
121. zk., 2023ko ekainaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (1244 KB - 147 orri.)
- EPUB (8188 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
3033
83/2023 DEKRETUA, ekainaren 6koa, Informazio-teknologien inguruneetan zibersegurtasuneko espezializazio-ikastaroari, Artisau-okintza eta -opilgintzako espezializazio-ikastaroari, Eragiketa-teknologien inguruneetan zibersegurtasuneko espezializazio-ikastaroari, Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-ikastaroari eta Zelula-kultiboen espezializazio-ikastaroari dagozkien curriculumak ezartzen dituena, Euskal Autonomia Erkidegoan emateko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatua) 39.3 artikuluan xedatzen duenez, espezializazio-ikastaroek modulu-eskaintza bat izango dute, iraupen aldakorrekoa, eta lanbide-eremuetarako egokiak diren eduki teoriko-praktikoak bilduko dituena. Bertako 39.6 artikuluan jasotakoaren arabera, Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak eta horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ezarriko ditu.
Bestalde, 42.2 artikuluak xedatzen du espezializazio-ikastaroek lanbide-heziketako titulu bat dutenen edo titulu bakoitzerako ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenen konpetentziak osatzeko edo sakontzeko balioko dutela.
Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuaren (INSN-11) ondoreetarako, espezializazio-ikastaroak dira horietara sarbidea ematen duten erreferentziazko tituluen programa sekuentzialak.
Bestalde, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 6 bis artikuluaren 4. apartatuan xedatzen duenez, Gobernuak lanbide-heziketako oinarrizko curriculumaren helburuak, konpetentziak, edukiak, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio-irizpideak ezarriko dituela. Oinarrizko curriculumaren edukiek ordutegien 100eko 50 beharko dute hizkuntza koofiziala duten autonomia-erkidegoetan, eta 100eko 60 halakorik ez dutenetan.
Gainera, lege horrek berak 6.5 artikuluan ezartzen du hezkuntza-administrazioek, hala irizten badiote, Lanbide Heziketaren irakasgaietako espezializazio-ikastaroak gutxieneko irakaskuntzetan eskatzen diren ehunekoetatik salbuetsi ahal izango dituztela, eta horietako bakoitzaren oinarrizko curriculumean aurreikusitako ordu-kopurutik gorako iraupeneko eskaintza egin ahal izango dutela.
Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, 28. artikuluan, Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzaren E maila zehazten du, eta 51.1 artikuluan ezartzen du lanbide-heziketako titulu bat dutenen edo titulu bakoitzerako ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenen konpetentziak osatzea edo sakontzea dela espezializazio-ikastaroen xedea.
Gainera, 54. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan xedatutakoaren arabera, erdi-mailako Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaro bat gainditzen dutenek Espezialista titulua jasoko dute; eta goi-mailako Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroa gainditzen dutenek, berriz, Lanbide Heziketako Master titulua jasoko dute.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak 27. artikuluan arautzen ditu lanbide-heziketako espezializazio-ikastaroak, eta ikastaro horien betekizunak eta baldintzak ezartzen ditu bertan. Artikulu horretan bertan zehaztutakoaren arabera, erreferentziazko tituluen jakintza-esparrua sakontzea edo horietan sartzen diren konpetentziak zabaltzea eskatzen duten alderdiak eta arloak jorratuko dituzte. Beraz, espezializazio-ikastaro bakoitzean zehaztu behar da lanbide-heziketako zein tituluk ematen duten ikastarora sartzeko aukera.
Hori horrela, espezializazio-ikastaroek azkar erantzun behar diete produkzio-sisteman gertatzen diren berrikuntzei, baita erreferentziazko tituluek biltzen duten prestakuntzaren osagarriak diren eremu sortu berriei ere.
Halaber, aipatutako errege-dekretuaren 9. artikuluak espezializazio-ikastaroen egitura ezartzen du; eta, 27. artikuluan adierazten duenez, horien izaera kontuan hartuta, prestakuntzaren zehaztapenak erabatekoa izan behar du; nolanahi ere, hezkuntza-administrazioek beren lurraldeko produkzio-sektorera moldatu ahal izango dituzte zehaztapen horiek.
Ondore horietarako, alderdi hauek zehaztu beharko dira lanbide-heziketako espezializazio-ikastaro bakoitzerako: identifikazioa, lanbide-profila, lanbide-ingurunea, sektoreko edo sektoreetako prospektiba, espezializazio-ikastaroaren irakasgaiak eta prestakuntzaren testuinguruko oinarrizko parametroak.
Bestalde, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren Antolamendu Orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. apartatuan xedatzen da hezkuntza-administrazioek Lanbide Heziketaren irakasgaietako curriculumak ezarriko dituztela, errege-dekretu horretan bertan eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatuz.
Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa betez, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuduntzapean dago, kalterik egin gabe Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten lege organikoei, eta 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari».
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak Lanbide Heziketako euskal sistema antolatzea eta arautzea du xede, Euskadik egungo eta etorkizuneko erronkei modu egokian erantzungo dien lanbide-heziketako sistema bat izan dezan.
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
Azaldutako aurrekariak aintzat hartuta, dekretu honen helburua da Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, bost espezializazio-ikastaro hauei dagokienez: informazio-teknologien inguruneetako zibersegurtasunean espezializatzeko ikastaroa, artisau-okintzan eta -opilgintzan espezializatzeko ikastaroa, eragiketa-teknologien inguruneetako zibersegurtasunean espezializatzeko ikastaroa, fabrikazio adimendunean espezializatzeko ikastaroa eta zelula-kultiboetan espezializatzeko ikastaroa.
Dekretu hau izapidetzean, bete egin dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22.era bitartean aurreikusitako izapideak.
Bost espezializazio-ikastaro horiei dagozkien curriculumen helburuak hauek dira: pertsonaren garapen integrala lortzea, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita; diskriminazio-mota oro baztertzea, eta generoak baldintzatuko ez duen orientazio akademiko eta profesionala bermatzea.
Hori horrela, Hezkuntzako sailburuaren proposamenari jarraikiz, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa aintzat hartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6an egindako bilkuran eztabaidatu eta ontzat eman ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
Dekretu honek honako hauei dagozkien curriculumak ezartzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan emateko: Informazioaren Teknologien Inguruneetako Zibersegurtasuneko lanbide-heziketako espezializazio-ikastaroa, Artisau-okintza eta Opilgintzako espezializazio-ikastaroa, Eragiketa-teknologien Inguruneetako Zibersegurtasuneko espezializazio-ikastaroa, Fabrikazio Adimenduneko Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroa eta Zelula-kultiboen Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroa.
2. artikulua.– Espezializazio-ikastaroen identifikazioa.
Dekretu honek ezarritako curriculumak dituzten espezializazio-ikastaroak honako errege-dekretu hauetan daude identifikatuta:
479/2020 Errege Dekretua, apirilaren 7koa, Informazio-teknologien inguruneetan Zibersegurtasuneko espezializazio-ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena.
482/2020 Errege Dekretua, apirilaren 7koa, Artisau-okintza eta -opilgintzako espezializazio-ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena eta Egokitzapen Fisikoko goi-mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko curriculuma finkatzen duen ekainaren 23ko 651/2017 Errege Dekretua aldatzen duena.
478/2020 Errege Dekretua, apirilaren 7koa, Eragiketa-teknologien inguruneetan zibersegurtasuneko espezializazio-ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena.
481/2020 Errege Dekretua, apirilaren 7koa, Fabrikazio Adimendunean espezializatzeko ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena eta bi espezializazio-ikastaro eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituzten martxoaren 1eko 93/2019 Errege Dekretua eta martxoaren 1eko 94/2019 Errege Dekretua aldatzen dituena.
93/2019 Errege Dekretua, martxoaren 1ekoa, Zelula-kultiboen espezializazio-ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena eta Sistema aeronautikoen egiturak eta instalazioak muntatzeko teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko curriculuma finkatzen duen otsailaren 19ko 74/2018 Errege Dekretua aldatzen duena.
3. artikulua.– Eranskinen edukia.
Dekretu honetan ezartzen diren lanbide-moduluetako irakaskuntzak eta espezializazio-ikastaroetako curriculumen gainerako elementu espezifikoak honako eranskin hauetan daude zehaztuta:
I. eranskina: Informazio-teknologien inguruneetan zibersegurtasuneko espezializazio-ikastaroa.
II. eranskina: Artisau-okintza eta -opilgintzako espezializazio-ikastaroa.
III. eranskina: Eragiketa-teknologien inguruneetan zibersegurtasuneko espezializazio-ikastaroa.
IV. eranskina: Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-ikastaroa.
V. eranskina: Zelula-kultiboen espezializazio-ikastaroa.
4. artikulua.– Hezkuntza-ingurunera egokitzea.
1.– Ikastetxeari dagokio, pedagogiaren eta antolamenduaren aldetik duen autonomiaren esparruan, bere curriculum-proiektua ezartzea; bertan, bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko beharrezko erabakiak zehaztuko ditu, bai eta lanbide-moduluen programazioak lantzeko irizpideak ezartzeko erabakiak ere.
2.– Ikastetxearen curriculum-proiektuaren esparruan, ikastetxeko sailetako irakasle-taldeei dagokie espezializazio-ikastaroak osatzen dituzten lanbide-moduluen programazioak garatu eta onartzea. Horretarako, kontuan hartu beharko dituzte ezartzen diren helburu orokorrak eta ikasleen ikaskuntza erraztuko duten elkarlaneko metodologia aktibo berriak, betiere lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak errespetatuz, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila oinarri hartuta.
Ikastetxeek malgutze-neurriak bultzatuko dituzte lanbide-moduluak, espazioak eta denborak antolatzean, eta ikaskuntza-metodologia berritzaileak sustatu ahal izango dituzte, ikasleen konpetentziak eta ikaskuntzaren emaitzak hobetzeko.
5. artikulua.– Enpresan jarduera duten lanbide-moduluak.
1.– Lantokiko Prestakuntza modulua Lanbide Heziketako Heziketa Zikloen baitan Lantokiko Prestakuntza (LP) Modulua egiteko modua arautzen duen uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuak jasotako zehaztapenen arabera antolatuko da.
2.– Ikastetxearen autonomiaren esparruan, eta modulu horiek berezkoa duten antolamendu-malgutasunaz baliatuta, ikastetxeak eta enpresak adostuko dute enpresan jarduerak nola banatu, betiere ikasleari enpresara eta ikastetxera joateko aukera emango dioten baldintzak bermatuz.
Enpresako prestakuntza bat etorriko da espezializazio-ikastaroaren lanbide-profilarekin; hala, ikastaroaren berezko konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak sendotzeko eta horietan sakontzeko aukera emango du.
Lantokiko Prestakuntza modulua egiteko, akordioa egingo dute lanbide-heziketako zentroek eta enpresa kolaboratzaile bakoitzak, eta akordio horrek Euskal Autonomia Erkidegoko uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuaren 8. artikuluan deskribatutako gutxieneko ezaugarriak izango ditu. Ezarritako eta baimendutako akordioaren gutxieneko edukia zabaldu nahi izanez gero, Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen sailari jakinarazi beharko zaio, zabaltze hori berretsi eta, hala badagokio, baimendu dezan.
Lanbide-heziketako zentroak eta enpresak tutore bana esleituko diete ikasleei, eta tutore horiek laguntza eskainiko diote ikasleari, diseinatutako prestakuntza-ibilbidearen fase eta jarduera guztien arteko loturari eusteko. Enpresako tutorea enpresan prestakuntza eta lanbide-esperientzia egokiak dituen pertsona bat izango da. Ikastetxeak tutoretza-lanak egiteko aukeratutako pertsona espezializazio-ikastaroan eskolak zuzenean ematen dituen irakasle bat izango da.
Lanbide-heziketako zentroko tutoreak enpresako tutorearekin adostuko ditu ikasleak egin beharreko jarduerak, Lantokiko Prestakuntza moduluan zehaztutakoa kontuan hartuta. Jarduera horiek proiektu batean jasoko dira, eta proiektu horrek espezializazio-ikastaroa osatzen duten moduluen ikaskuntza-emaitzen arabera diseinatutako programazioa izango du.
Proiektuan, parte-hartzaileen identifikazioa, ikasleari esleitutako lanpostua, orduen banaketa eta egutegia zehaztu beharko dira. Gainera, ikastetxeko eta enpresako tutoreek ikasleen arretarako plan bat ezarriko dute, baita arreta horren maiztasuna ere. Halaber, programazioan zehaztutako ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko sistema bat diseinatuko da, eta azken kalifikazioa Gai edo Ez Gai izango da. Alderdi horiek funtsezkoak dira, eta Lantokiko Prestakuntza moduluaren garapen arrakastatsua bermatzen dute; beraz, ikasleak, enpresak eta lanbide-heziketako zentroak ezagutu eta onartu egin beharko dituzte.
3.– Lantokiko Prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, lan-esperientziarekin bat etortzeagatik, baldin eta lanaldi osoko urtebeteko esperientzia egiaztatzen bada kasuko lanbide-ikasketekin lotuta.
Lan-esperientziaren bidez hartutako lanbide-konpetentziak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatuko da aurreko apartatuan adierazitako lan-esperientzia.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ikaskuntza-metodologia berritzaileak.
Ikastetxeek aukera izango dute, beren autonomia pedagogikoaz baliatuta, eta beren curriculum-proiektuko aurreikuspenen arabera, dekretu honen eranskinetan lanbide-moduluetarako ezarritako iraupena zertxobait aldatzea proposatzen duten proiektuak prestatzeko, espezializazio-ikastaroak emateari buruzko estrategietan eta metodologietan oinarrituta; betiere, espezializazio-ikastaroa sortzeko errege-dekretuan lanbide-modulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko ordutegiak errespetatzen badira. Proiektu horiek Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen sailaren baimena beharko dute.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS