
152. zk., 2025eko abuztuaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (230 KB - 16 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
3545
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baitira langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta laguntzak emateko 2025erako deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2025eko uztailaren 28ko bilkuran, langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak EAEko lantokietan kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzen dituen eta 2025eko ekitaldirako deialdia egiten duen Erabakia hartu du, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako estatutuen 11.j) artikuluaren arabera.
Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publiko horren zuzendari nagusiari dagokio argitaratu daitezen agintzea.
Azaldutakoa dela-eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2025eko uztailaren 28ko Erabakia argitaratzea. Erabaki horren bidez, langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta laguntzak emateko 2025erako deialdia onartzen dira.
Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
LANGABEZIAN DAUDEN 50 URTETIK GORAKO PERTSONAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANTOKIETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK ETA 2025EKO EKITALDIRAKO DEIALDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan, langabezia-tasak behera egin du azken urteetan: % 7,2koa izan da 2023ko laugarren hiruhilekoan, eta % 7,1koa 2024ko laugarren hiruhilekoan, Eustaten Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkestaren datuen arabera.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan 2024ko langabeziari buruz erregistratutako datuen arabera, langabeen % 43,35 50 urtetik gorakoak dira. Talde horretan, % 35,57 dira 50 urtetik 54 urtera artekoak eta % 64,43, berriz, 55 urtetik gorakoak. Genero-desberdintasunak esanguratsuak dira talde horretan: 50 urtetik gorako langabeen % 57,16 emakumeak dira eta % 42,84 gizonak.
Enplegua sortzea eta jarduera ekonomikoa suspertzea dira Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin batera eta gizarte-eragileekin lankidetzan, Berpiztu 2020-2024 Programan islatu dituen lehentasun estrategikoko eta konpromisoko bi ardatzak. Halaber, badago hirugarren ardatz edo zeharkako arlo bat ere, enpleguaren kalitatea hobetzeari eta genero-berdintasuna sustatzeari lotuta dagoena.
Berpiztu Programak, EAEk dauzkan indarguneen azterketan oinarrituta (agertoki berri honetan sustatu beharreko trantsizioak indargune horien arabera bideratzeko eta finkatzeko), nahitaez jorratu beharreko hainbat hobekuntza-arlo zehazten ditu, besteak beste enplegu-tasa, batez ere emakumeen enpleguarena, eta langabezia-tasa.
Bestalde, Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek datozen urteetarako bi erronka handi gisa eta estrategia osoa formulatzeko ardatz nagusi gisa jasotzen ditu, batetik, kalitatezko enplegu inklusiboa bultzatzea eta, bestetik, lehiakortasunari lagunduko dion enplegua bultzatzea. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek, Euskadiko lan-merkatuari buruzko diagnostikoan, zehazten du talentua garatu, mantendu eta erakartzeko estrategia bat garatzea komeni dela, pertsona guztien lan egiteko gaitasuna ahalik eta gehien baliatu ahal izateko.
Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak, 2023ko apirilaren 19ko bileran, besteak beste, erabaki zuen berariazko lantalde bat sortzea, erronka demografikoak enpleguaren eta lan-harremanen ikuspegitik duen eragina aztertzeko eta 45 edo 50 urtetik gorako langileen okupazio-tasak handitzeko programak eta ekintzak bultzatzeko.
Esparru programatiko horrekin bat etorriz, eta kontuan hartuta enpresek eta agente enplegatzaileek aurreko edizioan laguntza-lerro hori jaso zutela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legeak esleitutako eginkizunak betez, 50 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntza-programa hau sustatu du 2025. ekitaldirako.
Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Plana bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren urtarrilaren 3ko Aginduaren bidez onartu zen eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratu zen, hala agintzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan. Deialdia 3.4. gako estrategikoan sartzen da: «Interbentzio-ereduak neurrira egiten dituen Euskal Enplegu Sistema eta enpresen eta pertsonen beharrei erantzun azkarra ematen diena, langabeziaren kronifikazioa ekiditeko».
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko honetako Administrazio Kontseiluak 2025eko uztailaren 28ko bilkuran, langabezian dauden 50 urtetik goragoko pertsonak EAEko lantokietan kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2025eko ekitaldirako deialdia onartu zituen.
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak EAEko lantokietan kontratatzeko laguntzak arautzea, EAEko lan-merkatuan sartzen laguntzeko neurri gisa, eta 2025eko ekitaldirako deialdia onartzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 2.200.000 euro bideratu dira. Horietatik, 1.485.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuaren 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 715.000 euro, 2026ko konpromiso-kredituari.
2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.
3.– Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
3. artikulua.– Diruz lagunu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen babesean, kontratu mugagabeak eta gutxienez 6 hilabeteko iraupena duten aldi baterako kontratuak lagundu ahal izango dira diruz, baldin eta 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonekin Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan lanpostuak betetzeko badira.
Diruz lagundu ahal izateko, aldi baterako kontratuek gutxienez 6 hilabeteko iraupena izan behar dute, eta kontratu mugagabeek, berriz, gutxienez 12 hilabetekoa.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera sinatutako eta hasitako lan-kontratuei aplikatuko zaizkie, betiere deialdian ezarritako baldintza eta betekizunetara egokitzen badira.
Diruz lagundu daitekeen gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da aldi baterako kontratuetarako; eta 12 hilabetekoa iraupen mugagabeko kontratuetarako, eta nolanahi ere, 2026ko urriaren 31n bukatuko da epe hori.
2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak lan-arloko legeriak ezartzen duen edozein kontratu-modalitateren arabera formalizatu daitezke, betiere deialdi honetan ezarritako gutxieneko iraupena duten aldi baterako kontratuak edo kontratu mugagabeak badira. Finantzaketatik kanpo geratuko dira ikas-ekinezko heziketa-kontratuak, aldizkako kontratu finkoak eta aldi baterako laneko enpresek langileekin enpresa erabiltzaile bati lagatzeko egindako kontratuak. Txanda-kontratuek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Kontratazioak izan beharko du kontratatu behar den pertsonaren profil profesionalaren arabera egokia den lanpostu baterako; hau da, ikasketa- edo prestakuntza-maila edo lanbide-esperientziarako egokiak direnak, baldin eta prestakuntza hori ezinbestekoa bada bete beharreko lanposturako.
b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eredu ofiziala erabilita, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen prestakuntza edo kualifikazio profesionala, kontratuaren hasiera-data eta, hala badagokio, amaiera-data, kontratuaren iraupena, lanaldia eta bete beharreko lanpostua.
c) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.
d) Eskaeran, urteko ordainsari gordinaren zenbatekoa adierazi beharko da kontratu mugagabeen kasuan, eta gutxienez 6 hilabeteko iraupena duten kontratuetan, berriz, hileko ordainsari gordina.
Deialdian eskatzen den gutxieneko soldata-ordainsari gordina zehazteko, oinarrizko soldata, aparteko ordainsariak eta soldata-osagarriak baino ez dira kontuan hartuko, eta berariaz geratuko dira zenbaketatik kanpo soldataz kanpoko bestelako ordainsari eta osagarriak.
Kontratuek dirulaguntza jaso ahal izateko, lanaldi osoko urteko soldata-ordainsari gordina ez da, ezein kasutan, taula honetan azaltzen diren zenbatekoak baino txikiagoa izango:
(Ikus .PDF)
3.– Halaber, diruz lagundutako kontratazioek enplegua sortzea eragin beharko dute, diruz lagunduko diren kontratuen xede diren langileak lanean hasi aurre-aurreko 6 hilabeteetan enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietako batezbesteko langile-kopuruarekin alderatuta. Kontratazioaren egunean, beraz, kontratu berri horrek gehikuntza ekarri behar du batezbesteko horrekiko.
Baldintza hori betetzeko, ez dira kontuan hartuko arrazoi objektiboengatik edo bidegabetzat jo ez diren kaleratzeengatik azkendutako kontratuak, langileen erretiro, dimisio, heriotza, ezintasun iraunkor oso, absolutu edo baliaezintasun handiagatik azkendu diren kontratuak, ezta langileak hasiera batean hitzartutako lan-denbora borondatez murriztutako kontratuak ere.
4.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren, zuzendaritza-karguetan ari direnen edo enpresen administrazio-organoetako kide direnen ezkontideari, izatezko bikotekideari edo bizikideari edo bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna duten ondorengo eta gainerako senideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa edozein dela ere. Era berean, ez da dirulaguntzarik emango enpresaren kontrola dutenak, zuzendaritza-karguak dituztenak edo enpresetako administrazio-organoetako kideak kontratatzeko, edozein dela ere haien forma juridikoa.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formaliza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.
c) Etxeko zerbitzuaren araubidean egindako kontratuak.
d) Enpresa berarekin lan-harreman mugagabea bukatu duten pertsonen kontratazioak.
e) Enpresa kontratatzailearekin aurretik iraupen mugatuko edo aldi baterako lan-harremana izan duten pertsonen kontratazioa, lan-harreman hori dirulaguntza eskatzen den kontratazioaren aurreko 3 hilabeteetan izan bada.
f) Diruz laguntzea eskatzen den kontratazioa egin aurreko 3 hilabeteetan, kontratatu nahi den pertsonak lan-harreman bat bere borondatez bukatu badu.
4. artikulua.– Enpresa onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira bertan ezarritako baldintzetan lan-kontratuak egiten dituzten enpresak edo entitateak, edozein dela ere haien forma juridikoa, honako hauek izan ezik: administrazio publikoak eta organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateak. Onuradunek betekizun eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.
b) Enpresako langileen legezko ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri eman izana, kontratu-mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, berariaz adierazi beharko du eskaeran.
c) Kondenaturik ez egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
d) Kondenatua edo zehatua ez izatea epai edo administrazio-ebazpen irmo batez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduz, edo, hala izan bada, igarota edukitzea kondena- edo zehapen-epea.
e) Konkurtso boluntarioaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada, esku-hartze judizialaren mende ez egotea, edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaitua ez izatea, edo, desgaitua izanez gero, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu izana.
f) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin ez izana.
g) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkarien kasuan, bateraezintasun-egoera hauetakoren batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.
h) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten baldin badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.
i) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
j) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduko 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
k) Zehapen administratibo edo penalik jaso ez izana sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.
l) Ez edukitzea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik, hauek barne:
– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
– Ez izatea ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea.
m) Administrazio-bidean irmoa den ebazpen baten bidez zehatua ez izatea, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, edo, hala izan bada ere, ezarrita izatea beharrezko neurri zuzentzaileak eta ordainduta izatea dagokion zehapena.
n) Desgaitasuna duten pertsonentzat, lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota betetzea edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak hartzea.
o) Elkarteen kasuan, elkartea ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.
p) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat ez izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
q) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. 3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).
r) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 49. artikuluan ezarritako eran.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 1. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago. Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da q) apartatuko eskakizuna:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera aurkezteko modurik badu, galdu-irabazien kontu laburtua. 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluko a) apartatuan adierazitako ziurtagiriaren bidez aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Ezin badu, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan adierazitako dokumentuen bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez –aipatutako apartatuko 1. zenbakian eskatutako edukiarekin–; bestela, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, prozedura adostuen txostenaren bidez –aipatutako apartatuko 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan–.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatutako pertsonek bete beharreko baldintzak.
Deialdi hau da, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzten pertsonak kontratatzeko:
a) 50 urte edo gehiago izatea.
b) Langabezian egotea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan edo dagokion enplegu publikoko zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda eta altan egotea, kontratua hasteko egunaren aurreko egunean. Ondorio horietarako, langabetzat joko dira Gizarte Segurantzako ezein erregimenetan alta emanda ez dauden pertsonak.
c) Kontratuko lanpostua betetzeko profil profesional egokia edukitzea.
6. artikulua.– Kontratatutako pertsonen hautaketa.
1.– Kontratatzen diren pertsonak prozedura hauetako baten bidez hautatuko dira:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.
Hautaketa-mota honetarako, eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskaera hori horretarako ezarritako inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, eta, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFZ, enplegatzailearen kotizazio-kontuaren kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresaburuaren, legezko ordezkariaren edo pertsona baimenduaren sinadura.
Eskaintza kudeatzeko eskaera bakoitza hura jasotzen duen bulegoak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geratuko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.
Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira. Enpresetara bidaliko dira Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dauden hautagai langabeak, eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituztenak, egingo zaien kontratua deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izateko.
Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.
b) Enpresaren bidez, zuzenean, Lanbideri enplegu-eskaintza kudeatzeko eskaerarik egin gabe.
Kontratatuko den pertsonak Lanbideren edo dagokion enplegu-zerbitzu publikoaren «inskripzio-ziurtagiri» bat eskuratu ahal izango du bitarteko telematikoen bidez edo enplegu-bulegoetan, kontratua hasi aurreko egunean enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dagoela egiaztatzen duena.
Ziurtagiri horrek ez du eskatzailearen lan-egoera egiaztatzen. Kontratatutako pertsonak izaera hori egiaztatu ahal izango dio enpresari, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan-bizitzaren txostenaren bidez.
2.– Egiten den hautaketa-prozesua dena delakoa izanda ere, kontratatuko diren pertsonek beren enplegu-eskaera alta-egoeran eduki behar dute kontratuaren hasiera-data arte.
7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa dirulaguntzaren xede den lanpostua betetzeko behar diren titulazio akademiko edo ikasketen eta kontratuaren iraupenaren arabera zehaztuko da, taula honekin bat etorriz:
(Ikus .PDF)
2.– Aipatutako dirulaguntza-zenbateko guztiak % 15 handituko dira, kontratatutako pertsonak ezaugarri hauetako bat gutxienez badu: 55 urte edo gehiago izatea edo emakumea izatea.
3.– Halaber, aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoak % 10 handituko dira, baldintza hauek betetzen badira: kontratatutako pertsonak kontratatzeko konpromisoa berekin dakarren prestakuntza-ekintzaren bat bukatu badu 2024. edo 2025. urtean eta ekintza hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundu badu Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren babesean; formalizatzen den kontratua mugagabea bada, eta lanaldia, gutxienez, ezarritako lanaldiaren % 70ekoa bada.
4.– Kontratatutako pertsonak aurreko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 handituko da.
Taula hauetan ageri dira dirulaguntzen zenbatekoak, bai eta dirulaguntza-ehuneko gehigarriak ere:
(Ikus .PDF)
5.– Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.
8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua, epeak, eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Horra iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude jasota izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/121003. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
2.– 50 urte edo gehiagoko pertsonak kontratatzeko dirulaguntzetarako eskabidearen inprimakiarekin batera, enpresek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea pertsona juridiko eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonaren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria, baldin eta ordezkaritza hori ez badago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ordezkarien erregistroan.
b) Egindako kontratuaren edo kontratuen kopia.
c) Eskabidea langile autonomo batek egiten badu, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altan emanda dagoela egiaztatzeko dokumentazioa.
d) Bi txosten, «Alta-egoeran dauden langileen batezbesteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazio-egunari dagokiona.
Bi txosten horiek alderatuta, ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko da aurreko sei hilabeteetan bidegabetzat edo deuseztzat jo ez diren kausa objektiboengatik edo kaleratzeagatik, langileen erretiro, dimisio, heriotza, ezintasun iraunkor oso, absolutu edo baliaezintasun handiagatik kontratuak azkendu direla egiaztatzen duena, baita langileek hasieran itundutako lan-denbora borondatez murriztu izana egiaztatzen duen dokumentazioa ere.
3.– Eskaerak ez baditu betetzen oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak, edo osatu gabe badago edo akatsak baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean okerra konpon dezala edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzala; eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko urriaren 17an amaituko.
9. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedurak eta ebazpena.
1.– Prozedura kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.
2.– Deialdi honetako dirulaguntzak lehiarik gabeko prozeduraren bidez izapidetuko dira. Horrela, aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatuko du kontratatutako pertsonak inskripzio, alta eta langabezia-egoeraren inguruko baldintza betetzen duen.
Enpresen eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak, eskaera bakoitza izapidetu ondoren, ebazpen-proposamena eta administrazio-espedientea aurkeztuko dizkio zuzendari nagusiari, hark egokitzat jotzen duena ebatz dezan.
3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.
Dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko eta dirulaguntza justifikatzeko modua zehaztuko dira urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urteko edo gehiagoko pertsonak kontratatzeagatik ematen diren dirulaguntzen ebazpenean.
Ebazpenean berariaz aipatuko da Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu dela dirulaguntza, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan, eta emandako laguntza «minimis» erakoa dela.
Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, arrazoiak azaldu beharko dira, hau da, berariaz adierazi beharko da zergatik ezetsi den eskaera.
4.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea egongo da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat joko da.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publokoko Laneratzea Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
10. artikulua.– Kontratua amaitzea.
1.– Kontratuen gutxieneko iraupena 6 hilabetekoa izango da aldi baterako kontratuen kasuan, eta 12 hilabetekoa kontratu mugagabeen kasuan, 3. artikuluan ezartzen den bezala.
2.– Lan-kontratua azkentzen bada artikulu honen 1. apartatuan ezarritako aldian, kontratuan adierazitako probaldia ez gainditzeagatik, borondatezko uzteagatik, bidegabetzat edo baliogabetzat jo ez diren arrazoi objektiboengatik edo kaleratzeagatik, kontratatutako pertsonaren erretiroagatik, heriotzagatik, ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik, enpresak idatziz jakinarazi beharko dio inguruabar hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
Komunikazio hori kontratua azkendu eta hilabeteko gehieneko epean egin beharko da, kontrataziorako dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kontratatutako pertsonak lan egindako aldiaren zati proportzionalera doitzeko.
Doikuntza proportzional hori egiteko, artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako aldia eta kontratuaren bukaera-data hartuko dira kontuan.
3.– Artikulu honetako 2. apartatuan ezarritako aldian lan-harremana azkentzen bada hor aurreikusi ez den beste kausaren batengatik, kontrataziorako emandako dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honetako 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
4.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, beste dirulaguntza-eskabide bat aurkeztu beharko du nahitaez, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere adierazitako epeetan baldin badago.
11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:
a) Emandako dirulaguntzaren % 67,50 ordainduko zaie lehen ordainketan, dirulaguntza eman ondoren, 2025eko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.
Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du langilea Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela eta enpresako plantilla handitu egin dela.
b) Bigarren ordainketa, 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituaren edo 2026ko konpromiso-kredituaren kargura, gainerako % 32,50ekoaren parekoa, edo dagokion zenbatekoa, finantzaketa eskatzen den lan-kontratuari eutsi zaiola egiaztatu ondoren, 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Emandako dirulaguntza dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren ordainduko da, entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan.
Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du, helbide honetan eskuragarri egongo dena: https://www.euskadi.eus/servicios/1234602
3.– Ordainketa bakoitza egiteko unean, entitate onuradunak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.
1.– Kontratuak justifikatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ofizioz egiaztatuko du aldi baterako kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeek gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, deialdiko 13. artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.
2.– Azkenean, enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik –deialdiaren 10.1 artikuluan jasotzen dira arrazoi horiek– kontratuaren iraupena xedatutakoa baino laburragoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ere gutxitu egingo da, proportzioan.
13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
1.– Entitate onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Hasieran hitzartutako iraupena bete baino lehenago azkentzen diren kontratuen berri ematea, eta arrazoia jakinaraztea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari justifikatzea betetzen direla dirulaguntza emateko edo erabiltzeko eskakizunak eta baldintzak.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta, eta hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Ogasun eta Finantza Saileko Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Horretarako, entitate onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta kontrol ekonomikoko eta fiskalizazioko organoen esku jarriko ditu (Europako Gizarte Funtsen esku barne, hala badagokio) diruz lagundutako jarduketei buruzko agiriak, bost urteko epean, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.
d) Helburu berberarekin administrazio honen bidez edo beste edozein administrazio publiko edo ente publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmen eragiten dion edozein gorabehera ere.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
g) Laguntza horiek jakinarazteko material eta ekintza guztietan aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketa, eta, gainera, halakorik balego, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa, Euskadiko EGF Plus Programaren esparruan (2021-2027).
h) Emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunaren arloko betebeharrak:
– Lanpostuetarako probak edo elkarrizketak eta hautaketa egitean emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.
– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.
i) 18. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa helarazi beharko diete enpresa onuradunek kontratatutako langileei.
2.– Bermatu egin beharko da diruz lagun daitezkeen ekintzak gauzatzerakoan egindako gastuak ikustea ahalbidetuko duen auditoretza nahikoa dagoela, horrela diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak betetzen dituztela bermatzeko. Horretarako, honako hauetara behartuta egongo dira entitate onuradunak:
a) Bereizitako kontabilitate bat erabiliz edo kontabilitateko kodeketa egoki eta bereizia erabiliz erregistratzea dirulaguntza honen eraginpeko mugimendu guztiak. Europako Gizarte Funtsak finantzaketan parte hartu duela adierazi beharko da. Horrez gain, bermatu beharko da kontabilitate-egozketa kontabilitate orokorraren arloan eta merkataritzako legeriaren arloan indarrean dauden araudiekin bat datorrela.
b) Ekintza gauzatu dela, gastuak egon direla eta ordainketak benetan egiten direla egiaztatzeko dokumentazio moduan balio dezaketen jatorrizko agiri kualitatibo eta kuantitatiboak gordeko dituzte, bost urtez, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.
14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzeko eta kontratuen iraupena ezartzeko eskakizunak.
Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2032ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.
15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
16. artikulua.– Beste laguntza edo dirulaguntzekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuek kontzeptu eta helburu berberetarako emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketetan legez ezartzen diren hobariekin edo kuota-murrizketekin.
17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du jaso gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte –itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu– dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 46. artikuluan zehaztutako araubideari jarraituko zaio.
2.– Diruz lagundutako lan-kontratuak 10.1 artikuluan ezarritako aldia baino lehenago azkentzen badira, artikulu horretan aurreikusi ez den beste arrazoiren batengatik, emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, dagokion prozedura izapidetuta. Era berean, egindako ordainketak 10.2 artikuluan ezarritako kalkulu proportzionala baino handiagoak badira, behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedurari ekingo zaio, kontratazioagatiko azken dirulaguntza kontratatutako pertsonak lan egindako aldiaren zati proportzionalera egokitzeko.
3.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.
Aurreko apartatuan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasten denean, eten egingo dira artean egin gabe dauden ordainketak.
4.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez bada edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
6.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.
18. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendua eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratu da.
Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei buruzko arauarekin, zeina erregelamendu honetan ezartzen baita: Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruz Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako (EB) 2023/2831 Erregelamendua. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan. Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horretako 2.2 artikuluan.
2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.
20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Laguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren mende ere egongo dira. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Integraziorako Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren mende ere badaude (erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua).
RSS