Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2025eko ekainaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2629

AGINDUA, 2025eko ekainaren 5ekoa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren» 2025erako deialdia.

Urriaren 3ko 145/2023 Dekretuak «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» arautzen du. Sari horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan adinekoentzako ingurune ahalbidetzaileak sortzeko asmoz, merezi duten aintzatespen publikoa ematea lagunkoitasun berritzaile eta eraginkorrak dakartzaten jardunbide egokiei.

Dekretu horren 3. artikuluan ezartzen denez, saria urtero deituko du gizarte-politiken arloan eskumena duen sailburuak. Deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, hautagaitzak aurkezteko epea, esku-hartzearen arloa, hautatutako gaia, sariaren zenbatekoa eta epaimahaikideen izendapena.

Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenak betetzeko beharrezko aurreikuspenak jasotzen ditu agindu honek, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuaren 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartutako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2025erako «Adineko pertsonentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» delakoaren deia egitea «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» arautzen duen urriaren 3ko 145/2023 Dekretuan eta eranskinean agertzen diren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz aurreikusita ez dagoen guztirako, honako hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: 145/2023 Dekretua, urriaren 3koa, «Adinekoentzako lagunkoitasuneko jardunbide egokien saria» arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 5a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

ERANSKINA
2025ERAKO «ADINEKOENTZAKO LAGUNKOITASUNEKO JARDUNBIDE EGOKIEN SARIAREN» DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

«Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» arautzen duen urriaren 3ko 145/2023 Dekretuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» delakoaren deia egiten da, 2025. urterako. Sari horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan berrikuntza eta eraginkortasunagatik, lagunkoitasunari dagokionez, adinekoentzako ingurune lagunkoiak sortzeko nabarmentzen diren praktikak egiten dituzten erakunde publiko eta pribatuak publikoki aintzatestea.

Bigarrena.– Esku-hartze arloa eta gaia.

Deialdi honetan, Etxebizitza izango da «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» delakoaren jardun-eremua.

Horretarako, hautatutako gaia Etxebizitzen eta egoitzen eredu berrietan aurrera egitea da, bereziki belaunaldien arteko proiektuetan.

Hirugarrena.– Sariaren ezaugarriak.

1.– Saria 3.000 euro gordinekoa izango da.

2.– Saria ematea bateragarria da helburu bererako estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko edozein administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Izapideak soilik elektronikoki egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/servicios/1089406

3.– Espedientera sartzeko eta eskabidearen ondorengo izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Bosgarrena.– Hautagaitzak eta eskatutako dokumentazioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den eskabide elektronikoaren inprimakian beteko da hautagaitza: http://www.euskadi.eus/servicios/1089406

2.– Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, baldin eta eskabidea sinatu duen pertsona ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan. Hona hemen ordezkarientzako sarbidea: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/es/

b) Azalpen-memoria bat, saria eskuratzeko aurkezten den jardunbidearen ezaugarriak eta xehetasunak azaltzeko. Horrekin batera, aipatutako memorian jasotako informazioa egiaztatzeko beharrezko dokumentuak ere aurkeztuko dira, baita epaimahaiak baloratu beharrekotzat jotzen direnak ere, saria lortze aldera.

Erakundeek bete beharreko memoriaren eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089406

Seigarrena.– Sariaren kudeaketa.

Sariaren organo kudeatzailea Hirugarren Sektore Soziala eta Gizarte Ekintza Sustatzeko zuzendaria izango da.

Zazpigarrena.– Epaimahaia.

Saria merezi duen hautagaia ebaluatzeko eta hautatzeko, epaimahai bat eratuko da, eta honako hauek osatuko dute:

a) Lehendakaria: Eusko Jaurlaritzako Ongizateko sailburuordea. Ordezkoa: Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako Organoaren zuzendaria.

b) Batzordekideak:

1.– Adinekoek Parte Hartzeko Plan Integral baten aldeko Euskadiko Sare Soziala-Helduak Adi! elkarteko lehendakaria, Antonio Campos Illarramendi. Ordezkoa: Adinekoek Parte Hartzeko Plan Integral baten aldeko Euskadiko Sare Soziala-Helduak Adi! Elkarteko kidea, Lourdes Lope Gorrotxategi.

2.– Secot lankidetza teknikorako Seniors Elkarteko lehendakaria, Jose Luis Agirre Etxebarria. Ordezkoa: Secot lankidetza teknikorako Seniors Elkarteko diruzaina, Jorge García Cámara.

3.– «Agijupens» Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Federazioko lehendakaria, Francisco Martinez Girau. Ordezkoa: «Agijupens» Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Gizarte Zentroen Federazioko bazkide laguntzailea, Jose Ramón Eguren Diez.

4.– Lares Euskadiko lehendakaria, Celia Gómez Poveda. Ordezkoa: Lares Euskadiko lehendakariordea, Antzane Urigüen.

5.– EGK-Gazteriaren Euskal Kontseiluko lehendakaria: Iratxe Uriarte Eiguren. Ordezkoa: EGK-ko hezkuntza denborako teknikaria: Iratxe Ayuso Yuste.

6.– EGKko parte hartzeko teknikaria: Aitor Calvo González. Ordezkoa: EGKko hezkuntzako teknikaria, Andima Prieto de Miguel.

7.– Deustuko Unibertsitatea, Osasun Zientzien Fakultatea, M.ª Jesús Goikoetxea Iturregui. Ordezkoa: Adinekoen Arloko zuzendariorde teknikoa, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, Brígida Argote Martínez de Lagrán.

c) Idazkaria: Diana Pedraz Calvo, Hirugarren Sektore Soziala eta Gizarte Ekintza Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Iñaki Vaquero Manrique, Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria.

Epaimahaikideek ez dute ordainsaririk jasoko horregatik. Jasotako eskabideak ikusita, horien inguruan interes-gatazkarik ez dagoela dioen adierazpena sinatu beharko dute, eta, era berean, oro har ezarritako abstentzio- eta errefusatze-arrazoien mende egongo dira.

Zortzigarrena.– Sariaren erabakia.

1.– Epaimahaiak, «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» arautzen duen urriaren 3ko 145/2023 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza jasotzeko. Era berean, jasota utziko du eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako erakundeak saria eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

2.– Hirugarren Sektore Sozialaren Sustapenaren eta Gizarte Ekintzaren arloan eskumena duen zuzendariak, espedientea eta epaimahaiaren txostena aztertu ondoren, saria emateko edo deialdia bete gabe uzteko ebazpen-proposamena egingo du. Bertan, hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak adieraziko dira.

3.– Ebazpen-proposamena ikusi ondoren, gizarte-politiken arloan eskumena duen sailburuak sariaren deialdia emateko edo eman gabe uzteko agindua emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean jakinaraziko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Dirulaguntza emateko edo eman gabe uzteko agindua gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, urteko deialdiaren agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, aurkeztutako hautagaitzak ezetsi egin direla eta deialdia bete gabe geratu dela ulertu beharko da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta esanbidezko ebazpena eman beharrari kalterik egin gabe, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Sailburuak saria emateko edo eman gabe uzteko emandako eta administrazio-bidea amaitzen duen aginduaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Bederatzigarrena.– Saria ematea.

1.– Saria ekitaldi publikoan emango da, lagunkoitasunari buruzko jardunaldiaren barruan, eta horren data aldez aurretik jakinaraziko zaio saritutako erakundeari.

2.– Ekitaldi horretan, erakunde sarituak labur azalduko ditu egindako praktikaren xehetasunak, eta txeke bat emango zaio emandako sariaren zenbatekoarekin.


Azterketa dokumentala