Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2023ko irailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4444

AGINDUA, 2023ko irailaren 12koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira, 2023ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak (Erein programa)

Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) 1962an sortu zenetik, politika hori sektorearen erronketara eta herritarren behar berrietara egokitzen joan da, erreforma ugariren bidez.

NPBren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, hiru erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek, erregelamendu eskuordetu eta betearazle egokiekin batera, 2023-2027 aldian NPB aplikatzeko oinarriak ezarri eta hura arautu zuten, hargatik eragotzi gabe balizko luzapenak.

Alde batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, nekazaritza politika erkidearen esparruan estatu kideek egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena (NPBren plan estrategikoak) –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta 1305/2013 (EB) Erregelamendua eta 1307/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen dituena.

Bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamendua, nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

Eta, azkenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2117 (EB) Erregelamendua, honako hauek aldatzen dituena: 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-produktuen merkatuen antolaketa bateratua sortzen duena; 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 251/2014 (EB) Erregelamendua, mahastizaintza eta ardogintzako produktu aromatizatuen adierazpen geografikoen definizio, deskribapen, aurkezpen, etiketatu eta babesari buruzkoa; eta 228/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritza sektorean Europar Batasuneko (EB) eskualde ultraperiferikoen aldeko neurri espezifikoak ezartzen dituena.

NPB berriak, 2023tik 2027ra aplikatuko denak, aurreko NPBren funtsezko elementuei eutsiko die, baina laguntzen azken onuradunek bete beharreko betekizunen deskribapenean oinarritutako politika izatetik emaitza zehatzak lortzera bideratutako politika izatera igaroko da, hiru helburu nagusiri lotuta: epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimenduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa indartzea eta babestea, bioaniztasuna barne, bai eta klimaren aldeko ekintza ere, eta EBeko ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, horien artean Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoak; eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea. Helburu orokor horiek, era berean, bederatzi helburu espezifikotan banakatzen dira, jasangarritasunaren hiru zutabetan oinarrituta, eta zeharkako helburu komun batekin osatuta: nekazaritza sektorea modernizatzea landa-inguruetan, ezagutzaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.

NPBren 2023-2027 aldiko berrikuntza nagusietako bat da EBeko estatu guztiek eduki behar dutela NPBren Plan Estrategiko (NPBPE) bakarra. Plan horretan, NPBren helburuak eta Europako Itun Berdearen jomugak lortzeko egingo diren laguntzako esku hartzeak jasoko dira.

Ildo horretan, hiru urte inguruko lan-prozesu baten ondoren, 2022ko abuztuaren 31n, Europako Batzordeak Espainiako NPBren Plan Estrategikoa onartu zuen, C(2022) 6017 Erabakiaren bidez. Lan-prozesu hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak koordinatu zuen, eta autonomia-erkidegoek parte hartu zuten, bai beharren diagnostikoaren eta analisiaren hasierako fasean, bai esku-hartzeen estrategia eta diseinua artikulatzeko ondorengo fasean.

Plan horretan jaso dira bai lehen oinarriaren esparruan programatutako laguntzako esku-hartzeak (zuzeneko eta sektoreko laguntzak, NBEF funtsak finantzatutakoak), Estatuan zuzenean aplikatuko direnak, bai bigarren oinarriko landa-garapeneko esku-hartzeak (LGENF funtsak batera finantzatutakoak), autonomia-erkidegoan inplementatu eta garatzen direnak, kasu bakoitzean ezarri diren eskualde-berezitasunekin eta autonomia-erkidego bakoitzak lurraldean programatu dituen esku-hartzeen eta aurrekontuen arabera. Horren ondorioz, EAEri dagokionez, NBEF funtsaren esku-hartze sektorialez eta ordainketa zuzenen bidez egindako esku-hartzeez gain, landa-garapeneko 18 esku-hartze programatu dira (LGENF).

Bigarren oinarriaren eremuan EAEn programatutako landa-garapeneko 18 esku-hartze horien artean dago diruz lagundu nahi den landa-eremuetako oinarrizko zerbitzuetako inbertsio ez-produktiboei buruzkoa.

Horregatik, NPBPEn xedatutakoaren babesean eta NPBren eremuan aplikatu beharreko estatu-arauak betez, egokia da esku-hartze horietarako laguntzen lehen deialdia antolatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Era berean, hauxe da Landa Ingurunearen Garapenaren ekainaren 30eko 7/2022 Legearen xedea: EAEko landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduketak gidatuko dituen arau-esparrua antolatu eta ezartzea, eta hori guztia landa-ingurunea lurraldeko gainerako eremuen kondizio berdinetan egon dadin, ingurune hori funtsezko eragilea baita herrialdearen garapen eta kohesio ekonomiko, sozial eta lurralde-kohesiorako.

Agindu honen bidez deitutako laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021erako, 2022rako eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago argitaratuta, «www.euskadi.eus», sailari eskainitako eremuaren barruan, eta «Planak eta proiektuak» atalean. Gainera, laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Esku-hartze honen bidez finantzatzen diren operazioek ez dute Estatuko laguntzen araudia bete behar; izan ere, inbertsio publikoak dira, interes orokorrekoak tokiko komunitateentzat, eta ez dute eragin nabarmenik sortzen EBko merkatuaren lehian, tokiko/eskualdeko irismena dutelako.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako sailburuek, kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea, izaera eta esparru geografikoa.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzen deialdia egitea 2023ko ekitaldirako, erakunde publikoei zuzenduta (Erein programa), «Landa-inguruneko oinarrizko zerbitzuetan inbertsioak» izeneko 2023-2027 NPBPEren esku-hartzearen barruan.

Aplikazio-eremu geografikoaren barruan Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu guztiak sartuko dira, entitate-mailaren arabera sailkatuta (agindu honen I. eranskinean zehazten da sailkapena), eta honako hauek bereiziko dira:

a) Arreta Bereziko Eremuak (ABE); urrakortasun-maila handiena dute.

b) Gainerako landa-eremuak; U2, U3 eta U4 urrakortasun-mailei dagozkie.

Bigarrena.– Laguntza motak eta erakunde onuradunak.

1.– Laguntza hauen xedeak dira landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetuko duten azpiegiturak eta ekipamenduak eskuratzen laguntzea, herriak berreskuratzea, enplegua sortzea eta landa-eremuetan turismoa bultzatzea.

2.– Hauek izan daitezke laguntza horien onuradun:

a) Toki-erakundeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, hau da:

I.– Udalerria.

II.– Kontzejuak eta udalerriarena baino eremu txikiagoko beste lurralde-erakundeak, lurralde bakoitzean dagoen foru-araudian eta toki-araubidearen gaineko oinarrizko legerian ezarritakoaren arabera.

III.– Udal-mankomunitateak.

IV.– Arabako lurralde historikoko kuadrillak.

V.– Beste zeinahi erakunde, baldin eta tokiko lurralde-erakunde zenbait biltzen baditu, dagokion izendapen bereziarekin, 2/2016 Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera.

b) Toki-erakundeen sektore publikoa, a) apartatuko erakundeei dagokiena.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Laguntzaren xedea da inbertsioak sustatzea mota guztietako azpiegitura edo zerbitzuak sortu, hobetu edo handitzeko, jarduketa hauen esparruan:

a) Uraren hornidurarekin eta saneamenduarekin, eta energia elektrikoaren eta gasaren hornidurarekin eta kanalizazioarekin lotutako oinarrizko azpiegiturak (bai berriak, bai ordezkatu beharrekoak, ordezkatu ezean zerbitzuaren prestazioa baldintzatuko balitz, zeina dagokion txostenaren bidez egiaztatu beharko baita).

b) Aurreko ebazpen-zatian deskribatutako entitateen autokontsumorako energia berriztagarrien erabilera eta energia-aurrezpena sustatzeko azpiegiturak.

c) Turismoarekin zerikusia duten zerbitzuetarako proiektuak eta azpiegiturak: interpretazio-zentroak/museoak eta turismo-bulegoak, bidezidor eta bide homologatuak eta horietarako seinaleak, autokarabanentzako aparkalekuak, etab.

d) Biztanleak dituzten entitateak egokitzearekin zerikusia duten azpiegiturak, lehengoratzea eta haien hirigintza egokitzea xede dutenak: irisgarritasuna, lorategiak jartzea, argiteria eta hiri-altzariak.

e) Oinarrizko zerbitzuentzako proiektuak: eguneko zentroak eta pertsona nagusientzako erresidentziak, haur-eskolak eta farmaziak/botikak.

f) Aisia, kultura eta kirolarekin zerikusia duten zerbitzuentzako proiektuak: kultur etxeak, liburutegiak, erabilera anitzeko zentroak, kirol-ekipamenduak edo aisialdikoak.

g) Ekipamendu komunitarioetako irisgarritasunarekin zerikusia duten proiektuak.

h) Industrialde txikien urbanizazio-proiektuak.

2.– Dirulaguntzatik kanpo geratuko dira proiektu mota hauek:

a) Larrialdietarako etxebizitzak.

b) Fasetan banatu gabe dauden proiektuetarako inbertsioak, horien xedea higiezinak eraistea edo erostea bakarrik denean.

c) Euste-hormak, zerbitzu bat eskaintzen badute salbu.

d) Ondare-elementuak birgaitzea, dagokion kudeaketa-planaren bitartez justifikatutako jarduera ekonomiko bat sortzen bada salbu.

e) Kaleak, bideak, espaloiak eta abiaduraren disuasio-elementuak (arekak, irtenguneak...) zolatzeko helburua duten proiektuak.

f) Hilerriak.

3.– Diruz laguntzekoak diren jarduketak ezin izango dira amaituta egon eskabidea aurkezten denerako. Egoera hori in situ ikuskapen baten bidez egiaztatuko da. Ikuskapena hilabeteko epean egingo da gehienez ere, laguntza-eskaera sartzen den egunetik kontatzen hasita, eta kontrol-akta bat bidaliko da horretarako, jarduketa ez dela amaitu ziurtatuko duena. Epe hori luzatu ahal izango da, zuzendaritza kudeatzailearen titularraren ebazpen bidez, salbuespenez eskabideen bolumenaren eta zerbitzuaren beharren arabera.

Erakunde eskatzaileek diruz lagun daitezkeen jarduketak amaitu baino lehen, kontrol hori egin beharko da. Tokian bertan ikuskatu ezin diren gastuen kasuan, justifikazioaren unean egiaztatuko da ez direla amaitu, fakturaren bidez.

4.– Agindu honen I. eranskinean zehaztuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan egingo dira jarduketa horiek.

Laugarrena.– Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduak onartzen duena) 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erakunde onuradunak azpikontratatu egin duela ulertuko da dirulaguntzaren helburu den jardueraren gauzatze osoa edo partziala hirugarrenekin hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da erakunde onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

2.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontratatu dezake erakunde onuradunak. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta, diruz lagundutako jardueraren kostua gehituta, inongo balio erantsirik ematen ez badio jardueraren edukiari. Hirugarrenekin hitzartutako jarduera dirulaguntzaren % 20 baino handiagoa bada eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Kontratua egiteko baimena aldez aurretik ematea erakunde emaileak.

Beste administrazio publiko batek aurretik diruz lagundu badu jarduera, ulertuko da administrazio honek egiaztatu duela eskakizun horiek betetzen direla.

3.– Ezin da kontratua zatikatu, zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuko baldintzak bete beharrik ez izateko.

4.– Kontratistek erakunde onuradunarekiko baino ez dituzte betebeharrak, zeinek osorik hartuko baitu bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, beste horrek ere dirulaguntzak arautzen dituen araudiak ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek legearen 46. artikuluan ezarritako lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera emateko.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) Lege honen 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeekin.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak operazioaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa zehazten badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1.– Dirulaguntza ematen duen organoaren berariazko baimena eskuratu izana, aldez aurretik.

2.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako erakundeak egindako kostua. Kostua egiaztatzeko, onuradunaren gastuak frogatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.

e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu duten baina betekizunak ez betetzeagatik edo behar den balorazioa ez lortzeagatik laguntzarik gabe geratu diren pertsona edo erakundeekin.

Bosgarrena.– Diruz lagun daitezkeen kostuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen kostutzat hartuko dira proiektuari lotutako inbertsio eta/edo gastuak, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera eginak. Egun hori baino lehenagoko gastuak egonez gero, dirulaguntza ukatu egingo da, proiektua hasita dagoela iritziko baita, hurrengo puntuko f) eta g) apartatuei dagozkienak izan ezik; izan ere, laguntza ukatzea ekarriko ez luketen arren, ezingo lirateke deialdi honen kontura diruz lagundu.

2.– Oro har, hauek hartuko dira diruz lagun daitezkeen kostutzat:

a) Ondasun higiezinak eskuratzea, lursailak izan ezik. Tasatzaile independente eta egiaztatu batek ezarriko du balioa.

b) Urbanizazio-lanak gauzatzea.

c) Eraikitze-lanak gauzatzea.

d) Zaharberritze- edo birgaitze-lanak gauzatzea.

e) Haiei lotutako beste azpiegitura batzuk.

f) Aurreko bost apartatuetan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak, adibidez: arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, gehienez ere diruz lagun daitekeen kostuaren % 10eko mugarekin.

g) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak, gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eko mugarekin.

h) Makineria eta ekipamendu berriak erostea eta haien finantza-errentamendua, ondasunaren merkatu-balioraino.

i) Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makineria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan beste laguntzarik jaso ez badute.

j) Tresneria.

k) Altzariak.

l) Informatika- eta komunikazio-ekipoak, bai hardwarea, bai softwarea, eta programak eta aplikazio informatikoak eta web-orriak eta -plataformak eskuratzeko edo garatzeko inbertsioak.

m) Patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta erregistratutako markak eskuratu edo erregistratzeko egindako inbertsioak: 20.000 euroko dirulaguntza, gehienez.

n) BEZ berreskuraezina, BEZari buruzko Espainiako legeriaren arabera.

Laguntza-eskaerak, onargarria izateko, gutxienez diruz laguntzeko moduko 6.000 euroko kostua izan beharko du.

3.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Mantentze-gastuak eta funtzionamenduko beste edozein gastu.

b) Etxebizitzak, ibilgailuak edo etxean erabiltzeko ondasunak.

c) Lursailak eskuratzea.

d) Langile propioen gastuak.

e) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

f) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak eta prozedura judizialen gastuak.

g) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidetan eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.

h) Zeharkako zerga berreskuragarriak.

i) Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak, eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

j) Ekipamendua eta makineria berritzeko edo soilik ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologia ezberdina darabilten edo errendimendu hobea duten ekipoak eta makinak erosten badira, edo ez ordezteak zerbitzuaren prestazioa baldintzatzen badu.

k) Finantza-errenta, baldin eta kontratuan zehazten ez bada operazioa amaitzean ondasuna erosi beharra dagoela. Bestalde, ez dira diruz lagunduko errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.

4.– Kostuen neurritasuna ziurtatzeko, lege hau beteko da: 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa; horren bidez, 2014ko otsailaren 26ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora. Kontratu txikien kasuan, gutxienez hiru eskaintza eskatuko ditu kontratazio-organoak, eta horiek espedientean sartuko dira hautatutako eskaintzaren justifikazioarekin batera, ez bada proposamen ekonomiko abantailatsuena.

Seigarrena.– Finantzaketa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 5.659.200 eurokoa da. Zenbateko horri dagokionez, 4.716.000 euro, batera finantzatuko dute LGENF funtsak (% 80, hots, 3.772.800 euro) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (% 20, hau da, 943.200 euro). Gainerakoa, 943.200 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko da, Batzordeak 2023-2027 aldirako NPBPEn onartutako finantzaketa osagarri gehigarri gisa.

Hau da deialdiari lotutako baliabide ekonomikoen (5.659.200 euro) banaketa ekitaldi bakoitzean: 3.395.520 euro 2023 ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.263.680 euro, 2024 ekitaldirako konpromiso-kredituari.

2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legeria betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, horren berri emango da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, laguntzak emateko prozeduraren ebazpena eman baino lehen. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.2 artikuluan aurreikusten denaren ondoreetarako.

Zazpigarrena.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

Laguntzak eskatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte pertsona juridiko eskatzaileek.

Zortzigarrena.– Eskabideak, agiriak eta aurkezteko epea.

1.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak. Eskabide horretan sartuko dira 3. apartatuan aurreikusitako eredu normalizatua, agindu honen bidez onartua, eta 7. apartatuan eskatzen den dokumentazioa.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartuta; euskaraz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028208 eta gaztelaniaz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1028208;

3.– Inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da eskabideak aurkezteko, aipatutako helbide berean (euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028208 gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/servicios/1028208)

4.– Eskabidearen osteko izapideak helbide hauetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta eta https://www.euskadi.eus/micarpeta

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta Agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

6.– Informazio hau bilduko du eredu normalizatuak:

a) Identifikazio-datuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla adierazteko.

c) Proiektuaren informazioa, agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera egina. Bertan jasoko dira proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak, eta informazio hori jasotzen duten akordioak eta ziurtagiriak ere erantsi beharko dira. Jasotako alderdiak bakarrik hartuko dira kontuan.

7.– Era berean, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Hirugarrenen alta-agiria, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo emandakoa aldatu nahi denean. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/. Gainerako izapideetarako bezala, izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek eta erakundeek hirugarrenaren alta lortzeko erabili beharko dute zerbitzu hori. Pertsona juridikoa bada, ahalordetze-eskritura, hala badagokio, eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan zigilatuta.

b) Eskatzailearen ordezkari izatearen egiaztatze-agiria, hala behar bada.

c) Proiektuak zerbitzu baten kudeaketa egin beharra badakar, Kudeaketa Plana aurkeztu beharko da, eta, horren barruan, gutxienez, puntu hauek azaldu beharko dira:

– Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

– Irekitzeko eta ixteko ordutegiak.

– Erabiltzaileek zerbitzua eskuratzeko eta erabiltzeko baldintzak.

d) Aurrekontuak, proformako fakturak eta/edo fakturak. Aurrekontuen edo proformako fakturen kasuan, ez dira onartuko 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen jaulkitakoak. Fakturak, nolanahi ere, ezin izango dira deialdiaren urtea baino lehenagokoak izan. Kontratu txikien kasuan, gutxienez hiru eskaintza eskatuko ditu kontratazio-organoak, eta horiek espedientean sartuko dira hautatutako eskaintzaren justifikazioarekin batera, proposamen ekonomiko abantailatsuena ez bada.

e) Aurrekontuen edo fakturen laburpen-taula (webeko ereduaren arabera. Euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028209 gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/servicios/1028209;

f) Eraikuntza- edo berriztatze-lanak egin behar badira, proiektu tekniko bat behar den ala ez justifikatuko duen udal-ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Proiektu teknikorik, memoriarik edo balioztatutako zerrendarik –aurrekontua barne, egin beharreko gastua behar bezala xehakatuko duena– behar ez bada, argi eta garbi adierazi beharko da obra gauzatzeko kostua eta hari dagokion BEZa. Proiektu teknikoa, oinarrizko proiektua edo gauzatze-proiektua behar bada.

g) Eraikuntza- edo birgaitze-lanak egin behar badira, lan horiek gauzatzeko behar diren baimenak eta lizentziak aurkeztu beharko dira, edo, bestela, aldeko hirigintza-txostena.

h) Oinarrizko azpiegiturak konpondu/ordeztuz gero, dagokion zerbitzua ematen jarraitzeko beharra egiaztatzen duen txostena.

i) Proiektua gauzatuko den lursailen edo higiezinen jabetza, gozamena, errentamendua edo prekarioa egiaztatzeko dokumentazioa.

j) Proiektua baloratzeko garrantzitsua izan daitekeen beste edozein dokumentazio edo informazio.

8.– Dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan.

9.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz (91/2023 Dekretua, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa), eskatzaileek Administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoarekin bat etorriz. Hala ere, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren adierazi beharko da. Administrazioak kontsultatu, bildu eta egiaztatuko ditu prozedurak eskatzen dituen datu edo agiriak, eta ez da interesdunen baimenik eskatuko Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

Aurrekoa gorabehera, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Kasu horretan, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurka egitea eragin duten arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu. Interesdunak tratamenduari aurka egiten diola adierazten badu, dokumentuak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe eskabidearen hartzaile den organoaren egiaztatze-ahalak.

10.– Erakunde eskatzaile bakoitzak aukera izango du proiektu bat baino gehiago aurkezteko, baina lehentasuna emango zaio puntuazio handiena lortzen duenari. Geldikinik izanez gero soilik hartuko da aintzat puntuazio-hurrenkeraren arabera diruz lagundu daitekeen hurrengo proiektua. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, kasuan kasuko erakundeak organo kudeatzailearen eskariz zehazten duen proiektua hautatuko da.

11.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

12.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Era berean, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea eskatu ondoko jarduketetan eta prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

Bederatzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lana Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio, eta, orobat, diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua. Ildo horretan, egoki irizten diren ikuskatzeak egin ahal izango ditu, betiere diruz lagundutako proiektuak egoki gauzatzen direla egiaztatzearren, eta, ondore horietarako, onuradunek eman egin beharko dute eskatzen zaien informazio eta dokumentazio oro.

Hamargarrena.– Balorazio-batzordea eta -irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu: Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako hiru teknikari, zuzendaritza horretako titularrak ebazpen bidez izendatuak.

2.– Ebazpenean zehaztuko da zein izango den batzordeko idazkaria eta zein batzordeko presidentea.

3.– Bere eginkizuna betetzeko, balorazio-batzordeak egokitzat jotzen dituen behar beste deitu ditzake aholku ematera.

4.– Honako taula honetako irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak, eta, horretarako, Proiektua Baloratzeko Memorian bildutako datuak eta informazioa bakarrik hartuko dira aintzat, bai eta dokumentazio bidez frogatutakoak ere, hala dagokionean.

(Ikus .PDF)

5.– Proiektuek, hautatuak izateko, gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte.

Hamaikagarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Lortutako puntuazioaren arabera, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari emango zaion laguntzaren ehunekoa:

(Ikus .PDF)

2.– Azkenik gauzatutako zenbatekoa aintzat hartuta erabakiko da gainfinantzaketarik dagoen ala ez, eta dirulaguntza emateko aintzat hartutako aurrekontuaren zenbatekoa izango da haren muga. Muga horren % 10eko goranzko desbideratzea onartuko da, behar bezala justifikatuta. Ez dira kontuan hartuko hasieran onetsitako aurrekontuan agertzen ez diren bestelako gastuak.

3.– Deialdi honetan proiektu bakoitzeko emandako laguntza 300.000 eurokoa izango da gehienez ere.

Hamabigarrena.– Esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, hala ezarrita baitago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 artikuluan.

2.– Balorazio-batzordeak proiektuak aztertuko ditu, eta, aurreko ebazpen-ataleko irizpideei jarraituz, puntuak esleituko. Ondoren, zenbatekoak kalkulatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera.

3.– Gero, zerrenda bat prestatuko du, beheranzko hurrenkeran, jarduketa-proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta hurrenkera horri jarraituz emango dira laguntzak, harik eta funtsak bukatu arte. Arau hori aplikatuz ateratzen den zenbatekoa laguntza-eskabidean adierazitako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa bada, azken hori emango da.

4.– Aurrekoa aplikatu ondoren, aurrekontu-zuzkidura badago, baina puntuazio handiagoko aurrekonturik ez izateagatik ezetsitako espedientean aurreikusitako laguntza baino txikiagoa bada, laguntzaren murrizketa gainerako aurrekontu-zuzkiduraren proportzioan aplikatu ahal izango zaio. Horri ebaketa-espedientea deituko zaio.

Kasu horietan, ebazpen-proposamen bat emango zaio balizko erakunde onuradunari. Proposamen horretan, lortutako puntuazioa zehaztuko da, laguntzaren zenbateko berria proposatuko zaio eta hura onartzeko edo uko egiteko aukera eskainiko zaio. Erakunde interesdunak onartzen ez badu, modu berean jokatuko da puntu gehien lortu dituen aurrekonturik ez izateagatik ezetsitako hurrengo espedientearekin.

5.– Dirulaguntza ematen den egunetik hiru hilabeteko epean emandako zenbatekoak gutxitzen badira edo dirulaguntza-eskubideari uko egiten bazaio, egoera horiek eragindako zenbatekoak esleituko zaizkie, hurrenkera zorrotz errespetatuta, krediturik ezagatik onartu ezin izan diren eskabideei, aplikatzekoa den aurrekontu-araudian ezarritako mugak kontuan hartuta.

6.– Proiektu bik edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Urrakortasun-maila» handiena duena lehenetsiko da, eta, berdinketak badirau, «Erakunde sustatzailea» irizpidean puntuazio handiena lortu duena.

Hamahirugarrena.– Ebazpena.

1.– Balorazio Batzordearen proposamena ikusirik, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak eskabideak ebatziko ditu. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu (proposamen hori ez baita loteslea izango), arrazoiak azaldu beharko ditu.

2.– Ebazpenak honako informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Onartutako eskabideei dagokienez:

– Erakunde onuradunen izenak.

– Diruz lagundutako proiektua.

– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

– Diruz lagundutako zenbatekoa, urtekotan banatuta.

– Aurreikusitako jarduketak gauzatzeko epea.

– Onuradunari honako dokumentazio hau aurkezteko betebeharra ezartzen dion klausula bat: proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lizentziak edo baimenak egiaztatuko dituen dokumentazioa.

– Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, hura amaitu egin beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako dirulaguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik.

b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

– Erakunde eskatzaileen izenak.

– Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

4.– Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. paragrafoko b) letran xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, interesdun bakoitzari ebazpen osoa jakinaraziko zaio. Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politika Sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondoreak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin.

Hamalaugarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunak ez badio berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten dela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza lortu nahi den helbururako erabili beharko dute.

3.– Diruz laguntzen den gastua gauzatu behar dute, laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean.

4.– Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei bost urtez eutsi behar diete, gutxienez, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ez eta dirulaguntzen xedea ez den beste ezertarako erabili ere. Horretarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzen badira, onuradunak dirulaguntza ematen dion administrazio-ziurtagiria aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etorriz.

5.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinarazi behar diote inbertsio edo gastu osoa edo inbertsio edo gastuaren zati bat gauzatu dutela, eta haren esku utzi behar dituzte diruz laguntzen diren inbertsioak eta gastuak gauzatu dituztela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

6.– Informazioari, publizitateari eta ikusgarritasunari dagokienez, NPBPEren laguntzaren berri eman beharko dute, honela:

a) Erakunde onuradunaren webgune ofizialean, halakorik edukiz gero, eta sare sozialetako kontu ofizialetan jardunaren deskribapen laburra egingo dute, laguntzaren mailaren proportzioan, helburuak eta emaitzak adierazita, eta EBeren finantza-laguntza nabarmenduta;

b) Herritarrei edo parte-hartzaileei zuzendutako eta jardunaren betearazpenarekin lotutako komunikazio-arloko agiri eta materialetan, adierazpen bat jarriko dute erraz ikusteko moduko toki batean, eta hor zehaztuko dute EBeren laguntza jaso dutela;

c) Azpiegiturak edo eraikuntza-jarduerak finantzatzeko operazioetan, guztizko gastu publikoa 50.000 eurotik gorakoa bada, proiektuari buruzko informazioa ematen duen plaka bat edo pantaila elektroniko bat jarriko dute, eta bertan nabarmenduta agertu beharko da EBeren finantza-laguntza. Gastu publikoa 10.000 eurotik gorakoa bada, gutxienez A3 tamainako kartel bat edo tamaina bereko pantaila elektroniko bat jarriko dute jendeak ikusteko moduko leku batean, operazioari buruzko informazioarekin eta EBeren finantza-laguntza jaso dela nabarmenduta.

d) Europar Batasunaren ikurra erabili beharko dute, Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 (EB) Exekuzio-erregelamenduan ezarritako baldintza teknikoen arabera, ikusgarritasun, gardentasun eta komunikazioko jarduerak egiten dituztenean. Ikurra nabarmenduta agertu beharko da herritarrei jardunen berri emateko prestatzen diren komunikazio-material guztietan, hala nola produktu inprimatuetan eta digitaletan, webguneetan eta horien sakelakoetarako bertsioetan. Ikurrarekin batera, «Europar Batasunak kofinantzatua» adierazpena jarri beharko da.

7.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

8.– Idatziz jakinaraziko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari xede bererako edozein administraziori edo erakunde publiko eta pribaturi eskatutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu eta jaso baldin badira. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik zenbatzen hasita, eta, edonola ere, jasotako funtsak erabili direla justifikatu aurretik.

9.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez.

10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketetan erabil baitaitezke. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman beharko diote idatziz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari. Jakinarazpen hori inguruabar horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin behar dute, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako eginbeharrak bete beharko dituzte.

Hamabosgarrena.– Gauzatzeko epeak.

1.– Proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira. Ez dira deialdi honen xede izango ez 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako proiektuak, ez gastua 2024an soilik aurreikusten dutenak.

2.– Diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak gertatzen badira (behar bezala frogatu beharko dira), eta idatzizko eskabidea, gehienez ere, inbertsioa eta/edo gastua amaitu behar den eguna baino 30 egun lehenago aurkezten bada, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak, horretarako emandako ebazpen baten bitartez, epe hori luzatzea baimendu dezake, baina luzapen hori ez da izango hasieran erabakitakoa baino luzeagoa.

Hamaseigarrena.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako teknikariek dirulaguntza jaso duen inbertsioa egin dela eta gastua gauzatu dela egiaztatu eta ziurtatuko dute, bai zuzenean bai agiri bidez. Egiaztatze materialaren bidez ziurtatuko da dena delako ondasun-objektua benetan badagoela, balioztaturiko proiektuari egokitzen zaiola, haren erabilgarritasuna eta funtzionamendua, dokumentuetako justifikazioarekin bat datorrela, eta dirulaguntza jaso duten inbertsio edo gastuen arabera beharrezkoak diren beste egiaztapenak.

2.– Inbertsioa edo gastua behar bezala gauzatu direla egiaztatuko da honako hauen bidez:

a) Amaiera egiaztatzeko ziurtagiria, obren kasuan, edo, gainerako kasuetan, eginiko jarduketen justifikazio-memoria (laguntzaren xedea den proiektua bete izanari buruzko informazioarekin), dagozkion fakturekin batera.

b) Fakturak eta ordainketaren frogagiriak, laguntzaren onuradun den erakundearen izenean eginak. Finantza-errentamenduaren kasuan, operazioa amaitzean ondasuna eskuratzeko betebeharra ezartzen duen kontratua. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, non zehaztuko baita fakturak eta gainerako justifikazio-agiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo justifikazio-dokumentu bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren portzentajea. Adierazpen hori eskabide-inprimakian jasoko da.

c) Fakturen eta ordainagirien laburpen-taula xehatua, honako datu hauek barne hartuz: fakturazioaren eta ordainketaren datak eta erreferentziak, enpresa hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatutako zergak. Taula hau egiteko, hemen eskuragarri dagoen eredua erabiliko da: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2022/leader-enpresak-sortu-handitu-eta-modernizatzeko-inbertsioak-2022/web01-tramite/eu/

d) Obrak egitearen ondoriozko gastuen kasuetan, eskumena duen maila teknikoko pertsona batek sinatutako obren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, obrak gauzatu direla frogatzeko.

3.– Kontratu txikiaren atalaseak gainditzen dituzten kontratuen kasuan, udalek idazkari-kontu-hartzaile kargua duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, edo gainerako toki-erakundeek baliokidea den figura baten ziurtagiria, kontratazio publikoari buruzko araudia betetzeari buruzkoa, honako hauek aipatuta: aplikatutako araua, erabilitako prozedura, haren justifikazioa, eta kontratuaren argitalpena eta formalizazioa. Kontratu txikien kasuan, premia-txostena eta gastua onartzeko dokumentua aurkeztu beharko dira.

4.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioaren edo gastuaren azken egunetik edo azken luzapenaren azken egunetik aurrera.

5.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak agiri gehiago eska ditzake, behar bezalako arrazoiak emanda, egoki irizten badio.

Hamazazpigarrena.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzaren ordainketa diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta benetan ordaindu dela justifikatu ondoren egingo da.

Aurrekoa gorabehera, konturako ordainketak edo zatikako ordainketak egin ahal izango dira; horrela, jaso duten jarduketak gauzatu ahala ordainduko da dirulaguntza, zatika, eta justifikatutako gastuaren adinako zenbatekoa ordainduko da. Hau da, emandako dirulaguntzak diruz lagundutako proiektuaren kostuaren gainean dakarren edo duen ehunekoa justifikatutako gastuari aplikatuta ateratzen den zenbatekoaren baliokidea izango da ordainketaren zenbatekoa.

Urte bakoitzeko bi ordainketa egin ahal izango dira gehienez, erakunde interesdunak eskatuta.

Konturako ordainketen gehieneko zenbatekoa, lehenengo urtean, agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen banaketaren arabera emandako dirulaguntzaren % 60rainokoa izango da.

2.– Erakunde onuradunei dirulaguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzak edo laguntzak direla-eta, bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

3.– Dirulaguntzaren xede den proiektua egiten ez bada ezarritako gehieneko epeen barruan, edo egiaztatzeko dokumentazioa aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

Hemezortzigarrena.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

1.– Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularrak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Honako hauek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, baina laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko: dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzea; onetsitako proiektua aurrez ikusitako epeetan ez egitea; proiektua aldatu edo birprogramatzea eskabidearekin batera aurkeztu zenarekin alderatuta, betiere aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen ez bada, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak zaintzen badira eta laguntza ematea eragin zuen xedeari eusten bazaio.

Honako hauek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, eta gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea: dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzea; onetsitako proiektua aurrez ikusitako epeetan ez egitea; proiektua aldatu edo birprogramatzea eskaerarekin batera aurkeztu zenarekin alderatuta, betiere aurkeztutako proiektua nabarmen aldatzen bada, baina laguntza ematea eragin zuen xedea betetzen bada. Ondore horietarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularrak dagokion aldaketa-ebazpena emango du.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

Hemeretzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du bere eskabidean. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularra izango da, ebazpen bidez, bete-betean onartuko duena atzera egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako titularra izango da, ebazpen bidez, berariaz onartuko duena uko egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.

Hogeigarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat, baita dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat ere, edo ez badu proiektua zati batean betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partzialki edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion berandutze-interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondore guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Hogeita batgarrena.– Bateragarritasunak.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak, nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoak eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duenak, ezartzen duenaren arabera, ezin dira finantzatu ez NBEFren, ez LGENFren kontura Europar Batasunaren beste funts edo tresna batzuen kontura finantzatutako gastuak.

2.– LGENFren kontura finantzatu ahal izango dira Europar Batasunaren beste funts edo tresna batzuen kontura finantzatutako jardunak, baldin eta finantzabide guztietatik jasotako laguntza osoa ez bada esku-hartzerako ezarritako gehieneko laguntza-intentsitatea edo gehieneko zenbatekoa baino gehiago. Kasu horietan, ezin izango dira finantzatu LGENFren kontura beste funts batzuen kontura finantzatutako gastuak. Hori dela-eta, faktura bat zenbait gastutan zatitu daiteke hainbana, zenbait funtsen finantzabideak jaso ahal izateko.

3.– Araututako laguntzan bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publikok, sailek, organismok edo erakunde publiko zein pribatuk emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Dirulaguntza horiek ez dira estatu-laguntzak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen arabera.

4.– Laguntza hauek bateraezinak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak 2023ko ekitaldian bere jarduketa-eremuan egindako beste edozein deialditan eskuratutakoekin. Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz egiaztatuko dute bateraezintasun hori.

Hogeita bigarrena.– Datuen babesa.

Landa-garapenaren arloan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, betiere Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondoreak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko irailaren 12an.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala