Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2023ko azaroaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5137

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 7koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko azaroaren 7ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia onartu zuen. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoarekin bat etorriz, eta estatutu horiek aldatzen dituen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horrenbestez, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia. Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2023ko azaroaren 7ko bilkuran, eta ebazpen honi eranskin gisa erantsi zaio.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 7a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO

ERANSKINA
URTEBETEZ EDO DENBORA GUTXIAGOZ LANGABEZIAN DAUDEN 50 URTETIK GORAKO PERTSONAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANTOKIETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Euskal Autonomia Erkidegoan, langabezia-tasak behera egin du azken urteetan: % 9,1ekoa izan da 2022ko aurreneko hiruhilekoan eta % 8,7koa 2023ko aurreneko hiruhilekoan, EUSTATen Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkestako datuen arabera.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan 2023ko ekaineko langabeziari buruz erregistratutako datuen arabera, langabeen % 43,24 50 urtetik gorakoak dira. Horietatik % 38,12 urtebetez edo denbora gutxiagoz daude langabezian. Talde horretan, % 36,16 dira 50 urtetik 54 urtera artekoak eta % 63,84, berriz, 55 urtetik gorakoak. Genero-desberdintasunak esanguratsuak dira talde horretan: 50 urtetik gorako langabeen % 57,28 emakumeak dira eta % 42,72 gizonak.

Enplegua sortzea eta jarduera ekonomikoa suspertzea dira Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin batera eta gizarte-eragileekin lankidetzan, Berpiztu 2020-2024 Programan islatu dituen lehentasun estrategikoko eta konpromisoko bi ardatzak. Halaber, badago hirugarren ardatz edo zeharkako arlo bat ere, enpleguaren kalitatea hobetzeari eta genero-berdintasuna sustatzeari lotuta dagoena.

Berpiztu Programak, EAEk dauzkan indarguneen azterketan oinarrituta (agertoki berri honetan sustatu beharreko trantsizioak indargune horien arabera bideratzeko eta finkatzeko), nahitaez jorratu beharreko hainbat hobekuntza-arlo zehazten ditu, besteak beste enplegu-tasa, batez ere emakumeen enpleguarena, eta langabezia-tasa.

Bestalde, Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek datozen urteetarako bi erronka handi gisa eta estrategia osoa formulatzeko ardatz nagusi gisa jasotzen ditu, batetik, kalitatezko enplegu inklusiboa bultzatzea eta, bestetik, lehiakortasunari lagunduko dion enplegua bultzatzea. EEE 2030ek, Euskadiko lan-merkatuari buruzko diagnostikoan, zehazten du talentua garatu, mantendu eta erakartzeko estrategia bat garatzea komeni dela, pertsona guztien lan egiteko gaitasuna ahalik eta gehien baliatu ahal izateko.

Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak, 2023ko apirilaren 19ko bileran, besteak beste, erabaki zuen berariazko lantalde bat sortzea, erronka demografikoak enpleguaren eta lan-harremanen ikuspegitik duen eragina aztertzeko eta 45 edo 50 urtetik gorako langileen okupazio-tasak handitzeko programak eta ekintzak bultzatzeko.

Esparru-programa horren arabera, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonentzako aukera zehatzak sustatze aldera, eta lan-merkatura berriz sartzeko eta enplegurako eskumenak hobetzeko beste jarduera-ildo batzuekin lotuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 3/2011 Legearen bidez dagozkion eginkizunak betez, talde horretako pertsonak kontratatzeko laguntza-programa sustatzen du, EAEko enpresek pertsona horiek kontrata ditzaten.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2023ko azaroaren 7an egindako bilkuran, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzen deialdia onartu zuen.

1. artikulua.– Helburua.

Deialdi honen helburua da urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urteko edo gehiagoko pertsonak kontratatzeko laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuan laneratzen laguntzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 2.200.000 eurokoak dira, horietatik 1.485.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 2024ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak dira, eta 715.000 euro, berriz, 2025eko konpromiso-kreditukoak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluan adierazitakoa bete dadin, urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urtetik gorako langabeei EAEko lantokietan egiten zaizkien kontratuak 2024ko ekitaldian finantzatzeko laguntzetarako ebazpenak emateko, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024rako Aurrekontu Orokorretan aldez aurretik kreditu egoki eta nahikoa egotea.

3.– Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren lan-kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean, gutxienez 6 hilabeteko iraupena duten kontratu mugagabeak eta aldi baterako kontratuak lagundu ahal izango dira diruz, baldin eta 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonekin Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan lanpostuak betetzeko badira.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sinatutako eta hasitako lan-kontratuei aplikatuko zaizkie, betiere deialdian ezarritako baldintza eta betekizunetara egokitzen badira.

Diruz lagundu daitekeen gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da aldi baterako kontratuetarako, eta 12 hilabetekoa iraupen mugagabeko kontratuetarako, eta 2025eko urriaren 31n bukatuko da.

2.– Deialdi honen esparruan diruz lagun daitezkeen kontratuak lan-arloko legeriarekin bat datorren edozein kontratu-modalitate erabilita formalizatu ahal izango dira, honako hauek izan ezik: txandakako prestakuntza-kontratuak, aldizkako kontratu finkoak eta aldi baterako laneko enpresek langileekin egindako kontratuak enpresa erabiltzaile bati lagatzeko, betiere aldi baterako kontratuak edo mugagabeak badira eta deialdi honetan ezarritako gutxieneko iraupenaren baldintza betetzen badute, bai eta beste baldintza hauek ere:

a) Kontratuko lanpostuek kontratatutako pertsonaren lanbide-profilaren araberakoak izan beharko dute, hau da, ikasketa-maila edo prestakuntza-maila eta/edo lanbide-esperientziara egokitutakoak.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eredu ofiziala erabilita, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen prestakuntza edo kualifikazio profesionala, kontratuaren hasiera-data eta, hala badagokio, amaiera-data, kontratuaren iraupena, lanaldia eta bete beharreko lanpostua.

c) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

d) Urteko ordainsari gordina adierazi beharko da iraupen mugagabeko kontratuetan, eta hileko ordainsari gordina, berriz, gutxienez sei hilabeteko iraupeneko kontratuetan. Kasu batean zein bestean, eurotan zenbatuta, eta ordainsari horretan bildutako kontzeptuak eta zenbatekoak zehaztuta.

Deialdian eskatzen den gutxieneko soldata-ordainsari gordina zehazteko, oinarrizko soldata, aparteko ordainsariak eta soldata-osagarriak baino ez dira kontuan hartuko, eta berariaz geratuko dira zenbaketatik kanpo soldataz kanpoko bestelako ordainsari eta osagarriak.

Kontratuek dirulaguntza jaso ahal izateko, lanaldi osoko urteko soldata-ordainsari gordina ez da, ezein kasutan, taula honetan azaltzen diren zenbatekoak baino txikiagoa izango:

(Ikus .PDF)

3.– Halaber, diruz lagundutako kontratazioek enplegua sortzea eragin beharko dute, diruz lagunduko diren kontratuen xede diren langileak lanean hasi aurre-aurreko 6 hilabeteetan enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietako batezbesteko langile-kopuruarekin alderatuta. Kontratu berriaren ondorioz, esandako batezbestekoak gora egin beharko du kontratazio-egunean.

Baldintza hori betetzeko, ez dira kontuan hartuko bidegabetzat jo ez diren kausa objektiboengatik edo kaleratzeagatik, langileen erretiro, dimisio, heriotza, langilearen ezintasun iraunkor oso, absolutu edo baliaezintasun handiagatik azkendu diren kontratuak, ezta langileak hasiera batean hitzartutako lan-denbora borondatez murriztutako kontratuak ere.

4.– Ez dira diruz lagunduko:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren, zuzendaritza-karguetan ari direnen edo enpresen administrazio-organoetako kide direnen ezkontideari, izatezko bikotekideari edo bizikideari edo bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna duten ondorengo eta gainerako senideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa edozein dela ere, ez eta enpresetako administrazio-organoetako kideen beren kontratazioak ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

c) Etxeko zerbitzuaren araubidean egindako kontratuak.

d) Enpresa berarekin lan-harreman mugagabea bukatu duten pertsonen kontratazioak.

e) Enpresa kontratatzailearekin aurretik iraupen mugatuko edo aldi baterako lan-harremana izan duten pertsonen kontratazioa, lan-harreman hori dirulaguntza eskatzen den kontratazioaren aurreko 3 hilabeteetan izan bada.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira bertan ezarritako baldintzetan lan-kontratuak egiten dituzten enpresak edo erakundeak, edozein dela ere haien forma juridikoa, honako hauek izan ezik: administrazio publikoak eta organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak. Onuradunek betekizun eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn edukitzea.

b) Enpresako langileen legezko ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri eman izana, kontratu-mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, berariaz adierazi beharko du eskaeran.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, bai dirulaguntza emateko garaian, bai ordainketak egiteko unean, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.3 artikuluak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra garatzeko Erregelamenduko 22.4 artikuluak ere (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori).

Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

d) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduko 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

e) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 3.1 artikuluan jasotako askotariko diskriminazioa eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuko 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

f) Ez izatea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legez ezarritako kausaren bat, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:

- Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanda.

- Berrogeita hamar langile baino gehiagoko enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) Ez egotea Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.2 eta 13.3 artikuluek ezarritako gainerako ezein egoeretan.

h) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundea ez dena, Diru laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.

Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen artikulu honetako 1. apartatuan aurreikusitako betekizunak eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira.

h) apartatuan jasotako betekizuna dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluaren a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaile horrek ezin badu, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa aurkezteko eskatuko die Lanbidek erakunde eskatzaileei, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko pertsonek bete beharreko baldintzak.

50 urte edo gehiago izan eta irizpide hauek betetzen dituzten pertsonak kontratatzeko da deialdi hau:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

b) Langabeak izatea eta izena emanda eta altan egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa, kontratuaren hasiera-dataren aurreko egunean eta gehienez data horren aurreko 365 egunetan.

c) Kontratuko lanpostua betetzeko profil profesional egokia edukitzea.

6. artikulua.– Kontratatutako pertsonen hautaketa.

1.– Kontratatzen diren pertsonak prozedura hauetako baten bidez hautatuko dira:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Hautaketa-mota honetarako, eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskaera hori horretarako xedatutako inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, eta, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFZ, enplegatzailearen kotizazio-kontuaren kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresaburuaren, legezko ordezkariaren edo pertsona baimenduaren sinadura.

Eskaintza kudeatzeko eskaera bakoitza hura jasotzen duen bulegoak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geratuko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira. Enpresetara bidaliko dira Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dauden hautagai langabeak, eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituztenak, egingo zaien kontratua deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izateko.

Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

b) Enpresaren bidez, zuzenean, Lanbideri enplegu-eskaintza kudeatzeko eskaerarik egin gabe.

Kontratatua izango den pertsonak Lanbideren txosten bat eskuratu ahal izango du bitarteko telematikoen bidez, Nire Lanbidenet erabiliz, edo enplegu-bulegoetara joanez, egiaztatzen duena kontratua hasi aurreko egunean langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta eta alta emanda zegoela eta egoera horretan egon dela data horren aurreko 365 egunetan gehienez ere.

2.– Egiten den hautaketa-prozesua dena delakoa izanda ere, kontratatuko diren pertsonek beren enplegu-eskaera alta-egoeran eduki behar dute kontratuaren hasiera-data arte.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren edo egindako ikasketen eta kontratuaren iraupenaren arabera zehaztuko da, taula honekin bat etorriz:

(Ikus .PDF)

2.– Aipatutako dirulaguntza-zenbateko guztiak % 15 handituko dira, kontratatutako pertsonak ezaugarri hauetako bat gutxienez badu: 55 urte edo gehiago izatea edo emakumea izatea.

3.– Halaber, aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoak % 10 handituko dira, baldintza hauek betetzen badira: kontratatutako pertsonak kontratatzeko konpromisoa berekin dakarren prestakuntza-ekintzaren bat bukatu badu 2022., 2023. edo 2024. urtean eta ekintza hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu badu Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren babesean; formalizatzen den kontratua mugagabea bada, eta lanaldia, gutxienez, ezarritako lanaldiaren % 70ekoa bada.

4.– Kontratatutako pertsonak aurreko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 handituko da.

Taula hauetan ageri dira dirulaguntzen zenbatekoak, bai eta dirulaguntza gehigarrien ehunekoak ere:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

5.– Aipatutako dirulaguntza-zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua, epeak, eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Dirulaguntza-eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa Hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1234601 Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.

Eskaera aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Enpresek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urteko edo gehiagoko pertsonak kontratatzeko dirulaguntza eskatzeko inprimakiarekin batera:

a) Eskaera pertsona juridiko eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonaren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria, baldin eta ordezkaritza hori ez badago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistroan.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia. Enpresaren identifikazio fiskaleko datuak automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, salbu eta eskatzailea berariaz horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du eskatzaileak.

c) Egindako kontratuaren edo kontratuen kopia.

d) Eskaera langile autonomo batek egiten badu, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela egiaztatzeko dokumentazioa.

e) Bi txosten, «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta-egunari dagokiona.

Bi txosten horiek alderatuta, ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko da aurreko sei hilabeteetan bidegabetzat jo ez diren kausa objektiboengatik edo kaleratzeagatik, langileen erretiro, dimisio, heriotza, ezintasun iraunkor oso, absolutu edo baliaezintasun handiagatik kontratuak azkendu direla egiaztatzen duena, baita langileek hasieran itundutako lan-denbora borondatez murriztu izana egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

3.– Eskaerak ez baditu betetzen oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak, edo osatu gabe badago edo akatsak baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean okerra konpon dezala edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzala; eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.– Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 18an bukatuko.

9. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, eta dirulaguntza emateko eta ebazteko prozedurak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria izango da prozedura izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Aurkeztutako hurrenkeran aztertuko dira eskaerak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskaerei ukatu egingo zaie dirulaguntza eta horren berri emango da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da ebazpen hori.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du kontratatutako pertsonak inskripzioaren, altaren eta langabezian emandako denboraren baldintza betetzen duen.

3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen espresu bidez onartu edo ukatuko dira.

Dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko eta dirulaguntza justifikatzeko modua zehaztuko dira urtebetez edo denbora gutxiagoz langabezian dauden 50 urteko edo gehiagoko pertsonak kontratatzeagatik ematen diren dirulaguntzen ebazpenean.

Ebazpenean berariaz aipatuko da Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu dela dirulaguntza, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan, eta emandako laguntza «minimis» erakoa dela.

Eskaera ezesten duen ebazpena arrazoitu egin beharko da, ezesteko arrazoiak berariaz adierazita.

4.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat joko da.

5.– Dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak bukatuta egotea.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio bukaeran ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinaraziko da eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda eta jasoko dituzten diru-zenbatekoak. Halaber, erakunderen bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

10. artikulua.– Kontratua azkentzea.

1.– Lan-kontratua azkentzen bada kontratuan adierazitako probaldia ez gainditzeagatik, borondatezko lanuzteagatik, bidegabetzat jo ez diren kausa objektiboengatik edo kaleratzeagatik, kontratatutako pertsonaren erretiro, heriotza, ezintasun iraunkor oso, absolutu edo baliaezintasun handiagatik diruz lagundu daitekeen gehieneko aldiaren barruan –aldi baterako kontratuetarako, 3.1 artikuluan ezarritakoa, eta kontratu mugagabeetarako, 15 hilabete–, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri, idatziz.

Komunikazio hori kontratua azkendu eta hilabeteko gehieneko epean egin beharko da, kontrataziorako dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kontratatutako pertsonak lan egindako aldiaren zati proportzionalera doitzeko.

Doikuntza proportzional hori egiteko, artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako aldia eta kontratuaren bukaera-data hartuko dira kontuan.

2.– Artikulu honen 1. apartatuan ezarritako aldian lan-harremana azkentzen bada, hor aurreikusi ez den beste kausaren batengatik, kontrataziorako emandako dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honetako 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

3.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, nahitaez eskatu beharko du berriro dirulaguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzetan, deialdian adierazitako epeen barruan baldin badago.

11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko zaie lehen ordainketan, dirulaguntza eman ondoren, 2024ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du langilea Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela eta enpresako plantilla handitu egin dela.

b) Bigarren ordainketan gainerako % 50a edo dagokion zenbatekoa ordainduko zaie, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatu ondoren, 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. 2024ko ekitaldiko ordainketa-kredituaren edo 2025eko konpromiso-kredituaren kontura ordainduko zaie, kontratuaren iraupenaren eta justifikazioaren arabera.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan edo hango banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak Eredu hori eskuragarri dago, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak kontratatu dituen 50 urtetik gorako langabeen eta haien kontratuen iraupenen zerrenda aurkeztu beharko du.

Enpresa kontratatzaileak 52 urtetik gorako langabeak kontratatzeagatiko onurak aplikatzen baditu (onura horiek Langabeziatik babesteko sistema erreformatzeko eta lan-aukerak areagotzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 12ko 45/2002 Legeko bosgarren xedapen iragankorraren 4. apartatuan daude ezarrita), erantzukizunpeko adierazpen bat ere aurkeztu beharko du, kontratuak irauten duen hilabeteetan kontratuan ezarritako soldatan onura hori aplikatu izanari buruzkoa.

2.– Hori aurkezteko epea hau izango da:

a) Aldi baterako kontratuen kasuan, hilabete bat, 3.1 artikuluan aipatzen den diruz laguntzeko gehieneko aldia bukatzen denetik.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, urtebete, kontratua hasten denetik.

Kasu batean zein bestean, zerrenda aurkezteko azken eguna 2025eko azaroaren 14a izango da, egun hori barne dela.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du aldi baterako kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeek gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, deialdiko 13. artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.

3.– Azkenean, enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik –deialdi honetako 10.1 artikuluan jasotzen dira arrazoi horiek– kontratuaren iraupena ezarritakoa baino motzagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ere gutxitu egingo da, proportzioan.

4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez, kontratatutako langabeei, erakunde onuradunen titularrei eta haien plantillari buruzko informazioa emango da diru-laguntzak ematerakoan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten memorietan, sexuaren arabera banakatuta.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Hasieran hitzartutako iraupena bete baino lehenago azkentzen diren kontratuen berri ematea, eta arrazoia jakinaraztea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari justifikatzea betetzen direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko eskakizunak eta baldintzak.

c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak bete ditzaten, erakunde onuradunak gastuaren kontabilitate-erregistro bat izan behar du, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

d) Helburu berberarekin administrazio honetatik edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gorabehera ere.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedurak jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Beren-beregi adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa –EAEko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduko 49. artikuluan jasotako webgunean.

h) Emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunaren arloko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautaketak egitean emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.

i) 18. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa helarazi beharko diete enpresa onuradunek kontratatutako langileei.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lan eta Enplegu Sailak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzeko eta kontratuen iraupena ezartzeko eskakizunak.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2030era arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, baliteke emandako dirulaguntza bera ere aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

16. artikulua.– Beste laguntza edo dirulaguntzekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek kontzeptu eta helburu berberetarako emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketetan legez ezartzen diren hobariekin edo kuota-murrizketekin.

Era berean, bateragarriak dira Langabeziagatiko babeserako eta lan-aukerak areagotzeko sistemaren erreformarako premiazko neurriei buruzko abenduaren 12ko 45/2002 Legeak bosgarren xedapen iragankorreko 4. apartatuan enpresentzat ezartzen dituen 52 urtetik gorako pertsona langabetuak kontratatzeagatiko onurekin. Bateragarritasun horrek, betiere, bermatu egin beharko du deialdiak, dirulaguntzaren xede den lanpostua betetzeko beharrezkoa den titulazio akademikorako edo egindako ikasketen maila bakoitzerako, ezartzen duen gutxieneko soldata-ordainsari gordina. Onura horrekiko bateragarritasunak deialdi honetako 3. artikuluan ezarritako gutxieneko soldata-ordainsari gordinaren baldintza ez betetzea badakar, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Diruz lagundutako lan-kontratuak 10.1 artikuluan ezarritako aldia baino lehenago azkentzen badira, artikulu horretan aurreikusi ez den beste arrazoiren batengatik, emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta dagokion prozedura izapidetuko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasiz gero, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, baleude.

4.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo haren zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

6.– Dirulaguntza borondatezko epean itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna LANBIDE da, eta haren helburua da Lanbideren eskumenekoak diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuetara irispidea izateko, datuak zuzentzeko, ezabatzeko, datuen aurka jotzeko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubidea erabil dezakete. Horretarako, tratamenduaren arduradunarengana jo behar dute, https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratuta dagoen datu-babesaren arloko eskubideak erabiltzeko prozedura erabiliz.

Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

19. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan 50 urtetik gorako langabeak kontratatzeagatik emateko ezarrita dauden laguntzek bat etorri beharko dute Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako «minimis» arauarekin (Erregelamendua Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da; DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako zenbateko osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: «minimis» laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

20. artikulua.– Aplikatuko den dirulaguntzen arloko araudia.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatuko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, xedapen hauek aplikatuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua —azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori—, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.

Laguntzak, Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere egongo dira. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.


Azterketa dokumentala