
120. zk., 2023ko ekainaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (226 KB - 17 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3018
AGINDUA, 2023ko ekainaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko dirulaguntzen 2023ko deialdiko oinarriak.
Abere Ustiategietan dauden Animaliak Babesteko Europako Hitzarmenaren ondorioz (Estrasburgon sinatu zen, 1976ko martxoaren 10ean, Espainiak berretsi zuen eta 1988ko azaroaren 6an jarri zen indarrean), Europako Erkidegoak hainbat xedapen eman ditu animalien ongizatearen arloan.
Ildo horretan, azpimarratzekoak dira Abere Ustiategietan dauden Animaliak Babesteko Europan egin diren zuzentarauak eta horiek askotariko etxalde motetara zabaltzea. Horien artean, Estatuko legedirako transposizio nabarmenena martxoaren 10eko 348/2000 Dekretukoa da –Kontseiluaren apirilaren 21eko 441/01 EDaren bidez aldatua–, zeinaren barruan sartzen baitira hainbat printzipio, adibidez: estabulazioa, janaria, ura eta zaintza egokiak ematea, animalien behar fisiologiko eta etologikoen arabera, bereganatutako esperientziari eta ezagutza zientifikoari jarraituz. Halaber, animalien zaintzaileek bete beharreko baldintzak jasotzen ditu.
Bestalde, Euskadin, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 35. artikuluan, xedapen arautzaileak ezartzen ziren, bai abere-ustiategien titularrentzat, bai instalazioentzat, ustiategi horietan dauden animalien ongizatea zaintze aldera.
Era berean, 2020ko maiatzaren 20an, Europako Batzordeak «Baserritik mahaira» estrategia aurkeztu zuen, Europako Itun Berdearen esparruko funtsezko ekimenetako bat. Hemendik 2050era bitartean klima-neutraltasuna lortzen laguntzeko, Estrategiak EBko egungo elikadura-sistema eredu jasangarri baterantz eraman nahi du, eta estrategia horren helburu estrategikoetako bat animalien ongizatea hobetzea da.
Estrategia horren isla da, gainera, kontsumitzailea gero eta sentsibilizatuago dagoela etiketan animalien ongizatearen ziurtagiria duten haragi-produktuak eskatzeari dagokionez.
Europako Batzordeak ziurtagiri horiei buruzko berariazko araurik ez duenez, hainbat ziurtapen-eredu eta -eskema sortu dira; horien artean, Welfair zigilua da estatuan zorroztasun- eta exijentzia-maila handienak dituena.
Animalien Ongizatearen Welfair™ ziurtagiria da Institut de Recerca i Tecnologia Agroalimentàries (IRTA) erakundeak, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin (Neiker) lankidetzan, homologatutako ziurtagiri independente bakarra. Ziurtagiri hori Europako erreferentziazko Welfare Quality eta AWIN® ziurtagirietan oinarritzen da, eta etxaldeetan, haztegietan eta hiltegietan dauden animalien ongizatearen kalitatea sakon ebaluatzen eta kontrolatzen du, honako espezie hauei dagokienez: behiak, txerriak, ardiak, ahuntzak eta oiloak, oilaskoak, untxiak eta indioilarrak.
Agindu honen xedea honako hau da: aurten abere-ustiategietako zenbait elkarteri edo talderi haien ustiategietarako Welfair ziurtagiria lortzeko ekintzen kostuei aurre egiten laguntzea. Ildo horretan, Agindu honek minimis araubideko laguntza batzuk planteatzen ditu ustiategiek animalien ongizatearen Welfair ziurtagiria lor dezaten laguntzeko, eta laguntzek aurrerantzean jarraipena izatea aurreikusten da.
Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Dirulaguntzen deialdi hau, halaber, jasota dago 2023ko otsailaren 20ko Aginduan, zeinaren bidez laugarren aldiz aldatzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduak onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa; azken agindu horren bidez onartzen da, hain zuzen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2021, 2022 eta 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluarekin bat etorriz. Laguntza hau sartuta, elikadura ekologikoagoa, lokalagoa, jasangarriagoa eta osasuntsuagoa izatea sustatu nahi da, eta, horretarako, ingurumena eta animalien ongizatea errespetatuko dituzten ekoizpen-sistemak sustatuko dira.
Laguntza horiek 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Batzordearen Erregelamenduari atxikitzen zaizkio –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa–. Horrez gain, honako araudi hauek aplikatuko zaizkie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeari jarraikiz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek eskudantzia izango dute beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko), honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko dirulaguntzen 2023ko deialdiko oinarriak onartzea. Agindu honen eranskinean jasota daude oinarriok.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 13a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA
1. oinarria.– Laguntzaren xedea eta helburua.
Animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko laguntzen 2023ko ekitaldirako deialdia egitea da Agindu honen xedea.
Laguntza horien helburua honako hau da: animalien ongizatea kontrolatzeko barne-prozedura egin eta ezarri, arduradunei prestakuntza eman eta animalien ongizatearen Welfair ziurtagiria eskuratzeko gastuak finantzatzea.
2. oinarria.– Dirulaguntzen izaera.
1.– Dirulaguntzen programa honek publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak bete behar ditu, bai eta dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiak ezarritakoak ere.
2.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez adjudikatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsi zen Testu Bategina).
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
4.– Programa honi jarraituz emango diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubideari atxikita daude.
Estatu kide bakoitzak enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldi fiskaletan.
Muga hori gaindituz gero, gutxitu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa: gehiegizko kopurua zenbat, hainbat gutxituko da.
Minimis laguntzak onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazten zaion unean eman direla joko da.
3. oinarria.– Finantzaketa.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira oso-osorik, eta 200.000,00 euroko aurrekontu-kreditua erabiliko da horretarako.
4. oinarria.– Onuradunak.
Banakako ustiategien pertsona fisiko titularrak izan daitezke laguntza hauen onuradun, bai eta egoitza EAEn duten entitate pribatuak ere, tartean, kooperatibak, enpresak, elkarteak edo nekazaritzako ustiategiak biltzen dituzten bestelako elkarteak. Nolanahi ere, ustiategi guzti-guztien barne-auditoretzako kontrol-prozeduraren ezarpenean operadore-lanak egin behar dituzte, ustiategiok helburu hauek badituzte: animalia-jatorriko elikagaien ekoizpena eta/edo merkaturatzea, azpisektore hauetan: txerriak, erruteko hegazti-hazkuntza, landako oilaskoa, ardi-esnea, ahuntz-esnea, behi-esnea, behi-okela eta untxia.
Pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeen kasuan, pertsonalitate juridikorik ez badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 11. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.
5. oinarria.– Eskakizun orokorrak.
1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea. Hauek dira betekizunak:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtso-deklarazioa jaso ez izana, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik Administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsitzeko ebazpen irmorik ez izatea.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak sartuta ez egotea honako lege hauetan jasotako ezein kasutan: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
f) Egoitza fiskala ez izatea araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako ezein lurralde edo herrialdetan.
g) Egunean egotea itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kopuruak ordaintzeko betebeharrari dagokionez, laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Laguntza onuradunei eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da amaituta egotea izaera berdineko laguntza edo dirulaguntzak jaso direla-eta oraindik ere izapidetzen ari den itzultzeko edo zigortzeko prozedura oro. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
h) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zigorrik ezarri ez izana.
i) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
j) Eskatzaileak jakinarazi behar du diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publiko edo entitate publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duen ala ez. Halaber, 2021, 2022 eta 2023 ekitaldi fiskaletan minimis araubideari atxikita eskatu eta/edo lortu diren laguntzei buruzko berariazko adierazpena aurkeztea.
k) Pertsona juridikoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea, hots:
– Eskatzaileak ez izatea zigor- eta administrazio-zehapenik sexu-diskriminazioagatik, eta ez izatea galarazita dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.
– Elkarte edo antolakunde profesionalak, enpresenak edo bestelakoak izanik, zuzendaritza-organoetako emakumeen eta gizonen kopuruan, gutxienez, oreka egotea, urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritako definizioaren arabera.
2.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen taldeetako kideei dagokienez, onuraduntzat har daitezkeenek 1. apartatu honetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.
Gainera, 1. apartatu horretan ezarritako betekizunek eragina izango dute, halaber, zuzendariak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, lehenagoko enpresa batzuen jarraipena direla ebatzi daitekeen enpresetan, edo horietatik eraldatze, bat-egite edo ondorengotzagatik eratorri direnetan.
3 – 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira, ezingo dira onuradun edo entitate laguntzaile izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, Lege honen Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateek ordaintzeko legezko ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatu behar dute, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko edozein finantzaketa alde batera utzita.
4.– Halaber, dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:
a) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
b) Diruz laguntzekoak diren gastuak 2023. urtean eginak izatea eta ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatu baten barruan kokatzea.
6. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dira.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan ezarritakoa betez:
a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak.
– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia-San Sebastián kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean.
Alabaina, ahal den neurrian behintzat, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.
– Bide elektronikoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1206902
Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.
b) Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dute eskabidea.
3.– Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, eskaeretarako inprimaki-eredu normalizatuak erabiliko dira. Eredu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/12069023.
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapide ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako dokumentuak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/servicios/1206903
6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:
https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
7.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.
8.– Laguntzen eskatzaile bakoitzak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Pertsona juridikoek, eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia bana, edo pertsona juridikoa legez eta modu baliozkoan eratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioarena (bestek beste, dagokion erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria).
b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentu guztiak egiazkoak direla adierazteko.
c) Eskabideak ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatua izan beharko du, eta ziurtatu beharreko ustiategiak identifikatu beharko ditu (NUE-Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak identifikatuta).
Planak gastu hauen zenbatekoak zehaztu beharko ditu: autokontrol-sistema ezartzea, sistemaren arduradunari prestakuntza ematea, autokontrol-prozedura idaztea eta barne-auditoriak egitea.
d) Eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.
e) Izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeek eskabidean berariaz adierazi beharko dituzte kide bakoitzak proiektua exekutatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa. Era berean, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.
f) Hala badagokio, Kalitatea araubidekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
g) Beharrezkoa bada, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legearen baldintzak betetzen dituztela eta 9.1.A oinarrian aurreikusitako puntuazioa gehitzeko eskubidea ematen dutela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.
9.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu bere IFK, zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten dokumentuak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, hark berariaz aurka egiten dionean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko du. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.
10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.
Eskatzaileak adierazi egin beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.
11.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
12.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezina duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren dokumentuak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoa betez, interesduna legez behartuta badago eskabidea modu telematikoan aurkeztera eta modu presentzialean aurkezten badu, betebehar hori bete gabe utzita, eskatuko zaio hori zuzentzeko eta eskabidea legez ezarritako bide elektronikotik aurkezteko. Errekerimendu hori betetzen ez badu, aurkezpen presentziak ez du izango ez baliorik ez eraginik. Aurkezpen elektronikoaren data hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
Ondorio horietarako, eskabidearen aurkezpen elektronikoa –zuzentzearen ondorioz eginikoa– oinarri honetan ezarritako epetik kanpo egiten bada, eskabide hori ez aurkeztutzat joko da.
13.– Edonola ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko irizten dituen bestelako argibide eta/edo dokumentu osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
14.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
7. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera,
autokontrol-sistema ezartzearen ondoriozko gastuak:
– Sistemaren arduradunaren prestakuntza.
– Autokontrol-prozedura idaztea.
– Barne-auditoriak egitea:
• Joan-etorrien kostuak.
• Langileen kostuak.
Welfair ziurtapenaren ondoriozkoak:
– Enpresa ziurtatzailea azpikontratatzea.
– Ziurtapen-eskemaren kuotak.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski entitate haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua. Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
3.– Proiektuen gehieneko exekuzio-epea 2023ko abenduaren 31n amaituko da.
8. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Agindu honi lotuta aurkeztutako laguntza-eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da.
3.– Balorazio Batzordeak hiru kide izango ditu, zehazki Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako hauek: Juan Ramón Puy Pitarque jauna, zerbitzuburua, batzordeko lehendakaria izango da, eta Gorka Ruiz de Eguino Etxeberria jauna eta Ainara Zuazo Urkaregi andrea, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako teknikariak biak. Ainara Zuazo Urkaregi andreak idazkari jardungo du.
Bere eginkizunak betetzeko, batzordeak arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.
4.– Balorazio Batzordeak, 9. Oinarrian jasotako laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboei jarraituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatuko du.
5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari. Proposamenak agindu honen 10. oinarrian aipatzen den edukia jaso beharko du gutxienez.
6.– Balorazio-batzordeak nahi dituen funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, eta horietan xedatzen ez den guztian Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituko diote.
7.– Laguntza emateko prozeduraren ebazpena organo kudeatzailearen titularrak emango du, kasu honetan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak.
9. oinarria.– Zenbatekoa eta esleipen-irizpideak.
Laguntza lehia-araubidean emango da jasotako eskabide guztietarako. Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80rainokoa izango da; gehienez 50.000 euro proiektuko.
1.– Esleitzeko irizpideak.
A) Eskabideak biltzen duen ustiategi-kopuruaren arabera, gehienez 30 puntu:
– 1-10 ustiategi: 8,5 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 1,5 puntu gehiago).
– 11-25 ustiategi: 17 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 3 puntu gehiago).
– >25 ustiategi: 25,5 puntu (ustiategiaren titularra edo titularkidea emakume nekazari bat bada, 4,5 puntu gehiago).
B) Taldeak azpisektorean duen pisuaren arabera, gehienez 20 puntu:
– Azpisektoreko ustiategien artean <% 50, 15 puntu.
– Azpisektoreko ustiategien artean % 50 edo >, 20 puntu.
C) Eskatzaileak Kalitatean parte hartzea (Kalitateak ziurtatutako ustiategiak): 20 puntu.
2.– Laguntzaren zenbatekoa.
– 70 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 80.
– 40-69 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 70.
– < 40 puntu dituzten proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 60.
3.– Dirulaguntzak lehiaren eta zenbateko erabilgarriaren arabera emango dira, eta oinarrietan ezarritako mugaraino esleituko dira, kreditu erabilgarriaren barruan. Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren aurreikusten den zenbatekoa baino, zenbateko hori onuradunen artean hainbanatuko da, dagokion proportzioan.
Hala ere, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legearen 15.c) artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunek zenbateko osoa jasoko dute, hainbanatu gabe.
4.– Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izango interesdunek eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.
10. oinarria.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate- eta errekurtso-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egin duen proposamena ikusirik, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebatziko du eskatutako laguntzak eman ala ez, ebazpen bakar baten bitartez.
– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
A) Onartutako eskabideei buruz
1.– Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK.
2.– Diruz lagundutako zenbatekoa.
3.– Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.
4.– Laguntza Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduari, 2013ko abenduaren 18koari, atxikitzen zaiola.
Izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeen kasuan, ebazpenean berariaz adierazi beharko dira kide bakoitzak proiektua exekutatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa.
B) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:
1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK.
2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik.
4.– Lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpenaren ondoreetarako, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko 1. apartatuko b) letrarekin bat, hargatik eragotzi gabe aurreikusitako laguntzen ebazpenaren komunikazio indibidualizatua egitea gero.
Hala ere, onuradunei argitalpenaren berri emango zaie Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Agindua indarrean jartzen denetik sei hilabete igaro, eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, eskabideak ezetsi zaizkiela ulertu ahal izango dute interesdunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.9 artikuluan ezarritakoarekin bat.
6.– Prozedurako ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
7.– Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
11. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko baldintzak eta laguntza ezberdinen baldintza espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:
a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza-ebazpena argitaratu eta hamabost eguneko epean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diruz laguntzen den jarduera egitea 12. oinarrian ezarritako epean.
c) Zertarako ematen den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.
d) Beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik exekutatu dela, eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak.
f) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko kontrol-organoei jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
g) Deialdi honen 5. oinarriko 1.j) apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskatu eta eskuratzen bada, horren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik. Era berean, 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldietan minimis araubidera atxikitako bestelako laguntzarik eskatu duen edo ez eta lortu duen edo ez jakinaraztea, baita horien zenbatekoa ere.
h) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz.
i) Merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan izatea ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
j) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
k) Finantzaketa publikoa dela adierazten duen publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14.1.h) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.
2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango dio horri eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion dokumentua aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
12. oinarria.– Gastua justifikatzea.
1.– Laguntzen den proiektua exekutatu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan:
a) Aurkeztutako proiektuan exekutatutako jarduketen justifikazio-memoria, autokontrol-sistemak ezartzeko gastuen, ziurtapen-gastuen eta egindako prestakuntzaren fakturak eta ordainagiri originalak barne hartuta.
b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.
c) Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion dokumentua aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua egiaztatzen duten dokumentuak aurkezteko epea, gehienez, 2023ko urtarrilaren 15era artekoa izango da.
4.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskabide horrek arrazoitua izan beharko du.
13. oinarria – Ordainketa.
1.– Ordainketa egiteko, aurretik eskatu eta gastua justifikatu beharra dago, aurreko oinarrian adierazitako dokumentuak aurkeztuz.
2.– Ez da laguntzen aurrerakinik edo konturako ordainketarik emango.
3.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 13. oinarriaren 1. paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkeztuko dira. Behin dokumentazioa osatuta, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak ordainketa egin dezan.
4.– Proiektua ez bada ezarritako gehieneko epeetan exekutatzen, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko dokumentuak ez badira epearen barruan aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute.
5.– Dirulaguntzak ordaintzeko, amaitu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedurak, artean izapideetan daudenak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik, eta laguntza ez da inolaz ere ordainduko.
6.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak dagokion hirugarren erregistroan izena emanda egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
14. oinarria.– Bateragarritasunak.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira, laguntzaren xede den jardueraren kostu errealeraino, 17. oinarriaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.
Hala ere, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearekin bat, onuradun batek ezingo du 200.000 eurotik gorako zenbatekoa jaso 2021., 2022. eta 2023. urteak biltzen dituen aldian, laguntzaren xedea edo helburua eta laguntza ematen duen administrazio-organoa edozein direla ere. Zenbateko hori gaindituz gero, eman beharreko zenbatekoak murriztu egingo dira, baimendutako gehieneko mugaraino, 17. oinarriaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.
15. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Beste entitate publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira doitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.
2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren aurrean.
Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du, aldaketa onartuz edo ezeztatuz. Aldaketa onartuz gero, ebazpen horretan bertan, laguntza emateko jatorrizko ebazpena aldatuko da, baldin eta edukiren bat aldatu bada.
Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.
Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute laguntza emateko ebazpena aldatuko, oinarri honetako 3. paragrafoan aurreikusitakoa gertatzeari kalterik egin gabe.
3.– Baldin eta proiektuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.
16. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea helarazi beharko diote Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 11. oinarriko 1.c puntuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra du onuradunak–, baldin eta Administrazioak ez badu ordainketarik egin. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
Aurkeztutako ukoa ez da onartuko, entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.
17. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Baldin eta onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak finkatzen duen baldintzaren bat, proiektua ez badute osorik gauzatzen eta horren ondorioz erabat hutsaltzen badute laguntzaren helburua edo dirulaguntzak itzultzera behartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude, laguntzak ematen dituen organo eskudunak, baldintzak ez betetzeagatiko espedientea izapidetu eta interesduna entzun eta gero, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partzialki edo osorik, proiektuaren exekutatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.
Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Itzulketa-prozedura Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion, baita interesdunari ere. Administrazio-arloko arau-hausteak zehazten dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VII. tituluaren III. kapituluan ere.
18. oinarria.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datuen babesari buruzko informazioa lortzeko:
https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/113000-capa1-es.shtml
ESKABIDEA EGITEKO FORMULARIOAREN EDUKIA
Laguntzaren eskabidea egiteko formularioa webgune honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/12069023
Oinarrizko eduki hau du:
Eremu generikoak:
– Identifikazio-dokumentu mota.
– NAN zenbakia.
– Izena (pertsona fisikoak soilik).
– Lehen abizena (pertsona fisikoak soilik).
– Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).
– Sexua (pertsona fisikoak soilik).
Honako hau ordezkatzen du:
– Entitatearen izena (pertsona juridikoak soilik).
– IFK zenbakia.
– Telefono finkoa.
– Telefono mugikorra.
– Helbide elektronikoa.
– Lurralde historikoa.
– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.
– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.
– Abisuak jasotzeko mugikorra.
– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.
Honako dokumentu hauek aurkeztu ditu:
– Eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia bana, edo pertsona juridikoa legez eta modu baliozkoan eratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioarena.
– Ziurtagiria lortzeko egin beharreko edo egindako ekintzen plan xehatua, ziurtatu beharreko ustiategiak identifikatuta (NUE-Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak identifikatuta). Honako gastu hauen zenbatekoak zehaztu beharko ditu: autokontrol-sistema ezartzea, sistemaren arduradunari prestakuntza ematea, autokontrol-prozedura idaztea eta barne-auditoriak egitea.
– Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzea adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, hau da:
– Ez dago laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Ez du eskatu borondatezko konkurtsoaren deklarazioa, ez dago kaudimengabe deklaratuta ezein prozeduratan, ez du konkurtso-deklaraziorik jaso, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, ez dago esku-hartze judizialaren mende edo ez dago desgaituta Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.
– Ez dauka Administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsitzeko ebazpen irmorik kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Ez du egoitza fiskalik erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.
– Egunean dago EAEko Administrazioak edo haren mendeko entitateek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
– Egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Ez dute zehatu, ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin.
– Ez dago Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuetako ezeinen mende. Eta zigor-arloko delituren bat egin duelako arrazoizko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izatea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko ahala dagoela ziurtatzen duen ebazpen judizial irmoa eman ez bada. (elkarteen kasuan).
– Pertsona juridikoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritakoa betetzea. Alegia, hau:
• Eskatzaileak ez du zigor- eta administrazio-zehapenik sexu-diskriminazioagatik eta ez du galarazita dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera, Emakume eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzak lortzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.
• Elkarte edo antolakunde profesionalak, enpresenak edo bestelakoak izanik, zuzendaritza-organoetako emakumeen eta gizonen kopurua, gutxienez, orekatuta dago, urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritako definizioaren arabera.
A) Zuzendaritza-organoko kideen guztizko kopurua: _____
b) Emakume-kopurua: _____
c) Gizon-kopurua: _____
• 9. oinarrian ezarritako puntuazio gehigarria jaso nahi izanez gero, entitate eskatzailearen titularra edo titularkidea emakumezkoa dela, horren egiaztagiriak aurkeztuta.
Honako informazio hau ere eskatuko zaie onuradunei:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan abiarazi duten itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean sartuta dagoen edo ez.
– Eskatu ditu/Ez ditu eskatu eta Lortu ditu/Ez ditu lortu diruz laguntzekoa den gastu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabide ekonomikoak administrazio publiko edo entitate publiko nahiz pribaturen baten eskutik. Halaber, 2021, 2022 eta 2023 ekitaldi fiskaletan minimis araubideari atxikita eskatu eta/edo lortu diren laguntzei buruzko berariazko adierazpena aurkeztea. Lortu baditu,
2021: lortutako zenbatekoa: __________ eta entitate deitzailea: _____________
2022: lortutako zenbatekoa: ___________ eta entitate deitzailea: _____________
2023: lortutako zenbatekoa: __________ eta entitate deitzailea: ______________
__ Eskabide honekin batera doazen dokumentu guztiak egiazkoak direla adierazten du.
__ Behar izanez gero, markatu: EZ diot Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari baimenik ematen eskatzailearen NANa eta IFK automatikoki egiaztatzeko, ez eta eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiririk ere. Beraz, dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkezten ditut.
RSS