Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2025eko urriaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
4265

AGINDUA, 2025eko irailaren 19koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, horren bidez ezartzeko karrera judizialean eta fiskalean eta Justizia Administrazioko letraduen kidegoan sartzeko oposizioak prestatzeko oinarri arautzaileak eta 2026ko ekitaldirako laguntza ekonomikoen deialdia egiteko.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 20. artikuluan ezartzen duenez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eginkizunen artean dago Botere Judizialarekiko harremanak zaintzea eta Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabideak hornitzea.

Lehen aipatutako Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, iraungitako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietako Saileko organo eta unitateek osatuko dute Justizia eta Giza Eskubideen Saila, Gizarte Politiketako Sailburuordetza izan ezik.

Horren ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretua onartu zen. 9. artikuluak Justizia Sailburuordetzari esleitutako eskumen nagusiak jasotzen ditu, eta honako hauek nabarmentzen dira: Justizia Administrazioaren funtzionamendurako behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak hornitzea, Zuzenbide Estatua garatzen laguntzen duten neurriak bultzatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia finkatzea. Era berean, 10. artikuluak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari esleitzen dio, besteak beste, Justizia Administrazioarekin lotutako lanbide juridikoetan sartzeko prestakuntzarako laguntza-sistema bat planifikatzea eta garatzea.

Ildo horretan, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko otsailaren 5eko Aginduaren bidez onartutakoak (Plan-Estrategiko-Dirulaguntzak_JDDH2025-2028.pdf), dirulaguntzen lerro bat jasotzen du (1.1.1), izen honekin: «Zuzenbideko lizentziadunentzako edo graduatuentzako laguntzak, Justizia Administrazioko karrera judizialean, fiskalean eta letraduetan sartzeko prestakuntza emateko». Helburua 2022-2028 aldirako Justizia Plan Estrategikoan jasotako helburuarekin laguntzea da, euskal herritarrak karrera eta kidego horietan sar daitezen eta, etorkizunean, EAEn jardun ahal izan dezaten.

Dirulaguntza-lerro honen bidez, Karrera Judizialean eta Fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzea zailtzen duten oztopo ekonomikoak ezabatzen lagundu nahi da; beraz, horiek emateko, eskatzaileen errenta-maila eta Konstituzioan jasotako berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak hartuko dira kontuan.

Laguntza ekonomiko horiek kudeatzeko eta emateko, aldez aurretik oinarri arautzaile batzuk ezarri behar dira, administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak ezarritako oinarrizko araudian ezarritako printzipioen arabera.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu honen I. eranskinean jasotako oinarriak onartzea, eta laguntzetarako deialdia egitea 2026ko ekitaldirako, karrera judizialean eta fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzeko oposizioak prestatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi hau gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeko araubidearen mende geratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua aplikatuz. Beraz, xedapen honen 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdiaren xede diren bekak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoak egon behar du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatzen diren laguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 19a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

I. ERANSKINA
KARRERA JUDIZIALEAN, FISKALEAN ETA JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO LETRADUEN KIDEGOAN SARTZEKO OPOSIZIOAK PRESTATZEKO DIRULAGUNTZEN 2026KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2026ko ekitaldian Karrera Judizialean eta Fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzeko hautaketa-probak prestatzeko gastuak ordaintzeko 40 beka emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea.

2.– Zehazki, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira oposizioa prestatzeko zentro espezializatuaren edo prestatzailearen gastuak ordaintzera bideratutakoak –Karrera Judizialeko edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko kide izan beharko dute nahitaez–, bai eta oposizioko azterketak egiten diren herrian oposizioa, joan-etorriak, ostatua edo mantenua ikasteko beharrezkoak diren material didaktikoaren gastuak ordaintzera bideratutakoak ere.

3.– Laguntza horien % 5 ehuneko hori ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat gordeko da, betiere desgaitasun-maila egiaztatzen badute eta dagozkien eginkizunak eta zereginak betetzeko bateragarriak direla egiaztatzen badute. Erreserbatutako laguntza horiek esleitu gabe geratzen badira, gainerakoei gehituko zaizkie.

2. oinarria.– Zuzkidura ekonomikoa eta ordaintzeko modua.

1.– Beka bakoitzaren zenbatekoa urtean 6.600 eurokoa izango da. Hilean 550 euro ordainduko zaizkio laguntzaren esleipendun bakoitzari, betiere onuradunak laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitzen badu.

2.– Hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak kenduko zaizkio dirulaguntzaren zenbatekoari, zergaren araudia aplikatuz gero.

3.– Beka hilero ordainduko da, dagokion hileko lehen astean.

4.– Ondorio horietarako, 2026ko ekitaldirako 264.000 euro bideratu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan dagokion aurrekontu-partidaren kargura.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdiko beken ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urterako aurrekontu orokorretan.

3.– Oinarria.– Laguntzen iraupena.

1.– Bekek urte natural bateko iraupena izango dute, hau da, 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epean onuradunak dagokion hautaketa-prozesua gainditzen badu, oposizio-fasea edo, hala badagokio, lehiaketa/oposizioa gainditu dutenen egunean amaituko da laguntzaren iraupena.

3.– Kasu orokorra. Deialdia 9.1 oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera ebatziko da. Onartutako eskabideak dituzten baina 40 beketako bat emateko behar den puntuazioa lortu ez duten pertsonak ordezkoen zerrendan sartuko dira. Ordezkoen zerrendak ere agindu honen 9.1 oinarrian jasotako irizpideen arabera antolatuko dira.

4.– Kasu berezia. Bekak hiru urteko aldi baterako eskatu ahal izango dira, jarraituak edo txandakakoak. 40 bekak betetzen ez badira eta plaza hutsak geratzen badira, aurreko urteetako laguntzen onuradunek eskatu ahal izango dituzte, baldin eta gehienez ere hiru urteko epean baliatu badituzte, eta, horrela, laugarren urterako aukera izango dute. Balorazio-irizpideak 9.2 oinarrian ezarritakoak dira.

4. oinarria.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntza ekonomikoen onuradun izan ahalko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzean honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak:

a) Ez izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko lehenengo apartatuko a), b), e), g) eta h) letretan ezarritako debekurik. Ezingo dira laguntza honen onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden pertsonak:

– Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta egotea, konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek), esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

– Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.

– Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

– Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

b) Karrera judizialean eta fiskalean eta Justizia Administrazioaren letraduen kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuan argitaratutako azken deialdian eskatutako betekizunak betetzea, hautatutako kidegoaren arabera.

c) Azken zazpi urteetatik gutxienez bost urtez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

d) Zuzenbideko lizentziatura edo gradua izatea.

e) Oposizioa zentro espezializatu baten zuzendaritzapean aztertzea edo Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izatea, edo, laguntzaren onuradun izanez gero, hura izateko konpromisoa.

Zentro espezializatutzat hartuko da publikoki beka hauen xede diren oposizioak prestatzen diharduena, eta prestatzaileak, berriz, prestakuntza-prozesua zuzentzen dutenak, ez badira eskatzailearen lehen mailako zuzeneko senideak, ez odol-ahaidetasunekoak, ez ezkontza-ahaidetasunekoak, eta Karrera Judizialeko edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kideak badira, edo haien ibilbide profesionalak jarduera hori egiteko kaudimena ematen dien legelariak badira. Azken kasu horretan, kaudimena egiaztatu beharko da, eta nahikotasuna Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren berariazko baimen arrazoituaren bidez baloratuko da.

Baldintza hori ez da betetzat joko, baldin eta prestakuntza plataforma edo sistemen bidez egiten bada, eta helburua ez bada erreferentziako hautaketa-prozesuko oposizio-fasea osatzen duten ariketa guztiak gainditzea.

f) Funts publiko edo pribatuekin finantzatutako beste beka edo laguntzarik jasotzen ez aritzea helburu berarekin beka emateko unean eta emandako bekak irauten duen bitartean.

g) Ez jasotzea inolako ordainsaririk, ez dirutan ez gauzatan, ez ordainsari profesionalik, norberaren edo besteren konturako lanbide- edo lan-jarduera bat egiteagatik, baldin eta jarduera horren iraupena lanaldi erditik gorakoa bada emandako bekaren indarraldian.

h) Gehienez ere hiru urtez, jarraian edo aldizka, deialdi honetan aipatzen diren bekak prestatzeko antzeko beste edozein bekaren onuradun ez izatea, 3.4 oinarrian jasotako kasu berezian dauden eskatzaileen kasuan izan ezik.

i) Diru-sarrera propioak izanez gero, 20.000 euro garbi baino gehiago ez izatea.

Diru-sarrerak eskatzailea mende duten pertsonenak badira, diru-sarrera horiek ezin izango dute 75.000 euro garbi baino gehiago izan.

Bi kasuetan, hau da, eskatzailearen diru-sarrera propioetan edo haren gainetik dauden pertsonen diru-sarreretan, zenbaketa honako arau hauen arabera egingo da:

– Urteko diru-sarreratzat hartuko dira salbuetsitako balizko errenten, lanaren etekin osoen, jarduera ekonomikoen etekin osoen, kapital higigarri edo higiezinaren etekin osoen, ondare-irabazi eta -galeren, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren edo aitorpenen parte diren edo izan daitezkeen errenten egozpenen batura, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren gastu kengarriak kenduta.

Nolanahi ere, ez dira kontuan hartuko ondare-irabazi eta -galera negatiboen saldo garbiak.

Konpentsazio-pentsioak eta mantenu-pentsioak kontuan hartuko dira, bai ezkontide ohiaren edo izatezko bikotekide ohiaren diru-sarreratzat, bai horiek ordaindu behar dituen ezkontide ohiaren diru-sarreren murrizketatzat, betiere horiek ordaindu behar dituen ezkontide edo bikotekide ohiak agiri bidez frogatzen badu benetan ordaindu dituela.

Urteko diru-sarrerak zenbatzeko, eskaera egin aurreko ekitaldian lortutakoak hartuko dira kontuan.

Laguntza eman aurreko ekitaldiko benetako errenta-maila betetzen dela egiaztatuko da, elkarreragingarritasun-plataformetan eskuragarri dagoenean.

– Diru-sarreratzat hartuko dira, halaber, langabeziagatiko, ezintasunagatiko, DSBEagatiko, kotizaziopeko edo kotizazio gabeko prestazioengatiko, gizarte-larrialdiko diru-sarrerengatiko, gizarteratzeagatiko edo antzeko beste batzuengatiko prestazioak.

– Eskatzaileek independentzia ekonomikoa eta familiarra badute, beren baliabide ekonomiko nahikoak eduki beharko dituzte, bai eta bizileku bereizia eta familiatik kanpokoa ere.

– Pertsonek diru-sarrera propiorik ez badute eta ekonomikoki gurasoez bestelako pertsonen mende badaude, salbuespenezko mendekotasun-egoera hori egiaztatu beharko dute ebazpen, epai judizial edo zuzenbidean legez onartutako beste edozein bitartekoren bidez.

– Laguntza hauen ondorioetarako, laguntza-eskatzailearekin bizi diren neba-arreben diru-sarrerak ez dira zenbatuko, salbu eta haiekiko diru-sarreren mendekotasuna baliarazi nahi bada; kasu horretan, egoera hori aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera egiaztatu beharko da.

– Ez dira diru-sarrera propiotzat hartuko banantze edo dibortzio, umezurtz-pentsio edo lan-errentetatik edo kapital higigarri edo higiezinetik ez datorren beste edozein pentsiotik eratorritako diru-sarrerak.

j) Dirulaguntzak edo laguntzak eskuratzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere.

k) Ezingo dira onuradun izan LGTBIfobia bultzatzen edo sustatzen dutenak, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoaren arabera.

l) Egunean izatea zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

Betekizun horiek eskatu ahal izango dira bai onuradun izateko, bai izaera horri eusteko, eta, beraz, betetzen direla egiaztatuko da, bai dirulaguntza emateko unean, bai hileko ordainketak egiteko unean.

5. oinarria.– Sartzeko baldintzak egiaztatzea.

1.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotako xedapenen arabera, Administrazioak gauzatuko du administrazio-prozeduretan interesa duten pertsonek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasuetan dokumentuak ez aurkezteko duten eskubidea. Horretarako, ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten datuak edo dokumentuak administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformen bidez lortu edo egiaztatuko dira, salbu eta interesduna aurka badago edo teknikoki ezinezkoa bada horiek lortzea. Hori guztia, herri-administrazioari esleitutako egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

2.– Agindu honen 4. oinarrian xedatutakoaren arabera, Administrazioak ofizioz egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, deialdiko i) eta l) letretan adierazitako baldintzak betetzen direla. Eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Teknikoki bideraezina bada, interesdunari eskatuko zaio dokumentazio hori.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, interesdunak adierazten du agindu honen 4. oinarriko a), b), e), f), g), h) eta j) letretan ezarritako baldintzak betetzen dituela, hargatik eragotzi gabe administrazio honek egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izatea. Erantzukizunpeko adierazpen hori eskabide-inprimakian dago.

Administrazio-izapidetzea sinplifikatzeko eta eskubide hori bermatzeko, ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan araututako kasuetan.

3.– Hala ere, deialdiaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Zehazki:

a) Aukeratutako hautaketa-prozesura aurkezteko beharrezkoa den Zuzenbideko titulazioa. Ezin bada eskabidearekin batera aurkeztu, zuzentzeko epearen barruan aurkeztu ahal izango da. Titulu ofiziala edo titulua emateko eskaeraren frogagiria aurkeztu beharko da, tasak ordaindu direla jasotzen duena. Frogagiri horretan tasak ordaindu direla adierazten ez bada, tasak ordaindu izanaren bankuko egiaztagiria ere aurkeztu beharko da. Era berean, ikasketa-espediente osoa aurkeztu beharko da (espediente horren batez besteko nota globala barne, 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalan).

b) Urteko diru-sarreren baldintza betetzen dela egiaztatzeko, eskaeraren dataren aurreko ekitaldiko diru-sarrerei buruz eskuragarri dagoen informazioa hartuko da oinarri. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiten ez duten pertsonen kasuan, edo aurreko ekitaldiko zerga-informazioa administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformetan eskuragarri ez dagoenean, diru-sarrerak honela egiaztatuko dira: PFEZaren atxikipenen ziurtagiri ofiziala (10T agiria), lan-bizitzaren ziurtagiria, zerga-administrazio eskudunak emandako errenta-ziurtagiria edo zuzenbidean onartutako antzeko edozein egiaztagiri.

Diru-sarrerak eskatzailea, gurasoak edo bizikidetza-unitateko beste kide batzuk mendean dituzten pertsonetatik badatoz, Administrazio honek bere zerga-datuak elkarreragingarritasun-sisteman kontsultatu ahal izateko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, non eskatzaileak adieraziko baitu hirugarren horiei informazioa eman diela eta haien baimena duela (III. eranskina).

c) Eskatzailea mendean duten pertsonen banantze, dibortzio edo antzeko egoeretan, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioaz gain, hitzarmen arauemailea ere bidali beharko da. Hitzarmen arautzaile horretan adierazitako diru-sarrerak ordaintzen ez badira, zuzenbidean legez onartutako edozein bitartekoren bidez egiaztatuko da.

d) Eskatzaileak diru-sarrera propioen mende badaude eta familiakoa ez den beste bizileku batean bizi badira, alokairu-kontratua, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo etxebizitzaren titulartasuna edo hura gozatzeko eskubidea egiaztatzen duen zuzenbidean onartutako beste edozein titulu aurkeztu beharko dute.

e) Eskatzaileak ekonomikoki beren gurasoak ez diren beste pertsona batzuen mende badaude, salbuespenezko egoera hori egiaztatu beharko dute, eta, horretarako, ebazpena, epai judiziala edo mendekotasun hori justifikatzeko legez onartutako beste edozein bitarteko aurkeztu beharko dute.

f) Erroldatze historikoaren ziurtagiria, eskaera egiten den egunean etxebizitzan bizi diren pertsona guztiei buruzko informazioa jasotzen duena (bizikidetza-ziurtagiria).

g) Hala badagokio, alegatzen duen desgaitasun-egoera egiaztatzen duen ziurtagiria.

h) Euskararen ezagutza-maila egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio. Betebehar horretatik salbuetsita daude aurreko deialdietan aurkeztu duten edo Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) sartuta dauden eskatzaileak. Egiaztapen hori ofizioz egiaztatuko da, eskatzaileak berariaz aurka egiten ez badu. Kasu horretan, egiaztapen horren aurka egiteko eskubidea baliatu ahal izango du, eta, kasu horretan, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

6. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak beka onartzeak deialdi honetan ezarritako arau guztiak onartzea dakar, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gorabeheraren bat gertatuz gero, horren berri ematea.

Zehazki:

a) Beka zein karrera edo kidegotarako eman den, ikasketa edo kidego hori prestatzeko jarduera egitea, eta laguntzen zenbatekoa agindu honen 1.2 oinarrian adierazitako gastuetarako erabiltzea.

b) Deitzen den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea:

– Lehenengo aldia bada: baldin eta gutxienez urtebete igarotzen bada laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik hautaketa-prozesuaren deialdia argitaratzen den egunera arte.

– Aurreko urteetako bekaren onuradunak: ondorengo hautaketa-prozesuetan parte hartu beharko dute, nahiz eta urtebeteko epea igaro ez laguntzak argitaratzen direnetik hautaketa-prozesuaren deialdia egin arte.

Ondorio horietarako, hautaketa-prozesuan parte hartu izana onartuen zerrendan sartzea dela ulertuko da, baita dagozkion azterketak aurkeztea eta egitea ere. Inguruabar horiek zuzenbidean legez onartutako ziurtagiri edo frogagirien bidez egiaztatuko dira, eta parte hartu duten hautaketa-prozesuak egin ondoren aurkeztu beharko dira.

c) Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean frogatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela.

d) Dirulaguntza eman duen organoak edo erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusitako jarduketen mende eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenen mende ere egongo da.

e) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako moduan (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

g) Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

h) Beka eman den hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gaindituz gero, berehala jakinarazi beharko zaio erakunde emaileari, eta jasotako funtsak proportzionalki itzuli beharko dira. Oposizio-fasea edo, hala badagokio, lehiaketa/oposizio-fasea gainditu dutenen zerrenda argitaratzen den egunean amaituko da laguntza.

7. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Azaroaren 14ko 172/2023 Dekretuaren arabera (172/2023 Dekretua, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra ezartzen baita karrera judizial eta fiskalerako eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegorako sarbidea prestatzeko laguntzak emateko prozeduraren eskabidean eta gainerako izapideetan), aipatutako baldintzak betetzen dituzten interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez soilik eskatu behar dituzte dirulaguntzak, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/0035114

Horretarako, osorik bete beharko da eskabidea online egiteko inprimakia, eta, horretarako, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoren bat erabiltzea.

Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 71. artikuluan adierazten denez, identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak erabiliz gero, Administrazioak jasotako datu pertsonalak tratatu ahal izango ditu, sinadura autentifikatu eta egiaztatzeko, eta ez da izango interesduna ez den beste pertsona batzuek bitarteko horiek erabiltzearen erantzulea.

Pertsona bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta prestatuko duen karreran edo kidegoan sartzeko hautaprobak hautatu beharko ditu, eta aurreko urteetan emandako beka berritu behar den ala ez adierazi.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Prozedura izapidetzen den bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Izapidetze telematikorako zehaztapenak:

– Aplikazioan sartzeko ziurtagiri elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazio-memoria eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0035114

– Eskatzaileak elektronikoki izapidetu ahal izango du eskabidea ordezkari baten bidez. Horretarako, eskabidea aurkeztu aurretik, eskatzailearen ordezkari izendatutako pertsonak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barne, bai eta Administrazioaren ebazpenen jakinarazpen elektronikoak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Horretarako, interesdunak ziurtatu beharko du identifikazio-sistemak behar bezala erabiltzen direla, eta zaindu beharko du bere kabuz edo pertsona baimendu batek bakarrik sar daitekeela herritarren karpetara.

– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarrenen datuak aldatzeko, interesdunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-sede/eu/

Inprimakia betez gero, ulertuko da eskatzaileek baimena ematen dutela Administrazioaren esku dauden datuak kontsultatzeko.

8. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpena.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua aplikatuz, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzaren 8/2024 Zirkularra kontuan hartuta, eskakizunak betetzen direla justifikatuko da eskaeran jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hargatik eragotzi gabe ebazpena eman aurretik dagokion dokumentazioa aurkezteko betebeharra, hala badagokio. Erantzukizunpeko adierazpenak inguruabar hauek jasoko ditu:

– Ez duela Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik.

– Karrera Judizialean eta Fiskalean eta/edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuan argitaratutako azken deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela.

– Eskatzaileak, laguntzaren onuradun izanez gero, agindu honetan deskribatutako pertsona edo zentro prestatzaile baten zuzendaritza izango duela.

– Ez duela inolako ordainsaririk jasotzen lan edo lan-jarduera bat egiteagatik, ez bere kontura, ez besteren kontura, lanaldi erdia baino gehiago irauten badu.

– Gehienez ere hiru urtez, jarraian edo aldizka, deialdi honetan aipatzen diren bekak prestatzeko antzeko beste edozein bekaren onuradun ez izatea, 3.4 oinarrian jasotako kasu berezian dauden eskatzaileen kasuan izan ezik.

– Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko (inguruabar hori ofizioz egiaztatuko da).

– Ez dela xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari administrazio publiko edo erakunde pribatuetatik.

– Ez duela dirulaguntzak edo laguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik. Egiazkoak direla eskabidean eta erantsitako dokumentazioan jasotako datuak.

– Eskabidean eta erantsitako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla.

9. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

1.– Kasu orokorra. Onuradun izateko, honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan Eskabideak Ebaluatzeko Batzordeak:

a) Egoera ekonomikoa.

Egoera ekonomikoa, 0 eta 45 puntu bitarteko eskalaren arabera baloratuko da, honela banakatuta:

* Urteko diru-sarrerak (balio garbia eurotan) familia-unitateko.

(Ikus .PDF)

* Urteko diru-sarrerak (balio garbia eurotan) familia-unitateko kide bakoitzeko (biztanle bakoitzeko):

(Ikus .PDF)

* Merezimenduak baloratzeko, etekin garbien arabera egiaztatuko dira diru-sarrerak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren bidez. Hala ere, errendimendu garbiak berariaz adierazi gabe, zuzenbidean legez onartutako beste edozein bitartekoren bidez egiaztatutako diru-sarreretan, merezimenduak baloratzeko, diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan.

b) Ikasketa-espedientea.

Espediente akademikoa espediente horren batez besteko nota globalaren arabera baloratuko da, 0 eta 35 puntu bitarteko eskalan, honela banakatuta:

(Ikus .PDF)

c) Euskara jakitea.

Euskararen jakite-maila eskala honen arabera baloratuko da, 0 puntutik 15era, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1, B2 eta C1 mailen arabera:

(Ikus .PDF)

Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera, eta uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuaren bidez egindako ondorengo aldaketen arabera, ebazpen horietan adierazitako euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatuko dira, eta elkarren artean baliozkotuta geratuko dira.

d) Laguntza honen aurreko urteetako onuradunak izatea.

Aurreko urteetan beka jasotzeagatik, 0 eta 5 puntu artean:

– Urtebeterako: 2 puntu.

– Bi urterako: 5 puntu.

Hori egiaztatzeko, epaimahaiaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, Estatuko Aldizkari Ofizialaren kopia edo inguruabar hori modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste edozein dokumentu aurkeztu beharko da.

2.– Agindu honen 3.4 oinarrian jasotako kasu berezian, beka guztiak esleitu ez badira, hutsik geratzen diren bekak aurreko deialdietako onuradunei eskatu eta esleitu ahal izango zaizkie, baldin eta deialdi horiek baliatzeko 3 urteko muga gainditu badute, beste lau urtez. Honako balorazio-sistema honi jarraituko zaio:

a) Egoera ekonomikoa.

Egoera ekonomikoa, 0 eta 35 puntu bitarteko eskalaren arabera baloratuko da, honela banakatuta:

* Urteko diru-sarrerak (balio garbia eurotan) familia-unitateko:

(Ikus .PDF)

* Urteko diru-sarrerak (balio garbia eurotan) familia-unitateko kide bakoitzeko (biztanle bakoitzeko):

(Ikus .PDF)

* Merezimenduak baloratzeko, etekin garbien arabera egiaztatuko dira diru-sarrerak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren bidez. Hala ere, errendimendu garbiak berariaz adierazi gabe, zuzenbidean legez onartutako beste edozein bitartekoren bidez egiaztatutako diru-sarreretan, merezimenduak baloratzeko, diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan.

b) Ikasketa-espedientea.

Espediente akademikoa espediente horren batez besteko nota globalaren arabera baloratuko da, 0 eta 35 puntu bitarteko eskalan, honela banakatuta:

(Ikus .PDF)

c) Euskara jakitea.

Euskararen jakite-maila eskala honen arabera baloratuko da, 0 puntutik 20ra bitartean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1, B2 eta C1 mailen arabera:

(Ikus .PDF)

Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera, eta uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuaren bidez egindako ondorengo aldaketen arabera, ebazpen horietan adierazitako euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatuko dira, eta elkarren artean baliozkotuta geratuko dira.

d) Azterketak gainditzea.

Beka eskatzen deneko oposizioko azterketak azken lau urteetan gainditzeagatik, 0 eta 10 puntu artean:

– Gainditutako azterketa: 5 puntu.

– Bi azterketa gainditu izana: 10 puntu.

Azterketak gainditu izana egiaztatzeko, epaimahaiaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, azterketa jasotzen duen Estatuko Aldizkari Ofizialaren kopia edo egoera hori modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste edozein dokumentu aurkeztu beharko da.

3.– Berdinketa hausteko irizpideak.

Berdinketa gertatuz gero, eskabide bat baino gehiagoren artean, guztizko puntuazioa eman ondoren, aurreko irizpideak aplikatuta:

a) Familia-errenta per capita txikiagoaren irizpidea nagusituko da.

b) Berdinketak bere horretan badirau, familia-unitateko errenta txikiena duen eskatzailearen alde ebatziko da.

c) Berdinketak jarraitzen badu, espediente akademikoan batez besteko nota global handiena duena.

10. oinarria.– Emateko prozedura.

Bekak emateko prozedura lehiaketa bidezko norgehiagoka izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Lehiaketatzat hartuko da laguntza edo dirulaguntza horiek emateko prozedura, zeinaren bidez aurkeztutako eskabideak alderatuko baitira, agindu honen 9. oinarrian jasotako balorazio-irizpideak kontuan hartuta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko eta balorazio-irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortu duten eskabideei soilik esleitzeko.

20/2023 Legearen 20. artikuluaren arabera, dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko prozedura ofizioz hasten da beti. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da prozedura.

11. oinarria.– Dirulaguntza emateko prozedura antolatu, kudeatu eta ebazteko organo eskudunak.

1.– Bekak emateko prozedura Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez hasiko da. Agindu horretan, deialdia eta oinarri arautzaileak ezarriko dira.

2.– Prozedura instruitzea Justizia Administrazioko zuzendariari dagokio, eta hark egingo ditu ebazpen-proposamena egiteko oinarri izango diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak.

3.– Hautagaitzak baloratzeko, eskabideak ebaluatzeko batzorde bat eratuko da, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dezan.

Ebaluazio Batzordearen osaera:

Presidentea: M.ª Dolores Movilla Rivas andrea, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justizia Administrazioko zuzendaria, edo, hala badagokio, haren legezko ordezkoa.

Lehenengo bokala: Sara Mallén Basterra andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak izendatutako epaile magistratua.

Bigarren batzordekidea: M.ª Carmen Adán del Río andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia, edo, hala badagokio, legez ordezkatzen duen pertsona.

Hirugarren batzordekidea: José María Bastos Marzal jauna, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justiziako zuzendaria, edo, hala badagokio, haren legezko ordezkoa.

Laugarren batzordekidea: Blanca Rosa Barbero Blanco andrea, EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salako idazkaria, edo, hala badagokio, legez haren ordezkoa dena.

Bosgarren batzordekidea: José Ramón Intxaurbe Vitorica jauna, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa, edo, hala badagokio, legez ordezkatzen duen pertsona.

Seigarren batzordekidea: Alberto Emparanza Sobejano jauna, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoa edo, hala badagokio, haren legezko ordezkoa.

Idazkaria: María Belén Beltrán Cano andrea, Justizia Administrazioko Zuzendaritzako aholkulari juridikoa, edo, hala badagokio, haren legezko ordezkoa.

Eskabideak aztertu ondoren, Ebaluazio Batzordeak txostena egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz.

Batzordeak, hautatutako 40 hautagaien zerrendarekin batera, lortutako puntuazioaren arabera eta zein kidegotarako oposizioa egin duten kontuan hartu gabe, beste zerrenda bat proposatuko du, hurrengo puntuazioak lortu dituzten eskatzaileei buruzkoa, ordezko gisa, onuradun izaera amaitu, uko egin, ez betetzea, gerora sortutako ezintasuna edo galtzea dakarren beste edozein kasurako, betiere laguntzak eman eta bi hilabeteko epean gertatzen bada.

Ordezkoen zerrenda lehentasunezko merezimenduen baremoaren arabera lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera zenbakituko da.

Deialdi honetan emandako beketan postu bat hutsik geratzen bada, zerrendako lehenengo ordezkoari esleituko zaio, ordezkoari geratzen zaion iraupenarekin, hirugarren artikuluan ezarritakoa bete arte.

4.– Instrukzio-organoak, espedientea eta Eskabideak Ebaluatzeko Batzordearen txostena ikusita, onartutako eta baztertutako eskabideen ebazpen-proposamena egingo du, baztertzeko arrazoiekin eta ordezkoen proposamenarekin batera. Proposamen hori interesdunei jakinaraziko zaie («Nire karpeta» atalaren bidez), eta 10 eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

5.– Aurkeztutako alegazioak eta zuzenketak aztertu ondoren, prozedura ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio ebazpen-proposamena.

12. oinarria.– Esleipena.

1.– Justiziako sailburuordeak, ebazpen-proposamena aztertu ondoren, deialdia ebatziko du, eta onuradunak eta ordezkoak izendatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera. Ebazpena jakinarazi ondoren, onuradunak 10 eguneko epean onartu beharko du. Epe hori igarotakoan, proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

2.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Adierazitako epean berariaz ebazten ez bada, eskabideak ezetsitzat joko dira.

3.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean.

Prozeduraren ebazpena berariaz eta banaka jakinaraztea alde batera utzi gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. artikuluan xedatutakoa betez, onuradunen, ordezkoen eta, hala badagokio, lanpostu hutsen behin betiko zerrenda, emandako zenbatekoaz eta finantzatutako jarduketaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Onuradunaren informazioaren argitalpenak bereziki babestutako datuak baditu, datu horiek bereizi ondoren soilik egingo da publizitatea. Era berean, deialdiari eta dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko informazioa bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Erregistro Orokorrera.

13. oinarria.– Justifikazioa.

Bekaren onuradunak erakunde emaileari justifikatu beharko dio betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, bai eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin duela ere. Horretarako, lauhileko bakoitzaren amaieran, honako dokumentazio hau bidali beharko du:

– Jarduketa-memoria, deialdian eta, hala badagokio, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzen duena, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita. II. eranskina.

– Pertsona edo zentro prestatzaileak emandako aprobetxamendu-ziurtagiria, digitalki sinatua.

– Pertsona edo zentro prestatzailearen faktura (k) edo banku-ziurtagiria (k), prestatzailearen alde egindako transferentziarena (k).

14. oinarria.– Itzulketa.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kasu hauetan itzuliko dira beka gisa jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak eskatuko dira: beka ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada, lege horren 40. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera.

b) Beka lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsutuz, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuz ere.

c) Bekaren helburua ez betetzea edo bekaren xede den portaera ez hartzea.

d) Oposizioa prestatzeko jarduera etetea bekaren indarraldian. Ez da etendako denboratzat hartuko onartutako aldi baterako etenaldiaren denbora.

e) Ezarritako kontrol-jarduerei aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea.

f) Deialdi honetan ezarritako edozein baldintza ez betetzea.

g) Dagokion hautaketa-prozesua gainditzea. Oposizio-fasea edo, hala badagokio, lehiaketa/oposizioa gainditu dutenen egunean amaituko da laguntzaren iraupena.

h) Onuradunak uko egitea, edozein egoeratan oinarrituta, laguntza jaso duen karrera edo kidegoa prestatzeko jarduera uztea barne.

2.– Onuradunak azkenean jasoko duen zenbatekoa edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da bekaren onuradun izateko ezarritako baldintzak bete diren aldia.

Hala, aldi baterako ez-betetze partzialak laguntza eskuratzeko baldintzak bete diren aldian laguntza aitortzea ekarriko du, eta ez-betetzea gertatu den aldian jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezartzen dituen erantzukizunak eta zehapen-araubidea bete beharko dituzte laguntzen onuradunek.

4.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoa aplikatuko da horiek kobratzeko.

15. oinarria.– Bateraezintasuna.

Beka hauek ematea bateraezina da helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide publiko edo pribatu batzuk jasotzearekin, onuradunak edo haren mende dauden pertsonek lortutako etekinak izan ezik, agindu honen 4. oinarriko j) apartatuan adierazitako baldintzetan.

16. oinarria.– Prestaketa-jarduera aldi baterako etetea.

1.– Bekaren indarraldian, beka aldi baterako eten ahal izango da, gehienez ere sei hilabetez, betiere ezinbesteko kasuetan.

2.– Ez da ezinbesteko kasutzat hartuko zentro espezializatu bat edo prestatzaile bat edo gehiago ez izatea oposizioaren ikasketa zuzentzeko.

3.– Aldi baterako eteteko eskaera etendura hasi baino lehen egin beharko da, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari zuzenduta, eta, hala badagokio, ebazpen bidez onartuko da.

4.– Eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo da, eta bertan aldi baterako etetearen arrazoiak adierazi beharko dira.

5.– Beka onartzen denean, beka aldi baterako eteten bada, emandako eta baliatu gabeko bekaren zati proportzionala itzuli beharko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala