Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2023ko abenduaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5764

AGINDUA, 2023ko azaroaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2024-2026 aldian egin beharreko Oinarrizko Ikerketako eta/edo Ikerketa Aplikatuko proiektuak egiteko laguntzak deitzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikerketa-taldeek kalitatezko ikerketa egitea bermatu eta sustatu nahi da; hots, dela beren jarduerak nazioartekotzea eta beren emaitzak garrantzi zientifiko eta teknologiko handiko foroetan argitaratzea, dela euskal gizartearen gizarte-, teknologia- eta ekonomia-arazoak konpontzen laguntzea. Horregatik guztiagatik, sail honek sustatzen dituen proiektuak –oinarrizko ikerketakoak eta ikerketa aplikatukoak– egiteko programarekin aurrera jarraitu behar da.

Deialdi honek Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema sendotzen du, ezagutzaren garapena eta erakunde ezberdinetako taldeen arteko koordinazioa bultzatzen baititu, baliabide materialak eta giza baliabideak bultzatzen baititu eta bikaintasuneko ikerkuntza-taldeak eta unitateak antolatu eta abian jartzen baititu.

Agindu honen bitartez, sailak unibertsitateko teknologia-taldeen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen –deialdiaren ondorioetarako, erakunde parte-hartzaile esango diegu– arteko lankidetza sustatu nahi du.

Deialdiaren xedea da, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema sendotzea eta sailak kudeatutako oinarrizko ikerketako nahiz ikerketa aplikatuko proiektu zehatzak garatzea, kalitatezko eta interes zientifiko nahiz teknologikoko ikerketa aplikatuko edo teknologikoko proiektuen bitartez.

Era berean, agindu honek aintzat hartzen ditu Eusko Jaurlaritzaren «Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean» (ZTBP Euskadi 2030) jasotako estrategiak –plan horrek koherente izan nahi du Europa mailan ezarritako helburu estrategikoekin; alegia, Europa 2020 Estrategiarekin–; hartara, ezagutzan oinarrituta dauden eta modu jasangarrian hazteko gai diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatuko dira.

Sailaren 2023rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Hezkuntzako sailburuaren urtarrilaren 23ko Aginduan sartzen dira agindu honetan araututako laguntzak.

Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua kontuan hartu da (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.).

Azkenik, aintzat hartu da Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea 2024-2026 aldian Oinarrizko Ikerketako eta/edo Ikerketa Aplikatuko proiektuak egiteko.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Agindu honen xede diren laguntzetarako 800.000 euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidaren kargura. Diruz lagun daitekeen proiektu bakoitzari 80.000 euro emango zaizkio gehienez ere.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde onuradunak beti izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan egiaztatutako erakundeak (aurrerantzean, ZTBES), zeina jasota baitago Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan. Hona erregistro horretako zer kategoriatan egon behar duten erakunde eskatzaileek eskaera egiteko epea amaitu baino lehen eta laguntza egikaritzeko aldia amaitu arte:

a) Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak (BERC).

b) Unibertsitateetako ikerketa-egiturak, zeinek 6. artikuluaren arabera eratutako ikertzaile-taldeak izan beharko baitituzte plantillan. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateen kasuan, ikerketa-taldeko kideak ez dira izango ikertzaile-talde berekoak, zeina A edo B talde gisa akreditatua izan baita 2022-2025 aldirako euskal unibertsitate-sistemako ikertzaile-taldeen jarduerak babesteko laguntzen deialdian eta zeinak deialdi horretan dirulaguntza jaso baitu.

2.– Erakunde eskatzaileek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zigor-zehapenik edo administrazio-zehapenik duten erakundeek eta horretarako gaitasunik gabe uzten dien legezko debekurik duten erakundeek ere ezin izango dute dirulaguntza hau jaso, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean.

b) Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

c) Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, erakunde onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

d) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako hauetan jasotako egoeraren batean dauden erakundeak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan.

4. artikulua.– Ikerketa-proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak 1 eta 3 urte osotan egiteko eskatu ahal izango dira, eta, azken urtearen ondoren, bi hilabeteko aldi gehigarria egongo da amaitzeko; horretarako, amaierako gastu-ziurtagiria entregatu beharko da. Halaber, lau hilabeteko aldia egongo da 16. artikuluan deskribatutako amaierako txosten zientifikoa entregatzeko.

2.– Deialdiaren ondorioetarako, 2024ko ekitaldian hasiko dira proiektuak garatzen; hots, 13.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, emandako dirulaguntza onartzen denean. Bestalde, egikaritze-fasearen amaiera proiektuan aurreikusitako iraupenaren araberakoa izango da, betiere, 2027ko ekainaren 30a baino lehenago ixten direlarik administrazio-jarduketak.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek I. eranskinean aipatzen diren printzipio bioetikoak errespetatu beharko dituzte.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

1.– Diruz lagundutako jardueraren ezaugarriari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak lagunduko dira diruz, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inolaz ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Eskaerarekin batera joan behar duen proiektuaren aurrekontua epigrafeka eta urteka egituratu eta justifikatuko da, deialdi honen bidez lagun daitezkeen kontzeptu hauen arabera.

a.1.– Doktore ez diren laguntzaileak.

Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

– Langile laguntzaile gisa, lanaldi oso baterako, 22.951 euroko dirulaguntza emango da (horietatik 18.092 euro nominaren zenbateko gordina izango da, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) laguntzaile beraren lehenengo eta bigarren urtekoetan, eta 24.360 eurokoa (horietatik 19.385 euro nominaren zenbateko gordina izango da, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) hirugarren urtekoan. Bigarren edo hirugarren urtean proiektuan aritzeko lanaldia urtebete baino laburragoa izanez gero, urtekako lanaldi horren arabera kalkulatuko da kopurua, proportzioan.

Osagarri bat finkatu da jardunari uztearen ondoriozko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean indarrean den araudiaren arabera.

Lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien kopurua estaliko du gehienez osagarri horrek, proiektuko parte-hartzea amaitu arte. Kontratu bakoitzeko 1.838,37 euroko kalte-ordainak ordainduko dira gehienez ere, eta kontratua amaitu eta hurrengo urtean egingo da ordainketa.

– Erakunde eskatzailearekin izenpetutako kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe erakunde kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, erakunde kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Laguntzaile horrek gradu, lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako titulua izan beharko du.

– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da bestelako soldata-zenbatekorik jaso.

– Urtebete gutxienez eman beharko du proiektuan lanean.

a.2.– Doktore diren laguntzaileak.

Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

– Doktore diren laguntzaileen kasuan, lanaldi oso baterako, 42.863 euroko dirulaguntza emango da (horietatik 31.803 euro nominaren zenbateko gordina izango da, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik). Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, urtekako lanaldi horren arabera kalkulatuko da kopurua, proportzioan.

Osagarri bat finkatu da jardunari uztearen ondoriozko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean indarrean den araudiaren arabera.

Lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien kopurua estaliko du gehienez osagarri horrek, proiektuko parte-hartzea amaitu arte. Kontratu bakoitzeko 2.091,16 euroko kalte-ordainak ordainduko dira gehienez ere. Kontratua amaitu eta hurrengo urtean egingo da ordainketa.

– Erakunde eskatzailearekin izenpetutako doktoratu ondoko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe erakunde kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, erakunde kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Laguntzaile horrek doktore-titulua izan beharko du, eta 2023an lortu beharko du doktore-tesia.

– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da bestelako soldata-zenbatekorik jaso.

– Urtebete gutxienez eman beharko du proiektuan lanean.

b) Material inbentariagarria.

Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 20.000 euro baino gutxiago balio beharko du, BEZik gabe, eta erakunde onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua egikaritzen amaitu arte, 4. artikuluan deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra.

Mugarik gabe ordainduko da, behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada, betiere. Kanpo geratzen da bulegoko material orokorraren finantzaketa.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jarduerak burutu ahal izateko egiten diren bidaien ondoriozko gastuak onartuko dira. Halaber, proiektuan ateratako emaitzak ezagutzera emateko egiten diren bidaia-gastuak ere onartuko dira, proiektua egikaritzeko azken urtean egiten badira. Azken kasu horretan, pertsona bakarrak eginiko gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

e) Bestelako gastuak.

Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak finantzatu ahalko dira, finantzatutako aurrekontuaren % 5 gehienez, baldin eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezko direla justifikatzen bada.

3.– Ez dira inolaz ere aintzat hartuko ez deialdi honen eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak eta ez 4. artikuluan adierazitako egikaritze-aldia amaitu ondoren egindakoak.

4.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Osaera.

1.1.– Ikertzaileen zerrenda bat jasoko da eskaeran; ikertzaileok, bada, laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikertzaile-taldea osatuko dute. Gutxieneko ikertzaile-taldea eratuko duten hiru pertsonek osatuko dute, gutxienez, talde hau. Horien artean egongo da proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia, zeinak estatutupeko edo lan-kontratuko lotura izan behar baitu erakunde eskatzailearekin. Gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten pertsonek proiektuan jarraitu beharko dute, gutxienez, proiektua egikaritzeko fase osoan; ikertzaile nagusiaren kasuan, gainera, 4.1 artikuluan aipatzen den lau hilabeteko aldi gehigarrian ere jarraitu beharko du. Horietako bik, gutxienez, doktore-titulua izan beharko dute, eta horien artean egongo da ikertzaile nagusia.

Ikertzaile-taldean parte hartzen duten gainerako ikertzaileek gradu-, lizentzia-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua izan beharko dute.

Urteko 1.400 ordukoa izango da ikertzaile-taldea osatzen duten ikertzaileek proiektuari eskainitako gutxieneko dedikazioa, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren gutxieneko dedikazioa urteko 420 ordukoa izango da.

1.2.– Gutxieneko betekizun galdagarria izango da ikertzaile-taldeen osaera, eta hori ez betetzea (18.2 artikulua), nahiz eta gertatzez izan, dirulaguntza eskubidea galtzeko arrazoi izango da.

2.– Erakunde bakoitzak nahi beste eskaera aurkeztu ahal izango ditu, ikertzaile nagusien bitartez, 3. artikuluan ezarritako eskakizunak betez gero, baina betiere honako muga hauekin:

– Ikertzaile nagusi bakoitzaren eskaera bat baino ez da onartuko. Eskaera batean baino gehiagotan aurkeztuz gero, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio, eta beste eskaera deialditik kanpo geratuko da.

– Era berean, ikertzaile bakoitzak eskaera batean baino ezingo du parte hartu. Eskaera batean baino gehiagotan aurkezten bada, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio, eta beste eskaera deialditik kanpo geratuko da.

– Ezingo dute deialdian parte hartu aurreko proiektuetan parte hartu duten eta eskaera aurkezten duten egunean, betebeharrak egiteke dituztelako, oraindik jarduketak amaitu ez dituzten ikertzaileek, alde batera utzita amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak.

– Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute beste proiektu berri batean parte hartu, harik eta hasierako proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Alderdi hori 18.2 artikuluan deskribatutako gutxieneko eskakizun galdagarritzat hartu denez, inguruabar horietan gertatzen diren proiektu-eskaerak ukatu egingo dira, eta gutxieneko horien gertatzezko ez-betetzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen sinatu baten bidez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak adieraziko du zenbat ordu konprometitu dituen deialdi honetan eskatutako proiektua egingo den urteetan emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan. Hori horrela, ordu-kopuru nahikoa eskaini beharko die proiektu honetan esleitu eta konprometitutako jarduerei.

4.– Deialdiko eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen kontratatu beharko ditu erakunde eskatzaileak ikertzaile-taldeko kideak. Halaber, ikertzaile nagusiak kontratu bat izan beharko du erakunde eskatzailearekin, proiektuaren iraupen osoa baino luzeagoa, eta hor sartuko dira egikaritze-fasea eta 4.1 artikuluan zehaztutako lau hileko aldi gehigarria. Artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen den gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten beste bi ikertzaileek gutxienez proiektuaren iraupen berdineko aldi eta dedikazio baterako kontratatuak izan beharko dute, doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonentzat artikulu honetako 6. apartatuan ezarritakoa salbu.

Gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten pertsonek ezingo dute aurkeztu erakunde eskatzailearen konpromisoa, proiektuak irauten duen aldi osoan kontratuari eusteko. Gainerako taldekideek proiektuan izango duten parte-hartzearen iraupena baino txikiagoko kontratua izan ahal izango dute, baldin eta erakunde eskatzaileak proiektuan parte hartzen duten aldi osoan zehar kontratu horiei eusteko konpromisoa egiaztatzen badu, betiere.

5.– Ikertzaileak obra baterako kontratatu badira, obraren iraupenari eta, hala badagokio, kontratuaren balizko luzapenari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, bai eta enpresaren adierazpen bat ere, kontratuaren xede den obrak dakarren ordu-dedikazioa zehaztuta; adierazpen horretan, proiektuan konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu badituela adierazi beharko du argi eta garbi.

6.– Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsona bat bada (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera), berau finantzatzen duen erakundearen izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita; horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkiokeen azaltzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko du –doktore-tesiaren proiektuarekin bateragarria izateko moduan–, bai eta tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere. Erakunde eskatzailea BERC bat bada, aski izango da aurreko ziurtagiria, zeinetan, gainera, barne hartuko baita finantzaketa-aldi osoa.

Prestatzen ari den doktoratu aurreko ikertzaile bakar bat baino ez da onartuko proiektu-eskaera bakoitzean.

7.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako langileak direla ulertuko da. BERCetako bati atxikitako UPV/EHUko irakasleak BERCeko langileak direla ulertu ahal izango da, dagokion atxikipen-agirian zehaztutako iraupen eta dedikazioarekin.

7. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan azaltzen diren laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskabidearen aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.

2.– Eskaeraren edukia agindu honen II. eranskinean dago. Eskaera egiteko inprimakia IV. eranskinean dago jasota, eta eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0120705

Eskaera bi urratsetan egin beharko da:

Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko ez bada, edo ziurtapen elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Hori egin eta gero, aipatu aplikazioan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.

Ondoren, eskaeraren alderdi guztiak aplikazioan bete eta gero eta agindu honen II. eranskinean azaldutako dokumentazio osagarria gehitu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du; horrela soilik geldituko da erregistratuta. Horretarako, erakunde eskatzaileak eskabidea elektronikoki sinatzeko erakundearen txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskabidean. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatutako aplikazioan, elektronikoki.

5.– Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso beharko ditu: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartua–.

6.– Dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Dena dela, erakunde eskatzaileak aurka egiteko eskubidea erabili ahal izango du. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabideko hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adierazten duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebazteko eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Dirulaguntzaren eskaerak oso-osorik beteta etorri ezean edo aginduzko agiri guztiekin batera aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko errekerimendua egingo zaie erakunde eskatzaileei. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hutsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera bidaliko zaio eskatzaileari (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

2.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak eginiko jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helaraziko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egikaritutako jakinarazpenaren baliorik izango.

10. artikulua.– Hautaketa Batzordea eta ebaluazio-prozedura.

1.– Hautaketa Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenaren proposamena egingo du, agindu honetan xedatutakoa zuzen aplikatzen dela begiratuz, bereziki ebaluazio-irizpideei dagokienez. Aurrez erabaki beharko dute zein eskaera onartu izapidetzeko eta zein ez.

2.– Batzorde hori hauek osatuko dute: Amaia Esquisabel Alegria, Ikerketako zuzendaria (batzordeburua izango da); Miren Artaraz Miñón, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; eta Iban Ariznabarreta Barrutia, Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria (idazkaria izango da).

3.– Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu. Lehenik, onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Hautaketa Batzordeak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalari, zeinak 11.1 artikuluan aipatzen diren irizpideetarako puntuazioa ezarri beharko baitu, 8 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo artikuluan azaltzen denaren arabera.

Bigarrenik, Hautaketa Batzordeak berak baloratuko du 8. irizpidea, proiektu bakoitzak EAEko ikerketarako estrategiei eta plangintzei begira duen garrantziari buruzkoa.

Ebaluazioaren bi faseon emaitza izango da puntuazio orokorra.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, Hautaketa Batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikus .PDF)

2.– 8. irizpidea baloratzeko, zeina EAEko estrategiei eta plangintzei begira proiektu bakoitzak duen garrantziari buruzkoa baita, agindu honen III. eranskinean deskribaturiko itemak baliatuko ditu Hautaketa Batzordeak.

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatzeko eta irizpideak aplikatzean objektibotasun handiagoa lortzeko, balorazio-irizpideen xehetasunak jaso dira deialdiaren III. eranskinetan, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

4.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidearen araberakoa; gero 3. irizpidearen araberakoa eta, azkenik, 4. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere, berdinketak jarraitzen badu, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazpena emateko irizpide gisa. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak lehiaketaren bidez emango dira, eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, Hautaketa Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balorazioa lortzen duten eskaerak bakarrik lagun daitezke diruz.

3.– Onartutako aurrekontua izango da 5. artikuluan ezarritako kontzeptu eta diruz lagun daitezkeen gastuetara egokitzen dela egiaztatu ondoren eskatutako aurrekontua. Eman beharreko dirulaguntza bat etorriko da onartutako aurrekontuaren gehieneko zenbatekoarekin, baldin eta dagokion prozeduran adierazitako kredituak agortu ez badira eta 2. artikuluan ezarritako mugarekin. Urteka banatuko da dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

4.– Laguntzak lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira, balorazio-fasean proiektu bakoitzak kasuan kasu lortutako puntuazio orokorraren arabera.

13. artikulua.– Ebaztea eta onartzea edo ukatzea.

1.– Hautaketa Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak esleitu edo ukatu egingo du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri artikulu honetako 3. zenbakiaren arabera jakinaraziko da.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruzko datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

Finantzatutako eskaeretarako:

– Eskaeraren kodea.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuraduna.

– Proiektua burutuko den urteroko bakoitzari zer diru-zenbateko esleituko zaion.

Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako, hau adieraziko da:

– Eskaeraren kodea.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde eskatzailea.

– Ez finantzatzeko edo baztertzeko arrazoia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien, iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo bi hilabeteetan.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak eginiko jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helarazi ahalko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egikaritutako jakinarazpenaren baliorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Ebazpena emateko epe hori eten egin ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalari 10.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz igorri beharreko txostenak direla bide, txosten horiek eskatu eta jaso bitarteko aldian. Etenaldi hau ezin izan daiteke hiru hilabetekoa baino luzeagoa.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik hasita hamar eguneko epean erakunde onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da. Une horretatik aurrera hasiko da proiektua egikaritzen, urtebeteko, bi urteko edo hiru urteko aldian, ebazpenean zehaztutakoaren arabera.

6.– Deialdi honetan parte hartu duen erakunde onuradunen batek beste erakunderen baten finantzaketa lortu badu proiektu bererako eskaera aurkeztu edo ebazpena eman eta gero, Ikerketa Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri, gainfinantzaketa baldin badago, deialdi honen bidez emandako finantzaketa behar beste murrizteko.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da helburu bererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, salbu eta sail honek euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerei laguntzeko deialdian ematen dituen dirulaguntzak. Baldin eta ikerketa-proiektu batek beste instituzio baten deialdian edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste instituzio horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru-kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Erakunde onuradunari ordainduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Urteari dagokion kopurua aurretik ordainduko da, egikaritze-faseko urte bakoitzean. 13.5 artikuluan deskribatutako dirulaguntza onartzeko aldia igaro ondoren egingo da lehen urtekoari dagokion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urteetako ordainketa aurreratuak egin baino lehen, aurreko urteko txostena aurkeztu beharko da, baita helburuen betetze-mailaren eta dirulaguntzaren egikaritzearen justifikazio zuzena ere, onartutako proiektu-planean aurreikusitako eran. Halaber, justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko da nahitaez, aplikazioan eskuragarri dagoen txantiloiaren bidez.

Proiektua egikaritzeko azken urteari dagokionez, dirulaguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa, hau da, likidazioaren ondoren dagokiona, erakunde onuradunak dagokion dokumentazio guztia aurkeztu ondoren egingo da, aginduaren 16.1 artikuluaren 2., 3. eta 4. zenbakietan zehaztutakoarekin bat, Ikerketa Zuzendaritzak oniritzia eman ondoren.

Hala badagokio, laguntzaileek jarduera eteten badute, erakundeari kalte-ordainak ordainduko zaizkio, azken urteko bigarren ordainketarekin batera.

3.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du erakunde onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

16. artikulua.– Proiektuaren garapenari eta dirulaguntzaren justifikazioari buruzko agiriak.

Dirulaguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, dirulaguntza egikaritzeko fasea hasiko da, baita haren jarraipena egitekoa ere. Horretarako, erakunde onuradunak jarraipenerako eta justifikaziorako honako agiri hauek entregatu beharko ditu aplikazio telematikoa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin, adierazten diren epeetan (aplikazio telematikoak eskainiko ditu behar diren txantiloi edo ereduak):

1.– Laguntzaileen kontratua, 5.2.a) artikuluaren arabera: dirulaguntzak laguntzaileentzako diru-hornidurarik badu, laguntzaileari buruzko proposamena bidali beharko da, zeinean ikertzailea nor den, haren ibilbide akademikoa edo CVa eta adostasuna jasoko baitira. Geroago, organo kudeatzaileak proposamena onartutakoan, laguntzailea erakunde onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da: hura parte hartuko duen proiektuarekin lotuko da, eta urteko dedikazioa jaso beharko da berariaz. Kontratu hori ezingo da ebazpenaren argitalpena baino lehenagokoa izan, eta, zein urtetarako zehazten den, harexen lehen sei hilabeteetan aurkeztu beharko da.

2.– Urteko txostenak: 15.2 artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa edo ondorengoak baino lehen aurkeztu beharko dira nahitaez. Erakunde onuraduneko ikertzaile nagusiak, egikaritze-urte bakoitzaren amaieran, organo kudeatzailearen aurrean aurkeztu beharko ditu justifikazio-kontu bat, aplikazioan jasotako txantiloiaren arabera, eta dirulaguntzaren emakidan ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko ekintza-memoria bat; egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziko dira.

Jarduera-planaren edozein apartatutan aldaketak egin nahi badira, ikerketa-zentroko edo unibertsitateko legezko ordezkariak baimena eskatu beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Ikerketako Estatuko Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak (SCE) eta Hautaketa Batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Ikerketa Zuzendaritzak zehaztuko du aldaketa horiek konprometitutako dirulaguntzak aldarazten edo indargabetzen dituzten, aurretik dagokion espedientea egin ostean.

3.– Gastuaren amaierako ziurtapena: proiektua egikaritzeko azken urtea amaitzerakoan, aurreko apartatuan eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, egindako gastu guztiaren ziurtagiriarekin batera, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, aplikatu gabeko gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektuaren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiri hori proiektua amaitu osteko bi hilabeteko epean aurkeztu behar da. Gastuaren guztizko egikaritzearen % 40 –gutxienez eska daitekeen eskakizuntzat hartua– baino gehiagoko ez-betetzeak 18.2 artikuluan deskribatutako dirulaguntza-eskubidea galtzea ekarriko du.

4.– Amaierako txosten zientifikoa: formatu askea du, eta nahitaez egin behar da, azken urtea ordainduko bada. Proiektua egikaritzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta, bertan, zehaztasun handiz adierazi zein diren aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkundea emateko eta jendarteratzeko jarduerak.

5.– Argitalpenak: baldin eta liburu, monografia, artikulu, doktore-tesi, lizentzia-tesina, kongresuetarako komunikazio, edo abarretan argitaratu badira proiektuaren emaitzak, edo patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak, eta abar eragiten badituzte, Hezkuntza Sailaren babesletza jaso beharko da, proiektuaren kodea ere aipatuz. Argitalpenen kopia bana bidali beharko da Ikerketa Zuzendaritzara.

6.– Ikerketa Zuzendaritzak berrikusiko ditu amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak, eta, gainera, egiaztatuko du ikerketa-proiektuaren hasierako eskaeran onetsitako helburuak eta lan-plana bete direla. Desadostasunak ikusiz gero, txosten horien ebaluazio zientifikoa egin dakieke, 10. artikuluan aurreikusitako ebaluazioaren ildo beretik. Aipatu ebaluazioan 100 puntutik 50 ez lortzea itzultzeko kausa izango da, eta 19. artikuluari jarraikiz jardungo da.

Salbuespenez, ikerketa-proiektua bukatzea eta, ondorioz, dirulaguntza osorik erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon badira, ikertzaile nagusiak, erakundeko legezko ordezkariaren oniritziarekin, proiektua egikaritzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatu dadila eskatu ahal izango dio Ikerketako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea proiektua egikaritzeko materialari dagokionez, eta ez dio inolaz ere eragingo emandako urterokoen betearazpenari. Aurreikusitako egikaritze-amaierako eguna baino lehen egin beharko da eskaera.

Luzapen-eskaeran emandako arrazoiak soilik izan ahal izango dira hirugarrenen esku-hartzerako aurreikusitako epeak luzatzea (hornidurak eta argitalpenak), edo laguntzaileek beren jarduera aurreikusitako epeetan egin ezin ahal izatea, betiere behar bezala justifikatzen bada.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Dirulaguntza ematearen oinarrian dagoen proiektua egikaritzea.

2.– Dirulaguntza ematen duen erakundeari betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze-jarduerak onartzea, baita Espainiako nahiz Europako kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen finantza-egiaztatze eta -kontrol oro ere, eta aurreko jardueren burutzapenean eska dakiekeen informazio oro ematea, EAEHONALTBko 50.2.c) artikuluan jasotzen den bezala.

4.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri emango zaio dirulaguntza eman duen organoari.

Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

5.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

6.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

7.– 16. artikuluaren 1.5 apartatuan argitalpenei begira ezarritakoaz gain, erakunde onuradunen urteko memorietan jasotako dirulaguntza eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesletza adierazi beharko dira.

8.– Jasotako funtsak itzultzea, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatu bada.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea. Gutxieneko betekizun galdagarriak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta, kasua bada, beste instituzio publiko edo pribatu batek emandako laguntzarik ere eskuratu bada, dirulaguntzak emateko ebazpeneko diru-kopuruak ere aldatu ahal izango dira. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, egokiro justifikatu edo egiaztatu ez diren gastuak laguntzeko diru-kopuruak aldatzeko ebazpena emango da.

Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:

– Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa murriztu egingo da. Justifikatu ez den gastuaren zenbatekoan murriztuko da laguntza.

– Erakunde onuradunak ikerketa-proiektu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso baditu eta deialdi honen ebazpenean esleitutako zenbatekoak Hautaketa Batzordeak onartutako aurrekontuari kofinantzaketaren bidez eskuratutako zenbatekoa kenduta geratzen dena gainditzen badu, emandako dirulaguntza behar beste murriztuko da.

2.– Aldaketa horiek bidezkotzat jo daitezke, betiere agindu honen bitartez lagundutako proiektuek honako gutxieneko baldintza hauek betetzen badituzte:

– 6.1 artikuluan deskribatutako ikertzaile-taldeen osaera.

– Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 6.2 artikuluaren laugarren paragrafoan deskribatua.

– Gastuaren azken egiaztagirian jasotako proiektuaren guztizko egikaritzearen % 40 betetzea, 16.1.3 artikuluan deskribatua.

Baldintza horietako edozein betetzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak gehi bidezkoak diren berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra sortuko da.

19. artikulua.– Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko arrazoia.

1.– Ikusiz gero ez direla betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, jasotako dirua eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio, xedapen hauen arabera: Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua; arau-hausteen eta administrazio-zehapenen arloko oinarrizko araudia; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta dirulaguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutakoez gain, hauek ere hartuko dira dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko arrazoitzat:

3.1.– Ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori erakunde onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

3.2.– Ikerketa-proiektu bera egiteko beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo ikerketa-proiektuaren aldaerak, behar bezala justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

3.3.– Ikerketa-proiektua ez garatzea proposatutako helburuen eta onartutako epeen arabera.

3.4.– Deialdi honetako oinarriak larriki ez betetzea –osorik edo partez–, hauei buruzkoak barne: urteko txostenen, gastuaren ziurtagiriaren eta amaierako txostenaren ebaluazioari buruzko kontuak (16. artikulua) eta gastuaren justifikazio-agiriak gordetzeari buruzkoak (17.6 artikulua).

3.5.– Laguntzen izaera publikoari buruzko zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea, agindu honen 16. artikuluaren 1.5 apartatuan eta 17.7 artikuluan jasotako neurriak, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 37.1.d) artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.6.– Datuak larriki ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea.

4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, jada ordaindutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatzeak berarekin ekarriko du dirulaguntza murriztea justifikatu gabeko zenbatekoan, eta jasotako dirulaguntzen itzulketa proportzionala egingo da.

5.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Ikerketa sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: erakunde eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: erakunde eskatzaileak datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsultatu dezake gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurretiaz izapidetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebatziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa badago.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
DEIALDIAN AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek bete beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira jatorria giza enbrioietan duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea berariaz eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak dakartzaten proiektuek bete egin beharko dute abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuan (sendagaiekin egiten diren saiakuntza klinikoak, sendagaien ikerketarako etika batzordeak eta Azterketa Klinikoen Espainiako Erregistroa arautzen dituena) aurreikusitakoa.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen dituena.

e) Genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, apirilaren 25eko 9/2003 Legea, Genetikoki eraldatutako organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzkoa, eta bestetik, urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua, lege hura garatzen duen arau orokorra onesten duena.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hori garatzen duten errege-dekretuetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Material genetikoa eskuratzea edo elkartrukatzea dakarten proiektuek bete beharko dute, batetik, Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena, bestetik, Elikadura eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Hitzarmena, eta hirugarrenik, Mintegietako Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legea.

II. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Erakunde eskatzailearen nortasuna, sinadura elektronikoaren bidez; eta ikertzaile nagusiaren sinadura, NANaren edo AIZren bidez.

b) Ikerketa-taldeak egingo duen lan-planari buruzko informazioa: helburuak, zereginen esleipena eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

c) Aktiboan edo eskabide-fasean diren ikerketa-proiektuen identifikazioa, zeintzuetan, eskatutako proiektua garatzen ari delarik, ikertzaile-taldeak parte hartuko baitu; parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak zenbat ordu eskainiko dien.

d) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

e) Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagundu daitekeen kontzeptuaren arabera; eta kostu ekonomikoa, urtearen arabera, biak ere 5. artikuluari jarraikiz.

f) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, 8.6 artikuluan jasotako eskakizunei buruzkoa. Adierazpen horretan jasoko du, halaber, printzipio bioetikoei buruzko 4.3 artikuluan ezarritakoa betetzen duela aurkeztutako proiektuak.

2.– Eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa zein administratiboa aurkeztu behar da:

2.1.– Dokumentazio teknikoa:

Dokumentazio administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoan jasotako informazioaren bidez, aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa egingo da.

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituela:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta oraingo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Hipotesiak eta helburu orokor eta operatiboak.

– Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

– Helburuei lotutako mugarriak. Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek zereginei eskainiko dieten denbora.

– Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Arduren banaketa.

– Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.

– Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta errendimendua.

– Eskatutako dirulaguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi erakunderen edo gehiagoren arteko lankidetza, egokia denean.

b) Ikertzaile-taldea osatzen duten ikertzaileetako bakoitzaren curriculum vitae laburtua, formatu normalizatuan horretarako prestatutako txantiloian aurkeztua (azken 6 urteei buruzkoa, deialdiaren datatik aurrera). Titularrak sinatu beharko ditu CVak. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei agiriak zuzentzeko eskatuko zaie.

c) Eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak, hala dagokionean.

d) Ezaugarri teknikoetan oinarrituta proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio teknikoa.

2.2.– Administrazio-agiriak:

e) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2024-2026 aldian aktibo dauden proiektuei zenbat denbora eskainiko dien adierazita; horrez gain, zehaztu behar da bakoitzak zenbat denbora eskainiko dion eskatutako proiektuari, 6.3 artikuluaren arabera.

f) Ikertzaile bakoitzak erakunde eskatzailearekin duen lan-egoera egiaztatzen duen dokumentazioa.

– Kontratu mugagabea duten langileak badira, dagokion kontratua edo Gizarte Segurantzako kotizazio-datuen txostena aurkeztu beharko da.

– Gutxieneko ikertzaile-taldeko langileak badira, gutxienez proiektuaren egikaritze-fasearen iraupen bera izango duen kontratu bat aurkeztu beharko dute, eta, proiektuko ikertzaile nagusia izanez gero, 4 hilabeteko aldi gehigarria, 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Gutxieneko taldea osatzen duten pertsonek ezingo dute aurkeztu erakunde eskatzailearen konpromisoa, haien kontratuari eusteko proiektuak irauten duen bitartean, 6.4 artikuluarekin bat.

– Ikertzaile-taldeko langileak badira, baina ez gutxieneko taldekoak, kontratua aurkeztu beharko dute, non zehaztuta agertuko baitira hasiera- eta amaiera-datak, urteko dedikazioa eta, hala badagokio, erakunde eskatzailearen konpromisoa, kontratuari eusteko proiektuan parte hartzeko aldi osoan zehar, 6.4 artikuluarekin bat. Obra-kontratua duten langileen kasuan, gainera, kontratatu den obrari dagokion ordu-dedikazioa adierazi beharko da, 6.5 artikuluaren arabera.

– Ikerbasquek kontratatutako eta erakunde eskatzaileari atxikitako ikertzaileak badira, Ikerbasquek egindako kontratua eta erakunde eskatzailearekiko atxikipen-agiria aurkeztu beharko dituzte, eta UPV/EHUk kontratatuta eta BERC (erakunde eskatzailea) bati atxikita badaude, UPV/EHUk egindako kontratua eta dagokion atxikipen-agiria.

g) Hala badagokio, doktoratu aurreko laguntza emateko eta/edo izendatzeko dokumentua, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta laguntza aplikatzeko zentroarena, 6.6 artikuluaren arabera.

h) Hala badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak lortzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz 3.2.a artikuluan xedatutakoarekin lotutako dokumentazioa.

i) Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.2.b artikuluan aipatutakoak, horiek aurka egiteko eskubidea erabili dutenean, 8.7 artikuluan aurreikusi bezala.

j) Betekizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio administratiboa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala