Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2023ko azaroaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5014

EBAZPENA, 2023ko urriaren 9koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, ingurumen-baimen integratua ematen duena erretxina alkidikoak, akrilikoak, poliesterrekoak eta urea-melaminakoak fabrikatzeko instalaziorako, Oyón-Oionen (Araba), Química Europea de Resinas SAk sustatuta.

EGITATEAK

1.– 2016ko apirilaren 20an, Química Europea de Resinas SAk ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoari jarraikiz, erretxina alkidikoak, akrilikoak, poliesterrekoak eta urea-melaminakoak fabrikatzeko instalazioa ezartzeko Oyón-Oiongo udal-mugartean (Araba).

2.– Era berean, Oyón-Oiongo Udalak 1998ko urriaren 2an emandako Jarduera Lizentzia ere aurkeztu zen.

3.– Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, erabaki zen jendaurrean jarriko zela Química Europea de Resinas SAk sustatutako proiektua, 30 egun balioduneko epean, egoki ikusten ziren alegazioak aurkezteko. Horretarako, 2021eko uztailaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen proiektua, eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan eskuragarri egon zen 2021eko uztailaren 9tik abuztuaren 20ra bitartean.

4.– Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegaziorik aurkeztu ez zela egiaztatu zen.

5.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, 2021eko azaroaren 5ean, txostenak eskatu zizkien Oyón-Oiongo Udalari (Araba), Arabako Errioxako Urkidetzari eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.

6.– 2021eko azaroaren 23an, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren txostena eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostena jaso ziren.

7.– 2023ko irailaren 11n, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikulua aplikatuz, ebazpen-proposamena bidali zitzaion Química Europea de Resinas SAri, eta hamabost eguneko epea eman zitzaion egoki irizten zituen ohar eta alegazioak aurkez zitzan.

8.– 2023ko irailaren 29an, Química Europea de Resinas SAk idazki bat igorri zuen, alegazioak aurkeztuz ebazpen-proposamenari.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, besterik ezin bada, hura murriztea eta kontrolatzea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako sistema bat ezarriz, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko.

2.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

3.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Ildo horretatik, 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hori aplikatu behar duten instalazioei lege horren xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumen-baimenak bildu nahi dira Administrazioak esku-hartzeko egintza bakar batean.

4.– Química Europea de Resinas SAren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferara emisioak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak sortzeari dagozkion baimenak eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, nahitaezko txostenak emanda.

5.– Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 11.4 artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte ingurumen-baimen integratua emateko eta aldatzeko prozeduran, besteak beste, jarduketa hauek sartzeko: ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian aurreikusiak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.

6.– Emandako informazioaren arabera, instalazioan ez da fabrikatzen, azken produktu gisa, estaldura, berniz, tinta ez itsasgarririk eta, ondorioz, instalazioa ez dago sartuta Zenbait jarduera eta instalaziotan disolbatzaile organikoak erabiltzeagatik sortzen diren konposatu organiko lurrunkorren emisioak murrizteari buruzko urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan.

7.– Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez egin ditzakeen substantzia kutsagarrien isurien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko helburuarekin, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Bereziki, agiri hauen edukia hartu da kontuan:

– Europako erreferentziako Teknika Erabilgarri Onenen BREF agiria polimeroen produkzioaren sektorerako, 2009koa (Aurrerantzean «polimeroen BREF agiria»).

– Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 Exekuzio Erabakia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitira teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan (sektore kimikoko hondakin-urak eta -gasak tratatzeko eta kudeatzeko sistema komunetarako zuzentaraua) (Aurrerantzean, «WGC Erabakia»).

8.– Azaldutako guztia aintzat hartuta, eta espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Química Europea de Resinas SA enpresak sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak.

9.– Goian adierazitako izapideak amaituta, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

10.– Honako xedapen hauek ikusi dira: Sailburuordetza honek egindako ebazpen-proposamena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua onartzekoa, zeina, aldi berean, industriako emisioei buruzkoa baita; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinena eta Lurzoru Kutsatuena, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-baimen integratua ematea Química Europea de Resinas SAri (egoitza soziala: Logroño-Iruñeko 111. errepidea, 2,3 km, Oyón-Oion, Araba; IFK: A01225481), erretxina alkidikoak, akrilikoak, urea-melaminakoak eta poliester asegabea eta asea fabrikatzeko instalaziorako, Oyón-Oiongo udal-mugartean, ebazpen honen bigarren apartatuan ezarritako baldintzekin.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

«4.1 Produktu kimiko organikoak fabrikatzeko instalazio kimikoak, bereziki honako hauek fabrikatzen dituztenak:

h) Materia plastikoak (polimeroak, zuntz sintetikoak, zelulosazko zuntzak)».

Instalazioa Oyón-Oiongo udal-mugartean dago kokatuta, eta, guztira, 12.653,57 m2 ditu. Horietatik, 4.964 m2 estalitako azalerari dagozkio, hau da: bulegoak, fabrikazio-pabilioia eta lehengaien eta produktu bukatuen biltegiak.

Química Europea de Resinas SAren jarduera erretxina sintetikoak garatu, fabrikatu eta merkaturatzea da. Gaur egun, 150 produktu ezberdin inguru egiten dira, eta 5 taldetan sailkatu daitezke:

1.– Erretxina alkidikoak (urtean 2.200 tona ekoizten dira).

2.– Erretxina akrilikoak (urtean 4.000 tona ekoizten dira).

3.– Urea/melaminako erretxinak (urtean 2.000 tona ekoizten dira).

4.– Poliester asegabea (urtean 5.000 tona ekoizten dira).

5.– Poliester asea (urtean 1.100 tona ekoizten dira).

Ekoizpen-lerroen benetako ahalmena 15.000 tonakoa da.

Produktu horiek fabrikatzeko prozesuak oso ezberdinak diren bi motatakoak izan daitezke: kondentsazio-prozesuak eta adizio-prozesuak.

Kondentsazio-prozesuak erretxina alkidikoak eta poliester aseko eta asegabeko erretxinak fabrikatzeko erabiltzen dira, eta honelakoak dira, modu oso orokorrean azalduta: Beroa aplikatzen zaion erreaktore itxi atmosferiko batean olioak eta/edo glikolak eta/edo anhidridoak eta/edo azidoak nahastean (formulazioaren arabera, osagai horietako batzuk izan ditzakete ala ez, eta, jakina, mota bereko zenbait osagai ere egon daitezke), erreakzio kimiko orokor bat sortzen da: gantz-azidoak + glikolak = esterra + ura. Erreakzio kimiko horretan, alde batetik, esterra lortzen da, erretxina, eta, bestetik, ura (zuzenean edo kondentsadore bat eta bereizgailu bat dituen azeotropo baten bidez), hondakin gisa kudeatzen den azpiproduktu bat dela. Biskositate/azidotasunaren balantzea maila egokietan dagoenean formulazio bakoitzerako, polimero hori hoztu eta disolbatzaileetan edo estirenoan diluitzen da (poliester asegabea izateko). Diluzio-prozesu hori guztia diluitzaile batean egiten da, dagokion kondentsadorearekin, disolbatzaile-lurrunen emisioak egitea saihesteko. Produktua ezaugarrien arabera doitu ondoren, iragazi eta bidoietan, edukiontzietan edo zisternan ontziratzen da.

Hala ere, urea-melaminako erretxinak eta akrilikoak polimerizatzeko prozesuak erabat desberdinak dira. Polimerizazio-prozesu horiek, oro har, honelakoak izaten dira: erreaktore atmosferiko itxi bat, dagokion kondentsadorea duena, 90 eta 150 gradu zentigradu artean berotzen da, erretxina motaren arabera. Monomeroen andel batean monomeroen nahasketa egiten da, eta hasleen beste andel batean disolbatzailea peroxido organikoekin nahasten da. Polimerizazioa gertatzen da erreaktore horretara monomeroen emari bat eta hasleen beste emari bat gehitzen direnean, dagoeneko disolbatzailea dagoela erreaktore horretan. Adizio horiek 3 eta 8 ordu bitartean irauten dute. Prozesu hori guztia exotermikoa da, eta erreaktoreko hozte-ekipoekin erregulatzen da. Polimerizazioa amaitu ondoren, produktua doitu, iragazi eta bidoietan, edukiontzietan eta zisternan ontziratzen da.

Ekoizpen-prozesurako erabiltzen diren energia-baliabideak gasolioa, energia elektrikoa eta gas naturala dira:

– Gasolio-kontsumoari dagokionez, urtean 42.000 litro kontsumitzen dira, ur-galdara batean.

– Energia elektrikoari dagokionez, 521 kW-ko potentzia dago instalatuta gaur egun.

– Gas naturalari dagokionez, instalazio bat dago, eta urtean 98.511 m3 kontsumitzen da.

Era berean, ur-kontsumoa 9.095 m3-koa da urtean, eta Arabako Errioxako Urkidetzaren sare nagusitik hartzen da guztia. Honetarako erabiltzen da:

– Prozesuko hoztea: Zirkuitu itxian hoztea (hozte-dorrea eta lurruntze-egokigailu 2). Sistemak ura kontsumitzen du lurrunketa bidez.

– Bulegoetako eta laborategiko erabilera: etxeko erabilera komun eta aldageletarako eta laborategiko ekipoak zirkuitu ireki bidez hozteko. Kontsumitutako ur-emari horretatik, komun eta aldageletako kontsumoa egunean 1,7 m3-koa dela kalkulatzen da.

Ez dago industria-uren isurketarik, hondakin gisa kudeatzen direlako.

Arabako Errioxako Urkidetzaren kolektorera egiten diren isurketei dagokienez, ur beltzak (486 m3) eta laborategiko hozte-urak (2.341 m3) dira.

Euri-urek (estalkiaren gainera eroritakoek) ez dituzte ukitzen ez lehengaiak, ez gai osagarriak, ez hondakinak, eta Industrias Quimicas Kupsa SLren euri-uren sarera isurtzen dira, enpresa hori dela isurketa-baimenaren titularra.

Atmosferarako emisioen 13 foku ditu instalazioak, eta beste 22 andel eta tangak haizatzeko. Fokuak: horietako 4 Blowdown deiturikoak dira, 5 erreakzio-ekipotakoak eta instalazio pilotua. Erreakzio-ekipoek (erreaktoreak, kondentsadoreak eta bereizgailuak dituzte, bai eta diluitzaileak ere kasu batzuetan) haustura-diskoak eta segurtasun-balbulak dituzte. Gainpresioa gertatuz gero, ireki egingo lirateke, eta Blowdown-era isuri; aldiz, ohiko egoeran, kondentsadoreetako eta bereizgailuetako ihesak iristen dira Blowdown-era. Beste 3 foku lehengaiak biltegiratzeko andelen eta tangen haizatzeei dagozkie (22 andel eta tanga dira eta produktu motaren, kokalekuaren eta ezaugarri orokorren arabera taldekatzen dira ebazpen honetan). Instalazioko ontziratu guztien emisioak bateratu egiten dira eta, karbono aktiboko iragazki batetik eta mahuka-iragazki batetik igaro ondoren, foku bakarrean bideratzen dira atmosferara. Gainerako fokuak 5 errekuntza-galdaratakoak dira.

Erreaktoreetako gas efluenteak kondentsadoreetatik pasatzen dira, disolbatzaileak berreskuratzeko.

Igorpen lausoei dagokienez, biltegiratze-andelen haizatzeak dira funtsean, baina salbuespena dira «garraio-zisternak» kargatzean sortutako emisioak.

Hauek dira atmosferara isurtzen diren kutsatzaile nagusiak: KOLak, estirenoa, xilenoa eta toluenoa (erreaktoreen fokuetan sortutakoak) eta CO, NOX, SO2 (galdaretako fokuetan sortutakoak).

Hondakin arriskutsuak eta hondakin arriskugabeak, batez ere, erretxina alkidikoak, akrilikoak, urea-melaminakoak eta poliester asegabe eta aseak fabrikatzean sortzen dira, bai eta ekipoen mantentze-lanetan eta instalazioaren kontserbazioan ere. Hondakin nagusiak esterifikazio-urak eta erretxina zaharkituak dira.

Química Europea de Resinas SA enpresaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, zeinak Europako BREF txosten hauetan jasota baitaude:

– Polimeroak fabrikatzeko Teknika Erabilgarri Onenen (BREF) erreferentzia-agiria, «Draft Reference Document on Best Available Techniques for the Manufacture of Polymers», 2006ko uztailekoa, Europako Batzordearena.

– Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 Exekuzio Erabakia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitira teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren esparruan (sektore kimikoko hondakin-urak eta -gasak tratatzeko eta kudeatzeko sistema komunetarako zuzentaraua).

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak (TEO) direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu:

– Ihesen ondoriozko emisioak murriztea, honako hauen bidez:

– juntura eraginkorrak,

– laginketa-sistema itxiak,

– efluente kutsatuak sistema itxietan drainatzea.

– Ahalik eta gehien murriztea instalazioak martxan jarri eta gelditzeko eragiketak, emisio-gailurrak saihesteko eta kontsumo orokorra murrizteko (adibidez, energia-kontsumoa edo produktu tona bakoitzeko monomero-kontsumoa).

– Erreaktorearen edukiak ziurtatzea, larrialdiko geldialdia gertatzen bada.

– Uraren kutsadura saihestea, hauen bitartez:

– gainazalean jarritako hodiak eta ponpak, instalazio berrietan.

– Bilketa ezberdinen bitartez biltzen dira efluente hauek:

– prozesuko ur kutsatuak.

– kutsatuta egon daitekeen ura, ihesetatik edo beste iturri batzuetatik datorrena, hozte-ura eta prozesu-eremuei dagokien gainazaleko jariatze-ura barne.

– kutsatu gabeko ura.

– Erreaktoreetako haizatzeen purga-korronteak tratatzea, hauen bitartez:

– birziklatzea (kondentsadoreak).

– Hondakin-ura biltegiratzeko andel bat erabiltzea kudeaketa egin aurretik.

– Kanpo-kubetako hondakin-ur edo euri-ur kutsatua hondakinen kudeatzaileak bildu eta kudeatzen du.

Teknika erabilgarri onen hauek aplikatzen dira poliester-erretxinaren fabrikazio-lerroan:

– Irteerako gasak tratatzea, hauen bitartez:

– sublimazio-ganbera.

Bigarrena.– Química Europea de Resinas SA sustatzaileari honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea, erretxina alkidikoak, akrilikoak, poliesterrekoak eta urea-melaminakoak fabrikatzeko jarduera ustiatzeko, Oyón-Oiongo udal-mugartean duen industria-zentrorako (Logroño-Iruñeko 111 errepidea, 2,3 29 km, Iruñabide industrialdea, 01320 Oyón-Oion, Araba).

A) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Química Europea de Resinas SAk administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-tituludunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio ingurumen-organoari.

B) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak Química Europea de Resinas SAk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala gauzatuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Química Europea de Resinas SAren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintza da atmosferarako emisioetan ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako emisioen muga-balioak, eta ingurumen-organoak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara aireratzen den kutsatzaile oro bildu eta bide egokietatik kanporatuko da, emisio horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazketa-sistema batetik igaro ondoren, behar izanez gero.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez konfinatuak biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioen probabilitatea murrizteko eta haien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantendu beharko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Proiektuan atmosferaren kutsadura prebenitzeko aipatutako neurriak beti beteko dira, bereziki, konposatu organiko lurrunkorren emisio lausoak saihesteko direnak.

Instalazioaren titularrek nahitaez bete beharko dituzte Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta fokuen segurtasunak eta zerbitzuek.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko entitate batek egindako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, aipatutako epea luzatzeko eskatu ahal izango zaio ingurumen-organoari, aipatutako sei hilabeteak amaitu baino lehen eta behar bezala justifikatutako arrazoiak adieraziz.

Química Europea de Resinas SAk, ahal den neurrian, H340, H350, H350i, H360D edo H360F arriskuari buruzko adierazpen bat esleituta duten konposatu organiko lurrunkorrak dituzten substantzien edo nahasteen ordez, eta H341 edo H351 arriskuari buruzko adierazpen bat lotuta duten konposatu organiko lurrunkor halogenatuekin egindako nahasteen edo substantzien ordez, hain kaltegarriak ez diren substantziak edo nahasteak erabili beharko ditu. Horretarako, ordezteko aukerak daudela frogatzen denean, ahalik eta azkarren ordeztuko dira.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Erretxina alkidikoak, akrilikoak, poliesterrekoak eta urea-melaminakoak fabrikatzen dituen Química Europea de Resinas SAren instalazioak 04 05 22 06, 04 05 27 01, 04 05 22 03, 04 05 27 52, 04 05 27 12 eta 03 01 03 03 jarduerei lotutako hurrengo foku konfinatu hauek ditu –aipatutako jarduerak Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan jasota daude–:

(Ikus .PDF)

Era berean, instalazioan partikulen emisio lausoak sortzen dira zamalanetan eta material solidoaren garraioan (ontzi mugikorretan) eta eskuz kargatzen diren prozesu-biltegiratzeetan, eta emisio lausoak lehengai likidoak biltegiratzen dituzten ontzi mugikorren zamalanetan.

Guztira, 22 andel edo tanga ditu instalazioak.

Aipatutako arauaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurreko paragrafoan deskribatutako emisio lausoak murrizteko, teknika erabilgarri onenak aplikatu beharko dira, ahal den neurrian.

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku sistematiko gisa erregularizatu beharko da.

Fluido termikoaren galdara eta olio termikoaren galdara (6. eta 8. fokuei lotuak) abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuaren esparruko errekuntza-instalazio ertainak (EIE) dira, bakoitza 5 MW-tik beherakoa. 1042/2017 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren 4. apartatuaren arabera, 2029ko urtarrilaren 1etik aurrera, existitzen den EIE bat bera ere ez da funtzionamenduan egongo erregistratu gabe; beraz, funtzionamenduan jarraituz gero, erregistratzeko eskatu beharko du data hori baino 9 hilabete lehenago.

B.1.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ezin izango dira emisioen muga-balio hauek gainditu:

(Ikus .PDF)

Balio horiek honako baldintza normalizatu hauei dagozkie: gas lehorra 273,15 K-ko tenperaturan eta 101,3 kPa-ko presioan, eta aurreko taulan adierazi den oxigeno-edukiaren araberako zuzenketarekin.

Foku konfinatuetan kutsatzaileen emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak arautzen duena beteko da.

Atmosferara egiten diren konposatu organiko lurrunkorren emisio lausoak deuseztatu edo murriztu egin beharko dira, ahal den neurrian, jarraian deskribatutako teknika bat edo batzuk erabiliz.

– Ekipoak behar bezala mantendu eta behar denean ordeztuko direla bermatzea.

– Ihesak detektatzeko eta konpontzeko programa bat (LIDAR) erabiltzea, arriskuan oinarritua (ikusi WGC Erabakiaren deskribapena).

– Arrazoizkoa den heinean, konposatu organiko lurrunkorren emisio lausoak saihestea, jatorrian jasotzea eta tratatzea.

Jarduera bakoitzeko guztizko emisioen muga-balioak: Química Europea de Resinas SAren guztizko emisioek ez dituzte gainditu beharko jarduera bakoitzeko guztizko emisioen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Fabrikazio mota bakoitzerako tonako guztizko emisioak aurreko taulan ezarritako balioak baino txikiagoak direnean ulertuko da jarduera bakoitzeko guztizko emisioen muga-balioak betetzen direla. Emisioen muga-balioak betetzen diren ebaluatzeko, eskatutako bi kalkulu-moduak aztertu eta emaitzarik txarrenak hartuko dira kontuan (ikusi Ebazpen honen C.1.1 apartatua).

Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

Hiru urteko produktu tona bakoitzeko urteko KOLG emisioen batez bestekoa eskuratu ondoren, organo honek erabakiko du ea muga- edo erreferentzia-balioren bat ezarri behar den (KOLG) fabrikatutako produktuaren tona bakoitzeko.

B.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

a) Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren B.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta fokuen segurtasunak eta zerbitzuek.

b) Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, ingurumen-organoaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

c) Emisio lausoak minimizatzeko xedez, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.1.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Química Europea de Resinas SAk usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, organo eskudunak, egoki iritzitako prozesuetan, emisioak biltzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

B.2.– Isurketak egiteko baldintzak.

B.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Industria-urak sortzen dituen jarduera mota nagusia: erretxina alkidikoak, akrilikoak, poliesterrekoak eta urea-melaminakoak fabrikatzea.

JESN 2009: 2016.

(Ikus .PDF)

Química Europea de Resinas SAk bereizita ditu euri-urak, ur beltzak eta industria-urak:

– Industria-uren sarea: sare hau 10.000 litroko lurpeko andel batean amaitzen da. Andel horrek industria-isuriak biltzen ditu, hondakin gisa kudeatzeko.

– Ur beltzen sarea: ur beltzak ponpaketa-putzu batera bideratzen dira, eta putzu horren barne-sarea Arabako Errioxako Urkidetzaren kolektorearekin dago lotuta.

– Euri-uren sarea: euri-uren 2 sare daude. Bata Industrias Químicas Kupsa SLren euri-uren sarearekin lotuta dago, hego-mendebaldetik, eta bestea hego-ekialdetik.

B.2.2.– Isurketen muga-balioak.

Isurketa-parametroak Arabako Errioxako Urkidetzak ezarritakoak izango dira.

Ezin izango da diluzio-teknikarik erabili emisioen muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete beharko dira. Bestela, Química Europea de Resinas SAk tratamendu egokia egin beharko du isurketaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen honek ez du onartzen Arabako Errioxako Urkidetzaren isurketa-baimenean adierazitakoak ez diren beste substantzia batzuk isurtzea, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez, 849/1986 Errege Dekretua aldatu zen (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen duena).

B.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira, euren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: behar bezala justifikatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein moduren aurretik, izan materiala edo energetikoa.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio haietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga hondakindegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten bada, hondakinak karakterizatzeko, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideei ere.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko, kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Azken datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan daudelako edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako hauetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinen Zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota dauden eta berori izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galtzen badira, edo ihesen bat gertatzen bada, berehala jakinaraziko da gertatutakoa ingurumen-organo honetan eta Oyón-Oiongo Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, bete egin beharko dira Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egin ahal izateko, bat etorriz Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

Baldin eta Ontziei eta Ontzi Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Química Europea de Resinas SA, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzen badira, 112/2012 Dekretuan xedatutakoa hartuko da kontuan (112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena).

Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat handitu edo aldatzen bada handitu edo aldatu nahi den jarduerak edo instalazioak okupatutako lurzatiaren mugen barruan, ez da beharrezkoa izango lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioaren prozedura hastea; hala ere, hondeaketak egingo badira, hondeatutako materialak behar bezala kudeatu direla egiaztatu beharko da.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak aintzat hartuta ezartzen dira hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da haiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dute hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian, bai EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaera egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, hondakinen tratamendu-kontratuetako lagatze- edo deuseztatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen denean, baldin eta aurrez berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu badira.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, hondakinen tipologia dela-eta, jario baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eremuek produktu kimikoak biltegiratzeko ezarritako zehaztapen teknikoak bete beharko dituzte, hala badagokio.

d) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

e) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuan eta hori garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.

f) Hondakin arriskutsuen biltegiratze-denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

g) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da kudeatzaile baimendu horrek, agiri baten bidez, hondakinak onartzeko konpromisoa hartzea. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak eta administrazio-baimenarekin bat datozela egiaztatuko da. Agiria Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen beste kudeatzaile batengana eraman aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamendua egokia den aztertzeko. Hala badagokio, justifikatu egin beharko da proposatutako kudeaketa-bidea ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

h) Hondakin arriskutsuak lekualdatu aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikazio-agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Química Europea de Resinas SAk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

i) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak bete egiten dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

j) Industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia Química Europea de Resinas SAk.

k) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektrikoen eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, Pilei eta Metagailuei eta Haien Hondakinen Ingurumen Kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako hiri-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde beharko dira, gutxienez.

l) Química Europea de Resinas SAk poliklorobifeniloak dituzten edo eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu Poliklorobifeniloak, poliklorotrifeniloak eta horiek dituzten gailuak deuseztatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan eta errege dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak.

m) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 EE Erregelamenduan, ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Química Europea de Resinas SAk era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparatuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

n) Química Europea de Resinas SAk urtero adierazi beharko dio ingurumen-organoari, ekitaldi bakoitzaren amaieran, sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa ere bidaliko du.

o) Bat etorriz Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan xedatutakoarekin, Química Europea de Resinas SAk laburpen-memoria bat bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, ekitaldi bakoitzaren amaieran, sortu dituen hondakin arriskutsuen jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda adieraziz. Datu horiekin batera, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa ere bidaliko du.

p) Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluari jarraikiz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori gutxienez 3 urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programaren barruan.

q) Hondakin arriskutsuak kudeatzeko funtsezko oinarrietako bat betetzeko, hau da, hondakin horiek ahalik eta gehien murriztea baldin eta urtero hondakin arriskutsuen 10 tona baino gehiago sortzen badira, Química Europea de Resinas SAk plan bat aurkeztu beharko dio ingurumen-organo honi, gutxienez lau urtetik behin, hondakin arriskutsu horiek murrizteko Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen, 18.7 artikuluaren arabera, baldin eta, legearen garapenerako araubideak ez badu katalogatzen Química Europea de Resinas SA hondakin arriskutsuen sortzaile txiki modura.

r) Amiantoa duten hondakinak detektatuz gero, Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu Química Europea de Resinas SAk. Horrez gain, Amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezarri zituen 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazio-eragiketak.

Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak egoki kudeatzen direla kontrolatzea.

s) «C.3.1.– Hondakin arriskutsuak» apartatuan adierazitako agiriak transakzio elektroniko bidez bidaliko dira ingurumen-organora, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabilita.

– Kudeatzaile baimenduaren onarpenaren agiri bidezko konpromisoa (kudeatzaileak EAEn badaude).

– Identifikazio-agiria (kudeatzaileak EAEn badaude).

– Hondakinen urteko adierazpena.

– Laburpen-memoria.

– Artxibo kronologikoa.

t) Jardueraren kontrolean sortutako dokumentazioa ingurumen-organoari igorriko zaio, «E) Ingurumena Zaintzeko Plana» atalean adierazitakoa kontuan hartuta.

B.3.2.– Hondakin arriskugabeak.

Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskugabeak:

(Ikus .PDF)

a) «Zurezko paletak» izeneko hondakinaren kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen Europako hondakinen zerrendan. Horrenbestez, hondakin arriskugabetzat hartuko dira baldin eta lehenengo aldiz erretiratu baino lehen karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako B.3.1 apartatuan zehazturikoa aplikatu beharko da.

b) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: behar bezala justifikatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

c) Ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak materialaren arabera behar bezala bereizita eta baldintza egokitan entregatu behar dira; ontzi erabiliak agente ekonomiko (hornitzaile) bati emango zaizkio berrerabiltzeko, eta ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.

d) Hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

e) Oro har, erretiratu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, justifikatu egin beharko da proposatutako kudeaketa-bidea ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Química Europea de Resinas SAk tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu hiru urtez gutxienez.

f) Hondakina hondakindegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea lekualdatu aurretik, identifikazio-agiria bete beharko da, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

g) Balorizatzeko edo deuseztatzeko helburuarekin hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egin ahal izateko, bat etorriz Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

h) Bat etorriz Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan xedatutakoarekin, Química Europea de Resinas SAk laburpen-memoria bat bidali beharko du ingurumen-organora, ekitaldi bakoitzaren amaieran, sortu dituen hondakin arriskugabeen jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda adieraziz. Datu horiekin batera, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa ere bidaliko du.

i) Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluari jarraikiz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori gutxienez 3 urtez gorde beharko da, eta urtero bidali beharko zaio ingurumen-organo honi, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programaren barruan.

Instalazioan sortutako hondakin arriskugabeak egoki kudeatzen direla kontrolatzea.

j) Apartatu honen azpiapartatuetan adierazitako agiriak transakzio elektroniko bidez bidaliko dira ingurumen-organora, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabilita.

– Kudeatzaile baimenduaren onarpenaren agiri bidezko konpromisoa (kudeatzaileak EAEn badaude).

– Hondakina hondakindegian utzi behar bada, identifikazio-agiria (kudeatzaileak EAEn badaude).

– Balorizatzeko edo deuseztatzeko helburuarekin hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatu badira, lekualdaketa horri dagokion identifikazio-agiria.

– Laburpen-memoria.

– Artxibo kronologikoa.

k) Jardueraren kontrolean sortutako dokumentazioa ingurumen-organoari igorriko zaio, «E) Ingurumena Zaintzeko Programa» atalean adierazitakoa kontuan hartuta.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

Química Europea de Resinas SAk, produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa ere bidaliko du.

Era berean, Química Europea de Resinas SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak biltegiratzeko, itzultzeko eta kudeaketarako bueltatzeko sistema bat ezarri beharko du nahitaez (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Química Europea de Resinas SAk, produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, azken betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahal izango du baldin eta Ontziei eta Ontzi Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, produktuaren kontsumitzaileari emango dio ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa emateko betebeharra.

Baldin eta Química Europea de Resinas SAk, urte natural batean, jarraian zehaztu diren kantitateak baino gehiagoko ontzi-hondakinak sortzeko moduko ontziratutako produktuak edota industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Enpresaren prebentzio-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Agiri bi horiekin batera, dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programa ere bidaliko da.

B.5.– Lurzoruaren babesari eta lurpeko urei buruzko baldintzak.

Química Europea de Resinas SAk Dokumentu Bakar bat aurkeztuko du, 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartutako jarraibide teknikoari jarraikiz, edukiei eta entrega-aldizkakotasunari dagokienez; gutxienez, 5 urtean behin.

Nolanahi ere, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko lanak egin ditzakeen egiaztatutako erakunde batek egin beharko du Dokumentu Bakarra, eta eduki hauek izango ditu: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena egiteko agiriak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin bat etorriz, Química Europea de Resinas SAk behar diren neurriak hartu beharko ditu lurzorua babesteko:

– Mantentze-lan egokiak egingo dira instalazioetako zoladuran, ingurumenerako arriskuak kontrolatuta egon daitezen, eta arreta berezia jarriko da makineria astuna igarotzen den eremuetan.

– Aldizka berrikusiko da andeletako kubeten egoera, eta jarioak bilduko dira.

– Produktu likido guztiak kubetaren gaineko ontzietan biltegiratu behar dira, eta, ahal dela, estalpean.

– Behar bezala manipulatuko dira produktu edo hondakin arriskutsuak.

– Ustekabeko jarioak edo ihesak gertatuz gero, horiek zabaltzea saihestu eta geldituko da, gai xurgatzaile egokia erabiliz (harea, sepiolita, etab.). Bustitako materiala hondakin arriskutsuetarako ontzian utziko da, eta ondoren kudeatuko da.

– Jarioak harrapa ditzakeen produktu, objektu edo substantziak kutsatzea saihestuko da.

– Aldizkako mantentze-lanak egingo dira, dauden atxikipen-kubeten aldizkako ikuskapenak eginez.

– Aldizkako mantentze-lanak egingo dira, zolataren estalkiaren (iragazgaiztekoarekin) eta horren egoeraren inguruko aldizkako ikuskapenak eginez.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Aurreikusten bada aldaketaren bat egin behar dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan, eta aldaketa horren ondorioz lurrak mugitu behar badira:

a) Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan jasotzen denarekin, induskatu beharreko materialak (lurrak, eraiste-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horiek kudeatzeko bide egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzematen bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko egiaztatuta dagoen erakunde batek egina. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatu duen pertsona fisiko edo juridikoaren eta jarduketa egingo duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, zolatak barne.

– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko da, eta, bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira. Horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren eta jarraian adierazten diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz erretiratu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa egiteko, oinarrizko irizpide batzuk bete beharko dira; hain zuzen ere, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta aipatutako gidaren 10.2.6 apartatuan («In situ» laginketa induskatu beharreko lurzoruetan) adierazitako oinarrizko irizpideak, induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu beharrekoak.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako A-EBA ebaluazioko balio adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada aldaketaren bat egin behar dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpora (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berrian lehenago gauzatu bada ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hartu beharreko neurriak ezar ditzan sailburuordetza horrek, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Beharrezko neurri guztiak ezarriko dira honako indize akustiko hauek gaindi ez daitezen:

a.1.– Maila hauei egokitu beharko zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere gainditu 40 dB(A) 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere gainditu 30 dB(A) 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan gaindituko (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-tik gorako gehikuntzarik.

Gainera, jardueraren gainerakotik nabarmen bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 5 dB-tan gaindituko 1. taulan finkatutako balioak.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Atmosferara egindako emisioak kontrolatzea.

C.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Química Europea de Resinas SAk emisioak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

212/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera EAEn erregistratutako eta egiaztatutako kontrol-erakunde batek egin behar ditu neurketak. IKE txostena Egiaztatze Erakunde Nazionalak (ENAC) emandako egiaztatzearekin egin beharko da. Kontrolak 2012ko uztailaren 12ko Aginduko jarraibide teknikoen arabera egingo dira.

Neurketa guztiak emisio gehien egon daitezkeen baldintzetan egin beharko dira.

Química Europea de Resinas SAk 2022ko azaroaren 17an aurkeztu zituen eta espedientean jasota dauden bi kalkulu-proposamenen bidez kalkulatuko dira polimero mota bakoitzaren, poliester asegabearen eta produkzio osoaren fabrikazioan egiten diren KOLG guztizko emisioak. Horrela, alde batetik, emisio-faktoreak eta urteko funtzionamenduaren datuak kontuan hartuta kalkulatuko dira erreakzio-ekipoen, blowdowns-en, ontziratuen eta biltegiratze-andelen irekiera-emisioak, eta, bestetik, disolbatzaile-masen balantzea aurkeztuko da (edo disolbatzaileen kudeaketa-plana), poliester asegabearen fabrikazioaren guztizko emisioak eta disolbatzaileen emisioak zehazteko. Informazio hori urte bakoitzeko Ingurumena Zaintzeko Programan (IZP) sartuko da.

Nolanahi ere, urtero eguneratu eta zehaztu beharko da instalazioan kalkulu horiek egiteko proposamena, guztizko emisioen kalkuluen ziurgabetasuna murrizteko, masa-balantzearen bidez.

Emisioen muga-balioak betetzen diren ebaluatzeko, bi kalkulu-proposamenak aztertu eta emaitzarik txarrenak hartuko dira kontuan.

Halaber, poliester asegabearen fabrikazioan egindako partikulen emisioak eta instalazioko partikulen guztizko emisioak kalkulatzeko proposamen xehatua aurkeztu beharko du, urtero eguneratuta, Química Europea de Resinas SAk. Proposamen hori urte bakoitzeko IZPan sartuko da.

Gainera, erretxina mota bakoitzerako (alkidikoak, poliester asegabekoak, poliester asekoak, erretxina akrilikoak eta urea-melaminakoak) urtean sortutako kantitatea emango da, urtero, IZPan, eta polimero mota bakoitzaren fabrikazioan eta guztira produktu tona bakoitzeko egindako PS eta KOLG emisioen balioak kalkulatuko dira.

Química Europea de Resinas SAk urtero bidali beharko ditu, IZPan, erretxina mota bakoitza ekoizteko erabiltzen diren H340, H350, H350i, H360D edo H360F arriskuari buruzko adierazpenak dituzten konposatu organikoen kantitateak (hauek dira erretxina motak: erretxina alkidikoak, poliester asegabeko erretxinak, poliester aseko erretxinak, erretxina akrilikoak eta urea-melaminako erretxinak). Txosten horretan, arriskuari buruzko adierazpen horiek dituzten konposatudun produktuak beste batzuekin ordeztu diren eta egin diren gainerako aldaketak adieraziko dira, hala nola konposatu horiek dituzten lehengai berriak sartu diren.

Halaber, Química Europea de Resinas SAk hondakin-uren eta hondakin-gasen fluxuen inbentarioa ere sartu beharko du IZPan, urtero eguneratua (WGC Erabakiaren 2.TEOak ezartzen duenaren arabera), Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren atal gisa (WGC Erabakiaren 1.TEOak ezartzen duenaren arabera), eta, gasei dagokienez, hondakin-gasen fluxuen ezaugarriei buruzko ahalik eta informazio gehien eman beharko du, hala nola:

a) batez besteko balioak eta emariaren eta tenperaturaren aldakortasuna;

b) kutsatzaileen batez besteko kontzentrazioa eta karga-balioak/parametro egokiak eta horien aldakortasuna (adibidez KOL, CO, NOx, SOx, kloroa, hidrogeno kloruroa);

c) sukoitasuna, leherkortasunaren gehieneko eta gutxieneko mugak, erreaktibotasuna;

d) hondakin-gasak tratatzeko sistemetan edo instalazioaren segurtasunean eragina izan dezaketen beste substantzia batzuen presentzia (adibidez oxigenoa, nitrogenoa, ur-lurruna, partikulak).

Química Europea de Resinas SAk aldizka kontrolatu beharko ditu iturri egokietatik atmosferara doazen KOLen emisio lausoak, behar bezala elkartuz I - III teknikak, edo, KOL kantitate handiak direnean, I - III teknika guztiak erabiliz, WGC Erabakiaren 2.TEOak ezartzen duenaren arabera. Urtero, IZPan, egindako jardueren eta kontrol horren emaitzen berri emango da.

Era berean, hala badagokio, WGC Erabakiaren 19.TEOaren arabera egindako ihes-kontrolen emaitzak ere urtero jakinaraziko dira, IZPan.

Kexaren bat jasotzen badute usainengatik, Química Europea de Resinas SAk usainak kudeatzeko plan bat ezarri beharko du, aipatutako WGC Erabakiaren 20.TEOarekin bat etorriz.

C.1.2.– Lortutako emaitzak erregistratzea.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztutako agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak taula honetan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarata kontrolatzea.

a) Hiru urtean behin, indize akustiko hauen ebaluazioak egin beharko dira: Ld, Le, Ln, Laeq,Aeq, Ti eta LAeq,60 segundo.

b) Hiru urtean behin, Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da; horretarako, neurketak egingo dira jarduera egiten den lurzatiaren kanpoaldean, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen eremuan.

c) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zaindu egin beharko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

d) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak ingurumen-organo honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.5.– Lurzorua eta lurpeko urak kontrolatzea.

a) Hargatik eragotzi gabe ebazpen honen B.5 apartatuan eskatutako dokumentazioa, datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri bat gertatu izanaren susmoa hautemanez gero:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Teknikari eskudunak sinatutako adierazpena, instalazioan hartutako neurrien egoera ez ezik –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak–, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duena. Ekipamenduak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen duen edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabeziak azaltzen dituen berariazko adierazpena izan beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, hala badagokio, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, hargatik eragotzi gabe 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolak (Agindua, 2020ko urtarrilaren 23koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez jarraibide tekniko bat onartzen baita, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzkoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta), Química Europea de Resinas SAk lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak karakterizatzeko, ateratako lurzoru-zutabea karakterizatzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta haiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren fluxua; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren fluxua alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu behar den informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek landu beharko du, organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoa betez.

C.6.– Ingurumeneko finantza-bermea kontrolatzea, Ingurumena Zaintzeko Programaren (IZP) barruan.

IZPren barruan, honako agiri hauek bidali beharko dira, programa aurkezteko prozedura telematikoan gaitutako ereduak erabilita:

– Ingurumen Arriskuen Azterketa (IAA) eta erantzukizunpeko adierazpena.

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta hirurehun mila (300.000) eta bi milioi (2.000.000) euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar du Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemara.

– Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eguneratuko du egoki irizten badu, eta, betiere, funtsezko aldaketak gertatzen direnean jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak IZPko dokumentazioaren barruan aurkeztuko dira.

C.7.– Emaitzak kontrolatzea eta igortzea.

Ingurumena Zaintzeko Programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta ingurumen-organo honetara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean dagoen bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko da berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, gertatutakoaren berri izan ondoren; horretarako, helbide elektroniko hau erabili beharko da: ippc@euskadi.eus

Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozesuen kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gorabehera nagusiak bereziki aipatuta eta haien kausa eta konponbide posibleak azalduta; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik hala egin ez bada.

C.8.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Química Europea de Resinas SAk Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisien edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen zehatza. Aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Gainera, Ingurumena Zaintzeko Programak jardueraren adierazle bereizgarriak zehaztu beharko ditu, eta azaldu beharko du zer sistematika erabiliko den adierazle horiek aztertzeko; izan ere, horien guztien bidez egiaztatu ahal izango da enpresak ingurumena hobetzeko ezarritako neurri eta mekanismoak eraginkorrak ote diren (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko lanak eta mantentze-lanetarako programatutako lanak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta, dagokionean, baita haien kudeaketa eta tratamenduarena ere.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-lanetan eta ezohiko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bat etorriz bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.»); baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera etetea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (28.5 epigrafea, Metalen tratamendua eta estaldura) eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak ezartzen dituena. Horrenbestez, Química Europea de Resinas SAk jarduera-etete horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea igaro baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta noiz hasiko den lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioaren prozedura hasteko epea beranduenez, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoarekin.

Jarduera eten baino lehen, Química Europea de Resinas SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren C.3 azpiapartatuan ezarritakoa betez.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Química Europea de Resinas SAk, aldi baterako etenaren eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

D.4.– Ezohiko jardunean aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendurako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektoreen sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsatzeko arriskua dakarren edozein egoera prebenitzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Hala dagokionean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazketa-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Ez dago baimenduta hondakin-ura «bypass» bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira isurketak «bypass» bidez, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatean duen eragina ahal den heinean gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko iisurketaren bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Química Europea de Resinas SAk behar diren bitartekoak izango ditu, arazketa-instalazioak modu egokian ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak mantentzeko.

d) Olioak, efluenteen arazketako hondakinak eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzean, baliteke lurzorua eta ura kutsatzea. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua duten lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gertatzen diren jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipo egokiak.

i) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-jarioak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren inguruan kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak berehala eman beharko dio gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbidearen bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Jatorriak eta arrazoiak (unean bertan zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isurketa edo emisioren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Oiongo Udala berehala jakinaren gainean jarri beharko dira. Ondoren, gehienez 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria eta isuritako materiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Ezohiko gertaera berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isuri hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilaren eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo ezohiko gertaerak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko etenaldi programatu oro, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

E) EPTR jakinarazpena.

Química Europea de Resinas SAk atmosferara eta uretara egindako emisioei eta sortu dituen hondakinei buruzko aurreko urteko datuen ingurumen-adierazpena bidaliko dio urtero, martxoaren 31 baino lehen, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Emisioen eta Kutsatzaileen Transferentziaren Inbentarioa landu eta eguneratzeko, E-PRTR Erregelamenduko emisioen gaineko informazioa ematea eta ingurumen-baimen integratuak arautzen dituen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari eta Ingurumena Zaintzeko Programari jarraituz.

Informazio hori bidaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliko dira.

Datu horietako batzuk Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan sartuko dira; gero, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) bidaliko da informazio hori.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, bat etorriz uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da bete egiten dela Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa.

F) Babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa aldatzeko aukera egongo da (neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak barne), hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitu beharra dagoelako. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz (Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta) ere aldatu ahal izango dira babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa.

G) Instalazioko aldaketak.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc.

Halaber, onarpena eskatu beharko zaio organo honi, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Halaber, aldatzen dena proiektua bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoruaren kalitatearen arloko deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000345 erregistro-kodea esleitzea Química Europea de Resinas SAk ustiatutako instalazioari (Logroño-Iruñeko 111 errepidea, 2,3 29 km, Iruñabide industrialdea, 01320 Oyón-Oion, Araba; kokapena: UTM X: 547349,12; Y: 474376,97).

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena Zaintzeko Programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Ingurumeneko finantza-bermea.

a) Ingurumeneko finantza-bermea.

Química Europea de Resinas SAk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duena), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1. eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita badago, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari; adierazpen horretan, IV.2 eranskinean adierazitako informazioa jasoko da gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak gaitutako prozedura telematikoaren bidez bakarrik aurkeztu behar da.

https://www.euskadi.eus/komunikazioa/ingurumen-erantzukizunari-aurre-egiteko-finantza-bermea/web01-tramite/eu/

Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egoki irizten badu, eta, betiere, funtsezko aldaketak gertatzen direnean jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da urteko Ingurumena Zaintzeko Planarekin batera. Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 28.b) artikuluan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz salbuetsita badago, indarrean den EMAS sistemaren edo ISO14001 ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da urteko Ingurumena Zaintzeko Planarekin batera.

b) Ingurumen-erantzukizuna.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Seigarrena.– Química Europea de Resinas SAri eskatzea, ebazpen hau eman eta hiru hilabeteko epean, arriskuen azterketa aurkez dezala Oiongo udal-mugartean (Araba) erretxina alkidikoak, akrilikoak, poliesterrekoak eta urea-melaminakoak fabrikatzeko jarduerarako. Era berean, dagokion finantza-bermea eratu beharko du, behartuta egonez gero.

Zazpigarrena.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, titulartasun-aldaketaren bat egiten bada pieza metalikoen tratamendua eta estaldura egiteko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, aldaketa horren berri eman beharko dio Química Europea de Resinas SAk ingurumen-organoari, azken horrek onar dezan.

Zortzigarrena.– Honakoek eragingo dute baimen hau iraungitzea:

– Ebazpen honen bigarren apartatuaren C.1.1. azpiapartatuan («C.1.1.– Kanpoko kontrolak.») eta seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epearen barruan, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Foku berri bat ezartzea dela-eta Ingurumen Kontrolerako Erakundearen (IKE) txostena bidaltzeko ezarritako sei hilabeteko epea betetzen ez bada.

– Química Europea de Resinas SAren nortasun juridikoa azkentzen bada, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako bosgarren eta seigarren apartatuetan ezarritako baldintzak betetzen direla.

Hamargarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zehapenak ezartzea ekar dezake.

Hamaikagarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Química Europea de Resinas SAri, Oiongo Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Hamabigarrena.– Ingurumen-baimen integratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamahirugarrena.– Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 9a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala