Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

160. zk., 2025eko abuztuaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZA
3663

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 15ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baitira Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako funtzionarioen lanpostuen zerrendak onartzeko ebazpenak.

Abenduaren 21eko 16/2023 Legeak (Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Legea) indargabetu zuen otsailaren 25eko 2/2004 Legea (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko Legea). Abenduaren 21eko 16/2023 Legearen arabera, Datuak Babesteko Euskal Agintaritza administrazio-agintaritza independentea da, nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoak ditu, eta administrazio publikoekiko inongo loturarik gabe betetzen ditu bere eginkizunak.

Langileei dagokienez, lege horren 5. artikuluak ezartzen duenez, «Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren zerbitzuko langileak funtzionarioak izango dira, eta euskal funtzio publikoa erregulatzen duen legediaren agindupean egongo dira». Agintaritzaren lehendakariak onartu behar ditu lanpostuen zerrendak, zeinak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunean jarriko baitira indarrean.

Orduko Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariaren 2006ko martxoaren 24ko Ebazpenaren bidez, karrerako funtzionarioei gordetako lanpostuen zerrenda onartu zen.

Ebazpen hori hainbat aldiz eguneratu zen, eta, horretarako, hainbat xedapen eman ziren: 2009ko uztailaren 10eko Ebazpena, 2013ko ekainaren 17koa, 2018ko azaroaren 22koa eta 2023ko martxoaren 25ekoa, eta Agintaritzaren gaur egungo lehendakariaren 2025eko apirilaren 29ko Ebazpena, zeinaren bidez aldatzen eta eguneratzen baita funtzionarioei gordetako lanpostuen zerrenda, abenduaren 21eko 16/2023 Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren bidez sortutako Agintaritzako funtzionario propioen kidego eta eskalei egokitzearen ondorioz.

Beharrezkoak diren izapideak egin dira, besteak beste, hauek: Agintaritzaren lehendakariak, DBEAren Estatutuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, lanpostuen zerrenda aldatzeko egindako proposamenaren aldeko txostena eman du Kontseilu Aholku-emaileak 2024ko abenduaren 19ko bileran eta Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 36. artikuluaren arabera eskatu behar den nahitaezko txostena eskatu da. Izapide horiek egindakoan, bada, lanpostuen zerrenda zati batean eguneratu ahal da.

Hori guztia kontuan hartuta, eta abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 5. eta 8. artikuluetan xedatzen denaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendaren aldaketa eta eguneraketa, ebazpen honen eranskinean adierazten denaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariari, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 15a.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria,

UNAI ABERASTURI GORRIÑO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala