
13. zk., 2024ko urtarrilaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (1394 KB - 75 orri.)
- EPUB (742 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
232
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 23koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita eta ingurumen-baimen bateratua ematen baita Bérriz Recycling Company SLk Bilboko udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako «Artxandako hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentroa» jarduerarako.
AURREKARIAK
Artxandako zabortegi zaharra 1960ko hamarkadaren amaieratik 1975era erabili zuten Bilbo Handia izeneko toki-erakundea osatzen zuten udalerriek, bertako hiri-hondakinak deuseztatze aldera. Garai hartan berariazko araudi erregulatzailerik ez zegoenez, eta gaikuntza-dokumenturik gabe, hondakinak zuzenean lursailean botatzen ziren eta zati batean erre egiten ziren.
Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiak, helburuen artean, lurzoru degradatuak (pasibo historikoa) lehengoratzea lehenesten du, eta 2021aren amaieran onetsitako Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planaren arabera, 10 jarduketa giltzarrietako bat da EAEren autosufizientzia bermatzea 2030era arte, hondakinak zabortegietan uzteari dagokionez, eta, aldi berean, hondakin gutxiago uztea eta egungo zabortegiak behar bezala ixtea bizitza baliagarriaren amaieran.
2022ko maiatzaren 4an, Bérriz Recycling Company SLk ingurumen-baimen bateratua eta ingurumen-inpaktuaren nahitaezko adierazpena emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat etorriz, Artxandako hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentro gisa jarduteko, Bilboko udal-mugartean (Bizkaia).
Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu zituen, 2022ko irailaren 2an, 2022ko urriaren 13an eta 2022ko urriaren 14an osatuak:
– Ingurumen-inpaktuaren adierazpenerako eta ingurumen-baimen bateraturako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa.
– Laburpen ez-teknikoa.
Aurkeztutako dokumentazioa egokia zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko urriaren 19ko Iragarkiaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea, 30 egun baliodunez, Bérriz Recycling Company SLk sustatutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, egoki jotzen ziren alegazioak aurkezteko. Iragarkia 2022ko azaroaren 25ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.
Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, administrazio-espedientean jasotako alegazioen aurkezpena erregistratu zen. Alegazio horiek ebazpen honen II. eranskinean deskribatzen dira laburbildurik, organo honek alegazioei buruz egindako gogoetekin batera.
Egindako baimen-eskaera ikusita, sustatzaileak proposatutako kokapena hondakin arriskugabeak jasotzeko aurreikusi diren 8 zabortegiak zehazten dituen ibilbide-orrian sartu da, Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean jasotakoari irtenbidea emateko.
Orobat, eskaeraren edukia kontuan hartuta, baimena berez lotuta dago zabortegi zaharraren erremediatzearekin. Izan ere, azkar egin behar dira jarduketak, organo honek izapidetzen duen lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozeduran agerian geratu delako egonkortasun-arazo posible bat. Horrela, eraikiko den gelaxkak, besteak beste, zabortegi zaharrean ezegonkortasuna eragiten duten hondakinak birkokatzeko balioko du.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien 2022ko abenduaren 15ean Bilboko Udalari, Sondikako Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, eta Osasun Sailari –guztiak ere Eusko Jaurlaritzako erakundeak–, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzari, IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, Ekologistak Martxan Bizkaia entitateari eta Eguzkizaleak elkarteari. 2023ko maiatzaren 25ean, txostena eskatu zion Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.
2023ko urtarrilaren 3an, 2023ko urtarrilaren 13an, 2023ko urtarrilaren 16an, 2023ko urtarrilaren 18an, 2023ko urtarrilaren 31n, 2023ko otsailaren 2an eta 2023ko uztailaren 7an, honako hauen txostenak jaso ziren: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza, Sondikako Udala, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Bilboko Udala eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena aplikatzeko, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak hau bidali zion sustatzaileari, 2023ko martxoaren 10ean: jendaurrean jartzeko izapidearen eta administrazio ukituei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko izapidearen emaitza.
2023ko apirilaren 5ean eta 27an, sustatzaileak agiri bategina aurkeztu zuen, jasotako alegazio eta txostenetan egindako gogoetak kontuan hartuta.
2023ko apirilaren 27an aurkeztutako dokumentazioarekin batera, Bérriz Recycling Company SLk Bilboko Udalaren Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen Arloak egindako txostena gehitu zuen; 2022ko azaroaren 9ko irteera-erregistroa zuen eta sustatzaileari zuzendua zegoen. Txosten horrek ondorioztatzen duenez, «Zehaztutako lurzoru urbanizaezinaren eremuan hondakin arriskugabeen zabortegi-jarduera bateragarria da HAPOarekin, baldin eta sektoreko administrazioek beren eskumenen esparruan ezartzen dituzten zuzenketa-neurriak betetzen badira».
2023ko ekainaren 27an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Bérriz Recycling Company SL enpresaren kolektorera isurtzeko baimena bidali zuen.
Era berean, 2023ko uztailaren 10ean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bidalitako txostena helarazi zen.
2023ko urriaren 20an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Bérriz Recycling Company SLri ebazpen-proposamena helarazi zitzaion, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eta Bérriz Recycling Company SLk Bilboko udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako «Artxandako hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentroa» jarduerarako ingurumen-baimen bateratua emateko. Hamar eguneko epea eman zitzaion, egoki iritzitako oharrak egin zitzan.
2023ko urriaren 31n, Bérriz Recycling Company SLk emandako 10 eguneko epea luzatzeko eskatu zuen.
2023ko azaroaren 2an, ingurumen-organoak 5 egunez luzatu zuen ohar horiek aurkezteko epea.
2023ko azaroaren 10ean, Bérriz Recycling Company SLk idazki bat bidali zuen dokumentu horri alegazioak aurkezteko. Ebazpen honen III. eranskinean daude jasota, labur, erakunde honek haiei buruz egindako oharrekin batera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea da, edo, besterik ezin bada, hura murriztea eta kontrolatzea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako sistema bat ezarriz, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen 9. artikuluak xedatzen duena betez, ingurumen-baimen bateratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein egiten den instalazioak ustiatzeko.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurtzeen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Bérriz Recycling Company SL enpresak Bilbon sustatutako Artxandako hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentroaren proiektua I. eranskinean jasota daudenetako bat da; beraz, ingurumen-baimen bateratua behar du, jardunean hasiko bada.
Ildo horretatik, 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hori aplikatu behar duten instalazioei lege horren xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumen-baimenak bildu nahi dira esku-hartze administratiboko egintza bakar batean. Bérriz Recycling Company SL enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskugabeak kudeatzeko baimena, saneamendu-sarera isurtzeko baimena, emisio atmosferikoetarako baimena, eta, ingurumen-arloko bestelako zehaztapenen artean, hondakinen sorrerari eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Espedientean, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere aginduzko txostenak eginez parte hartu dutela jasotzen da.
Aipatutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua toki-agintarientzat loteslea izango da baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak ezartzen du ingurumen-baimen bateratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz, Bérriz Recycling Company SLk Bilboko udal-mugarteko Enekuri-Artxanda 9 errepidean sustatutako Artxandako hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentroak ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura bete beharko du, hala jasota baitago I. eranskineko 8.c) multzoan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan ezarritakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie ingurumen-ebaluazioaren eremuan D8 8.e) multzoan jasota dauden proiektuei. Etxe-hondakinak edo industria-hondakinak kudeatzeko lanetan sortzen diren hondakin arriskugabeak, hondakin geldoak izan ezik, hartzen dituzten zabortegiak. Bestelako hondakin arriskugabeen edo edozein eratako hondakin geldoen zabortegiak, egunean 10 tona edo gehiago jasotzen badituzte eta guztira 25.000 tonako edo gehiagoko edukiera badute.
Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 11.4 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte honako jarduketa hauek ingurumen-baimen bateratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko: ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian ezarriak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.
Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43. artikuluko 4. apartatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratuaren mendeko jarduera ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende badago, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren berezko alderdiak jasoko ditu. Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan adierazten denez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak prozeduraren mugarri nagusien laburpena jasoko du, eta zehaztuko du, ingurumen-efektuei begira, proiektua egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan gara daitekeen. Besteak beste, hartu beharreko babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak eta jarraipena egiteko neurriak jasoko ditu.
Era berean, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen bateratuaren araubidearen mende geratzen denean, ingurumen-baimen bateratuaren prozedura eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bateratu egingo dira. Gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia ingurumen-baimen bateratuaren parte izango da, eta egintza administratibo berean egingo dira bi adierazpen horiek.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo apartatuan, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion zuzenketa-neurriekin.
Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen-proposamen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, Hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua.
Orain arte azaldutakoari jarraikiz eta espedienteko txostenak aztertu ondoren, Bérriz Recycling Company SLk sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak jasotzen zituen ebazpen-proposamena sinatu zen. Nolanahi ere, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotako entzunaldi-izapidetik ondorioztatzen dena bete beharko da.
Azaldutakoari jarraikiz, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.
Honako hauek ikusi dira: Ebazpena, 2023ko urriaren 20koa, Sailburuordetzarena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua –zeina, aldi berean, industriako emisioei buruzkoa baita– onartzekoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bérriz Recycling Company SL enpresak Bilboko udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako «Artxandako hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentroa» proiektuaren (AAI00439 espedientea) ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, ebazpen honen bigarren, hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako baldintzekin.
Proiektua Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren 8.c) taldean jasota dago:
«8. taldea. c) Hondakin arriskugabeak hartzen dituzten zabortegiak (hondakin geldoen zabortegiak izan ezik), egunean 10 tona baino gehiago jasotzen badituzte, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera badute».
Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II. eranskineko D.8.e) taldean:
«Etxe-hondakinak edo industria-hondakinak kudeatzeko lanetan sortzen diren hondakin arriskugabeak, hondakin geldoak izan ezik, hartzen dituzten zabortegiak. Bestelako hondakin arriskugabeen edo edozein eratako hondakin geldoen zabortegiak, egunean 10 tona edo gehiago jasotzen badituzte eta guztira 25.000 tonako edo gehiagoko edukiera badute».
Bérriz Recycling Company SLk sustatutako hondakin arriskugabeentzako zabortegiaren proiektuarekin lotutako jarduketek, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen xedeak, barne hartzen dituzte zabortegiaren instalazioak kokatzen diren lurzatiaren esparruan egiten direnak eta esparru horretatik kanpo egiten diren eta instalazio horren funtzionamendurako beharrezkoak diren –eta, beraz, horrekin hertsiki lotuta dauden– beste batzuk. Honako hauek dira jarduketa horiek:
1.– Kanpoko sarbidea.
2.– Belar-sastrakak garbitzea eta lur-mugimenduak egitea, hondakin-ontziaren azalera prestatzeko.
3.– Hondakin-ontzia iragazgaiztea, Hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuarekin bat datorren soluzio motarekin.
4.– Ur garbiak drainatzeko eta husteko perimetro-sistema.
5.– Lixibiatuak drainatzeko sistema.
6.– Lixibiatuen biltegiak eta lixibiatuak tratatzeko arazketa-sistema eraikitzea.
7.– Harri-lubeta eraikitzea zabortegiaren oinean.
8.– Gurpil-garbitokia eraikitzea.
9.– Zerbitzu-sareetarako konexioa.
10.– Araztutako lixibiatuak kolektoreraino eramatea.
11.– Ur garbien drainatze-sareak bide publikora bideratzea.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedurak kontuan hartu ditu plantari erantsitako azpiegitura horietatik eratorritako eraginak, eta aurreikusitako trazatuen egokitasuna aztertu da, lursailen okupazioa eta bertako ingurumen-balioak, baita azpiegitura horiek egiteko aplikagarri diren neurri zuzentzaileak eta ezaugarri orokorrak.
Bigarrena.– Bérriz Recycling Company SLri (egoitza soziala: Enekuri-Artxanda errepidea 9, Bilbao, Bizkaia; IFK: B06924724) ingurumen-baimen bateratua ematea, Bilboko udal-mugartean «Artxandako hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentroa» jarduerarako.
«Artxandako instalazioetan hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentroaren» jarduera ebazpen honen bigarren, hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako baldintzak betetzearen mende dago.
Jarduera 5.5 kategorian sartuta dago: «Mota guztietako hondakinen zabortegiak, egunean 10 tonatik gora hartzen dituztenak, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, hondakin geldoen zabortegiak izan ezik», abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean adierazitakoari jarraituz.
Instalazioan egingo den jarduera honetan datza:
– Hondakin arriskugabeen zabortegia, 2.000.000 m3-ko edukiera duena.
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioa.
Kokapena Bilboko udal-mugartean dago, San Bernabe inguruan. Proiektuaren eremuak muga egiten du lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzoru-lurzatiarekin (kodea: 48020-00001), alegia, eremu horretan zegoen kontrolik gabeko zabortegi zaharrarekin.
BI-3741 errepidean dauden bi sarbidetatik sartzen da hondakinak kudeatzeko instalaziora. Instalazioa UTM ETRS89 koordenatu kartografiko hauetan kokatzen da:
X: 504.023,78.
Y: 4.792.163,73.
Hondakina duten kamioiak goiko aldetik sartuko dira, eta handik zabortegira jaitsiko dira hondakinak uzteko.
Plataforman kokatuko dira eraikin osagarriak, baskula, kontrol-etxola eta instalazioaren zuzendaritza-eraikinak. Araztegia instalazioaren iparraldean egongo da, auzo-bidearen beste aldean.
Instalazioaren jarduketa-eremuaren azalera osoa, gutxi gorabehera, 103.659 m2-koa da, eta kota erlatiboak egungo lurraren +127 kotatik +180 kotara bitartekoak dira.
Jarduerak hartzen duen azalera, gutxi gorabehera, UTM ETRS 89 koordenatu hauek zehazten dute:
X: 503.996,79. Y: 4.792.330,17.
X: 504.098,64. Y: 4.792.312,02.
X: 504.146,52. Y: 4.792.304,24.
X: 504.192,69. Y: 4.792.240,95.
X: 504.246,71. Y: 4.792.168,99.
X: 504.235,47. Y: 4.792.038,01.
X: 504.099,74. Y: 4.791.932,97.
X: 504.035,30. Y: 4.791.966,76.
X: 504.034,41. Y: 4.791.998,85.
X: 503.990.89. Y: 4.791.994,49.
X: 503.907,27. Y: 4.792.082,92.
X: 503.841,91. Y: 4.792.218,19.
X: 503.872,37. Y: 4.792.235,56.
X: 503.896,71. Y: 4.792.286,74.
X: 503.928,92. Y: 4.792.278,96.
Hondakin-ontziaren eduki erabilgarria 2.000.000 m3-koa da, eta gutxi gorabehera 8 urteko bizitza baliagarria izango du, hondakinak bertan uzten hasten direnetik aurrera.
Enpresak honako instalazio hauek ditu: sarbidea, bulegoak, kontrol-etxola, baskula, gurpil-garbigailuak, ustiategira sartzeko bidea, dekantazio-putzua, lixibiatu-biltegiak eta lixibiatuak tratatzeko instalazioa.
Bérriz Recycling Company SL enpresaren instalazioak perimetroan itxita egon beharko dira, hesi metaliko baten bidez. Gainera, instalazioetara sartzeko ate bat izan beharko dute.
Zabortegia hondakin arriskugabe ez-organikoetarako zabortegi gisa sailkatuta dago (materia organiko edo biodegradagarrian eduki txikia duena) (B1b azpikategoria), Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz.
Hondoa eta alboak kasuan kasuko zigilatze-sekuentzien bidez iragazgaiztuko dira. Iragazgaizte-sistemaren azpian, segurtasuneko drainatze-linea bat eraikiko da iragazgaizte-paketearen azpian sar daitezkeen iragazketa-urak husteko. Ur horiek dekantazio-putzu batera bideratuko dira, eta bertatik zuzenean jariatze-uretara isuriko dira.
Lixibiatuen eroanbidea hondakin-masaren barrualdetik isuri-ontziaren hondoraino joango da, eta horrek iragazgaizte-sekuentzia zeharkatuko du araztegiarekin konektatu arte.
Utzitako hondakin-masaren egonkortasuna ziurtatzeko, euste-horma bat ipiniko da jarduketa-eremuaren behealdean. Harri-lubeta hormigoituzko horma bat izango da, harrian sartua, eta luzera osoan zehar ebakidura eta altuera aldakorra izango ditu.
Bi kanal perimetral sortuko dira, «ekialdea» eta «mendebaldea» izenekoak, eta jarduketa-eremua inguratuko dute goiko puntutik, BI-3741 errepidearen ondotik, beheko punturaino. Areka horiek bilduko dituzte isuri-arroaren barruko eta eremuaren barruko jariatze-ur guztiak. Horiek perimetrorantz bideratuko dira instalaziotik beherako malden bidez. Areka horiek kalkulatutako emariaren adinakoak izango dira. Kalkulu horretan, isuri-arroak eta lekuko prezipitazioak hartu dira kontuan. Perimetro-kanaletan bildutako urak dekantazio-putzu batera isuriko dira beheko puntuan, eta han bereizi egingo dira urak arrastatu ditzakeen lur-partikulak. Dekantazio-putzutik ateratzen diren ur garbiak zuzenean isurtzen dira jariatze-uretara.
Araztegian tratatutako urak saneamendu-sarera konektatzen dira. Sondikako udalerrian dago konexio-puntua. Tratatutako lixibiatuak puntu horretaraino bideratzeko, eroanbide bat proiektatzen da ibarbidea zeharkatzen duen depositutik ibaian behera kolektorearekin lotzen den guneraino, Sondikan. Lursaila maldan denez, ez da ponpaketarik beharko.
Zabortegiaren ustiapenak lau fase ditu. Hondakinak modu ordenatuan utziko dira, ezaugarrien arabera, punturik baxuenetik gorantz. Ustiapena geruzaka egingo da, eta trinkotuz joango da sortutako banku bakoitza gutxi gorabehera 2,5 metroko altuerara iritsi arte. Hondakinen masatik datozen lixibiatuak ahalik eta gutxien sortzeko ahalegina egingo da une oro. Hori dela eta, behin-behineko zigilatzea erabiliko da polietilenozko xaflak erabiliz, eta horiek kendu egingo dira ustiapenak aurrera egin ahala.
Deskargak egin ondoren, materiala zabaldu eta trinkotzeko, katedun traktore bultzatzaile bat erabiliko da, hondakinak modu uniformean zabaltze aldera. Horretarako, hainbat pasaldi egingo ditu materialaren izaeraren arabera, eta behar bezala trinkotuko du. Betelana gehienez 0,5 m-ko lodierako geruzen bidez egingo da, trinkotze egokia lortzeko.
Zabortegian utziko diren hondakinetako batzuk plataforma eta hiri-hondakin solidoen ezponda handia duen hondakindegi zahar bat berreskuratzeko lanetan sortuko dira. Hondakindegi hori joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan kudeatu zen, eta, geroago, hondakinak botatzeko kontrolik gabeko gune bihurtu zen; baimen honen xede den instalazioaren mugakidea da.
Baimen honen titularrak bere gain hartzen du zabortegi zaharraren borondatezko erremediatzea, eta, egungo egoeraren premia eta larritasuna ikusita –egonkortasuna oso koloka dago–, hura egonkortzeko egin behar diren lanak bere gain hartzen ditu. Horretarako, inguruan ezponda berrezarriko du, plataforma burugabetu, eta hondakin arriskugabeak isuri-ontzi berrira eramango ditu, behar den azkartasunarekin eta eragiketa hori baimentzen duen administrazio-ebazpenak xedatzen duenarekin bat etorriz.
Zabortegi zaharra berreskuratzeko lanak, bai eta berreskurapena zein egonkortzea gauzatzeko mobilizatu behar diren hondakin arriskutsuen kudeaketa ere, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera egin beharko dira, bai eta «alternatiben azterketaren» arabera ere. Azterketa horrek ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik bideragarriak diren «teknologia erabilgarri onenak» zehaztuko ditu. Euskal Autonomia Erkidegoan «teknologia erabilgarri onena» hautatzeko metodologia propio bat ezartzen ez den bitartean, ospe aitortua duten erakundeek garatutako nazioarteko metodologiak edo balio aitortua duten metodologiak erabili ahal izango dira, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren V. eranskinean ezarritakoaren arabera; dekretu horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea.
Jarduketa horiek ingurumen-organoak izapidetzen duen lurzoru-kalitatearen adierazpenaren prozedura barruan sartzen dira; hortaz, hondakin horiek instalazio berrian onartzeko, prozedura horietan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta onarpen-betekizunak betetzen badira bakarrik bildu ahal izango dira.
Orain arte egin ahal izan diren zundaketen arabera, beharrezkoa da kutsatutako lurrak mihitik kentzea eta zabortegi zaharra egonkortzea; hori egiteko, inguruan ezponda berrezarriko da, eta plataforma burugabetuko. Horretarako, zabortegi zaharrean mobilizatu beharreko lurren gutxieneko bolumen bat kenduko dela kalkulatu da, 460.000 m3 eta 810.000 m3 artekoa. Zona batzuk ezin izan dira karakterizatu, ezin izan baita horietara iritsi lurra zundatzeko behar den makineriarekin. Zabortegi zaharreko hondakinen kudeaketa lehenetsiko da beste jatorri bateko hondakinen gainetik, betiere hondakin arriskugabeen onarpen-irizpideak betetzen badituzte.
Lehen deskribatutako lanak amaitu ondoren, gainazala zigilatu egingo da, bai eta zaindu eta mantendu ere, eragiketa hori baimentzen duen administrazio-ebazpenak xedatutakoarekin bat etorriz.
Horretarako, baimenaren titularrak zabortegi zaharraren saneamendu-proiektua baimentzen duen ebazpenean jasotako betekizun guztiak bete beharko ditu.
Erremediatze-baldintza hori betetzeak ez du esan nahi lurzorua kutsatu edo eraldatu duen pertsona edo, hala badagokio, lehengo zabortegiaren jabe, edukitzaile edo sustatzaile diren pertsona fisiko edo juridikoak erantzukizunetik salbuetsiko direnik, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 43.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Orobat, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazio bat egitea aurreikusten da, 160 m-ko kotan, goiko aldean, egungo barne-bidearen eskuinaldean; behin-behinean 5.000 m2 inguruko azalera hartuko du, eta etorkizunean hondakin arriskugabez beteko da. Urtean 50.000 tona tratatzeko ahalmena izango du. Instalazioa isuri-ontziaren gainean dago; beraz, isurtzen dituzten urak ontzitik datozen urekin batera kanalizatuko dira eta haientzat aurreikusitako tratamendua jasoko dute.
Instalazioetatik irten aurretik, baskularen aurretik, gurpilak garbitzeko «monobloc» erako eremu bat jarriko da, ur-injektoreak dituzten bi paretek eta ur-injektoreak dituen zola batek osatua. Plataformako euri-urak bilduko dituen 20 m3-ko depositu batetik hornituko du ura, eta, beharrezkoa denean, kanpotik datorren urarekin beteko da. Ura birzirkulatu egingo da; ahal den neurrian berriro aprobetxatuko da. Kamioi guztiek gurpilak garbitzeko gunetik igaro beharko dute ezinbestean instalaziotik irten aurretik.
Era berean, tratamendu-instalazioan balorizatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakina material granularraren ekarpena izango da zabortegi zaharraren plataforma eta ezponda erregularizatzeko, eta gutxi gorabehera 65.000 m3-ko bolumena izango du.
Instalazioan aplikatutako teknika erabilgarri onenen artean, hondakindegiaren ustiapenean gauzatzen diren eta ingurumen-ondorioak minimizatzen dituzten jardunbideak aipatzen dira:
– Sarreren digitalizazioa. Matrikulak irakurtzeko gailuak, pisatze dinamikoa, gidaria errekonozitzea.
– Berrogeialdi ertaina. Dumperra kargatzea eta ondoren aldi baterako biltegiratzea.
– Hondakina instalazioaren barruan geoposizionatzea.
Azkenik, baimenaren titularrak ebazpen honetan jasotako baldintza eta betekizun guztiak bete beharko ditu.
Hirugarrena.– Bérriz Recycling Company SL enpresak Bilboko udal-mugartean sustatutako Artxandako hondakin arriskugabeak kudeatu, tratatu eta biltegiratzeko zentroaren jarduera instalatzeko egokitzapen-lanetarako ondorengo baldintzak eta betekizunak ezartzea:
A) Proiektua exekutatzen hasteko epea.
Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua exekutatzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen iraunaldia amaituko da, eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.4 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari komunikatu beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua egikaritzen hastea.
B) Instalazioa muntatzeko baldintza orokorrak.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera egikarituko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta:
B.1.– Jarduketa-eremua mugatzea.
a) Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten lan osagarriak. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.
b) Aipatutako esparrutik kanpo ustekabean gertatutako erasanen kasuan, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak aplikatuko dira.
c) Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdiak xehetasunez adierazten dituen mugaketa egingo da kartografian.
B.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
a) Eraikuntza-lanak egin bitartean ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze naturaleko sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta, hala badagokio, egikarituko dira, kutsa daitezkeen urak haietan biltzeko.
Hormigoi-upelak espresuki horretarako egokitutako guneetan garbituko dira, garbitu behar badira. Ez da inola ere onartuko hormigoi-ikuzketaren kare-esneak ibaiaren ibilgura isurtzea. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako hirugarren apartatuaren B.5 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.
b) Obrako makinak gordetzeko eremuak eta horien mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango dute, olioa eta erregaiak direla-eta lurzorua eta ura kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.
B.3.– Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.
a) Egokitzapen-obrek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obrako jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, obrako makinen mantentze orokorrari eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
b) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
B.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
a) Obrak dirauen artean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko beste lekuak garbitzeko kontrol zorrotza egingo da, nola obrek ukitutako ingurunean, hala obra horietarako sarbideetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.
b) Ibilgailuak garbitzeko elementuak jarriko dira obra-guneen irteeran.
c) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko modua duten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
B.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, lanak prestatzeko operazioetatik sortzen direnak, enbalajeak, errefus-lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.
b) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoa betez kudeatuko dira.
Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikuntza- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra gauzatzeko proiektuetan; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.
c) Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako kondizioak bete beharko dituzte betegarri horiek.
Soilik EBA-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.
d) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen 21.d) artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aipatutako ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
e) Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.
Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako biltegietan egingo da, horrela biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero olioa sakabanatzea saihesteko.
f) Hondakinak kudeatzeko araudia errazago bete ahal izateko, hainbat lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, langileek behar bezala erabiltzea hondakinak. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
g) Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat prestatuko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak. Gainera, hondakin arriskugabeak eta inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira beste leku batean, aurrekoetatik bereizirik. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, edukirik gal ez dadin isurita edo lurrunduta. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; hondakinak moten arabera bereizi behar dira, aipatutako garbigunean aldi baterako gorde aurretik.
h) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipena jasoko duen txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.
B.6.– Hondeaketa-lanekin lotutako neurriak.
Hondeaketa-eragiketetan edo lur-mugimenduetan, edo istripu baten edo beste inguruabar baten ondorioz, kutsadura-zantzuak antzemanez gero, kontuan hartuko da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa.
B.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
6/2019 Legeak, maiatzaren 9koak, Euskal Kultura Ondarearenak, ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari; gero, beharrezkoa bada, hark erabakiko du zer neurri ezarri.
B.8.– Obraren garbiketa eta akabera.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako batere hondakinik gabe utzi beharko da.
B.9.– Obrek dirauten bitarteko jardunbide egokien kontrola.
Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, indusketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hautsa eta zarata sortzea eta txosten honetan adierazitako bestelako alderdiak.
B.10.– Obra-amaierako txostena.
Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.
Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua egikaritu bitartean egindako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira aipatutako txostenean, eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu ere bai. Halaber, eraikuntza-fasean baliatutako ingurumena zaintzeko programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen helmuga zehatza dokumentatu behar dira, material horien zenbaketari eta ezaugarriei buruzko datuak gehituta.
C) Ontzia egokitzeko eta zabortegiaren iragazgaizte-obrak gauzatzeko baldintza espezifikoak.
C.1.– Iragazgaizte-obrak hasi aurretiko baldintzak.
Bérriz Recycling Company SL enpresak zabortegiak zigilatzen eta iragazgaizten espezializatuta dagoen obra-zuzendaritza bat izendatu beharko du. Obra-zuzendaritza hori eraikitzailearen eta haren sustatzailearen independentea izango da.
Halaber, zabortegia iragazgaizteko geosintetikoen instalazioaren kalitatea bermatzeko kontrolaz arduratuko den eta sustatzailearen eta eraikitzailearen mende ez dagoen enpresa kontratatu beharko du. Enpresa hori arduratuko da ebazpen honetako C.2. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeaz.
Obrak hasi aurretik, Bérriz Recycling Company SLk zuzendaritza teknikoaren eta iragazgaizteko geosintetikoen instalazioa bermatzeko kontrola egingo duen enpresa arduradunaren izendapenaren berri eman beharko du ingurumen-organoan.
Zabortegiko fase bakoitzaren iragazgaizte-lanak hasi baino behar beste denbora lehenago, proiektua aurkeztu beharko zaio ingurumen-organo honi. Bertan, exekuzio-baldintzak, iragazgaiztearen sekuentzia eta obrak egiteko epeak txertatuko dira besteak beste. Nolanahi ere, proiektu horretan, induskatu behar diren lurren kudeaketa jaso beharko da fase horiek gauzatzeko, eta lehentasuna emango zaio lurrak kokalekuan bertan berrerabiltzeari.
Halaber, organo honen egoitza elektronikoan eskuragarri dauden jarraibide teknikoetan ingurumen-organoak ezarritako iragazgaizte-obrak egiteko aplikatu beharreko irizpideei buruz ezarritakoa bete beharko da.
C.2.– Iragazgaizte-obrak gauzatzeko baldintzak eta betekizunak.
a) Isuri-ontziaren hondoko iragazgaiztearen segida honako hau izango da:
– Bentonitazko manta (lodiera: 7 mm).
– Dentsitate handiko polietilenozko geomintza (lodiera: 2 mm).
– Babesteko geotestila.
– Legarrezko drainatze-geruza (lodiera: 50 cm).
Drainatze-geruzak bere funtzioa betetzen duela bermatu beharko da, hots, hautsezko hondakinak utziz gero drainatze-geruzarekin kontaktuan, hura buxatzea ekiditen duten neurriak hartuko dira, hala nola iragazki-geruza bat instalatzea.
b) Isuri-ontziaren ezponden iragazgaiztearen segida honako hau izango da:
– Bentonitazko manta (lodiera: 7 mm).
– Dentsitate handiko polietilenozko geomintza (lodiera: 2 mm).
– Babesteko geotestila.
– Legarrezko drainatze-geruza (lodiera: 50 cm).
– Ainguraketa geosintetikoko habexka.
c) Ontzia egokitzeko eta zabortegia iragazgaizteko lanak gauzatzen diren bitartean proiektuan funtsezko aldaketak ekar ditzakeen aldaketarik eginez gero, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko zaio balorazioa egin dezan, eta hala badagokio, gauzatu aurretik onar dezan.
d) Era berean, alboko eta hondoko iragazgaizte-sistemak bete egin beharko du «Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak» jarraibidean zehaztutakoa, III.2 apartatuan, xafla sintetiko iragazgaitzaileari, babesteko geotestilari, lixibiatuen drainatze-geruzari, geruza iragazleari eta drainatze- eta hustuketa-hodiei dagokienez.
C.3.– Zabortegia iragazgaizteko lanak amaitutakoan sustatzaileak dituen betebeharrak.
Zabortegiko gelaxka bakoitza iragazgaizteko lanak amaitutakoan, obraren zuzendariak iragazgaizte hori ebazpen honetan eta horren oinarri den agiri teknikoan ezarritako baldintza eta betekizunetara egokituta egin dela egiaztatu beharko du. Obra-amaierako ziurtagiri baten bidez egiaztatuko da; bertan jaso beharko da iragazgaiztea eta aurretiazko azpiegiturak gauzatu izana (sarbideak, belar-sastrakak garbitu eta kentzea, landare-lurrak hartzea, perimetroko kanalak, iragazgaiztea, lixibiatuen drainatzeak, etab.), obraren zuzendariak izenpetuta eta honako dokumentu hauek erantsita:
– Eraikitzeko proiektua (as built), dagokion elkargo ofizial profesionalak oniritzia emanda duela; plano sorta, eta obra-fasean egindako aldaketek ebazpen honetan eta ebazpenaren oinarri diren agirietan ezarritako baldintza eta eskakizunei dagokienez segurtasun-murrizketarik ekartzen ez dutela adierazten duen justifikazioa. Halaber, obra bukatutakoan ikusi ezin diren elementuen eta horien ezaugarrien argazki-erreportajea egin beharko du, xehetasunen ikuspegiak eta planoan duten kokalekua azalduz, ikuspegi panoramiko orokor gisa.
– Iragazgaizte-segidaren geomintzaren gaineko gainazalaren plano topografiko bat, UTM-ETRS 89 koordenatuetan eta kota absolutuetan.
– Eraikuntza-kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko programaren emaitzak. Programa horrek barne hartuko ditu eginiko lanak deskribatzen dituen memoria eta emaitzak eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak; horrez gainera, zenbait eranskin bilduko ditu, landa-laneko eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasoko dituztenak (azken horiei buruz txosten osoak jasoko dira), bai eta laginketa-puntuek kokapena plano takimetrikoan duten kokapena ere.
– Jarraibidean adierazitako betekizun guztiak betetzen direla egiaztatzen duen txostena, alboko eta hondoko iragazgaizte-sistemari dagokionez (xafla, geotestila, drainatze-geruza, geruza iragazlea eta drainatze- eta hustuketa-hodiak barne).
Laugarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea Bérriz Recycling Company SLk Mallabiko udal-mugartean (Bizkaia) sustatzen duen hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-jarduera ustiatzeko, ixteko eta itxi ondoren mantentzeko:
A) Ingurumen-erantzukizuna.
Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta haien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.
B) Erantzukizun zibileko asegurua.
Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da milioi bat (1.000.000) euroko zenbatekoaz, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta lehengoratzeko kostuak. Bérriz Recycling Company SLk kontratatutako aseguruaren baldintza orokor, berezi eta espezifikoen kopia bat bidali beharko dio ingurumen-organoari, eta hark onartu egin beharko du.
Hondakinak hondakindegietan utzita ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 11.d) artikuluan adierazitakoaren arabera, aseguru horrek honako kontingentzia hauek estali behar ditu gutxienez: heriotzagatik, lesioengatik edo pertsonen gaixotasunagatik eta gauzetan izandako kalteengatik zor diren kalte-ordainak, bai eta ingurumen eraldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak ere.
Horrez gain, Erantzukizun Zibileko Asegurua eguneratu izanaren egiaztagiria bidali beharko dio urtero ingurumen-organoari, eta polizan aldaketaren bat izanez gero, horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, kontratatutako aseguruaren baldintza orokor, berezi eta espezifikoen kopiarekin batera.
C) Fidantza edo erreserba teknikoa.
Bost milioi seiehun eta hirurogeita bat mila hirurehun eta berrogeita hamazortzi euro eta zazpi zentimoko (5.661.358,07) fidantza emango da, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 14. artikuluan eta hondakinen arloko finantza-bermeei buruzko martxoaren 22ko 208/2022 Errege Dekretuaren 3.1.a) artikuluaren 3. zenbakian ezarritakoaren arabera.
Bestela, organo honek onartu ondoren, erreserba tekniko bat egingo da finantza-berme gisa, ad hoc funts bat zuzkitzearen bidez, sektore publikoak babestutako finantza-inbertsioetan gauzatuta, hurrengo epigrafean jasotako urteko finantza-azterlanean egindako kalkuluen araberako zenbatekoan.
Sustatzaileak fidantza horren zenbatekoa murrizteko eskatu ahalko du, zabortegia ustiatzeko planean oinarrituta. Bertan, zabortegiaren ontzia iragazgaizteko, hura betetzeko eta azken zigilatzea –nola aldi baterakoa hala behin betikoa– gauzatzeko eraikuntza-faseak zehaztuko dira. Fidantza horren gutxieneko zenbatekoa bat etorri beharko da ustiapen-planean aurreikusitako zigilatze-azalera handiena kontrata bidez exekutatzearen kostuarekin (benetako magnitudean neurtuta, eta ez proiekzio horizontalean) eta itxi ondoren 30 urtez mantentzeagatiko kostuarekin.
Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, ingurumen-organo honek eskatuta; alde horretatik, zenbatekoa areagotu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumorako prezioen indizearen (KPI) arabera, edo murriztu, egindako gastuen arabera.
D) Finantza-azterketa.
Sustatzaileak finantza-azterketa eguneratu bat aurkeztu beharko du urtero; hauek jaso beharko dira bertan: instalazioa ezarri eta ustiatzeko kostuak, A, B eta C puntuetan ezarritako bermeetatik eratorritako gastuak, 30 urteko epearen ondorengo itxiera eta mantentze-lanen zenbatetsitako kostuak, berotegi-efektuko gasen emisioari lotutako kostuak eta babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa exekutatzeari buruz baimen honetan ezarritako eskakizun guztiak.
Finantza-azterketa horretan, gastuak eta diru-sarrerak partidaka eta urteka xehatuko dira, aurreikusitako ustiapen-planari jarraikiz.
Diru-sarrerek banakapen bat izan beharko dute, hondakin tipologiaren arabera kobratutako prezioarekin, 646/2020 Errege Dekretuaren 9. artikulua betetzen dela agerian uzteko.
Gainera, azterketa egiteko, finantza-azterketa egiteko irizpideei buruzko argibide teknikoetan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko dira, ingurumen-organoak zehaztutakoak. Argibide horiek argitara emango dira.
E) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.
Administrazioarekiko harremanez arduratzen den goi-mailako tituludunaren inguruan emandako datuetan aldaketarik balego, Bérriz Recycling Company SLk aldaketa horren berri emango lioke Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Bérriz Recycling Company SLren legezko ordezkari batek eta izendatutako pertsonak sinatutako dokumentu batean jasoko da, eta datu hauek bildu beharko ditu: izen-abizenak, NANa, harremanetarako helbidea eta prestakuntza teknikoa. Bérriz Recycling Company SLk aldaketa hori ingurumen-organoari bidaliko dio.
Zabortegiaren kudeaketa kualifikazio tekniko eta esperientzia profesional egokia duen pertsona fisiko baten esku egongo da.
F) Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.
F.1.– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko prozesurako baldintzak eta kontrolak.
Bérriz Recycling Company SLk Bilbon (Bizkaia) dituen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen balorizazio-jarduera honetan datza:
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak biltegiratzea, birrintzea eta sailkatzea, kanpoan produktu gisa erabiltzeko (CE markadun EEHen agregakin birziklatua) (R0506 kudeaketa-eragiketa).
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak biltegiratu, birrindu eta sailkatzeko jarduera, kanpoan agregakin birziklatu gisa erabiltzekoa, Bérriz Recycling Company SL enpresaren instalazioetan bertan kokatzen da.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak biltegiratzeko eta birrintzeko jarduera 5.000 m2 inguruko azaleran egiten da, eta etorkizunean hondakin arriskugabez beteko da. Urtean 50.000 tona eraikuntzako eta eraispeneko hondakin tratatu ahal izango dira gehienez.
Hondakinak pisatu ondoren, deskarga- eta pilaketa-gunera eramango dira. Gune hori horma finko edo mugikorren bidez banatu ahal izango da (behar izanez gero), materialak modu sailkatuan pilatzeko.
Deskargarekin batera, jasotako materiala aldez aurretik hautatuko da (hondakinen bereizketa primarioa). Aurrez garbitutako hondakinak aurrebahetzaile bat duen tobera baten gainean deskargatzen dira. Horren helburua da hondakinen bereizketa primarioan kendu ez diren material handiegiak prozesuan ez sartzea.
Aurrez garbitutako hondakina bahe birakarira iristen da. Bertan, baheketa birakaria egiten da, 0-40 mm-ko elementu xehe guztiak deuseztatzen dituen danbor artekatu batekin. 40 mm-tik beherako material horiek baztertu eta bildu egingo dira, azken helmugara bidaltzeko (zaharberritze-lanak eta hain zorrotzak ez diren beste erabilera batzuk).
Bahe birakarian elementu xeheak kendu ondoren, tratatu behar den gainerako materiala wind-shifter-era eramaten da, eta bertan elementu arinak bereizten dira airea erabiliz (hondakinak haizatzaile baten azpitik pasatzen dira).
Ondoren, eskuz sailkatzen dira hondakinen bereizketarako kabinan, magnetikoki bereizten dira, eta birrindu, eho eta bahetu egiten dira. Azkenik, materiala merkatuaren beharren arabera sailkatzen da.
Instalazioan balorizazioa egiteko onargarriak diren hondakinak hurrengo apartatuetan daude zehaztuta, horiek behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.
Halaber, honako hau bete beharko dute:
a) Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratutako hondakinen zerrendan jasota dauden hondakin arriskugabeak baino ezin dituzte kudeatu; taula honetan zehazten dira:
(Ikus .PDF)
Instalazioan inola ere ezingo dira onartu ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, ez eta, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, beste hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak ere.
Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.
Hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.
b) Lantegian tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak kasuan kasuko tratamendu-kontratua igorri beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, eta, beharrezkoa izanez gero, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsiko da.
Hondakin jakin bat onar daitekeela egiaztatu ondoren, Bérriz Recycling Company SLk onarpena ziurtatzen duen agiria igorriko dio hondakinaren titularrari, onarpenaren baldintzak ezarrita.
c) Instalaziora balorizatzera iristen diren hondakin arriskugabeen kontrola egin beharko da, berma dadin hondakin horiek ebazpen honetako baldintzei jarraikiz onartuko direla fabrikan.
Kontrol horretan, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena egin beharko da. Agiri horretan, onartzeko parametro mugatzaile eta baldintzatzaileak ezarriko dira. Egiaztapen hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.
d) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.
Fabrikako hondakinen zamalanetan eta manipulazioan, nola ekipoen estankotasunean, emisio lausoak edo kontrolatu gabeak egotea saihestu beharko da, edo, bestela, ahalik eta gehien murriztu.
e) Hondakinak iragazgaiztutako azaleran biltegiratuko dira, gerta daitezkeen ihes edo isurtzeen balizko eragina saiheste aldera, eta, halakorik gertatuz gero, horiek bildu eta karakterizatu egingo dira.
Bi urtekoa izango da balorizatu beharreko hondakin arriskugabeak gordetzeko gehieneko epea.
f) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Bérriz Recycling Company SLk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balioztatze-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Ukatu egin diren hondakinen kasuan, kantitatea, ukatu den hondakinaren enpresa ekoizlea, uko egin izanaren arrazoia, ukatu den hondakinaren azken helmuga eta beste gertakari batzuk jakinaraziko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioa oinarri hartuta egingo da.
Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.
Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Bérriz Recycling Company SLk, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege honen XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.
Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.
g) Lortutako agregakina eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen balorizaziotik eratorritako agregakin birziklatuak erabiltzeko betekizunak ezartzen dituen 2015eko urtarrilaren 12ko Aginduan aurreikusitako erabileretara baino ezin izango da bideratu.
G.2.– Zabortegian hondakinak jaso eta ikuskatzeko baldintzak eta kontrolak.
Bérriz Recycling Company SLk Bilbon (Bizkaia) dituen instalazioetako tratamendu-jarduera horiek deuseztatzean datza (D0502 kudeaketa-eragiketa).
Zabortegian utzi ahalko dira, deuseztatzeko baino ez (D0502 kudeaketa-eragiketa), aldez aurretik tratamenduren bat jaso duten hondakinak, edo behar bezala justifikatuta dagoenean haien balorizazioa ez dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik bideragarria, zabortegietan utzi daitezkeen hondakinen kopurua edo hondakinak uzteak gizakien osasunerako edo ingurumenerako dakartzan arriskuak murrizteko.
Ondorioz, zabortegira iristen diren hondakin balorizagarriak bereizi eta dagokien banakako edukiontzietan gorde behar dira, balorizatzaile baimendu batera eraman arte helburu horrekin. Horretarako, gaur egungo egoera kontuan izanda, 49/2009 Dekretuaren II. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz, hondakin balorizagarriak hauek dira: papera eta kartoia, metalak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, beira, zura, plastikozko eta metalezko ontziak, 1.400 mm baino kanpo-diametro txikiagoa duten erabiltzen ez diren pneumatikoak, bizikletenak izan ezik, altzairua arku elektrikoko labeetan fabrikatzearen ondoriozko zepa beltzak eta toner- eta tinta-kartutxoak. Zerrenda handitu egingo da, hondakin berriak balorizatzeko kudeatzaile baimenduak sortzen diren neurrian.
Zabortegian deuseztatu daitezen onartutako hondakinak, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratutako hondakinen zerrendaren arabera sailkatutakoak, Ebazpen honen I.a, I.b eta I.c eranskinean adierazitakoak dira.
I. eranskinean honako hondakin hauek bildu dira: batetik, aldez aurretik tratatu diren hondakinak, eta, bestetik, aldez aurreko tratamendurik jaso ez badute ere, teknikaren, ekonomiaren edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatu ezin daitezkeela egiaztatu dutenak.
I.b eranskinean zerrendatutako hondakinei dagokienez, ekoizleak edo kudeatzaileak aldez aurretik organo honi bidalitako dokumentu bidezko egiaztapenaren arabera kudeatuko dira. Gutxienez honako kasu hauetako bat betetzen duten hondakinak biltzen dituzte:
– Izendapen orokorreko hondakinak: beste ezein kategoriatan zehaztu gabekoak dira, eta «99» zenbakiz amaitutako kodea dute. Dokumentu bidezko egiaztapenak, dagokion lixibiazio-saiakuntzaz gain, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren araberako oinarrizko ezaugarriak ere jasoko ditu.
– Arriskutsu gisa sailkatutako kode baliokidea duten hondakinak (ispilu-sarrera). Dokumentu bidezko egiaztapenak, lixibiatze-saiakuntzaz gain, horien oinarrizko ezaugarriak ere jasoko ditu, baita horien arriskugarritasunaren nolakotasunak –arriskugabe gisa sailkatzen dituztenak– ere.
– EAEn hondakinak kudeatzeko dagoen azpiegituran potentzialki baloriza daitezkeen hondakinak. Dokumentu bidezko egiaztapenak, lixibiatze-saiakuntzaz gain, EHZ kode hori kudeatzeko baimena duen balorizatzaile edo berreskuratzaile baten ezaugarriak eta/edo onarpen-dokumentu negatiboa ere jaso beharko ditu.
Ingurumen-organoak balioztatu beharreko I.b eranskinean jasotako hondakinetarako onarpen-dokumentu berria eta behar den dokumentazioa aurkeztu eta hamar egunera organo horrek ez badu espresuki ezer adierazi, Bérriz Recycling Company SLk aukera izango du proposatutako hondakina onetsi eta kudeatzeko prozesuarekin jarraitzeko.
I.c eranskinean zerrendatutako hondakinei dagokienez, zabortegiaren barruan eraikuntza-erabilerarako soilik baliatu behar direnak dira, eta pisuan onartutako hondakin guztien % 10 baino ez dira onartuko.
Honako kondizio hauek dituzten hondakinak ez dira inolaz ere onartuko:
– 50 gradu zentigradu baino tenperatura altuagoko hondakinak.
– % 65eko hezetasuna gainditzen duten hondakinak.
Aurretik zehaztutako kasuetan izan ezik, Batzordeak 2002ko abenduaren 19an hartutako Erabakian hondakin arriskugabeetarako zabortegietan hondakinak onartzeko zehaztutako irizpideak bete beharko dituzte hondakin horiek, duten katalogazioaren arabera betiere (Erabaki horren bidez ezarri ziren zabortegietan hondakinak onartzeko hondakin horiek bete behar dituzten irizpideak eta prozedurak), hondakinak uzteari buruzko 1999/31/EEE Zuzentarauko 16. artikuluari eta II. eranskinari, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari –batik bat bigarren eranskinean zehaztutakoari–, eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari (II. eranskinaren 2. apartatua) jarraikiz.
Nolanahi ere, hondakinak onartu ahal izateko, lixibiatze-saiakuntzak egin beharko dira, UNE-EN 12457-4 arauaren arabera «Hondakinak karakterizatzea. Lixibiatzea. Hondakin pikortsuak eta lohiak lixibiatzeko adostasun-saiakuntza. 4. zatia: 10 l/kg-ko likido/solido erlazioa duen etapa baten lotekako saiakuntza, 10 mm-tik beherako partikula-tamaina duten materialetarako (tamaina-txikitzea izan edo ez)».
Parametro jakin batzuetarako ezarritako mugak gainditzen badira, perkolazio-saiakuntzak onartzeko aukera izango da, Herbehereetako NEN 7343 arauaren arabera. Dena den, saiakuntzak Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak horretarako zehaztutako jarraibideei jarraikiz egin beharko dira.
Hondakinaren oinarrizko ezaugarriak ezartzeko edo betetze-probak gauzatzeko laginen kopurua nahikoa izango da aztertu beharreko hondakin-masaren aldakortasuna behar bezala adierazteko.
Oinarrizko ezaugarriak ezartzeko eta betetze-probetarako laginketa-diseinua eta lagin-hartzea UNE-EN ISO 17020 (hondakinen esparrua) arauaren arabera egiaztatutako erakundeek egingo dituzte. Hondakinen ekoizlearen edo edukitzailearekin independentea izan behar da erakunde egiaztatua, baita erakunde ustiatzailearen independentea ere, eta derrigorrezkoa izango da sekula ez parte hartu izana hondakinak sortzeko prozesuen edo hondakinen xede den zabortegiaren diseinuan, fabrikazioan, horniduran, instalazioan, zuzendaritza fakultatiboan, laguntza teknikoan edo mantentze-lanetan. UNE EN ISO 17025 arauari jarraikiz egiaztatutako laborategiek egingo dituzte beharrezko saiakuntzak.
Halaber, oinarrizko ezaugarritzerako laginak hartzea, betetze-probak eta in situ egiaztapen-probak uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren II. eranskineko 3.1 eta 3.2 apartatuetan adierazitakoaren arabera egingo dira.
Hondakinak onartzen ez badira, Bérriz Recycling Company SLk berehala jakinaraziko dio hori ingurumen-organoari, eta hondakinak lekualdatzeko araudiari jarraikiz, egoera hori dagokion identifikazio-agirian jasoko du.
Bérriz Recycling Company SLk datu-base digital bat edukiko du, formatu ustiagarrian, oinarrizko ezaugarrien emaitzekin eta adostasun-proben emaitzekin, baita zabortegia itxi arteko in situ egiaztapeneko gertakarien erregistro bat ere. Ingurumena zaintzeko programarekin batera, datu-base horren kopia bat igorriko da urtero.
Igeltsua duten hondakinak jasotzeari dagokionez, hondakin biodegradagarriak onartzen ez dituzten konpartimentuetan baino ezingo dira deuseztatu, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren II. eranskineko 2.2.3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz (646/2020 Errege Dekretua, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena).
Bérriz Recycling Company SLk ebazpen honen bidez baimentzen den instalazioan onartu beharko ditu kokalekuaren mugakide den hondakindegi zaharrean egin beharreko berreskuratze-lanetatik eratorritako hondakinak, betiere ingurumen-organoak uste badu hondakin arriskugabeak zabortegietan utzita ezabatzeko eragiketa baten bidez kudea daitezkeela hondakinak. Baimendutako instalazioaren eremuaren barruan lekua gorde beharko da zabortegi zaharretik datozen materialek zabortegi horretan onartzea ahalbidetzen duten kutsatzaileen kontzentrazioak izatea posible egiten duten tratamendu-eragiketak burutu ahal izateko.
Onargarriak ez diren hondakinak biltegiratzeko gune bat izango da, hormigoizko oinarria eta urak biltzekoa dituena.
Zabortegiak perimetro-itxitura bat izan beharko du, ustiategiaz kanpoko langileak sartzea saihesteko.
Instalazioetara sartzea eragozten duten segurtasun-neurriak aplikatu beharko dira. Sarrerak itxita egongo dira zerbitzu-orduetatik kanpo. Instalazioan legez kanpoko hondakin-uzteak detektatu eta saihesteko neurrien programa barne hartu behar du sarrera-kontrolerako sistemak.
Haize egunetan hondakin arinak (plastikoak, material arinak, paperak, etab.) barreiatu ez daitezen, hesi bat diseinatuko da. Behar besteko altuera eta erresistentzia izango du, hondakin horiek harrapatu eta horiei eutsi ahal izateko. Aldian-aldian, «hegan irtendakoak» biltzeko kanpainak egingo dira.
Bérriz Recycling Company SLk ingurumen-organoari bidali beharko dizkio bai tratamendu-kontratuak bai identifikazio-dokumentuak –behar bezala beteak–, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 23. artikuluak xedatutakoaren arabera. Agiri edo dokumentu horiek Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez.
Bérriz Recycling Company SLk utzitako hondakinen edo balorizatzeko gunera bidalitako hondakin baimenduen laburpena igorri beharko du urtero ingurumen-organora formatu elektronikoan, hauek adieraziz:
– Hondakinaren sailkapena, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez argitaratutako hondakinen zerrendaren arabera.
– Hondakinaren izendapena.
– Hondakinaren kantitatea (tonatan).
– Hondakinaren ekoizlea.
– Hondakinaren jatorria (ekoizlea, udalerria eta lurralde historikoa).
– Helmugako hondakinen kudeatzailea, balorizatuz gero.
Igorpen hori dagokion urteko «Ingurumen-zaintzako programa bidaltzeko» Ingurunet prozeduraren bidez egingo da.
Gainera, hondakinak jasotzeko eta ikuskatzeko irizpideei buruzko argibide teknikoetan, ingurumen-organoak zehaztutakoetan, ezarritakoa bete beharko da. Argibide horiek argitara emango dira.
G.3.– Ustiaketarako baldintzak.
Zabortegien kudeaketa aurreraturako teknika onenei buruzko jarraibide teknikoan ezarritakoa bete beharko da.
G.3.1.– Zabortegiaren ustiaketarako baldintza orokorrak.
Baimen hau emateko ingurumen-organo honetan aurkeztutako ustiapen-planaren eta haren eguneratzeen arabera ustiatuko da zabortegia.
Ustiapen-plana eguneratuta mantenduko da, eta, bertan, honako datu hauek zehaztuko dira une oro:
– Ustiategiko hondakin-uztearen fasearen mugaketa.
– Gelaxken gainazal iragazgaitzaren topografia.
– Zabortegiaren faseak gauzatzeko ordena eta kronograma.
– Lixibiatuen drainatzeen trazadura.
– Gas-tximinien kokapena.
– Gelaxken barrura sartzeko barne-bideak.
– Lurrazaleko urak husteko perimetro-arekak.
– Ontzian iragazgaiztu behar diren azalerak eta azken topografia lortu duten eremuetan behin betiko zigilatu behar diren azalerak.
Gauzatutako ustiapen-planeko jarduketa guztiekin batera, dagokion eraikitzeko proiektua (memoria, kalkulu justifikatzaileak dituzten eranskinak, planoak, baldintza teknikoen agiria, aurrekontua), eraikitzeko proiektuaren segurtasun- eta osasun-proiektua, geosintetikoen eta trinkotutako geruza mineralen eraikitze-kalitatearen berme-plana gehitu beharko dira.
Ustiapen-planaren edozein aldaketa jakinarazi beharko da, eta egonkortasun-azterketaren berrikuspena barne hartuko du, bai eta hasierako proiektua aldatzen duen beste edozein alderdi ere.
Halaber, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan ustiapen-planaren betetze-mailaren bilakaera-maila adierazten duen txostena sartuko da.
Nolanahi ere, zabortegiaren fase bakoitzaren ustiapena amaitu ondoren, Bérriz Recycling Company SLk amaiera jakinarazi beharko dio ingurumen-organo honi, bai eta behin betiko zigilatzearen aurreikuspena ere. Zigilatze hori ebazpen honen G.3.3 eta H apartatuetan aurreikusitakoaren arabera egingo da.
G.3.2.– Egonkortasuna.
Hondakinak behar bezala utzi behar dira zabortegian, eta, horretarako, hondakin-masaren eta egitura elkartuen egonkortasuna bermatu beharko da, bereziki, irristatzeak saihesteko. Hesi artifizial bat instalatzen denean, egiaztatu egin beharko da substratu geologikoa, zabortegiaren morfologia kontuan hartuta, nahikoa egonkorra dela hesirako agian kaltegarriak diren jalkitzeak saihesteko.
Bermatu beharko da une oro betetzen dela irristatzeei aurre egiteko segurtasun-faktorea, alegia, =1,5 dela egoera arruntean eta =1,3 istripu-egoeran. Horretarako, gutxienez kontaktu-azalerak eta «Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak» jarraibidean ezarritako irizpideak barne hartzen dituen analisia egingo da (III.3 apartatua).
Era berean, zabortegiaren ustiapen-fasean lixibiatuen pilaketa esanguratsuak edo ontzian iragazgaiztasuna galdu izanaren zantzuak hautematen badira, segurtasun-faktoreak berriz aztertu beharko dira azterketa espezifikoen bidez.
Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan, txosten espezifiko bat sartuko da, proiektuko segurtasun-faktoreak betetzen direla berretsiz, edo, edozein kasutan, aldaketak egonez gero, berrikuspena aurkeztuz.
G.3.3.– Lixibiatuen sorrera minimizatzea.
Zabortegia ustiatzean gelaxka batean euri-uren zuzeneko eragina jasan dezaketen hondakinen gehieneko azalerak ez du inolaz ere 4.000 m2 balioa gaindituko. Hondakinak uzteko eremuaren gainerakoa aldi baterako edo behin betiko zigilatuta egongo da.
Lurrazaleko urak biltzeko eta husteko gailuak diseinatzean, ur horiek isuri-ontzian edo hondakinekin kontaktuan egoteagatik kutsatzea eragin dezaketen zabortegiko beste instalazio batzuetan sartzea saihestuko da.
Zabortegiak perimetro-areka bat du zabortegiaren akaberako gainazalean, 500 urteko birgertatze-aldiari dagozkion ur-goraldiak hustea ahalbidetuko duena. Hala, ustiaketan zehar, iragazgaiztutako gelaxkak inguratuko dituzten eta dagozkien ur-goraldiak prezipitaziorik handienetan gutxienez 24 ordutan hustea ahalbidetuko duten aldi baterako perimetro-kanalak instalatuko dira, birgertatzeko aldiari begira (gutxienez 50 urte).
Zabortegiaren azken zigilatzearen gainazalaren gainean arekak eraikiko dira, zigilatzearen gainean sortzen diren ur garbiak perimetro-kanaletara husteko. Areka horiek gutxienez 50 urteko errepikatze-denborari dagozkion ur-goraldiak husteko diseinatuko dira. Husteko ahalmenaz gain, perimetro-eroanbideak diseinatzean eta mantentzean kontuan hartuko dira aurreikus daitezkeen asentuak eta hondeaketak.
Zabortegiko gelaxka baten zigilatzea ez da 90 egun baino gehiagoko epean abiatuko, aurreikusitako azken kotetara iristen den unetik kontatzen hasita. Zigilatze hori aldi baterako zigilatzea izango da, gainazal horretan proiektuak ondorengo faseetan hondakinak uztea aurreikusten duenean, edo behin betiko zigilatzea izango da, aipatutako gainazalean akaberako zigilatzea ezarri behar denean. Kanpoko arrazoiak direla-eta (meteorologikoak, materialaren erabilgarritasuna eta abar) azken zigilatzea epe horren barruan hastea ezinezkoa bada, aldi baterako zigilatzea ezarriko da, trinkotutako lurrez edo geomintz batez osatua, iragazketa murriztuko duena eta perimetro-kanaletara zuzenduko diren ur garbiez osatutako gainazaleko isurtzea osatzea ahalbidetuko duena. Behin betiko zigilatzea 9 hilabete baino lehen abiatuko da eta 12 hilabete baino lehen bukatuko da, hondakinak aurreikusitako gelaxkaren azken kotetara iristen diren unetik kontatzen hasita.
Zigilatzea hasteko eta amaitzeko epea luzatu ahal izango da, zabortegiaren titularrak behar bezala justifikatutako eskaera egin ondoren. Zigilatzea hasteko luzapena eskatzen bada, azterlan bat aurkeztu beharko da, hau erakusten duena: aurreikusitako asentuek, aldi baterako zigilatzearen gainean dauden mugarri topografikoetan erregistratutako datuetatik abiatuta kalkulatuta, zigilatzea osatzen duten materialek onartzen dituztenak baino deformazio handiagoak eragiten dituztela. Zigilatzea amaitzeko epea luzatzea arrazoi hauek justifika dezakete: baldintza meteorologiko desegokiak, material egokirik ez izatea, etab.
G.4.– Saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baldintzak.
G.4.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.
Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: hondakin arriskugabeen zabortegi kontrolatua.
Jarduera-taldea: 0.– Zerbitzuak.
ESJN: 3811 Hondakin arriskugabeen zabortegia.
(Ikus .PDF)
Lixibiatuak hodi bidez eramaten dira Sondikako udal-sarera (Sangroniz Bidea). Hori saneamendu-sare primarioko I14 Arriaga-Sangroniz ponpaketaren bidez biltzen da, Galindoko HUAn tratatzeko.
Kamioien gurpil-garbitegiko ur dekantatuak aurrez araztuko dira eta saneamendu-sistema orokorrera bideratuko dira.
G.4.2.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.
– 1. isuria: Hondakin arriskugabeetarako zabortegiko lixibiatu araztuak.
(Ikus .PDF)
G.4.3.– Isurketen muga-balioak.
Sustatzaileak beharrezko diren neurriak hartu beharko ditu saneamendu-sare orokorrerako isurketak muga-balio hauek gaindi ez ditzan, jarraian agertzen diren parametroetan:
(Ikus .PDF)
Metalen kontzentrazioak elementu horien «guztizko» edukiari dagozkie.
Urteko 365 egunen azken karga kutsatzailearen datuak honako hauek dira, informazio gisa:
(Ikus .PDF)
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak lortzeko.
Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete beharko dira. Hori horrela ez bada, titularrak beharrezkoa den tratamendu egokia ezarri beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.
Baimen honek ez du babesten kondizio honetan esplizituki adierazi ez den beste gairik isurtzea, bereziki gai arriskutsurik (irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinak).
G.4.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.
Arazteko instalazioak honako hauek dira:
– SBR tratamendu biologikoa (Sequencing Batch Reactor): 350 m3-ko andela.
– SBR andelaren aurretik, lixibiatuak biltzeko bi putzu izango dira, bakoitza 950 m3-koa.
– 80 m3-ko bolumena homogeneizatzeko andela, irteerako emaria atxiki edo laminatu ahal izateko.
– Aparraren aurkakoa, NaOH eta azido fosforikoa (nutrientea) SBR-ra dosifikatzeko andelak.
– Lohiak biltegiratzeko andela, 20 m3 inguruko edukierakoa.
Sistemak lau etapa ditu:
– Betetze-fasea: SBR erreaktorera araztu beharreko hondakin-ura elikatzen da.
– Erreakzio-fasea: lohi aktiboan dauden mikroorganismoen bidez hondakin-uraren arazketa biologikoa egiten da, fase aerobikoak eta anoxikoak txandakatuz.
– Jalkitze-fasea: lohi aktiboa erreaktorean bertan dekantatzen uzten da, lohiaren eta araztutako uraren arteko bereizketa eragiteko.
– Hustuketa-fasea: biologikoki araztutako ura maila jakin bateraino husten da. Fasearen amaieran SBR erreaktorea betetze-fasera itzultzeko moduan gelditzen da.
Erreaktore biologikoak 350 m3-ko bolumena du guztira, eta egunean ziklo bat egitea aurreikusita dago.
Enpresak lekua gorde beharko du, SBR andela MBR (biologikoa, ultrairagazketa-mintzekin) bihurtu beharko balitz ere. Horrela, xurgapen-hodi bat konektatu ahal izango da ponparekin, eduki biologikoa ultrairagazketa-mintzetara bultza dezan, ura lohi biologikoetatik bereizte aldera. Ultrairagazketa-mintzen modulu kontainerizatuak 12 m x 2,4 m inguru ditu.
Kolektorean usainak sortzen badira, urak tratatuko dira (GRG, produktuekin: sodio kloritoa (NaClO2) edo kaltzio nitratoa (Ca(NO3)2) ponpa dosifikatzailearekin), H2S, merkaptanoak eta beste gas batzuen ondoriozko usainak ezabatzea lortzeko.
Lixibiatuak HCH kutsadura badu, aurretratamendu bat ezarri beharko da harea-iragazkiekin eta ikatz aktiboko iragazkiekin, saneamendu-sarean sartu aurretik.
Harea-iragazkiak eta ikatz aktiboko iragazkiak garbitzeko urak tratamenduaren burura bidaltzen dira. Denborarekin solidoen kontzentratua sortuko da, eta kudeatzaile baimendu batek erretiratu beharko du. Ikatz aktibo agortua ere kudeatzaile baimendu batek kudeatuko du.
Ustekabeko gertakariak edo matxurak gertatuz gero, Bérriz Recycling Company SLk lixibiatuen putzuan atxiki beharko du lixibiatua.
Orobat, salbuespenezko egoeretan, jarduketa-protokolo bat eduki beharko da lixibiatuak zisterna-kamioien bidez kanpoko kudeatzaile batengana puntualki ebakuatzeko.
Ezarritako mugetatik gorako isurketak detektatzen direnean, bai organo eskudunak, udalak eta abarrek hala jakinarazita, bai Bérriz Recycling Company SLren autokontrola dela-eta, ikerketa bat hasiko da arrazoiak identifikatzeko eta zuzentzeko. Egoeraren larritasunagatik beharrezkoa bada, isurketa geldiaraziko da edo tratatutako isurketak lixibiatuen putzura birzirkulatuko dira, mugen barruan egon arte, edo, hala badagokio, kanpoko kudeatzaile batengana.
Hartutako zuzenketa-neurriak nahikoak ez direla ikusiz gero, Bérriz Recycling Company SL enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan (bereziki, kolorea, HCH eta isomeroak, DQO erregogorra edo beste kutsatzaile batzuk murrizteko tratamendu osagarriak eskatzeko aukera). Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.
Lixibiatuak 950 m3-ko edukiera duten bi putzutan biltzen dira, eta hauek dituzte:
– Drainatze perimetraleko sistema bat eta lurrerako edozein ihes edo iragazketa detektatzeko ikuskapen-sistema bat edo ihesak detektatzeko sistema automatiko bat.
– Instalazioen hesi orokorrarekiko independentea den hesi-sistema.
– Alboak eta hondoa material sintetiko iragazgaitzez estaliko dira, eta horien ezaugarriak isuri-ontziaren hondoko xafla iragazgaitzaren antzekoak izango dira.
– Araztu gabeko lixibiatuak husteko hodiek emari-neurgailuak izango dituzte.
Gutxienez, jarraian adierazitako kontrol-puntuak jarriko dira; puntu horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezko diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Egokitzat jotzen denean ikuskatu ahal izateko, zuzeneko sarbidea duten leku batean kokatuko dira kutxatilak:
– Hondakin arriskugabeen zabortegian araztu gabeko lixibiatuak kontrolatzeko kutxatila.
– Lixibiatu araztuak kontrolatzeko kutxatila.
– Hondakin arriskugabe araztuen zabortegiko lixibiatuak kolektorera isurtzeko azken puntua.
Isurketa aztertzeko laginak pH-ko, tenperaturako, eroankortasuneko eta amonioko zundetarako prestatutako gunean hartuko dira.
Halaber, instalazioak honako kontrol-elementu hauek ditu:
– Parshall kanal motako emari-neurgailua, berehalako eta guztizko emaria neurtu eta erregistratzen duena hondakin arriskugabeen zabortegiko lixibiatuak biltzeko sarean.
– pH-neurgailua eta tratatutako uren azken kontrolerako eroankortasun-neurgailua, alarma-sistemekin, neurketen adierazpen lokalarekin eta biltegiratze jarraituarekin euskarri informatikoan.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak onartutako kalibrazio- edo egiaztapen-programa bat ezarri beharko da; emari-neurgailurako urteko gutxieneko maiztasuna izango du.
Bérriz Recycling Company SLk beharrezko den ekipamendua instalatuko du berehalako eta guztizko emariaren, pH-aren, tenperaturaren, eroankortasunaren, amonioaren eta baltsa-mailaren datuak denbora errealean eta jarraituan biltzeko eta telekomunikatzeko. Aipatutako seinaleak partzuergoaren SCADAn ikusiko dira, eta, hari esker, isuriak saneamendu-sarearen kudeaketan integratuta geldituko dira.
Sistemak mugikorrera alarmak bidaltzeko aukera izango du 24 orduan, ezohiko funtzionamendua badago.
Tresneria kalibratzeko plana eta kalibrazio horien erregistroak dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren bidez emango dira.
G.5.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko kondizioak
G.5.1.– Hondakin guztientzako baldintza orokorrak.
Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan baimendutako tratamendu-instalazioetan trata daitezkeen hondakinak lehentasunez bideratu beharko dira helburu horretara, autosufizientziaren eta hurbiltasunaren printzipioak betetze aldera.
Hondakinen azken helmuga zabortegian ezabatzea dela aurreikusten bada, orduan, hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak –Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak– xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera; era berean, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Errege Dekretuak ezarritako jarraibideak ere bete beharko dira.
Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan jasotakoak– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko, kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Azken datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.
Hondakinak biltegiratzeko eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Haien egoera fisiko, likido edo oretsua dela-eta, edo haien inpregnazio-mailarengatik isurketak eragin edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakin arriskutsuentzat ontziak edo bilketa-sistema egokiak jarriko dira izan litezkeen isuriak kanpora isurtzea saihesteko. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako hauetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota dauden eta berori izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Bilboko Udalean.
Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora errege-dekretu hori garatuta xedatzen dena bete beharko da.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.
Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.
Baldin eta hondakinak Espainiatik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.
G.5.2.– Hondakin arriskutsuak.
Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:
(Ikus .PDF)
a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela-eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dute hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaera egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, leheneratzea edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzea eskatzen bada.
b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, jarioren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.
c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
d) Hondakin arriskutsuak ezingo dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.
e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.
f) Hondakin arriskutsuak lekuz aldatu aurretik eta, kasua bada, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikazio-agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Bérriz Recycling Company SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez bost urtez gorde beharko ditu identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.
g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.
h) Bérriz Recycling Company SLk Industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.
i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Pilen eta metagailuen hondakinek, halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak entrega horiek egin direla egiaztatzen badute. Toki-erakundeei eman-izanaren egiaztagiriak gutxienez bost urtez gorde beharko dira.
j) Bérriz Recycling Company SLk, ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduan zehaztutako gai erabiliak baldin baditu, berreskuratu egingo dira alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez suntsitzeko, edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein suntsitze-bide tekniko erabiliz, edota birziklatzeko edo birsortzeko xedez, tresnak berrikusi eta mantentzeko eragiketetan nahiz desmuntatu edo suntsitu aurretik.
k) Bérriz Recycling Company SLk urtero adierazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, haien helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidali beharko du.
l) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Bérriz Recycling Company SLk, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege honen XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.
m) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Bérriz Recycling Company SLk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioa oinarri hartuta egingo da. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.
n) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada Bérriz Recycling Company SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
o) Apartatu honetako e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean), k) eta l) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.
p) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Bérriz Recycling Company SL enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
G.5.3.– Hondakin arriskugabeak.
Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:
(Ikus .PDF)
Sustatzaileak instalazioan sortzen diren hondakin arriskugabeen gutxi gorabeherako kopuruak eman beharko ditu.
a) «Zabortegiko lixibiatuen» eta «gurpil-garbigailuko lohien» kasuan, hondakin horiek egun indarrean dagoen Europako hondakinen zerrendan zeharka islatzen direnez, hondakin arriskugabetzat hartzea horien lehenengo kanporatzearen aurretiazko ezaugarriek baldintzatuko dute, eta emaitza horiek Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari bidali beharko zaizkio, proposatutako kudeaketaren egokitasuna egiaztatzeko xedez. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako G.5.2. puntuan jasotako zehaztapenak aplikatuko dira.
b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi behar dira. Erabilitako ontziak eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.
c) Hondakin horiek deuseztatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez gorde ahalko dira.
d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Bérriz Recycling Company SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, bost urtean gutxienez.
e) Hondakina zabortegira eramateko bada, jarraipen- eta kontrol-dokumentua bete beharko da hondakin arriskugabea lekualdatu aurretik, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
f) Hori hala izanik, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluari jarraikiz.
g) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada Bérriz Recycling Company SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.
h) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Bérriz Recycling Company SLk, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege honen XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.
i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Bérriz Recycling Company SLk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioa oinarri hartuta egingo da. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.
j) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.
k) Apartatu honetako d) eta e) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean), h) eta i) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.
G.6.– Lurzoruaren babesaren inguruko kondizioak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betez, Bérriz Recycling Company SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu, baita ingurumen-organoak beharrezkotzat jotzen dituen edo eskatzen dituen guztiak ere.
Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuari jarraikiz, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtez behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.
Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako araudian (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua), lurzorua babesteko betebeharrak ezartzen dira, eta, hain zuzen ere, horiek betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:
– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.
– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.
Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak bilduko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-agiriak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat helaraziko da.
Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan isuri-ontzitik kanpo egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:
1.– Aurreikusten bada aldaketaren bat egin behar dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan, eta aldaketa horren ondorioz lurrak mugitu behar badira:
a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan jasotzen denarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko bide egokiena zehaztearren.
b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa egin bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta oneratzeko akreditatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.
c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:
– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.
– Jarduketak ukituko duen lekuaren kokapen-datuak, Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia barne hartuta.
– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.
– Jarduketaren deskribapen xehatua.
– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.
– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.
– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.
d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurren ezaugarritzearen emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.
e) Arau orokor gisa, kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotako irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:
https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida
f) Soberakinetarako aurreikusitako helmuga zabortegian uztea denean, karakterizazioa dekretu hauetan ezarritakoaren arabera egin beharko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena. Oro har, laginketa egiteko, oinarrizko irizpide batzuk bete beharko dira; hain zuzen ere, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan («Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa») adierazitako oinarrizko irizpideak, induskatu beharreko materialen ezaugarritze-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu beharrekoak.
g) Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta analisia, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.
h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-Ak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.
i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
2.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusi bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.
Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hartu beharreko neurriak ezar ditzan sailburuordetza horrek, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e) apartatuarekin.
G.7.– Zaratari buruzko baldintzak.
a) Bérriz Recycling Company SLk behar diren neurriak hartuko ditu instalazioak ez ditzan kanpoko ingurumenera transmititu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren –giro-zarataren ebaluazioari dagokionez– II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.
(Ikus .PDF)
Kanpoaldeko muga-balioek lurzoruaren mailatik 2 metroko altuerari eta, fatxada leihodunen kanpoaldean, eraikuntzaren altuera guztiei egiten diete erreferentzia.
Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.
– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.
– Lkeq, Ti indizearen batez besteko balioek ez dituzte 5 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.
b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentikortasun akustiko handieneko guneetako zarata maila.
G.8.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
Ahal den heinean, ez da sortuko ez partikula solidoen ez hautsaren emisiorik, nola ibilgailuak sartu eta ateratzean hala hondakinak deskargatu eta zabaltzeko lanetan eta EEHen instalazioan. Era berean, pistak eta bideak behar bezala garbitu beharko dira, partikulak eta hondakinak ez sakabanatze aldera.
Zabortegi-gasen metaketa eta emisioa kontrolatzeko egokiak diren neurriak hartu behar dira. Teknikoki bideragarria denean, neurri horiek ustiapen-fasean hartuko dira, itxi arte itxaron gabe.
Zabortegia ustiatu bitartean sortutako gasak dentsitate handiko polietilenozko drainatze-tximinien bidez erauziko dira- Legarrezko inguratzailearekin artekatuta egongo dira, eta 25 metroko eragin-erradioa izango dute. Zabortegiaren azalera osoa hartuko dute, eta ez dute aire-sarrera nabarmenik izango; horrela, ez da egingo zabortegiaren zigilatu gabeko eremuetatik barreiatutako emisiorik atmosferara Biltzeko sistemak dentsitate handiko polietilenozko hodi artekatua izango du, termozigilatua, eta polietilenozko hodiaren eta zundaketa-hormaren arteko zuloa legarrez beteko da.
Azken tratamendua zuziaren bidez gauzatu behar bada, gasek 1000 – 1200.şC-ko tenperaturara iritsiko dira zuzian, eta gutxienez 0,3 segundotan (egonaldia), beharrezko den turbulentzia mantenduz.
Edonola ere, eta segurtasunarekin lotutako arrazoiengatik, instalazioaren jabetzaren mugan metano gasaren kontzentrazioa ez da % 5 baino handiagoa izango, ezta instalazioaren eremu itxietan % 1,25 baino handiagoa ere, kontrol-sistemen edo gasa berreskuratzeko osagaien kasuan izan ezik.
Putzuetako eta ur-bilketetako gasen konposizioari dagokionez, honako irizpide orokor hauek aplikatuko dira:
– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 5etik gorakoa denean (bolumenari dagokionez), azterketa bat egin beharko da gasa nola atera edo berreskuratuko den zehazteko; azterketa horren ondoriozko neurriak sei hilabeteko epean abiaraziko dira gehienez ere.
– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 5ekoa baino txikiagoa baldin bada, atmosferara igor daiteke hura, erauzketa bortxaturik egin beharrik izan gabe (erauzketa pasiboa).
Zabortegiko gasak bildu, tratatu eta aprobetxatzean, ahalik eta gehien murriztuko da ingurumenaren kaltea edo narriadura eta giza osasunerako arriskua, klima-aldaketa bereziki kontuan hartuta.
Halaber, ingurumen-organoak ezarritako airearen kalitateari eta desgasifikazio-sistemei buruzko jarraibide teknikoetan finkatutakoa bete beharko da.
Orobat, bost urtean behin egiaztatuko da (isurketa hasi eta 5 urtera hasita) gasak erauzteko sistemaren eraginkortasuna eta isuri iheslarien kuantifikazioa.
G.9.– Beste baldintza batzuk.
Hondakinaren izaeragatik edo hura kudeatzeko sistemagatik instalazioa hegaztiak erakartzeko gune izan daitekeenean, Bérriz Recycling Company SLk afekzio hori neutralizatzeko edo minimizatzeko beharrezko diren neurriak ezarri beharko ditu, hala nola hondakina birrintzea eta erabat nahastea, frakzio organikoa hegaztiak eta fauna elikatzeko erabili ezin izateko, hondakina zakuratzea, hondakinak egunero baino gutxiagotan estaltzea, hegaztiak kontrolatzeko mekanismoak instalatzea (hesi sonikoak, ikusizko uxagailuak, oztopo fisikoak, etab.).
H) Hondakin arriskugabeen zabortegia zigilatzeko obrak (partzialak edo behin betikoak) gauzatzeko baldintzak.
H.1.– Hondakin arriskugabeetarako zabortegia zigilatzeko obrak hasi aurreko kondizioak.
Eraikitzailearekin eta sustatzailearekin loturarik ez duen obra-zuzendaritza bat izendatu behar du Bérriz Recycling Company SLk. Zabortegiak eraiki eta zigilatzeko lanetan espezializatutako zuzendaritza izan behar du.
Horrez gainera, enpresa bat izendatu behar du, loturarik ez duena sustatzailearekin eta eraikitzailearekin, zabortegia zigilatzeko geosintetikoen instalazioari dagokion kalitate-bermea kontrola dezan. Enpresa hori izango da ebazpen honen hirugarren apartatuko C letran ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko arduraduna.
Obrak hasi aurretik, Bérriz Recycling Company SLk ingurumen-organoari jakinarazi behar dio zer enpresa izendatu den zuzendaritza teknikoa gauzatzeko eta zer enpresak egingo duen zigilatze-lanetarako geosintetikoen instalazioaren kalitatea bermatzeko kontrola.
Zabortegiko biltegi bakoitzaren zigilatze-lanak hasi baino behar beste denbora lehenago, proiektua aurkeztu beharko zaio ingurumen-organo honi. Bertan, exekuzio-baldintzak, zigilatzearen sekuentzia eta obrak egiteko epeak txertatuko dira, besteak beste. Aipatutako proiektuak, gainera, zabortegiaren egonkortasun globalari buruzko azterlan eguneratu bat jaso beharko du, zigilatzea osatzen duten geruzak barne hartuta, bermatze aldera irristatzearen aurreko segurtasun-faktorea =1,5 izango dela beti egoera normalean eta =1,3, berriz, istripu-egoeran. Egonkortasunaren azterketa eguneratuak, gutxienez, «Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak» jarraibidearen III.3 apartatuan identifikatutako kontaktu-azalerak jaso beharko ditu.
Gainera, zigilatze-obrak egiteko, ingurumen-organoak zehaztutako irizpideei buruzko argibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko da. Argibide horiek argitara emango dira.
H.2.– Hondakin arriskugabeen zabortegiaren gainazala zigilatzeko obrak exekutatzeko baldintzak eta betekizunak.
a) Zigilatze-profila honako hau izango da:
– 0,6 m-ko lodierako erregularizazio- eta nibelazio-geruza, itxiera-gainazalaren azken morfologia lortzeko.
– Drainatze-geokonposatua.
– Puntzonaketaren kontra babesteko geotestil geruza.
– Dentsitate handiko polietilenozko xafla, 2 mm-ko lodierakoa.
– Euri-ur garbiak husteko geruza drainatzailea (geodren). Geokonposatu hori kanpoko euri-urak desbideratzeko lehendik dagoen sarearekin lotuko da, isuri-ontziaren perimetroan.
– Estaldura-geruza (>1 m-ko lodiera) eta 0,15 metroko lodiera duen landare-lurrezko geruza, gai organikoaren eduki handia duena, landaredia leheneratzeko lanak ahalbidetzeko.
Zabortegiak gasak kantitate handitan sortzen baditu, gasak drainatzeko geruza bat sartu beharko da hesi geologiko artifizialaren azpian. Sortutako gasen emaria husteko diseinatuko da geruza hori, zabortegiaren barruan presioak sor ez daitezen, gasak atmosferara ihes egitea edo hondakin-masaren edo zabortegia zigilatzean egonkortasun mekanikoko problemak sortzea saihesteko.
b) Malda egokiak izan daitezen, zabortegiaren azaleraren birmoldaketa amaitu ondoren, zabortegiaren azaleraren plano takimetriko bat altxatuko da, okupatuko duen azalera eta zigilatu beharreko azalera definituko duena (UTM ETRS 89 koordenatuetan). Gutxienez metro bateko zabalerako banda gehigarria okupatuko du, birmoldaketaren ostean zabortegiak okupatutako azalerarekiko. Plano takimetriko horren gainean, zigilatzeko lanetan zehar ager daitezkeen lixibiatuen iturburuak kokatuko dira, horietako bakoitzean hauek zehaztuz: emaria, pH, tenperatura, eroankortasun elektrikoa eta neurketaren eguna.
c) Zigilatze-lanetan zehar sortzen den eta aldaketa nabarmenak eragiten dituen zigilatze-proiektuaren aldaketa oro Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi behar zaio, gauzatu aurretik onar dezan.
d) Era berean, zigilatze-sistemak bete egin beharko du «Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak» jarraibidean zehaztutakoa, III.2 apartatuan, erregularizazio-geruzari, gasak biltzeko geruzari, iragazgaizte-geruzari, infiltrazio-urak iragazteko eta drainatzeko geruzari eta estaldura-geruzari dagokienez.
e) Hondakin arriskugabeen zabortegiaren fase bakoitza zigilatu ondoren, zigilatze-lanen zuzendariak lanak ebazpen honetan ezarritako baldintza eta betekizunen eta ebazpenaren oinarri den agiri teknikoen arabera bete dela egiaztatu beharko du. Egiaztapena egiteko, obra-zuzendariak sinatutako zabortegia zigilatzeko obra-amaierako ziurtagiria bidali beharko du, honako agiri hauekin batera:
– Eraikitzeko proiektua (as built), dagokion elkargo ofizial profesionalak oniritzia emanda duela; plano sorta, eta obra-fasean egin litezkeen dako aldaketek ebazpen honetan eta ebazpenaren oinarri diren agirietan ezarritako baldintza eta eskakizunei dagokienez segurtasun-murrizketarik ekartzen ez dutela adierazten duen justifikazioa. Halaber, obra bukatutakoan ikusi ezin diren elementuen eta horien ezaugarrien argazki-erreportajea egin beharko du, xehetasunen ikuspegiak eta planoan duten kokalekua azalduz, ikuspegi panoramiko orokor gisa.
– Plano topografiko bat, zigilatze-sekuentziaren landare-lurraren geruzaren gainazalarena, UTM ETRS 89 koordenatuetan eta kota absolutuetan emana.
– Eraikuntza-kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko programaren emaitzak. Programa horrek barne hartuko ditu eginiko lanak deskribatzen dituen memoria eta emaitzak eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak; horrez gainera, zenbait eranskin bilduko ditu, landa-laneko eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasoko dituztenak (azken horiei buruz txosten osoak jasoko dira), bai eta laginketa-puntuek plano takimetrikoan duten kokapena ere.
– Instrukzioan zigilatzeko estalkiei buruz adierazitako betekizun guztiak betetzen direla egiaztatzen duen txostena.
f) Aurreko apartatuan adierazitako obra-amaierako ziurtagiria eta horri erantsitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari aurkeztu beharko zaizkio, hark onar ditzan. Aurkeztutako agiriak egokiak direla ikusi eta egiaztapen-bisita egin ondoren, ingurumen-organoak hondakin-uztearen jarduera etetea, zigilatzearen bukaera eta itxi ondorengo aldia abiatzea onartuko du.
I) Hondakin arriskugabeen zabortegia itxi ondorengo kondizioak.
a) Bérriz Recycling Company SL enpresa zabortegia ustiatzen duen erakundea den heinean, zabortegia itxi ondorengo mantentze-lanen, zaintzaren eta kontrolaren arduraduna izango da, eta funtzio horietaz arduratuko den pertsonaren izena jakinarazi behar dio ingurumen-organoari.
b) Zabortegiaren titularrak jakinarazi beharko du honako hauen inguruan izandako edozein aldaketa: posta-helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa edo edozein komunikabide eta kontaktu, eta zabortegia itxi osteko kontrolaz arduratuko den pertsona.
c) Itxi ondorengo kontrola eta zaintza-aldia 30 urtekoa izango da, hondakin-uztearen jarduera bertan behera uztea onartu, zigilatzea amaitu eta obra-amaierako ziurtagiria eta as built proiektua aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita. Ingurumen-organoak hala irizten badio, data hori aldatu ahal izango da, itxi ondorengo kontroletan barrena lortutako emaitzen arabera. Itxi ondorengo aldiari dagokionez, sustatzaileak horrela eskatuta, ingurumen-organoak emandako ebazpenaren bidez ezarriko dira itxi ondorengo aldiaren bukaera eta horren inguruan ezarritako betebeharren epe-betetzea. Aldez aurretik apartatu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.
d) Bérriz Recycling Company SLk itxi ondorengo zainketak gauzatzen direla behatzeaz arduratuko den enpresa izendatuko du. Enpresa hori ez baldin bada zabortegiaren titularra, enpresa hori gutxienez urtebeterako izendatuko du titularrak. Izendapen horren berri eman beharko zaio ingurumen-organoari, izendapena egin eta 15 eguneko epean, eta zabortegiaren titularraren ordezkariaren onarpen-sinadura, itxi osteko zainketaz arduratuko den enpresako ordezkariaren onarpen-sinadura eta titularrak emandako agirien zerrenda xehatua barne izango ditu. Zerrendak aipatutako zabortegiari dagozkion administrazio-eskakizun guztiak eta zigilatzean eta ordura arteko itxi osteko zainketan zehar sortutako agiri tekniko guztiak jaso beharko ditu.
e) Bérriz Recycling Company SLk itxi ondorengo fasean zehar kontrol-prozeduretan agerian jarritako ingurumenerako ondorio negatibo nabarmen oro jakinaraziko die ingurumen-organoari eta Bilboko Udalari, eta hartu beharreko zuzenketa-neurrien izaerari eta egutegiari buruz agintaritza eskudunak hartutako erabakia ere bete beharko du. Gainera, ondorio negatiboek uretan eragina dutenean, Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko zaio.
f) Obrak eta/edo jarduerak egin nahi baldin badira zabortegian hura itxi ondoren, ingurumen-organoaren baimena izan beharko da haiek egin aurretik. Nolanahi ere, ingurumen-organoaren aurrean ziurtatu behar da jarduera horiek ez diotela eragiten zigilatzearen osotasunari, perimetro-kanalen jardunari, itxi ondorengo kontrol-sistemaren egonkortasunari edo elementuei, eta ez dakartela garatu nahi den erabilera edo jarduerarako eta pertsonentzako arrisku onartezinik.
Horretarako, zigilatzean sortutako zuhaitz- edo zuhaixka-landaredia ezabatu egingo da.
Ereiteen mantentze-lanak egin beharko dira, hala nola ebakitzeak, ongarritzeak eta ureztatzeak.
Zigilatzearen gainean landare-espezie inbaditzaileak jartzea zaindu beharko da; hala badagokio, horiek ugaltzea kontrolatzeko eta errotik kentzeko neurriak hartu beharko dira.
Zigilatzearen azaleran izandako jaulkitzeak, irristatzeak eta/edo higadurak konponduko dira.
Inolaz ere ez da baimenduko zabortegia itxi ondorengo fasean zehar zabortegiaren zigilatzeari bizitegi-erabilera ematea. Halaber, ez da baimenduko inolako jarduketarik zigilatze-sekuentziako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 50 cm baino gutxiagora hurbil dadin.
g) Itxi ondorengo fase horretan lixibiatuen pilaketa handiak edo ontzian iragazgaiztasuna galdu izanaren zantzuak hautematen badira, segurtasun-faktoreak berriz aztertuko dira azterketa espezifikoen bidez.
h) Isuri-ontzian ezohiko mugimenduak daudela edo pitzadurak maiztasun handiz agertzen direla ikusten bada, sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, eta horien jarraipen xehatua egin beharko da, bai eta horien jatorria edo ondorioak zehazten dituen azterketa/analisiren bat egin ere, hala nola egonkortasun-azterketa espezifiko bat.
i) Zigilatze-sekuentziaren amaierako geruza (lurrak estaltzeko geruza eta landare-lurra) babes-geruza da; beraz, zanga, zimenduak, eta antzerakoak egiten diren obretan ezingo da geruza hori zeharkatu, ezta aldi baterako ere; hortaz, ekipamenduak diseinatu eta gauzatzean zigilatzearen amaierako kotak kontuan izan beharko dira, zeharkatu ezin den beheko muga gisa. Hondeatzeko palak erabiltzea edo makina astunekin bestelako eragiketak egitea eskatzen duten jarduerak egitea saihestu behar da, babes-geruza hautsi edo mehetzeko arriskua baitakarte, deformazioak transmititu eta zigilatze-geruza arriskuan jartzeaz gain.
j) Kondizio optimoetan edukiko dira zabortegiko eremu guztiak, dela zabortegia ezartzeko lurzatikoak, instalazio osagarrietakoak eta sartzeko bideetakoak, dela zerbitzu-sareak gauzatzeko eta lixibiatuak husteko beharrezkoak direnak. Besteak beste, azaleko urak biltzeko kanalizazioak, lixibiatuen drainatzeak eta eroapenak eta itxi ondorengo zaintza-planean zehaztutako kontrol-puntuak, bai eta instalatutako elementu osagarriak ere, tartean, lixibiatuen emari-neurgailua edo dagozkion kontrol-kutxatilak. Aipatutako elementuren bat narriatu dela antzemanez gero, ahalik eta azkarren konpondu beharko da. Halaber, ingurumen-organoak ezarritako aldizkakotasunarekin egiaztatuko da gasak erauzteko sistemaren eraginkortasuna eta emisio-ihesen kuantifikazioa.
k) Aldizka drainatze-elementuen begizko ikuskapenak egingo dira, bai eta 24 orduko epean prezipitazio handiak gertatu ondoren ere, higadura-seinaleak, jalkitzeak, pitzadurak, sedimentazioa eta drainatzea blokeatzeko arriskua dakarten elementuak identifikatzeko.
J) Lan-arriskuen prebentziorako kondizioak.
Zabortegia eraiki, ustiatu, zigilatu eta itxi ondorengo aldian zehar, beharrezko diren neurriak hartu beharko dira istripuak saihestu eta horien ondorioak mugatzeko, bereziki azaroaren 8ko 31/1995 Legea, lan-arriskuen prebentzioari buruzkoa dena, eta hori garatzen duten arauzko xedapenak aplikatzea, aurkeztutako agirietako «Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana» V. agirian deskribatutakora egokituz.
K) Ingurumena zaintzeko programa.
UNE-EN ISO 17020 arauaren arabera egiaztatutako entitateek diseinatuko dituzte ustiapen- eta mantentze-faseetan zaintza- eta kontrol-lanetarako laginketa eta lagin-hartzea. Erakunde egiaztatuak erakunde ustiatzailearen independentea izan behar du, eta ezinbestekoa izango da lehendik ez parte hartu izana hondakindegiaren diseinuan, fabrikazioan, horniduran, instalazioan, zuzendaritza fakultatiboan, laguntza teknikoan edo mantentze-lanetan.
Halaber, zaintzarako eta kontrolerako zehaztapen analitikoak UNE-EN ISO 17025 arauaren arabera egiaztatutako laborategiek egingo dituzte.
Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:
K.1.– Kontrola obra-fasean.
Obrak gauzatzen ari diren bitartean, uraren kalitatearen kontrolak egingo dira xeheen atxikipen-gailuen irteeran. Hilean behin parametro hauek aztertuko dira: pHa, uhertasuna, solido esekiak, olioak eta koipeak.
Halaber, lurrazaleko uraren kalitatean eraginik izan den zehazteko, lanek iraun bitartean, segimendua egingo da, emaria higitzen den uneetan, de visu egingo diren ikuskapenetan, zabortegi-gunetik behera dauden ibarbideetan. Honako hauek antzemateko egingo dira ikuskapenak:
– Ageriko uhertasuna ote dagoen uretan.
– Olioak eta koipeak ote dauden.
– Elementu mardulik ageri ote den ur gainean edo hondoan jalkita.
K.2.– Kontrola ustiapen-fasean.
K.2.1.– Uren eta efluente likidoen kalitate-kontrola.
Lixibiatuen, lurrazaleko eta gainazal azpiko uren, kanal perimetralen eta lurpeko uren kontrola taula honetan jasotzen den moduan egin beharko da:
(Ikus .PDF)
Autokontrolen emaitzak hilean behin emango zaizkie ingurumen-organoari (dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren bidez) eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari.
Zabortegiaren testuinguru hidrogeologikoa ebaluatu beharko da, egitura akuiferoak eta horien alboko hedadura identifikatzeko, akuiferoetako fluxuaren norabidea eta abiadura zehazteko, eta kutsatzaileak sakabanatzeko mekanismoak eta horien magnitudea jakiteko. Informazio hori eremuko eredu hidrogeologiko kontzeptuala egiteko oinarria izango da. Eredu horrek gutxienez 10 km-ko distantzia bete beharko du zabortegitik uretan behera.
Tokian tokiko eraketa hidrologiko espezifikoak eta ereduan identifikatutako lurpeko uren kalitatea kontuan hartuta, lurpeko uren kalitatea zaintzeko sarearen proposamen justifikatua egingo da, baita esku-hartzearen mailarena ere.
Behaketak kontrol-grafikoen bidez ebaluatu beharko dira, uretan behera kokatutako piezometro bakoitzerako ezarritako kontrol-arau eta -mailekin. Lurpeko uren kalitatearen aldaketa lokalen arabera zehaztu beharko dira kontrol-mailak.
Esku-hartze maila jakin batera iristean, beharrezkoa da laginak berriro hartu eta egiaztapen bat egitea. Maila jakin hori berretsi ondoren, ezarritako larrialdi-planari jarraitu beharko zaio, eta ingurumen-organoari horren berri eman lehenbailehen.
Era berean, lixibiatuak kanpoan kudeatuz gero, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan, Bérriz Recycling Company SLk txosten bat igorri beharko du, egindako lixibiatuen lekualdatze bakoitzaren honako alderdi hauek zehaztuz, gutxienez:
– Lixibiatuak noiz atera diren zabortegitik.
– Garraiatutako lixibiatuen bolumena.
– Lixibiatuen helmuga.
– Lixibiatuak garraiatu dituen enpresa.
– Garraioa egin duen ibilgailuaren matrikula.
Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira laginketak beti.
«Erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko ditu kanpoan egiten diren kontrol guztiak (bai laginak hartzeko garaian, bai ondorengo analisiak egitean), eta goiko puntuetan adierazitako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak, isurketa-puntu bakoitzeko, lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izan beharko da, edo, bestela, lagin puntual adierazgarria.
Kontrol bakoitza baimendutako parametro bakoitzari egingo zaio, eta baimenean jarritako betekizun guztiak betetzen dituela ulertuko da baldin eta G.4.3 apartatuko parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen badituzte.
Lurpeko urei dagokienez, sustatzaileak ingurumen-ondorio negatiboak eta nabarmenak gertatu direla pentsatuko du lurpeko uraren laginaren analisiak uraren kalitatean aldaketa esanguratsua jazo dela frogatzen duenean, eta ebazpen honen L.3.j) eta k) apartatuen arabera jokatu beharko du. Gainera, ondorio negatiboek uretan eragina dutenean, Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko zaio.
Urtean behin, aldi bakoitzeko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da, efluentearen ezaugarriek baimenduekiko izan ditzaketen desbiderapenei, horien kausei eta horiek zuzentzeko hartutako neurriei buruzkoa.
Bérriz Recycling Company SLk isurketaren autokontrola egingo du. Datuak eta gorabeherak erregistratuko ditu, eta organo eskudunaren eskura egongo da aldizkako ikuskapenetan edo beharrezkotzat jotzen denean.
Administrazioak, egoki deritzonean, arazteko instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emariek eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko. Halaber, arazteko instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.
K.2.2.– Airearen kalitatea eta zaratak kontrolatzea.
a) Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.
Zabortegiko gasaren neurketa tximinien barnealdean, lixibiatuen irteeran eta lurrazal azpiko uren irteeran, leku itxietan (araztegia, EEHen instalazioa...) egingo da, baita zabortegiaren azaleran eta ustiapen-eremuan ere.
Neurtu beharreko parametroak, gutxienez, honako hauek izango dira: CO, CO2, O2, H2S eta CH4, presio atmosferikoa eta airearen tenperatura. Kanpoko erakunde baten bidez neurtuko dira hilero ustiapenean zehar, eta sei hilean behin itxi ondorengo ustiapen-fasean.
Kontrol horien emaitzak dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera igorriko dira.
b) Immisio atmosferikoak kontrolatzea.
Urtean immisioko laginketa-datuak biltzeko kanpaina bat egingo da gutxienez, bai langileen lan-eremuetan edo lan-ingurunean, bai ustiategiaren ingurunean.
Laginketa-kanpaina horiek ahalik eta egoera okerrena duen aldean egingo dira. Lan-ingurunearen gaineko eragina baloratuko da, eragiketa eta lan guztietan, sarbideetan, isurketa-eremuan, etab., laginketa eginez.
Sei hilean behin bi puntu adierazgarriren gaineko immisio-mailak neurtuko dira ondorengo parametroei dagokienez, zabortegiaren ustiapen-fasean:
(Ikus .PDF)
c) Zarata kontrolatzea.
1.– Jarduera egiten den lurzatiaren kanpoaldean neurketak eginez, LKeq,Ti indize akustikoaren ebaluazioa egin beharko da hiru urtean behin, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean.
2.– Neurketa bidezko ebaluazio guztiak Administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.
3.– Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.
K.2.3.– Isuri-ontziaren topografiaren kontrola (ustiapena, itxiera eta itxi ondorengoa).
Zabortegiaren ustiapen-fasean, ontziaren morfologia kontrolatuko da urteko jasotze topografikoaren bidez, eta sei hilean behin zehaztuko da utzitako hondakinek hartzen duten azalera, utzitako hondakinen pisua eta bolumena, haien izaera eta gainerako edukiera (bolumena eta urteak).
Halaber, ustiapen-fasean eta itxi ondoren, hiru hilean behin zehaztuko da zabortegiaren portaera mekanikoa, neurketa-sekzioen sare baten kontrol topografikoaren bidez. Sare horrek ustiapen-fasearen arabera behar adina sekzio izango ditu. Orobat, hilero kontrolatuko zer maiztasunekin agertzen diren pitzadurak eta higadura-arrastoak. Era berean, inklinometroak instalatzea baloratuko da berariazko proposamen baten bidez.
Isuri-ontzian ezohiko mugimenduak daudela edo pitzadurak maiztasun handiz agertzen direla ikusten bada, ingurumen-organoari jakinarazi beharko zaio, eta horien jarraipen xehatua egin beharko da, bai eta horien jatorria edo ondorioak zehazten dituen azterketa/analisiren bat egin ere, hala nola egonkortasun-azterketa espezifiko bat.
Kontrol topografiko horren emaitzek honako hauek jasoko dituzte: neurtzeko bitarteko, material eta lekuak, gertatutako gorabeherak, aldi bateko bilakaeraren grafikoak, erregistratutako datuak euskarri elektronikoan (kalkulu-orria), eta horien interpretazioa.
Urtero zabortegiaren betetze-lanen plano topografiko eguneratu bat egin beharko da, zabortegiaren mugak, zabortegiaren eremu zigilatua, eta azken urtean hondakinak utzi diren zabortegiaren eremua zehaztuta dituena, eta eremu bakoitzean azalerak eta zabortegiaren azaleran aldaketak egin diren datak adierazita.
Apartatu honetan adierazitako informazio guztia dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan erantsiko da, kontrol-elementuen nahikotasunaren balorazioa barne, eta, behar izanez gero, kontrol-puntu berrien mota eta egoera proposatuko da.
K.2.4.– Datu meteorologikoak biltzea.
Hondakin arriskugabeen zabortegiaren ustiapenean zehar eta hura itxi ondoren parametro meteorologikoak kontrolatzeko oinarrizko proiektuan jasotako proposamenari jarraikiz, Bérriz Recycling Company SLk erregistro automatikoko plubiometro bat izango du biltegiko instalazioen esparruaren barruan, bai eta Euskal Meteorologia Agentziaren Banderas eta Munoako estazio meteorologiko automatikoen datuak ere.
Erregistro automatikoko euri-neurgailuan prezipitazioa kontrolatuko da, eta estazio meteorologiko automatikoan tenperatura, haizearen indarra eta norabidea, hezetasuna, presioa eta eguzki-erradiazioa.
Datu meteorologiko guztiak 10 minutuz behin pilatutako neurri-erregistroan hartuko dira, eta sintesi zerrenda bat islatuko da, eguneko batezbestekoarekin.
Lurruntzea lisimetrotan lortuko da, edo tokiko datu meteorologikoen bidez kalkulatuko da.
K.2.5.– Zabortegiaren balantze hidrikoa.
Urtero, kanpoko erakunde batek zabortegiaren balantze hidrikoa egin beharko du, eta, horretarako, erregistratutako lixibiatu isurien datuak, Banderas eta Munoako estazio meteorologikoetan erregistratutako datu meteorologikoak eta zabortegiaren azaleran izandako aldaketen plano topografikoak (zigilatutako eremuak, isurketa-eremuak, etab.) erabiliko dira.
Itxi ondorengo aldiko lehen balantzeak zabortegiaren portaera hidrodinamikoaren analisia barne izango du, erregistratutako emariaren eta eroankortasun elektrikoaren datuetatik eta itxi aurreko eta ondorengo balantze hidrikoaren alderaketatik abiatuta.
Aipatutako balantzea dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaio.
Balantze hidrikoa egiteko, ingurumen-organoak ezarritako jarraibide teknikoak jarraitu beharko dira.
K.2.6.– Tresneriaren kontrola.
Urtean behin, tresneriaren kontrolean espezializatutako enpresa batek txosten bat egingo du zuzenketa-neurrien funtzionamenduari eta prozesuen eta inguruneko kalitatea kontrolatzeko sistemen funtzionamenduari buruz.
Aipatutako txostena dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaio.
K.2.7.– Jardueraren adierazleak.
Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduari buruzko parametro adierazle hauen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eraginari dagokionez:
(Ikus .PDF)
Adierazle horiek urtero kalkulatu eta kontrolatuko dira, eta ingurumena zaintzeko dagokion urteko programarekin batera aurkeztu beharko dituzte.
K.2.8.– Ingurumeneko finantza-bermearen kontrola, ingurumena zaintzeko programaren –IZParen– barnean.
Bérriz Recycling Company SL enpresak bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera, finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, bat etorriz 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin (2090/2008 Errege Dekretuaren bidez, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartu zen). Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan adierazitako salbuespenei jarraikiz jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita badago, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari; adierazpen horretan, IV.2 eranskinean adierazitako informazioa jasoko da gutxienez.
IZParekin batera, honako dokumentu hauek bidali beharko dira, programa aurkezteko prozedura telematikoan gaitutako dokumentu-ereduak erabilita:
– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen ingurumen-aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da urtean behin.
Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b) artikulua, erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da urtero; ziurtagiri horrek egiaztatu behar du erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar duela Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemara.
– Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eguneratuko du egoki irizten badu, eta, betiere, funtsezko aldaketak gertatzen direnean jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak kasuan kasuko MARMA prozedurako dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.
K.3.– Emaitzak igortzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:
https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/
Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.
Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko da berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, gertatutakoaren berri izan ondoren; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus eta inspeccionambiental@euskadi.eus.
Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.
Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 31 baino lehen betiere, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gorabehera nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik hala egin ez bada.
Gainera, txosten horretan baimenaren kondizioak betetzen direla eta hondakinek zabortegietan duten portaeraren ezagutza hobetzen dela frogatuko da, datu erantsietan oinarrituta.
Halaber, hondakinak zabortegian uzteagatik urte horretan kobratuko diren prezioak ere jasoko dira txosten horretan, hondakin moten edo multzoen arabera banakatuta.
Urtero aurkeztu behar dira hauek:
a) Bukatutako urteari dagokion balantze ekonomikoa, kontzeptuak xehatuz, bereziki aurreikusi gabeak.
b) C apartatuan aipatutako finantza-azterketaren eguneratzea. Bertan, diru-sarrerak, aurreikusitako obren gastuak, ustiaketa-gastuak, hala badagokio bermeen zenbatekoaren eguneratzea eta abar jaso beharko dira. Horrela, justifikatuta egon behar da diru-sarrerek zabortegiaren instalazioa, ustiapena, zigilatzea eta itxi ondorengo mantentze-lanetatik sortutako gastuak estaliko dituztela.
c) Emaitza ekonomikoen arabera, zabortegiaren instalazioa, ustiapena, zigilatzea eta itxi ondorengo mantentze-lanetatik sortutako gastuak finantzatzeko helburua zer neurritan bete den adieraziko da, eta negatiboa izanez gero, hartu behar diren neurriak.
Horri dagokionez, Hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak 9. artikuluan adierazten duen bezala, Bérriz Recycling Company SLk justifikatu egin beharko du zabortegian hondakinak deuseztatzeagatik kobratzen den prezioak gutxienez honako hauek estaliko dituela:
a) Ezarpena eta ustiapenak eragiten dituzten kostuak.
b) Aseguru edo finantza-berme baliokidea sinatzearen ondoriozko gastuak.
c) Itxieraren, mantentze-lanen eta itxi ondorengo kontrolaren kostuak, gutxienez 30 urtez.
d) Eratutako fidantzen kostuak.
e) Berotegi-efektuko gasen emisioarekin lotutako kostuak.
Puntu honetan adierazitako informazioa urtero bidaltzeaz gain, hiru urtean behin, zabortegia ustiatzen hasten den egunetik aurrera, ingurumena zaintzeko programen emaitzak batera ebaluatuko dira, eta aurreko hiru urteetan metatutako emaitzak aztertuko dira. Lehen txostenak ingurumen-alderdi guztietarako esku-hartze mailak ezarri beharko ditu, «Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak» jarraibidearen IV. apartatuan bildutako irizpideak kontuan hartuta.
Hiru urteko txostenek, gutxienez, lixibiatuak (bolumenak eta konposizio kimikoa), lurpeko urak (konposizio kimikoa), lurrazaleko urak eta atmosferarako emisioak eta immisioak zaintzeko sareen analisia jaso beharko dute.
Txosten horretan, ez-betetzeak eta esku-hartze mailak zehaztuko dira, aztertutako alderdi bakoitzerako. Ingurumen-alderdi bakoitzerako ez-betetzeen eta esku-hartze mailen definizioa aipatutako jarraibidearen IV. apartatuan adierazitakoa izango da.
Era berean, hurrengo urtean egin beharreko obren eta hondakinek bete beharreko eremuen aurreikuspena gehituko da, gutxi gorabeherako kotak eta urte horretan utzitako hondakinen batez besteko dentsitatea adieraziz.
K.4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokaleku xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.
Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
L) Prebentzio-neurriak eta ohiz kanpoko egoeretan funtzionatzeko kondizioak.
L.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko lanak eta mantentze-lanetarako programatutako lanak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurketen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.
Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak laugarren apartatuko G.5 azpiapartatuan ezarritakoaren arabera kudeatu beharko dira. «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak» jarraitu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.
L.2.– Jarduera etetea, itxi ondorengo aldia bukatutakoan.
Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (90.002 epigrafea, «Hondakinak tratatzeko jarduerak»), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena. Horrenbestez, Bérriz Recycling Company SLk jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
L.3.– Ezohiko jardunean aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta jarduketak.
Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:
a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko; batez ere, ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura saihesteko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntza-materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektoreen sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isurketak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsatzeko arriskua dakarren edozein egoera prebenitzeko.
Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak eta isurpenak, eta atmosfera nahiz urak kutsatzea prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Arazteko instalazioei garbiketa eta mantentze-lan egokiak egingo zaizkie errendimendu egokia ziurtatzeko, eta, aldizka, pilatutako solidoak eta lohiak kendu beharko dituzte.
Jardueran edo arazteko instalazioetan sortzen diren gainerako hondakinei dagokienez (erabateko hustuketa eta biltegietako garbiketa eta abar), indarreko legeriak dioen moduan tratatuko dira, haien izaeraren arabera.
Entitate titularrak beharrezko diren bitartekoak izango ditu nola arazteko instalazioak behar bezala ustiatzeko hala ustekabeko isurketak prebenitzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.
Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.
Ez dago baimenduta hondakin-ura bypass bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.
Programatutako mantentze-lanetan nahitaez bypass bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. Bypass horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita –apartatu honetako h) letran adierazitakoari jarraituz–.
Tentsio elektrikoan ebaketa bat hautematen bada lixibiatuak ponpatzeko ekipamendu elektromekanikoek eta tratamendu-instalazioak behar bezala funtzionatzea eragozten duena, Bérriz Recycling Company SLren jabetzakoa den ekipo elektrogeno bat jarriko da instalazioen ondoan, horiei guztiei korrontea ematearren.
Emergentziazko egoeraren batean, ezbeharrez nahiz maneiu oker batez debekatutako isurketak egingo balira sarera, Bérriz Recycling Company SLk gertatu dena berehala jakinarazi beharko dio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, sor litezkeen kalteak ekidin edo murriztu ahal izateko.
Araztegiko isurketaren parametro kutsatzaileen mailari eragiten dioten edo eragin diezaioketen istripu- eta/edo larrialdi-egoeretan, lixibiatuen isurketetarako ingurumen-larrialdietarako planaren arabera jokatuko da.
b) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta, bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.
c) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.
d) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estaliak edo itxiak edo silo itxiak erabili beharko dira.
e) Zabortegia prestatuta egongo da instalazioan sortutako zikinkeria bide publikoan eta inguruko lurretan barreia ez dadin.
f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratu egingo dira, horiek ingurunean sakabanatzeko aukerarik ematen ez duen moduan.
g) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazteko instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.
h) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
i) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak; eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.
j) Bérriz Recycling Company SLk berehala jakinaraziko die ingurumen-organoari eta Bilboko Udalari kontrol- eta zaintza-prozeduretan agerian jarritako eragin negatibo nabarmen oro eta, halaber, ingurumen-organoak hartu beharreko zuzenketa-neurrien izaerari eta egutegiari buruz hartutako erabakia bete beharko du.
k) Gorabeheraren bat gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren inguruan kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertakariren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertakari horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzenketa- edo euste-neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bitartez: ippc@euskadi.eus eta inspeccionambiental@euskadi.eus. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
– Gorabehera mota.
– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).
– Berehala aplikatutako zuzenketa- edo euste-neurriak.
– Sortutako ondorioak.
– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.
Gorabehera edo ezohiko gertakari larriren bat edo istripuzko isurketa edo emisioren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Bilboko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, gutxienez datu hauek agertuko dira:
– Gorabehera mota.
– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
– Gorabeheraren iraupena.
– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria eta isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.
– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.
– Eragindako kalteen zenbatespena.
– Hartutako zuzenketa-neurriak.
– Ezohiko gertaera berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilaren eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.
l) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta litezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.
m) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.
M) Instalazioa aldatzea.
Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
Instalazioetan egiten diren aldaketa guztien berri eman behar da, osorik beteta helbide elektroniko honetan ageri den formularioa:
Organo honen onespena ere eskatu beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoa betetzeko.
Industriako Isurketen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.
Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.
Baldin eta aldaketak lurzoru gehigarria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, okupatu nahi den lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.
N) E-PRTR komunikazioa.
Urtean behin, martxoaren azken eguna baino lehenago, Bérriz Recycling Company SLk aurreko urtean atmosferara egindako emisioei eta uretara egindako isurtzeei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Isurtzeen eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta ingurumena zaintzeko programari jarraikiz.
Informazio hori bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.
Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.
Bosgarrena.– Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:
a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.
b) Isurtzeak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.
c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili behar badira.
d) Instalazioari aplikatu behar zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.
e) Aplikatu beharreko araudi berria jartzen bada indarrean.
f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.
h) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.
Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.
Seigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:
– Bérriz Recycling Company SL enpresaren nortasun juridikoa iraungitzea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.
– Ebazpen honetako zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren apartatuetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epearen barruan, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.
Zazpigarrena.– Bérriz Recycling Company SLri errekerimendua egitea, 2023ko urriaren 16an egindako errekerimenduan emandako epean alternatiben azterketa eta eskatutako arriskuen analisia aurkez ditzan.
Zortzigarrena.– Bérriz Recycling Company SLri eskatzea, zabortegia eta EEHen instalazioa eraikitzeko obrak hasi aurretik, honako alderdi hauei erantzuteko:
– Lan egitaraua.
– Jardunbide egokien eskuliburua.
– Behin betiko proiektuaren zuinketa.
– Lurren balantzea eta aurreikusitako helmuga.
– Lurrazaleko uren, lurpeko uren, immisioaren eta zarataren aurretiazko kalitate-kontrolen emaitzak (eragiketa aurreko analisia).
– Obrek dirauten bitartean egin behar den ingurumena zaintzeko programa.
– Administrazioarekiko harremanen arduraduna izendatzea.
– Obra-zuzendaritza izendatzea.
– Zabortegia iragazgaizteko geosintetikoen instalazioaren kalitate-bermearen kontrolaz arduratuko den enpresa izendatzea.
– Iragazgaizteko berariazko proiektua eta obrak gauzatzeko epeak.
Bederatzigarrena.– Bérriz Recycling Company SLri errekerimendua egitea, EEHak balorizatzeko eragiketak hasi aurretik, honako alderdi hauei erantzun diezaien:
– EEHen instalazioaren as built proiektua.
– EEHen instalaziorako fidantza-proposamena (betiere hamargarren apartatuan adierazitako fidantza aurkeztu ez bada).
– Erantzukizun zibileko asegurua, laugarren apartatuaren B letran ezartzen denarekin bat etorriz.
– Prozesuko urak biltzeko eta kontrolatzeko proposamena, G.4 apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko (betiere araztegia eraiki ez bada).
Hamargarrena.– Bérriz Recycling Company SLri eskatzea, ontzia eraikitzen amaitu ondoren eta isurketa-jarduera hasi aurretik, honako alderdi hauei erantzuteko:
– As built proiektua.
– Obra-amaierako ziurtagiria eta txostena, eskumena duen teknikariak emana.
– Lixibiatuen putzuetako geosintetikoen instalazioaren kalitate-bermearen kontrol-ziurtagiria.
– Ustiapen-plan eguneratua.
– Iragazgaizte efektiboaren maila egiaztatzea, metodo egokien bidez.
– Hileko obra-txostenak, obraren amaierako txostena eta aparteko txostenak.
– Erantzukizun zibileko asegurua, laugarren apartatuaren B letran ezartzen denarekin bat etorriz (lehenago aurkeztu ez bada).
– Fidantza, laugarren apartatuaren C letran ezarritakoaren arabera.
– Finantza-azterketa, laugarren apartatuaren D letran ezarritakoari jarraikiz.
– Ingurumeneko finantza-bermea, laugarren apartatuaren K.2.8. puntuan ezarritakoaren arabera.
– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina, ustiapen-fasean eta itxi ondorengo jarraipenaren fasean.
– Lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta oneratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatuak prestatutako lurzoruen dokumentu bakarra, honako hauek barne hartzen dituena: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipena kontrolatzeko proposamena.
– Kontrol topografikoaren eta inklinometroen proposamena.
– Lixibiatuen putzuak mantentzeko programa (garbiketa-maiztasuna eta ihesak kontrolatzea barne).
– Eremuaren eredu hidrogeologiko kontzeptuala, lurpeko uren kalitatea zaintzeko sarearen proposamena, kontrol-piezometroen behin betiko kokapena eta esku-hartzearen maila, tokiko berariazko eraketa hidrologikoak eta lurpeko uren kalitatea kontuan hartuta, ebazpen honen laugarren apartatuaren K.2.1 azpiapartatuan adierazten den bezala.
– Gehieneko maila freatiko onargarriaren proposamena, laugarren apartatuko K2.1 puntuan adierazitakoaren arabera.
– Kontrol-puntuen koordenatuak (urak eta immisioa).
– Egonkortasun-baldintzak bete izanaren justifikazioa, laugarren apartatuaren G.3. puntuan zehaztutakoari jarraikiz.
Hamaikagarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluaren arabera, hondakin arriskugabeetarako hondakindegi-jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Bérriz Recycling Company SLk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan. Horretarako, baimenaren eskuratzaile berriak baimen honen baldintza guztiak bere gain hartzen dituela egiaztatu beharko du.
Hamabigarrena.– Baimen hau eraginkorra izan dadin, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honen zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren apartatuetan adierazitako betekizunetan ezarritako baldintzak betetzen direla.
Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aurrez aipaturiko ikuskapenaren aurretik, sustatzaileak as built proiektua eta teknikari eskudunak alderdi horiek bete direla adieraziz emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.
Instalazioa ezin izango da martxan jarri bisita hori egin arte.
Hamahirugarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina), eta lege horren 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Hamalaugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bérriz Recycling Company SL enpresari, Bilboko Udalari, Sondikako Udalari, Erandioko Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Hamabosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Hamaseigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 23a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
AITOR ALDASORO ITURBE.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ALEGAZIOEN AZTERKETA
Bérriz Recycling Company SL enpresak Bilbon sustatutako jarduerarentzako ingurumen-baimen bateratua izapidetzerakoan egindako entzunaldian hainbat alegazio-idatzi jaso dira. Horiek hemen jaso dira modu laburtuan, ingurumen-organoak alegazioen inguruan egindako gogoetekin batera.
1.– Alegazioa: Informazio eta gardentasun falta.
Artxandako zabortegi zaharraren erremediatze-beharrak justifikatzen du proiektua, baina ez da planteatu ingurumen-inpaktuaren azterketarekin IBBrik egin behar denik zabortegi zaharreko obretarako, eta ez da informaziorik eman bi proiektuen arteko erlazioari buruz. Eztabaida bat egitea eskatu dute, konponbideak eta alternatibak adosteko.
Erantzuna:
Ingurumen-baimen bateratuaren eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura hori eskaera bat dela-eta izapidetu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 13ko 21/2013 Legean xedatutakoa betez.
Instalazioa, zeinaren baimena eskatu baita, aipatutako arauen aplikazio-eremuaren barruan dago, hondakinak kudeatzeko zentro bat baita, zabortegi bat barne, ebazpen honen bigarren eta hirugarren apartatuetan adierazten den bezala.
Instalazio horretan ebazpen honen eranskinean jasotako hondakinak utzi ahal izango dira.
Beraz, argitu behar da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren eta ingurumen-baimen bateratuaren prozedura honen xede den instalazioa ez dagoela kontrolik gabeko hondakindegi zaharrari dagokion lekuan, eta organo honetan dagoen informazioan ez dela aurreikusten kokaleku horretan ingurumena erremediatzetik haratago dagoen inolako jarduerarik garatuko edo sustatuko denik.
Sustatzaileak eskabidearekin batera aurkeztutako memorian, eta zehazkiago, «1. Sarrera, aurrekariak eta proiektuaren xedea» apartatuan azaltzen den legez, instalazioak Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean identifikatutako hondakinak deuseztatzeko beharrei erantzuten die, baita alboko hondakindegi zaharrari –lehen identifikatu dugunari– lotutako premiei ere.
Ingurumen-organoak finkatuko du hondakindegi zahar horri dagokionez zer jarduketa egin, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa betez izapidetzen ari den lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozeduren esparruan. Ingurumena erremediatzeko jarduketek ingurumen-araudiaren xedapenen arabera dagozkion prozedurak bete beharko dituzte, ezin bestela izan.
Nolanahi ere, azken jarduketa horietatik lurrak edo ebazpen honen eranskinean egon litezkeen bestelako hondakinak eratortzen badira, baimendutako instalazio berrira bideratu ahal izango dira.
Ildo horretan, ebazpen honen G.2. apartatuan (Zabortegian hondakinak jaso eta ikuskatzeko baldintzak eta kontrolak), honako hau jasotzen da:
«Bérriz Recycling Company SLk ebazpen honen bidez baimentzen den instalazioan onartu beharko ditu kokalekuaren mugakide den hondakindegi zaharrean egin beharreko berreskuratze-lanetatik eratorritako hondakinak, betiere ingurumen-organoak uste badu hondakin arriskugabeak zabortegietan utzita ezabatzeko eragiketa baten bidez kudea daitezkeela hondakinak. Baimendutako instalazioaren eremuaren barruan lekua gorde beharko da hondakindegi zaharretik datozen materialek zabortegi horretan onartzea ahalbidetzen duten kutsatzaileen kontzentrazioak izatea posible egiten duten tratamendu-eragiketak gauzatu ahal izateko».
2.– Alegazioa: Prozeduran administrazio-agiririk ez izatea.
Azpimarratu da jendaurrean jarri direla proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, baina ez dela sartu aurretiazko kontsultei buruzko informazioa eta hirigintza-bateragarritasunari buruzko informazioa.
Erantzuna:
Jendaurrean jarritako dokumentazioan sustatzaileak Bilboko Udalari egindako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txosten-eskaera sartu da.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 15. artikuluak honako hau ezartzen du:
«15. artikulua.– Udalaren hirigintza-txostena.
1.– Interesdunak aurrez eskaera eginda, instalazioa kokatuta dagoen udalerriko udalak 12.1.b) artikuluan aipatzen den txostena bidali beharko du gehienez ere hogeita hamar eguneko epean. Hori egin ezean, txosten horren ordez, hura eskatu izanaren kopia aurkeztuko da.
2.– Edonola ere, artikulu honetan araututako hirigintza-txostena ezezkoa bada –eta, noiznahi egiten dela ere, ingurumen-baimen bateratua eman aurretik jasotzen bada autonomia-erkidegoan–, ingurumen-baimen bateratua emateko organo eskudunak prozedura amaitzeko ebazpen arrazoitua emango du eta jarduketak artxibatu egingo ditu».
Hortaz, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudiak ez du nahitaezkotzat jotzen hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena eskura izatea eskaera izapidetzeko.
Dena den, ebazpen honen aurrekarien apartatuan zehazten den bezala, espedientean jasota dago Bilboko Udalaren Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen Arloak egindako txostena, non adierazten den eskabideko jarduera bateragarria dela Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin.
Aurretiazko kontsulten haritik, esan behar da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 13ko 21/2013 Legearen 34. artikuluak honako hau xedatzen duela: «Ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazio-prozedura hasi aurretik, sustatzaileak ingurumen-organoari eskatu ahal izango dio ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-agiria egiteko. Irismen-agiria egiteko epea gehienez ere bi hilabetekoa izango da, irismen-agiriaren eskaera jasotako egunetik kontatzen hasita».
Aurrekotik ondorioztatzen da ingurumen-ebaluazioaren arloko aurretiazko kontsulten izapidea ez dela nahitaezkoa sustatzailearentzat, eta, orduan, espediente honetan ez da eskatu.
3.– Alegazioa: Proiektuaren justifikazioa, zabortegi zaharraren erremediatzearen eta zabortegi berriaren eraikuntzaren arteko erlazioaren zehaztugabetasuna.
Zabortegi berri horren beharra justifikatzeko, oinarri gisa hartu da zabortegi zaharraren erremediatzeari ekin ahal izateko alternatibarik egokiena dela. Hala ere, ez dakigu zehazki zenbat hondakin dagoen eta zer osaera duten, eta, gainera, zabortegi berria diseinatzean EAEko beste hondakin batzuk onartzeko aukera hartu da kontuan. Haien ustez, beharrezkoa izango litzateke ingurumen-inpaktuaren proiektu bat eta azterketa bat egitea, bai eta zabortegi zaharra ixteko eta bertako ingurumena lehengoratzeko baldintzak zehaztea ere, eremuaren lurralde- eta sektore-plangintza kontuan hartuta.
Erantzuna:
Baimenaren bigarren apartatuak hau dio:
«Orain arte egin ahal izan diren zundaketen arabera, beharrezkoa da kutsatutako lurrak mihitik kentzea eta zabortegi zaharra egonkortzea; hori egiteko, inguruan ezponda berrezarriko da, eta plataforma burugabetuko. Horretarako, zabortegi zaharrean mobilizatu beharreko lurren gutxieneko bolumen bat kenduko dela kalkulatu da, 460.000 m3 eta 810.000 m3 artekoa. Zona batzuk ezin izan dira karakterizatu, ezin izan baita horietara iritsi lurra zundatzeko behar den makineriarekin. Zabortegi zaharreko hondakinen kudeaketa lehenetsiko da beste jatorri bateko hondakinen gainetik, betiere hondakin arriskugabeen onarpen-irizpideak betetzen badituzte».
Halaber, G.2 apartatu honako hau aipatzen da:
«Bérriz Recycling Company SLk ebazpen honen bidez baimentzen den instalazioan onartu beharko ditu kokalekuaren mugakide den hondakindegi zaharrean egin beharreko berreskuratze-lanetatik eratorritako hondakinak, betiere ingurumen-organoak uste badu hondakin arriskugabeak zabortegietan utzita ezabatzeko eragiketa baten bidez kudea daitezkeela hondakinak. Baimendutako instalazioaren eremuaren barruan lekua gorde beharko da hondakindegi zaharretik datozen materialek zabortegi horretan onartzea ahalbidetzen duten kutsatzaileen kontzentrazioak izatea posible egiten duten tratamendu-eragiketak gauzatu ahal izateko».
Horrekin guztiarekin, ezin da esan proiektua justifikatuta ez dagoenik edo zabortegi zaharraren erremediatzearen eta zabortegi berriaren eraikuntzaren artean definizio eza dagoenik.
4.– Alegazioa: Ingurumen-inpaktuaren azterketako alternatiben balorazioa.
IIAn aurkezten diren alternatiben arabera, proiektua justifikatzen duen jarduera zabortegi zaharraren erremediatzea da, egungo errealitatea alde batera utzita. Haien ustez, alternatibarik bideragarriena proiektuan aurkeztutako 2. alternatiba litzateke, hau da, zabortegi zaharra egonkortu eta zigilatzeko eta ondoriozko hondakinak behar bezala kudeatzeko beharrezko den indusketa selektiboa. Proposatutako alternatibak lurzoru kutsatu bat partzialki erremediatzea eta alboan beste lurzoru kutsatu bat sortzea dakar, eta, gainera, EAEko hainbat tokitatik datozen hondakinak utziko dira bertan.
Erantzuna:
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren 6.5 apartatuak alternatiben inpaktu orokorra puntuatzen du, eta, hala bada, 3. alternatiba (zentroa eraikitzea) jotzen da egokiena ingurumenaren ikuspegitik. Horri dagokionez, alegazioak ez du argudiorik ematen egindako balorazioa birplanteatzeko.
Proposatzen den alternatibak lurzoru kutsatu bat partzialki erremediatzea eta alboan beste lurzoru kutsatu bat sortzea dakarrela aipatzen da, kontrolik gabeko hondakindegi zaharraren eta proiektatutako isuri-ontziaren ingurumen-eragina parekatuta. Horren harira, aipatu behar da baimen honen bidez zabortegi berriak egiteko araudian jasotako ingurumen-baldintzak ezartzen direla, ingurumen-eragin ahalik eta txikiena izan dezan, eta inola ere ezin dela parekatu lehengo hondakindegiak ingurumenean eragin dituen ondorioekin. Adibidez, zentro berriak oinarri iragazgaitza izango du lixibiatuak lurrera eta lurpeko uretara iragaztea saihesteko; kontrolik gabeko hondakindegiak ez du halakorik.
5.– Alegazioa: Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean sartuta ez dagoen azpiegitura.
Indarrean dagoen hondakinak kudeatzeko planak, 2021ean onartuak, ez du aurreikusten zabortegi berriak irekitzea, eta, beraz, eskatutako instalazioa legez kanpokoa da, ezin baita justifikatu haren instalazioa, Hondakinak hondakindegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 11. artikuluan adierazten den legez.
Erantzuna:
«Hondakin-uzteak minimizatzeko eta 2024rako instalazioen autosufizientzia bermatzeko ibilbide-orria» 2022ko azaroaren 16an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Plana garatuz, eta Artxandako zabortegia identifikatzen du hondakinen hartzaile potentzialen artean.
6.– Alegazioa: Zabortegiaren edukiera eta hondakinen jatorria.
Adierazten da ez direla zehazten zabortegi zaharretik datozen kopuruak eta beste leku eta jarduera batzuetatik datozenak. Eusko Jaurlaritzak 2022ko azaroan igorritako «ibilbide-orria» kontuan hartuz gero, non aurreikusten baita Artxandako zabortegiak 1,2 Mt jasotzea, ondorioztatzen da zabortegi horrek EAEn 2024-2030 aldian sortutako hondakinen erdia baino gehiago jasoko duela, hau da, 2,32 Mt. Horri zabortegi zaharreko hondakinak gehitu beharko litzaizkioke.
Erantzuna:
Nolanahi ere, gogorarazi behar da ematen den baimenean honako baldintza hau sartu dela:
«Bérriz Recycling Company SLk ebazpen honen bidez baimentzen den instalazioan onartu beharko ditu kokalekuaren mugakide den hondakindegi zaharrean egin beharreko berreskuratze-lanetatik eratorritako hondakinak, betiere ingurumen-organoak uste badu hondakin arriskugabeak zabortegietan utzita ezabatzeko eragiketa baten bidez kudea daitezkeela hondakinak. Baimendutako instalazioaren eremuaren barruan lekua gorde beharko da hondakindegi zaharretik datozen materialek zabortegi horretan onartzea ahalbidetzen duten kutsatzaileen kontzentrazioak izatea posible egiten duten tratamendu-eragiketak gauzatu ahal izateko».
Bestalde, zabortegi horrek 2024-2030 aldian EAEn sortutako hondakinen erdiak baino gehiago jasoko dituela dioen alegazioaren ondorioa ez da egia, eta hori egiaztagarria da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen aipatutako ibilbide-orrian argitaratutako informazioa ikusita:
7.– Alegazioa: Kanpoko, zabortegi zaharreko eta EEHak balorizatzeko instalazioaren tipologia, bolumena eta hondakinak.
Eskatutako EHZ kodeak hondakin arriskugabeenak izan arren, ez dira hondakin geldoak; hala, gerta daiteke hondakinaren lixibiazioa kutsadura-iturri berri bat izatea, eta Sondikako hondakin-urak banatzeko kanaletara igarotzea. Gainera, ez dakigu zer bolumen eta osaera duten zabortegi zaharreko hondakinek, eta, beraz, ezin da zehatz-mehatz ebaluatu zer ingurumen-inpaktu izango duten.
Era berean, zabortegi zaharrean HCH hondakinak daudela jasotzen da, eta beharrezkoa da jakitea zer beste kutsatzaile dauden, erauzi eta zabortegi berrian utziko diren hondakinen kopurua eta osaera zehatz-mehatz ezagutzeko.
Gainera, zabortegian zuntz-zementuaren hondakinak eta amiantoa duten beste material batzuk jasotzea proposatzen da, eta ez da zehazten gelaxka espezifikoen kokapena eta edukiera.
Halaber, EEHen instalazio bat eraikitzeko baimena eskatzen da, zabortegi zaharreko plataforma eta ezpondak egonkortzeko agregakin balorizatua erabiltzeko.
Erantzuna:
Hondakin arriskugabeak kudeatzeko instalazio berri bat dela errepikatu behar da. Instalazio horretan, kutsaduraren eta zabortegien prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian adierazitako ingurumen-neurri guztiak hartuko dira, eta, beraz, sustatzaileak ezinbestean iragazgaiztu behar da isuri-ontzia, zabortegi berriak ingurumenean izan dezakeen eragina murrizteko.
Nolanahi ere, azpimarratu behar denez, hondakinen lixibiazioaren ondoriozko eraginen bat sortzen bada eta hori Sondikako hondakin-uren banaketa-kanaletara iristen bada, horrek esan nahi du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sarera bideratzen direla, eta sare horrek efluenteak Galindoko araztegira bideratzen dituela, eta han tratamendua jasotzen dutela, edozein ingurumen-arrisku saihestuz.
Adierazi den bezala, kontrolik gabeko hondakindegi zaharretik datozen hondakinak eramango dira bertara, soilik ebazpen honen I. eranskinean jasotako hondakinak direnean eta ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozeduraren barruan horretarako baimena ematen duenean.
Bestalde, zabortegian onartutako hondakinen EHZ kodeen zerrendak ez du amiantoa duen hondakinik jasotzen, eta, horrenbestez, horrelako hondakinak ezingo dira zabortegian onartu.
Kontrolik gabeko hondakindegi zaharrean HCH duten hondakinak egoteari dagokionez, berriz esan behar da instalazio berrian kokaleku horretatik datozen hondakinak utziko direla, soilik baimen honetan jasotako hondakinak onartzeko baldintzak betetzen badituzte, bai eta ingurumen-organoarenak ere, lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozeduraren barruan. Zehazki, baimenak honako hau dio:
«Orain arte egin ahal izan diren zundaketen arabera, beharrezkoa da kutsatutako lurrak mihitik kentzea eta zabortegi zaharra egonkortzea; hori egiteko, inguruan ezponda berrezarriko da, eta plataforma burugabetuko. Horretarako, zabortegi zaharrean mobilizatu beharreko lurren gutxieneko bolumen bat kenduko dela kalkulatu da, 460.000 m3 eta 810.000 m3 artekoa. Zona batzuk ezin izan dira karakterizatu, ezin izan baita horietara iritsi lurra zundatzeko behar den makineriarekin. Zabortegi zaharreko hondakinen kudeaketa lehenetsiko da beste jatorri bateko hondakinen gainetik, betiere hondakin arriskugabeen onarpen-irizpideak betetzen badituzte».
«Bérriz Recycling Company SLk ebazpen honen bidez baimentzen den instalazioan onartu beharko ditu kokalekuaren mugakide den hondakindegi zaharrean egin beharreko berreskuratze-lanetatik eratorritako hondakinak, betiere ingurumen-organoak uste badu hondakin arriskugabeak zabortegietan utzita ezabatzeko eragiketa baten bidez kudea daitezkeela hondakinak. Baimendutako instalazioaren eremuaren barruan lekua gorde beharko da hondakindegi zaharretik datozen materialek zabortegi horretan onartzea ahalbidetzen duten kutsatzaileen kontzentrazioak izatea posible egiten duten tratamendu-eragiketak gauzatu ahal izateko».
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazio bat ezartzea onartzeari dagokionez, azpimarratu behar da, hondakinen hierarkiaren arabera, balorizazioa gailentzen dela deuseztatzearen gainetik, eta autonomia-erkidegoaren esparruan, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizagarritzat jotzen direla eta ezin direla zabortegi baten bidez kudeatu.
Orobat, nabarmendu behar da ingurumen-organoak bigarren mailako materialak erabiltzea sustatzen duela ingurumen-politikaren helburu nagusietako bat gisa; izan ere, ekonomia zirkularraren ardatzetako bat da. Orduan, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko jardueratik lortutako agregakin sekundarioa hondakindegi zaharra egonkortzeko eta berreskuratzeko lanetan erabil badaiteke, lan horietan lehengaia erabiltzea saihesten da.
8.– Alegazioa: Analisi ekonomikoa, ingurumen-erantzukizuneko asegurua eta abala.
Ez da aurkeztu 646/2020 Errege Dekretuak eskatutako kostuen azterketa; dokumentazioan ere ez da ageri finantza-bermearen zenbatekoa zehazten duen ingurumen-arriskuen azterketa, eta ez da dagokion abala jarri. Era berean, aurkeztutako dokumentuan hondoa iragazgaiztearen kostua baino ez da jasotzen, eta ez dira sartzen ixtearen eta zigilatzearen kostuak; beraz, ingurumen-organoak ez ditu datu guztiak fidantzaren eta finantza-bermearen zenbatekoa ezarri ahal izateko.
Erantzuna:
Jendaurrean jarritako agirien artean, ingurumen-arriskuen azterketa dago, zeinak finantza-bermearen zenbateko osoa zehazten duen. Orobat, aurkeztutako finantza-azterketan zigilatzearen eta itxi ondorengo mantentze-lanen kostuak eta abalaren proposamena jasotzen dira.
9.– Alegazioa: Egonkortasun-azterketa.
Adierazi da aurkeztutako egonkortasun-azterketan hondakinarentzat aintzat hartutako parametro geoteknikoak ez direla zuzenak, eta metodologia desegokia erabili dela segurtasun-faktoreak kalkulatzeko.
Erantzuna:
Lehenik eta behin, esan behar da gaur egun araudian ez dagoela egonkortasun-kalkuluetarako erreferentzia gisa hartzeko metodologia bakar bat.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak «Zabortegiak kokatzeko, diseinatzeko eta zaintzeko irizpideak ezartzeko gomendioak» izeneko zirriborro bat argitaratu zuen 2023ko apirilean. Argitalpen horretan, zabortegien egonkortasunari buruzko apartatu espezifiko bat jasotzen da III.3 apartatuan.
Aurkeztutako kalkuluan erabilitako parametroak eta metodologia zuzentzat jotzen dira, nahiz eta ebazpen honetan eskatu den azterketa aipatutako gomendioetara egokitzeko.
10.– Alegazioa: Ingurumen-inpaktuak ingurune fisikoan eta biztanlerian.
Inpaktuak identifikatzean, Bilboko udalerriaren gainekoak baino ez dira aipatu, alegia, ez dira aipatu inguruko gainerako udalerrien gainekoak (Erandio, Sondika...). Halaber, ez da behar bezala aurreikusten zer inpaktu izango duen ingurune hidrikoan, natura-ingurunean eta paisaian. Instalazioak sortuko duen trafikoaren bolumenaren eta motaren kalkulu zehatzik ere ez da egiten, eta aireportuko segurtasunaren gaineko arriskuak ere ez dira kontuan hartzen.
Erantzuna:
Identifikatutako inpaktuak instalazioak sortutakoak dira, edozein udalerritan gerta daitezkeela ere.
«Ez da behar bezala aurreikusten zer inpaktu izango duen ingurune hidrikoan, natura-ingurunean eta paisaian» esaldira etorrita, ingurumen-inpaktuaren azterketaren 6.2 puntuan inpaktuak identifikatu eta karakterizatu dira, eta, organo honen ustez, puntu horretan behar bezala identifikatu dira eragin posibleak; besteak beste, honako inpaktu hauek jasotzen ditu:
1.– Obra-fasean:
FC03 Uren kalitatea aldatzea, solidoak ur-ibilgu mugakideetara arrastatzeagatik.
FC05 Airearen kalitatea aldatzea, ibilgailuen trafikoagatik.
2.– Ustiapen-fasean:
FE01 Airearen kalitatea aldatzea.
FE08 Hondakinen masan gasak egotea eta atmosferara barreiatzea.
FE11 Fauna autoktonoaren lasaitasun-baldintzak aldatzea.
3.– Alternatiba bakoitzerako inpaktuen ezaugarriak:
FC12 Paisaia aldatzea.
FC13 Espezie exotiko inbaditzaileen kudeaketa.
FC14 Landaredia autoktonoari eragitea.
FC15 Fauna autoktonoaren lasaitasun-baldintzak aldatzea.
FC16 Paisaiaren aldaketa lineala.
FC17 Lurrazaleko hidrologiari eragitea.
FC18 Uretako ekosistemei lotutako faunari eragitea.
11.– Alegazioa: Artxandako metropoli-parkearen hirigintza-bateragarritasuna eta garapena.
Ez da aurkeztu hirigintza-bateragarritasunaren ziurtagiria, hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostenaren eskaera baino ez da aurkeztu. Era berean, proiektua eremuan dauden beste arazo eta inpaktu batzuekin batera baloratu behar da (beste zabortegi batzuk Santo Domingo, Sondika-Artxanda, Enekuri inguruan...).
Erantzuna:
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 15. artikuluak honako hau ezartzen du:
«15. artikulua.– Udalaren hirigintza-txostena.
1.– Interesdunak aurrez eskaera eginda, instalazioa kokatuta dagoen udalerriko udalak 12.1.b) artikuluan aipatzen den txostena bidali beharko du gehienez ere hogeita hamar eguneko epean. Hori egin ezean, txosten horren ordez, hura eskatu izanaren kopia aurkeztuko da.
2.– Edonola ere, artikulu honetan araututako hirigintza-txostena ezezkoa bada –eta, noiznahi egiten dela ere, ingurumen-baimen bateratua eman aurretik jasotzen bada autonomia-erkidegoan–, ingurumen-baimen bateratua emateko organo eskudunak prozedura amaitzeko ebazpen arrazoitua emango du eta jarduketak artxibatu egingo ditu».
Hortaz, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudiak ez du nahitaezkotzat jotzen hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena eskura izatea eskaera izapidetzeko.
Dena den, ebazpen honen aurrekarien apartatuan zehazten den bezala, espedientean jasota dago Bilboko Udalaren Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen Arloak sustatzaileari egindako txostena, non adierazten den eskabideko jarduera bateragarria dela Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak honela definitzen du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa: planek, programek eta proiektuek, horiek onartu edo baimendu aurretik, ingurumenean duten edo izan ditzaketen ondorio esanguratsuak aztertzen dituen prozesua. Eta honako faktore hauetan duten eragina aztertzen da: biztanleria, giza osasuna, flora, fauna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, lurra, lurzorua, zorupea, airea, ura, klima, klima-aldaketa, paisaia, ondasun materialak, kultura-ondarea barne, eta aipatutako faktore guztien arteko elkarreragina.
III. ERANSKINA
BÉRRIZ RECYCLING COMPANY SL ENPRESAK ENTZUNALDIAREN IZAPIDEAN EGINDAKO ALEGAZIOEN AZTERKETA
2023ko azaroaren 10ean, Bérriz Recycling Company SLk entzunaldi-izapidean bidali zioten ebazpen-proposamenari buruzko alegazio-idazkia aurkeztu zion ingurumen-organoari. Dokumentuan honako gai hauek jasotzen dira:
Bigarren apartatua, hondakindegi zaharraren erremediatze-lanei buruzkoa.
Ebazpen-proposamenaren zirriborroaren bigarren apartatuaren arabera, «baimen honen titularrak hondakindegi zaharraren erremediatze-lanak egin beharko ditu, eragiketa hori baimentzen duen administrazio-ebazpenak xedatutakoarekin bat etorriz».
Aztertu gabe ea Bérriz Recycling Company SLri dagokion hondakindegi zaharraren lehen mailako erremediatzea, enpresak, egungo egoeraren premia eta larritasuna ikusita –egonkortasuna oso koloka dago–, ustiapen-fasean bere gain hartzen du hura egonkortzeko behar diren lanak egitea; hala bada, inguruan ezponda berrezarri, plataforma burugabetu eta hondakin arriskugabeak isuri-ontzi berrira eramango ditu.
Lehen deskribatutako lanak amaitu ondoren, gainazala zigilatu egingo da, bai eta 30 urtez zaindu eta mantendu ere, eragiketa hori baimentzen duen administrazio-ebazpenak xedatutakoarekin bat etorriz.
Erantzuna:
Kutsaduraren erantzulea Bérriz Recycling Company SL ez dela kontuan hartuta, alegazioa onartu da eta ebazpenaren edukia aldatu da bigarren apartatuan. Horrela, sustatzaileak hondakindegi zaharra egonkortzeko eta berreskuratzeko beharrezkoak diren lanak egiteko konpromisoa hartu duela jaso da.
Seigarren apartatua, baimenak balioa galtzeko kausei buruzkoa.
Era berean, seigarren apartatuak honako hau dio: «Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:.... Hondakindegi zaharraren erremediatzeari buruzko bigarren apartatuan ezarritakoa ez betetzea».
Berez balioa galtzeko kausa baten aurrean ote gauden aztertu gabe, lehen azaldutakoa errepikatzen dugu.
Erantzuna:
Alegazioa onartu egin da, eta puntu hori kendu egin da seigarren apartatutik. Eta bigarren apartatuan sartu da hondakindegi zaharra borondatez erremediatzeko Bérriz Recycling Company SLren konpromisoa.
Bigarren apartatua, hondakindegi zaharreko hondakinen kudeaketa beste jatorriko bateko hondakinen gainetik lehenesteari buruzkoa.
Azkenik, bigarren apartatuan (8. or., 6. paragrafoa), halaber, honako hau jasotzen da: «Zabortegi zaharreko hondakinen kudeaketa lehenetsiko da beste jatorri bateko hondakinen gainetik, betiere hondakin arriskugabeen onarpen-irizpideak betetzen badituzte».
Hondakin arriskugabeak onartzeko irizpideak bete arren, zabortegi zaharretik datozen hondakinak jasotzeari lehentasuna emango zaio, betiere ustiapen-planarekin eta aurreikusitako lurren balantzearekin eta helmugarekin bateragarria bada. Aplikatzekoa den hondeaketa-araudia beteko da.
Erantzuna:
Alegazioa onartu da, eta esaldiari eutsi zaio, baina bigarren apartatuan zehaztu da hondakinen kudeaketa aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera egin beharko dela.
RSS