
112. zk., 2025eko ekainaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (170 KB - 8 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
2658
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 23koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita laguntzak emateko 2025ean Birmingham-en (Alabama, Estatu Batuak) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzako kirolariei.
Segurtasun Sailaren aburuz, garrantzitsua da kirol-esparruarekin zuzenean lotuta dagoen jarduera-arlo bat sustatzea, bi helbururekin. Batetik, Ertzaintzaren irudi positiboa sustatzea hala Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan nola kanpoan. Orobat, kirol-lehiaketen balioak sustatzea, aintzat hartuta horietako asko parte-hartzaileen jarduera profesionalarekin lotuta daudela modu batera edo bestera, eta, aldi berean, parte-hartzaileok beren lanbide-jardunean baldintza fisiko optimoei hobeto eusten laguntzen dutela. Horregatik, sail honek uste du ertzainek Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzea kirol-erronka ez ezik, ertzainok erakundearen parte direla are gehiago sentitzeko eta beste kultura eta komunitate batzuekin laguntasun- eta truke-harremanak zehazteko aukera ona ere badela. Horrela, Ertzaintzaren irudi ona sustatu eta hedatuko da zeregin profesionalaren alderdi guztietan.
Segurtasun Sailak 2025. urterako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, bere helburuen artean, hau ezarri du: Ertzaintzako langileek Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte har dezaten sustatu eta bultzatzea. Aintzat hartu behar da polizia-lanak egoera fisiko berezia eskatzen duela; eskakizun hori argi geratzen baita kidegorako hautaketa-prozesuan bertan. Baina egoera horri ibilbide profesionalean zehar eutsi behar zaio. Horrenbestez, ibilbide profesionalean zehar sasoiko egotea sustatzeko, Segurtasun Sailak polizia-kidegoko kideek jarduera publikoetan parte hartzea sustatzen du, esaterako, polizia eta suhiltzaileen jokoetan. Izan ere, parte hartzea, jokoon sonagatik, akuilu eta pizgarri gisakoa da beste funtzionario batzuentzat, ariketa fisikoa eta kirola egiteko ohitura izan dezaten, sasoiko egoteko eta esparru profesionalean errendimendua eta segurtasuna areagotzeko. Eta, bestetik, horretaz gain, egiaztatu da kirol-jarduera publikoetan parte hartzea eredugarria dela, batez ere komunikabideetan duen oihartzun publikoagatik, joan diren urteetan parte-hartzearekin lortutako arrakasta kontuan hartuta. Izan ere, eragiten du gainerako funtzionarioek ikustea kirol-jardueraren bidez gaitasun fisikoari eustea komeni dela, eta, aldi berean, kirol-lorpenak taldearentzat gauza prestigiotsutzat hartzen dira. Hori dela-eta, EAEko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrek aurreikusten dute 2025ean Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte hartuko duten Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoko langile kirolariei laguntzak ematea.
Laguntza hauen helburua da 2025eko ekainaren 27tik uztailaren 6a bitartean Birmingham-en (Alabama, Estatu Batuak) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzea erraztea.
Horiek horrela, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenei jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia onestea.
Agindu honetan azaltzen diren oinarriak onestea, eta deialdia egitea 2025eko ekainaren 27tik uztailaren 6a bitartean Birmingham-en (Alabama, Estatu Batuak) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzako kirolariei dirulaguntzak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 23a.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERANSKINA
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da deialdia egitea 2025eko ekainaren 27tik uztailaren 6a bitartean Birmingham-en (Alabama, Estatu Batuak) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzako kirolariei dirulaguntzak emateko.
2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa, diruz lagun daitezkeen gastuak eta bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.
1.– Agindu honen zuzkidura ekonomikoa hogei mila (20.000,00) eurokoa da. Eskatzaile bakoitzari, gehienez ere, parte hartzeagatik benetan sortu eta justifikatutako gastuaren % 60 emango zaio, agindu honetan ezarritako mugekin; hala ere, eskabide bakoitzeko, gehienez, bi mila eta bostehun (2.500,00) euro emango dira.
2.– Egiaztatutako gastuen zenbatekoa eurotan zenbatuko da, eta laguntzak ere moneta horretan ordainduko dira.
3.– Agindu honetarako, bidaia, ostatua, mantenua eta inskripzio-kuota hartuko dira gastutzat, betiere baldintza hauekin:
a) Bidaia-gastuei dagokienez, hau ordainduko da: hautatutako garraiobidean ordaindu eta justifikatutako joan-etorriko txartelaren zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik edo, hala badagokio, penintsulatik Birmingham-eraino (Alabama, Estatu Batuak).
Halaber, ostatuaren eta lehiaketak egiteko instalazioen arteko joan-etorrien gastuak ordainduko dira, horretarako ezarritako egunetan, bai eta jokoak irekitzeko eta ixteko ekitaldietara joateko gastuak ere.
Aireporturainoko joan-etorrietarako, garraio publikoan egindako joan-etorriko txartelaren bidez justifikatutako gastuak ordainduko dira, edo, hala badagokio, kilometro-kopurua eta bidesaria, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuaren aurreikuspenen arabera; kasu horretan, bi puntuen artean zer distantzia dagoen egiaztatu beharko da, Google Maps erabilita.
b) Ostatuko gastutzat joko dira, berriz, logela eta gosaria ordaintzekoak. Gehienez ere lau izarreko hoteletan hartu beharko da ostatu; hala ere, ostatu partekatuak ere onartuko dira, eta, horrelakoetan, zati proportzionala ordainduko da.
Ostatu-gastuengatik jasoko den zenbatekoa benetan ordaindutakoa eta justifikatutakoa izango da, hurrengo apartatutan ezarritako mugen barruan.
Ostatuan ez badago gosaria ere barruan sartuta, benetan gastatu eta egiaztatutako zenbatekoa ordainduko da, baina mantenurako jarritako zenbatekoaren % 15 arte gehienez.
c) Mantenu-gastuetarako laguntzak ordaindutako eta justifikatutako zenbatekoetan emango dira, eta zenbateko horiek ezin izango dute gainditu urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan ezarritako muga (5/2012 Dekretua, urtarrilaren 17koa, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa).
Dagokion diru-kopurua sortze aldera, mantenu-gastutzat joko dira bazkaldu eta/edo afaltzekoak, banan-banan hartuta.
d) Aukeratutako modalitateetan izena emateko gastuak joko dira inskripzio-gastutzat.
4.– Deialdi honen xede diren laguntzak bateratu ahal izango dira beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin, betiere gainfinantzaketarik eragiten ez bada. Hori gertatuz gero, gehiegizko kopurua kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Ertzaintzako kirolariek eska dezakete dirulaguntza hau, betekizun hauek betez gero:
a) Ertzaintzako funtzionarioa izatea, eskabidea egiten den unean eta jokoek iraun bitartean.
b) Eskatutako laguntzaren xede den modalitateari edo modalitateei dagokien federazio-lizentzia izatea, edo, federatu gabeko kirol-jardueren kasuan, parte hartuko den modalitatean aritzen den kirol-elkarte bateko kide izatea. Edonola ere, kirol-ekitaldia egin bitartean, indarrean egon behar izan du federazio-lizentzia horrek edo elkarteko kide izate horrek.
c) Estatu Batuetarako bidaia-aseguru bat izatea, gutxienez gastu medikoak, kirurgikoak, farmazeutikoak eta ospitalekoak estaliko dituena, kirol-ekitaldia eta joan-etorria egiten diren aldian indarrean egongo dena.
d) Egunean ordainduta izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari itzultzeko betebeharrak ere. Betekizun horiek bete beharrekoak dira, bai onuradun izateko, bai izaera horri eusteko, emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Horrenbestez, dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da.
e) Segurtasun Sailak ezin badu egiaztatu artikulu honetan ezarritako betekizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabidearekin batera jasoko da.
2.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren bat dutenak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. artikulua.– Dirulaguntzako kirol-modalitate eta -diziplinak.
Aurten, 2025ean, agindu honetan adierazitako kirol-txapelketen programa ofizialetan agertzen diren kirol-modalitate eta -diziplinek eta polizia-espezialitateek hartu ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan aipatutako laguntzak lortu nahi izanez gero, bitarteko elektronikoen bidez egin behar da eskabidea, derrigor. Horretarako, egoitza elektroniko honetan sartu eta hantxe aurkeztu behar da eskabidea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217804
Eskabidearen ondorengo izapideak ere bide elektronikoz egin beharko dira, helbide hau baliatuta: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Horretarako, ziurtagiri elektroniko bat eduki beharko da, administrazio honen aurrean behar bezala identifikatzeko (IZENPE herritar-txartela, NAN elektronikoa edo antzeko beste bat). Erabil daitezkeen ziurtagiriei buruzko informazio guztia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri (www.euskadi.eus), «Nire karpeta» > «Sartu Nire karpetan» atalean.
2.– Kirolari bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, azalduta zein modalitatetarako (baterako zein bat baino gehiagotarako) eskatzen duen dirulaguntza, eta eskabidean adierazitako agiriak ere aurkeztuko ditu. Beste eskabide bat aurkezteak aurretik aurkeztutakoak baliogabetuko ditu.
3.– Eskabideak aurkezteko epea 2025eko irailaren 1etik 30a arte izango da, biak barne.
4.– Administrazioak ofizioz egiaztatuko du Ertzaintzako karrerako funtzionario izateko betekizuna betetzen den. Era berean, zerga eta Gizarte Segurantzako kontuetan bere betebehar guztiak ordainduta dituela egiaztatuko du, ofizioz egiaztatu ere.
5.– Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
Gainerako betekizunak interesdunak egiaztatu beharko ditu, dagozkion agiriak aurkeztuta, eskabideak aurkezteko epean.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Eskabideak oinarri honetan eskatutako agiriak jasotzen ez baditu, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari errekerimendua egingo zaio hamar egun balioduneko epean falta zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eramateko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, Segurtasuneko sailburuordeak horretarako ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotako moduan.
Eskabidea aurrez aurre aurkeztu bada, eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala, eta bide elektronikoz aurkez dezala. Ondore horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan eskatutakoaz gain:
a) Izena eman zuen proban edo probetan benetan parte hartu izana.
b) Segurtasun Sailak antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeran egon bitartean, agindu honetan aipatzen diren jokoak egiten direnetik hurrengo jokoak egiten diren arte, edo munduko jokoetan parte hartzen duten pertsonen presentzia egokitzat jotzen den bestelako ekitaldietan, Ertzaintzako langileek kirol-jardueretan duten partaidetza hedatzeko, zenbait balio sustatzeko neurri gisa, hala nola gaikuntza fisikoari eustea edo kirol-jarduera orori datxezkion balioak, taldean izan zein ez.
c) Emandako dirulaguntza onartzea, emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan. Zentzu horretan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egin ezean, dirulaguntza onartu duela ulertuko da.
d) Zertarako ematen den dirulaguntza, horretarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako.
e) Azalpen-memoria aurkeztea, honako hauek zehaztuta: eginiko bidaiaren egutegia, justifikatutako gastuak kronologikoki adierazita; gastuak norekin partekatu diren, hala badagokio, eta gastuak bidezkoak eta egokiak izan direla justifikatzeko balio duten gainerako kontuak. Orobat, kirolariaren izenean dauden egiaztagiri hauek erantsi beharko zaizkio memoriari: federazio-lizentzia, mediku-asegurua, inskripzioaren egiaztagiria eta dominen egiaztagiria.
f) Fakturak edo tiketak aurkeztea, deialdiko oinarrietan ezarrita dauden eta diruz lagundu daitezkeen gastuei dagozkienak. Europar Batasuneko hizkuntza ofizial batean aurkeztu beharko da dokumentazio hori.
g) Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraztea Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziok edo ente publikok nahiz pribatuk helburu bererako bestelako dirulaguntzak edo laguntzak eman dizkiola.
h) Deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzen gainean eskatutako informazioa helaraztea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
i) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman duen entitateari.
j) Segurtasun Sailak eskatzen duen informazioa ematea, bereziki betebeharrak bete izana justifikatzeari dagokionez. Informazio hori dirulaguntza ordaindu aurretik eman beharko da.
k) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
8. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko kirol-irizpideak.
Eskatzaileek, agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, gutxienez baldintza hauetako bat betetzen dutela egiaztatu beharko dute:
– Edo 2025eko agindu honetan aipatutako jokoetan 5. postua edo hobea lortu izana egiaztatzea. Taldekako probetan, nahikoa izango da taldeko partaide batek egiaztatzea postu hori.
– Edo, bestela, urrezko domina bat edo zilarrezko bi edo brontzezko hiru lortu izana 2009tik 2024ra bitartean (biak barne) izandako munduko edo Europako jokoetan, eta hala egiaztatzea.
9. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Eskatzaileen artean emango dira laguntzak, Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
2.– Agindu honen 3. artikuluko betekizunak, 7. artikuluko betebeharrak eta 8. artikuluan ezarritako kirol-irizpideak betetzen dituzten eskabideen artean esleituko da aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa.
Laguntzak esleitzeko, aldibereko konkurrentzia-prozedura bat beteko da, eta, prozedura horretan, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide guztiei emango zaizkie deialdiko laguntzak, baldin eta eskatutako betekizun objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako gehieneko muga kontuan hartuta.
Bigarren artikulu horretan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada artikulu honetako aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, dagozkion zenbatekoen laguntzak esleituko dira. Horrela ez bada, kalkulatutako zenbatekoen murrizketa proportzionala aplikatuko da, harik eta zuzkidura hori guztiei laguntza eman ahal izateko nahikoa izan arte.
10. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Giza Baliabideen Zuzendaritza izango da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta dokumentazioa egiaztatzeko organo eskuduna.
11. artikulua.– Ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta Segurtasuneko sailburuordeak ebatziko du prozedura hori.
2.– Ebazpen horretan zehaztuko da eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo kasuan, adierazi behar dira, gutxienez, onuradunaren izena eta zenbateko laguntza eman zaion. Laguntzak ukatuz gero, berriz, eskatzaileen izena eta laguntza zergatik ukatu zaion adieraziko da.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Segurtasuneko sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Ebazpena Gurenet atarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak jakinarazpenak. Argitaratzen den egunean bertan emango zaie horren berri interesdunei, eskabidean gailu elektroniko edo helbide elektroniko bat zehaztu badute harremanetarako.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta aurreko apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 22.5 artikuluan xedatutako ondorioetarako.
12. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.
Ordainketa bakarrean ordainduko dira laguntza hauek, ebazpena egin ondoren, gehienez bi hilabeteko epean eta espresuki uko egiten ez bada. Horretarako, Hirugarrenaren datuen alta eguneratuta izan beharko du onuradunak, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko agindu honetan ezarritako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek (estatukoak nahiz atzerrikoak izan) dirulaguntzak eta laguntzak ematen badituzte, eta, ondorioz, agindu honetan ezarritako mugak gainditzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion likidazio-ebazpena emango du Segurtasuneko sailburuordeak, emandako laguntzaren zenbatekoak egokitzeko.
14. artikulua.– Dirulaguntza emateko betekizunak ez betetzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko legezko berandutze-interesa, hala agintzen baitute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako lege-xedapenetan dago jasota. Batez ere honakoren bat gertatuz gero egin beharko da adierazitakoa:
a) Ez bada laguntzaren helburua betetzen.
b) Eskatutako baldintzak bete gabe jasotzen bada laguntza.
c) Ez bada betetzen agindu honen 7. artikuluan ezarritako betebeharren bat.
d) Jardueraren kostua kontuan izanda, gehiegizko finantzaketa izan bada.
e) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitakoak gertatzen badira.
RSS