Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2025eko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2360

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 13koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzeko deialdia egiten duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Parisko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitaterako eta Parisko Sorbonne Université Unibertsitaterako, biak Frantziar Estatuan, euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzea, honako unibertsitate hauetan aritzeko:

– Parisko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitatean eta Parisko Sorbonne Université Unibertsitatean.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Etxepare Institututik egindako diru ekarpenak:

– Parisko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitaterako hogeita hamasei mila seiehun eta laurogeita hamasei (36.696) euro ikasturteko.

– Parisko Sorbonne Université Unibertsitaterako bi mila laurehun eta berrogeita zortzi (2.448) euro ikasturteko.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletza mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko eta unibertsitateko araudiarekin bat, zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.

Unibertsitateko transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da.

2.– Unibertsitateetatik egindako diru ekarpenak:

– Parisko Sorbonne Université Unibertsitatetik bideratutako ekarpenak.

Sinatutako hitzarmenaren arabera, Parisko Sorbonne Université Unibertsitateak mila berrehun eta hogeita lau (1224) euro ordainduko ditu ikasturteko irakurlearen soldata osatzeko. Unibertsitate horrek finantzatuko du euskal kultura eta zibilizazio ikastaroa. Irakurlearen soldata emandako ikasgai kopuruaren eta unibertsitateko titulazio mailaren arabera doitzen da.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

Parisko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitaterako eta Parisko Sorbonne Université Unibertsitaterako:

Unibertsitateko graduko titulua (edo lizentzia), euskarako C1 (3. HE) maila edo baliokidea izatea eta Frantseseko B2 maila egiaztatua izatea. Behin Etxepare Euskal Institutuak hautagaien proposamena egindakoan frantsesezko ziurtagiririk ez dutenen kasuan maila hori duten ala ez frogatzeko proba egin ahal izango die Unibertsitateak hautagaiei. Halaber, Master mailako titulua izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretazio (A hizkuntza: euskara) gradua edo lizentzia dutenak lehenetsiko dira eta euskara arloko masterrak; baita euskarako C2 (4. HE) maila egiaztatuta izatea ere. Hau dena, 10. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

4. artikulua.– Lan-baldintza zehatzak helburuko unibertsitatearen arabera.

Parisko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitaterako: eskola-orduak, gehienez 192 ordu ikasturteko, 8 ordu astean.

Lehen seihilekoan, Langues et Cultures Régionales de La Péninsule Ibérique minorraren funtsezko materia bat (Histoire des langues régionales de la péninsule ibérique ou Littérature des langues régionales de la péninsule ibériques) eta hizkuntza eta kulturako hiru materia: Langue et culture basque (I, II, III).

Bigarren seihilekoan, Langues et Cultures Régionales de La Péninsule Ibérique minorraren funtsezko gai bat (Histoire des cultures régionales de la péninsule ibérique ou Arts visuels des cultures régionales de la péninsule ibériques) eta hizkuntza eta kulturako hiru gai: Langue et culture basque (I, II, III).

Irakurleak gutxienez ekitaldi zientifiko bat antolatu beharko du ikasturte akademiko bakoitzean (hitzaldi bat, mahai-inguru bat, kultur irteera bat...), action/recherche/culture materia ebaluatu ahal izateko. Finantzazioa beharko den kasuetan, irakurleak Etxeparek antolatutako ekintzen barne-deialdian aurkeztu beharko du proposamena, dagozkion baldintzak beteaz.

Parisko Université Sorbonne Unibertsitaterako: eskola-orduak, euskarazko bi ikastaro (SIAL Basque niveau A1 - Hybride), 39 ordu guztira, eta Civilisation et culture basque ikastaro bat, 13 ordu guztira ikasturteko Guztira, 52 eskola-ordu ikasturteko.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.

Hautatua deialdi honen helburu den tokian tokiko unibertsitateari atxikiko zaio, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako eta unibertsitate bertako araudiaren araberako kontratua sinatuko du eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko ditu, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaion ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehen joan-etorriaren bidaia-gastuak. Edozein salbuespen Etxepare Euskal Institutuarekin adostu beharko da. Irakurleak kudeatu beharko du Europako Osasun Txartela bidaia egin baino lehen. Halaber, irakurleak baloratu beharko du ea aseguru pribatu bat kontratatu nahi duen ala ez. Aseguru honen kudeaketa eta gastuak irakurlearen kargu izango dira.

6. artikulua.– Irakurlearen konpromiso eta betebeharrak:

– Hautagaitzako onartze eta harrera saioko agiriak sinatzea.

– Unibertsitateak esleitutako ordutegia betetzea.

– Euskara eta euskal kulturaren inguruan emango diren ikasgai eta ikasle kopuruaren aurreikuspen dokumentua egin (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Dokumentu hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– 2025eko irailaren 1a baino lehenago bertaratzea Parisko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitatera eta Parisko Sorbonne Université Unibertsitatera klaseak ematen hasteko.

– Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak berritzearekin adostasuna izateari baldintzatuta dagoelarik.

– Parisko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitateari eta Parisko Sorbonne Université Unibertsitateari dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan.

– 2025-2026 ikasturtea amaitutakoan zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.

– Irakurleak Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen online Prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea eta ahal den neurrian, udako ikastaro eta irakurle topaketan parte hartzea.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak tokian tokiko unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak egingo dizkio.

Tokian tokiko unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru-ekarpenak justifikatzea.

Azkenik, Unibertsitateak ordainduko dio irakurleari dagokion soldata.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Hautagaiek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: www.euskadi.eus gunean aurkeztu ahalko dira eskabideak, artikulu honetako 2. atalean adierazitako helbidean.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz nola izapidetu, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en helbide honetan daude ikusgai. Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea:

Parisko Sorbonne Nouvelle Université Unibertsitatea eta Parisko Sorbonne Université Unibertsitatea:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042342

3.– Identifikazio elektronikorako, bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak, onartua eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratua.

4.– Eskabidea egiterakoan, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute hautagaiek:

– Nortasun-agiria, AIZ edo pasaportearen kopia. Espainiako nortasun-agiria izanez gero, hautazkoa da fotokopia aurkeztea.

– Unibertsitate mailako tituluaren kopia.

– Euskara-maila egiaztatzen duen agiriaren kopia. HABE, EGA, IVAP edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek beren gisara erabiltzeko bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek beren gisara erabiltzeko bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez 9000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Karaktere kopurua gainditzen duten proiektuak ez dira onartuko. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da. Proiektu pedagogikoa word formatuan atxiki beharko da, edo karaktereak automatikoki kontatzea ahalbidetzen duen formatu batean.

– Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskabidea egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak hala eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskabidea, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, xedapena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Hautagaiaren betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko administrazio jardulearen esku dauden edo beste administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, Administrazioak haiek kontsultatu eta atera ahal izango ditu, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Hautagaiak espainiar nortasun agiri edo pasaporterik ez duenean, pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko du. Hautagaiak espainiarra ez den unibertsitate bateko titulua duenean, fotokopia aurkeztu beharko du. Hala badagokio, eskatutako beste edozein agiri ere aurkeztu beharko du.

9. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko hautapen-batzorde bat eratuko da. Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoa beteko da.

Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.

10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaiak baremo honen arabera hautatuko dira, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez 5 puntu, irizpide hauen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak baldin eta EGA edo 3. HE egiaztatuta badute: 3 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 3 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak, baldin eta EGA edo 3. HE egiaztatuta badute: 2,5 puntu.

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez 5 puntu, irizpide hauen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera. Egindako hilabeteen batura onartuko da.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu 9 hilabeteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: 2 puntu 9 hilabeteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: puntu 1, 9 hilabeteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu 9 hilabeteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea, Gehienez 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko, irizpide hauen arabera, baldin tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada, betiere:

A2 = 0.25 puntu.

B1 = 0.50 puntu.

B2 = 0.75 puntu.

C1 = puntu 1.

C2 = 1.5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez 5 puntu, irizpide hauen arabera, tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada, betiere:

4.1.– Doktoregoak:

Euskararekin edo euskal gaiekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin edo euskal gaiekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Beste Hizkuntzekin edo hezkuntzarekin erlazionatutako doktoregoa: 2 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

4.2.– Masterrak:

Euskararekin edo euskal gaiekin zuzenean loturiko masterra. Euskal filologia lizentzia egin dutenei maila eta puntuazio hau aitortzen zaie MECES baliokidetzaren arabera: 3 puntu.

Euskararen edo euskal gaien masterra egiten ari diren ikasleak, beti ere, master eskolak amaituta eta gaindituta, eta defentsa egiteke dutenak: 1,5 puntu.

Hezkuntzarekin edota beste hizkuntzekin erlazionaturiko masterra/ ikerketarako nahikotasunaren aitortza arlo horretan. Beste hizkuntzetako filologia lizentzia egin dutenei maila eta puntuazioa hau aitortzen zaie MECES baliokidetzaren arabera: puntu 1.

Bestelako masterra edo ikasketa aurreratuen ziurtagiri diploma/ikerketarako nahikotasunaren aitortza arlo horretan. Maila eta puntuazio hau ematen zaie MECES baliokidetzaren arabera: 0,5 puntu.

4.3.– Ikastaroak:

Atzerriko Unibertsitateetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

Atzerriko hizkuntza gisa hizkuntzak irakasteko prestakuntza ikastaroa: 0,15 puntu.

IGI-CAP: 0.5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

Excellence in Basque Studies/Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa: 0.25 puntu.

4.4.– Egonaldiak:

Ikerketa egonaldiak:

Ikerketa egonaldiak, euskararekin zerikusia dutenak. Ikerketa egonaldia gutxienez jarraian 4 astekoa izan beharko da: 0,1 puntu hilabeteko. Gehienez ere puntu 1.

Ikerketa egonaldiak, beste hizkuntzekin/hezkuntzarekin zerikusia dutenak. Ikerketa egonaldia gutxienez jarraian 4 astekoa izan beharko da: 0,05 puntu hilabeteko. Gehienez ere 0,75 puntu.

Egonaldi akademikoak:

Espainiar Estatutik kanpo egindako ERASMUS programako egonaldiak. Egonaldi akademikoa gutxienez jarrian 4 astekoa izan beharko da 0,02 puntu hilabeteko. Gehienez ere 0,5 puntu.

Egonaldi profesionalak:

Espainiar Estatutik kanpo lanean arituta egindako egonaldia, gutxienez jarraian 4 astekoa izan beharko da: 0,01 puntu hilabeteko. Gehienez ere 0,5 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan, irizpide hauek erabiliko dira, bai euskarako, bai euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia atal hauetan (helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia). Proiektu pedagogikoko gehieneko puntuazio hori,aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batezbestekoa izango da.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez 2 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako antolakuntza, argitalpenak, lan eskarmentua humanitateen irakaskuntzan. Irakaskuntzako egindako lan eskarmentuari dagokionez lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko modua eman beharko da (kontratua/ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.

11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaie ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, edo dagokien izapidea egitea galduko dutela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen-batzordeak, behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratuko du.

Hiru horiek aztertuta, unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkerari jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hurrengo hiru hautagai berri proposatuko dizkio. Horrela jokatuko da zerrendako hautagaiak amaitu arte.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plaza esleitu gabe gelditu ahal izango da kasu hauetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Baldin eta, deialdi hau argitaratu ondoren, unibertsitateak aldatzen baditu Institutuaren eta bien arteko lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzak, edo, bi aldeei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik, hitzarmena betetzen ez bada edo hitzarmena bertan behera geratzen bada.

12. artikulua.– Hautagairik aurkezten ez denerako jarraibideak.

Hautagairik aurkezten ez bada edo ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen ez badituzte, Etxepare Euskal Institutuak lehentasunez unibertsitate honetako aurreko deialdietako lan poltsetako hautagaiengana jo ahal izango du, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Bigarren aukera izango da beste unibertsitate batzuetako deialdietako hautagaiengana jotzea, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta deialdi honetako baldintzen arabera lortutako puntuazioaren arabera hurrenkera jarraituta. Hala ere lanpostua ezin bada bete, prozesuaren beste deialdi bat egingo da.

13. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz eta Etxepare Euskal Institutuak unibertsitateari proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitateak hartuko du azken erabakia.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko organo eskuduna.

14. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Unibertsitateak edo/eta Etxepare Euskal Institutuak hala eskatzen badute, hautatuak medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzakeela egiaztatzen duena.

Tokian tokiko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko du, xede horretarako dokumentu bat sinatuz eta halaber, dagokion hautagaitzako harrera saioko agiriak ere sinatu beharko ditu.

15. artikulua.– Lan-poltsa, ukoak eta ordezkapenak.

Behin irakurlea aukeratua izan denean, hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatuko da lan-poltsa eta hautapen batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko du. Etxepare Euskal Institutuak irakurle postuan hutsuneak sortzen direnean, lan-poltsetara joko du.

Hautatuak 2025-2026 ikasturteari dagokion lan jarduna amaitu baino lehenago uko egiten badio bere lanpostuari, ezingo du berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo bost urteetako deialdietan, bere ukoa behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan oinarritu ezean.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzailearen datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskal hizkuntza eta kultura irakurleak eta katedretarako irakasle gonbidatuak.

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.

Helburua: Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateetara bidalitako euskal hizkuntza eta kultura irakurleen zein katedretako irakasle gonbidatuen erregistroa eta kudeaketa.

Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.

• Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

• 3/2007 Legea, apirilaren 20koa, Etxepare Euskal Institutua Sortzekoa eta Arautzekoa (EHAA 2007-05-10, 89. zk.).

Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Web-orri honetan kontsulta daiteke Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057400-capa2-eu.shtml

Araudia:

• Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

ID: 0574.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2025eko maiatzaren 13a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala