Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2025eko uztailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3045

EBAZPENA, 2025eko uztailaren 2koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez bi dirulaguntza emateko deialdia egiten baita, 2025-2026ko aldian, Administrazio Publikoaren, Zuzenbide Publikoaren edo Administrazio Zientziaren inguruko azterketak eta ikerketak egiteko.

Administrazio Publikoa, Zuzenbide Publikoa eta Administrazio Zientzia aztertu eta ikertzea ezinbesteko eta etengabeko eginkizun gisa agertzen zaigu administrazio-jardunbideak definitzeko, plangintza egiteko eta ebaluatzeko.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bateginak, irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, IVAPi, besteak beste, xede hauek aitortzen dizkio: EAEko administrazio publikoek lege-, finantzaketa- eta estatistika-arloetan dituzten berezitasunak ikertzea, irakastea eta zabaltzea, eta Administrazio Zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea, bai eta EAEko administrazioetan ezartzea ere.

Deialdi hau Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den dirulaguntza-lerro bat da. Plana IVAPeko zuzendariaren 2025eko otsailaren 26ko Ebazpenaren bidez onartu da, eta erakundearen web-orrialdean argitaratu da (https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/2025_dirulaguntzen_plana/eu_def/adjuntos/2025eko-dirulaguntzen-plan-estrategikoa_07B.pdf).

Deialdi honetan bi dirulaguntza aurreikusi dira Administrazio Publikoaren, Zuzenbide Publikoaren edo Administrazio Zientziaren inguruko azterketak eta ikerketak egiteko. Dirulaguntzok banakako ikertzaileei eta ikerketa-taldeei zuzenduta daude, bai eta dagoeneko sendotuta dauden taldeei eta ad hoc eratu diren taldeei ere.

Hori horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2025-2026ko aldian, Administrazio Publikoaren, Zuzenbide Publikoaren edo Administrazio Zientziaren inguruko azterketak eta ikerketak egiteko bi dirulaguntza emateko deialdia egitea eta oinarri erregulatzaileak onartzea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtso hori ebazpen hau eman zuen organoari aurkez dakioke edo, bestela, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota ebazpen espresurik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzibidera jo ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

ERANSKINA
OINARRI ERREGUTZAILEAK, ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN, ZUZENBIDE PUBLIKOAREN EDO ADMINISTRAZIO ZIENTZIAREN INGURUKO AZTERKETAK ETA IKERKETAK 2025-2026KO ALDIAN EGITEKO BI DIRULAGUNTZA EMATEKO DIRENAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen bidez Administrazio Publikoaren, Zuzenbide Publikoaren edo Administrazio Zientziaren inguruko ikerketa sustatu nahi da, 2025-2026ko aldian gai hauei buruzko azterketak eta ikerketak egiteko bi dirulaguntza emanez:

a) Euskal erakunde eta administrazio publikoen eskumen-, erakunde- edo arau-esparrua.

b) Euskal erakunde eta administrazio publikoen antolakuntza, egitura edo funtzionamendua.

c) Euskal erakunde eta administrazio publikoen erakundeekiko eta gobernuekiko harremanak.

d) Kudeaketa publikoa edo zerbitzu publikoa gure lurralde-eremuan.

e) Gure lurralde-eremuko edo beste lurralde-eremu batzuetako ereduak, proposamenak eta esperientziak ekartzea, baldin eta horiek eragina izan badezakete gure erakundeak eta administrazioak hobetzeko; bereziki, oinarri honetan adierazitako gaietan.

Bigarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ikerketa sustatzeko bi dirulaguntzatarako deialdia egiten da eta oinarri erregulatzaileak onartzen dira. Horietako bakoitzak hogei mila (20.000) euroko ordainsaria izango du.

Betiere, dirulaguntzen zenbatekoa kobratzeko eskubidea baldintzapean dago, hau da, bukatutako ikerlanek jasoko duten balorazioaren baldintzapean, hamahirugarren oinarri erregulatzailearen arabera.

Hirugarrena.– Parte-hartzaileen betekizunak.

Dirulaguntzak banakako ikertzaileei eta dagoeneko sendotutako ikerketa-taldeei edo ad hoc eratutako ikerketa-taldeei zuzenduta daude.

Dirulaguntzak eskatu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdira banaka aurkezten diren pertsonek administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2024ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.

b) Ikerketa-taldeen kasuan, gutxienez bi ikertzailek osaturik egon beharko dute. Taldea honelakoa izan daiteke: finkoa, edo deialdi honetan parte hartzeko aurkeztuko duen proiektuari ekiteko ad hoc eratua.

Ikerketa-taldearen partaide batek, gutxienez, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2024ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.

c) Eskatzaile guztiek, banaka edo ikerketa-talde bateko kide gisa, unibertsitate-titulu ofiziala izatea. Atzerrian eskuratutako tituluei dagokienez, homologazioa aurkeztu beharko da eta, homologaziorik izan ezean, unibertsitateak edo agintari-akademiko eskudun batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar du, alegatutako titulua eman zen estatuan unibertsitate-titulu ofiziala dela egiaztatzeko.

d) Eskatzaile guztiek, banaka edo ikerketa-talde bateko kide gisa, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izango dituzte.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, dirulaguntza esleitu zein ordainketak egin aurretik. Hala ere, eskatzaileek berariaz egin ahal diote aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, izaera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko dituzte.

Laugarrena.– Baztertzeko arrazoiak.

Honako hauek ezin izango dute lortu deialdi honetako dirulaguntzen onuradunaren izaera:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edo zehapen penalen bat dutenek, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean aurreikusitakoa barne.

b) Administrazio Publikoari, Zuzenbide Publikoari edo Administrazio Zientziari buruzko azterlanak eta ikerketak egiteko Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak ikerketa sustatzearren deitutako dirulaguntza hauek azken hiru urtean hartu dituztenek. Epe hau dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

c) Era berean, dirulaguntza hauek ezin izango dira bateratu proiektu bera egiteko beste ezein laguntza edo dirulaguntza publiko nahiz pribaturekin, doktore-tesiak egitera zuzendutako bekak eta dirulaguntzak barne izanik.

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako beste kasuren batean dauden pertsonek.

Ikerketa-taldeen kasuan, oinarri erregulatzaile honetan jasotzen diren baztertze-arrazoiak taldeko eskatzaileetako bati badagozkio, akatsak zuzentzeko epean, ikerketa-proiektua eta ikerketa-taldea egokitzeko aukera emango zaie, deialdian ezarritako betekizunetara egokitzeko. Zuzendu ezean, baztertzeko arrazoi horiek ikerketa-taldeko kide guztiei eragiten dietela ulertuko da.

Bosgarrena.– Eskabideak: aurkezteko epea eta modua.

1.– Aurkezteko modua.

Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak, izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuarekin bat etorriz.

Izapidetza egiteko helbide elektronikoan eskainitako eskabide-inprimakiak nahitaez erabili beharko dira, eta erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dituzte: laugarren oinarri erregulatzailean zehazten diren inguruabarrak –deialdian parte hartzea eragozten duten inguruabar gisa– aldi berean gertatzen ez direla adierazten dutenak, bai eta administrazioak eskakizunak egiaztatzeko emandako baimenak ere.

Helbide elektroniko honetan izapidetuko dira eskabideak elektronikoki: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0030312

2.– Aurkezpena egiteko baldintzak.

Eskabideak izapidetzeko, identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoan onartutako edozein bitarteko erabili ahal izango da. Bitartekoak helbide honetan kontsultatu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskabidean, taldearen kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartutako konpromisoak adierazi beharko dira, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

4.– Deialdian ezarritako parte-hartzaileen betekizunen alegazioa eta egiaztapena:

4.a.– Eskabideekin batera, banakako eskatzaileak edo ikerketa-taldeak nahitaezko agiri hauek aurkeztu beharko ditu beti:

4.a.1.– Ikerketa-proiektuaren memoria.

Nahitaez eredu normalizatuan aurkeztu beharko da. Eredu hori interesdunek eskuragarri izango dute eskabideak egiteko dagoen helbide elektronikoan. Agiri horrek ezin izango ditu 10 orrialde baino gehiago izan.

Memoria horretan, berariaz adierazi beharko dira hauek:

– Izenburua.

– Proiektuaren identifikazioa (laburpena).

– Banakako eskatzailearen edo ikerketa-taldearen partaideen identifikazioa. Ikerketa-taldeen kasuan, pertsona bakoitzak egingo duen lana eta jasoko duen dirulaguntzaren ehunekoa adierazi beharko dira.

– Proiektuaren justifikazioa: zergatik eta zertarako.

– Proiektuaren helburuak.

– Aztergaiaren egungo egoeraren deskribapena, aztertu nahi den gaiari buruzko ikuspegi laburra eta informazio garrantzitsuaren azalpena, eta proposatutako ikerketa-ildoak jakintza-arlo horretan dakartzan ekarpen nagusiak.

– Ikerketaren faseak: fase bakoitzaren helburuak eta zereginak.

– Metodologia: ikerketaren metodologia/k, ikerketarako aukeratutako aztergaia edo lagina, ikerketaren iturriak eta, hala badagokio, datu pertsonalak babesteko estrategia.

– Proposatutako proiektua garatzeko sinesgarritasuna bermatzen duten ikertzaileen ezaugarriak.

– Ikerketa garatzeko dituzten baliabideak.

– Kronograma.

4.a.2.– Ikerketa-taldea bada ordezkari bat izendatu beharko dute, ikerketa-taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina botere duena. Ordezkaritza egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada. Ondorio horietarako, ordezkaritza egiaztaturik geldituko da apud acta ahalordetzearen bitartez egin bada, agerraldi pertsonala eginez edo Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoan agerraldi elektronikoa eginez, edo egoitza elektroniko horren ordezkarien erregistro elektronikoan (https://euskadi.eus/ordezkariak) inskribatu izana egiaztatuz.

4.a.3.– Unibertsitate-titulua, atzerrian eskuratu baldin bada. Horrekin batera aurkeztu beharko du homologazioa egiaztatzen duen agiria, edo dagokion unibertsitatearen edo aginte akademikoaren ziurtagiria, alegatutako titulua eman zen estatuan unibertsitate-titulu ofiziala dela jasotzen duena.

4.b.– IVAPek elektronikoki kontsultatuko edo eskuratuko dituen nahitaezko agiriak, bi salbuespenekin: alde batetik, ezinezkoa izatea IVAPek datua lortzea edo egiaztatzea –kasu horretan, ezintasuna egiaztatu ondoren, interesdunei eskatuko zaie aurkezteko–; bestetik, interesdunek berariaz aurka egiten badute, bosgarren oinarri honen 7. apartatuan adierazitako terminoen eta baldintzen arabera –kasu horretan, oinarri horretan adierazitako ondorioak aplikatuko dira–:

4.b.1.– Banakako eskatzailearen edo ikerketa-taldeko kide bakoitzaren unibertsitate-titulua, baldin eta estatu honetan eskuratu bada.

4.b.2.– Banako eskatzaileak edo, ikerketa-taldeen kasuan, partaide batek, gutxienez, 2024ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-auzotasuna duela adierazten duen erroldatze-ziurtagiria edo ziurtagiriak.

Horretarako, ikerketa-taldeen kasuan, eskabidean adierazi beharko da zein den baldintza hori beteko duen taldeko pertsona.

5.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Eskabideak zuzentzea.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.4 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskatzaileak edo ikerketa-taldeak aurkeztu behar dituen eskabideak edo nahitaezko agiriek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, edo horien edukia nahikoa ez bada, jakinaraziko zaio hamar egun baliodun dituela nahitaezko dokumentazioa aurkezteko edo akatsa zuzentzeko, eta, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, administrazioak berariazko erabakia hartu eta jakinaraziko duela.

IVAPek eskuratu edo kontsultatu beharko dituen agirien kasuan, IVAPek ezin baditu eskuratu edo kontsultatu, salbuespenez interesdunari eskatu ahal izango zaio agiri horiek aurkezteko.

7.– IVAPek agiriak eskuratzeko edo kontsultatzeko, interesduna aurka agertzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera, eta indarrean dauden datu babesaren inguruko arauei jarraikiz, IVAPek agiriak elektronikoki eskuratu edo kontsultatu behar dituen kasuetan interesdunak aurka egiteko espresuki adierazi beharko du. Kasu horretan, eskabide-formularioan berariaz jarritako laukia markatu beharko du interesdunak, IVAPek kasu bakoitzean dagokion dokumentua elektronikoki kontsultatzearen edo jasotzearen aurka dagoela adierazteko.

Interesdunak adierazten badu ezen deialdian parte hartzeko eskakizunen alegazioari eta egiaztapenari buruzko dokumenturen bat edo batzuk IVAPek elektronikoki kontsultatzearen edo eskuratzearen aurka dagoela, pertsona horrek dokumentu horiek aurkeztu beharko ditu. Bestela, pertsona hori ezin izango da onartu deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko prozesuan.

8.– Gainerako izapideak.

Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» apartatu berezira jo behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Seigarrena.– Organo kudeatzailea.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak kudeatuko du bi dirulaguntza horiek emateko prozedura.

Zazpigarrena.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura eta eskabideen balorazioa.

Deialdi honetako laguntzak norgehiagoka-erregimenean esleituko dira, lehiaketa bidez, ebazpen honetan eta aplikatu beharreko araudian ezarritako oinarrien arabera.

Aurkeztutako eskabideak xede horretarako eratuko den balorazio-batzorde batek baloratuko ditu. Horretarako, aurkeztutako ikerketa-proiektua ebaluatuko da, gehienez ere 100 punturekin. Ikerketa-proiektuaren balorazioan gutxienez 70 puntu lortu ez duten eskabideei ezin izango zaie inolako dirulaguntzarik esleitu. Balorazioa baremo honen arabera egingo da:

a) Proposatutako ikerketa-gaiaren interesa: gehienez ere, 15 puntu.

Irizpide honetan baloratuko dira: proposatzen den ikerketaren beharra; horren izaera berritzailea eta ikerketak aztergaiari egiten dion ekarpena; eta lortutako emaitzen erabilgarritasuna edo/eta eragina, erakunde eta administrazio publikoetarako eta gizarterako. Baloratuko da, baita ere, proiektua euskaraz egin izana eta, ondorioz, amaierako lana euskaraz egin eta aurkeztea.

b) Ikerketa-proposamenaren kalitatea: gehienez ere, 35 puntu.

Hauek baloratuko dira: proposatutako helburuek eta azalpenek dauzkaten interesa eta garrantzia; ikerketaren galderen eta, hala badagokio, proposatutako hipotesien egokitasuna.

c) Ikerketa-proposamenaren bideragarritasuna eta metodologia: gehienez ere, 40 puntu.

Hauek baloratuko dira: proiektua, lan-plangintza eta aldiak proiektuaren helburuei eta ikerketa-galderei (eta, hala badagokio, hasierako hipotesiei) egokitzea; proposatutako planteamendu metodologikoak proiektuaren helburuei eta ikerketaren galderei egokitzea (eta, hala badagokio, hasierako hipotesiei); plangintzak eta kronograma ikerketaren aldiei eta horien azalpenari egokitzea.

d) Ikerketa-proposamenaren argitasuna, zuzentasuna, ordena eta egitura: gehienez ere, 5 puntu.

Hauek baloratuko dira: proiektuaren garapena azaltzeko ideien argitasuna; proiektuaren azalpenak zuzen eta argi idatzita egotea; ordena eta egitura egokia.

e) Proiektuan ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, genero-ikuspegia txertatzea: gehienez ere, 5 puntu.

Zortzigarrena.– Balorazio-batzordea.

1.– Eginkizunak.

Deialdi honen esparruan, balorazio-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzea eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena egitea (txosten horren arabera, organo kudeatzaileak egingo du dagokion ebazpen-proposamena).

– Esleipendunek egindako ikerketa-lanak kalifikatzea, eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena egitea (txosten horren arabera, organo kudeatzaileak egingo du ebazpen-proposamena, hamahirugarren oinarrian aurreikusitako ondorioekin, laguntza ordaintzeari eta aurkeztutako monografia argitaratzeari dagokienez).

2.– Osaera.

Hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

Batzordeburua:

– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko idazkari nagusia edo hark izendatutako ordezkoa.

Batzordekideak:

– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Azterlan eta Argitalpenen arduraduna edo hark izendatutako ordezkoa.

– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo hark izendatutako ordezkoa.

– Deialdian adierazten diren gaietako aditu bi, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuak.

Idazkaria:

– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo hark izendatutako ordezkoa. Idazkariak hitza eta botoa ditu.

Balorazio-batzordea osatzeko, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadin. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da baldin eta sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Sexua edozein dela ere, lehen adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori arrazoituko da balorazio-batzordea osatzen duten aditu biak izendatzen dituen ebazpenean.

Halaber, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak edukiko ditu kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik elkarlanean arituko baitira balorazio-batzordearekin.

3.– Funtzionamendua.

Balorazio-batzordeak botoen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Kide anitzeko organoa den heinean, oinarri erregulatzaile hauetan berariaz jasotzen ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15. artikulutik 24. artikulura bitartean adierazitakoa izango da araubidea.

Batzordeburua edo idazkaria, edo izendatutako ordezkoa, balorazio-batzordearen bileraren batera agertu ezean, eta quorum nahikoa betetzen bada, bilerara azaldutako kideen gehiengoaz erabakiko da haien artean nork beteko dituen batzordeburuaren edo idazkariaren eginkizunak.

Bederatzigarrena.– Dirulaguntzak onartu eta esleitzea.

1.– Onarpena.

Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, dagokion behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta esleipendunei jakinaraziko die. Dirulaguntza bakoitzaren onarpena egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi baten bidez jakinarazi beharko da, bost egun balioduneko epean. Epe hori ebazpen-proposamena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

Balorazio-batzordeak esleipendunei egoki iritzitako oharrak egin ahal izango dizkie egin behar duten ikerlanari buruz, ikerketa-proiektuaren memoria garatzeko.

Dirulaguntza bakoitza onartzeak deialdi honetako oinarri erregulatzaileetan ezartzen diren baldintzak onartu beharra dakar; bai eta, ikerlanaren jarraipenari begira, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Zuzendaritzak ematen dituen ebazpenak onartu beharra ere. Adierazitako epean onartzen ez bada, onuradun gisa proposatutako pertsonek eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.

2.– Esleipena.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak, ebazpen baten bidez, dirulaguntzak esleituko ditu, edo dirulaguntza horien esleipena erabat edo partzialki hutsik geratu dela adieraziko du. Ebazpena arrazoitua izango da, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluak ezartzen dituen baldintzak beteko ditu.

Ebazpenean aipatuko da:

– Dirulaguntzen esleipendun gisa aukeratutako ikerketa-proiektuak, eta, hala badagokio, hutsik gelditu diren dirulaguntzak.

– Hala badagokio, ordezkoak izango diren ikerketa-proiektuen zerrenda.

Dirulaguntzak esleitzen dituen ebazpena, edo deialdia hutsik uzten duena, egun berean argitaratuko da bai deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, sei hilabeteko epean betiere, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hamargarrena.– Dirulaguntzen onuradunen betebeharrak.

1.– Esleipendun guztiak dirulaguntzen onuradunak izango dira eta, horren ondorioz, betebehar hauek dituzte:

a) Deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituen ikerlana garatu, eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuan aurkeztu beharko dute; ikerlanak monografia bat izan behar du, eta dirulaguntzaren esleipena jaso zuen ikerketa-proiektuaren memorian proposatutako gaia garatu beharko du, memorian bertan azaldutakoaren arabera. Halaber, ikerketa-taldeen kasuan, kide bakoitzak egingo duen lana ikerketa-proiektuaren memorian adierazitako moduan gauzatu beharko du.

b) Ikerlanaren justifikaziorako amaierako txosten bat egitea eta aurkeztea. Alde batetik, txostenak labur azaldu beharko du ikerketa-proiektuaren memorian ezarritako helburu orokorraren betetze-maila, bai eta, hala badagokio, helburu espezifikoena ere. Bestalde, erabilitako metodologia labur azaldu beharko du. Era berean, txosten horretan, komenigarritzat jotzen diren zehaztasunak azal daitezke, bai emandako monografiari buruz, bai horrek ikerketa-proiektuaren memoriarekiko daukan egokitasunari buruz.

c) Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin bildu beharko dira, hala eskatzen bazaie.

2.– Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, hauek izango dira dirulaguntza hauen onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea.

b) IVAPi justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira. Era berean, proiektuan deskribatutako banakako pertsonen edo ikerketa-taldeko kideen ezaugarriei buruzko alderdiak justifikatzea, IVAPek hala eskatzen badu.

c) IVAPek egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

d) Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea IVAPi. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea IVAPi. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeari buruzkoak ere, betetzen dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako moduan.

g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.

h) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta ebazpen honen 13.3.c) oinarri erregulatzailean aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Hizkera inklusiboa eta, bereziki, ez sexista erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

Hamaikagarrena.– Dirulaguntza esleitu ondoren eskabidea edo aurkeztutako proiektua aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa eginez gero eta, nolanahi ere, helburu berarentzat beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak aldi berean jasoz gero, idatziz jakinarazi behar zaio Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari; eta, horren ondorioz, gerta daiteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea honela:

1.– Honako hauek joko dira laguntzen baldintzen aldaketatzat eta emandako dirulaguntza galtzea dakarte:

1.a.– Deialdi honetako oinarri erregulatzaileak osotasunean edo zati batean ez betetzea.

1.b.– Datuak ezkutatzea, aldatzea, edo eskabidean edozein manipulazio egitea.

1.c.– Ikerketa-proiektu berean beste erakunde publiko edo pribatuetatik datorren finantzaketa metatzea.

1.d.– Ikerketa-proiektua edo ikerketa-taldearen osaera aldatzea, deialdian parte hartzeko nahitaezko baldintzak galtzea badakarte.

2.– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak aztertuko ditu ikerketa-proiektuaren aldaketa esanguratsuak eta, hala badagokio, ikerketa-taldearen osaerak izandako aldaketak, aldaketa horiek ezarritako baldintzak ez mantentzea badakarte; eta, horren ondorioz, erabakiko du emandako dirulaguntza –guztiz edo zatika– itzuli behar den.

Hamabigarrena.– Deialdiaren esparruan egindako ikerlanak aurkeztea.

Ikerlana aurkezteko orrialde zenbakiak jarriko dira, eta aurkibide bat izango du, edukien hasierako orrialde-zenbakia aipatzen duena. Ikerlana deialdi honen hamargarren b) oinarrian eskatzen den ikerlanaren justifikaziorako amaierako txostenarekin batera aurkeztuko da. Hori dena egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) aurkeztuko da.

2026ko urriaren 15ean amaituko da egindako ikerlanak eta haien inguruko justifikaziorako amaierako txostenak aurkezteko epea.

Hamahirugarrena.– Dirulaguntzak ordaintzea. Zenbatekoa zehazteko sistema.

1.– Ordainketak.

Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

1.a.– Lehenengo ordainketa, bost mila (5.000) eurokoa, dirulaguntza esleitzearekin batera. Zenbateko horrek ikerketa-jarduera garatu ahal izatea du xede, eta ordainketa aurreratuaren izaera du. Beraz, lehenengo ordainketa horretan jasotakoa baldintza suntsiarazlearen mendean dago; izan ere, azkenean aurkezten den lanak ez badu lortzen, hurrengo paragrafoan adierazitakoaren arabera, argitaratuta izateko edo liburutegian gordeta gelditzeko kalifikazio nahikorik, lehenengo ordainketako diru-kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari itzuli beharko dio banakako esleipendunak edo ikerketa-talde esleipendunak.

1.b.– Bigarren ordainketa, hamabost mila (15.000) eurokoa.

2.– Ikerlanen kalifikazioa eta dirulaguntzen bigarren ordainketa.

Bigarren ordainketaren zenbateko zehatza aurkeztu diren ikerketa-monografiek lortutako kalifikazioaren araberakoa izango da. Balorazio-batzordeak, monografien analisiaren ondoren, irizpide hauen arabera kalifikatuko du, 10 puntu gehienez emanda:

2.a.– Dirulaguntza lortzeko aurkeztutako proiektua betetzea: gehienez ere, 2 puntu. Irizpide honetan gutxienez 1,5 puntu lortu beharko dira, 2.b) irizpidean puntuazioa lortu ahal izateko.

Beraz, balorazio-batzordeak 2.a) irizpide honetan 1,5 puntu baino gutxiago ematen baditu, monografiari dagokion kalifikazioa ezgai izango da, eta, ondorioz, oinarri honetako 3.c) apartatuan ezartzen den bezala, ez du bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketan jasotakoa –ordainketa aurreratuaren izaerakoa– itzultzeko prozedura hasiko da.

Irizpide honen barruan baloratuko da monografiaren egokitzapena, aurkeztutako proiektuari dagokionez; bereziki, proposatutako helburuen garapenari dagokionez, helburu bakoitzaren garrantzia haztatuta, hala badagokio.

2.b.– Ikerlanaren kalitatea: gehienez ere, 8 puntu. Irizpide honen barruan baloratuko dira:

2.b.1.– Ikerketaren kalitate zientifikoa: gehienez ere, 2,5 puntu.

2.b.2.– Planteamendu metodologikoen egokitzapena eta zuzentasuna: gehienez ere, 2 puntu.

2.b.3.– Ideien argitasuna, zuzentasuna eta monografiaren azalpenen zehaztasuna: gehienez ere, 0,5 puntu.

2.b.4.– Monografiak ikertu den alorrean proposatu dituen berrikuntzak: gehienez ere, 1,5 puntu.

2.b.5.– Lortutako emaitzen erabilgarritasuna nahiz eragina, erakunde- eta administrazio-teorian nahiz praktikan: gehienez ere, 1,5 puntu.

Balorazio-batzordeak dagokion txostena egingo du, non zehazten baita egindako ikerketa-lanen ebaluazioaren emaitza. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, lanen kalifikazioa erabakiko da eta ondorioak ezarriko dira, oinarri honen 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.

3.– Esleitutako dirulaguntza bakoitzak jasotako kalifikazioa eta bigarren ordainketaren zenbatekoa loturik daude, honen arabera:

3.a.– 8,5 edo hortik gorako puntuazioa jaso duten monografiak:

Hamabost mila (15.000) euro.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak lan horiek argitaratuko ditu, deialdi honen hamazazpigarren oinarri erregulatzailean ezarritakoarekin bat etorrita.

3.b.– 5 eta 8,4 bitarteko puntuazioa (biak barne) jaso duten monografiak:

Aurkeztutako ikerlanari kalifikazio hau emateak ekarriko du lehenengo ordainketa –ordainketa aurreratuaren izaerakoa– mantentzeko eskubidea aitortzea onuradunei, eta ez zaio egokituko bigarren ordainketaren diru-kopururik.

Halaber, lan hauek Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordeko dira, deialdi honetako hamaseigarren oinarri erregulatzailean ezarritakoarekin bat etorrita. Egindako ikerlana liburutegiko katalogoan sartuko da, irakurleentzat eta etorkizuneko ikertzaileentzat ekarpen baliagarriak dauzkan lan legez.

3.c.– Ezgai kalifikazioa (5etik beherako puntuazioa) jaso duten monografiak:

Ez dute bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketan jasotakoa –ordainketa aurreratuaren izaerakoa– itzultzeko prozedura hasiko da.

Emandako dirulaguntza itzultzea, hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da.

Hamalaugarrena.– Dirulaguntzei uko egitea.

Dirulaguntzari ikerketa-talde osoak uko egiteko, egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, eta esleipenari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du. Ukoa bestelako izapiderik gabe onartuko da. Kasu horietan, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak erabakiko du, uko egitearen data kontuan hartuta, puntuazioaren hurrenkeraren araberako hurrengo esleipendun ordezkoari dirulaguntza emango zaion.

Ikerketa-taldeen kasuan, taldekide batek edo batzuek proiektuari uko egiteko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatuan (https:// www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko diote, eta eskabidearen aldaketatzat joko da. Hortaz, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak ebaluatu beharko du, deialdiaren hamaikagarren oinarri erregulatzailean jasotakoaren arabera, emandako dirulaguntza guztiz edo zati baten baliogabetu behar den, bai eta jasotako zenbatekoak ere itzuli behar diren.

Hamabosgarrena.– Ikerlanak jabetza intelektualaren erregistroan inskribatzea.

Banakako esleipendunak edo ikerketa-taldeko ordezkari izendatutako pertsonak ikerlana jabetza intelektualaren erregistroan inskribatu beharko du, ikerlana Administrazio Publikoaren Euskal Institutuan jaso eta hurrengo egunetik aurrera urtebeteko epean, gehienez ere. Esandako epean inskripzioa egitea ezinezkoa bada, eta betiere epe hori igaro aurretik, jasotzaileak, arrazoiturik, agerian jarriko du ezintasuna. Lehen aipatutako urtebeteko epean inskribatzeko ezintasuna guztiz egiaztatzen den kasuetan, inskripzioa egiteko beste epe bat eman ahal izango da.

Hamaseigarrena.– Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordetako ikerlanak.

13.3 oinarri erregulatzailearen arabera, Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordeko diren egindako ikerlanak, jabetza intelektualerako eskubideari buruzko arauei loturik baino ezin izango dira erabili.

Ikerlan horietako baten bat beste argitaratzaile edo argitaletxe batek argitaratzen badu, egileak argitalpen horren berri eman beharko Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari eta bi ale bidaliko dizkio. Argitalpenaren berri eta bi aleak jaso eta gero, aldez aurretik liburutegian gordetako ikerlana kenduko da.

Hamazazpigarrena.– Deialdi honen barruan egindako ikerlanak argitaratzeko eskubideak.

Dirulaguntza onartzeak berekin dakar Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari egile-eskubideak dohainik lagatzea, hamar urteko eperako eta edozein hizkuntzatarako, balorazio-batzordeak ikerlanari argitaratzeko kalifikazio nahikoa emanez gero. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak urtebeteko epean ikerlana argitaratzeko konpromisoa hartzen du; epe hori zenbatzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak edo erakunde horren argitalpen-zerbitzuen esleipendun enpresek bete behar dituzten izapideak hartuko dira kontuan, eta ez egileen ardurakoak diren betebeharrak betetzeko denborak.

Egindako ikerlana beste lan zabalago baten atala bada, IVAPek eta lanaren egileek testua oso-osorik argitaratzea adostu dezakete; hori dela eta, egileek IVAPi lan osoa ustiatzeko eskubideak lagako dizkiote.

Edozein modutan ere, deialdi honetatik sortutako ikerlanen edizio guztietan, bai lan osokoa izanda bai zati batekoa, egileek Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko dirulaguntza eskuratu dutela adierazi behar dute.

Hemezortzigarrena.– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekiko lan-kontratupeko obligaziorik eza.

Aipaturiko dirulaguntzak ez dakar inolako kontratu-loturarik Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren eta jasotzaileen artean.

Hemeretzigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiak eragina izan duen egunetik sei hilabete igarota, deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez badago esleipena egiteko erabakirik argitaratuta, interesdunek ezetsitzat hartu beharko dute beren eskaera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hogeigarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: «Ikerketen sustapena».

– Arduraduna: IVAP.

– Helburua: deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: ogasun publikoa eta zerga-administrazioa. Esleipendunen datuak argitalpenetan agertuko dira. IVAPeko zabalkunde-jardueretan agertu ahal izango dira. Aldizkari ofiziala.

– Eskubideak: interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea du, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio osagarria: gure web-orrialdean kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/060200-capa2-eu.shtml

– Araudia: Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra eta, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.


Azterketa dokumentala