Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2024ko apirilaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1563

34/2024 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara dadila Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta genero-ikuspegia txertatzeari buruzko jarraibidea onartzeko erabakia.

Gobernu Kontseiluak, 2024ko martxoaren 12an egindako bilkuran, erabaki du onar dadila Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta genero-ikuspegia txertatzeari buruzko jarraibidea, eta hari behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta genero-ikuspegia txertatzeari buruzko jarraibidea onartzen duen erabakiaren testua, zeina ebazpen honen eranskinean ageri baita.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 22a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 22KO 34/2024 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KONTRATAZIO PUBLIKOAN GENERO-IKUSPEGIA ETA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO KLAUSULAK TXERTATZEARI BURUZKO JARRAIBIDEA

Eusko Jaurlaritzak, 2008ko apirilaren 29ko bilkuran, onartu egin zuen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren sektore publikoaren kontratazioan gizarte-irizpideak, ingurumenekoak eta beste politika publiko batzuk sartzeari buruzko erabakia.

Geroago, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an hartutako erabakiaren bidez, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana onartu zen, XI. legealdirako gobernu-programaren barruan. Plan hori Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako lege-agindu bati jarraituz sortu zen; lege haren arabera, legealdi bakoitzean berdintasun-plan bat prestatu behar da, eta Eusko Jaurlaritzak onartu behar du.

Era berean, Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren 27an hartutako erabakiaren bidez, Euskadin Soldata Arrakala Murrizteko Estrategia eta Plan Eragilea onartu zen. Haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa soldata-arrakala txikiena duten Europako bost herrialdeen artean kokatzea 2030erako. Horren ondorioz, Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin zen kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunerako klausulak eta soldata-arrakalaren kontrako neurriak txertatzeari buruzko jarraibidea.

2023ko martxoaren 28an, indarrean jarri zen 1/2023 Legegintzako Dekretua (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea Bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako zortzigarrenari jarraituz. 1/2023 Legegintzako Dekretuaren xedea da ezartzea zer printzipio orokorrek zuzendu behar duten zein izango den botere publikoen jarduna emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, eta zenbait neurri arautzea bultzatzeko eta bermatzeko emakumeek eta gizonek aukera eta tratu berdinak izatea bizitzaren arlo guztietan; bereziki, emakumeak ahalduntzeko, haien autonomia sustatzeko, eta gizartean, ekonomian eta politikan duten posizioa sendotzeko, ezaba dadin egiturazko desberdintasuna eta sexu-bereizkeria oro, emakumeen kontrako indarkeria matxista barne.

Zehazki, haren 22.1 artikuluaren arabera, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremu espezifikoan, EAEko botere publikoek aplikatu behar dute irizpide sozialak txertatzeko nahitaezko eta zeharkako betebeharrari buruzko printzipio orokorra. Horretarako, genero-ikuspegia txertatu beharko dute kontratazio publikoan, eta, beste neurri batzuen artean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak sartuko dituzte adjudikazio-irizpideetan eta betearazpen-baldintza berezietan.

Hori guztia, salbu eta objektiboki justifikatzen bada kontratuaren xedeak ez duela loturarik emakumeen eta gizonen berdintasunarekin, kontratu-prestazioak ez duelako eraginik emakumeen eta gizonen egoeran, eta ezin delako sartu horrelako klausularik, kontratazio publikoaren arloko oinarrizko araudiaren arabera.

Horretarako, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak arau edo gidalerroak onartuko ditu, zeinetan adieraziko baitu zer jarraibide bete behar diren kontratazio publikoan benetan bete dadin genero-ikuspegirako xedatutakoa.

Beraz, aipatutako martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa aplikatuz, egokitzat jotzen da jarraibide hau onartzea aplika dakien Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, Instituzionaleko eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeetako kontratazio-organo guztiek, eta klausula horiek sar ditzaten euskal sektore publikoko kontratazio publikoaren maila guztietan (sektore publikoa zer den maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 8. eta 9. artikuluetan zehaztuta dago).

Hala, ziurtatuko da egitura eta koordina daitezela ondorioz hartzen diren neurriak eta lagun dezatela 1/2023 Legegintzako Dekretuaren helburuak betetzen (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

Kontuan hartuz zer adierazi den orain arte, eta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaia eztabaidatu ondoren, erabakitzen du:

ERABAKIA:

Lehenengoa.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio publikoan genero-ikuspegia eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak txertatzeari buruzko jarraibidea.

Bigarrena.– Ondoriorik gabe uztea Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 5ean onartutako jarraibidea, kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunerako klausulak eta soldata-arrakalaren kontrako neurriak txertatzeari buruzkoa.

Hirugarrena.– Jarraibide hau argitara dadila Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta gardentasunari buruzko araudiak eskatzen dituen tresna guztietan.

JARRAIBIDEA, EAE-KO KONTRATAZIO PUBLIKOAN GENERO-IKUSPEGIA ETA EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO KLAUSULAK TXERTATZEARI BURUZKOA
AURKIBIDEA

Zioen azalpena

Jarraibidearen xedea

I. Aplikazio-eremua

II. Kontratuaren xedea zehaztea

III. Kontratazio-espedientea prestatzea

IV. Enpresa kontratista aukeratzea

V. Adjudikazio-irizpideak

VI. Kontratua egikaritzean emakumeen eta gizonen ordainsari-diskriminazioa eta sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena ekiditeko kontratu-betebeharrak

VII. Kontratua egikaritzeko baldintza bereziak

VIII. Berdintasun-klausulak betetzea, kontrolatzea eta egiaztatzea

I. eranskina. Kontratua prestatzeko fasea. Justifikazio-memoriaren aldez aurretiko diagnostikoa

II. eranskina. Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko adjudikazio-irizpideen katalogoa

III. eranskina. Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko egikaritze-baldintza berezien katalogoa

IV. eranskina. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak betetzen direla egiaztatzeko dokumentuen eta bitartekoen katalogoa

ZIOEN AZALPENA

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa nazioarteko, Europako eta Espainiako arau askotan jasota dago. Emakumeen eta gizonen berdintasun benetakoa eta eragingarria sustatzeko beharra eta betebeharra balio nagusietako bat da Europar Batasuneko ordenamendu juridikoan (EBren Tratatuaren 2. artikulua) eta Espainiako ordenamendu juridikoan (Espainiako Konstituzioaren 1.1 artikulua). Botere publikoek funtsezko eginkizuna dute helburu hori lortzeko orduan, horiei baitagokie berdintasun hori benetakoa eta eragingarria izateko baldintzak sustatzea eta bermatzea (Espainiako Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluak).

Gainera, emakumeen eta gizonen berdintasuna zeharkako printzipioa edo printzipio horizontala da. Horregatik, EBk, erakunde publikoek garatzen dituzten jarduera guztietan, emakumezkoen eta gizonezkoen desberdinkeriak kendu eta berdintasuna sustatzea izango du helburu (EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 8. artikulua).

Ildo berean, eta zehazki kontratazio publikoaren eremuan, gaur egungo arau-esparruak kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako irizpideak edo klausulak (aurrerantzean, berdintasun-klausulak) txertatzeko aukera ematen die botere publikoei, eta betebeharra ere bada kasu batzuetan.

Europar Batasunaren esparruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 23., 24. eta 25. zuzentarauek diote kontratazio publikoa helburu sozialei laguntzeko erabili behar dela (2014/24/EB Zuzentarauaren 2. kontuan hartuzkoa). Hala, 2014/24/EB Zuzentarauak arau-esparru orokorra eskaintzen du kontratazio publikoaren prozeduraren faseetan berdintasun-klausulak txertatzeko.

Era berean, Batzordearen 2021eko urriaren 15eko interpretazio-komunikazioa izan behar da kontuan, kontratu publikoen gaineko Batasuneko legeriari eta kontratu horietan alderdi sozialak txertatzeko aukerei buruzkoa, betiere kontratu publikoetan alderdi sozialak txertatzea errazteko helburuarekin.

Gainera, duela gutxi Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2023ko maiatzaren 10eko 2023/970 Europako Zuzentaraua onartu da, zeinak lanpostu berdinean edo balio bereko lanpostuetan gizonen eta emakumeen ordainsari-berdintasunaren printzipioa aplikatzea indartzen baitu, ordainsari-gardentasuneko neurrien eta hori betetzeko mekanismoen bidez. Zuzentarau horrek behartu egiten ditu estatu kideak arauaren transposizioa 2026ko ekainaren 7a baino lehen egitera.

Espainian, honako hau dio Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak (aurrerantzean, SPKL; lege horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten du Espainiako ordenamendu juridikora): Kontratazio publiko orotan, zeharka eta nahitaez, irizpide sozial eta ingurumenekoak sartuko dira, baldin eta kontratuaren xedearekin zerikusia badute, sinetsita haiek sartzeak kalitatea-prezioa erlazio hobea emango duela kontratu-prestazioan, bai eta efizientzia handiagoa eta hobea ere funts publikoen erabileran (SPKLaren 1.3 artikulua). Zuzentarauak berak bezala, Espainiako arauak ere hainbat aukera eta betebehar arautzen ditu kontratazio publikoaren prozeduraren faseetan berdintasun-klausulak txertatzeko orduan.

Era berean, kontratazio publikorako sarbidea erraztuko zaie emakumeen presentzia handiagoa duten enpresa txiki eta ertainei. Edonola ere, baldintza-agirietan genero-ikuspegia barne hartzen duten klausulak sartzen direnean, klausula horiek ez dute eragotzi edo oztopatu behar enpresa txiki eta ertainek lizitazioan parte hartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoak (aurrerantzean, EAE) ere badu horri buruzko legeria espezifikoa. Horrela, apirilaren 7ko 3/2016 Legeak, zenbait klausula sozial kontratazio publikoan sartzekoak, EAEko kontratazio publikoan berdintasun-klausulak sartzeko aukera ematen du.

Aspaldi jorratzen hasitakoa da emakumeen eta gizonen berdintasuna kontratazio publikoan sartzearen gaia. Hala, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren maiatzaren 31ko 1/2000 Zirkularra aipatu behar da, Ekintza Positiboko III. Plana aplikatzeko, kontratazio administratiboan hartu beharreko neurriei buruzkoa. Horren ondoren, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren sektore publikoaren kontratazioan gizarte- eta ingurumen-irizpideak eta beste politika publiko batzuk txertatzeari buruzko Erabakia onartu zuen 2008ko apirilaren 29an, eta Gobernu Kontseiluak, 2019ko martxoaren 5ean egindako bilkuran, Erabakia hartu zuen Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunerako klausulak eta kontratazio publikoan soldata-arrakalaren aurkako neurriak txertatzeari buruzko jarraibidea onartzeko.

Geroago, berdintasunaren arloko zenbait lege onartu dira Espainian eta EAEn. Horri dagokionez, Tratu-berdintasunerako eta diskriminazioa ekiditeko uztailaren 12ko 15/2022 Legearen 37.2 artikuluan araututakoa aipatu behar da:

Administrazio publikoek, beren eskumenen alorrean, kontratazio-organoen bitartez, sinatzen dituzten kontratuetan baldintza bereziak ezarri ahal izango dituzte tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzeko, eta irizpide kualitatiboak kontratazio publikoan sartzea sustatuko dute, kontratua egikaritzeko izendatutako pertsonen artean talde zaurgarrietako kideen parte hartzea errazteko, sektore publikoko kontratuei buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

Bestalde, EAEn, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartu zuen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak (aurrerantzean, Berdintasunerako Legea) honako hau dio 22. artikuluan:

1.– EAEko botere publikoek irizpide sozialak txertatzeko nahitaezko eta zeharkako betebeharrari buruzko printzipio orokorra aplikatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremu espezifikoan. Horretarako, genero-ikuspegia txertatu beharko dute kontratazio publikoan, eta, beste neurri batzuen artean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak txertatuko dituzte adjudikazio-irizpideetan eta egikaritze-baldintza berezietan, bereziki kontuan hartuta 3.1 artikuluaren azken apartatuan aipatutako inguruabarrak dituzten emakumeen egoera. Hori guztia, salbu eta objektiboki justifikatzen bada kontratuaren xedeak ez duela loturarik emakumeen eta gizonen berdintasunarekin, kontratu-prestazioak ez duelako eraginik emakumeen eta gizonen egoeran, eta ezin delako horrelako klausularik sartu, betiere kontratazio publikoaren arloko oinarrizko araudiarekin bat eginez.

2.– Genero-ikuspegia aintzat hartzea kontratuaren xedearen ezaugarri tekniko bat denean, xede horren definizioan berariaz txertatu ahal izango da emakumeen eta gizonen berdintasunaren aipamen espezifiko bat.

3.– EAEko botere publikoek kontratazio-prozeduratik kanpo utziko dituzte Estatuko oinarrizko legerian kontratatzeko debekua ezarrita duten pertsona fisikoak eta juridikoak, besteak beste, berdintasun-plan bat izateko betebeharra ez betetzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko arau-hauste oso astuna dela-eta egindako delituengatik edo zehapen irmoak izateagatik.

4.– Kontratuaren xederako emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko gaitasun espezifikoak eskatzen badira, kaudimen tekniko edo profesional gisa eskatuko da esperientzia zehatza, ezagutzak edo prestakuntza izatea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, kontratazio publikoari buruzko araudian ezarritakoaren arabera.

5.– Baldin eta objektiboki justifikatzen ez bada kontratuaren xedeak ez duela loturarik emakumeen eta gizonen berdintasunarekin artikulu honen lehen apartatuan adierazitako baldintzetan, kontratazio publikoaren arloko oinarrizko araudiaren arabera, kontratazio-organoek honako hauek sartuko dituzte kontratazio-agirietan:

a) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako adjudikazio-irizpideak, baremoaren guztizkoaren % 5eko haztapenarekin, gutxienez.

b) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako egikaritze-baldintza berezi bat, gutxienez, hizkera eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik harago.

6.– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez dituzten gaitasunak errazago egiaztatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroan aukera emango da informazioa sexuaren arabera bereizita jasotzeko, gutxienez honako hauen kopuruari buruzkoa:

a) Pertsona juridikoen eta haien administrazio- edo zuzendaritza-organoak osatzen dituzten pertsona titularrak.

b) Langileak eta haien batez besteko ordainsaria, lanbide-taldeen, lanbide-kategorien edo lanpostu berdinen edo balio berekoen arabera banatuta.

7.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak benetan betetzen direla egiaztatu beharko da, eta horretarako:

a) Kontratistak nahitaez bete beharko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausula guztiak, eta horiek behar bezala gauzatu direla egiaztatu beharko du, dagokion dokumentazioa aurkeztuta, aurretiazko errekerimendurik igorri behar izan gabe.

b) Agirietan zehaztuko da zer ondorio dituen aipatutako klausulak urratzeak, bat eginez sektore publikoko kontratuen legerian ezarritakoarekin.

c) Kontratuaren jarraipenaz eta gauzatzeaz arduratzen den unitateak emakumeen eta gizonen berdintasuna egiaztatzeko dokumentazioa aztertu beharko du. Ondorio horietarako, aholku emateko eska diezaioke dagokion erakundean emakume eta gizonen berdintasunaren arloko eskumenak dituen organoari edo organismoari.

Modu espezifikoagoan, Berdintasunerako Legeak 41.g) artikuluan jasotzen duenez, arlo horretan eskumena duten EAEko administrazio publikoek erakunde publikoetako sektore feminizatuetan diharduten langileen lan-baldintzak hobetzea sustatuko dute, azpikontratazioa mugatuz, edo, halakorik ezean, klausula sozialak ezarriz kontratazio publikoan, administrazio publikoan baliokide diren jarduera edo kategoria profesionalekiko homologagarriak diren lan- eta soldata-baldintzak bermatzeko moduan.

Gainera, 44.d) artikuluaren arabera, EAEko sektore publikoaren kontratuak edo dirulaguntzak eskuratzeko eskakizuna da emakumeen eta gizonen ordainsarien arloko gardentasun- eta berdintasun-printzipioa betetzea. Horretarako, EAEko botere publikoek dagozkien berdintasun-klausulak sartuko dituzte, eta soldatak edo ordainsariak kontrolatzeko sistema egokiak ezarriko dituzte. Ordainsari-diskriminazioaren zantzuak hautematen badira, erakundeei epe bat emango zaie haiek justifikatu edo zuzentzeko, eta, hori egiten ez badute, zehapena edo kontratu- edo dirulaguntza-prozesuaren esparruan ebatzitako ondorioa ezarriko zaie. Ondorio hori izan liteke dirulaguntza galtzea edo kontratua suntsiaraztea eta jasotako dirua itzuli behar izatea.

Era berean, lege horren 47.5 artikuluan honako hau adierazten da: EAEko botere publikoek ofizioz jardungo dute sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko salaketen aurrean. Orobat, politika espezifikoak ere abiarazi behar dituzte beren langileentzat, laneko jazarpena prebenitzeko eta desagerrarazteko. Politika horietan, beste neurri batzuen artean, aurreikusi behar da arrisku psikosozialak ebaluatzea, prebentzio-neurriak hartzea eta jarduketa-protokoloak egin eta aplikatzea eta kontratazio publikoan klausulak txertatzea, lege honen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Azkenik, Berdintasunerako Legearen azken xedapenetako lehenengoak zehazten du Eusko Jaurlaritzak lege horren 22. artikuluan xedatutakoa benetan betetzeko jarraibideak adierazten dituzten arauak edo gidalerroak onartuko dituela, kontuan hartuta aplikatu beharreko araudia, kontratuen xedeak, eta arau eta gidalerro horiek beste neurri publiko edo irizpide sozial batzuen aplikazioarekin uztartzea edo bateragarri egitea eta koordinatzea.

JARRAIBIDEAREN XEDEA

Jarraibide honen xedea da Administrazio Orokorrean, Administrazio Instituzionalean eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeetan genero-ikuspegia eta berdintasun-klausulak txertatzeko moduari buruzko orientazioak eta jarraibideak ematea. Zehazki, jarraibide honetan jasotako orientabideen xedea da laguntza ematea honako lege honetan kontratazio publikoari buruz xedatutakoa aplikatzeko: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza Dekretuaren bidez onartua), bereziki 22. artikuluan. Nolanahi ere, kontratazio publikoa arautzen duen esparruak ezarritakoa errespetatzen dela bermatu beharko da.

Horrela, jarraibide honen bidez, kontratazio publikoan genero-ikuspegia txertatzea eta berdintasun-klausulak sartzea sustatu nahi da, baina ez helburu gisa bakarrik, azken helburua lortzeko mekanismo edo bide gisa baizik, hau da, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko.

I. APLIKAZIO-EREMUA

1.– Jarraibide hau Administrazio Orokorreko, Administrazio Instituzionaleko eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeetako kontratazio-organoei eta zuzendaritza-sustatzaileei zuzenduta dago. Aipatu kontratazio-organoek eta zuzendaritza-sustatzaileek jarraibide honetan xedatzen dena beteko dute kontratazio publikoaren legerian araututako kontratuen administrazio-klausula partikularren eta preskripzio teknikoen agiriak egitean.

2.– Prozedura irekiak eta ireki sinplifikatuak arautzen dituzten administrazio-klausula partikularren agiriak egin eta onartzean, jarraibide honetan ezarritako irizpideak sartuko dira kasu bakoitzean egiten diren kontratu-agirietan eta kontratua prestatzeko agirietan.

3.– Horretarako aukera ematen duten kontratu txikietan sartu ahal izango dira jarraibide honetan zehaztutako irizpideak, betiere kontratu horien berezitasunak kontuan hartuta.

4.– Jarraibide honen eremu objektiboari dagokionez, haren barruan sartzen dira lehenengo apartatuan aipatutako administrazioek eta erakundeek egindako kontratuak, baldin eta haien helburua bada SPKLan araututako obrak, zerbitzu-prestazioak edo hornidurak egitea.

II. KONTRATUAREN XEDEA ZEHAZTEA

1.– SPKLaren 99. artikuluaren arabera, sektore publikoko kontratuen xedeak zehatza izan behar du. Xede hori bete nahi diren beharrizan edo funtzionaltasun zehatzei erreparatuta definitu ahalko da, kontratuaren xedea konponbide bakar batera mugatu gabe. Bereziki, kontratatzen diren ondasun, obra edo zerbitzuen efizientzia eta jasangarritasuna hobetzen duten berrikuntza teknologiko, sozial edo ingurumenekoak sar daitezkeela uste den kontratuetan definituko da modu horretan.

2.– Genero-ikuspegia sartzeak kontratatzen diren ondasun, obra edo zerbitzuen efizientzia eta jasangarritasuna hobetu dezakeela uste den kontratuetan, kontratuaren xedea zehaztean emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko gaiak jaso beharko dira.

Zuzendaritza-sustatzaileari dagokio kontratua xede horretarako egokia den aztertzea eta erabakitzea, horretarako, dagokion erakundean emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskumena duten teknikarien aholkularitza izango du. Kontratuaren espedientean behar bezala justifikatu beharko da. Justifikazio horretan, kontratua xede horietarako egokia dela pentsatzeko arrazoiak aipatzeaz gain, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan lortu beharreko onurak adieraziko dira, baita kontratatzen diren ondasun, obra edo zerbitzuen efizientzia eta jasangarritasuna nola hobetzen duen ere.

3.– Kontratuaren xedearen ezaugarri teknikoetako bat genero-ikuspegia bada, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz berariazko aipamena egingo da kontratuaren xedearen azalpenean.

4.– Era berean, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzera bideratutako kontratu guztietan berdintasun-klausulak zehaztasun handiagoz txertatuko dira kontratazio-prozeduraren fase guztietan.

5.– Horrela, kontratatzen diren prestazioen berezko ezaugarrietatik haratago doazen adjudikazio-irizpideak eta egikaritzeko baldintzak sartuko dira, baita kontratuaren bizi-zikloaren etaparen bateko gizarte- eta lan-faktoreei erreferentzia egiten dietenak ere. Indarrean dagoen araudiaren arabera, ekoizpen-, hornidura- edo egikaritze-prozesuan esku hartzen duten langileei buruzko klausulak sar daitezke (SPKLaren 145. eta 148. artikuluak, eta 24/14/EB Zuzentarauaren 92. kontuan hartuzkoa).

III. KONTRATAZIO-ESPEDIENTEA PRESTATZEA

1.– Genero-ikuspegia zeharkako eta aginduzko eran sartuko da, kontratuaren xedearekin zerikusia duen bitartean, sinetsita horiek sartzeak kalitate/prezio erlazio hobea emango duela kontratu-prestazioan, bai eta efizientzia handiagoa eta hobea ere funts publikoen erabileran (SPKLaren 1.3 artikulua). Ildo berean, eta kontratuaren xedearekin duen loturatik haratago, 2014/24/EB Zuzentarauaren (92. kontuan hartuzkoa) arabera, eskakizun bakarra bete behar da: klausulek eskaintza bakoitzaren kontratuaren errendimenduaren eta kontratuaren xedearen arteko konparaziozko ebaluazioa egitea ahalbidetu behar dute, zehaztapen teknikoetan ezarritakoarekin bat etorriz. Kalitate-prezio erlazio onena eskuratzeko, zuzentarau honek gizarte- eta ingurumen-alderdiak barne hartzen dituzten adjudikazio-irizpide posibleen zerrenda zehaztugabe bat dakar. Botere adjudikatzaileak akuilatu behar dira euren beharrak ahalik eta ondoen beteko dituzten kalitatezko obra, hornidura eta zerbitzuak eskuratu ahal izateko adjudikazio-irizpideak hautatzera. Adjudikazio-irizpideek ezin diote erabakitzeko askatasun mugagabea eman botere adjudikatzaileari; aitzitik, irizpideok benetako lehia zuzenari bide eman behar diote, eta lizitatzaileek emandako informazioa modu eraginkorrean egiaztatzeko modalitateak eman behar dituzte. Beraz, kontratuaren xedeak berariaz erreferentzia egin ahal izango dio emakumeen eta gizonen berdintasunari edo genero-ikuspegia txertatzeko printzipioa zeharka sartzeari, baldin eta, aldez aurretik aztertu ondoren, kontratatzen den xedearen eremuan desberdinkeriak identifikatu badira eta horrekin loturaren bat badago, eta gai horrek garrantzi handia badu kontratu-prestazioaren edukian.

2.– Kontratazioan berdintasun-klausulak sartzeari dagokionez, aldez aurretik azterketa edo diagnostiko bat egitea gomendatzen da, kontratuak ondorioak izango dituen eremuan edo eremuetan aplikagarriak izan daitezkeen emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lege-betebeharrak betetzeko helburuarekin.

Aldez aurretik egingo den diagnostikoan, kontratuak emakumeengan eta gizonengan izan ditzakeen ondorioak eta horien beharrak identifikatuko dira.

Ildo horretan, zuzendaritza sustatzaileak, sail bakoitzeko berdintasun-teknikariekin batera, eta berdintasunaren arloan eskumena duen erakundearekin lankidetzan, bere sailean aldez aurretik esleitutako kontratuen xedea kontuan hartuta, kontratatutako prestazioen azterketa egingo du, bai eta merkatuak eta inplikatutako sektoreek prestazio horietan genero-ikuspegia nola txertatzen duten ere, kalitate-prezio erlazio hobean eragina izanik. Lortutako ondorioak kontratazio-organoari jakinarazi beharko zaizkio, eta berariaz adierazi beharko da:

• Kontratu bakoitzaren xedeari dagokionez: aztertutako kontratuaren xedea emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotuta dagoen ala ez, eta emakumeen eta gizonen egoeran eraginik duen.

• Aztertutako kontratuaren xedea emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotuta dagoela adierazten bada, inplikatutako sektoreen aldez aurreko azterketan lortutako ondorioak kontuan hartuta, eta merkatuan operadore nahikoak daudela eta, beraz, sektore publikoko kontratazioa arautzen duten printzipioak urratzen ez direla egiaztatu bada, genero-ikuspegia kalitate-prezio erlazio hobean eragin dezaketen ohiko kontrataturiko prestazioetan txertatzeko proposamenak helaraziko dizkio kontratazio-organoari.

Arestian aipatutako ondorioak izan arte, zuzendaritza-sustatzaileak kontratu bakoitza aztertuko du, sail bakoitzeko berdintasun-unitatearekin batera, eta, hala badagokio, berdintasunaren arloan eskumena duen erakundearen aholkularitzarekin.

Gomendatzen da aipatutako diagnostikoa aldizka eguneratzea.

3.– Era berean, kontratu bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta, aldez aurretiko azterketa edo diagnostikoa egin ahal izango da I. eranskinean jasotako check-lista betez.

4.– Aldez aurretiko diagnostikoa kontuan hartuta, justifikazio-memorian zehaztuko da generoa txertatzea egokia den ala ez, eta justifikazio egokia jasoko da kontratuak duen eraginari buruz edo kontratu-aldiko etapa edo faseren batek emakumeen eta gizonen egoeran duen eraginari buruz, hainbat modutan, erabiltzaile eta/edo onuradun jakin batzuei eta/edo langileen kolektibo bati dagokienez.

5.– Azterketa horren arabera, kasu bakoitzean zehaztu beharko dira sartuko diren edukiak, irizpideak eta klausulak, eraginkortasun-, proportzionaltasun- eta egiaztagarritasun-jarraibideei jarraikiz. Garrantzitsua da diagnostiko hori egitean berdintasunaren arloko langileek eta kontratuaren arduradunek elkarrekin parte hartzea.

Hala ere, kontratazio-organoak kalitate-prezio erlaziorik onena ebaluatzeko ezartzen dituen irizpide kualitatiboei dagokienez, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko alderdi edo ezaugarri sozialak barne hartzen dituztenean (SPKLren 145.2 artikulua), berariaz justifikatuko da horiek kontratuaren xedeari lotuta daudela, SPKLren 145. artikuluaren 6. apartatuan ezarritako moduan.

Zuzendaritza-sustatzaileari dagokio, berdintasunaren alorrean eskumena duten teknikarien aholkularitzarekin, SPKLk eskatzen duen lotura dagoen aztertzea eta erabakitzea.

6.– Nolanahi ere, zuzendaritza-sustatzaileak nahitaez justifikatu behar ditu honako hauek (SPKLaren 116.4 artikulua): a) berdintasun-klausularen eta kasuan kasuko kontratuaren xedearen arteko lotura (jarraibide honetan azaldutako ildotik); eta b) txertatutako berdintasun-klausulak nola ahalbidetzen duen eskaintza bakoitzak kontratuaren xedearekiko duen errendimendu-mailaren konparaziozko ebaluazioa egitea, 2014/24/EB Zuzentarauaren 92. kontuan hartuzkoan araututakoaren arabera, lehen adierazitako moduan. Justifikazio horren bidez, sartutako berdintasun-klausulak hobekuntza eragin behar du kontratuaren errendimenduari edo egikaritzeari dagokionez, haren edozein alderditan (soziala, lanekoa...) eta kontratu-aldiko edozein fase edo etapatan, baita faktore horiek kasuan kasuko kontratuaren funtsezko alderdia osatzen ez badute ere (SPKLaren 145. eta 148. artikuluak). Beraz, zerbitzuaren efizientzia soziala hobetzen dela justifikatu behar da, efizientzia ekonomiko eta/edo materialetik haratago.

7.– Kontratazio-organoek administrazio-klausula partikularren agiriko baldintza orokorretan adieraziko dute zein erakundek eman diezaiekeen hautagaiei edo lizitatzaileei emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean indarrean diren xedapenei buruzko informazio garrantzitsua, kontuan izanik xedapen horiek kontratua betetzen den bitartean kontratatutako lanetan aplikatzekoak izango direla.

Horretarako, testu hau erabil daiteke:

«Erakunde hauetan dago gai hauen inguruko betebeharrei eta indarrean dauden xedapenei buruzko informazioa:

– Emakumeen eta gizonen berdintasuna: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea erakunde autonomoa eta/edo beste batzuk».

IV. ENPRESA KONTRATISTA AUKERATZEA
IV.1. KONTRATATZEKO DEBEKUAK

Berdintasun-printzipioa betetzeari dagokionez, kontratazio-prozeduratik kanpo geratuko dira SPKLaren 71. artikuluan finkatzen diren kontratatzeko debekuetako edozein duten pertsona fisikoak eta juridikoak. Horrela, aipatutako manuan jasotako debekuak baino ezin dira ezarri.

Adibide gisa, artikulu horretan aipatutakoen artean honako hau nabarmendu dezakegu: 50 langile edo gehiago dituzten enpresen kasuan, berdintasun-plan bat edukitzeko betebeharra ez betetzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Bestalde, kontratazio-organoei dagokie arestian aipatutako arrazoiak aztertzea.

Printzipioz, kontratatzeko debekuaren irismena eta iraupena administrazio-epai edo -ebazpen bidez zehaztuko dira, eta horietan adierazitako epea mantendu behar da. Debeku horri buruzko iritzia eman beharko du Euskadiko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak, eta debekuaren adierazpen-proposamenari buruzko txostena egin beharko du, legez ezarritako kasuetan eta adierazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organoei dagokienean, uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 28.c) artikuluaren arabera.

Enpresaburuek, berekin kontratuak egiteko debekurik ez dutela frogatzeko, lekukotza judiziala edo administrazio-ziurtagiria erabil dezakete. Eskumena daukan agintariak ezin badu agiri hori eman, aukeran da, horren ordez, administrazioko agintari baten aurrean, notario publiko baten aurrean edo organismo kualifikatu profesional baten aurrean egindako erantzukizunpeko deklarazio bat entregatzea (85. artikulua). Aurrekoa gorabehera, enpresak ez ditu aurkeztu beharko frogagiriak edo inskribatutako datuen bestelako agiriak, horiek Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean daudenean edo Europar Batasuneko estatu baten datu-basean ageri direnean –esate baterako, enpresaren espediente birtual batean, dokumentuen biltegiratze elektronikorako sistema batean edo aurre-kalifikaziorako sistema batean–, eta aipatutako organoek horiek doan eskuratu baditzakete.

Horrekin lotuta, enpresek kontratatzeko debekua saihesteko neurriak hartu ahal izango dituzte. Neurri horiek SPKLaren 72.5 artikuluan eta 2014/24 Zuzentarauaren 102. kontuan hartuzkoan adierazitakoan oinarrituta daude. Horrela, enpresek ad hoc neurriak hartu beharko dituzte dagokien araudia betetzean enpresak egindako arau-haustearen astuntasunaren edo arrisku zehatzen arabera (self-cleaning); hori guztia enpresa bakoitzaren eta hark jarduten duen sektorearen ezaugarri zehatzen arabera.

IV.2. KAUDIMEN TEKNIKOA

1.– Oro har, kontratuetan ezin dira sartu genero-ikuspegia barne hartzen duten kaudimen-eskakizunak. Justifikatuta egon behar du, kontratuaren izaeraren eta xedearen arabera. Horrela, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko esperientzia egiaztatua eskatuko da, kontratuaren izaeraren eta edukiaren xedea berdintasuna denean.

2.– Zerbitzu-kontratuetako kaudimen teknikoari dagokionez, gaitasun berariazkoak eduki behar badira kontratuaren xedea betetzeko, arlo horietan esperientzia zehatza, ezagutzak eta bitartekoak edukitzea eskatuko da kaudimen tekniko edo profesionaleko eskakizun gisa (SPKLaren 90. artikulua). Hornidura-kontratuetan ere aplikatu ahal izango da hori (SPKLaren 89. artikulua).

Beraz, kontratuaren xedea berdintasunaren arloko prestazio espezifiko bat bada edo genero-ikuspegia barne hartu behar duen prestazio bat bada, arlo horretako prestakuntza, esperientzia edo gaikuntza espezifikoa eskatu ahal izango da, hura behar bezala egikaritzeko.

Kontratuaren xedearen arabera, ondorengo bitarteko hauetako baten edo batzuen bitartez egiaztatu beharko dira horiek guztiak, kontratazio-organoak eta/edo zuzendaritza-sustatzaileak egindako aukeraren arabera (SPKLaren 90.1 artikulua):

a) Gehienez ere azken hiru edo bost urteetan egindako zerbitzu edo lan nagusien zerrenda, kontratuaren xedea diren izaera bereko edo antzeko zerbitzu eta lanena.

Lan edo zerbitzuak kontratuaren xedea diren lan edo zerbitzuen izaera berekoak edo antzeko izaerakoak direla zehazteko, administrazio-klausula partikularren agiriak, CPV kodeak ez ezik, jardueren eta produktuen beste sailkapen-sistema batzuk ere erabili ahalko ditu; esate baterako, Produktu eta zerbitzuen Nazio Batuen kode normalizatua (UNSPSC), Produktuen Sailkapen Zentrala (CPC) edo Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionala (CNAE). Betiere, kontratua adjudikatzeko benetako gaitasuna bermatuko dute horiek. Baldintza-agirian aurreikusi ez bada, CPV kodeetako kasuan kasuko lehenengo hiru digituei erreparatuko zaie.

b) Kontratuan parte hartzen duten berdintasun-teknikariei edo unitate teknikoei buruzko azalpena. Baita langileek berdintasunaren arloan dituzten titulu akademikoak eta profesionalak ere.

c) Kontratua egikaritzeko orduan eragina duten neurrien azalpena.

IV.3. ZEHAZTAPEN TEKNIKOAK

1.– Zehaztapen teknikoak kontratuen legediak betebehar horietarako jarritako mugak zorrozki aintzat hartuz landuko dira, eta, batez ere, diskriminaziorik ezaren eta kontratuaren xedera edo egikaritzeko modura egokitzearen printzipioei jarraikiz.

2.– Zerbitzuaren ezaugarriak horretarako egokiak direnean, honako hauek jasoko da kontratuetako zehaztapen teknikoetan:

a) Kontratua egikaritu bitartean erabiltzen diren euskarri guztietan, kontratistek eta azpikontratistek hizkera eta iruditeria ez-sexista erabili beharko dituzte.

b) Enpresa adjudikaziodunak bereiz aztertuko ditu emakumeen egoera eta gizonen egoera kontratuaren esparruan, eta, desberdinkeriak sumatzen badira, desberdinkeria horiek zuzentzeko neurriak proposatu beharko dituzte.

c) Adjudikaziodunak ebaluaziorako adierazle eta mekanismoak taxutuko ditu, behin kontratua egikarituta aztertu ahal izateko horrek emakumeengan eta gizonengan benetan zer eragin izan duen eta berdintasunerantz zer heinetan egin den aurrera.

d) Behin kontratua egikarituta, txosten bat aurkeztu beharko da, zenbait adierazle eta datu sexuaren arabera zehaztuta, alderdi hauei buruz: kontrataturiko zerbitzuen erabiltzaile edo onuradun kopurua, kontratua egikaritu duen lantaldea, eta hartutako berdintasun-neurrien edukia eta horien eragina.

3.– Kontratua egikaritzeko ikastaroak edo prestakuntza-jarduerak egin behar direnean, kontratuaren zehaztapen teknikoek kontuan hartu beharko dute genero-ikuspegia, bai diseinuan, bai egikaritzean, eta, hala badagokio, ikastaro edo prestakuntza-jardueraren hedapenean. Horretarako, honako honi irizten zaio genero-ikuspegia prestakuntzan txertatzea:

a) Prestakuntza-beharren diagnostikoan eta prestakuntza-ekintzak hedatzeko bideak zehazterakoan, kontuan izatea emakumeen eta gizonen behar eta interes ezberdinak.

b) Neurriak hartzea irakasleen nahiz ikasleen artean bi sexuetako pertsonen ordezkaritza orekatua izan dadin, edo, gutxienez, prestakuntza-jarduerari dagokion eremuan bi sexuek duten ordezkaritzarekiko proportzionala izan dadin.

c) Ekintza positiboko neurriak hartzea, emakumeei parte-hartzea errazteko ordezkaritza murritza duten eremuei buruzko prestakuntza-ekintzetan nahiz sustapen profesionalari zuzenean zuzendutako prestakuntza-ekintzetan.

d) Hala badagokio, prestakuntza-ekintzari dagokion eremuan emakumeek eta gizonek bizi duten egoeraren alderdi diferentzialak sartzea prestakuntzaren edukietan.

e) Prestakuntza-jarduerarako prestatzen diren materialetan, hizkera eta iruditeria ez-sexista erabiltzea.

f) Neurriak hartzea prestakuntza-jardueran parte hartzen dutenek aukera izan dezaten bateragarri egiteko ekintza horretara joatea eta ardura pertsonal eta familiakoak gauzatzea; adibidez, prestakuntza lanorduetan ematea edo mendeko pertsonak zaintzeko zerbitzua jartzea prestakuntza ematen den bitartean.

g) Prestakuntza-jarduera ebaluatzeko ezartzen den sistematik lortutako emaitzak sexuaren arabera aztertzea, neurri zuzentzaileak hartzea justifika dezaketen aldeak detektatzeko.

IV.4. ETIKETAK

1.– Etiketei dagokienez, etiketak SPKLaren 127. artikuluan daude araututa. Horien bidez, enpresek berdintasunarekin lotutako ezaugarri zehatzak betetzen dituztela egiaztatzen dute. Hala ere, kontratazio-organoa ez da salbuetsita egongo bete beharreko eskakizunak baldintza-agirietan egoki zehaztetik; izan ere, haiek justifikatzeko dira etiketak, horretarako, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko teknikarien aholkularitza izango du.

2.– Kontratazio-organoek etiketak frogabide gisa eskatu ahal izango dituzte obra-, zerbitzu- edo hornidura-kontratuetan, enpresak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako gizarte-arloko ezaugarri espezifiko batzuk betetzen dituela egiaztatzeko. Besteak beste, preskripzio teknikoetan, adjudikazio-irizpideetan edo kontratua egikaritzeko baldintzetan eska daitezke etiketak. Horretarako, legearen manu horretan adierazitakoa bete behar da:

• Kontratuaren xedearen eta etiketan eskatutako eskakizunen artean lotura egon behar da.

• Eskakizun horiek objektiboki baloratzekoak izan behar dira, eta ez-diskriminatzaileak.

• Etiketak prozedura ireki eta garden bidez eman behar dira, eta alderdi interesdun guztiek parte hartu ahal izan behar dute. Prozedura horietan parte hartu ahal izango dute gobernu-erakundeek, gobernuz kanpoko erakundeek, kontsumitzaileek, gizarte-solaskideek, fabrikatzaileek eta banatzaileek.

• Etiketa lortzeko eskatzen diren eskakizunak enpresaburua ez den eta horrekin inolako loturarik ez duen hirugarren batek ezarriko ditu; horrela, ez du eragin erabakigarririk izango.

• Etiketei buruzko erreferentziek ez dute berrikuntza murriztuko.

3.– Kontratazio-organoek ez dute etiketarik eskatuko kontratuaren xedearekin loturarik ez badute. Kontratazio-organoak, beharrezkotzat jotzen badu, preskripzio teknikoak etiketa horretako zehaztapen xeheen arabera definitu ahalko ditu, edo, hala badagokio, haren zenbait zatiren arabera, kontratuaren xedearekin lotuta badaude eta xede horren ezaugarriak definitzeko egokiak badira.

4.– Nahiz eta etiketa espezifiko bat adierazi, kontratazio-organoak baldintza-agirietan argi eta garbi zehaztu beharra dauka beti zer ezaugarri eta eskakizun ezarri nahi dituen, hau da, eskatutako etiketa zehatzarekin egiaztatu nahi dituenak, horretarako, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko teknikarien aholkularitza izango du.

5.– Kontratazio-organoek emakumeen eta gizonen berdintasunerako arloan berariazko etiketa bat eskatzen dutenean, obrek, hornidurek edo zerbitzuek hori lortzeko eskatzen diren eskakizunen baliokideak direnak betetzen dituztela frogatzen duten etiketa guztiak onartu beharko dituzte. Beste frogabide batzuk ere onartuko ditu, SPKLaren 128. artikuluan aipatutakoak barne, kontratista izango denak eman beharreko obrek, hornidurek edo zerbitzuek berariaz eskatzen den etiketaren eskakizunak betetzen dituztela frogatzeko balio badute. Baliokidetasuna frogatzeko karga hautagaiak edo lizitatzaileak hartuko dute beren gain beti.

6.– Adibide gisa, arestian aipatutako baldintzak betetzen badira, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emandako berdintasun-etiketa edo -bereizgarria eskatu ahal izango da –berdintasunerako lankidetza erakundea, otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren arabera–.

V. ADJUDIKAZIO-IRIZPIDEAK

1.– Salbu eta objektiboki justifikatzen bada kontratuaren xedeak ez duela loturarik emakumeen eta gizonen berdintasunarekin, kontratu-prestazioak ez duelako eraginik emakumeen eta gizonen egoeran, eta ezin delako horrelako klausularik sartu, 1/2023 Legegintzako Dekretuaren eta SPKLaren 145. artikuluaren arabera, EAEko sektore publikoko botereek emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak sartu behar dituzte adjudikazio-irizpideen artean.

2.– Horretarako, berariaz kontuan izan behar da emakumeen edo emakume taldeen egoera, baldin eta bereizkeria-egoerak sor ditzaketen beste inguruabar batzuk ere tartean direnean, hala nola arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, politikari edo bestelako gaiei buruzko iritziak, gutxiengo nazional bateko kide izatea, ondarea, jaioterria, desgaitasuna, adina, sexu-orientazioa, genero-identitatea, genero-adierazpena, migrazio-prozesua, errefuxiatu-estatusa, kultura, landa-jatorria, gizarte-bazterketako egoera, seropositibotasun-egoera, guraso bakarra izatea, familia-konfigurazioa edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal, sozial edo administratibo.

3.– Genero-egokitasuna behar bezala justifikatu beharko da adjudikazio-irizpide horiek sartzeko orduan, eta xedearen eta eskakizun horien artean lotura hori benetan badagoen arrazoitu beharko da. Hau da, kontratazio-organoak eta/edo zuzendaritza-sustatzaileak zainduko du espedientean jasota daudela justifikazio objektiboa eta zehatza.

4.– Kontratuaren xedearekin lotura egoteari dagokionez, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko adjudikazio-irizpide bat kontratuaren xedearekin lotuta dagoela esango da, kontratu horren arabera egin beharreko prestazioak biltzen edo txertatzen baditu, edozein alderditan eta kontratu-aldiko edozein etapatan (SPKLaren 145. eta 148. artikuluak).

5.– Kontratazio-organoek, kontratazio-agirietan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako adjudikazio-irizpideak sartuko dituzte eta horien haztapena baremoaren guztizkoaren % 5ekoa izango da gutxienez, betiere kontratuaren xedearekin zerikusia dutenean, apartatu honen 3. puntuan adierazitako baldintzetan.

6.– Adjudikazio-irizpideen legezkotasuna bermatzearren, gogorarazi behar dugu irizpide horiek Europar Batasuneko zuzenbidea bete behar dutela, ez dutela diskriminatzaileak izan behar eta kontratuaren prestazioarekin berariaz lotuta egon behar dutela. Horrela, kontratatutako prestazioa gauzatuko duten langileei bakarrik eragingo diete, eta ez enpresako langile guztiei edo, oro har, enpresari berari.

I. eranskinean, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko adjudikazio-irizpideen katalogo bat erantsi da adibide gisa; horiek kontratazio-agirietan sartu ahal izango dira.

7.– Sektore publikoko kontratuen araudiak jasotzen duen bezala, kontratuaren xedearekin lotuta badago, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko berdinketa hausteko irizpideak sartu ahal izango dira (SPKLaren 147. artikulua).

VI. KONTRATUA EGIKARITZEAN EMAKUMEEN ETA GIZONEN ORDAINSARI-DISKRIMINAZIOA ETA SEXU-JAZARPENA ETA SEXUAN OINARRITUTAKO JAZARPENA EKIDITEKO KONTRATU-BETEBEHARRAK

1.– Kontratu publikoen administrazio-klausula partikularren agirietan aginduz ezarri behar da enpresa adjudikaziodunak behartuta daudela emakumeen eta gizonen ordainsari-diskriminazioa ekiditera, baita lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzera eta ekiditera ere.

2.– Kontratua egikaritzean emakumeen eta gizonen artean ordainsari-diskriminaziorik ez dagoela egiaztatzeko eta errazteko, enpresa adjudikaziodunak kontratuaren arduradunari jakinarazi beharko dio plantilla osoaren ordainsari-erregistroa duela, Langileen Estatutuaren 28.2 artikuluan eta Emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Plantillan 50 langile edo gehiago dituzten enpresen kasuan, enpresek berdintasun-plana dutela egiaztatu behar dute. Berdintasun-plan horrek ordainsari-auditoria bat izango du, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 46.2.e) artikuluan eta aipatutako errege-dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Enpresek lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko betebeharra betetzen dutela egiaztatzeko (3/2007 Lege Organikoaren 48. artikuluan dago jasota), enpresa adjudikaziodunak xede horretarako hartutako protokoloa edo neurriak bidali beharko dizkio kontratuaren arduradunari.

VII. KONTRATUA EGIKARITZEKO BALDINTZA BEREZIAK

1.– Kontratuaren xedeak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zerikusirik ez duela justifikatzen denean salbu, aurrez adierazitako terminoetan, kontratazio-organoek eta/edo zuzendaritza-sustatzaileek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko legean zerrendatutako egikaritze-baldintza berezietako bat jaso beharko dute gutxienez, hizkuntza eta irudi mota guztietan erabilera ez-sexista egitetik haratago.

2.– Sartu beharreko gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko egikaritzeko baldintza berezien artean, SPKLaren 202. artikuluak hainbat aukera gaitzen ditu: merkatu horretan emakumeen eta gizonen desberdinkeriak ezabatzea, lanean emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen duten neurriak aplikatuz; lan-merkatuan emakumeen parte-hartze handiagoa eta lana eta familia bateragarri egiteko aukera erraztea; emakumeei eragiten dien langabeziari aurre egitea; eta abar.

3.– Kontratuaren parte diren egikaritzeko baldintza berezi guztiak eskatuko zaizkie, era berean, berorren egikaritzan parte hartzen duten azpikontratatzaile guztiei.

4.– Egikaritzeko baldintza berezien legezkotasuna bermatzearren, gogorarazi behar dugu baldintza horiek Europar Batasuneko zuzenbidea bete behar dutela, ez dutela diskriminatzaileak izan behar eta kontratuaren prestazioarekin berariaz lotuta egon behar dutela. Horrela, kontratatutako prestazioa gauzatuko duten langileei bakarrik eragingo diete, eta ez enpresako langile guztiei edo, oro har, enpresari berari.

II. eranskinean, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko egikaritze-baldintza berezien katalogo bat erantsi da adibide gisa; horiek kontratazio-agirietan sartu ahal izango dira.

VIII. BERDINTASUN-KLAUSULAK BETETZEA, KONTROLATZEA ETA EGIAZTATZEA

1.– Enpresa kontratistak, kontratua guztiz egitearen erantzule bakarra izanik, bere gain hartutako berdintasun-klausula guztiak bete beharko ditu.

Kontratistak nahitaez bete beharko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausula guztiak, eta horiek behar bezala gauzatu direla egiaztatu beharko du, dagokion dokumentazioa aurkeztuta, aurretiazko errekerimendurik igorri behar izan gabe.

2.– Era berean, kontratuaren arduradunak gainbegiratu eta egiaztatu beharko du kontratistak kontratuaren indarrez bere gain hartu dituen betebeharrak bete dituela, kontratazio-organoari jakinarazi beharko dio ez-betetze oro eta, hala badagokio, kontratua suntsiarazteko edo zigorrak ezartzeko proposamena egin beharko du.

3.– Dokumentazioari dagokionez, kontratua egikaritu dela azaltzeko/justifikatzeko memoriaz gain, kontratua gauzatzeko ardura duten zuzendaritza sustatzaileak egokitzat jotzen duten dokumentazioa eskatu ahal izango dute kontratua egikaritu bitartean edo ondoren, kontratuan sartutako berdintasun-klausulak betetzen direla egiaztatzeko.

4.– Gainera, kontratuaren arduradunak bestelako kontrolak eta jarraipenak egin ahal izango ditu kontratistak kasu bakoitzean onartutako berdintasun-klausulak betetzen dituela egiaztatzeko. Besteak beste, in situ bisitak egin ahal izango ditu kontratua egikaritzen den bitartean, edo eragindako langileei elkarrizketak egin ahal izango dizkie kontratua egikaritu bitartean, etab.

5.– Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko adjudikazio-irizpideak eta egikaritze-baldintza bereziak espresuki ezarriko dira agirietan funtsezko kontratu-betebehar gisa. Horiek ez betetzea falta astuna izango da. Ez-betetzeen kasuan, kontratazio-organoak honako hauek egitea erabaki ahalko du:

a) Kontratua suntsiaraztea, ez-betetze errudunagatik; horrek eragin dezake enpresak bi urteko denbora-tartean ezin izatea ezein lizitazio-prozedura publikotan parte hartu.

b) Kontratuarekin aurrera jarraitzea, zehapen bat ezarrita; faltaren astuntasunaren arabera ezarriko du kontratazio-organoak zehapen hori, baina gehienez ere, kontratuaren prezioaren % 10 izango da, BEZa kanpo.

c) Luzapena biltzen duten kontratuen kasuan, luzapena ez aplikatzea erabaki ahal izango da, ikusten bada enpresa adjudikaziodunak ez-betetze astuna egin duela egikaritze-baldintza bereziei edo berdintasuneko adjudikazio-irizpideei dagokienez.

6.– Kontratuaren jarraipenaz eta gauzatzeaz arduratzen den unitateak emakumeen eta gizonen berdintasuna egiaztatzeko dokumentazioa egiaztatu beharko du. Ondorio horietarako, aholku emateko eska diezaioke dagokion erakundean emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko eskumenak dituen organoari edo organismoari, edo, halakorik ezean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.

7.– Sail eta erakunde eskudunek jarraibide honetan xedatutakoa aplikatzea errazteko beharrezko diren neurriak hartuko dituzte, hala nola prestakuntza, aholkularitza, materialak edo baliabideak, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko guneak.

III. eranskinean, genero-berdintasunerako klausulak betetzen direla egiaztatzeko balizko dokumentuen eta baliabideen katalogo bat agertzen da.

Kontuan izan behar da jarraian adibide gisa proposatzen diren klausula guztiak orokorrak direla eta baldintza-agirietan ahalik eta gehien zehaztu behar direla, klausula dagokion kontratuaren inguruabar zehatzekin ahalik eta gehien bat etor dadin.

I. ERANSKINA
KONTRATUA PRESTATZEKO FASEA

Justifikazio-memoriaren aldez aurretiko diagnostikoa

CHECKLIST-A.

Genero-desberdinkeriak egon daitezkeela hautematen bada (BAI aukera adierazleetako edozeinetan), berdintasun-klausulak txertatu beharko dira, edo, hala egiten ez bada, hori justifikatu beharko da.

Ikus II. eta III. eranskinetan sartu beharreko klausulak

Kontratu-prestazioaren produkzio-sektorean dauden genero-desberdinkerien adierazleak

(Oharra: eskuragarri dagoen azken datua hartuko da erreferentziatzat)

BAI EZ Oharrak

Oso sektore maskulinizatua da

https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=10943

https://www.emakunde.euskadi.eus/zifrak/webema01-contentservi/eu/

https://www.mites.gob.es/es/sec_trabajo/analisis-mercado-trabajo/numeros/index.htm

Jarduera-sektore horretako gerentzia-, kualifikazio- edo erantzukizun-postu gehienak gizonek betetzen dituzte

https://www.emakunde.euskadi.eus/zifrak/webema01-contentservi/eu/

https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=4498

Sektorean soldata-arrakala edo -desberdinkeria dago emakumeen eta gizonen artean

https://www.ine.es/jaxiT3/Tabla.htm?t=28185

https://www.euskadi.eus/ikerketak-eta-txostenak/web01-a2lehbrs/eu/

https://www.emakunde.euskadi.eus/zifrak/webema01-contentservi/eu/

Aurrez antzeko kontratazioak egin badira eta inguruabar hauetakoren bat gertatu bada:

• Eskulan intentsiboa eta kualifikatu gabeko lanpostuetarako langileak eskatu dira

• Modu minoritarioan enplegatu dira emakumezko langileak

• Gizonezkoak izan dira prestazioaren onuradun nagusiak

II. ERANSKINA. EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNARI BURUZKO ADJUDIKAZIO-IRIZPIDEEN KATALOGOA

Adibide gisa, adjudikazio-irizpideen katalogo hau eskaintzen da:

1.– Emakumeak kontratatzeagatik:

X punturekin baloratuko da enpresak kontratuaren iraupen osoan honako hau aplikatzeko konpromisoa hartu izana, kontratua gauzatuko duen plantillari dagokionez: Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) azken Biztanleria Aktiboari buruzko Inkestan sexuaren eta jarduera-adarraren arabera (...) sektorerako bildutako batez besteko ehunekoa baino gutxienez 15 puntu handiagoa izatea emakumeen proportzioa enplegatutako langileen barnean, betiere lizitazio-iragarkiaren argitalpen-data hartuta erreferentzia gisa.

Alternatiba: kopuru jakin baten kontratazioa baloratzea. X punturekin baloratuko da enpresak kontratuaren iraupen osoan kontratua gauzatuko duen plantillan X emakume enplegatzeko konpromisoa hartu izana.

Alternatiba: emakume kopuru jakin bat kontratatzea eta eskala bidez baloratzea. Horrela, adibide gisa, 3 punturekin baloratuko da enpresak konpromisoa hartzea kontratuaren iraupen osoan kontratua gauzatuko duen plantillan 1 emakume enplegatzeko; 6 punturekin, berriz, 2 emakume enplegatzeko; eta 9 punturekin, azkenik, 3 emakume enplegatzeko.

2.– Kontratua egikaritzeari, kudeatzeari eta/edo koordinatzeari atxikitako lanpostu teknikoetan edo kualifikatuetan emakumeak kontratatzeagatik:

X puntu emango dira kontratuari atxikitako plantillan emakumeak enplegatzeagatik, emakumeak nabarmen azpiordezkatuta dauden sektoreetan.

3.– Kontratazio berri guztietan emakumeak kontratatzeagatik (subrogatzeko betebeharra badago):

Langileak subrogatu behar badira edo enpresak langile gehiago kontratatu behar baditu kontratua gauzatzen hasten denean, X punturekin baloratuko da enpresak kontratua gauzatzeko egindako kontratazio berri guztietan –edo horien % 40an, edo % X(e)an– emakumeak hartzeko konpromisoa.

Klausula alternatiboa edo gehigarria: kontratazio berriak egiten direnean, erantzukizun handiko lanpostuetan, gerentzia-lanpostuetan edo prestakuntza handia eskatzen duten lanpostuetan emakumeen kontratazioa baloratzea.

4.– Gizarte-desabantailako egoeran dauden emakumeak kontratatzea:

X punturekin baloratuko da enpresa edo entitate lizitatzaileek lan-merkatuan sartzeko arazoak dituzten X emakume enplegatzea kontratua gauzatuko duen langile taldean, eta emakume horiek kontratupean jarraitzea kontratu-prestazio osoan.

Modu osagarrian: emakumeen xede-kolektibo espezifiko bat ezar daiteke. Hauen arabera egin beharko da hori: jarduera-sektorea, beharrezko den prestakuntza, enplegatu beharreko pertsonen profila, administrazio bakoitzaren inplikazioa, eta administrazio bakoitzak eskuragarri dituen enplegu- eta laneratze-programak. Nolanahi ere, profila objektiboki zehaztu behar da, esate baterako:

a) % 33ko desgaitasuneko edo hortik gorako ziurtagiria duten emakumeak.

b) Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edota Gizarteratzeko Gutxieneko Errenta jasotzen duten emakumeak.

c) Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak.

d) Lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten emakumeak, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onetsitako Enpleguaren Legearen arabera.

5.– Kontratua gauzatu bitartean emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak abiarazteagatik:

X punturainoko balorazioa emango zaio enpresa bati emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean jarraian adierazitako hobekuntza-ekintzetako bat edo gehiago egiteko konpromisoa hartzen badu. X puntu emango zaizkio enpresa adjudikaziodunari honako ekintza hauetako bakoitza aplikatu edo garatzeagatik:

a) Kontratua gauzatzen duen langile taldeari urtean berdintasun-alorreko X prestakuntza-ordu –gutxienez– emateko konpromisoa hartzeagatik; erakunde ofizial edo baimendu batek egiaztatu beharko du prestakuntza hori.

b) Kontratu-prestazioaren onuradun edo erabiltzaileen kontrako sexu-jazarpena prebenitzeko edo horri aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onetsi eta hedatzeagatik.

c) Enpresan hizkera inklusiboa eta berdinzalea erabiltzeko neurri espezifikoak onetsi eta hedatzeagatik; hala, kontratua egikaritzean sortzen den dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabiliko da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestuko dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatuko dira, presentzia orekatua, aniztasuna, ardurakidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna bultzatzen direla.

d) Adjudikazio-irizpide gisa erabili ahalko da bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzeko neurriak diseinatzea, ezartzea eta aplikatzea kontratua egikaritzen duten langileentzat edo kontratuaren erabiltzaileentzat edo onuradunentzat, betiere justifikatzen bada neurri horiek kontratuaren xedearekin duten lotura, diskriminatzaileak ez badira, benetako lehia-baldintzetan eskaintzen ebaluazioa bermatzen badute eta nabarmen eragiten badiote kontratuaren xede den prestazioari.

6.– Kontratua egikaritzeari atxikitako baliabideei dagokienez:

X punturainoko balorazioa emango zaie enpresa edo entitate lizitatzaileei emakumeen eta gizonen berdintasunarekin loturiko alderdi hauetako bakoitzagatik:

1) Kontratua gauzatuko duen langile taldeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean prestakuntza eta esperientzia izateagatik:

1.– X puntu kontratuari atxikitako pertsonen artean emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean gutxieneko prestakuntza duen pertsona bakoitzeko; zehazki, 150 orduko ikastaro bat izan beharko dute pertsona horiek, eta erakunde ofizial edo baimendu batek egiaztatuko du prestakuntza hori.

2.– X puntu kontratuari atxikitako pertsonen artean emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zuzenean lotutako lanetan gutxienez hiru urteko lan-esperientzia egiaztatua duen pertsona bakoitzeko.

2) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko bereizgarri, ziurtagiri edo etiketa bat izateagatik, kontratua gauzatu bitartean bereizgarri, ziurtagiri edo etiketa hori aplikatzeagatik eta kontratua gauzatuko duen langile taldeari ziurtagiri hori lortzeko behar diren neurriak eta jarduketak aplikatuko zaizkielako konpromisoa hartzeagatik.

3) Horretarako, baliozkotzat hartuko dira administrazio publikoek berdintasunaren alorrean emandako enpresa-bereizgarriak, hala nola honako hauek: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» bereizgarria, Presidentetzaren, Gorteekiko Harremanen eta Berdintasunaren Ministerioaren «Berdintasuna Enpresan» bereizgarria, eta antzekoa edo baliokidea den beste edozein ziurtagiri. Halakorik eduki ezean, Zuzenbideak onartutako edozein frogabideren bitartez ziurtatu behar da halako bereizgarriak edo ziurtagiriak lortzeko eskakizunak betetzen direla.

III. ERANSKINA. EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO EGIKARITZE-BALDINTZA BEREZIEN KATALOGOA

Adibide gisa, egikaritza-baldintza berezien katalogo hau eskaintzen da:

1.– Emakumeak kontratatzea:

Kontratua gauzatuko duen plantillan eta kontratu-prestazioak iraun bitartean, enpresa adjudikaziodunak kontratatu behar duen emakumeen proportzioa gutxienez 5 puntu handiagoa izango da Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) (...) sektorerako biztanleria aktiboaren azken inkestan sexuaren eta jarduera-adarraren arabera jasotako batez besteko ehunekoa baino; erreferentziatzat lizitazio-iragarkia argitaratu zen eguna hartuko da.

2.– Kontratua egikaritzeari, kudeatzeari eta/edo koordinatzeari atxikitako lanpostu teknikoetan edo kualifikatuetan emakumeak kontratatzeagatik:

Kontratua gauzatuko duen plantillan eta kontratu-prestazioak iraun bitartean, enpresak izaera tekniko edo kualifikatuko lanpostu guztietatik emakumeen X proportzio bat edo X emakume enplegatu beharko ditu emakumeak nabarmen azpiordezkatuta dauden lanpostuetan.

3.– Kontratazio berrietan emakumeak kontratatzeagatik (subrogatzeko betebeharra badago):

Langileak subrogatu behar badira edo enpresak langile gehiago kontratatu behar baditu kontratua gauzatzen hasten denean, enpresak kontratua gauzatzeko egindako kontratazio berri guztietan (edo horien % 40an, gutxienez) emakumeak hartu beharko ditu.

Klausula alternatiboa edo osagarria: erantzukizun handiko lanpostuen, gerentzia-lanpostuen edo lanpostu kualifikatuen gutxienez % 40an emakumeak enplegatzeko betebeharra.

4.– Gizarte-desabantailako egoeran dauden emakumeak kontratatzea:

Enpresa adjudikaziodunak lan-merkatuan sartzeko arazoak dituzten X emakume enplegatu beharko ditu kontratua gauzatuko duen plantillan, eta emakume horiek kontratupean jarraitu beharko dute kontratu-prestazio osoan.

Modu osagarrian: emakumeen xede-kolektibo espezifiko bat ezar daiteke. Hauen arabera egin beharko da hori: jarduera-sektorea, beharrezko den prestakuntza, enplegatu beharreko pertsonen profila, administrazio bakoitzaren inplikazioa, eta administrazio bakoitzak eskuragarri dituen enplegu- eta laneratze-programak. Nolanahi ere, profila objektiboki zehaztu behar da, esate baterako:

a) % 33ko desgaitasuneko edo hortik gorako ziurtagiria duten emakumeak.

b) Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edota Gizarteratzeko Gutxieneko Errenta jasotzen duten emakumeak.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

d) Lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten emakumeak, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onetsitako Enpleguaren Legearen arabera.

5.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako honako ekintza edo politika hauetakoren bat onartzea eta aplikatzea kontratua gauzatzean:

a) Kontratua gauzatzen duen langile taldeari urtean berdintasun-alorreko X prestakuntza-ordu –gutxienez– ematea; erakunde ofizial edo baimendu batek egiaztatu beharko du prestakuntza hori.

b) Kontratua gauzatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean gutxieneko prestakuntza duten X pertsona izatea; zehazki, alor horretan 150 orduko ikastaro bat izan beharko dute pertsona horiek, eta erakunde ofizial edo baimendu batek egiaztatuko du prestakuntza hori.

c) Protokolo bat edo neurri espezifikoak onestea eta hedatzea, kontratu-prestazioaren onuradun edo erabiltzaileen kontrako laneko sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko.

d) Enpresan hizkera inklusiboa eta berdinzalea erabiltzeko neurri espezifikoak onestea eta hedatzea; hala, kontratua egikaritzean sortzen den dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabiliko da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestuko dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatuko dira, presentzia orekatua, aniztasuna, ardurakidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna bultzatzen direla.

e) Memoria bat aurkeztea, zeinaren gaia hau izango baita: kontratazioak zer-nolako genero-eragina duen kontratatutako jardunaren onuradunengan edo jardun hori gauzatuko duten langileengan.

f) Aurkeztutako datuak banakatuta egotea kontratu-prestazioaren onuradun edo erabiltzaileen sexuaren arabera.

g) Bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzeko X neurri diseinatu, ezarri eta aplikatzea kontratua egikaritzen duten langileentzat edo kontratuaren onuradunentzat, betiere justifikatzen bada neurri horiek kontratuaren xedearekin duten lotura, diskriminatzaileak ez badira eta kontratuaren xede den prestazioari nabarmen eragiten badiote.

h) Zehaztu beharreko beste batzuk.

IV. ERANSKINA. EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO KLAUSULAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEKO DOKUMENTUEN ETA BITARTEKOEN KATALOGOA

Dokumentazioari dagokionez, jarraibidean aipatutako azaltzeko/justifikatzeko memoriaz gain, kontratazio-organoek egokitzat jotzen duten dokumentazioa eskatu ahal izango dute, kontratuan sartutako berdintasun-klausulak betetzen direla egiaztatzeko.

Edonola ere, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean jasotako eskakizunak bete beharko dira, zehazki 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoak.

Horretarako, adibide gisa, honako dokumentazio hau aipatzen da:

1) Kontratatzeko debekuei dagokienez:

– Erantzukizunpeko adierazpena, enpresak kontratatzeko debekurik ez duela jasotzen duena.

– Erantzukizunpeko adierazpena, hala badagokio, enpresak Berdintasun Plana izatearen betebeharra betetzen duela jasotzen duena.

2) Kaudimen teknikoari dagokionez:

– Kontratua egikaritzeari atxikitako langileen prestakuntza eta esperientzia, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan.

– Antzeko ezaugarrietako lan edo kontratuen zerrenda.

3) Adjudikazio-irizpideei eta egikaritze-baldintza bereziei dagokienez:

3.1.– Emakumeak kontratatzea:

– Kontratua egikaritzeko kontratatutako emakumeen kontratuen zerrenda eta kopia.

– Kontratua egikaritu bitartean lanpostu tekniko edo kualifikatuetan dauden emakumeen kontratuen zerrenda eta kopia.

– Langileen zerrenda, honako hauek adierazita: sexua, kontratuen hasiera- eta amaiera-data, lanaldia eta, hala badagokio, lanbide-kategoria.

– Kontratua egikaritzeko kontratatu diren eta gizarte-desabantailako egoeran edo egoera kalteberan dauden emakumeen kontratuen zerrenda eta kopia.

3.2.– Prestakuntza eta esperientzia berdintasunaren arloan.

– Kontratua egikaritzen duen plantillarentzako berdintasun-alorreko prestakuntza-orduen kopuru zehatza urtean; erakunde ofizial edo baimendu batek egiaztatu beharko du prestakuntza hori.

– Kontratua egikaritzeari atxikitako pertsonen berdintasunaren arloko prestakuntzaren diploma edo ziurtagiri akademikoa, prestakuntza-erakundea eta iraupena edo kredituak adierazita.

– Berdintasunaren arloan gutxieneko prestakuntza duten pertsona zehatzen zerrenda; erakunde ofizial edo baimendu batek egiaztatu beharko du prestakuntza hori.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zuzeneko lotura duten lanetan lan-esperientzia frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo lan-kontratuak, merkataritzakoak nahiz profesionalak. Dokumentazio horretan, egindako lanaren zenbatekoa eta deskribapena adierazi beharko zaizkio bezeroari.

3.3.– Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentzioa.

– Kontratu-prestazioaren onuradunen edo erabiltzaileen aurkako sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko protokoloaren edo neurri espezifikoen kopia, eta protokolo edo neurri horietan jasotakoa gauzatzeko eta zabaltzeko jarduketen zerrenda.

3.4.– Hizkera eta irudi inklusiboak eta berdinzaleak.

– Enpresan hizkera inklusiboa eta berdinzalea erabiltzeko protokolo edo neurri espezifikoen kopia; hala, kontratua egikaritzean sortzen den dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabiliko da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestuko dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatuko dira, presentzia orekatua, aniztasuna, ardurakidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna bultzatzen direla. Eta protokolo edo neurri horietan jasotakoa gauzatzeko eta zabaltzeko jarduketen zerrenda.

3.5.– Prestazioaren onuradunak eta/edo erabiltzaileak.

– Generoak kontratazioan duen eraginari buruzko memoriaren kopia, kontuan hartuta kontratatutako jardunaren onuradunak edo kontratua egikarituko duten langileak.

– Kontratu-prestazioaren onuradun edo erabiltzaileen datuak jasotzen dituen memoria, sexuaren arabera banatuta.


Azterketa dokumentala