
119. zk., 2025eko ekainaren 25a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (217 KB - 16 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2839
AGINDUA, 2025eko ekainaren 17koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025. urtean kultura- eta sormen-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak arautu eta haien deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapenari eta zabalkundeari dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek musika, arte eszenikoak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen-industriak arloetan gauzatzea Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari esleitzen dio azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.
Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzen duena, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (DLO) eta lege horren Araudia (DAO) onartu duen 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa.
Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak egoki iritzi dio jardunbide bat ezartzeari, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdiei laguntzeko. Jardunbide hori, bestalde, sail horren eskumenen esparruan kokatua da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko dirulaguntzak eskainiz gauzatzekoa da, bereziki arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteetan eta sormen-jardueretan. Neurri horri esker, kultura-eta sormen-ekoizpena gizarte osoaren eskura jarri nahi da, herritar guztiek kultura- eta sormen-adierazpide horiez guztiez goza dezaten.
Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoan eta 2025eko Dirulaguntzen Urteko Planean aurreikusia da, zeinak Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko martxoaren 11ko Aginduaren bidez onartu baitziren, sailaren beraren webgunean argitaratuak biak ala biak: https://www.euskadi.eus/sail-plana/pes-2025-2028-dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhk/eu/
Bada nahikoa kreditu, eta egokia, deialdi honek onesten dituen dirulaguntzak hornitzeko, abenduaren 22ko 21/2023 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra onartzen duenak, xedatutakoaz bat.
Horren ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da kultura-arloko jaialdiak antolatzeko, 2025eko ekitaldiko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta deialdia egitea, bereziki kultura arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta sormenezko jarduerak.
Jaialditzat joko dira genero jakin baten inguruko programazio egituratua izan ohi duten kultur topaketak, iraupen mugatukoak eta normalean hainbat gunetan eta hainbat egunetan erakusten direnak. Horiek, gainera, merkatuak eta/edo lehiaketak izan ditzakete; hala ere, agindu honi dagokionez, gauzatzen den kultura-programazioa besterik ezin izango da diruz lagundu.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa, guztira, zortziehun mila (800.000) eurokoa izango da. Horietatik, 400.000 euro 2025. urteko ordaintze-kredituei dagozkie, eta 400.000 euro 2026. urterako konpromiso-kredituei. Aurkezten diren proiektuak hauetako kategoria batean sailkatuko dira, haien izaeraren arabera, kreditu hau duelarik kategoria bakoitzak:
– 340.000 euro arte bizietako jaialdiak antolatzeko (arte eszenikoak, zuzeneko musika, bertsolaritza...) (170.000 euro 2025ean eta 170.000 euro 2026an).
– 240.000 euro ikus-entzunezko arteetako jaialdiak antolatzeko (120.000 euro 2025ean eta 120.000 euro 2026an).
– 130.000 euro arte bisualetako eta literaturako jaialdiak antolatzeko (65.000 euro 2025ean eta 65.000 euro 2026an).
– 90.000 euro diziplina anitzeko eta sormenezko kultura-jardueretako jaialdiak antolatzeko (45.000 euro 2025ean eta 45.000 euro 2026an). Sormenezko jardueratzat hauek hartuko dira: argitalpenak eta bitarteko inprimatuak, kultura ondarea, arkitektura, artisautza, diseinua, sormen-gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea eta marketina eta bideojokoak.
2.– Nahikoa eskabide ez dagoelako nahiz aurkeztutako proiektuek ez dutelako gainditzen balorazio-faseko gutxieneko puntuazioa kategoria bati esleitutako zuzkidura ez bada agortzen, Kudeaketa-zuzendaritzak geldikina beste kategorietara bideratzea proposatu ahalko du, hartara finantzatzeko kategoria horietan zuzkidura amaituta hasiera batean ez lagundutzat jotako proiektuetan ongien baloratutakoak.
3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Agindu hau argitaratzen den egunean jarduteko gaitasun juridiko osoa duten eta, edozein delarik ere haien eraketa juridikoa, baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko zein juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak agindu honen babesean, betiere 1. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiten badituzte.
Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordaintzerakoan, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 2., 3. eta 4. artikuluek ezarritakoak bete beharko dira.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
2.– Ezin izango dira onuradun izan:
a) Administrazio Publikoak zein horietako baten sektore publikoko erakundeak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko Aurrekontu Orokorraren kontura helburu bererako dirulaguntza izendunen bat edo proiektu bera egiteko nahiz haren zati bat egiteko emandako beste dirulaguntzaren bat esleitua dutenak.
c) Ikastetxeak zein arte-, musika, dantza eta bestelako arte-diziplinetako ikastegiak.
d) Zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak ez dituztenak bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean ez daudenak ere. Betekizun horiek ematen den dirulaguntza kitatu artean atxiki beharko dira beterik, eta, beraz, laguntzak esleitzeko unean zein, hasierako ziurtagiria iraungi delako hala egokitzen bada, ordainketak egiteko unean egiaztatuko da betetzen diren.
e) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan 23.2 artikuluan ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta, dagokion zehapenean ezarritako aldian.
f) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duten eskatzaileak.
g) Berreskuratzeko agindu baten menpe diren enpresak, Europar Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
h) Pertsona edo erakunde eskatzaileak ezin izango du deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu, baldin eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik badu, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik badu.
i) Ezin izango zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalik jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, dagokion zehapenak ezartzen duen aldian.
j) Enpresa-deslokalizarioren bat egin duten enpresak, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.
k) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartzen diren eskatzaileak direnean bakarrik, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, lege honen Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzazioa edozein dela ere.
4. artikulua.– Jarduerek bete beharreko baldintzak.
1.– Dirulaguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta haien edukia batez ere kulturala izanik, programazio artistikoak espezializazio-maila handikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-panoramarako interes berezikoa izan beharko du.
b) Dirulaguntzen deialdi honetara aurkezten diren programak edo jarduerak ekonomikoki bideragarriak izan behar dira, eta aurrekontu orekatua aurkeztuko dute horren erakusgarri.
Gutxienez 20.000 eurokoa izango da aurrekontua; halaber, eskatu beharreko gehieneko dirulaguntza 45.000 eurokoa eta gutxienekoa, berriz, 7.000 eurokoa izango dira. Aurrekontuaren autofinantziazio-maila gutxienez % 20koa izan beharko da, halakotzat hartuta iturri publikoetatik ez datorren frakzioa (alegia, norberak egindako ekarpena, gehi mezenas pribatuek egindakoa, gehi jarduerak berak eragindako diru-sarrerak, hala nola publizitatea, sarrerak nahiz bestelako ondasun eta zerbitzuak saltzeak eragindakoak).
c) Diruz lagundu beharreko jarduerek herritarrei oro har irekiak izan beharko dute, ekitaldi kolektiboetan eta aurrez aurre, uneoro errespetatuta indarrean dauden arauak.
d) Aurretiko nahiz ondorengo faseak (prestatzeko nahiz ixtekoak edo baloratzekoak) gorabehera, jendaurreko jarduerak epe mugatu batean gauzatu beharko dira, inola ere ez bi egun baino laburragoa, ez eta bi hilabete baino luzeagoa ere.
e) Marketin, publizitate eta komunikazio publikoko material guztiak gutxienez ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) argitaratu beharko dira.
f) Jaialdiak aldikakoak izango dira eta irauteko bokaziodunak.
g) Ez dira jaialditzat hartuko, bira artistikotzat baizik, ikuskizun beraren hainbat emanaldi aurreikusten dituzten proposamenak.
2.– Deialditik kanpo geratuko dira:
a) Urte osoko kultura-programazioak eta kultura-programazio orokorrak. Halakotzat hartuko dira areto baten ohiko programazioa deialdiaren baldintzetara formalki egokitu besterik egiten ez duten proposamenak.
b) Ikastaroak eta prestakuntza-jarduerak, hala nola lantegi, mintegi eta antzekoak.
c) Izaera akademiko zein gremiala besterik ez duten ekitaldiak eta promozio- zein oroitzapen-ekitaldi puntualak.
d) Sariak eta galak.
e) Erakundeen barne-jarduerak, beren ikus-entzuleentzakoak.
f) Merkatu edo salerosketarako aurreikusitako guneak. Bakarrik kontuan hartuko da gune hauetan burututako kultura programazio profesionala, betiere, programazio horrek aurrekontu osoaren % 10 baino gehiago eramaten baldin badu.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak izango dira lagungarriak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri araugarri hauetan, laguntzak emateko ebazpenean eta haren aldaketetan ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango sekula ere merkatuan duten balioa baino handiagoa.
Sustatzailearen egiturari, mantentze-lanei eta ohiko jardunari lotutako gastuak: lokalen alokairua, finantza-gastuak, baimenak, zergak, lege-aholkua, ohiko kontsumoak (argia, ura, telefonia, internet...) eta abar ezin izango dira guztira aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.
Era berean, egitasmoaren zuzendaritzak zein kontratatutako pertsonalak eragindako gastuak ezin izango du aurrekontuaren % 30a gainditu.
2.– Lagun daitezkeen gastuetatik at geratzen dira:
a) Ondasun higiezinak eta azpiegiturak nahiz ekipamendu-ondasun inbentariagarriak erostearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin lotutako guztiak, amortizazioak barne.
b) Erakunde sustatzailearen langileen ordainak, aseguru sozialen kotizazioak eta zerga-atxikipenak.
c) Eskatzaileak berak egindako lanengatiko gastuak.
d) Diru bidezko sariak.
e) Protokolo-ekitaldiak, hala nola afari, festa, koktel eta antzekoak.
3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa. BEZaren aitorpena egin beharretik salbuetsita dauden onuradunek horren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta horiei onartuko zaie BEZa laguntzeko moduko gastu gisa.
4.– Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, betiere.
6. artikulua.– Eskatzaileen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Deialdi hau kudeatzen duen organoak egiaztatuko du, automatikoki, eskatzaileek zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Dena dela, eskatzaileek berariaz egin liezaiokete aurka horri eskabidean bertan hala adierazita, eta kasu horretan berek aurkeztu beharko dituzte baldintza horiek beteak dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak.
2.– Egoitza fiskala estatu espainiarretik kanpo izanez gero edo ziurtagiriak elkarreragingarritasun sistemaren bidez lortzea ezinezkoa denean, egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak: zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko egiaztagiriak, organo eskudunak emandakoak. Kasu bietan ere, egiaztagiriek ez dute izango sei hilabetetik gorako antzinatasuna.
3.– Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua betez, betekizun hauek bete direla egiaztatuko da eskabidearekin batera aurkeztuko diren erantzukizunpeko adierazpenen bidez:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.
– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrena, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan egotea ere, ez abenduaren 21eko 20/2023 Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzen duen 30. artikuluan xedatutakoetan, ez gizon-emakumeen arteko berdintasunaren gaineko legeetatik eratorrietan.
– Adieraziko da eskatzailea zigortze- nahiz itzultze-prozedura baten pean den, eta, baiezkoan, hura zein den esan beharko da.
– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan agindu honen lehen xedapen gehigarrian deskribatzen den de minimis erregimenari lotutako beste laguntzarik jaso duten ala ez, eta, baiezkoan, haien jatorria, helburua eta zenbatekoa zehaztuta.
– Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, enpresak berreskuratzeko agindurik ez duela.
– Enpresa-deslokalizazioan ez erortzeko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluaren arabera.
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du, eskabidean bertan, egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoetan.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabetekoa izango da. Eskabidean gutxienez aipatuko da Administrazioko zer organo, zentro edo unitateri zuzendua den.
2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira:
– Kanal elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honen 5. apartatuan adierazten diren helbideetan edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
3.– Pertsona juridikoek, autonomoek eta enpresaburu indibidualek bide elektronikoa erabiliz bakarrik aurkeztuko dituzte eskabideak, artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
4.– Eskatzaileek eskaera bana besterik ezin izango dute aurkeztu. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, lehenik aurkeztutakoa bakarrik onartuko da, sarrera-erregistroaren arabera.
5.– Eskaera-orria, eta orria bera, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren URL honetan eta administrazio-egoitzetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130711 Eskaeraren ondorengo izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, hemen egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
7.– https://www.euskadi.eus/herritarren-ziurtagiria URLan kontsulta daiteke zer identifikazio- eta sinadura elektronikoko bide onartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan.
8.– Eskabidea ordezkari baten bitartez aurkeztu nahiz aldatu ahal izango da elektronikoki; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatua izan beharko da ordezkaritza: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
9.– Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoak betetzeko. Ezinezkoa bada, ahal dela PDF formatuan aurkeztuko dira.
10.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla dakar berekin. Hori gora-behera, ordea, horien aurka helegitea egin ahal izango da.
8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazioaren esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Beraz, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu. Eskubide hori erabiliz gero, eskatzaileek jakinarazi egin beharko dute zein prozeduratan eta zein egunetan sartu diren. Administrazioak kontsulta horren aurka egin ahal izango du. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko ditu agiri horiek.
1.– Eskatzaileari berari buruzko agiriak:
Administrazioren bati dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek zein erregistrotan inskribatuta dauden adieraziko dute eskabidean, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen ekarpenik egitea.
2.– Jarduerari buruzko dokumentazioa:
– Proposamena aginduaren 12. artikuluaren 3. apartatuan xedatutako irizpideen arabera egoki baloratzeko behar diren puntuak zehaztu eta garatu egiten dituen memoria zehatza eta jaialdiaren gauzatze-egutegia. Halaber adieraziko da zer lurralde-eragin aurreikusten zaion jaialdiari. Baldin eta aurkezten den proiektua beste proiektu zabalago baten baitan antolatua bada, haren deskribapena eta aurrekontua ere gehitu beharko dira.
– Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Baldin eta eskaeran 5. artikuluak ez-lagungarritzat jotako gastu edo jarduerarik aurreikusten bada, organo kudeatzaileak horiek zuzentzeko eskatuko du.
– Beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, horren inguruko motibazioa, baina 12.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.
3.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztua izan beharko du, dela eskaerarekin batera, dela prozeduraren beste une batean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan izapidetu daiteke elektronikoki, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.
4.– Eusko Jaurlaritzaren esku dauden agiri eta datuak ez aurkezteko eskubidea dute eskatzaileek, baldin eta horiek indarrean jarraitzen badute. Eskubide hori baliatzeko, eskatzaileek datu horiek aurkezteko prozedura, organoa eta data jakinarazi beharko dituzte.
9. artikulua.– Aurkezten diren eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabidean antzemanez gero izapidera onartzeko agirietan akats formalak dituela, orobat hura baloratzeko aipatutako agirietan akatsik antzemanez gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.
Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin bat etorriz, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta daudenek, bai eta enpresaburu indibidualek eta autonomoek ere, eskaera aurrez aurre eginez gero, elektronikoki aurkeztuz zuzentzeko eskatuko zaie, eta, horretarako, eskaera elektronikoki aurkezteko eguna hartuko da eskabidea aurkezteko datatzat.
10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea, eta Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.
11. artikulua.– Dirulaguntzen muga eta bateragarritasuna.
1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurrekontu onartu osoaren % 50etik gorakoa.
2.– Diruz laguntzen diren proiektuek gehienez 45.000 euro jasoko dituzte.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituzten laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta nolanahiko baliabideekin, betiere laguntzaren intentsitatea gainditzen ez bada; kasu horretan, bidezkoa izango da dirulaguntzaren munta murriztea, dagokion mugaraino.
4.– Agindu honen 3. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoaren arabera, ez dira bateragarriak izango proiektu bererako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025erako Aurrekontu Orokorretatik datozen beste dirulaguntza batzuekin.
12. artikulua.– Proiektuak baloratzeko eta hautatzeko, eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.
1.– Agindu honetan zehaztutako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz emango dira, hurrengo puntuetan jasotako balorazio-irizpideak kontuan izanik. Aurkeztutako eskabideak puntuazio-hurrenkeraren arabera antolatuko dira.
2.– Kategoria bakoitza bere aldetik baloratuko da, eta bateko eta besteko proiektuak beren kategoriako beste proiektuekin baizik ez dira lehiatuko.
3.– Aurkeztutako eta bertan behera utzi gabeko proiektuak baloratzeko, irizpide eta baremo hauek erabiliko dira:
a) Kultura-proposamena (50 puntu).
a.1.– Programazioaren interesa eta koherentzia (10 puntu).
– 7-10 puntu. Programazioak interes eta koherentzia handia du.
– 4-6 puntu. Programazioak interes eta koherentzia ertainak ditu.
– 0-3 puntu. Programazioak interes eta koherentzia gutxi du.
a.2.– Berezitasuna eta bereizteko gaitasuna (10 puntu).
– 7-10 puntu. Programazioak berezitasun eta bereizteko gaitasun handiak ditu.
– 4-6 puntu. Programazioak berezitasun bat du, eta bitartekoak bereizteko gaitasuna.
– 0-3 puntu. Programazioak berezitasun eta bereizteko gaitasun gutxi du.
a.3.– Edukien kalitatea eta izaera berritzailea (10 puntu).
– 7-10 puntu. Programazioak kalitate eta izaera berritzaile handia du.
– 4-6 puntu. Programazioak kalitate eta izaera berritzaile ertainak ditu.
– 0-3 puntu. Programazioak kalitate eta izaera berritzaile gutxi du.
a.4.– Eragina eta parte-hartzea (10 puntu).
– Prentsan eta sare sozialetan duen eragina (5 puntu).
– Euskadiko kultura-sortzaileen eta -eragileen parte-hartze maila (5 puntu).
a.5.– Kultura-publikoa garatzea (10 puntu).
– Jaialdiko ikusleak garatzeko aukera baloratuko da, gazteei, etorkinei eta bazterturiko gizataldeei zuzendutako estrategia espezifikoak aurreikusten dituztenei puntu gehiago emanez.
b) Jaialdiaren ezaugarriak (25 puntu)
b.1.– Bideragarritasun ekonomikoa (10 puntu).
– Autofinantzaketa (5 puntu). = (PFP/PFPMax.–* 5
PFP = Eskatzailearen finantzaketa propioaren ehunekoa.
PFPMax. = Finantzaketa-ehunekorik handiena duen proiektua.
– Beste finantzaketa-iturri batzuk erakartzeko gaitasuna (5 puntu). = (PCA/PACMax.)* 5
PCA = PAPriv. + PAPub. (Finantzaketa pribatuaren ehunekoa + finantzaketa publikoko beste iturri batzuen ehunekoa).
PCAMax = Erakartze-ahalmen handiena duen proiektua.
b.2.– Ibilbidea (5 puntu).
– Aurreko edizioen kopurua, puntu 1 aurreko edizio bakoitzeko, gehienez 5 puntu.
b.3.– Tokiko lotura eta eragin-eremu geografikoa (5 puntu).
– Jaialdiak ingurune hurbilenarekin duen harremana baloratuko da (2,5 puntu).
– Bere eragin-eremu geografikoak kultura-eskaintza urria duten eremuak hartzea baloratuko da (2,5 puntu).
b.4.– Jaialdia egiten den jardunaldien kopurua (3 puntu).
4-5 egun: puntu 1.
6-7 egun: 2 puntu.
Astebete baino gehiago: 3 puntu.
b.5.– Beste jaialdi batzuekin sareak eraikitzeko gaitasuna (2 puntu).
c) Euskara: programazioan euskarak duen presentzia baloratuko da. Emanaldietan eta jardueretan euskarak duen erabileraren ehunekoaren arabera puntuatuko da (10 puntu).
– Euskararen presentzia % 90etik gorakoa den proposamena edo programazioa: 10 puntu.
– Gutxienez % 50eko euskarazko eskaintza duten proposamen elebidunak edo programazioa: 5 puntu.
– % 50etik beherako euskarazko eskaintza duten proposamenak edo programazioa: 0 puntu.
Irizpide hori ez da aplikatuko beren izaeragatik hizkuntza-presentziarik ez duten diziplinetako proiektuetan, hala nola eskulturan, dantzan, pinturan, grabatuan, musika klasikoan eta abarretan. Beraz, proiektu horien balorazio osoa egiteko, formula hau aplikatuko da: x100/90 lortutako puntuazioa.
d) Berdintasuna (10 puntu).
d.1.– Emakumeek egindako obren programazioa edo hautaketa. Emakumeen proportzioa % 40 eta % 60 artekoa bada, 5 puntu; bestela, 0 puntu.
d.2.– Eraso matxistak prebenitzeko protokolo bat izatea (5 puntu).
e) Jasangarritasuna: Erronka Garbia ziurtagiria (5 puntu). Erronka Garbia ziurtagiria dutela egiaztatzen duten jaialdiek 5 puntu izango dituzte: https://www.ihobe.eus/erronka-garbia-eta-ekitaldia-jasangarria.
4.– Puntuazio osoaren % 60 (100 puntutik 60, hain zuzen) lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira.
5.– Kategoria bakoitzean, hautatutako proiektuei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, prozedura honi jarraituko zaio:
a) Bere kategorian puntu gehien bildu dituen proiektutik hasita, eskatutako dirulaguntza esleituko zaio hari, betiere muga hauek aplikatuta: (a) eskatutako kopurua, (b) 11.1 artikuluak ezarritakoa eta (c) 11.2 artikuluak ezarritakoa. Hiru mugetan txikiena esleituko zaio eskatzaileari.
b) Prozedura errepikatu egingo da artikulu honen 5. puntuan aipatzen den irizpidea gainditzen duten hurrengo proiektu hautatuekin, lortu duten puntuazioaren arabera handitik txikira antolatuta, delako kategorian aurreikusitako zuzkidura agortu arte. Horretarako, aurreko puntuan aipatu diren mugei egokitze-faktore proportzional bat aplikatuko zaie, faktore hori izanik dirulaguntza kalkulatzen ari zaion proiektuak jaso duen puntuazioaren eta puntuazio handienaren arteko arrazoia.
c) Kategoria bakoitzerako adierazitako zuzkidurak direnak direla ere, proposamenik ez dagoelako edo proposamenek balorazio-fasean eska daitekeen gutxieneko puntuazioa gainditzen ez dutelako kategorietako baterako zuzkidura agortzen ez denean, organo kudeatzaileak soberakina bideratuko du ebatzi gabe dauden beste kategoria batzuetako proiektuak finantzatzera, baldin eta proiektu horiek diruz lagundu gabekotzat proposatutakoen artean baloraziorik onena lortu badute dagokion kategoria finantzatzeko bideratutako zenbatekoa agortzeagatik.
13. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio-batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena emango du.
2.– Balorazio-batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen batek zehaztuko du, eta haren lehen bilkura baino lehenago argitaratuko da EHAAn.
3.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria nahiz hark izendatzen duen eskuorde bat izango da balorazio-batzordearen presidentea; idazkaria, berriz, hitzarekin baina botorik gabe, zuzendariak zuzendaritza horretako teknikarien artetik izendatzen duenak jardungo du. Kide anitzeko organoaren jardunaren legaltasun formala eta materiala bermatzea izango da idazkariaren zeregina.
Batzordeko bokalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kulturaren munduko profesional independenteen artetik aukeratuko dira eta sektore guztien ordezkari adierazgarriak izango dira.
4.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoaz bat eratuko da balorazio-batzordea.
5.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluaren arabera eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, balorazioa egin ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
6.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariari egokituko zaio aurkezten diren eskabideek ezarritako baldintzak betetzen dituztela baieztatzea eta baita 4. artikuluak ezarritako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertzea eta hala badagokio guztizko aurrekontu onartua zehaztea ere.
7.– Batzordeak balorazio-irizpideetan oinarrituta eskaerak ebaluatu ondoren txostena egingo du eta bertan azalduko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluak ezarri bezala.
8.– Balorazio-batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.
9.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariaren proposamena ikusita; betiere, ebazpen horrek deialdiaren oinarrien gutxieneko edukiak jasotzen baditu, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak hala eskatzen baitu.
2.– Hartzen den ebazpenaren bidez zehaztuko da eskatutako dirulaguntza ematen den ala ez; ematen bada, datu hauek adierazi beharko dira: onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, hori urteka nola banatzen den eta dirulaguntza justifikatzeko modua. Eta ukatzen bada: eskatzailearen izena edo izen soziala, eta laguntza zergatik ukatu den.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.
4.– Ematen den ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Interesdunei bide batetik baino gehiagotatik egingo zaienez jakinarazpena, aurrena egin zaion eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
6.– Ematen diren dirulaguntzak de minimis araubidearen pean direla adieraziko da ebazpenean, haren inguruko erregelamendua aipatuta.
15. artikulua.– Jakinarazpenak.
1.– Jakinarazpen oro, eskabideak ez onartzeko ebazpenarena dela, dirulaguntzak esleitzeko eta ukatzeko azken ebazpenarena dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoari jarraikiz joko da egintzat.
2.– Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa Emateko eta Zerbitzu Publikoetara Bitarteko Elektronikoen bidez Sartzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da pertsona edo erakunde interesduna edo, hala badagokio, legezko ordezkaria edo pertsona baimendua haren edukian sartzen den unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hura jakinarazpenaren xede den egintzara sartzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da kontatzen.
Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesatuaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen bada.
3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluarekin bat etorrita, jakinarazpena gauzatu ala ez, abisu bat bidaliko zaio eskatzaileari berak eskabidean adierazitako gailu elektronikora zein helbide elektronikora, esateko jakinarazpen bat duela eskura administrazio-erakundearen egoitza elektronikoan edo gaitu den helbide elektroniko bakarrean.
4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Prozedura indarrean dagoen bitartean, pertsona eta erakunde onuradunek egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza hori ez betetzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako kopuruak itzuli behar izatea ekarriko du.
2.– Jaialdiaren katalogo eta programazio-eskuorriak gutxienez euskaraz eginak izan beharko dira beti (azaroaren 24ko Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko 10/1982 Legearen 26. artikuluak aurreikusitakoari jarraikiz).
3.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte beti:
a) Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantziazioaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.
b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
c) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.
d) Diruz lagundutako proiektua eskabidean aurkeztutako baldintzetan garatzea.
e) Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa ematea Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatu direla bermatze aldera.
f) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
g) Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik – estatukoak zein nazioartekoak – helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso dituela.
h) Onuradunak ezingo du enpresa-deslokalizariorik egin 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.
i) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluak xedatutako gainerakoak.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, laguntzaren onuraduna erregistratuta ez badago, edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan diren banku-datuak aldatu nahi baditu. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da (dagokion zerbitzuaren bidez) eta egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Agindu honen kontura esleitzen diren dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honen arabera:
a) Emandako dirulaguntzaren % 50 egiten duen zenbatekoa lehen ordainketan, emate-ebazpena jakinarazi eta dirulaguntza onartu ostean.
b) % 50 egiten duen bigarren ordainketa, Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuaren kontura: 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere emandako dirulaguntza justifikatu ostean eta 18. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz.
3.– Ez da ordainketarik egingo harik eta onuraduna egunean egon arte Gizarte Segurantzari nahiz Foru Ogasunari egin beharreko ordainketetan eta kitatu arte dirulaguntzaren bat itzuli behar duela dioen ebazpenak adierazitako zorra, halakorik bada.
18. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta kitapena.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jarduerak amaitu ondorengo hiru hilabeteko epean beherago zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, edonola ere, 2026ko martxoaren 30a baino lehen:
a) Jarduera egin ondorengo memoria justifikagarria; bertan jarduera gauzatu dutela azaldu beharko dute eta, gutxienez, agindu honen 12.3 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak bete direla aipatu.
b) Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira.
c) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzen zerrenda.
d) Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da, bai eta, hala egokitzen bada, dagokion webgunearen helbidea ere.
e) Kultura programazioan parte hartu duten emakume eta gizonen zerrenda.
f) Euskaraz burututako ekimenen zerrenda.
g) Jaialdian parte hartuko duten Euskadiko kultura-sortzaileen eta -eragileen zerrenda.
2.– Justifikazioa bide elektronikoz baizik ez da aurkeztuko https://www.euskadi.eus//nirekarpeta helbide elektronikoan nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
3.– Justifikazioak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskura, agindu honen 7.5 artikuluan adierazitako helbidean.
4.– Justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak behar bezala justifikatzen dituen onuradunak eskaera egin ondoren, Kulturako sailburuordeak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, justifikazioa amaitu aurretik eta, betiere, hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epe hori justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da luzatuko, eta inola ere ez du balioko gastua egiteko epea luzatzeko.
19. artikulua.– Emandako dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren helburua bete bada–, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso badira, edo, hala badagokio, beste edozein diru-sarrera edo dirulaguntza jaso bada, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 eta 25. artikuluetan ezarritakoen arabera.
20. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.
1.– Dirua itzultzeko arrazoiak daudela ulertuko da honako kasu hauetan:
a) Jasotako dirulaguntza, osorik edo partez, ebazpenean onartu gabeko jardueraren bat egiteko erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
d) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako edozein arrazoi.
2.– Baldin eta onuraduna nabarmen hurbiltzen bazaio proiektua erabat betetzeari eta egiaztatzen badu zalantzarik gabe jardun duela konpromisoak betetzearren, itzuli beharreko kopurua proportzioan oinarritutako irizpide gradual baten arabera zehaztuko da.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hauste erregimenaren mende egongo dira laguntza hauen onuradunak kasu guztietan.
4.– Artikulu honetan jasotako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, osorik edo zati batean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako baldintzetan eta bertan aurreikusitakoa bete ondoren.
21. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: 2025. urtean kultura-eta sormen-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntza eskabideak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea onetsi zuen azaroaren 11ko1/1997 Legegintzako Dekretua).
Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen bidez araututako dirulaguntzen programa Europako Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 EB Erregelamenduan (2023ko abenduaren 15eko EBAO L 2831) ezarritako de minimis araubidearen mende dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beharrezkoak diren mekanismo guztiak jarriko ditu abian, pertsona edo erakunde onuradun bakar batek ere, ondoz ondoko hiru zerga ekitaldietan, dirulaguntza osoaren 300.000 euro baino gehiago jasoko ez dituela bermatzeko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta, halaber, 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, abenduaren 21ekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesatuek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS