Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2025eko uztailaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
3010

AGINDUA, 2025eko ekainaren 18koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, EAEko toki-entitateei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei laguntza ekonomikoak emateko oinarriak onartzekoa, inmigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitu eta inmigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak gara ditzaten, eta laguntza horien 2025. urterako deialdia egitekoa.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 15. artikuluaren bidez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitzen dizkio, beste egiteko eta jardun-arlo batzuen artean, migrazio eta asilo arloko zereginak.

Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuak, bere aldetik, gai hauen gaineko zeregin eta jardun-arloak ezartzen ditu: boluntariotza, gizarte-ongizatea eta gizarte-zerbitzuak, inmigrazioa, gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka, erakunde arteko adostasuna sustatzea, elkarrizketa soziala, lanbide-lankidetza, elkartasun zibikoa, sareko lana, jakintzaren kudeaketa eta herritarren partaidetza sustatzea gizarte esku-hartzeen eta gizarte-politiken eremuan; eta jardun-eremu lehenetsitzat dauzka eskubide sozialak baliatzeko ikuspuntutik gizarte-egoera bereziki zaurgarrian bizi diren pertsonak eta kolektiboak.

Aipatutako eginkizunak betetzean, gizarte-zerbitzuak dira gizarte esku-hartzea burutzeko eremu pribilegiatu nagusia. Orain, zerbitzu horietatik haratago ere joan daiteke esku-hartze hori, batez ere zeharkako esparru edo gai jakin batzuetara proiektatzen bada: etorkinen gizarteratzea eta, oro har, kulturarteko bizikidetza bultzatzea.

Gainera, eta zeharkako politika horren inguruan, Eusko Jaurlaritzak lan handia egin du beste erakunde publiko batzuei zuzendutako dirulaguntzak banatzen, batez ere udal-esparruan langileak kontratatzeko dirulaguntzak emanez; hain zuzen ere, langile horiek hainbat jarduera eta esku-hartze soziala bultza ditzaten, etorkinen gizarteratzearen eta integrazioaren zeharkako ikuspegiak bereziki kontuan hartuta. Dirulaguntzen ekintza hori egoera jakin batzuetan justifikatu da bereziki; zehazki, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gauzatzean sustatutako plan eta ekimenak egikaritzeko lanean inplikatutako beste erakunde publikoek zaila dutenean plan eta ekimen horiek xurgatzea eta beren gain hartzea.

Era horretan, agindu honen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak jarraipena eman nahi dio azken urteotan etorkinen gizarteratze-politiken esparruan garatu den dirulaguntzen politikari.

Zalantzarik ez dago besteak beste inmigrazioarekin eta kulturarteko bizikidetzarekin lotutako zeharkako politiken legeria eta planak geroz eta gehiago zuzentzen direla erakunde publikoen sarearen erantzukizunak identifikatzera eta erakundeak elkarren artean maila berean lankidetzan aritzera. Hala ere, horrek ez du baztertzen, egoera jakin batzuetan eta baldintza zehatz batzuekin, erakundearteko lankidetza horretan funtsen eskualdatzea ere egotea erakunde batzuen eta besteen artean.

Agindu hau Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren 2025-2028 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022-2025eko Herritarren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Jarduera-planean jasotako aurreikuspenak betez. Bi plan horiek Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren webgunean daude argitaratuta. Horrela, deialdi honek udal-eremuan garatu beharreko izaera desberdineko jarduerak bultzatu eta sustatzen ditu, hainbat jatorritako pertsonen arteko bizikidetza harmonikoa bultzatzeko helburu estrategikoarekin, eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak harreraren eta integrazioaren arloan dituen politikak garatzen lagunduko duen langile kualifikatu eta profesionalen udal-sare bat eratzen laguntzen du.

Horrenbestez, agindu honek bi laguntza-lerro arautzen ditu:

a) Immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzak.

b) Immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jardueretarako laguntzak.

Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak kudeatzen ditu bi lerroak eta, haien bidez, batera finantzatzen dira inmigrazio-teknikarien jarraipena eta EAEko erakunde-egituran inmigrazioak duen errealitateari arreta handiagoa eta hobeagoa emateko jarduerak eta, oro har, kulturarteko bizikidetzaren aldeko esku-hartze sozialak. Nolanahi ere, eta inmigrazio-teknikarien jarraipenerako laguntza-ildoari dagokionez, hausnarketa-prozesu bat ireki eta bidezko kontsultak egin ondoren, erabaki da 2025. urtea izatea horri eusten zaion azken ekitaldia. Hori guztia denen arteko gogoeta orokorraren ondoren etorri da, inmigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren eremuan udal-jarduerak finantzatzeko mekanismoak doitu eta hobetzeko.

Ildo horretan, eta agindu honetan araututako laguntza ekonomikoak izapidetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean nahikoa aurrekontu-kreditu badago.

Dirulaguntzetarako agindu honek bete beharra dauka Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Estatuak arlo horretan duen oinarrizko legeria.

Horren guztiaren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia

2025. urterako oinarriak onartzea, eta inmigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko eta inmigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jarduerak garatzeko dirulaguntzen deialdia egitea, eranskinean onartu eta agertzen diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dionez administrazio-bideari, interesdunek aukerako berraz-tertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, edo migrazio eta asiloaren arloko organo baliokide eskudunari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa eta 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 18a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

ERANSKINA
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

1. oinarria –Xedea.

1.– Agindu honen xedea da laguntza ekonomiko hauek arautu, eta 2025. urterako deialdia egitea: EAEko toki-entitateei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei laguntza ekonomikoak ematea, inmigrazioko teknikariak kontratatzen jarraitzeko eta inmigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak egiteko.

2.– Jarduketa-ildoek, inmigrazio-teknikarienak zein diruz lagundutako proiektu eta programenak, bat etorri beharko dute Herritarren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Planarekin (2022-2025).

3.– Kontratatutako langileen jarduna betetzeko eta jarduerak egiteko epea 2025. urtea da.

2. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14.2.a) artikuluan arautzen duena betetzeko, entitate interesdunek telematikoki egin behar dituzte laguntza-programa honetarako izapide guztiak.

2.– Agindu honen eranskinetan jasotako eskabide-eredua, bai eta eskabideak izapidetzeko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, eskura daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https//www.euskadi.eus/zerbitzuak/0606408 eta https//www.euskadi.eus/zerbitzuak/1053009) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako aginduan.

3.– Helbide honetan daude eskura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https:// www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egiterik badago, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko < Nire karpeta> helbidean egingo dira: https// www.euskadi.eus/nirekarpeta

3. oinarria.– Eskabideak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabidea osorik bete behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioan, eta horrekin batera, dirulaguntzen lerro bakoitzerako nahitaezko dokumentazioa aurkeztu behar da, agindu honen I. eranskinean eta II. eranskinean erantsitako eredu normalizatuen arabera.

3.– Deialdiaren xede diren dirulaguntza-lerro ezeinetan ez zaio emango dirulaguntza bat baino gehiago eskatzaile berari. Entitateren batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baldin badu dirulaguntzen lerro bererako, epearen barruan egonik sarrera-erregistroaren arabera azkena aurkeztu duena soilik aztertuko da, eta ezetsi egingo dira gainerakoak.

4.– Entitate eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkez dezakete laguntza jasotzeko eskabidea, bai eta eskabidearekin batera aurkezten duten dokumentazioa ere. Orobat, laguntza-eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

5.– Entitate eskatzaileak haurrak eta nerabeak osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoa betetzen dela bermatuko du; hau da, adin txikikoekin ohiko harremana izatea dakarren edozein lanbide, ofizio eta jarduera eskuratu eta gauzatzeko, nahitaezkoa izango da epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako inongo deliturengatik, ez eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren inongo deliturengatik ere. Horretarako, lanbide, ofizio edo jarduera horietan sartu nahi duenak sexu-delitugileen erregistro zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko du egoera hori egiaztatzeko.

6.– Era berean, entitate eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta ondo betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

7.– Kopia autentikoak aurkeztu beharko dira, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

4. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko eta publikotasuna ziurtatzeko modua.

1.– Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendaria izango da agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna, eta hark izendatuko ditu dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko eskumena izango duen Balioespen Batzordeko kideak eta baita Batzordeko idazkaritzaz arduratu den pertsona ere.

2.– Balioespen Batzordea gutxienez bi pertsonek eta gehienez lauk osatuko dute; Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzako goi-kargudunak edo langile publikoak izan beharko dute.

3.– Balioespen Batzordean sexu parekidetasuna egon dadin beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, eta batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Kide anitzeko organo horren idazkaria zuzendaritzako enplegatu publiko bat izango da.

4.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendariari dagokio eskabideok ebaztea, bai eta prozeduran planteatu diren gai guztiak ere.

5.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartutakoan, Gizarte Politiketako Sailburuordetzako pertsona titularrak edo migrazio- eta asilo-arloko organo baliokideak ebazpena emango du. Ebazpen horrek eskatutako dirulaguntza eman ala ez eman adieraziko du.

Esleipen-prozedura bakoitzean ematen den ebazpenean, zehaztu egingo da ea eskatutako laguntzak eman diren edo, hala badagokio, ukatu diren, eta eman diren kasuetan, laguntza jaso duten entitateen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Ukatutako eskabideei buruz ere, adierazi egin beharko da bai eskatzaileen izen soziala bai laguntza zergatik ukatu zaien.

Beren zerbitzuak mankomunaturik ez dauzkaten EAEko hainbat toki-entitatek osatutako talde bat izango balitz onuraduna, agindu honen 19.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, hartuko den ebazpenak taldeko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen betearazpen-konpromisoak azalduko ditu, baita kide bakoitzak ezarri beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

6.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko pertsona titularraren aurrean edo migrazio eta asilo arloan eskumena duen pareko organoaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraituz.

7.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu.

8.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota aurreko zenbakian ezarritako argitalpena egin ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

9.– Jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Laguntzak zatika ordainduko dira, bai jarduerak garatzekoak, bai langileak kontratatzekoak: % 70 ordainduko da 10.a) oinarrian ezarritako epea igaro ondoren, berariaz uko egin ez bazaio laguntzari, eta diruz lagundutako ekintzen % 70, gutxienez, gauzatu eta egiaztatu ondoren. Justifikazio hori 2025eko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.

Gainerako % 30a 2026ko ekitaldian ordainduko da, justifikatzeke geratu diren gainerako ekintzak justifikatu ondoren, 2026ko martxoaren 31 baino lehen.

Zenbait urtetako laguntza denez, emandako laguntzaren % 100 ez da inola ere ordainduko 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen.

2.– Deialdiaren kudeaketan, lehenik eta behin, diruz lagundutako lehen lerroari dagokion prozedura ebatziko da, eta esleitutako zuzkiduraren soberakinen bat sortuko balitz, bigarren lerrorako finkatutako zuzkidura handitzeko litzateke.

6. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundutako gastuen izaerari Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

2.– Ezin da diruz lagundu BEZ kengarriaren zenbatekoa, entitate eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.

3.– Entitate onuradunak ezin baditu jarduerak edo programak langile propioekin garatu, jarduera azpikontratatzerik izango du, osorik edo partzialki, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100ean gehienez ere. Inola ere ezingo dira azpikontratatu diruz lagundutako jardueraren kostua handitzen duten eta jardueraren edukiari balio erantsirik ematen ez dioten jarduerak.

Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Dirulaguntza ematen duen entitateak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea, oinarri arautzaileetan zehaztutako moduan.

Kontratistak entitate onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta, eta entitate onuradunak bere gain hartuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean. Hori dela-eta, entitate onuradunaren ardura izango da, hirugarrenekin hitzartutako diruz lagundutako jarduera gauzatzean, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritako mugak errespetatzea (diruz lagundu daitezkeen gastuak zenbat eta nolakoak izango diren), eta kontratistek elkarlanean aritzeko betebeharra izango dute, muga horiek betetzen direla behar bezala egiaztatzeko moduan.

Entitate onuradunak ezin izango du inolaz ere diruz lagundutako jarduera osoa edo haren zati bat honako hauekin hitzartu:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan zehaztutako debekuren bat duten pertsonak edo entitateak.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo entitateak.

c) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta ordainketak eragiketaren kostu osoaren ehuneko gisa definitzen badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan duen balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsonak edo entitateak, honako egoera hauetan izan ezik:

1) Dirulaguntza ematen duen organoaren aldez aurreko baimena lortzea.

2) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak egindako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.

Aurreko apartatuetan jaso ez den guztietarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. eta 31. artikuluak hartuko dira kontuan.

7. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Ezin izango dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehapen administratibo edo penala jaso izana, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean egotea. Ildo horretan, ezin izango zaio inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria dakarren ezein jarduerari, ezta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzea eskatuta izatea, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo izatea, konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta hitzarmen batek eraginkortasuna hartzeagatik izan bada), esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako kontraturen bat irmoki suntsitzea eragin izana, suntsitzearen kausaren errudun izateagatik.

d) Legezko ordezkaritza duen pertsona herri administrazioetako langileen bateraezintasun egoeraren batean egotea, edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi bat izatea, araudi aplikagarrian ezarritako baldintzetan.

e) Taldeak osatzen dituzten kideek (19.3 oinarria) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako legezko debekuren bat edo apartatu honetan aurreikusitakoren bat izatea.

f) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

2.– Aurreko apartatuaren a), b), c), d), e) eta f) letretan jasotako baldintzak justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, eskaera-formularioan jasotako baldintzetan.

8. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Eusko Jaurlaritzako sailek eta organismo autonomoek emandako beste laguntza batzuekin.

2.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batzuek xede eta helburu bererako ematen dituztenekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu dirulaguntzaren xede den kontratazioaren edo jardueraren guztizko kostua.

3.– Laguntza honekin batera beste laguntza batzuk ere jaso badira, eta betiere laguntza horien baturak dirulaguntzaren xede den kontratazioaren edo jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela aitortuko da, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

9. oinarria.– Emate-ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari.

2.– Aldaketarik izanez gero dirulaguntza ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzetan –betiere, dirulaguntzaren xedea, onuradun izateko betekizunak eta ezarritako betebeharrak betetzen badira–, edo, xede bererako beste laguntzaren bat jaso baldin bada beste administrazio nahiz entitate publiko zein pribatu batzuetatik, litekeena da laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Alde horretatik, dirulaguntzaren helburua bete dela ulertuko da, baldin eta proiektu edo programa osoaren gutxienez % 80 betetzea lortu bada, horiek barematzeko kontuan hartu diren irizpide objektiboak bete badira.

3.– Horretarako, Balioespen Batzordeak aztertu eta balioetsi eta gero, dagokion aldaketa-ebazpena emango da, horren bitartez egokitzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako mugak eta irizpideak aplikatuta; eta, hain zuzen ere, entitate onuradunak soberan jasotakoa itzuli beharko du, halakorik bada, dagozkion berandutze-interesak gehituta, dirulaguntza ordaindu zitzaionetik hasita, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera.

10. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Laguntza-lerro bakoitzarentzat ezarri diren betebehar espezifikoak ezertan galarazi gabe, honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, EHAAn dirulaguntza eman zaiela argitaratu eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dutela esan nahiko du.

b) Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera edo jarduerak gauzatu behar dituzte.

c) Dirulaguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede horretarako erabili behar dute, eta prest egon behar dute Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak diruz lagunduko diren jarduera edo jarduerak noiznahi begizta ditzan onartzeko.

d) Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatu behar dute, eta baita dirulaguntzaren xede den jarduera edo jarduerak egin dituztela eta haien helburua bete dutela ere.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo diete, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.

f) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu dituztela Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari jakinarazi, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

g) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari horren berri eman.

h) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, onuradunari kasu bakoitzean aplika dakiokeen merkataritza- eta sektore-legediak eskatutako moduan eduki ere, bai eta deialdi-agindu honetan eskatutako erregistro espezifikoak eta kontabilitateko egoera-orriak ere, egiaztatze- eta kontrol-ahalmenak behar bezala erabiltzen direla ziurtatzeko.

i) Jasotako diruaren erabilera egiaztatzen duten agiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatuak eta ikuskatuak izan daitezkeen bitartean, behintzat.

j) Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzaren erakunde-marka agerraraztea, diruz lagundutako jardueren publikotasun edo propaganda orotan, betiere posible bada marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea (hala agintzen dute Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 4ko 46/2017 Ebazpenak -EHAA, 2017-04-12koa, 72. zk.– eta Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak -EHAA, 1999-10-26koa, 205. zk.–). Marka hori Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari eskatuko zaio. Diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan beti jarri behar da Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzaren logotipoa eta Migraziorako euskal Itun sozialaren logotipoa. Jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenean jasoko da diruz lagundutako entitate publikoak hartuko dituela bere gain aipatu jardueraren edukiak.

k) Jasotako dirua itzultzea, agindu honetan edo dirulaguntzei aplika daitekeen araudian jasotzen den kasuren bat gertatuz gero.

l) Administrazioak laguntzak ordainduko baditu, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan egon behar du. Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan ageri diren banku-datuak aldatu nahi baditu, hona jo beharko du: https://euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

m) Diruz lagundutako jardueretan aldaketaren bat egin nahi izanez gero, idatziz jakinaraztea, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak horretarako berariazko baimena eman dezan.

n) Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari igortzea agindu honen 11. oinarrian aurreikusitako justifikazio-agiriak, eta aipatu erakundeari laguntzea horren jarraipena eta ondorengo ebaluazioa egiten.

o) Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari jakinaraztea, adierazitako ezaugarriak dituen itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat hasiko balitz.

p) Eta, oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoa bete beharrez dagokion beste edozein betebehar betetzea.

11. oinarria.– Dirulaguntzen justifikazioa.

1.– Entitate onuradunek diruz lagundutako ekintzen % 70i dagokion gastua justifikatu beharko dute, 2025eko abenduaren 31 baino lehen, eta gainerako % 30a, berriz, 2026ko martxoaren 31 baino lehen.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutakoen ondorioetarako, entitate onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioari edo jarduerari buruzko deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren arabera egina; eredua eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https//www.euskadi.eus/zerbitzuak/0606408 eta https//www.euskadi.eus/zerbitzuak/1053009) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako aginduan.

Memoria horretan justifikazio-kontu bat egon behar du, hau da, guztizko gastuaren dokumentu egiaztatzaile guztiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen bat, behar bezala sinatuta eta zigilatuta. Aitorpen horretan, honako hauek adieraziko dira: dokumentuaren nondik norakoak, identifikazioa, igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta, hala badagokio, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak emandako zenbatekoari egozten zaion ehunekoa eta zenbatekoa.

b) Entitate onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, 2025ean diruz lagundutako jarduerarako edo kontrataziorako beste finantzaketa-iturri batzuk existitzen diren edo ez jakiteko.

c) Jarduerarekin lotutako izaera publikoko dokumentazioa, esaterako: prentsa-ebakinak edo hizkuntza-bertsio ezberdinen aleak, euskarri fisikoan edo magnetikoan, diruz lagundutako jardueraren garapenean sortutako material bakoitzaren ingurukoak.

3.– Emandako dirulaguntzaren kontura egindako gastuen justifikazioa egiteko, dokumentu hauek onartuko dira:

1) Teknikariak kontratatzearen ondoriozko gastuak justifikatzeko:

a) Entitate onuradunaren gastua kontrolatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, kontratatutako pertsonen identifikazio-datuez eta datu akademikoez gain, kontratatutako denbora eta kontrataziotik eratorritako diru-kostu osoa jasotzen dituena.

b) Ordainsarien ordainagiriak, Gizarte Segurantzaren kotizazio-buletin ofizialetara eta eredu ofizialera egokituak.

c) Zerbitzua kontratatua duten entitateek formalizatua duten kontratuaren kopia bat eta dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Kontratuan agertzen ez bada, honako informazio hau banakatu behar da:

– Kontratatutako pertsonen titulazioa.

– Kontratatutako pertsonen lan-kostua (Gizarte Segurantzako gastuak barne).

2) Jarduerak gauzatzearen ondoriozko gastuen justifikaziorako:

a) Entitate onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, diruz lagundutako jardueraren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jasoko duena.

b) Entitate onuradunaren izenean egindako fakturak. Baliagarria izateko, faktura orok 2025ekoa beharko du izan.

c) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatutako ordainagiriak, betiere finantza-erakundeek eginak badira eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

4.– Dirulaguntza behar bezala gauzatzen dela egiaztatzeko, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dagozkion ikuskapen, jarraipen eta kontrol ekintzak burutu ditzakete, legeak agintzen duen epean.

12. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko egintzan ezarritakoak.

c) Dirulaguntzen programa hau kudeatzen duen Zuzendaritzak baimendu gabeko aldaketak egitea aurkeztutako proiektuan.

d) Diruz lagundutako proiektua egiteko epeak gainditzea, baldin eta ez bada hura aldatzeko baimenik eman.

e) Ez itzultzea, dagokion epean, dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa.

f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluak arautzen dituen gainerako ez-betetzeak.

2.– Aurreko paragrafoan jasotako egoeraren bat existitzen dela egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari nahitaez itzuli beharko zaizkio emandako eta jasotako kopuruak, bai eta berandutze-interesak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoa bete ondoren, eta horietan ezartzen denari jarraituz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Dirua itzuli behar baldin bada, irizpide hauek erabiliko dira zenbat itzuli behar den zehazteko:

a) Ez badira aurreikusitako helburuak bete, edo ez badira jarduerak osorik egin, baina betetze-maila osotasunetik nahiko gertu geratu bada, eta egiaztatu bada entitate onuradunak bere konpromisoak betetzeko ahalegina egin duela, kontuan hartuko zaio zer lorpen-mailatara iritsi den, eta lorpen-maila horrekiko proportzionala izango da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Lorpen-maila osotasunetik nahiko gertu egotea zera da: proiektuaren edo programaren % 80 gutxienez betetzea, eta, betiere, hori barematzeko kontuan hartu diren irizpide objektiboak betetzea.

Adierazitako egoera horietan, ez-betetzearen egiazko ehunekoarekiko proportzionala izango da itzuli beharreko zenbatekoa.

b) Laguntza-eskabidean eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketetan aldaketarik eginez gero agindu honetan arautzen diren laguntzen Zuzendaritza kudeatzailearen baimenik gabe, aldatutako jarduketei dagozkien zenbatekoak itzuli beharko dira.

c) Laguntzak justifikatzeko dokumentaziorik aurkeztu ezean, jaso eta justifikatu gabeko zenbatekoak itzuli beharko dira, eta hala badagokio, jasotzeko falta diren diru-zenbatekoak kobratzeko eskubidea galduko da.

II. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN LEHEN LERROA: IMMIGRAZIO-TEKNIKARIAK KONTRATATZEN JARRAITZEKO LAGUNTZAK

13. oinarria.– Xede espezifikoa.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da EAEko toki-entitateek, tokiko organismo autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek beren ekimenez egiten dituzten esku-hartze sozialak sustatzea, laguntza emateko inmigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorretan.

2.– Horretarako, inmigrazio arloko teknikarien kontratazioari eusteko finantzaketa emango da, baldin eta, teknikari horiek kontratatzeko, laguntza hauen aurreko deialdiren batean dirulaguntzaren bat jaso bada eta 2024. ekitaldian indarrean egon bada.

3.– Onuradunak esleitzen dizkion zereginak alde batera utzita, inmigrazio-teknikarien lana zeharkakoa izango da, eta arlo guztiak engaiatu eta inplikatu daitezen ahaleginduko da, migrazio-fenomenoaren politika espezifikoak politika orokorren barnean hartzea lortzeko eta, era horretan, udal-mailako baliabideak eta zerbitzuak aukera-berdintasunaren arabera normaltasunez eskuragarri jartzeko.

Halaber, kontratatutako inmigrazio-teknikariek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

3.1.– Immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko euskal politika diseinatzen, egikaritzen eta ebaluatzen laguntzea.

3.2.– Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak edo EAEko toki-entitateek, tokiko organismo autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek sustatutako alderatze- eta sare-laneko espazioetan parte hartzea.

3.3.– Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzarekin batera koordinatzea haren mende dauden zerbitzuak, inmigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloan Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak sustatu eta zuzendutako politika eta estrategia orotan.

14. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Entitate hauek izan daitezke inmigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzen onuradun:

a) EAEko toki-entitateak.

b) EAEko tokiko organismo autonomoak.

c) EAEko tokiko merkataritza-sozietateak.

2.– Deialdi honetako laguntza ekonomikoak eskatzen dituzten EAEko tokiko merka-taritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Kapital sozialak titulartasun publikokoa izan behar du, oso-osorik.

b) EAEko udalek osatu behar dute bazkideen gehiengoa.

c) Parte hartzen duten udaletako alkateek berariaz izendatuak behar dute izan eskatutako dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko.

15. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

2025eko ekitaldian, 480.000,00 euro bideratuko dira dirulaguntza-lerro honetara, eta diru horrekin, gehienez, inmigrazio-teknikarien 16 kontratu finantzatuko dira EAEko toki-entitateetan, tokiko organismo autonomoetan eta tokiko merkataritza-sozietateetan.

16. oinarria.– Banaketa-prozedura eta -irizpideak.

1.– Eskaera garaiz eta itxuraz egiten duten eta ezarritako baldintza subjektiboak eta objektiboak biltzen dituztela egiaztatzen duen eskatzaile guztiek izango dute dirulaguntza jasotzeko eskubidea.

2.– Diruz lagundu daitezkeen inmigrazio-teknikarien lanpostu guztiek 2024an zeudenen jarraipena izan beharko dute.

3.– Entitate eskatzaileek behar bezala justifikatu beharko dute beren udalerrian inmi-grazio-teknikariak kontratatzen segitzeko beharra.

4.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak 2025eko ekitaldiari dagokion langileen kostua finantzatuko du, urtean 30.000,00 euroko zenbatekoarekin, lanaldi osorako kontratatutako inmigrazioko teknikari bakoitzeko. Zenbateko hori kontratatutako langilearen lanaldi-dedikazioaren ehunekoaren arabera murriztuko da. Finantzaketa ez da inola ere handiagoa izango finantzatutako kontratazioaren kostu egiaztatua baino.

17. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen entitate onuradunen betebeharra izango da zehaztea eta egiaztatzea langileen (hots, Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak emandako laguntza ekonomikoaren bidez kontratatutako eta ordaindutako langileen) gaitasun eta prestakuntza teknikoa eta profesionala.

III. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN BIGARREN LERROA
IMMIGRAZIOAREN ETA KULTURARTEKO BIZIKIDETZAREN ARLOKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK

18. oinarria.– Berariazko xedea.

1 – Ildo honen xedea da finantziazioa ematea honako arlo hauetako jarduerak egin edo burutzeko: herritarren eskubideak eta betebeharrak, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzea, diferentziarako eskubidea aitor dadin sustatzea, trukerako eta elkarreragin positiborako guneak sortzea, etorkinak gizarteratzea, harrera- eta bizikidetza-planak egitea, eta, oro har, herritartasunaren, kulturartekotasunaren eta inmigrazioaren eremuekin lotutako jarduerak egitea, Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren 2022-2025eko Kulturarteko VI. Planaren printzipio gidarien arabera.

2.– Ez da laguntzarik emango inmigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren arloko jardueretarako, jarduera horiek Eusko Jaurlaritzaren Laguntza Juridikoaren, Integrazioaren eta Kultura arteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren (Biltzen) katalogoan eskainita badaude eta aipatutako zerbitzuak egin baditu.

19. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Entitate hauek izan daitezke inmigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jarduerak prestatu eta egiteko laguntzen onuradun:

a) EAEko toki-entitateak.

b) EAEko tokiko organismo autonomoak.

c) EAEko tokiko merkataritza-sozietateak.

2.– Deialdi honetako laguntza ekonomikoak eskatzen dituzten EAEko tokiko merkataritza-sozie-tateek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Kapital sozialak titulartasun publikokoa izan behar du, oso-osorik.

b) EAEko udalek osatu behar dute bazkideen gehiengoa.

c) Parte hartzen duten udaletako alkateek berariaz izendatuak behar dute izan, eskatutako dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko.

3.– EAEko toki-entitate batek baino gehiagok batera egin ditzakete eskabideak, zerbitzu mankomunaturik ez izan arren. Eskabide bateratuak eginez gero, berariaz adierazi behar dituzte entitate bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko laguntza-zenbatekoa, denak izango dira-eta onuradun. Era berean, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, elkarte horri onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko nahikoa ahalmen izango duena. Toki-entitateen talde hori ezingo da banatu Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako nahitaezko epea igaro arte.

20. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntza-lerro honek 850.000,00 euro izango ditu esleituta 2025. urtean.

2.– Diruz lagundutako EAEko toki-entitateek, tokiko organismo autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek dirulaguntza honen xede den aurrekontu osoaren % 25 finantzatu beharko dute gutxienez.

3.– Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak eskabide bakoitzean aurkeztu diren jardueren aurrekontu osoaren % 75 finantza dezake, betiere gainfinantzaketarik ez badago.

4.– Beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak ematen badituzte, emandako dirulaguntzaren proiektu/programaren aurrekontu osoa murriztu egingo da.

5.– Entitate onuradun bakoitzari emandako dirulaguntza ez da inola ere 40.000 eurotik gorakoa izango.

21. oinarria.– Hitzarmena.

Emandako dirulaguntza emateko eta onartzeko, agindu honen V. eranskinean adierazitako hitzarmena sinatu beharko dute Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak eta diruz lagundutako toki-entitateek, tokiko organismo autonomoek edo tokiko merkataritza-sozietateek, hilabeteko epean, ebazpena interesdunei jakinarazten zaienetik hasita.

22. oinarria.– Jarraipen Batzordea.

1.– Aurreko oinarrian aipatutako hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren eta toki-erakundeen, tokiko erakunde autonomoen eta tokiko merkataritza-sozietateen artean sinatuko da, eta honako hauek osatuko dute:

– Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzako zuzendaria edo hark eskuordetzen duena; batzordeburua izango da.

– Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzako bi teknikari; haietako bat idazkaria izango da.

Batzorde hori urtean behin bilduko da, gutxienez, hitzarmen hau gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko eta hitzarmenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko.

2.– Jarraipen Batzordeak honako eskumen hauek izango ditu:

– Hitzarmena interpretatzean eta betetzean sortzen diren arazoak konpontzea, eta alderdi sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea.

– Emandako laguntzen xedea gainbegiratzea eta jarduketen gainfinantzaketarik ez dagoela egiaztatzea.

3.– Emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua ziurtatzeko neurri egokiak hartuko dira, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren 3.10 artikuluan jasotako jarduera-printzipioaren esparruan.

23. oinarria.– Banaketa-prozedura eta -irizpideak.

1.– Jardueretarako laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera. Balorazio Batzordeak zehaztuko du zenbat puntu lortu duen proiektu edo programa bakoitzak, ondoren ezartzen diren balorazio-irizpideen arabera.

Izapidetzeko onartutako proiektuak eta programak balioetsi ondoren emango da dirulaguntza, haien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezarrita, eta 50 puntu edo gehiago lortzen dutenak izango dira dirulaguntza jasotzeko moduan, besteak ez.

Dirulaguntzak esleitzeko, balorazio-fasean lortutako puntuaziotik eratorritako beheranzko hurrenkera hartuko da kontuan, 20. oinarrian ezarritako laguntza-ehunekoa aplikatuta ateratzen den zenbatekoaren arabera.

20. oinarrian deialdiari esleitutako hornidura ekonomikoa ez bada nahikoa oinarri honen aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera hasieran kalkulatutako laguntzak osorik ordaintzeko, laguntza horiek murriztu egingo dira. Hala egiten bada, amaierako zenbatekoek eta hasieran kalkulatutakoek proportzio berdina gorde beharko dute, laguntzen diru-kopuru orokorrarekiko.

2.– Dirulaguntza-lerro honetan aurkeztu eta onartutako proiektuak eta programak balioesteko, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

2.1.– Jardueraren bitartez erantzuna eman nahi zaion egoeraren eta jardueraren helburuen garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradunen kopurua barne: 25 puntu, gehienez.

2.1.1.– Proiektuak edo programak landuko duen egoera berariaz jasota egotea herritartasunari, kulturartekotasunari eta/edo bizikidetzari buruzko legeetan eta planetan: 10 puntu, gehienez.

2.1.2.– Esku-hartzearen xede den egoerak ahulezia edo zaurgarritasun sozialeko edo gizarte-bazterketako arrisku handiak sortzea: 5 puntu, gehienez.

2.1.3.– Jardueraren onuradun kopurua: 5 puntu, gehienez.

2.1.4.– Proiektuaren edo programaren helburuak berariaz jasota egotea herritartasunari, kulturartekotasunari eta/edo bizikidetzari buruzko legeetan eta planetan: 5 puntu, gehienez.

2.2.– 2022-2025eko Herritartasun, Immigrazio eta Asiloaren Kulturarteko VI. Jarduera-planean ezarritako ildoetan kokatzea: 25 puntu, gehienez.

2.2.1.– Enplegua, prestakuntza eta eskola-arrakasta eskuragarri izateko ildoa, integratzeko, erabateko herritartasuna lortzeko eta baliabideak mobilizatzeko bideak diren aldetik: 5 puntu, gehienez.

2.2.2.– Euskararen ikaskuntza gizarteratze-mekanismo gisa sustatzeko ildoa: 5 puntu, gehienez.

2.2.3.– Parte-hartzea, kultura-aniztasuna eta bizikidetzaren ildoa: 5 puntu, gehienez.

2.2.4.– Diskriminazioaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren ildoa: 5 puntu, gehienez.

2.2.5.– Proiektuak alderdi berritzaileak izateko ildoa: 5 puntu, gehienez.

2.3.– Erreferentzia-irizpide hauen betetze-maila: 20 puntu, gehienez.

2.3.1.– Arreta-premia sortu, luzatu edo areagotzea saihesteko esku-hartzeak: 2 puntu, gehienez.

2.3.2.– Familiako eta komunitateko sareetan bermatutako esku-hartzeak, sostengua emateko eginak: 2 puntu gehienez.

2.3.3.– Arreta pertsona bakoitzaren premietara egokitzea: 3 puntu, gehienez.

2.3.4.– Pertsonak hartzen dituen zerbitzuen eta zerbitzu horiek ematen dituzten sistemen arteko doitasuna, jarraitutasuna eta arintasuna eta indar biderkatzailea: 3 puntu, gehienez.

2.3.5.– Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzea beren gizarte-ingurunean: 2 puntu, gehienez.

2.3.6.– Erreferentziako komunitatearekin lotura hurbila duten baliabideak eskaintzea eta, aldi berean, horiekin sentsibilizazioa lantzea: 2 puntu, gehienez.

2.3.7.– Plangintza estrategikoa, komunikazio integratzailea, jakintzaren eraikuntza, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta eraginaren ebaluazioa, bikoizketarik gerta ez dadin: 3 puntu, gehienez.

2.3.8.– Genero-ikuspegia: 3 puntu, gehienez.

2.4.– Koordinazioa jarduketak hartzen duen eremuko beste eragile sozial eta instituzional batzuekin, izan tokiko, lurraldeko edo autonomiko, eta sektore publikoko beste entitate batzuekin: 20 puntu, gehienez.

2.4.1.– Koordinazioa tokiko beste eragile sozial eta instituzional batzuekin: 5 puntu, gehienez.

2.4.2.– Koordinazioa probintziako beste eragile sozial eta instituzional batzuekin: 5 puntu, gehienez.

2.4.3.– Koordinazioa autonomia-erkidegoko beste eragile sozial eta instituzional batzuekin: 5 puntu, gehienez.

2.4.4.– Koordinazioa sektore publikoko beste eragile sozial eta entitate batzuekin: 5 puntu, gehienez.

2.5.– Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, barnean hartuta diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna: 10 puntu, gehienez.

2.5.1.– Proposamenaren diseinua: 4 puntu, gehienez.

2.5.1.1.– Egoera edo arazoa, horren sorburuko arrazoiak, eragiten dituen ondorioak eta esku-hartzearen xedeko biztanleria identifikatu eta deskribatzea: puntu 1, gehienez.

2.5.1.2.– Helburu orokorrak eta espezifikoak (zehatzak, neurgarriak, behagarriak, egingarriak eta ebaluagarriak) identifikatzea, espero diren emaitzak adieraztea eta jarduerekiko harreman efikaza eta efizientea izatea: puntu 1, gehienez.

2.5.1.3.– Egingo diren jardueren egitura eta tenporalizazioa: puntu 1, gehienez.

2.5.1.4.– Jarduerak egiteaz arduratuko diren pertsonak identifikatzea, bai eta haien gaitasuna, eskarmentua eta proiektuari eskainiko dioten denbora ere: puntu 1, gehienez.

2.5.2.– Ebaluazioa: 3 puntu, gehienez.

2.5.2.1.– Ebaluazio-sistema eta adierazle neurgarri eta esanguratsuak zehaztea, bai eta ezarritako adierazleei dagokien informazioa lortzeko erabiliko diren tresnak eta metodoak ere: 3 puntu, gehienez.

2.5.3.– Bideragarritasuna: 3 puntu.

2.5.3.1.– Proiektua edo programa entitatearen estrategia edo plangintza handiago batean kokatzea: puntu 1, gehienez.

2.5.3.2.– Aurreikusitako gastuen eta bitartekoen arteko koherentzia: puntu 1, gehienez.

2.5.3.3.– Erabilitako bitartekoen eta aurreikusitako emaitzen arteko koherentzia: puntu 1, gehienez.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala