Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2025eko maiatzaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2167

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei GIB/hiesa, C hepatitisa (CH) eta sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko programak EAEn gauzatzeko laguntzak emateko deialdiaren oinarriak.

GIBaren/hiesaren, CHren eta STIen alorrean irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek EAEn gauzatutako jarduerak, herri-administrazioek burututako jarduerekin batera, ezinbesteko tresna dira infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta dagoeneko gaixotasuna duten pertsonen egoera hobetzeko lanean.

Euskadi 2030 Osasun Planaren 2.1.1. helburua da, ekitatearen ikuspegitik, ohitura osasungarriak hartzea erraztuko duten sektore arteko estrategiak diseinatzea eta ezartzea (arreta berezia jarriz elikaduran, jarduera fisikoan, tabakoaren, alkoholaren eta beste substantzia batzuen kontsumoan, mendekotasun-potentziala duten jokabideetan, sexu-praktika seguruan, laneko segurtasunean...).

Plan horren 2.2.2 helburuan jasotzen da, orobat, gaixotasun onkologikoetan, neurodegeneratiboetan, kardiobaskularretan, arnasketakoetan, mentaletan, sexu-transmisiozko infekzioetan, gizentasunean, hipertentsioan, diabetesean, gaixotasun metaboliko eta arraroetan eta sortzen ari diren beste baldintza batzuetan DAGBU (desgaitasunaren arabera galdutako bizitza-urteak) gehiago galtzea eragiten duten baldintzetarako prebentzio-plan espezifikoak indartzea, hedatzea eta zabaltzea, txertaketa-estrategiak eta populazio-baheketak indartzea barne.

Aipatzekoa da, halaber, 2.2.3 helburuan, kolektibo behartsuenen edo dauden baliabideak eskuratzeko aukera txikiago dituztenen osasun-sustapena, -prebentzioa eta -laguntza bermatzea, desberdintasun-ardatzen bidez.

2022-2030 aldirako GIBaren infekzioa eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko plan estrategikoak lau helburu estrategiko nagusi ezartzen ditu:

1.– GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuen (STI) prebentzio konbinatua sustatzea.

2.– GIBaren eta STIen diagnostiko goiztiarra sustatzea.

3.– GIBaren eta STIen tratamendu goiztiarra sustatzea eta GIBagatiko infekzioaren kronikotasuna maneiatzea.

4.– GIBa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea.

Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartutako Osasun Sailaren 2024-2028 eperako dirulaguntzen plan estrategikoak (PES 2024-2028) sailaren dirulaguntzen lerroen artean hartzen du osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea. Agindu hori euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu zen. Lan-ildo horretan kokatzen da GIBaren/hiesaren alorreko dirulaguntza, eta horren xede nagusia da GIBaren, C hepatitisaren eta, oro har, sexu-transmisiozko infekzioen transmisioa prebenitzea biztanle guztien artean, bereziki, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboaren artean.

Testuinguru horretan kokatu behar da, halaber, Euskadin C Hepatitisari Arreta emateko Estrategia, Osasuneko sailburuak 2015eko uztailaren 14ko Aginduaren bidez onartutakoa. Dokumentu horretako 2. estrategia-ildoaren oinarria da C hepatitisaren birusa (CHB) transmititzea eragotziko duten neurriak sustatzea. Zehazki, xede nagusi gisa ezartzen da «CHBaren transmisioa eragozteko prebentziozko neurriak sustatzea, osasunaren esparruan, zain barneko bidezko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboan».

Garatu beharreko jardueren artean ezartzen da, orobat, «Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planarekin elkarlanean jardutea bide parenteraleko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboekin».

CHak eta GIBak, hain zuzen, transmisio-bideak partekatzen dituzte hein batean (injektatutako drogen erabilera, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen arteko transmisioa), eta, beraz, prebentzio-neurriak eta gizarte-kolektibo ahulenak ere partekatzen dituzte. Hori dela eta, egoki ikusten da batera lantzea.

Testuinguru horretan, agindu honen xedea da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek 2025ean egiteko proposatutako proiektuentzako dirulaguntzen deialdia arautzea. Jarduera horiek EAEn garatu behar dira eta GIBa/hiesa, CHa eta STIak prebenitzeko eta kontrolatzeko helburua izan behar dute.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek ezarritakoarekin: abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa (aurrerantzean DAE); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauak, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Agindu honetako laguntzek ez dituzte betetzen EBren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan jasotako betekizun guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Ondorioz, ez da beharrezkoa inongo izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.

Agindu honek behar besteko aurrekontu-kreditua dauka Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan dagokion partidan.

Horren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei GIB/hiesa, C hepatitisa eta sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko programak EAEn gauzatzeko laguntzak emateko 2025eko ekitaldiko deialdiaren oinarriak, I. eranskinean jasotako baldintzetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudia eta Izapidetzea.

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean oinarrizko araudi gisa araututakoaren mende egongo dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, elkarte interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira bi epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 13a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Laguntzetarako deialdia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoan 2025ean GIBa/hiesa, C hepatitisa edo sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei. Lehentasuna emango zaie maila sozioekonomikoan kalteberenak diren kolektiboei zuzendutako jarduerei, biztanleria orokorra xede duten jarduerak baztertu gabe, agindu honen 11. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideen arabera.

Deialdi honen ondorioetarako, kolektibo kalteberatzat hartzen dira GIBa, C hepatitisaren birusaren eta sexu-transmisiozko infekzioen eragin- eta prebalentzia-maila handia dutenak, hala nola gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak, etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan aritzen direnak.

2.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira EAEn garatzen diren honako proiektu mota hauek:

a) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboarekin esku hartzeko proiektuak, ikusirik nolako intzidentzia epidemiologikoa duten GIBak, C hepatitisak eta STIek kolektibo horretan.

b) GIB/Hiesari, C hepatitisari eta sexu-transmisioaren bidezko infekzioei dagokienez ere kalteberak diren beste kolektibo batzuei zuzendutako proiektuak: etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak, prostituzioan diharduten pertsonak eta, oro har, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak.

c) C hepatitisa, GIBa eta sexu-transmisioaren bidezko infekzioak goiz detektatzeko proiektuak.

d) GIBarekin bizi diren pertsonei laguntza psikologikoa eta soziala emateko proiektuak.

3.– Deialdi honetan diruz lagundutako ekintzetatik kanpo geldituko dira Osakidetzak edo Osasun Sailak garatutako jardueren parekoak diren ekintzak. Horien artean, aipatu beharra dago ikastetxeentzat prestatutako material pedagogikoa, hain zuzen ere sexualitatearen eta afektibitatearen heziketarako programak garatzekoa eta GIBa, STIak eta nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzekoa.

2. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdian parte hartzeko interesa duten irabazi-asmorik gabeko eta ekimen sozialeko erakundeek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, horien izaera juridikoaren (erakundea, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Beteta izatea, bai Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak, bai dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bat etorrita Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin –Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa berau–.

d) Ez dute egon behar DAEren 13.1 eta 4. artikuluak erakunde onuradun izateko ezartzen duen debekuren baten eraginpean.

2.– Sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak ezin izango dira dirulaguntzak jasotzeko aurkeztu, dagokien zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

3.– Entitateek prozesu osoan bete beharko dituzte eskakizun horiek guztiak, harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte.

3. oinarria.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura eta organo kudeatzailea.

1.– Agindu honen helburua betetzeko, 300.000 euro bideratuko dira (hirurehun mila euro).

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo erakundeen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerek eragindako gastuak, betiere behar bezala zehazten badira erakundeak aurkeztutako proiektuan eta 14. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatzen badira. Aipatutako gastuak dirulaguntza jaso baino lehenagokoak izan ahal izango dira, baina, betiere, 2025ean eginak.

3.– Jarduerarako dirulaguntza erabil daiteke entitateko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta, gehienez, zenbateko osoaren % 15 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak dirulaguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

4.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, interesetatik eratorritako gastuak, errekarguak, zehapen administratiboak zein zigor-arlokoak (hala nola zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatik eratorritako zehapen administratiboak), ezta prozedura judizialen gastuak ere.

5.– Diruz lagunduko dira ezarritako epean egindako gastuak, hau da, egiazki ordaindu direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak, edozein kasutan, DAEren 30, 31 eta 30.3 artikuluetan ezarritako arauen mende daude.

6.– Diruz lagundutako jarduerak garatzeko hirugarren pertsonak kontratatu behar izanez gero, DAEren 30, 31 eta 30.3 artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte erakunde onuradunek. Diruz lagundutako jardueretan onuradunen kontratazioaren proportzioa ezin izango da diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 baino handiagoa izan.

7.– Halaber, erakunde onuradunak, dirulaguntzaren xedeko jarduera egiteko egin beharreko gastuak kontratatzeko, DAEren 30, 31 eta 30.3 artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du, baldin eta diruz lagundu daiteken gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioa arautzeko legerian kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak baino.

5. oinarria.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek, nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko organismoek jarduera bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Dirulaguntzaren zenbateko soilak edo gainerako finantzaketa-iturriekin bateratuak ezingo du diruz lagundutako jardueraren kostua inola ere gainditu.

2.– Proiektu bera gauzatzeko finantzaketa-iturriek emandako laguntzen zenbatekoa proiektuaren beraren kostua baino handiagoa izanez gero, agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa kostuaren zenbatekora murriztuko da.

6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Proiektu bat diruz lagun daitekeela irizten bada, aurkeztutako aurrekontuaren edo eskatutako zenbatekoaren eta, halakorik balego, beste finantzaketa-iturrien arabera zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa. Dena den, ezingo du aurrekontu horren % 80 gainditu, ezta proiektuko 25.000 eurotik gorako zenbatekoa ere.

7. oinarria.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak bide telematikoz aurkeztuko dira, 20.4 oinarrian adierazitakoaren arabera.

2.– II. eranskinean zehazten dira eskabideetan adierazi beharreko datuak. Datuak egoitza elektronikoaren inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira, agindu honen 20.4 oinarrian xedatutako moduan sarbidea eginda.

3.– Eskabidearekin batera, behar denean, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidean administrazio publiko eskudunen aurrean egiaztapena zuzenean lortzeari uko egiten zaionean bakarrik:

– Dagokion administrazio-erregistroan eratu eta inskribatu izanaren egiaztagiriaren kopia.

– Zerga-betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.

b) Elkarteak proiektua hobeto azaltzeko garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein dokumentazio.

8. oinarria.– Datuak eta betekizunak egiaztatzea.

Entitateak, eskabidearen bitartez, aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak dagokion administrazio publikoan entitatearen nortasun-datuak kontsultatu edo biltzeari, eta, halaber, eskakizunak betetzen diren egiaztatzeari. Horrelakoetan, entitateak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu:

1.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

3.– 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluek adierazitako egoeretako batean ere ez egotea:

– Epai irmo baten bidez zigortuta egotea dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin.

– Borondatezko konkurtsoan deklaratuta egotea, kaudimenik gabekotzat edo konkurtsoan deklaratuta egotea (non eta konkurtso horretan ez duten hitzarmen bat adostu), esku-hartze judizialaren mende egotea, edo konkurtsoa sailkatzeko epai baten bidez desgaitua izatea.

– Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, errudun deklaratua izateagatik.

– Administratzaileak edo elkarteen legezko ordezkaritza dutenak abenduaren 26ko 52/1984 Legean eta ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea, edo ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat izatea.

– Indarreko legediaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana ebazpen irmo baten bidez.

– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota ez betetzea, eta hori betetzeko beste neurri batzuk hartu direla egiaztatu ez izana.

– Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausak izatea.

3.– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotakoak edo ente publiko edo pribatutakoak, izan estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko organismoetakoak. Halakorik eskatu edo jaso bada, kopurua adierazi behar da.

4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea, sexu-jazarpenari eta berdintasun-planei dagokienez, agindu honen 2.2 oinarriaren arabera.

Organo kudeatzaileak egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.

Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, erakunde eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.

Halaber, egoera horien berri ematen duen administrazio publikoaren ebazpenak xeda dezake entitate interesdunak itzuli egin behar duela dirulaguntzaren zenbatekoa, hala badagokio, bai eta denbora-tarte jakin batean ezingo duela abian jarri ere helburu berbererako beste prozedura bat; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin bat eginez.

9. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari zuzenduko zaio eskabidea.

2.– Eskaera bat aurkeztu behar da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak aurkeztutako proiektu bakoitzeko.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (20. oinarrian adierazia).

4.– Eskabidea aurkezten duenak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:

a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.

b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, agindu honetako 20.2 oinarrian aipatutako ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du.

5.– Erakunde eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar ditu. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

10. oinarria.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.

Hasiera-eskabideak ez baditu betetzen oinarrietan eskatutako baldintzak, Administrazioak hamar egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko duela eskabidean atzera egin duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan, zeinak lotura baitauka 21. artikuluarekin.

11. oinarria.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1.– GIBarekin, STIekin eta CHarekin lotutako jardueren lehentasun-maila erakundearen xedean: 20 puntu, gehienez.

2.– Proiektuaren justifikazioa eta helburuak: 8 puntu, gehienez.

Justifikazioa: 3 puntu, gehienez.

Helburu orokorrak eta berariazkoak: 5 puntu, gehienez.

3.– Proiektuak zer garapen izatea aurreikusten den (garapenaren deskribapena): 39 puntu, gehienez.

a) Proiektuaren jardueren eta lan-egutegiaren deskribapena: 22 puntu, gehienez.

1) Proiektuaren faseen deskribapena: 17 puntu, gehienez.

2) Proiektuaren lan-egutegiaren deskribapena: 5 puntu, gehienez.

b) Proiektua garatzeko giza baliabideen eta baliabide materialen deskribapena eta egokitasuna: 8 puntu, gehienez.

1) Giza baliabideak eta bitarteko materialak: 3 puntu, gehienez.

2) Baliabideen egokitasuna: 5 puntu, gehienez.

c) Proiektuaren hartzaile edo onuradun kopurua: 9 puntu, gehienez.

4.– Proiektuaren ebaluazio aurreikusia: 8 puntu, gehienez.

a) Jardueraren onuradunak adinaren, sexuaren eta jatorriaren arabera zehazten ditu: 3 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak zehazten ditu: 3 puntu, gehienez.

c) Onuradunen gogobetetzeari buruzko adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.

5.– Proiektuan berdintasun-ikuspegia kontuan hartzen den: 20 puntu, gehienez.

a) Genero-desberdintasunei arreta jartzea: 5 puntu, gehienez.

b) Pertsona edo kolektibo behartsuenek, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenek eta, oro har, gizarte-egoera ahulean dauden pertsonek proiektuari onura ateratzeko aukerak areagotzen dituzten estrategiak: 5 puntu, gehienez.

c) Inguru euskaldunetan euskaraz komunikatzeko gaitasuna: 4 puntu, gehienez.

d) Gaixotasunen bat dutenek edo haien senideek parte hartzea proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen: 6 puntu, gehienez.

e) Proiektuaren jarduerak beste elkarte edo erakunde batzuekin elkarlanean egitea, elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzeko: 5 puntu, gehienez.

12. oinarria.– Eskabideak baloratzea eta zenbatekoak zehaztea.

1.– Aurkeztutako eskabideak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Guillermo Herrero Alaña jauna), batzordeko lehendakaria izango dena; Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren arduraduna eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jauna, Elena Albisua Cortazar andrea eta Juan Carlos Fernández Crespo jauna). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du. Haren zeregina izango da kide anitzeko organoaren jardueren legezkotasun formala zein materiala zaintzea, baita sektore publikoaren erregimen juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16., 17. eta 18. artikuluetan adierazten diren bestelako funtzioak ere.

2.– Epean eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta baloratuko ditu eskaerak Balorazio Batzordeak.

3.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak eta Balioespen-batzordeak, beharrezko irizten badute, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertu ahal izateko.

4.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak erabakiko ditu, programa bakoitzean, bakoitzari eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza eta jaso duen puntuazioa, agindu honen baitan adierazitako balorazio-irizpideen arabera.

Agindu honetan deitutako dirulaguntzak norgehiagoka bidez emango dira, lehiaketa bidez.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. oinarrian zehaztutako irizpideak aplikatuz, balorazio-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako zuzkidura ekonomiko osoa.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. oinarrian ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balorazio-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta hautatutako eskabide guztiak gehieneko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.

5.– Ezarritako irizpideak aplikatuz, aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkien zenbatekoak zehaztuko dira, eta, agindu honetan horri buruz xedatutakoaren arabera, Batzordeak txosten bat egingo du ebaluazio horren emaitza zehazteko.

Espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, organo kudeatzaileak (Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria) ebazpen-proposamena egingo du, Osasun sailburuordeak sina dezan. Proposatutako dirulaguntzak jasoko dira betan, eta zehaztuko da zein diren erakunde onuradunak eta proposatutako zenbatekoak, finantzatuko diren proiektuen arabera banakatuta, eta, hala badagokio, zer proiekturi uko egitea proposatzen den eta zergatik.

13. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez amaituko da prozedura, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak proposatuta. Erakunde parte-hartzaileek prozeduran planteatutako gai guztiak erabakiko ditu ebazpenak.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakundeak, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari, eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena EHAAn argitaratzeak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Halaber, argitaratze horren abisu indibidualizatuak egingo dira egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bitartez. Prozedura ebatzi eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek dirulaguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, DAEren 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

14. oinarria.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) Txosten teknikoa, helburuak zein mailatan bete diren azaltzen eta ebaluatzen duena. Datuak sexuaren arabera banakatuta egongo dira, hala dagokionean.

b) 2025. urteko gastuen memoria (III. eranskina) edo justifikazio-kontua, zeinetan adierazten baita zer dokumentu aurkezten diren eta zeintzuk diren horien zenbatekoak. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira horiek, aginduaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. 21. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako ordainketa-egiaztagiriak, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta. Gainera, agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.

d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo dirulaguntzaren xedea bete dutela egiaztatzen duen beste edozein agiri.

Aurkeztutako agiriak jardunbide elektronikoen araubidera moldatu beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.4 artikuluaren arabera, bereziki, eta 27.3 artikuluari dagokionez. Horietan, interesdunek aurkeztutako agiriek zer eskakizun bete behar dituzten arautzen da. Halaber, aplikatzekoak dira DAEren 32. artikuluan eta horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan ezarritako estipulazioak.

Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2026ko urtarrilaren 9a da.

2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Hauek izango dira behar bezala justifikatutako gastuak:

a) Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunaren izenean igorritako ordainagiriaren bidez justifikatutakoak, ordainketa burutu dela egiaztatzen dutenak. Soilik onartuko dira 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortutako gastuei dagozkien ordainagiriak eta epe horren barruan emandakoak eta ordaindutakoak.

b) Ziurtagirien edo banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak. Dokumentu horiek finantza-erakundeek egiten dituzte eta fakturetan azaltzen diren datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

c) Langile lan-kontratudunei dagozkien gastuak izanez gero, soldata-ordainagirien bidez justifikatutakoak. Ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazio ofizialeko buletinen araberakoak izan behar dute.

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunak idazki bat egingo du, eta horren ordezkariak sinatuko du. Idazki horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunaren eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idazkiaren jaulkipen-data; «jaso dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena.

3.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2025. urtean sortutakoak badira.

15. oinarria.– Aurkeztutako justifikazio-agirietako akatsak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, delako eskakizuna behar bezala egiaztatu gabe dagoela joko da, eta agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. oinarria.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Honela ordainduko da agindu honen babesean emandako dirulaguntza:

1.– Dirulaguntzaren % 70 ordainduko da ebazpena onartu eta argitaratu eta gero, laguntza, esanbidez edo isilbidez, onartzen denean, agindu honen 17.1 artikuluan ezarritako epean.

2.– Gainerakoa (emandakoaren % 30, gehienez ere) ordainduko da erakunde onuradunak dirulaguntza justifikatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean, 14. artikuluan aipatzen den moduan.

Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren elkarteek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar egun baliodunera, erakunde onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia bideratzea horretara.

3.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren dokumentua betetzea, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidea betetzea, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Aurkezteko epea aurreko puntuan adierazitako bera izango da (hau da, laguntza onartzeari edo laguntzari uko egiteari buruzko puntuan adierazitakoa).

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, helbide honetan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak emateko eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, jakinarazpena jaso eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Dirulaguntza emango duen erakundearen aurrean egiaztatzea betetzen direla laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak, baita horretarako arrazoia zen jarduna gauzatu dela ere. Garatutako jardueren adierazleek sexuaren arabera bereizitako datuak jasoko dituzte, DAEren 14.b) artikuluan adierazitakoaren arabera.

7.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende egotea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzak diren aldetik–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

8.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osasun Sailak diruz lagundua».

9.– Egitasmoak informazio materiala argitaratzea ere aurreikusten badu –idatzia zein ikus-entzunezkoa–, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu. Horretarako, helbide elektroniko honetara bidali beharko du materiala: secresida@osakidetza.eus. Erantzuteko epea aste batekoa izango da gehienez.

18. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren xeda betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera beste dirulaguntza edo laguntzaren bat jaso bada Eusko Jaurlaritzak, beste administrazio publiko batzuek edo beste ente publiko zein pribatu batzuek emana. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

1.– Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

2.– Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, dirulaguntzarako eskubidea galduko da.

Betiere, prozedura bat etorriko da DAEren 16.4 eta 25. artikuluetan ezarritakoarekin.

Bi kasuetan, soberan jasotako zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira erakunde onuradunak, DAEren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. oinarria.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko ikusten dituen alde guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, une oro, emandako dirulaguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.

20. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz soilik eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Elkarteak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskaera-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak//0027511

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honen 17. oinarrian, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak, galdu egingo du emandako laguntza jasotzeko eskubidea.

2.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzultzeko prozedura, ez-betetzeari buruzko espedientea ireki eta entitate interesdunari entzun ondoren. Espediente horretan, administrazio-ebazpen bidez adieraziko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola jasotako zenbatekoak, baita dagozkion berandutze-interesak ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean itzulketari, horren kausei eta jarraitu beharreko prozedurari buruz ezarritakoarekin, 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin eta arlo horretan indarrean dagoen legeriarekin.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako itzulketa-arrazoiez gain, honako hauek ere dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko kausa izango dira, eta jasotako dirulaguntza itzuli behar izatea ekarriko dute:

a) Entitate interesdunak dirulaguntzari uko egitea, aurretik dirulaguntzaren ordainketa jaso badu.

b) Agindu honetako 4. oinarrian jasotako baldintzak ez betetzea.

c) Justifikazioak ez hartzea eskabidean aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa, eta bi aurrekontuen artean % 25etik gorako desbideratzea egotea.

4.– Agindu honetako 5. oinarrian xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli egin beharko da baldin eta laguntzaren zenbatekoak diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu, berak bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera. Kasu horretan, soberako kostua eta dagokion berandutze-interesa soilik itzuli beharko da. Interes hori dirulaguntzen arloan aplikatzekoa dena izango da.

5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da, proportzionaltasun-printzipioaren arabera, eta, betiere, baldintzak guztiz bete ez arren nabarmen bete badira eta entitateak egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Nolanahi ere, aldaketak ezin izango du inola ere eragin jarduerak lotura galtzea deialdiaren 1. oinarrian adierazitako xedearekin, ezta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzea ere.

Halakorik gertatuz gero, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. oinarrian aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.

6.– Jada ordaindutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatuz gero, dirulaguntza murriztu egingo da justifikatu gabeko zenbatekoa kenduta, eta, ondorioz, entitate onuradunek proportzionalki itzuliko dituzte jasotako dirulaguntzak.

7.– Itzultzen diren diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala