Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2025eko irailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
3959

EBAZPENA, 2025eko irailaren 5ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki bat argitaratzen da, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langile landunei zuzendutako 2025-2027 aldirako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzen dituena eta 2025eko ekitaldirako deialdia egiten duena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2025eko irailaren 4ko bilkuran, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langile landunei zuzendutako 2025-2027 aldirako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzen dituen eta 2025eko ekitaldirako deialdia egiten duen Erabakia hartu du, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako estatutuen 11.j) artikuluaren arabera.

Estatutu horietako 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horretako zuzendari nagusiari dagokio argitaratu daitezen agintzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2025eko irailaren 4ko Erabakia argitaratzea. Erabaki horren bidez, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langile landunei zuzendutako 2025-2027 aldirako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzen dira eta 2025eko ekitaldirako deialdia egiten da. Ebazpen honen eranskinean dago aipatutako erabakia.

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 5a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
LEHENTASUNEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGILE LANDUNEI ZUZENDUTAKO 2025-2027 ALDIRAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA FINANTZATZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK ETA 2025EKO EKITALDIRAKO DEIALDIA

Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeen eta landunen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar dira hainbat lanbidetan modu kualifikatuan jarduteko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeria egin gabe.

82/2016 Dekretua, hain zuzen ere, lan-arloko enplegurako heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legean xedatutakoaren arabera taxutu zen. Eta lege horretan dator jasota, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren artean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aipatzen den eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza egiaztagarria ere.

Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko Legea (martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa) eta hori garatzen duen Errege Dekretua (uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua) indarrean jarri ondoren, profesionaltasun-ziurtagiriak Lanbide Heziketaren sisteman integratu dira, eta lanbide-ziurtagiri izendatu dira. Lanbide-heziketako sistema berria, ordea, ez da berehala ezarriko. Lau urteko epea izango da horretarako (hala ezarri du 3/2022 Lege Organikoak, amaierako bosgarren xedapenean). Berritasunak ezartzeko egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen. Gaur egun, alabaina, egutegia bete ezinda geratu dira sistemako elementuak erregulatu, antolatu eta garatzeko lanak, bai eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak ere. Beraz, 3/2022 Lege Organikoan, 278/2023 Errege Dekretuan eta 659/2023 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapen iragankorren indarrez, horiek erregelamendu bidez aldatzen ez diren bitartean, indarrean jarraituko du horiek ezartzen dituzten errege dekretu bakoitzean jasotako profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak. Era berean, 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko antolaketak indarrean jarraituko du, konpetentzia profesionalen estandarraren katalogo nazionala arautzen ez den bitartean. Halaber, gaur egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimena eta akreditazioa duten zentro eta entitateek lanbide-heziketako sistemako eskaintzak emateko baimen-baldintza berberak izango dituzte, Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Orokorrean inskribatzeko prozesua arauz arautzen den arte.

Lanean dabiltzan langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizi osoko prestakuntza ziurtatzeko, langileak nahiz enpresak jakintzan oinarritutako gaur egungo gizartera egokitzeko eta langileen gaitasun profesionalari eusteko Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean.

Prestakuntza, langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, lehentasunezko balio estrategiko bat da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan, eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko norbanakoen eta sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta, halaber, langileei eta lan egiteko moduan dauden pertsonei lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman eta haien enplegagarritasuna hobetu beharko du.

Helburu hori betetze aldera planteatu da laguntzen deialdi hau, horretarako orain arte bereizita zeuden hainbat ekimen multzokatuta. Alde batetik, EAEko langile guztiei zuzendutako prestakuntza-eskaintza orokorraren ildo orokorrari eutsiko zaio, eta, horren bidez, lanbide-arlo guztietako konpetentzia sektorialekin eta zeharkakoekin lotutako premiei erantzungo zaie. Bestalde, talde sektorialek beren enpresentzat eta bertan zerbitzuak ematen dituzten pertsonentzat egin dituzten hainbat azterlanetan egindako azterketa sektorialei erantzuten dieten prestakuntza-premiei erantzungo zaie. Azterketa horiek irtenbide zehatza eta espezifikoa ematen diete gaur egun jarduera-sektore horietako kide diren pertsonentzako prestakuntza-eskaerei. Eta, azkenik, erantzuna emango zaie zaintza pertsonalen sektorean eta arreta soziosanitarioaren sektorean lan egiten duten eta prestakuntza profesionalizatzaile eta kualifikatzailerik ez duten pertsona okupatuei, Gaitasuna Egiaztatzeko Sistemaren bidez esperientziaren bitartez lortutako konpetentzia profesionalen aitorpena eskatu ahal izan dezaten, dagokion ziurtagiria lortzeko.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1.d) artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta «enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, zeina Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago, bere egitekoen artean dauka, besteak beste, enpleguko, lanerako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzea, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako erakunde publikoaren estatutuen 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan lanerako prestakuntza arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak erakunde publiko horri esleitzen dio EAEn enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Enplegurako lanbide-heziketaren arloko ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari dagokio langile landun okupatuei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea, eta erabaki honetan jasota daudenen moduko proposamenak egitea.

Egoera hori aurreikusita dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2025. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeharkako 2. helburu estrategikoaren barruan («Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea») eta 2.3 gako estrategikoaren barruan («Etengabeko ikaskuntza oinarrizko erantzun estrategikoa, lanbide- eta bizi-mailara egokitzeko gaitasun handia eskatzen duen aldaketa azkarreko egoera honetarako»). Plan hori bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 3ko Aginduaren bidez onartu zen, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratuko da, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren proposamenez, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horretako Administrazio Kontseiluak, 2025eko irailaren 4ko bilkuran, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langile landunei zuzendutako 2025-2027 aldirako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartu ditu, honako baldintza hauekin:

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan lanean dabiltzan langileei lehentasunez zuzendutako prestakuntza-eskaintza osatzen duten prestakuntza-planak finantzatzeko 2025eko ekitaldian eman beharreko laguntzak arautzea. Prestakuntza-plan horiek 2025, 2026 eta 2027ko ekitaldietan gauzatuko dira, eta barnean hartuko dituzte hainbat prestakuntza-ekintza, helburu dutenak langileen gaitasuna eta kualifikazioa hobetzea eta banan-banan berriro kualifikatzea. Halaber, oinarri hauen xedea da 2025eko ekitaldirako deialdia onartzea.

Hiru aurrekontu-lerro bereizi dira, honako hauetara bideratutako prestakuntza-planak diren kontuan hartuta: lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako prestakuntza-eskaintza orokorra (II. kapitulua), Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko enpresa eta lantokietarako eta horietan zerbitzuak ematen dituzten langileentzako sektoreko prestakuntza-premiak aztertu eta detektatzeko azterlanetatik –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu ditu– eratorritako prestakuntza-espezialitateei aurre egiteko prestakuntza-planak garatzea (III. kapitulua) eta zaintza pertsonalen eta arreta soziosanitarioaren sektorearen barruan Mentsad-Mentins-Zainlab programa garatzeko prestakuntza-ekintzak egitea (IV. kapitulua).

2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 31.800.000 euro da; horietatik 7.950.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, 15.900.000 euro 2026ko konpromiso-kredituari, eta 7.950.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

Baliabide horiek jarduketa-lerro hauen artean daude banatuta, prestakuntza-ekintzen tipologiaren eta dirulaguntzaren onuradunen arabera:

– A lerroa: 28.000.000 euro lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako prestakuntza-eskaintza orokorrerako prestakuntza-planak egiteko; horietatik 7.000.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, 14.000.000 euro 2026ko konpromiso-kredituari, eta 7.000.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

Prestakuntza-planak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua I. eranskinean aurreikusitako moduan banatuko da, dirulaguntza-lerroen arabera. Guztira 49 lerro dira: 1 teleprestakuntzari buruzkoa eta 48 aurrez aurreko prestakuntzari buruzkoak, azken horiek lurralde historikoen arabera banatuta, 16 bakoitzean, horietatik 13 lerro dagozkiolarik sektore-eremuko prestakuntzako familia profesionalei edo familia profesionalen taldeei eta 3 zeharkako eskumenen gaineko prestakuntzari.

Banaketa hori aldatzerik izango da aurrekontu-kreditua agortzeko helburuarekin, 9. artikuluan dirulaguntzak esleitzeko aurreikusten diren baldintzen arabera.

Ezingo dira diruz lagundu enpresa jakin bateko lanpostua lortzera bideratutako irakaskuntzak hartzen dituzten prestakuntza-jarduerak –beste enpresa batzuetara zabaldu ezin diren kualifikazioak dituztenak–, ez eta oinarrizko osagai gisa prestakuntza-prozesu baten garapena (irakaskuntza-ikaskuntza) ez dutenak ere. Ildo horretan, ez dira finantzatuko parte-hartzaile gehienak enpresa berekoak dituzten prestakuntza-ekintzak.

– B lerroa: 2.000.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektoreko prestakuntza-premiak aztertu eta detektatzeko azterlanetatik eratorritako prestakuntza-espezialitateei aurre egiteko prestakuntza-planak garatzeko; horietatik 500.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, 1.000.000 euro 2026ko konpromiso-kredituari eta 500.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

B lerroan, halaber, ezin izango dira finantzatu enpresa bakar bateko lanpostuei aplika dakizkiekeen irakaskuntzak barne hartzen dituzten eta jarduera-sektore bereko edo beste bateko beste enpresa batzuei transferitu ezin zaizkien kualifikazioak eskaintzen dituzten prestakuntza-ekintzak, ez eta nagusiki prestakuntza-prozesu baten garapena (irakaskuntza-ikaskuntza) bilatzen ez duten ekintzak ere. Ildo horretan, ez dira finantzatuko parte-hartzaile gehienak enpresa berekoak dituzten prestakuntza-ekintzak.

– C lerroa: 1.800.000 euro zainketen eremuan Mentsad-Mentins-Zainlab programa garatzeko prestakuntza-ekintzak egiteko; horietatik, 450.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, 900.000 euro 2026ko konpromiso-kredituari eta 450.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

Baliabide horiek hiru lurralde historikoen artean banatzen dira. Hala, Araban egingo diren ekintzetara bideratutako aurrekontua % 16,16koa da (290.880 euro), Bizkaian egingo diren ekintzetara bideratutakoa % 50,39koa (907.020 euro) eta Gipuzkoan egingo diren ekintzetara bideratutakoa % 33,45ekoa (602.100 euro).

Lurralde historikoren batera bideratutako kreditua agortzen ez bada, lurralde horretan aurkeztutako eskabide guztiak ebatzi ondoren, lurralde batean edo gehiagotan egikaritu ez diren soberakinak laguntzak finantzatzera bideratu ahal izango dira, gainerako lurralde historikoetan eskariak aurkeztu diren ordenaren arabera.

3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, osorik edo zati batean, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF+ 2021-2027 Programaren esparruan.

4.– Baldin lerroetako batean kreditua amaitzen ez bada, beste lerroetarako erabili ahal izango da gerakina.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan ahalko dira prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren edo Hezkuntza Sailaren mendekoak edo atxiki gabekoak direnak, baldin eta dirulaguntza argitaratu baino lehen akreditatuta edota inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia-erkidegoko enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan.

Deialdi hau argitaratu baino lehen egiaztatu behar da, halaber, prestakuntza-ekintza egiaztagarriak ematen direla dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planaren barruan.

Dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planaren barruko prestakuntza-ekintzak emateko inskripzioa eginda egon beharko da eskaera aurkezteko unean. Plana gauzatzeko prozesuan ordezkapenak eskatuz gero, espezialitate berriak inskribatzeko aukera aztertu ahal izango da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariaren baimenarekin.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-erakundeek ziurtatu beharko dute badutela nahiko jende nahiz bitarteko material, diruz laguntzea eskatu duten prestakuntza-plana aurrera eramateko; bestela, dirulaguntza esleitu ondoren horiek edukitzeko konpromisoa hartu beharko dute. Ez dago baimenduta prestakuntza-jarduera azpikontratatzea. Horren harira, ez da azpikontrataziotzat joko prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Epai bidez kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egonik.

c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, auziren batean errudun deklaratu dutelako.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, baldin eta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean badaude, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten baldin badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten baldin badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor-zehapena edo administrazio-zehapena dutenak, barnean direla arrazoi hauengatik ezarritakoak:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak dituztenak, hauek barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez izatea ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak ez hartzea.

m) Elkarteen kasuan, elkartea ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

o) Enpresa-deslokalizazioa egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

p) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da p) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera aurkezteko modurik badu, galdu-irabazien kontu laburtua. 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik, eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

II. KAPITULUA
LEHENTASUNEZ LANEAN DABILTZAN LANGILEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA OROKORRERAKO PRESTAKUNTZA-PLANAK

3. artikulua.– Erakunde onuradunak. Berariazko eskakizunak.

Aurrekontu-lerro honetan parte hartzen duten erakunde onuradunek honako alderdi hauek egiaztatu beharko dituzte:

a) Ekonomia- eta finantza-gaitasuna, hau da, eskatutako dirulaguntza baino negozio-bolumen handiagoa edukitzea enplegu-zerbitzu publikoekin edo administrazio publiko eskudunekin, langabeen eta/edo landunen eskaintzako enplegurako prestakuntzari lotuta, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 ekitaldietan (batez besteko haztatua).

Kontuan hartuko den negozio-bolumena landunen prestakuntzarekin lotutakoaren % 100 eta langabeen prestakuntzaren % 30 izango da.

Eskatzailea sozietate-talde batekoa bada, taldearen ahalmen ekonomiko eta finantzarioa hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 2023/2831 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan sozietate-taldearen definizioarekin bat datorrena.

Aurkeztutako prestakuntza-planerako eskatutako dirulaguntza 20.000 eurotik beherakoa bada, ez da beharrezkoa izango baldintza hori egiaztatzea.

Gaitasun ekonomiko eta finantzarioari dagokionez, dena delako Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo Administrazio Publiko eskudunaren ziurtagiri bat erantsi beharko da, IV bis eranskinean aurreikusitako ereduaren arabera, honako hauek ziurtatzeko: landunen eta/edo langabeen eskaintza-deialdiaren mota, zein urtetan izan den laguntzen onuradun, eta urte bakoitzean azkenik likidatu diren zenbatekoak. Erakunde eskatzaileak ez badu adierazitako aldiren bateko daturik eman, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez ziurtatu beharko du (IV bis eranskina) aldi horretako urteetan ez duela inongo dirulaguntzarik jaso; bestela, 0 balioko dute urte horiek batez besteko haztatua kalkulatzeko garaian.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdien erakunde onuradunen kasuan, ez da beharrezkoa izango hiru deialdi horien ziurtagiria eranstea.

b) Prestakuntza-plana burutzeko baliatuko diren erakundearen instalazioak eta giza baliabideak.

Instalazio eta baliabide horien titularrak enpresak eta erakundeak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoak izan daitezke. Nolanahi ere, instalazio eta baliabide horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar dute, aurrez aurreko modalitatean emandako prestakuntza-ekintzetarako, bai eta aurrez aurreko prestakuntzako saioak egiteko edo azken ebaluaziorako aurrez aurreko probak egiteko ere, teleprestakuntzaren modalitatean emandako prestakuntza-ekintzen kasuan.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskaera-orrian jasota dago). Nolanahi ere, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eskuratzeko moduan eduki beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla frogatzen duten agiriak.

4. artikulua.– Prestakuntza-planak eta diruz lagundu daitekeen jarduna.

1.– Kapitulu honen ondorioetarako, prestakuntza-plana zera da: prestakuntza-behar jakin batzuei erantzuteko osatutako prestakuntza-ekintzen multzoa, haren bidez planaren onuradunen gaitasunak nabarmen hobetuko direlakoan, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik.

2.– Bete beharreko helburuen eta erakunde onuradunen prestakuntza-esparruaren edo -izaeraren arabera, prestakuntza-planen baitan ekintza egiaztagarriak eta sektore produktibo jakin bateko gaitasunen edo hainbat jarduera-sektoreren gaitasun horizontal eta zeharkakoen prestakuntzara bideratutako beste ekintza batzuk jaso ahal izango dira.

3.– Prestakuntza-ekintzak.

3.1.– Deialdi honen ondorioetarako, prestakuntza-ekintzatzat hartuko da helburu, eduki eta iraupen propioak dituen irakaste- eta ikaste-prozesua, langileen gaitasuna eta kualifikazioak hobetzera bideratuta dagoena, baita horien lanbide-eguneratzea eta -espezializazioa hobetzera ere.

Diruz laguntzeko modukoak izango dira prestakuntza-planetan jasota dauden prestakuntza-ekintzak, «espezialitate programagarriei» buruzkoak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian argitaratuko dira ekintza horiek (https://www.lanbide.euskadi.eus/subvenciones-para-financiar-la-oferta-formación/weblan00-content/es/), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateekin eta enplegurako garrantzitsuak diren beste espezialitate batzuekin bat datoz.

2025ean BOEn argitaratutako B gradu berriak ere programagarriak izango dira, baldin eta D graduei lotuta badaude eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagokion Lanbide Heziketako titulua ezartzen duen dekretu bat argitaratuta badago.

3.2.– Halaber, aukera dago prestakuntza-planean aurreko puntuan jaso ez diren prestakuntza-ekintzak sartzeko, berritzaileak, garapen teknologikokoak edo apartak direlako, baina, gehienez ere, planeko ekintza guztien % 25 izango dira.

Prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 orduko iraupena eta gehienez 270 ordukoa izango dute parte-hartzaile bakoitzeko. Nolanahi, luzeago edo laburragoak ere izan daitezke, eskarian behar bezala justifikatzen bada.

3.3.– Eskolak emateko modalitatea.

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak edo, hala badagokio, Lanbide Konpetentzien Estandarren Katalogo Nazionalari lotutakoak, helburu dutenak konpetentzia-egiaztapen partzialak, konpetentzia-ziurtagiriak eta lanbide-ziurtagiriak eta B gradu berriak lortzea. Kualifikazioko 1., 2. edo 3. mailakoak izan daitezke.

B gradua lortzeko prestakuntza-ekintzak Hezkuntza Sailak D eta C gradua emateko baimendutako prestakuntza-erakundeek emango dituzte.

Profesionaltasun-ziurtagiri bat edo lanbide-ziurtagiri bat lortzeko prestakuntza-ekintzak Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak horretarako egiaztatutako prestakuntza-erakundeek emango dituzte, eta aurrez aurreko modalitatean emango dira.

b) Prestakuntza ez-egiaztagarria: Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasota dauden eta eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-ekintzak dira.

Prestakuntza-ekintzak modalitate hauetakoren batean eman beharko dira: aurrez aurrekoa edota teleprestakuntza; nolanahi ere, prestakuntza-ekintzak egunero emateak ez du inola ere 7,5 orduko iraupena gaindituko.

Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle-talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzea, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.

Teleprestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

Teleprestakuntza-modalitatean, hauek dira finantzaketa jasotzeko moduko prestakuntza-ekintzak: prestakuntza ez-egiaztagarriak, bai Lanbideren web-orrian argitaratutako espezialitate programagarrien katalogoan sartuta daudenak, bai inskribatu berriak.

Prestakuntza-ekintza ez-egiaztagarriak aurrez aurre errazago emateko, aukera egongo da «ikasgela birtualaren» bidez emateko, osorik edo zatiz. Nolanahi ere, aurrez aurreko prestakuntza izango da berdin-berdin. Era berean, aurrez aurreko modalitatea egiterik izango da sistema bimodala erabiliz, horrek irakasleari aukera emango baitio bertaratutako parte-hartzaile batzuei prestakuntza aurrez aurrekoa emateko eta beste batzuei, berriz, birtuala. Hartara, horietako batzuk gela batean egongo dira, eta, aldi berean, beste batzuk beste nonbaitetik sartuko dira prestakuntzan, denak batera, gela birtualaren bidez.

Horretarako, bat etorriz Enplegu Sistema Nazionalaren Zerbitzuen Zorro Komuna eta Enpleguaren otsailaren 28ko 3/2023 Legean ezarritako zerbitzu bermatuak garatzen dituen apirilaren 30eko 438/2024 Errege Dekretuaren 24. artikuluarekin, prestakuntza modalitate hauetan eman ahal izango da: aurrez aurre (ikasgela birtuala barne), teleprestakuntza edo bien erabilera konbinatua. Ikasgela birtualaren bidez emandako prestakuntzatzat hartuko da ikaskuntza-prozesuak, baliabide teknologiko sinkronoak erabiliz, hezitzailearen eta prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten pertsonen arteko komunikazio konkurrentea, zuzena, bi noranzkokoa eta denbora errealekoa bermatzen duenean. Ikasgela birtuala –aurrez aurreko prestakuntzatzat hartuko dena– prestakuntza-espezialitate osoa emateko eta prestakuntza-prozesua garatzeko erabili ahal izango da, baina ez da aplikatuko ikasleen presentzia fisikoa eskatzen duten trebetasun praktikoak eskuratzeko edo ebaluatzeko espazioak, instalazioak edo ekipamendua erabiltzea eskatzen duten prestakuntza-eduki edo -espezialitateak eman behar badira.

Era berean, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2024ko azaroaren 21eko Ebazpenaren 2. artikuluarekin bat etorriz (ebazpen horren bidez, laneko prestakuntzaren arloko zenbait neurri ezartzen dira, enpresek 2025eko ekitaldirako programatutako prestakuntza-ekimenerako), prestakuntza ikasgela birtualaren bidez emateko, hezitzaileen eta parte hartzen duten ikasleen artean une oro konektibitate sinkronizatua dagoela bermatzeko moduan egituratu eta antolatu behar da, eta komunikazioetan bi norabidezkotasuna bermatu behar da.

Aurrez aurreko prestakuntza ikasgela birtualaren bidez ematen denean, ikasgela birtualaren aplikazioak sortutako konexio-erregistroa izan beharko du, bitarteko horren bidez garatutako prestakuntza-ekintza bakoitzean identifikatzeko ikasgelako parte-hartzaileak, haien datak eta konexio-denborak.

Era berean, ikasgela birtuala egiten den bitartean kontrol-organoak konektatzea ahalbidetuko duen mekanismo bat izan beharko du, dagozkion jarraipen- eta kontrol-jarduketak egiteko. Erabilitako tresnak ez badu konexioen erregistroa egiteko aukerarik ematen, salbuespen gisa, parte-hartzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da parte-hartzea, prestakuntza-ekintzan emandako denbora egiaztatzeko.

Aurrez aurreko modalitatea egiterik izango da sistema bimodala erabiliz, horrek irakasleari aukera emango baitio parte-hartzaile batzuei prestakuntza aurrez aurrekoa emateko eta beste batzuei, berriz, birtuala. Hartara, horietako batzuk ikasgela batean egongo dira, eta, aldi berean, beste batzuk beste nonbaitetik sartuko dira prestakuntzan gela birtualaren bidez. Eragindako taldearen hasierako jakinarazpenean ohartarazi beharko da inguruabar hori, eta ez du aurrez aurreko modalitateari dagokionaz gain kostu gehigarririk ekarriko.

Aurrez aurreko modalitatearen zatia ikasgela birtual bidez edo irakaskuntza bimodaleko sistema bidez egiten denean, ezagutzak transmititzen direla eta prestakuntza-ekintza edo -taldeetan aurreikusitako helburuak eta edukiak garatzen direla bermatu beharko da. Ildo horretan, prestakuntza-erakundeek horren berri eman beharko dute prestakuntza-jarduera hasteko jakinarazpenetan.

Prestakuntza-erakundeek prestakuntza-ekintzaren hasiera jakinarazten dutenean eskatu beharko dute modalitate hori. Lanbideko talde teknikoak emango du «ikasgela birtuala» erabiltzeko baimena, irizpide pedagogikoei jarraikiz. Ezin da modalitate honen bidez eman eduki jakin batzuk, zehazki, trebetasun praktikoak eskuratzeko espazioak, instalazioak eta/edo ekipamendua erabiltzea behar duten edukiak, ezta parte-hartzaileen presentzia fisikoa behar dutenak ere.

Modalitate hori ezin izango da erabili prestakuntza egiaztagarria emateko, eta finantzatutako prestakuntza-ekintza guztien % 10 bakarrik eman ahal izango da ikasgela birtualaren edo sistema bimodalaren bidez, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak baimendutako salbuespenezko kasuetan izan ezik.

3.4.– Teleprestakuntza-modalitatean irakasteko eskakizunak:

3.4.1.– Edukiei dagokienez:

Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza-ekintza bat egiteak irakaskuntza-ikaskuntza prozesu bat dagoela bermatu behar du, aurrez aurreko modalitateko ekintzek bezala. Teleprestakuntzak parte-hartzaileen, tutore-prestatzaileen eta beste toki batean kokatutako baliabideen arteko elkarreragina eskatzen du.

PDF formatuko edo beste formaturen bateko edukiak deskargatze hutsa ez da teleprestakuntza.

Parte-hartzailea edukietan/ikasgaietan jardun dela erregistratuta utzi behar da.

Parte-hartzaileek erakunde prestatzaileak adierazi beste denboraz jardun beharko dute prestakuntza-ekintza bakoitzean, helburua lortzeko aproposena izango delakoan.

3.4.2.– Tutoretza-jarduerei dagokienez:

Teleprestakuntza ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoekin eman beharko da, eta nahitaez laguntza tutorialarekin osatuko da.

Ezin ditu tutore berak egin espezialitate desberdinetako prestakuntza-ekintzen tutoretzak. Egitekotan, haren gaitasunak eta eskura duen laguntza teknikoa zehaztuko dira (adituak).

Tutore-prestatzaileak prestakuntza-prozesuan zehar egindako jarduera guztien erregistroa eramango du, parte-hartzaileek egindako kontsulten eta zalantzen argitzea bere eginkizuneko jarduera espezifikoetatik bereiziz. Tutore-prestatzailearen esku-hartzeak bat etorri behar du tutoreen jardunaren plangintzarekin eta prestakuntza-ekintzaren programazioarekin.

3.4.3.– Jarraipen- eta ebaluazio-kontrolei dagokienez:

Ebaluazio-probak egiteko, parte-hartzaileak proba horiek sortzen dituzten edukietan sartu behar du aldez aurretik, jarraipenaren eta ebaluazioaren plangintzan ezarritakoa kontuan hartuta.

Tutore-prestatzaileak ziurtatu behar du proba horiek prestakuntza-prozesua garatzeko sekuentzia egokiaren arabera egiten direla.

Parte-hartzaileak lana bukatu duela irizteko, prestakuntza-ekintzarako ezarritako aldizkako jarraipen- eta ebaluazio-kontrolen % 75 egin behar izan ditu gutxienez.

3.4.4.– Plataformak sortutako erregistroei dagokienez:

Informazioa hobeto tratatzeko, Lanbidek eskatuko du plataformak sortutako eta erregistratutako datuak euskarri informatikoan eman diezazkioten (kalkulu-orria edo antzekoa): parte-hartzaileen jarduera-datuak (lehen eta azken sarbidearen datak, konexio-orduen kopurua, egun desberdinen kopurua), ebaluazio-proben datu osoak (burutze-data, erabilitako denbora...) eta egindako tutoretzei eta erantzundako kontsultei buruzko datu osoak, LAN-Fn erantsitako ereduaren arabera.

Plataformak partaide bakoitza erregistratu behar du, eta hark egindako jarduera guztiak. Halaber, txostenak egitea erraztuko du, parte-hartzaileek ikastaro bakoitzeko elementu eta jarduera bakoitzetik egin duten pasaera eta plataforman egin dituzten kliken arteko denbora biltzeko.

3.4.5.– Deialdi honi begira, teleprestakuntza izango da Baliabide Zentroetan emandako prestakuntza. Baliabide Zentrotzat hartuko da banakako ekipamendu didaktikoa duen instalazioa; parte-hartzaileak hara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, han, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.

3.4.6.– Teleprestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak.

1) Prestakuntza gauzatzeko onuradunek erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak honako baldintza hauek bildu beharko ditu:

a) Prestakuntza-proiektu bat eduki behar du, ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztuta.

b) Lineako eskuliburu bat eduki behar du ikaslearentzat, plataformaren eta ikaslearen beraren oinarrizko eragiketen funtzionamenduari buruzkoa, lineako prestakuntzaren jarraipena egiteko. Eskuliburua deskargatu eta off-line kontsultatu ahalko da.

c) «Online» ikaskuntza-programa bat eduki behar du, ikasleentzako prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko ahalmen nahikoarekin; gainera, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

– Arau tekniko aplikagarrian adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta interaktibitate-mailak bildu behar ditu.

– Erabiltzaile posible guztiei aldi berean sartzea ahalbidetu behar die, ikastaldiaren etapa guztietan berdin atxikiko den plataformaren banda-zabalera ahalbidetuta.

d) Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak eduki behar ditu.

e) Ez du inolako publizitaterik eduki behar. Logotipoa eta fabrikatzailearen copyrighta ez dira publizitatetzat hartuko.

f) Edukiak editatzeko aukera eduki behar du.

g) Asteko 7 egunetan eta eguneko 24 orduetan erabilgarri egon behar da.

2) Honako komunikazio-tresna hauek ere eduki beharko ditu:

a) Foroak: foro anitzak eta aldiberekoak ireki, itxi eta kategorizatzeko aukera, eta gutxienez 4 Mb-ko fitxategiak igotzekoa.

b) Txatak: prestakuntza-ekintza bakoitzeko gutxienez txat-kanal bat irekitzeko aukera.

c) Mezu elektronikoak: tutoreak jasotako mezu guztiak antolatzeko eta etiketatzeko aukera, baita artxibo bat baino gehiago eransteko aukera ere.

d) Ekitaldi-egutegia: egutegi bat, ikastaldiak hartzen dituen hilabeteak bilduta, pertsonalizatua eta interaktiboa.

e) Informazio-gunea: tutoreek eta partaideek ikastaldiari buruzko informazioa editatzeko aukera, albisteekin eta webguneekin lotutakoa.

f) FAQak: galdera ohikoenei buruzko informazioa.

g) Lineako erabiltzaileak: konektatuta dauden partaideak etengabe ikusteko aukera.

h) Lantaldeak: egoki iritzitako lantalde guztiak sortzeko aukera.

i) Kalkulaturiko denborekin ebaluazio objektiboak sortzeko aukera ematea.

3) Plataforma administratzeko, honako eskakizun hauek bete beharko dira:

a) Prestakuntza-ekintzaren interfazea edukitzea, non Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aditzera emango baitu jardueraren finantzaketak izaera publikoa duela.

b) Babeskopiak aldizkakotasun nahikoa izatea, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratuko direla bermatzeko.

c) Partaideen eta haiek egiten dituzten jarduera guztien erregistroa eramatea, eta ikasturte bakoitzeko elementu eta jarduera bakoitzetik iragan diren partaideak biltzea ahalbidetzen duten eta plataforman egindako klik bakoitzaren arteko denbora jasotzen duten txostenak egitea.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari baimena ematea, dagokion klabearen bidez, prestakuntza-jarduera guztien kontrola eta jarraipena burutu ditzan.

e) Plataformaren kudeaketa-gida bat edukitzea.

f) Arazoak konpontzeko laguntza teknikoa izatea, 24 orduan erantzuteko ahalmenarekin.

g) Bideoko, audioko eta bit-mapen irudiko formatuei euskarria ematea, multimedia-formatuan edukiak eskaintzeko modua izateko ikaskuntza- eta ebaluazio-jardueretan.

4) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren programazioa garatzen duten prestatzaileen jardunaren plangintza izan beharko du erakunde onuradunak.

3.4.7.– Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileen betekizunak eta egitekoak:

Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek prestakuntza edo esperientzia beharko dute izan modalitate horretan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendutakoak izango dira deialdi honetako diruz lagunduta dagoen prestakuntza emateko tutore-prestatzaileak, prestatzaileen fitxategietatik. Aurretik, tutoretzapeko ekintzaren lanbide-familian nahiz teleprestakuntza-modalitateak erabiltzen izandako prestakuntza edo esperientzia dutela egiaztatu beharko da.

Teleprestakuntzako modalitatearen jarraipena eta kalitatea ziurtatzeko, 10 ordutik gorako iraupena duten prestakuntza-ekintzen kasuan, astean 10 orduko gutxieneko dedikazioa ezarriko zaio tutore-prestatzaileari 30 ikasleko, prestakuntza-ekintzaren plangintzan.

Dena den, eta 10 ordutik beherako prestakuntza-ekintzei dagokienez, ziurtatuta egongo da tutore-prestatzailearen dedikazioa gutxienez 20 minutukoa izango dela.

Parte hartzen duten 80 ikasleko tutore bat jarri beharko da gutxienez. Tutore-prestatzailearen funtzioak honako hauek izango dira gutxienez:

a) Prestakuntza-taldeko partaideen harrera-plana garatzea prestakuntza-ekintzaren ezaugarri espezifikoen arabera.

b) Ikasleak orientatzea eta gidatzea jarduerak egitean, materialak erabiltzean eta ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnak erabiltzean prestakuntza-ekintzetan aurreikusiriko ahalmenak eskuratzeko.

c) Ikasleen partaidetza sustatzea gogoeta- eta debate-jarduerak proposatuz, banakako zereginak eta talde-lana antolatuz eta ezarritako komunikazio-tresnak erabiliz.

d) Parte-hartzaileek egindako jardueren jarraipena eta balorazioa egitea, zalantzak argituz eta arazoak konponduz, ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnen bidez, aurreikusitako plangintzari atxikita.

e) Parte-hartzaileak ebaluatzea, ezarritako irizpideen arabera, eta dagozkion ebaluazio-proben antolamenduan eta garapenean parte hartzea.

f) Prestakuntza-ekintzak antolatzeko, kudeatzeko eta garatzeko ardura duten gainerako taldeekin jardutea, elkarrekiko koordinazioa behar duten ekintza guztietan.

3.5.– Aurrez aurreko prestakuntza-ekintzetarako, gehienez ere, 25 ikasle bildu daitezke, ekintza bakoitzerako zentroak inskribatu edo egiaztatu dituen parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta. Teleprestakuntzako ekintzak gehienez 80 ikaslerentzat izango dira, eta gutxienez tutore bat izango dute.

4.– Prestakuntza-planak betetzeko epea hauxe izango da: dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2027ko ekainaren 30era bitartean. Justifikazio-memoria 2027ko uztailaren 15era arte aurkeztu ahal izango da.

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2025ean hasiko da, eta gehienez ere bi hilabeteko epearen barruan dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi ondoren.

5.– Prestakuntza-planei dagozkien betekizunak. Prestakuntza-planek honako hauek bildu behar dituzte:

a) Lurralde Historikoen eta/edo teleprestakuntzaren arabera garatu beharreko prestakuntza-ekintzak, horretarako prestatutako inprimaki eta aplikazioetan zehazten den banakapenarekin.

b) Prestakuntza-ekintzek bakoitzaren lehentasunaren arabera zenbakituta egon beharko dute, 1. zenbakitik hasita eta dagokion azken zenbakian amaituta.

c) Prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

d) Prestakuntza-ekintzak ontzat emateko, gutxienez 8 parte-hartzailek egon beharko dute izena emanda. Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, prestakuntza-ekintzetan beste 4 ikasle ere onartzeko aukerarik izango da, prestakuntza-zentroak hainbesterentzako egiaztapen eta inskripzio baldin baditu. Parte-hartzaile gehigarriengatik ez da dirulaguntzarik emango, baina kontuan hartuko dira 29. artikuluan deskribatutako adierazlea kalkulatzeko.

5. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

EAEko langileetatik, lanean diharduten guztiek har dezakete parte diruz lagundutako ekintzetan. Beste inoren laguntzaren mende daudenen arretarekin lotutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukera dute mendetasuna duen norbaitekin dabiltzan zaintzaile ez-profesionalek, Eusko Jaurlaritzak mota horretako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeetan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2. artikuluan aipatutako administrazio publikoen zerbitzuko langileek prestakuntza-ekintza egiaztagarrietan parte hartu ahal izango dute, urriaren 30eko EFP/1189/2023 Aginduari jarraiki. Agindu horrek uztailaren 20ko EFP/705/2022 Aginduaren zenbait artikulu aldatzen ditu. Agindu horren bidez, langileentzako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren. Prestakuntza-ekintza ez-egiaztagarrietan ere parte hartu ahal izango dute, baina planeko parte-hartzaile guztien % 10eko mugarekin.

Langabezian dauden langileek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan edo beste Enplegu Zerbitzu Publiko batean enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta daudenek edo Gazte Bermearen Fitxategi Nazionalean inskribatuta daudenek, gehienez ere % 30eko parte-hartzea izan dezakete dena delako planarekiko, eta plan horren barruan prestakuntza hasten duten pertsona guztiekiko. Zentzu horretan, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira, baldin eta prestakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude. Halaber, prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko, langabeak Lanbideko Orientazio Zerbitzuak proposatutakoak izatea gomendatzen da. EEE edo ABEE egoeran dauden pertsonek lehentasuna izango dute beti.

Prestakuntza-planen titularrak eta dirulaguntzen onuradunak diren erakunde titularretako langile-zerrendako langileek ere har dezakete parte eurek kudeatzen dituzten prestakuntza-ekintzetan, baina betetze-plan bakoitzeko parte-hartzaileen % 10 gainditu gabe, eta ezin izango dute inola ere gainditu langile-zerrendako langile guztien % 10.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoen arabera.

Modulu ekonomiko bakoitzak hiru kostu ditu: horietako bi zuzeneko kostuak dira –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta bestea zeharkakoa (C), kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua.

A modulu ekonomikoa, langileen zuzeneko kostuei buruzkoa, 12 ikaslez biderkatuko da beti; funtzionamendu-kostuei buruzko B modulu ekonomikoak, berriz, eskatutako ikasleen kopurua hartuko du kontuan.

Aurrez aurreko irakaskuntzaren modalitatean, prestakuntza-espezialitate ez-egiaztagarriei dagokienez, bi B modulu bereizten dira: «oinarrizko mailako modulua», oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna emateko prestakuntza, eta «goi-mailako modulua», prestakuntzan espezializazioa dakarten gaiak lantzen dituen prestakuntza.

Modulu ekonomikoak % 50era arte handitzerik izango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza-erakundeak hala eskatzen badu, espezialitateagatik eta ezaugarri teknikoengatik finantzaketa handiagoa behar duten prestakuntza-ekintza jakin batzuen berezitasunaren arabera. Inguruabar horiek behar bezala egiaztatu beharko dira. Berezitasunaren ondoriozko finantzaketa handiagoa emango zaio ordeztutako ekintzari baldin eta jatorrizko prestakuntza-ekintzak onartuta bazuen.

Teleprestakuntzaren kasuan, ez da aplikagarria arestian adierazitakoa; izan ere, parte-hartzaile bakoitzeko orduko 7,50 euroko modulu bakarra dago, zuzeneko eta zeharkako kostuak barne hartzen dituena.

Parte-hartzaile bakoitzeko ordu bakoitzeko aplikatu beharreko modulu ekonomikoek, eta, hala badagokio, horien igoerak, ezingo dute gainditu uztailaren 3ko 694/2017 Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoa. Oinarrizko mailako prestakuntza ez-egiaztagarriaren kasuan, ezin izango da 9 euroko modulua gainditu (orduko eta ikasleko). Profesionaltasun-ziurtagiriak (lanbide-ziurtagiriak) lortzeko prestakuntza-ekintzei dagokienez, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren I. eranskinean aurreikusitakoa hartuko da kontuan (agindu horren bidez, Lanbide Heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza arautzen da administrazio eskudunek egindako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-eremuan), eta horren araberako oinarri arautzaileak ezartzen dira, bai eta horiek finantzatzeko baldintzak ere. Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz paragrafo honetan aurreikusitakoak baino –edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino–, azken horiek aplikatuko dira.

3.– Prestakuntza-erakundeek prestakuntza-plan bat besterik ezingo dute eskatu, eta, gehienez ere, 2.100.000 eurokoa, ikasle eta ordu bakoitzeko ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta.

4.– Gainera, honako muga hauek ezartzen dira planaren aurkezpen ekonomikorako, parte hartzen duten dirulaguntza-lerroen kopuruaren arabera, dirulaguntza jaso dezaten lerrotzat hartuta aurrekontua osatzen duten 49 lerroak, 1.3 artikuluan eta I. eranskinean xedatutakoaren arabera:

– Lerro batera edo bira aurkezten bada: lerro bakoitzera bideratutako aurrekontuaren % 60.

– 3-5 lerrotara aurkezten bada: lerro bakoitzera bideratutako aurrekontuaren % 50.

– 6-9 lerrotara aurkezten bada: lerro bakoitzera bideratutako aurrekontuaren % 40.

– 10 lerrotara edo gehiagora aurkezten bada: lerro bakoitzera bideratutako aurrekontuaren % 30.

Muga horiek aplikatzeko, eskatzaileak prestakuntza-ekintza bakoitzean adierazitako lehentasuna hartuko da kontuan.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Kapitulu honetan aipatzen diren dirulaguntzen eskabideak, Lanbideko zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkionak, elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren (LAN-F) prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez.

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunearen bidez eskatu dezakete: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Izapidetze elektronikorako jarraibideak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073805 Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus).

2.– Eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, laguntzaren xede den prestakuntza-plana aurkeztuko da, 3. artikuluan adierazitako baldintzekin eta, hala badagokio, sozietate-talde bateko kide dela egiaztatzen duen dokumentazioarekin.

Eskabidea sozietate-talde gisan aurkezten duten sozietateek (10. artikuluan xedatutakoa) erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, taldea direla ziurtatzen duena, bai eta sozietate bakoitzeko idazkariaren edo administratzailearen ziurtagiria ere, sozietateen kapitalaren osaerari buruzkoa, partaidetzen erregistro-liburuaren bidez, kasuan kasuko partaidetzen titulartasuna egiaztatzeko. Sozietate-talde batekoa dela ulertuko da, 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren arabera enpresa bakar batean integratuta dagoela uste denean, edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluko irizpideekin bat etorriz, sozietate-talde berekoa denean.

4.– 10. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

– Irizpidearen balorazioa beste administrazio publiko edo enplegu-zerbitzu publiko batzuen deialdiei buruzkoa bada: LANF aplikaziotik atera daitezkeen argitaratutako ereduen arabera dagokion irizpidea bete dela egiaztatzen duen ziurtagiria. Ziurtagiri hori esandako eranskin horien eredura egokitu daiteke, edo beste formatu batekoa izan daiteke; edonola ere, argitaratutako ereduan jasotako eduki guztiak jaso beharko ditu.

– Aitorpen edo egiaztapen ofizialak badira, horien kopia erantsi beharko da eskabidearekin batera.

– Balorazio-irizpide batzuetan, adierazlea batez besteko haztatua dutenetan, erakunde eskatzaileak ez badu adierazitako aldietako baterako daturik ematen, egiaztatu beharko du aldi horrek hartzen dituen urteetan ez duela dirulaguntzarik jaso; bestela, 0 balioa duen batez besteko haztatua kalkulatzeko sartuko dira.

5.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

8. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitza banan-banan baloratuko da, eta lehiaketa-prozesua I. eranskinean jasotako dirulaguntzen lerro bakoitzeko garatuko da (49 lerro).

3.– Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, batzorde teknikoa eratuko da. Batzorde hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak eta Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko hiru teknikarik osatuko dute. Hauek dira balorazio-batzorde horretako kideen izenak:

Batzordeburua:

– María Aránzanzu Niño Núñez, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria.

Idazkaria:

– Arantza Berrueta Iturri, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

Batzordekide titularrak:

– Eduardo Campo Guillerna, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko koordinatzailea.

– Amaia Alonso Bikuña, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

Ordezko batzordekideak:

Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko koordinatzailea.

Veneranda Andrés Andrés, Lanerako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.

Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, kideen erdiak bertaratzen direnean.

Batzordeburua ez badago, batzordekideetako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.

Idazkaria ez badago, batzordekideetako batek beteko ditu haren eginkizunak, arestian aipatutako alderantzizko hurrenkeran.

Egitura berari eutsita, ebaluazio-batzordeko kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez aldatu ahal izango da, eta ebazpen hori Lanbideren webgunean argitaratuko da: www.lanbide.euskadi.eus

4.– Behin eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu denean, ebaluazio-batzordeak 10. artikuluan ezartzen diren irizpideen arabera baloratuko ditu, eta, 9. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, txosten bat egingo du emaitza adierazteko. Espedientea eta ebaluazio-batzordearen txostena ikusi eta gero, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan sartuko du zer ekintza onestea eta ezestea proposatzen den behin-behinean; ekintza horiek dirulaguntza-lerroka multzokatuko dira.

Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 5 egun baliodun emango dira entitate interesdunek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.

Behin-behineko ebazpen-proposamen horrek ez du inolako eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako entitateen alde.

5.– Ebaluazio-batzordeak alegazioak aztertu eta txostena egin ondoren, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

6.– Prozeduraren ebazpenean dirulaguntza emango zaien prestakuntza-ekintzak eta horien zenbatekoa zehaztuko dira, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, dirulaguntza-lerroka multzokatuta, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere. Hori guztia prestakuntza-entitate interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus).

7.– Prozedura ebaztean, aurrekontu-krediturik ez izateagatik ezetsi diren eskabideak dirulaguntzen lerroz ordenatuko dira, balorazio-irizpideak aplikatzearen ondoriozko lehentasun-ordenaren arabera. Horrela, prestakuntza-erakunde onuradunetakoren batek dirulaguntzari uko egingo balio, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideen arabera dagokion hurrenari emango zaio dirulaguntza, betiere laguntza hori emateko behar besteko kreditua liberatu bada eta, gertatzen den unean, deialdiaren baldintzak eta aurrekontua betearazteko arauak kontuan hartuta gauzatu badaiteke. Prestakuntza-erakundeei jakinaraziko zaizkie uko egiteagatik liberatutako kredituaren kargura dirulaguntzak emateko proposamenak, eta 5 egun balioduneko epean onartu beharko dira; hala egin ezean, uko egiten diotela ulertuko da.

Inola ere ezingo da dirulaguntza eman kreditu erabilgarria nahikoa ez delako erantzun ezin den beste eskabide batekiko lehentasun-hurrenkeran geroago egindako eskabide batengatik.

8.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epealdi horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

10.– Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean berariaz adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsetik datorrela, 2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko EGIF+ Programaren esparruan.

11.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.

9. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskaerak aurkezteko eta akatsak 7. artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da, 10. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera, horien arteko harremana ezartzeko, aurkeztutako ekintzen eskaerak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera antolatuta.

2.– Prestakuntza-plan bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, honela jokatuko da: aurkeztutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen orduak biderkatuko dira parte-hartzaileen kopuruarekin eta 6. artikuluaren arabera dagokion modulu ekonomikoaren zenbatekoarekin.

3.– Dirulaguntzak 10. artikuluko balorazio-irizpideak aplikatzearen ondoriozko lehentasun-ordenari jarraituz emango dira, honako arau hauek aplikatuz:

3.1.– Balorazio teknikoan lortutako puntuazioan oinarrituta, prestakuntza-ekintza guztiak oro har eta bereziki Teleprestakuntzaren eta Lurralde Historikoaren arabera antolatuko dira, eta lurralde historiko bakoitzean sektoreka eta zeharka, eta sektoreka familia profesionalen arabera eta zeharkakoetan gaitasunen arabera.

3.2.– Lerro bakoitzerako aurrekontua banatuko da, balorazio teknikoan lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontua agortu arte.

3.3.– Dirulaguntza-lerro bateko aurrekontua agortzen ez bada, soberakina honela banatuko da:

3.3.1.– Ekintza sektorialetan eta lurralde historikoen arabera, finantzatu ez diren eta puntuazio handiena duten ekintzei, zein familiatakoak diren kontuan hartu gabe.

3.3.2.– Zeharkako ekintzetan, lurralde historikoen arabera, finantzatu ez diren eta puntuazio handiena duten ekintzei, zein konpetentziatakoak diren kontuan hartu gabe.

3.3.3.– Teleprestakuntzan, sektoreko ekintzei, lurralde historiko bakoitzari dagokion ehunekoan.

3.4.– Prozedura aplikatu ondoren (1., 2. eta 3. puntuetan deskribatutakoa) soberan jarraitzen badu, lehentasun-ordenaren arabera, lurralde historikoa eta modalitatea edozein izanda ere.

4.– Aurreko arau horiek aplikatuta azkeneko dirulaguntza puntuazio berbera lortu duten prestakuntza-planetako ekintza biri edo gehiagori badagokie, 10. artikuluko a.2 atalean aurreikusitako irizpidean puntuaziorik handiena lortu duen ekintzari emango zaio dirulaguntza. Hala eta guztiz ere berdinduta jarraitzen badute, 10. artikuluko a.1 atalean aurreikusitako irizpidean puntuazio handiena lortu duen ekintzari emango zaio dirulaguntza. Berdinketa hausteko hirugarren elementua zera izango da: b.2 irizpidearen araberako puntuaziorik altuena, eta gero hurrengoak, hurrenkera honetan: puntuaziorik altuena b.1, b.3, b.4, b.3.1, b.3.3, b.3.2 eta b.3.4 irizpideetan. Berdinketak jarraitzen badu, lehenik sortutako ekintzari emango zaio dirulaguntza.

5.– Ez da finantzatuko balorazio ekonomikotik ateratzen den zenbatekoa baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik.

6.– Inongo prestakuntza-planek ezingo du inolaz ere eskuratu 1.680.000 eurotik gorako dirulaguntzarik.

7.– Teleprestakuntzako dirulaguntza-lerroan, inongo prestakuntza-planek ezingo du inolaz ere eskuratu 1.260.000 eurotik gorako dirulaguntzarik.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Prestakuntza-planen balorazio teknikoa egiteko, irizpide guztietan, onuraduntzat hartuko da haren titularra edo sozietate-taldea. Sozietate-talde batekoa dela ulertuko da, 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren arabera enpresa bakar batean integratuta dagoela uste denean, edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluko irizpideekin bat etorriz, sozietate-talde berekoa denean.

Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Landunei eta/edo langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaienean, landunei eta/edo langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorren berezko datuak hartzen dira kontuan, ez da beste deialdi espezifikoagorik aintzat hartuko, A.1 adierazlean mugatutakoak izan ezik.

Irizpide guztiak prestakuntza-entitatearen mailan hartzen dira aintzat, hau da, batera aztertzen dira IFK bereko prestakuntza-zentroen datuak. Eskatzailea sozietate-talde bateko kidea bada, taldeko erakundeen jarduna hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 2023/2831 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate-taldearen definizioarekin bat datorrena.

Lanbideren deialdietatik kanpoko prestakuntza-ekintzei erreferentzia egiten zaienean, eta balorazio-irizpidea batez besteko haztatu bati buruzkoa bada, prestakuntza-erakunde eskatzaileak emandako datuak Lanbideren 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 deialdien egiturarekin parekatuko dira.

Horrela, Lanbiderekin zerikusirik ez duten deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien 2018ko eta 2019ko datuak batu eta unitate bat osatuko dute, Lanbideren 2018-2020 deialdiko datuen tratamendu bera jasotzeko.

Era berean, gauza bera egingo da Lanbiderekin zerikusirik ez duten 2020ko, 2021eko eta 2022ko deialdietako prestakuntza-ekintzei dagozkien datuen baturan, Lanbideren 2020-2022ko deialdiko datuei dagokienez, eta 2023ko eta 2024ko datuei begira, Lanbideren 2022-2024ko deialdiko datuei dagokienez.

Kalkulu hori egiteko, okupatuei eta/edo langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdietako parte-hartzaileen kopurua hartuko da kontuan. Deialdi horiek 2018tik 2024ra bitartean (biak barne) argitaratu eta onartu dituzte enplegu-zerbitzu publikoek edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazio publikoek, eta likidatuta daude.

Likidatutako deialdi eta ekintzetan parte hartu dutenen datuak soilik hartuko dira kontuan adierazle guztietan.

Horretarako, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Prestakuntza-planaren onuradunak aurkeztutako prestakuntza-ekintzen adierazleak. Atal honetan, eta gehienez ere 100etik 30 puntu lortzeko aukerarekin, honako hauek hartuko dira kontuan:

a.1.– Onuradun gisa eta/edo irakasle gisa izandako esperientzia (2012., 2013., 2014., 2016., 2017., 2018., 2020. eta 2022. urteetako deialdietan lanean dabiltzan langileei lehentasunez zuzendutako eskaintza-prestakuntzarako administrazio publikoen laguntzen deialdietan), familia profesionalaren eta/edo modalitatearen arabera. 20 puntu gehienez.

Hau da, 2012, 2013, 2014, 2016, 2017, 2018, 2019, 2020, 2021 eta 2022an lanean dabiltzan langileei lehentasunez zuzendutako eskaintza-prestakuntzarako administrazio publikoen laguntza-deialdietan, zenbat urteko eskarmentua daukan onuradun edo/eta irakasle gisa, prestakuntza-planean aurkezteko diren prestakuntza-ekintzen modalitatean, edo/eta familia profesional desberdinetan edo/eta zeharkako gaitasunetan, «espezialitate programagarrien» katalogoan ezarritako kodeketaren arabera, zeina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuko baita deialdiaren argitalpenaren egunean bertan, prestakuntza-espezialitateen katalogo nazionaleko espezialitateekin bat, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko enplegurako garrantzitsuak diren beste ekintza batzuetan ere.

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun eta/edo irakasle izan diren erakundeek dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horretan egiaztatu beharko dute zein urtetan izan diren lehentasunez lanean ari diren langileentzako prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzetan onuradun edo irakasle (2012., 2013., 2014., 2016., 2017., 2018., 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetan), «Espezialitate programagarrien» katalogoan ezarritako kodifikazioaren arabera, eta, horietatik, zehazki zein familia profesionaletan, zeharkako gaitasunetan edo zer modalitatetan.

(Ikus .PDF)

a.2.– Ikasleak zenbateraino asebeteta geratu diren lanean dabiltzanei lehentasunez zuzendutako prestakuntzarako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan, batez beste haztatua, onuradun izan direnean, eta prestakuntza-planean aurkezten diren prestakuntza-ekintzei dagozkien familia profesionaletan edo/eta prestakuntza-planean aurkezten diren prestakuntza-ekintzen modalitatean edo/eta zeharkako gaitasunetan, «espezialitate programagarrien» katalogoan ezarritako kodeketaren arabera. 10 puntu gehienez.

Hau da, lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako 2018-2020., 2020-2022. eta 2022-2024. urteetako eskaintza-deialdietako parte-hartzaileekin egindako kanpoko kontrastearen adierazlea, onuradunak deialdi horietako ikastaro horietan gogobetetze orokorraren batez besteko gisa adierazitako puntuazioak kontuan hartuta:

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino handiagoa bada, kanpoko kontrastearena hartuko da kontuan.

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino gutxiago bada (aldea bi puntukoa izanik gutxienez), puntuazioa honako hau izango da: 0,75 * kanpoko kontrastearen batezbestekoa + 0,25 * onuradunak adierazitako batezbestekoa.

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino txikiagoa bada (aldea 2,1 puntutik gorakoa izanik), kanpoko kontrastearena hartuko da kontuan.

(Ikus .PDF)

EAEren eremuan onartutako laguntza desberdinen deialdietan onuradun izan diren erakundeek dagokion administrazio publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketako arloan eskumena daukan administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, bertan adieraziz 2018-2020., 2020-2022. eta 2022-2024. urteetan lanean dabiltzan langileei lehentasunez zuzendutako eskaintza-deialdietan kanpoko kontrastean lortutako puntuazioak, eta onuradunak deialdi horietako ikastaroetan asebetetze orokorraren batezbesteko gisa aipatutako puntuazioak, prestakuntza-planean aurkeztutako prestakuntza-ekintzei dagozkien familia profesional edo/eta zeharkako eskumen edo/eta modalitate desberdinetan, «Espezialitate programagarrien» katalogoan ezarritako kodeketaren arabera.

2018-2020., 2020-2022. eta 2022-2024. urteetako hiru laguntza-deialdietan onuradun izan ez diren edo aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu ez dituzten prestakuntza-erakundeen kasuan, 4 puntu aplikatuko dira.

b) Onuradunarekin lotutako jarduera-adierazleak. Atal honetan, eta gehienez ere 100etik 70 puntu lortzeko aukerarekin, honako hauek hartuko dira kontuan:

b.1.– Lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako eskaintza-prestakuntzaren 2018-2020., 2020-2022. eta 2022-2024. urteetako deialdietan ikasleek onuradunarekin duten asebetetze-mailaren batezbesteko haztatua. 10 puntu gehienez.

Hau da, 2018-2020., 2020-2022. eta 2022-2024. urteetako eskaintza-deialdietako parte-hartzaileekin egindako kanpo-kontrastearen adierazletzat hartzen da, lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutakoetan, eta onuradunak deialdi horietako ikastaroetan adierazitako puntuazioetan lortutakoa, gogobetetze orokorraren batez besteko gisa:

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino handiagoa bada, kanpoko kontrastearena hartuko da kontuan.

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino gutxiago bada (aldea bi puntukoa izanik gutxienez), puntuazioa honako hau izango da: 0,75 * kanpoko kontrastearen batezbestekoa + 0,25 * onuradunak adierazitako batezbestekoa.

Kanpoko kontrastean lortutako puntuazioa onuradunak adierazitakoa baino txikiagoa bada (aldea 2,1 puntutik gorakoa izanik), kanpoko kontrastearena hartuko da kontuan.

(Ikus .PDF)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horretan, 2018-2020ko, 2020-2022ko eta 2022-2024ko eskaintza-deialdietan lortutako puntuazioak egiaztatuko dira, baldin eta lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzenduta badaude, eta deialdi horietako ikastaroetan onuradunak adierazitako puntuazioetan, gogobetetze orokorraren batez besteko gisa. 2018-2020., 2020-2022. eta 2022-2024. urteetako hiru laguntza-deialdietan onuradun izan ez diren edo aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu ez dituzten prestakuntza-erakundeen kasuan, 4 puntu aplikatuko dira.

b.2.– Onuradunaren dirulaguntzen betetze-mailaren batezbesteko haztatua, lehentasunez 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024an lanean zebiltzan langileei zuzendutako deialdietan. 10 puntu gehienez.

Baldin eta emandako behin-behineko dirulaguntzaren eta azkenik likidatutakoaren arteko betetze-mailaren batezbesteko haztatua honako hau bada 2018-2020ko, 2020-2022ko eta 2022-2024ko deialdietan:

(Ikus .PDF)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo dagokion Administrazio Publiko eskudunaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, emandako behin-behineko dirulaguntzak eta titularrak azkenean justifikatu eta likidatutakoak ziurtatuz (lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako deialdietarako, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024 urteetan).

2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024. urteetako laguntza-deialdietan onuradun izan ez diren edo aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu ez dituzten prestakuntza-erakundeen kasuan, 2 puntu aplikatuko dira.

b.3.– Prestakuntza emateko gaitasun egiaztatua. 40 puntu gehienez.

b.3.1.– 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko lanean dabiltzan langileei lehentasunez zuzendutako deialdietan prestakuntza jaso duten partaideen kopuruaren batezbesteko haztatua. 25 puntu gehienez.

(Ikus .PDF)

Alegia, urteko prestakuntza jaso duten ikasleen batez besteko kopuru haztatua, baldin eta ikastaroak amaitu badituzte onuradunak titularizatutako planetan, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko ekitaldietako lanean dabiltzan langileei lehentasunez zuzendutako eskaintza-deialdien esparruan.

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek kasuan kasuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, urte bakoitzean prestaturiko bertaratuen kopurua ziurtatuz, baldin eta onuradunak lehentasunez 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko lanean dabiltzan langileei zuzendutako eskaintza-deialdietan titularizatutako planetako ikastaroak amaitu baditu.

b.3.2.– 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko langabeei lehentasunez zuzendutako deialdietan prestakuntza jaso duten partaideen kopuruaren batez besteko haztatua. 5 puntu gehienez.

Alegia, urteko prestakuntza jaso duten ikasleen batez besteko kopuru haztatua, baldin eta onuradunak titularizatutako planetan ikastaroren bat amaitu badute, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko ekitaldietako langabetuei lehentasunez zuzendutako eskaintza-deialdien esparruan.

Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak hartzen dira kontuan, eta ez da beste deialdi zehatzik kontuan hartzen (hala nola kontratazio-konpromisoarena, proiektu bereziena, kualifikazio baxuko gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntzarena, etab.).

(Ikus .PDF)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek kasuan kasuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, urte bakoitzean prestaturiko bertaratuen kopurua ziurtatuz, baldin eta onuradunak lehentasunez langabeei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko eskaintza-deialdietan titularizatutako planetako ikastaroak amaitu baditu.

b.3.3.– Lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan azkenean likidatu den dirulaguntzaren batezbesteko haztatua. 20 puntu gehienez.

Alegia, onuradunari azkenean likidatu zaion dirulaguntzaren batezbesteko haztatua, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko ekitaldietan lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako eskaintza-deialdien esparruan.

(Ikus .PDF)

EAEn onartutakoez bestelako laguntzen deialdietan onuradun izan diren erakundeek dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdien esparruan onuradunak azkenean likidatutako dirulaguntzak ziurtatu beharko dituzte.

b.3.4.– Lehentasunez langile langabeei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan azkenean likidatu den dirulaguntzaren batezbesteko haztatua. 5 puntu gehienez.

Alegia, onuradunari azkenean likidatu zaion dirulaguntzaren batezbesteko haztatua, 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko ekitaldietan lehentasunez langile langabeei zuzendutako eskaintza-deialdien esparruan.

Langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak hartzen dira kontuan, eta ez da beste deialdi espezifikorik aintzat hartzen.

(Ikus .PDF)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta onuradunak lehentasunez langabeei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan likidatutako dirulaguntzak ziurtatu beharko dituzte.

b.4.– Lanean dabiltzan langileen parte-hartzea. 10 puntu gehienez.

b.4.1.– Onuradunak titularizatutako planetan % 60tik gora amaituta dauden langile okupatuen parte-hartzearen batez besteko haztatua, lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan. 5 puntu gehienez.

Baldin lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan onuradunak titularizatutako planetan amaituta dauden langile landunen partaidetzaren batezbesteko haztatua hau izan bada:

(Ikus .PDF)

EAEn onartutakoez besteko laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek ziurtagiria aurkeztu beharko dute, dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoak edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoak emana, eta egiaztatu beharko dute amaitutako langile landunen parte-hartzea % 60tik gorakoa dela onuradunak lehentasunez langile landunei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdietan titularizatutako planetan.

2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024. urteetako laguntza-deialdietan onuradun izan ez diren edo aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak aurkeztu ez dituzten prestakuntza-erakundeen kasuan, puntu bat aplikatuko da.

b.4.2 – Plantillan 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetako langileen artetik, lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdiko prestakuntza amaitu duten langileen parte-hartzearen bataz besteko haztatua. 5 puntu gehienez.

Baldin eta plantillan 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetako langileen artetik, lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdiko prestakuntza amaitu duten langileen parte-hartzearen bataz besteko haztatua hau izan bada:

(Ikus .PDF)

EAEn onartutakoez bestelako laguntza-deialdietan onuradun izan diren erakundeek dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoaren edo enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, egiaztatzeko plantillan 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetako langileen artetik, lehentasunez lanean dabiltzan langileei zuzendutako 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024ko deialdiko prestakuntza amaitu duten langileek parte hartu dutela, eskatzaileak titularizatutako planetan.

Baldin prestakuntza-erakunderen batek ez badu parte hartu 2018-2020, 2020-2022 eta 2022-2024. urteetako inongo laguntza-deialdietan edo ez baditu aurkeztu aurreko paragrafoan adierazitako ziurtagiriak, 2 puntu aplikatuko zaizkio.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

1.– Deialdi honetako 5. artikuluan aipatzen direnek erakunde onuradunei prestakuntza-ekintzetan parte hartzea eska diezaiekete. Horretarako, deialdi honetarako diseinatutako dokumentu normalizatua erabili beharko dute, hori baita, batetik, eskabide-orria eta, bestetik, konpromiso-dokumentua (eskabidearen 2C eranskina).

Parte-hartzaileak eskaera-agiriaren eta parte hartzeko konpromiso-agiriaren kopia bat jasoko du.

2C eranskina, parte-hartzailearen jatorrizko sinadurarekin edo sinadura elektronikoarekin, erakunde onuradunaren esku egon beharko da prestakuntza-ekintza amaitzen den unean, eta erakunde onuradunak gorde beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak edo beste kontrol-erakunde batzuek egiten dituzten egiaztapen-jardueren eskura.

Deialdi honen 27.6 artikuluan adierazitakoaren arabera, parte hartzeko eskaeretan/konpromisoetan adierazitako datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazi behar zaizkio ezarritako epeen barruan eta LanF-ren bidez.

Erakunde eskatzaileak edo prestakuntza-ekintzak eskaintzeko ardura duenak aukeratuko du zein langilek hartuko duten parte, betiere hautapen-mekanismoen gardentasuna eta objektibotasuna ziurtatuz. Aukeraketak hautaketa-proba bat barne hartuko du, hala eskatzen duten prestakuntza-jardueretan, jarduera hori baliatuko dutela ziurtatzeko eta, egiazki, prestakuntza-ekintzen helburuak lortzeko beharrezko aurretiazko ezagueren zer maila duten jakiteko.

Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako prestakuntza egiaztagarrietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira lanbide-arlo hauetako prestakuntza-ekintzak: JFK, NEK, ELE, ENU, EOZ, FME, EIN, IFK, IMA, IRS, ELI, ZAK, KIM, OSA, SEI, GIM.

Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak bete eta dagokien hautaketa-prozesua gainditu duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honi jarraituz:

Lehenik eta behin, enplegu-erregulazioko espedienteen (EEE) edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen (ABEE), lan-kontratua etenda duten edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla medio edo ezinbesteko arrazoiak direla medio. Ondorio horietarako, langile horiek guztiak langabetzat hartuko dira.

Bigarrenik, eta lehentasun maila berean:

– Lan-merkatuan sartzeko zailtasun latzagoak dituztenak.

– Kualifikazio-maila apala dutenak.

– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.

– Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGDS) jasotzen dutenak, eta Langabeziako Aparteko Subsidioa (LAS) jasotzen dutenak.

– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

Emakumeen ehunekoak langabeen artean duten pisuaren araberakoa izan behar du. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeek gutxienez % 55 izan behar dute, ahal dela.

Hirugarrenik, gainerako langabeak, orokorrean.

III. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESA ETA LANTOKIETARAKO ETA HORIETAN ZERBITZUAK EMATEN DITUZTEN LANGILEENTZAKO SEKTOREKO PRESTAKUNTZA-PREMIAK AZTERTU ETA DETEKTATZEKO AZTERLANETATIK ERATORRITAKO PRESTAKUNTZA-ESPEZIALITATEAK GARATZEKO PRESTAKUNTZA-PLANAK, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAK FINANTZATUAK

12. artikulua.– Prestakuntza-planak eta diruz lagundu daitekeen jarduna.

1.– Dirulaguntza-lerro honi begira, prestakuntza-plana zera da: Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eta Lanbidek finantzatutako azterlan sektorialetan detektatutako eta identifikatutako prestakuntza-beharrei erantzuteko prestakuntza-ekintzen multzoa, baldin eta, planaren xede den kolektiboaren tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo garrantzi bereziko beste inguruabar batzuengatik, hartzaileen, enpresen eta langileen konpetentziak areagotzean bereziki eragiten badu.

2.– Bete beharreko helburuen eta erakunde onuradunen prestakuntza-esparruaren edo -izaeraren arabera, prestakuntza-planen baitan ekintzak jasoko dira, langileak ekoizpen-sektore jakin baterako hautemandako eta identifikatutako konpetentzia espezifikoetan prestatzeko, edo gaitasun horizontal eta zeharkakoetan prestatzeko, premien azterketa bakoitzean adierazten den bezala.

3.– Prestakuntza-ekintzak.

3.1.– Kapitulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, prestakuntza-ekintzatzat hartuko da helburu, eduki eta iraupen propioak dituen irakaste- eta ikaste-prozesua, jarduera-sektore bateko langileen gaitasuna eta kualifikazioak hobetzera bideratuta dagoena, baita horien lanbide-eguneratzea eta -espezializazioa hobetzera ere.

Diruz lagundu ahal izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2023ko eta 2024ko deialdietan diruz lagundutako sektoreko prestakuntza-premiak aztertu eta detektatzeko azterlanetan jasotako prestakuntza-ekintzak, administrazio-prozeduraren informazio-fitxarekin batera identifikatuak. Fitxa horretan, izapidetze elektronikoa egiteko jarraibideak daude, eta helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073808

3.2.– Prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 orduko iraupena eta gehienez 270 ordukoa izango dute parte-hartzaile bakoitzeko, eta azterketa sektorialen prestakuntza-agirietan identifikatu diren helburuak, edukiak eta irakasteko modalitatea jaso beharko dituzte.

3.3.– Deialdi honen 4.3 artikuluan adierazitako prestakuntza-ekintzak lagunduko dira diruz.

4.– Prestakuntza-planak betetzeko epea hauxe izango da: dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2027ko ekainaren 30era bitartean.

Justifikazio-memoria 2027ko uztailaren 15a baino lehen aurkeztu behar da.

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2025ean hasiko da, eta gehienez ere bi hilabeteko epearen barruan dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi ondoren.

5.– Prestakuntza-planei dagozkien betekizunak. Prestakuntza-planek honako hauek bildu behar dituzte:

a) Garatuko diren prestakuntza-ekintzak, xede horrekin landutako inprimaki eta aplikatiboetan adierazitako banakapena eginez.

b) Prestakuntza-ekintzek bakoitzaren lehentasunaren arabera zenbakituta egon beharko dute, 1. zenbakitik hasita eta dagokion azken zenbakian amaituta.

c) Prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

d) Prestakuntza-ekintzak ontzat emateko, gutxienez 8 parte-hartzailek egon beharko dute izena emanda. Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, prestakuntza-ekintzetan beste 4 ikasle ere onartzeko aukerarik izango da, prestakuntza-zentroak hainbesterentzako egiaztapen eta inskripzio baldin baditu. Partaide gehigarriengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.

6.– Artikulu honetan arautu ez den guztian, 4. artikuluan ezarritakoa beteko da.

13. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Diruz lagundutako ekintzetan, prestakuntza-plan bakoitzean jasotako prestakuntza-ekintzaren xede den jarduera-sektoreko langile landun guztiek parte hartu ahal izango dute lehentasunez, eta gainerako langile landunek parte hartu ahal izango dute plaza hutsik geratzen bada.

Prestakuntza-ekintza horietan ezin izango dute parte hartu administrazio publikoetako langileek, ez eta prestakuntza-planen titular diren erakundeetako plantillako langileek ere.

Langabezian dauden langileek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan edo beste Enplegu Zerbitzu Publiko batean enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta daudenek edo Gazte Bermearen Fitxategi Nazionalean inskribatuta daudenek, gehienez ere % 30eko parte-hartzea izan dezakete dena delako planarekiko, eta plan horren barruan prestakuntza hasten duten pertsona guztiekiko. Zentzu horretan, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira, baldin eta prestakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude. Halaber, prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko, langabeak Lanbideko Orientazio Zerbitzuak proposatutakoak izatea gomendatzen da. EEE edo ABEE egoeran dauden pertsonek lehentasuna izango dute beti, eta, horien artean, premien azterketa bakoitza lotuta dagoen jarduera-sektoreko enpresekin zerikusia dutenek.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoen arabera.

3.– Prestakuntza-erakundeek prestakuntza-plan bakarra eskatu ahal izango dute jarduera-sektore eta aztertutako sektore bakoitzeko, eta onartutako eskabide guztietan ezin izango dute gainditu 1. artikuluko lerro horretarako aurrekontuaren % 10eko gehieneko zenbatekoa, II. eranskinean pertsona eta prestakuntza-ordu bakoitzeko ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta.

15. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Kapitulu honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (Lan-F).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunearen bidez eskatu dezakete:

https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073808

2.– Prestakuntza-plan bakoitzaren dirulaguntza-eskaerarekin batera, berariaz aipatuko da dagokion sektoreko prestakuntza-premien azterketa, bai eta azterketan hautemandako prestakuntza-premiei erantzuteko garatu beharreko prestakuntza-plana azaldu eta zehaztuko duen memoria bat ere.

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

4.– Eskabideak baldintza guztiak bete ezean, entitate interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela –jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita–, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2025eko urriaren 30ean amaituko da.

16. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria da prozedura kudeatzeko organo eskuduna, eta Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria da ebazteko organo eskuduna.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiarik gabekoa izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta ebazpena banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez.

Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.

IV. KAPITULUA
ZAINTZA PERTSONALEN ETA ARRETA SOZIOSANITARIOAREN SEKTOREAREN BARRUAN MENTSAD-MENTINS-ZAINLAB PROGRAMA GARATZEKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO PRESTAKUNTZA-PLANAK

17. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduna.

1.– Aurrekontu-lerro honetan, Prestakuntza Espezialitateen Euskal Katalogoko SSCG0017OV espezialitatea (Mendetasun-egoeran dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonen arreta soziosanitarioa etxe eta instituzioetan) emateko prestakuntza-ekintzak diruz lagundu ahalko dira.

2.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak modalitate mistoan eman beharko dira, aurrez aurreko modalitatea eta teleprestakuntza uztartuz, prestakuntza-programan ezarritako edukien eta orduen deskribapenaren arabera.

Teleprestakuntzaren modalitatea erabilera pertsonaleko informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez garatu beharko da. Hartara, entitateak tableta bat emango dio partaide bakoitzari, 24 orduz Internetera konektatuta egongo dena, ikasleek teleprestakuntza-plataformako eduki guztietara eta ikaskuntza eta autoebaluazioko prozesura (test eran betetzeko fitxak) sartzeko aukera izan dezaten, modu azkar eta errazean.

Ikastaroaren sarbide eta garapen egokia bermatzeko, gailuetarako (tableta), teleprestakuntza-plataformarako eta edukietarako laguntza teknikoa bermatuko da. Intzidentziaren bat badago, astelehenetik ostiralera 48 ordutan emango da erantzuna.

Online edukia eskuratzeaz gain, tutorearen laguntza jasoko da, ikasle bakoitzeko gutxienez 6 orduz, prestakuntza-ekintza garatu bitartean. Tutoretza horiek ikasleek eskatu ahalko dituzte, zalantzak ebazteko, edo, bestela, sinkronoak edo asinkronoak izan ahalko dira. Halaber, irakasleek programatutako banakako tutoretzak ere egongo dira, asteko modulu bakoitzean egingo direnak. Hartara, ikasle bakoitzaren bilakaera egiaztatu ahalko da, eta prestakuntza-edukiak behar bezala menderatzeko egon daitezkeen zailtasunak identifikatuko dira.

Aurrez aurreko saioak asteburuetan egingo dira (larunbat edo igandeetan), astean behin, eta astean zehar telematikoki landutako modulua indartzen, astean zehar jorratutakoa ebaluatzen eta landu beharreko edukien deskribapenean aurrera egiten lagunduko dute, hurrengo prestakuntza-saio telematikora arte.

Aurrez aurreko saioak dagokion espezialitatea emateko aurrez aurreko modalitatean inskribatutako Euskal Autonomia Erkidegoko lurralderen batean dauden prestakuntza-zentroetan emango dira. Ebaluazioa aurrez aurreko saioen egituraren parte da, 2tik 25erako saioetarako ebaluazio-proba bat egongo baita. Guztira 24 ebaluazio-proba egingo dira; banakako ikaskuntzako lan-aste bakoitzeko bat.

Laguntza-tutoretzak astelehenetik ostiralera egingo dira, telefonoz edo aplikazio telematiko bidez, partaide bakoitzaren eta bere tutorearen arteko harremana errazteko.

3.– Prestakuntza-proiektuak dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunaren eta 2027ko ekainaren 30aren arteko aldian gauzatu beharko dira, lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta akreditatzeko prozeduraren hasiera barne, prestakuntza-ekintzaren ebaluazioa gainditzen duten pertsonentzat.

Prestakuntza-ekintzak 2025eko ekitaldian hasi beharko dira, eta, gehienez ere, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta bi hilabete igaro baino lehen.

4.– Prestakuntza-ekintzak eta -ibilbideak onartzeko, diruz lagundu beharreko parte-hartzaileak 20 izango dira gehienez, eta 10 gutxienez, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak berariazko baimena eman ezean.

Nolanahi ere, diruz laguntzeko parte-hartzaileez gain, beste 4 parte-hartzaile sartzea onartuko da, parte-hartzaile kopuru horretarako inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarriengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.

5.– Ikastaroa amaitzean, prestakuntza-ekintza gainditu duten partaide guztiek lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta akreditatzeko prozedura hasi beharko dute.

Entitate onuraduna arduratuko da orientazio, bidelaguntza eta laguntza pertsonaleko prozesuaz, lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasunak ebaluatu eta akreditatzeko prozeduran parte hartzea sustatzeko, profesionaltasun-ziurtagiri hauetako gaitasun-unitateak aitortze aldera: SSCS0108 profesionaltasun-ziurtagiria, «Pertsonei arreta soziosanitarioa ematea etxean» eta SSCS0208 profesionaltasun-ziurtagiria, «Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea gizarte-erakundeetan».

Orientazio, bidelaguntza eta laguntza pertsonaleko prozesu hori gauzatzeko, SSCG0017OV espezialitatearen (mendetasun-egoeran dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonen arreta soziosanitarioa etxean eta instituzioetan) prestakuntza-programan gai horren gainean sartutako jarraibideak jarraituko dira.

18. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babespean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan lehentasunez parte hartu ahalko dute langile landunek (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan inskribatuta egon zein ez), enplegu-hobekuntzaren eskatzaile gisa, baldin eta esperientzia badute zaintzen sektorean, baina zailtasunak badituzte zaintzen eremuan prestakuntza-aitorpen ofiziala edo titulazioa eskuratzeko, egoera hauen ondorioz:

– Lan-arrazoien edo ordutegi-bateraezintasunen ondorioz, zeintzuen zioz pertsona ezin baita arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzeko eskaini diren beste prestakuntza batzuetan sartu.

– Familia-kontziliazioaren edo mendeko senideak edo adingabeko seme-alabak zaintzeko betebeharren ondorioz, zeintzuen zioz pertsona ezin baita arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzeko eskaini diren beste prestakuntza batzuetan sartu.

– Arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eskuratzeko Gaitasunak Aitortzeko Gailuaren ebaluazio-prozesutik bideratutako eta preskribatutako gaitasun-unitateen garapena osatzeko beharraren ondorioz.

Era berean, langabeek % 30eko partaidetza eduki ahal izango dute, sektorean lan eginagatik zaintzen sektorean esperientzia badute, lan-bizitzan egiaztatuta nahiz ez. Kasu horretan, pertsona horiek lehen aipatutako egoeraren batean egon beharko dira zaintzen eremuan eskainitako ekintzetara aurrez aurre ezin joateko.

Ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, kontuan hartuko da zer lan-egoeratan dauden pertsonak prestakuntza hasten duten unean.

Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin aritzen diren langileak, baldin eta haien lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren zenbateko osoa eskatutako prestakuntza-ekintzaren zenbatekoak zehaztuko du.

2.– Prestakuntza-ekintzen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, eta 7,5 euroko modulu ekonomikoa aplikatuko da. Hau izango da eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzeko guztizkoa: 7,5 euro x eskariko parte-hartzaileen kopurua x ekintzaren ordu-kopurua.

Dirulaguntzaren zenbatekoa = 7,5 euro * ordu-kopurua * partaide-kopurua.

3.– Prestakuntza-entitate batek ere ezin izango ditu 300.000 euro baino gehiago jaso deialdi honetako aurrekontu-lerro honen babesean onartzen diren proiektuengatik.

20. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Kapitulu honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (Lan-F).

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunearen bidez eskatu dezakete:

https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073807

2.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Asteburuetan egingo diren aurrez aurreko saioen lekua, egutegia eta ordutegia.

b) Prestakuntza-espezialitateari dagokion material teoriko guztia jasotzen duen url helbidea, administratzailearen sarbidea eta pasahitza ahalbidetuz, benetako denboran eskuratu ahal izateko partaideen esku dagoen material guztia, eskaria egiten den egunetik, prestakuntza-prozesua garatzeko.

c) Erabilera pertsonaleko gailuan sartuko den materiala (Internetera 24 orduko konexioa duen tableta), teleprestakuntza-plataformako edukien jarraipena egiteko aukera ematen diena partaideei, bai eta ikaskuntza eta autoebaluazioko prozesua (test eran betetzeko fitxak) ere, azkar eta erraz, tutore baten laguntzarekin bete beharrekoa, nahitaez.

d) Prestakuntzako eta tutoretza-laguntzako taldearen identifikazioa, prestakuntza-ekintzan zehar.

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabideak baldintza guztiak bete ezean, entitate interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela –jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita–, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

21. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendaria da prozedura kudeatzeko organo eskuduna, eta Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria da ebazteko organo eskuduna.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiarik gabekoa izango da.

Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteke dauden eskabideak.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta ebazpena banan-banan jakinaraziko da, bitarteko telematikoen bidez.

Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera; epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten. Ebazpenean adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsak ipini duela.

22. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko dutenak hautatzea.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Langile landunak, ikastaroan parte hartzea eskatu dutenak, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren tokiko bulegoen sarearen bidez aurrez aurreko eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera zuzenbide pribatuko erakunde publiko horren webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Webgune horretan adieraziko dira zein diren prestakuntza-ekintzak, zein haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

b) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (BGDS) jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintzaren bat egitea agindu badiete beren prestakuntza-ibilbidearen barruan.

c) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, haien prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deitutako enplegu-eskatzaileak, preskribatutako prestakuntza egiteko.

2.– Erakunde onuradunak egingo du ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar besteko aurrerapenarekin eta behar diren bermeekin.

3.– Langabeek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langile landun nahikorik ez badago.

4.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko 18. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko apartatuan deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

1.– Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona hauek:

– Enplegu-erregulazioko espedienteen (EEE), aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen (ABEE), lan-kontratua etenda duten edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla medio edo ezinbesteko arrazoiak direla medio. Ondorio horietarako, langile horiek guztiak langabetzat hartuko dira.

– Kualifikazio-maila apala dutenak.

– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.

– Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak, edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGDS) jasotzen dutenak, eta Langabeziako Aparteko Subsidioa (LAS) jasotzen dutenak.

– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

Emakumeen ehunekoak langabeen artean duten pisuaren araberakoa izan behar du. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeek gutxienez % 55 izan behar dute, ahal dela.

2.– Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

5.– Pertsona berak ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaroan sartzeko eskakizunak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.

6.– Hautaketa bukatu ondoren, entitate onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuz zer jarraibide ematen dituen berariaz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak.

7.– Prestakuntza-entitateak bere instalazioetan erakutsiko ditu hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

23. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak akreditatzea.

1.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak prestakuntza-ekintzak gauzatu beharko ditu, deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ematen dituen ereduen arabera, eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (Lan-F) baliatuko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago, gutxienez), geroagoko edozein aldaketa gertatu dela (gertatzen den unean) eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaiera, baita parte-hartzaileen bertaratzearen kontrola ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epearen barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunen arabera.

3.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara –dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe–, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada.

4.– Langile langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 7,5 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 37,5 ordu baino gehiago.

5.– Prestakuntza-entitateek espezialitateko aurrez aurreko orduak programatuko dituzte asteburuan (larunbat eta igandeetan), astean behin, prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko aukera emanez eta aurrez aurreko prestakuntzara joateko lan-prestutasuna ahalbidetuz.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-entitateak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

6.– Ikastaroaren hasieran, erakunde onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duen bakoitzari:

– Tableta bat, Internetera konexioa bermatuta duena 24 orduz.

– Eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan, bertan jasotzen direlarik espezialitatearen aurkibidea, teleprestakuntzara sartzeko sistema, erabiltzaile eta pasahitza barne, eta prestakuntza-ekintza amaitzean, gutxienez, ikaskuntza-baliabide guztiak deskargatzeko aukera ematen duen sarbidea (eskuliburuak, banakako ikaskuntzako asteko fitxen koadernoak eta jardun profesionalen lana), euskarri elektronikoan.

Eskuliburu horretan eduki guztiak modu pedagogikoan jasoko dira. Horrez gain, entitateek lan-plan baten diseinua aurkeztu beharko dute, ikasleek edukiak eskuratu ditzaten fitxen eta jardueren bidez. Aurrez aurreko saioan, ikasleei astero emango zaizkie fitxa eta jarduera horiek, garatutako edukiak indartzeko.

– Ikastaroa ondo garatzeko beharko duten idazmahaiko materiala.

– Beharrezkoak diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 26. artikuluan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

7.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Ordezkapen hori baimenduko da, betiere aurrez aurreko taldearen prestakuntzako lehen hiru asteetan egiten bada.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, hartara gai izan daitezen eragozpenik jarri gabe ikastaroa normaltasunez jarraitzeko eta hari probetxua ateratzeko. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko eska daitekeen gutxieneko maila dutela bermatze aldera.

8.– Prestakuntza-jardueran parte hartuko duten langabeei dagokienez, bereziki langabezia-prestazioa edo -subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak badira, prestakuntza emateaz arduratzen diren erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horien arrazoiak zehaztuta.

9.– Parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako ereduaren arabera, ebaluazioa positiboa izan bada eta prestakuntza gainditu badu. Dokumentu horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, prestakuntza emateko modalitatea, hasteko eta amaitzeko egunak, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.

10.– Autoebaluazioa (test eran betetzeko fitxak) sistematikoki egingo da, 2tik 25era bitarteko saioetan, aurkezpen-saioa kontatu gabe, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, espezialitateko modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren autoebaluazio-tresnak (test eran betetzeko fitxak), eta horien aplikazioak iraungo duen denbora. Autoebaluazioko tresna horiek (test eran betetzeko fitxak) eskaneatu eta LanF aplikazio informatikoan sartuko dira.

Egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko aukera eman beharko dute.

Prestatzaileek dokumentuen bidez islatuko dituzte txosten batean zer emaitza lortu duten ikasleek prestakuntza-modulu guztietako autoebaluazioan (test eran betetzeko fitxak), eta bertan bilduko da nola moldatu den ikasle bakoitza aplikaturiko ebaluazio-tresnetan: zer zuzenketa egin zaion eta zer puntuazio lortu duen.

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da, LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», edo «ez gai» ziurtagiri profesionalen kasuan, eta «gainditua» edo «ez gainditua» graduen kasuan.

Ikastaroa amaitzean, partaideei prestakuntza-programan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak eskuratu dituztela egiaztatzen duen diploma emango zaie, eta lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta akreditatzeko prozedura hasiko da.

Ikasle batek ikastaroa amaitzen badu, baina ebaluazioa negatiboa bada, asistentzia-ziurtagiria emango zaio, bai eta, hala badagokio, espezialitatean gainditu dituen prestakuntza-moduluen ziurtagiria ere.

Espezialitateko prestakuntza-ekintzak ematen dituen entitateak datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aplikazioan:

• Ikastaroa hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

– Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

• Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

– LanF aplikazioko dokumentuak, ikasleen emaitzak biltzen dituztenak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

– Ebaluazio-aktak betetzea.

11.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.

24. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Laguntzen likidazioa prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten pertsonen arabera egingo da. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

Prestakuntza-ekintza amaitu duten parte-hartzaileen kopurua gehi hasi zutenen gaineko ehuneko 15eko desbideratzea kontuan hartuta likidatuko da:

Likidatu beharreko zenbatekoa = 7,5 euro * prestakuntza-ekintzako orduak * (ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen kopurua + hasitakoen % 15).

Pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen % 75 egin badu, gutxienez, konexio-orduak gorabehera. Ondorio horietarako, lana aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar duten parte-hartzaileek ere amaitu dutela ulertuko da, bai eta behar bezala frogatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileek ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-proiektuan ezarritako beren ikaskuntzaren aldizkako jarraipen-kontrolen % 25 egin badute, gutxienez.

Pertsona batek prestakuntza hasi duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen % 25 egin badu.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai/gainditua eta ez gainditua) % 67k baino gutxiagok erantzuten badio galdetegiari, ez da gehituko 6.2 artikuluan aurreikusitako modulu ekonomikoa amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere, betetakoaren ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

3.– Dirulaguntza jasotzen duen entitateak LanF aplikazioan proposatutako likidazio-datuak egiaztatu beharko ditu, eta, ados badago, prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria ekonomikoa bidali beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-entitateak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez.

Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio-memoria ekonomikoak aurkezteko epealdia azken prestakuntza-ekintza amaitu eta beranduenez 15 egun baliodun igarotakoan amaituko da.

Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 egun balioduneko epe luzaezina emango dio entitate onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

V. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

25. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat.

2.– Ikasleek estalita dute ikastaroetara joateak dakarren arriskua.

Enpresetan egindako lanekoak ez diren praktiken kasuan, prestakuntza ez-egiaztagarrian, egonaldiak eta enpresetarako joan-etorriak ere estalita egongo dira, Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripuetarako eta erantzukizun zibilerako polizaren bidez.

Prestakuntza egiaztagarrian prestakuntza-modulua enpresa edo pareko erakunde batean eginez gero, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 52. xedapen gehigarrian ezarritakoa beteko da.

3.– Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko agiria jasoko dituzte, eta jaso izanaren agiria sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei etekina atera. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Erakundeek txartel grafikoko periferikoak erabili ahal izango dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarako konexioa duen sinadura digitala jasotzeko, STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin bateragarria dena eta haren espezifikazio teknikoei erantzuten diena, ezarritako prozedurari jarraiki eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dagokion instrukzioa argitaratzen duen unetik.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, honako kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo behar bezala justifikatutako bat-bateko egoera pertsonal edo familiar larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

26. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

Ekintzatik etekinik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala burutzea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-kontuak ere barne.

Horrez gain, langabetuen kasuan:

Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea pilatzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez, ikasleak ez badu etsitzen eta eskolatara agertzen jarraitzen badu.

Hilabetean hiru aldiz baino gehiago justifikaziorik gabe ikastarora kale egitea.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak Lanbideri jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu bada, horretarako ezarritako eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia emango du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura.

Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkez daitekeen.

Ikasle baten hutsegiteek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 gainditzen duten astean, edo hilean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten dituenean, nahiz eta ikasleak gainontzean ekintzara joaten jarraitu, prestakuntza-zentroak hutsegiteen berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotzea edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta hutsegiteen % 25eko muga gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

3.– Inork ezingo du behin baino gehiagotan parte hartu prestakuntza-espezialitate berean deialdi beraren barnean.

27. artikulua.– II. eta III. kapituluetako prestakuntza-plana gauzatzea.

1.– Eskatu eta eman den xede jakinerako erabiliko da dirulaguntza, hots, prestakuntza-planak egikaritzeko.

2.– Deialdi honen bidez finantzatutako prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Dirulaguntzaren erakunde edo enpresa onuradunak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu, deialdi honetan ezarritakoari jarraituz, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ematen dituen ereduen arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horrek eskura jartzen duen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LAN-F) baliatuta; prestakuntza-ekintza bakoitzaren hasiera jakinarazi beharko du (benetan hasteko eguna baino 5 egun baliodun lehenago, gutxienez), bai eta geroagoko edozein aldaketa (gertatzen den une berean) eta amaiera ere. Halaber, parte-hartzaileen bertaratzeak eta ebaluazio-aktak kontrolatuko ditu, prestakuntza egiaztagarria denean, gehienez ere hilabeteko epean ikastaroa amaitzen denetik.

4.– Aurrez aurreko modalitatean, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 8 ikasle baino gutxiago badaude izena emanda. Kasu horretan, prestakuntza-ekintzaren lehen egunean edo hasteko azken egunaren hurrengo egunetan zenbatek parte hartu duten, kopuru hori hartuko da prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat. Ez dira finantzatuko ikasle gutxiagorekin hasitako ekintzak.

5.– Laguntza jasoko dutenez gain, beste 4 parte-hartzaile ere onartzerik izango da prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Ikasle gehigarri horiengatik ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Hala ere, parte-hartzaile horiek kontuan har daitezke 29. artikuluan jasotako adierazlea kalkulatzeko.

6.– Era berean, beranduenez prestakuntzaren bigarren egunean, erakunde onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari berariaz jakinarazi beharko dizkio prestakuntza-ekintzan parte hartzen dutenek betetako eskaera- eta konpromiso-agirien bidez bildutako datuak.

Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko ekintza amaitzen denetik hilabete igaro ondoren, eta horixe izango da haren justifikazio ekonomiko gisa kontuan hartuko den bakarra.

Jakinarazteko betebehar horiek ez badira betetzen, prestakuntza-ekintza egin gabetzat hartuko da, plana egikaritu izana justifikatzearen ondorioetarako.

7.– Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasotako espezialitateen deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza emango duten prestatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena emandakoak izan behar dute, eta prestatzaileen fitxategian sartutakoak LAN-F aplikazioan, indarreko araudian ezarritako baldintzen arabera.

8.– Erakunde onuradunek egunero kontrolatu beharko dute bertaratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eskura jartzen dituen euskarrietan. Euskarri horiek parte-hartzaileek eta prestatzaileak sinatu beharko dituzte. Erakundeek txartel grafikoko periferikoak erabili ahal izango dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sistemarako konexioa duen sinadura digitala jasotzeko, STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin bateragarria dena eta haren espezifikazio teknikoei erantzuten diena, ezarritako prozedurari jarraiki. Prozedura hori deialdi honetan jasotako finantzaketa-lerro bakoitzerako aurreikusitako ebazpenak ematearekin batera argitaratuko da.

Teleprestakuntza-ekintzetan, berriz, titularrak prestatu beharko du parte-hartzaile bakoitzaren gainean egindako jarraipen-kontrolei buruzko dokumentazioa.

Egiaztapen-diploma bat eman beharko zaio aldeko ebaluazioarekin prestakuntza gainditu duen parte-hartzaile bakoitzari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako ereduaren araberakoa, eta, hor, hauek agertuko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, emateko modalitatea, iraupena eta emate-aldia. Halaber, prestakuntza aldeko ebaluaziorik gabe amaitu duten parte-hartzaileei bertaratze-ziurtagiri bat emango zaie. Diploma eta bertaratze-ziurtagiria entregatzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, amaitzen dutenetik aurrera.

Diploma edo bertaratze-ziurtagiri horren kopia gordeko du erakunde onuradunak, ikaslearen hartu-agiriarekin batera, non eta ez diren Metapostaren edo antzeko beste erakunde baten bidez kudeatutako ziurtagiriak. Teleprestakuntzako modalitatean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ondoren, diploma eta/edo ziurtagiria teleprestakuntzako plataformatik deskargatzeko moduan izango da.

9.– II. eta III. kapituluetan parte hartzen duten erakunde onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei aurrez aurreko prestakuntza-ekintzetan:

– eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan datorrena, espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituena.

– ikastaroa ondo garatzeko beharko duten idazmahaiko materiala.

– beharrezkoak diren babes-elementuak.

– eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua, prestakuntza-ekintzaren hasieran Lan-F-era igotakoa.

10.– Prestakuntza egiaztagarria bada, ikasleen ebaluazioak plangintza bat jaso beharko du, eta, bertan, aurreikusitako datak, erabili beharreko espazioak eta tresnak eta iraupena adierazi beharko dira (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-gaitasunak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako lanbide-moduluak edo B graduak, «gai» direla edo «gainditu» dutela adierazita.

Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, eta zer zuzenketa egin zaizkion eta zer puntuazio lortu duen (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).

Modulua burutu eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LAN-F informatika-aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai» edo «ez gai» edo «gai/ez egiaztagarria» ziurtagiri profesionalen kasuan, eta «gainditua» edo «ez gainditua» edo «gainditua/ez egiaztagarria» graduen kasuan.

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten ari diren parte-hartzaileen jarraipena eta ebaluazioa enpresak edo pareko erakundeak izendatutako tutoreak egingo du.

Profesionaltasun-ziurtagiriak (lanbide-ziurtagiriak) eskuratzeko prestakuntza-ekintzak ematen dituen entitateak datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren LanF aplikazioan:

Ikastaroa hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da).

Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

LanFko dokumentazioa: ikasleen emaitzak, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (eredu hori LanF informatika-aplikazioan dago eskura).

Ebaluazio-aktak betetzea.

11.– Dirulaguntzaren onuradunak bitarteko propioak erabili beharko ditu finantzatzen den prestakuntza-planaren programazioa eta koordinazioa egiteko, eta, edozein kasutan, bere gain hartuko du lan horren erantzukizun osoa, betiere eskumena duten erakundeek jarraipen- eta kontrol-funtzioak burutzeko moduan. Gainera, zuzenean gauzatuko ditu prestakuntza-ekintzak, eta ezingo du hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da.

12.– Langileek prestakuntza-ekintza uzten badute, izango da beste langile batzuk sartzerik, haien ordez. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta prestakuntza-jarduera egiaztagarriak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

13.– Plana behar bezala gauzatze aldera, erakundeak aukeran izango du prestakuntza-ekintzaren bat alda dadila eskatzeko, betiere dirulaguntza-lerro beraren barruan; sektoreko prestakuntza-ekintzen kasuan, familia profesional bereko espezialitate batekoa izan beharko du. Gainera, prestakuntza-ekintza berriak parte-hartzaileen kopuru berekoak izan beharko dute, ordu-kopuru berekoak, eta aurrenekoaren kostu berekoak edo txikiagokoak. Dena delako ekintza ordeztekotan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendu beharko du aldez aurretik.

Titular bakoitzeko, finantzatu zaizkion ekintzen % 30 alda daiteke gehienez.

14.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

28. artikulua.– Enpresa edo pareko erakunde batean prestakuntza jasotzea eta lanekoak ez diren praktika profesionalak egitea.

1.– Prestakuntza egiaztagarria ez bada, lanekoak ez diren praktika profesionalek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko bi hilabeteetan hasi beharko dira gehienez.

2.– Prestakuntza egiaztagarrian, enpresako edo pareko organismoko prestakuntza uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 60.2 artikuluan ezarritako baldintzen arabera garatuko da. Beraz, pertsona batek B gradu guztiak edo lanbide-ziurtagiri bateko lanbide-modulu guztiak eginda izatea lortzen duenean, C gradu bati dagozkion B gradu metatuak edo profesionaltasun-ziurtagiri bati dagozkion lanbide-moduluak amaitzea lortu duen erakundeak nahitaez jaso beharko du enpresa edo pareko erakunde batean 80 orduko prestakuntza-aldia egiteko eskaintza, B graduak metatzeagatik C gradua lortu nahi duten eta prestakuntza jasotzen ari diren pertsonentzat.

Nolanahi ere, enpresa edo pareko erakundean praktikaldia hasi aurretik, bermatu beharko da ikasleek dagokion prestakuntza egin dutela Laneko Arriskuen Prebentzioko oinarrizko mailako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren konpetentziak lortzeko. Gaitasun horiek Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluan ezarrita daude, betiere eragotzi gabe uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 153.2.d) artikuluan ezarritakoa.

Horretarako, antolamenduan laneko arriskuen lanbide-modulurik edo prestakuntza-blokerik ez duten profesionaltasun-ziurtagirietan, Lanbidek ofizioz sartuko du, azken lanbide-moduluan, 659/2023 Errege Dekretuaren V. eranskineko 2. ikaskuntzaren emaitza, «FCOS02 – Laneko arriskuen prebentziorako oinarrizkoa» espezialitatean jasotakoa, arau-betekizuna betetzeko.

3.– Prestakuntza-entitateek enpresako prestakuntza-modulua egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat (salbuespenak: prestakuntza egiaztagarriaren kasuan araudian aurreikusitako salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).

4.– Inork ezin izango du prestakuntza-modulua enpresan edo pareko erakundean egin, ez eta prestakuntza-praktikak ere, prestakuntza amaitu eta azken ebaluazioa jaso gabe.

5.– Era berean, prestakuntza egiaztagarriko enpresa edo erakunde parekatuko prestakuntza-modulua egitean, bete egin beharko dira Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarrian ezarritakoak.

Ondore horietarako, prestakuntza teorikoa amaitzean legez Espainian bizi ez diren ikasleei Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2024ko martxoaren 19ko bileran hartutako erabakian xedatutakoa aplikatuko zaie. Erabaki horren bidez, Lanbidek finantzatutako prestakuntza-ekintzak egiteko bigarren neurriak onartzen dira, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko, prestakuntza-praktikak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartzearen eragina jasan duten kasuetan, erabakiak indarra duen bitartean (Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratua). Hori horrela, neurri hauek aplikatuko dira:

a) Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua hasteko aldia lau hilabete luzatzea.

a.1.– Prestakuntza-entitateek Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariari eskatu ahalko diote enpresako edo pareko erakundeko prestakuntza-modulua hasteko lau hilabeteko epea luzatu dadila, Espainian legez bizi ez diren ikasleen kasuan, honako baldintza hauen arabera:

– Eskabidea prestakuntza praktikoaren modulua hasteko araudian aurreikusitako lau hilabeteko epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko da.

– Eskabidearekin batera, berariaz egiaztatu beharko da ikasleak bizileku-baimena edo horren luzapena edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen dion beste egoera edo inguruabarren baten aitorpena eskatu duela.

a.2.– Prestakuntza-ekintzak amaitzeko epea, pertsona horien lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne, deialdi honetan adierazitako gauzatzea bukatzeko datan amaituko da.

a.3.– a) atal honetan (hasierako epearen luzapena) araututako neurria lehentasunez aplikatuko da hurrengo b) eta c) ataletan aurreikusitakoen gainean.

b) Prestakuntza-zentroan prestakuntza-praktikak egitea.

b.1.– Prestakuntza-entitateak Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariari baimena eskatu ahalko dio lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua prestakuntza-zentroan bertan egiteko, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan aurreikusitako orduen kopuruan, baldin eta prestakuntza-entitateak inguruabar hauetakoren bat egiaztatzen badu:

– Ez dela posible a) atalean aurreikusitako neurria aplikatzea (hasierako epearen luzapena), bizileku-baimena eskatu edo eskuratu ezin delako (edo luzapena, edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen duen beste edozein egoera edo baldintzaren aitorpena), ikasleak baldintzak betetzen ez dituelako.

– Bizileku-baimena eskatu arren (edo luzapena, edo Espainian legez bizitzeko aukera ematen duen beste edozein egoera edo baldintzaren aitorpena), berau ukatu dela edo garaiz eskuratu ez dela, praktikak a.2 atalean aipatutako datetan hasi eta amaitzeko.

b.2.– Neurri hori aplikatzeko baimena emateko, prestakuntza-zentroak praktiketako gela, tailer-gela edo espazio bat eduki edo prestatu beharko du, lantokiaren pareko ingurua simulatuz. Gela horrek ekipamendu egokia eduki beharko du kasuan kasuko profesionaltasun-ziurtagiriarekin lotutako lanpostuaren edo okupazioaren berezko eginkizun eta zereginak egin ahal izateko eta ziurtagiri hori onartzen duen errege-dekretuan jasota dauden konpetentziak lantzeko.

b.3.– Lanak profesional edo irakasle baten ikuskaritzapean egingo dira. Profesional hori enpresako tutorea izango da, aurreikusitako ikaskuntzaren emaitzen araberako profila eduki beharko du, eta ezingo da izan kasuan kasuko prestakuntza-eskaintzako gainerako prestakuntza-moduluak eman dituen irakasle-taldearen parte.

b.4.– Horretarako, prestakuntza-entitateak hauek aurkeztu beharko ditu, prestakuntza kudeatzeko LanF aplikazioaren bidez:

– Eskabidearekin batera, b.1 atalean aurreikusitako inguruabarren bat betetzen dela egiaztatzen duen justifikazioaz gain, txosten bat, bertan adieraziz lekua, datak eta egunak jasotzen dituen egutegia, egun bakoitzeko ordu-kopuruaren zehaztasunak, haietan landuko diren prestakuntza-edukiak, benetako lan-inguru bati lotutako jardueren proposamen bat, jarduera horien jarraipena egiteko ikasleen eskura egongo den tutorearen datu pertsonalak, eta tutorearekin ariko diren ikasleek eskuratu beharreko ikaskuntza-lorpenen balorazioa.

– Lantokiko prestakuntza-moduluaren amaieran, memoria bat, tutoreak sinatuta, parte-hartzaile bakoitzak lortu dituen emaitzak azalduz, gai edo ez-gai, gainditua edo ez gainditua moldea erabiliz.

c) Prestakuntza-ekintzak amaitzea, lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua osatu gabe.

Prestakuntza-entitateak egiaztatzen badu ez dela posible a) atalean (prestakuntza-praktiken hasieraren luzapena) eta b) atalean (prestakuntzaren barruko praktikak) deskribatutako neurriak aplikatzea, ikasleak prestakuntza amaitu duten partaidetzat joko dira, 31.1 artikuluan deskribatutako baldintzetan. Prestakuntza-ekintza amaitu duen ikasletzat jotzeak ez du eraginik izango ikaslearen egoera akademikoan; hau da, enpresan edo pareko erakundean prestakuntza-modulua egin ez badu, ziurtagiri profesionala edo gradua eskuratzeko prestakuntza ezingo da amaitutzat jo.

6.– Enpresako prestakuntza egiteko, enpresaren eta prestakuntza-zentroaren arteko akordio bat sinatuko da, eta praktikak egingo dituen pertsonari emango zaio horren berri; gainera, hauek azaldu beharko dira hartan: praktiken edukiaren deskribapena, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.

7.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak daudenean izan ezik, eta aldez aurretik Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariak baimendu behar du.

8.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo entitate publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.

9.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 7,5 ordutik gorakoa izan.

10.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta enpresan edo pareko erakundean prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

29. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

2.– Jarduera-plan bat ezarriko da egiaztatzeko ea arian-arian gauzatzen ote diren deialdian ezarritako baldintzak eta prestakuntza-planak, eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE), enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituena.

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen entitatearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 31. artikuluan adierazten den bezala egingo da.

4.– Laguntzen onuradunek ondoren aipatzen diren erakundeen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Ekonomia, Enplegu eta Lan Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

Kontrol-jarduerak onartzeko betebehar orokor horren esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

Ekimen finantzatuak landu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa eman, eta jarraipena egiteko eskatzen zaizkion agiriak bete eta igorri. 10 egun balioduneko epea izango du egindako errekerimenduei erantzuteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazi beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten badiete.

Aurrez aurreko eskoletan, bertaratuen eguneroko parte bat egin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren esku jarri.

Aurrez aurrekoak ez diren prestakuntza-ekintzen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa gorde. Era berean, kontrola egiteko beharrezkoak diren informazioa eta bitartekoak eskainiko dira, eta diruz lagundutako prestakuntzari buruzko informaziorako sarbide telematikoa izateko beharrezko gakoak jakinaraziko zaizkio Lanbideri.

5.– Auditorien eta Ikuskaritzen Urteko Plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan egikaritu diren aztertzeko. Plan horretan sartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera hautatzen dituen espedienteak. Ikuskatze Planean bilduko dira, halaber, behar bezala identifikatutako pertsonek egindako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jarduketak.

30. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza lau ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

a) Lehen ordainketa, 2025eko ordainketa-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 25, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.

b) Bigarren ordainketa, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 25, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen % 40 gutxienez hasitakoan. 2026ko ekitaldian eskatu beharko da.

c) Hirugarren ordainketa, 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntza guztiaren % 25, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen % 60 gutxienez hasitakoan. 2026ko ekitaldian eskatu beharko da.

d) Laugarren ordainketa, 2027ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planari dagokion dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitzean, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.

Baldin ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den entitateak, dagokion ordainketaren aurretik, Lanbiden aurkeztu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian zenbateko aurreratua estaltzeko besteko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria.

Bermeak ordainketa aurreratuaren nominala estali beharko du, gehi interesak.

2.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du, helbide honetan eskuragarri egongo dena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073805

31. artikulua.– II. eta III. kapituluetako laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.– Laguntzak prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen eta egindako eskola-ordu eraginkorren arabera likidatuko dira, deialdi honetan ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoak aintzat hartuta.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Prestakuntza gauzatu ondoren, dirulaguntza zehazteko, aurrez aurreko ekintzetan, ikasle batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 75ean bertaratu bada. Halaber, teleprestakuntzako modalitatean emandako prestakuntza-ekintzetan, ikasleak prestakuntza amaitu duela ulertuko da baldin eta prestakuntza-proiektuan ezarritako ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 75 egin baditu, konexio-orduak gorabehera.

Langabetuen kasuan, prestakuntza-ekintza amaitu dutela joko da baldin lana aurkitu dutelako jarduera utzi behar izan badute, bai eta gaixotasun edo istripu egiaztatu bategatik ikastaroan baja hartu badute. Nolanahi ere, bi kasuetan, prestakuntza-jardueraren ehuneko 25 eginda izan beharko dute.

Aurrez aurreko modalitatean, hasitakotzat joko da lehen egunean edo hurrengoetan prestakuntza-ekintzan parte hartu duen ikasle oro, hasteko azken eguna arte. Teleprestakuntzaren modalitatean, ekintzaren programazioan aurreikusitako aldizkako kontroletako bat gutxienez egin duen ikasle oro.

2.– Likidatzea dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko dagokion lantokiko edo pareko erakundeko prestakuntza praktikoko modulua ezarritako epeen barruan amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza, 28.5 artikuluan deskribatutako administrazio-egoera irregularrean dauden eta prestakuntza-ekintza prestakuntza praktikoko modulua osatu gabe amaitu duten parte-hartzaileen kasuan izan ezik (aipatutako 28.5 artikuluaren c) apartatua).

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

3.1.– Aurrez aurreko prestakuntza.

A modulua 12 ikaslez biderkatuko da, baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua deialdian aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen (8-25) eta emandako prestakuntza-orduen artean badago.

Aurrez aipatutako zenbateko horri zera erantsiko zaio: B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan. Ekintza amaitu dutenak prestakuntza-ekintzaren % 75era joan diren ikasleak dira, baina, ondorio horietarako, ekintza amaitutakotzat joko dira beste hauek ere: enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatu diren langabetuak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik utzi dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Bestalde, prestakuntza amaitu ez duten ikasleen kasuan, zenbateko horri, beste kopuru hau erantsiko zaio: B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza. Ekintza bakoitza ikasle kopuru jakin batentzat onartu da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai, gainditua eta ez gainditua) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuengatik.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai, gainditua eta ez gainditua) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

3.2.– Teleprestakuntza.

Kasu honetan, honela likidatuko da: prestakuntza-ekintza amaitu duten parte-hartzaileen kopurua gehi hasi zutenen gaineko % 15eko desbideratzea kontuan hartuta.

«7,50 euro x (jarduera amaituta duten parte-hartzaileen kopurua + jardueran hasi diren parte-hartzaileen % 15) x prestakuntza-ekintzaren ordu-kopurua».

4.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak prestakuntza-ekintzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, LanF aplikazio telematikoaren bidez, Lanbidek prestakuntza-ekintza amaitzean ikasleen azken ebaluazioa baliozkotu eta gehienez ere 15 egun balioduneko epean.

5.– Planaren likidazio osoa egiteko, onuradunek LAN-F aplikazioaren bitartez bidali beharko dituzte 2027ko uztailaren 15a baino lehen, eta digitalki sinatutako likidazio-eskabidean agertzen diren datuak egiaztatu eta onartu ondoren, honako hauek:

Egindako prestakuntza-ekintza guztien amaierako ziurtagiria (betetze-ziurtagiria); aurretik horien justifikazio-memoria ekonomikoak aurkeztuta.

Planaren amaiera-ziurtagiria, egindako prestakuntza-ekintzak banakatuta dituela, eta deialdi honetan ezarritako mugetara egokitutako kolektiboen parte-hartzea adierazita.

Diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo halakorik ez dagoela adierazteko agiria, kontuan hartuta, 35. artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

Ikasleei eta entitate onuradunaren titularrei eta plantillari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.

6.– Agiriok ez badira aurkezten horretarako ezarritako epeetan, eskumena duen organoak 15 egun balioduneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

7.– Aurkeztutako egikaritze-ziurtagirietan informazioa behar bezala beteta duten parte-hartzaileak besterik ez dira hartuko kontuan, baldin 27.6 artikuluan aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan badaude.

8.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, azken likidazioaren ebazpena emango da, eta erakunde onuradunei jakinaraziko zaie ebazpen hori.

Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, horri dagokion itzulketa-espedientea izapidetuko da, deialdi honetako 36. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

32. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har ezarritakoak, eta, prestakuntza-ekintzen dirulaguntzei dagokienez, lanerako lanbide-heziketako sistema erregulatzen duen araudiak xedatutako betebeharrak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

EGFk finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek Europako Erkidegoko araudiaren ondorioz Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduketak onartzeko betebehar orokor horren esparruan, onuradunak hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaizkion jarraipen-agiriak bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazi beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten badiete.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

5.– Era berean, bermatu egin beharko da diruz lagun daitezkeen ekintzak gauzatzerakoan egindako gastuak ikustea ahalbidetuko duen auditoretza nahikoa dagoela, horrela diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-irizpideak betetzen dituztela bermatzeko. Horretarako, honako hauetara behartuta egongo dira entitate onuradunak:

a) Bereizitako kontabilitate bat erabiliz edo kontabilitateko kodeketa egoki eta bereizia erabiliz erregistratzea dirulaguntza honen eraginpeko mugimendu guztiak. Europako Gizarte Funtsak finantzaketan parte hartu duela adierazi beharko da. Horrez gain, bermatu beharko da kontabilitate-egozketa kontabilitate orokorraren arloan eta merkataritzako legeriaren arloan indarrean dauden araudiekin bat datorrela.

b) Ekintza gauzatu dela, gastuak egon direla eta ordainketak benetan egiten direla egiaztatzeko dokumentazio moduan balio dezaketen jatorrizko agiri kualitatibo eta kuantitatiboak gordeko dituzte, bost urtez, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.

6.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak datu pertsonalen tratamenduari dagokion konpromisoa sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, datu horien tratamendu-eragilea den aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legedian ezarritako baldintzen arabera.

7.– Entitateak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleak adina ordenagailu dituena, 29.3 artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, entitatearen ardura izango da inkesta hori betetzen dela bermatzea.

33. artikulua.– Lanbideren finantzaketatik eratorritako komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan eta horien ondorio diren ekintzetan, entitateek berariaz eman beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikotik jasotzen duten finantzaketaren berri, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte horretarako (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez entitate onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

34. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz.

35. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.

Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

36. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Dirulaguntza ordaintzerik ezingo da exijitu, eta, hala badagokio, dirulaguntzen arloan jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira, bai eta dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa egin behar dela erabakitzen den egunera arte edo zordunak itzulketa egiten duen egunera arte (hura baino lehenagokoa bada) aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere, baldin eta laguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak urratu badituzte, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausa batean badaude. Bereziki, hauetakoren bat:

a) Ez justifikatzea jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta eskakizunak bete izana.

b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 27.6 artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Irizpide hauen arabera zehaztuko da balizko ez-betetzeen maila:

Erabateko ez-betetzea: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

Era berean, erabateko ez-betetzea da diruz lagundutako jarduera bere helburuen % 25era ez iristea. Helburuok neurtzeko, hauxe kalkulatuko da: prestakuntza-orduen kopuruaren adierazlea bider amaitutako parte-hartzaileen kopurua gehi alde egin duten parte-hartzaileak eskolan egindako orduen kopurua. Ondorio horietarako, langabetuen kasuan, prestakuntza-ekintza amaitutzat joko zaie enplegua aurkitu dutelako prestakuntza bertan behera utzi behar izan duten ikasleei, bai eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu dutenei ere, baldin eta prestakuntza-jardueraren % 25 egina badute. Eta 28.5 artikuluan deskribatutako administrazio-egoera irregularrean dauden ikasleei ere prestakuntza-ekintza amaitutzat joko zaie, nahiz prestakuntza praktikoaren modulua osatu gabe eduki (aipatutako 28.5 artikuluaren c) apartatua).

Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.

Aurreko lerrokadan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartekoa bada, emandako dirulaguntza murriztu egingo da, B moduluaren zenbatekoari bete gabe dagoen ehunekoa aplikatuz.

Dirulaguntza-lerroetakoren batean aipatutako adierazlea ez bada iritsi markatutako helburuaren % 25era, lerro horretan emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, II. kapituluan jasotako laguntzen kasuan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak, III. eta IV. kapituluetan jasotako laguntzen kasuan. Prozedura dirulaguntzaren enpresa edo erakunde onuradunari jakinaraziko zaio, eta ez-betetzea eragin duen gertaeraren edo gertaeren berri emango zaio. Halaber, hamabost egun balioduneko epea emango zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkez ditzan.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak egiteko epea igaro ondoren, zuzendari nagusiak, II. kapituluan jasotako laguntzen kasuan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak, III. eta IV. kapituluetan jasotako laguntzen kasuan, ebazpena emango dute, kapitulu bakoitzerako ezarritakoaren arabera.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean ondorioztatzen bada ez-betetzeren bat izan dela, adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, bidezkoak diren kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli behar zaizkiola. Itzultzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

6.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

37. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurraren aurka egitea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Jasotako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta legezko betebeharrak betetzeko, eta litekeena da dagozkien enplegu-zerbitzu publikoei edo gai horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei jakinaraztea.

Datuen titularrak beren eskubideez baliatuko dira datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.

Hemen daukazue datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza: www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/074300-074300capa2-es.shtml

38. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudia.

1.– Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua– bildutakoa aplikatu behar zaio.

Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusitako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio bermeen araubideari, legearen kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– Laguntzok EGIF+ek kofinantzatzen dituenez, Europako Erkidegoko erregelamendu hauetan xedatutakoa aplikatu behar da:

– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamendua. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere.

– 2021/1057 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duena eta 1296/2013 Erregelamendua (EB) indargabetzen duena.

3.– Prestakuntzaren arloan, deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, hauek aplikatuko dira: 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren aurka ez doan horretan.

Prestakuntza egiaztagarriari dagokionez:

– EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko lanbide-heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, arautzen duena, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketa-baldintzak ezartzen dituena.

– 3/2022 Legea, martxoaren 31koa, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzekoa.

– 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, 3/2022 Legeak arautzen duen Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua arautzen duena.

– 658/2024 Errege Dekretua, uztailaren 9koa, errege-dekretu hauek aldatzen dituena: 132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena, eta 659/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duena.

39. artikulua.– Deialdi honetan jasotako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala