
98. zk., 2025eko maiatzaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (204 KB - 14 orri.)
- EPUB (335 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2284
50/2025 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, argitara ateratzeko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntza zuzenak emateko Erabakia, lehen hezkuntzako ikasleek eskolaz kanpoko errefortzu-neurrian parte har dezaten, irakurtzeko eta matematikako gaitasuna lantzeko.
Gobernu Kontseiluak, 2025eko apirilaren 15ean egindako bilkuran onartu zuen unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntza zuzenak emateko Erabakia, lehen hezkuntzako ikasleek eskolaz kanpoko errefortzu-neurrian parte har dezaten, irakurtzeko gaitasuna eta matematikako gaitasuna lantzeko, eta horri behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntza zuzenak emateko Erabakiaren testua, lehen hezkuntzako ikasleek eskolaz kanpoko errefortzu-neurrian parte hartzekoa, irakurtzeko gaitasuna eta matematikako gaitasuna lantzeko. Erabakia eranskinean jasota dago.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 13a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 13KO 50/2025 EBAZPENARENA
ERABAKIA, UNIBERTSITATEAZ KANPOKO ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUEI DIRULAGUNTZA ZUZENAK EMATEKOA, LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEEK ESKOLAZ KANPOKO ERREFORTZU-NEURRIAN PARTE HAR DEZATEN, IRAKURTZEKO ETA MATEMATIKAKO GAITASUNA LANTZEKO
Euskal hezkuntza-sistemaren helburua kalitatezko irakaskuntza ziurtatzea da, ikasleei XXI. mendeko erronkei aurre egiteko beharrezko tresnak eskainiz. Testuinguru horretan, irakurtzeko eta matematikarako gaitasunak funtsezkoak dira garapen akademiko eta pertsonalerako, ikaskuntzaren oinarri direnez. Lehen Hezkuntzako etapan, gaitasun horiek indartzea ezinbestekoa da hezkuntza-desberdintasunak prebenitzeko eta arrakasta akademikoa ziurtatzeko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 20. artikuluak ezarrita dauka hezkuntza-administrazioek orientabideak garatuko dituztela, ikastetxeek curriculuma indartzeko edo aberasteko planak egin ditzaten, hala eskatzen duten ikasleen gaitasun-maila hobetzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezeztatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 12.1 artikuluaren arabera, Hezkuntza Sailari dagozkio, besteak beste, Autonomia Estatutuaren ondoriozko ahalmenak, araubide orokorreko nahiz bereziko irakaskuntzei dagokienez, etapa eta maila desberdinak barnean direla; eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren arabera, baita era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea ere, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuak ituntzeko eta finantzatzeko, betiere sistemaren planifikaziora egokitzea eragotzi gabe.
Hezkuntza Saila berariazko programak garatzen ari da, irakurtzeko zein matematikako gaitasuna indartzeko, itunpeko ikastetxe pribatuetan. Programa horren barruan dator, hain zuzen, irakurtzeko eta matematikako gaitasuna lantzeko eskolaz kanpoko errefortzua (aurrerantzean, Indartuz neurria), lehen hezkuntzako ikasleei bideratutako funtsezko jarduera.
Indartuz neurriaren helburua da eskolaz kanpoko errefortzu egituratu eta pertsonalizatua eskaintzea oinarrizko gaitasunak garatzeko zailtasun nabarmenak dituzten Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei. Laguntza horren bidez, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen irakurtzeko gaitasuna eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen matematikarako gaitasuna indartu nahi dira, haien aurrerapen akademikoa errazteko eta funtsezko arlo horietan etorkizunean gerta daitezkeen atzerapenak prebenitzeko.
Irakurtzeko gaitasunaren esparruan, irakurketako oinarri sendoa garatu nahi da, deskodetzea (zehaztasuna, intonazioa, etenaldiak eta irakurketa-abiadura) eta ulermena (espezifikoa, globala eta inferentziala) landuz. Ikuspegi horri esker, trebetasun mekanikoak eta testuen ulermen sakona hobetu daitezke, eta, horrela, irakurketarekiko interesa eta konfiantza sustatu.
Matematikako gaitasunean, helburu nagusia oinarrizko jakintzak sendotzea eta arrazoiketa logiko-matematikoa indartzea da, funtsezko kontzeptuak errazago ulertzeko eta praktikan aplikatzeko.
Ikuspegi horrek aukera ematen du estrategiak, metodologiak eta baliabideak testuinguru errealetan doitzeko eta balioztatzeko, etorkizunean programa hedatzeko balioko duten ikaskuntzak sortzeko.
Zeharka, neurriak honako hauek ere bilatzen ditu:
– Ikasleen testuinguru sozioekonomikoarekin lotutako hezkuntza-desberdintasunak murriztea.
– Konpetentzia indartuetan ikasleen motibazioa eta autoestimua areagotzea.
– Zeharkako trebetasunak sustatzea, hala nola pentsamendu kritikoa, arazoak ebazten jakitea eta ikaskuntzan autonomo izatea.
Indartze-neurri honek, ikasleen berehalako beharrei erantzuteaz gain, etorkizuneko hezkuntza-etapetan arrakasta akademiko eta pertsonalerako oinarriak ezartzen laguntzen du.
Ikasturtea hasita dagoenez, ekimen berria aukeran eskaintzen zaie ikastetxeei. Indartuz neurrian parte hartzeko itunpeko ikastetxeen hasierako hautaketa (irakurketan eta matematiketan eskolaz kanpoko errefortzua emateko), irizpide objektiboak kontuan hartuta egin da, hezkuntza-premia handienak dituzten testuinguruei lehentasuna emateko moduan. Baloratutako alderdien artean, 2023ko etapa erdiko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak nabarmentzen dira, bai eta irakurtzeko zein matematikarako gaitasunean errendimendu kaskarra duten ikasleen ehunekoa ere. Oinarri horren gainean, esku-hartze beharrezkoena eta eraginkorrena duten ikastetxeak identifikatu dira, eta indartze-profil espezifikoak ezarri dira, hautemandako lehentasunezko gaitasunen arabera.
Neurriaren eraginkortasuna bermatzeko, ikastetxe bakoitzari ordu-kreditu jakin bat esleitu zaio, ikastetxearen tamainaren eta hautemandako beharren arabera, ebaluazio diagnostiko baten eta ikasleen lehentasunezko gaitasunen profilaren bidez. Banaketa horri esker, ikastetxe bakoitzak lehentasunezkotzat jotako konpetentziekiko eta laguntza behar duen ikasle-kopuruarekiko proportzionala den zuzkidura jasoko du. Esleitutako ordu-kreditua dirulaguntza bihurtuko da, baina errefortzurako behar diren irakasleak kontratatzeko kostua besterik ez du estaliko.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzak edo bestelako laguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, interesa duen saileko sailburuaren proposamenez.
Zuzeneko dirulaguntza hau salbuespenezkoa da oraingoan; izan ere, Indartuz neurria ezarri berri den proiektu bat da, eta helburua du irakurmenean, matematikan eta zientzietan errendimendu txikia duten 15 urteko ikasleen ehunekoa % 15era jaistea, 2030. urterako. Hori da Europar Batasunaren lehentasunetako bat, Europar Batasuneko Kontseiluaren 2021/C/66/01 Ebazpenaren esparruan.
Halaber, kasu honetan ezin da sustatu laguntza honen konkurrentzia publikoa, xedearen eta hartzaileen berezitasuna eta espezifikotasuna direla eta. Proportzionaltasun-printzipioari dagokionez, argi eta garbi ondorioztatuta dago Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatu guztiek jaso dezaketela dirulaguntza hau, baldin eta behar espezifiko batzuk detektatzen badira ebaluazio diagnostiko baten bidez eta ikasleen lehentasunezko gaitasunen profilaren bidez.
Azaldutako guztiagatik, Gobernu Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Xedea eta helburua.
1.– Erabaki honen xedea da unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei, I. eranskinean zerrendatutakoei, dirulaguntzak ematea 2024-2025 ikasturtean, salbuespena eginez, erabaki honetan ezarritako xedapenen arabera, Lehen Hezkuntzako ikasleek eskolaz kanpoko errefortzu-neurrian parte har dezaten, irakurtzeko eta matematikako gaitasuna landu dezaten.
2.– Dirulaguntzaren helburua da eskolaz kanpoko errefortzu egituratu eta pertsonalizatua eskaintzea oinarrizko gaitasunak garatzeko zailtasun nabarmenak dituzten Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleei, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen irakurmen-gaitasuna eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen matematika-gaitasuna indartzeko.
Bigarrena.– Erakunde onuradunak.
1.– Erabaki honen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuak izango dira, hain zuzen ere, I. eranskinean zerrendatuta daudenak.
Hirugarrena.– Diruz lagundutako gastua.
1.– Gehienez hiru irakasle kontratatzeko gastua bakarrik lagunduko da diruz, aurreikusitako ezaugarri eta beharren arabera. Irakasle bakoitza lanaldiaren herenean kontratatuko da, 2025eko otsailaren 24tik ekainaren 20ra bitartean (117 egun).
I. eranskinak irakasle kopurua eta ikastetxe bakoitzari dirulaguntzaren esparruan esleitutako zenbatekoa jasotzen ditu.
2.– Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduerak eta gastuek bat etorri behar dute Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoarekin.
Laugarrena.– Kreditu erabilgarria eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
Hezkuntza Sailak badu kreditu nahikoa, 500.000 euro gehienez, zuzeneko dirulaguntza hau emateko; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean badago horretarako aurrekontu-partida bat: 1000821009.1.42253.75300.2025/000915.
Erakunde onuradun bakoitzari diruz laguntzeko zenbatekoak I. eranskinean ezarritakoak dira.
Bosgarrena.– Diruz lagundu daitekeen gastua.
1.– Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, emandako dirulaguntzaren gastua irakasle berriak kontratatzeko izango da, eta dirulaguntza zer xedetarako eman den, horretarakoxe erabili beharko da.
2.– Kontratuak egiaztatu beharko du kontratatutako langileak ez direla epai irmoz kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako inongo deliturengatik. Ondorio horietarako, ikastetxeak ziurtatu beharko du ondo bete dela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoa.
Gainera, ziurtatu beharko da kontratatutako irakasleek:
a) Badutela kontratatu diren irakaskuntzak emateko behar den titulazioa.
b) Badutela kontratatu diren irakaskuntzen hizkuntza-ereduarekin edo ereduekin bat datorren hizkuntza-eskakizuna.
3.– Diruz lagundutako gastuak akordio honen hirugarren puntuan ezarritako epean egin beharko dira. Alde horretatik, diruz lagundutako gastutzat hartuko da benetan ordaindu dena, gastu mota bakoitzerako emandako diru-zenbatekoa izanik muga.
Epez kanpo egindako gastuak ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.
4.– Ez dago baimenduta diruz lagundutako jarduerarik azpikontratatzea, irakaskuntza emateko.
Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte dirulaguntzak kudeatzeko kontsultak eta izapideak egiteko.
2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta lotutako gainerako izapideak bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko xehetasunak helbide elektroniko honetan eskura daitezke: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1257501
4.– Justifikazioa Nire karpeta atalaren bidez egin beharko da, helbide honetatik: https://www.euskadi.eus/micarpeta
Zazpigarrena.– Dirulaguntza emateko prozedura eta organo eskudunak.
1.– Dirulaguntza hauek zuzenean emango zaizkie, erabaki honen bidez, I. eranskinean zerrendatutako erakunde guztiei.
2.– Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
Zortzigarrena.– Bateragarritasun-araubidea.
1.– Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, betiere finantzaketa bikoitzik ez badago. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko da.
2.– Diruz lagundutako gastua aldi berean finantzatzen bada, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuli egin beharko da, bai eta dagokion berandutze-interesa ere (Dirulaguntzen araubidea onartzen duen 20/2023 Legearen 16. artikulua).
Bederatzigarrena.– Ordainketa.
Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, aurreikuspen hauen arabera:
a) Lehenengoa, esleitutako zenbateko osoaren % 50, Gobernu Kontseiluak dirulaguntza emateko erabakia onartu ondoren ordainduko da. Lehen ordainketa aurreratzeko beharra justifikatuta dago laguntzaren xedeagatik beragatik, hau da, irakasleak programaren hasieratik kontratatu behar dira, eta dagozkien soldatak ordaindu behar zaizkie emandako zerbitzuengatik.
b) Bigarrena, gainerako % 50a, Indartuz neurria amaitzean egingo da, dirulaguntza emateko erabakiaren V. eranskinean eskatutako gastuaren justifikazioa egiaztatu ondoren. Justifikazio hori 2025eko ekainaren 30a baino lehen egin beharko da.
Hamargarrena.– Justifikazioa.
1.– Justifikazio-dokumentazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora bidali behar da, formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuetan, «Nire karpeta» atalaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/micarpeta/. Dokumentazio hori honela aurkeztuko da:
I.– Erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioak honako hauek jaso beharko ditu:
a) II. eranskina, ikastetxearen titularrak edo ordezkariak sinatuta.
b) Kontratatutako irakasleen zerrenda, III. eranskinean jasotako informazioarekin.
c) Eskolaz kanpoko errefortzu-programarako kontratatutako irakasleen lan-kontratuak.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita kontratatutako langileek titulazioen eta hizkuntza-eskakizunen baldintzak betetzen dituztela eta ez dutela epai irmo bidezko kondenarik jaso sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (IV. eranskina).
e) Erantzukizunpeko adierazpena, azaltzeko beste dirulaguntzarik edo baliabiderik eskatu ala jaso den, helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik; hala bada, zenbatekoa eta erakunde emailearen izena adierazi beharko dira (IV. eranskina).
II.– Azken dokumentazioa eskolaz kanpoko errefortzu-programa amaitu ondoren aurkeztuko da, 2025eko ekainaren 30a baino lehen, eta honako hauek jaso beharko ditu:
a) V. eranskina, ikastetxearen titularrak edo ordezkariak sinatuta.
b) Kontratatutako irakasleen zerrenda, III. eranskinean jasotako informazioarekin.
c) Programa gauzatu bitartean, eskolaz kanpoko errefortzu-programarako kontratatutako irakasleen nominak.
d) Irakasleen Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak.
e) Ebaluazio globalaren txostena, eskolaz kanpoko errefortzuan parte hartu duten ikasleengan izandako eragina adierazteko eta matematikako edo irakurketako errendimenduan erdietsitako hobekuntza aztertzeko.
2.– Dirulaguntzaren xede diren langileak aldatzen badira, irakasle berriari buruzko dokumentazio osoa bidali beharko da, ordezkapenaren arrazoiaren berri ematen duen idazkiarekin batera.
3.– Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak 1. paragrafoan aipatutako dokumentazioa egiaztatuko du, diruz lagundutako jarduera bete dela egiaztatzeko eta dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko. Gerta liteke ikastetxe onuradunari hasieran eskatu ez diren egiaztagiriak eskatzea ere. Egiaztagiri horiek zaintzapean eta eskura eduki beharko ditu.
4.– Justifikazioa egitean egiaztatzen bada diruz lagundu daitekeen gastua emandako zenbatekoa baino txikiagoa dela, baina akordio honetan ezarritako baldintzetan gauzatuta dagoela, emandako zenbatekoa aldatzeko ebazpena egingo da, eta zenbatekoa benetan gastatutakoari egokituko zaio.
Hamaikagarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari dirulaguntza jasotzeko baldintzetan izan dezaketen edozein aldaketa. Aldaketa horiek ez jakinaraztea nahikoa arrazoi izan daiteke laguntza errebokatzeko.
2.– Dirulaguntza zer xedetarako eman den, horretarakoxe erabiltzea.
3.– Horrez gain, dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiaztapen-jarduketak egitea onartu beharko du dirulaguntzaren erakunde onuradunak, dirulaguntzen araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 9.4.n) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, eskumena duen sailaren bidez, ikuskapenak egiterik izango du, ikastetxeetan bertan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.
Hamabigarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo aldi berean beste diru-ekarpen batzuk lortzen badira arauetan baimendutako kasuetatik kanpo, baliteke dirulaguntza emateko erabakia ere aldatzea, dirulaguntzei buruzko legerian ezarritako baldintzetan.
Hamahirugarrena.– Dirulaguntza itzultzea eta balizko ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.
1.– Erabaki honetan emandako dirulaguntza jasotzeko ezarritako baldintzaren bat edo ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada (besteak beste, laguntza ez aplikatzea diruz lagun daitezkeen gastuetarako), arrazoituta egongo da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo itzuli behar dela erabakitzea, lege horretan ezarritako prozeduraren arabera.
2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea onartzen duen 20/2023 Legearen 40.etik 42.era bitarteko artikuluetan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak.
Hamalaugarrena.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu, eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: «Indartuz neurria, lehen hezkuntzan eskolaz kanpoko errefortzua emateko».
Arduraduna: Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: hezkuntza-errefortzuaren eskaerak kudeatu jarraipena egitea, funts publikoekin mantendutako ikastetxeetako lehen hezkuntzako ikasleen irakurtzeko eta matematikako gaitasuna hobetzeko. Horretarako, ikasleen ebaluazioak egingo dira, ondoren neurri egokituak diseinatzeko eta errefortzu-eskaintza planifikatzeko.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoko misio bat betetzeko, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.
Hartzaile-kategoriak: ez da daturik lagako.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere bai: https://www.euskadi.eus/eskubide_digitalak/web01-a2datuba/eu/
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1724
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML /?uri=CELEX:32016R0679&from=ES.
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
17/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena (https://isei-ivei.euskadi.eus/documents/d/guest/esukal-autonomia-erkidegoko-hezk-leg).
77/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa (https://isei-ivei.euskadi.eus/documents/d/guest/oinarraizkohezkuntzaeusk-pdf).
Azken apartatuetako lehenengoa:
Erabaki honen bidez emandako dirulaguntzak honako lege-xedapen hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea onartzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
Azken apartatuetako bigarrena:
Erabaki honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, diru-zenbatekoa, xedea eta ikastetxea adierazita.
Azken apartatuetako hirugarrena:
Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
RSS