Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2025eko maiatzaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
2208

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 8koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundean eskakizun bereziko lanpostuak betetzeko berariazko lehiaketara deitzeko dena, lanpostuaren edo hizkuntzaren arabera.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, berariazko lehiaketa iragartzen da, lanpostuaren eta/edo hizkuntzaren arabera, Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionarioen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundean dauden eskakizun bereziko lanpostu hutsak betetzeko. Lanpostu horiek I. eranskinean zerrendatzen dira.

Berdintasun, Justizia eta Giza Eskubideetako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuarekin bat etorriz.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da berariazko lehiaketa bidez betetzea Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko auzitegiko medikuen kidegoko lanpostu edo hizkuntza bakoitzeko eskakizun bereziko lanpostu hutsak. Lanpostu horiek eranskinean daude jasota, «lanpostuaren edo hizkuntzaren arabera berezitutako lanpostuen zerrendan».

2. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Betekizun orokorrak:

a) Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek, destinoa edozein lurralde-eremutan dutela ere, baldin eta deialdi honetan eskatutako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte.

b) Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu:

Eginkizun-gabetze irmoa duten funtzionarioek, eginkizun-gabetzeak irauten duen bitartean.

Norberaren interesarengatiko borondatezko eszedentzian dauden langileak, egoera horretan egon beharreko gutxieneko aldian.

Nahitaezko lekualdatzearekin zigortutako langileak, urte bat edo hiru igaro arte, zehapena ezarri zitzaion herri berean destinoa lortzeko, falta astuna edo oso astuna bada, hurrenez hurren.

c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denborari dagokionez, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.

2.– Betekizun espezifikoak:

Hizkuntzaren arabera berezitutako lanpostu bat lortu nahi duten parte-hartzaileek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, dagokien euskarako hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute.

Lanpostua dela-eta eskakizun bereziko lanpostu bat lortu nahi duten parte-hartzaileek auzitegiko mediku aditua, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, lortu nahi duten espezialitatean aditu izateko prestakuntza izan beharko dute, Osakidetzaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren artean indarrean dagoen prestakuntza-hitzarmenaren arabera.

3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.

Lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak agindu honen eranskinean («Lanpostuaren edo hizkuntzaren arabera berezitutako lanpostuen zerrenda») azaltzen direnak dira. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak erresulta-kontzeptu gisa sartuko ditu lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak, lanpostuaren edo hizkuntzaren arabera bereziturik daudenak.

Horretarako, agindu hau argitaratzen den egunetik eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean, euskadi.eus webgunean jarriko da eska daitezkeen lanpostuen zerrenda, deitutakoen izaera berekoa. Tartekatuta eskatu ahal izango dira lanpostu hutsak eta erresultak.

Ez dira erresultatzat hartuko aldi bereko beste lehiaketa batzuetan parte-hartzaileek bete gabe uzten dituzten plazak.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek honako izapide hauek egin beharko dituzte bitarteko elektronikoen bidez:

a) Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztea.

b) Harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, hala badagokio.

2.– Izapide horiek egiteko, parte hartzen duten funtzionarioek Eusko Jaurlaritzak onartutako sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabili beharko dituzte. Ziurtagiri horiek hemen daude jasota: https://www.euskadi.eus/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/web01-sede/es /; besteak beste:

a) Izenpek emandako pertsona fisikoen ziurtagiriak, B@kQ barne.

b) Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren software-formatuko sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoenak).

c) NAN elektronikoa.

3.– Parte hartzeko eskabidea eta, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko eta destinoak aukeratzeko, horretarako prestatutako inprimaki elektronikoa erabiliko da. Hemen eskura daiteke: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/12591

4.– Eskabidea edo deialdiarekin zerikusia duen beste edozein dokumentu bitarteko ez elektronikoen bidez aurkeztuz gero, aurkeztu gabekotzat joko da.

5.– Deialdiaren ondoriozko jarduketak euskadi.eus webgunean argitaratuko dira, hargatik eragotzi gabe beste bitarteko batzuetan argitaratzea, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aldi berean argitaratzea lortzen ez bada, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira.

7.– Parte-hartzaile bakoitzak lehentasun-ordenaren arabera eskatu ahal izango ditu eskainitako lanpostuak, baldin eta lanpostu horietarako eskatzen diren baldintzak betetzen baditu.

8.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

Alegatutako euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen tituluaren ziurtagiri ofiziala edo homologazioa, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.

Espezialitatearen edo aditu-prestakuntzaren ziurtagiri ofiziala, hala badagokio, lanpostuaren arabera berezitutako lanpostuetarako.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administraziokoak ez diren funtzionarioek, gainera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionario izendatzea.

Jabetzan betetako azken lanpostuaz jabetzeko eginbidea.

Kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzuen ziurtagiri eguneratua. Egindako zerbitzuak eskabideak aurkezteko epea amaitu arte zenbatuko dira.

10.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera bakarra egingo du parte-hartzaile bakoitzak.

11.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezin izango da eskabidea ezeztatu edo aldatu.

12.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, egindako eskaera loteslea izango da.

5. artikulua.– Faseak eta baremoa.

Berariazko lehiaketa honek hainbat fase ditu:

1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak baloratzea. Kontzeptu honengatik, gehienez 72 puntu emango dira.

a) Antzinatasuna: Auzitegiko Medikuen Kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako benetako zerbitzuengatik bi puntu emango dira zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko, eta aldi laburragoak proportzionalki zenbatuko dira (0,0055555 eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta urteak 360 egunekoak. Kontzeptu honengatik 60 puntu emango dira gehienez.

b) Euskara jakitea: lanpostua betetzeko eskatzen den baino euskararen ezagutza-maila handiagoa egiaztatzen bada, gehienez ere 12 puntu emango dira.

Ezagutza hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta tituluari dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bidez, zeina eskabideak aurkezteko epean aurkeztu beharko baita, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalizazioari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako garapen-xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

– Hizkuntza-eskakizunik ez duten lanpostuak:

2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 6 puntu.

3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.

4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.

– 3. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak:

4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.

2.– Bigarren fasea: merezimendu espezifikoak baloratzea. Kontzeptu honengatik, gehienez 43 puntu emango dira.

a) Aditu-prestakuntzako eginkizunak dituzten lanpostuetan aritzeagatik: 0,25 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko, gehienez 15 puntu.

b) Lanpostuaren eginkizunei dagozkien gaietan edo diziplinetan prestakuntza espezifikoa izateagatik: 0,2 puntu, jasotako 10 prestakuntza-orduko; gehienez 14 puntu.

Atal honetako merezimendu gisa baloratuko dira unibertsitateek, institutu edo eskola ofizialek eta beste erakunde batzuek deitutako eta antolatutako hobekuntza-ikastaroak, baldin eta administrazio publiko batek homologatu baditu. Atal honetan, lanpostuarekin zerikusia duten titulu akademiko ofizialak hartuko dira kontuan, baldin eta Auzitegiko Medikuen Kidegoan sartzeko eskatutakoez bestelakoak badira.

c) Eskatutako lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten argitalpenengatik: gehienez 14 puntu, argitaratutako lan bakoitzeko puntu 1.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean baloratuko dira alegatutako merezimenduak.

6. artikulua.– Eskabideen balorazioa.

Merituak ebaluatzea Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu bidez izendatutako balorazio-batzorde bati dagokio.

Balorazio Batzordea Administrazioaren lau ordezkarik osatuko dute, eta horietako bat, gutxienez, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioa izango da. Administrazioak izendatutako langileen artean, lehendakaria eta idazkaria izendatuko dira.

Dagokion eremuan ordezkaritza handiena duten erakunde sindikalek bi kiderekin hartuko dute parte batzorde horretan.

Deitutako lanpostua atxikita dagoen titulazio bereko edo handiagoko kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko langileek.

Batzordearen osaeran emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen 3.7 eta 26. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak aztertuko du parte-hartzaileek baldintzak betetzen dituzten, eta Batzordeari lagunduko dio merezimenduak baloratzen, parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuen eta parte-hartzaileek eskabideak aurkezteko epean aurkezten duten dokumentazioaren arabera.

7. artikulua.– Esleipenak.

1.– Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera alegatutako merezimenduak baloratu ondoren lortutako guztizko puntuazio handienak emango du.

2.– Guztizko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, dagokion kidegoan antzinatasun handiena duen kidegora joko da hori ebazteko, eta berdinketak jarraitzen badu, lerrundegira.

8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Deialdi hau behin-behinean ebatziko du Justizia Administrazioko zuzendariak, eta euskadi.eus webgunean argitaratuko da.

2.– Behin-behineko ebazpenean adieraziko dira esleipendunaren jatorrizko lanpostua eta herria, alegatutako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.

3.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik aurrera bost egun balioduneko epean.

4.– Ezarritako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da ados dagoela eta onartzen dituela jasotako datuak, alegatutako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.

5.– Behin-behinean esleitutako destinoek ez dute eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

6.– Bost eguneko epe horretan uko egin ahal izango zaio lehiaketan parte hartzeari.

9. artikulua.– Behin betiko ebazpena eta lanpostuaz jabetzea.

1.– Alegazioak ikusita, deialdi hau behin betiko ebatziko da Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2.– Lehiaketa hau gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, 1451/2005 Errege Dekretuaren 51.3 artikuluarekin bat etorriz.

3.– Ebazpenean destinoa esleitzen zaion funtzionarioaren jatorrizko lanpostua adierazi beharko da.

4.– Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu; eta hogei egun baliodunekoa, beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Plazaren esleipendunak lanpostuaz jabetzean zerbitzu aktibora itzultzea lortzen badu, epea hogei egunekoa izango da.

Lanpostuaz jabetzeko epea lanpostua utzi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da. Kargugabetze hori lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunetan egin beharko da. Ebazpenak zerbitzu aktibora itzultzea badakar, argitaratzen denetik aurrera hasiko da lanpostuaz jabetzeko epea.

Funtzionarioak baliatzen ari diren oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta, behar bezala arrazoitutako salbuespenezko zirkunstantziengatik, oporrak edo lizentziak etetea edo baliogabetzea gertatzen bada.

Lanpostuaz jabetu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea jarduneko zerbitzutzat hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.

10. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.

1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, eta, ondorioz, ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Hala ere, berariazko lehiaketa honen bidez lanpostu bat lortu duten funtzionarioek uko egin ahal izango diote, baldin eta lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen deialdi publiko bidez beste destino bat lortu badute. Kasu horretan, deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, funtzionarioek esleitutako lehenengo destinoaz jabetu beharko dute.

11. artikulua.– Zuzenbide osagarri aplikagarria.

Deialdi honetan zehazki aurreikusita ez dagoen guztian, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da, eta, osagarri gisa, funtzio publikoari buruzko legeria orokorrean xedatutakoa.

12. artikulua.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aldi berean argitaratzea lortzen ez bada, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira.

Aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzen denetik hilabete igaro eta ebazpen espresurik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat joko da, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, lehen aipatutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 8a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala