Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2024ko otsailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1053

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 18koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita proiektu honi buruz: zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea Gernika-Zugastieta 13,2 kV-eko goi-tentsioko aireko lineako 5. zirkuituan, Gernikako eskualde-transmisioko sistemaren (ETS) eta 9108 euskarriaren arteko zatian, eta lineari Gernika-Lumo, Ajangiz, Muxika, Amorebieta-Etxano, Mendata, Morga eta Errigoiti (Bizkaia) udalerrietan egin zaizkion deribazioetan.

AURREKARIAK

2023ko urriaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak sustatutako honako proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen: zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea Gernika-Zugastieta 13,2 kV-eko goi-tentsioko aireko lineako 5. zirkuituan, Gernikako eskualde-transmisioko sistemaren (ETS) eta 9108 euskarriaren arteko zatian, eta lineari Gernika-Lumo, Ajangiz, Muxika, Amorebieta-Etxano, Mendata, Morga eta Errigoiti (Bizkaia) udalerrietan egin zaizkion deribazioetan. Hala egin zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko azaroaren 9an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende nahitaez jarriko dira ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena ondo babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 3. epigrafean ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie honako hauei: «3. Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Zehazki, aireko linearen zati handi bat eta hari egin zaizkion deribazioak (21,56 km) Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan daude. Era berean, trazadura bat dator «Urdaibaiko ibai-sarea» kontserbazio bereziko eremuarekin (ES2130006).

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea proiektu honi buruz: zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea Gernika-Zugastieta 13,2 kV-eko goi-tentsioko aireko lineako 5. zirkuituan, Gernikako eskualde-transmisioko sistemaren (ETS) eta 9108 euskarriaren arteko zatian, eta lineari Gernika-Lumo, Ajangiz, Muxika, Amorebieta-Etxano, Mendata, Morga eta Errigoiti (Bizkaia) udalerrietan egin zaizkion deribazioetan. Gainera, zehaztea, espedientean jasotako txostenekin eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola, ondorio esanguratsuak izan ditzake-eta ingurumenean, ondoren azalduko diren arrazoiengatik.

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren helburua da zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea Gernika-Zugastieta 13,2 kV-eko goi-tentsioko aireko lineako 5. zirkuituan, Gernikako eskualde-transmisioko sistemaren (ETS) eta 9108 euskarriaren arteko zatian, eta lineari Bizkaiko Gernika-Lumo, Muxika, Amorebieta-Etxano, Mendata, Morga eta Errigoiti udalerrietan egin zaizkion deribazioetan. Goi-tentsioko aireko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean oinarritzen da handitzea.

Linea elektriko nagusiaren eta hari egin zaizkion deribazioen trazadurak 53,88 km-ko luzera du guztira, eta horietatik 44,34 km zuhaiztietatik igarotzen dira.

Handitzearen ondoriozko azalera berria 27,34 ha-koa izango da; zehazki, 19,34 ha ingurumen-babes bereziko eremuetan daude eta 8 ha babestu gabeko eremuetan. Era berean, kendu beharreko zuhaitz-azalera, guztira, 29,62 ha-koa da; zehazki, 20,66 ha ingurumen-babes bereziko eremuetan daude, eta 8,96 ha, berriz, babestu gabeko eremuetan.

Linea hormigoizko eta metalezko euskarrietan, txapa galvanizatuan eta altzairuzko eta egurrezko saretetan oinarritzen da. Eroaleak LA-78, D-56 eta LA-56 motatakoak dira.

Errepide-sarearekin, trenbide-sarearekin eta sare hidrografikoarekin gurutzaketak edo paralelismoak daude; 1,24 km-koak, 0,41 km-koak eta 4,73 km-koak, guztira, hurrenez hurren. Era berean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako gurutzaketak 21,56 km-koak dira guztira.

Proiektatutako jarduketak gauzatzeak berekin ekarriko du sarbideak irekitzea, makinen joan-etorria, linea elektrikoaren zortasun-zerrendako baso-landaredia moztu eta/edo inaustea eta sortutako baso-hondakinak kudeatzea.

Hona hemen mozketa- eta/edo inauste-lanak gauzatzeko ingurumen-dokumentuan zehazten diren irizpideak:

– Espezie autoktonoak dauden tokietan (haritzak, sahatsak, haltzak, lizarrak), linean eragina izan dezaketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago inausiko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan.

– Haltzadian, mozketa oso txikia izango da, eta linearekin talka egiten duten aleetan baino ez da jardungo. Linearekin eragina izan dezaketen oinak 2 eta 3 metro bitarteko altueran lepatuko dira. Halaber, inausitako adarrak fintzeko bigarren mozketa bat egingo da, eta zuhaitzaren alde guztiak inausi, dena orekatuta gera dadin.

– Zuhaitza oinarritik moztu ahal izango da behar-beharrezkoa bada, eta eroaleen proiekzioaren pean badago soilik.

Proiektu osoa gehienez hiru hilabeteko epean garatu nahi da.

Proiektuaren xedea ezarritako erregelamenduzko xedapenak betetzea dela kontuan hartuta, ez da hura garatzeko alternatibarik planteatzen.

2.– Proiektuaren kokapena.

Trazadura eta deribazioak Bizkaiko 7 udalerri hauetatik igarotzen dira: Gernika-Lumo, Ajangiz, Muxika, Amorebieta-Etxano, Mendata, Morga eta Errigoiti. Trazadura zuzena du, 53,88 km-koa, eta horietatik 44,34 km zuhaiztitik igarotzen dira.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Trazaduraren zatirik handiena Oka ibaiaren arrotik igarotzen da, Okaren Unitate Hidrologikoaren barruan. Trazaduraren mendebaldeko eremua Butroeren Unitate Hidrologikoan dago, zehazki, Butroe-A ur-masaren arroan. Linearen hegoaldeko eta hego-ekialdeko muturrak Ibaizabal III eta Maguna ur-masen arroetatik igarotzen dira –biak Ibaizabalen Unitate Hidrologikoan daude–.

– Linearen eta haren deribazioen luzera dela eta, instalazioan iragazkortasun desberdineko tipologia litologiko ugari identifikatu dira. Era berean, akuiferoak kutsatzeko arrisku txikia eta handia eta oso handia duten lurzoruak identifikatzen dira, eta azken horiek trazaduraren iparraldeko muturrera mugatzen dira.

– Bizkaiko sinklinorioaren ur-masaren gainean dago, iparraldeko eta hego-ekialdeko muturretan izan ezik; horiek Gernika eta Oiz ur-masen gainean daude, hurrenez hurren. Lurpeko ur-masen hiru sektore hauekin bat egiten du: Getxo-Bergara, Etxano eta Gernika. Linea elektrikoaren trazaduraren zati handi bat interes hidrogeologikoko kokapenetan dago.

– Aireko linearen eta hari egin zaizkion deribazioen zati handi bat Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dago (Urdaibaiko Biosfera Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzko 5/1989 Legea, uztailaren 6koa, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretua), zehazki, 21,56 km. Gainera, trazadura bat dator «Urdaibaiko ibai-sarea» kontserbazio bereziko eremuarekin (ES2130006) (358/2013 Dekretua, ekainaren 4koa, zeinaren bidez kontserbazio bereziko eremu izendatzen baitira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren garrantzizko 4 leku, eta KBE horien eta Urdaibaiko Itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak onartzen baitira).

– Identifikatutako natura-intereseko espazioei dagokienez, trazadurak bat egiten du Igarobide Ekologikoen Sareko hainbat elementurekin, hala nola Urkiola - Urdaibaiko Artadi Kantauriarrak lotura-korridorearekin eta haren moteltze-eremuekin.

– Iparraldeko trazadura bat dator «Gernikako antiklinala» interes geologikoko lekuaren azaleratzearekin, eta eremuaren gainerakoaren zati handi bat interes geologikoko lekuaren eragin-eremuaren barruan dago.

– Linea elektrikoa ez dator bat ezein onura publikoko mendirekin.

– Fauna mehatxatuari dagokionez, eremuaren ibilgu guztiak bat datoz bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko eremuarekin, espeziearen Kudeaketa Planaren arabera (118/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik –2006ko uztailaren 6ko BAO–).

– Trazaduraren iparraldeko muturrean oso azalera txiki bat hegaztiak ez elektrokutatzeko babes-eremuaren barruan dago (Kosta-Urdaibai-Gaztelugatxe sektorea). Agindu honen bidez deklaratu ziren eremu horiek: Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen. Zehazki, abifauna babesteko baldintza teknikoekin bat ez datozen tarteak hauteman dira linea elektrikoaren trazaduran. Aipatu eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena).

– Dagoen landaredia kontuan hartuta, linea elektrikoak zenbait habitat zeharkatzen ditu, hala nola baso autoktonoak, belardiak, soro landuak edo baso-sailak, besteak beste. Batasunaren intereseko habitat ugari identifikatu dira, eta, horien artean, lehentasunezkoak nabarmentzen dira, hala nola Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak (91E0* BIH). Aurkeztutako informazioaren arabera, ez da identifikatzen espezie mehatxaturik proiektua egin nahi den eremuan.

– Lineak zeharkatzen dituen arro bisualetako bat ere ez dago EAEko paisaia nabarmenen katalogoan sartuta.

– Nekazaritza eta Basogintzako LPSaren arabera, Urdaibaiko Erreserbatik kanpo geratzen diren proiektuaren bazterreko eremuak baso-kategorian sartutako lurzoruetan daude. Neurri txikiagoan, «Nekazaritza eta abeltzaintza – trantsizioko landa-paisaia» eta «Nekazaritza eta abeltzaintza – balio estrategiko handia» kategorietan sartutako lursailekin ere bat dator.

– Geoeuskadiko kartografiaren arabera, eremua bat dator balizko arkeologia-gune hauekin: San Salbador baseliza, Ercilla errota eta Olazahar burdinola. Era berean, jarduera-eremuaren inguruan kultura-ondareko beste elementu batzuk identifikatzen dira, eta hauek dira linearen trazaduratik hurbilen daudenak: San Martin eliza, Barrenengoetxea baserria, Lekesortze baserria, Morgan; Uresandi baserria, Errigoitin; San Roman ermita, San Juan ermita, Undagoiti baserria, Aurtenetxe baserria eta errota, Ugarte auzoan, Muxikan. Ingurumen-dokumentuak ez ditu jarduera-eremuko kultura-elementuak identifikatzen.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, Oka ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremua eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborekin urak har ditzakeen eremuak zeharkatzen ditu lineak.

– Bestalde, proiektuaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten Ihoberen lurzoruen inbentarioan jasota dauden lurzati hauek daude: 48911-00008, 48911-00001, 48067-00016, 48067-00005, 48067-00004, 48067-00003, 48003-00189 eta 48003-00062. 48911-00001 (Ajangiz) eta 48067-00004 (Muxika) kodeak dituzten bi lursailetan aurreikusita dago zuhaitzik gabeko zerrenda handitzeko lanak egitea.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak honako hauek izango dira: zuhaitz-aleak zuzenean kentzea, eta habitatei eta faunari eta florari eragitea. Lehendik dagoen azpiegitura baten inguruko 10 bat metroko inguratzaile batean izango du eragina.

Halaber, makinen joan-etorrien eta erabileraren ondoriozko eraginak espero dira, hala nola kutsadura akustikoa eta atmosferikoa, lurzorua trinkotzea, landaredia eta fauna suntsitzea edo aldatzea, eta ura eta lurzorua kutsatzea ustekabeko isurketen ondorioz.

Bestalde, inausketek eta mozketek landare-hondakin ugari sortuko dituzte.

Igorritako informazioaren arabera, jabari publiko hidraulikoko eremuetan ahalik eta eragin txikiena izango du, baldin eta proposatutako jarduketak erakunde eskudunek zehaztutako ingurumen-baldintzetara egokitzen badira.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiaren txostenaren arabera (espedientean dago), nekazaritzaren sektoreko eraginaren ebaluazioa egin ondoren, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean ezarritako Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren metodologiari jarraituz, proposatutako jarduera I. motako esku-hartzea da, eta eragin bateragarria du. Gainera, ez dago nekazaritzako sektoreko baldintzatzailerik jarduketari dagokionez. Nolanahi ere, belardiak edo laboreak aldi baterako kaltetuz gero, jatorrizko egoerara itzuli beharko dira.

Baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea betetzen bada, proiektuaren jarduera-eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak egoteak ez du eragin nabarmenik izango ingurumenean.

Kultura-ondareko elementuak daudenez, eta, zehazkiago, ondare arkeologikokoak, beharrezkoa da zuzenketa-neurriak aplikatzea, hala nola arkeologo bat egotea, egiten diren balizko lur-mugimenduen jarraipena eta kontrol arkeologikoa ziurtatzeko, ondare-inpaktu oro saihesteko eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betetzeko.

Aipatzekoak dira «Urdaibaiko ibai-sarea» kontserbazio bereziko eremuaren (ES2130006) kontserbazio-elementuetan eta -helburuetan eragina izan dezaketen kalteak. Eremu hori Natura 2000 Sarekoa da, bai eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbakoa ere, proiektuarekin bat baitatoz. Batasunaren intereseko habitatei eta intereseko beste habitat batzuei eragindako kalteak ere kontuan hartu behar dira.

Alderdi horiei dagokienez, espedientean jasota dago Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostena. Horren arabera, proiektuak Natura 2000 Sarean izango dituen ondorioei buruz ingurumen-dokumentuan egindako azterketa berrikusi behar da proiektuak «Urdaibaiko ibai-sarea» kontserbazio bereziko eremuaren kontserbazio-helburuak osatzen dituzten ingurumen-balioetan izango dituen ondorioak behar bezala baloratzeko, bai eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak ezartzen duen erabileren erregulazioarekiko bateragarritasuna aztertzeko ere. Txosten horrek ondorioztatzen duenez, eskatutako azterketa aurkeztu ezean, ezin da baztertu ingurumenean ondorio esanguratsuak egotea.

Bigarrena.– Aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten den moduan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari eta proiektuaren sustatzaileari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 18a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.

ERANSKINA

1.– Irismen-dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.

Aurrekoari jarraituz, egiten diren apartatuek eskema metodologiko honi jarraitu behar diote:

1.– Proiektuaren deskribapen orokorra eta lurzoruak eta bestelako baliabide naturalek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, -isurketa eta -emisio motak eta kopuruak zenbatestea.

2.– Aztertutako alternatiba nagusiak azaltzea, zero alternatiba barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumen-ondorioak kontuan hartuta.

3.– Ingurumen-inbentarioa egitea eta interakzio ekologiko edo ingurumen-interakzio garrantzitsuenak deskribatzea.

4.– Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta neurtzea: ebaluatuko da ea zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondare materialean (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko interakzioari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.

Proiektuak Natura 2000 Sareko espazioetan izango dituen ondorioak ebaluatzeko apartatu espezifiko bat gehituko da, leku bakoitzeko kontserbazio-helburu espezifikoak kontuan hartuta, eta barne hartuko ditu aipatu inpaktuak, Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta horien jarraipena. Eremu horietan eraginik aurreikusten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da baieztapen hori.

5.– Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi handiren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kalte adierazgarrien deskribapena, kasuan kasuko proiektuari dagokiona.

6.– Ingurumenaren gaineko kontrako efektuak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak.

7.– Ingurumena zaintzeko programa.

8.– Azterketaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Beharrezkoa bada, azterketa egitean izandako zailtasun tekniko eta informatiboen berri emango da.

Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak direla eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumen-inpaktuaren azterketan aipatutako atalak garatu beharko dira, ondoren adierazitako hedadurarekin eta xehetasun-mailarekin.

1.1.– Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapena izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpena ere, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, jardueren ondorioz sortuko diren energia kopuruak eta materia-hondakin, -isurketa eta -emisioen motak eta kopuruak zenbatetsi behar ditu, eta, zehazki, ingurumen-baldintzetan ondorio esanguratsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu, egikaritze-fasea eta funtzionamendu-fasearen azterketa xehatuaren bitartez.

Ingurumen-inpakturen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, babes- eta zuzenketa-neurri egokienak hartzen direla bermatzeko.

Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak etor daitezke bai proiektuak proposatutako jarduketatik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik (sarbideak egokitzea eta/edo irekitzea, eta obrako instalazio osagarriak kokatzea eta gaitzea, materialak metatzea, makineria aparkatzea, eta abar).

Jarduera horiek guztiak proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litezkeen efektuak kalkulatzeko xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-eraginak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuz.

Aurrekoa kontuan hartuz, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, besteak beste, honako alderdi hauek azaldu beharko dira xehetasunez:

– Proiektuaren eraginpeko eremuaren kokapena eta mugaketa: zortasun-zerrenda berria eta obraren aldi baterako okupazio-eremuak zehaztea.

– Mozketak, sasi-garbitzeak eta inausketak egiteko aplikatu beharreko metodologia deskribatzea, eta jarduketa horietako bakoitzaren eraginpean dauden gainazalak bereiztea.

– Sarbideak: obretara sartzeko aurreikusitako bideen xehetasunak, lehendik daudenak izan edo berriak izan. Hala badagokio, sarbide berriak irekitzeko beharraren justifikazioa. Behar diren lur-mugimenduak, lur-erauzketako lurren, betelanen eta landare-lurren balantzea barne. Obrako eremutik kanpo kudeatu beharreko indusketako soberakinik badago, haien kuantifikazioa, soberakin-biltegien kokapena eta horiekin lotutako azpiegiturak. Mailegu-materialen beharra, eta, hala badagokio, haien jatorria.

– Obrako instalazio osagarriak kokatzea eta zehaztea.

– Ibilguekiko bidegurutze eta paralelismoen deskribapen xehea (kokalekua, euskarrien eta ibilguaren arteko distantzia, kableen altuera, ur-bazterreko landaredia inausteko edo kentzeko premiak, etab.).

– Elektrokuzio- eta talka-arrisku handiena (hegazti-fauna eta kiropteroetarako) dakarten lineako elementuak identifikatzea, eta haien ezaugarriak deskribatzea: eroaleak, lurreko kableak, isolagailuak, zubiak, elektrobalbulak, loturak, etab. Eroaleen arteko segurtasun-distantzia, baita haien eta tentsioko beste elementu batzuen artekoa ere.

– Hondakinak: aurreikusitako hondakinak identifikatzea, metatzeko eremuak eta haien kudeaketa. Kaleko landare-hondarrak kentzearen eta horien kudeaketaren xehetasuna.

– Obrarako aurreikusitako makineria.

– Obren aurreikusitako iraunaldia eta obra-plana (faseetako bakoitzaren zenbatetsitako iraunaldia, halakorik balego).

– Biztanleguneetara eta etxebizitza isolatuetara dagoen distantzia.

Atal honetako informazioarekin batera, proiektuaren eskalako planoak aurkeztuko dira, edukia hobeki ulertu dadin. Proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafiko posibleaz gain, honako plano hauek aurkeztu beharko dira:

– Linea elektrikoaren trazadura eta luzetarako profila. Handitzearen zortasun-eremua.

– Gune osagarrien eta aldi baterako eta behin betiko sarbideen kokapena.

1.2.– Aukeren azterketa eta hartutako irtenbidearen justifikazioa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta horien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne. Proposatutako soluzioa justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die dauden soluzio tekniko guztiei ere.

Aukerarik onena hautatzeko, askotariko irizpideak jasotzen dituen azterketa global bat egingo da, alderdi ekonomikoak ez ezik, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuta.

Aukeren balioespen-prozesu horretan, aintzat hartuko dira hainbat alderdi, esaterako, Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak dauden ala ez, mehatxupean dauden flora- eta fauna-guneak eta naturagune eta ondare kulturalaren gaineko eragina.

Azterlanak hainbat soluzio proposatu behar ditu, hala teknikoak nola eraikuntzakoak, ingurunearen osagai baliotsuenen gaineko eragina minimizatzeko; hau da, funtsean, proiektuaren garapen-eremuan dagoen landaredi naturalaren, mehatxupeko fauna eta floraren eta kultura ondarearen gainekoa.

Atala bukatzeko, hautatutako aukera justifikatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako soluzioa teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei ahal bezain kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

Atal honetan, eremua deskribatuko da, osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzen eragina gehien jasan dezaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (tokiko mailan, eskualdekoan, eta abar).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan edo norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko da.

Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak alderdi hauek jorratuko ditu:

Eremu horretan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.

Atal horretan, eraginpeko komunitateak identifikatu, eta honako hauek adieraziko dira: kontserbazio-maila, egiturazko konplexutasuna, espezie bereizgarri, enblematiko edo adierazgarriak, etab. Kontuan hartuko da, bereziki, Batasunaren intereseko habitatak eta espezie mehatxatuak dauden, eskualde-mailan, Espainia mailan, Europa mailan nahiz nazioartekoan.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasunez zehaztuko ditu, azterketa zehatz baten bidez, proiektuaren jarduerek eragindako intereseko habitat bakoitzaren eta landaredia autoktonoen masen azalera, haien osaera, kontserbazio-egoera eta balio ekologikoa.

Halaber, ingurumen-inpaktuaren azterketak kontuan hartu behar du mehatxatutako espezieentzat interesekoak diren guneak (ugaltze-, babes- eta elikatze-tokiak) egon daitezkeela, bereziki «Urdaibaiko ibai-sarea» (ES2130006) kontserbazio bereziko eremua (aurrerantzean, KBE) kudeatzeko funtsezko elementu direnentzat. Era berean, barne hartu behar ditu eraginpeko habitatarentzat eta espezieentzat beharrezkoak diren baldintzak mantentzera bideratutako prebentzio-, babes- eta konpentsazio-neurriak.

Proiektuaren eremuan, nabarmentzekoa da Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren (habitat naturala eta basa fauna eta flora babesteari buruzkoa) 1. eranskinean sartutako interes bereziko zenbait habitat daudela, kasu batzuetan lehentasunezkoak eta, hain zuzen, habitat horiek kontserbatzeko izendatutako EAEko Natura 2000 Sareak barne hartutako eremuetan sartutakoak. Bestalde, zenbait baso natural daude (harizti azidofiloak, baso misto atlantikoa) eta, ez badira ere Batasunaren intereseko habitatak, kontserbatu egin behar dira, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak ezarritakoaren arabera.

Era berean, kontuan hartuko dira Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak 2023ko azaroaren 23an emandako txostenean adierazitako gogoetak.

Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta babes- eta zuzenketa-neurri egokiak ezartzeko, kartografia xehean zehaztu beharko dira Batasunaren intereseko eremuen banaketa, bertako baso-komunitateak eta mehatxatutako espezieentzat interes berezikoak diren guneak, proiektuaren afekzio-eremuan, aldi baterako okupazio-guneak barne (sarbideak, instalazio osagarrien eremuak eta metatzeko eremuak, eta abar).

Igarobide ekologikoak. Habitaten konektibitatea/zatiketa.

Horri dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketan aztertu beharko da zer eragin duen proiektuak lurraldearen konektibitate ekologikoan, beharrezko prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak proposatze aldera.

Geologia eta geomorfologia.

Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri geologikoak eta geomorfologikoak. Baldintzatzaile geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten leku, eremu eta ibilbideen identifikazioa.

Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia:

– Akuiferoen kalteberatasuna. Urrakortasun handiko eremuen, karga-eremuen, hustulekuen eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta eremu horien eta proiektuaren arteko lotura.

– Ur Sarearen ezaugarriak. Aldi baterako ur-ibilguen, ur-ibilgu iraunkorren eta instalazioaren elementu guztien artean dauden elkarreraginak adieraziko dira.

Paisaia.

Proiektuaren afekzio-eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, bereziki xehea izan behar du linea elektrikoaren zuhaitzik gabeko zerrendaren handitzearen ikusizko eraginaren ebaluazioak, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa (proiektua gauzatu ostekoa) konparatu beharko ditu. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

– Jarduketaren ikusgaitasuna ikuseremuaren zenbait gunetatik, ibilienak eta paisaiaren kalitate handiena dutenak lehenetsita, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuz. Hori horrela, kontuan hartuko da, bereziki, linea elektrikoaren aldaketak «Urdaibaiko ibai-sarea» kontserbazio bereziko eremuan izango duen eragina.

– Kalitatea.

– Kalteberatasuna.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak zehaztu egin beharko ditu kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak dituzten eta proiektuaren eremuan identifikatuta dauden lurzatiak, eta horiek nola kaltetu daitezkeen deskribatu beharko du.

Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak kontuan hartu behar du proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-ondasunak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorra eta Ondare Arkeologikoaren Inbentarioa hartuko dira kontuan. Era berean, beste erakunde batzuetan (Bizkaiko Foru Aldundia eta udalak) dauden inbentarioak kontsultatuko dira.

Dokumentazio grafikoa.

Atal honetan, irudikapen kartografikoak sartu beharko dira (PDF formatuan eta geoerreferentziatuta; alegia, eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean), bai eskala orokorrean bai xehetasunezkoan, jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenen ingurukoak, kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazita. Besteak beste, plano hauek hartuko dira barne: Batasunaren intereseko habitaten mugaketa kartografikoaren planoak, intereseko florarako eta faunarako garrantzitsuak diren eremuenak, eta proiektuaren eraginpeko eremuan dauden kultura-ondareko elementuenak.

Analisi teknikoa behar bezala egin ahal izateko, PDF formatuko fitxategiez gain, planoen kopia gehigarri bat entregatu beharko da, shape formatuan; proiektuan aurreikusitako jarduketak islatuta geratuko diren geruza entregatuko da gutxienez.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da, ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenenak jasoko dituena.

1.4.– Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.

Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioaren elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakziotik sortuko dira. Kaltearen garrantzia zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragingo dien baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-fasean eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuak bereiziko dira.

Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak kontuan hartuta.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko erabilitako zenbateste-prozesuak eta metodologiak aipatuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Inpaktuen balorazioak kontuan hartuko ditu proiektutik eratorritako jarduketa guztiak, baita, hala badagokio, sarbidea, instalazio osagarriak, hondakinen eta/edo materialen bilketa eta abar gauzatzea ere.

Bereziki, eta besteak alde batera utzi gabe, kontuan hartuta proiektuaren ezaugarriak eta eragindako ingurunearenak, ingurumen-inpaktuaren azterketak bereziki baloratu beharko ditu ingurumen-inpaktu hauek: natura-baliabideei erasan diezaieketenak, Batasunaren intereseko habitatak, bertako landaredi naturala eta intereseko flora eta fauna espezieak, abifauna eta kiropteroak barne; espezie horietako populazio edo aleei, horien umatze-tokiei edo egontokiei sortutako eragozpenekin lotutakoak; eta linea elektrikoaren elektrokuzio- edo talka-arriskuarekin lotutakoak. Era berean, garrantzitsutzat jotzen dira sare hidrologikoan eta lurrazaleko uren kalitateak, kultura-ondareak –kultura-balio handiko elementuetan izan dezakeen eraginagatik– eta paisaiak –naturaltasun eta paisaia-kalitate handiko eremuetan izan dezakeen eraginagatik– pairatu ditzakeen ondorioak.

Era berean, zuhaitzik gabeko zerrendaren handitzearen azalerek bat egiten dutenez nekazaritzako lurzoru eta erabilerekin, beharrezkotzat jotzen da horiei eta horiekin lotuta egon daitezkeen nekazaritza-ustiategiei buruzko informazio gehiago ematea. Ildo horretatik, kontuan izan behar da Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiaren txostena (espedientean dago). Horrek ondorioztatzen duenez, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean ezarritako Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren metodologiari jarraituz egindako nekazaritzaren sektoreko eraginaren ebaluazioarekin bat, proposatutako jarduera I. motako esku-hartzea da, eta eragin bateragarria du. Gainera, ez dago nekazaritzako sektoreko baldintzatzailerik jarduketari dagokionez.

Batasunaren intereseko habitaten eta/edo zuhaitz-formazio autoktonoen eraginpeko azalerak identifikatuko dira.

Era berean, aztertuko da ea proiektua bateragarria den Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak ezartzen duen erabilera-arauketarekin.

1.5.– Natura 2000 Sareko espazioen gaineko eragina.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluak adierazten duenez, ingurumen-inpaktuaren azterketak berariazko atal bat izango du proiektuak eragin-eremuan dauden Natura 2000 Sareko lekuetan, zehazki, «Urdaibaiko ibai-sarea» kontserbazio bereziko eremuan, izango dituen ondorioak ebaluatzeko, eremu horren kontserbazio-helburuak kontuan hartuta. Batasunaren intereseko habitatetan zuzenean nahiz zeharka eragindako afekzioak zehaztuko eta ebaluatuko dira, eta arreta berezia jarriko zaie espazio horietako lehentasunezko habitatei eta eremu horren kudeaketarako funtsezkoak diren elementuei, eta, horretarako, proiektatutako jarduketa bakoitzaren eraginpean gera daitekeen gainazalaren inguruko azterlan xehatua egingo da: mehatxupeko flora eta fauna espezieen gainekoa eta Natura 2000 Sarearen koherentzia gordetzen laguntzen duten ingurunearen beste baliabide batzuen gainekoa.

Besteak beste, mozketek eta inausketek eragindako baso-azalerari buruzko datuak eman beharko dira, zehazki, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak (Kod. 91E0*), baita eskualde-intereseko habitat hauek ere: ur-bazterreko zuhaixka-formako sahastia (Eunis F9.2 kodea), haritz kandudunaren harizti oligotrofoak (Eunis G1.86 kodea) eta sahasti-urkia (Eunis F9.2 kodea, G1.91).

Gainera, funtsezko beste elementu batzuen gaineko eraginak baloratuko dira, hala nola bisoi europarrarena (Mustela lutreola), ibai-karramarro autoktonoarena (Austropotamobius pallipes) edo intereseko iktiofaunarena.

Azken batean, basoei, ibai-sistemari eta horiei lotutako faunari eragindako kalteen balorazioa egingo da. Era berean, proposatutako jarduketen eta ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuaren III. eranskinean ezarritako eremu babestuaren erabileren erregulazioaren arteko bateragarritasuna aztertu beharko da.

Azterketa hori egiteko, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoak, ezarritako irizpideak eta jarraibideak hartuko dira kontuan, eta erreferentziatzat hartuko da «Natura 2000 Sareko ingurumen-inpaktua ebaluatzeko gida metodologikoa. Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak, Natura 2000 Sareko guneen osotasunari egindako kaltea zehazteko, Batasunaren intereseko habitatei erasateagatik».

Aurreikusitako jarduketen (inausketak eta/edo mozketak) eta eragindako habitaten xehetasun-kartografia erantsiko da, Batasunaren intereseko habitaten eta KBEaren kudeaketarako funtsezko elementuen identifikazioa barne.

1.6.– Proiektuaren kalteberatasuna.

Istripu larriak edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruzkoak ere. Helburu hori lortze aldera, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazioa erabili ahal izango da.

Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kalte adierazgarriak prebenitzeko eta arintzeko aurreikusitako neurri guztiak bildu behar dira deskribapenean, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.

Irizten bada atal hori ez zaiola aplikagarria proiektuari, justifikazio-txostena erantsi beharko da.

1.7.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ingurumen-inpaktu kaltegarri nagusiak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak azalduko ditu inguruneko elementu bakoitzerako. Espero diren inpaktuen garrantziaren arabera proposatu eta dimentsionatuko dira neurri horiek.

Babes- eta zuzenketa-neurrien proiektua behar bezain xeheki idatzi beharko da, ingurumenaren babesa eta neurri horiek hartzea gomendagarria egiten duten helburu espezifikoak beteko direla bermatzeko moduan. Era berean, proiektuaren aurrekontuan jaso beharko dira neurri babesgarri eta konpentsatzaileei aurre egiteko behar diren partida guztiak.

Zehazki, informazio hau emango da, alde batera utzi gabe txosten honen aurreko ataletan galdatutako analisien arabera proiektuan sartu behar diren zuzenketa-neurrien aplikazioa:

Batasunaren intereseko habitatak, bertako landaredia eta mehatxupeko flora eta fauna babesteko neurriak:

– Bereziki, Batasunerako eta eskualderako interesekoak diren habitaten eta intereseko flora eta fauna espezieen gaineko eragina minimizatzeko neurriak proposatuko dira. Obra-plana identifikatutako espezie mehatxatuen presentziara egokitzea planteatuko da, eta espezie horien ugaltze-aldian jarduketak saihestuko dira. Muga horiek zehazteko, zehaztu egin beharko da zer eremutan eta urteko zein alditan egongo diren mugatuta jarduketak (mozketak, inausketak, makinen joan-etorria, lur-mugimenduak, etab.).

– Landarediaren gaineko eragina murrizteko prebentzio-neurriak zehaztuko dira, eta nahitaez bete beharrekotzat izango dira. Gainera, eremu bakoitzaren berezitasunen arabera, zuhaitz autoktonoak inausteko eta mozteko jarraibideak zehaztuko dira, hala nola:

• Ebaketak eta inausketak eskuzko erreminta arinekin egingo dira, eta ez makina astunekin.

• Landaredi autoktonoa geldialdi begetatiboan inausiko da (neguan), eta zuhaitzaren alde guztiak inausi beharko dira nahitaez, orekatuta gera dadin.

• Oro har, gune sentikorrenetan eta natura-balio handiena dutenetan behinik behin, bideragarria den guztietan inausketa egingo da, eta behar-beharrezkoa denean soilik joko da mozketara. Nolanahi ere, zuhaixka-geruza osoa gorde beharko da beti.

• Intereseko landaredi-masetan, linean eragina izan dezaketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ebaketak egitea beharrezkoa bada, linearekin talka egiten duten aleak baino ez dira ebakiko.

• Gorde beharreko zuhaitzak babestu egingo dira, baldin eta proiektatutako jarduketetan kalteak jasan ditzaketela uste bada.

• Hala badagokio, sarbideak diseinatzean bilatuko da gutxienera murriztea intereseko landare-formazioen gaineko eragina.

• Landaredi naturala duten eremuak ezingo dira erabili hondakinak biltzeko leku gisa edo instalazio osagarrien gune gisa.

• Bestalde, ibaiertzeko landarediaren gaineko jarduketak Uraren Euskal Agentziaren eta Kantauri Ekialdeko Konfederazio Hidrografikoaren irizpideen arabera egingo dira:

* Jabari publiko hidraulikoan edo haren babes-eremuetan, ur-aprobetxamenduetarako eta zuzeneko edo zeharkako isurketetarako arroko erakundearen aldez aurreko administrazio-baimena beharko da.

* Ezingo da mozketa- edo inausketa-lanik egin baimendutako jarduera-eremuetatik kanpo.

* Ibaiertzeko landarediaren gaineko lanak zonako ibai-zaintzaileak gainbegiratuko ditu.

* Ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendak egoera naturalean eta libre utziko dira, seinaleztapen-zintekin balizatuko dira, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, eta etxola, ontzi, itxitura, kutxatila eta bestelakorik ez jartzeko (behin-behinekoak zein behin betikoak).

* Obrak direla eta, ezin da ibaira isuri, ezta obra-hondakinik eta halakorik metatu ere ibilguan edo ibaiertzean.

* Lanak hasi aurretik, egiaztatu egin beharko da zein espezieren gainean jardungo den, eta, hala badagokio, egin beharreko inausketen altuera.

* Ibaiertzeko zuhaitz autoktonoetan (lizarrak, haltzak, sahatsak, etab.), linean eragina izan dezaketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dituzte. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko.

* Zuhaitz aloktonoak (adibidez, akaziak, makalak, eukaliptoak, bananondoak) osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko edo hazkuntza moteleko espezie autoktonoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

* Inausketa-hondarrak kendu eta behar bezala kudeatu beharko dira, betiere hondakinak kudeatzeko azterlanaren arabera.

– Abifaunak eta kiropteroek linearekin elektrokuzio- eta talka-gertakaririk izan ez dezaten, zuhaitzik gabeko zerrenda handitzeko aukera aprobetxatzea kontuan hartuko da, linea nahitaez bete beharreko abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aginduetara egokitzeko; sustatzaileari dagokio horren erantzukizuna.

Obra-aldian egungo sistema hidrologiko eta hidrogeologikoaren babeserako neurriak hartu beharko dira.

Kontuan hartu beharko dira xede hauetara bideratutako neurriak:

– Lurrazaleko ur-ibilguen eta haiekin lotutako landarediaren gainean zuzenean inpakturik ez eragitea.

– Metatze-guneak eta eremu osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz isurketa bidezko inpakturik ez eragiteko ibai- eta akuifero-sisteman. Inausketa-hondakinak dagozkien pilaketa-eremuetara eramango dira, eta ibilguetatik 10 m baino gehiagora egongo dira.

– Sortutako jariatze-uren eta istripuzko isurketen ondorioz, drainatze-sarerako finen edo kutsatzaileen isurketak minimizatzea. Istripuzko isurketak biltzeko material xurgatzailea izatea. Hala badagokio, sedimentuei eusteko barrerak, dekantazio-putzuak, iragazketa-zangak edo antzeko beste gailu batzuk jartzea, jabari publiko hidraulikoari eragiteko arriskua dagoen lekuetan lurrak arrastaka ez eramateko.

Aldi baterako kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

Sarbideak irekitzea, makinak igarotzea, obrako eremu osagarriak jartzea, pilaketa-eremuak, eta abar direla-eta aldi baterako eragina jasan duten eremu guztiak jatorrizko egoerara itzuli beharko dira.

Aldi baterako eragina jasan duten eremuetan lur-mugimenduak egin aurretik, landare-lurra behar bezala kendu eta metatu beharko da, ondoren eragindako lurrak berreskuratzeko lanetan berrerabiltzeko.

Landare-lurra aurrez harrotutako lurzoruaren gainean jarriko da. Ondoren, rotavator bidez iraulita prestatuko da lurra.

Azkenik, belardiak eta kaltetutako beste azalera batzuk erein egingo dira, eta laboreak birjarri egingo dira, dagozkien kalte-ordainekin.

Zuhaixkak edo zuhaiztiak dituzten azalerak aldi baterako kaltetzen badira, horien ordez espezie bereko aleak landatuko dira.

Era berean, aldi baterako eragina izan dezaketen lurzatietako itxiturak eta gainerako azpiegitura-elementuak berrituko dira.

Lineako zuhaitzik gabeko zerrendan mozketak eginez gero, ahalik eta azkarren landatuko dira tamaina txikiko edo hazkunde moteleko espezie autoktonoak (sahatsak, hurritzak, haritzak, etab.).

Herritarrei sorrarazitako eraginak eta eragozpenak murrizteko neurriak.

– Atmosferaren kalitatea babestearekin lotutako neurriak –hautsen, zaraten, usainen ekoizpena barne–, eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako beste eragozpen batzuetatik babestearekin lotutakoak.

– Besteak beste, obrako lanen ordutegia eta makinen zirkulazio-abiadura mugatzea.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Proiektuak obra-faserako hondakinak kudeatzeko azterlan bat hartuko du barne. Hondakin guztiak biltzeko, biltegiratzeko eta tratatzeko sistemak deskribatuko dira, eta, bereziki, inausketen eta mozketen hondarrak. Hondakinak (sor daitezkeen hondakin arriskutsuak barne: olioak, aerosolak, etab.) biltegiratzeko garbiguneak kokatzea proposatuko da, eta horien ezaugarriak zehaztuko dira.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak proiektuaren eraginpeko eremuan kokatutako kultura-ondarea babesteko behar diren neurriak jasoko ditu, eta arreta berezia jarriko die balizko arkeologia-guneei; tartean, hauei: Ercilla errotari, Olazahar burdinolari eta San Salbador baselizari. Ildo horretan, Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean xedatutakoa beteko da eta, hala badagokio, kultura-ondarearen gaineko eragina mugatuko duten behar diren azterlanak egingo dira.

Bestalde, proiektuaren tamaina, jarduera-eremuaren azaleraren zabalera eta eremuan interes arkeologikoa duten elementuak daudela kontuan hartuta, edozein ondare-inpaktu saihesteko, beharrezkoa izango da arkeologo bat egotea, egiten diren lur-mugimenduen jarraipena eta kontrol arkeologikoa ziurtatzeko.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

Lur-mugimenduak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten Ihoberen lurzoruen inbentarioan jasota dauden lurzatietan egiten badira, ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa. Horren harira, esan behar da, lege horren arabera, besteak beste argi-, ur-, gas- edo telekomunikazio-zerbitzuak aldatzearen ondoriozko lur-mugimenduen kasuan, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastetik salbuetsita geratuko liratekeela.

Bestalde, aipatutako 4/2015 Legearen 25.5 artikulua bete beharko da, eta, hondeatutako bolumenaren arabera, hondeaketa-plan bat aurkeztuko da, eta beharrezkoa izango da hondeatutako materialen ezaugarriak ematea, haiek kudeatu eta/edo berrerabili aurretik.

1.8.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia izango da ingurumen-eraginaren azterketan finkatutako kalitate helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea, bertan adierazitako jarraibideekin eta zuzenketa-neurriekin batera.

Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, bildu beharreko datuak, erabiliko den metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere adieraziko da.

Kalitate-helburuak legediak zehazten dituen muga-balioen edo balio-giden araberakoak izango dira, edota oro har onartutako azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoak irizten zaien parametroetan.

Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.

Proiektuari eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, obra-faserako kontrol hauek izan beharko ditu programak:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Intereseko landarediaren eta Batasunaren intereseko habitaten gaineko eraginak kontrolatzea.

– Mehatxupeko flora- eta fauna-espezieen gaineko eraginak kontrolatzea.

– Ur-ibilguen eta erriberako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Obrako jardunbide egokiak kontrolatzea, honako hauek saihesteko: hondakin-isurketak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen ondorioz, eta eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.

– Arkeologia-ondarearen gaineko eragina kontrolatzea.

– Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

1.9.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.

Gai honen inguruan indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta azterketatik ateratako ondorioen laburpen bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriak kontuan hartuta.

Dokumentu horretan, zehatz-mehatz eta publiko orokorrak ulertzeko moduan, jaso beharko da nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurunean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.

Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean izan diren zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.

2.– Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta jaso diren alegazio eta txostenen ingurumen-edukiari buruz sustatzaileak egin dituen oharren dokumentu bat, azaltzen duena nola hartu diren kontuan oharrok.

Dokumentazioa aurkezteko, aintzat hartuko dira xede horretarako egin diren jarraibideak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/), atal honetan: Arloak > Ingurumen-ebaluazioa > Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea > Eskaerak aurkeztea.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezpen-gidaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gida ingurumen-organoaren web-orrian dago eskuragarri, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/eu_def/adjuntos/2022_Dokumentuak-aurkezteko-GIDA_v4.pdf

Indarreko xedapenen arabera isilpekoak diren datuak dokumentu bereiz batean aurkeztuko dira. Kasu horretan, enpresa eskatzaileak argi adierazi beharko du zein informazio den isilpekoa bere iritzian, eta eskaera hori justifikatzeko ondorengo datu hauek eman beharko ditu:

– Eskatzailearen aburuz isilpekotasuna zer arauditan oinarritzen den identifikatu beharko da; bai eta dagokion agiri egiaztatzailea aurkeztu ere.

– Merkataritza-sekretua denean, enpresaren barruan sekretua bermatzen duten protokoloak.

Ingurumen-batzordeak erabakiko du dokumentazioa isilpekoa den ala ez, eta agiri horiek jendaurreko informazioaren izapidetik kanpo geratuko dira.


Azterketa dokumentala