
21. zk., 2025eko urtarrilaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (148 KB - 3 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
508
EBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 10ekoa, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariarena, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arautzaileak «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» jatorri-deitura babestuaren baldintza-agiria aldatzeko aurkeztutako eskaeraren aldeko erabakia ematen duena.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2024ko abenduaren 19an, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arautzaileak, ekoizleen elkarte aitortua den aldetik, jatorri-deitura babestu horri buruzko baldintza-agiria aldatzeko eskatu zuen.
Bigarrena.– Aldaketa-eskaerak babestutako ardoen ezaugarri fisiko-kimiko eta organoleptikoekin lotutako hainbat alderdiri eragiten die. Gainera, ardo mota berriak gehitu dira («Berezia» motakoak), guztiak ere «1» kategoriaren barruan (ardoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, nekazaritza-produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortu zen, eta honako erregelamendu hauek indargabetu: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EEE) eta 1234/2007 (EE)). Hala ere, ez da ardo-kategoria berririk gehitu.
Bestalde, baimendutako bi mahats-barietate gehitu dira: «Pinot Noir» eta «Cabernet Franc». Gomendatutako barietateekin batera erabili ahal izango dira, baina azalera mugatua izango dute.
Ardo gorriak egiteko orduan, mahats beltzaren ehunekoa murriztu egin da, ardo horien kolorea argitzeko eta kontsumitzaileen nahietara egokitzeko.
Era berean, «Berezia» motako ardo berriak egiteko zenbait baldintza zehazten dira, eta mahats beltzen zein mahats zurien erauzketa-errendimendu maximoa mugatu da. Aldaketa horrekin lotuta, kendu egin da barrikako hartziduraren baldintza; izan ere, «Berezia» motako ardoak egiteko, zurezko barrikak ez diren beste material batzuetako deposituak edo ontziak erabil daitezke. Horren ondorioz, Kontseilu Arautzaileak beste erregistro bat gehitu behar du, zur bikainekoak diren edo beste material batzuez eginak diren ontzi eta gordailuetarako.
Aldaketa horietako batzuk kontsumitzaileen eskarira egokitzeko asmoz jarri dira abian; beste batzuk ekoizpen-sektoreak sustatzen ditu, bere produktuak bereizi nahi baititu, eta beste batzuk klima-aldaketa deritzona arintzeko planteatzen dira, neurri batean.
Gehieneko errendimendua ezartzeko modua aldatu da baldintza-agiriaren 5. atalean. Hektareako gehieneko ekoizpenaz gain, 70 litroko ardo-muga ezartzen da 100 kg mahatseko.
Egungo baldintza-agirian «Hondarrabia» hitza duten mahats-barietateen izendapenaren grafia aldatzen da: «Hondarrabi Beltza», «Hondarrabi Zuri» eta «Hondarrabi Zuri Zerratia». Kontuan hartuta «H» hizkiarekin zein gabe agertzen direla, ekoizleen elkarte aitortuak nahiago du «H» hizkia duen izendapena erabili, eta «Ondarrabi» terminoaren ordez «Hondarrabi» jarri.
Ardo apardunak eta mahats-bilketa berantiarrekoak indarrean dagoen baldintza-agirian agertzen dira. JDBan inskribatutako upeltegietan ekoizten dira, baina, «Txakolina/Chacolí/Txakoli» termino tradizionalaren baldintzak betetzen ez dituztenez, ez dira «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» gisa etiketatzen, baizik eta «Álava» aipamenarekin merkaturatzen dira. Baldintza-agiriaren aldaketa horrek ardo horien karakterizazio fisiko-kimikoa eta organoleptikoa dakar.
Lege-erreferentzia batzuk (Jatorri Deitura eta Termino Tradizionala) eta agintaritza eskudunaren eta kontrol-organismoaren harremanetarako datuak ere eguneratu dira. Testu osoan, aldatu egiten dira «erregelamenduari» egiten zaizkion aipamenak, eta «baldintza-agiriari» egiten zaizkio orain. Ekoizle-antolakundeak ekoizleen elkarte aitortu izena hartu du, adierazpen geografikoen Europako erregelamendu berrira egokitzeko.
Indarrean dagoen baldintza-agirian, beirazko botilaz gain, beste ontzi batzuk ere onartzen dira. Horregatik, botilatzeari buruzko aipamenen ordez, ontziratzeari buruzkoak jarri dira.
Azkenik, baldintza-agiriko zereginak banatzeko eskemaren idazketa aldatu da. Baldintza-agiria egiaztatzeko ahalmena –laginak hartzea, haien analisia egitea eta azterketa organoleptikoa egitea barne– kontrol-organismoarena da, eta ez Kontseilu Arautzailearena. Kendu egin da baldintza-agirian sartzeko egokia ez den testua, Kontseilu Arautzailearen barne-erregelamenduan edo kontrol-organismoaren kontrol-prozeduran agertu beharko lukeena, eta, amaitzeko, egiaztapenetan dagozkion laborategi-analisiak sartzeko beharra azpimarratu da.
Proposatutako aldaketek ez dute eraginik (EB) 2024/1143 Erregelamenduaren 24.3 artikuluaren kasu bakar batean ere, eta, beraz, normaltzat jo behar dira proposatutako aldaketak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.27 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio jatorri-deituren eta publizitatearen gaineko eskumen esklusiboa, eta Estatuarekin lankidetzan arituz baliatu behar du eskumen hori. Era berean, 18/2024 Dekretuaren 19. artikuluaren arabera (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egiteko hauek ditu esleituak: «o) Nekazaritzako elikagai-politika: nekazaritza-elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, jatorri-deitura ematea eta kalitatea kontrolatzea». Azkenik, 438/2024 Dekretuaren 12.j) artikuluan (438/2024 Dekretua, abenduaren 11koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), 7.h) artikuluarekin bat etorriz, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio ebazpen hau emateko.
Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuan aurreikusitako izapideak egin dira (dekretu horren bidez arautzen da jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak Europar Batasuneko erregistroan inskribatzeko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura), eta aintzat hartu dira hasierako eskaera eta izapidetze guztiari, aurkakotasun nazionaleko prozedurari eta abarri dagokienez martxoaren 7ko 149/2017 Errege Dekretuaren bidez hari egindako aldaketak.
Ondorioz, aplikatu beharreko araudia eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» adierazpen geografiko babestua aldatzeko eskaera onartzea eta horren aldeko erabakia ematea.
Bigarrena.– Jakinaraztea baldintza-agiriaren bertsioari eta aldeko erabaki hau emateko oinarri izan den dokumentu bakarrari dagozkien testuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren webgunean argitaratu direla, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024ko apirilaren 11ko (EB) 2024/1143 Erregelamenduaren 66. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera ((EB) 2024/1143, apirilaren 11koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Ardoen, edari espiritutsuen eta nekazaritza-produktuen adierazpen geografikoei buruzkoa, bai eta espezialitate tradizional bermatuak eta nekazaritza-produktuetarako aukerako kalitate-terminoei buruzkoa, 1308/2013 (EB), (EB) 2019/787 eta (EB) 2019/1753 erregelamenduak aldatzen dituena eta 1151/2012 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena. Testuak webgune honetan daude argitaratuta:
Hirugarrena.– Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialera bidaltzea, argitara dadin, aldeko erabakiaren publizitatea bermatze aldera. Ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epea irekiko da Espainian legez ezarrita dagoen edo bizi den edozein pertsona fisiko edo juridikok, bere legezko eskubide edo interesak ukitutzat jotzen baditu, baldintza-agiriaren aldaketa horien aurka egin ahal izateko, behar bezala arrazoituta.
Laugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112., 121. eta 122. artikuluetan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 10a.
Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria,
NORA BELTRÁN DE OTÁLORA ERRASTI.
RSS