
166. zk., 2025eko irailaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (207 KB - 14 orri.)
- EPUB (129 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3733
AGINDUA, 2025eko uztailaren 29koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzen oinarriak, eta laguntza horien deialdia iragartzen baita.
Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zen. Lege horren 20.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagokio, besteak beste, liburutegientzako laguntza-programak eta zerbitzuak ezartzea, batez ere informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak egiteko eta funtsak edo bestelakoak hornitzeko.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan.
Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea.
Araudi horiekin bat etorriz, udal-liburutegi publikoen eginkizun funtsezkoena aintzat hartuta (herritar orok ezagutza eta informazioa jasotzeko gune izatea), eta teknologia berriek horretan duten garrantzia kontuan izanda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal-liburutegi publikoetan ezartzeko eta garatzeko lagungarri izan daitezkeen jarduerak bultzatzea.
Era berean, agindu hau sailaren 2025-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2025eko Dirulaguntzen Urteko Planean sartuta dago. Plan hori Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen, eta sailaren webgunean argitaratu:
Lehendakaritzaren 2025eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa – Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila – Euskadi.eus.
Laguntza hauetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan ezarritako helburua liburutegien euskal sistema garatzea da. Laguntza hauen bidez, garapen horretan lagundu nahi da, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezarriz.
Dirulaguntzen programa honi honako araudia aplikatuko zaio: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa (hemendik aurrera, DAEL) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hemendik aurrera, DLO) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua, hemendik aurrera DLOE, onartzen duena).
Dirulaguntza-programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, aurrekontu-programan jasota baitago Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honen eranskinean jasotako oinarriak onartzea. Agindu honen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan 2025erako teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzak arautzen dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 29a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
ERANSKINA
Euskadiko Irakurketa publikoko sareko liburutegietan 2025erako teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzak arautzen dituen deialdiaren oinarriak.
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea 2025eko ekitaldirako.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Agindu honetan iragarritako dirulaguntzen gehieneko zenbateko globala 300.000 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko aurrekontu orokorren kargura emango dira.
3. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedurarekin lotutako izapide oro eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.
2.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: www.euskadi.eus/servicios/0095912
3.– Eskaera egin osteko izapide elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
5.– Izapideak elektronikoki egin ahal izango dira, ordezkari baten bidez; horretarako, aipatutako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
4. artikulua.– Entitate onuradun izateko betekizunak.
1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-entitate eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-entitateak.
2.– Deialdiaren xede diren dirulaguntzak eskuratzeko baldintza da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan jasotako debekuetako batean ere ez egotea, eta zehazki honako hauetan:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.
c) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
d) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
e) Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
f) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete ez izana, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
3.– Ez zaie inolako dirulaguntza, baliabide edo funts publikorik emango, ez zuzenean, ez zeharka, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei, publikoei, pribatuei edo finantzaketa mistokoei, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.
5. artikulua.– Entitate eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betekizun hauek egiaztatzeko:
– Entitate eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta hari atxikitako agirietan jasotako datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.
– Beste edozein entitate edo administraziotatik –publikoa zein pribatua– helburu bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu badu edo lortu badu entitate eskatzaileak, horren berri jakinarazi beharko du.
– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dien zehapen administratibo edo penalik jaso duten entitate eskatzaileak, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa barnean dela.
2.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak ofizioz egiaztatuko ditu Administrazioak, laguntzak ordaindu aurretik. Organo kudeatzaileak ofizioz kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu araudiak eskatutako dokumentuak, administrazio jardulearen esku daudenak edo beste edozein administraziok egindakoak, salbu eta pertsona edo entitate interesduna berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko elementuak jartzeko edo eskuratzeko 2025eko ekitaldian egiten diren jarduera bereziak, baldin eta 100 eurotik gorako kostua badute.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira, halaber, 2025eko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati diren inbertsio-jarduerak, baldin eta 2025. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela irizten bazaio eta haien banakako kostua zehaztu badaiteke.
3.– Zehazki, hauek eskuratzeko edo instalatzeko emango da laguntza:
a) Hardwarea edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta haren osagaiak sartzen dira multzo honetan, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezko den beste edozein elementu material ere, dela modu autonomoan lanean dihardutela, dela sarean dihardutela (mahaigaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerrak, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze-unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak, liburu irakurgailu elektronikoak, tabletak eta abar). Diruz laguntzeko modukotzat joko dira liburutegiak Interneten egoteko eta behar bezala funtzionatzeko funtsezkoak diren elementuak.
b) Softwarea edo informatika-sistemen euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programa eta prozeduren multzoa. Horretarako, atal honetan sartzen dira liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea.
c) Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai hari bidezkoak bai haririk gabekoak.
4.– Hauek joko dira, agindu honetan jasotako araudiaren babesean, diruz laguntzeko moduko gastutzat: aurkeztutako eskabidean jasota egonik, diruz laguntzeko jarduerarekin lotura estua duten gastuak; bai erosketaren gastuak, bai errentamenduaren gastuak edo laguntzeko modukotzat jotzen diren elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako sistemen gastuak. Gainera, diruz lagundu daitezkeen gastuak bat etorriko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoarekin. Ildo horretan, erakunde onuradunak ondasunak erabili beharko ditu gutxienez 5 urtez finantzatu diren jardueretarako.
5.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Ikus-entzunezko ekipamenduak edo bestelakoak, dituzten ezaugarriak direla-eta 3. puntuko atalen batean sartzen ez badira.
b) Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza moduan definitzen diren zerbitzuen kostuak.
c) Liburuzainak edo erabiltzaileak teknologia berrien erabileran trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.
d) Liburutegien presentzia Interneten areagotzea beste asmorik ez duten softwarea eta gainerako elementuak.
e) Liburutegiarentzako funtsak eskuratzea, edozein dela ere funts horien euskarria, lokalizazioa eta edukietan sartzeko beharrezkoa den ekipamendua.
f) Software edo hardware plataformak kontratatzea, sortzea edo alokatzea Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi guztientzat jada eskaintzen eta kudeatzen dituen zerbitzuetarako.
g) Inprimagailu, eskaner eta abarretarako kontsumigarriak (eranskailuak, RFID etiketak, tonerrak, inprimaketa-kartutxoak, pegatina-orriak, fotokopiak).
h) Bulegoko materiala: birringailua, plastifikagailua, papera suntsitzeko makinak, grapagailuak, paperontziak, etab., ezta altzariak ere: aulkiak, egokigailu ergonomikoak, etab.
i) Langileen, energiaren edo instalazioen mantentze-lanen gastuak.
j) Beren funtzioagatik liburutegiek Interneten duten presentzia erraztera bideratuta ez dagoen beste edozein elementu (soinu-grabagailuak edo grabazio-estudioak, PCaren osagaiak ez diren bozgorailuak, argi-mahaiak, anplifikadoreak, etab.).
k) Oro har, kanpoan geratuko dira liburutegi baten ohiko funtzionamendu-gastuak.
6.– Dirulaguntza honi lotutako elementuen ezaugarri espezifikoak direla eta, onuradunak hirugarrenekin eskuratu ahal izango du diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era arte, eta azpikontratazioari Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaio.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen nahikoa entitate, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Kontratua egiteko baimena aldez aurretik ematea dirulaguntza ematen duen erakundeak, oinarri arautzaileetan zehazten den moduan.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dituzte eskabideak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0095912
3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta hari atxikitako agiriak. Orobat, prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Entitate eskatzaileko liburuzain arduradunek izenpetutako memoria bat, honako hauek bilduko dituena: zein diren 2025eko ekitaldian egin diren edo egitekoak diren jarduerak, dirulaguntzen xede direnak; zer helburu lortu nahi diren teknologia eskuratuta edo/eta instalatuta, eta zergatik den beharrezkoa.
b) Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jardueretan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak. Aurrekontuok BEZa barnean hartuko dute, eta liburutegiko ondasun edo instalazioak islatuko dituzte, ez udal osoarenak.
c) Baldin eta 2025eko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati edo osagai badira jarduerak, justifikatu beharko da jarduera horiek banakatu daitezkeela eta erabilera beregaina dutela, eta, gainera, zehaztu beharko da zein den banaka duten kostua. Kasu horretan, eskabidea jarduera horietara mugatuko da.
5.– Baldin eta legez eratutako udal-entitateek edota udal-liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal-entitateek egiten badute eskabidea, agiri bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean dagoela liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea. Agiri horiek ez dira aurkeztuko, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren esku badaude. Horretarako, entitate interesdunak adierazi beharko du noiz eta zein organoren aurrean aurkeztu zituen aipatutako agiriak.
8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari dagokio, zehazki Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariari, deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.
2.– Halaber, 39/2015 Legearen 68.4 artikuluari jarraikiz, entitate eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Era berean, Kultura Ondarearen zuzendariak egingo du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Ebazpen-proposamenean, honako informazio hau jasoko da: onuradun izateko proposatzen diren entitateen zerrenda eta bakoitzari esleitutako diru-kopurua; ukatu egin diren eskabideen zerrenda eta onartu ez direnena (arrazoiak adierazita); eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.
Ezinbestekoa da adieraztea udalerri bakoitzean onuradun bakarra egon daitekeela; beraz, eskaera bat baino gehiago dituzten udalerrietan, lehentasuna izango du udalak, gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.
Eskatzaile bat baino gehiago badago, eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen dituen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi kopuru bera kudeatzen badute, lehentasuna izango du liburutegi-funts gehien duenak.
Deialdi hau lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozedura baten bidez ebatziko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri hauen 11., 12. eta 13. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Agindu honetan dirulaguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira deialdiaren diru-baliabideak.
2.– Eskatzaile bakoitzari zehatz-mehatz eman beharreko diru-kopurua zehazteko, hurrengo apartatuan finkatutako irizpidea eta agindu honen hurrengo apartatuan jasotako kalkulu-sistema aplikatuko dira.
3.– Diru-zenbatekoak zehazteko, entitate onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan.
Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeintzuei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan entitate onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.
a) Populazioaren homologazioa (P). Entitate onuradunen populazioak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta P populazioaren balore homologatua lortzen da, eskala honen arabera:
(Ikus .PDF)
Adibideak: 3.248 biztanleko populazioa duen udalerri bat 5.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen beste bat 100.000rekin.
b) Koefiziente zuzentzailearen aplikazioa (IZ).
Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:
(Ikus .PDF)
Formula.
P: biztanle-taldeentzako homologatutako populazioa.
IZ: zuzenketa-indizea.
B: onuradunak jasotako puntuazioa.
BB: onuradun guztien puntuazioen batura, hots, B guztien batura.
DK: dauden baliabideak. 300.000 eurokoa da aginduaren diru-hornidura. Soberakinak banatzeko, agindua aplikatu osteko baliabideak hartuko dira kontuan.
DL: onuradun bakoitzari esleitutako diru-kopurua, dauden baliabideak banatzearen ondoriozkoa. Hori zehazteko, onuradun bakoitzak lortutako puntuak eta puntu horiek onuradun guztiek lortutako puntuazioekiko duten erlazioa hartuko dira kontuan.
4.– Hauek dira eman beharreko pausoak:
a) P eta IZ baloreak esleitzea onuradun bakoitzari.
b) P eta IZ baloreak biderkatzea, onuradun (B) bakoitzak zer puntuazio eskuratzen duen jakiteko.
c) Onuradun (B) guztien puntuazioen batuketa egitea, BB balorea eskuratzeko.
d) Onuradun bakoitzari egokituko zaion zenbatekoa jakiteko, kalkulu hau egitea: eskura dauden baliabideak onuradun bakoitzaren puntuazioarekin biderkatuko dira lehenik, eta erdietsitako emaitza onuradun guztien puntuazioaren baturarekin zatituko da. Hau da: DL = DK * B / BB.
e) Kalkulatzeko sistema hori aplikatuta, lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da; behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Esleitutako kopuruak ez du inolaz ere gaindituko agindu honetako 12. artikuluaren 1. puntuan jasotako muga.
f) Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak biribildu egingo dira aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, alde hori kendu egingo zaio finantzaketa handiena lortzen duen proiektuari.
12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa, mugak eta bateragarritasuna.
1.– Jasotako dirulaguntzak ez du gaindituko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundu dezakeen aurrekontuaren % 90, eta ez da inolaz ere 100.000 eurotik gorakoa izango entitate onuradun bakoitzeko.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
13. artikulua.– Prozeduraren ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko modua, dirulaguntzaren aldaketa.
1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan adieraziko da eskatutako dirulaguntza ematen den edo ukatzen den; ematen den kasuetan, entitate onuradunaren nortasuna, diruz lagunduko den jarduera eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, entitate eskatzailearen nortasuna eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
2.– Emandako ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie entitate interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Errekurtsoak aurkezteko epea zehazteko, lehenik egin den jakinarazpenaren eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan xedatutakoarekin.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, lehenengo jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada argitaratu artikulu honetako 2. apartatuan ezarritako argitalpena, entitate interesdunek ulertuko dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi egin dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 30/2023 Legearen 22.5 artikuluan. Ezarritakoaren arabera, artikulu honetako 3. apartatuan adierazitako aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.
5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
14. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea eta likidatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, oinarri hauetan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk ere lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da.
2.– Halaber, dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, 25. artikuluan zerrendatutako betekizun hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.h) artikuluan jasotako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Benetan egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri hauen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoi, eta aldaketa horrek ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak. Erakunde onuradunak betebehar hauek izango ditu:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamar eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
c) Jarduera egitea edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.
d) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea laguntza ematea edo laguntzaz baliatzea eragin duten eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela.
e) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak ere onartzea.
f) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan ezarritako dirulaguntza eskatzeko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazegoen, laguntza horien egoera zein den jakinaraztea. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
h) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Liburutegi Zerbitzuaren babesa berariaz adieraztea dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, diruz lagundutako jarduera ematean ez da hizkera sexistarik erabiliko. Gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko dute.
k) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa 2025eko abenduaren 19a baino lehen aurkeztu beharko da.
2.– Justifikazioak eta eskabidearen ondorengo izapideak honako honek aurkeztu beharko ditu bitarteko elektronikoak egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen ziurtagiria, «Justifikazioak» ereduaren araberakoa. Ziurtagiri horretan, egindako gastuak eta, halakorik balego, helburu bera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen zerrenda jasoko dira.
– Alkateak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, eskuratutako elementuen banakako zerrenda adierazten duena, erantzukizunpeko adierazpenaren ereduaren arabera.
– Fakturak: gastuak fakturen bidez eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuen bidez egiaztatuko dira, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak.
– Hasierako eskaeran aldaketarik egon bada, alkateak sinatutako justifikazio-memoria bat, honako hauek zehazten dituena: erositako ondasun berriak edo egindako instalazioak, lortutako emaitzak, erositako ondasunen xedea liburutegia bera dela eta ondasunak bertan daudela. Horretarako, «Justifikazio-memoria» eredua ematen da, alkateak sinatu behar duena.
– 14.k) artikuluan aurreikusitako kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikulua aplikatuz entitate onuradunak eskatu behar izan dituen 3 aurrekontuak sartuko dira.
4.– Nolanahi ere, diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.
5.– Ezarritako justifikazio-epea igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bazaio Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariari, hark onuradunari eskatuko dio hamabost egun balioduneko epe luzaezinean aurkez dezala. Justifikazioa ezarritako epe berrian aurkezten ez bada, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da, erakunde onuradunari entzun ondoren.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta, Kultura Ondarearen zuzendariak aginduko du dirulaguntza ordaintzeko, eta, murrizketarik egin behar bada, bakoitzari dagokion likidazioaren ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari, hari baitagokio horren inguruko ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.
2.– Emandako dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, emandako dirulaguntza justifikatu eta likidatu ondoren, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin bat etorriz (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
3.– Erregistratuta ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, alta edo aldaketa helbide honetan egingo da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeak.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharrak edo laguntza emateko ebazpenean adieraz litezkeen baldintzak.
c) Dirulaguntzen arloko beste edozein xedapenek oro har ezartzen duen beste edozein, bereziki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan araututako ez-betetzeen kasuetan.
2.– Ez-betetzearen ondorioak:
Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eta hura bete ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak.
3.– Betetze edo ez-betetze partzialak:
a) Agindu honen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da baldin eta aldatzen badira dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak, dela egindako gastua aurrekontuetan jasotakoa baino txikiagoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste entitate publiko zein pribatuetako sarrera edo laguntza batzuk jaso, eta ezarri diren mugak gainditzen badira, eta betiere dirulaguntzen xedea bete bada.
b) Jarduera partzialki ez betetzea onartu ahal izango da baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat dela eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen dela gutxienez. Kasu horretan, eta agindu honen 17.1 artikuluan aurreikusitako baldintzei jarraikiz, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean eman den zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osotik egiatan justifikatu den kopuruaren proportzioaren arabera.
Salbuespen gisa, proiektua ezarritako ehunekora iristen ez bada, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak daudela balioetsi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren onuradun den pertsonak edo entitateak egindako lanek berezitasun eta espezifikotasun objektiboak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari balio erantsia ematen badiote.
19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira eta «Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edo garatzeko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza.
Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko dirulaguntzak eta laguntza ekonomikoak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den misio bat betetzeko.
Hartzaileak: datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, organo judizialei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria kontsulta dezakezu gure web-orrian:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
RSS