
122. zk., 2025eko ekainaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (240 KB - 20 orri.)
- EPUB (314 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2934
AGINDUA, 2025eko ekainaren 10ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Agindu horren bidez, Bizkaiko Golkoan izurde arruntaren (Delphinus delphis) eta beste zetazeo txiki batzuen nahi gabeko harrapaketak murrizteko, arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko 2025. urterako laguntzen oinarriak ezartzen dira eta deialdia egiten da.
Arrantza-jarduerak garatzean, noizean behin eta arrantza-aparailuaren arabera, arrantza-ontziek arrantzaren xede ez diren beste itsas espezie batzuei kalte egiten diete, baita Europako legediak kontserbatzen eta babesten dituenei ere, itsas ingurune bera partekatzen dutelako. Hori da, hain zuzen, Bizkaiko Golkoko hainbat zetazeo-espezie txikirekin gertatzen dena. Azken urteotan arreta berezia jaso dute, Frantziako kostaldean hondartze kopuruaren gorakada nabarmena hauteman delako, batez ere neguko hilabeteetan; askotan, arrantza-aparailuen ondoriozko kalteen zantzuak agertzen dira, adibidez, sareen markak gorputzean.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 Erregelamenduak ezartzen duenez, Arrantza Politika Erkidearen helburuetako bat da bermatzea arrantza-jarduerak ingurumenaren aldetik jasangarriak direla epe luzera eta koherentziaz kudeatzen direla, horrela, onura ekonomikoak, sozialak eta enplegukoak sortzeko, eta elikagaiak eskuragarri egon daitezen laguntzeko –Erregelamendu horrek, Arrantza Politika Erkideari buruzkoak, Kontseiluaren (EE) 1954/2003 eta (EE) 1224/2009 Erregelamenduak aldatzen ditu, eta Kontseiluaren (EE) 2371/2002 eta (EE) 639/2004 Erregelamenduak eta Kontseiluaren 2004/585/EE Erabakia indargabetzen ditu–. Bestalde, ezartzen du politika horrek ikuspegi ekosistemiko bat aplikatuko diola arrantzaren kudeaketari, arrantza-jarduerek itsas ekosisteman ahalik eta kalte gutxien eragiten dutela bermatzeko, eta datu zientifikoak jasotzen lagunduko duela.
2019ko ekainaren 20ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2019/1241 Erregelamenduak, arrantza-baliabideak kontserbatzeari eta itsas ekosistemak neurri teknikoekin babesteari buruzkoak, espezie sentikorren nahi gabeko harrapaketak murrizteko arintze-neurriak ezartzen ditu XIII. eranskinean –erregelamendu horrek Kontseiluaren (EE) 2019/2006 eta (EE) 1224/2009 erregelamenduak aldatzen ditu, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 1380/2013, (EB) 2016/1139, (EB) 2018/973, (EB) 2019/472 eta (EB) 2019/1022 erregelamenduak ere, eta Kontseiluaren (EE) 894/97, (EE) 850/98, (EE) 2549/2000, (EE) 254/2002, (EE) 812/2004 eta (EE) 2187/2005 erregelamenduak indargabetzen ditu–.
Batzordearen 2024ko irailaren 30eko (EB) 2024/3089 Erregelamendu Eskuordetuak (EB) 2019/1241 Erregelamenduaren XIII. eranskina aldatzen du eta 4. puntu berria eransten du: «Neurri bereziak Bizkaiko Golkoan (IENBren 8. azpieremua)». Honako hau jasotzen du 1. apartatuan, «Arrantza debekatzea» izenekoan: «Debekatuta dago Frantziako uretan arrantza egitea Frantziako eremu ekonomiko esklusiboaren kanpoko mugaraino, IENBren 8. azpieremuaren barruan, 2025eko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra bitartean, ontzian honako sare hauek daramatzaten 8 metro baino gehiagoko ontzientzat: arrantza pelagikoko sareak (PTM, OTM), bikoteko hondoko arraste-sareak (PTB), ingurasare ixtekodunak (PS), hondoko mailasareak (GNS), tresmailak (GTR) edo mailasare eta tresmail-sare konbinatuak (GTN)».
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduak ezarritako Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (EIAAF) bidez, konpentsazio bat eman ahal izango da arrantza-jarduerak aldi baterako eten behar izatearen truke, Erregelamenduan bertan aurreikusten diren inguruabar jakin batzuetan. Hala ondorioztatzen da 21.2.c) artikuluan agintzen dena kontuan hartuta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko (EB) 1380/2013 Erregelamenduaren 13. artikuluarekin lotuta (arrantza-politika erkideari buruzkoa).
Abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretua (Europako Itsas eta Arrantza Funtsa garatzekoa, arrantza-jarduera behin betiko eta aldi baterako eteteko laguntzei buruzkoa) arrantza-sektorea antolatzeko oinarrizko legeetako bat da, haren azken xedapenetako lehenengoari jarraikiz. ED horren 12.1.a) artikuluak ezartzen duenez, arrantza-jarduera aldi baterako eten behar izatea konpentsatzeko laguntza eman ahal izango da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduan (Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen duena) ezarrita dauden kasuen esparruan. Duela gutxi, abenduaren 5eko 1013/2023 Errege Dekretuak aldatu egin du abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretua; hark armadoreentzako baremoak eguneratzen ditu, arrantza-jarduera aldi baterako eten behar izatearen ondoriozko kalte-ordainak kalkulatzeko.
Era berean, abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretuaren 17.1.b) artikuluaren arabera, laguntzaren xede den arrantza-tokian ontziak egiten duen arrantza-jarduera ezartzen du arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko laguntzetarako balorazio-irizpide gisa. Kasu honetan, laguntzen onuradun izango dira 8 metro baino gehiagoko ontziak, baldin eta aparailu hauek badituzte: arrantza pelagikoko sareak (PTM, OTM), bikoteko hondoko arraste-sareak (PTB), ingurasare ixtekodunak (PS), hondoko maila-sareak (GNS), tresmailak (GTR) edo maila-sare eta tresmail-sare konbinatuak (GTN), betiere Frantziako uretan gutxienez 1 eguneko jarduera izan badute, Frantziako eremu ekonomiko esklusiboaren kanpoko mugaraino, IENBren 8. azpieremuaren barruan, 2024ko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra bitartean eta 2025eko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra bitartean.
Agindu honen bidez, EAEko flotak arrantza-jarduera aldi baterako eten behar izan konpentsatzeko laguntzen deialdia egiten da, Batzordearen 2024ko irailaren 30eko (EB) 2024/3089 Erregelamendu Eskuordetuan ezarritakoaren ondorioz. Erregelamendu horrek (EB) 2019/1241 Erregelamenduaren XIII. eranskina aldatzen du, eta 4. puntu berria gehitzen du: «Debekatuta dago Frantziako uretan arrantza egitea Frantziako eremu ekonomiko esklusiboaren kanpoko mugaraino, IENBren 8. azpieremuaren barruan, 2025eko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra bitartean, ontzian honako sare hauek daramatzaten 8 metro baino gehiagoko ontzientzat: arrantza pelagikoko sareak (PTM, OTM), bikoteko hondoko arraste-sareak (PTB), ingurasare ixtekodunak (PS), hondoko maila-sareak (GNS), tresmailak (GTR) edo maila-sare eta tresmail-sare konbinatuak (GTN)».
Agindu hau honako hauetan xedatutakoaren mende dago: 8/2024 Legea, abenduaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta bi arau hauetan bildutako oinarrizko erregulazioa: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken horren erregelamendua onartzen duena.
Azkenik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz, adierazi behar dugu laguntzen programa hau ez dagoela jasota Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Plana Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen). Hala ere, martxan jartzen diren sustapen-neurriek asko laguntzen dute bertan ezarritako erronka estrategikoak eta helburuak lortzen, zehazki arrantza-flota egokitzeko eta haren jarduera kudeatzeko orduan (jasangarritasun sozialera eta ekonomikora bideratuta eta ingurumena errespetatuta).
Ekainaren 30eko 7/1981 Legeak, Jaurlaritzari buruzkoak, 26.4 artikuluan arautzen du sailburuen eskumena dela, besteak beste, eta Jaurlaritzako kide diren aldetik dituzten eskumenak galarazi gabe, haien sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea.
Horregatik,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2025erako oinarriak eta deialdia.
2025eko ekitaldiko oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, Bizkaiko Golkoan izurde arruntaren (Delphinus delphis) eta beste zetazeo txiki batzuen nahi gabeko harrapaketak murrizteko asmoz arrantza-jarduera aldi baterako eten behar izan duten eta oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duten ontziei laguntzak emateko (agindu honen I. eranskinean jasotzen dira).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 10a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2025eko ekitaldirako laguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, Bizkaiko Golkoan izurde arruntaren (Delphinus delphis) eta beste zetazeo txiki batzuen nahi gabeko harrapaketak murrizteko asmoz arrantza-jarduera aldi baterako eten behar izatea konpentsatzeko. Jarduera-etena agintzen du Batzordearen 2024ko irailaren 30eko (EB) 2024/3089 Erregelamendu Eskuordetuak, (EB) 2019/1241 Erregelamendua aldatzekoak, Bizkaiko Golkoan izurde arruntaren (Delphinus delphis) eta beste zetazeo txiki batzuen nahi gabeko harrapaketak murrizteko neurriei dagokienez.
2. oinarria.– Finantzaketa.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen gehieneko guztizko zenbatekoa 263.750,00 euro da. Funts horietatik 184.625,00 euro, hau da, % 70, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari (EIAAF) dagozkio, eta gainerako % 30a, hau da, 79.125,00 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrari, zeinak 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituak baitira. Laguntzen zenbateko osotik 150.050 euro armadoreentzat izango dira, eta 133.700 euro arrantzaleentzat.
2.– Deialdi honen barruan emango diren laguntzek ezingo dute gainditu aipatutako aurrekontu-zuzkidura. Horrenbestez, zenbateko oso hori agortu ondoren ez dira laguntza gehiago emango. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da inguruabar hori, Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.
3. oinarria.– Onuradunak.
Honako hauek izan daitezke agindu honetan iragartzen diren laguntzen onuradunak:
1.– Aldi baterako etenaldiak eragindako arrantza-ontzien armadoreak, Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian aktibo gisa erregistratuta badaude eta laguntza-eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera gauzatu badute. Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteen eta ondasun-erkidegoen kasuan, kide guztiek sinatutako dokumentua aurkeztu beharko dute eskaera egiterakoan. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: kide bakoitzak bere gain hartzen duen egikaritze-konpromisoa partaidetza-ehunekoaren arabera eta elkartearen edo ondasun-erkidegoaren ordezkariaren izena.
2.– Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko bi urte zibiletan, gutxienez 120 egun itsasoan lan egin duten arrantzaleak, jarduera aldi baterako geldiarazi izanak eragindako arrantza-ontzietan ibili badira.
3.– Lehenengo apartatuan jasota dauden eta aldi baterako geldialdiak eragindako arrantza-ontzi batean eskifaia-kide gisa erroldatuta dauden arrantza-ontzietako armadoreek arrantzaleentzako laguntza jasotzeko eskubidea izango dute (aurreko apartatuan jasotzen dena).
4.– Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa izango da urte zibila.
4. oinarria.– Onuradun izateko debekuak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako edozeinetan dauden entitateak:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratu izan direnak.
d) Lege hauetan jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
f) Egunean ez dutenak dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
g) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
h) Administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zigortuta daudenak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
j) LGTBIfobiaz jokatu dutenak, edo hura bultzatu edo sustatu dutenak, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Berreskuratze-agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
l) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa adierazi ez dutenak.
2.– Lehenengo apartatuko b), d), e), f) eta j) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.
3.– Lehenengo apartatuko e) letran jasotako debekua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
4.– Artikulu honen 1. apartatuko a), g), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren noiz artekoa. Halakorik ez badago, debekuaren noiz artekoa erregelamenduz erabakitako prozeduraren bidez ezarriko da, baina ezingo du iraun bost urte baino gehiago epai irmorik ez badago.
5.– Artikulu honen 1. apartatuaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren noiz artekoa zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.
6.– Entitate eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena jaso baino lehen, egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Betebehar hori betetzen jarraitu beharko dute, gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak, horren aurka azalduz gero, bere kabuz bilatu eta aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
7.– Onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 1. apartatuan adierazten dira debekuak–, bide hauek dituzte entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, betiere Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez administrazio-agintaritza edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.
5. oinarria.– Onuradun izateko betekizun espezifikoak.
1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduaren 11. artikuluaren arabera (Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen duena eta (EB) 2017/1004 Erregelamendua aldatzen duena), ezin izango dira onuradun izan honako egoera hauetakoren batean dauden eskatzaileak:
– Eskaera ezin onartuzkoa izatea dakarren arau-hauste astun bat egin dutenak, (EE) 1005/2008 Erregelamenduaren 42. artikuluari edo (EE) 1224/2009 Erregelamenduaren 90.1 artikuluari jarraikiz.
– (EE) 1005/2008 Erregelamenduko 40.3 artikuluan jasotzen den Europar Batasuneko INDNR ontzien zerrendan sartutako arrantza-ontzien edo erregelamendu horretako 33. artikuluan zehazten diren hirugarren herrialde ez-kooperanteen bandera duten ontzien ustiaketan, kudeaketan edo jabetzan nahasia egon direnak.
– Arrantza Politika Erkidearen aurkako arau-hauste astunak egin dituztenak.
– 2008/99/EE Zuzentarauko 3. artikuluan zehaztutako delituetarik bat egin dutenak.
2.– Gainera, arrantza-ontzien armadoreek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona juridikoen kasuan, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eta, pertsona fisikoen kasuan, bertan erroldatuta egotea.
b) Ontzia Ontzien eta Ontzi Enpresen Erregistroko hirugarren zerrendan egotea eta oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) Ontzia alta emanda egotea Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian, eta arrantza-lizentzia eta behar diren baimenak izatea, dagokion modalitatearen eta kalaren arabera. Ontzia aktibo dagoela jotzen da, baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira, edo, aurreko urtea bisurtea bada, aurreko 366 egunak).
d) Itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera egin izana eskaera aurkeztu aurreko bi urte zibiletan. Arrantza-ontzi batek 2 urte baino gutxiago badarama inskribatuta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian, eskaera aurkezten den egunean, ontzi horretarako eskatzen diren arrantza-jardueraren gutxieneko egunak honela kalkulatuko dira: 120 eguneko proportzioa geldialdia hasi aurreko azken 2 urte zibiletan. Horrela, betekizun hori betetzeko itsasoan eskatzen diren jarduera-egunak honela kalkulatuko dira: seirekin zatituko dira Arrantza Flotaren Erregistroko alta-egunak aldi horretan. Era berean, arrantza-ontzia ustiatzen 2 urte baino gutxiago daramaten armadoreen kasuan ere aplikatuko da sistema hori.
e) Enpresariak lan-agintaritzari egindako jakinarazpena aurkeztea, zeinaren bidez jakinarazi baita kontratuak eten direla edo lanaldia murriztu dela, eta ezinbesteko kasuetan lan-agintaritzaren ebazpena ere, Langileen Estatutuaren 47. artikuluarekin bat etorriz, geldialdia abiarazteko helburuarekin porturatu den azken egunean ontzian erroldatuta zeuden eskifaia-kide guztiei dagokienez. Kontratuen eteteak edo lanaldiaren murrizketak, ezinbesteko kasuetan, ezinbestea sorrarazi zuen egintzaren egun beretik izango ditu ondorioak, eta arrazoi ekonomikoen, arrazoi teknikoen, antolaketa-arrazoien edo produkzio-arrazoien kasuan, lan-agintaritzari jakinarazi zaion egunetik, salbu eta enpresariaren erabakian geroagoko beste bat ezartzen bada. Hala ere, ez da betekizun hori bete beharrik izango, baldin eta agiri bidez justifikatzen bada geldialdia abiarazteko helburuarekin ontzia porturatu denean ontziko eskifaia-kideen lan-kontratuak (daukaten izaeragatik) une horretan azkendu edo eteten direla, edota armadoreak ontziko eskifaia-kideak eurak badira eta Gizarte Segurantzan autonomo gisa alta emanda badaude.
3.– Aldi baterako etenaldiak eragindako ontzian dauden arrantzaleek edo armadoreek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Arrantza-jarduera aldi baterako eten izanak eragindako arrantza-ontziren batean erroldatuta egotea. Hala ere, arrantzale hauek ere jaso ahal izango dute laguntza: enpresarekin etengabeko harremana izan arren, aldi baterako etenaldiaren unean erroldatuta ez zeuden arrantzaleek –ordaindutako baimena, oporrak, eszedentzia edota ontziratzeko zain egotea, adingabearen jaiotza eta zaintza, haurdunaldiko arriskua eta edoskitze naturaleko arriskua direla eta–, artikulu honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte eta egoera hori etenaldiak dirauen bitartean bukatzen dela ziurtatzen badute.
b) Artikulu honen 1.e) apartatuan ezarritako lan-kontratuak eteteko edo lanaldia murrizteko prozeduran sartuta egotea etenaldia dela-eta porturatu zen egunean, abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretuaren 15.1.e) artikuluan ezarritako salbuespenetan izan ezik.
c) Gizarte Segurantzan alta-egoeran egotea eta etenaldian zehar etengabeko lan-harremana izatea flota geldiarazi den unean erroldatuta zeuden itsasontziko enpresa armadorearekin.
d) Itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera egin izana eskaera aurkeztu aurreko bi urte zibiletan.
e) Lan-bizitza osoan zehar, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian gutxienez hamabi hilabeteko kotizazio-aldia egiaztatzea.
f) Aldi baterako etenaldiak dirauen bitartean berriz ere arrantza-jarduerari ez ekitea, beste ontzi batean erroldatuta.
g) Arrantzaleek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ezingo dira ebazpen bidez agindutako itzulketa-prozedura batean zordun izan eta ez dira dirulaguntzak jasotzeko aukeraz gabetuta egongo epai irmo baten bidez.
6. oinarria.– Arrantza-jarduera aldi baterako eteteko betekizun espezifikoak.
1.– Jarduera aldi baterako eteteagatik konpentsazioa jasotzeko aldi konputagarria 30 egunekoa izango da, 2025eko urtarrilaren 22tik 2025eko otsailaren 20ra arte, asteko derrigorrezko atsedenaldia kenduta.
2.– Ontzian arrantza pelagikoko sareak (PTM, OTM), bikoteko hondoko arraste-sareak (PTB), ingurasare ixtekodunak (PS), hondoko mailasareak (GNS), tresmailak (GTR) edo mailasare eta tresmail-sare konbinatuak (GTN) daramatzaten 8 metro baino gehiagoko ontziek Frantziako uretan gutxienez egun bateko jarduera egin behar izan dute, Frantziako eremu ekonomiko esklusiboaren kanpoko mugaraino, IENBren 8. azpieremuaren barruan, 2022ko urtarrilaren 22tik 2022ko otsailaren 20ra bitartean eta 2023ko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra bitartean. Baldintza hori aplikatzeko, eragindako eremuan harrapaketak egin diren eguna hartuko da arrantza-jardueraren eguntzat.
3.– Jarduera eten den aldian zehar, arrantza-jarduerarik eza erabatekoa izango da, eta ontziak portuan amarratuta egon beharko du etenaldiari dagokion aldi osoan zehar; hala, ontzia ezin izango da inolako jardueratarako atera. Portu horrek ez du nahitaez oinarri-portua izan behar. Egoera hori behar bezala jasota geratu beharko da abiarazte-zerrendan; gainera, bertan berariaz adieraziko da itsasontzia arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko helburuarekin sartu dela portuan, eta, irteteko egunean, etenaldi hori amaitutzat eman dela adieraziko da.
Agintaritza eskudunak eskatutako eta segurtasun-arrazoiek eragindako itsasontziaren mugimenduak salbuetsita geratu ahal izango dira, baita mantentze-lanak eta konponketak egiteko ontzitegira egindako lekualdatzeak ere (kasu horretan, onuradunak agiri bidez egiaztatu beharko du hori). Edonola ere, jarduera zehatz horietarako itsasontziaren portu-izapideak egin beharko dira, eta irteera-eguna eta helmuga-portura iritsi den eguna adierazi beharko dira.
Era berean, eta salbuespen gisa, itsasontziaren mugimenduak onartu ahal izango dira, baldin eta debekualdian edo aldi baterako etenaldian itsasontziek itsas jai tradizionaletan parte hartzen badute. Mugimendu horiek agiri bidez egiaztatu beharko ditu onuradunak, ekitaldi horretan parte hartu duten itsasontzien zerrenda aurkeztuta. Zerrenda hori ekitaldia antolatzen duen arrantzale-kofradiak ziurtatu beharko du. Zerrendan, ekitaldian parte hartzen duten itsasontzien izena edo kodea jasoko dira, lekualdatzearen eguna eta ordua, eta zein eremutan egin den.
4.– 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduaren 21. artikuluan aipatzen diren itsasoko jarduera-egunak ofizioz egiaztatuko dira ontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuen bitartez (VMS). Ontziek gailu horiek instalatuta izateko betebeharra ez badute, ontziko egunkari elektronikoen bitartez egiaztatuko dira. Ontziek aurreko bi gailu horiek instalatuta izateko betebeharra ez badute, arrantza-egunkarien bitartez egiaztatuko dira jarduera-egunak.
Gailu horiek ontzian instalatuta izateko edo arrantza-egunkariak betetzeko betebeharra ez duten gainerako ontzien kasuan, jarduera salmenta-oharren bitartez egiaztatuko da, betiere salmenta-oharrari dagokion eguna eta lehorreratze- edo harrapatze-eguna bat datozela bermatu badaiteke; era berean, itsasoko jarduera-egunak modu fede-emailean egiaztatzea ahalbidetzen duten beste gailu, dokumentu edo bitarteko batzuk erabili ahal izango dira. Itsasontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuak dituzten itsasontzi guztiek piztuta izan beharko dituzte gailu horiek aldi baterako geldialdiak irauten duten bitartean. Aurreko bigarren paragrafoan aipatutako salbuespeneko kasuetan, helmugarako ibilbidean piztuta egon beharko du lokalizazio-gailuak, eta itsasontzian mantentze-lanak eta konponketak egiten diren bitartean itzalita edo deskonektatuta egon ahal izango da.
Itsasontziak debekualdian edo aldi baterako etenaldian, salbuespen gisa, itsas jai tradizionaletan parte hartzen badu, armadoreak edo patroiak, itsas prozesioa edo itsas jaia egin baino gutxienez zazpi egun lehenago, Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari jakinarazi beharko dio. Jakinarazpen horretan itsasontziaren izena eta kodea zehaztuko dira, bai eta ekitaldia zein egunetan egingo den eta zer ordutegi izango duen ere. Itsasontziaren lokalizazio-gailuak piztuta egon behar du egun horretan egindako ibilbidean zehar. Hala ere, ez dela arrantzan aritu frogatzeko, kontuan hartuko dira agiri bidezko beste froga batzuk ere; besteak beste, harrapaketen deklarazioak edo salmenta-oharrak, armadoreak jaiegun horretan eta jai-ekitaldi horren ondorengo zazpi egunetan arrantzan egin duen egiaztatzeko; edo ikuskapenak egin daitezke ontzian, arrantza-aparailurik ez dagoela edo guztiz jasota daudela begiratzeko.
Ontzitegian sartzeagatik lokalizazio-gailua deskonektatzen bada, ontziolak edo ontzitegiak itsasontziaren sarrera eta irteerako egunak ziurtatu beharko ditu. Kasu horretan, interesdunak horren berri emango die Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari eta laguntzak kudeatzeko organo eskudunari.
Gailuaren beraren edo itsasontziaren arazo teknikoengatik lokalizazio-gailua aldi baterako itzali edo deskonektatzen bada, armadoreak horren berri eman beharko dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari, gailuak emititzeari utzi zion ordutik 48 ordura gehienez ere. Era berean, laguntzen organo kudeatzaileari agiri bidezko froga guztiak bidaliko zaizkio, itzaltzea edo deskonexioa eragin zuten inguruabarrak egiaztatzeko. Agiri bidezko frogatzat onartuko dira itsasontzian egindako konponketen edo mantentze-lanen fakturak, baldin eta interesdunak hori alegatu badu lokalizazio-gailua itzali edo deskonektatzeko arrazoi gisa.
Lokalizazio-gailuaren bateria agortzeak eragin badu itzaltzea, interesdunak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, horren berri emango dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari, gailuak emititzeari utzi zion ordutik 48 ordura gehienez ere, eta bateria berriz kargatuko den edo ordeztu egingo den adierazi beharko da. Gehienez ere, 48 orduko epea izango du beste bat jartzeko edo 24 orduko epea berriz kargatzeko. Bi kasuetan, itzali zen orduan hasiko da epea kontatzen, eta ez dira egun baliogabeak kontuan hartuko.
Beste bateria bat jartzen bada, agiri bidezko frogatzat onartuko da bateria berriaren erosketa-faktura, eta laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari aurkeztu beharko zaio.
5.– Arrantza-jarduera eten izana behar bezala egiaztatu beharko da, portura iritsi eta berehala Itsas Kapitaintzari rola aurkeztuz; dena den, hura aurrerago ere egiaztatu ahal izango da, aurreko apartatuan adierazitako gailuen bitartez. Itsasontzia ontzitegira lekualdatu behar bada, abiarazte-zerrenda helmugako Itsas Kapitaintzan utzi beharko da.
6.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eskatuta, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak ziurtatuko du zein egun eta ordutan itzali zen gailua, baita zein egunetan egon zen itzalita eta zein egun eta ordutan konektatu zen berriro. Era berean, interesdunak zein egun eta ordutan egin zuen jakinarazpena ziurtatuko du, eta bertan adieraziko du zer alegatu zuen interesdunak itzaltzea edo deskonexioa gertatzeko arrazoi gisa.
7.– Lokalizazio-gailua itzali edo deskonektatzeko arrazoi gisa interesdunak gerora azaldutako arrazoi teknikoren bat alegatzen badu, beste proba osagarri batzuk egingo dira egiaztatzeko. Proba horien bidez, egiaztatuko da harrapaketen deklaraziorik eta salmenta-oharrik dagoen gailua itzali edo deskonektatu den egunetik geldialdiari dagokion aldi konputagarria amaitzen den egunera arte, bai eta, gutxienez, aldi konputagarria amaitu eta hurrengo zazpi egunetan ere. Zazpi eguneko tarte hori zabaldu ahal izango da, diruz lagundutako geldialdia egin duen flotak arrantzatzen duena merkaturatzeko dauden inguruabar zehatzak kontuan hartuta.
Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eskatuta, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak apartatu honetako aurreko paragrafoan aipatutako aldian egin diren harrapaketen deklarazioak eta salmenta-oharrak ziurtatuko ditu.
8.– Ontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuak (VMS) erabiliz egiaztatuko dira arrantza-jarduerak eteteari eta ontzia portuan egoteari buruzko baldintzak; hortaz, VMS gailuek piztuta egon beharko dute aldi baterako, etenaldi osoan zehar.
Aurrekoa alde batera utzi gabe, ontziek satelite bidez lokalizatzeko gailuak (VMS) izateko betebeharra ez dutenean, instrukzio-organoak ere egiaztatu ahal izango du arrantza-jarduerak eten direla eta ontzia portuan dagoela; VMS hori ez den beste baliabide batzuk erabili ahal izango ditu, hala nola arrantzako egunkari elektronikoa, itsasaldien erregistroa, salmenta-oharren bidez edo ontziaren jarduerarik eza egiaztatzen duen beste edozein agiri ofizialen bidez.
7. oinarria.– Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari zuzenduko zaizkio laguntza-eskaerak. Eskaera horretan sartuko dira 3. apartatuan ezarritako eredu normalizatua, agindu honen bidez onartua, eta 7. apartatuan eskatzen den dokumentazioa.
2.– Eskaerak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta eta helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1230404
3.– Eskaerak aurkezteko, inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da, helbide berean eskuragarri dagoena (https://www.euskadi.eus/servicios/1230404).
4.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.
6.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluaren arabera, pertsona fisikoek aukeratu dezakete Administrazioarekin harremanetan jartzea elektronikoak ez diren bitartekoen bidez; horrela, dagokion eskaera-inprimakiaren bidez eskatu ahal izango dute laguntza, eta inprimaki hori Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskura dezakete (ondoren zehazten diren helbideetan); arrantzaren arloan eskumena duen Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko zuzendaritzara jo behar dute, zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluak xedatzen duen edozein bidetatik. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:
– Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza, Donostia-San Sebastian kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.
– Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea 23, 2.– 48010 Bilbo.
– Eusko Jaurlaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua. Easo kalea 10 – 20006 Donostia.
7.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte armadoreek:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez ziurtatuko baita eskatzaileak, eskaera aurkezteko unean, agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela eta aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, agindu honen II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.
b) Eraketa-eskrituraren kopia eta identifikazio fiskaleko txartela (pertsona juridikoek), eta erroldatze-ziurtagiria (pertsona fisikoek).
c) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena egiaztatzen duen eskrituraren kopia.
d) Hirugarrenen alta-agiria, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo emandakoa aldatu nahi denean. Elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak Gainerako izapideetarako bezala, izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek eta entitateek hirugarrenaren alta lortzeko erabili beharko dute zerbitzu hori. Pertsona juridikoa bada, ahalordetze-eskritura, hala badagokio, eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan zigilatuta. Laguntza emanez gero, hura ordaintzeko, beharrezkoa izango da inskribatuta egotea Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.
e) Dagokion portuko Itsas Kapitaintzan rola gordailutu izanaren ziurtagiria, zeinak etenaldia eta etenaldiaren arrazoia berariaz adieraziko baititu.
f) Ontziaren titulartasunaren ziurtagiria, Merkataritza Erregistroak egina.
g) Enpresariak lan-agintaritzari egindako jakinarazpena, lan-kontratuak eteteko bere erabakiari buruzkoa; eta, ezinbesteko kasuetan, lan-agintaritzaren ebazpena, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak eragindako eskifaia-kide erroldatu guztiena.
h) Etenaldi osteko zerrenda-abiaraztea.
8.– Erroldatutako arrantzaleek edo armadoreek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, etenaldiak eragindako ontziaren armadoreak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da. Hala ere, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez ziurtatuko baita eskatzaileak, eskaera aurkezteko unean, agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela eta aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, agindu honen II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.
b) Lan-bizitzaren ziurtagiria, eguneratuta.
9.– Dirulaguntza-eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari zuzenean eskuratu ditzan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan.
10.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa), eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu dituzten adierazi beharko dute. Prozedurak eskatzen dituen datu eta dokumentuak kontsultatu edo bilduko eta egiaztatuko ditu Administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.
Hala ere, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Horrelakoetan, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurka egitea eragin duten arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu. Interesdunak tratamenduari aurka egiten diola adierazten badu, dokumentuak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe eskabidearen hartzaile den organoaren egiaztatze-ahalak.
11.– Laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
12.– Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela joko dela, hirugarrenaren altari dagokionez izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.
13.– Aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.
8. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela eskatzaileak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Txostena Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeari bidaliko zaio, hura baita organo eskuduna.
2.– Segidako lehia-prozeduraren bitartez ebatziko da deialdia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskatzaileek oinarri hauetan ezartzen diren betekizunak bete besterik ez dute egin beharko; haien artean ez da konparaziozko balioespenik egingo, ez eta baterako aintzatespenik ere. Egiten diren eskaerak ordenan ebatziko dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.
9. oinarria.– Behin-behineko ebazpen-proposamena.
1.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, espedientea eta aurreko oinarriko 1. apartatuak apatzen duen txostena ikusita, behar bezala arrazoitutako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.
2.– Entzunaldiaren izapidea alde batera utzi ahal izango da, baldin eta prozeduran ez badira agertzen eta ez badira kontuan hartzen interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogez bestelakoak. Kasu honetan, behin-behineko ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluari jarraikiz.
10. oinarria.– Behin betiko ebazpen-proposamena.
1.– Alegazioak aztertuta, halakorik balego, eta ondorengo apartatuetan adierazten diren alderdiak egiaztatuta, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena emango du, dirulaguntzen hartzaile izateko proposatzen den eskatzailea adierazita.
2.– Eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena jaso baino lehen, egiaztatu beharko dute dirulaguntzak itzultzeko betekizunak betetzen dituztela. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Era berean, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren IFKa eta erroldatze-agiria ere. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
3.– Onuradun gisa proposatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuz.
4.– Behin betiko ebazpenaren proposamena Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeari helaraziko zaio, hura baita ebazteko eskumena duen organoa.
5.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen proposatutako onuradunaren alde, Administrazioaren aurrean.
11. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.
Ontzietako armadoreentzako laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, aplikatu behar den baremoa erabiliko da. Kalte-ordainaren zenbatekoa honako formula hau baliatuta aterako da*:
[(kostu finkoaren prima x gt) + (lortu gabeko irabazien prima)] x egun kopurua.
*Jasoko den gutxieneko zenbatekoa: 134 euro eguneko. Gehieneko zenbatekoa: 2.000 euro eguneko.
Primak taula honen arabera kalkulatuko dira:
(Ikus .PDF)
Ondorio horietarako, tonaje gordinaren (gt) zenbakia itsasontziko inskripzio-orrian agertzen dena izango da.
2.– Erroldatuta dauden arrantzale eta armadoreentzako laguntzaren zenbatekoa dagokien zenbatekoa izango da.
3.– Armadoreentzako laguntzak kalkulatzeko diruz lagundu daitekeen aldiaren iraupena berbera izango da etenaldiak ukitutako itsasontzi guztientzat, bakoitzaren oinarri-portua edozein dela ere.
12. oinarria.– Prozedura ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitatea.
1.– Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeari dagokio laguntzak ebaztea, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak proposatuta. Hala ere, aurretik, txosten bat egin beharko da, non jasoko baita zuzendaritzaren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako eskatzaileak dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela. Ebazpenak barnean hartu beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan ezarritakoa.
2.– Ebazpenaren gutxieneko edukia:
a) Pertsona edo entitate onuradunaren nortasuna. Onuraduna nortasunik gabeko pertsona fisiko edota juridikoen talde bat izanez gero, taldearen identitateaz gain taldeko kideak ere agertuko dira, onuradun izaera izango dutenak, bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita.
b) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (EIAAF) kontura diruz lagundutako zenbatekoa.
d) Ordaintzeko modua eta epeak.
e) Agindu honen babesean eman dela.
f) Dagokionean, laguntza ukatzeko arrazoia.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta hurrengo 4. apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, entitate interesdunek ulertu behar dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 5. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluari jarraikiz.
5.– Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.
13. oinarria.– Onuradunen betebehar orokorrak.
Orokorrean, agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Eman zaien dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamar egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
2.– Eman den helburu zehatzerako erabiltzea laguntza.
3.– Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Europar Batasunaren esku jartzea arrantza-jarduera aldi baterako eten dela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.
4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, agindu honen kontura jasotako laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazio guztia ematea.
5.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, bai eta elektronikoak ere, egiaztatu eta kontrolatzeko eskatu ahal izango baitira. Era berean, Europako Batzordearen eta Europako Kontuen Auzitegiaren eskura jarri beharko dira diruz lagundutako gastuei dagozkien egiaztagiriak, bi urteko epean, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, eragiketa amaitu ostean.
6.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo ente publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost eguneko epean.
7.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri izan bezain laster jakinaraztea Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, eta, edozein kasutan, jasotako funtsen erabilera justifikatu aurretik.
8.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
9.– Diruz lagundutako gastuen eta jardueren inguruan egindako publizitate edo informazio guztietan erraz ikusteko eta ulertzeko moduan adierazi beharko da horiek alde batetik Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsarekin (EIAAF) finantzatuta daudela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduaren 60. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzaren funtsekin, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan zehaztutakoari jarraikiz.
10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezarritako eginbeharrak betetzea.
11.– Laguntza onartzeak berekin dakar onuraduna eragiketen zerrenda publiko batean sartzea. Zerrenda hori elektronikoki edo beste bide batzuetatik argitaratuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.
12.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan.
13.– Laguntza jaso duen arrantza-ontzi baten jabeak ezin izango du ontzi hori transferitu Europar Batasunetik kanpora, laguntza hori ordaindu zaion egunetik hasi eta hurrengo bost urteetan gutxienez. Ontzia denbora-tarte horretan transferitzen bada, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak bidegabe ordaindutako zenbatekoak berreskuratzeko izapideak hasiko ditu, apartatu honetan ezarritako betekizuna bete ez den aldiaren proportzioan, hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko (EB) 2021/1139 Erregelamenduaren 15. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
14. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntzak ordainduko zaizkie onuradunei, gehienez ere hiru hileko epean laguntzaren ebazpena ematen denetik aurrera.
2.– Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta izatea.
15. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin ahal izango du bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria izango da, ebazpen bidez, atzera egite hori erabat onartu eta prozedura bukatutzat joko duena entitate horri dagokionez.
2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio entitate onuradunak. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, hala egin dela jasota uzteko moduko edozein bitarteko erabil daiteke. Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du entitate horri dagokionez.
3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura bat edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura bat hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.
16. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatzen bada, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari idatziz jakinarazi edo justifikatu beharko zaio, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak.
17. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak, ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat. Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria izango organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioaren arabera.
3.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.
18. oinarria.– Bateraezintasunak.
Aldi baterako eteteko laguntza bateraezina izango da etenaldian beste edozein administrazio publikotatik edo entitate pribatutatik jasotako edozein prestaziorekin (langabezia-prestazioa, desgaitasun-prestazioa, etab.).
19. oinarria.– Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Arrantza-sektorerako laguntzak.
– Arduraduna: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza; Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.
– Helburua: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren laguntzen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.
– Hartzaileak: autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS).
– Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml
RSS