Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2024ko urtarrilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
236

AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, Unibertsitatea-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2024-2025 aldia).

Euskadin, Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko lankidetza oinarrizko eragile bat da XXI. mendeko Euskadi eraikitzeko. Unibertsitateek, enpresek, erakundeek eta beste eragile batzuek beren erantzukizuna partekatzen dute, azken helburua izanik euskal gizartearen garapenean laguntzea.

Herrialde mailan duen garrantziari erantzunez, Unibertsitatea+Enpresa eremua, Bikaintasun Zientziaren eta Nazioartekotzearen eremuarekin batera (Unibertsitatea+Euskadi Basque Country), 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Planaren jarduera-ardatz nagusietako bat da, eta estrategia propioa du bere garapenari irmotasunez aurre egiteko.

2022-2026 Unibertsitate-Enpresa Estrategia Eusko Jaurlaritzak euskal unibertsitate-sistema indartzeko egin duen apustu nagusietako bat da. Besteak beste, helburu nagusi hau dauka: bikaintasun zientifikoarekin eta horrek enpresa-esparruan duen aplikazioarekin lotutako ezagutza sortzea eta transferitzea. Helburu hori lortzeko, 2022-2026 Unibertsitatea+Enpresa Estrategia ikuspegi zabal batetik planteatzen da, tokiko eta nazioarteko mailan garatzen ari diren estrategiez eta jarduketez jabeturik, eta, Agindu honek bezala, honako hauekin bat egiten du:

• Bikaintasun-ikerketa, Horizonte Europa esparru-programa berriaren oinarrietan jasotako gizarte-erronkei erantzuteko gai diren emaitzak lortzera bideratua.

• 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasotako trantsizioen inguruko ahaleginak lehenestea (trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta gizarte- eta osasun-arlokoa). Plan horren helburua Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea da.

Hamar urte baino gehiago dira adostasun zabal bat dagoela, honako honen inguruan: berrikuntza-prozesuak, hots, ezagutza zientifiko eta teknikoak arazo zehatzak konpontzeko erabiltzeko eta aplikatzeko prozesuak, askotariko konexioen dinamika bati erantzuten dio. Askotariko konexioen dinamika horrek gainditutzat ematen du eskema klasiko lineala. Eskema horretan, oinarrizko ikerketak ikerketa aplikatura eramaten du, eta horrek garapen teknologikora, eta azkenik, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuak datoz.

Berrikuntza hainbat eragileren arteko interakzio ugarien emaitza da: Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroak (BERC), Teknologia Zentroak, Unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, administrazio publikoak eta abar. Berrikuntza irekiranzko harreman-fluxua da, eta eragile horien kulturak eta estrategiak aldatzea eskatzen du.

Askotariko konexioen dinamika horri dagokionez, Euskadiren kasuan, hau da egoera: enpresa-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; unibertsitateek eta eragile zientifiko-teknologikoek ahalmen zientifiko eta teknologiko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina enpresa- eta gizarte-ingurunea ez da ari hori behar adina aprobetxatzen.

Errealitate horri erantzuteko, zeinak hobetzeko tarte handia baitu, bi helburu ezarri dira deialdi honetan:

• Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema indartzea, eta horretarako, Hezkuntza Sailak kudeatutako oinarrizko ikerketako eta ikerketa aplikatuko proiektu zehatzak garatzea bultzatuko da.

• Unibertsitate- eta zientzia-inguruneko ikerketa-taldeen eta enpresen arteko beharrezko interakzioa bultzatzea, aliantza berriak bilatuz edo lehendik daudenen iraunkortasuna bilatuz. Horretarako, ikerketa aplikatuko proiektuak egingo dira, erronka zientifiko eta teknologiko esanguratsua ekarriko dutenak, enpresentzat interesgarriak izango direnak, eta haien emaitzak enpresetara transferitu ahal izango dira, haien berrikuntzan eragina izan dezaten.

Agindu honen bidez, Hezkuntza Sailak lankidetza sustatu nahi du unibertsitateetako ikerketa-taldeen eta enpresa-sarearen artean, eta, hala badagokio, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainerako eragileen artean (deialdi honen ondorioetarako, lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaileak), eta horretarako, unibertsitateetako ikerketa-taldeek egindako bikaintasun-ikerketa Euskadiko enpresa-sarera transferitzea sustatuko du. Unibertsitateek eta enpresek proiektu horietan parte-hartzea derrigorrezkoa da, baina horretaz gain, indartu eta bultzatu egin nahi da lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaileek ere (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarekoak) deialdi honetan parte-hartzea.

Horrela, deialdi honek Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema sendotzen du, ezagutzaren garapena eta entitate desberdinek osatutako taldeen arteko koordinazioa bultzatzen baititu, entitate horien helburua izanik enpresekin lankidetzan garapen teknologiko berritzailea lortzea, baliabide materialak eta giza baliabideak sustatzea eta bikaintasuneko ikerketa-talde eta ikerketa-unitateen antolaketa eta funtzionamendua. Deialdi hau ez da identifikatzen diren behar guztiei ematen zaien erantzun bakarra; aitzitik, esparru horretan aldi berean garatzen ari diren beste jarduera batzuekin lotuta eta koordinatuta dago.

Sailaren 2023rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Hezkuntzako sailburuaren urtarrilaren 23ko Aginduan kokatzen dira Agindu honetan arautzen diren laguntzak.

Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, xedapen hauetan ezarritako eran: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudia; 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Kontuan hartu da Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.).

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea 2024-2025 aldian laguntza ekonomikoak ematea da, ezagutza unibertsitatetik enpresetara transferitzeko, enpresa horientzat interesgarriak diren arloetan. Proiektuak unibertsitate-taldeak garatu behar ditu, enpresako langileen parte-hartzearekin; nahi izanez gero, lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaileetako ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute eskudirutan zein salgaietan egindako ekarpenaren bidez; eskudiruzko ekarpena ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahal izango da. Horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 16.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eskaeran parte hartzen duten entitateetariko bakoitzean garatu beharko dira ikerketa-jarduerak.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honen xede diren laguntzetarako 500.000 euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidaren kargura.

2.– Proiektu bakoitzerako ezarritako gehieneko finantzaketa 100.000 eurokoa izango da 12 ikertzaile doktorek edo gehiagok osatutako ikerketa-taldeen kasuan, eta 50.000 eurokoa, 12 ikertzaile doktorek baino gutxiagok osatutako taldeen kasuan.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

3.1.– Entitate eskatzaileak unibertsitateetako ikerketa-egiturak izan beharko dira, eta 6. artikuluaren arabera eratutako ikerketa-taldeak izan beharko dituzte plantillan. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateen kasuan, gainera, ikerketa-taldeko kide guztiek izan beharko dute euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzen deialdian A edo B talde gisa akreditatutako ikerketa-talde batekoak (2022-2025 aldirako deialdia).

Baldintza horiek betetzen dituzten ikerketa-taldeek (batek edo gehiagok) parte hartzen duten proiektuak aurkeztu ahal izango dira. Hainbat ikerketa-taldek edo entitate onuradun bat baino gehiagoko taldeek parte hartzen duten proiektuen kasuan, eskaeran adierazi beharko da horietako zein den proiektuaren talde edo entitate koordinatzailea.

Entitate onuradunek akreditatuta egon behar dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan (aurrerantzean, ZTBES), zeina Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasota baitago. Entitate eskatzaileek erregistro horretan egon behar dute –jarraian adieraziko diren kategorietan–, eskaera egiteko epea amaitu baino lehen eta laguntza egikaritzeko aldia amaitu arte.

3.2.– Enpresa, dirulaguntzaren onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da. Izan ere, alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar dute, eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak erabili ahal izango ditu bere jakintzaren barruan sartuz eta unibertsitateko ikerketa-taldearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatuz. Proiektu bakoitzean, enpresak edo enpresa-aliantzak aurkeztu ahal izango dira, bai eta enpresetako I+G unitateak ere.

3.3.– Enpresa parte-hartzaile bakoitzak, zeinak EAEn eduki behar baitu egoitza soziala eta eskaeran parte hartu behar baitu, ezin izango du jaso dirulaguntzaren parterik, ez zuzenean ez zeharka. Beraz, proiektuaren esparruan, unibertsitate onuradunak ezin izango du enpresa hori kontratatu lanak egiteko, eta enpresa horrek ezin izango du hornigairik saldu, ezta geldialdi teknikoengatik kobratu ere. Aitzitik, enpresak, eskudirutan edo salgaietan egindako ekarpenez gain, proiektuaren helburuak lortu ahal izateko behar diren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak ipini beharko ditu, horrek agerian uzten baitu enpresak proiektuaren emaitzekiko duen interesa. Xede horretarako, ez dira enpresatzat hartuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile akreditatuak, I+G enpresa-unitateen kategoriakoak izan ezik.

3.4.– Eskaeran lankidetzan diharduten entitate parte-hartzailetzat hartuko dira, halakorik baldin badago, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan adierazten den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan akreditatutako eragileak, hain zuzen ere, honako kategoria hauetan:

– Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroak (BERC).

– Teknologia-zentroak.

– Ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ).

Lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaile horiek ezin dira izan deialdi honetako laguntzaren onuradun, nahiz eta enpresaren ordainketetatik kobratu ahal izango duten, zehazki, 1.2 artikuluaren arabera dagokien ordainsarien zatia.

3.5.– Entitate eskatzaileek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zigor-zehapenik edo administrazio-zehapenik duten entitateek eta horretarako gaitasunik gabe uzten dien legezko debekurik duten entitateek ezin izango dute dirulaguntza hau jaso, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean.

b) Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, baita ere, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

c) Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, entitate onuradunek, dirulaguntzak itzultzeko obligaziorik badute, ordainduta izan behar dute.

Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

d) Ezin izango dira Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean dauden entitateak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Ikerketa-proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak 1 eta 2 urteroko osotan egiteko eskatu ahal izango dira, eta, azken urterokoaren ondoren, lau hilabeteko aldi gehigarria egongo da; amaitzeko, gastuaren amaierako ziurtapena eta amaierako txosten zientifikoa entregatu beharko dira (16. artikuluan deskribatutakoak).

2.– Deialdiaren ondorioetarako, 2024ko ekitaldian hasiko dira proiektuak egikaritzen, hots, 13.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, emandako dirulaguntza onartzen denean. Egikaritze-fasearen amaiera proiektuan aurreikusitako iraupenaren araberakoa izango da, baina administrazio-jarduketak 2026ko ekainaren 26a baino lehenago amaitu behar dira.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek I. eranskinean aipatzen diren printzipio bioetikoak errespetatu beharko dituzte.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

1.– Diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak lagunduko dira diruz, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

Diruz lagundu daitezkeen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

2.– Eskaerarekin batera joan behar duen proiektuaren aurrekontua epigrafeka eta urteka egituratu eta justifikatuko da, deialdi honen bidez lagundu daitezkeen kontzeptu hauen arabera:

a.1.– Doktore ez diren laguntzaileak.

Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

– Doktore ez den langile laguntzaile gisa, lanaldi oso baterako, 22.951 euroko dirulaguntza emango da (horietatik 18.092 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) laguntzaile beraren lehenengo eta bigarren urterokoetan, eta 24.360 eurokoa (horietatik 19.385 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) hirugarren urterokoan. Bigarren, edo, hala badagokio, hirugarren urterokoan, proiektuari eskainiko zaion dedikazioa urtebete baino laburragoa izanez gero, urteroko bakoitzeko dedikazio horren arabera kalkulatuko da zenbatekoa, proportzioan.

Osagarri bat finkatu da jardunari uztearen ondoriozko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean indarrean den araudiaren arabera.

Osagarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari uzten zaion arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez ere, 1.838,37 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa, kontratua amaitu eta hurrengo urterokoari dagokion ordainketan.

– Entitate eskatzailearekin izenpetutako doktoratu aurreko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, entitate kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Laguntzaile horrek gradu, lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako titulua izan beharko du.

– Programa honen babesean kontzeptu horrengatik laguntza bat jasoz gero, oro har, ezingo da soldata-izaera duen beste zenbatekorik jaso.

– Gutxienez, urtebete eman beharko du proiektuan lanean.

a.2.– Doktore diren laguntzaileak.

Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

– Doktore diren laguntzaileen kasuan, lanaldi oso baterako, 42.863 euroko dirulaguntza emango da urteroko bakoitzeko (horietatik 31.803 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik). Proiektuari eskainiko zaion dedikazioa laburragoa izanez gero, urteroko bakoitzeko dedikazio horren arabera kalkulatuko da zenbatekoa, proportzioan.

Osagarri bat finkatu da jardunari uztearen ondoriozko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean indarrean den araudiaren arabera.

Osagarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari uzten zaion arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez, 2.091,16 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa. Ordainketa hori kontratua amaitu eta hurrengo urterokoari dagokion ordainketan egingo da.

– Entitate eskatzailearekin izenpetutako doktoratu ondoko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, entitate kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Laguntzaile horrek doktore-titulua izan beharko du, eta doktore-tesia 2023an lortua izan beharko du.

– Programa honen babesean kontzeptu horrengatik laguntza bat jasoz gero, oro har, ezingo da soldata-izaera duen beste zenbatekorik jaso.

– Gutxienez, sei hilabete eman beharko du proiektuan lanean.

b) Material inbentariagarria.

Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 20.000 euro baino gutxiago balio beharko du, BEZik gabe, eta entitate onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua egikaritzen amaitu arte, 4. artikuluan deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra.

Mugarik gabe ordainduko da, behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada. Ez da sartzen bulegoko material orokorraren finantzaketa.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jarduerak burutu ahal izateko egiten diren bidaien ondoriozko gastuak onartuko dira. Halaber, proiektuan ateratako emaitzak ezagutzera emateko egiten diren bidaia-gastuak ere onartuko dira, proiektua egikaritzeko azken urtean egindakoak. Azken kasu horretan, pertsona bakarrak eginiko gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

e) Bestelako gastuak.

Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak finantzatu ahalko dira, finantzatutako aurrekontuaren % 5 gehienez, baldin eta proiektuaren helburuak gauzatzeko beharrezko direla justifikatzen bada.

3.– Ez dira inola ere aintzat hartuko ez deialdi honen eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak, ez 4. artikuluan adierazitako egikaritze-aldia amaitu ondoren egindakoak.

4.– Artikulu honetan diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Osaera.

Eskaeran, dirulaguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldeko ikertzaile guzti-guztien zerrenda aurkeztu behar da; ikertzaile horiek eskaeran parte hartzen duen entitateren batekin kontratua izan beharko dute. Ezinbesteko baldintza da proiektuan, gutxienez, honako hauek parte hartzea: unibertsitate eskatzaileko ikerketa-talde batek (3.1 artikuluan ezarritako irizpideen arabera) eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duen enpresa bateko kideek. 3.4 artikuluaren arabera, aukerakoa izango da lankidetzan diharduen entitate baten parte-hartzea. Ikerketa-taldea, gutxienez, unibertsitate eskatzaileko bi ikertzailek (horietako bat ikertzaile nagusia izango da) eta proiektuan parte hartzen duen enpresako hirugarren pertsona batek osatuko dute. Hiru pertsona horiek osatuko dute gutxieneko ikerketa-taldea. Talde horrek proiektuan jarraitu beharko du, gutxienez, proiektua egikaritzeko fase osoan; ikertzaile nagusiaren kasuan, gainera, 4.1 artikuluan aipatzen den lau hilabeteko aldi gehigarrian ere jarraitu beharko du. Ikerketa-taldeak honela osatuta egon beharko du:

a) Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusi bat, doktore-titulua izango duena eta entitate eskatzailearekin estatutupeko edo lan-kontratuko lotura bat izan behar duena.

b) Gainerako ikertzaileak, doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza edo unibertsitateko gradua izan dezaketenak. Entitate parte-hartzaile bakoitzean baldintza hori betetzen duen ikertzaile bat egon beharko da, gutxienez, eta entitatearen plantillakoa izan beharko da.

c) Enpres(et)ako langileak, programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua dutenak eta aurreko paragrafoetan adierazitako kategorietan sartzen ez direnak.

Ikerketa-taldea osatzen duten ikertzaileen multzoak proiektuari eskainiko dion gutxieneko dedikazioa urteko 1.400 ordukoa izango da, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren gutxieneko dedikazioa urteko 420 ordukoa izango da.

Gutxieneko betekizun galdagarria izango da aurreko bi apartatuetan deskribatutako ikerketa-taldeen osaera, eta hori ez betetzea (18.2 artikulua), nahiz eta gerora gertatu, dirulaguntza eskubidea galtzeko arrazoi izango da.

2.– Entitate bakoitzak, 3. artikuluan onuradun izateko ezarritako eskakizunak betez gero, nahi beste eskaera aurkeztu ahal izango ditu, ikertzaile nagusien bitartez, baina betiere honako muga hauekin:

– Ikertzaile nagusi beraren eskaera bat baino ez da onartuko, eta ikertzaileak eskaera bakar batean parte hartu ahal izango du.

– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu aurreko unibertsitate-enpresa proiektuetan parte hartu duten ikertzaileek, baldin eta eskaera aurkezteko egunean beren jarduerak oraindik amaitu gabe badituzte, bete gabeko obligazioak dituztelako. Salbuespen izango dira, nolanahi ere, honako hauek: amaierako txosten zientifikoa, egindako argitalpenak eta enpresaren txostena.

– Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute beste proiektu berri batean parte hartu, harik eta hasierako proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Alderdi hori 18.2 artikuluan deskribatutako gutxieneko betekizun galdagarritzat hartu denez, inguruabar horietan gertatzen diren proiektu-eskaerak ukatu egingo dira, eta gerora gertatutako ez-betetzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen sinatu baten bidez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak adieraziko du zenbat ordu konprometitu dituen deialdi honetan eskatutako proiektua egingo den urteetarako emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan. Hori horrela, ordu-kopuru nahikoa eskaini beharko die proiektu honetan esleitu eta konprometitutako jarduerei.

4.– Deialdiko eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen kontratatu beharko ditu entitate eskatzaileak ikerketa-taldeko kideak. Halaber, ikertzaile nagusiak kontratu bat izan beharko du entitate eskatzailearekin, proiektuaren iraupen osoa baino luzeagoa, eta hor sartuko dira egikaritze-fasea eta 4.1 artikuluan zehaztutako lau hileko aldi gehigarria. Artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen den gutxieneko ikerketa-taldea osatzen duten beste bi ikertzaileek gutxienez proiektuaren iraupen berdineko aldi eta dedikazio baterako kontratatuak izan beharko dute, doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonentzat artikulu honetako 6. apartatuan ezarritakoa salbu. Ikertzaileetako bat entitate eskatzaileak kontratatuko du, eta bestea, proiektuan parte hartzen duen enpresak. Gutxieneko ikerketa-taldea osatzen duten pertsonek ezin izango dute aurkeztu entitate eskatzailearen konpromisorik, proiektuak irauten duen bitartean kontratuari eutsiko zaiola dionik.

Gainerako taldekideek proiektuan izango duten parte-hartzeari dagokiona baino iraupen txikiagoko kontratua izan dezakete, baldin eta entitate eskatzaileak egiaztatzen badu konpromisoa hartzen duela kontratuari eusteko, proiektuan parte hartzen duten aldi osoan zehar.

5.– Ikertzaileak obra baterako kontratatu badira, obraren iraupenari eta, hala badagokio, kontratuaren balizko luzapenari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta entitatearen adierazpen bat ere, kontratuaren xede den obrak dakarren ordu-dedikazioa zehaztuta; adierazpen horretan, proiektuan konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu badituela adierazi beharko du argi eta garbi.

6.– Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsona bat bada (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera), berau finantzatzen duen erakundearen izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita; horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkiokeen azaltzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko du –doktore-tesiaren proiektuarekin bateragarria izateko moduan–, bai eta tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere.

Prestatzen ari den doktoratu aurreko ikertzaile bakar bat baino ez da onartuko proiektu-eskaera bakoitzean.

7.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta entitate bati atxikita badaude, entitate horretako langileak direla ulertuko da.

7. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan azaltzen diren laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako dokumentuak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.

2.– Eskaeraren edukia agindu honen II. eranskinean dago. Eskaera egiteko inprimakia IV. eranskinean dago jasota, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0173409.

Eskaera bi urratsetan egin beharko da:

Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan, erabiltzaile gisa, dagoeneko hala ez bada, edo ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Hori egin eta gero, aipatu aplikazioan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.

Ondoren, behin eskaeraren alderdi guztiak aipatu aplikazioaren bitartez beteta (aurreko urratsari jarraikiz) eta agindu honen II. eranskinean azaldutako dokumentazio osagarria gehituta, entitateak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du; horrela soilik geldituko da erregistratuta. Horretarako, entitate eskatzaileak eskaera elektronikoki sinatzeko entitate-txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

3. –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatutako aplikazioan, elektronikoki.

5.– Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso beharko ditu: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartua–.

6.– Dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Dena dela, entitate eskatzaileak aurka egiteko eskubidea erabili ahal izango du. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-obligazioak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskaerako hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adierazten duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebazteko eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Dirulaguntzaren eskaerak oso-osorik beteta etorri ezean edo aginduzko agiri guztiekin batera aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko errekerimendua egingo zaie entitate eskatzaileei. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hutsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera bidaliko zaio eskatzaileari (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

2.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak eginiko jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helaraziko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenaren ondoriorik izango.

10. artikulua.– Hautaketa Batzordea eta ebaluazio-prozedura.

1.– Hautaketa Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenaren proposamena egingo du, Agindu honetan xedatutakoa zuzen aplikatzen dela begiratuz, bereziki ebaluazio-irizpideei dagokienez. Aurrez erabaki beharko du zein eskaera onartu izapidetzeko, eta zein ez.

2.– Batzorde hori hauek osatuko dute: Amaia Esquisabel Alegria, Ikerketako zuzendaria (batzordeburua izango da); Miren Artaraz Miñón, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; eta Iban Ariznabarreta Barrutia, Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria (idazkaria izango da).

3.– Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu. Lehenik, onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Hautaketa Batzordeak Unibasq-Euskal Unibertistate Sistemaren Kalitate Agentziari, zeinak 11.1 artikuluan aipatzen diren irizpideetarako puntuazioa ezarri beharko baitu, 6 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo artikuluan azaltzen denaren arabera.

Bigarrenik, Hautaketa Batzordeak berak baloratuko du 6. irizpidea, proiektu bakoitzak EAEko ikerketarako estrategiei eta plangintzei begira duen garrantziari buruzkoa, eta, azkenik, 9. irizpidea ere berrikusiko du, 11.2 artikuluan azaldu bezala.

Ebaluazioaren bi fase horien emaitza izango da puntuazio orokorra.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, Hautaketa Batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikus .PDF)

2.– 6. eta 9. irizpideen balorazioa.

2.1.– 6. irizpidea baloratzeko, zeina EAEko estrategiei eta plangintzei begira proiektu bakoitzak duen garrantziari buruzkoa baita, Hautaketa Batzordeak Agindu honen III. eranskinean deskribatutako itemei jarraituko die.

2.2.– 9. irizpidea berrikusiz, Hautaketa Batzordeak egiaztatuko du lankidetzan diharduen entitate parte-hartzailea bat datorrela 3.4 artikuluan adierazitakoarekin, eta kanpo-ebaluazioaren balorazioa errespetatuko duela, halakorik dagoenean. Bestela, 0 puntu emango dira.

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatzeko eta irizpideak aplikatzean objektibotasun handiagoa lortzeko, balorazio-irizpideen xehetasunak jaso dira deialdiaren III. eranskinean, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

4.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 4. irizpidearen araberakoa; gero 2. irizpidearen araberakoa eta, azkenik, 4. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere berdinketak jarraitzen badu, ebazteko oinarritzat hartuko da eskaerak betetzeko aplikazioak eskaera bakoitzari ematen dion ausazko zenbakia, txikitik handira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-inprimakian agertuko da.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak lehiaketaren bidez emango dira, eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, Hautaketa Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaerak ebaluatu ondoren.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balorazioa lortzen duten eskaerak bakarrik lagundu daitezke diruz.

3.– Onartutako aurrekontua eskatutako aurrekontua izango da, 5. artikuluan ezarritako kontzeptu eta gastu diruz lagungarrietara egokitzen dela egiaztatu ondoren. Eman beharreko dirulaguntza bat etorriko da onartutako aurrekontuaren gehieneko zenbatekoarekin, baldin eta dagokion prozeduran 1. eta 2. apartatuetan adierazitako kredituak agortu ez badira. Urteka banatuko da dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

4.– Laguntzak lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira, balorazio-fasean proiektu bakoitzak lortutako puntuazio orokorraren arabera.

13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.

1.– Hautaketa Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak esleitu edo ukatu egingo du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen hori artikulu honetako 3. zenbakiaren arabera jakinaraziko da.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruzko datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

Finantzatutako eskaeretarako:

– Eskaeraren kodea.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Entitate onuraduna.

– Entitate parte-hartzailea(k), eta, hala badagokio, lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaileak.

– Enpresa parte-hartzailea.

– Proiektua burutuko den urteroko bakoitzari zer diru-zenbateko esleituko zaion.

Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako, hau adieraziko da:

– Eskaeraren kodea.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Entitate eskatzailea.

– Ez finantzatzeko edo baztertzeko arrazoia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da (ebazpena iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo bi hilabeteen barruan), adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helarazteko, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenaren ondoriorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, ebazpena emateko epe hori eten egin ahal izango da, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak 10.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz egin beharreko txostenak direla medio, txosten horiek eskatu eta jaso bitarteko aldian. Eten hori ezin izan daiteke inoiz hiru hilabete baino gehiagokoa.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik hasita 10 eguneko epean entitate onuradunak dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badio, hura onartu egiten duela ulertuko da. Une horretatik aurrera, proiektuak egikaritzeari ekingo zaio, urte bateko edo bi urteko aldian, ebazpenean ezarritakoaren arabera.

6.– Deialdi honetan parte hartu duen entitate onuradunen batek beste erakunderen baten finantzaketa lortu badu proiektu bererako, eskaera aurkeztu edo ebazpena eman eta gero, Ikerketa Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri, gainfinantzaketa baldin badago, deialdi honen bidez emandako finantzaketa behar beste murrizteko.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratzearekin. Baldin eta ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten deialdian edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztizko finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Entitate onuradunari ordainduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Urterokoak aurretik ordainduko dira, egikaritze-faseko urte bakoitzean. 13.5 artikuluan deskribatutako dirulaguntza onartzeko aldia igaro ondoren egingo da lehen urterokoari dagokion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urterokoen ordainketa aurreratuak egin baino lehen, aurreko urteko txostena aurkeztu beharko da, baita helburuen betetze-mailaren eta dirulaguntzaren egikaritzearen justifikazio zuzena ere, onartutako proiektu-planean aurreikusitako eran.

Proiektua egikaritzeko azken urteari dagokionez, dirulaguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urterokoari dagokion bigarren ordainketa –egindako ordainketaren ondoren gelditzen den zenbatekoa–, entitate onuradunak dagokion dokumentazio guztia –aginduaren 16.1 artikuluaren 2., 3. eta 4. zenbakietan zehaztutakoa– bidali eta Ikerketa Zuzendaritzak oniritzia eman ondoren onartua izaten denean egingo da.

3.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

16. artikulua.– Proiektuaren garapenari eta dirulaguntzaren justifikazioari buruzko dokumentuak.

Dirulaguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, dirulaguntza egikaritzeko fasea hasiko da, baita haren jarraipena egitekoa ere. Horretarako, entitate onuradunak jarraipenerako eta justifikaziorako honako dokumentu hauek entregatu beharko ditu, adierazten diren epeetan, aplikazio telematikoa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin (aplikazio telematikoak eskainiko ditu behar diren txantiloi edo ereduak):

1.– Laguntzaileen kontratua, 5.2.a) artikuluaren arabera: dirulaguntzak laguntzaileentzako diru-hornidurarik badu, laguntzaileari buruzko proposamena bidali beharko da, zeinean ikertzailea nor den, haren ibilbide akademikoa edo CVa eta adostasuna jasoko baitira. Geroago, organo kudeatzaileak proposamena onartutakoan, laguntzailea entitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, non parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua adieraziko baitira, eta bai haren egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da ebazpenaren argitalpena baino lehenagokoa izan, eta, zein urtetarako zehazten den, harexen lehen sei hilabeteetan aurkeztu beharko da. Kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntza ez bada deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100ekoa eta ez badu kontratuaren kostu guztia estaltzen, laguntzaileek beste eginkizun batzuk egin ahal izango dituzte entitatean, harik eta eurei dagokien dedikazioa bete arte.

2.– Urteko txostenak: 15.2 artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa edo ondorengoak baino lehen aurkeztu beharko dira nahitaez. Entitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, egikaritze-urte bakoitza amaitzean, justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko dio organo kudeatzaileari, aplikazioan sartutako txantiloiaren arabera, bai eta dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko ekintzen inguruko memoria bat ere, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.

Jarduera-planaren edozein ataletan aldaketak egin nahi badira, ikerketa-zentroko edo unibertsitateko legezko ordezkariak baimena eskatu beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak eta Hautaketa Batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Ikerketa Zuzendaritzak zehaztuko du aldaketa horiek konprometitutako dirulaguntzak aldarazten edo indargabetzen dituzten, aurretik dagokion espedientea egin ostean.

3.– Gastuaren amaierako ziurtapena: proiektua egikaritzeko azken urtea amaitzean, entitate onuradunak, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, aplikatu gabeko gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektuaren helburu partzialetarako jasotako sarreren balantzea –halakorik balego– eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiria aurkezteko epea, zeinak bat etorri behar baitu urteko txostenetan adierazitakoarekin, bi hilekoa izango da, proiektua amaitzen denetik hasita. Gastu osoaren % 40 baino gehiago exekutatzen ez bada (ehuneko hori gutxieneko eskakizuntzat jotzen da) dirulaguntza eskubidea galduko da (18.2 artikulua).

4.– Amaierako txosten zientifikoa: formatu askea izango du, eta nahitaez egin behar da, azken urtea ordainduko bada. Proiektua egikaritzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta, bertan, zehaztasun handiz adierazi zein diren aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkundea emateko eta jendarteratzeko jarduerak.

5.– Argitalpenak: baldin eta liburu, monografia, artikulu, doktore-tesi, lizentzia-tesina, kongresuetarako komunikazio edo abarretan argitaratu badira proiektuaren emaitzak, edo patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, Hezkuntza Sailaren babesletza jaso beharko da, proiektuaren kodea ere aipatuz. Argitalpenen kopia bana bidali beharko da Ikerketa Zuzendaritzara.

6.– Ikerketa Zuzendaritzak urteko txostenak, amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak berrikusiko ditu, eta ikerketa-proiektuaren hasierako eskaeran onartutako helburuak eta lan-plana betetzen direla egiaztatuko du. Desadostasunik ikusiz gero, txosten horiei ebaluazio zientifikoa egin ahal izango zaie, 10. artikuluan jasotako ebaluazioaren ildo beretik. Aipatu ebaluazioan 100 puntutik 50 ez lortzea itzultzeko kausa izango da, eta 19. artikuluari jarraikiz jardungo da.

7.– Parte hartzen duten entitateen arteko hitzarmena eta enpresaren ordainketa: lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da unibertsitate onuradunaren eta enpresa parte-hartzaile(ar)en artean, bai eta lankidetzan ari diren entitate parte-hartzaileen artean ere, baldin badaude, Teknologia Transferentziarako entitate baten bitartez Honako hauek jaso beharko dira hitzarmen horretan: ekonomia-harremanak; ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren; proiektuaren emaitzen jabea nor den eta haien erabilera eta baliatzea zein izango diren, eta deialdiari dagokionez enpresek beren gain hartu dituzten obligazioak.

Ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez hilabeteko epean, sinatutako hitzarmena eta enpresaren ordainketaren egiaztagiria aurkeztu beharko dira Ikerketa Zuzendaritzan, 1.2 artikuluan –dirulaguntzaren lehen ordainketa egiteko aldez aurretik bete beharreko baldintza moduan– ezartzen denaren arabera.

8.– Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketaren bidez lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; hartarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta bertan proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Geroago, proiektua amaitu ondorengo urtearen amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan adierazi beharko du emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, zer patente egin dituen eta zer onura lortu dituen.

Enpresaren legezko ordezkariak sinatu behar ditu txosten horiek, eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztu behar dira.

9.– Salbuespenez, ikerketa-proiektua bukatzea eta, ondorioz, dirulaguntza osorik erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon badira, ikertzaile nagusiak, entitateko legezko ordezkariaren oniritziarekin, proiektua egikaritzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatu dadila eskatu ahal izango dio Ikerketa Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea proiektuaren egikaritze materialari dagokionez, eta ez dio inolaz ere eragingo emandako urterokoen betearazpenari. Egikaritze-amaiera gisa aurreikusitako eguna baino lehen egin beharko da eskaera.

Luzapen-eskaeran emandako arrazoiak hirugarrenek esku hartzeko aurreikusitako epeen luzapenari (hornidurak eta argitalpenak) edo laguntzaileek aurreikusitako aldietan beren jarduera egiteko duten ezintasunari buruzkoak bakarrik izan ahalko dira, betiere behar bezala justifikatzen bada.

17. artikulua.– Entitate onuradunen obligazioak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako obligazioak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere; zehazki honako hauek:

1.– Dirulaguntza ematearen oinarrian dagoen proiektua egikaritzea.

2.– Dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze-jarduerak onartzea, baita Espainiako nahiz Europako kontrol-organo eskudunek egin dezaketen finantza-egiaztatze eta -kontrol oro ere, eta aurreko jarduerak egitean eska dakiekeen informazio oro ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2.c artikuluan jasotzen den bezala.

4.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri emango zaio dirulaguntza eman duen organoari.

Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

5.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek –egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko– eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro.

6.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten dokumentuak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

7.– 16. artikuluaren 1.5 apartatuan argitalpenetarako ezarritakoaz gain, entitate onuradunen urteko memorietan, jasotako dirulaguntza sartu beharko da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesa jaso dela adierazi beharko da.

8.– Jasotako funtsak itzultzea, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatu bada.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea. Gutxieneko betekizun galdagarriak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta, kasua bada, beste instituzio publiko edo pribatu batek emandako laguntzarik ere eskuratu bada, dirulaguntzak emateko ebazpeneko diru-kopuruak ere aldatu ahal izango dira. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzeko ebazpena emango da.

Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:

– Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa murriztu egingo da. Justifikatu ez den gastuaren zenbatekoan murriztuko da laguntza.

– Entitate onuradunak ikerketa-proiektu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso baditu eta deialdi honen ebazpenean esleitutako zenbatekoak Hautaketa Batzordeak onartutako aurrekontuari kofinantzaketaren bidez eskuratutako zenbatekoa kenduta geratzen dena gainditzen badu, emandako dirulaguntza behar beste murriztuko da.

2.– Aldaketa horiek bidezkotzat jo daitezke, betiere Agindu honen bitartez lagundutako proiektuek honako gutxieneko baldintza hauek betetzen badituzte:

– 6.1 artikuluan deskribatutako ikerketa-taldeen osaera.

– Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 6.2 artikuluaren laugarren paragrafoan deskribatua.

– Proiektuaren gastu osoaren % 40 baino gehiago exekutatzea, gastuaren amaierako ziurtapenean jasotakoaren arabera (16. artikuluan deskribatua).

Baldintza horietako edozein betetzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak gehi bidezkoak diren berandutze-interesak ordaintzeko obligazioa sortuko da.

19. artikulua.– Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko arrazoia.

1.– Ikusiz gero ez direla betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, jasotako dirua eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio, xedapen hauen arabera: Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua; arau-hausteen eta administrazio-zehapenen arloko oinarrizko araudia; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta dirulaguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutakoez gain, hauek ere hartuko dira dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko arrazoitzat:

3.1.– Ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori entitate onuraduna ez den beste entitate batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

3.2.– Ikerketa proiektu bera egiteko beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo ikerketa proiektuaren aldaerak, behar bezala justifikatu gabeak, beste entitate, erakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

3.3.– Ikerketa-proiektua ez garatzea proposatutako helburuen eta onartutako epeen arabera.

3.4.– Deialdi honetako oinarrien ez-betetze larria (osoa edo partziala), honako hauei buruzkoak barne: urteko txostenen, gastuaren ziurtapenaren eta amaierako txostenaren ebaluazioari buruzkoak (16. artikulua) eta gastuaren justifikazio-agiriak gordetzeari buruzkoak (17.6 artikulua).

3.5.– Laguntzen izaera publikoari dagokionez, zabalkunde-neurriak hartzeko obligazioa ez betetzea (Agindu honen 16.5 eta 17.7 artikuluan jasotako neurriak), Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.6.– Datuak larriki ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea.

4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, jada ordaindutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatzeak berarekin ekarriko du dirulaguntza murriztea justifikatu gabeko zenbatekoan, eta jasotako dirulaguntzen itzulketa proportzionala egingo da.

5.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta kudeaketa horretan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ere ezartzen dira. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak).

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat gauzatzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: entitate eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: entitate eskatzaileak datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsultatu dezake gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 9koa.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
DEIALDIAN AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek bete beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira jatorria giza-enbrioietan duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerketa-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek 1090/2015 Errege Dekretuan xedatutakoa bete behar dute (1090/2015 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, sendagaiekin egiten diren saiakuntza klinikoak, sendagaien ikerketarako etika batzordeak eta Azterketa Klinikoen Espainiako Erregistroa arautzen dituena).

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean xedatutakoa bete beharko dute, eta bereziki, otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan (zeinetan esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen baitira) eta gerora –otsailaren 23ko 118/2021 Errege Dekretuan– ezarritako aldaketan xedatutakoa.

e) Genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan, bete beharko da, batetik, apirilaren 25eko 9/2003 Legea, Genetikoki eraldatutako organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzkoa, eta bestetik, urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua, lege hura garatzen duen erregelamendu orokorra onesten duena.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzen duten errege-dekretuetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Fitogenetikoei buruzkoa.

II. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Entitate eskatzailearen nortasuna, sinadura elektronikoaren bidez; eta ikertzaile nagusiaren sinadura, NANaren edo AIZren bidez. Enpresak IFZ aurkeztuko du.

b) Ikerketa-taldeak egingo duen lan-planari buruzko informazioa: helburuak, zereginen esleipena eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

c) Aktibo edo eskaera-fasean dauden ikerketa-proiektuen identifikazioa, baldin eta horietan ikerketa-taldeak parte hartuko badu, eskatutako proiektua garatzen ari dela; halaber, parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak zenbat ordu eskainiko dien proiektu horiei.

d) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; horretaz gain, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

e) Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen arabera, eta kostu ekonomikoa, urterokoen arabera (5. artikulua).

f) Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, 8.6 artikuluan jasotako eskakizunei buruzkoa. Adierazpen horretan jasoko du, halaber, aurkeztutako proiektuak printzipio bioetikoei buruz 4.3 artikuluan ezarritakoa betetzen duela.

2.– Eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa zein administratiboa aurkeztu behar da:

2.1.– Dokumentazio teknikoa:

Dokumentazio administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoan jasotako informazioaren bidez, aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa egingo da.

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituena:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta oraingo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Hipotesiak eta Helburu orokor eta operatiboak.

– Helburuei lotutako mugarriak. Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek zereginei eskainiko dieten denbora.

– Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Arduren banaketa.

– Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia. Taldean edo taldeetan egindako transferentziaren historikoa. Enpresekin aldez aurretik egindako ikerketa-aliantzak, -hitzarmenak edo -kontratuak.

– Eskatutako dirulaguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi entitateren edo gehiagoren arteko lankidetza, hala dagokionean.

– Enpresak proiektuan izan duen parte-hartzea.

– Lortu nahi diren emaitzen garrantzia eta eragin ekonomikoa: proiektuak Espezializazio Adimenduneko Estrategian (RIS3) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean zehaztutako helburuei egokitzea. Ikerketa-proiektuaren inpaktu zientifikoa, teknologikoa eta soziala.

– Proiektuaren azken emaitza eta emaitzak ustiatzeko plana.

– Teknologia transferitzeko plana.

b) Ikerketa-taldea osatzen duten ikertzaileetako bakoitzaren curriculum vitae laburtua, formatu normalizatuan, eta horretarako prestatutako plantillan aurkeztua (azken 6 urteei buruzkoa, deialdiaren datatik zenbatzen hasita), eta baita enpresa parte-hartzaileko pertsona bakoitzarena ere. Titularrak sinatu beharko ditu CVak. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei dokumentuak zuzentzeko eskatuko zaie.

c) Eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak, hala dagokionean.

d) Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G ekintzak.

e) Ezaugarri teknikoetan oinarrituta proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio teknikoa.

2.2.– Dokumentazio administratiboa:

f) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako dokumentua (erantzukizunpeko adierazpena), 2024-2025 aldian aktibo dauden proiektuei zenbat denbora eskainiko dien adierazita; horrez gain, zehaztu behar da bakoitzak zenbat denbora eskainiko dion eskatutako proiektuari, 6.3 artikuluaren arabera.

g) Ikertzaile bakoitzak entitate eskatzailearekin edo enpresa parte-hartzailearekin duen lan-egoera egiaztatzen duen dokumentazioa:

– Kontratu mugagabedun langileak badira, dagokion kontratua edo Gizarte Segurantzako kotizazio-datuen txostena aurkeztu beharko da.

– Gutxieneko ikerketa-taldeko langileak badira, gutxienez proiektuaren egikaritze-fasearen iraupen bera izango duen kontratu bat aurkeztu beharko dute, eta, proiektuko ikertzaile nagusia izanez gero, 4 hilabeteko aldi gehigarria, 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Gutxieneko taldea osatzen duten pertsonek EZIN izango dute aurkeztu entitate eskatzailearen konpromisorik, proiektuak irauten duen bitartean kontratuari eutsiko zaiola dionik, 6.4 artikuluaren arabera.

– Ikerketa-taldeko langileak badira, baina ez gutxieneko taldekoak, kontratua aurkeztu beharko dute, non zehaztuta agertuko baitira hasiera- eta amaiera-datak, urteko dedikazioa eta, hala badagokio, entitate eskatzailearen konpromisoa, proiektuan parte hartzen duten aldi osoan kontratuari eutsiko zaiola diona, 6.4 artikuluaren arabera. Obra-kontratua duten langileen kasuan, gainera, kontratatu den obrari dagokion ordu-dedikazioa adierazi beharko da, 6.5 artikuluaren arabera.

– Ikerbasquek kontratatutako eta entitate eskatzaileari atxikitako ikertzaileak badira, Ikerbasquek egindako kontratua eta entitate eskatzailearekiko atxikipen-dokumentua aurkeztu beharko dituzte; eta UPV/EHUk kontratatuta eta BERC bati atxikita badaude, UPV/EHUk egindako kontratua eta dagokion atxikipen-dokumentua.

h) Enpresa parte-hartzailearen adierazpena, proiektuari zer ekarpen egiten dion (eskudirutan edo salgaietan) eta zer baliabide ematen dizkion adierazten duena, eta, hala badagokio, lankidetzan diharduen entitate parte-hartzailearen adierazpena, proiektuari zer baliabide ematen dizkion adierazten duena.

i) Enpresa parte-hartzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 3.2 artikuluan jasotako betekizunei buruzkoa.

j) Hala badagokio, doktoratu aurreko laguntza emateko eta/edo izendatzeko dokumentua, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta laguntza aplikatzeko zentroarena, 6.6 artikuluaren arabera.

k) Hala badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak lortzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz 3.2 artikuluan xedatutakoarekin lotutako dokumentazioa.

l) Entitate eskatzaileek zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuak, 3.2.b artikuluan aipatutakoak, horiek aurka egiteko eskubidea erabili dutenean, 8.7 artikuluan aurreikusi bezala.

m) Betekizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio administratiboa.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala