
80. zk., 2025eko apirilaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (200 KB - 14 orri.)
- EPUB (136 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1833
632/2025 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez 2025-2026 ikasturteko euskara ikastaroetarako deia egiten zaien Osakidetzako langileei eta Osakidetzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei.
Ebazpen honetan kontuan hartu da azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta lege hori garatzen duten dekretuak: otsailaren 22ko 19/2024 Dekretua, Euskal Sektore Publikoan Euskararen erabilera normalizatzekoa, lehendik indarrean zegoen 86/1997 Dekretua ordeztuz; eta euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana (2022ko urtarrilaren 27an onartua) eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) eta Osakidetzak hizkuntzaren eta normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza hitzarmena.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUGU:
Atal bakarra.– Osakidetzako langileentzako 2025-2026 ikasturterako euskara-ikastaroen deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak maiatzean argitaratuko du 2025-2026 ikasturteko euskara-ikastaroen deialdia egiteko ebazpena, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde publikoetako langileentzat. Ebazpen honetan jasotako aurreikuspenen eta IVAPen ebazpen horren artean desadostasunik badago, azken horretan xedatutakoa nagusituko da. Era berean, IVAPen ebazpena aplikatuko da deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren gai guztietan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 10a.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,
LEIRE CORRALES GOTI.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
SUSANA LÓPEZ ALTUNA.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Osakidetzako langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntza bultzatzea eta haien euskalduntze-prozesuan eragitea.
Bigarrena.– Nori zuzendua.
1.– Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta 2025eko urtarrilaren 1etik ikastaroetarako eskaerak egiteko epea bukatu arte zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon badira.
Gainera, bitarteko langileen kasuan, egiturako lanpostu batean nahiz behin-behineko lanpostuan egon, ebazpena EHAAn argitaratu aurreko 12 hilabeteetan Osakidetzan guztira 6 hilabetetik gora lan egin behar izan dute.
Espezialitatea egiten ari diren egoiliarren kasuan, ikastaroak egin ahal izango dituzte, euren prestakuntza-urtea edozein dela ere.
2.– Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du, horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. Artikuluan ezarritako lehentasun irizpideei jarraituko die.
3.– Halaber, ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du, bai matrikula zuzenean ordainduz (lanorduetako ikastaroen kasuan), bai dirulaguntzen deialdia eginez (lanorduz kanpoko ikastaroen kasuan). Azken kasu honetan langileek aldez aurretik ordaindu beharko dute ikastaroaren matrikula.
Kasu batean edo bestean, Osakidetzak ordu-krediturik gabeko langileen ikastaroak ordainduko ditu baldin eta interesdunek Giza Baliabideen zuzendariaren martxoaren 14ko 1/2024 Jarraibideetako baldintzak betetzen badituzte.
Dirulaguntzen aurrekontua nahikoa ez balitz, aipatutako Jarraibideetako lehentasun irizpideak ezarriko dira, bertan arautzen baitira ordu-kreditua agortu eta euskara ikasten jarraitzeko ohiz kanpoko laguntzak.
4.– Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak martxoaren 20an onartutako 2/2024 Jarraibideetan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren 8.1.2. puntuan ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte.
5.– C2C2 edo C2C1 hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ikastaroetan izen-emateko, eskatzaileak C1C1 egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du, eta lanpostuaren hizkuntza-eskakizunak C1C1 edo goragokoa izan behar du. Hori betetzen ez den kasuetan, langileek gutxienez unibertsitate diplomatuak izan behar dute edo lanbide heziketako goi-mailako zikloko titulua eduki.
Aipatutako ikastaroetan parte hartu ahal izango dute euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituzten langileek ere.
Hirugarrena.– 2025-2026 ikasturterako ikastaro-deialdiak.
Osakidetzak hiru deialdi argitaratuko ditu, horietako bat udako instrukzioa:
1.– Honako deialdi hau lehenengoa da, 2025-2026 ikasturteko deialdi nagusia eta ikasturte osoa arautzen duena. Lanorduetako ikastaroak nahiz lanorduz kanpo egitekoak eskaintzen dira bertan.
2.– Urrian bigarren deialdia argitaratuko dute IVAPek eta Osakidetzak, oraingo honen osagarria, eta 2025-2026 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo dute. Interesdunek otsailetik ekainera arteko eskolatzea eskatu ahal izango dute, betiere baldintza hauen pean:
– Ikastaroa 2025eko urrian hasi ez duten langileek aurrez aurreko bost orduko ikastaroa edo barnetegikoa eskatu ahal izango dute soilik, biak lanorduetan.
– Ikastaroa 2025eko urrian hasi duten langileek, aldiz, hurrengo aukerak izango dituzte:
Lanorduetan bi orduko ikastaroa egiten ari direnek modulu aldaketa eskatu ahal izango dute, hau da, bi orduko ikastarotik trinkora edo barnetegira, betiere lanorduetan.
Lanorduetan trinkoa edo barnetegia egiten ari direnek matrikula berritzeko edo moduluz aldatzeko eskaera egin dezakete, alegia, trinkotik edo barnetegitik bi orduko ikastarora (lanorduetan nahiz lanorduz kanpo).
Lanorduz kanpo ikasten ari direnek (aurrez aurrekoa zein autoikaskuntza) ezingo dute ikastaro berririk eskatu. Salbuespen izango dira deialdi nagusian trinkoa onartua duten langileak, matrikula berritzeko eskaera egin beharko baitute.
– Otsailean ezin izango da C2C2 edo C2C1 hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastarorik hasi, ezta autoikaskuntzakorik ere.
3.– Udako ikastaroa eskatu ahal izateko, aldez aurretik IVAPeko deialdien bidez ikastaroren bat egina izan behar du interesdunak eta, beraz, ikasprozesua hasita.
Laugarrena.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.
Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzen ardura da euskara-ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera. Hala, eskabideak zerbitzu-erakundeen langileen zuzendaritzek kudeatuko dituzte, Giza Baliabideen Zuzendaritzak horretarako ezarritako aplikazio informatikoaren bidez.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak Solaskidegune aplikazio informatikoa erabiliko du IVAPi baimendutako eskaeren berri emateko. IVAPek, aldiz, eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio Osakidetzari ezetsitako eskaerak zeintzuk diren, baztertzeko arrazoia adierazita.
Ordu-kreditua agortuta duten langileen kasuak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak aztertuko ditu martxoaren 14ko 1/2024 Jarraibideak aintzat harturik.
4.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu.
Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek eskaera telematikoa egin beharko dute, Osakidetzaren intranet korporatiboaren bidez. Hona hemen helbideak eta bideak:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskara ikasi > (ikastaro mota aukeratu)).
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > GGBBko Informazio sistemak > Euskara > Aplikaziora sartu > Norberari egokitutako kontsultak).
Lehenengo urteko egoiliarren eta eskaera telematikoa egitea ezinezko den kasuetan, interesdunek zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzetan aurkeztu ahal izango dute izena emateko eskabidea, erregistroan sarrera eman eta gero. Inprimakia intranet korporatiboan izango da interesdunen eskura.
Espezialitatea egiten ari diren egoiliarrek, eskabidea egiteko orduan, zein zentrotan ari diren adierazi beharko dute «Oharrak» izeneko atalean.
Deialdian onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea; deialdi honen instrukzioan adieraziko dira eskaera egiteko jarraibide zehatzak.
4.2.– Lanorduetako ikastaroetarako eskabideak.
Bi bide izango dira lanorduetako ikastaroetarako eskaerak egiteko: eskaera askea eta bideratua.
– Eskaera askea egiteko epea: 2025eko maiatzaren 5etik 18ra bitartean, biak barne.
– Eskaera bideratua egiteko martxoaren 20ko 2/2024 Jarraibideetan adierazitako prozedurari jarraituko zaio.
Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2025eko ekainaren 2rako.
Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek interesdunei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartu ezean, arrazoia espresuki azaldu beharko zaie interesdunei. Jakinarazpena 2025eko ekainaren 6rako egin beharko da beranduen ere.
Era berean, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak onartutako behin betiko eskaeren berri emango dio IVAPi 2025eko ekainaren 6rako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ez aldaketarik onartuko, ez bada onartutako erreklamaziorik aurkezten behintzat.
Erabakiaren aurka erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari, 15 egun naturaleko epean, jakinarazpena bidaltzen zaien hurrengo egunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira, eta, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu, eta aldaketarik balego, zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzei eta interesdunei jakinaraziko lieke. Kasu honetan ere beste 15 egun naturaleko epea egongo da Giza Baliabideen Zuzendaritzan erreklamazioa aurkezteko.
4.3.– Lanorduz kanpoko ikastaroetarako eskabideak.
Eskabidea egiteko epea 2025eko maiatzaren 5etik 30era bitartekoa izango da, biak barne. Data horretatik aurrera zerbitzu-erakundeek ez dute eskabiderik onartuko, salbu eta egoiliarren eskaerak, horiek bi aste gehiago izango baitituzte eskaerak aurkezteko.
Lanorduz kanpoko ikastaro trinkoa nahi duten langileek «Oharrak» atalean adierazi beharko dute eskaera berezia, baita haien lan baldintzak zeintzuk diren ere.
Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2025eko ekainaren 13rako, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri eman beharko dio IVAPi 2025eko ekainaren 25erako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ez aldaketarik onartuko, ez bada onartutako erreklamaziorik aurkezten behintzat.
Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak ebazpen baten bidez argitaratuko du baimendutako eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda. Baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Ebazpena intranet korporatiboan argitaratuko da uztailaren bigarren hamabostaldian. Era berean, zerbitzu-erakundeek ebazpenaren berri emango dute, zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez.
Baimendu eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda Osakidetzaren intranet korporatiboan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek 15 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari aurkezteko. Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan ere.
Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen bidez ebatziko dira epean aurkeztutako erreklamazioak eta IVAPek ordu-kreditua agortuta izateagatik baztertutako eskaerak. Ebazpen horrek baimendu eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda jasoko du, eta, baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Halaber, behin betiko zerrendan zehaztuko da prestakuntza IVAPek edo Osakidetzak finantzatuko duen. Aipatutako ebazpena intranet korporatiboan argitaratuko da 2025eko irailaren lehen hamabostaldian. Era berean, zerbitzu-erakundeek ebazpenaren berri emango dute, erakundean zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez.
Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroen antolaketa.
Deialdi honetan eskaintzen diren lanorduetako ikastaroak II. eta III. eranskinetan daude jasota. Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.
Ordu-kreditua agortuta duten eta, Giza Baliabideen zuzendariak onartutako martxoaren 14ko 1/2024 Jarraibideak aintzat harturik, eskaera onartu zaien langileen kasuan, Osakidetzak ordainduko ditu zuzenean ikastaroak. Zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen ardura izango da langileei onartutako ikastaroen berri ematea.
Ikastaro trinkoetan parte hartzeko baimenak lauhileko osorako dira; barnetegira joatekoak, aldiz, lauhileko osorako edo lau asterako izan litezke; azkenik, lanorduetako bi orduko ikastaroetan parte hartzeko emandako baimenak ikasturte osorako izango dira, urritik ekainera.
5.1.– Mailaketa probak.
Langileren baten euskararen ezagutza neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko dio ekainaren azken astean. IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.
Mailaketa proba egitera deitu arren langileren bat ez bada adierazitako egun eta orduan aurkezten, administrazioko taldeetan eskolaratzeko lehentasuna galduko du.
5.2.– Administrazioko taldeak.
Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langilez osaturiko taldeak antolatzen saiatuko da IVAP hiru hiriburuetan, goizez. IVAPek egokitzat jotzen dituen aldaketak proposatu ahal izango ditu, taldea osatzeko ikasle nahikorik ez badago.
Ikastaroa hasi baino lehen, IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari helaraziko dio administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta. Era berean, ikastaroen egutegi zehatza ere banatuko du, eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.
5.3.– Matrikula-kodearen bidez eskolaratzea.
Administrazioko taldeetara egokitzen ez diren langileentzat edo bestelako ordutegi edo herritan ikasi nahi dutenentzat, eskolaratzea matrikula-kodearen bidez egingo da.
IVAPek langile bakoitzari bere matrikula-kodea bidaliko dio, aurretik eskaeran adierazitako helbide elektronikora. Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ere jasoko ditu matrikula-kode guztiak ikastaroak hasi baino lehen.
Matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
1.– IVAPek zehaztutako ikastaroa izatea. Matrikula-kodearekin batera jakinaraziko zaio interesdunari zein den Osakidetzak baimendutako ikastaroa.
2.– Matrikula edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan egin ahal izango da, betiere IVAPek onartutako ikastaroak eta HABEk araututako moduluak badira (III. eranskina).
3.– Gutxieneko iraupena izan behar dute:
Bost orduko ikastaro trinkoek lauhilekoa.
Barnetegiko ikastaroek lau astekoa edo lauhilekoa.
Lanorduetako bi orduko ikastaroek ikasturte osokoa (urrian hasi eta ekainean bukatu).
4.– Matrikula-kodea euskaltegian 2025eko urriaren 20a baino lehen entregatu beharko da.
Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere ordainduko ditu. Aldiz, IVAPek ez ditu bere gain hartuko bestelako gastuak: joan-etorriak, materialak, etab.
Matrikula-kodearen bidez eskolatzen den ikasleak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia bete beharko ditu, IVAPek finantzatzen dituen moduluen baldintzen arabera.
IVAPek ez du matrikularik ordainduko baldintzak bete ezean. Kasu horietan, IVAPek ukapenaren berri emango dio Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
5.4.– Liberatutako pertsonala. Betebeharrak eta ordainsariak.
Barnetegietara edo ikastaro trinkoetara joateko liberatu diren langileek lansariaren % 100 kobratuko dute. Beraz, lanorduetan ikastegia lantokia da langilearentzat, ondorio guztietarako; eskolatze eta puntualtasun huts guztiak bere erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira idatziz, beste edozein laneratze hutsekin egin ohi den bezalaxe. Bestalde, langileak ez du izango zerbitzuagatik eskura daitezkeen kalte-ordainak (dietak, gastuak...) jasotzeko eskubiderik.
Zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bermatuko du ikastaroetan parte hartuko duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiaren arabera egokitzen dituztela, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin. Langileen zuzendaritza bakoitzak liberatuta dagoen langilearen karteldegia urteko ohiko lanaldira egokituko du.
Liberatuta dauden langileek konpromisoa hartzen dute maila egokia lortuz gero IVAPek antolatzen dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.
Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak ekarriko du ikastaroetatik kanpo uztea. Orduan, Administrazioak bere esku izango du kanporatutako ikaslea hurrengo ikastaroetan ez onartzea.
Seigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroen antolaketa.
Ikastaro hauek 2025-2026 ikasturte osorako izango dira, onartutako zenbait salbuespen izan ezik; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko. Deialdi honetan aurrez aurreko ikastaroak eta autoikaskuntzakoak eskainiko dira.
6.1.– Aurrez aurreko ikastaroak.
Aurrez aurreko lanorduz kanpoko ikastaroetarako baimena, orokorrean, egunean 2/3 orduko ikastaroak egiteko izango da. Ikastaro trinkoa (egunean 5 ordu), aldiz, langile finkoek eta bitartekoek eskatu ahal izango dute eta eskabide-orriko «Oharrak» atalean lan baldintza bereziak adierazi beharko dituzte.
Matrikula-kode bidezko lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan egin beharko dira. Baldintza hauek bete behar dira:
a) Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira.
b) 5 orduko ikastaro trinkoen kasuan, lau hileroko iraupena izango dute.
c) Ikastaroak HABEk araututako ikastaro modulua izan behar du derrigorrean (III. eranskina).
6.2.– Autoikaskuntza ikastaroak.
Ikastaroak urrian hasiko eta ekainean bukatuko dira, eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean edo autoikaskuntza zentro homologatu batean egin beharko dira.
Autoikaskuntza ikastaroak txandaka lan egiten duten edo, euren lanpostuaren berezitasunak direla-eta, euskaltegian aurrez aurreko ikastaroa egiteko zailtasunak dituzten langileentzat dira. Hori dela bide, autoikaskuntzako ikastaroetan parte hartzeko baimena ematerakoan, lehentasuna izango dute txandaka lan egiten duten langileek, ondorengo hurrenkeraren arabera: langile finkoek, bitartekoek eta egoiliarrek. Dena den, Giza Baliabideen zuzendariaren instrukzio baten bidez zehaztuko dira autoikaskuntza ikastaroa baimentzeko irizpideak eta lehentasun hurrenkera.
IVAPek autoikaskuntzarako eskaera guztietatik kopuru mugatua onartuko du, alegia, Osakidetzak baimentzen dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien % 30, gehienez ere. Hori dela eta, guztira baimendutako lanorduz kanpoko ikastaro kopuruaren arabera, Giza Baliabideen Zuzendaritzak zehaztuko du zerbitzu-erakunde bakoitzak izango duen autoikaskuntza ikastaroen baimen-kupoa.
Zerbitzu-erakundeek ezetsi egingo dituzte 2024-2025 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egiten ari diren langileen eskaerak bigarren hiruhilekoaren bukaeran % 75ko aprobetxamendua betetzen ez badute. Bestalde, ezetsi egingo dira 2024-2025 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egiteko onartuak izan ziren baina, jakinarazi gabe, ikastaro hori egin ez zuten langileen eskaerak, baita hasi ondoren utzi zutenenak ere.
Nolanahi ere, zerbitzu-erakundeak ikastaroa egiteko eskaerak baimentzeak ez du ziurtatzen IVAPek automatikoki eskaerak onartuko dituenik; 2024-2025 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egin duen ikasleak ikasturte bukaeran % 80ko aprobetxamendua izan beharko du nahitaez 2025-2026an onartua izateko.
Autoikaskuntzako ikastaroek ezaugarri hauek izan behar dituzte:
a) Euskaltegiek zein autoikaskuntza zentroek berariaz lineako ikastaroak emateko dituzten programen bidez ikastea. Nahiz eta tarteka tutoretza edo mintza saioak izan, oro har, lan gehiena bakoitzak bere kasa antolatzen du, programa horiek bakarka eta zehaztutako ordutegirik gabe erabilita.
b) Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabiliz egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabiliz, edo bata zein bestea. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.
c) Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute, eta ikastaroa uzteak ez du ordu-kredituen zenbaketa geldiaraziko; hau da, ordu kopuru osoa deskontatuko da ordu-kreditutik.
d) Autoikaskuntzako ikastaroak HABEk araututako ikastaro moduluak izan behar dira.
6.3.– Matrikulazioa, ordainketa eta kostua.
Matrikulazioa matrikula-kodearen bidez egingo da eta euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2025eko urriaren 20a baino beranduago entregatuko diren matrikula-kodeak.
IVAPek langile bakoitzari bere matrikula-kodea bidaliko dio, aurretik eskaeran adierazitako helbide elektronikora. Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ere jasoko ditu matrikula-kode guztiak ikastaroak hasi baino lehen.
Matrikula-kodearen bidez finantzatuko diren ikastaroen zehaztapena III. eranskinean dago jasota, eta matrikula-kodea bakarrik erabiliko da bertan zehaztutako ikastaroa egiteko. Ez da onartuko, adibidez, autoikaskuntzako matrikula-kodearen bitartez aurrez aurreko ikastaroetan matrikulatzerik. Era berean, lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak onartutako ikastarorako matrikula-kodea jaso ondoren, ezin izango du aldatu.
Matrikula ordaintzeari eta kostuari dagokienez, bosgarren oinarriaren 3. atalean adierazitakoa aplikatuko da.
Ordu-kreditua agortuta duten eta, Giza Baliabideen zuzendariak onartutako martxoaren 14ko 1/2024 Jarraibideak aintzat harturik, eskaera onartu zaien langileen kasuan, Giza Baliabideen Zuzendaritzak matrikula-orri bereziak (arrosa kolorekoak) sortu eta eskatzailearen zerbitzu-erakundeari helaraziko dizkio, ikasle bakoitzak onartutako moduluan matrikula egin dezan. Langile horiek eskola hasi baino lehenago jaso beharko dute matrikula-orri arrosa bere zerbitzu-erakundean, 2025eko urriaren 10a baino lehenago.
Ordu-kreditu negatiboa duten langileen kasuan, Osakidetzak ordainduko ditu matrikula-orriak, betiere interesdunek eta ikastaroek IVAPen aurreko baldintzak eta Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren 1/2024 Jarraibideetako prozedurak betetzen badituzte.
Zazpigarrena.– Ikastaroen asistentzia eta aprobetxamendua.
7.1.– Eskoletan hastea.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskoletan. Didaktika eta ikastaroen antolakuntza arrazoiak direla medio, ez da onartuko 2025eko urriaren 20a baino beranduago hasterik, eta, ondorioz, IVAPek baja emango die automatikoki data horretarako eskoletan hasi ez diren langileen eskaerei.
IVAPek eta Osakidetzak arrazoi hauengatik soilik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasun luzea edo larriagatik, erditzeagatik, amatasunagatik edo aitatasunagatik eta adopzio edo harreragatik. Nolanahi ere, kasu horietan honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) IVAPek eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak aldez aurretik jakin behar dute langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute Giza Baliabideen Zuzendaritzara. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
b) Eskolan berandu hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskoletan hasi aldez aurretik abisatu gabe. Eskolan hasteko prest dagoenean, dagokion zerbitzu-erakundeko langileen zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio, idatziz, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari, honek IVAPi jakinaraz diezaion.
c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen %20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.
IVAP eta Osakidetza saiatuko dira pertsona horien eskolatzeak bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean. Edonola ere, ikastaro hasieran galdutako orduak (%20ra arte) zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.
7.2.– Lanorduetako ikastaroen asistentzia-arauak.
Ondorio guztietarako, eskola-orduak lanorduak dira praktikan, hau da, hutsegite bakoitza (eskolatze edo puntualtasun hutsegiteak) lanegun/lanordu faltatzat hartuko da, beraz, justifikazioa eman beharko zaio zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari. Justifikatu gabeko puntualtasun hutsak sarritan gertatzeak liberazioa etetea eta hurrengo ikastaroa ez onartzea ekar dezake. Bestalde, eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.
Euskara ikastaroetara joateko baimena zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen erabakia denez, beraien ardura da baimendutako epean etenik gabeko eskolaratzea bermatzea, baita ikastaroetan parte hartzen duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiarekin egokitzen dituztela ziurtatzea ere, ikastaroaren aprobetxamenduan kalterik egon ez dadin.
Eskolarik ez dagoen egunetan, euskara ikastaroa lanorduetan egiten ari diren langileek beren lanpostuetara itzuli beharko dute ezinbestean.
Eskola-aldia nahitaez eten behar baldin bada, erabaki hori hartzen duen zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzak horren berri emango dio aldez aurretik Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
7.3.– Autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamenduari buruzko irizpidea.
Osakidetzak honako irizpide hau ezartzen du 2025-2026 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko bigarren hiruhilekoaren bukaeran asistentzia % 75etik gorakoa izatea eta ikasturte bukaeran % 80koa.
Ondorioz, 2025-2026 ikasturterako deialdian Osakidetzak ez die autoikaskuntza ikastarorako eskaera onartuko asistentziaren ehuneko horiek betetzen ez dituzten pertsonei, ezta joateri uzten diotenei ere.
7.4.– Ikastaroen asistentziari buruzko datuak.
Hilez hil IVAPek Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzaren esku utziko du aurrez aurreko ikastaroen gaineko asistentziari buruzko informazioa. Halaber, langileen ebaluazioari buruzko datuak emango ditu ebaluazioen ondoren.
Autoikaskuntza ikastaroetako asistentziari eta ebaluazioari buruzko datuak hiru hilerik behin bidaliko ditu IVAPek eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzetara bidaliko ditu.
Zortzigarrena.– Ikastaroari uko egitea.
Langileak ikastaroari uko egitea erabakitzen badu, bere zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari jakinarazi beharko dio. Horretarako bi aukera izango ditu:
Uko egiteko galdetegia bete eta bidali beharko du.
Uko egiteko inprimakia bete eta dagokion zerbitzu-erakundean erregistratu beharko du.
Galdetegia eta inprimakia Osakidetzaren intranet korporatiboan egongo dira eskura, baita langileen zuzendaritzetan ere:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskara ikasi > (Ikastaro mota aukeratu) > Ikastaroari uko egiteko inprimakia/galdetegia).
Lanorduetako ikastaroen kasuan, langileak ikastaroa hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direnean liberazioari uko egiten badio, ezinbestean egin duela justifikatu beharko du; bestela, bai zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bai Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak uko egite hori nahikotzat jo dezakete hurrengo deialdietan langilearen eskabidea ezesteko.
Lanorduz kanpoko ikastaroetako ikasleek, aldiz, beranduen ere, 2025eko urriaren 24rako jakinarazi beharko dute uko egitea. Inon matrikulatu ez eta uko egiteko jakinarazpenik bidaltzen ez bada, langilearen eskabidea baztertua izango da hurrengo deialdian.
Zerbitzu-erakundeek 2025eko azaroaren 8a izango dute azken eguna jasotako ukoak eta dagozkion inprimakiak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinarazteko. Giza Baliabideen Zuzendaritzak ez du onartuko data horretatik aurrera jasotako ukorik.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak 2025eko azaroaren 22rako IVAPen Solaskidegune aplikazioan erregistratuko ditu jasotako uko egiteak.
Bederatzigarrena.– Eskolara joateari uztea.
Eskolan hasi ondoren ikastaroa behin betiko utziz gero, langileak horren berri eman beharko dio lehenbailehen bere zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari. Horretarako bi aukera izango ditu:
Eskola-uzteko galdetegia bete eta bidali beharko du.
Eskola-uzteko inprimakia bete eta dagokion zerbitzu-erakundean erregistratu beharko du.
Galdetegia eta inprimakia Osakidetzaren intranet korporatiboan egongo dira eskura, baita langileen zuzendaritzetan ere:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskara ikasi > (Ikastaro mota aukeratu) > Eskola-uztea jakinarazteko inprimakia/galdetegia).
Eskola-uztearen data galdetegia bete edo inprimakia langilearen zerbitzu-erakundearen erregistroan sartu den egunekoa izango da, eta IVAPek egun hori hartuko du ordu-kredituaren kontaketa eteteko. Beraz, eskola-uztea jakinarazten ez bada, ikasleak jarraitu egingo du ordu-kredituaren orduak gastatzen. Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua da inprimakia lehenbailehen erregistratzea.
Langileen zuzendaritzak eskola-uztea erregistratu eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari bidaliko dio, honek IVAPeko Solaskidegune aplikazioan erregistra dezan.
Arrazoizko azalpenik eman ezean bi ikasturtez jarraian eskolara joateari uzten bazaio, langileen eskaerak ezetsi egingo dira hurrengo deialdian.
Autoikaskuntza ikastaroa uzteak bi ondorio izango ditu: batetik, ordu-kredituari ikastaroaren ordu kopuru osoa kenduko zaio (190 ordu) ikasturteko lehenengo hiruhilekoa bukatutakoan; eta, bestetik, hurrengo deialdian, autoikaskuntza ikastarorako eskaera ezetsi egingo da.
Hamargarrena.– Ordu-kreditua.
Deialdi honetara biltzen diren eskaera guztiek ordu-kredituaren sistema izango dute ezarrita, IVAP eta Osakidetzaren arteko lankidetza hitzarmena arautzen duen 2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraituta. Agindu horren seigarren artikuluaren arabera, euskara hasi ahal izateko beharrezkoa da ikasturte hasieran ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea.
Ikasle berriaren ordu-kredituari dagokionez, urriko hasiera-maila ezarriko da, edo, bestela, otsailekoa, urrian ikastarorik egin ez badu.
Ordu-kredituaren kontrolari dagokionez, 2025-2026 ikasturtearen hasiera urrian izango da, eta hiru deialdiak bilduko ditu: urrian eskolatzeko deialdia, otsailean eskolatzekoa eta udakoa.
Gauzak horrela, IVAPek eta Osakidetzak ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko dute:
a) Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola berriro aplikatuko. Hortaz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
b) 2025-2026 ikasturtea otsailean edo udan hasten diren ikasleei eskaeraren unean aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenek ezin izango dute ikastaroa egin.
Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie. Ikastaroa lehenago uzten bada, dagozkien 190 orduak kenduko zaizkie ikasturte bakoitzean.
Hamaikagarrena.– Ordu-kreditua agortuta duten langileak.
Ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantza dezake, bai matrikula zuzenean ordainduz (liberatuen kasuan), bai lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzen direnentzako dirulaguntza-deialdia eginez.
Kasu batean nahiz bestean, Osakidetzak ordu-krediturik gabeko langileen ikastaroak ordainduko ditu, baldin eta interesdunek Giza Baliabideen zuzendariaren martxoak 14ko 1/2024 Jarraibideetako baldintzak betetzen badituzte. Dirulaguntzen aurrekontua nahikoa ez balitz, aipatuko jarraibideetako lehentasun irizpideak ezarriko dira, jarraibide horietan arautzen baitira ordu-kreditua agortu eta euskara ikasten jarraitzeko ohiz kanpoko laguntzak.
Hamabigarrena.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betez, jakinarazten da deialdi honen eremuan euskara-ikastaroak kudeatzeko datu pertsonalen tratamendua, alde batetik, Osakidetzaren ardurapean egingo dela, eta, beste alde batetik, IVAPen ardurapean.
Interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak Osakidetzak tratatuko dituela eta Giza Baliabideen Kudeaketa Integratua izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da Osakidetzako langileak kudeatzea, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.
Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa
Halaber, interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak IVAPek tratatuko dituela eta EAEko Administrazio Publikoetako Langileen Euskalduntzea izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere. Hori guztia, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun baten arabera. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.
Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:
II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROAK: BARNETEGIKO ETA ADMINISTRAZIOKO TALDEAK
1.– Lanorduetako barnetegiko ikastaroak.
Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola-orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu behar zaielako.
Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.
Barnetegiko ikastaroen iraupena lau astekoa edo lauhilekoa izango da, eta euskaltegien egutegiari eta ordutegiari egokituko zaie. Hilabeteko barnetegien kasuan, gehienez bi eska daitezke urtean.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.
2.– Lanorduetako bost orduko ikastaroak.
Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola-orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu behar zaielako.
Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: 2025eko urriaren 1etik 2026ko otsailaren 13ra arte. Dena den, egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da, eta gerta daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.
Gabonetako oporraldia 2025eko abenduaren 24tik 2026ko urtarrilaren 6ra izango da, bi egunak barne, eta epe horretan ez da eskolarik izango.
Guztira, hiru ebaluazio egingo dira.
Modulu honek lauhileko iraupena duenez, otsailetik aurrera aritzeko, langileek urriko deialdian eman behar dute izena, baita ekaineko deialdian izena eman dutenek ere.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.
3.– Lanorduetako bi orduko ikastaroak.
Modulu honek ikasturte osorako iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.
IVAPeko taldeen egutegia: 2025eko urriaren 1etik 2026ko ekainaren 19ra. Dena den, egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da, eta gerta daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.
Gabonetako oporraldian ez da eskolarik izango 2025eko abenduaren 22tik 2026ko urtarrilaren 6ra, biak barne. Era berean, ez da eskolarik izango Aste Santuko oporraldian, 2026ko martxoaren 30etik apirilaren 10era, biak barne.
Administrazioko taldeetako ikastaroen ordutegia 08:00etatik 10:00etara izango da Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Modulu honetan ebaluazio bi egingo dira.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.
III. ERANSKINA
IVAPEKO MATRIKULA-KODEAREN BIDEZ FINANTZATUKO DIREN IKASTAROAK
Lanorduetako ikastaroak:
(Ikus .PDF)
Lanorduz kanpoko ikastaroak:
a) Aurrez aurreko ikastaroak:
(Ikus .PDF)
b) Aurrez aurreko ikastaroak (C2 ikastaroak):
(Ikus .PDF)
c) Autoikaskuntza.
Euskaltegietan zein autoikaskuntza zentroetan euskara online irakasteko berariaz sortutako programen bidez ematen dira ikastaro hauek. Nahiz eta tarteka tutoretza edo mintza saioak izan, lan gehiena bakoitzak bere kasa antolatzen du, programa horiek bakarka erabiliz, zehaztutako ordutegirik gabe.
Ikasturte osokoa: 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko.
RSS