Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2024ko urtarrilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
149

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 23koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen eta berrikusten baita Unilever Foods Industrial España, SLUri Leioako udal-mugartean (Bizkaia) maionesak eta saltsak fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua.

EGITATEAK

1.– Ingurumen Sailburuordetzaren 2008ko maiatzaren 8ko hasierako Ebazpen bidez (AAI00241), ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Unilever Foods España, SA enpresari, Leioan (Bizkaia) duen margarinak, maionesak eta saltsak fabrikatzeko eta landare-olio eta koipeak fintzeko instalaziorako, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan.

2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko abuztuaren 6ko Ebazpenaren bidez, eraginkor bihurtu zen Unilever Foods Industrial España, SAri margarinak, maionesak eta saltsak fabrikatzeko eta landare-olioak eta koipeak fintzeko instalaziorako emandako ingurumen-baimen integratua, Leioako udal-mugartean (Bizkaia); halaber, 16–I-01-000000000241 baimen-zenbakia esleitu zitzaion baimen horri.

3.– 2011ko ekainaren 15ean, Unilever Foods Industrial España, SLUk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezko hau eskatu zuen: kogenerazio elektrikoko instalazio bat ezartzea. Organo honek aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen 2011ko uztailaren 4an.

4.– 2018ko martxoaren 28an, Unilever Foods Industrial España, SLUk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezko hau eskatu zuen: araztegia homogeneizatzeko tanga handitzea. Organo honek aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen 2018ko apirilaren 26an.

5.– Ingurumen Sailburuordetzaren 2018ko urriaren 16ko Ebazpen bidez, aldatu egin zen Unilever Foods Industrial España, SLUri emandako ingurumen-baimen integratua, erantsiz Serioplast Spain, SLU plastikozko ontziak puzteko eta eratzeko jardueraren titular gisa, eta aldaketa ez-funtsezkoak jo ziren itsasadarreko uraren bidez koipegabetzeko, hidrogenazio- eta hozte-prozesuak kentzea Unilever Foods Industrial España, SLUren eta Serioplast Spain, SLUren instalazioetan.

6.– 2019ko abenduaren 4an, 2019/2031 Betearazpen Erabakia (EB), Batzordearena, 2019ko azaroaren 12koa, argitaratu zen Europako Batzordearen Aldizkari Ofizialean, zeinaren bidez ezartzen baitziren elikagaien, edarien eta esnearen industrietako teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (C/2019/7989).

7.– 2021eko uztailaren 1ean, instalazioaren titularrak instalazio baimenduan aldaketa bat egiteko asmoa jakinarazi zion Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, eta aldaketa hori funtsezkoa ez zela ere bai. Horretarako, AAI00241_MNS_2021_001 dokumentazioa erantsi zuen, aldaketa hori funtsezkoa ez dela justifikatzeko.

8.– Organo honi jakinarazitako aldaketa da bost fokuren baja finketa-departamentuaren itxieragatik. 2, 4, 5, 6 eta 7-D fokuak dira.

9.– 2022ko urriaren 11n, instalazioaren titularrak instalazio baimenduan aldaketa bat egiteko asmoa jakinarazi zion Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, eta aldaketa hori funtsezkoa ez zela ere bai. Horretarako, AAI00241_MNS_2022_001 dokumentazioa erantsi zuen, aldaketa hori funtsezkoa ez dela justifikatzeko.

10.– Organo honi jakinarazitako aldaketa hauxe da:

– Disolbatzaile ez-halogenatuen 070604 eta 070704 EHZ kodeak erretiratzeko baimena ematea, IBIan 140603 EHZ kodeaz batzen direnak.

– Sortutako 160507, 200101, 200139, 150102 eta 200102 EHZ kodeen hondakinen kantitateak egokitzea.

11.– 2023ko martxoaren 6an, Unilever Foods Industrial España, SLUk bere baimenean aldaketa ez-funtsezko hau egiteko eskatu zuen: fatxadari etxola osagarriak jartzea. Organo honek aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen 2023ko martxoaren 30ean.

12.– 2023ko otsailaren 10ean, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Unilever Foods Industrial España, SLUri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

13.– 2023ko otsailaren 23an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Unilever Foods Industrial España, SLUk.

14.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2023ko martxoaren 31n kaleratutako iragarkiaren bidez, Unilever Foods Industrial España, SLUren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, eta, horrenbestez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2023ko apirilaren 5ean.

15.– Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

16.– 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko maiatzaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Bizkaiko Osasun Publikoaren Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Leioako Udalari.

17.– 2023ko ekainaren 5ean, 8an eta 15ean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak txostenak bidali dituzte eta emaitza espedientean jaso zen.

18.– 2023ko azaroaren 2an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Unilever Foods Industrial España, SLUren esku utzi zen espedientea.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.

4.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

5.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren bosgarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Ebazpen honetan, kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isuri edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko asmoz instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak zehazteko. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu honen edukia hartu da kontuan: Best Available Techniques (BAT) Reference Document for the Food, Drink and Milk Industries, 2019koa (Elikagaien, edarien eta esnearen industrietako teknologia erabilgarri onenak).

7.– Instalazioko isuri atmosferikoei eta zarataren sorrerari dagokienez, adierazi behar da IPPC Legeak 1. artikuluan ezartzen duela bere helburua atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea dela, edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori murriztu eta kontrolatzea, ingurumena ahalik eta gehien babesteko.

8.– Aipatutako IPPC Legearen 3. artikuluak honela definitzen ditu «teknika erabilgarri onenak»: oinarri jakin bat eratzeko teknika batzuen gaitasun praktikoa frogatzen duten jardueren eta ustiapen moten garapen faserik eraginkorrena eta aurreratuena; zehazki, isurtzeko muga-balioen oinarria eratzeko eta emisioak eta ingurumen osoan eta pertsonen osasunean emisioek duten eragina saihesteko edo –hori saihetsezina denean– murrizteko baimenaren beste baldintza batzuen oinarria eratzeko teknikak darabiltzaten jardueren eta ustiapen moten garapen faserik eraginkorrena eta aurreratuena.

9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikulua aplikatuko da, zeina izapideen kontzentrazioari buruzkoa baita: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

10.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Ebazpen hau emateko eskumena du, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako legeria, eta gai honetan aplikatu behar diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Funtsezkoak ez diren baina ingurumen-baimen integratua aldarazten duten aldaketatzat jotzea Unilever Foods Industrial España, SLUk Leioako udal-mugartean (Bizkaia) maionesak eta saltsak fabrikatzeko jarduerarako jakinarazitako aldaketa-proiektuak (AAI00241_MNS_2021_001 eta AAI00241_MNS_2022_001).

Bigarrena.– Berrikustea Unilever Foods Industrial España, SLUri emandako ingurumen-baimen integratua, maionesak eta saltsak fabrikatzeko jarduerarako Leioan, 2008ko maiatzaren 8ko Ebazpen bidez emandakoa, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakian azaltzen den baldintzetan.

Hirugarrena.– Aldatzea, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzetan, aipatu ingurumen-baimen integratuaren apartatu hauek:

– Lehena.

– Bigarrena.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Unilever Foods Industrial España, SLUri, Leioako Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

ERREKURTSOAK

Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 23an.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

ERANSKINA

Ingurumen-baimen integratua aldatu da Unilever Foods Industrial España, SLUren berrikusteko proiektura egokitzeko, Leioan maionesak eta saltsak fabrikatzeko jarduerarako, honela:

– Lehenengoa eta bigarrena.

«Lehena.– Ematea Unilever Foods Industrial España, SLUri (egoitza soziala: Felipe del Río kalea z.g., 48940 Leioa, Bizkaia; eta IFK: B-95514121) eta Serioplast Spain, SLUri (egoitza soziala: Albia eraikina, San Vicente kalea 8, 48001 Bilbao; eta IFK: B- 95680849) ingurumen-baimen integratua maionesak eta saltsak fabrikatzeko, plastikozko ontziak puzteko eta eratzeko jarduera barne, Leioako udal-mugartean, Ebazpen honetako bigarren apartatuan zehaztutako baldintzen arabera.

Serioplast Spain, SLUren erantzukizunak barne hartuko da kokatzen den pabiloian ontziak puztea eta eratzea. Unilever Foods Industrial España, SLUren erantzukizuna, ordea, esparruan gauzatzen den gainerako jarduera izango da. Bi enpresek 2018ko abuztuaren 10ean sinatutako hitzarmenari jarraikiz, Unilever Foods Industrial España, SLU arduratuko da, halaber, Serioplast Spain, SLUren hondakinak kudeatzeaz.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

9.1.b.II: «9. Nekazaritzako elikagaien industriak eta abeltzaintzako ustiategiak. 9.1 Honako hauetarako instalazioak: b) Elikagaiak edo pentsuak fabrikatzeko honako lehengai hauek tratatu eta transformatzea (ez bakarrik ontziratzea), aldez aurretik tratatuta edo tratatu gabe: ii) landare-lehengaiak, instalazioak egunean 300 tonatik gora produktu bukatu ekoizteko ahalmena badu; edo 600 tonatik gora, baldin instalazioak, edozein urtetan, ez badu segidan 90 egun baino gehiagoan funtzionatzen».

Instalazioa Leioako udal-mugarteko (Bizkaia) Felipe del Río kalean dago, Lamiakoko eremuan. Iparraldean Bilboko metroaren 1. linea dago; hegoaldean, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarra; ekialdean, Lamiako ibarra (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren hondakin-uren ponpatze-estazio berria dagoen tokia); eta mendebaldean, Faes Farma enpresa.

Orotara, 72.548 m2-ko azalera du. Horietatik, 40.000 m2 bulegoen eraikinak eta pabiloi nagusiak osatzen duten azalera estaliari dagozkio. Unilever Foods Industrial España, SLUren jarduera maionesak eta saltsak fabrikatzea da.

Unilever Foods Industrial España, SLUren ekoizte-ahalmena urtean 197.000 tonakoa da. Guztizko kontsumoak dira urtean 77.000 tona lehengai eta osagarri (batik bat, olioak, koipeak, arrautza eta osagai minoritarioak) eta 450.000 m3 ur, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren hornidura-sarekoa, industria-prozesuetarako, garbiketetarako, erabilera sanitariorako eta produktuari berari gehitzeko.

Urteko guztizko energia-kontsumoa 101.000 MWh-koa da: 17.000 elektrizitateari dagozkio, askotariko ekipoetarako eta makineriarako, argiztapenerako eta bulegoetarako; eta 84.000 gas naturalari, LOOS eta GEKA lurrun generazio-galdaretarako eta SIAT kogenerazio-galdaretarako. Steambloc larrialdi-galdarak gasolioa kontsumitzen du.

Enpresaren ekoizpen-linea honako hau da:

– Maionesaren linea: maionesen eta saltsen fabrikazioari lotua. Ekoizpen-etapa nagusi hauek ditu: fase urtsua prestatzea (osagaiak uretan disolbatzea, pasteurizatzea, hoztea eta iragaztea), arrautza biltegiratzea eta egonkortzea, iragaztea eta olio findua epeltzea, produktu emultsionatuak aurreemultsionatzea eta emultsionatzea, eta faseak produktu ez-emultsionatuetan nahastea, ontziratzea eta azken biltegiratzea.

Serioplast Spain, SLUk sestra gaineko solairurik gabeko nabe batean gauzatzen du jarduera, 1.250 m2-koa. Unilever Foods Industrial España, SLUren esparruan dago, eta handik dauka sarbide bakarra. Elektrizitatea eta ura Unileverrek ematen dizkio. Plastikozko aurreforma trinkotuak Serioplasten Italiako matrizetik inportatzen ditu. Leioan, erradiazio infragorri bidez berotu, aire konprimatuz aluminiozko moldeetan puztu eta, jarraian, urarekin hozten dira. Amaitutako ontziak uhal garraiatzaile batek saltsak ekoizteko Unileverren eremura eramaten ditu, han betetzeko.

Instalazioak elikagaien segurtasunaren arauen arabera funtzionatzen du, eta ez du atmosferarekiko emisio nabarmenik. Aire-konpresoreek ez dute oliorik erabiltzen. Isuriak Unileverren saneamendu-instalaziora egiten ditu, eta hondakin gehienak errefusaren (plastikozko ontziak) eta ontzien segmentukoak dira; nahiz eta aurreformen bilgarri gehienak berrerabili egiten dira Italia eta Leioa arteko zenbait bidaiatan (paletizatutako kartoi uhinduzko kaxak).

Unilever Foods Industrial España, SLUren instalazioetan gauzatzen den jarduerak emisio konfinatuak eragiten ditu errekuntzan (1, 3D eta 9 fokuak) eta hauts-materialak biltegiratzeko siloetan (10D fokua). Biltegiratze-siloek mahuka-iragazkiak dituzte partikula-emisioak atxikitzeko. Bestalde, jarduerak emisio lausoak eragiten ditu hauts-materialak baliatzean.

Prozesuko hondakin-urei tratamendu fisiko-kimikoa egiten zaie paraleloki bi araztegitan: Degremont (nagusia) eta Limburg (osagarria). Jarraian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sarera husten dira isurketa-puntu bakarraren bidez. Prozesuko urekin batera, puntu beretik instalazioan sortutako ur beltz gehienak, galdaren purgak eta erretxinak birsortzeko urak isurtzen dira. Adierazitako purgaketetako efluenteekin, isuri aurretik, prozesuko uren tratamendu-sistema berbera jarraitzen da. Gainerako ur beltzak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sarera husten dira beste bi isurtze-puntutatik.

Azkenik, instalazioko euri-urek ezin dutenez kutsadurarik arrastatu, Nerbioi-Ibaizabalen itsasadarrera bideratzen dira (isurketa-puntu bat) edo Gobela errekara (bi isurketa-puntu), aurretik tratamendurik egin gabe.

Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak datoz prozesu industrialetatik (plastikozko ontziak), hondakin-uren tratamendutik eta askotariko jardueretatik –hain zuzen, mantentze-lanak (olio ez-kloratuak), garbiketa (disolbatzaileak, xurgatzaileak), laborategia, zerbitzu medikoa edota bulegoa (ekipo elektrikoak eta elektronikoak)–. Horiek guztiak biltzen dira zerbitzu orokorrak izeneko prozesuan. Sortutako hondakin ez-arriskutsu nagusiak araztegiko lohiak eta plastikozko, paperezko eta kartoizko bilgarriak dira.

Instalazioak elikagai-, edari- eta esne-industrietatarako teknologia erabilgarri onenei buruzko (TEO) ondorioak zehazten dituen Europako Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031(EB) Exekuzio Erabakian adierazitakoa betetzeko behar diren baliabide teknikoak eta antolaketakoak ditu. Aipatutako ondorioetatik honako hauek aplikatu behar dira: 1TEO, 2TEO, 3TEO, 6TEO, 7TEO, 9TEO, 10TEO, 11TEO, 12TEO eta 14TEO.

Bigarrena.– Unilever Foods Industrial España, SLUk eta Serioplast Spain, SLUk Leioako udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako maionesak eta saltsak fabrikatzeko jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea:

A) Unilever Foods Industrial España, SLUk eta Serioplast Spain, SLUk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari Administrazioarekiko harremanez arduratuko diren goi-mailako tituludunei buruz emandako datuetan aldaketarik balego, horien berri emango dute.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Baldintza orokorrak.

B.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Unilever Foods Industrial España, SLUren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik iraganarazi ondoren, behar izanez gero.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira istripuz gertatutako emisioen probabilitatea txikitzeko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Proiektuan aipatzen diren atmosferako kutsaduraren inguruko neurriak beti beteko dira, bereziki hautsa ez aireratzeko neurriak, hala nola agregakin-multzoak ureztatzea edo bideak garbitzea.

Instalazioaren titularrek Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko entitate batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude.

B.1.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Unilever Foods Industrial España, SLUren maionesak eta saltsak fabrikatzeko instalazioak honako foku konfinatu hauek ditu, «Elikagaien industriako ukipen zuzenik gabeko errekuntza-ekipamenduak lehorgailuetan edo ketze-instalazioetan, esterilizazioetan edo antzeko eragiketetan: 2,3 megawatteko potentzia termiko izenduna edo handiagoa» 03 02 05 06 jarduerari lotutakoak, airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legean adierazitako atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan sartuta dagoena:

(Ikus .PDF)

Siloetako karga-eragiketetan ere emisio lausoak sortzen dira.

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku sistematiko gisa erregularizatu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko gisa funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

1, 3D eta 9 fokuei dagozkien ekipoak errekuntza-instalazio ertainak dira (EIE) eta 2017ko abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuak barnean hartzen ditu. Errege Dekretu horrek errekuntza-instalazio ertainetatik datozen agente kutsatzaile zehatz batzuen atmosferarako emisioak mugatzen ditu eta airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina eguneratzen du. Horrenbestez, 1042/2018 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute, erregistroari eta emisioen muga-balioak betetzeari dagokienez, arauan bertan adierazitako epeetan.

B.1.1.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ezin izango dira emisioen muga-balio hauek gainditu:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa, gas lehorra eta O2ren % 2ko edukia.

Emisio-balioak betetzen ote diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

B.1.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren B.1.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak atzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da. Hauts-materialak biltegiratzeko silo guztiek partikulak atmosferara isurtzea saihestuko duten iragazkiak izango dituzte. Hauts-gaiak garraiatzeko uhal edo gailu oro behar bezala estalita egon edo estankoa izango da.

B.1.1.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, organo eskudunak egoki iritzitako prozesuen isuriak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

B.1.2.– Isurketak egiteko baldintzak.

B.1.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurpena sortzen duen jarduera mota nagusia: Elikadura (Beste elikagai batzuen prestaketa).

Jarduera taldea: Espezien, saltsen eta ongailuen elaborazioa.

(Ikus .PDF)

Debekatuta dago ur industrialak eta/edo beltzak jabari publiko hidraulikora edo itsasoko-lehorreko jabarira isurtzea.

B.1.2.2.– Gehienez isuri daitezkeen emariak eta bolumenak.

1.– 1. isuria: industria-urak eta ur beltzak.

(Ikus .PDF)

2.– 2. isuria: ur beltzak.

(Ikus .PDF)

3.– 3. isurketa: euri-urak.

(Ikus .PDF)

B.1.2.3.– Emisioen muga-balioak.

a) 1. eta 2. isurketak:

Saneamendu-sarera egiten den isurketaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko muga-balioekin:

(Ikus .PDF)

(*) Kloruroen kontzentrazioa mugatu egingo da, isuria hartzen duen hondakin-uren araztegiaren influenteak ez dezan gainditu 2.000 mg/l-ko kontzentrazioa saneamendu-sareko erabiltzaile guztientzat.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili, isurketaren muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete beharko dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen honek ez du onartzen baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzia batzuk isurtzea, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen jabari publiko hidraulikoari buruzko araudia onartzen duena.

B.1.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Arazketa-instalazioak edo hondakin-urak zuzentzeko neurriak izango dira, funtsean, 1. isurketarako koagulazioa, malutapen, flotazioa eta neutralizazioa.

Ikusiz gero hartutako neurri zuzentzaileak ez direla nahikoak, Unilever Foods Industrial España, SLUk behar beste aldaketa egingo ditu arazketako instalazioetan, baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan isurketak. Aldaketak administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik, eta, behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isuriak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-uren mota bakoitzerako; kutxatila horiek isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Administrazioak egoki deritzonean ikuskatzeko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.

Kasu honetan, 1. isurirako kontrol-estazioak dauzka:

1.– Parshall kanala, emariaren neurgailu totalizatzaileaz. Ekipo hori urtero kalibratu beharko da Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu eta arazketa zerbitzua emateko ordenantza arautzailearen 24. artikuluaren 3. apartatuari jarraikiz.

2.– Datuen erregistroa duen neurgailu jarraituak:

– pHmetroa.

– Solido esekiak neurtzeko zunda.

– Tenperatura-zunda.

Modu jarraituan neurtzeko ekipoek behar bezala funtzionatzea bermatzeko mantentze- eta doitze-programa edukiko dute.

B.1.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraikiz.

Baldin eta aurreikusten bada hondakindegi baimenduan ezabatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko, kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Azken datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Haien egoera fisiko, likido edo oretsua dela-eta, edo haien inpregnazio-mailarengatik isurketak eragin edo lixibatuak sor ditzaketen hondakin arriskutsuentzat ontziak edo bilketa-sistema egokiak jarriko dira izan litezkeen isuriak kanpora isurtzea saihesteko. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, bat etorriz betiere honako hauetan ezarritako irizpideekin: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota dauden eta berori izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Leioako Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, bete egin beharko dira Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Espainiatik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

B.1.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak aintzat hartuta ezartzen dira hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da haiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaera egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, leheneratzea edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzea eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, jarioren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezingo dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, ezaugarritze zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Unilever Foods Industrial España, SLUk artxiboan erregistratu, eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

i) Unilever Foods Industrial España, SLUk erabilitako Industria-olioen Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du erabilitako olioa.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Pilen eta metagailuen hondakinek, halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak entrega horiek egin direla egiaztatzen badute. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde beharko dira gutxienez.

j) Unilever Foods Industrial España, SLUk poliklorobifeniloak (PCB) eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, poliklorotrifeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Unilever Foods Industrial España, SLUk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak –ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoak– adierazten dituen substantziak baditu, berreskuratu egingo dira, alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze_bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu gailuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Unilever Foods Industrial España, SLUk urtero adierazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, haien helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidali beharko du.

m) Hondakin arriskutsuen produktore gisa, artxibo elektroniko batean, honako datu hauek jaso beharko dira, ordena kronologikoan: sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira.

n) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Unilever Foods Industrial España, SLUk, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak barne hartu beharko baitu lege horren XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia.

o) Hondakin arriskutsuak kudeatzearen oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hain zuzen ere, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea, Unilever Foods Industrial España, SLUk hondakin arriskutsuen sorrera minimizatzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluak ezartzen duen moduan, betiere Unilever Foods Industrial España, SLUk urtean 10 t hondakin arriskutsu baino gutxiago sortzen ez baditu edo EMAS ziurtagiria edo haren baliokideren bat ez badu.

p) Baldin eta Unilever Foods Industrial España, SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da. Hortaz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

q) Apartatu honetako f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m), n) eta o) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Unilever Foods Industrial España, SLUk 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikuluan), amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezarri zituen 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazio-eragiketak.

B.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hirugarren atalean, C.1.3 azpiatalean xedatzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu beharko da, baliaraztaile baimendu bati emanda. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina baloratzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi behar dira. Erabilitako ontziak eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, leheneratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizazioa denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Unilever Foods Industrial España, SLUk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina hondakindegira eramateko bada, jarraipen- eta kontrol-dokumentua bete beharko da hondakin ez-arriskutsua lekualdatu aurretik, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

f) Hori hala izanik, hondakinak lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

g) Baldin eta Tubos Reunidos Industrial, S.L.U. Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengatik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da. Hortaz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

h) Urtean 10 tona hondakin ez-arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Unilever Foods Industrial España, SLUk formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioa oinarri hartuta egingo da. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

i) Apartatu honetako d), e) (kudeatzaileak EAEn daudenean) f) eta h) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

B.1.4.– Ontziak merkaturatzea.

Unilever Foods Industrial España, SLUk, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidali beharko du.

Era berean, Unilever Foods Industrial España, SLUk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du nahitaez (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Unilever Foods Industrial España, SLUk industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu bere produktuak merkaturatzeko, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta Ontzi Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio, zeinaren bidez produktuaren kontsumitzaileari transferitzen baitzaio ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa emateko betebeharra.

Baldin eta Unilever Foods Industrial España, SLUk, urte natural batean, ondoren zehazten diren kantitateak baino gehiagoko hondakinak sortu ahalko dituen ontziratutako produktuak edota industria-edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zur soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Enpresaren prebentzio-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da bi agiriok.

B.1.5.– Lurzoruaren babesaren inguruko kondizioak.

Unilever Foods Industrial España, SLUk Dokumentu Bakar bat aurkeztuko du, 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartutako jarraibide teknikoari jarraikiz, edukiei eta entrega-aldizkakotasunari dagokienez; gutxienez, 5 urtean behin.

Nolanahi ere, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko lanak egin ditzakeen egiaztatutako erakunde batek egin beharko du Dokumentu Bakarra, eta eduki hauek izango ditu: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena egiteko agiriak.

Ondoren aipatuko den araudian xedatutako obligazioak betez aurkeztutako lurzoruaren kutsadurari buruzko dokumentazioaren arabera, Unilever Foods Industrial España, SLUk beharrezko neurriak hartu beharko ditu lurzoruaren eta lurpeko uren babesa bermatzeko.

– 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena.

– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industriako isurien Erregelamendua onartzeaz gainera, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.

– 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoa.

– 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina onartzen duena.

– Agindua, 2020ko urtarrilaren 23koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotua.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1c letran ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko egiaztatuta dagoen erakunde batek egina. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatzen duen pertsona fisiko edo juridikoaren eta jarduera egingo duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketak ukituko duen lekuaren kokapen-datuak, Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia barne hartuta.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.

– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurren ezaugarritzearen emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren eta jarraian adierazten diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida: https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak zabortegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie. Irizpide horiek abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 zenbakian (Induskatu behar diren lurzoruen in situ laginketa) daude jasota.

g) Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta analisia, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-Ak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketa egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gain, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hartu beharreko neurriak ezar ditzan sailburuordetza horrek, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin.

B.1.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Beharrezko neurri guztiak ezarriko dira honako indize akustiko hauek gaindi ez daitezen:

a.1– Maila hauei egokitu beharko zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere gainditu 40 dB(A) 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere gainditu 30 dB(A) 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ezin izango du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egin, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan gaindituko (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-tik gorako gehikuntzarik.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu aurreko taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentikortasun akustiko handieneko guneetako zarata maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Atmosferara egindako emisioak kontrolatzea.

C.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Unilever Foods Industrial España, SLUk isuriak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako lankidetza-erakunderen (ALE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jasotzen den bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, batik bat honako hauei dagozkienak: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta neurketa bakoitzaren banako iraupena eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, urte egokikoan, justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, azterketa hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Egunean behin tratamendu-instalazioaren egoera eta funtzionamendua egiaztatzeko check-lista gauzatuko da, eta gertaerak jasoko dira.

c) Isurketen kontrolen emaitzak honela bidaliko dira:

– Etengabeko neurketak denbora errealean bidaliko zaizkio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, eta saneamenduko sare integralari batuko zaizkio.

– Eguneroko analisien emaitzak, gertaera-erregistroekin batera, hilean behin jakinaraziko zaizkio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari.

– Kontrol guztiak Ingurumen Sailburuordetzari igorriko zaizkio, ebazpen honetako bigarren apartatuko C.5 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

f) Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen Bigarren apartatuko C.1.2.3. azpiapartatuan ezarritako mugak.

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak taula honetan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Hiru urtez behin, indize akustiko hauen ebaluazioak egin beharko dira: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti; y LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 2012/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.5.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz: https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko da berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, gertatutakoaren berri izan ondoren; horretarako, helbide elektroniko hau erabili beharko da: ippc@euskadi.eus

Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozesuen kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gorabehera nagusiak bereziki aipatuta eta haien kausa eta konponbide posibleak azalduta; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik hala egin ez bada.

C.6.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

C.7.– Ingurumeneko finantza-bermea kontrolatzea, Ingurumena Zaintzeko Programaren barruan.

IZPren barruan, honako agiri hauek bidali beharko dira, programa aurkezteko prozedura telematikoan gaitutako ereduak erabilita:

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Araua aplikatuz dagokion finantza-bermearen nahitaezko gutxieneko zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIren arabera.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar du Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAs) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 ingurumen-kudeaketarako sistemara.

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko lanak eta mantentze-lanetarako programatutako lanak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen estimazioa egin beharko du sustatzaileak, eta, dagokionean, baita haien kudeaketa eta tratamenduarena ere.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko C.1.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Maionesak eta saltsak fabrikatzeko eta landare-olioak eta koipeak fintzeko jarduerei (EJSN-2009 = 10.42 eta 10.44) lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak ezartzen dituena. Horrenbestez, Unilever Foods Industrial España SLUk jarduera etete horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoari.

Jarduera eten baino lehen, Unilever Foods Industrial España SLUk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren ataleko C.1.3 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Unilever Foods Industrial España SLUk, aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuan ezarritako kontrolak eta eskakizunak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu egokia ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina duen isuri edo emisio oro saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuz isurketak edo ihesak daudenean, kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsatzeko arriskua dakarren edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak eta isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidali beharko dira, edo, bestela, baimendutako kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu.

Hondakin-urak ezingo dira «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «bypass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu, arazketa-instalazioak modu egokian ustiatzeko eta istripuzko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak mantentzeko.

d) Olioak, efluenteen arazketako hondakinak eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzean, baliteke lurzorua eta ura kutsatzea. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua duten lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratu egingo dira, horiek ingurunean sakabanatzeko aukerarik emango ez duten baldintzetan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gertatzen diren jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipo egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat eduki beharko da. Horren bitartez, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak tratamendu-instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren). Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Berehala aplikatutako zuzenketa- edo euste-neurriak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Leioako Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria eta isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen estimazioa.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Ezohiko gertaera berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta; horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo ezohiko gertaerak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko etenaldi programatu oro, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

E) Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berria indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz (Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta) ere aldatu ahal izango dira babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa.

F) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, aurreko urtean atmosferarako eta uretarako isurketei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Unilever Foods Industrial España SLUk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuari jarraikiz.

Informazio hori bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako sistema edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da bete egiten dela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

G) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia osorik bete beharko dute:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194158899329/procedures/proc_20194158899905/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones_eu.docx

Organo honen onespena ere eskatu beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, bat etorriz aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoak, 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoaren arabera».


Azterketa dokumentala