Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2023ko urriaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4915

AGINDUA, 2023ko urriaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako artxibo-funtsekin eta dokumentu-ondarearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuetarako bekak ematea arautzen duena eta 2023an lau beka emateko deialdia onartzen duena.

Euskadiko Artxibo Historikoari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoari lotutako artxibo-funts publiko eta pribatuen informazioa zabaltzea, bai eta Euskadiko dokumentu-ondarearen eta artxiboen balioaren inguruko kontzientziazio sozial eta kolektiborako neurriak proposatzea ere, arlo horretako prestakuntzan eta hezkuntzan lagunduz.

Helburu horrekin, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ikerketa-beka hauen deialdia egiten du norberaren izenean aurkezten diren ikertzaileentzat, Euskadiko Artxibo Historikoan dagoen euskal dokumentu-ondarearen ikerketa sustatzeko.

Era berean, indarrean dagoen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartuta dagoen laguntza-lerro bat da beka hauek ematea. Eta hain zuzen ere lerro hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko maiatzaren 22ko Aginduaren bidez sartu zen planean, izan ere agindu horrek 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta Dirulaguntzen 2023. urteko Plana aldatu baitzituen.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako dokumentu-ondarearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuetarako bekak emateko oinarri arautzaileak onartzea, agindu honen eranskinean aurreikusitakoaren arabera.

Bigarrena.– Lau bekatarako deialdia egitea 2023an, Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako dokumentu-ondarearekin zerikusia duten ikerketa-lanak egiteko.

Beka bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 10.000,00 (hamar mila) eurokoa izango da, 1001111113 1.45143.45100 2023/001136 partidaren kargura, eta agindu honetan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 40.000,00 (berrogei mila) eurokoak izango dira gehienez ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka jotzeko, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Era berean, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 4a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

ERANSKINA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKAKO SAILBURUAREN AGINDUA, EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOAN GORDETAKO ARTXIBO-FUNTSEKIN ETA DOKUMENTU-ONDAREAREKIN ZERIKUSIA DUTEN IKERKETA-PROIEKTUETARAKO BEKAK EMATEA ARAUTZEN DUENA ETA 2023AN LAU BEKA EMATEKO DEIALDIA ONARTZEN DUENA
OINARRIAK

1. artikulua.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako dokumentu-ondarearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuetarako bekak emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Bekak emateko, norgehiagokaren araubidea erabiliko da.

Oinarri arautzaile hauen arabera emandako beka bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 10.000,00 eurokoa izango da.

2. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Betekizun hauek betetzen dituzten pertsona fisiko indibidualak izan daitezke laguntzen onuradun:

a) Beka gauzatzearekin bateraezina den lan-jarduerarik ez egitea. Ondorio horietarako, bateraezina izango da lanaldi erdia baino gehiagoko dedikazioa eskatzen duen edozein lan-jarduera.

b) Unibertsitateko gradu edo graduondoko tituluren bat edukitzea, dokumentu-ondarea kontserbatzearekin, ikertzearekin eta haren balioa nabarmentzearekin zerikusia duen ezagutza-eremukoa dena.

c) Nolanahi ere, titulu horrek ezin izango du deialdiaren urtea baino hamar urte lehenagoko antzinatasuna izan.

d) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzako betebeharren ordainketak egunean izatea, bai dirulaguntza eskatzen den unean eta bai egindako lanari dagokion zenbatekoa jasotzen den unean.

e) Dirulaguntza itzuli beharraren ondoriozko betebeharrak egunean izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarrian ezartzen den bezala.

f) Aurretik beste erakunde publiko edo pribatuetatik beka berdina edo antzekoa lortu ez izana, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik eduki bereko edo antzekoko bekaren bat jaso ez izana.

g) Ez edukitzea sexuan oinarritutako diskriminazioagatik jarritako zehapen administratibo edo penalik, eta ez edukitzea Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak edo beste xedapenen batek jarritako debekurik, zehapenak irauten duen bitartean agindu honetan araututako bekak eskatzeko ezgaitzen duenik.

h) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako betekizunak betetzea.

2.– Horretarako, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa (2023ko otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.).

3. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Memoria xehatua, aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak eta justifikazioa adierazten dituena.

b) Eskatzailearen curriculuma, behar bezala sinatuta, aurkeztutako proposamenari lotutako merezimenduak zehazten dituena.

2.– Eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpen hauek aurkeztu beharko dira:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena sinatzaileak ez daukala sexuan oinarritutako bereizkeriagatik jarritako zehapen administratibo edo penalik eta ez daukala Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak jarritako debekurik, zehapenak dirauen bitartean agindu honetan araututako bekak eskuratzea eragozten duenik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskatzaileak ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratibo edo penalik eta ez daukala horretarako desgaitzen duen inolako legezko debekurik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dela eskatu edo jaso edozein administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatutako beste dirulaguntza, laguntza, beka, diru-sarrera edo baliabiderik agindu honetan araututako bekaren helburu bererako.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dela jaso beste beka berdin edo antzekorik edozein erakunde publiko edo pribatutatik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzuli beharragatiko betebeharren ordainketak.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

3.– Interesdunak ez du Eusko Jaurlaritzaren edo beste edozein administrazio publikoren esku dauden datuak eta dokumentuak aurkezteko betebeharrik. Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta ditzan erregelamendu horretako 18. eta 19. artikuluetan ezarritako betekizunak, eta horrela, eskatzaileak ez du dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko. Eskatzaileek berariaz uka dezakete baimena, dagokion ziurtagiria aurkeztuta, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuko 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Beste beka edo laguntzekiko bateraezintasuna.

Beka bateraezina izango da beste erakunde publiko edo pribatuek helburu bererako eman ditzaketen edo ematen dituzten beka, dirulaguntza edo laguntzekin.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskatzaile bakoitzak beka-eskaera bakarra egin ahal izango du.

3.– Eskaerak era presentzialean edo bide elektronikoz izapidetu ahalko dira, honela:

a) Bide presentziala: eskaerak era presentzialean aurkeztu ahal izango dira Zuzeneanen bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aurreikusten dira erregistro horiek) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan aurreikusitako organo edo bulegoetan. Eskaerak Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, aurretik hitzordua eskatu beharko da derrigor, https://www.euskadi.eus/herritarrekin_interakzioa/aurretiko-hitzordua-zuzenean-zerbitzuko-aurrez-aurreko-arretan/web01-tramite/eu/ helbidean edo 945 01 90 00 telefono-zenbakian (zenbaki hori hitzorduak eskatzeko edo bertan behera uzteko bakarrik da).

b) Bide elektronikoa: eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan aurkeztu behar dira, artikulu honetako 4. apartatuan adierazitako helbideetan.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bide presentziala erabiliz edo bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko zehaztapenak. Helbide honetan eskura daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1238501

Bide elektronikoz egindako eskaeren osteko izapideak, jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Eskatzaileak pertsona fisikoak izanik, eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, presentziala do elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako egiaztagiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan zehar, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

7.– Eskaerak ordezkari baten bidez ere izapidetu daitezke modu elektronikoan, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/.

8.– Eskaerak aurkezteak berekin dakar berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek definitzen dituzten baldintzak.

6. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskaera izapidetzeko onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela, haietan akats formalak daudela edo eskaera baloratzeko alegatutako dokumentazioan akatsak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo falta diren dokumentuak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio emandako epean zuzenketarik egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, dagokion ebazpena eman ondoren.

7. artikulua.– Kalifikazio Batzordea. Osaera eta eginkizunak.

1.– Kalifikazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eskaerak onartzeko modukoak diren ala ez aztertzea, bai eta eskaera horiek ebaluatzea ere, agindu honetako 9. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz.

2.– Kalifikazio Batzordeak kide hauek izango ditu:

– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da.

– Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzakoa.

– Unibertsitateko bi irakasle, bat historia modernokoa eta bestea historia garaikidekoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko norbait izango da Kalifikazio Batzordeko idazkaria, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe. Kalifikazio Batzordeko idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuko dira Kalifikazio Batzordeko kideak. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

3.– Kalifikazio Batzordeak, egokitzat jotzen duenean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) adituak diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

4.– Kalifikazio Batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da gutxienez batzordeburua, idazkaria eta batzordekideen erdiak egotea, bai bertan edo bai urrutitik jardunez.

5.– Kalifikazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

6.– Kalifikazio Batzordea osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko. Ondorio horietarako, bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean joko da ordezkaritza orekatutzat.

8. artikulua.– Bekak emateko prozedura.

1.– Laguntzen deialdia ebazteko, norgehiagoka bidezko lehiaketa erabiliko da. Horretarako, 9. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran jarriko dira eskaerak, eta puntuaziorik handiena jasotzen duenetik hasita esleituko dira lau bekak.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen dituzten programei bakarrik emango zaie beka.

3.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren, Kalifikazio Batzordeak ebazpen-proposamena bidaliko dio Kulturako sailburuordeari. Ebazpenak elementu hauek izango ditu:

– Baietsitako eskaerak, onuradun bakoitzaren bekaren zenbatekoarekin.

– Ezetsitako eskaerak eta ezesteko arrazoiak.

– Onartu ez diren proposamenak, ez onartzeko arrazoia adierazita.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Kalifikazio Batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako proiektua eta ikertzailearen eta haren lan-ingurunearen ezaugarriak.

Era berean, pertsona horrek bekaren helburu den proiektuaren inguruan dituen ezagupenak, prestakuntza eta esperientzia baloratuko dira, bai eta proposatutako ikerketa-proiektua zehazteko eta aditzera emateko duen gaitasuna eta proiektuaren interesa eta ikuspegia ere.

Horretarako, balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan, bakoitzari esleitutako puntuazioaren arabera:

1.– Ikertzailearen merezimenduak eta esperientzia: gehienez 40 puntu.

a) Prestakuntza, gehienez 10 puntu: 4 puntu emango zaizkie unibertsitate-graduko titulazioei, 6 puntu graduondokoei eta masterrei, eta 10 puntu doktoregoei.

b) Argitalpen zientifikoak: gehienez 15 puntu. Halakotzat joko dira argitaratutako liburuaren formatua dutenak, argitalpen digitaletako testuak, «paper» direlakoak eta lan kolektiboetan egindako ekarpenak. 5 puntu emango zaizkie liburuei eta puntu 1 artikulu edo ekarpen bakoitzari.

c) Euskaraz jakitea: gehienez 5 puntu. Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera baloratuko da, 3 puntu emanez C1 mailari eta 5 puntu C2ri.

d) Esperientzia artxibo-ikerketan: gehienez 10 puntu. Eskatzaileak artxiboetan egindako lana baloratuko da, hain zuzen ere bere argitalpenen bidez egiaztatzen duena eta bere ikertzaile-curriculumean argudiatzen duena.

2.– Ikerketa-proiektuaren metodologia, garrantzia eta kalitatea: gehienez 50 puntu.

a) Planteamendu metodologikoaren berritasuna: gehienez 10 puntu.

b) Gaiaren planteamenduaren koherentzia: gehienez 10 puntu.

c) Erabiliko diren dokumentu-iturrien aniztasuna eta aberastasuna: gehienez 10 puntu.

d) Landuko den gaia eta, hala badagokio, genero-historiaren ikuspegia: gehienez 10 puntu.

e) Behin betiko lana idaztean euskara erabiltzea: 10 puntu.

3.– Ikertzailearen lan-ingurunea: gehienez 10 puntu.

Eskatzaileak bekaren helburuarekin zerikusia duen ikerketa-talde bati lotuta gauzatzen badu proiektua, 10 puntu emango zaizkio.

Ikerketa-talde bati lotuta dagoela egiaztatzeko, proiektuaren tutoreak adierazpen bat egin beharko du, proiektuaren osaera, helburu eta izaeraren berri ematen duena.

10. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Kulturako sailburuordeak emango du ebazpena, Kalifikazio Batzordeak helarazitako proposamena ikusi ondoren, eta interesdunei jakinaraziko zaie, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori bukatuta banakako edo taldeko ebazpenik jakinarazi ez bada, beka-eskaera ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 25.1 artikuluaren arabera.

2.– Ebazpenean, bekak zein onuraduni eman zaizkien adieraziko da eta gainerako eskaerak espresuki ezetsi direla. Horrez gain, eskaera guztien zerrenda ordenatua azalduko da, agindu honetako 9. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera eskabide bakoitzari emandako puntuazioa adierazita. Onartu ez diren eskaeren zerrenda eta ez onartzeko arrazoia ere adieraziko da.

Berdinketa gertatuz gero, aurkeztutako proposamenen kalitate zientifikoaren arabera puntuaziorik altuena lortu dutenak lehenetsiko dira zerrendan.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 41.6 artikuluaren arabera, jakinarazpen elektronikoen kasuan abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikara, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat duela ikusgai EAEko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Abisua bidaltzen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

4.– Ematen den ebazpena https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da. Jakinarazpen elektronikoak banaka egingo zaizkie prozedurako interesdunei, «Nire Karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Era berean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da. Ebazpenaren jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, egiten den aurrenekoaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Ebazpen horrek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 121. eta 122. artikuluek ezarritakoarekin bat etorriz.

6.– Onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio agindu honetako 12. artikuluan ezarritako hamar eguneko epean, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Kalifikazio Batzordeak beste deialdirik egin behar izan gabe– zerrendan puntuazioaren arabera hurrena dagoenari ematea beka, betiere hark onartzen badu.

Beka ematen duen organoak aukera horren berri emango die interesdunei, dirulaguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Onuradunak proposamena onartuta, administrazio-organo eskudunak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.

11. artikulua.– Onuradunen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko harremanaren izaera juridikoa.

Bekak emateak ez du kontratu edo estatutu bidezko harremanik ezartzen onuradunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean, eta, beraz, ez du inola ere lan- edo funtzionario-harremanik sortuko aipatutako erakundearekin.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte dekretu honetan araututako beken onuradunek; eta bereziki hauek:

a) Emandako beka onartzea. Ildo horretan, beka esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bekadun onuradunek berariaz eta idatziz bekari uko egiten ez badiote, beka onartutzat joko da. Onuradunen batek uko egiten badu beka onartu aurretik, puntuazio-ordenaren arabera hurrengo dagoen eskatzaileari emango zaio beka.

b) Lanaren jarraipena egiteko izendatu den pertsonari ematea hark eskatzen dituen txostenak, ikerketaren xehetasunak eta lanaren azken emaitza.

c) Beka zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

d) Beka eman duen erakundeari justifikatzea beka ematea edo laguntzaz baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.

e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea beka eman duen erakundeari.

f) Beste erakunde publiko zein pribatuei helburu berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren beketarako eskaera egiteko unean ebatzi gabe bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

g) Beka emateko kontuan hartu zen edozein egoera objektibo edo subjektibo aldatu bada, hala gertatu dela jakinaraztea beka eman duen erakundeari.

h) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskadiko Artxibo Historikoak emandako babesa beren-beregi adieraztea beka honen laguntzarekin egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

i) Diruz lagundutako lanen kopia bat bidaltzea, euskarri informatikoan, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzari. Herritarrak sentsibilizatzeko eta bekadunen garapen profesionalari bultzada eta laguntza emateko komenigarritzat jotzen dituen bitarteko eta euskarriak erabiliko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lanaren zabalkundea egiteko.

j) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzakoen ordainketak egunean izatea dagokion zenbatekoa jasotzeko unean.

k) Itzulketa-betebeharren ordainketa egunean izatea.

l) Alta emanda egotea Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

m) Diruz lagundutako lana Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatzea.

n) Edozein formatutan argitaratzen diren argitalpenak, horien iragarkiak eta bekaren laguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egin beharko dira. Hizkuntza-kalitatea bermatzeko, Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan.

o) Hizkuntza sexistarik ez erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatuko da.

13. artikulua.– Proiektuaren iraupena eta proiektuari jarraipena egitea.

1.– Bekek 12 hilabeteko iraupena izango dute, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, eta epe hori ezin izango da 2024ko abenduaren 31tik haratago luzatu.

2.– Euskadiko Artxibo Historikoak propio izendatutako pertsona batek gainbegiratuko du bekaren helburu den ikerketa-lana.

Hauek izango dira pertsona horren eginkizunak:

a) Lau beken helburu diren proiektuen garapenaren jarraipena egitea.

b) Lau hilean behin jarraipen-bilerak egitea.

c) Abian den ikerketaren garapena gainbegiratzea.

3.– Egindakoari buruzko hasierako txostena aurkeztu beharko dute bekaren onuradunek, beka emateko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean, beka jaso duen proiektuaren plangintzarekin eta metodologiarekin bat etorriz.

4.– Era berean, onuradunak bere ikerketaren emaitza testu formatuan entregatu beharko du, bekaldia bukatzeko epearen barruan.

5.– Hasierako txostena eta lana, lehenik eta behin, proiektuaren jarraipena egiten duen pertsonak baliozkotu beharko ditu.

14. artikulua.– Proiektuaren zabalkundea egitea.

1.– Onuradunek ikerketa-beka hauek onartzeak berekin dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematea obra publikoki komunikatzeko, erreproduzitzeko, banatzeko eta eraldatzeko lanetarako.

2.– Bekaren helburu den proiektuaren eta lortutako emaitzen zabalkundea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektuaren edukia ezagutarazteko egokien iritzitako bideen bitartez egingo da.

3.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskubidea izango du bekaren helburu den proiektua –oso-osorik edo zati bat – argitaratzeko. Argitalpena edozein formatutan egiten dela ere, proiektuaren egilea zein den aipatuko da eta jabetza intelektualaren eskubidea arautzen duen araudia errespetatuko da.

4.– Era berean, egileak bekaren helburu den proiektuaren argitalpenetan eta publizitate guztietan adierazi beharko du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso duela, dagokion publizitate-euskarrian haren marka korporatiboa erreproduzituz.

15. artikulua.– Beka ordaintzea.

1.– Emandako bekak bi zatitan ordainduko dira: lehenengo zatia, guztiaren % 50, beka onartzen den unean ordainduko da; eta, bigarrena, gainerako % 50a, ikerlana entregatu eta bekarekin egindako ikerketaren emaitza izango den azken-lanari jarraipena egiteko arduradunak lan hori onartu ondoren.

2.– Bigarren ordainketa egiteko, onuradun bakoitzak aurrena hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Diruz lagundutako programaren helburua bete dela justifikatzen duen memoria.

b) Bekaren helburu den ikerketaren emaitza, Word formatuan.

c) Ikerketa-lana Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatzeko eskatu izanaren egiaztagiria.

d) Helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkezteko unean horren berri ez bazegoen, horien zerrenda.

3.– Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonda ere, inskribatutako datuak aldatu badira, erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori eskabide-ereduarekin batera eskuragarri jarriko zaie eskatzaileei, eta url honetan ere eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

4.– Beka ezingo da ordaindu onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta ez dituen bitartean.

5.– Eskaera egin duen interesdunak bere eskabidean berariaz egin badio uko betebehar horiek ofizioz egiaztatzeari, eta justifikazioa ez badu aurreikusitako epean aurkezten, interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean aurkezteko. Epe hori igaro eta justifikazioa aurkeztu ez badu, beka likidatzeko prozedurari ekingo zaio.

6.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz legozkiokeenak. Horretarako, pertsona fisiko eskatzaileek beren egoitza fiskala adierazi beharko dute eskaeran. Hala badagokio, onuradunak berariaz eskatu beharko du jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa.

16. artikulua.– Ez-betetzeak edo dirua itzultzeko arrazoiak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako beka osoa edo haren zati bat agindu honetan adierazitako jardueretarako erabili beharrean, beste zenbaiterako erabiltzea.

b) Aurkeztutako programa aldatzea, aurretik Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren baimenik izan gabe.

c) Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, beka emateko egintzan ezarritakoak.

d) Ikerlana ez aurkeztea ezarritako epean.

2.– Salbuespenez, onuradunak, arrazoi justifikatuak izanik, ez badu lortzen proiektua erabat gauzatzea, beka kudeatzen duen organoak betetze partzialaren kasua onar dezake, betiere bekaren onuradunak egindako lanek berezitasun- eta espezifikotasun-ezaugarri objektiboak badituzte, diruz lagundutako proiektuaren xede eta helburuari berez balio erantsia ematen diotenak. Ikerketa-proiektuen garapenaren jarraipena egiteko izendatutako pertsonaren aldeko txostenak bermatu beharko ditu inguruabar horiek.

Kasu horretan, beka emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztu egingo da, ikerketa-proiektuaren garapen-maila egiaztatuari dagokion proportzioan.

3.– Ez-betetzeren bat egiten bada, jaso diren kopuruak eta sortu diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, aurretik bi dekretu hauek beteta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

17. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

– Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00.

Web-orria: http://euskadi.eus

– Helburua: ikerketa historikoaren arloko bekak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat gauzatzeko.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: norbere datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzea, baita datuen tratamendua mugatzea edo aurkaratzea ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

– Informazio gehigarria: datu-babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hemen aurki daiteke:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa1-eu.shtml


Azterketa dokumentala