Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2025eko irailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3989

EBAZPENA, 2025eko irailaren 16koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde saria iragartzen duena.

Irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren bidez, Berdintasunaren aldeko Emakunde saria sortu eta arautu zen. Sariaren bidez, publikoki aitortu eta azpimarratu nahi da emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuko lana dela-eta nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna; izan ere, pertsona horiek emakumeen lana aitortzeko, haiek ahalduntzen laguntzeko edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzeko jarduerak egin dituzte.

Deialdia bat dator Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean xedatuarekin. Ebazpen horren bidez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen.

Sari horien helburua, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotzen den bezala, emakumeen eta feminismoaren ekarpenak ikusaraztea eta emakumeek bizitzako eremu guztietan parte har dezaten laguntzea da. Hori dela eta, Emakunde sariaren bidez, publikoki aitortu eta azpimarratu nahi da Euskal Herrian emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatuen jarduna. Emakumeen lana aintzat hartzeko eta emakumeak ahalduntzeko jardunean nabarmendu direnei eman nahi zaie saria, hain zuzen ere, ekintza, lan edo proiektuen bidez alderdi garrantzitsuren batzuetan hobekuntzak ekarri dituztenei, edo beren jardunarekin emakumearen eginkizuna aintzat hartzen eta duin bihurtzen laguntzen nabarmendu direnei, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen nabarmendu direnei.

Bidezkoa da, beraz, deialdi hau iragartzea 2025eko ekitaldirako, aipatu dekretuaren 1. artikulua aplikatuz.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Azaldutako helburu guztiak kontuan hartuta, Berdintasunaren aldeko Emakunde sariaren 2025eko deialdia onartzen da, irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren eta onartzen diren oinarrien arabera (ebazpen honi erantsita daude oinarriak).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatzen diren diren dirulaguntzei, arau hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, aurka egiteko, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien salan, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 16a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.

ERANSKINA
BERDINTASUNAREN ALDEKO 2025EKO EMAKUNDE SARIAREN DEIALDIA

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde sariaren deialdia iragartzea da. Sari horren bidez azpimarratu eta jendaurrean aitortu nahi da Euskal Herrian emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna. Emakumeen lana aintzat hartzeko eta emakumeak ahalduntzeko jardunean nabarmendu direnei emango zaie saria, hain zuzen ere, ekintza, lan edo proiektuen bidez alderdi garrantzitsuren batzuetan hobekuntzak ekarri dituztenei, edo beren jardunarekin emakumearen eginkizuna aintzat hartzen eta duin bihurtzen laguntzen nabarmendu direnei, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen nabarmendu direnei.

Bigarrena.– Diru-kopurua.

14.400 eurokoa da sariaren diru-kopuru gordina.

Hirugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Hautagaitzak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko urriaren 29an amaituko.

2.– Hautagaitzak aurkezteko eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko eta kontsultatzeko, interesdunek bide elektronikoa nahiz aurrez aurrekoa balia dezakete. Aurrez aurre Emakunderen egoitzan egin dezakete zuzenean (Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16. artikuluan aurreikusitako organoetan.

Pertsona juridiko interesdunek eta edozein izapide egiteko administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoz izatera behartuta daudenek bide elektronikoz aurkeztu beharko dituzte hautagaitzak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat.

Interesdunek ez dute zertan Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datuak eta agiriak aurkeztu. Eskubide horretaz baliatzen direnean, baimena ematen diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari datu edo dokumentu horiek dauden organoetatik eskuratzeko. Bitarteko elektronikoen bidez ere baliatu ahal izango dute eskubide horretaz.

Interesdunek egiaztagiri elektroniko onartu bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren hautagaitzak gutun-azal irekian jarri behar dira, posta-zerbitzuko funtzionarioek horietan eguna eta zigilua jartzeko, egiaztatu baino lehen. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

– Hautagaitzak bide elektronikoz aurkez daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza https://www.euskadi. eus/zerbitzuak/0028611.

– Eskabideak ordezkari baten bidez aurkez daitezke bide elektronikoz. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da: https://www.euskadi. eus/ordezkariak

– Izapideak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz egiteko argibideak, hautagai-eredu normalizatua, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ zerbitzuak/0028611

– Bide elektronikoz egindako eskaeraren ondorengo izapideak «Nire karpeta»ren bidez egiten dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea (aurrez aurrekoa edo elektronikoa) erabiltzeak ez du behartzen prozedurako gainerako izapideetan bide hori erabiltzera, edozein unetan alda baitaiteke aukeratutako bidea. Legez bide elektronikoa erabiltzera behartuta daudenek, ordea, bide hori erabili beharko dute nahitaez.

4.– Eskabidea eta erantsitako agiriak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) aurkeztu aukera dezakete pertsona eta entitate eskatzaileek. Prozedura guztian, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan. Hori guztia, ezertan eragotzi gabe ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarria, zeinean esaten baita izapidetzearen edozein unetan alda daitekeela hizkuntza-aukera (91/2023 Dekretua, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzkoa).

5.– Hautagaitzekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira: memoria bat, gehienez 20 orrikoa; emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egindakoa egiaztatzeko agiriak; memoriaren laburpen bat, gehienez 2 orrialdekoa, zeinetan adieraziko baita aurkeztutako hautagaitza zergatik den sari horretarako egokia, balorazio-irizpideak kontuan hartuta, II. eranskinaren arabera. Hautagaitza pertsona juridikoa bada, hautagaitza guztira zenbat emakumek eta gizonek osatzen duten adierazi beharko da.

6.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan egindako lana aitortzeko aurkezten diren hautagaiek (pertsona nahiz entitate) ezingo dute izan sexu-diskriminazioa egiteagatik jarritako zehapen penalik edo administratiborik, eta ezingo dute izan dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatu direnak. Horretarako, I. eranskina bete beharko dute hautagaiek.

Saria jasotzeko, hautagai diren pertsonek edo entitateek betekizunak konplitu beharko dituzte, eta ezin dute izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik. Alderdi horiek berariaz, argi eta zehatz egiaztatu beharko dituzte, eskabidean eta deialdian aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpenen eta mekanismoen bidez.

7.– Beharrezkoa dela iritziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

8.– Hautagaitza irabazlea zein den argitara eman baino lehen, elektronikoki egiaztatuko da hautagaitza horrek beteak dituela bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoa betez. Hautagaitza onuradunak berariaz uka dezake elektronikoki egiaztatzeko baimen hori (I. eranskina), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz.

Era berean, hirugarrenen alta egiaztatuko da. Alta hori elektronikoki izapidetu ahal izango da egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

9.– Interesdunek saritzen ez diren hautagaitzak errekuperatzeko aukera izango dute, 2026ko urtarrilaren 16ra arte, non eta ez duten baimena ematen hurrengo deialdian aintzat hartuak izateko (I. eranskina). Dena den, administrazioa ez da erantzule egingo epe horretan erretiratu ez diren hautagaitzez.

Laugarrena.– Esleitzeko irizpideak.

Epaimahaiak, erabakia hartzeko, jasotako hizkuntzan baloratuko ditu jasotako hautagaitzak eta/edo lanak. Irizpide hauek hartuko ditu aintzat, eta haztapena berbera izango da denentzat:

a) Proposatutako pertsonak zer nolako ibilbidea izan duen bere jarduna garatu duen eremuan, hots, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan.

b) Berez zer nolako garrantzia duten emakumeen lana eta haien ahalduntzea aitortzera edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzera bideratutako jardunak, ekintzek, lanek edo proiektuek.

c) Jardunak, ekintzek, lanek edo proiektuek zer nolako oihartzuna eta eragina izan duten gizartean, edo proposatutako pertsonak zer ibilbide egin duen.

Bosgarrena.– Sarituen betebeharrak.

Saritua izaten den pertsonak edo entitateak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak konplitu beharko ditu. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak ere egunean izan beharko ditu, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Seigarrena.– Ordaintzeko modua.

Berdintasunaren aldeko Emakunde saria sortu eta arautzen duen irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren 4.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, sariaren zenbatekoa ordainketa bakarrean emango da, saria emateko ebazpena eman ondoren, 2025eko abenduaren 31 baino lehen (egun hori barne).

Administrazioak saria ordaindu ahal izateko, onuraduna Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko da. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

Zazpigarrena.– Aurkeztutako hautagaitzetan egindako akatsak zuzentzea.

Hautagaitzak behar bezala betetzen ez badira edo eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio interesdunari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio. Horrez gainera, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartarazten zaio eskatzaileari; eskaera ezesteko, aurretiaz ebazpena eman beharko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zortzigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datu-tratamenduan sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz (2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrari buruzko 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena).

Arduraduna: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea.

Helburua: bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea horiek eskatzen dituzten pertsonei edo entitateei.

Legitimazioa: interesdunaren adostasuna. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko.

Hartzaileak:

– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

– Interesdun legitimatuak.

– Organo judizialak.

– Kontuen auzitegia edo erkidegoko baliokidea.

– Pertsona onuradun fisikoen datuak EHAAn argitaratzearen ondoriozkoak, kasua bada.

Eskubideak: Datuak Erakundeak botere publikoak baliatuz egindako misio bat betetzeko sustatu dituen laguntzak kudeatzeko soilik erabiliko dira, ez beste ezertarako. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatu ahal izango dute. Datuak babesteari buruzko informazioa: https:// www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=celex%3A32016R0679

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa

https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf


Azterketa dokumentala