Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2025eko uztailaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3205

AGINDUA, 2025eko ekainaren 23koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen gizarte-erantzukizuna ezarri eta enpresetan langileen partaidetza sustatzeko laguntzen deialdirako oinarriak, eta 2025. urterako deialdia egiten baita.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez onartuta, eta Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Aurrekontuaren Memoriak dirulaguntza-lerro hori jasotzen dute, eta gizarte-ekonomia solidarioaren arloko jarduerak sustatzen dituzte. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzako «www.euskadi.eus» web-orrian, sailari eskainitako espazioaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Laguntza-lerro honek jarraitutasuna ematen die aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoei, EAEko gizarte-ekonomiaren printzipio eta balioak sustatzeko orduan. Horretarako, erraztasunak jartzen ditu giza kapitalak erakundeetan parte har dezan eta enpresen gizarte-erantzukizuna sustatu dadin, ekonomia gizatiarragoa eta kohesionatuagoa bultzatuko duen gizarte-eraldaketa lortzeko asmoz.

Bi kontzeptuak geroz eta garrantzitsuagoak dira ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen jasangarritasunaren bidez kudeaketa integratua erakusteko asmoa duten erakundeetan eta, hala, langileen partaidetzarekin batera, jarduera ekonomikoak eta enplegua mantentzen eta garatzen laguntzen dute.

Horrenbestez, 8/2024 Legea (abenduaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzeko eta enpresetan langileen partaidetza sustatzeko laguntzen 2025eko ekitaldirako laguntzen oinarriak onartzea, Agindu honen eranskinean jasotzen direnak, eta haien deialdia egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 23a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Hurrengo oinarrietan jasotakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzeko eta enpresetan langileen partaidetza sustatzeko 2025eko ekitaldirako laguntzak deitzea da agindu honen xedea. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak emango ditu, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bidez.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

a) Enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzea, jasangarritasun-memoriak eta gizarte-kontabilitate aplikatuko memoriak eginez. Jasangarritasun-memoriek GRI, SG21, ISO2300 edo antzeko metodologiak jarraitu beharko dituzte.

b) Enpresen gizarte-erantzukizunaren kultura hedatzeko eta ikertzeko jarduerak egitea, garapen jasangarriko helburuetan lagunduko dutenak. Halaber, esparru publikoetan, enpresarialetan eta korporatiboetan aplikatutako gizarte-kontabilitatea zabaltzea eta ikertzea.

c) Langileek gizarte-ekonomiako enpresetako organoetan eta kudeaketan duten partaidetza hobetzeko metodo eta tresnak egitea eta ezartzea.

d) Sozietate-itun edo -kontratu bat egitea, gizarte-ekonomiako enpresetan sozietate-erreleboa arautzeko.

e) Langileek gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan parte hartzeko plan bat egitea eta ezartzea.

2.– Aurten hasi behar dute Agindu honen indarrez dirulaguntza izan dezaketen jarduerek, eta 2025eko abenduaren 31 baino lehenago amaitu beharko dute.

3.– Ezin izango dira agindu honetan jasotako laguntzen onuradun izan aurretik oinarri honetan deskribatutako jardueretarako dirulaguntzaren bat jaso duten erakundeak. Jasangarritasun-memorien eta gizarte-kontabilitate aplikatuko memorien ondoriozko ziurtapenetan, bakarrik lagundu ahalko da diruz egindako lehen ziurtapena. Ondoren egiten diren berritzeei ez zaie dirulaguntzarik emango. Partaidetza-plana, bestalde, ekitaldi bakarrean lagundu ahalko da diruz.

4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2.1.e) oinarriko partaidetza-plana aholkularitza-erakunde baten laguntzarekin eta aholkularitzarekin egin ahal izango da, sozietateko edo enpresako administrazio-, kudeaketa- eta gobernu-organoen lankidetzarekin, hainbat mailatan; eta datu hauek jaso beharko dira:

a) Enpresaren edo lantokiaren ezaugarriak: jarduerak, tamaina, kapitalaren egitura, langileen profila, enpresariaren edo gizarte-kapitalean parte hartzen dutenen arteko lotura familiarra, eta, bereziki, enpresaren egoera eta bideragarritasun ekonomikoa.

b) Partaidetzaren aurrekariak: enpresako partaidetza-giroaren egungo egoera eta aurreko esperientziekiko harremana.

c) Partaidetza-proposamena: garatu beharreko jarduerak eta ezarri beharreko mekanismoak, bereziki aipatuta jarraituko den ibilbidea (kudeaketan parte hartzetik hasita aurrera egin beharko da erabakietan eta emaitzetan parte hartzeko, azkenean enpresako partaidetza ekonomikoa ahalbidetuz).

5.– 2.1.e) oinarriko aholkularitza-erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Goi-mailako titulazioa duen pertsona bat izatea gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako lantokietan, esperientzia egiaztatua duena partaidetzarekin lotutako arloan (partaidetza hori langileek enpresetan dutena edo, bazkideek kooperatibetan edo lan-sozietateetan dutena izan ahalko da).

b) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira diruz laguntzen den jardueraren izaera argi eta garbi dutenak, beharrezkoak direnak eta ezarritako epean egiten direnak. Eskaeran aurkeztutako aurrekontu-plangintza egiaztatzeaz Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza arduratuko da, aurkeztutako jardueretara egokitzen ote den zehazte aldera.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izan ahalko dira:

a) Barruko gastuak: Enpresaren edo erakunde onuradunaren berezko langileei egotz dakizkien gastuak, baldin eta esku-hartzaileek diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartzen dutela eta horretarako trebakuntza dutela egiaztatzen bada. Kasu horretan, barruko langileen ordainsariak egotzi ahalko dira, onartutako jardueran emandako denboraren arabera.

b) Kanpoko gastuak: Aurkeztutako ekintzak gauzatzeko behar diren zerbitzuetarako, aholkularitzarako eta bestelakoetarako kontratazio-gastuak diruz lagundu ahal izango dira.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

4.– Dirulaguntza arautzen duten oinarrietan zehazten den justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.

5.– Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira, baldin eta dirulaguntzaren erakunde onuradunak benetan ordaintzen baditu eta dirulaguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia badute. Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura daitezkeen zeharkako zergak.

6.– Zeharkako kostuei dagokienez, eskuarki onartutako kontabilitate-arau eta -printzipioen arabera arrazoizkoa den zatia egotziko dio diruz lagundutako jarduerari onuradunak, eta betiere kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari dagozkion neurrian. Diruz lagunduko jarduerari zeharkako kostuak egoztean, ezingo da diruz lagundutako jardueraren % 5a gainditu.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.

1.– Agindu honen helburura bideratuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa hauxe da: berrehun eta laurogeita hamar mila (290.000) euro.

2.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketarik gabeko norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 6. oinarrian aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko.

4.– Azkenean ez badago baliabide ekonomikorik 6. oinarrian aurreikusitako onuradun orori dagokion zenbatekoa emateko, kalkulatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira onuradunen artean, harik eta hornidura hori estaldura osorako aski izan arren.

5. oinarria.– Erakunde onuradunak.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) 2.1 oinarriko a, c eta d ataletako jardueretarako: Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluaren 1. atalean jasotako sozietate kooperatiboak eta lan-sozietateak.

b) 2.1.b) oinarriko jardueretarako: Unibertsitateak, enpresa-elkarteak eta enpresen gizarte-erantzukizunean edo kudeaketa aurreratuan adituak diren erakundeak.

c) 2.1.e) oinarriko jardueretarako: Enpresa txiki eta ertainak, baldin eta horien lantokia EAEn badago eta beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badute.

6. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Ematen diren dirulaguntzek ezingo dute gainditu 4. oinarrian ezartzen den gehieneko zenbateko osoa.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketa bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa jardueraren kostuaren % 75 izango da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako eta baliozkotutako aurrekontuaren arabera, honako muga hauek betez:

a) Diruz lagundu daitezkeen 2.1.a) oinarriko jarduketetarako: hiru mila (3.000) euroko muga erakunde onuradun bakoitzeko.

b) Diruz lagundu daitezkeen 2.1.b) oinarriko jarduketetarako: hamabi mila (12.000) euroko muga erakunde onuradun bakoitzeko.

c) Diruz lagundu daitezkeen 2.1.c) eta e) oinarriko jarduketetarako: hamar mila (10.000) euroko muga erakunde onuradun bakoitzeko.

d) Diruz lagundu daitezkeen 2.1.d) oinarriko jarduketetarako: bi mila (2.000) euroko muga erakunde onuradun bakoitzeko. 15 langile baino gehiago dituzten enpresetan muga lau mila (4.000) eurokoa izango da.

7. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte erakunde eskatzaileek:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea. Bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebehar horiek bete direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorrita.

b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.

c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

d) Jakinaraztea dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo, hala badagokio, jaso direla helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

e) Hala badagokio, minimis laguntzak erantzukizunez deklaratzea, agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenago. Baterako eskabideak badira, enpresa edo erakunde bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

f) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

h) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

2.– Aurreko ataleko eskakizunak bete behar dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1011809

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2025eko irailaren 5era artekoa izango da, bi egunak barne.

3.– Erakunde eskatzaileek aukera dezakete eskabidea eta dokumentuak euskaraz ala gaztelaniaz aurkeztea. Orobat, prozedura burutzean, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak helbide elektroniko honetan ere ikusi ahalko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/1011809

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak (jakinarazpenak barne) bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Erakunde interesdunek ziurtagiri bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektrikoan onartutako sinadura elektrikoa eduki beharko dute prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide hauetan eskuratu daitezke onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak:https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

7.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, EAEko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan ea betetzen dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, salbu eta, arrazoiak emanez, baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak.

9. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Aurreikusitako jarduerak bultzatzeko arrazoien eta helburuen memoria zehatza. Memoria horrek honako hauek jaso behar ditu, nahitaez:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuko partiden aurrekontu banakatua eta zehatza, aurreikusitako diru-sarreren zerrenda eta gastuak finantzatzeko plana adierazita.

– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.

b) Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:

– Administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik, xede edo helburu bererako eskatu edota jaso dituen laguntzak aitortu ditu.

– Ez du zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

– Ez du dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.

– Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen du Agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaziorik ez izateko.

– Agindu honen xede den laguntza eman baino hiru urte lehenago minimis araubidearen pean, eskatu edota jaso dituen laguntzak aitortu ditu.

– Erakunde eskatzaileak indarrean dauka berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak ditu, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

– Bete egiten ditu indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.

– Egiazkoak eta osoak dira eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta bere gain hartzen du haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

10. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela. Administrazioa behartuta egongo da eskabide horri buruzko ebazpen espresua ematen eta jakinarazten, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Erakunderen batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

11. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo erakunde publikok arrazoi eta xede bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta Agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ere.

2.– Baldin eta agindu honetako laguntzekin batera erakunde onuradunak helburu eta xede bererako beste laguntzaren bat jasotzen badu beste administrazio edo erakunde publiko batzuetatik, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela deklaratuko da, eta murriztu egingo da Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

12. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du Agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bakarra igorri eta jakinaraziko du prozedura ebazteko eta emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta berorren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Ebazpenak, dirulaguntza zein eskatzaileari emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, erakunde interesdunek zilegi dute eskabideak ezetsi direla ulertzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da egoitza elektronikoaren iragarki-taulan Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da. https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

13. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira: % 60raino ordainduko da 2025eko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, egindako gastua justifikatu ondoren eta 14.a) oinarrian adierazitako epea igaro ondoren uko egin ez bazaio, eta gainerako % 40raino 2026ko ekitaldiaren kargura, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduerek sortutako gastu guztiak justifikatu direla egiaztatu ondoren.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, zenbatekoa adierazita, hartzekoduna identifikatuta eta benetako ordainketaren data zehaztuta.

c) b letran jasotako gastuak justifikatzeko dokumentazioa, benetan ordaindutako kostu errealei dagozkienak eta ordaindutako faktura originalen edo konpultsatuen bidez egiaztatuko direnak, edo merkataritza-trafikoan froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda, halakorik bada. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

e) Hala badagokio, proiektua gauzatu den hilabeteei dagozkien Gizarte Segurantzako LZI eta KLO ereduen kopia, jardueran parte hartu duten langileak KLO ereduan identifikatuz. Enpresaren edo erakundearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.

f) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.

g) Diruz lagundutako jardueren publizitaterik eginez gero, publizitate horretan Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren finantzaketa agerian adierazi dela justifikatzen duten agiriak.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera; epea, betiere, 2026ko urtarrilaren 15a baino lehen amaituko da.

4.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Erakundea ez badago erregistratuta edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

5.– Ez da inolako ordainketarik egingo erakunde onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

14. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, onartu egin duela joko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

e) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

f) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari jakinaraztea helburu bera betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla beste edozein administraziotatik edo ente publiko nahiz pribatutatik.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzearekin lotutakoak egunean dituela egiaztatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeari buruzkoa) zehazten den moduan.

i) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.

j) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

k) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.

l) Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

m) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

n) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

o) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

15. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, oinarri arautzaileetan baimendutako kasuetatik kanpo beste ekarpen batzuk ere lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

2.– 2.1 oinarrian jasotako diruz lagundu daitezkeen jarduerak eraginkortasunez egin beharko dira, ziurtagiriak, jasangarritasun-memoriak, partaidetza-planak edo jarduera egin izana justifikatzen duen beste edozein dokumentu aurkeztuta. Jardueraren zati bat betetzen ez bada, Agindu honen 16.2 oinarrian adierazitakoaren arabera jokatuko da.

16. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak Agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak horretarako irekitako espedientea izapidetu eta erakunde interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, eta jasotako zenbatekoak (osorik edo partzialki) eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio bi hilabeteko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, erakunde onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta erakunde onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

17. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion xedatuko den; horretako epea bi hilabetekoa delarik, ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.

18. oinarria.– Datuen babesa.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

2.– Datuak babesteari buruzko informazio xehatua lortzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011809

19. oinarria.– Minimis laguntzak.

1.– Agindu honetan jasotako 2.1 oinarriaren a), c), d) eta e) letren babesean emandako laguntzek edo dirulaguntzek hau bete beharko dute: Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).

2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu beharko ditu, minimis laguntza berriak Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.


Azterketa dokumentala