Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2023ko ekainaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2982

AGINDUA, 2023ko ekainaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari izateko laguntzen deialdia egiten duena.

Hezkuntza Sailak eta Cambridgeko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute Clare Hall-en ikertzaileek egonaldia egin dezaten.

Clare Hall College 1966an sortu zuten, eta ikasketa aurreratuen zentroa da Cambridgeko Unibertsitatearen barruan. Ikertzaile bisitarientzako programa arrakastatsua du. Programa horri esker, mundu osoko akademikoek bizi eta lan egiten dute Cambridgen, bederatzi hilera arteko egonaldietan. Cambridgeko Unibertsitateko gradudunen bost elkargoetako bat da. Zentro horretan, Euskal Herriari lotutako gaietan espezialista diren ikertzaile bisitariak izatea garrantzitsua izango da Euskal Herriari buruzko ezagutza garatzeko, eta Cambridge eta EAEren arteko lankidetzan oinarritutako ikerketa sendotzeko.

Deialdi honetan, berrikuntza gisa, bi laguntza berri ematen dituen modalitate bat sortu da, Cambridgeko Clare Hall-ean egonaldi bat egin duten eta, hortaz, Life Members diren pertsonentzat. Laguntza berri horren xedea da EAEren eta Cambridge-ren artean sortutako loturak sendotzea, baterako ikerketa-ildoen jarraitutasuna indartuz eta EAErentzat interesgarriak diren gaietan ikerketa-komunitate bat sustatuz.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak lortzeko efikazia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia eta gardentasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik-eza–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, adierazi behar da Hezkuntza Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/

Eskabideak egiteko, inskripzio-inprimakia bete beharko da, bide telematikoz eskuragarri egongo dena, sailaren egoitza elektronikoan, betiere 4/2022 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez, Hezkuntza Sailari esleitu zitzaion ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzeko lana.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legea onetsi denez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da gehienez hiru dirulaguntza emateko oinarriak ezartzea eta prozedura arautzea, 2023-2024ko ikasturtean Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari gisa aritzeko egonaldiak finantzatzeko.

2.– Ikertzaile bisitariek diziplina hauetan lan egin ahal izango dute: fisika, biologia zelularra eta molekularra eta arteak (giza zientziak, zuzenbidea eta gizarte-zientziak).

3.– Doktore diren ikertzaileentzako mugikortasun-programak bi modalitate ditu:

A) Visiting Fellow: laguntza bakarra emango da.

B) Post Visiting Fellow, gehienez bi laguntza emango dira programa honetan.

2. artikulua.– Iraupena.

Visiting Fellow modalitatean, egonaldiaren iraupena 9 hilabetekoa izango da, gehienez, eta urrian hasiko da. Hala ere, hautagaiek aukera dute egonaldi laburragoak egiteko, baina, gutxienez, 4 hilabete eta erdikoak izango dira.

Post Visiting Fellow modalitatean, berriz, egonaldiaren iraupena bi hilabetekoa izango da gehienez, eta urrian hasiko da. Hala ere, hautagaiek egonaldi laburragoak aukeratu ahal izango dituzte, baina ez dira inoiz izango bi astetik beherakoak.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hau lor dezakete baldintza hauek betetzen dituztenek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutela 2023ko urtarrilaren 1ean. Hala ere, antzinatasun hori duten baina atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izan bada.

b) Doktore gradua izatea.

c) EAEko ikerketa-zentro edo unibertsitate batean lan-lotura iraunkorra edo kontratu mugagabea izatea. Onartuko dira, halaber, irakasle laguntzaile edo Ikerbasque Research Fellows gisa finkatzeko bidean dauden kontratuak dituzten pertsonen eskaerak. Kontratuek, betiere, gutxienez 2 urteko antzinatasuna izan beharko dute, eskaera egiteko unean.

d) Post Visiting Fellow modalitatean, hautagaiek Clare Hall-eko Visiting Fellow (Life members) izan behar izan dute, deialdi honen aurretik.

e) Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartuta egotea.

f) Ingeles hizkuntzaren ezagutza-maila nahikoa izatea, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.

g) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako debekuren bat ez edukitzea.

4. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabidea egiteko, inprimaki bat bete beharko da, bide telematikoz eskuragarri egongo dena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/0174006), betiere 4/2022 Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (4/2022 Dekretua, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan).

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aplikazio elektronikoaren bitartez erantsiko zaizkio eskabideari. Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/ Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta artikulu honetako 5. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez atxikitakoan, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeraren bidez. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.

Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.

3.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen).

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Eskatutako dokumentazioa.

Zerrenda honetako agiriak aurkeztu beharko dira aplikazioaren bitartez:

a) Doktore-tituluaren egiaztagiria.

b) Errolda-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, hauek aurkeztuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren agiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.

c) Ingelesez idatzitako curriculum akademiko normalizatu eta zientifikoa.

d) Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en garatu beharreko ikerketa-proiektua, agindu honen 1. artikuluan aipatutako diziplinetako edozeini buruzkoa eta ingelesez idatzia.

e) Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartua izan dela adierazten duen gutuna.

f) Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en «Application for a Visiting Fellowship» eskaera-inprimakia.

g) Ikertzaileak plaza finkatua duela edo finkatzeko bidean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. Horretarako, zerbitzu-orria aurkeztea onartuko da, zeinean jasoko baitira antzinatasuna eta hautagaiaren eta erakunde eskatzailearen arteko kontratu-harremana. Zerbitzu-orria aurkeztu ezin bada, erakunde eskatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.

h) Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, unibertsitateko legezko arduradunak sinatutako dokumentu bat aurkeztuko da, eskatzaileari baimena ematen diona laguntzak iraun bitartean kanpoan egoteko.

i) Hautagaiek beren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutun horiek ingelesez idatzita egongo dira, eta Ikerketa Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.

Post Visiting Fellow modalitatearen kasuan, aurrekoez gain, beste hauek aurkeztu beharko dira:

j) Hautagaia «Life Member» dela egiaztatzen duen agiria.

k) Clare Hall-en egindako egonaldiari buruzko txosten zientifiko-teknikoa, aprobetxamendua eta Cambridgerekiko lankidetzaren emaitzen adierazleak jasota.

5. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskatzaileei eskatuko die 5 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 8. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio laguntza hau kudeatzea.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea. Ikertzaileak hautatzeko irizpideak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea, eta, hala badagokio, zuzentzeko epea amaitu ondoren, hautaketa-batzordeak ebaluatuko ditu eskabideak, eta laguntzaren adjudikaziodunak aukeratuko. Batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da.

b) Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidentea.

c) Bi aditu akademiko gehienez, bata Cambridgeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Autonomia Erkidegokoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute hitzarmen honetako diziplina garrantzitsuetan, eta Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidenteak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren. Gaien esparrua zabala bada, alderdiek bigarren aditu akademiko bat proposatu ahal izango dute.

2.– Hautaketa-batzordeak bi fasetan ebaluatuko ditu hautagaiek aurkeztu dituzten eskabideak, irizpide hauei jarraikiz, eta, betiere, hautatutako modalitatea kontuan hartuz:

– Visiting Fellow modalitatea:

a) Lehiaketaren lehenengo fasea.

– Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.

• Argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza-transferentzia: 4 puntu.

• Zuzendutako ikerketa-proiektua eta tesiak: 3 puntu.

• Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.

Argitalpenen kalitateari dagokionez, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2022ko azaroaren 21eko Ebazpenean (https://www.boe.es/boe/dias/2022/12/21/pdfs/BOE-A-2022-21729.pdf) jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.

– Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

• Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

• Ikerlanaren emaitzek euskal gizartean duten inpaktua: 3 puntu.

– Ikertzailearen prestasuna: 5 puntu.

• Bederatzi hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

• Lau hilabete eta erdiko egonaldia: 2 puntu.

b) Lehiaketaren bigarren fasea.

Hautaketa-batzordearekin elkarrizketa izango dute, eta proiektua aurkeztuko diote, ingelesez: 10 puntu.

– Post Visiting Fellow modalitatea:

a) Lehiaketaren lehenengo fasea.

– Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.

• Cambridgeko Clare Hall-ekin aldez aurretik izandako lankidetzaren ondoriozko argitalpenak, hitzaldiak eta ezagutza-transferentzia: 2 puntu.

• Bestelako argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza-transferentzia: 2 puntu.

• Zuzendutako ikerketa-proiektua eta tesiak: 3 puntu.

• Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.

Argitalpenen kalitateari dagokionez, balio berezia emango zaie beren esparruko erreferentzia-indizeetan sartutako aldizkarietan argitaratu direnei, Ikerketa Jardueraren Ebaluazio Batzorde Nazionalaren 2022ko azaroaren 21eko Ebazpenean (https://www.boe.es/boe/dias/2022/12/21/pdfs/BOE-A-2022-21729.pdf) jasotako irizpide espezifikoen arabera. Ebazpen horretan eman ziren argitara ebaluazio-esparru bakoitzean onetsitako irizpide espezifikoak.

– Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

• Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

• Clare Hall-en egindako egonaldiak nolako eragina izan duen egun egiten diharduen ikerketa-lanean: 3 puntu.

– Ikertzailearen prestasuna: 5 puntu.

• Bi hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

• Bi hilabetetik beherako egonaldia: 2 puntu.

b) Lehiaketaren bigarren fasea.

Hautaketa-batzordearekin elkarrizketa izango dute, eta proiektua aurkeztuko diote, ingelesez: 10 puntu.

3.– Aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake hautaketa-batzordeak, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzko galderak. Era berean, ingelesa jakiteko baldintza betetzen dela egiaztatuko du, 3.f) artikuluak adierazi bezala. Hautaketa-batzordeak gehienez lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa. Hala ere, hautagai gehiago elkarrizketatu ahal izango dira, hautaketa-batzordeak egoki irizten badio, aurkeztutako hautagaiak aintzat hartuta.

4.– Batzordeak, hautagaiak ebaluatzen amaitu ondoren, onuradunak aukeratuko ditu, eta erreserben zerrenda osatuko dutenen lehentasun-ordena ezarriko, badaezpada adjudikaziodunen batek uko egiten badio edo laguntzarako eskubidea galtzen badu. Lehiaketaren bi faseetan guztira puntu gehien lortzen dituena izango da adjudikazioduna. Berdinketarik badago, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da.

5.– Visiting Fellow modalitatean, adjudikaziodunak ezin baditu bederatzi hilabeteak bete, puntuazio handiena jaso duen bigarren hautagaiari aukera emango zaio egonaldi osoa amaitu arte geratzen den epealdia betetzeko.

6.– Post Visiting Fellow modalitatean, 2 hautagai aukeratuko dira, gehienez.

7.– Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak hautagaiei buruzko iritzia emango du, eta, bere irizpideen arabera eta arrazoiak emanez, proposatutako hautagairen bat onartu edo guztiak baztertu ahal izango ditu. Post Visiting Fellow modalitatean, Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak aukera izango du adjudikaziodunen egonaldietarako aurreikusitako datak aldatzeko, Clare Hall-en ostatu hartzeko aukerek hala justifikatzen badute.

8.– Hautaketa-batzordeak laguntza eman gabe utziko du, baldin eta eskabiderik ez badago edo hautagaiek ez badute balorazio osoaren % 50 gainditzen. Era berean, egonaldi partzialetako epealdiren bat ere hutsik gera daiteke.

8. artikulua.– Ebazpena eta adjudikazioa.

1.– Aurreko artikuluan xedatzen den hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango dira modalitate bakoitzeko laguntzak, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

2.– Ebazpenean, hauek adieraziko dira: nor diren pertsona onuradunak; noiz hasi eta amaituko den egonaldia; laguntzaren zenbatekoa, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera banakatuta, eta, hala badagokio, nor diren ordezkoak eta zer hurrenkera duten, eta zer hautagai ukatu edo baztertu den eta zergatik.

3.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.

Abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko.

Hargatik eragotzi gabe aurreko 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri helarazi ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

4.– Dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko-egiterik badago, modalitate bakoitzaren erreserben zerrendan ageri eta emandako azken laguntzaren hurrengoak diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Horretarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartuta, laguntza emateko ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

5.– Aipatutako ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburuari.

6.– Ezarritako epean laguntza esleitzeko ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertuko da. Kasu horretan, eta nahiz eta Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra duen, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilekoa izango da, oinarri hauen 1. apartatuan ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

9. artikulua.– Laguntzen zuzkidura.

Honako hau izango da laguntzaren zuzkidura, modalitate bakoitzean:

9.1.– Visiting Fellow: 2023-2024 ikasturtean bederatzi hileko egonaldia egiteko laguntzaren zuzkidura 60.800 eurokoa da. Zenbateko hori honela banakatzen da:

a) 49.500 euro Clare Hall-i ordainduko zaizkio (hilean 5.500 euro), College-ren zeharkako gastuak estaltzeko, Clare Hall-ek emandako laguntza teknikoa barnean dela, bai eta ikertzailearen ostatua eta mantenua ere. Ostaturako zuzkidurak hauek estaltzen ditu: pertsona batentzako gela bakarreko apartamentu baten alokairua, elektrizitatea, berokuntza eta udal-tasak. Gela gehiagoko apartamentu bat behar izanez gero, laguntzaren onuradunak ordainduko du aparteko kostua. Mantenuak astelehenetik ostiralera bitarteko aldia hartzen du. Kopuru horrekin, gainera, beste kontzeptu batzuk ere estaltzen dira, hala nola ikerketa-gastuak, establezimendu-gastuak eta ekitaldiak (profesionalak, harrerak, kontzertuak).

b) 10.800 euro, ikertzaile bisitariari ordaintzeko (hilean 1.200 euro), laguntza gisa. Laguntzaren zenbatekotik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kendu behar dira, zerga hori arautzen duen araudia aplikatuz dagozkionak. Era berean, emandako laguntza guztien berri jakinaraziko zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta hor finkatutako ondorioetarako.

c) 200 euroko laguntza, bisa izapidetzeko.

d) 300 euroko laguntza, Clare Hall-era joan-etorriko bidaia bat egiteko.

9.2.– Post Visiting Fellow: 2023-2024 ikasturtean bi hileko egonaldia egiteko laguntzaren zuzkidura 27.800 eurokoa da. Zenbateko hori honela banakatzen da:

a) 11.000 euro Clare Hall-i ordainduko zaizkio (hilean 1.375 euro), College-ren zeharkako gastuak estaltzeko, Clare Hall-ek emandako laguntza teknikoa barnean dela, bai eta ikertzailearen ostatua eta mantenua ere. Ostaturako zuzkidurak hauek estaltzen ditu: pertsona batentzako gela bakarreko apartamentu baten alokairua, elektrizitatea, berokuntza eta udal-tasak. Gela gehiagoko apartamentu bat behar izanez gero, laguntzaren onuradunak ordainduko du aparteko kostua. Mantenuak astelehenetik ostiralera bitarteko aldia hartzen du. Kopuru horrekin, gainera, beste kontzeptu batzuk ere estaltzen dira, hala nola ikerketa-gastuak, establezimendu-gastuak eta ekitaldiak (profesionalak, harrerak, kontzertuak).

b) 2.400 euro, ikertzaile bisitariari ordaintzeko (hilean 300 euro), laguntza gisa. Laguntzaren zenbatekotik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kendu behar dira, zerga hori arautzen duen araudia aplikatuz dagozkionak. Era berean, emandako laguntza guztien berri jakinaraziko zaie zerga-agintariei, indarrean dagoen zerga-araudian ezarritako baldintzetan eta hor finkatutako ondorioetarako.

c) 200 euroko laguntza, bisa izapidetzeko.

d) 300 euroko laguntza, Clare Hall-era joan-etorriko bidaia bat egiteko.

Horrez gain, onuradunak istripu-asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua izango ditu, bai eta, atzerriko egonaldietarako, bidaiako laguntza-asegurua ere, besteen osagarri. Azken hori, interesdunak hala eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori baliagarria izango da, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat.

Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

10. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Clare Hall-i transferituko dizkio funtsak, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzailea baita. Honela egingo da ordainketa:

1.– Deialdia ebatzi ondoren eta onuradunak emandako laguntza onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak xedapen honen 9.1.a) eta 9.2.a) artikuluan kontsignatutako zuzkidura osoaren % 75 emango dio Clare Hall-i.

Bigarren ordainketa gainerako % 25a izango da, eta emandako laguntza osoaren gastua justifikatu eta gero ordainduko da. Egindako gastu hori frogatzeko, fakturak edo agiri baliokideak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek ikasturte akademikoa amaitu ostean aurkeztu beharko dira, egindako ekintzei buruzko azalpen-memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bi zatitan ordainduko dio laguntza onuradunari.

Lehenengoa 9.1.b) eta 9.2.b) artikuluetan adierazitako zenbatekoaren % 75 eta 9.1.c.d) eta 9.2.c.d) artikuluetan adierazitako zenbateko osoa onuradunak Clare Hall-era sartzeko ziurtagiria Ikerketa Zuzendaritzan aurkeztu ondoren ordainduko da. Eskabidea egiteko erabili den aplikazio informatikoaren bidez aurkeztuko da ziurtagiri hori.

Bigarrena, gainerako % 25a, 2024an ordainduko da, jarduera amaitu ondoren, eta aplikazio informatikoaren bidez dokumentu hauek aurkeztu ondoren:

a) Egonaldiaren gainean Clare Hall-en arduradunak egindako egiaztagiria, hasiera- eta bukaera-egunak zehaztuta.

b) Amaierako memoria, balantze zientifikoarekin batera. Bertan deskribatuko da egindako lana, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren bestelako emaitzen erreferentzia barne hartuta.

c) Egindako gastuaren ziurtagiria, bidaia-gastuei eta bisa-izapideei buruzkoa. Honako hauek aurkeztuko dira ziurtagiriarekin batera:

– Garraio publikoan egindako bidaien txartelak eta fakturak.

– Bisa izapidetzeko garraio publikoan egindako joan-etorrien eta izandako tasa-gastuen txartelak eta fakturak.

d) Onuradunak eguneratua izan beharko du hirugarrenen altaren agiria. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu behar da helbide honetan erabilgarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

3.– Bidaia-gastuetarako eta bisa izapidetzeko emandako laguntza bidaien eta bisa-izapideen benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.

4.– Irailaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onuradunari laguntza adjudikatzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da zehapen- edo itzulketa-prozedura oro amaituta egotea, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

Egoki iritziz gero, Ikerketa Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta, horretaz gain, zuzendaritzari berari atxikitako pertsona baten edo batzuen gomendio utzi dezake emandako laguntzaren segimendua, laguntza zertan erabili den ikusteko.

11. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hau ezin da bateratu helburu bererako ematen diren antzeko dirulaguntzekin.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, laguntza onartutakotzat joko da.

b) Eman den xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Eskatzen duten informazio guztia ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lagungarria izan dakien.

d) Clare Hall-eko Visiting Fellow gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskal Herriaren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hala eskatuz gero.

e) Egonaldia amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Clare Hall-i txosten bat bidaltzea, egindako ikerketari buruz, bai eta Cambridgen zein Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartu duen bestelako jarduerei buruz.

f) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei buruzko antolamendu juridikoan ezartzen diren bestelako betebehar guztiak, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2. artikuluak dirulaguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruz ezarritakoa eta Dirulaguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak xedatutakoa.

13. artikulua.– Uko egitea.

1.– Uko-egiteak Ikerketaren zuzendariari jakinaraziko zaizkio, idazki baten bidez, onuradunak berak sinatuta, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zer egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Jakinarazpen hori aplikazio telematikoaren bidez egingo da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

3.– Onuradunak laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.

Uko-egiterik badago, Ikerketa Zuzendaritzak erreserben zerrendakoak izenda ditzake ikertzaile, modalitate bakoitzean, laguntzari geratzen zaion gainerako aldirako.

14. artikulua.– Ez-betetzea.

1.– Onuradunak ez badu betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat, ebazteko eskumena duen organoak ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa jasotzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Onuraduna edo, hala badagokio, erakunde laguntzailea modu esanguratsu batean hurbiltzen bada jarduera osorik betetzera, eta egiaztatzen bada haien jarduera konpromiso horiek betetzera argi eta garbi bideratuta dela, itzuli beharreko zenbatekoa egonaldian behar bezala egiaztatutako denboraren arabera finkatuko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

3.– Dirua itzultzeko arrazoia izango da justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan adierazitakoaren arabera eta, hala badagokio, dirulaguntzaren arauen arabera.

15. artikulua.– Datuak babestea.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Ikerketa sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak. Informazio hau barne hartuko du:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai dago helbide honetan: https://www.euskadi.eus/rgpd/clausulas-informativas/web01-sedepd/ es/transparencia/054300-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala