Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2023ko abenduaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5761

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 19koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita lan-arriskuen prebentzioaren arloko jardueretarako dirulaguntzak emateko 2024. urteko deialdia.

Lan Arriskuak Prebenitzeko Estatuko Fundazioaren (aurrerantzean, FEPRL) xedea da laneko segurtasun- eta osasun-baldintzen hobekuntza sustatzea, bereziki, enpresa txikietan, arriskuak prebenitzeko arautegia betetzeari buruzko informazio, laguntza tekniko, prestakuntza eta sustapeneko ekintzen bidez.

FEPRLen Patronatuak, 2023ko martxoaren 28an egindako bileran, lan-arriskuen prebentzioaren arloko ekintzak finantzatzen dituzten dirulaguntzetarako funtsak banatzeko proposamena onartu zuen, Enplegu eta Lan Gaietako Arloko Biltzarrak xede horretarako kredituak lurraldean banatzeko ezarritako irizpide objektiboekin bat etorriz. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoari 560.359,33 euro egokitu zaizkio.

Uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduak, lan-arriskuen prebentzioaren arloan jarduerak egiteko dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko oinarri arautzaileak onartzen dituenak, xedatzen du dirulaguntza horiek publizitate, gardentasun, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera antolatuko direla, bai eta horien kudeaketaren eraginkortasun eta efizientziaren printzipioen arabera ere.

Agindu horretan, oinarri komun batzuk ezartzen dira; beste batzuk, berriz, osagarriak dira, eta zuzenean aplikatzen zaizkie FEPRLek emandako dirulaguntzei. Ebazpen honek zehazten du nola kudeatu eta emango diren dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan, hargatik eragotzi gabe Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak finantzatzea, transferentzia finalista bidez.

Kudeaketa azkartzeko, deialdiak 2024rako EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedientearen izapidetze aurreratuari heltzen dio, honako hau kontuan hartuta: Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa. Eta, horrenbestez, deialdiaren xede diren dirulaguntzak gauzatzeko, nahitaezkoa da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko aurrekontu orokorretan.

Dirulaguntzen lerro hori 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, eta aldatu egin da deialdi hori sartzeko; horrela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eskakizunak betetzen ditu.

Printzipio horiekin bat, eta gastu-kredituaren habilitazioan oinarrituta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak norgehiagoka-araubidean emango dituen dirulaguntzak iragartzea, lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietan lan egiten duten enpresa eta langileei zuzenduta, lan-arriskuen prebentzioaren arloan sektorearteko edo sektoreko ekintzak egiteko.

2. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honetan xede diren laguntzak bateragarriak dira administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunak dirulaguntza horiek eskuratuz gero, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi beharko dio.

2.– Emandako laguntzen eta dirulaguntzen zenbatekoaren kopuruak ezin izango du gainditu egindako inbertsioaren guztizko kostuaren % 100 (ez jarduketa horrexetarako diren beste dirulaguntza batzuekin pilatuta, ez finantzatutako ekintzan lortutako diru-sarrerei gehituta). Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak

Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak 2023rako transferitutako aurrekontu-kreditutik ateratzen dira ebazpen honen xederako baliabide ekonomikoak. Bostehun eta hirurogei mila hirurehun eta berrogeita hemeretzi euro eta hogeita hamahiru zentimo dira (560.359,33), «ekainaren 26ko TES/711/2023 Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, lurralde-eremuko lan-arriskuen prebentzioaren arloko ekintzak finantzatzeko kredituak banatzen zaizkie autonomia-erkidegoei, 2023ko ekitaldirako, Estatuaren Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuta» (2023ko uztailaren 3ko BOE, 157. zenbakia).

Deialdia ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

4. artikulua.– Ekintzen hartzaileak.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietan zerbitzuak ematen dituzten enpresak eta langileak izango dira ekintzen hartzaileak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke:

1.– Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren erakundeak.

2.– Dagokion sektore- eta lurralde-eremuan ordezkaritza duten enpresa- eta sindikatu-erakundeak.

3.– 1. eta 2. puntuetan aurreikusitakoek eratutako fundazioak, taldeak edo bestelako erakundeak.

Sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren arabera eratuta egon beharko dute sindikatuek eta enpresa-erakundeek.

6. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Ezingo dira onuradun izan zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten erakundeak, dirulaguntzak itzuli behar izan dituztenak, ez eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako beste egoeraren batean daudenak ere. Baldintza horiek eskatu ahal izango dira bai erakunde onuradun izateko, bai onuradun izaten jarraitzeko lortutako dirulaguntza likidatu arte.

2.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik hasita, hau da, deialdi hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik.

8. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak egiteko jarraibideak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko inprimakira) esteka honetan dago:

https://www.euskadi.eus/servicios/0048508

2.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak (sarrera, izapidea eta jarraipena) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

3.– Eskabide elektronikoa ordezkari baten bidez aurkeztu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman ahal izango du, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadurarako onartuta dauden bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Izapidetze elektronikoa arautzen du 91/2023 Dekretuak, ekainaren 20koak, Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak baliabide elektronikoen bidez eskuratzeari buruzkoak. Eskabidea, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 76-79 artikuluetan xedatutako moduan.

6.– Formulario elektroniko normalizatuko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun-agiri nazionalaren (NAN) edo identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) datuak eta erregistro ofizialetako datuak eskura edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isilbidez eman dela ulertuko da, berariaz baimena ukatzen ez bada.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Erakunde eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.

b) Erakunde eskatzaileak egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan onuradun izatea eragozten duten egoeretako batean ere ez egotea.

c) Erakunde eskatzaileak prebentzio-modalitate bat hartu izana Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan jasotakoen artean, eta arriskuen ebaluazioa egin izana edo egiten ari izatea.

Laguntza-eskaria aurkezten duelarik, erakunde eskatzaileak berariazko baimena emango du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, azaroaren 17ko 38/2003 Legea arautzen duen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako inguruabarren egiaztapena (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Kasu horretan, erakunde eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako erregelamenduaren artikulu jakin horietan aurreikusitako baldintzetan.

8.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

a) Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:

– Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia ziurtatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.

– Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Erakundearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.

b) Eskatutako jardueraren deskribapena, I. eranskineko ereduaren arabera.

c) Eskatutako jardueraren aurrekontu ekonomikoa, II. eranskineko ereduaren arabera.

Ez dira aurkeztuko Administrazioak dagoeneko badituen dokumentuak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua).

9. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epearen barnean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/. Jakinarazpen hori egindakotzat joko da interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da prozeduraren arabera, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu.

10. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.

1.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2024ko azaroaren 30era bitartean egin beharko dira, eta, zalantzarik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzea izan beharko dute helburu, bereziki enpresa txikietan.

2.– Diruz lagundu beharreko jarduerek genero-ikuspegia jaso behar dute, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenak) 3., 16. eta 18.4 artikuluetan jasotakoaren arabera. Laburbilduz, garatzen den jardueraren eremu zehatzean emakumeen eta gizonen artean egon daitezkeen aldeak sistematikoki kontuan hartzen dira. Horretarako, kontuan izan behar ditugu hauek:

• Egiten diren datu-bilketetan, sexuaren aldagaia sistematikoki sartzea.

• Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak, horien adierazpena eta aztertuko den errealitatearekiko elkarreragina hobeto ezagutzea ahalbidetuko duten adierazleak ezartzea eta txertatzea.

• Beharrezkoak diren adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, lege honen 3.1 artikuluaren azken paragrafoan aipatutako diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen dituzten beste aldagai edo faktore batzuen eragina ezagutzeko.

• Lagin zabalak hartzea, sartutako aldagai guztiak sexuaren aldagaia oinarri hartuta ustia eta azter daitezen ahalbidetzeko.

• Eskura dauden datuak ustiatzea eta hedatzea; hartara, esku-hartzearen eremuan emakumeek eta gizonek bizi dituzten egoera, baldintza, jomuga eta premia ezberdinen berri eduki ahal izango da.

3.– Diruz lagun daitezkeen jarduerek honako ekintza-mota hauek barne hartuko dituzte:

a) Informazio-ekintzak: lan-arriskuen prebentzio-ekintzaren printzipioak edo printzipio horiek aplikatzeko arau zehatzak langileen eta enpresaburuen artean zabaltzea helburu dutenak izango dira.

b) Laguntza teknikoko ekintzak: prebentzio-jardueren aplikazio praktikoaren eta materialaren ondoriozko arazoak aztertzeko eta ebazteko direnak izango dira.

c) Prestakuntza-ekintzak: ekoizpen-jardueraren sektoreetan eta azpisektoreetan eman daitezkeen programen metodoak eta edukiak diseinatzean datza, batez ere enpresa txikiek osatutako egitura duten programetan.

d) Lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzea sustatzeko ekintzak: langileek eta enpresaburuek lan-arriskuen prebentzioari buruzko legezko, arauzko eta hitzarmenezko xedapenak ezagutu eta aplikatzea sustatzen dutenak izango dira, bereziki produkzio-jardueraren sektore- eta lurralde-eremuetan garatutako mekanismoen eta tresnen bidez.

Ebazpen honen III. eranskinean, ekintza-mota bakoitzerako diruz lagun daitezkeen jardueren zerrenda orientagarria jasotzen da.

4.– Diruz lagundutako ekintza egitea erakunde onuradunaren betebehar pertsonala da, oinarri hauetan ezarritako salbuespenekin, betiere honako artikulu hauetan ezarritako mugekin eta baldintzetan: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikulua.

Erakunde onuradunek hirugarrenekin itundu ahal izango dute diruz lagundutako jarduera egikaritzea, betiere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar gehienez, azpikontratu guztien prezioak gehituta. Azpikontratazioa idatziz formalizatu beharko da hautatutako kontratistarekin.

Azpikontratistak erakunde onuradunaren aurrean bakarrik egongo dira behartuta, eta onuradunak bere gain hartuko du dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzeko erantzukizun osoa.

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak, diruz lagundu ezin diren gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Sektorearteko ekintzek gehienez 100.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango dute proiektu bakoitzeko, eta sektoreko ekintzek 50.000 eurokoa proiektu bakoitzeko.

2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak:

Jarduerak garatzeko beharrezkoak diren gastu guztiak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, baldin eta jarraian ezarritako mugak betetzen badira eta eskabideari erantsitako dokumentazioan ezarritako eta behar bezala zehaztutako gauzatze-aldian egiten badira, betiere azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. eta 31. artikuluetan ezarritako arauak betez.

Dirulaguntzaren bidez, jardueraren diruz laguntzeko moduko gastuen ehuneko ehuneraino finantzatu ahalko da. Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira, ondoren xehakatzen den zerrendaren barruan jasotzeaz gainera proiektua gauzatzeari dagozkion jarduerak garatzearen ondorioz sortzen direnak.

Kostu horien artean daude honako hauek:

a) Langile-gastuak:

Erakunde onuradunaren langile-gastuak; erakunde horrek egiaztatu beharko ditu langile horiek zenbat ordu egin dituzten proiektuari loturiko jardueretan eta orduen kostua zein den.

Teknikari laguntzaileak proiektura biltzeak ekarritako kostua. Teknikari horiek obra edo zerbitzu jakinerako edo prestakuntza-beken bidez kontratatuko dira, bi kasuetan jarduerarako soilik, eta horretan baino ez dute jardungo lanean.

b) Proiektua gauzatzeko gastuak:

Aparatuak, ekipoak eta dibulgazio-materiala: ekipamendu eta tresnen kostuak ikerketa-jarduerarako erabiltzen diren neurrian eta aldian finantzatuko dira, eta, beraz, urteko amortizazioak baino ezingo dira finantzatu. Aparatu eta tresna hauek aurkeztuko dira justifikatzeko: hasieran onartuak, izendapen berberekin, edota gerora onartutako aldaketetan jasotakoak. Ez da aparatu eta ekipoak aldatzeko eskatu beharrik izango, baldin eta berriek pareko funtzionalitatea badute. Nolanahi ere, aldaketa horiek argi azaldu beharko dira justifikatzeko memoria ekonomikoan. Partida horren barnean finantzatzeko gastutzat hartuko da aparatuak eta ekipoak eskuratzea «renting» eta «leasing» formulen bidez. Kasu horietan, hauek baino ez dira hartuko gastu finantzagarritzat: tresna horiek ikerketa-jardueretarako erabiltzen diren hilabeteei dagozkien ordainketa-kuotak. Dibulgazio- edo prestakuntza-ekintzetarako materialetik eratorritako gastuak finantzatu ahal izango dira.

Azpikontratazio-gastuak: azpikontratazio-gastuak behar bezala xehakatuko dira, eta proiektua gauzatzeko eginikoak soilik hartuko dira aintzat. Azpikontratazioa deialdi honen 10. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako ezaugarrien mende egongo da. Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onetsitako azpikontratazio-gastuak finantzatuko dira.

Proiektuan zuzenean erabiltzeko bibliografia-funtsak eta material suntsikorra erosteko gastuak.

Bidaiak, joan-etorriak eta mantenu-gastuak: jardueraren lantaldeko kideenak edo proiekturako kontratatutako teknikari laguntzaileenak baino ez, laneko segurtasunaren eta osasunaren gaineko proiektuetarako finantzatu daitekeen kostuaren % 5eko mugarekin. Diruz lagundutako jarduera egiteko ezinbesteko gastuak baino ez dira finantzatuko: eskabidearen memorian aipatzen direnak edo ondoren onartzen direnak, jarduera gauzatzeko eta emaitzak aurkezteko ezinbestekoak direnean. Inoiz ez dira finantzatuko egonaldi akademikoen edo prestakuntza jasotzeko egonaldien ondoriozko gastuak.

Inoiz ez da diruz lagunduko benetan jasan ez den BEZa, edo dirulaguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.

Zeharkako gastuak: justifikatutako zenbatekoaren % 15 onartuko da, gehienez, zuzeneko gastu gisa. Behar bezala justifikatzeko, aurkezpen-datan ikuskatutako azken urteko kontuak aurkeztuko dira, erabilitako egozpen-irizpideen azalpenarekin. Aurkeztu beharreko nominak diruz lagunduko den aldian gauzatutakoak eta aurreikusitakoak izango dira.

3.– Eskura dauden baliabideak ezin izango dira erabili azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako enpresa-betebehar prebentiboak edo lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudian aurreikusitako beste edozein betebehar betetzeko ekintzak finantzatzeko.

12. artikulua.– Laguntzen izaera, balorazioa eta esleipen-proposamena.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Horretarako eratutako balorazio-batzorde bat arduratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeaz eta deialdi honen 10. artikuluan ezarritako baldintza espezifikoak betetzen direla egiaztatzeaz, eta dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari.

3.– Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

Burua: Osalanen Zuzendariordetza Teknikoan diharduena. Inés Alvarez Vazquez.

Kideak:

– Osalanen Plangintza Zuzendariordetzan diharduena. Iñaki Olaizola Nogales.

– Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko arduraduna. M.ª Nieves De la Peña Loroño.

– Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako Lan Osasuneko Unitateko medikua. Raquel Estebanez Urrutikoetxea.

– Osalanen Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Osasuneko Unitateko medikua. Jesús Torrell Martinez.

– Osalanen Zuzendariordetza Teknikoko lan-arriskuen Prebentzioko teknikaria. Helena Barrenetxea Zorrilla

– Osalanen Gipuzkoako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria. Iñigo Olaciregui Garbizu

– Osalanen Arabako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikaria. Fernando Serrano Sanz.

– Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako berdintasun-teknikaria. Raquel Raposo Acevedo.

Idazkaritza: Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako Ikerketa Programen teknikaria. Fco. Javier González Gómez

Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, betiere, hurrenkera horretan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Osalanen Plangintza Zuzendariordetzako teknikaria izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Plangintza Zuzendariordetza betetzen ez duen batzordekide batek beteko du aldi baterako ordezkapena, baldin eta kargua hutsik badago, langilea kanpoan badago edo gaixorik badago.

Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu, ahotsarekin baina botorik gabe. Batzordeburuak izendatuko ditu aholkulari horiek, deialdiaren xedeko gaian duten kualifikazio eta esperientzia aintzat hartuta. Aholkulariek ez dute zertan enplegatu publiko izan.

4.– Aurretiazko administrazio-baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak artikulu honetan ezarritako irizpideen arabera balioetsiko ditu aurreikusitako balorazio-batzordeak.

Eskaerak baloratzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, erakunde eskatzaileei eskatu ahal izango die egoki deritzon dokumentazio osagarria aurkez dezatela.

Balorazio-fasea amaitutakoan, batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo dio Industriaren eta Osalaneko zuzendari nagusiari. Proposamen horretan, eskatutako dirulaguntzak ematea edo, hala badagokio, ukatzea proposatuko du, eta, lehenengoen kasuan, erakunde onuradunen izena edo izen soziala, emandako zenbatekoa eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adieraziko ditu. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza ukatu izanaren arrazoiak adieraziko ditu.

5.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak hautatzean, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan garatzen diren jarduerak direla ikusiko da, eta III. eranskinean jasotako gaiekin bat datozela baloratuko da.

6.– Balorazio-irizpideak

Balorazio-batzordeak onartutako eskabideetan aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta honako balorazio-irizpide hauen arabera baloratuko ditu (gehienez 100 puntu):

a) Inpaktu- eta egokitasun-irizpideak (gehienez 50 puntu).

– Langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko aurreikuspena: prebentzioaren integrazioaren gaineko eragina, prebentzio-tresnen diseinuaren eta egikaritzaren hobekuntza: arriskuen ebaluazioa, prebentzio-plangintza, osasunaren zaintza. Esperientzia langileen prestakuntza eta ezagutza hobetzen: eragina langileen, enpresaburuen eta beste eragile batzuen prestakuntzan, ezagutzan eta aholkularitzan (0-15 puntu)

– Emaitzen aplikagarritasuna eta proiektuaren eragin sozioekonomikoa: proiektuaren erabilgarritasuna eta aplikazioak lan-arriskuen prebentzioan (enpresetan, ekoizpen-sektoreetan edo orokorrean duten aplikazioa). Esperientzia enpresekiko eta langileekiko harreman zuzenean. Enpresa txikiei bereziki zuzendutako jarduera (0-15 puntu).

– Proiektua deialdiko gaietara egokitzea: aukeratutako III. eranskineko proiektuaren gaiarekiko zehaztasuna, argitasuna eta egokitasuna, eta proiektuan genero-ikuspegia txertatzeko moduaren zehaztasuna, argitasuna eta egokitasuna (0-10 puntu).

– Emaitzak zabaltzeko plana: jardueraren hedapen aktiborako plana, tailer, mintegi, webinar eta abarren bidez. Bitartekoak, publizitatea, iragarkiak eta inpaktu-tokiak langileen kolektiboentzat zabaltzeko aukera. Proiektua argitalpen zientifikoetan, aldizkari espezializatuetan, jardunaldi eta bilera zientifikoetan, beste argitalpen batzuetan, patenteen erregistroan eta abarretan argitaratzeko aukera (0-10 puntu).

b) Irizpide teknikoak: proiektuaren kalitate-maila, hedapena eta genero-ikuspegiaren txertaketa (gehienez 50 puntu).

– Metodologia: argi deskribatuta dagoen, ikergaiarekin bat datorren, lanaren helburuak zein diren, lan-ildoaren garapenerako elementu eta teknikak zer-nola deskribatuta dauden, adierazleak zenbakarriak, justifikatuak eta kontrolatzeko modukoak diren baloratuko da (0-10 puntu).

– Proiektuaren plangintza: zereginen deskribapena kronograma baten bidez (zereginen banaketa, sekuentzia eta iraupena). Eskura dauden baliabideak proposatutako helburuetara egokitzea: giza baliabideak eta baliabide teknikoak, kudeaketa-plan koherentea eta posibilista, aurreikusitako epeak, etab. Azpikontratatutako jarduerak kronograman eta kudeaketa-planean nola txertatzen diren (0-10 puntu).

– Proiektua gauzatuko duen taldearen eta pertsonen gaitasun teknikoa eta profesionala. Esperientzia eskaintzen duen laguntza profesionaleko sare edo egitura bat izatea. Taldeak antzeko proiektuetan duen esperientzia (0-10 puntu).

– Memoria ekonomikoa bat etortzea proiektua gauzatzeko lanekin: aurrekontu xehakatua, deskribatutako jarduerekiko egokitasuna, partaide vs jarduera denbora-diagrama, ikertzaileen kostua orduko, proiekturako instalazioak eta azpiegiturak (0-10 puntu).

– Proiektuaren berrikuntza-maila: proiektuaren faktore berritzaileak, baliabide teknologikoak, abantaila aipagarriak, gaiaren ezagutza eta aurrekariak: esperientzia proiektuaren gaian, esperientzia lan-eremu horretan genero-ikuspegia txertatzen, ikerketa-jardueraren lan-esparruarekin lotutako argitalpenak (0-10 puntu).

Ezetsi egingo dira gutxienez puntuazio hauetakoren bat lortzen ez duten proposamen guztiak:

– Guztira 60 puntu bi atalak batuta.

– Gutxienez 30 puntu atal bakoitzean.

Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, hurrengo irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen proiektuaren alde egingo da, ondoren planteatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera:

1.a Pertsonen osasuna hobetzeko aurreikuspena.

2.a Aplikagarritasuna enpresa txikietan edo lan-arriskuen prebentzioa kudeatzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetan.

3.a Emaitzen aplikagarritasuna eta ikerketa-proiektuaren eragin sozioekonomikoa.

4.a Genero-ikuspegia kontuan hartzea.

5.a Proiektuaren berritasuna.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen eta jakinarazpen epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira. Prozedura hori ebaztea Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunen izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera eta emandako zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen sozialaz gain, laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.

3.– Aurreko paragrafoan azaldutako ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta erakunde interesdunek, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; horrela ezartzen du urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak) 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; horrela ezartzen du uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duenak) 8.3 eta 46.1 artikuluetan.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu. Argitalpena egiten den egun berean, horren berri emango zaie erakunde interesdunei, baldin eta eskabidean gailu elektroniko bat eta/edo helbide elektroniko bat identifikatu badute horretarako.

5.– Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 124. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Erakundeak berariaz ebaztea.

6.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik izapidetzen ari badira. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatezko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

14. artikulua.– Esleipen-ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, litekeena da laguntza emateko ebazpen hori aldatzea edo bertan behera uztea. Erakunde onuradunak Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren V. Tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.

2.– Esleipen-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan egin beharko dira jarduketak. Alabaina, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, betiere dirulaguntzaren bidez lortutako helburuei edo laguntza emateko funtsezkoak diren edo erabakigarriak izan diren alderdiei, erakunde onuradunaren zehaztapenari eta hirugarrenei eragiten ez badie, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du eta, hala badagokio, emandako dirulaguntzen zenbatekoak birdoitu. Erakunde onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak finkatu zituen).

3.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio dirulaguntza, era proportzionalean.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikazio-prozedura.

1.– Administrazioak dirulaguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde onuradunak hirugarrenen erregistro egokian jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa honela emango da:

a) Lehenengo ordainketa: % 50eko aurrerakina, jarduerak egiteko aldez aurreko ordainketa gisa, 13.2 artikuluan jasotako ebazpena eman ondoren.

b) Bigarren ordainketa: gainerako % 50a aurreikusitako jarduerak amaitu ondoren ordainduko da, baina justifikazio-agiriak 2024ko abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira hurrengo atalean adierazitakoaren arabera.

3.– Eskatutako ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, eta onartutako jardueraren kostua ordaindu aurretik, erakunde onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Egindako jarduerak eta horien kostua jasotzen dituen memoria ekonomikoa, II. eranskinaren arabera. Memoria honetan jasotzen diren langile-gastuek honako hauek izan beharko dituzte: proiektuan emandako ordu-kopurua, langilearen izen-abizenak, guztizko kostua edo urteko edo aldiko kostua (soldata eta gizarte-segurantzaren kostua banakatuta), urteko ordu-kopurua edo, gastua zein langileri egozten zaion, haren aldia eta orduko kostua.

b) Egindako gastuen fakturak edo egiaztagiriak.

c) Deklarazio osagarria, administrazio publiko eskudunei edo horiei lotutako edo mendeko erakundeei jarduera bererako eskatutako laguntzak jasotzen dituena, bai onartutakoak bai ebazteke daudenak, bai jasotako zenbatekoa eta/edo jasotzeke dutena.

4.– Jardueraren onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak justifikatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurrekontuan jasotako gastua benetan egin dela egiaztatuz. Fakturak zalantzarik gabe lotuta egongo dira diruz lagundutako jarduerekin, eta horietan bereizita eta banakatuta agertu beharko dira finantza daitezkeen kontzeptuak. Fakturekin batera, ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Ordainketen egiaztagiriak fakturetarako ezarritakoez bestelako epeetan aurkeztu ahal izango dira, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aldez aurretik eskatuta.

5.– Gastuen fakturak edo dagozkien agiriak 2024ko azaroaren 30a baino lehenagokoak izan beharko dira.

6.– Ez da inolako ordainketarik egingo erakunde onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

7.– Onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek edo haren sektore publikoko gainerako erakundeek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik abiarazitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek bukatu gabe badaude.

8.– Dokumentazioa jaso ondoren, Osalaneko langileek txosten tekniko bat egingo dute, enpresak eraman dituen jarduerak Osalaneko Batzorde Teknikoak balioetsitakoekin bat datozen adierazteko. Txosten hori egin ondoren, Administrazio Sailak, fakturak eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak egiaztatu ondoren, ordainketa egingo du jakinarazpen bat eginez, azkenean onartutako zenbatekoa adierazita.

16. artikulua.– Jarduketen segimendua eta kontrola.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileek aldian behingo jarraipena egingo dute, ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, bai eta egiten ari diren eta egin diren ekintzak egiaztatzeko ere. Alde horretatik, erakunde onuradunek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa eman beharko dute.

17. artikulua.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.

Dirulaguntzaren erakunde onuraduna Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko egoeraren batean egonez gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan edo Dirulaguntzen Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritako kasuetako batean, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, honako hau adierazi: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela erakunde onuradunak, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezko beste akzio batzuk, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen ditu). Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubide hau aplikatuko zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 52. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa.

Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak partzialki betetzen ez badira, emandako laguntzaren zenbatekoa azkenean justifikatutako jardueretara egokituko da, ebazpen honen 11. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Alde batera utzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta aplikatu beharrekoak diren beste betebehar batzuk, eta, batez ere, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak, honako betebehar hauek izango dituzte dirulaguntza hauen onuradunek

Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

2.– Argitalpen, liburuxka, agiri eta euskarri informatiko guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundu izana, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zenbakia).

3.– Erakunde onuradunek egindako jarduerak ikuskatzeko aukera emango diote Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari.

4.– Aldez aurretik jakinarazi beharko zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari diruz lagundutako jardueretan aurreikusitako baldintzetan aldaketarik gertatzen bada.

5.– Erakunde onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea edo dirulaguntzak eman izanaren oinarrian dagoen jarduera egitea edo jarrera hori hartzea.

b) Ezarritako epeetan, eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta jarduera egin dela eta dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin zuen helburua bete dela egiaztatzea ere.

c) Dirulaguntza ematen duen erakundeak egingo dituen egiaztapen-ekintzak betetzea, eta eskumena duten kontrol- eta jarraipen-organoek (Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, esaterako) finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen beste edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.

d) Laguntza eman duen organoari jakinaraztea helburu bererako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla estatuko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik, eta horiei eman zaien aplikazioa. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

e) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiri guztiak gordetzea eta jarraipen-organoari ematea, organo horrek hala eskatzen duenean, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen heinean.

f) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, erakunde onuradunari kasu bakoitzean aplika dakiokeen merkataritzako eta sektoreko legerian eskatzen den bezala, baita deialdi-agindu honetan eskatzen diren erregistro espezifikoak eta kontabilitateko egoera-orriak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala erabili ahal izateko.

g) Azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

h) Azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako baldintza guztietan jasotako funtsak itzultzea.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalak izen hau duen tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira: laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak.

Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

Helburua: bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea horiek eskatzen dituzten pertsonei edo erakundeei. Ikerketa-lanen zabalkundea egitea, hainbat euskarritan argitaratuta. Deialdiak ezagutaraztea.

Legitimazioa:

Interesdunaren adostasuna.

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egindako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

– Ogasun publikoa.

– Interesdun legitimoak.

– Kontuen Epaitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.

– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:

(https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/000100-capa2-eu.shtml)

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra

https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzek honako hauetan ezarritakoa bete behar dute: uztailaren 21eko TES/864/2023 Agindua, laneko arriskuen prebentzioaren arloan jarduerak egiteko norgehiagoka-araubideko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onartzen dituena Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean ezarritakoaren arabera; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (horren erregelamendua 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasu horietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. Horrela ezartzen du urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak) 123. eta 124. artikuluetan eta uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duenak) 8.3 eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Barakaldo, 2023ko abenduaren 19a.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

I. ERANSKINA
PROIEKTURAKO MEMORIA-EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROIEKTUAREN MEMORIA EKONOMIKOAREN EREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
10.3 ARTIKULUAN AURREIKUSITAKO JARDUERA DIRUZ LAGUNGARRIETARAKO GAIEN ZERRENDA ORIENTAGARRIA

a) Informazio-ekintzak: lan-arriskuen prebentzio-ekintzaren printzipioak edo printzipio horiek aplikatzeko arau zehatzak langileen edo enpresaburuen artean zabaltzea helburu dutenak izango dira.

1.– Teknologia berrietan oinarritutako dibulgazio-jarduerak: laguntza-webguneak, app interaktiboak. Gune interaktiboak, albisteak eta aholkuak zabaltzeko, laneko arriskuen prebentzioari buruzko galderei erantzuteko. Ahal dela, langile autonomoei, enpresa txikiei eta osasuna prebenitzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei zuzenduta. Gai zehatzekoak izan litezke.

2.– Komunikabideetan aldizkako argitalpen finkoak agertzeko kanpainak, «atal» gisa. Akordioak mota guztietako bitartekoekin: idatziak, ikus-entzunezkoak, informatikoak.

3.– Streamer kanpaina espezifikoak sortzea zuzenekoen edo bideoaren bidez, lan-arriskuen prebentzioaren gaikako kanal bat sortzea. Gai zehatzak.

b) Laguntza teknikoko ekintzak: prebentzio-jardueren aplikazio praktikoaren eta materialaren ondoriozko arazoak aztertzeko eta ebazteko direnak izango dira. Enpresa txikien gaineko ikuspegi berezia duten proiektuak baloratuko dira.

4.– Lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketa enpresaren kudeaketan integratzen laguntzeko proiektuak. Biztanleria jakin batean aplikatzeko proiektu zehatzak edo proiektu orokorragoak.

5.– Arriskuen ebaluazioa eta prebentzio-plangintza hobetzen laguntzeko proiektuak. Metodologiak, ezarpena eta jarraipena enpresan.

6.– Enpresetan osasunaren zaintza hobetzeko proiektuak: plangintza, prebentzio-jardueretako txertaketa, prebentzio-diziplinen kohesioa, osasunaren zaintza barne.

7.– Enpresan lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaineko informazioa eta ikerketa hobetzeko proiektuak.

8.– Osasunean eragin zehatzak murrizteko proiektuak. Lehentasunezko gaiak, honako hauek prebenitzeko:

– muskulu eta hezurretako kalteak.

– in itinere istripuak.

– lan egiteko modu berriek eragindako kalteak: telelana, 4.0 enpresa, robotika kolaboratiboa...

– lan-istripu «ez-traumatikoak»

9.- «Enpresa osasungarrietan» aurrera egiteko eta osasuna sustatzeko jarduerak.

c) Prestakuntza-ekintzak: Ekoizpen-jardueraren sektoreetan eta azpisektoreetan eman daitezkeen programen metodoak eta edukiak diseinatzean datza, batez ere enpresa txikiek osatutako egitura duten programetan.

10.– «Eskolako» prestakuntzara bideratutako proiektuak: curriculum-proposamenak, lan-arriskuen prebentzioa prestakuntza arautuan sartzeko jarduerak.

11.– Prestakuntza interaktiborako berariazko gaiak edo publiko espezifikoei zuzendutakoak prestatzeko plataformak sortzea. Enpresa txikiari zuzendutako programak baloratuko dira.

12.– Prestakuntza-kanpaina espezifikoak, jardunaldiak edo mintegiak antolatuz.

d) Lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen dela sustatzeko ekintzak: langileek eta enpresaburuek lan-arriskuen prebentzioari buruzko legezko, arauzko eta hitzarmenezko xedapenak ezagutu eta aplikatzea sustatzen dutenak izango dira, bereziki produkzio-jardueraren sektore- eta lurralde-eremuetan garatutako mekanismoen eta tresnen bidez.

13.– Dibulgazio-materiala argitaratzeko proiektuak, enpresek eta langileek lan-arriskuen prebentzioari dagokionez dituzten betebeharrak eta eskubideak erakusteko. Bereziki enpresa txikiei eta prebentzioaren kudeaketan zailtasun handienak dituzten kolektiboei zuzendutako kanpainak. Lehentasunezko gaiak:

– informazio-trukea eta beharra: arriskuak identifikatzea eta ebaluatzea, osasunean dituen ondorioak...

– bereziki sentiberak diren langileen lanpostuan jardutea.

– haurdun eta edoskitzaroan dauden emakumeen lanpostuan jardutea.

– lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen ikerketa eragingarrirako jardutea.

– langileen parte-hartzea: prebentzioko ordezkariak, segurtasun- eta osasun-batzordea.


Azterketa dokumentala