Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2023ko ekainaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3072

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita luzaroan langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko 2023ko laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko ekainaren 20ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, luzaroan langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko 2023ko laguntzen deialdia onartu zuen. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoarekin bat etorriz, eta estatutu horiek aldatzen dituen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Luzaroan langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2023ko ekainaren 20ko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LUZAROAN LANGABEZIAN DAUDEN 30 URTETIK GORAKO PERTSONAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANTOKIETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZEN 2023. URTERAKO DEIALDIA

Euskal Autonomia Erkidegoan, langabezia-tasak behera egin du azken urteetan: % 9,9koa izan da 2021eko laugarren hiruhilekoan, eta % 8,4koa 2022ko laugarren hiruhilekoan, Eustaten Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkestaren datuen arabera.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan 2022ko abenduko langabeziari buruz erregistratutako datuen arabera, langabeen % 49,1 luzaroan langabezian daudenak dira. Luzaroan langabezian daudenen kopurua handiagoa da adin-tartean gora egin ahala. Ildo horretan, 30 urtetik beherako pertsonak langabe horien % 8,5 dira, 30-44 urteko pertsonak % 24,2, eta 45 urtetik gorakoak, berriz, % 67,4. Genero-desberdintasunak esanguratsuak dira: luzaroan langabe daudenen % 60,8 emakumeak dira, % 39,2 gizonak. Desberdintasun hori adin-tarte guztietan agertzen da, eta, nolanahi ere, handiagoa da 45 urtetik beherakoen kasuan 45 urtetik gorakoen kasuan baino.

Enpleguaren sorrera eta jarduera ekonomikoaren susperraldia dira Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiekin batera eta gizarte-eragileekin lankidetzan, Berpiztu 2020-2024 Programan islatu dituen lehentasun estrategikoko eta konpromisoko bi ardatzak. Halaber, badago hirugarren ardatz edo zeharkako arlo bat ere, enpleguaren kalitatea hobetzeari eta genero-berdintasuna sustatzeari lotuta.

Berpiztu Programak, EAEk dauzkan indarguneen azterketan oinarrituta (agertoki berri batean sustatu beharreko trantsizioak indargune horien arabera bideratzeko eta finkatzeko), nahitaez jorratu beharreko hainbat hobekuntza-arlo zehazten ditu, besteak beste enplegu-tasa, batez ere emakumeen enpleguarena, eta langabezia-tasa, batez ere gazteen langabeziarena eta luzaroko langabeziarena

Hala, Europar Batasuneko Kontseiluak luzaroan langabezian dauden pertsonak lan-merkatuan integratzeari buruz emandako Gomendioan (2016/C 67/01) adierazten da luzaroko langabeziak Europar Batasuneko ekonomien hazkunde-ahalmena murrizten duela, eta gizarte-esklusioa eta desberdintasuna izateko arriskuak areagotzen dituela.

Esparru-programa horren arabera, luzaroan langabezian daudenentzako aukera zehatzak sustatze aldera, eta enplegurako eskumenak hobetzeko beste jarduera-ildo batzuekin lotuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 3/2011 Legearen bidez dagozkion eginkizunak betez, luzaroan langabezian dauden pertsonak kontratatzeko laguntza-programa sustatzen du, EAEko enpresek pertsona horiek kontrata ditzaten.

Luzaroan langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak EAEko lantokietan kontratatzeko laguntzak aurreikusita daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako erabakiaren bidez, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluari jarraituz, eta Lanbideren webgunean argitaratu zen (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2023ko ekainaren 20ko egindako bilkuran, langabezian luzaroan dauden 30 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzen deialdia onartu zuen.

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen helburua da langabezian luzaroan dauden 30 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuan laneratzen laguntzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 705.000 eurokoak dira, horietatik 352.500 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 2023ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak dira, eta 352.500 euro, berriz, 2024ko konpromiso-kreditukoak.

2.– Deialdi honen babespean diruz lagundu diren kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean, gutxienez 6 hilabeteko iraupena duten kontratu mugagabeak eta aldi baterako kontratuak lagundu ahal izango dira diruz, baldin eta 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonekin Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan lanpostuak betetzeko badira.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatutako eta hasitako lan-kontratuei aplikatuko zaizkie, betiere deialdian ezarritako baldintza eta betekizunetara egokitzen badira.

Diruz lagundu daitekeen gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da aldi baterako kontratuetarako, eta 12 hilabetekoa iraupen mugagabeko kontratuetarako, eta 2024ko urriaren 31n amaituko da.

2.– Deialdi honen esparruan diruz lagun daitezkeen kontratuak lan-arloko legeriarekin bat datorren edozein kontratu-modalitate erabilita formalizatu ahal izango dira, honako hauek izan ezik: txandakako prestakuntza-kontratuak, aldizkako kontratu finkoak eta aldi baterako laneko enpresek langileekin egindako kontratuak enpresa erabiltzaile bati lagatzeko, betiere, aldi baterako kontratuak edo mugagabeak badira eta deialdi honetan ezarritako gutxieneko iraupenaren baldintza betetzen badute, bai eta beste baldintza hauek ere:

a) Kontratuko lanpostuek kontratatutako pertsonaren lanbide-profilaren araberakoak izan beharko dute, hau da, ikasketa-maila edo prestakuntza-maila eta/edo lanbide-esperientziara egokitutakoak.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eredu ofiziala erabilita, eta berariaz jaso beharko dituzte honako hauek: langilearen prestakuntza edo kualifikazio profesionala; kontratuaren hasiera-data eta, hala badagokio, amaiera-data; kontratuaren iraupena; lanaldia; eta bete beharreko lanpostua.

c) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

d) Urteko soldata gordina adierazi beharko da iraupen mugagabeko kontratuetan, eta hileko ordainsaria, gutxienez sei hilabeteko iraupeneko kontratuetan. Kasu batean zein bestean, eurotan zenbatuta, eta ordainsari horretan bildutako kontzeptuak eta zenbatekoak zehaztuta.

Deialdian eskatzen den gutxieneko soldata-ordainsari gordina zehazteko, oinarrizko soldata, aparteko ordainsariak eta soldata-osagarriak baino ez dira kontuan hartuko, eta berariaz geratuko dira zenbaketatik kanpo soldataz kanpoko bestelako ordainsari eta osagarriak.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, urteko soldata-ordainsari gordina ez da, ezein kasutan, taula honetan azaltzen diren zenbatekoak baino txikiagoa izango:

(Ikus .PDF)

3.– Halaber, diruz lagundutako kontratazioek enplegua sortzea eragin beharko dute, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 6 hilabeteetan enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietako batezbesteko langile kopuruarekin alderatuta. Kontratu berriaren ondorioz, esandako batezbestekoak gora egin beharko du kontratazio-egunean.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, ez dira kontuan hartuko bidegabetzat jo ez diren kausa objektiboengatik edo kaleratzeagatik, langileen erretiroa, dimisoa, heriotza, langilearen ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handiagatik azkendu diren kontratuak, ezta langileak hasiera batean hitzartutako lan-denbora borondatez murriztu duen kontratuak ere.

4.– Ez dira diruz lagunduko:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontideari, izatezko bikoteari edo bizikideari, izatezko bikotekideari edo bizikideari, oinordekoei eta gainerako senideei (odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino) edo enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa gorabehera.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

c) Etxeko zerbitzuko araubidean egindako kontratuak.

d) Enpresa berarekin lan-harreman mugagabea amaitu duten pertsonen kontratazioa.

e) Enpresa kontratatzailearekin aurretik iraupen mugatuko edo aldi baterako lan-harremana izan duten pertsonen kontratazioa, lan-harreman hori dirulaguntza eskatzen den kontratazioaren aurreko 3 hilabeteetan izan bada.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso ahal izango dituzte bertan ezarritako baldintzetan lan-kontratuak egiten dituzten enpresek edo erakundeek (haien forma juridikoa edozein dela ere), honako hauek izan ezik: administrazio publikoek eta erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri eman izana, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskabidean berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.

c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla, bai dirulaguntza emateko garaian, bai ordainketak egiteko unean, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra garatzeko Erregelamenduaren 22.4 artikuluak ere (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori).

Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

d) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

e) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik edo, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako askotariko diskriminazioa eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

f) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion kausaren bat ez izatea legez ezarritako, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, baldin eta Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa bada.

– Berrogeita hamar langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.

h) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, abenduaren 29ko 3/2004 Legean (lege horren bidez merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira) aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak beteta izatea.

Artikulu honetan adierazita dauden eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuakegiaztatzen ez dituen betekizunak egiaztatzeko, c) apartatuan adierazitakoa izan ezik, eskabideari dagokion inprimakiko erantzukizunpeko adierazpena egingo da. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da h) apartatuari buruzko eskakizunaren kasuan, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateak badira. Gainerakoek, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko auditore batek egindako egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko pertsonek bete beharreko baldintzak.

30 urte edo gehiago dituzten pertsonak kontratatzeko da deialdia hau, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

b) Langabeak izan eta izena emanda egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa, bai kontratuaren hasiera-dataren aurreko egunean, bai aurreko 540 egunetan 360 egunez gutxienez.

c) Eskainitako lanpostua betetzeko profil profesional egokia edukitzea.

6. artikulua.– Kontratatutako pertsonen hautaketa.

1.– Kontratatuko diren pertsonak honako prozedura hauetako baten bidez hautatuko dira:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Hautaketa mota horretarako, eskaintza kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskabide hori horretarako xedatutako inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, eta, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFZ, enplegatzailearen kotizazio-kontuaren kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresaburuaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

Eskaintza kudeatzeko eskabide bakoitza hura jasotzen duen bulegoak edo erakunde kolaboratzaileak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geratuko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira. Enpresara bidaliko dira Lanbiden luzaroan langabezian inskribatuta dauden hautagaiak, eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituztenak, egingo zaien kontratua deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izateko.

Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

b) Enpresak zuzenean hautatzea, Lanbideri enplegu-eskaintza kudeatzeko eskabiderik egin gabe.

Kasu horretan, 8. artikuluan xedatutakoa betetzeko, pertsonak, kontratatu aurretik, Lanbideren txosten bat eskuratu ahal izango du bitarteko telematikoen bidez, Milanbidenet bidez, bai eta enplegu-bulegoetan ere, luzaroan langabezian dagoela egiaztatzen duena, eta txosten hori enpresa kontratatzaileari eman beharko dio, dirulaguntza jasotzeko eskabidearekin eta eskatzen den gainerako dokumentazioarekin batera aurkez dezan.

2.– Egiten den hautaketa-prozesua dena delakoa izanda ere, kontratatuko diren pertsonek beren enplegu-eskaera alta-egoeran eduki behar dute kontratuaren hasiera-dataren aurreko egunera arte.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren edo egindako ikasketen eta kontratuaren iraupenaren arabera zehaztuko da, taula honekin bat etorriz:

(Ikus .PDF)

2.– Aipatutako dirulaguntzen zenbateko guztiak % 15 handituko dira, kontratatutako pertsonak ezaugarri hauetako bat gutxienez badu: 45 urte edo gehiago izatea edo emakumea izatea.

3.– Halaber, aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoak % 10 handituko dira, baldintza hauek betetzen badira: kontratatutako pertsonak kontratatzeko konpromisoa berekin dakarren prestakuntza-ekintzaren bat amaitu badu 2022. edo 2023. urtean eta ekintza hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu badu maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren baitan –Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duena–; formalizatzen den kontratua mugagabea bada, eta lanaldia, gutxienez, ezarritako lanaldiaren % 70 bada.

4.– Kontratatutako pertsonak aurreko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 handituko da.

Taula hauetan ageri dira dirulaguntzen zenbatekoak, bai eta dirulaguntza gehigarrien ehunekoak ere:

(Ikus .PDF)

5.– Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, epeak, eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1092805. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatuaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Luzaroko langabezian dauden pertsonak kontratatzeko dirulaguntzetarako eskabidearen inprimakiarekin batera, enpresek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea pertsona juridiko eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonaren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria, baldin eta ordezkaritza hori ez badago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistroan.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia. Enpresaren identifikazio fiskaleko datuak automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, salbu eta eskatzailea berariaz horren aurka agertzen ez bada eta, kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

c) Egindako kontratuaren edo kontratuen kopia.

d) Eskabidea langile autonomo batek egiten badu, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela egiaztatzeko dokumentazioa.

e) Bi txosten «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta egunari dagokiona.

Bi txosten horiek alderatuta, ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko da aurreko sei hilabeteetan bidegabetzat jo ez diren kausa objektiboengatik edo kaleratzeagatik, langileen erretiroa, dimisioa, heriotza, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handiagatik kontratuak azkendu direla egiaztatzen duena, baita langileek hasieran itundutako lan-denbora borondatez murriztu izana egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

3.– Diruz laguntzeko eskatzen den kontratazioa Lanbideri enplegu-eskaintza egiteko eskatu gabe egin bada, aurreko paragrafoetan xedatutakoaz gain, txosten bat ere aurkeztuko da, pertsona hori kontratazioa egin aurretik luzaroan langabezian zegoela egiaztatzeko, deialdiaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Enpresak dirulaguntza eskatzen duen kontratazioaren xede den pertsonak eskuratu ahal izango du txosten hori bitarteko telematikoen bidez, Milanbideneten bidez, bai eta Lanbideren enplegu-bulegoetan ere.

4.– Eskabideak betetzen ez baditu oinarri hauetan eskatzen diren betekizunak, edo osatu gabe badago edo akatsak baditu, interesdunari hamar eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aurretiaz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 13an amaituko.

9. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, eta dirulaguntza emateko eta ebazteko prozedurak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria izango da prozedura izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Aurkeztutako hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei. Behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa eman, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.

3.– Eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen espresu bidez onartu edo ukatuko dira.

Luzaroko langabeak kontratatzeagatik jaso daitezkeen dirulaguntzak emateko ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa-modua eta dirulaguntzaren justifikazioa.

Ebazpenean berariaz aipatuko da Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu dela, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan, eta emandako laguntza «minimis» erakoa dela.

Eskabidea ezesten duen ebazpena arrazoitu egin beharko da, hura ezesteko arrazoiak berariaz adierazita.

4.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori amaitutakoan ebazpen espresua ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.

5.– Onuradunei dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda eta jasoko dituzten diru-zenbatekoak. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

10. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Lan kontratua azkentzen bada kontratuan xedatutako probaldia ez gainditzeagatik, borondatezko lanuzteagatik, bidegabetzat jo ez diren kausa objektiboengatik edo kaleratzeagatik, kontratatutako pertsonaren erretiroa, heriotza, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handiagatik diruz lagundu daitekeen gehieneko aldiaren barruan –aldi baterako kontratuetarako, 3.1 artikuluan xedatutakoa, eta kontratu mugagabeetarako, 15 hilabete–, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri, idatziz.

Komunikazio hori kontratua azkendu eta hila beteko gehieneko epean egin beharko da, kontrataziorako dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kontratatutako pertsonak lan egindako aldiaren zati proportzionalera egokitzeko.

Doikuntza proportzional hori egiteko, artikulu honetako 1. apartatuan xedatutako aldia eta kontratuaren amaiera-data hartuko dira kontuan.

2.– Artikulu honen 1. apartatuan xedatutako aldian lan-harremana azkentzen bada, hor aurreikusi ez den beste kausaren batengatik, kontrataziorako emandako dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, nahitaez eskatu beharko du berriro dirulaguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzetan, deialdian adierazitako epeen barruan baldin badago.

11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da lehen ordainketan, dirulaguntza ematea onartzeko unean, 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du langilea Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela, eta enpresako plantilla handitu egin dela.

b) Bigarren ordainketan gainerako % 50a ordainduko da, 2024ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatu ondoren, 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak Eredu hori eskuragarri dago, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak kontratatu dituen pertsona langabeen eta haien kontratuen iraupenen zerrenda aurkeztu beharko du.

Baldin eta enpresa kontratatzaileak 52 urtetik gorako langabeak kontratatzeagatiko onurak aplikatzen baditu (onura horiek Langabeziatik babesteko sistema erreformatzeko eta lan-aukerak areagotzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 12ko 45/2002 Legearen bosgarren xedapen iragankorraren 4. apartatuan daude ezarrita), erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, kontratuak irauten duen hilabeteetan kontratuan ezarritako soldatan onura hori aplikatu izanari buruz.

2.– Hori aurkezteko epea hau izango da:

a) Aldi baterako kontratuen kasuan, hilabete bat, 3.1 artikuluan aipatzen den diruz laguntzeko gehieneko aldia amaitzen denetik.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, urtebete, kontratua hasten denetik.

Kasu batean zein bestean, zerrenda aurkezteko azken eguna 2024ko azaroaren 15a izango da, egun hori barne dela.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du aldi baterako kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeak gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, deialdiaren 13. artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.

3.– Azkenean, enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik –deialdiaren 10.1 artikuluan jasotzen dira arrazoi horiek– kontratuaren iraupena xedatutakoa baino laburragoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ere gutxitu egingo da, proportzioan.

4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez, dirulaguntzak ematerakoan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten memorietan, kontratatutako langabeei, erakunde onuradunen titularrei eta haien plantillari buruzko informazioa emango da, sexuaren arabera banakatuta.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Hasieran hitzartutako iraupena baino lehenago azkentzen diren kontratuen berri ematea, eta arrazoia jakinaraztea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatzea bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko eskakizunak eta baldintzak.

c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin, edo kontabilitate-kode egoki batekin.

d) Helburu berberarekin administrazio honen bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gorabehera ere.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa –EAEko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze, edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.

h) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautaketak egitean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.

i) Erakunde onuradunek kontratatutako langileei helarazi beharko diete 18. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Lan eta Enplegu Sailak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzeko eta kontratuen iraupena ezartzeko eskakizunak.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2030era arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

16. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.

Era berean, bateragarriak dira abenduaren 12ko 45/2002 Legeak (langabeziagatiko babeserako eta lan-aukerak areagotzeko sistemaren erreformarako premiazko neurriei buruzkoak) bosgarren xedapen iragankorreko 4. apartatuan enpresentzat ezartzen dituen 52 urtetik gorako pertsona langabetuak kontratatzeagatiko onurekin. Bateragarritasun horrek bermatu egin beharko du, betiere, dirulaguntzaren xede den lanpostua betetzeko beharrezkoa den titulazio akademikoaren edo egindako ikasketen maila bakoitzerako deialdiak ezarritako gutxieneko soldata-ordainsari gordina. Onura horrekiko bateragarritasunak deialdi honetako 3. artikuluan ezarritako gutxieneko soldata-ordainsari gordinaren baldintza ez betetzea badakar, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan dirulaguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– Diruz lagundutako kontratuak 10.1 artikuluan ezarritako aldia baino lehenago azkentzen badira, artikulu horretan aurreikusi ez den beste arrazoiren batengatik, emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, eta dagokion prozedura izapidetuko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasiz gero, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, baleude.

4.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori izango da borondatezko epea.

6.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna LANBIDE da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretako administrazio publiko eskudunei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

19. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan luzaroan langabezian dauden pertsonak kontratatzeagatik emateko laguntzek bete egin beharko dute Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritako «minimis» araua (Erregelamendua Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da; DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «de minimis» laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: «minimis» laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatuko zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, xedapen hauek aplikatuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezarri.

Laguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere egongo dira. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.


Azterketa dokumentala