
144. zk., 2025eko uztailaren 31, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (248 KB - 13 orri.)
- EPUB (132 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
3368
EBAZPENA, 2025eko uztailaren 15ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Administrazio Kontseiluaren Erabakia. Erabaki horren bidez, toki-entitateek gazteak kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2025eko ekitaldirako deialdia onartzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGIF Plus programaren esparruan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2025eko uztailaren 14ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, toki-entitateek gazteak kontratatzeko laguntzen 2025eko ekitaldiko deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2025-2027 Programaren esparruan, bat etorriz apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 11.j) artikuluan xedatutakoarekin.
Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko honetako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitara ematea.
Azaldutakoa dela-eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Administrazio Kontseiluaren 2025eko uztailaren 14ko Erabakia. Erabaki horren bidez toki-entitateek gazteak kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2025eko ekitaldirako deialdia onartzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGIF Plus programaren esparruan; eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren erabaki horrek ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Aditzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 15a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
TOKI-ENTITATEEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO 2021-2027 EGIF PLUS PROGRAMAREN ESPARRUAN GAZTEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, ETA 2025EKO EKITALDIRAKO DEIALDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasun osoan bezala, beharbada gazteak izan dira krisiaren ondorio zuzenak gehien pairatu dutenak, lan-aukerak murriztu baitzaizkie, eta, batik bat, aukera erakargarri eta kalitatezkoak. Ondorioak, ordea, ez dira enpleguaren esparrukoak soilik, gazteen gizarteratzea eta bizi-proiektuen garapena ere baldintzatzen baititu egoera horrek.
Langabezian bizi duten egoera ez da homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira euren egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute; beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Horrenbestez, dagokion irtenbidea eman behar zaio egoera bakoitzari.
Eurostat erakundeak 2024ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 11,85ekoa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, EUSTATek 2024ko laugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 9,58ko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 45,04koa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 70,95ekoa da.
Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduak xedatzen du estatu kide guztiek gazteen langabeziari heldu behar diotela beren gastu-programetan, bereziki Gazte Bermea aplikatuz. Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) Europar Batasunak (EB) pertsonengan inbertitzeko duen tresna nagusia da, eta hori izango da, koronabirusaren pandemiaren ondoren, Europar Batasunaren susperraldi sozioekonomikoaren giltzarrietako bat; izan ere, pandemiak hankaz gora jarri ditu lan-merkatuan parte hartzeko igoerak, kolokan jarri ditu hezkuntza- eta osasun-sistemak, eta areagotu egin ditu desberdintasunak.
Krisi larri baten ondoren susperraldi ekonomiko inklusiboa ahalbidetzeko eta etengabe aldatzen ari den lan-munduan gazteen enplegua babesteko asmoz, eta zenbait estatu kidetan eta eskualdetan gazteen langabezia oso altua dela ikusita, beharrezkoa da estatu kideek EGF+ arloan dituzten baliabideen zenbateko egokia inbertitzea gazteen enplegua eta gaitasunak babesteko neurrietan, baita Gazte Bermearen esparruan ekimenak aplikatuz ere. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, 2014tik 2020ra bitarteko programazio-aldian Gazte Enplegurako Ekimenak babestutako jarduketetan oinarrituta (jarduketa horiek pertsona fisikoei zuzenduta daude) eta ikasitakoa kontuan hartuta, estatu kideek berrintegraziorako ibilbideak sustatzen jarraitu behar dute, kalitatezko hezkuntzan eta enpleguan oinarrituta eta gazteen prebentzio goiztiarrean eta komunikazio eraginkorrean inbertituta, lehentasuna emanez, hala dagokionean, denbora luzez langabezian, inaktibo eta baztertuta dauden gazteei; eta hori guztia, gazteei zuzendutako lanaren bitartez. Estatu kideek, halaber, eskolatik lanerako trantsizioa ahalbidetzeko neurrietan inbertitu behar dute, eta enplegu-zerbitzuen gaitasunak egokitu behar dituzte, gazteei laguntza pertsonalizatu eta integrala emateko eta haientzat eskaintza zehatzagoak aurkezteko. Gazte Enpleguaren Ekimena EGF+ delakoan erabat txertatzean, gazteen enplegurako ekintza espezifikoen eskaintza eraginkorragoa eta efizienteagoa izango da, eta aplikazio-esparrua neurri eta erreforma estrukturaletara hedatuko da; horrela, Batasunaren babes finantzarioaren eta Gazte Berme indartuaren betearazpenaren arteko egokitzapena handiagoa izango da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin; hain zuzen ere, estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en estrategia-gakoetako bat da gazteei laguntza ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten. Horretarako, laneratzea ahalbidetuko dien programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte. Alde horretatik, deialdi honen helburua da ikasketak amaitu ondoren edo langabezian geratu ostean lanik gabe dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta, horretarako, haien prestakuntzaren araberako enpleguak ematea.
Toki-entitateek beren eskumenak eta aukerak baliatu behar dituzte produkzio-sistemaren, enpresen eta langileen, premiei erantzuteko; beraz, arreta berezia jarri behar dute enplegurik ez dutenengan eta, batez ere, laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonengan.
Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2025eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Plan hori bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren 2025eko urtarrilaren 3ko Aginduaren bidez onartu zen, eta www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratu; hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia «Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea» deritzon 4.2 gako estrategikoan dago kokatuta.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko horren Administrazio Kontseiluak, 2025eko uztailaren 14an egindako bilkuran, onartu egin du toki-entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGIF Plus Programaren Esparruan gazteak kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak, eta 2025eko ekitaldirako deialdia. Hona hemen haren ezaugarriak:
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan eta Gazteen Berme Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzeagatik emango zaizkien laguntzak arautzea da, esperientzia profesionalaren bitartez gazte horien enplegagarritasuna sustatzeko neurri gisa; eta 2025eko ekitaldirako deialdia onartzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa.
1.– Deialdi honek 8.000.000 euroko baliabide ekonomikoak erabiliko ditu dirulaguntzak finantzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2025eko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.
2.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honetan, gazteekin egindako lan-kontratuak lagunduko dira diruz, baldin eta 5. artikuluan arautzen diren eskakizunak betetzen badituzte.
Toki-eremuak sustatutako kontratuak izan behar dute, eta zuzenean egingo dituzte dirulaguntzen onuradun diren udalek, mankomunitateek, kuadrillek edo toki-garapeneko agentziek.
Edonola ere, enplegu-eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatuko ditu.
2.– Eskakizun hauek bete behar dituzte kontratazioek:
a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.
b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar entitateren baten egiturazko lana egiten duten langileak.
c) Toki-entitateek ezin izango dituzte kontratatu 2024ko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan gazteak kontratatzeko laguntzen deialdietan entitate berak kontratatutako pertsonak edo 2024ko ekitaldian enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdietan kontratatutakoak.
d) Kontratuek 8 edo 12 hilabete iraungo dute eta enplegu-politika aktiboko programei loturiko kontratuen bidez formalizatuko dira (405 kontratu-kodea).
e) Kontratuak lanaldi osorako izango dira.
f) Kontratatutako pertsonak bere kualifikazio-mailari dagokion lanpostu bat bete behar du.
g) Dirulaguntzan, gehienez 70 kontratu egongo da entitate onuradun bakoitzeko.
3.– Ez zaie dirulaguntzarik emango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua Publikoren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen lan-kontratuei.
4. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak, edo horien mendeko toki-garapeneko agentziak, baldin eta nortasun juridikoa badute.
Eskaera bakarra aurkeztuko da udalerri, mankomunitate edo kuadrilla bakoitzeko, egin beharreko kontratazio guztietarako, eta entitate bakarra izan daiteke onuradun, hau da, udala, mankomunitatea edo kuadrilla, lehentasunez, edo tokiko garapen-agentzia.
2.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Epai bidez kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egonik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izana.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
e) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
f) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.
g) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea, hauek barne:
– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.
h) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
i) Ez betetzea desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.
3.– Artikulu honetan adierazita dauden eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatzen ez dituen eskakizunak egiaztatzeko, d) apartatuan adierazitakoa izan ezik, eskabideari dagokion inprimakiko erantzukizunpeko adierazpena egingo da.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko eskakizunak.
Eskakizun hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:
a) 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.
b) Enplegu-eskatzaile izatea, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea.
c) Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea eta, kontratazioari eta ekintzailetzari laguntzeko jarduketa baterako hautatua izateko, onuradun izatea 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera.
Kontratazioaren unean bete behar da a) apartatuan adierazitako eskakizuna, eta kontratua hasi aurreko egunean bete behar dira b) eta c) apartatuetan adierazitako eskakizunak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Gazteak kontratatzeagatik, soldata-kostuek jaso ahal izango dute dirulaguntza, Gizarte Segurantzari dagozkion kontzeptu guztien ondoriozko kotizazioa barne.
2.– Aurreko apartatuan zehaztutako gastu-kontzeptu guztiengatik eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako kontratazio-planean adierazitako aurreikuspenak hartuko dira kontuan: kontratatuko diren pertsonen kopurua, horietako bakoitzaren kontratazio-hilabeteak, eta eskatutako kualifikazio-mailaren arabera aplikatu beharreko modulu hau:
(Ikus .PDF)
7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.
1.– Entitate onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.
Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak erregistratzeko orduan, eskabide horiek jasotzen dituen bulegoak egingo du aipatutako erregistroa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartekaritza-sisteman geratuko dira identifikatuta.
2.– Eskaintzak hautagaitzen parekatze automatikoaren bidez kudeatuko dira, eta Lanbideren webgunean argitaratuko dira: https://www.lanbide.euskadi.eus
3.– Curriculumen eta hautagaien balorazioa egiteko, curriculum vitae itsuak erabili beharko dira, eta inolako diskriminaziorik ez egiteko printzipioa bermatuko da.
4.– Izangaien hautaketa-prozesuan, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatu beharko dira. Gainera, lehentasun-ordena hau beteko du toki-entitateak:
a) Dirulaguntza-eskabidean aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko inguru geografikoan bizi diren pertsonak.
b) DBE-BGDS prestazioaren titularrak edo onuradunak.
c) 30 urte betetzetik gertuen dauden pertsonak.
d) 5. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten gainerako gazteak.
5.– Entitate onuradunak hautaketa-prozesuaren akta egingo du, eta ahalegina egin beharko da prozesuan emakume batek parte har dezan; halakorik lortzen ez bada, zergatia azaldu beharko da.
6.– Kontratuak bi hilabeteko epean hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean salbu. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendu beharko du atzerapena. Edonola ere, kontratuak hasteko epea 2025eko azaroaren 30ean amaituko da.
7.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamar egun balioduneko epean, eta «GEL-2025» identifikazioa izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera.
8. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntza-eskaerak bide elektronikotik aurkeztuko eta izapidetuko dira.
Izapidetze-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 30ean amaituko.
3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauen kopia autentikoak aurkeztu behar dira:
a) Toki-eremuko kontratazio-plana. Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eman behar du kontratazio-planak, eskabidean zehaztutako moduan, eta kontratatutako pertsonen kualifikazio-maila zehaztuko da.
Edonola ere, berariaz aipatu beharko da 3.2 artikuluko a) eta b) letretan xedatutakoa betetzen dela.
Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.
b) Memoria ekonomikoa, kontratazio-plana gauzatzeko gastuei buruzko datuak jasoko dituena.
4.– Baldin eta eskabideak ez badaude behar bezala beteta edo haiekin batera ez bada aurkezten aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia, entitateari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskabideari uko egin diola. Hala bada, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.
9. artikulua.– Ebazpena emateko, prozedura izapidetzeko, instrukzioa egiteko eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko organo eskuduna.
1.– Prozedura kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria izango da.
2.– Deialdi honetako dirulaguntzak lehiarik gabeko prozeduraren bidez izapidetuko dira. Horrela, aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez emango da horren berri, ebazpena EHAAn eta www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratuta.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Epe hori ebazpen espresurik jakinarazi gabe igarotzen bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko asmoz eta dirulaguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, eta jasoko duten zenbatekoa ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da EGFren kofinantzaketa izan dela, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.
Halaber, dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49.3 artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
10. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.
1.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik aurrera; eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia hauetako bat izan bada: probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Kontratatutakoa ordezteko gehieneko epea 15 egunekoa izango da, eta, haren ordez, deialdi honetan kontratazioa egiteko ezarritako eskakizunak betetzen dituen beste bat hartu ahal izango da. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez.
Halaber, kontratatutako pertsonak aldi baterako ezintasunagatik baja hartzen duenean, ordeztu ahal izango da bajak irauten duen artean. Gehienez 15 eguneko epean egingo da ordezkapena, eta deialdi honen barruan kontratatu ahal izateko baldintzak betetzen dituen pertsona batek egingo du.
Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako dirulaguntza handituko.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa, ordainketa eta likidazioa.
1.– Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, eta, horretarako, aurretik, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, 7 eguneko epean, diruz lagundutako azken kontratua hasi eta hurrengo egunetik aurrera:
a) Kontratatutako langileen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera eskuragarri jarritako eredu normalizatuan emana.
b) Lan-kontratuen kopia.
c) Kontratatutako pertsonen hautaketari dagokion akta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak igorritako pertsona langabeen zerrenda. Aktan egiaztatuta gelditu behar da hautaketa-prozesuan gutxienez emakume batek parte hartu duela. Hala gertatzen ez bada, ezinezkoa zela justifikatzeko arrazoiak azaldu behar dira.
d) Kontratatutako langileari Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren berri eman izana.
e) Entitatearen ordezkariaren adierazpena, kontratazioek 3 artikuluko 2.c) eta 3. apartatuetan araututako baztertze-kausarik ez dutela azaltzen duena.
f) Kontratatutako pertsona bakoitzaren Kotizaziorako Datuen Txostena.
g) Entitate onuradunen titularren eta haien plantillaren eta kontratatutako langabeen informazioa, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.
2.– Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela eta beren kualifikazioari dagozkion lanpostuak betetzen dituztela. Kontratatutako pertsonen kualifikazio-maila bat etorriko da entitateak aurkeztutako eta dirulaguntza-emakidaren ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.
Ordainketa egiteko momentuan, entitate onuradunak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluarekin (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
3.– Emandako dirulaguntza onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.
Erakundeak ez badu lehenago Lanbideren ordainketarik jaso edo bankuko datuak aldatu nahi baldin baditu, hirugarrenaren datu-fitxa bete beharko du, helbide honetan eskuragarri egongo dena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073708
4.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta amaierako likidazioa egiteko, toki-entitate onuradunek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte, egindako kontratu guztiak amaitu ondorengo hilabetean eta, betiere, 2026ko abenduaren 16a baino lehen:
a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat identifikatuta:
– Kontratatutako pertsonek egindako jarduketen deskribapena.
– Kontratatutako pertsonei buruzko xehetasuna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.
b) Toki-entitate onuradunaren idazkariaren edo kontu-hartzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.
5.– Dokumentazioa ez bada ezarritako epean aurkezten, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua ordaindutakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.
12. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Entitate onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan, deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan.
b) Arau honen 11.1 artikuluan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 7 eguneko epean.
c) Egiaztatzea laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatu dutela.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 10.1 artikuluan arautzen duen moduan.
e) Beste administrazio edo entitate publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, horren berri jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
f) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, bai eta laguntza emateko orduan kontuan hartutako inguruabar objektiboen nahiz subjektiboen aldaketa ere.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.
h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren, Ogasun eta Finantza Saileko Politika Ekonomiko eta Europar Kohesiorako Zuzendaritzaren, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Europar Kohesioko Zuzendaritzaren egiaztapen-jarduketen mende jartzea.
Horretarako, entitate onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta kontrol ekonomikoko eta fiskalizazioko organoen (Europako Gizarte Funtsak barne, hala badagokio) jarriko ditu diruz lagundutako jarduketei buruzko agiriak, bost urteko epean, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 Erregelamenduaren (EB) 82.1 artikuluaren arabera.
i) Laguntza horiek jakinarazteko material eta ekintza guztietan aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren finantzaketa, eta, gainera, halakorik balego, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa, Euskadiko EGF Plus Programaren esparruan (2021-2027).
j) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:
– Bermatzea emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan, genero-alborapenik gabe.
– Hautagaiak hautatzeko erabakia hartzeko jarduketetan, gutxienez emakume batek parte hartu behar du. Ezinezkoa bada, justifikatu egin beharko da.
– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
2.– Bermatu egin beharko da diruz lagun daitezkeen ekintzak gauzatzerakoan egindako gastuak ikustea ahalbidetuko duen auditoretza nahikoa dagoela, horrela diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak betetzen dituztela bermatzeko. Horretarako, honako hauetara behartuta egongo dira entitate onuradunak:
a) Bereizitako kontabilitate bat erabiliz edo kontabilitateko kodeketa egoki eta bereizia erabiliz erregistratzea dirulaguntza honen eraginpeko mugimendu guztiak. Europako Gizarte Funtsak finantzaketan parte hartu duela adierazi beharko da. Horrez gain, bermatu beharko da kontabilitate-egozketa kontabilitate orokorraren arloan eta merkataritzako legeriaren arloan indarrean dauden araudiekin bat datorrela.
b) Ekintza gauzatu dela, gastuak egon direla eta ordainketak benetan egiten direla egiaztatzeko dokumentazio moduan balio dezaketen jatorrizko agiri kualitatibo eta kuantitatiboak gordeko dituzte, bost urtez, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.
13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak edo beste administrazio edo entitate pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; ez, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.
14. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, baldin eta deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.
2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.
15. artikulua.– Babesletza.
Entitate onuradunek berariaz adierazi behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan Europar Batasunaren kofinantzaketa aipatu beharko da, esaldi honen bidez: «Europar Batasunak kofinantzatuta».
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ikuskatu egingo ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Entitate onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio obligazio hori betetzeko neurriak har ditzan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, edo laguntza osoa, jokabide hori errepikatu bada.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Europar Batasunaren identifikazio grafikoa erantsi behar da komunikazio-ekintza eta jakinarazpen guztietan.
Entitate onuradunek berariazko ekintzak gauzatu behar dituzte pertsona onuradunak eta, oro har, herritarrak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Europako Plus Gizarte Funtsaren ekarpenaz ohar daitezen.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, ordaintzeke dauden diru-kopuruak jasotzeko eskubidea galdutzat emango du, eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko dira jasotako diru-kopuruak eta dagozkion berandutze-interesak, dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera, hargatik eragotzi gabe egokiak diren bestelako ekintzak, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin.
Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan jasotako araubideari jarraituko zaio.
17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.
2.– Baldin eta aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
3.– Alegazioak jasotakoan edo, halakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hileko epean ebatzi beharko da.
4.– Baldin eta prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
5.– Borondatezko aldian ez badira zenbateko horiek itzultzen, haiek premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduketa bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Bildutako datu pertsonalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ardurapeko «Enplegu eta enplegurako prestakuntzako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira. Jarduera horren helburua da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin, iruzurraren jazarpenarekin eta estatistika-helburuekin lotutako dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/065100-capa1-eu.shtml
19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian eta lege hori garatzen duen erregelamenduan, hots, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan bildutako xedapenak ere.
Laguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.
RSS