
251. zk., 2024ko abenduaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (223 KB - 17 orri.)
- EPUB (143 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5964
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak egiteko 2025. ekitaldiko dirulaguntzen deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko abenduaren 19an egin duen bileran hartutako erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak egiteko 2025erako dirulaguntzen deialdia onartu du, eta organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea, Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) apartatuan eta abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuan ezarritakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren Lanbideren Estatutuak, eta abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuaren bidez berridatzi).
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak egiteko 2025eko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia, organismo autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2024ko abenduaren 19ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Aditzera ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 19a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN SEKTOREKO PRESTAKUNTZA-BEHARRAK ANALIZATU ETA DETEKTATZEKO AZTERLANAK EGITEKO 2025. URTERAKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA
Deialdi honen helburua hau da: produkzio-sektore jakin bateko enpresek benetan zer prestakuntza-behar dituzten detektatzea, eta sektore horretako langileen gaitasunak eta kualifikazioa mantentzea, garatzea eta hobetzea eta langileak lanbidean mailaz igotzea, enpresa horien lehiakortasuna eta produktibitatea areagotzeko, eta, hori lortzeko, sektoreko prestakuntza-beharrak analizatzeko eta detektatzeko azterlanak egitea, eguneratuak eta euskal enpresa-sarearen premietara egokituak.
Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak era honetako ekimenak aurreikusten ditu V. kapituluko 1. atalean, zeinetan «Prestakuntzari laguntzeko ekintzak» arautzen diren, eta, horien artean, 32 a) artikuluan, azterketa eta ikerketarako ekintzak. Ekintza horien helburua zera da, produkzio-sisteman dagoen Enplegurako Lanbide Heziketaren eskaria egituratzen duten faktoreak aztertzea. Horrela, aurre hartu ahal izango zaie aurrerapen teknikoaren eta lan-antolamenduaren ondorioz lanbide-kualifikazioetan gertatzen diren aldaketei, hainbat sektore ekonomikotan eta lurralde-eremutan dauden prestakuntzako arazo eta beharrizan berezien ezagutzan sakondu ahal izango da, eta hainbat ekimen garatu ahal izango dira enplegurako prestakuntza-eskaintza lanbideen edukiek izandako bilakaerara egokitzeko.
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen, Lan eta Enplegu Sailari izendatzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lankidetzan aritu behar du sailarekin azken horretan, berari dagozkion arduren barruan. Baina hori guztia ezingo da eragozpena izan Hezkuntza Sailak lanbide-heziketaren zuzendaritzari, antolamenduari eta plangintzari lotuta oro har esleitu zaizkion eginkizunak bete ditzan.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta egitekoen artean, besteak beste, enplegurako prestakuntza-programak kudeatu behar ditu, hala agintzen baitute organismo autonomoaren estatutuek 3.b) artikuluan, zeinak maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu baitziren.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezinbestekotzat jo du sektoreko elkarteek behar diren bitartekoak izatea sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak egiteko, azterlan eguneratuak eta euskal enpresa-sarearen beharretara egokituak egiteko, enpresenak eta langileak biltzen dituzten neurrian.
Azterlan horiei esker, gabezia hauek lehentasunez identifikatu ahal izango dira sektorea osatzen duten enpresetan, langileetan eta lantokietan: gaitasun profesionalen gabeziak, ezagupen teorikoen gabeziak, ezagutza praktikoenak eta enpresen eta langileen lehiakortasuna garatzeko beharrezkoak diren trebetasunenak. Hartara, prestakuntza-planak garatu ahal izango dira, prestakuntza-ekintzaz eta -ibilbidez osatuak, ordezkatuta dauden enpresetako langileen gaitasun profesionalak hobetzeko eta, ondorioz, enpresa horien lehiakortasuna areagotzeko azken finean. Era berean, modu praktikoan lagundu behar diote prestakuntza-premiak aztertu eta detektatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aholku-batzordeari, enpresen eta langileen mesedetan partekatu daitezkeen metodologiak eta jardunbide egokiak bilatzen eta prestakuntza-prozesuak hobetzeko aplikazio praktikoa zehazten.
Horrenbestez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2024ko abenduaren 19ko bilkuran, onartu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak egiteko 2025. urterako dirulaguntzen deialdia, honela:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresa eta lantokientzat eta haietan lan egiten duten langileentzat enpresaz gaindiko sektoreko prestakuntza-beharrak analizatzeko eta detektatzeko azterlanak egitea finantzatzeko laguntzak arautzea 2025eko ekitaldirako; azterlan horiek laguntza ekar dezakete enpresen eta langileen mesedetan partekatu daitezkeen metodologiak eta jardunbide egokiak bilatzeko orduan eta prestakuntza-prozesuak hobetzeko aplikazio praktikoa zehazteko orduan.
2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak guztira 1.000.000 eurorenak dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.
3.– Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren arabera, sektoreko prestakuntza-beharrak analizatzeko eta detektatzeko azterlanak egiteko 2025eko ekitaldiko ebazpena emango bada, kreditu egokia eta nahikoa egon behar du Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorretan (Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa; 5.3 artikulua).
2. artikulua.– Entitate onuradunak eta aplikazio-eremua.
1.– Hauek izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten jarduera ekonomikoko sektore bateko enpresak eta/edo enpresa horietako langileak biltzen edo ordezkatzen dituzten entitateak, baldin eta erabakitzen badute, zuzenean edo beste entitate aditu batekin edo batzuekin batera, prestakuntza-premien azterketari buruzko azterlan sektorial bat egitea lantoki horietan lan egiten duten langileentzat. Sektorearteko entitateak ere izan daitezke onuradun, baldin eta azterlana sektoriala baino ez bada.
Entitate eskatzaileek nortasun juridiko propioa izan beharko dute, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik formalki eratuta egon beharko dute, administrazio publikoetako enpresaburuen elkarte, talde edo antolakundeen edo sindikatuen erregistroren batean identifikatuta egon beharko dute, eta lantegia Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute.
Entitate horiek langile propioak izan beharko dituzte, azterlanaren garapena zuzentzeko eta kudeatzeko gaitasun nahikoa dutenak, edo, horretarako, beren interesak ordezkatzen dituen elkarte, federazio, talde edo antolakundearen baliabide pertsonalez baliatu beharko dira, elkarte, federazio, talde edo antolakunde horretako kide izanik. Hala ere, gastu hori diruz laguntzeko, bi entitateek xede horrekin sinatzen duten akordio edo kontratuak bete egin behar du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa; artikulu horretan, aipatutako jardueren azpikontratazioa araututa dago. Alde horretatik, bi entitateak artikulu horretako 7. apartatuko d) letran aurreikusitakoaren arabera lotuta daudela iritziko zaio, eta, beraz, baldintza hauek bete beharko dira:
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak aldez aurretik baimena eman beharko du akordio edo kontratu hori egiteko.
– Gastu hori finantzatzeko dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu azterlana zuzentzeko jarduerak benetan egiten dituzten langileak dituen entitatearen kostua.
2.– Entitate hauek bakarrik izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradunak: gai direnak beren kabuz edo prestakuntza-entitateekin egindako akordioen bidez aurkezteko eta garatzeko atxikitako lantokietan zerbitzuak ematen dituzten langileen prestakuntza-beharren azterketa sektoriala egitearen ondoriozko prestakuntza-ekintzak biltzen dituzten prestakuntza-planak.
3.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, eta igarota ez edukitzea kondena- edo zehapen-epea.
c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea auziren batean errudun deklaratua izateagatik.
e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak bateraezintasun-egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
f) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.
g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
h) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.
j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea, hauek barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia izatea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea.
k) Zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astuna edo oso astuna egiteagatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.
m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausa batean egotea.
n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
4.– 3. apartatuan aurreikusten diren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen eskakizunak erantzukizuneko adierazpenaren bidez egiaztatu behar dira, eskabide-orrian.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen bidez, dirulaguntzak emango dira sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak egiteko, lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten jarduera ekonomikoko sektore jakin bateko enpresen gainean eta horietan lan egiten duten langileen gainean; dirulaguntzak ebazpena jakinarazi ondoren eta 2025eko azaroaren 28a baino lehen egiten diren azterlanentzat dira.
Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak deialdi honetan eta aurkeztutako eskabidean esandako eran egin beharko dira, eta, amaitutakoan, aurkeztu beharko dira.
2.– Gai hauei buruzko hausnarketa- eta azterketa-prozesua jasotzen duena jotzen da sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlantzat:
– Enpresan eta langileen artean dagoen ezagutza eta gaitasun profesionala, haientzat lehiak dakartzan eskakizunak kontuan hartuta.
– Enpresetako kideek dituzten ezagutza, gaitasun edo/eta jarreren eta haien etorkizuneko proiektua bermatzeko eskatutakoen artean dauden desorekak.
– Atzemandako desoreka gainditzeko ekintzen eta ekimenen deskribapen sistematiko eta globala. Deskribapen horretan, hauek jaso behar dira gutxienez: azterlanetik ateratzen diren prestakuntza-ekintzen, -ibilbideen eta -ekimenen hierarkizazioa, lehentasunak eta behin-behineko plangintza, lortu nahi diren helburuak, horretarako erabili beharreko metodologiak, eta horiek garatzeko kostu ekonomikoari eta bideragarritasunari buruzko aurreikuspena.
Hori guztia egituratzeko eta oinarritzeko, sektoreko entitateentzat eta haien enpresentzat baliagarria den tresna bat erabiliko da, beren prestakuntza-planak definitu, zehaztu, kudeatu eta ebaluatzeko aukera emango diena. Plan horiek azterlanean bertan jarritako epean edo denbora-esparruan garatu beharko dituzte, beren kabuz edo prestakuntza-entitateekin egindako akordioen bidez.
3.– Beharrak detektatzeko azterlanak eta analisiak egitean ematen diren pausoek, gainera, honetarako balio izan behar dute:
a) Enpresen behar espezifikoetara egokitutako prestakuntza-beharrak eskuratzeko (ez da ikastaroen katalogo orokor bat).
b) Eremu tekniko, pedagogiko edo ekonomikoan beharren azterketa eta ekintzen plangintza eta ebaluazioa sistematizatzeko.
c) Prestakuntzan egindako ahaleginen errentagarritasuna ebaluatzeko.
d) Produktuen edo zerbitzuen eta prozesuen kalitatea hobetzeko.
e) Antolaketako eta kudeaketako metodo eta sistema berrien aplikazioa errazteko.
f) Langileei lanbidean jarraitzen, hobetzen eta gora egiten eta, horrekin batera, sektoreko enpresei helburuak garatzen laguntzeko.
4.– Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanek, gutxienez, bi urterako izan behar dute. Gainera, azterlanetan zehatz-mehatz azaldu behar da bertan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak nola egingo diren, eta adierazi beharko da entitateak berak aurrera eramango dituen, beste prestakuntza-entitate batzuekin lankidetzan arituz aurrera eramango dituen edo bi moduetan. Prestakuntza-ekimen bakoitzerako aurreikusitako finantzabideak ere zehaztu beharko dira.
5.– Beharrezkoa izango da aukera ematea sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanak sektoreko entitatearen enpresa guztiei, horietako langileei eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan antzeko ezaugarriak dituzten beste arlo batzuei zabaltzeko, eta, hala, ahalik eta hedapen handiena lortzeko eta atzemandako beharretarako egokiak diren prestakuntza-erantzunak lortzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan dauden ekimen eta tresnetan aurreikusitako horietaz gainera.
Horren haritik, egindako azterlanaren egikaritze-laburpen bat egin beharko da lana amaitutakoan, haren ondorio nagusiak bilduko dituena eta edozeinek kontsultatu ahal izango duena, eta sektoreko langileen eta enpresen eskura jarri beharko da, baita beste eremu geografiko batzuetako elkarte edo antzeko taldeen eskura ere.
Diruz lagundutako azterlanen transferentzia, hedapena eta zabalkundea sustatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak argitara eman ditzake sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko egindako azterlanen emaitzak eta, betiere, azterlanaren egikaritze-laburpenak.
Hala, batetik, azterlanaren emaitzen zabalkunde handiagoa lortu nahi da, eta, bestetik, antzeko sektoreetarako azterlanak ez bikoiztea, beste inguru batzuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean ezaugarri antzekoak dituzten arloetan. Azterlaneko proiektuen artean bikoiztasunak egotea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izango da.
6.– Aurkeztutako ekimena ez da finantzatutako, baldin eta haren balorazioak ez badu lortzen 4.3 artikuluan aurreikusitako gutxieneko puntuazioa, bertan ezarritako irizpideen arabera.
7.– Dagokion eskabidea aurkeztu ondoren, eta beharrezkotzat jotzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sektoreko entitate eskatzailearen arduradunekin egiaztatuko ditu azterlana egiteko funtsezko alderdiak; besteak beste, metodologia, azterlana egiteko arduradunen gaitasuna, eskuratu beharreko produktu amaitua, eta abar.
8.– Entitateek beren kabuz egin ahal izango dituzte proiektuak. Hala eginez gero, giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko dituzte dirulaguntza eskatutako ekimenak aurrera eramateko, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza esleitu ondoren halakoak izateko azterlana hasten denerako. Ondore guztietarako, sektoreko entitatearen bitarteko propiotzat joko dira entitateak kontratatutako besteren konturako langileak. Behar diren baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan eduki beharko dira. Informazio hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena bete behar da eskabidean.
Entitate onuradunek osorik edo partzialki azpikontratatu ahalko dute azterlana egiteko zeregina, baina hura zuzendu eta koordinatzea beti izango da entitate onuradunaren erantzukizuna, 2.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran.
Subkontratatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen erregelamenduaren oinarrizko arauetan ezarritakoa bete beharko da (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Azpikontratatutako entitate batek berak ere ezin izango du parte hartu lau azterlanetan baino gehiagotan, ez osorik eta ez partez.
Alde horretatik, kontratuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan ezarritako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean, enpresa edo entitate onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta zerbitzua ematen duen entitate nahikorik ez badago merkatuan zerbitzuaren ezaugarri bereziak direla eta. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egin behar da, eta berariaz justifikatu beharko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.
Kontratua egingo bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimena eman behar du aurrez kasu batzuetan; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3. eta 7.d) apartatuetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen erregelamenduaren oinarrizko arauetan aurreikusitako kasuetan (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Horretarako, onuradunak, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, sinatu gabeko kontratuaren kopia aurkeztu beharko du, baimena lortzeko. Baimena emandakotzat joko da, baldin eta ebazpenean onuradun deklaratzen bada.
Ezin izango da azpikontratatu entitaterik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluaren 7. eta 8. apartatuetan jasotako egoeraren batean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamenduan jasotako oinarrizko arauetan jasotako egoeraren batean dagoenik (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen), salbu eta aldez aurreko baimena ematen bada artikulu horren d) apartatuan aurreikusitako kasuan, aurreko paragrafoan ezartzen den bezala; ez eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 71. artikuluan ezarritako egoeretako batean dagoenik ere.
Azpikontratazioa adosteko sinatutako kontratuan edo hitzarmenean, datu pertsonalen tratamendurako berme zehatzak biltzen direla egiaztatu beharko du, eta hori betetzeko behar diren klausulak sartu beharko ditu, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
9.– Entitate eskatzaile bakoitzari azterlan bat egiteko bakarrik emango zaio dirulaguntza, sektorearteko entitateei izan ezik; horiei bat baino gehiago lagundu ahal izango zaie, baldin eta jarduera-sektore banatarako badira.
10.– Ezin izango da inolako genero-diskriminaziorik izan azterlanaren edukian eta orientazioan, idazketan bertan, kontsulta-elementuetan, galdetegietan, elkarrizketa-gidoietan eta abarretan, eta, betiere, hizkera inklusiboa erabili beharko da, emakumeak eta gizonak diskriminatzen ez dituena.
4. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanen proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:
a) Aurkeztutako azterlana egiteko erabilitako metodologiaren sendotasuna eta irmotasuna, eta metodologia horren ezaugarri espezifikoekiko haren egokitzapena:
– Proiektuaren justifikazioa. Metodologia zehaztutako helburu orokor eta zehatzekin bat etortzea. Metodologiak objektiboa izan behar du eta ebidentzian oinarritua egon.
– Sistema kualitatibo eta kuantitatiboak uztartuz informazioa jasotzeko metodologia batean oinarrituta egotea egin beharreko lana: berrikuspen bibliografikoa eta iturri dokumentalen, elkarrizketen eta galde sorten azterketa.
– Azterlanean kontaktatuko diren enpresa inplikatuen kopurua.
– Elkarrizketatu beharreko langileen kopurua.
– Aurreikuspenen arabera beteko diren galde sorten kopurua.
b) Aurkeztutako azterlanaren eta aipatzen dituen sektore eta enpresen arteko koherentzia. Laneko gidoi moduan gutxieneko kopuru batzuk zehaztuko dira hauentzat aurreikuspenetan: kontaktatu beharreko enpresa inplikatuak, elkarrizketatu beharreko langileak, langileen legezko ordezkariak eta aurreikuspenen arabera beteko diren galde sortak:
– Sektoreko zeharkako gai komunak identifikatzea lanpostuak erarik egokienean betetzeko behar diren ezagutzen eta gaitasunen arloan.
– Azterlana datu-iturri esanguratsu eta fidagarrietan oinarritu beharko da; besteak beste, langileei egindako inkestetan, lanaren azterketan eta gaitasunen ebaluazioetan.
– Egin beharreko azterlanaren proiektua aurkezteko interesa sektorean gaur egun dauden joeretan eta aldaketetan dago.
c) Azterlan bakoitza bereizten duten ezaugarriak, sektorearekin lotuak:
– Sektore ekonomikoaren identifikazioa: sektorearen deskribapen eta ezaugarritze zehatza eta zorrotza (egitura, bilakaera...).
– Sektorean eragina duten ingurune orokor eta espezifikoko faktoreak aztertzea, sektoreko enpresetan eragina izan dezaketen mehatxuak eta aukerak detektatzeko.
– Prestakuntza-eskariaren azterketa eta prestakuntza-eskaintzaren ebaluazioa. Ezaugarri bereizgarriak identifikatzea: prestakuntzaren eskaria eta eskaintza aztertutakoan, prestakuntza-beharren azterlana sektore ekonomikoan garrantzitsu eta bakar bihurtzen duten ezaugarri bereizgarriak identifikatzen dira.
d) Sektorearen barruan era bateko eta besteko agenteek parte hartzea azterlana egiteko. Sektorea ordezkatzen duen enpresa baten edo gehiagoren azterketa egin eta garatzeko orduan aktiboki parte hartzea:
– Sektorea ordezkatzen duten beste entitate batzuen azterketak (fundazioenak, enpresa-sareenak...) egin eta garatzeko orduan aktiboki parte hartzea.
e) Azterlana egiteko arduraldia:
– Azterlana egiten emandako denboraren plangintza egokia aurkeztea eta horretarako egunean edo astean behar adina ordu eskainiko direla bermatzea.
– Zereginen lehenespena eta epeen kontrola aurkeztea, kudeatzaileak azterketa egiteko ezarri zaizkion epeen barruan lan egingo duela egiaztatuz eta garaiz osatuko dela bermatzeko behar diren doikuntzak eginez.
f) Xede-sektorerako egindako azterlanak duen erabilgarritasuna. Sektore eskatzailearen egoera espezifikora transferitu daitekeen beste azterlanik ez egotea:
– Sektorerako duen garrantzia. Sektore ekonomiko espezifikorako azterlan garrantzitsua, gaur egun merkatuan dauden joera eta erronkekin bat datorrena. Prestakuntza-ekintzak azterlanean aipatzen den sektorearen beharretara egokitu behar dira.
– Produkzio-eremuei lotutako kolektibo guztiak barne hartzen dituzten prestakuntza-beharrak, prestakuntza praktikoak barne.
g) Beharren eskari egituratua, zehatza eta lehenetsia:
– Egin beharreko azterlanaren egitura, identifikatutako prestakuntza-beharren sailkapen argia eta logikoa barne hartzen duena: arlo funtzionalen, sailen edo posizioen arabera. Prestakuntza-premia bakoitza behar bezain zehatz deskribatu behar da, ulergarria izan dadin eta ondoren haren eragina neurtu ahal izan dadin.
– Lehentasunak ezartzea: Identifikatu beharreko prestakuntza-beharrak, produktibitatean duten eraginaren, bezeroaren gogobetetzearen, enplegatuen atxikipenaren eta abarren arabera lehenetsiak.
h) Aurkeztutako azterlanaren beharra, aukera eta lehentasuna:
– Proiektua justifikatzea, helburu orokorrak eta espezifikoak zehaztuta.
– Ezagutzak eta gaitasunak eguneratzea behar duten egungo eta etorkizuneko profil profesionalen deskribapen zehatza.
i) Hornitzaileak proposatzen den metodologia aplikatzen duen gaitasuna eta aurretiazko eskarmentua:
– Profesionalen aurrekariak eta prestakuntza: Kudeatzailearen prestakuntza eta lan-ibilbidea, barnean direla sektorean duen eskarmentua eta proiektuen kudeaketan duen berariazko prestakuntza.
– Antzeko proiektuetan aurretiaz izandako eskarmentua.
j) Dagokion sektorean prestakuntza-beharrak atzeman eta aztertzeko tresnak:
– Prestakuntza-beharrak jasotzeko ereduak eta formularioak.
– Prestakuntza-beharrak lehenetsi eta haztatzeko fitxak edo galde sortak.
2.– Kontzeptu horri eman ahal zaion gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da. Irizpide guztien pisua bat da, eta 0, 5 edo 10 puntu emango dituzte, honela kalkulatuta:
– 0 puntu: Ez da informaziorik eman, edo oso orokorra, hutsala, eskasa edo desegokia da.
– 5 puntu: Eskabidean jasotako informazioa partziala da, eta itemeko azpi-apartatuen zati bati baino ez dio ematen erantzun egokia.
– 10 puntu: Emandako informazioa osoa eta zehatza da, eta item bakoitzeko azpi-apartatu gehienei ematen die erantzun egokia.
3.– Azterketa eta balorazioa egin ondoren gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten azterlanak ez dira finantzatuko.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Eskatzaile bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren zenbateko osoa honela zehaztuko da:
a) Lehenik eta behin, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa zehaztuko da.
Horretarako, hauek hartuko dira kontuan: aurreikusitako langile kopurua, egin beharreko azterlanean parte hartzen duten EAEko lantokien kopurua, eta azterketa egiteko egin beharreko galde sorten eta elkarrizketen kopurua.
Titularrak aurkeztutako eskabidean emandako datu horien arabera, banaketa hau egingo da diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa zehazteko:
(Ikus .PDF)
Nolanahi ere, eskatutako dirulaguntza a) apartatuan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa baino txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekotzat hartuko da.
b) Bigarrenik, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoari dagokion ehunekoa aplikatuko zaio, 4. artikuluan adierazitako irizpideen arabera eskabidearen balorazioan lortutako puntuazioari jarraikiz, tarte hauek kontuan hartuta:
(Ikus .PDF)
2.– Finantzatu daitezkeen gastuak.
Gastu hauek finantzatu daitezke:
a) Kanpoko entitate aditu batek egindako azterlanetan:
– Emandako kanpoko zerbitzuen kostua.
– Azterketa zuzentzeaz, koordinatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren pertsonen dedikazio-orduei dagokien soldata-kostua eta Gizarte Segurantzakoa.
b) Entitate eskatzaileko langileek egindako azterlanetan:
– Azterketa egin duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.
– Azterketa zuzentzeaz, koordinatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren pertsonen dedikazio-orduei dagokien soldata-kostua eta Gizarte Segurantzakoa.
c) Beste kostu batzuk ere onartuko dira, zuzenekoak eta zeharkakoak, entitate titularrak bere gain hartzen dituenak eta proiektua gauzatzeari eta kudeatzeari egotz dakizkiokeenak, hala nola enpresekiko topaketen antolaketa, joan-etorriak, komunikazioak eta entitatearen gastu orokorrak. Gastu horiek ezingo dute gainditu kostu finantzagarrien % 15eko muga.
Diruz lagundu daitezkeen gastuei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen Erregelamenduaren oinarrizko arauak aplikatu behar zaizkie (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Alde horretatik, gastua diruz laguntzeko modukotzat jotzeko, beharrezkoa izango da azterlana gauzatzeko epean egin izana, 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta benetan ordaindu izana dirulaguntza justifikatu aurretik, 8.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Era berean, kontratatutako gastuaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak baino gehiago bada, aipatutako 20/2023 Lege horretan eta 38/2003 Legearen 31.3 artikuluan aurreikusitakoa bete beharko da.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean.
Helbide honetan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-orria: https://www.euskadi.eus/servicios/1231603
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
2.– Eskabide bakarra aurkeztu behar da entitate eta jarduera-sektore bakoitzeko. Azterlan bat baino gehiago eta bakoitza jarduera-sektore baterako egiteko dirulaguntza eskatu nahi duten sektorearteko entitateek proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute.
Eskabide bat aurkezteko unean oraindik ebatzi gabe badago entitate berak jarduera-sektore bererako aurretik aurkeztutako beste eskabide bat, entitateak aurrekoan atzera egiten duela iritziko zaio, eta atzera egin izanaren ebazpena emango da, eta egindako azken eskabidea aztertuko da eta hari buruz ebatziko. Entitate berari lehendik jarduera-sektore bererako eskatu duen dirulaguntza bat eman bazaio, ezezkoa emango zaio aurkeztutako eskabide berriari.
3.– Eskabide bakoitzarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Aurkeztutako proiektuaren deskribapena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak entitate eskatzaileen eskura jarritako eskabide-ereduaren araberakoa, elektronikoki sinatua; eta garatu beharreko azterketa-proiektua azaldu behar du, labur.
Bertan, azterlana zer sektoretarako egin behar den, azterlanak eragingo dien sektoreko EJSN kodeak ere zehaztu behar dira, lau digitukoak.
b) Azterlana egiteko gutxi gorabeherako kostua, eta dirulaguntza gisa eskatzen den zenbatekoa, eurotan. Zenbateko hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak entitate eskatzaileen eskura jarritako eskabidean ere adierazi behar da.
c) Inbertsioa dirulaguntzaren bidez ez ezik funts propioen edo beste dirulaguntza edo bitarteko batzuen bidez ere finantzatu bada, zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.
d) Entitate eskatzailea kide den elkarteko langileek zuzendu eta koordinatzen badute azterlana: sinatu gabeko akordioa edo kontratua, Lanbideren aurretiazko baimena lortzeko.
e) Azterlana kanpoko enpresa batekin azpikontratatzen bada: kontratuaren kopia –sinatu gabe, Lanbideren aldez aurreko baimena behar izanez gero–, bai eta aurkeztutako hiru eskaintzen justifikazioa eta egindako aukeraketaren justifikazioa ere, ekonomikoki onuragarriena ez bada.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, erakusten duena entitate eskatzaileak eskabidea aurkeztean eta azterlana amaitzean gaitasuna duela atxikitako lantokietan zerbitzuak ematen dituzten langileen prestakuntza-beharren azterketa sektoriala egitearen ondoriozko prestakuntza-ekintzak biltzen dituzten prestakuntza-planak aurkezteko eta garatzeko bere kabuz edo prestakuntza-entitateekin egindako akordioen bidez.
4.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun baliodun dituela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela iritziko zaiola; hala irizteko, aurrez ebazpena eman behar da, eta horretan guztian urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraituko zaio.
5.– Eskabideak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 13an hasiko da, eta 2025eko urriaren 15ean amaituko.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria da prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa.
2.– Dirulaguntzak emateko prozedura ondoz ondoko lehiaketa izango da.
Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, 1. artikuluko jarduketa horietarako xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko dio eskatzaileari, egoitza elektronikoaren bidez. Dirulaguntza ematekoa bada, dirulaguntzaren onuradunak bost egun balioduneko epean onartu beharko du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta dirulaguntza onartzen ez bada, dirulaguntzari uko egiten zaiola pentsatuko da, eta dagokion ebazpena emango da.
4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko epea, gehienez ere, bi hilekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, entitate horrek pentsatu beharko du ezetsi dela beraren dirulaguntza-eskabidea, hargatik eragotzi gabe Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak espresuki ebazteko duen betebeharra.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.
8. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak eta emandako dirulaguntzen justifikazioa.
Onuradunen betebeharrak hauek dira: deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak, eta, zehazki, hauek:
a) Jasotako funtsak erabili izana justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueretan behar badira ere.
b) Erakunde hauen egiaztatze- eta kontrol-egintzen mende jartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, edozein administrazioren edo entitate publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu baditu deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeretakoren bat aldatu bada.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako finantzaketaren berri berariaz ematea diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horietatik sortzen diren ekintzetan ere. Finantzaketaren berri emateko neurri gisa, euskarri informatikoetan nahiz bestelakoetan adierazpen hau sartu beharko da: «Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlan hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu du, besterekin batera, 2025. urteko deialdian».
2.– Diruz lagundutako jarduera egin dela eta emandako dirulaguntza erabili dela justifikatzeko, entitate onuradunek amaierako justifikazio-memoria aurkeztu beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 2025eko abenduaren 12a baino lehen. Memoria horretan, egindako lanaren azken emaitza eta sortutako gastuen justifikazio ekonomikoa aurkeztu behar dira. Memoria horretan, gutxienez honako hauek agertu beharko dira:
a) Sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzen dituen azterlana jasotzen duen dokumentua, bai eta egindako azterlanaren laburpen exekutiboa ere. Laburpen hori azterlanaren funtsezko alderdiak argi eta zehatz laburbiltzen dituen dokumentu labur bat izango da, eta azterlanaren ondorio nagusiak jaso behar ditu.
Bertan, sektoreko prestakuntza-beharrak analizatu eta detektatzeko azterlanaren emaitzak jaso beharko dira, eta gutxienez alderdi hauek zehaztu:
– Enpresaren eta enpleguaren egitura.
– AMIA analisia.
– Sektorearen jardueran, enpresetan eta langileen artean eragina duten proiektuak eta aldaketak.
– Prestakuntza-kultura.
– Antolaketa-egitura.
– Gaitasunen profila.
– Kualifikazioen eta prestakuntza-ibilbideen beharrak.
– Prestakuntza-ekintzak eta prestakuntza-plana; gutxienez, bi urterako izan behar du. Gainera, azterlanetan zehatz-mehatz azaldu behar da bertan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak nola egingo diren, eta adierazi beharko da entitateak berak aurrera eramango dituen, beste prestakuntza-entitate batzuekin lankidetzan arituz aurrera eramango dituen edo bi moduetan. Prestakuntza-ekimen bakoitzerako aurreikusitako finantzabideak ere zehaztu beharko dira.
b) Fakturen zerrenda, honako hauek identifikatuta: hornitzailearen edo finantza-entitatearen identifikazioa, faktura-zenbakia, fakturaren igorpen-data eta ordainketaren data; bai eta horien benetako kopia eta ordainketaren egiaztagiria ere, eta diruz lagundu beharreko gastuen bestelako egiaztagiriak.
Diruz lagundu daitezkeen langile-gastuen kasuan, 5.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako jarduerak egin dituzten pertsonen zerrenda aurkeztu beharko da, bakoitzak emandako orduak adierazita, baita nominen kopia, Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak eta bi kontzeptu horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak ere.
Gizarte Segurantzako kotizazioaren 2025eko azaroko gastua justifikatzeko, 2026ko urtarrilaren 9an amaituko da justifikazio-agiriak aurkezteko epea.
Diruz lagundutako gastu justifikatuen zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da, eta, hala badagokio, dagokion itzulketa-prozedura izapidetuko da.
c) Diruz lagundutako azterketa egiteko lana osorik edo zati batean finantzatu duten bestelako sarrerei edo dirulaguntzei buruzko aitorpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo halakorik ez dagoela dioen adierazpena.
9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, hura emateko ebazpena ezarri ondoren.
a) Lehenengoan, entitate onuradunarentzat onartutako zenbateko osoaren % 50 ordainduko da, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren.
b) Bigarrenean, gainerako zenbatekoa ordainduko da, diruz lagundutako azterlana eta egindako gastuak 8.2 artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu ondoren.
2.– Administrazioa laguntzak ordaintzeko moduan izan dadin, entitate eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.
Entitatea erregistratuta ez badago, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan erregistratu ahal izango da edo aldatu ahal izango ditu datuak: https://euskadi.eus/hirugarrenak
10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
11. artikulua.– Aldi berean beste dirulaguntza edo bestelako laguntza batzuk jasotzea.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu horretan, beste dirulaguntza edo bestelako laguntza batzuk eskuratu direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketa egonez gero, deialdi honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, harik eta laguntzen baturak azterlana egitearen kostuaren zenbatekoa gainditzen ez duen arte.
12. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik aplikatuta, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har jarritako betebeharrak edo deialdi honetan espezifikoki jarritako betebeharrak eta baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kasuren batean gertatzen badira. Eta, bereziki, kasu hauetan:
a) Jarduera egin dela eta laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete direla frogatzeko betebeharra ez betetzea.
b) Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.
c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
d) Deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
e) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Era berean, emandako dirulaguntza osoa itzuliko da, baldin eta dirulaguntzaren helburua edo dirulaguntza justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du laguntza itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Horrez gain, egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost egun balioduneko epea duela ere jakinaraziko dio.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean, ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen, bidezko diru kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
Itzuli beharrekoak borondatezko epean itzultzen ez badira, premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
13. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea da, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak baliatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
14. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
Deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren kontuetan, hauek aplikatuko zaizkio laguntza-programa honi: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoa (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak, Lanbide zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtu ondoren.
Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtzen den egunetik aurrera, eta haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, deialdi honetan organismo autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko ente publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, baldin eta organo horiei lehenengoei esleitutako eginkizunak badagozkie estatutuetan xedatutakoaren arabera, eta horren berri emango da Lanbideren webgunean.
RSS