Dirulaguntzen Plan Estrategikoa

2020ko Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa

Hezkuntza Sailaren 2020 urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan Sail honen lau Sailburuordetzek eta hamaika Zuzendaritzek kudeatzen dituzten dirulaguntza deialdi guztiak jasotzen dira, eta laguntza hauen aplikazioarekin lortu nahi diren helburuak eta eraginak ere zehazten dira.

Izaera programatikoa duen Plan hau Hezkuntza Sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako den jarduera bat sustatzea jomuga duten jardun-arloetan. Era honetan, tresna honen bidez sailaren jardute-eremuan eraginkortasun maila areagotzea lortzeaz gain, gardentasuna sendotzea ere lortzen da.

Orotara, 53 dirulaguntza lerro ditu egun Hezkuntza sailak, eta horien kopuru osoa 124.352.201 eurokoa da 2020 urterako. 53 deialdi horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, eskolaratzeko beka eta laguntzak, unibertsitate-bekak, Lanbide Heziketako zein unibertsitateko ikasleen mugikortasuna errazteko laguntzak, irakasleen prestakuntzarako deialdiak, ikerketa sustatzeaz arduratzen direnak, Lanbide Heziketako ikastetxeetarako ekimendua eskuratzea helburu dutenak edo udal titulartasuneko eskoletan instalazioak egokitzera bideratuta dauden dirulaguntzak.