
219. zk., 2023ko azaroaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (353 KB - 21 orri.)
- EPUB (487 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5160
AGINDUA, 2023ko azaroaren 7koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzetarako deia egiten duena 2023ko ekitaldirako.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren lehentasunezko jardun-arloetako bat da nekazaritzako eta elikagaigintzako ekoizpen-eremuetan sektorea egituratzeko bultzada ematea, azpisektore bakoitzaren aholkularitza eta interesak indartzeko artikulazio-elementu gisa, nekazaritzako elikagaien balio-katearen barruan negoziatzeko duten gaitasunean.
Hortik dator «Elkarteak» programa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei laguntzeko programa, eta helburutzat ditu azoken funtzionamendu-, ordezkaritza-, laguntza- eta antolaketa-gastuak finantzatzea, bai eta azpisektore-eremu bakoitzean ekoizpena hobetzeko proiektu esperimentalak egitea ere.
Laguntza-programa hau sartuta dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bitartez onartu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus
Indargabetu egin zen 233/2011 Dekretua, azaroaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa) (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 233. zk., 2011ko abenduaren 12koa), irailaren 19ko 134/2023 Dekretuaren bidez –134/2023 Dekretua, irailaren 19koa, Nekazaritzako Europako Berme Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen Erakunde Ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen Dekretua aldatzekoa eta 233/2011 Dekretua, azaroaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialentzako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa), indargabetzekoa–. Hala, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren asmoa da euskal nekazaritzaren sektorean asoziazionismoa sustatzen jarraitzea; horregatik, sailburuordetzaren helburuekin bat datozen laguntzak emateko sistema bat arautzea proposatzen du.
Agindu honen xedea da euskal nekazaritza-sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei dirulaguntzak emateko mekanismo bat ezartzea, erakunde horiek funtsezkotzat jotzen baitira azpisektore jakin batzuk beren jarduerak sustatuz egituratzeko.
Aginduak genero-ikuspegia txertatzen du, bai lantzean, bai aplikatzean, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen arabera, bai eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera ere.
Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Horren arabera, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak proposatuta eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan emandako ahalmenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onestea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzen 2023rako deialdiaren oinarriak (agindu honen I. eranskinean jasota daude).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuan jasotako oinarrizko araudia, zeinaren bidez azken horren Erregelamendua onartzen den, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 7a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako 2023ko ekitaldirako laguntza ekonomikoen deialdia egitea, helburu hauekin: 2023. urtean prestakuntza-jarduerak eta -azterlanak egitea, jarduerak sustatzea eta zabaltzea, haien helburu sozialak betetzeko funtzionamendu-gastuak ordaintzea, eta elkartekideak sustatzeko azokak eta lehiaketak antolatzea.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Helburu hori betetzeko, 350.000,00 (Hirurehun eta berrogeita hamar mila) euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako partidetatik: 250.000,00 (Berrehun eta berroigeta hamar mila) euro nekazaritza-sektorerako eta 100.000,00 (Ehun mila) euro elikagaigintza-sektorerako.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Laguntza hauen onuradun izan daitezke EAEko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreetako elkarte profesionalak eta haien federazio eta konfederazioak.
2.– Kanpoan geratzen dira izaera sindikaleko nekazaritza-erakunde profesionalak, hau da, EAEko nekazaritza-sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea helburu dutenak, bai eta EAEko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duen urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan sartzen diren elkarteak ere.
4. artikulua.– Onuradunen betekizunak.
1.– Eskabideak aurkezteko epean betekizun espezifiko hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:
a) Legez eratuta eta inskribatuta egotea dagokion erregistroan edota Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 86. artikuluaren bidez sortutako Nekazaritzako eta Elikagaigintzako elkarte adierazgarrien erroldan, 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen.
b) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) Bere helburu soziala soilik nekazaritza- edo elikagaigintza-sektorearen interesak defendatzeari eta ordezkatzeari lotuta egotea.
d) Irabazi-asmorik ez izatea.
e) Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.
2.– Ezin izango dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.5 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean daudenek; besteak beste, egoera hauetan daudenek:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak ordaindu gabe izatea.
b) EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean ez egotea. Betebehar horien ordainketa egunean dutela ulertuko da, baldin eta zorrik ez badute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edozein erakunderekin edo haren sektore publikoarekin, betearazpen-aldiko dirulaguntzak itzultzeagatik, edo, onuradunen edo premiamendu-bidea erabili behar ez duten erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu ez diren zorrak ez badituzte. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo bermatuta daudenean, edo dagokion ebazpenaren inpugnazioa dela-eta horiek bertan behera uztea erabaki denean.
c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat izatea, edo horretarako legezko debekuren bat izatea, sexu-diskriminazioak eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeak eragindakoak barne, dagokion zehapenean ezarritako aldian.
3.– Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 6/2015 Legearen 19.3 artikuluan ezartzen denez, nekazaritzaren arloan eskumena duten EAEko administrazioek ez diete ez laguntzarik ez dirulaguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin eta zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez badute.
4.– Betekizun horiek laguntza-eskabidea aurkezten den unetik emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta gehieneko zenbatekoak.
1.– Gastu hauek lagundu daitezke diruz 2023. urtean, gehienez % 70era arte:
a) Nekazaritza- edo elikagaigintza-sektorean jarduteko baldintzak sustatzeko eta hobetzeko ikerketak eta prestakuntza-ekintzak (aurrez aurrekoak zein telematikoak) egiteko gastuak, bai eta elkartearen jarduerak sustatzeko eta hedatzeko ekintzen gastuak ere.
b) Nekazaritza eta abeltzaintzako edo elikadurako azokak eta lehiaketak (aurrez aurrekoak zein telematikoak, autonomia zein estatu mailakoak) antolatzeko edo horietan parte hartzeko gastuak, gehienez ere ekitaldi bakoitzeko bi ordezkarirentzat. Kanpoan geratzen dira bidaia-gastuak (garraioa, ostatua, dietak...).
2.– Gastu hauek lagundu daitezke diruz 2023. urtean, gehienez % 50era arte:
a) Pertsonal-gastuak, kaleratzeagatik eta erretiro aurreratuagatik ematen diren kalte-ordainak izan ezik.
b) Helburuak lortzearekin lotutako funtzionamendu-gastu hauek:
– Alokairuak, erakunde eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzena bakarrik.
– Erakunde eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak.
– Aseguru-primak.
– Hornidurak, erakunde eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzetako txorrotako uraren, argiaren eta gasaren gastuei dagozkienak soilik.
– Beste erakunde batzuetako kide izateagatik ordaindu beharreko kuotak.
3.– Hauek dira gastu-kontzeptu bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak:
a) 30.000 euro, 5. artikuluko 1. apartatuko a) kontzeptuan adierazitako guztizko gastuan.
b) 10.000 euro, 5. artikuluko 1. apartatuko b) kontzeptuan adierazitako guztizko gastuan.
c) 30.000 euro, 5. artikuluko 2. apartatuko a) kontzeptuan adierazitako guztizko gastuan.
d) 20.000 euro, 5. artikuluko 2. apartatuko b) kontzeptuan adierazitako guztizko gastuan.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute. Onuradunak dirulaguntzaren xede diren ekintza guztiak azpikontratatu ahal izango ditu, 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan adierazitako mugen barruan.
5.– Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko aurkeztutako gastuengatik ordaindutako BEZari dagokion zatia, ez eta, oro har, beste edozein zergari dagokiona ere, eta, oro har, argi eta garbi definituta ez dauden eta agindu honen 5. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan jasotakoekin zuzenean identifikatu ezin diren gastu guztiak.
6. artikulua.– Kuantifikazio-irizpideak.
1.– Onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbateko zehatza ezartzeko, balorazio-ehuneko metagarriak aplikatuko zaizkio onartutako gastuaren zenbatekoari, betiere artikulu honetan ezarritako mugen barruan. Hauek dira balorazio-ehuneko metagarriak, sektoreka:
Elikagaigintza-sektorea:
a) Elkarte edo federazio sortu berriak, lurralde historikoetako elkarteak batzearen ondorioz eratutakoak (% 10 gehienez).
b) Erakunde eskatzaileak aldezten dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 20 gehienez).
e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 15 gehienez).
d) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen, Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere haren arloa modernizatu eta hobetzeari dagokionez (% 15 gehienez).
e) Azoka profesionaletan parte hartzea (% 10 gehienez).
f) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere (% 5 gehienez).
g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (% 5 gehienez).
Nekazaritza-sektorea:
a) Erakunde eskatzaileak aldezten dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 30 gehienez).
b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 25 gehienez).
c) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen, Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere haren arloa modernizatu eta hobetzeari dagokionez (% 15 gehienez).
d) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere (% 15 gehienez).
e) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (% 15 gehienez).
7. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak elektronikoki izapidetuko dira.
2.– Interesdunek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jarriko dira: http://www.euskadi.eus/egoitza
8. artikulua.– Eskabideen aurkezpena eta epeak.
1.– Dagokion zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak:
a) Elikagaien Kalitate eta Industria Zuzendaritzari, elikagaien sektorearen kasuan.
b) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, nekazaritzaren kasuan.
2.– Eskabideak kanal elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, eta web-helbide honetan eskuragarri dagoen eskabide-eredu normalizatuaren bidez:
Elikagaigintza-sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1083405
Nekazaritza-sektorea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113510
3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor eskuratu daitezke tramitaziorako jarraibideak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/
Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
9. artikulua.– Dokumentuak aurkeztea.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko, eskabide-inprimakia behar bezala beteta aurkeztu beharko da, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera eta erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuta, eta, horrez gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Erakundeak ekitaldi ekonomikoan garatu dituen edo garatzea aurreikusten duen jardueren eta ekimenen memoria deskribatzaile xehatua, eskatutako gastu eta jardueren arabera: datak eta lekua, parte-hartzaileen kopurua eta ekintzen xedea, giza baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), helburu bererako lortutako laguntzak, eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen beste alderdi guztiak, II. eranskineko ereduen arabera.
b) Eraketa-akta eta estatutuak, dagokion organo administratiboak ikus-onetsita.
c) Hala badagokio, erakundea batasun, federazio edo bestelako erakunde baten barruan dagoela egiaztatzen duen agiria.
d) Identifikazio fiskaleko txartela.
e) Erakundeak edo elkarteak agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskatzeko hartu duen erabakiaren ziurtagiria.
f) Hirugarrenen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ekonomia eta Ogasun sailak ezarritako ereduaren arabera. Helbide honetan eskuragarri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/. Lehen aldiz aurkezten diren edo banku-datuetan aldaketak dituzten eskatzaileek bakarrik. Fitxa hori laguntza eman ondoren aurkeztu daiteke, baina betiere laguntzak ordaindu baino lehen.
Era berean, gastuen zenbatekoa zehatz justifikatu beharko da, behin betiko faktura edo baliokidea erantsiz: eskabideak aurkezteko datan jada egindako ekintzei dagozkien gastuetarako.
2.– Interesdunak ez daude beharturik jada administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak aurkeztera. Administrazio jarduleak dokumentu horiek kontsultatzeko edo eskuratzeko aukera izango du, interesdunak aurka egin ezean. Ezin izango da aurka egin, dokumentua ekartzea nahitaezkoa denean zehatzeko edo ikuskatzeko ahala egikaritzeko esparruan.
3.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, horretarako haien baimena behar izan gabe. Hala ere, erakunde eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Dirulaguntza honi Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuko zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak bai Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa.
5.– Laguntza eskatzen duen erakundeak, eskabidearekin batera, eskabide-orrian agertzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:
a) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman duela.
b) Betetzen dituela agindu honen 4. artikuluan jasotzen diren eta agiri bidez egiaztatu ez dituen betekizunak.
6.– Eskatzaileak adierazi behar du eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela. Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak izatea ere (penala, zibila edo administratiboa).
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango dute, baldin eta aurkeztu den eskabidea behar bezala balioesteko beharrezkotzat jotzen badute.
10. artikulua.– Agiriak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako betekizunak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, akatsak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, deialdia ebazteko eskumena duen organoak horretarako ebazpena eman ondoren.
11. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
12. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Eskabideak aztertzeko, ebaluatzeko zein hautatzeko eta dirulaguntza kuantifikatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da; batzorde hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko hiru teknikari profesionalek –teknikari bat zuzendaritza bakoitzeko– osatuko dute, bai eta Zerbitzu-zuzendariak izendatutako beste teknikari batek ere, eta horien guztien zereginak hauek izango dira: batetik, aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, agindu honen 6. artikuluan ezarritako kuantifikazio-irizpideak aintzat hartuta; eta, bestetik, dagokion zuzendariari aurkeztu beharreko ebazpen-proposamen bat egitea.
2.– Balorazio-batzordearen barruan gizonezkoen eta emakumezkoen presentzia orekatua bermatuko da, eta bete egingo da, beraz, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak arautzen duena, zeinaren bidez onartzen baita emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina.
3.– Balorazio Batzordea izendatzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, aurkeztutako eskabideak baloratzen hasi aurretik.
13. artikulua.– Esleitzeko prozedura eta baloratzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak lehiarik gabeko prozeduraren bidez emango dira, baldintzak betetzen dituzten sektore bereko eskatzaileen artean. Aurkeztutako eskabideak alderatuta egingo da lehiaketa, agindu honetan ezarritako kuantifikazio-irizpideak aplikatuta.
2.– Erakunde eskatzaileen zerrenda ordenatua egingo da horren arabera, sektoreka; puntuazio handiena atera duena lehenik, eta hortik beherakoak ondoren. Puntu gehien lortu dituen eskabideari agindu honetan xedatutako gehieneko ehunekoa aplikatuko zaio, eta gainerako eskaerei, hortaz, lortutako puntuazioaren arabera aplikatuko zaie dagokien ehunekoa, hurrenez hurren.
3.– Sektore bakoitzerako aurreikusitako zenbateko ekonomikoa iristen bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie laguntza, aurrez erabakitako zenbatekoan. Gehieneko zenbateko globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiak ordaintzeko, zenbatekoa hainbanatu egingo da sektore bakoitzeko onuradunen artean, dagoen funtsak agortu arte.
4.– Sektore batean soberakinik badago, besteari egotziko zaizkio, erabat agortu arte.
14. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.
1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren edo Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, erakunde onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.
3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
15. artikulua.– Ordainketa.
1.– Laguntzaren helburu izan diren gastu guzti-guztiak behar bezala justifikatu eta gero abonatuko da laguntza; horretarako, gastuak justifikatzeko agiriez gain, II. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko da (Gastuak justifikatzeko inprimakia). Eta diruz lagundutako jarduera osorik egin ondoren eta egindako gastu guztiak agiri bidez justifikatu ondoren, justifikazio-kontu bat aurkeztuta. Kontu hori egiteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluaren bigarren apartatuan adierazitakoa beteko da. Justifikazio-kontu horretan, alderdi hauek jasoko dira:
a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko jarduketen justifikazio-memoria; bertan, zer jarduera egin eta zer emaitza eskuratu diren adierazi behar da.
b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, ondokoak zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa data. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
d) Horrekin batera, behin betiko fakturak edo diruz lagundu daitekeen gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira.
2.– Betiere, dokumentazio hori 2024ko urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztu beharko da. Beraz, onartutako programan aurreikusitako gastuak, 2023ko ekitaldian egin direnak edo egin behar direnak, egun hori baino lehen gauzatu beharko dira.
3.– Ez da inolako ordainketarik egingo erakunde onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
4.– Onuradunak aurretik eskaera arrazoitua eta idatzia egiten badu, laguntzaren zenbatekoaren % 50 aurretik ordaindu ahal izango da, deialdia erabakitzeko ebazpena jakinarazi eta dirulaguntza onartu eta gero. Gainerako % 50 dirulaguntza jaso zuen inbertsioa edo gastua erabat eta ondo erabili dela justifikatu eta gero ordainduko da.
5.– Dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko dirulaguntzaren bat dela-eta oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura hori amaituta egotea.
16. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen elkarte-erakunde onuradunek edozein kasutan ondoko obligazio hauek bete behar dituzte:
a) Dirulaguntza eskuratzeko beharrezko diren betekizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.
b) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Dirulaguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari edo Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote diruz lagundu daitekeen gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.
e) Beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa eman beharko diete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
f) Elkartearen jarduerak eta nekazaritza-sektorearekin lotutako berriak sustatzeko eta zabaltzeko elementuetan hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzen direla bermatu behar dute.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 18. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, dirulaguntzen onuradunen betebeharren inguruan eta dirulaguntzen publizitatearen inguruan, hurrenez hurren.
h) Osorik edo partzialki dirulaguntza honek finantzatuta egiten diren jardueretan, baldin eta jarduera horiek edozein bitartekoren bidez hedatzen badira, izan material inprimatuaren bidez edo izan Internet bidez, ikusteko moduan jarri beharko da sail honen logo instituzionala, testu hau goiburutzat duela: «...k diruz lagundua».
i) Euskal botere publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen erakunde onuradun gisa, beren jarduna 1/2023 Legegintzako Dekretuan jasotako berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera gidatzeko eta bideratzeko betebeharra bete beharko dute, horiek nahitaezkoak diren kasuetan (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).
2.– Artikulu honen 1.d) apartatuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako dirulaguntzari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
17. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Agindu honekin bat emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek emandakoekin.
2.– Laguntza bateragarrien zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketen kostua, ez beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ezta helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera ere.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzen arauan onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen badira.
19. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Onuradunek ez badituzte betetzen agindu honetan edo azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako betekizunak edo betebeharrak, kobratzeko eskubidea galdu dutela eta, hala badagokio, itzuli egin behar dutela adieraziko da, aldez aurretik interesdunari entzunda.
2.– Honako prozedura honi jarraituko zaio:
a) Eskumena duen zuzendaritzako titularrak emango dio hasiera prozedurari, eta, hala badagokio, eten egingo ditu oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Goian aipatutako ebazpenak oinarri dituen arrazoiak azalduko ditu, eta hamabost eguneko epea emango du alegazioak egin daitezen.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe amaitu ondoren, prozedurari amaiera emango zaio, eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez.
d) Itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea gehienez hamabi hilabetekoa izango da.
e) Ebazpenean adierazten bada ez-betetzeren bat egon dela, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat eman eta, bidezkoa denean, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari egoki den zenbatekoa, osorik edo partzialki, itzultzeko betebeharra ezarriko da, dagozkion zenbatekoak gehi dagozkion legezko interesak, betiere proportzionaltasun-printzipioa betez.
3.– Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.
4.– Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, ezta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala eskatzea ere.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta jasotzen diren datu pertsonalak tratatzeko orduan, berariaz beteko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia.
RSS