Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2025eko irailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3992

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 26koa, Ingurumeneko sailburuordearena, jarduera zabaltzeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena (A6 fasea) eta Betearte SA sozietateari Mallabiko (Bizkaia) udal-mugartean hondakin arriskugabeen hondakindegi-jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua aldatzen duena.

AURREKARIAK

Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2006ko abenduaren 22ko hasierako ebazpen baten bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen, eta ingurumeneko baimen bateratua eman zitzaion Betearte SAri, hondakin arriskugabeen hondakindegi-jarduerarako, Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia).

Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko martxoaren 8ko Ebazpenaren bidez, Betearte SAk Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-instalazioaren ingurumen-baimen integratua aldatu eta eraginkor egin zen.

Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko maiatzaren 16ko Ebazpenaren bidez, Betearte SAk Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-instalazioaren ingurumen-baimen integratua aldatu zen. Aldaketa hondakin onargarriak areagotzean datza.

Halaber, 2020ko martxoaren 9ko Ebazpenaren, 2021eko azaroaren 23ko Ebazpenaren, 2022ko urtarrilaren 3ko Ebazpenaren, 2022ko otsailaren 8ko Ebazpenaren, 2022ko abuztuaren 12ko Ebazpenaren eta 2022ko azaroaren 4ko Ebazpenaren bidez, Betearte SAk Mallabian (Bizkaia) sustatutako hondakin arriskugabeetarako hondakindegiaren instalazioaren ingurumen-baimen integratua aldatzen da, hondakin batzuetarako baldintza espezifikoak sartu, eta lixibiatuak arazteko sistema aldatzeko.

Orduko Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordearen 2023ko apirilaren 5eko Ebazpenaren bidez, Betearte SAri emandako ingurumen-baimen integratua berrikusi eta aldatu zen, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen Mallabian (Bizkaia) hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-jardueraren A5 faserako.

Azkenik, 2024ko ekainaren 24ko Ebazpenaren, 2024ko abenduaren 26ko Ebazpenaren eta 2024ko abenduaren 31ko Ebazpenaren bidez, aldatu egin zen Betearte SAk Mallabian (Bizkaia) sustatutako hondakin arriskugabeetarako hondakindegia jartzeko ingurumeneko baimen bateratua. Baimen horren bidez, hondakin batzuetarako baldintza espezifikoak sartu ziren, eta instalazioan onar daitezkeen hondakinen zerrenda aldatu zen.

2024ko uztailaren 26an, Betearte SAk ingurumeneko baimen bateratuaren funtsezko aldaketa eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari. Aldaketa hori hondakindegiaren jarduera handitzean datza (A6 fase berria), Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia) hondakin arriskugabeetarako hondakindegia jartzeko eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin. Eskaerarekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Eskabidea.

– Memoria teknikoa.

– Planoak.

– Dokumentazio sektoriala: airea, urak, zarata, hondakinak, industria-segurtasuna eta lurzoruak.

– Laburpen ez-teknikoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Aurkeztutako dokumentazioa egokia zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko urriaren 22ko Iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, Betearte SAk sustatutako A6 fasea egokitzeko proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, egoki jotzen ziren alegazioak aurkezteko. Iragarkia 2024ko azaroaren 5ean argitaratu zen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez zela aurkeztu egiaztatu zen.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien 2024ko azaroaren 6an Mallabiko Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Osasun Sailari –guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak–; Gipuzkoako Urak-i, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzari, IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, Ekologistak Martxan Bizkaia entitateari eta Eguzkizaleak elkarteari.

2024ko azaroaren 27an, 2024ko abenduaren 18an, 2024ko abenduaren 20an eta 2025eko urtarrilaren 22an, Gipuzkoako Urak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Uraren Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostenak jaso ziren, eta espedientean ageri den emaitza jaso.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena aplikatzeko, 2025eko urtarrilaren 16an eta 2025eko urtarrilaren 22an, Ingurumen Sailburuordetzak sustatzaileari igorri zion jendaurrean jartzeko izapidearen eta administrazio ukituei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko izapidearen emaitza.

2025eko urtarrilaren 21ean, sustatzaileak komunikatu zuen ez zuela beharrezkotzat jotzen ez hasierako proiektua, ez ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzea.

2025eko apirilaren 28an, Betearte SAren esku utzi zen espedientea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez.

2025eko maiatzaren 16an, Betearte SAk idazki bat igorri zuen alegaziorik ez zegoela adierazteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. artikuluan ebazten denaren arabera, lege horren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzea edo, hori ezinezkoa denean, gutxi eta kontrolpean kutsatzea. Horretarako, ingurumen osoak babes-maila handia izatea dela xede, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriko da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen 9. artikuluak xedatzen duena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein egiten den instalazioak ustiatzeko. Ildo horretatik, 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hori aplikatu behar duten instalazioei lege horren xedea betetzeko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematean esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumen-baimenak bildu nahi dira administrazioak esku-hartzeko egintza bakar batean. Betearte SA enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskugabeak kudeatzeko baimena, saneamendu-sarera isurtzeak egiteko baimena, atmosferara isurtzeak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, hondakinak sortzeari dagozkion baimenak eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, egiaztatu da espedientean beste administrazio eta organismo eskudun batzuek ere parte hartu dutela, nahitaezko txostenen bidez.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen, isurien eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, funtsezko aldaketa da Betearte SAren instalazioetan hondakindegia handitzeko proiektua (A6 fasea), Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia).

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43.4 artikuluaren arabera, ingurumen-baimen integratuaren mendeko jarduera ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende badago, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren berezko alderdiak jasoko ditu. Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan adierazten denez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak prozeduraren mugarri nagusien laburpena jasoko du, eta zehaztuko du, ingurumen-efektuei begira, proiektua egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan gara daitekeen. Besteak beste, hartu beharreko babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta jarraipena egiteko neurriak jasoko ditu.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharko zaie lege horren II.D eranskinean biltzen diren proiektuei. Horri dagokionez, II.D eranskineko D8 8.f.) taldean hauek sartzen dira: Etxe-hondakinak edo industria-hondakinak kudeatzeko lanetan sortzen diren hondakin arriskugabeak, hondakin geldoak izan ezik, hartzen dituzten hondakindegiak handitzea, har daitekeen hondakin-kopurua egunean 10 tona edo gehiago, edo, guztira, 25.000 tona handitzen bada.

Era berean, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen integratuaren araubidearen eraginpean dagoenean, bateratu egingo dira ingurumen-baimen bateratuaren prozedura eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura. Gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia ingurumen-baimen integratuaren parte izango da, eta bi erabakiak administrazio-egintza berean emango dira.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen integratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen integratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion zuzenketa-neurriekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Hala, ingurumen-baimen integratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota zuzenketa-neurriak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

Hala ere, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak agintzen du ingurumen-baimen integratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.

Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen eta isurien muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua.

Orain arte azaldutakoari jarraikiz eta espedienteko txostenak aztertu ondoren, Betearte SAk sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak jasotzen zituen ebazpen-proposamena sinatu zen. Nolanahi ere, entzunaldi-izapidetik ondorioztatzen dena bete beharko da; hain zuzen, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan dago zehaztuta izapide hori.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Honako hauek aztertu dira: Sailburuordetza honen 2025eko apirilaren 28ko Ebazpen-proposamena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematea, ingurumen-ondorioetarako bakarrik, Betearte SAren Mallabiko instalazioetan hondakin arriskugabeetarako hondakindegia handitzeko proiekturako (A6 fasea), ebazpen honen bigarren eta hirugarren apartatuetan ezarritako baldintzekin.

Proiektua abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 8.c) taldean jasota dago: «Hondakin arriskugabeak hartzen dituzten hondakindegiak (hondakin geldoen zabortegiak izan ezik), egunean 10 tona baino gehiago jasotzen badituzte, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera badute»; Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen D.8.f) multzoan ere jasota dago: «Etxe-hondakinak edo industria-hondakinak kudeatzeko lanetan sortzen diren hondakin arriskugabeak, hondakin geldoak izan ezik, hartzen dituzten zabortegiak handitzea, har daitekeen hondakin kopurua egunean 10 tona edo gehiago, edo, guztira, 25.000 tona handitzen bada».

Betearte SAk sustatutako hondakin arriskugabeetarako hondakindegiaren proiektuarekin lotutako jarduketek, eta beraz, ebazpen honen xedeak, barne hartzen dituzte hondakindegiaren instalazioak kokatzen diren partzelaren esparruan egiten direnak eta esparru horretatik kanpo egiten diren eta planta horren funtzionamendurako beharrezkoak diren –eta, beraz, horrekin hertsiki lotuta dauden– beste batzuk. Honako hauek dira jarduketa horiek:

1.– Kanpoko sarbidea.

2.– Energia elektrikoaren eta argiztapenaren hornikuntza.

3.– Edateko uraren hornikuntza.

4.– Efluente likidoen drainatze-sareak ibilgu publikora bideratzea.

Ebazpen honen xede den prozedurak kontuan hartu ditu instalazioari erantsitako azpiegitura horietatik eratorritako inpaktuak, eta aurreikusitako trazaduren egokitasuna aztertu da, lursailen okupazioa eta bertako ingurumen-balioak, baita azpiegitura horien gauzatzean aplikagarri diren zuzenketa-neurriak eta ezaugarri orokorrak ere.

Bigarrena.– Baldintza eta eskakizun hauek ezartzea hondakindegiaren zabalkuntza (A6 fasea) egokitzeko, Betearte SAk sustatu baitu Mallabiko udal-mugartean:

A) Proiektua gauzatzen hasteko epea.

Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, amaitu egingo da ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.4 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.

B) Instalazioa egokitzeko eta muntatzeko baldintza orokorrak.

Proiektua bera eta babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera egikarituko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa aintzat hartuta:

Neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

B.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten lan osagarriak. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Adierazitako esparrutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

c) Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiak ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdiak xehetasunez adierazten dituen mugaketa egingo da kartografian.

B.2.– Landaredia babesteko neurriak.

a) Obrei ekin aurretik, obrek aldi baterako okupatuko duten lekuan (zangak egingo dituzten obretako makinak zirkulatzeko pistan eta materialak eta instalazio osagarriak pilatzeko lekuan) zuinketa egingo da eta balizak jarriko dira, eta ezin izango da obrarekin lotutako inolako jarduerarik egin muga horietatik kanpo.

b) Ez da landare autoktonorik kendu edo moztuko zuzeneko okupaziorik aurreikusi ez den eremuetan.

c) Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak kentzeko kanpaina bat egingo da; honako hauek, besteak beste: Cortaderia selloana, Buddelia davidii, Fallopia japonica eta Robinia pseudoacacia.

Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak ez sartzeko. Gainera, lurren jatorria kontrolatu beharko da; bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren kasuan. Ahal dela, ez da erabiliko espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon litekeen lurrik.

B.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

a) Eraikuntza-lanak egin bitartean ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze-sare naturalera. Horretarako, urak bideratzeko egiturak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta, hala badagokio, egikarituko dira, kutsa litezkeen urak haietara biltzeko.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, isurketa egonez gero, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira, garbitu behar badira. Ez da inola ere onartuko hormigoi garbiketako hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako bigarren apartatuaren B.6 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

b) Espresuki debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpo. Obrako makinak gordetzeko eremua eta haien mantentze-lanak egiteko gunea drainatze-sare naturaletik isolatuta egongo dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango dituzte, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

c) Obrak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabiltzeko moduan, istripuz isurketa, jario edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

d) Ez da lur-mugimendurik, hondeaketarik edo zulaketarik egingo lurpeko urak kutsatuta daudela antzeman den guneetan, deskontaminazio-lanak egin eta obren jarduketen ondorioz lurpeko uretara kutsadura-transferentziarik ez dela gertatuko bermatzen den arte.

B.4.– Zaratak, dardarak eta haien eraginak gutxitzeko neurriak.

a) Egokitzapen-obrek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obrako jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, obrako makinen mantentze orokorrari eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

b) Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera –Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez garatzen du errege-dekretu horrek–, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

B.5.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

a) Obrak dirauen artean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko bestelako lekuak garbitzeko kontrol zorrotza egingo da, nola obrek ukitutako ingurunean, hala obra horietarako sarbideetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako soildutako pistak eta gainazalak ureztatzeko.

b) Ibilgailuak garbitzeko elementuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

c) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko. Garraiatu beharreko materiala oso fina bada, kamioi itxiak erabili beharko dira, ahal dela. Era berean, kamioiak kargatzeko konpartimentuak egoera onean egon beharko dira, garraiatzean hauts-ihesik egon ez dadin. Kamioiak poliki-poliki kargatu beharko dira; gomendatzen da materiala txikienetik handienera kargatzea, materialik finenak konpartimentuaren hondoan lodiagoek estalita gera daitezen. Ibilgailuak 25 km/h-tik beherako abiaduran joango dira obra-eremuen barruan.

d) Materialak eta ekarkinak aldi baterako pilatzeko guneak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira, hala badagokio. Materiala haizearen aurkako eremuan kargatu eta deskargatu behar da. Gomendatzen da pilaketak partzialki edo guztiz estaltzea, haize zakarrak dabiltzanean hautsik ez barreiatzeko.

e) Materialaren zamalanak egiteko maniobrak ahalik eta gutxien izango dira, bai eta ibilgailuen joan-etorriak ere, obra-eremuetan.

f) Hautsa sor dezaketen lanak (adibidez: materialak moztea eta zulatzea) haizearen aurka egingo dira, eta ura botako da lanok egitearekin batera (gehiegi erabili gabe), emisioak ahalik eta gutxien izatea ziurtatzeko.

g) Eraikuntzan, ahal dela, material prefabrikatuak erabiliko dira. Zoladurari dagokionez, ahal dela, material erresistenteak eta bizi luzekoak erabiliko dira.

h) Obra-eremuan ez da materialik erretzen utzi behar.

i) Gomendatzen da obraren perimetro osoa haizetik babesteko babesak eraikitzea.

j) Klima-baldintza txarrak egonez gero (haize-bolada handiak, euriteak eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean, ahal den neurrian hauts-itxurako materiala ahalik eta gutxien sakabanatzeko.

B.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, lanak prestatzeko operazioetatik sortzen direnak, enbalajeak, errefus-lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

b) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituko zaie.

112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikuntza- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra gauzatzeko proiektuetan; I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du azterlan horrek.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola konplituko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

c) Hondakindegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

EBA-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak soilik utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

d) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen 21 d) artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

e) Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Olio erabiliak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako deposituetan egingo da, horrela, depositu nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa sakabanatu ez dadin.

f) Hondakinak kudeatzeko araudia errazago bete ahal izateko, lan batzuetan eta besteetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

g) Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat atonduko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak. Gainera, hondakin arriskugabeak eta geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira beste leku batean, aurrekoetatik bereizirik. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Orobat, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar); hondakinak moten arabera bereizi behar dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu aurretik.

h) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

i) Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da –amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori–, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere –amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek–.

B.7.– Hondeaketa-lanetarako eta lurzoruaren kalitatea hondakindegiaren erabilerarekin bateragarria dela bermatzeko hartuko diren neurriak.

Lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. (4/2015 Legearen I. eranskina eta ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren eranskina). Horri dagokionez, hondeaketa-eragiketetan edo lur-mugimenduetan, edo istripu baten edo beste inguruabar baten ondorioz, kutsadura-zantzuak antzemanez gero, kontuan izango da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa.

Aurreko guztia gorabehera, instalazioa ezarriko den lurzatitik kanpora eramatekoak diren hondeatutako materialei dagokienez, neurri hauek hartu beharko dira:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

a) Induskatu beharreko material guztiak hondakin gisa ezaugarritu beharko dira, bi helbururekin: balizko kutsaduraren ondorioak prebenitzea, eta material horiek behar bezala kudeatzeko bideak zehaztea. Materialak egoki bereiziko dira, kutsadura desberdinei lotutako geruzak nahas ez daitezen.

b) Materialetarako aurreikusitako helmuga hondakindegian uztea denean, arau hauetan adierazitako karakterizazioa hartu beharko da kontuan: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaliburuaren 10.6 apartatuan (induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideak beteko dira.

c) Aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako EBA-Ak ebaluazioko balioak eta TPHetarako 50 mg/kg-ko balioa baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

d) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalarekin pareka daitekeen substratu harritsu meteorizatua bada, apartatu honetan gainerako hondeaketa-materialetarako aurreikusitako neurri berak aplikatuko dira.

e) Aurreikusitako hondeaketa-prozesuan lurpeko ura dagoela detektatzen bada, behar bezala karakterizatu eta kudeatu edo isuri beharko da; horrelakoetan, tratamendu-kontratu egokia izan beharko da, edo, bestela, isurtzeko baimen egokia, eta kasu bakoitzean ezarritako eskakizunak bete beharko dira.

f) Hondeatze-lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko ere, ebazpen honen bigarren apartatuaren B.6 puntuko neurriak aplikatu beharko dira.

g) Langile guztien laneko segurtasuna eta lan-osasuna bermatze aldera, hondeaketa-lanetan zehar, entitateak bete eta betearazi beharko ditu Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen xedapenak, bai eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren bestelako xedapenak ere.

B.8.– Garbiketa eta obren akabera.

Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakon bat egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan inolako obra-hondakinik ez uzteko.

B.9.– Obrek dirauten bitarteko jardunbide egokien kontrola.

Ingurumen-aholkularitzak, ebazpen honen B.11 apartatuan jasotzen denak, obren jardunbide egokien kontrola egingo du, eta bereziki kontuan hartuko ditu honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, hondeaketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hauts- eta zarata-ekoizpena, makinen joan-etorriak eta txosten honetan adierazitako bestelako alderdiak.

B.10.– Paisaia babestea eta eragindako lekuak lehengoratzea.

Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak; aurkeztutako lehengoratze-proiektuan agertu ez arren obrak bukatzean kalteak izan dituztenetan ere egin behar dira, betiere lursailaren egonkortasuna arriskuan jartzen ez bada.

Lurrak mugitzerakoan, espezie inbaditzaileez kutsatuta ez dagoen landare-lurra kendu, pilatu eta bereizita luzatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

Fallopia japonica, Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitekeen lurrik. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estaliko dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriei ez kalterik egiteko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

B.11.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.

B.12.– Lan-programaren diseinua.

Kontratistak jarduera-proposamen xehatu batzuk egin beharko ditu, ondorengo azpiapartatuetan adierazitako alderdiei buruz. Proposamen horiek ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko dira. Obra-zuzendariak espresuki onetsi beharko ditu, eta lanak egiteko programan txertatuko dira. Hauek dira dokumentuak:

a) Kontratistaren instalazioen eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, ingurumen-baimen integratuan ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Urak bideratzeko sareen xehetasunak eta ingurumen-baimen integratuan aurreikusitako solido esekiak atxikitzeko gailuen kokapena.

c) Ingurumeneko baimen bateratuan aurreikusitako ibilgailuak garbitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.

d) Obretan sortutako eraikuntza- eta eraiste-hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

B.13.– Obraren amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako zuzenketa- eta babes-neurriak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumen-inpaktuaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu. Halaber, eraikuntza-fasean baliatutako ingurumena zaintzeko programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, material horien zenbaketari eta ezaugarriei buruzko datuak gehituta.

B.14.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa gauzatzeko, bete beharrekoa izango da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan eta ingurumen-baimen integratuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa, agiri teknikoetan eta ebazpen honetan agertzen diren kontrol-jarduketak barne.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

C) Ontzia egokitzeko eta hondakindegiaren iragazgaizte-obrak (zabalkuntza-esparrua, A6 fasea) gauzatzeko baldintza espezifikoak.

C.1.– Iragazgaizte-obrak hasi aurretiko baldintzak.

Betearte SA enpresak hondakindegiak egiten, zigilatzen eta iragazgaizten espezializatuta dagoen obra-zuzendaritza bat izendatu beharko du. Obra-zuzendaritza hori eraikitzailearen eta haren sustatzailearen independentea izango da.

Halaber, hondakindegia iragazgaizteko geosintetikoen instalazioaren kalitatea bermatzeko kontrolaz arduratuko den enpresa bat kontratatu beharko du, sustatzailearen eta eraikitzailearen mende ez dagoena. Enpresa hori arduratuko da ebazpen honen bigarren apartatuko C.2 azpiapartatuan ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeaz.

Obrak hasi aurretik, Betearte SAk zuzendaritza teknikoaren eta iragazgaizteko geosintetikoen instalazioa bermatzeko kontrola egingo duen enpresa arduradunaren izendapenaren berri eman beharko dio ingurumen-organoari.

Hondakindegiko fase bakoitzaren iragazgaizte-lanak hasi baino behar beste denbora lehenago, proiektua aurkeztu beharko zaio ingurumen-organo honi. Bertan, exekuzio-baldintzak, iragazgaiztearen segida eta obrak egiteko epeak zehaztuko dira, besteak beste.

Gainera, behin jarraibideak argitaratuta, iragazgaizte-obrak egiteko irizpideei buruzko jarraibide tekniko aplikagarrietan ezarritakoa bete beharko da. Ingurumen-organoak ezartzen ditu jarraibide horiek.

C.2.– Iragazgaizte-obrak gauzatzeko baldintzak eta betekizunak.

a) Isuri-ontziaren hondoaren eta bermen iragazgaiztearen segida honako hau izango da:

– Drainatze-geruza eta lixibiatuen sarea: 20-40 mm-ko kareharrizko legarraren geruza, 500 mm-ko lodierakoa.

– Estaldura artifizial iragazgaitza: 9,5 mm-ko lodiera (puntzonaketaren aurkako geotestila, ehundu gabea, % 100ean polipropileno birjina, 1.200 g/m2)

– Estaldura artifizial iragazgaitza: 2 mm-ko lodiera (HDPEzko geomintz iragazgaitza, 2 mm-koa, zimurra/zimurra).

– Hesi geologiko artifiziala: 7 mm-ko lodiera (GBR-C geokonposatu bentonitikoa).

– Erregularizazio-geruza: 600 mm-ko lodiera (gainazalaren finketa, QAC eta DO onetsita).

b) Isuri-ontziaren ezponden iragazgaiztearen segida honako hau izango da:

– Drainatze-geruza eta lixibiatuen sarea: 500 mm-ko lodiera, 20-40 mm-ko kareharrizko legarra; eta 7 mm-ko lodiera, geokonposatu drainatzailea, osagai hauek dituena: dentsitate handiko polietilenozko geosarea, 6 mm-ko lodierakoa, eta geotestila, % 100 polipropilenozko iragazkia, 200 g/m2 handiagoa (1,75 mm) eta 120 g/m2 txikiagoa (1,25 mm).

– Estaldura artifizial iragazgaitza: 2 mm-ko lodiera (HDPEzko geomintz iragazgaitza, 2 mm-koa, zimurra/zimurra).

– Hesi geologiko artifiziala: 7 mm-ko lodiera (GBR-C geokonposatu bentonitikoa, hauez osatua: 100 g/m2 geotestil ehunean kapsulatutako bentonita, 5.0 kg/m2 bentonita eta 200 g/m2 geotestil ez-ehundua).

– Euskarri-gainazala: 4 mm-ko lodiera (kalitate-kontrolak eta obra zuzendaritzak onetsitako azaleraren finketa + 500 g/m2-ko puntzonaketaren aurkako geotestila, ezponda harritsuko eremuan (beharrezkoa izanez gero).

c) Ontzia egokitzeko eta hondakindegia iragazgaizteko lanetan aritu bitartean proiektuan funtsezko aldaketak ekar ditzakeen aldaketarik eginez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko zaio balorazioa egin dezan eta, hala badagokio, onespena eman diezaion, gauzatu aurretik.

d) Era berean, alboko eta hondoko iragazgaizte-sistemak bete egin beharko du «Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak» jarraibidean zehaztutakoa, III.2 apartatuan, xafla sintetiko iragazgaitzaileari, babesteko geotestilari, lixibiatuen drainatze-geruzari, geruza iragazleari eta drainatze- eta hustuketa-hodiei dagokienez.

C.3.– Hondakindegia iragazgaizteko lanak amaitutakoan sustatzaileak dituen betebeharrak.

Hondakindegiko gelaxka bakoitza iragazgaizteko lanak amaitutakoan, obra-zuzendariak iragazgaizte hori ebazpen honetan eta beronen oinarri diren agiri teknikoetan ezarritako baldintza eta betekizunetara egokituta egin dela egiaztatu beharko du. Obra-amaierako ziurtagiri baten bidez egiaztatuko da; bertan jaso beharko da iragazgaiztea eta aurretiazko azpiegiturak gauzatu izana (sarbideak, belar-sastrakak garbitu eta kentzea, landare-lurrak hartzea, perimetro-kanalak, iragazgaiztea, lixibiatuen drainatzeak, etab.), obra-zuzendariak izenpetuta. Dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

Eraikitzeko proiektua («as built»), dagokion elkargo ofizial profesionalak oniritzia emanda duela. Plano-jokoa eta obra-fasean egindako aldaketek ebazpen honetan eta ebazpenaren oinarri diren agirietan ezarritako baldintza eta eskakizunei dagokienez segurtasun-murrizketa ekartzen ez dutela adierazten duen justifikazioa. Halaber, obra bukatutakoan ezin ikusi diren elementuen eta haien ezaugarrien argazki-erreportajea egin beharko du, xehetasunen ikuspegiak eta planoan duten kokalekua azalduz, ikuspegi panoramiko orokor gisa.

– Iragazgaizte-segidaren geomintzaren gaineko gainazalaren plano topografiko bat, UTM-ETRS 89 koordenatuetan eta kota absolutuetan.

– Eraikuntza-kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko programaren emaitzak. Programa horrek barne hartuko ditu eginiko lanak deskribatzen dituen memoria eta emaitzak, eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak; horrez gainera, zenbait eranskin bilduko ditu, landa-laneko eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasoko dituztenak (azken horiei buruz txosten osoak gehituko dira), bai eta laginketa-guneek plano takimetrikoan duten kokapena ere.

– Jarraibidean adierazitako betekizun guztiak betetzen direla egiaztatzen duen txostena, alboko eta hondoko iragazgaizte-sistemari dagokionez (xafla, geotestila, drainatze-geruza, geruza iragazlea eta drainatze- eta hustuketa-hodiak barne).

Hirugarrena.– Betearte SAri hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua aldatzea, barnean har dezan Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia) dituen instalazioetan hondakindegia handitzea (A6 fasea).

Horretarako, baimenaren titularrak ebazpen honetan bildutako baldintza eta eskakizun guztiak bete beharko ditu; izan ere, ebazpen honek oso-osorik ordezkatzen du orain arte indarrean egon den baimena.

Mallabiko instalazioetako hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-jarduerak ebazpen honetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Horiek horrela, ingurumen-baimen integratua honela egongo da idatzita:

«Lehenengoa.– Ingurumen-baimen integratua ematea Betearte SAri (egoitza soziala: BI-3342 Pk 38 Errepidea, Areitio gaina –Mallabia, Bizkaia–; IFK: A-95125662) hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-jarduera egiteko, Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia).

Jarduera 5.5 kategorian sartuta dago: "Mota guztietako hondakinak hartzen dituzten hondakindegiak (hondakin geldoen hondakindegiak izan ezik), egunean 10 tona baino gehiago jasotzen badituzte, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera badute" –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskina–.

Betearte SAk sustatutako jarduera Iruatxietako ibarrean dagoen hondakin geldoetarako hondakindegiaren gainean hondakin arriskugabeetarako hondakindegi bat eraiki eta ustiatzean datza. 2006. urteaz geroztik, hondakindegiaren ustiapena faseka egiten da, eta gaur egun A5 fasea gauzatzen ari da.

Aldaketa-proiektuaren xedea Betearte SAren hondakindegiaren bizitza baliagarria luzatzea da, isurketa-eremua handituz lehendik dagoen instalazioak eragindako mugen barruan, egungo ustiapena jarraituz eta baimendutako EHZ kode berberekin. A6 fasean bi ontzi gaituko dira, hondakin arriskugabeetarako soilik. A6-A fasea deritzon lekuak 3.276 m2-ko azalera du, eta A6-B fase deritzonak, 3.592 m2-ko azalera. Horrek aukera emango du 98.130 m3 hondakin gehiago hartzeko eta hondakindegiaren bizitza baliagarria 18-20 hilabetez luzatzeko, urtean 60.000 m3 hondakin sartuko direla kontuan hartuta.

Kokalekua Mallabiko udalerriaren hegoaldean dago, Iruatxieta izeneko leku batean, Areitioko gainetik metro gutxira. Hondakindegia hartzen duen ibarra UTM ETRS89 koordenatu kartografiko hauen artean dago kokatuta:

X: 537.445,75.

Y: 4.781.228,47.

Hondakindegiak hartzen duen guztizko gutxi gorabeherako azalera 12 hektarea da, instalazio osagarriak eta handitzea barne hartuta, eta +115etik +202rako kota erlatiboen artean dago.

Hondakin arriskugabeak isurtzeko eremu berria, A6 fasea izenekoa, enpresaren jabetzaren mugen barruan dago. Ustiapena bi fasetan egingo da, eta bi ontzitan gauzatuko da:

– A6-A, 3.276 m2-ko azalerarekin eta 75.800 m3-ko kubikazioarekin.

– A6-B, 3.592 m2-ko azalerarekin eta 22.330 m3-ko kubikazioarekin.

Beraz, 98.130 m3-ko edukiera gehigarria proiektatu da.

A6-A ontzia baso- eta zuhaixka-landaketek okupatzen dute, eta bi berma dituen lurrezko ildo-bizkar bat eginez egokituko da. Berma horiek basoa mugatzeko perimetroko bide gisa eta instalazioaren beheko muturrean dauden lixibiatuen biltegietara sartzeko pista gisa balioko dute.

A6-B ontzia, berriz, gaur egun erabiltzen den material-bilketako eremua da, eta belar-sastrakak kenduta eta landarerik gabe dago; hondoa eta itxitura-ezpondak egokitu behar dira, hondoko drainatzea eta isuri beharreko hondakin-masaren egonkortasuna errazteko.

Hondakinak biltzeko gaitutako bi eremu berriak dagoeneko ustiatutako faseekin lotuta geratuko dira, hondoko drainean jasotako lixibiatua bildu eta kanalizatzeari dagokionez: B.1.2. faseko hondoko drainadurarekiko lotura A6-A ontziaren kasuan, eta A.3.2. faseko hondoko drainadurarekiko lotura A6-B ontziaren kasuan.

Isuri-ontziaren guztizko edukiera 1.539.446 m3 ingurukoa izango da.

Enpresak instalazio hauek ditu: sarbidea, bulegoak, baskula, gurpil-garbitzaileak, ustiategira sartzeko bidea, lixibiatuak biltegiratzeko biltegiak eta lixibiatuak tratatzeko instalazioa.

Betearte SAren instalazioak perimetroan itxita daude, 2 m-ko altuera duen hesi metaliko baten bidez. Gainera, instalazioetara sartzeko ate metaliko bat du, eta, horrez gain, oinezkoentzako eskuzko ate bat ere bai.

Gaur egun ustiatzen ari diren hondakin arriskugabeetarako hondakindegiari dagokion isuri-ontzia gune hauek zehazten dute (UTM ETRS 89 koordenatuak):

X: 537349,98. Y: 4781541,54.

X: 537356,22. Y: 4781517,25.

X: 537386,73. Y: 4781517,42.

X: 537399,93. Y: 4781496,64.

X: 537372,19. Y: 4781466,08.

X: 537341,01. Y: 4781428,55.

X: 537306,29. Y: 4781399,69.

X: 537287,28. Y: 4781370,05.

X: 537293,58. Y: 4781333,60.

X: 537312,00. Y: 4781313,72.

X: 537335,64. Y: 4781294,73.

X: 537336,62. Y: 4781276,49.

X: 537353,37. Y: 4781242,70.

X: 537387,55. Y: 4781209,87.

X: 537393,92. Y: 4781161,26.

X: 537366,92. Y: 4781156,76.

X: 537370,53. Y: 4781135,06.

X: 537398,43. Y: 4781134,35.

X: 537435,01. Y: 4781141,50.

X: 537481,18. Y: 4781149,57.

X: 537473,23. Y: 4781167,77.

X: 537506,23. Y: 4781193,15.

X: 537511,33. Y: 4781215,77.

X: 537532,13. Y: 4781239,34.

X: 537535,48. Y: 4781263,69.

X: 537577,28. Y: 4781273,47.

X: 537602,47. Y: 4781290,99.

X: 537626,58. Y: 4781345,86.

X: 537629,41. Y: 4781464,03.

X: 537628,90. Y: 4781556,11.

X: 537598,28. Y: 4781575,93.

X: 537558,10. Y: 4781589,60.

X: 537526,67. Y: 4781597,25.

X: 537476,13. Y: 4781590,89.

X: 537430,83. Y: 4781584,56.

X: 537388,21. Y: 4781566,95.

Hondakindegiari dagokion isuri-ontzia bi gelaxkatan banatua dago; biltegi independenteak dira isurketa-esparruaren barruan, eta bereizita banatu, bete, iragazgaiztu eta zigilatzen dira hondakindegiaren bilakaera orokorrean, hainbat betetze-fasetan banatzen baita. Bi gelaxka horiek banatzen dituen ildo-bizkar nagusia hondakin-gelara orientatutako ezpondan iragazgaizten da, ontzia iragazgaizteko hartutako irtenbide berberaz, eta, horrela, modu independentean kudeatzen dira gelaxka bakoitzak sortutako lixibiatuak.

Hondakin arriskugabeak uzteko gelaxka materia organiko edo biodegradagarri gutxiko hondakin ez-organiko arriskugabeetarako hondakindegi gisa sailkatuta dago (B1b azpikategoria). Hondakin egonkortu-solidotuak isurtzeko gelaxka hondakin egonkortu-solidotuen (geldotuen) hondakindegi gisa sailkatuta dago (B1a azpikategoria), Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera.

Hondakindegia iragazgaizteko irtenbidearen diseinua isuri-ontziaren hondo osoaren eta aldeen gainean egingo da. Halaber, betelan-planaren diseinuan kontuan hartu dira aurrealdearen behin betiko zigilatzea, altueran handitzen den heinean, eta behin-behineko iragazgaizteak eta behin-behineko ur-bilketak (rain flaps) 6 hiletik gora hondakinak isuri gabe egongo diren aldeetan.

Instalaziora iristen diren hondakinak sarrera-, jasotze- eta erregistro-kontroletik pasako dira, bai eta in situ kontroletik ere, eta birziklagarriak aukeratuko dira.

Azken fase honetako ustiapen-metodoa, aurreko faseetan bezala, geruzen bidezko isurketan oinarritzen da. Geruzak trinkotu egiten dira ustiapen-makinen eta garraio-makinen joan-etorrien ondorioz. Gainera, itxitura-ezponda 2,4:1 inklinazioarekin (H:V) osatuz joaten da, tarteko bermaraino iritsi arte, eta 10 m-ko gehieneko altuerako ezponda geratzen da. Bermak gutxienez % 2ko inklinazioarekin eraikitzen dira luzetarako garapenean –ura hustea errazteko, bai aurrez zigilatzeko fasean, bai behin betiko zigilatze-fasean–, eta % 2ko inklinazioarekin zeharkako sekzioan. Ezpondaren 10 metroko garaiera-tarte bakoitzeko, 6 metroko zabalerako berma bat egingo da, ustiapen-fasean eta itxi ondorengo fasean sartu ahal izateko eta multzoari egonkortasun handiagoa emateko.

A5 faseko eremura iristeko, enpresaren administrazio-arloa dagoen plataforma zolatutik bertatik sartzen da zuzenean. A5 faseak lotura izango du A4 fasearekin, eta fase horren hegoalderanzko luzapen naturaltzat joko da.

A6 fasea osatzen duten gordailu-eremuetara iristeko, enpresaren administrazio-arloa dagoen plataforma zolatutik bertatik sartuko da zuzenean. Era berean, materialak metatzeko eremua helburu horretarako prestatutako gune batera eramango da.

Hondakindegia betetzeko faseak atzekoz aurrera egingo dira, hau da, ibarbidearen burutik, horma berderantz; eta betetze-fase bakoitza modu independentean egingo da isurketa-gelaxka bakoitzean, noranzko berean, hondakindegiaren atzealdean hasi eta aurrealdeko ildo-bizkarrean amaituta, eta, behin aurrera iritsita, zigilatze-profila osatuko da iparraldetik hegoaldera.

Hondakindegiak barne hartuko du ur garbien bilketa eta drainatze-sistema, jasotze-arro hidrologikotik hondakindegira doazen jariatze-ur guztiak eta etorkizunean itxiko diren eremuetako gainazaleko ur garbiak (barneko drainatze-sarea) biltzeko diseinatua. Itxitako kanalak eta hodiak 100 urteko itzultze-aldirako gehieneko uraldi-emariaren kalkuluaren arabera dimentsionatu dira.

Lixibiatuak drainatzeko sareak bi drain edo kolektore nagusi ditu, ontziaren azpiaren eta aldeen arteko trazatik igarotzen direnak. Drain nagusi bakoitzean bigarren mailako hiru drain biltzen dira. Sare guztiek bat egingo dute erregistro-putzuetan, eta bertatik lixibiatuak hormigoizko bi andel independentetara bideratuko dira (bakoitzak 1.300 m3 ditu). Handik, instalazioaren araztegira igaroko dira. Bertan, aurretratamendu fisiko-kimiko bat egingo da, koagulazio/malutapen bidez aire-flotagailuan, banda-iragazkian, harea-iragazkian eta kartutxo-iragazkian, ultrairagazki- eta nanofiltrazio-sisteman eta alderantzizko osmosian.

Geldoen hondakindegia zeharkatzen duten iragazketa-urak hondakindegiaren beheko gunean elkartzen dira, eta zuzenean isurtzen dira ibilgura.

Hondakindegiaren perimetro-zorrotenetan biltzen diren urak ur garbitzat hartu eta zuzenean ibilgu publikora isurtzen dira.

Lixibiatuak tratatzeko instalazioan tratatutako urak (lixibiatuak) kolektorera isurtzen dira.

Bulegoetarako eta zerbitzuetarako erabilera higienikoa duten urak hobi septiko batera bideratuko dira. Hobi horrek tratamendu biologikoa eta lurzorurako infiltrazioa ditu.

Kamioi-gurpilen garbilekutik dekantatutako ura lorategi-eremuak ureztatzeko erabiliko da, eta, hala badagokio, gainerakoa arazketa sistemara bideratuko da.

Instalazioan sortutako hondakin nagusiak hauek izango dira: batetik, lixibiatuen tratamendutik eratorritako lohiak, gero hondakindegian biltzen direnak; eta bestetik, lixibiatuen tratamendutik eratorritako kontzentratuen efluentea, biltegi batean gordetzen dena zisterna-kamioien bidez kudeatzaile baimenduari bidali aurretik.

Instalazioan aplikatutako teknika erabilgarri onenen artean, hondakindegiaren ustiapenean gauzatzen diren eta ingurumen-ondorioak minimizatzen dituzten jardunbideak aipatzen dira:

– Instalazioen mantentze-lan eta kudeaketa egokietarako prozedura bat aplikatzea.

– Hondakinak hondakindegian onartzeko eta antolatzeko prozesuak kontrolatzea, zabaltzeko eta trinkotzeko eragiketen bitartez.

– Hautsezko hondakinak (zakuak, big-bagak edo zisternak) barne-prozeduren bidez deskargatzea, atmosferara ez daitezen isur.

– Sarbideak, zirkulazio-bideak eta abar seinaleztatzea eta balizatzea.

– Instalazioa begiz ikuskatzeko aldizkako errondak egitea, eta dokumentu bidez erregistratzea.

– Gainazalean malda egokiak sortzea, azaleko uren fluxua errazteko; horren bidez, ura ez da kokalekuan metatzen eta, ondorioz, urak ez dira infiltratzen.

– Iragazgaizte-sistemaren gaineko lixibiatuen metaketa gutxieneko mailetan mantentzea, drainatze-sistemari eta lixibiatuak biltzeko sistemari esker.

– Hondakindegiko gelaxketan sortutako lixibiatuak biltzea, hondakindegia iragazgaiztu eta babesteko paketean aurreikusitako hodi zulatuen sarearen bidez, eta lixibiatu horiek lixibiatuak tratatzeko instalaziora ponpatu aurretik.

– Lixibiatuak arazteko tratamendua tratamendu-instalazioan bertan egitea, irteerako efluentearen zati bat berraprobetxatuz instalazioaren barne-erabilerarako, hala nola bideak garbitzeko, suteen aurkako instalaziorako, etab.

– Isurketa-gelaxkak, ustiatu ahala, zigilatzeko eta ixteko eragiketak aurreikustea.

– Deposituaren betelanaren azken morfologia aurreikustea eta, itxi ondoren, haren azken azalera lehengoratzea, inguruneko paisaian hobeto integratzeko.

– Airerako, uretarako eta lurrerako balizko isurketei eta zarata-emisioei jarraipena egitea, bai instalazioak funtzionatu bitartean funtzionamenduan, bai hura itxi ondoren.

– Geosintetikoen kalitate-kontrolerako eskatutakoez aparteko kontrolak egitea, hala nola, Dipolo saiakuntza. Saiakuntza hori 2017tik egiten da instalazioan, iragazgaizte-proiektuetan».

«Bigarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea Betearte SAk Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia) sustatzen duen hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-jarduera ustiatzeko, ixteko eta itxi ondoren mantentzeko:

A) Ingurumen-erantzukizuna.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta haien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Betearte SAri emandako baimena funtsean aldatu denez, eguneratu egin beharko da ingurumen-arriskuen azterketa, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera.

B) Erantzukizun zibileko asegurua.

Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, milioi bat (1.000.000) euroko zenbatekoaz, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo haien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta lehengoratzeko kostuak. Betearte SAk kontratatutako aseguruaren baldintza orokor, partikular eta zehatzen kopia bana bidali beharko dio ingurumen-organoari, eta hark onartu egin beharko du.

Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 11.d) artikuluan adierazitakoaren arabera, aseguru horrek kontingentzia hauek estali behar ditu gutxienez: heriotzagatik, lesioengatik edo pertsonen gaixotasunagatik eta gauzetan izandako kalteengatik zor diren kalte-ordainak, bai eta ingurumen eraldatua konpondu eta lehengoratzeko kostuak ere.

Horrez gain, Erantzukizun Zibileko Asegurua eguneratu izanaren egiaztagiria bidali beharko dio urtero ingurumen organoari, eta, polizan aldaketaren bat izanez gero, horren berri ere eman beharko dio ingurumen organoari, kontratatutako aseguruaren baldintza orokor, partikular eta zehatzen kopiarekin batera.

C) Fidantza.

Lau milioi bostehun eta hirurogeita bi mila seiehun eta hogeita hamalau (4.562.634) euroko fidantza ematea, bi arau hauetan ezarritako moduan: Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 14. artikulua eta Hondakinen arloko finantza-bermeei buruzko martxoaren 22ko 208/2022 Errege Dekretuaren 3.1.a) artikuluko 3. paragrafoa.

Sustatzaileak fidantza horren zenbatekoa murrizteko eskatu ahalko du, hondakindegia ustiatzeko planean oinarrituta. Bertan, hondakindegiko ontzia iragazgaizteko, hura betetzeko eta azken zigilatzea –nola aldi baterakoa hala behin betikoa– gauzatzeko eraikuntza-faseak zehaztuko dira. Fidantza horren gutxieneko zenbatekoa bat etorri beharko da ustiapen-planean aurreikusitako zigilatze-azalera handiena kontrata bidez exekutatzearen kostuarekin (benetako magnitudean neurtuta, eta ez proiekzio horizontalean) eta itxi ondoren 30 urtez mantentzearen kostuarekin.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, ingurumen-organo honek eskatuta; ildo horretatik, zenbatekoa areagotu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumorako prezioen indizearen (KPI) arabera, edo murriztu, egindako gastuen arabera.

D) Finantza-azterketa.

Sustatzaileak finantza-azterketa eguneratu bat aurkeztu beharko du urtero; hauek jaso beharko dira bertan: instalazioa ezarri eta ustiatzeko kostuak, A puntuan (ingurumen-erantzukizuna), B puntuan (erantzukizun zibileko asegurua) eta C puntuan (fidantza) ezarritako bermeetatik eratorritako gastuak, 30 urteko epearen ondorengo itxiera eta mantentze-lanen zenbatetsitako kostuak, berotegi-efektuko gasen isurketari lotutako kostuak eta babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa exekutatzeari buruz baimen honetan ezarritako eskakizun guztiak.

Finantza-azterketa horretan, gastuak eta diru-sarrerak partidaka eta urteka xehatuko dira, aurreikusitako ustiapen-planari jarraikiz.

Diru-sarrerek banakapen bat izan beharko dute, hondakin tipologiaren arabera kobratutako prezioarekin, 646/2020 Errege Dekretuaren 9. artikulua betetzen dela frogatu eta agerian uzteko.

Gainera, behin jarraibideak argitaratuta, azterketa hori egiteko, finantza-azterketak egiteko irizpideei buruzko jarraibide teknikoetan zehaztutako gidalerroak bete beharko dira, ingurumen-organoak zehaztutakoak.

E) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz Ingurumen Sailburuordetzari eman zaizkion datuetan aldaketarik egonez gero, Betearte SA enpresak aldaketa horien berri emango du. Aldaketa oro Betearte SAren legezko ordezkari batek eta izendatutako pertsonak sinatutako dokumentu batean jasoko da, eta datu hauek bildu beharko ditu: izen-abizenak, NANa, harremanetarako helbidea eta prestakuntza teknikoa. Betearte SAk ingurumen-organoari jakinaraziko dio aipatutako aldaketa.

Hondakindegiaren kudeaketa kualifikazio tekniko eta esperientzia profesional egokia duen pertsona fisiko baten esku egongo da.

F) Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

F.1.– Hondakinak jaso eta ikuskatzeko baldintzak eta kontrolak.

Hondakindegian bota ahalko dira, ezabatzeko baino ez (D0502 kudeaketa-eragiketa), aldez aurretik tratamenduren bat jaso duten hondakinak, edo behar bezala justifikatuta dagoenean haien balorizazioa ez dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik bideragarria, hondakindegietan utzi daitezkeen hondakinen kopurua edo hondakinak uzteak gizakien osasunerako edo ingurumenerako dakartzan arriskuak murrizteko. Ondorioz, hondakindegira iristen diren hondakin balorizagarriak bereizi eta dagozkien banakako edukiontzietan gorde behar dira, harik eta balorizatzaile baimendu batera eraman arte. Horretarako, gaur egungo egoeran, 49/2009 Dekretuaren II. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz, hondakin hauek jotzen dira balorizagarritzat: papera eta kartoia, metalak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, beira, zura, plastikozko eta metalezko ontziak, 1.400 mm baino kanpo-diametro txikiagoa duten erabiltzen ez diren pneumatikoak (bizikletenak izan ezik), ekipo elektrikoak eta elektronikoak, toner- eta tinta-kartutxoak eta altzairua arku elektrikoko labeetan fabrikatzearen ondoriozko zepa beltzak. Zerrenda handitu egingo da, hondakin berriak balorizatzeko kudeatzaile baimenduak sortu ahala.

Hondakindegian deuseztatzeko onar daitezkeen hondakinetatik –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratutako Hondakinen Zerrendaren arabera sailkatuta daude–, hondakin arriskugabeen gelaxkaren kasuan, ebazpen honen I.a, I.b, I.c eta I.d eranskinetan adierazitakoak dira, eta hondakin egonkortuen/solidotuen gelaxkarako, berriz, ebazpen honen II. eranskinean adierazitakoak.

I.a eranskinean honako hondakin hauek bildu dira: batetik, aldez aurretik tratatu diren hondakinak, eta, bestetik, aldez aurreko tratamendurik jaso ez badute ere, teknikaren, ekonomiaren edo ingurumenaren ikuspegitik balorizaezinak direla egiaztatu dutenak.

I.b eranskinean zerrendatutako hondakinak, bestalde, ekoizleak edo kudeatzaileak aldez aurretik dokumentu bidezko egiaztapenaren arabera kudeatuko dira. Gutxienez honako kasu hauetako batean dauden hondakinak dira:

– Izendapen orokorreko hondakinak: beste ezein kategoriatan zehaztu gabekoak dira, eta haien kodea "99" zenbakiekin amaitzen da. Dokumentu bidezko egiaztapenean, dagokion lixibiatze-saiakuntzaz gain, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren araberako oinarrizko ezaugarriak ere adieraziko dira.

– Arriskutsu gisa sailkatutako kode baliokidea duten hondakinak (ispilu-sarrera). Dokumentu bidezko egiaztapenean, lixibiatze-saiakuntzaz gain, haien oinarrizko ezaugarriak ere adieraziko dira, bai eta arriskugarritasunaren nolakotasunak –arriskugabe gisa sailkatzen dituztenak– ere.

– EAEn hondakinak kudeatzeko dagoen azpiegituran balorizagarriak izan daitezkeen hondakinak. Dokumentu bidezko egiaztapenean, lixibiatze-saiakuntzaz gain, EHZ kode hori kudeatzeko baimena duen balorizatzaile edo berreskuratzaile baten ezaugarriak edo onarpen-dokumentu negatiboa ere gehitu beharko dira –edo, hala badagokio, erantzunik gabea–.

– EHZ 100906, 100908 eta 100910 kodedun hondakinak, baldin eta haien lixibiazio-parametroak hondakin arriskugabeen baliokideak badira, baina lixibiazio-saiakuntza horren COD parametroa hondakin arriskugabeak hondakindegian onartzeko muga-balioa baino hiru aldiz handiagoa bada, Betearte SAren hondakin arriskugabeetarako hondakindegian uztea onartu ahalko da.

– EHZ 060503 kodeko hondakinak, baldin eta haien lixibiazio-parametroak hondakin arriskugabeen baliokideak badira, baina lixibiazio-saiakuntza horren sulfatoen parametroa hondakin arriskugabeak hondakindegian onartzeko muga-balioa baino hiru aldiz handiagoa bada. Hondakindegiaren bizitza baliagarria amaitu arte jaso ahalko da hondakina.

Proposatutako hondakina onartzeko eta kudeatzeko prozesuan aurrera egiteko (I.b eranskina), Betearte SAk hondakin motaren arabera adierazitako dokumentazioa izan beharko du.

I.c eranskinean zerrendatutako hondakinak, berriz, hondakindegiaren barruan eraikuntza-erabilerarako soilik baliatu behar direnak dira, eta pisuan onartutako hondakin guztien % 20 baino ez dira onartuko orotara.

Hondakinek EHZ 170904 kodea badute, gehienez ere 200 tona jaso ahalko dira hilean, hondakindegiaren barruan eraikuntza-erabileretan baliatzeko, hondakindegiaren bizitza baliagarria agortu arte.

I.d eranskinean zerrendatutako hondakinei dagokienez, ingurumen-organo honek uste du balorizazioa izan behar dela dagokien kudeaketa mota. Hori ezinezkoa bada, dokumentu bidezko egiaztapenak hiru tratamendu-kontratu negatibo –edo, hala badagokio, erantzunik gabeko– bilduko ditu, EHZ kode hori kudeatzeko baimena duten balorizatzaile edo berreskuratzaileek emanak.

Proposatutako hondakina onartzeko eta kudeatzeko prozesuan aurrera egin ahal izateko eta hondakindegian onar dadin (I.d eranskineko hondakina), Betearte SAk aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa izan beharko du.

Hondakin egonkortuen/solidotuen gelaxkan (B1a gelaxka) onar daitezkeen hondakinak ebazpen honen II. eranskinean adierazitakoak soilik izango dira.

Era berean, EHZ kodea I. eranskinean sartuta ez duten hondakinak deuseztatu ahalko dira B1a gelaxkan; zehazki, kasu hauetan:

– Hondakin egonkor ez-erreaktiboak, egonkortzeko edo solidotzeko prozesuaren eraginpean jarri ondoren, hondakin arriskugabeen lixibiazio-portaera bera dutenak: 19 03 04* Hondakin arriskutsu partzialki egonkortuak eta 19 03 06* Hondakin arriskutsu solidotuak horretarako prestatutako gelaxkan utziko dira, egonkortzeko edo solidotzeko tratamenduaren eraginpean jarri ondoren. Dokumentu bidezko egiaztapenean, lixibiazio-saiakuntzaz gain, egonkor ez-erreaktiboa dela frogatzeko ezaugarriak ere gehituko dira.

– Hondakin egonkor ez-erreaktiboak, hondakin arriskugabeen lixibiatze-portaera bera izateaz gain, egonkortze-prozesu baten eraginpean jarrita lixibiatze-parametroak hobetzen ez dituztenak; hondakinok aurretiazko tratamendurik gabe B1a gelaxkan uztea onetsi ahalko da, baldin eta organo honek hondakin-sortzaileari hondakin bakoitzerako baimena ematen badio aldez aurretik, dagokion onarpen-agiria aurkeztu aurretik betiere.

– Hondakin arriskugabeen lixibiazio-parametro baliokideak dituzten hondakinak, baldin eta horietarako lixibiazio-saiakuntzaren parametroetako gutxienez batek hondakin arriskugabeetarako hondakindegian onartzeko muga-balioa baino hiru aldiz handiagoa bada, eta betiere parametro horiek ez badira COD, BTEX, PCB, olio minerala, pH edo COT; hondakin egonkortuetarako/solidotuetarako gelaxkan –B1a gelaxkan– kokatzea baimendu ahalko da, Betearte SAk justifikatzen badu hondakindegiko emisio edo isuriek (lixibiagarritasuna barne hartuta) ez dakarkiola inolako arrisku gehigarririk ingurumenari, dagokion parametrorako edo parametroetarako lixibiatuak arazteko prozesuaren eraginkortasunaren arabera justifikatuta, edo beste parametro batzuen arazketan aurreikustekoak diren interferentzien arabera, eta betiere parametro horren edo horien bi ez-betetze baino gehiago egon ez badira azken urtean araztutako lixibiatuetan egindako kontroletan.

Hondakin horiek B1a gelaxkan onartzeko eskabidea egiteko, honako hauek aurkeztu beharko dira:

– Hondakinaren EHZ kodea.

– Kudeatu beharreko hondakin-kantitatea.

– Hondakinaren jatorria.

– Hondakinaren oinarrizko ezaugarrien deskribapena eta haren parametro bereizgarrien zehaztapena.

– Lixibiatze-saiakuntza. Otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren II. eranskineko 1. taulan mugatutako parametroez gain, oinarrizko ezaugarrien deskribapenean lortzen diren parametro bereizgarriak ere adieraziko dira bertan.

– Hondakindegiko emisioek (lixibiagarritasuna barne hartuta) ingurumenerako arrisku gehigarririk ez dakartelako justifikazioa.

Ingurumen-organoak berariaz baliozkotuko du aurkeztutako eskabidea; horrenbestez, eskabide bakoitzerako berariazko erabakia hartu arte, Betearte SAk ezingo du aurrera egin proposatutako hondakina onartzeko eta kudeatzeko prozesuan.

Behin ingurumen-organoak eskabidea onartuta, hondakin horiek isurtzen diren aldian zehar, Betearte SAk urtean txosten bat igorriko dio ingurumen-organoari, ingurumena zaintzeko programaren barruan, baimendutako hondakinak uztearen isurketa-parametroetan inolako arazorik ez dakarrela berresteko. Parametro bereizgarriekin lotutako isurketa-parametroren bat betetzen ez dela hauteman bezain laster, hondakina uzteari utzi beharko zaio eta ingurumen-organo honi eman beharko zaio horren berri.

EHZ 190304* eta 190306* kodeak dituzten hondakinen kasuan, hondakin arriskutsuak direnez, lixibiazio-parametroak 49/2009 Dekretuaren II. eranskineko 1. taulan hondakin arriskugabeetarako jasotakoen baliokideak direnean baino ezingo dira laga B1a gelaxkan, edo, bestela, taula horretako onarpen-muga halako hiru gainditzen ez dutenean, salbu eta COD, BTEX, PCB, olio minerala, pH edo COT parametroetan. Horretarako, aurreko kasuan adierazitako dokumentazio bera aurkeztu beharko da, eta organo honek berariazko idazkia helaraziko du, gelaxka horretan kudeatu ahal izateko.

Inola ere ez dira onartuko ezaugarri hauek dituzten hondakinak:

– 50 gradu zentigradu baino tenperatura altuagoko hondakinak.

– % 65eko hezetasuna gainditzen duten hondakinak.

Aurretik zehaztutako kasuetan izan ezik, hondakin horiek, duten katalogazioaren arabera betiere, arau hauetan zehaztutako irizpideak bete beharko dituzte: Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko erabakia, Hondakinak zabortegietan onartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena, Hondakinak isurtzeari buruzko 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluan eta II. eranskinean jasotakoari jarraikiz; 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena, bereziki bigarren eranskinean xedatutakoa; eta 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duena (II. eranskinaren 2. apartatuan ezarritakoa).

Nolanahi ere, hondakinak onartu ahal izateko, lixibiatze-saiakuntzak egin beharko dira, arau honen arabera: UNE-EN 12457-4 araua «Hondakinak karakterizatzea. Lixibiatzea. Hondakin pikortsuak eta lohiak lixibiatzeko adostasun-saiakuntza. 4. zatia: 10 l/kg-ko likido/solido erlazioa duen etapa baten lotekako saiakuntza, 10 mm-tik beherako partikula-tamaina duten materialetarako (tamaina-txikitzea izan edo ez)».

Parametro jakin batzuetarako ezarritako mugak gainditzen badira, perkolazio-saiakuntzak onartzeko aukera izango da, Herbehereetako NEN 7343 arauaren arabera. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak horretarako zehaztutako jarraibideak betez egin beharko dira saiakuntzak.

Hondakinaren oinarrizko ezaugarriak deskribatzeko edo betetze-probak gauzatzeko laginen kopurua nahikoa izango da aztertu beharreko hondakin-masaren aldakortasuna behar bezala adierazteko.

Oinarrizko ezaugarriak deskribatzeko eta betetze-probetarako laginketa-diseinua eta lagin-hartzea UNE-EN ISO 17020 (hondakinen esparrua) arauaren arabera egiaztatutako entitateek egingo dituzte. Hondakinen ekoizlearen edo edukitzailearekin independentea izan behar da entitate egiaztatua, baita entitate ustiatzailearen independentea ere, eta derrigorrezkoa izango da sekula ez parte hartu izana hondakinak sortzeko prozesuen edo hondakinen xede den hondakindegiaren diseinuan, fabrikazioan, horniketan, instalazioan, zuzendaritza fakultatiboan, laguntza teknikoan edo mantentze-lanetan. Era berean, UNE EN ISO 17025 arauari jarraikiz egiaztatutako laborategiek egingo dituzte behar diren saiakuntzak.

Halaber, oinarrizko ezaugarriak deskribatzeko laginak hartzea, betetze-probak eta in situ egiaztapen-probak uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren II. eranskineko 3.1 eta 3.2 apartatuetan adierazitakoaren arabera egingo dira.

Hondakinak onartzen ez badira, Betearte SAk berehala jakinaraziko dio hori ingurumen-organoari, eta hori gertatu izana dagokion identifikazio-agirian jasoko du, hondakinak lekualdatzearen arloko araudiari jarraikiz.

Betearte SAk datu-base digital bat edukiko du, ustiatzeko moduko formatuan, oinarrizko ezaugarrien emaitzekin eta adostasun-proben emaitzekin, baita hondakindegia itxi arteko in situ egiaztapeneko gertakarien erregistro bat ere. Ingurumena zaintzeko programarekin batera, datu-base horren kopia bat igorriko da urtero.

Onargarriak ez diren hondakinak biltegiratzeko gune bat izango da, hormigoizko zola eta urak biltzekoa dituena.

Instalazioetara sartzea eragozten duten segurtasun-neurriak aplikatu beharko dira. Sarrerak itxita egongo dira zerbitzu-orduetatik kanpo. Instalazioan legez kanpoko hondakin-uzteak detektatu eta eragozteko neurrien programa barne hartu behar du sarrera-kontrolerako sistemak.

Haizea dabilen egunetan hondakin arinak (plastikoak, material arinak, paperak, etab.) barreia ez daitezen, hesi bat diseinatuko da. Behar besteko altuera eta erresistentzia izango du, hondakin horiek harrapatu eta heiei eutsi ahal izateko. Aldian-aldian, "hegan irtendakoak" biltzeko kanpainak egingo dira.

Igeltsua duten hondakinak jasotzeari dagokionez, hondakin biodegradagarriak onartzen ez dituzten konpartimentuetan baino ezingo dira deuseztatu, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren II. eranskineko 2.2.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

Amiantoa duten hondakinak jasotzeari dagokionez, Betearte SAk honako hauetan ezarritakoa bete beharko du: 49/2009 Dekretuaren bigarren eranskineko 4.5. puntua; uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren II. eranskineko 2.3.3 apartatua; eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak horretarako prestatu dituen jarraibideak (ebazpen honen III. eranskinean daude).

Betearte SAk ingurumen-organoari bidali beharko dizkio bai lekualdatze-jakinarazpenak, bai identifikazio-dokumentuak –behar bezala beteak–, bat etorriz Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Dekretuaren II. eranskinak xedatutakoarekin. Dokumentu horiek Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez.

Hiru hilean behin, isuritako hondakinen edo balorizatzeko gune baimendura bidalitako hondakin baimenduen laburpena igorri beharko du Betearte SAk ingurumen-organora, formatu elektronikoan, datu hauek adierazita:

– Hondakinaren sailkapena, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez argitaratutako hondakinen zerrendaren arabera.

– Hondakinaren izena.

– Hondakin-kantitatea (tonatan).

– Hondakinaren jatorria (ekoizlea, udalerria eta lurralde historikoa).

– Helmugako hondakin-kudeatzailea, balorizatzera eramatekotan.

Igorpen hori dagokion urteko "Ingurumena zaintzeko programako entrega" prozeduraren bidez egingo da, Ingurunet aplikazioan.

Gainera, hondakinak jasotzeko eta ikuskatzeko irizpideei buruzko argibide teknikoetan, ingurumen-organoak zehaztutakoetan, ezarritakoa bete beharko da. Argibide horiek argitara emango dira.

F.2.– Ustiaketarako baldintzak.

F.2.1.– Hondakindegia ustiatzeko baldintza orokorrak.

Baimen hau emateko ingurumen-organo honetan aurkeztutako ustiapen-planaren eta haren eguneratzeen arabera ustiatuko da hondakindegia.

Ustiapen-plana eguneratuta egongo da, eta, bertan, datu hauek zehaztuko dira une oro:

– Ustiatzen ari diren hondakinak uzteko gelaxken mugaketa.

– Gelaxken gainazal iragazgaitzaren topografia.

– Hondakindegiaren faseak gauzatzeko ordena eta kronograma.

– Lixibiatuen drainatzeen trazadura.

– Gas-tximinien kokalekua.

– Gelaxken barrura sartzeko barne-bideak.

– Lurrazaleko urak husteko perimetro-arekak.

– Ontzian iragazgaiztu behar diren azalerak eta azken topografia izatera iritsi diren eremuetan behin betiko zigilatu behar diren azalerak.

– Gelaxkak egikaritzeko faseak gauzatzeko kronograma eta gelaxken eraikuntza-xehetasunak.

Gauzatu diren ustiapen-planeko jarduketa guztiekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira: kasuan kasuko eraikuntza-proiektua (memoria, kalkulu justifikatzaileak dituzten eranskinak, planoak, baldintza teknikoen agiria, aurrekontua), eraikuntza-proiektuaren segurtasun- eta osasun-proiektua eta geosintetikoen eta trinkotutako geruza mineralen eraikitze-kalitatearen berme-plana.

Ustiapen-planaren edozein aldaketa jakinarazi beharko da, eta egonkortasun-azterketaren berrikuspena barne hartuko du, bai eta hasierako proiektua aldatzen duen beste edozein alderdi ere.

Halaber, ustiapen-planaren betetze-mailaren bilakaera-maila adierazten duen txostena sartuko da dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan.

Nolanahi ere, hondakindegiaren fase bakoitzaren ustiapena amaitu ondoren, Betearte SAk amaiera jakinarazi beharko dio ingurumen-organo honi, bai eta behin betiko zigilatzearen aurreikuspena ere. Zigilatze hori ebazpen honen F.2.3 eta G apartatuetan xedatutakoaren arabera egingo da.

F.2.2.– Egonkortasuna.

Hondakinak behar bezala utzi behar dira hondakindegian, hondakin-masaren eta egitura elkartuen egonkortasuna bermatuko duen eran, bereziki, hondakin-irristatzeak ekiditeko. Hesi artifizial bat instalatzen denean, egiaztatu egin beharko da substratu geologikoa, hondakindegiaren morfologia kontuan hartuta, nahikoa egonkorra dela iragazgaizteari agian kalte eragingo dioten jalkitzeak saihesteko.

Bermatu beharko da une oro betetzen dela hondakin-irristatzeei aurre egiteko segurtasun-faktorea, alegia, >= 1,5 dela egoera arruntean eta >= 1,3 istripu-egoeran. Horretarako, kontaktu-azalerak aztertu beharko dira gutxienez, eta analisi horrek aintzat hartu beharko ditu "Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak" jarraibideko III.3 apartatuan zehazturiko irizpideak.

Era berean, hondakindegia ustiatzeko fasean lixibiatuen pilaketa handiak edo ontzian iragazgaiztasuna galdu izanaren zantzuak hautematen badira, berriz aztertu beharko dira segurtasun-faktoreak, azterketa espezifikoen bidez.

Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan, txosten espezifiko bat sartuko da, proiektuko segurtasun-faktoreak betetzen direla berrestekoa, edo, edozein kasutan, berrikuspena aurkeztekoa, aldaketak egonez gero.

F.2.3.– Lixibiatuen sorrera minimizatzea.

Hondakindegia ustiatzeko garaian, gelaxka bakoitzean utzitako hondakin-masaren aurrealdearen azalera ezingo da inolaz ere 4.000 m2 baino handiagoa izan. Hondakinak uzteko eremuaren gainerakoa aldi baterako edo behin betiko zigilatuta egongo da.

Lurrazaleko urak biltzeko eta husteko gailuak diseinatzean, ur horiek isurketa-ontzian edo hondakinekin kontaktuan egoteagatik kutsatzea eragin dezaketen hondakindegiko beste instalazio batzuetan sartzea saihestuko da.

Hondakindegiak perimetro-areka bat du hondakindegiaren akaberako gainazalean, 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldiak hustea ahalbidetuko duena. Ustiaketan zehar, iragazgaiztutako gelaxkak inguratuko dituzten eta dagozkien uhaldiak hustea ahalbidetuko duten aldi baterako perimetro-kanalak instalatuko dira, gutxienez 10 urteko errepikatze-denborari begira.

Hondakindegiaren azken zigilatzearen gainazalaren gainean arekak eraikiko dira, zigilatzearen gainean sortzen diren ur garbiak perimetro-kanaletara husteko. Areka horiek gutxienez 50 urteko errepikatze-denborari dagozkion ur-goraldiak husteko diseinatuko dira. Husteko ahalmenaz gain, perimetro-eroanbideak diseinatzean eta mantentzean kontuan hartuko dira aurreikus daitezkeen asentuak eta hondeaketak.

Hondakindegiko gelaxka baten zigilatzea ez da 90 egun baino gehiagoko epean abiatuko, aurreikusitako azken kotetara iristen den unetik aurrera. Zigilatze hori aldi baterako zigilatzea izango da, gainazal horretan proiektuak ondorengo faseetan hondakinak uztea aurreikusten badu; edo behin betiko zigilatzea izango da, aipatutako gainazalean akaberako zigilatzea ezarri behar bada. Kanpoko arrazoiak direla-eta (meteorologikoak, materialaren eskuragarritasuna eta abar) ezinezkoa bada azken zigilatzea epe horren barruan hastea, aldi baterako zigilatzea ezarriko da, trinkotutako lurrez edo geomintz batez osatua, iragazketa murriztuko duena eta perimetro-kanaletara zuzenduko diren ur garbiez osatutako gainazaleko jariatze-osatzea ahalbidetuko duena. Behin betiko zigilatzea 9 hilabete baino lehen abiatuko da eta 12 hilabete baino lehen bukatuko da, hondakinak aurreikusitako gelaxkaren azken kotetara iristen diren unetik aurrera.

Nolanahi ere, hondakindegiko gelaxka bakoitzaren ustiapena amaitu ondoren, Betearte SAk horren amaieraren berri eman beharko dio ingurumen-organo honi, baita behin betiko zigilatzearen aurreikuspena ere. Zigilatzea hasteko eta amaitzeko epea luzatu ahal izango da, hondakindegiaren titularrak behar bezala justifikatutako eskaera eginda. Zigilatzea hasteko luzapena eskatzen bada, azterlan bat aurkeztu beharko da, hau erakusten duena: aurreikusitako asentuek, aldi baterako zigilatzearen gainean dauden mugarri topografikoetan erregistratutako datuetatik abiatuta kalkulatuta, zigilatzea osatzen duten materialek onartzen dituztenak baino deformazio handiagoak eragiten dituztela. Zigilatzea amaitzeko epea luzatzea arrazoi hauek justifika dezakete: baldintza meteorologiko desegokiak, material egokirik ez izatea, etab.

F.3.– Saneamenduko sare orokorrera eta ibilgura isurtzeko baldintzak.

F.3.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: Hondakin arriskugabeen hondakindegi kontrolatua.

Jarduera taldea: hondakinen kudeaketa.

Mota-Taldea-EJSN: 1-7 ter-3821.

(Ikus .PDF)

Kamioi-gurpilen garbilekutik dekantatutako urak lorategiak ureztatzeko erabiliko dira, eta soberakina arazketara edo saneamendu-sistema orokorrera bideratuko da, hala badagokio.

F.3.2.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.

1. isuria (IG1): Hondakin geldoetarako hondakindegiko lixibiatuak (itxita).

(Ikus .PDF)

2. isuria (IG2): Bulegoetako erabilera higienikoko urak.

(Ikus .PDF)

3. isuria (IG3): Hondakin arriskugabeetarako hondakindegiko lixibiatu araztuak.

(Ikus .PDF)

F.3.3.– Isurien muga-balioak.

Ondorengo zerrenda honetan ageri dira isurketa eragin duen jardueraren parametroen ezaugarri nagusiak, emisio edo isurietarako ezarritako muga-balioekin:

1. fluxua (IG1): Hondakin geldoetarako hondakindegiko lixibiatua (itxita):

(Ikus .PDF)

2. fluxua (IG2): Bulegoetako erabilera higienikoko urak:

(Ikus .PDF)

3. fluxua (IG3): Hondakin arriskugabeetarako hondakindegiko lixibiatu araztuak:

(Ikus .PDF)

Metalen kontzentrazioa elementu horien "guztizko" edukiari dagokio.

Ezingo da diluzio-teknikarik erabili isurketen muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzailearen kalitate-arauak eta -helburuak bete behar dira. Hori horrela ez bada, titularrak beharrezkoa den tratamendu egokia ezarri beharko du, isurketaren ondorioz kalitate-helburu horiek urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen honek ez du babesten baldintza honetan esplizituki adierazi ez den beste gairik isurtzea, bereziki gai arriskutsurik (irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinak).

F.3.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Sustatzaileak baimen hau izapidetzean aurkeztutako dokumentazioan eta proiektuan agertzen direnak izango dira hondakin-urak arazteko instalazioak edo hondakin-uren zuzenketa-neurriak, eta jarduketa eta elementu hauek izango dituzte funtsean:

a) Hondakin arriskugabeetarako hondakindegiko lixibiatuak.

– Bilketa- eta ponpaketa-sistema.

• Lixibiatuak hondakindegiaren iparraldeko bi ponpaketa-putzutan biltzea, ponpaketa edo grabitate bidez biltegietara bidaltzeko bultzada-hodiak erabiliz.

• 1.300 m3-ko unitate-bolumena duten bi depositu, lixibiatuak tratatu aurretik biltegiratzeko eta homogeneizatzeko.

– Araztegia, prozesu eta elementu hauek dituena:

• Ponpatze-ekipo bikoitza.

• Tratamendu fisiko-kimikoa, aire-flotagailuan malutapena edo koagulazioa gauzatuta.

• Ura gardentzeko banda-iragazkia, altzairu herdoilgaitzezkoa.

• Harea-iragazkia eta kartutxo-iragazkia.

• Ultrairagazketa-sistema.

• Nanoiragazketa-sistema.

• Itsas urerako mintz-sistema.

• Etapa bikoitzeko alderantzizko osmosiko sistema, lixibiatu eta iragazkortzeko faseekin, errefusa nanoiragazitako uraren depositura birzirkulatuz.

– Bat-bateko isurketaren gehieneko bolumena 5 m3/h izango da, aurreikusitako aurretratamenduaren gehieneko emariak mugatuta (fisiko-kimikoa, iragazketa eta osmosia).

b) Hondakin geldoetarako hondakindegiko lixibiatuak.

Lixibiatuak zuzenean ibilgura hustuko dira, ez baitituzte gainditzen emisioaren muga-balioak –isurketarako ezarritakoak–.

c) Bulegoetako erabilera higienikoko urak.

Enpresako (10 langile gaur egun) erabilera higienikoko urak araztegi trinko batean tratatuko dira, zeinak iragazki biologikoa duen hobi septiko bat izango baitu. Ur horiek lurrean infiltratuko dira geroago.

Gerora egiaztatzen bada arazteko instalazioak ez direla nahikoak isurketako emisioaren muga-balioak eta ingurune hartzailearen ingurumen-kalitateko arauak betetzeko, arazteko instalazioetan egin beharreko aldaketa guztiak egin beharko ditu Betearte SAk, baimendutako ezaugarrien araberakoa izan dadin isuria. Aurretik, hartuko dituen neurriak Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko dizkio, eta, beharrezkoa bada, baimena aldatzeko eskatuko du.

Gutxienez, jarraian adierazitako kontrolguneak jarriko dira; gune horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezko diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxatilak zuzeneko sarbidea duten leku batean kokatuko dira, egokitzat jotzen denean ikuskatu ahal izateko. Hain zuzen:

– Hondakin arriskugabeetarako hondakindegiko lixibiatuak kontrolatzeko kutxatila.

– Hondakin geldoetarako lehengo hondakindegiko (itxita) lixibiatuak kontrolatzeko kutxatila.

– Araztutako lixibiatuen irteera.

– Erabilera higienikorako uren araztegiko irteera.

– Hondakin arriskugabe araztuetarako hondakindegiko lixibiatuak kolektorera isurtzeko azken gunea, perimetro-kanaletako gainerako ur garbiekin nahasi gabe, etab.

Halaber, instalazioak kontrol-elementu hauek ditu:

– Parshall kanal motako emari-neurgailua, in situ irakurtzekoa, itxita dagoen hondakin geldoetarako hondakindegi zaharreko lixibiatuak biltzeko sarean.

– Lixibiatuen biltegiratze-andeletako lixibiatu-bolumena etengabe neurtzea, Bluetooth haririk gabeko teknologia duen radar neurketa-ekipo baten bidez, eta seinale analogikoa PLCra bidaltzea.

– Tratatutako uren pH-neurgailua eta azken kontrolerako eroankortasun-neurgailua, alarma-sistemak, neurketen tokiko adierazpena eta biltegiratze jarraikia euskarri informatikoan dituena.

F.3.5.– Isuri-kontrolaren kanona.

a) Hondakin arriskugabeetarako hondakindegiko lixibiatu araztuak (IG3).

Betearte SAk dagokion finantzaketa- eta saneamendu-kanona ordaindu beharko dio Gipuzkoako Urak partzuergoari.

Gipuzkoako Urak partzuergoaren isurketak arautzeko erregelamenduan ezarritako mugak gainditzen direnean, zergak ezarriko dira, eta saneamendu-tasari gehituko zaizkio.

b) Hondakin geldoetarako lehengo hondakindegiko lixibiatuak eta bulegoetako erabilera higienikoko urak (IG1, IG2).

Uren Legearen testu bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren (606/2003 Errege Dekretua) 291. artikulua aplikatuz, honako hau da isurketen kontrol-kanonari (IKK) dagokion zenbatekoa:

(IKK): Isuri-kontrolaren kanona = V x Pu

Pu = Pb x Cm

Cm = C2 x C3 x C4

Honela ulertuta:

V = Baimendutako isurketaren bolumena (m3/urte).

Pu. = isuri-kontrolaren prezio unitarioa.

Pb. = m3-ren oinarrizko prezioa, isuriaren izaeraren arabera zehaztuko dena.

Cm = Isurketaren maiorazioko edo minorazioko koefizientea.

C2. = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.

C3 = Isurketaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.

C4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea.

– 1. fluxua (IG1): Hondakin geldoetarako hondakindegiko lixibiatuak (itxita):

(Ikus .PDF)

Cm = 1,28 x 0,5 x 1,25 = 0,800000

Pu = 0,04377 x 0,800000 = 0,035016 euro/m3

– 2. fluxua (IG2): Bulegoetako erabilera higienikoko urak

(Ikus .PDF)

Cm = 1,0 x 0,5 x 1,25 = 0,625

Pu = 0,01751 x 0,625 = 0,010944 euro/m3

Isuri-kontrolaren kanona = 33.000 x 0,035016 + 123 x 0,010944 = 1.155,53 + 1,35 = 1.156,88 euro/urte.

Uren Legearen 113.4 artikuluak xedatzen duenez, isuri-kontrolaren kanonaren zergaldia urte natural bakoitzarekin dator bat. Urteko zenbatekoa ebazpen honetan ezarri da, eta ez da aldatuko isurtzeko baimenaren baldintzak edo kalkuluko faktoreren bat aldatzen ez diren bitartean.

Hori dela eta, urtero bidaliko zaio titularrari aurreko ekitaldiari dagokion tasa, lehenago ezarritako zenbateko eta guzti, baldin eta ez badira kitatutako aldian oinarrizko prezio eguneratuak aplikatu behar aurrekoen ordez (BOEn argitaratutakoak). Tasa horretan, kitatu den IKKaren zenbatekoa eta ordaintzeko epea, lekua eta modua adieraziko dira.

Dena den, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2.a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, ekitaldiko egun-kopuru osoa kontuan hartuta, baimena indarrean dagoen egun-kopuruarekiko proportzionalki kalkulatuko da urteko aldiari dagokion IKKaren likidazioa.

Isuri-kontrolaren kanona ez da lotuta egongo autonomia-erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekin (Uraren Legearen testu bateginaren 113.7 artikulua).

F.4.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

F.4.1.– Hondakin guztientzako baldintza orokorrak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin jakin batzuk tratatzeko instalazio baimenduak badaude, halako hondakinak lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga hondakindegian deuseztatzea dela aurreikusten bada, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak –Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak– xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera; era berean, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Errege Dekretuak ezarritako jarraibideak ere bete beharko dira.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko, kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Azken datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izan behar dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinentzat, haiek biltzeko aska edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isuriak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arriskugarritasun-ezaugarriei dagokienez, betiere arau hauetan ezarritako irizpideei jarraikiz: Europako Hondakinen Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota dauden eta berori izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galduz gero edo haien jarioa gertatuz gero, berehala horren berri eman beharko zaie Ingurumen Sailburuordetzari eta Mallabiko Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora errege-dekretu hori garatuta xedatzen dena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpenen kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan adierazitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen bada, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak lekualdatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

F.4.2.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek adierazi ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da haiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean xedatutakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek balioztatu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaera egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskuratzea edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinak tratatzeko kontratuetan uzte- edo ezabatze-kodeak balioztatzea eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta bilgarriek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezingo dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak tarteko direla, baldin eta giza osasuna eta ingurumena babestuko direla bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak zehaztuko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara igorriko da, hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamendua egokia den egiaztatze aldera. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-bidea bat datorrela ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko hierarkia-printzipioekin.

f) Hondakin arriskutsuak lekuz aldatu aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikazio-agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Betearte SAk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak, gutxienez bost urtez.

g) Egiaztatu egin beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak bete egiten dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betekizunak.

h) Betearte SA enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Pilen eta metagailuen hondakinek, halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimendu batekin sinatutako tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak entrega horiek egin direla egiaztatzen badu. Toki-erakundeei entrega egin izanaren egiaztagiriak gutxienez bost urtez gorde beharko dira.

j) Baldin eta Betearte SAk ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduan zehaztutako gai erabiliak baditu, gai horiek berreskuratu egingo dira aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez suntsitzeko, edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein suntsitze-bide tekniko erabiliz, edota birziklatzeko edo birsortzeko xedez, tresnak berrikusi eta mantentzeko eragiketetan nahiz desmuntatu edo suntsitu aurretik.

k) Betearte SAk urteko adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari sortutako hondakin arriskutsuen jatorria zein den, zein kopuru sortu den, zein erabilera emango zaien eta adierazpenaren xede den ekitaldiaren amaieran zeintzuk dauden aldi baterako biltegiratuta. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa bidaliko du, urtean urtekoa.

l) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Betearte SAk, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

m) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Betearte SAk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioa oinarri hartuta egingo da. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko du gutxienez, eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

n) Betearte SA industria-ontzi baten azken jabea bada, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko abenduaren 27ko 1055/2022 Errege Dekretuaren 44. artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko ditu.

o) Apartatu honetako e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean), k) eta l) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskuragarri jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

p) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Betearte SAk Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak Amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

F.4.3.– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Lixibiatu-tratamenduaren prozesuko zabor kontzentratuen eta gurpil-garbigailuko lohien kasuan, hondakin horiek egun indarrean dagoen Europako hondakinen zerrendan zeharka islatzen direnez, haien lehenengo kanporatzearen aurretiazko ezaugarriek baldintzatuko dute hondakin arriskugabetzat hartzea, eta emaitza horiek Ingurumen Sailburuordetzari bidali beharko zaizkio, proposatutako kudeaketaren egokitasuna egiaztatzeko xedez. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako F.4.2. puntuan jasotako zehaztapenak aplikatuko dira.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi behar dira. Erabilitako ontziak eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

c) Hondakin horiek deuseztatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helmuga balioztatzea denean, berriz, bi urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, kanpora eraman aurretik, hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-bidea bat datorrela ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko hierarkia-printzipioekin. Betearte SAk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, bost urtean gutxienez.

e) Hondakina hondakindegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea lekualdatu aurretik identifikazio-agiria bete beharko da, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraikiz.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egitearren, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluaren arabera.

g) Betearte SA industria-ontzi baten azken jabea bada, abenduaren 27ko 1055/2022 Errege Dekretuaren 44. artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko ditu.

h) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Betearte SA enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Betearte SAk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioa oinarri hartuta egingo da. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko du gutxienez, eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

j) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek bilduko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa igorriko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

k) Apartatu honetako c), d) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta e) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskuragarri jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

F.5.– Lurzorua babestearen inguruko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenaren arabera, eta txosten horretan jasotako gomendioei jarraikiz, Betearte SAk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu, baita ingurumen-organoak beharrezkotzat jotzen dituen edo eskatzen dituen guztiak ere.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuari jarraikiz, lurzoruaren egoerari buruzko txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtez behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Era berean, aurreko lerrokadan aipatutako araudian (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua), lurzorua babesteko betebeharrak ezartzen dira, eta, hain zuzen ere, horiek betetze aldera, sustatzaileak hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen entitate ezagun batek egina, eta lehenago aipatutako txostenak bilduko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak). Emandako agiriak aldatu edo beste agiri batzuk eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat helaraziko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Aurreikusten bada aldaketaren bat egin behar dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan, eta aldaketa horren ondorioz lurrak mugitu behar badira:

a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko bide egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa egin bitartean bolumen hori gaindituko dela hautematen bada, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta oneratzeko akreditatutako entitate batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura egikaritu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da:

– Jarduketa sustatzen duen pertsona fisiko edo juridikoaren eta jarduketa egingo duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduerak ukituko duen lekuaren kokapen-datuak, Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia barne hartuta.

– Jardueraren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduera-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jardueraren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, entitate egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa noiz hastea aurreikusten den.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko du. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, entitate egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotako irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinetarako aurreikusitako erabilera hondakindegian uztea denean, karakterizazioa dekretu hauetan xedatutakoaren arabera egin beharko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena. Oro har, laginketa egiteko, oinarrizko irizpide batzuk bete beharko dira; hain zuzen ere, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.6 apartatuan ("Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa") adierazitako oinarrizko irizpideak, induskatu beharreko materialen karakterizatze-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu beharrekoak.

g) Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, entitate egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta analisia, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitateak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta entitate horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-Ak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalarekin pareka daitekeen substratu harritsu meteorizatua bada, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuta), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

F.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Beharrezko diren neurri guztiak ezarriko dira honako indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:

a.1.– Jarduera egokitu egingo da, etxebizitzen barrualdera igortzen den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ez ditzan inoiz 40 dB(A) gainditu 07:00etatik 23:00etara, leihoak eta ateak itxita daudela; halaber, LAmax indizeak ezingo ditu 45 dB(A) gainditu.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita; halaber, LAmax indizeak ezingo ditu 35 dB(A) gainditu

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentiberatasun akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

c) Ebazpen hau eragin duen edukiera handitzearekin lotutako zamalanen ondoriozko zarata-iturriei dagokienez, Betearte SAk behar diren neurriak hartuko ditu instalazio horrek ez dezan kanpoko ingurumenera transmititu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren –giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez– II. eranskinean zehaztutako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

Kanpoko muga-balioak lurzoruaren mailatik 2 metroko garaierari eta fatxada leihodunen kanpoaldeko eraikuntzaren altuera guztiei dagozkie.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da, baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, baldintza hauek betetzen badituzte:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

– Lkeq, Ti indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

F.7.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

Hondakindegian sortutako gasak lau erregistro-putzuren bidez kontrolatzen dira; aldi berean, lixibiatuen drainatzea kontrolatzeko erabiltzen dira putzuok. Bi putzu A fasean daude, eta beste bi, berriz, B fasean.

A faseko erregistro-putzuak hondotik hormigoizko eraztun prefabrikatuen bidez eraiki dira, eta, handitu egin behar izan direnean, 1 m-ko barne-diametroko polipropilenozko SN16 hodi korrugatuak jarri dira. B faseko putzuek hormigoizko hasierako eraztun bakar bat dute, eta 1 m-ko barne-diametroko polipropilenozko SN16 hodi korrugatuak erabili dira haiek handitzeko.

Bi faseetako ekialdean dauden bi erregistro-putzuak gehieneko kotara iritsi dira, isurketa-eremua agortu egin baita eremu horretan. Putzu horiek irekita daude lixibiatuak kontrolatu ahal izateko.

Ahal den heinean, ez da sortuko ez partikula solidoen ez hautsaren emisiorik, nola ibilgailuak sartu eta ateratzean hala hondakinak deskargatu eta zabaltzeko lanetan.

Hondakindegi-gasak metatzea eta jariatzea kontrolatzeko egokiak diren neurriak hartu behar dira. Teknikoki bideragarria denean, neurri horiek ustiapen-fasean hartuko dira, itxi arte itxaron gabe.

Kiratsek eragindako eragozpenak minimizatu behar dira. Hala badagokio, ingurumen-organoak, egoki iritzitako prozesuetan, emisioak biltzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio Betearte SAri.

Azken tratamendua zuziaren bidez gauzatu behar bada, gasek 1.000 eta 1.200 ºC bitarteko tenperaturara iritsiko dira zuzian, eta gutxienez 0,3 segundotan (egonaldia), beharrezko den turbulentzia mantenduz.

Nolanahi ere, eta segurtasunari lotutako arrazoiengatik, instalazioaren jabetzaren mugan metano gasaren kontzentrazioa ez da % 5 baino handiagoa izango, ezta % 1,25 baino handiagoa ere instalazioaren eremu itxietan, kontrol-sistemen edo gasa berreskuratzeko osagaien kasuan izan ezik.

Putzuetako eta harguneetako gasen konposizioari dagokionez, irizpide orokor hauek aplikatuko dira:

– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 5etik gorakoa denean (bolumenari dagokionez), azterketa bat egin beharko da gasa nola atera edo berreskuratuko den zehazteko; azterketa horren ondoriozko neurriak sei hilabeteko epean abiaraziko dira gehienez ere.

– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 5 baino txikiagoa baldin bada, atmosferara isurtzea baimenduko da, erauzketa bortxatuaren beharrik izan gabe (erauzketa pasiboa).

Metano-kontzentrazioa % 5etik behera mantentzen bada, atmosferara isuri ahalko da, eta ez da beharrezkoa izango isuritako gasak bortxaka erauztea.

Hondakindegiko gasak bildu, tratatu eta aprobetxatzean, ahalik eta gehien murriztuko da ingurumenaren kaltea edo narriadura eta giza osasunerako arriskua, klima-aldaketa bereziki kontuan hartuta.

Gasak erauzteko sistemarik ez dagoenez, bost urtean behin egiaztatuko da hondakindegia aurrez zigilatuta dagoen gunearen azpiko ezpondaren oinetan zehar dagoen gas-isuririk gabeko gidatze-sistemaren eraginkortasuna (2021-11-23tik) –lehenengo entrega 2025. urteari dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, 2026ko martxoaren 31 baino lehen entregatu beharrekoa–. Sistema horretatik kanpo ez da hauteman gas-isurtze iheskorrik. Txosten horrek egungo erauzte-sistema egokia dela justifikatu beharko du; bestela, gasak biltzeko edo tratatzeko sistema berri bat instalatzeko proposatu beharko du, instalatzeko epea sei hilabete izanik.

Halaber, ingurumen-organoak airearen kalitateari eta desgasifikazio-sistemei buruz ezarri dituen jarraibide teknikoetan finkatutakoa bete beharko da.

G) Hondakin arriskugabeetarako hondakindegia zigilatzeko obrak egiteko baldintzak eta betebeharrak.

G.1.– Obra-faseko baldintza orokorrak.

G.1.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Adierazitako esparrutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

c) Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiak ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdiak xehetasunez adierazten dituen mugaketa egingo da kartografian.

G.1.2.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Bertako zenbait zuhaitz-motaren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa bete behar dela alde batera utzi gabe, hondakin arriskugabeetarako hondakindegia eta haren azpiegitura osagarriak egiteko obra-planetan nahiz sarbide eta pista osagarrien irekieran saihetsi egin beharko dira bertako landareak kentzeko lanak zuzeneko okupazioa aurreikusita ez duten eremuetan. Horretarako, behar bezala mugatu eta balizatu beharko dira mantendu eta gorde beharreko landaredi-eremuak, eta bereziki hondakindegiaren oineko ibarraren azpiko ur-bazterreko landarediaren eremua.

b) Hala badagokio, lixibiatu araztuak kolektorera husteko hoditeriaren eraginpeko ubideen gurutzaketak honela egin behar dira: instalazio horiek babesteko egiturek eraginpeko ibilguaren zatiaren funtzionaltasunaren berreskurapenari ez eragiteko moduan eta dagoen landaredia ahalik eta gehien errespetatuz.

c) Hodiak instalatutakoan eta zangak itxitakoan, ibaiaren ibilgua lehengoratuko da ibilgutik bertatik eratorritako materialarekin, jatorrizko morfologia errespetatuz. Halaber, aldatutako eremuetako landaredia berrituko da, erasandako ibaiertzen jatorrizko morfologia ahalik eta gehien errespetatuz.

d) Ezingo da okupatu, ez aldi baterako, ez modu iraunkorrean, proiektuak ukitzen dituen ubideek gurutzatzen duten bide-zortasunaren aldea. Alde horrek ahalik eta baldintza naturalenetan gelditu behar du, bere eginkizuna oztopatzen duen betelan, itxitura edo bestelako okupaziorik gabe.

G.1.3.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.

a) Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

b) Eraikuntza-lanak egin bitartean, ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze-sare naturalera. Horretarako, urak bideratzeko egiturak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta egikarituko dira, obrengatik kutsatutako urak haietara biltzeko.

G.1.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

a) Obrak dirauen artean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko bestelako lekuak garbitzeko kontrol zorrotza egingo da, nola obrek ukitutako ingurunean, hala obra horietarako sarbideetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako soildutako pistak eta gainazalak ureztatzeko.

b) Ibilgailuak garbitzeko elementuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

c) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

G.1.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

a) Egokitzapen-obrek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obrako jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, obrako makinen mantentze orokorrari eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

b) Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera –Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez garatzen du errege-dekretu horrek–, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

G.1.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Apirilaren 8ko 7/2022 Legeak (Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoak) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, lanlekuak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

b) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituko zaie.

112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikuntza- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra gauzatzeko proiektuetan; I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du azterlan horrek.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola konplituko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

c) Lursailen egokitzapenerako edo betelanetarako baliatu beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

EBA-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak soilik utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaio.

Olio erabiliak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako deposituetan egingo da, horrela, depositu nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa sakabanatu ez dadin.

e) Hondakinak kudeatzeari buruzko araudia errazago bete ahal izateko, lan batzuetan eta besteetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

f) Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat atonduko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak. Gainera, hondakin arriskugabeak eta geldoak edukiontzi espezifikoak jarriko dira beste leku batean, aurrekoetatik bereizirik. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Orobat, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar); hondakinak moten arabera bereizi behar dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu aurretik.

b) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak sartu beharko dira txosten horretan.

G.1.7.– Paisaian integratzea.

a) Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, obrek eragindako eremuak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak errazte aldera.

b) Hondakindegi-proiektuak ukitutako azalerak lehengoratzeko, oro har, dokumentu honetan proposatutakoari jarraituko zaio: "Bizkaian, Mallabiko udal-mugartean, Iruatxietan, hondakin arriskugabeetarako hondakindegia jartzeko proiektua. 5. eranskina: Paisaia egokitzeko proiektua", 2006ko otsailekoa, A5 eta A6 faseak zabaltzeko behar den eguneratzearekin.

c) Ukitutako gune guztiak leheneratuko dira (hondakindegia ezarri den lur zatian eta haren instalazio osagarri eta sarbideetan kokatutakoak, eta zerbitzu-sareen eta lixibiatuen hustuketa gauzatzeko beharrezkoak direnak), aurkeztutako berriztatze planean jaso gabe egon arren azkenean eragina jasan dutenak ere barne hartuta.

d) Ereindako sailak eta sail landatuak mantentzeko lanak egin beharko dira, hau da, azaletik aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

G.1.8.– Garbiketa eta obren akabera.

Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakon bat egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan inolako obra-hondakinik ez uzteko.

G.1.9.– Obrek dirauten bitarteko jardunbide egokien kontrola.

Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, hondeaketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hautsa eta zarata sortzea eta txosten honetan adierazitako bestelako alderdiak.

G.1.10.– Obra-amaierako txostena.

Sustatzaileak obra-amaierako txostena igorri beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari; obrak egin bitartean jazotako gorabeheren berri emango du bertan, eta ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino betetzen diren azalduko du; halaber, ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumen-inpaktuaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu. Halaber, eraikuntza-fasean baliatutako ingurumena zaintzeko programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, material horien zenbaketari eta ezaugarriei buruzko datuak gehituta. Eraikitze-kalitatearen berme-kontrolaren emaitzak biltzen dituen txostena ere gehitu hartu beharko da, bereziki, geosintetikoen instalazioarena edo in situ trinkotutako material mineralekin egindako hesi geologiko artifizialen instalazioarena.

G.2.– Hondakin arriskugabeetarako hondakindegia zigilatzeko obrak hasi aurreko baldintzak.

Betearte SAk eraikitzailearekin eta sustatzailearekin loturarik ez duen obra-zuzendaritza bat izendatu behar du. Hondakindegiak eraiki eta zigilatzeko lanetan espezializatutako zuzendaritza izan behar du.

Horrez gainera, enpresa bat izendatu behar du, loturarik ez duena sustatzailearekin eta eraikitzailearekin, hondakindegia zigilatzeko geosintetikoen instalazioari dagokion kalitate-bermea kontrola dezan. Enpresa hori izango da ebazpen honen hirugarren apartatuan –G.3 azpiapartatuan– ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko arduraduna.

Obrak hasi aurretik, Betearte SAk ingurumen-organoari jakinarazi behar dio zer enpresa izendatu den zuzendaritza teknikoa gauzatzeko eta zer enpresak egingo duen zigilatze-lanetarako geosintetikoen instalazioaren kalitatea bermatzeko kontrola.

Hondakindegiko gelaxka bakoitzaren zigilatze-lanak hasi baino behar beste denbora lehenago, proiektua aurkeztu beharko zaio ingurumen-organo honi. Bertan, exekuzio-baldintzak, zigilatzearen segida eta obrak egiteko epeak zehaztuko dira, besteak beste. Proiektu horri, gainera, hondakindegiaren egonkortasun globalari buruzko azterlan eguneratu bat erantsi beharko zaio, zigilatzea osatzen duten geruzak barne hartuta, bermatze aldera irristatzearen aurreko segurtasun-faktorea >= 1,5 izango dela beti egoera normalean eta >= 1,3, berriz, ezbehar egoeran. Egonkortasunaren azterketa eguneratuak, gutxienez, "Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak" jarraibidearen III.3 apartatuan identifikatutako kontaktu-azalerak jaso beharko ditu.

Gainera, zigilatze-obrak egiteko, ingurumen-organoak zehaztutako irizpideei buruzko jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko da. Jarraibide horiek argitara emango dira.

G.3.– Hondakin arriskugabeetarako hondakindegia zigilatzeko obrak exekutatzeko baldintzak eta betebeharrak.

a) Hondakindegia zigilatzearen segida hau izango da:

– 0,5 m-ko geruza, hautatutako hondakinarena (gehienez 40-50 mm-ko granulometria duena).

– 500 g/m2-ko geotestila.

– 2 mm-ko HDPEzko xafla testurizatua/testurizatua.

– 6 mm-ko geodrena, 120 g/m2-tik beherako eta 200 g/m2-tik gorako geotestila duena.

– 1 m-ko lodierako estaldura, honako hauez osatua: 0,80 m hondeaketa-lur eta 0,20 m landare-lur.

b) Malda egokiak izan daitezen, hondakindegiaren azaleraren birmoldaketa amaitu ondoren, hondakindegiaren azaleraren plano takimetriko bat altxatuko da, okupatuko duen azalera eta zigilatu beharreko azalera definituko dituena (UTM ETRS 89 koordenatuetan). Gutxienez metro bateko zabalerako banda gehigarria okupatuko du, birmoldaketaren ostean hondakindegiak okupatutako azalerarekiko. Plano takimetriko horretan, zigilatzeko lanetan zehar ager daitezkeen lixibiatuen iturburuak kokatuko dira, haietako bakoitzean hauek zehaztuz: emaria, pH-a, tenperatura, eroankortasun elektrikoa eta neurketaren eguna.

c) Zigilatze-lanetan zehar sortzen den eta aldaketa nabarmenak eragiten dituen zigilatze-proiektuaren aldaketa oro Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi behar zaio, gauzatu aurretik onar dezan.

d) Era berean, zigilatze-sistemak bete egin beharko du "Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak" jarraibidean zehaztutakoa, III.2 apartatuan, erregularizazio-geruzari, gasak biltzeko geruzari, iragazgaizte-geruzari, infiltrazio-urak iragazteko eta drainatzeko geruzari eta estaldura-geruzari dagokienez.

e) Hondakin arriskugabeetarako hondakindegia zigilatu ondoren, zigilatze-lanen zuzendariak egiaztatu beharko du zigilatzea ebazpen honetan ezarritako baldintza eta betekizunen eta ebazpenaren oinarri den agiri teknikoen arabera bete dela. Egiaztapena egiteko, hondakindegia zigilatzearen obra amaierako ziurtagiria egingo du obra-zuzendariak, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

– Eraikitzeko proiektua ("as built"), dagokion elkargo ofizial profesionalak oniritzia emanda duela. Plano-jokoa eta obra-fasean egindako aldaketek ebazpen honetan eta ebazpenaren oinarri diren agirietan ezarritako baldintza eta eskakizunei dagokienez segurtasun-murrizketa ekartzen ez dutela adierazten duen justifikazioa. Halaber, obra bukatutakoan ezin ikusi diren elementuen eta haien ezaugarrien argazki-erreportajea egin beharko du, xehetasunen ikuspegiak eta planoan duten kokalekua azalduz, ikuspegi panoramiko orokor gisa.

– Plano topografiko bat, zigilatze-segidaren landare-lurrezko geruzaren gainazalarena, UTM ETRS 89 koordenatuetan eta kota absolutuetan emana.

– Eraikuntza-kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko programaren emaitzak. Programa horrek barne hartuko ditu eginiko lanak deskribatzen dituen memoria eta emaitzak, eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak; horrez gainera, zenbait eranskin bilduko ditu, landa-laneko eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasoko dituztenak (azken horiei buruz txosten osoak gehituko dira), bai eta laginketa-guneak plano takimetrikoan duten kokapena ere.

– Zigilatzeko estalkiei buruz jarraibidean adierazitako betekizun guztiak betetzen direla egiaztatzen duen txostena.

f) Aurreko apartatuan adierazitako obra-amaierako ziurtagiria eta hari atxikitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzari aurkeztu beharko zaizkio, hark onar ditzan. Aurkeztutako agiriak egokiak direla ikusi eta egiaztapen-bisita egin ondoren, ingurumen-organoak isurketa edo hondakin-uztearen jarduera etetea, zigilatzearen bukaera eta itxi ondorengo aldia abiatzea onartuko du.

H) Hondakin arriskugabeetarako hondakindegia itxi ondorengo baldintzak.

a) Betearte SA, hondakindegia ustiatzen duen entitatea den heinean, hondakindegia itxi ondorengo mantentze-lanen, zaintzaren eta kontrolaren arduraduna izango da, eta funtzio horietaz arduratuko den pertsonaren izena jakinarazi behar dio ingurumen-organoari.

b) Posta-helbidea, telefonoa, faxa, helbide elektronikoa edo edozein komunikabide eta kontaktu, edo itxi ondorengo kontrolaz arduratuko den pertsona aldatzen badira, aldaketaren berri eman beharko du hondakindegiaren titularrak.

c) Itxi ondorengo kontrola eta zaintza-aldia 30 urtekoa izango da, hondakindegiaren jarduera eten eta zigilatzea bukatu dela onartzen den egunetik hasita. Ingurumen-organoak hala irizten badio, aldi hori aldatu ahal izango da, itxi ondorengo kontroletan lortutako emaitzen arabera. Itxi ondorengo aldia amaitzea eta horri dagokionez ezarritako betebeharrak amaitzea ingurumen-organoak itxi ondorengo aldia amaitzeari buruz emaniko ebazpenaren bidez erabakiko da, sustatzaileak hala eskatuta, eta aldez aurretik apartatu honetan ezarritako baldintzak bete direla egiaztatuta.

d) Betearte SAk itxi ondorengo zainketak gauzatzen direla behatzeaz arduratuko den enpresa izendatuko du. Enpresa hori hondakindegiaren titularra ez bada, titularrak gutxienez urtebeterako izendatuko du enpresa hori. Izendapen horren berri eman behar zaio ingurumen organoari, formalizatu ondorengo 15 eguneko epean, hondakindegiaren titularraren ordezkariaren onespen-sinadurarekin, itxi ondorengo behaketaz arduratuko den enpresaren ordezkariaren onespen-sinadurarekin eta titularrak aurkeztutako agirien zerrenda xehatuarekin batera. Zerrenda horretan agertu behar dute hondakindegi horren inguruko errekerimendu administratibo guztiek eta zigilatzean zehar sortutako agiri tekniko guztiek, bai eta une horretara arteko itxi ondorengo zainketa guztiek ere.

e) Betearte SAk itxi ondorengo fasean zehar kontrol-prozeduretan agerian jarritako ingurumenerako ondorio negatibo nabarmen oro jakinaraziko die ingurumen-organoari eta Mallabiko Udalari, eta hartu beharreko zuzenketa-neurrien izaerari eta egutegiari buruz agintaritza eskudunak hartutako erabakia ere bete beharko du. Gainera, ondorio negatiboek uretan eragina dutenean, jakinaren gainean jarri beharko da Uraren Euskal Agentzia.

f) Obrak edo jarduerak egin nahi baldin badira hondakindegian hura itxi ondoren, ingurumen-organoaren baimena izan beharko da haiek egin aurretik. Nolanahi ere, ingurumen-organoari ziurtatu behar zaio jarduera horiek ez dietela eragiten zigilatzearen osotasunari, perimetro-kanalen jardunari, itxi ondorengo kontrol-sistemaren egonkortasunari edo elementuei, eta ez dakartela garatu nahi den erabilera edo jarduerarako eta pertsonentzako arrisku onartezinik.

Horretarako, ezabatu egingo da zigilatzearen gainean sortzen den zuhaitz- edo zuhaixka-landaredia.

Ereindako sailak mantentzeko lanak egin beharko dira, hots, ebaki, ongarritu eta ureztatu.

Arreta egin beharko da zigilatzearen gainean landare-espezie inbaditzailerik haz ez dadin; halakorik gertatuz gero, espezieok ugaltzea kontrolatzeko eta errotik kentzeko neurriak hartu beharko dira.

Zigilatzearen gainazalean izandako asentuak, hondakin-irristatzeak edo higadurak konponduko dira.

Inolaz ere ez da baimenduko hondakindegia itxi ondorengo fasean zehar hondakindegiaren zigilatzea bizitegirako erabiltzea. Halaber, ez da onartuko inolako jarduketarik zigilatze-segidako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 50 cm baino gutxiagora hurbiltzerik.

g) Itxi ondorengo fase horretan lixibiatuen pilaketa handiak edo ontzian iragazgaiztasuna galdu izanaren zantzuak hautematen badira, berriz aztertuko dira segurtasun-faktoreak, azterketa espezifikoen bidez.

h) Isuri-ontzian ezohiko mugimenduak daudela edo pitzadurak maiztasun handiz agertzen direla ikusten bada, sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, eta gorabehera horien jarraipen xehatua egin beharko da, bai eta haien jatorria edo ondorioak zehazten dituen azterketa/analisiren bat egin ere, hala nola egonkortasun-azterketa espezifiko bat.

i) Zigilatze-segidaren amaierako geruza (lurrak estaltzeko geruza eta landare-lurra) babes-geruza da; beraz, zanga, zimenduak eta antzekoak egiten diren obretan ezingo da geruza hori zeharkatu, ezta aldi baterako ere; hortaz, ekipamenduak diseinatu eta gauzatzean zigilatzearen amaierako kotak kontuan izan beharko dira, zeharkatu ezin den beheko muga baita. Ez dira egin behar hondeatzeko palak erabiltzea edo makina astunekin bestelako eragiketak egitea eskatzen duten jarduerak; izan ere, babes-geruza hautsi edo mehetu dezakete, edo deformazioak transmititu eta zigilatze-geruza arriskuan jarri.

j) Egoera bikainean mantenduko dira hondakindegiko eremu guztiak, bai hondakindegia ezarri den lurzatikoak, bai instalazio osagarriek hartzen dituztenak, bai haietara joateko bideak. Horixe bera egingo da zerbitzu-sareak egiteko eta lixibiatuak husteko eremuekin eta, berritze-planean ageri ez arren, zigilatze-lanak amaitu ondoren kaltetu diren eremuekin. Besteak beste, gainazaleko urak biltzeko kanalizazioak, lixibiatuen drainatzeak eta eroanbideak eta itxi ondorengo zaintza-planean zehaztutako kontrolguneak, bai eta instalatutako elementu osagarriak ere, tartean, lixibiatuen emari-neurgailua edo dagozkion kontrol-kutxatilak. Elementu horietakoren bat narriatu dela antzemanez gero, ahalik eta azkarren konpondu beharko da. Halaber, ingurumen-organoak agindutako maiztasunarekin egiaztatuko da gasak erauzteko sistemaren eraginkorra den eta isurtze iheskorrak zenbatekoak diren.

k) Lixibiatuak drainatzeko hodiak aldizka garbitu beharko dira, metaturiko jalkinak kentzeko, instalazioaren eraginkortasunean eragin baitezakete. Egiten den garbiketa bakoitzaren erregistroa egingo da, eta ingurumen-organoari igorriko zaizkion aldizkako txostenetan emango da horren berri.

l) Drainatze-elementuen begizko ikuskapenak egingo dira aldizka, bai eta 24 orduko epean prezipitazio handiak gertatu ondoren ere, higadura-seinaleak, asentuak, pitzadurak, jalkinak eta drainatzea blokeatzeko arriskua dakarten elementuak identifikatzeko.

I) Laneko arriskuak prebenitzeko baldintzak.

Langile guztien laneko segurtasuna eta osasuna bermatze aldera, hondakindegia eraiki, ustiatu, zigilatu eta itxi ondorengo aldian, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira istripuak ekiditeko eta haien ondorioak mugatzeko; bereziki bete eta betearazi beharko dira Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta lege hori garatzen duten eta aplikatzekoak diren erregelamenduzko xedapenetan jasotako xedapenak.

J) Ingurumena zaintzeko programa.

UNE-EN ISO 17020 arauaren arabera egiaztatutako entitateek diseinatuko dituzte ustiapen- eta ondorengo mantentze-faseetan zaintza- eta kontrol-lanetarako laginketa eta lagin-hartzea. Entitate egiaztatuak entitate ustiatzailearen independentea izan behar du, eta ezinbestekoa izango da lehendik ez parte hartu izana hondakindegiaren diseinuan, fabrikazioan, horniketan, instalazioan, zuzendaritza fakultatiboan, laguntza teknikoan edo mantentze-lanetan.

Era bereran, zaintzarako eta kontrolerako zehaztapen analitikoak UNE-EN ISO 17025 arauaren arabera egiaztatutako laborategiek egingo dituzte.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera egikaritu beharko da:

J.1.– Obra-faseko kontrola.

Obrek irauten duten bitartean, uraren kalitatearen kontrolak egingo dira xeheei eusteko gailuen irteeran. Hilean behin parametro hauek aztertuko dira: pH-a, uhertasuna, solido esekiak, olioak eta koipeak.

Halaber, azaleko uraren kalitatean eraginik izan den zehazteko, obra-fasean, jarraipena egingo da, emaria higitzen den uneetan, de visu egingo diren ikuskapenetan, hondakindegi-gunetik behera dauden ibarbideetan. Honako hauek antzemateko egingo dira ikuskapenak:

– Ageriko uhertasuna dagoen uretan.

– Olioak eta koipeak dauden.

– Elementu mardulik ageri den ur gainean edo hondoan jalkita.

J.2.– Ustiapen-faseko kontrola.

J.2.1.– Uren eta efluente likidoen kalitatea kontrolatzea.

Lixibiatuak, azaleko urak, perimetro-kanalak eta lurpeko urak taula honetan zehazten den moduan kontrolatuko dira: 0. eranskineko taula.

Hondakindegiaren testuinguru hidrogeologikoa ebaluatu beharko da, egitura akuiferoak al dauden eta haien alboko hedadura identifikatzeko, akuiferoetako fluxuaren norabidea eta abiadura zehazteko, eta kutsatzaileak sakabanatzeko mekanismoak eta haien magnitudea jakiteko. Informazio hori eremuko eredu hidrogeologiko kontzeptuala egiteko oinarria izango da.

Lurpeko urei dagokienez, ingurumen-ondorio negatiboak eta esanguratsuak gertatu direla ondorioztatuko da lurpeko uraren laginaren analisiak uraren kalitatean aldaketa esanguratsua jazo dela frogatzen duenean.

Behaketak kontrol-grafikoen bidez ebaluatu beharko dira, ibaian behera kokatutako piezometro bakoitzerako ezarritako kontrol-arau eta -mailekin. Lurpeko uren kalitatearen tokiko aldaketen arabera zehaztu beharko dira kontrol-mailak.

Esku-hartze maila jakin batera iritsita, beharrezkoa da laginak berriro hartu eta egiaztapen bat egitea. Maila jakin hori berretsi ondoren, ezarritako larrialdi-planari jarraitu beharko zaio, eta ingurumen-organoari horren berri eman lehenbailehen.

Horrez gain, Betearte SAk bete egin beharko ditu espedientea izapidetu bitartean enpresak aurkeztutako dokumentazioan agertzen den zaintza-planean aurreikusitako gainerako analisi-kontrolak. Etorkizunean beharrezkotzat joz gero, zaintza-planean isuriak komunitate biologikoan izango duen eraginaren zenbatespena sartzeko betebeharra ezarri ahalko da, IBMWP eta IASPT indize biotikoak zehaztuta betiere, komunitate bentonikoen osaeraren, ugaritasunaren eta aniztasunaren arabera.

Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan, Betearte SAk txosten bat igorri beharko du, egindako lixibiatuen lekualdatze bakoitzari buruz honako datu hauek zehaztuta, gutxienez:

– Lixibiatuak zer egunetan atera diren hondakindegitik.

– Garraiatutako lixibiatuen bolumena.

– Lixibiatuak nora lekualdatu diren.

– Zer enpresak garraiatu dituen lixibiatuak.

– Garraioa egin duen ibilgailuaren matrikula.

Kontrol bakoitza "entitate laguntzaile" batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 255. artikulua), eta baimendutako parametro guztiei egingo zaie. Baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen direla ulertuko da parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen direnean.

Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

Autokontrolen parametroak aztertzeko, "Standard methods for the examination of water and wastewater" (APHA, AWWA, WPCF, azken edizioa) edo "ASTM Water and Environmental Technology agiriko 11. Atala" (azken edizioa) dokumentuetako metodo normalizaturen bat erabiliko da. Parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera egokiena den metodoa hautatuko da. Gaur egun erabiltzen diren azterketa-metodoez bestelakoak ere ezarri ahalko dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean zein analisi-metodo baliatu den adierazi beharko da.

Ingurumena zaintzeko planaren barnean Ingurumen Sailburuordetzari helarazi beharreko informazioa gorabehera, entitate titularrak Uraren Euskal Agentziari igorriko dizkio isuriaren emariari eta osaerari buruzko aldizkako kontrolen emaitzak; hilabeteko epea (1 hil) izango du, laginak hartzen direnetik aurrera. "Datuak Kudeatzeko Tresna" web-aplikazioari (aurrerantzean, DKT) kargatuko zaizkio, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez. Kargatzeko jarraibideak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.uragentzia.euskadi.eus/analisien-eta-emarien-berri-ematea-dkt-tresnan/webura00-contents/eu/

Analisien emaitzak edo emarien txostena biltzen dituen fitxategiaren balioztatzea DKT bidez egin beharko da, egoitza elektronikora behin betiko igo aurretik. Fitxategiak egoitza elektronikoaren bidez kargatu ondoren, informazio horren ondorengo kudeaketa ere DKTren bitartez egingo da. Tresna hori URAren webguneko atari pribatuaren bidez eskuratu daiteke, "Isurketen analisi eta emarien datuak kargatzea" moduluan klik eginez; bestela, zuzenean sartzeko aukera ere badago, helbide honetan:

https://apps.euskadi.eus/aa08aVistaWar/inicioMigas/maintInicioMigas?R01HNoPortal=true

Osagarri gisa, isurketen kanpo-kontrolen txosten analitikoak eta autokontrol-parametroen analisia telematikoki aurkeztuko dira, egoitza elektronikoaren bidez, laginak hartzen direnetik aurrera hilabeteko epean (1 hil), SV-G-2013-0119 espedientean.

Kontrol jarraituak abian jartzen direnean, informazio hori transmititzeak ez du salbuesten eskatutako kontrol eta analisi puntualak bidaltzetik. Alabaina, jasotako informazio jarraituaren fidagarritasunaren araberakoak izango dira ezarritako aldizkako kontrolak bidaltzeko maiztasunak.

Neurketa jarraituak egiteko ekipoek erregistratutako datuak fidagarriak direla bermatzeko, titularrak egiaztatu beharko du, urtero entregatu beharreko txosten baten bidez, eginak dituela neurtzeko ekipo horien fabrikatzaileek adierazitako kalibraziorako/doikuntzarako, neurriaren kalitatea ziurtatzeko eta mantentze-lanetako planak.

Titularraren instalazioetatik Uraren Euskal Agentziara kontrol jarraituaren bidez erregistratutako datuak emateari dagokionez, informazio hori transmititzeko behar diren ekipoak instalazioetan dauden gailuen araberakoak izango dira. Alegia:

– Titularrak On Premisse motako telekontrol- eta datu-bilketa zentralizatuko sistema bat baldin badu (lokalean, SCADA batean edo antzeko batean), sistema bera konfiguratu beharko da, datuak jarraituki transmititu ditzan Uraren Euskal Agentziaren gordailuraino, betiere MQTT SparkPlug edo API Rest komunikazio-protokoloen bitartez. Telekontrol-sistema konfiguratzerik ez badago, komunikazio-pasabide bat instalatu beharko da, telekontrol-sistema zentralizatuari informazioa eskatzeko eta datu horiek Uraren Euskal Agentziaren gordailura bidaltzeko ahalmena izango duena, aipatutako komunikazio-protokoloen arabera. Kontrol jarraituaren baldintzetan parametro edo emariren bat eskatzen bada baina telekontrol-sisteman zentralizatuta ez badago, instalazioko PLCra konektatu beharko da aldez aurretik.

– Telekontrol-sistemarik ez duten instalazioetan, neurketa-ekipoek erregistratutako datuak bertatik bertara jasotzeko gai diren ekipoak instalatu beharko dira; halaber, Uraren Euskal Agentziaren gordailura bidali beharko dira zuzenean, betiere MQTT SparkPlug edo API Rest komunikazio-protokoloei jarraikiz.

Uraren Euskal Agentziak datuak jarraian jasotzeko tresna gaitu eta titularrari jarraibide tekniko egokiak ematen dizkion unetik aurrera hasi behar da datuen seinale jarraitua igortzeko. Ordura arte, datuak DKTren bidez kargatu ahalko dira, egunero-egunero, gutxienez.

Urtean behin, aldi bakoitzeko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da, efluentearen ezaugarriek baimenduekiko izan ditzaketen desbiderapenei, haien zergatikoei eta haiek zuzentzeko hartutako neurriei buruzkoa.

Administrazioak, egoki deritzonean, arazteko instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurien emariek eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko. Era berean, arazketa-instalazioak ustiatzeko titulazio egokia duen arduradun bat izendatzeko eskatu ahal izango dio titularrari.

Lurpeko urei dagokienez, sustatzaileak ingurumen-ondorio negatiboak eta nabarmenak gertatu direla ondorioztatuko du lurpeko uraren laginaren analisiak uraren kalitatean aldaketa nabarmena jazo dela frogatzen duenean, eta ebazpen honen K.3.l) apartatuaren arabera jokatu beharko du. Gainera, ondorio negatiboek uretan eragina dutenean, jakinaren gainean jarri beharko da Uraren Euskal Agentzia.

J.2.2.– Airearen kalitatea eta zaratak kontrolatzea.

a) Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.

Hondakindegiko gasa neurtuko da erregistro-guneen barnealdean, lixibiatuen irteeran, azpiazaleko uren irteeran (puntu adierazgarriak), toki konfinatuetan (araztegia...), hondakindegiaren gainazalean eta ustiapen-eremuan.

Gutxienez, parametro hauek neurtu behar dira: CO, CO2, O2, H2S eta CH4, presio atmosferikoa eta tenperatura. Kanpoko entitate egiaztatu baten bidez neurtuko dira, hilero ustiapenean zehar eta sei hilean behin itxi ondorengo ustiapenaren fasean. Entitateak UNE EN ISO 17020 (hondakindegi-eremua) arauaren araberako egiaztagiria izan behar du.

Kontrol horien emaitzak dagozkion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera igorriko dira.

b) Immisio atmosferikoak kontrolatzea.

Urtean immisioko laginketa-datuak biltzeko kanpaina bat egingo da gutxienez, bai langileen lan-eremuetan edo lan-ingurunean, bai ustiategiaren ingurunean.

Laginketa-kanpaina horiek denik eta egoera okerrena kontuan hartuta egingo dira. Lan-ingurunearen gaineko eragina baloratuko da, eragiketa eta lan guztietan, sarbideetan, hondakinak uzteko eremuan, etab., laginketa eginez.

Immisio-mailak neurtuko dira urtero hondakindegiaren goiko aldeko gune batean (1. gunea) eta Mallabiko udaletxearen balkoiko beste puntu batean (2. gunea), hondakindegiaren ustiapen-fasean zehar:

(Ikus .PDF)

Kontrol horien emaitzak dagozkion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera igorriko dira.

c) Zarata kontrolatzea.

1.– Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urtetik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

2.– Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako ingurumen-lankidetzako entitate batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Entitate horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zaindu egingo du ebaluazio horiek egiten dituzten entitateek gaitasun tekniko egokia dutela.

3.– Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

J.2.3.– Hondakindegiko ontziaren topografia kontrolatzea (ustiapena, itxiera eta itxi ondorengoa).

Hondakindegia ustiatzeko fasean, ontziaren morfologia kontrolatuko da urteko jasotze topografikoaren bidez, eta sei hilean behin zehaztuko da utzitako hondakinek hartzen duten azalera, utzitako hondakinen pisua eta bolumena, haien izaera eta gainerako edukiera (bolumena eta urteak).

Halaber, ustiapen fasean eta itxi ondorengoan, hiru hilean behin zehaztuko da hondakindegiaren portaera mekanikoa, neurketa-sekzioen sare baten kontrol topografikoaren bidez. Sare horrek behar adina sekzio izango ditu, ustiapen-fasearen arabera. Orobat, hilero kontrolatuko da zenbatean behin agertzen diren pitzadurak eta higadura-lorratzak. Era berean, inklinometroak instalatzea baloratuko da; berariazko proposamen bat egingo da horretarako.

Isuri-ontzian ezohiko mugimenduak daudela edo pitzadurak maiztasun handiz agertzen direla ikusten bada, ingurumen-organoari jakinarazi beharko zaio, eta gorabehera horien jarraipen xehatua egin beharko da, bai eta haien jatorria edo ondorioak zehazten dituen azterketa/analisiren bat egin ere, hala nola egonkortasun-azterketa espezifiko bat.

Kontrol topografiko horren emaitzek honako hauek jasoko dituzte: neurtzeko bitarteko, material eta lekuak, gertatutako gorabeherak, aldi bateko bilakaeraren grafikoak, erregistratutako datuen euskarri elektronikoa (kalkulu-orria), eta haien interpretazioa.

Urtero, hondakindegiaren betetze-lanen plano topografiko eguneratu bat egin beharko da, hondakindegiaren mugak, hondakindegiaren eremu zigilatua, eta azken urtean hondakinak utzi diren zabortegiaren eremua zehaztuta dituena; eremu bakoitzean azalerak eta hondakindegiaren gainazalean aldaketak egin diren egunak adieraziko dira.

Apartatu honetan adierazitako informazio guztia dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari erantsiko zaio; kontrol-elementuak nahikoak diren baloratu, eta, behar izanez gero, kontrolgune berrien mota eta egoera proposatuko da.

J.2.4.– Datu meteorologikoak biltzea.

Hondakin arriskugabeetarako hondakindegiaren ustiapenean zehar eta hura itxi ondoren parametro meteorologikoak kontrolatzeko oinarrizko proiektuan zehaztutako proposamenari jarraikiz, Betearte SAk plubiometro edo euri-neurgailu bat izango du biltegiko instalazioen esparruaren barruan, bai eta Euskal Meteorologia Agentziaren Aixolako eta Mallabiko estazio meteorologiko automatikoen datuak ere.

Euri-neurgailuan prezipitazioa kontrolatuko da, eta estazio meteorologiko automatikoan, tenperatura, haizearen indarra eta norabidea, hezetasuna, presioa eta eguzki-erradiazioa.

Datu meteorologiko guztiak 10 minutuz behin pilatutako neurri-erregistroan hartuko dira, eta sintesi-zerrenda bat erakutsiko da, eguneko batezbestekoarekin.

Lurruntzea lisimetroetan lortuko da, edo, bestela, tokiko datu meteorologikoak baliatuz kalkulatuko da.

J.2.5.– Hondakindegiaren balantze hidrikoa.

Urtero, kanpoko entitate batek hondakindegiaren balantze hidrikoa egin beharko du, eta, horretarako, erregistratutako lixibiatu isurien datuak, Aixolako eta Mallabiko estazio meteorologikoetan erregistratutako datu meteorologikoak eta hondakindegiaren azaleran izandako aldaketen plano topografikoak (zigilatutako eremuak, isurtze-eremuak, etab.) erabiliko dira.

Itxi ondorengo aldiko lehen balantzearen barruan, hondakindegiaren portaera hidrodinamikoaren analisia egin beharko da, erregistratutako emariaren eta eroankortasun elektrikoaren datuetatik eta itxi aurreko eta ondorengo balantze hidrikoa alderatzetik abiatuta.

Aipatutako balantzea dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaio.

Balantze hidrikoa egiteko, ingurumen-organoak ezarritako jarraibide teknikoei jarraitu beharko zaie.

J.2.6.– Tresneria kontrolatzea.

Urtean behin, tresneria kontrolatzen espezializatutako enpresa batek txosten bat egingo du zuzenketa-neurrien funtzionamenduari eta prozesuen eta inguruneko kalitatea kontrolatzeko sistemen funtzionamenduari buruz.

Aipatutako txostena dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaio.

J.2.7.– Jardueraren adierazleak.

Urtero, sustatzaileak jardueraren funtzionamenduari buruzko parametro adierazle hauen jarraipena egingo du, ingurumenean duten eraginari dagokionez:

(Ikus .PDF)

Adierazle horiek urtero kalkulatu eta kontrolatuko dira, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztu beharko dira.

J.2.8.– Ingurumeneko finantza-bermea kontrolatzea, ingurumena zaintzeko programaren (IZP) barruan.

IZPan, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, programa aurkezteko prozedura telematikoan gaitutako dokumentu-ereduak erabilita:

– Ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eta erantzukizunpeko adierazpena.

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen ingurumen-aseguruaren polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da urtean behin.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpondu beharreko kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), organismo independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; ziurtagiri horrek egiaztatu behar du operadorea modu iraunkorrean eta etengabe atxikirik dagoela Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemara.

– Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eguneratuko du egoki irizten badio, eta, betiere, funtsezko aldaketak gertatzen direnean jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak kasuan kasuko MARMA prozedurako dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

J.3.– Emaitzak igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara igorri, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webguneko entrega-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko da berehalako jakinarazpena Ingurumen Sailburuordetzara, gertatutakoaren berri jakin ondoren, helbide elektroniko hauetako bat erabilita: ippc@euskadi.eus eta inspeccionambiental@euskadi.eus

Era berean, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak bidaliko dira, soilik, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 31 baino lehen betiere, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan sartuko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia; bereziki aipatuko dira epe horretan izandako gorabehera nagusiak, eta haien balizko kausak eta konponbideak azaldu; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik hala egin ez bada.

Gainera, txosten horretan baimenaren baldintzak betetzen direla eta hondakinek hondakindegietan duten portaeraren ezagutza hobetzen dela frogatuko da, datu erantsietan oinarrituta.

Halaber, hondakindegian hondakinak uzteagatik urte horretan kobratuko diren prezioak adieraziko dira txosten horretan, hondakin moten edo multzoen arabera xehatuta. Urtero hauek aurkeztuko dira:

a) Bukatutako urteari dagokion balantze ekonomikoa, kontzeptuak xehatuta, bereziki aurreikusi gabeak.

b) C apartatuan aipatutako finantza-azterketaren eguneratzea. Bertan, diru-sarrerak, aurreikusitako obren gastuak, ustiaketa-gastuak, bermeen zenbatekoaren eguneratzea (hala badagokio) eta abar jaso beharko dira. Horrela, justifikatuta egon behar da diru-sarrerek hondakindegiaren instalaziotik, ustiapenetik, zigilatzetik eta itxi ondorengo mantentze-lanetatik eratorritako gastuak estaliko dituztela.

c) Emaitza ekonomikoen arabera, adieraziko da zer neurritan bete den hondakindegiaren instalaziotik, ustiapenetik, zigilatzetik eta itxi ondorengo mantentze-lanetatik eratorritako gastuak finantzatzeko helburua eta, negatiboa izanez gero, zer neurri hartu behar diren.

Horri dagokionez, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak 9. artikuluan adierazten duen bezala, Betearte SAk justifikatu egin beharko du hondakindegian hondakinak deuseztatzeagatik kobratzen den prezioak gutxienez honako hauek estaliko dituela:

a) Ezarpenak eta ustiapenak dakartzaten kostuak.

b) Asegurua edo finantza-berme baliokidea sinatzearen ondoriozko gastuak.

c) Itxieraren, itxi ondorengo mantentze-lanen eta kontrolaren kostuak, gutxienez 30 urterako zenbatetsiak.

d) Eratutako fidantzen kostuak.

e) Berotegi-efektuko gasak isurtzearekin lotutako kostuak.

Puntu honetan adierazitako informazioa urtero bidaltzeaz gain, hiru urtean behin, 2025. urteko ingurumena zaintzeko programatik abiatuta, ingurumena zaintzeko programen emaitzak batera ebaluatuko dira, aurreko hiru urteetan metatutako emaitzak aztertuta. Lehenengo txostenak ingurumen-alderdi guztietarako esku-hartze mailak ezarri beharko ditu, "Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak" jarraibidearen IV. apartatuan bildutako irizpideak aintzat hartuta.

Hiru urtean behingo txostenek, gutxienez, lixibiatuak (bolumenak eta konposizio kimikoa), lurpeko urak (konposizio kimikoa), lurrazaleko urak eta atmosferarako emisioak eta immisioak zaintzeko sareen analisia bildu beharko dute.

Txosten horretan zehaztuko da zer ez-betetze egon diren aztertutako alderdi bakoitzean eta egindako esku-hartzeen maila (halakorik egon bada). Ingurumen-alderdi bakoitzerako ez-betetzearen eta esku-hartze mailaren definizioa aipatutako jarraibidearen IV. apartatuan adierazitakoa izango da.

Halaber, hurrengo urtean egin beharreko obren eta hondakinek bete beharreko eremuen aurreikuspena gehituko da, datu hauek adierazita: gutxi gorabeherako kotak, aurreko urtean utzitako hondakinen bolumenaren kalkulua, soberakin-gaitasuna eta urte horretan utzitako hondakinen batez besteko dentsitatea.

J.4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du, eta bertan bilduko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan agindutakoak. Honako hauek zehaztu beharko dira programa horretan: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisien edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak eta, azkenik, laginak hartzeko guneen kokapen zehatza. Dagokion aurrekontua ere bildu beharko da bertan.

Gainera, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazle bereizgarrien zehaztapena eta adierazle horiek aztertzeko sistematika hartu beharko ditu barnean, adierazle horien arabera enpresak berak ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

K) Ohiko egoerez bestelakoetarako prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

K.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Urteko mantentze-lan programatuei dagokienez, enpresak sor litezkeen isurpenen eta hondakinen kalkulua egin beharko du, eta, hala badagokio, kudeaketarako zein tratamendurako proposamena egin beharko du.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-lanetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bat etorriz hirugarren apartatuaren F.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin "Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak"); alabaina, ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

K.2.– Jarduera etetea, itxi ondorengo aldia bukatutakoan.

Jarduerari arau hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (90.002 epigrafea, "Hondakinak tratatzeko jarduerak"), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Betearte SAk jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoarekin.

K.3.– Ezohiko funtzionamendua izanez gero aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean, kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntza-materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektoreen sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa bat jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsatzeko arriskua dakarren edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Arazketa-instalazioak behar bezala garbituko dira eta behar dituzten mantentze-lanak egingo zaizkie, errendimendu egokia izan dezaten. Horretarako, pilatutako solidoak eta lohiak kenduko dira, aldian-aldian.

Jardueran edo arazketa-instalazioetan sortzen diren gainerako hondakinei dagokienez (erabateko hustuketa eta biltegietako garbiketa, etab.), indarreko legeriak dioen moduan tratatuko dira, haien izaeraren arabera.

Entitate titularrak beharrezko diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak behar bezala ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimenduta hondakin-urak "bypass" bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira isurketak "bypass" bidez, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatean duen eragina ahal den heinean gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. "Bypass" horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egonez gero, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako h) letran adierazitakoari jarraituz).

Debekatutako substantziak isurtzeko berehalako arriskua badago, erabiltzaileak lehenbailehen emango dio horren berri Gipuzkoako Urak partzuergoari, hark instalazioak babesteko neurri egokiak hartu ditzan.

b) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta, bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

c) Olioak eta efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

d) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

e) Hondakindegia prestatuta egongo da instalazioan sortutako zikinkeria bide publikoan eta inguruko lurretan barreia ez dadin.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu honetan, bitarteko hauek azpimarratu behar dira:

– Biltegiratze-andeletara bultzatzeko taldea ponpaketa-putzu bakoitzean.

– Lixibiatuak ponpatzeko sistema, 15na kW-ko 3 ponpa eta lixibiatuak tratamendura ponpatzeko bultzada-hodi erdizurrunak dituena.

– Eskuz eteteko giltza, lixibiatuen ontzitiko irteeran.

– Erregistro-putzua (handigarria eta ikusteko modukoa), balizko ponpaketa bat konektatzeko aukerarekin.

– Edukiera handiko biltegiratze-deposituak (2.600 m3), araztegirako bultzadarekin.

– 2 biltegiratze-depositu gehigarri lixibiatuak tratatzeko instalazioan, bakoitza 50 m3-koa.

– Lixibiatuak hondakindegira ponpatzeko sistema (lixibiatuak tratatzeko instalaziotik, eta lixibiatua hondakindegira birzirkulatzen duen eroanbidea).

h) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

i) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak; eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

j) Betearte SAk berehala jakinaraziko die ingurumen-organoari eta Mallabiko Udalari kontrol- eta zaintza-prozeduretan agerian jarritako eragin negatibo nabarmen oro eta, halaber, ingurumen-organoak hartu beharreko zuzenketa-neurrien izaerari eta egutegiari buruz hartutako erabakia bete beharko du.

k) Bereziki haizetsuak izango diren egunen iragarpena izanez gero (haizearen abiadura 60 km/h-tik gorakoa), haizeak arrastaka eraman ditzakeen materialak aldez aurretik jaso beharko dira (plastikozko poltsak eta abar).

l) Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren inguruan kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertakariren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertakari horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus eta inspeccionambiental@euskadi.eus. Jakinarazpenean alde hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Berehala aplikatutako zuzenketa- edo euste-neurriak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik badago.

Gorabehera edo anomalia larriren bat edo istripuzko isurketa edo emisioren bat izanez gero, SOS Deiak eta Mallabiko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zein ordutan gertatu den.

– Zenbat iraun duen.

– Istripuz isurketarik gertatuz gero, emaria eta isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gainditu badira, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Ezohiko gertaera edo anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilaren eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak hartu ditzaten.

m) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo anomaliak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan programatuta dauden etenaldiak, prozesu jarraitu batekoak badira, baita aurreikusita dauden prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

n) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko legeria aplikatuko da, eta legeria horretan ezarritako eskakizun guztiak bete beharko dira.

L) Instalazioa aldatzea.

Baldin eta arautegi berria indarrean sartu dela-eta edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharra dela-eta komenigarria bada, aldarazi ahal izango dira babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan egiten diren aldaketa guztien berri eman behar da. Aldaketak jakinarazteko, osorik bete behar da helbide elektroniko honetan ageri den formularioa:

Formularioa_MNS.docx

Organo honen onespena ere eskatu beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, bat etorriz aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

M) E-PRTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren azken eguna baino lehenago, Betearte SAk aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako isurtzeei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Isurtze eta Transferentzien Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, bat etorriz 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin.

Informazio hori bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanalak, sistemak edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

N) Ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da kasu hauetan:

a) Instalazioak eragindako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Isurketak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak izan gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Urei buruzko legedian ezarritakoaren arabera, arroaz arduratzen den organismoak irizten badio badirela ingurumen-baimen integratua berrikustea justifikatzen duten inguruabarrak, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako jabari publiko hidraulikora isurtzeari dagokionez. Horrelakoetan, arroaren ardura duen organismoak, txosten lotesle baten bidez, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunera joko du, hark berrikuste-prozesua has dezan gehienez ere hogei eguneko epean.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, beharrezkoa bada ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programak lortutako emaitzen edo bestelako oharren arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoaren araberako analisia eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

O) Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:

– Betearte SAren nortasun juridikoa azkentzen bada, indarrean dagoen araudian aurreikusitako kasuetan.

Horrez gain, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan».

Laugarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 5 d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hondakin arriskugabeetarako hondakindegiari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, Betearte SAk gerta litekeen titulartasun-aldaketa ororen berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan. Nolanahi ere, hondakindegiak eta haren instalazio atxikiek okupatutako lursailaren titulartasuna eskualdatzeak edo edukitza bertan behera uzteak ez du salbuesten ebazpen honetan ezarritako betebeharrak betetzetik. Edozein titulartasun-aldaketa eginez gero (salmenta, lagapena, etab.), ingurumen-organoari jakinarazi beharko zaio aldaketa hori, formalizatzen denez geroztik hilabete igaro baino lehen, eta ingurumen-organoak agiri bidez onartu beharko du transmisio hori, dagokion ebazpena emanez.

Bosgarrena.– Alderdi hauei sei hilabeteko epean erantzuteko eskatzea Betearte SA enpresari:

– Gehieneko maila freatiko onargarriaren eta hura kontrolatzeko hautatutako gunearen proposamen justifikatua, ebazpen honen J.2.1 azpiapartatuan adierazten den bezala.

– Instalazioan sortutako hondakinak kudeatzeko bidea eguneratzea, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen arabera.

– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

– Instalazioaren oinarrizko txosten eguneratzea.

– Ingurumen-arriskuen azterketa eguneratzea.

– Organismo horrek Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzan izapideak egitearen esparruan eskatutako betekizunak aurkeztu izanaren justifikazioa (autobabeserako plana, inskripzioa, drainatze-obren diseinua...).

Seigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina), eta lege horren 32. artikuluan zehaztutako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Betearte SAri, Mallabiko Udalari, ingurumeneko baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten organismoei eta gainerako interesdunei.

Zortzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 26a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSU BILBAO BEGOÑA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala