Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2023ko irailaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4386

AGINDUA, 2023ko irailaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez laguntzetarako deialdia egiten baita, Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetzaren kultura sustatzeko 2023-2024 ikasturtean.

EAEren Autonomia Estatutuak (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua) 16. artikuluan honela dio: «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Beste alde batetik, bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen II. kapitulua Lanbide Heziketako Sistema Integratuari buruzkoa da. Lege horretan adierazitako xedeen artean, 21.1.a) artikuluan honako hau ezartzen da: jarduera profesionalak garatzeko gaitasuna ematea; batetik, sustapen profesionaleko itxaropen pertsonalak ase ahal izateko eta, bestetik, produkzio-sistemaren prestakuntza-beharrizanei erantzuteko.

Horretarako, 21. artikuluaren 2.e) apartatuan, adierazten da Eusko Jaurlaritzak dagozkion neurriak hartuko dituela ekintzailetza-gaitasuna garatuko duten programak sartzeko prestakuntza-eskaintzan.

Bestalde, EAEko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak, 3. artikuluko 2.c apartatuan, Lanbide Heziketako euskal sistemaren lehentasunezko helburu hau ezartzen du: Berrikuntza, sorkuntza, ekintzailetzarako gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKTen) erabilera sustatzea, bai Hasierako Lanbide Heziketan, bai Enplegurako Lanbide Heziketan.

Era berean, aipatutako 4/2018 Legearen 8. artikulua ekintzailetzako ikaskuntzaren eremuari buruzkoa da. Artikulu horren 2. apartatuan ezartzen denez, ekintzailetzaren ikaskuntza-proiektuetan saiatuko da konpetentzia berriak garatzen ikasleen artean, sormenezkoak zein kontzeptuzkoak, ekintzailetzaren kultura sustatzera orientatuak eta jarduera erreal baten arabera finkatutako esperientzia praktikoetan oinarrituta antolatuak.

Ildo berean, 4/2018 Legearen 9. artikuluaren 2. apartatuak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren arloan eskumena duen sailak berariaz bultzatuko du berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuko ikaskuntza- eta sustatze-ekintzak sartzea, arlo horiek garatzeko beharrezkoa den prestakuntza ematea, eta bi eremu horiei lotutako proiektuak martxan jartzea.

Bestalde, Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren helburu eta ekintza-ildoetako batzuetan, ekintzailetzaren kultura sustatzea dago jasota. Aipatu beharrekoa da planaren 5. ardatza: «Giza garapena. Pertsonak eraldaketako protagonista gisa», 10.1 jarduera-ildoa: «Ikaskuntza-eredua berroneratzea eta sendotzea.», besteak beste helburutzat duena «Ekintzailetzaren kultura sustatzea ikaskuntza-ereduan» eta 10.2 jarduera-ildoa: «Pertsonen talentua garatzea», zeinaren helburuen artean baitago «Gaitasun ekintzailearen bidez talentuaren garapena aberastea ikaskuntza-prozesu osoan».

Testuinguru horretan, ekintzailetzaren kultura sustatzeko hainbat ekimen garatu dira. Funtsezko jardueretako bat ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitea da. Ikasketa-tresna horren bitartez, ikasleek zenbait konpetentzia garatzeko aukera dute, eta, modu horretan, profesional onak, enplegagarriak, pertsona aktibo eta ekintzaileak, edo intraekintzaileak izango dira, eta lan-merkatu aldakor eta ezegonkorrari aurre egin ahal izango diote. Era berean, sentsibilizazioa piztu dakieke, autoenplegua ere aukeretako bat izan dadin.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2023. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Plan estrategiko hori, berriz, Hezkuntza sailburuaren Agindu bidez onartu zen, eta Hezkuntza Saileko https://www.euskadi.eus webgunean argitaratu da.

Horregatik, kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak zehazten dituena, eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BETEKIZUNAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Ikastetxe pribatu itunduei zuzendutako laguntzen deialdia egitea, ekintzailetzaren kultura sustatuko duten enpresa-arloko simulazio-proiektuak gara ditzaten Oinarrizko Lanbide Heziketako, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloren bateko 2. mailan dauden ikasleen artean, 2023-2024 ikasturtean.

3 urteko iraupena duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan, deialdi hau 3. mailako ikasleentzat izango da soilik.

Parte hartzeko aukera emango zaie Enpresa eta Ekimen Sortzailea modulua egiten ari diren lehen mailako ikasleei.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

117.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-kredituaren arabera.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Ofizialki baimenduta egotea 2023-204 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak emateko eta, de facto, hala egitea. Prestakuntza-ziklo horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa bete behar dute.

2.– Eskakizun hauek betetzea deialdi honetan parte hartzeko:

a) Zerga-betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hori betetzen dela, behar beste aldiz, ikastetxe eskatzaileen baimenik behar izan gabe, 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

Ikastetxe onuradunak egiaztapenaren aurka egin ahal izango du. Kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

• Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

• Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion zehapen penal edo administratiborik.

• Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik inor diskriminatzeagatik sexuagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia (Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea).

• Beteta izatea eska daitekeen beste edozein betebehar eta eskakizun, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.

Ezinbestekoa da baldintza horiek betetzea dirulaguntza ematen denetik dirulaguntza ordaintzen den arte.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:

1.a.– Diruz lagundu daitekeen jardueratzat hartzen da ikastetxe eskatzaileak kultura ekintzailea sustatzeko egindako ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektua, baldin eta gutxienez 20 puntu lortzen baditu. (12.1.4 artikulua).

1.b.– Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuak enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuak ere izango ditu, ikasleek banaka egindakoak edo zenbait ikasleren artean lankidetzan egindakoak.

Betiere, ikasleek ikastetxeko irakasleen laguntza eta aholkularitza izango dute enpresa-simulazioko azpiproiektuak garatzeko.

1.c.– Azpiproiektuez gain, ikastetxearen proiektuak curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere jaso ditzake, ikasleen ekintzailetza-gaitasuna areagotzeko asmoz: ekimena, sormena, inteligentzia emozionala, erresilientzia, lidergoa, lorpenetarako orientazioa eta komunikazioa... landuko dira jarduera horietan, ikastetxetik kanpoko profesionalen eskutik. Prestakuntza-jardueretan, genero-ikuspegia aintzat hartu beharko da, eta bazter utziko da genero-rolen eta -estereotipoen erreprodukzioa.

Prestakuntza-jarduerak ikasleen eskola-orduetatik kanpo egingo dira.

1.d.– Era berean, kultura ekintzailea zabaltzen laguntzen duten eta deialdi honen babesean garatutako azpiproiektuak zabaltzeko helburua duten zabalkunde-jarduerak sartu ahal izango dira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak:

2.a.– Zalantzarik gabe azpiproiektuak garatzeko lagungarri diren gastuak. Gastuak 2023ko abenduaren 23a baino lehen egin behar dira.

2.b.– Material suntsikorrak, tresna txikiak, tresnak edo software espezifikoak erostea, baldin eta zalantzarik gabe bat badatoz produktuaren prototipoaren garapenarekin edo zerbitzuaren diseinuaren garapenarekin. Ikastetxean egin behar da beti.

Finantza daitezkeen gastuek ez diote inbertsiorik eragin behar ikastetxeari; beraz, ez da diruz lagunduko produktu-unitate bat baino gehiago erostea, unitate bakoitzak 300 €-tik gorako gastua eragiten badu.

2.c.– Artikulu honen 4. puntuan jasota dauden eta curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak; bai eta, hala badagokio, zabalkunde-jarduerak ere (4. artikuluaren 1.d puntua): azpiegiturak alokatzea (espazioak, standak...), ekitaldiaren zabalkunderako eta komunikaziorako kanpaina, liburuxkak edo diptikoak, besteak beste.

3.– Diruz lagundu ezin diren gastuak:

Beharrezkoak ez diren edo enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuaren oinarrian dagoen produktuaren prototipo baten garapenarekin edo zerbitzuaren diseinuarekin zuzenean lotuta ez dauden tresna edo software espezifikoen erosketa; adibidez, enpresa-arloko simulaziorako softwareak.

Edonola ere, gastu horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Gehienez ere 10.000 euro emango dira ikastetxeko. Ikastetxeak eskatutako aurrekontua aurreko zenbatekoa baino handiagoa bada, ikastetxeak izango du zuzkidura ikastetxeko azpiproiektuen artean banatzeko ardura.

2.– Baldin eta 2. artikuluan adierazitako zuzkidura nahikoa ez bada onartutako eskaera guztiei erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatu egingo da, alegia, proportzionalki banatuko da onartutako eskaera guztien artean. Kasu horretan, ikastetxeak izango luke zuzkidura ikastetxeko azpiproiektuen artean banatzeko ardura.

3.– Zenbateko hauek bideratu ahal izango dira:

• Gehienez ere, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 40 bideratu ahal izango da 4. artikuluaren 1.c. apartatuan jasotako prestakuntza-jardueretarako.

• Gehienez ere, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 eman ahal izango da 4. artikuluaren 1.d. apartatuan jasotako zabalkunde-jardueretarako.

Beraz, emandako laguntzaren % 50, gutxienez, ikasleek enpresa-arloko simulazio-azpiproiektuak egitera bideratu beharko da.

4.– Prestakuntza-jardueren kasuan, gehienez ere 100 euro finantzatu ahal izango da emandako prestakuntza-ordu bakoitza.

6. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin edo laguntzekin.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK, HAUTAKETA ETA PROZEDURA

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxeek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

Izapidetze elektronikoa arautzen dute buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) eta Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaritzaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartu baitzen Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa.

2.– Eskabide-inprimakia eskuratzeko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak ditu) helbide honetan eskura daiteke:

https://www.euskadi.eus/servicios/1068006

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, modu elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da. Hona hemen Erregistrora sartzeko esteka:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/1068006.

3.– Ikastetxearen legezko ordezkariak egin behar du eskabidea. Eskabide hori Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzendu behar zaio.

4.– Eskabideak eta haiei erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, ikastetxe eskatzaileak prozeduran zehar hautatutako hizkuntza erabiliko da.

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabide bat egingo da ikastetxe bakoitzeko, eta agindu honetako eranskinak baino ez dira erabiliko. Baztertu egingo dira aurreko deialdietako eranskinak edo eskaneatutako eranskinak dituzten agiriak.

1.– eranskina. Eskaera-formularioa.

2.– II. eranskina. Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuaren fitxa.

3.– III. eranskina. Prestakuntza- eta zabalkunde-jardueren fitxa.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo beharrezko agiriak aurkez ditzala. Hamar eguneko epea izango du eskatutako dokumentazioa aurkezteko. Horrelakorik egin ezean, ulertuko da eskaeran atzera egin duela (alegia, aurkeztutako eskabidea indarri gabe geratuko da), dagokion ebazpena emanda. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.

12. artikulua.– Hautaketa-irizpideak eta puntuazioa.

1.– Hautaketa- eta puntuazio-irizpideak honako hauek izango dira:

1.1.– Landutako ekintzailetza-gaitasunak (gehienez 5 puntu):

• Ekintzailearen ezaugarriak ezagutzea eta horiek ekintzailetzako gaitasun eta jarrera zehatzetan nola adierazten diren jakitea (Puntu bat)

• Ekintzailetzaren arloko trebetasunekin bat datozen jarrerak eta portaerak garatzea: berrikuntza, sormena, autonomia, autokonfiantza, erantzukizun-sena, ekimena, erabakiak hartzeko gaitasuna, talde-lana eta lan-espiritua (Puntu bat)

• Konturatzea nolako garrantzia duen ekintzailetzaren gaitasunak, erronkei aurre egiteko eta helburuak lortzeko orduan (Puntu bat)

• Modu kritikoan pentsatzen ikastea eta ikasleak prestatzea, ideiak garatzean arriskuak har ditzaten (Puntu bat)

• Ikasleak egiten ari diren zikloarekin eta euren inguruarekin erlazionatutako enpresa-sarea ezagutzea, etorkizunean ekintzailetzarako aukera izan dezaten (Puntu bat)

1.2.– Ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuan (gehienez 13 puntu):

• Horretan ari diren edo esparru horretan aurretiazko esperientzia duten ikasleen prestakuntza-zikloarekin dago erlazionatuta: (Puntu bat)

• Lotuta dago teknologia aurreratuen erabilerarekin, hala nola: digitalizazioa (errealitate birtuala, errealitate areagotua, adimen artifiziala, etab.), konektagarritasuna, robotizazioa eta automatizazioa, zibersegurtasuna, datuen azterketa (2 puntu).

• Jasangarritasuna jorratzen du: energia-efizientzia, ekonomia jasangarria, ekonomia zirkularra, 4.0 osasuna, Biozientzia eta Bioteknologiak, etab. (2 puntu).

• Proiektua industria-sektoreko enpresa bat sortzera bideratuta dago, eta/edo zerbitzu aurreratuen arlokoa da (2 puntu)

• Lotuta dago Garapen Jasangarriko Helburuen garapenarekin, eta/edo gizarte-ekonomiaren balioak jorratzen ditu (2 puntu)

• Dibertsitatea eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzen laguntzen du, edo pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko osagai soziala dauka: (2 puntu)

• Ez du genero-rolik eta -estereotiporik erreproduzitzen, eta/edo emakumezkoen ekintzailetza sustatzen du: (2 puntu)

1.3.– Ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzea (gehienez 6 puntu)

• Azpiproiektuen % 30 baino gutxiagok ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzen dute (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 2 puntu.

• Azpiproiektuen % 30etik % 60ra ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzen dute (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 4 puntu.

• Azpiproiektuen % 60k baino gehiagok ekintzailetza kolektiboa sustatzen duen forma juridikoa aukeratzen dute (kooperatiba-sozietatea, lan-sozietatea edo beste bat): 6 puntu.

1.4.– Ikastetxearen proiekturen eragina (gehienez 10 puntu):

a) Ikastetxeak emandako prestakuntza-zikloen kopurua, ikastetxearen proiektuari dagozkionak:

• Zikloen % 100-76 inplikatzen badu: 5 puntu.

• Zikloen % 75-51 inplikatzen badu: 3 puntu.

• Zikloen % 50-25 inplikatzen badu: puntu bat.

b) Azken mailan dauden eta enpresa-arloko simulazio-proiektuak egingo dituzten ikasleak:

• Kopurua ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 70 baino gehiago bada: 5 puntu.

• Kopurua baldin bada ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 70 edo gutxiago, eta % 40 baino gehiago: 3 puntu.

• Kopurua baldin bada ikastetxeko azken mailan dauden ikasleen % 40 edo gutxiago, eta % 25 baino gehiago: puntu bat.

Gutxienez 20 puntu lortzen dituzten ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuei bakarrik eman ahal izango zaizkie laguntzak. (34 puntu gehienez ere).

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Batzorde hori kide anitzeko organo gisa jardungo da, eta pertsona hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Ricardo Lamadrid Intxaurraga, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Batzordekideak:

• Pili Alonso, Ingurune Estrategikoei Aplikatutako Berrikuntza Arloko TKNIKAko zuzendaria.

• Ergiña Urzelai, goi-mailako errendimenduko ikaskuntzan kultura ekintzailea garatzeko berrikuntza aplikatuko TKNIKAko teknikaria.

• Miriam Lasagabaster Herrarte, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

14. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du dirulaguntza, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean, emandako eta ukatutako dirulaguntzen zerrenda jasoko da, eta prozeduratik baztertutakoena ere bai. Dirulaguntza eman zaienen kasuan, diruz lagundutako ikastetxearen proiektuaren izena eta emandako zenbatekoak adieraziko dira. Ukatutakoen kasuan, arrazoiak adieraziko dira.

3.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), eta hor argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

4.– Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bitartez egin beharko dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Horrez gain, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari. Errekurtsoa aurkezteko epea, berriz, hilabetekoa da, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Ebazpena argitaratzeko gehieneko epea sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ezean, ulertuko da eskabidea ezetsi egin dela.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

• Lehenengoa, emandako guztiaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da.

• Bigarrena, % 60koa, justifikazioa egin ondoren ordainduko da (19. artikulua), IV. eranskinean (memoria ekonomikoa) eta V. eranskinean (azken memoria) azken dokumentazioa jaso ondoren.

2.– Laguntzak eman eta ordainduko dira, soilik baldin eta amaitu bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzaren edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

16. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzen bada, ebazpena aldatu ahal izango da, dirulaguntzaren araudian ezarritakoari jarraituz.

2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru kopurua itzultzeko aginduko da.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa eta dagokion berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, hauetako bat gertatuz gero:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik (V. eranskina) ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako ikastetxearen proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasota daude edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan.

d) Erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana, helburu berarekin.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegilearen 53. artikuluan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan eta azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

18. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako deialdiko laguntzen onuradun diren ikastetxeek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.– Diruz lagundutako jarduerak ikastetxearen urteko planean sartzea.

3.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 19. artikuluan jasotakoaren arabera.

4.– Dirulaguntza eman den xede jakin horretarako erabiltzea.

5.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

6.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko dute: «Eusko Jaurlaritzak finantzatutako jarduera».

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritako gainerako betebehar guztiak betetzea. Zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak -dirulaguntzen gaineko fiskalizazio-egitekoak dituztenez- eskatzen duten informazio guztia ematea.

10.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, ikastetxe onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarritako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/

Izapide hori egin behar da ordainketa egin ahal izateko.

Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea alta emanda dagoen erregistroan.

11.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuan, zeina erabilgarri egongo baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

19. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunek 2024ko urtarrilaren 8a baino lehen aurkeztu ahal izango dute egindako gastuen justifikazioa, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

• Txosten ekonomikoa eta egindako gastuaren laburpena (IV. eranskina). Emandako dirulaguntzari edo diru-zuzkidurari eslei dakizkiokeen fakturak eta legez onartutako beste edozein egiaztagiri erantsi behar dira. Fakturek eta egiaztagiri horiek jaulkipen-data adierazi behar dute, eta, hala badagokio, datu hauek: ordainketa-data, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, kontzeptua eta zenbatekoa.

Faktura eta/edo ordainagiri horiek 2023ko abenduaren 23a baino lehenagokoak izango dira.

Dirulaguntza ematen duen organoak, ausazko laginketa sinplearen bidez, egokitzat jotako egiaztagiri oro egiaztatu ahal izango du, dirulaguntza modu egokian erabili dela ondorioztatzeko adinako ebidentzia bildu arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari. Halaber, salbuespen gisa, jatorrizko dokumentua aurkezteko eskatu ahal izango dio, edo aurkeztutako kopiak erkatzeko; horretarako, jatorrizko dokumentua erakutsi beharko da.

• Amaierako ebaluazio-memoria. Bilakaera eta emaitzak adieraziko ditu, aurreikusitako helburuekin alderatuta (V. eranskina).

20. artikulua.– Jarraipena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako ikastetxearen enpresa-arloko simulazio-proiektuei, Hezkuntzako Ikuskaritzaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko. V. eranskina.

2.– Diruz lagundutako ikastetxe-proiektuaren garapenean gorabeheraren bat gertatuz gero, TKNIKAko Ikaskuntza eta Errendimendu Handiko Arloak egokitzat jo ahal izango du txosten bat egitea eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari bidaltzea. Txostenaren edukiaren arabera, zuzendaritza honek agindu hau betetzeko neurri egokiak hartu ahal izango ditu.

21. artikulua.– Ebaluazioa.

Proiektuaren amaierako memoriak (V. eranskina) honako hauek jasoko ditu:

1.– Erdietsitako lorpenak.

2.– Ikastetxeko azpiproiektuen garapena.

3.– Ikasleen parte-hartzea sustatzea.

4.– Egindako prestakuntza-jarduerak.

5.– Egindako zabalkunde-jarduerak.

6.– Proiektuak ikastetxean izandako inpaktuari buruzko balorazioa eta ondorioak,

7.– eta, beharrezkoa bada, izandako gorabeherak eta egindako aldaketak.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Erakunde laguntzaileentzako eta lanbide heziketako ikastetxeentzako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak eta interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileentzako dirulaguntzak.

Prozedura honetako datuen babesari buruzko informazioa helbide honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/rgpd/1068006

Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

• 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

• 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

• Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml.

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.google.com/url?sa=t&rct=j&q=&esrc=s&source=web&cd=&ved=2ahUKEwjyqtjx7JqBAxXGRaQEHbAiCNYQFnoECA8QAQ&url=https%3A%2F%2Fwww.boe.es%2Fboe_euskera%2Fdias%2F2018 % 2F12 % 2F06 % 2Fpdfs%2FBOE-A-2018-16673-E.pdf&usg=AOvVaw132NAerC51badClpng9Fg9&opi=89978449).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 5a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala