeek edo pertsona juridikoek, eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:
1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.
1.1.– Pertsona juridiko pribatuak:
Kasu guztietan entitatea legez eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:
– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.
– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).
– Eskatzailearen IFZa (ofizioz konprobatuko da).
Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango du hori adieraztea, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea erregistro horretan dagoela.
1.2.– Pertsona fisikoak:
– Nortasunaren egiaztapena (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Autonomoen erregimenean alta emanda egon behar du. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo kudeatzaileari dagokio.
– Dagokion jarduera ekonomikoaren epigrafean alta emanda izatea.
1.3.– Nortasun juridikorik gabeko pertsonak:
– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria, akordioa, akta...).
2.– Eskatzaile guztiek egiaztatzeko baldintzak eta modua:
2.1.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela dirulaguntzaren esleipen-proposamena egin aurretik.
2.2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua jarraituz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, debeku hauetakoren bat ez izatea egiaztatuko da:
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoa izatea edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoa.
– Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotakoa izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratutakoa izatea –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoelarik.
– Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko bidea ematea eta horren errudun deklaratutakoa izatea.
– Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari izatea eta egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
– Zerga-egoitza zerga-paradisutzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak eginda ez izatea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan zehaztutakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
– Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta izatea zehapen irmo baten bidez horrelakorik ezartzen duen edozein legeren arabera. Zehazki, sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso izana, zehapenean ezarritako epea oraindik gainditu ez bada.
– Estatuko araudiaren arabera indarrean berdintasun-plan bat izateko betebeharra ez betetzea, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezartzeko betebeharra ere emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legediak ezarritako eran (50 langiletik gorako enpresak).
– Ordezkatutako elkartea Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bati lotutako auzietan sartuta egotea.
– Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitzeagatik elkarte ordezkatuaren inskripzio-prozedura administratiboa etenda egotea, Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, harik eta ebazpen judizial irmoa ematen den eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte (elkarteentzat da; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.4 artikulua).
– LGTBIfobia erakutsi, bultzatu edo sustatzea, barnean dela bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
– Zigortuta egotea apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoak, aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak bete eta zehapena ordaindu arte.
– Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo hori betetzeko ordezko neurriak abian jarri izana ez egiaztatzea.
– Fundazioen kasuan, estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora ez egokitzea eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan gordailututa ez egotea (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).
– Enpresaren deslokalizazio-deklaraziorik jaso ez izana Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluan ezarritako ondorioekin.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ez betetzea legez ezarritako moduan. (2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6.6 eta 8. artikuluen kasuetan; 2023ko otsailaren 13ko Agindua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
– Eskatutako laguntza jarduera berberetarako jada onartuta edo ordainduta dauden beste dirulaguntza batzuekin bateragarria izan arren, gainfinantzaketa gertatzea. Etorkizunean xede berbererako jasotzen diren bestelako laguntzen berri emateko betebeharra dago laguntza likidatu arteko aldian.
– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren babesean 2025eko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez dela.
– Dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan aurreikusitako eran.
– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea ez dela.
– Egiazkoak eta osoak dira eskabidean eta harekin batera doan dokumentazioan jasotako datu guztiak, eta laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzte.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Pertsona juridikoek berariaz uka dezakete baimen hori, eta, hala egiten badute, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
3.– Diruz lagundu daitekeen egitasmoari dagokion dokumentazioa.
3.1.– 2025ean argitaratu den zenbaki bakoitzeko ale bat.
3.2.– Ordainketa bidezko argitalpenen kasuan, argitalpenak 2024an eta 2025ean izandako zabalkundearen ziurtagiria. Agiri horrek ordainketa bidezko zabalkunde arrunta ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiriak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da.
– Doaneko argitalpenen kasuan, argitalpenak 2024an eta 2025ean izandako zabalkundearen ziurtagiria. Agiri horrek banatzekoak diren aleei dagokien zabalkundea ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiriak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale kopurua zehaztu beharko da.
– Presentzia digitala duten argitalpenen kasuan, urtarrilaren 1etik agindua argitaratzen den egunera arte Interneteko euskarrian argitaratutako edukien zerrenda, estekekin.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
4.– Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon ezean, edo bertan dauden bankuaren datuak aldatu nahi izanez gero, nahiz aurrez aurreko bidea, nahiz elektronikoa erabili, gune honetan aurkitu daiteke informazioa: https://www.euskadi.eus/hirugarrenarenak
12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Pertsona juridikoren batek edo deialdiko 4.2 artikuluan aipatzen direnetako batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzen dezala jakinaraziko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.
13. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Euskara Sustatzeko zuzendaria da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
14. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura eta mugak.
1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, lehentasun-hurrenkera ezartzeko 15. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, eta gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskabideak baztertu egingo dira. Ondoren, deialdian ezarritako mugekin esleituko zaizkie dirulaguntzak eskatzaileei, lortutako puntuazioaren araberako proportzioan.
1.1.– Puntuei dagokienez:
a) Egitasmo bakoitzari dagozkion puntuak 15. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen eta horietako bakoitzaren zehaztapenaren arabera finkatuko dira.
b) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estaldura-indizea zehaztuko dute.
Puntuazioa.....Estaldura-indizea (%).
> 50 - <59...... % 20.
> 60 - <90......% 21 - % 49 Proportzionala.
> 90 <100......% 50.
2.– Egitasmo bakoitzari esleitutako dirulaguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da, eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherako dirulaguntzarik ez da esleituko.
3.– Egitasmo bakoitzari dagozkion puntuak 15. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen eta horietako bakoitzaren zehaztapenaren arabera finkatuko dira. Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estaldura-indizea zehaztuko dute.
4.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako dirulaguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren balorazio-irizpideak.
Hauek izango balorazio-irizpideak:
Aurrekontu orekatua. Autofinantzaketa eta gastuen deskribapen argia eta banakatua. 15 puntu.
% 40 - % 75 bitartekoari proportzionalki: 5-15 puntu proportzionalki.
% 75ekoari edo hortik gorakoari: 15 puntu.
Argitalpenaren ezaugarriak. 20 puntu.
Maiztasuna (5 puntu).
Tirada (5 puntu).
Koloreen trataera (5 puntu).
Orrialdeen kopurua (5 puntu).
Euskararen normalizazioan betetzen duen eginkizuna: originaltasuna, balio erantsia eta interesa. 10 puntu.
Genero-berdintasuna. 10 puntu.
Aipamenik ez edo jakintzat emandako kontuak, 0 puntu.
Aipamen orokorrak edota asmoak, 5 puntu.
Plan garatua, dekalogoa, hizkuntza-trataera, formazioa, ekintza zehatzak, 10 puntu.
Ingurumena. Jasangarritasuna. 5 puntu.
Presentzia eremu digitalean. 5 puntu.
Hartzaile mota. 10 puntu.
Euskararen zuzentasuna. 5 puntu.
Argitalpenaren antzinatasuna. 5 puntu.
Irakurle potentzial txikia. 5 puntu.
Kalitatea. Berrikuntza. 10 puntu.
16. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Deialdira aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, dagokion balorazio batzordea eratuko da.
2.– Batzordea honako hauek osatuko dute:
a) Euskara Sustatzeko zuzendaria, Miren Josune Irabien Marigorta, edo berak eskuordetzen duen pertsona; Balorazio Batzordeko lehendakaria izango da, eta kalitateko botoarekin ebatziko ditu gerta litezkeen berdinketak.
b) Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kabinetearen zuzendaria, Ana Reka Esparza. Ordezkoa, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko komunikazio aholkularia, Usoa Mediavilla Ereño.
c) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Joseba Lozano Santos. Ordezkoa, HABEko zuzendaria, Jokin Azkue Arrastoa.
d) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna, Pablo Mendizabal Arnaez. Ordezkoa, Arantxa Orbegozo Garate.
e) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Berrikuntza eta Ingurune Digitalaren arduraduna, Maite Imaz Leunda. Ordezkoa, Ane Crespo Calvo.
3.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Yolanda Viadero Villanueva, izango da batzordeko idazkaria, eta hitza izango du, baina botorik ez. Haren ordezkoa: Rebeka Agirre Ruiz de Garibai.
4.– Balorazio Batzordeak egoki irizten dionean, adituen laguntza eskatu ahal izango die egitasmoaren edo jardueraren gai jakin eta espezifikoetan edo zeharkako gaietan (genero-ikuspegia, esaterako) adituak diren pertsonei.
5.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, gutxienez lehendakaria eta idazkaria bertaratu beharko dira, baita gutxienez kideen erdiak ere, modu presentzialean nahiz urrutikoan.
6.– Balorazio Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabiltzeko aukera izango dute, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.
7.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertu eta baloratuko ditu. Eskabideen balorazioa 15. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituko da, eta Balorazio Batzordeak txosten batean jasoko du egindako ebaluazioaren emaitza.
17. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.
1.– Organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo dio Hizkuntza Politikako sailburuordeari, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena aztertu ondoren. Ebazpen-proposamen horrek hauek jasoko ditu: onuradun gisa proposatutakoen zerrenda, emandako zenbatekoak, bai eta onartu ez diren eskabideak eta ukatzea proposatzen diren eskabideak ere, zergatik ukatu diren adierazita.
Organo kudeatzailearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du.
2.– Ebazpenak baztertutako egitasmoen, diruz lagundutakoen eta diruz lagunduko ez diren egitasmoen berri emango du. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar orok jakin dezan eta ebazpenak jakinarazpen-ondorioak izan ditzan. Argitalpen hori egiten den egun berean, eskaeran gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat identifikatu duten interesdunei abisua emango zaie adierazitako bitartekoen bidez.
3.– Epea amaitu eta interesdunek inolako ebazpen-jakinarazpenik jaso ez badute, dirulaguntza emateko eskaera ezetsitzat joko da administrazio-isiltasunez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.
Dirulaguntzaren onuradunak esleitutako dirulaguntza onartu behar du. Ondorioz, dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean, komunikazio bat bidali beharko du dirulaguntza onartzen duela adieraziz.
19. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Deialdiaren xede diren laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte; bereziki:
a) Dirulaguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.
b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.
c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.
e) Indarrean dauden lege-eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
f) Laguntza jaso duten egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik, ezta haien duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik ere.
g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia-arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 26. artikuluan esandakoaren arabera.
j) Dirulaguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta izatea.
k) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo haren organismo autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozedura bukatuta izatea eta, halaber, baldin eta arduradunaren erantzukizuna iraungita ez badago, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra beteta izatea eta zigortzeko prozeduratik sortutako isunak ordainduta izatea.
l) Onuradunak ezingo du enpresa-deslokalizaziorik egin, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
20. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Agindu honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketak 2 zatitan egingo dira:
a) 2025. urteari dagokion % 55, ebazpena jakinarazitakoan (dirulaguntza onartutakoan).
b) 2025. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 45), 2025. urtean dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 25. artikuluko 1. 2. eta 3. puntuetan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epearen amaiera 2026ko martxoaren 31 izango da.
21. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Kasu horietan, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko ebazpena emango du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, agindu honen 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
22. artikulua.– Dirulaguntza itzultzea.
1.– Honako hauek izango dira dirua itzultzeko arrazoiak:
a) Jasotako dirulaguntzak, erabat, agindu honen oinarrietan aurreikusitakoez bestelako egitasmo edo jardueretarako erabiltzea.
b) Agindu honen oinarrietan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.
d) Aurkeztutako egitasmoan Hizkuntza Politikako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.
c) Hala badagokio, dirulaguntzaren aldaketa-ebazpenean zehaztutako zenbatekoa ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.
e) Dirulaguntzen arloko beste edozein xedapenetan oro har ezarritako beste edozein kasu, bereziki Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitakoak.
2.– Aurreko puntuan aipatutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta Dirulaguntzen arloko berandutze-interesak. Horretarako, abenduaren 21eko 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. eta 40. artikuluetan xedatutakoaren arabera jokatuko da.
3.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 40.1 artikuluan ezartzen duenez, itzulketa-prozedura hasteko erabakiak automatikoki etengo ditu ukitutako dirulaguntzari dagozkion ordaintzeke dauden zenbatekoen igorpenak, eta, gainera, 34. artikuluan (ordainketak atxikitzea), kautelazko neurri gisa, Administrazioak berak emandako beste dirulaguntza batzuetatik eratorritako ordaintzeke dauden zenbatekoen ordainketa-aginduak etetea ahalbidetuko du, betiere itzulketa-espedientea hasteko proposamenak edo ebazpenak finkatutako zenbatekoa eta ordura arte sortutako berandutze-interesak gainditu gabe.
23. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoa gauzatu dela justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean.
2.– Justifikazioa aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31n bukatuko da. Nolanahi ere, onuradunak behar bezala justifikatzen badu justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak daudela, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, epea amaitu aurretik eta, betiere, hirugarren baten eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epe hori luzatzea justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da izango, eta inola ere ez du balioko gastua egiteko epea luzatzeko.
3.– Dirulaguntza justifikatzeko, 2025eko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitarteko gastuak kontuan izango dira. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
4.– Pertsona juridikoen kasuan zein nortasun juridikorik gabeko pertsonen kasuan, justifikazioa bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko da, www.euskadi.eus -eko gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Pertsona fisikoen kasuan, justifikazioa elektronikoki zein aurrez aurre aurkeztu daiteke, 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraituz.
24. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Dirulaguntzaren justifikazioa justifikazio-kontu sinplifikatuaren arabera egingo da, antolamendu juridikoak horretarako aukera ematen duenean; hau da, dirulaguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen ez duenean. Justifikazio-kontu erraztuak honako hauek jaso beharko ditu:
– Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena. Horrek jasoko ditu ebazpena eman zen garaian kontuan izandako baldintzak betetzen dituzten produktuen emaitzak edota helburuak. Horiek bere horretan mantendu ez badira, aldaketa-garaian, zuzendaritza kudeatzaileak ontzat emandako aldaketen berri emango du.
– Diruz lagundutako egitasmoari dagokion aurrekontu likidatua. Alde horretatik, bermatu beharko da, gutxienez, egitasmoak hasieran eskatutako finantzaketa-maila propioa duela eta ez duela gainfinantzaketarik.
– Beste dirulaguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.
– Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua.
– Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion diru-sarreren zerrenda sailkatua.
– Agindu honetako 19. eta 25. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena.
Dirulaguntza ematen duen organoak behar adina justifikazio-agiri egiaztatuko ditu, dirulaguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, diru-unitate bidezko laginketa-teknikak erabiliz. Horretarako berak hautatutako gastuen justifikagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak bidaltzeko eskatuko zaio onuradunari.
2.– Dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko, honako hauek igorriko dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzara:
– Argitaratutako zenbaki guztien ale bana (paperean edo euskarri elektronikoan).
– Zabalkundearen zinpeko aitorpena. Harpidetzak eta salmenta-puntuetan saldutako edo banatutako tirada ematen duena.
– Inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalen fotokopiak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale eta orrialde kopurua zehaztu beharko da.
– Web-orria dutenek, urtean zehar argitaratutako edukiaren zerrenda, bakoitza bere estekarekin.
Urteroko justifikazioarekin batera euskarri elektronikoan jasotako testuak, idatzizkoak zein ahozkoak, hizkuntza-ikerketen euskarri izango diren corpusak elikatzeko erabili ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzak. Nolanahi ere, urte amaierako justifikazioaren zain egon beharrean, argitaratu ahala bidali nahi izanez gero, jokamolde horri ekin ahal izango zaio. Bide hori aukeratuz gero, onuradunak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzarekin finkatuko du prozedura.
3.– Jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa denean, justifikazioak honako hauek jasoko ditu: aurreko ataletan aipatutako dokumentazioaz gain, aipaturiko zerrendako gastuen justifikagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak.
4.– Agindu honen 20. artikuluaren e) atalean aipatzen den dirulaguntzaren ordainketa egiteko, artikulu honen 1., 2. eta 3. ataletan jasotakoaz gain, honako hauek ere osatuko dute dirulaguntzaren justifikazioa:
a) Dirulaguntzaren onuraduna enpresa, fundazioa edo onura publikoko elkartea bada, eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoak onuradunaren urte horretako jardun osoaren % 50etik gorako jarduera bada, onuradunaren urte horretako kontuak. Halaber, aipatu onuradunari legez auditoria egitea badagokio, 2025eko auditoria ere aurkeztuko du. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoaren urteko gastu-aurrekontuak 500.000 eurotik gorakoa denean, urteari dagokion auditoriak egindako onuradunaren gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.
b) Dirulaguntzaren onuraduna elkartea bada eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoak elkartearen urte horretako % 50etik gorako jarduera osatzen badu, elkartearen urteko kontabilitatea. Kontabilitate horrek elkartearen finantza-egoeraren, emaitzaren eta ondarearen irudi leiala lortzeko aukera emango du. Aipatu elkarteari legez auditoria egitea badagokio, 2025eko auditoria ere aurkeztuko du. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoaren urteko gastu-aurrekontuak 500.000 eurotik gorakoa denean, urteari dagokion auditoriak egindako onuradunaren gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.
5.– Dirulaguntzaren erabilera zuzena egin dela ziurtatzeko, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen beste edozein informazio osagarri eskatzeko aukera izango du.
6.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute Jarraipen Batzordea:
a) Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena: Josune Irabien Marigorta.
b) Euskara Sustatzeko zuzendaritzaren Sustapen Zerbitzuaren arduraduna: Pablo Mendizabal Arnaez.
Jarraipen Batzordeak idazkaria izango du. Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da: Yolanda Viadero Villanueva. Ordezkoa, Arantza Orbegozo Garate. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.
25. artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren aipamena.
1.– Agindu honen 19. artikuluan finkatutako betebeharraren arabera, laguntza mota honetan onuradun suertatzen den argitalpen orok Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du. Hori dela eta, ezaugarri hauek dituen aipamena egin beharko da:
– Diruz lagundutako argitalpen orok elementu hauetaz osatutako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia.
– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua, esleitutako dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 12 hilabetez agerian egongo da.
– Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerkariaren kreditu-ezaugarriak (argitaratzailea, zuzendaritza, erredakzioa, tirada, etab.) adierazten diren toki berean jarriko da eta, hori guztiz ezinezkoa bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostuko du onuradunak garrantzi eta ikusgarritasun bera duen tokirik egokiena.
26. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Eskatzailearen datu pertsonalak tratatuko dira eta sartuko dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran.
Arduraduna: Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Paperean eta Euskara hutsez argitaratzen diren argitalpenak sustatzea.
Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.
– Hartzaileak: arloan eskumena duten administrazioak.
– Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024000-capa2-eu.shtml
Araudia:
–.2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa.– Datuak Babeserako Erregelamendu Orokorra.
https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf
–.3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa
https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Agindu honetan araututako laguntzetan ez dira betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako betekizun guztiak; beraz, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen, eta, ondorioz, ez zaio Europar Batasunari jakinarazi behar. Hain zuzen, laguntza hauek ez diote Europar Batasunaren barneko merkataritzari eragiten, merkatu lokal batera xedatzen diren produktuak direnez. Horrenbestez, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunak 108.3 artikuluan xedatzen duen jakinarazpen-prozeduratik salbuetsita daude laguntza hauek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortzen bada, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 11.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS