Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2025eko martxoaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1123

48/2025 DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, Uraren Kanonaren Erregelamendua aldatzen duena.

Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak, VIII. kapituluan, Euskal Autonomia Erkidegoaren tributu propio gisa sortu eta arautzen du uraren kanona. Era berean, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen dio araudi hori garatzeko beharrezkoak diren erregelamendu-xedapenak eman ditzan, gaikuntza orokorrekoak, eta, horren osagarri, legeak berariaz erregelamendura jotzen du manuetan.

Hala, 2008ko azaroaren 18an, azaroaren 4ko 181/2008 Dekretua argitaratu zen, Uraren Kanonaren Araubide Ekonomiko-finantzarioaren Araudia onartzen duena. Dekretu hori indargabetu egin zuen egun indarrean dagoen beste dekretu honek: azaroaren 2ko 229/2021 Dekretua, Uraren Kanonari buruzko Erregelamendua onartzen duena. Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak 1/2006 Legean egindako aldaketen ondorioz indargabetu zen lehenengo dekretu hura. Beraz, 229/2021 Dekretua da egun uraren kanona arautzen duen erregelamendua, 1/2006 Legea garatuta.

Baina Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen azken xedapenetako bigarrenak aldaketak egin dizkiote ekainaren 23ko 1/2006 Legeari, uraren kanonaren erregulazioari eragiten diotenak (nagusiki nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreari), eta, beraz, aldaketa horiek egokitu eta garatu egin behar dira erregelamenduan.

Ildo horretan, dekretu honen xedea da azaroaren 2ko 229/2021 Dekretuaren bidez onartutako Uraren Kanonari buruzko Erregelamendua aldatzea, aipatutako aldaketak sartzeko. Gainera, beste aldaketa batzuk egiten ditu, uraren kanona arautzetik eratorritako betebeharrak betetzean karga administratiboa sinplifikatu eta murrizteko asmoz batez ere.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren proposamenez, egin beharreko txostenak eginda, bat etorriz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin eta Gobernu Kontseiluak 2025eko otsailaren 25eko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Uraren Kanonari buruzko Erregelamenduari 3 bis artikulua gehitzea.

3 bis artikulua gehitzen da; hona testua:

«3 bis artikulua.– Prozedura eta izapidetze elektronikoa.

1.– Uraren kanonari buruzko informazio-fitxa, eta eskabideak eta deklarazioak aurkezteko formularioak eta erregelamendu honetan aurreikusitako administrazio-izapideak formalizatzeko gainerako eredu normalizatuak https://www.euskadi.eus/ webgunean daude eskuragarri, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/kanon_tasa_zerga/uraren-kanona/web01-tramite/eu/

Helbide horretan, agiri horiek guztiak betetzeko jarraibideak ere eskuragarri egongo dira. Formulario horietan, Administrazioarekiko jakinarazpen- edo komunikazio-bidea hautatuko da, eta jakinarazpen- edo komunikazio-abisuen datuak emango dira.

2.– Administrazio-izapideak eta erregelamendu honetan aurreikusitako ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin ahal izango dira (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), hargatik eragotzi gabe administrazioarekin harreman elektronikoa izateko betebeharrik ez duten pertsona fisikoak posta arruntaren bidez komunikatzea edo aurrez aurre joatea.

Halaber, pertsona edo entitate interesdunek «Nire karpeta» atalaren bidez ezagutu ahal izango dute beren administrazio-espedienteen egoera.

Egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak erabiliko dira. Hemen eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

3.– Uraren Euskal Agentziak, erregelamendu honetan aurreikusitako kasuetan, beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla eta horiek mantentzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa bilduko du eskura dauden elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez edo administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformaren bidez, salbu eta pertsona edo entitate interesduna aurka agertzen bada; kasu horretan, aurkeztu egin beharko du. Uraren Euskal Agentziak ezin badu dokumentazio hori eskuratu, kausa edozein dela ere (hura lortzeko bideragarritasun teknikorik eza barne), pertsona edo entitate interesdunak eman zaion epean aurkeztu beharko du.

4.– Pertsona edo entitate interesdunek lege-ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango dituzte. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, baldin eta modu fidagarrian jasota geratzen bada, betiere Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, hemen: https://www.euskadi.eus/».

Bigarren artikulua.– Uraren Kanonari buruzko Erregelamenduaren II. kapituluaren izenburua aldatzea

Aldatu egiten da II. kapituluaren izenburua, eta honela idatzita geratzen da:

«II. KAPITULUA
ZERGA-EGITATEA, ZERGAPEKOAK EZ IZATEA, SALBUESPENAK, HOBARIAK ETA KONPENTSAZIOAK»

Hirugarren artikulua.– Uraren Kanonari buruzko Erregelamenduaren 6. artikulua aldatzea.

Aldatu egiten da 6. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«6. artikulua.– Salbuespenak eta hobariak.

1.– Kanona ordaindu beharretik salbuetsita daude ur kontinentalen hartze eta sarrerak, erabilera edo kontsumo hauetarako:

a)Ura kontsumozko eran ez erabiltzea energia lortzeko edo indar eragilea baliatzeko.

Salbuespen hori aplikatzeko, pertsona edo entitate zergadunek eskabide bat aurkeztu behar diote Uraren Euskal Agentziari, ezartzen den ereduaren arabera. Eskabidearekin batera, kontsumozkoa ez den erabilera hori gertatzen den lekuaren kokapen-planoa aurkeztu behar dute, eta, hor, ura hartzeko eta itzultzeko puntuak adierazi behar dituzte, baita hartutako ura zuzenean neurtzeko mekanismo homologatuak ere.

b) Hartu, eta erabili gabe ingurunera hargunetik gertu kalitate berarekin eta tenperatura berdinean itzultzen den ur-bolumena, administrazio-emakida edo -baimenean edo indarrean dagoen plan hidrologikoan ezarritakoaren arabera errespetatu beharreko emari ekologikoaren parte gisa itzultzen dena.

Salbuespen hori aplikatzeko, pertsona edo entitate zergadunek eskabidea aurkeztu behar dute Uraren Euskal Agentzian, ezartzen den ereduaren arabera, eta, horrekin batera, memoria tekniko bat aurkeztu behar dute (honako hauek barne: planoak, funtzionamendu-memoriak, txostenak; eta eskatzaileak egoki deritzon dokumentazioa edo bitarteko oro). Memoria horretan, egiaztatu behar da ur-bolumen horiek aurreko paragrafoan adierazitakoa betez itzultzen direla ingurunera, eta, memorian bertan, bolumen horietako ura zuzenean neurtzeko mekanismo homologatua zehaztu behar da.

c) Urtean 200metro kubiko baino gutxiagoko ur-hartzeak edo ur-sarrerak.

Salbuespen hori aplikatzeko, ez da beharrezkoa izango pertsona edo entitate zergadunek Uraren Euskal Agentziari eskabide bat aurkeztea.

2.– Aurreko apartatuan araututako salbuespenak aplikatzeko, uren azaleratzea edo aprobetxamendua ustiatzeko administrazio-baimena edo -emakida eduki beharko da, 16. artikuluan ezartzen den autolikidazioari dagokion formularioan jasoko den eran.

3.– Zerga-oinarrian % 90eko hobaria izango du nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko ura hartzeak edo sartzeak, baldin eta pertsona edo entitate zergadunak Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza-ustiategi baten titularrak badira edo nekazaritza-ustiategiaren txartela badute. Gainera, uren azaleratzea edo aprobetxamendua ustiatzeko administrazio-baimena edo -emakida eduki beharko da, non adieraziko baita urak abeltzaintza- edo ureztapen-erabilera izango duela, 16. artikuluan ezartzen den autolikidazioari dagokion formularioan jasoko den moduan.

Hobari hori aplikatzeko, ez da beharrezkoa izango pertsona edo entitate zergadunek Uraren Euskal Agentziari eskabide bat aurkeztea.

4.– Uraren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko du artikulu honen 1., 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintzak betetzen direla, eta edozein unetan eskatu ahal izango die pertsona edo entitate zergadunei betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa aurkez dezaten. Era berean, betetzen direla ikuskatu eta kontrolatuko du, aldizkako ikuskapen-planen bidez. Plan horiek Uraren Euskal Agentziaren urteko ikuskapen-planean sartuko dira.

Gainera, beharrezkoa izango da salbuespen edo hobari horiei dagokien ur-bolumena bereizita kuantifikatu ahal izatea, ura zuzenean neurtzeko mekanismo homologatu indibidualizatuen bidez. Sistema horren bidez ezin bada zehaztu ur-bolumen salbuetsia edo ur-bolumen hobariduna, administrazio-baimen edo -emakidan ur-erabilera bakoitzerako adierazten den ehunekoari jarraituko zaio, edo, hori ezinezkoa bada, administrazio-baimen edo -emakidan adierazitako ur-erabilerak hartuko dira oinarri, horietako bakoitzari ehuneko bera aplikatuta.

5.– Irregulartasunik, faltsutasunik edo iruzurrezko ekintzarik hautematen bada 1., 2. eta 3. apartatuetan araututako salbuespenak eta hobariak aplikatzean, edo horiek emateko oinarri izan zen dokumentazioan irregulartasun edo faltsutasunen bat, dagokion erregularizazioa egingo da, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eta Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretua aplikatuko dira. Hala badagokio, pertsona eta entitate zergadunek erregularizazioaren ondoriozko zerga-zorra kitatu beharko dute, araudi horretan ezarritakoaren arabera, baina horrek ez du eragotziko zehapen-prozedura bat ireki dakien. Era berean, salbuespen edo hobari horiek ematea ezeztatu edo aplikatzea ukatu ahal izango da, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Bi kasuetan, organo horrek ebazpen-proposamena jakinarazi beharko die pertsona eta entitate zergadunei, 15 eguneko epean alegazioak aurkez ditzaten, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Aurreko izapidea bete ondoren, ebazpena emango du, egindako alegazioei buruz erabakitzeko, halakorik egonez gero».

Laugarren artikulua.– Uraren Kanonari buruzko Erregelamenduari 6 bis artikulua gehitzea.

6 bis artikulua gehitzen da; hona testua:

«6 bis artikulua.– Sareko urez hornitutako nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako konpentsazioa.

1.– Nekazaritza eta abeltzaintzarako ura sareko horniduraren bidez jasotzen duten pertsona eta entitateek konpentsazioa eskatu eta jaso dezakete, nekazaritza eta abeltzaintzako erabilera horiek direla-eta uraren kanonak beren fakturan duen eraginagatik.

2.– Uraren Euskal Agentziak egingo du konpentsazio hori, 6.3 artikuluan ezarritako ehunekoa erabiliz, eta konpentsatu beharreko ekitaldiari dagokion karga-tasaren arabera kalkulatuko da. Horretarako, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza-ustiategi baten titularrak izateari edo nekazaritza-ustiategiaren txartela izateari dagokionez apartatu horretan ezarritako baldintza berberak bete behar dira. Gainera, kontratu bat izan behar dute, ura abeltzaintzarako edo ureztatzeko erabiltzen dela dioena, edo entitate hornitzailearen ziurtagiria, ura nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen dela frogatzen duena.

Beharrezkoa izango da nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerari dagokion ur-bolumena bereizita kuantifikatu ahal izatea, ura zuzenean neurtzeko mekanismo homologatu indibidualizatuen bidez. Mekanismo horrek ura erabilera baterako baino gehiagorako neurtzen badu, eta, ondorioz, ezin bada modu bereizian kuantifikatu nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerengatiko kanonaren eragina dela-eta konpentsatu daitekeen ur-bolumena, kontratuan edo entitate hornitzaileak emandako ziurtagirian adierazitako ur-erabileren kopuruan oinarrituta egingo da konpentsazioa.

3.– Konpentsazio hori aplikatzeko, pertsonek eta entitateek aurreko ekitaldiari dagokion eskaera aurkeztu beharko diote Uraren Euskal Agentziari, urte bakoitzeko lehen sei hilabeteetan, ezartzen den ereduaren arabera. Eskabidearekin batera, aurreko apartatuan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza-ustiategi baten titularrak direla edo nekazaritza-ustiategiaren txartela dutela egiaztatzen duen agiria izan ezik, zeina Uraren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko baitu. Hala ere, Uraren Euskal Agentziak edozein unetan eskatu ahal izango die konpentsazioa eskatzen duten pertsona edo entitateei betetze horren egiaztagiriak aurkez ditzaten.

Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileek konpentsazioaren xede diren entitate hornitzailearen uraren fakturen kopia eta ordainagiria aurkeztu beharko dituzte.

4.– Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak 1. apartatuko pertsonek eta entitateek aurkeztutako konpentsazio-eskaerari buruzko ebazpena emango du, araudiak eskatzen duen dokumentazio guztia agentziaren erregistroan sartu eta sei hilabeteko epean.

Organo horrek aurkeztutako konpentsazio-eskaera ukatu nahi badu, proposamen horren berri eman beharko die pertsona edo entitate eskatzaileei, alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten 15 eguneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Aurreko izapidea bete ondoren, ebazpena emango du, egindako alegazioei buruz erabakitzeko, halakorik egonez gero.

5.– Baldin eta irregulartasunak edo faltsutasuna hautematen badira konpentsazioa emateko oinarri izan zen dokumentazioan, Uraren Euskal Agentziak, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, dagokion erregularizazioa egingo du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretua aplikatuko zaio. Hala badagokio, 1. apartatuko pertsonak eta entitateak behartuta egongo dira bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzera, araudi horretan ezarritako itzulketa-prozeduraren arabera.

Organo horrek ebazpen-proposamena jakinarazi beharko die 1. apartatuko pertsona eta entitateei, 15 eguneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Aurreko izapidea bete ondoren, ebazpena emango du, egindako alegazioei buruz erabakitzeko, halakorik egonez gero».

Bosgarren artikulua.– Uraren Kanonari buruzko Erregelamenduaren 7. artikulua aldatzea.

Aldatu egiten da 7. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«7. artikulua.– Salbuespenen eta hobarien eraginkortasuna.

1.– Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak emango du 6.1.a) eta b) artikuluan araututako salbuespenak onartzeko ebazpena. Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaie pertsona eta entitate eskatzaileei, araudiak eskatutako dokumentazio guztia agentziaren beraren erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita.

Organo horrek aurkeztutako eskabidea ukatu nahi badu, proposamen horren berri eman beharko die pertsona edo entitate eskatzaileei, alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten 15 eguneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Aurreko izapidea bete ondoren, ebazpena emango du, egindako alegazioei buruz erabakitzeko, halakorik egonez gero.

2.– Adierazitako epean ez bada ebazpenik ematen, eskaerak administrazio-isiltasunez baietsitzat jo ahal izango dituzte salbuespenen eskatzaileek.

3.– Pertsona edo entitate zergadunari ebazpena jakinarazten zaion urteari dagokion autolikidazioan eta ondorengo bi urteetan gauzatuko dira 6.1.a) eta b) artikuluan araututako salbuespenak.

Bestalde, 6.3 artikuluan ezarritako hobaria artikulu horretan araututako betekizunak betetzen diren urteari dagokion autolikidazioan gauzatu ahal izango da.

4.– Uraren hartze eta sarrera salbuetsiek edo hobaridunek inola ere ez dute gainditu behar emakida edo baimenetan ezarritako bolumena.

5.– Ez badira betetzen emakidaren edo baimenaren baldintzak, edo ez badira betetzen salbuespenak edo hobariak emateko oinarria izan ziren 6. artikuluan ezarritako betekizunak, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, hala badagokio, haiek baliogabetzeko edo aplikatzea ukatzeko ebazpena eman ahal izango du, eskatzaileei proposamena jakinarazi ondoren, alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten 15 eguneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Aurreko izapidea bete ondoren, ebazpena emango du, egindako alegazioei buruz erabakitzeko, halakorik egonez gero.

Baliogabetzen bada, 6.1.a) eta b) artikuluan araututako salbuespenak aplikatzeko, beharrezkoa izango da beste eskabide bat aurkeztea; aldiz, 6.1 c) artikuluan araututako salbuespena eta 6.3 artikuluan ezarritako hobaria pertsona eta entitate zergadunek aplikatu ahal izango dituzte kasuan kasuko ez-betetzeak zuzendu bezain laster.

Bestalde, Uraren Euskal Agentziak dagokion erregularizazioa egingo du, eta horri Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretua aplikatuko zaizkio. Hala badagokio, pertsona eta entitate zergadunek erregularizazioaren ondoriozko zerga-zorra kitatu beharko dute, araudi horretan ezarritakoaren arabera, baina horrek ez du eragotziko zehapen-prozedura bat ireki dakien.

6.– 6.1.a) eta b) artikuluetan araututako salbuespenei dagokienez, emakidaren edo baimenaren baldintzetan aldaketak gertatzen direnean, aldaketa horiek aplikatzeko beharrezkoa izango da beste eskabide bat aurkeztea, aldaketa horiek gertatu eta hilabeteko epean. Ez bada epe horretan aurkezten, Uraren Euskal Agentziak aurreko apartatuan araututakoaren arabera jardungo du.

Bestalde, artikulu honen 3. apartatuan aipatzen diren hiru urteak igarotzean, pertsona eta entitate zergadunek beste eskaera bat edo erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, gutxienez salbuespenaren eraginkortasuna amaitu baino 3 hilabete lehenago. Ez bada epe horretan aurkezten, hasieran emandako salbuespena ez da beste hiru urterako berrituko.

7.– 6.1.c) artikuluan araututako salbuespenaren eta 6.3 artikuluan ezarritako hobariaren kasuan, pertsona edo entitate zergadunek Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko dizkiote emakidaren edo baimenaren baldintzetan izandako aldaketak, gertatzen direnetik hilabeteko epean, baldin eta aldaketa horiek eragina badute haiek aplikatzeko ezarritako betekizunen betetzean.

Ez badira epe horretan jakinarazten, Uraren Euskal Agentziak aurreko 5. apartatuan araututakoaren arabera jardun ahal izango du.

Horretaz gainera, Uraren Euskal Agentziak, aldian behin, ofizioz berrikusiko du baldintza horiek betetzen diren».

Seigarren artikulua.– Uraren Kanonari buruzko Erregelamenduaren 9. artikuluaren 2. apartatua aldatzea.

Aldatu egiten da 9. artikuluko 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«2.– Ondorio horietarako, kontrako frogarik ezean, pertsona eta entitate hauek hartuko dira subjektu pasibo zergaduntzat:

a) Ur-azaleratzea edo aprobetxamendua ustiatzeko gaitasuna ematen duen administrazio-emakida edo -baimenaren pertsona edo entitate titularra.

b) Ura hartzeko instalazioen pertsona edo entitate titularra, uraren jatorria denean administrazio-emakida edo -baimenik ez duen ur-azaleratze edo aprobetxamendu bat.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako banaketa-instalazioen entitate titularrak, baldin eta instalazio horietan Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo hartutako ura sartzen bada, bertan erabiltzeko edo kontsumitzeko».

Zazpigarren artikulua.– Uraren Kanonari buruzko Erregelamendua onartzen duen azaroaren 2ko 229/2021 Dekretuari xedapen iragankor bakarra gehitzea.

Xedapen iragankor bakar bat eransten da, eta honako hau dio:

«XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Hobariak eta konpentsazioak 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan nekazaritza eta abeltzaintzako erabileretarako ura hartzeagatik edo sartzeagatik.

1.– Erregelamendu honen 6.3 artikuluan ezarritako hobaria 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko ura hartu edo sartzeagatik sortutako zerga-oinarriaren % 100ekoa izango da.

Era berean, pertsona eta entitate zergadunak salbuetsita egongo dira 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko ura hartzeagatik edo sartzeagatik dagokien kanona aitortzetik eta likidatzetik, baldin eta hobari hori aplikatzekoa bada ura hartzeko edo sartzeko ekintza horri.

Uraren Euskal Agentziak ofizioz berrikusi eta itzuliko dizkie pertsona edo entitate zergadunei aurreko paragrafoan adierazitako % 100eko hobaria autolikidazioetan ez aplikatzeagatik bidegabeki egindako diru-sarrerak, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, erregelamendu honen 17. artikuluan ezarritako hasierako aitorpena aurkezteko betebeharra betetzeko epea 2025eko abenduaren 31ra arte luzatzen da nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerarako ur-hartzeetarako edo -sarreretarako, dekretu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa ezertan eragotzi gabe.

2.– Nekazaritza eta abeltzaintzarako ura sareko horniduraren bidez jasotzen duten pertsona eta entitateentzako konpentsazioa, erregelamendu honen 6 bis artikuluan ezarria, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako ekitaldietarako izango da.

2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretan ura baliatzeagatik sortutako kanonaren eraginaren % 100ekoa izango da konpentsazio hori.

2022ko eta 2023ko ekitaldietako konpentsazioa 2025eko ekainaren 30era arte eskatu ahal izango da.»

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko otsailaren 25ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala