Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2023ko ekainaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2899

AGINDUA, 2023ko ekainaren 13koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bitartez merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzeko laguntza-programa arautzen baita eta horren deialdia egiten baita 2023ko ekitaldirako (MEC).

Merkataritza-sektoreak egiturazko aldaketa sakonei egin behar die aurre, erronka nagusi honekin: eraldatu ahal izatea, kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko eta Ukrainako gerrak indartutako krisi klimatiko eta ekonomikoaren erronkei aurre egiteko. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, banaketa-bide berrien agerpen indartsua eta energiaren prezioen eta fakturen gorakada direla-eta, beharrezkoa da estrategia, negozio-eredu eta energia-efizientziako neurri berriak hartzea, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko; betiere, eraldaketa digitalean, jasangarritasunean eta energiaren aurrezkian oinarrituta.

Horregatik, XII. Legegintzaldiko «Euskadi martxan 2020-2024» Gobernu Programan, «Oparotasuna» izeneko I. Ardatzean, konpromiso eta ekintza batzuk finkatu dira merkataritza-sektorea suspertzeko, lehiakortasuna hobetuz, berrikuntza sustatuz, kudeaketa publikoa eta sektore pribatua bultzatuz, kudeaketa-estrategia berriak garatuz, EAEko merkataritzako azpisektoreak sustatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainetan lagunduz eta sinergiak sortuz. Horretarako, merkataritza-banaketaren arloko erakunde guztiek elkarrekin lan egin behar dute berraktibazio ekonomikoa lehenbailehen lortzeko. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

Konpromiso eta ekintza horiek guztiak 2030erako EAEko Merkataritzaren Estrategian eta 2021-2025 Merkataritza Planean garatuko dira. Hain zuzen ere, plan horren helburua sektorearen eraldaketari, modernizazioari eta gaztetzeari aurre egitea da.

EUSTATek argitaratutako datuen arabera, nahiz eta merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktuak desberdinak izan, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 2,9ko igoera metatua izan zuen 2022an, aurreko urtearekin alderatuta, lan-egutegi homogeneotan eta prezio konstanteetan. Horrek nolabaiteko susperraldia erakusten du, baina, hornikuntza-prezioen goranzko joera eta azken ekitaldi honetako stock-maila handiegia kontuan hartuta, agerian geratu da merkataritza-sektoreak babesa eta bultzada behar dituela, jarduera suspertzeko eta merkataritza-sektorea biziberritzeko.

Azaldutakoaren ondorioz, komenigarria da merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzea, agindu honen barruan sartzen den programaren bitartez.

Laguntza-programa honek helburu hauek ditu: baliabideen xedearen eraginkortasuna handitzea, gure auzo, herri eta hirietako hurbileko merkataritza lehenetsiz; EAEko merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzea eta energia-efizientzia hobetzea, berrikuntzaren bidez eta oinarri teknologiko eta eko-efizienteko prozesuen ezarpenaren bidez; eta merkataritza-jarduerarekin lotutako kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea. Izan ere, modu horretan, kalitate eta lehiakortasun handiagoa lortuko da.

Hori guztia, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako ondorengo Helburuei dagokienez: GJH5: Genero-berdintasuna; GJH8: Hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, baita guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: Hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: Klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: Helburuak lortzeko aliantzak; abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuaren V. titulua (Garraioaren arloko jasangarritasun ekonomikoko neurriei buruzkoa, ikasketa-beka eta -laguntzei buruzkoa, bai eta aurrezteko, efizientzia energetikorako eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurriei buruzkoa ere); eta Segurtasun Energetiko Gehiago Plana (SE+), Ministro Kontseiluak 2022ko urriaren 11n onartua, Ukrainako gerrak eragindako prezio-krisiaren aurrean herritarren babesa areagotzeko.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuta dago. Aipatutako plana Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2023ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen, eta aurrekontu-kreditu nahikoa dauka, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean ezarritakoaren arabera.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzeko laguntza-programaren 2023ko ekitaldiko deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea, eranskinetan jasotzen den legez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 13a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Laguntza-deialdiaren xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da, 2023ko ekitaldian, laguntza jakin batzuk ezartzea eta horiek emateko modua arautzea, EAEko merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzeko eta energia-kontsumoaren efizientzia hobetzeko, berrikuntzaren bidez eta oinarri teknologiko eta eko-efizienteko prozesuen ezarpenaren bidez; eta merkataritza-jarduerarekin edo zerbitzu jakin batzuekin lotutako kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea. Izan ere, modu horretan, kalitate eta lehiakortasun handiagoa lortuko da.

2.– Helburu horrekin bat etorriz, merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzeko eta energia-aurrezpena lortzeko inbertsioak sustatuko dira, ekipamenduak, obra zibila, altzariak eta ekipamendu informatikoa eta digitala finantzatuz. Hori guztia, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz, batez ere ondorengo garapen-helburuei dagokienez: GJH5, GJH8, GJH9, GJH11, GJH12, GJH13 eta GJH17, 14/2022 Errege Lege Dekretua eta Segurtasun Energetiko Gehiago Plana (SE+).

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko oinarrian adierazitako helbururako, 4.050.000,00 euroko baliabide ekonomikoak bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuta.

3. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunak.

1.– Norberaren konturako langileak edo autonomoak, sozietate zibilak eta ondasun-erkidegoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak, baldin eta beren merkataritza-jarduera nagusia edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuk Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kaleko establezimendu fisikoetan egiten badituzte, eta betiere agindu honen 5. oinarrian jasotako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeetan sartzen badira.

2.– Deialdi honetan ezarritakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da merkatuaren esku jartzea xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, beren horretan eta eraldaketa-prozesu handirik gabe, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek azken kontsumorako ondasunak zuzenean saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira. Baita zerbitzuak ematea ere, horiek azkenean merkatuari eskaintzen zaizkionean, betiere laguntzaren xede den establezimenduan egindako jardueraren osagarri den establezimendu komertzial baten bitartez, edo zerbitzu fisikoko establezimendu baten bitartez edo online motako merkataritzaren bitartez.

3.– Merkataritza-establezimenduan edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduetan egindako jardueraren titularrak ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak badira, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa entitateari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

4.– Ezin izango dira laguntzen onuradun izan armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen dituztenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

4. oinarria.– Pertsona eta entitate eskatzaileen betekizunak.

Pertsona eta entitate eskatzaileek, baldin eta merkataritza-establezimenduetan eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduetan garatutako jardueraren titularrak badira, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Norberaren konturako langilea edo autonomoa, sozietate zibila, ondasun-erkidegoa, mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, mikroenpresa eta enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin edo gomendio hori ordezten edo aldatzen duten xedapenekin bat etorrita. Hau da:

• Mikroenpresa: soldatapeko hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 2 milioi eurotik gorakoa.

• Enpresa txikia: soldatapeko berrogeita hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.

b) Laguntza-eskaeraren xede den merkataritza-establezimenduaren eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduaren jarduera ekonomikoak eta kokapenak EAEn izatea egoitza sozial eta fiskala.

c) Agindu honen 5. oinarrian jasotako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe edo multzoren batean kokatutako jarduera batean aritzea eta alta emanda egotea eskabidearen egunean.

d) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

e) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

f) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).

g) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, ez eta EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren eraginpean ere, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

5. oinarria.– Ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeak, diruz lagun daitezkeenak.

3. oinarrian aipatutako pertsonek edo entitateek jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak, baldin eta horien jarduera nagusia ekonomia-jardueren gaineko zergaren hurrengo epigrafeetan kokatuta badago:

Txikizkako merkataritza:

641. Fruituen, barazkien, ortuarien eta tuberkuluen txikizkako merkataritza.

642. Honako hauen txikizkako merkataritza: haragia eta hondakinak, haragi-gai eta haragiki landuak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak, eta horien ekoizkin eratorriak.

643. Arrainen eta arrantzako eta akuikulturako bestelako ekoizkinen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.

644. Ogi, pastel, gozoki eta antzekoen eta esnearen eta esnegaien txikizkako merkataritza.

645. Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.

646.1. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako salmenta, Saltoki Orokorretan, Berezietan eta Barnekoetan egiten denean.

646.2. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako salmenta, Saltoki Orokorren aldi baterako saltokietan egiten denean.

646.3. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako salmenta, Izaera Osagarriko Saltokietan egiten denean.

646.4. Tabako-laboreen txikizkako salmenta, errekargodun salmenta-baimena duten merkataritza-establezimenduetan egiten denean.

646.6. Era eta forma guztietako tabakoen txikizkako salmenta, salmentarako estankorik ez dagoen udalerrietan.

646.7. Baimen bereziak dituzten minusbaliatu fisikoek egindako tabako-laboreen txikizkako salmenta.

646.8. Erretzaileentzako artikuluen txikizkako salmenta.

647.1. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, saltzailedun establezimenduetan.

647.2. Mota orotako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan, establezimenduetako salmenta-aretoaren azalera 120 m2 baino gutxiagokoa denean.

647.3. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan superzerbitzuetan, hala hartuta salmenta-aretoa 120 eta 399 m2 artekoa denean.

651. Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako salmenta.

652.2. Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako salmenta.

652.3. Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako salmenta.

652.4. Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako salmenta.

653. Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako salmenta.

654.2. Lurreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako salmenta.

654.5. Mota guztietako makineriaren txikizkako salmenta (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuenak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).

654.6. Mota guztietako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden edo aire-ganberen txikizkako salmenta.

656. Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasun erabilien txikizkako salmenta.

657. Musika-tresnen eta horien osagarrien txikizkako salmenta.

659. Bestelako txikizkako salmenta.

662. Txikizkako salmenta mistoa edo integratua.

691.1. Etxeko tresna elektrikoen konponketa.

691.9. Beste kontsumo-ondasun batzuen konponketa BISG

Merkataritza-jarduerari lotutako beste zerbitzu batzuk:

971. Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.

972. Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.

973.1. Argazkigintza-zerbitzuak.

973.3. Fotokopiagailuen bitartez agiriak kopiatzeko zerbitzuak.

975. Markogintza-zerbitzuak.

6. oinarria.– Diruz lagun daitekeen inbertsioaren denbora-tartea.

Diruz lagundu ahal izango dira 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean, biak barne, egiten diren inbertsioak, edo, hala badagokio, erabilitako kreditua agortu arte.

7. oinarria.– Diruz lagun daitekeen inbertsioa.

1.– Honako eskakizun hauek betetzen dituztenak hartuko dira laguntza jasotzeko moduko inbertsiotzat eta aktibotzat:

a) Laguntzaren xede diren inbertsioak merkataritza-establezimenduetan eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduetan egin beharko dira, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kaleko establezimendu fisiko eta txikizkakoak badira.

b) Inbertsioa enpresaren aktiboan lehen aldiz sartzea eta fisikoki egotea dirulaguntzaren xede den merkataritza-establezimenduan edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduan; hau da: salmenta gauzatzen den establezimenduan edo haren eranskinetan.

Eranskinek merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduarekin elkartuta edo haren ondoan egon behar dute, eta zerikusia izan beharko dute merkataritza-jarduerari lotutako merkataritza-jarduerarekin edo zerbitzuekin.

Diruz lagundutako inbertsioak gutxienez bi urtez egon beharko du –dagokion fakturaren datatik aurrera– laguntza eskatu den merkataritza-establezimenduan edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduan. Tarte horretan ezingo zaie hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoei laga.

c) Inbertsioa diruz lagun daitezkeen 8. oinarriko puntuetan jasota egotea.

d) Guztiz beharrezkoak diren inbertsioak, eta dirulaguntzaren xede den establezimenduan garatutako merkataritza-jarduerarekin erlazionatutako jarduerarekin edo zerbitzuarekin zuzenean lotutakoak.

e) Inbertsioa 6. oinarrian aipatuta dagoen eta diruz lagun daitekeen denbora-aldian benetan egin eta ordaindu izana, justifikazio-epea amaitu baino lehen betiere.

Eskabidean ordainagiriak aurkezten ez badira, gehienez bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, aurkezteko gehieneko epea errespetatuta: 2023ko azaroaren 30a.

2.– Diruz lagundu ahal izateko, egindako inbertsioek onartutako gutxieneko inbertsio-zenbateko hau eduki beharko dute merkataritza- edo zerbitzu-establezimendu bakoitzeko:

• 3.000 euro (BEZik gabe), 8. oinarriko 1. puntuan jasotako inbertsioetarako.

• 1.000 euro (BEZik gabe), 8. oinarriko 2. puntuan jasotako inbertsioetarako.

Diruz lagun daitekeen puntu batean baino gehiagotan inbertsioak egiten diren kasuetan, puntu bakoitzean onartutako gutxieneko inbertsio-zenbatekoa betetzen dutenak bakarrik lagundu ahalko dira diruz.

8. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen lerroak.

Honako lerro hauek lagundu ahal izango dira diruz:

1.– Merkataritza-establezimenduaren edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduaren azpiegitura eta ekipamendua berritzea: EAEko merkataritza-establezimenduetako edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduetako energia-kontsumoaren efizientzia hobetzea eta inbertsioak egitea establezimendu horiek berritu eta modernizatzeko; horretarako, obrak eta inbertsioak egingo dira altzarietan eta merkataritza-jarduera edo zerbitzu jakin batzuetako jarduera garatzeko beharrezkoak diren ekipamenduetan eta elementuetan, barrukoetan zein kanpokoetan, beharrezkoak badira jarduera horrek modu egokian funtziona dezan.

a) Merkataritza-establezimenduaren edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduaren barrualdea edo kanpoaldea egokitzeko, berritzeko edo handitzeko obrak eta instalazioak, betiere eragina baldin badute establezimenduaren egokitzapenean, merkataritza-azaleraren banaketan edo itxura hobetzeko orduan.

b) Energia-aurrezpen edo -efizientziarako neurriak ezartzeko obrak eta instalazioak (ate automatikoak, argiak aldatu eta LED motakoak jartzea, okupazio-sentsoreak, isolamenduak...), oinarri teknologiko eta eko-efizienteko prozesuak ezarriz.

c) Oztopo arkitektonikoak kentzeko egindako berrikuntzak, mugikortasun murriztua duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko.

d) Errotuluak eskuratu eta instalatzea merkataritza-establezimenduaren edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduaren kanpoaldean; izen komertziala, marka, logotipoa edo antzekoak identifikatzea; eta toldoak eskuratu eta instalatzea.

e) Makinak (labe elektrikoak eta hotz-ganberak barne) eskuratu, instalatu eta muntatzea, betiere energia-efizientzia altuko ziurtagiri energetikoa badute (A, B, C); eta gauza bera egitea merkataritza-jarduera nagusiarekin edo merkataritza-jarduerari lotutako zerbitzu jakin batzuen jarduerarekin erlazionatutako altzariekin ere.

f) Produktuak erakusteko ekipamendua eta altzariak eskuratzea: erakusleihoak, erakusmahaiak, panelak, apalak, beira-arasak eta erakusketa-euskarriak (hoztutakoak barne), tarimak, kakotegiak eta antzekoak.

g) Alarmak eta segurtasun-sistemak. Diruz lagun daitekeen inbertsioaren gehieneko zenbatekoa ezin izango da 6.000 euro baino handiagoa izan, BEZik gabe.

h) Lokala girotzeko ekipamenduak, betiere energia-efizientzia altuko ziurtagiri energetikoa badute (A, B, C).

i) Merkataritza-establezimenduarekin eta merkataritza-jarduerari lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduarekin zuzenean erlazionatutako espazioak eta elementu komunak hobetzeko eta modernizatzeko inbertsioak, merkataritza-gune batean integratuta badaude; besteak beste, korridoreak, instalazio teknikoak, estalkiak, kanpoko fatxada, zerbitzuak edota sarbideak, betiere espazio horiek merkataritza-establezimenduetan edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduetan garatutako jardueraren titularrek kudeatzen badituzte, jabekide-erkidegoko araubidean.

Merkataritza-establezimenduetako edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduetako titular bakoitzak, jabekide-erkidegoko partaide izanik, aipatutako espazio komunean egindako inbertsioen gaineko bere partaidetzatik eratorritako gastuen zatiari dagokion laguntza eskatu ahal izango du (zati alikuota).

j) Proiektua idaztetik, obra zuzentzetik edo arkitekto, ingeniari edo instalatzaile baimenduek egindako proiektuetatik eratorritako gastuak, betiere obrak eta instalazioak egiteko beharrezkoak badira.

2.– Teknologia berriak eta berrikuntza txertatzea: ekipamendu eta aplikazio informatikoak, enpresa-kudeaketa hobetzeko, zerga-araudira egokitzeko, eta merkataritza-establezimenduan edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduan garatutako jarduerarekin zuzenean erlazionatutako produktuak sustatzeko.

a) Ekipamendu informatikoak, aplikazio informatikoak eta kudeaketa-softwarea, merkataritza-establezimenduaren edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduaren kudeaketa hobetzera zuzendutakoak, betiere merkaturatze-prozesuetan integratuta edo enpresa-kudeaketara bideratuta badaude. Kasu horretan, zeregin nagusien deskribapena eta garatutako jarduerarekiko duen lotura aurkeztu behar da.

Ekipamendu informatiko bat eta periferiko mota bakoitzeko unitate bat baino ez dira diruz lagunduko, inbertsioa gauzatzen den establezimendu bakoitzeko.

b) Webgunearen eta online motako salmentaren garapen bidezko merkaturatze-sistemak (ecommerce, scommerce, mcommerce eta antzekoak) edo merkataritza-establezimendua edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimendua kudeatzeko sistemak (bezeroak, hornitzaileak eta abar) sortu, garatu eta ezartzea, horiek abiarazi edo hobetzeko.

c) Salmenta-puntuen terminalak eta produktuen irakurgailu optiko eta kodetze-sistemak.

d) Salgaien balantza elektronikoak.

e) Kutxa-erregistratzaileak.

f) TicketBAI (TBAI) sistemarako fakturazio-softwarea ezartzea.

9. oinarria.– Diruz lagun ezin daitezkeen inbertsioak.

Ondorengo inbertsioek ezin izango dute inola ere dirulaguntzarik jaso:

a) Lokalak erostea eta eskualdatzeko eskubideak.

b) Garraio-elementuak, telebistak edo telefono-terminalak erostea.

c) Ekipamendua leasing edo renting bidez erostea.

d) Administrazio-baimen edo lizentzien ondoriozko tasak, aseguruak eta garraio-kostuak.

e) Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) eta, oro har, mota guztietako zergak, tasak edo kontribuzioak.

f) Erakusteko eta probatzeko artikuluak, baita ondoren salmentan jar daitezkeenak ere.

g) Argi-aldaketa hutsa. Argiak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta energia-efizientzia altukoak badira (LED) edo instalazio elektrikoa berritzeko inbertsio baten barruan integratuta badaude. (A, B, C)

h) Eraberritze-lanak, baldin eta ez badute establezimenduaren itxura modu argi eta zuzenean aldatuko.

i) Aktibo baten elementuen mantentze-, konponketa- edo ordezte-lanen gastuak.

j) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatu, egin edo garatutako elementuak edo ekipamenduak.

k) Obrak edo instalazioak baliabide propioekin egitera bideratutako materialak erostea.

l) Bulegoko materialaren, tresnen eta antzekoen gastuak.

m) Maskara higieniko, eskularru, erabilera bakarreko mantal eta bestelako material kontsumigarrietan egindako gastuak.

n) Zerbitzuaren edo saltokiaren tipologia dela eta, gastu gisa (eta ez inbertsio gisa) hartuko diren ekipamenduak eta tresnak.

o) Profesionalen aholkularitzako eta prestakuntzako gastuak.

p) Softwarea mantentzeko lanen eta eguneraketen gastuak, betiere ez badira ezinbestekoak TicketBAI sistema ezartzeko. Datu hori modu egokian justifikatu beharko da.

q) Diruz lagun daitezkeen aktiboen deskribapena ondo identifikatuta ez duten fakturak –ez dira onartuko kontzeptu kodetuak–. Gainera, faktura horiek 100 euro edo gutxiagokoak izango dira, BEZik gabe.

Diruz lagun daitezkeen inbertsioak edo aktiboak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino altuagoa izango, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

10. oinarria.– Dirulaguntzen banakako zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Agindu honetan zehaztutako inbertsioek inbertsio onargarriaren gaineko % 30eko dirulaguntza jasoko dute, diruz lagundu ahal izateko gutxieneko zenbatekoak errespetatuz betiere. Dirulaguntza, gehienez ere, 9.000 eurokoa izango da establezimenduko.

3.– Inbertsio onargarriaren gaineko ehunekoa handitu egingo da, baldin eta dirulaguntzaren xede den merkataritza-establezimenduak edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak irizpide hauetakoren bat egiaztatzen badu:

a) Merkataritza Zuzendaritzak Euskalit Fundazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberekin elkarlanean bultzatutako «Merkabide», «Retail Euskal Eskola» edo «Eus-commerce» programetako batean, gutxienez, parte hartu izana azken bi urteetan (2021-2022): puntu 1.

b) 8. oinarriko 1. puntuan jasotako inbertsioa: merkataritza-establezimenduaren edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduaren azpiegitura eta ekipamendua berritzea: 2 puntu.

c) Emakumearen enplegua egonkortzeko irizpidea, egiaztatzen bada dirulaguntzaren xede den merkataritza-establezimenduko edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduko langileen erdiek gutxienez kontratu mugagabea dutela eta emakumeak direla: puntu 1.

d) Berdintasun-plana edo lana eta familia bateragarri egiteko plana izatea, edo Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuneko Lankidetza Erakunde izendapena izatea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok emanda: puntu 1.

e) Enpresa Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita badago: puntu 1.

f) Egiaztatzen bada eskabidearen egunean loturaren bat dagoela merkataritza arloko eskualde- edo lanbide-elkarteren batekin, eta lotura horren iraupena merkataritza-establezimenduko edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduko inbertsioaren iraupenaren berdina edo handiagoa bada: puntu 1.

Horri dagokionez, saltokia Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza Ganberetan berariaz sortutako Erregistroan inskribatutako erakunderen bateko kide baldin bada, ulertuko da merkatarien elkarte bateko kide dela (erregistro hori ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuari zor zaio, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda sortu baitzuen).

g) Azken bi urteetan (2021-2022), dirulaguntzaren xede den eta jarduera ekonomikoa garatzen duen establezimenduak «Berriz Enpresa» programan parte hartu izana. Programa hori Merkataritza Zuzendaritzak sustatzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberekin elkarlanean: puntu 1.

h) Entitate eskatzaileak laguntzaren xede den establezimenduan egiten duen merkataritza-jarduerak edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuek 10 urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea: puntu 1.

i) Merkataritza-establezimenduan edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduan euskaraz aritzea jendearekin, ziurtagiri hauen bitartez egiaztatuta: Bai Euskarari ziurtagiria, BIKAIN Hizkuntza Kudeaketaren Kalitatearen ziurtagiria edo Euskararen Kalitate Ziurtagiria; edo, bestela, udaletako Euskaraz barra barra (https://euskarazbarrabarra.eus/) proiektu pilotuan parte hartuz: puntu 1.

j) Energia-komunitateetan parte hartzea (Ekiola Energia Sustapenak SL, EEE, TEK –Tokiko Komunitate Energetikoak–...), baldin eta komunitate horiek autohornikuntza sustatzen badute, kanpoko iturriekiko mendekotasuna gutxitzen badute eta energia berriztagarri jasangarriak sustatzen badituzte: 2 puntu.

Dirulaguntzaren ehunekoa ezin izango da inola ere izan onartutako inbertsio guztiaren % 42 baino handiagoa, igoera-puntuak barne hartuta.

11. oinarria.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik edota erakunde pribatuetatik pertsona eta entitate onuradunek xede bererako jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.

Agindu honetan xedatutako laguntzek ezin izango dute, beste administrazio publiko edo erakunde pribatu edota publiko batzuen dirulaguntzekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

2.– Agindu honetan xedatutako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan –minimis laguntzei buruz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoan– ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte, baita Europar Batasunean gai horri buruz ezarritako bestelako xedapenak edo jarraibideak ere.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

12. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 30ean bukatuko da, edo, hala badagokio, horretarako ezarritako kreditua agortu arte iraungo du.

Aurrekontu-kreditua agortzen bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Merkataritza Zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez.

2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da merkataritza-establezimendu edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimendu bakoitzeko. Eskabidea osorik dagoela ondorioztatzeko, 13. oinarrian adierazitako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da.

3.– Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez eskuratu eta bete beharko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoa betez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1010110.

Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura. Laguntzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1010110. Era berean, eskabide-eredua agindu honen II. eranskinean dago jasota.

4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidearekin batera, eskatzailea ordezkatzeko gaitasun legala duen pertsona edo entitatearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera Administrazioak eska ditzakeenak aurkeztu beharko dira.

6.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentuak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko komunikazioetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.

13. oinarria.– Eskabideen edukia.

1.– Eskabidea egiteko, inprimaki automatizatu bat bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, eta horren bidez dokumentazio hau aurkeztu:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANa.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa eta/edo nortasun juridikorik gabeko entitatea bada (ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak), entitate eskatzailearen IFZ.

c) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, enpresaren eratze-eskrituren eta ondoren egindako aldaketen dokumentazio osoa.

Nortasun juridikorik gabeko entitateen, ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, eratze-kontratua.

d) Pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, halakorik bada.

Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean jardun dezan elektronikoki agindu honi buruzko prozedura guztietan, 15. oinarrian zehaztutakoaren arabera.

e) Laguntzaren xede den enpresaren ekonomia-jardueren gaineko zergako alten eta, hala badagokio, bajen ziurtagiri historiko eguneratua. Ezin izango dira hiru hilabete baino gehiago igaro eskabidea egiteko, ziurtagiria eman zenetik.

Ziurtagiri horretan adierazi beharko da noiz eman zen alta eta baja EJZn, bai eta eskabidean aipatutako establezimenduaren kokapena zein den ere.

f) Laguntzaren xede diren inbertsioen jatorrizko fakturak eta horiek ordaindu izanaren frogagiriak, halakorik bada, eskabidea aurkezten den unean.

Bestela, ordainagiriak gehienez bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, agindu honen 19. oinarrian jasotzen denaren arabera.

Bakar-bakarrik onartuko dira 100 euro baino gehiagoko fakturak (BEZik gabe), diruz lagun daitezkeen inbertsioen edo aktiboen deskribapena ondo identifikatuta dutenak; ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak.

Zehaztutako epean osorik edo partzialki ordaindu izana fakturen ordainagirien bidez behar bezala egiaztatzen den zenbatekoa soilik lagunduko da diruz, nahiz eta adierazitako kostua handiagoa izan.

1.000 euroko edo gehiagoko ordainketen justifikazioa banku-transferentzien, banku-ziurtagirien edo ordainketa-laburpenen bidez egiaztatu beharko da, zerga-iruzurra prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriei buruzko uztailaren 9ko 11/2021 Legearen arabera. Ordaintzailea eta ordainketa jaso duena argi eta garbi identifikatuta azaldu beharko dira frogagiri horietan.

g) Energia-efizientzia altuko ziurtagiria, 8. oinarriko 1. puntuko e) eta h) apartatuetan eta 9. oinarriko g) apartatuan aurreikusitako inbertsioen kasuan.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, 16. oinarrian ezarritakoaren arabera, non adierazten den egiazkoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentazioa eta nork bere gain hartzen duen dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluaren arabera).

a), b) eta e) apartatuen betekizuna automatikoki egiaztatuko du Merkataritza Zuzendaritzak, dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta, hala badagokio, ematekoa eta likidatzekoa eman aurretik. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko dute beren kontura.

2.– 10.3 oinarrian aipatutako diruz lagun daitekeen ehuneko-igoera jaso ahal izateko, honako hau adierazi edo erantsi beharko da eskabide-orrian:

a) Azken bi urteetan (2021-2022), «Eus-commerce» edo «Retail Euskal Eskola» programetan parte hartu izanaren ziurtagiria, merkataritza-establezimendua edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimendua dagoen lurralde historikoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberak emana; edo «Merkabide» programan parte hartu izanaren ziurtagiria, Euskalit Fundazioak emana. Programa horiek guztiak Merkataritza Zuzendaritzak bultzatutakoak dira.

b) Alta emanda dauden langileen txostena (ALT), Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, dirulaguntzaren xede den establezimenduko langileek enpresa onuradunarekin lan-lotura dutela egiaztatzeko.

c) Berdintasun Plana edo lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko plana izatearen ziurtagiria, edo Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuneko Lankidetza Erakunde izendapenarena; izendapen hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok emango du.

d) Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita egoteari buruzko adierazpena.

e) Eskabidearen egunean eskualde- edo lanbide-elkarteren bateko kide dela frogatzen duen ziurtagiri eguneratua.

f) Azken bi urteetan (2021-2022), «Berriz enpresa» programan parte hartu izanaren adierazpena. Programa hori, hain zuzen ere, merkataritza-establezimendua edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimendua dagoen lurralde historikoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberak ematen du.

g) Dirulaguntzaren xede den merkataritza-establezimenduak edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak Bai Euskarari ziurtagiria edo Bikain ziurt+agiria duela adieraztea, edo Euskaraz barra barra proiektu pilotuan parte hartu duela adieraztea.

h) Eskabidearen datan eguneratutako ziurtagiria, eskaeraren xede den establezimendua Energia Erkidego baten parte dela adierazten duena.

a), d), f) eta g) apartatuen betekizuna egiaztatuko du Merkataritza Zuzendaritzak, dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta, hala badagokio, ematekoa eta likidatzekoa eman aurretik. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko dute beren kontura.

3.– Enpresa batek inbertsioak egiten baditu zenbait merkataritza-establezimendutan edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako zenbait establezimendutan, dokumentazio komuna ez da eskabide guztietan aurkeztu beharko, baizik eta soilik lehenengoan.

14. oinarria.– Zuzenketa.

1.– Merkataritza Zuzendaritzak antzematen badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat dagoela, interesdunari hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hutsegitea zuzentzeko edo eskatzen zaizkion agiriak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusi moduan eman beharko den ebazpenaren bidez.

2.– Eskabidea egin ondorengo izapideak (espedientera sarbidea izatea, jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zer ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazitako egintzaren edukia. Jakinarazpena ez-onartutzat joko da haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan; izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du.

15. oinarria.– Ordezkaritza.

Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

• Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/); edo:

• «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eguneratua eta behar bezala formalizatua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste edozein dokumentu.

Ordezkariak identifikaziorako bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

16. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpena.

1.– Pertsona eta entitate eskatzaileek berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko dituzte. Horiekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, alderdi hauek zehaztuta:

a) Deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

b) Mikroenpresa edo enpresa ertain gisa hartua izateko behar diren baldintzak betetzen dituela.

c) Pertsona edo entitate hori ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak onuradun izateko 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretan.

d) Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

e) Ez duela inolako itzulketa- edo zehapen-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitakorik.

f) Ez dagoela zigortuta dirulaguntzen edo laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikulua dela bide.

g) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.

h) Azken hiru urteetan enpresak jasotako «minimis» laguntzak.

i) Betetzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.

j) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako betebeharrak onartzeko konpromisoa hartzen duela.

k) Hala badagokio, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberek emandako «Eus-commerce» edo «Retail Euskal Eskola» programetan edo Euskalit Fundazioak emandako «Merkabide» programan parte hartu duela.

l) Hala badagokio, Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita dagoela (www.kontsumobide.euskadi.eus)

m) Hala badagokio, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberak emandako «Berriz enpresa» programan parte hartu duela.

n) Hala badagokio, Bai Euskarari edo Bikain ziurtagiria duela, edo «Euskaraz barra barra» (https://euskarazbarrabarra.eus/) programan parte hartu duela.

o) Hala badagokio, energia-erkidego bateko kide izatearen ziurtagiria duela.

p) Ez dituela armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez

2.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna.

Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua bada, dagokion zehapena izango du administrazio- zein zigor-araubidearen arabera.

17. oinarria.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzako teknikariei dagokie aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzea. Dirulaguntza-eskabideak erregistro elektronikoaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta aztertuko dira; hala ere, zuzenketa beharrezkoa bada, 13. oinarrian eskatutako dokumentazio osoa aurkezteko eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, betiere, deialdirako kredituaren mugaraino.

2.– Eskabideak ebaluatzerakoan, kontuan hartuko da pertsona edo entitate onuradun izateko eskatzen diren eskakizunak betetzen direla, dokumentazioa bete ondoren; horrez gain, ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

3.– 2. oinarrian ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira. Hori horrela, ebazpena eman duen organoak kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

18. oinarria.– Dirulaguntzaren ebazpena.

1.– Merkataritzako zuzendariak modu ordenatuan ebatziko ditu espedienteak, osorik dauden unetik aurrera.

2.– Merkataritza Zuzendaritzak gehienez sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko du ebazpena, laguntza-eskabide osoa aurkezten den egunetik aurrera (12. oinarrian ezarritakoaren arabera). Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, pertsona edo entitate interesdunak ezetsitzat jo ahal izango du eskaera, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

Ebazpenak kontzesioa, kontzesioa eta likidazioa, edo likidazioa zehaztuko ditu, eta adieraziko du zein den entitate onuraduna, zein den emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta minimis laguntza dela. Ukatzeko ebazpenen kasuan, ukatzeko arrazoiak eta dagozkion errekurtsoak adieraziko dira.

3.– Ebazpenak elektronikoki eta banaka jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Merkataritza Zuzendaritzak egindako jakinarazpenaren abisuak bidaliko dizkie pertsona edo entitate interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak bidaliz edo helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Administrazioak laguntza ordaindu ahal izateko, pertsona edo entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egon beharko du, eta alta eman beharko du edo banku-datuak aldatu beharko ditu, baldin eta datu horiek ez badaude aipatutako erregistroan jasota.

Horretarako, pertsona edo entitate eskatzaileak alta eman beharko du, edo, hala badagokio, aurretik gehitutako informazioa aldatu beharko du telematikoki, https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/ helbidean jasotako jarraibideen arabera.

Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa eskatzaileak berak edo haren ordezkari batek egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/) eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago.

Bankuko datu horiek aktibo mantenduko dira, hala badagokio, laguntza ordaindu arte.

5.– Pertsona eta entitate eskatzaileei dirulaguntzak emateko ebazpenak eta horien ondorengo aldaketak banan-banan jakinarazteaz gain, onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 49.2 artikuluarekin.

6.– Ebazpen horrek ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, pertsona eta entitate eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan ezarritakoarekin bat.

7.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

19. oinarria.– Ordainagiria aurkeztea.

1.– Ordainagiriak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 30ean bukatuko da.

2.– Eskabidearekin batera ordainagiriak aurkezten ez badira, oro har, gehienez ere bi hilabeteko epea emango da horiek aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; betiere aurreko puntuan adierazitako aurkezteko gehieneko epea errespetatuta: 2023ko azaroaren 30a.

3.– Ordainagiriak aurkezteko ezarritako epea igaro bada, eta ez badira aurkeztu, onuradunei eskatuko zaie 15 egun luzaezineko epean aurkez dezatela dokumentazioa.

4.– Ordainagiriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Justifikazioa ezarritako epeetan aurkezten ez bada, dagokion faktura murriztuko da, baldin eta dirulaguntzen onuradun izateko arauan jarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira; eta gutxitzearen ondorioz diruz lagun daitekeen inbertsioa agindu honetan ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, laguntza ezetsi egingo da.

20. oinarria.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie entitate onuradunei, emateko eta likidatzeko ebazpena eman ondoren edo, hala badagokio, likidatzeko ebazpena eman ondoren, 22.a) oinarrian aurreikusitako epea beteta, eta tartean ukorik ez dela, eta itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrik ez badu.

Dirulaguntza onartutzat joko da, jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

Ordainketa horiek egingo dira, baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean baditu.

2.– Merkataritza Zuzendaritzak ordainduko du dirulaguntza; zehazki, laguntzaren hartzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan (https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/) adierazitako banku-kontuan egingo da ordainketa.

21. oinarria.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritza-alorrean eskumena duen Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

22. oinarria.– Enpresa onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

Halaber, betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman eta likidatzeko ebazpenaren edo likidatzeko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dela ulertuko da, eta ordaindu egingo da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako aktiboek bi urtez egon beharko dute merkataritza-establezimenduan edo merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduan, fakturaren datatik aurrera.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea.

e) Helburu berarekin, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea Merkataritza Zuzendaritzari.

g) Bermatu egingo da pertsona fisiko eta juridikoek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela dirulaguntzaren entitate onuradunarekiko harremanetan.

h) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez lau urteko epean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

i) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan eta Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betetzea, eta Administrazioaren laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo jasotzen dituzten entitateei ezarritako betebeharrak onartzea.

23. oinarria.– Uko egitea.

Merkataritza Zuzendaritzak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta, ordainketaren bat egin bada, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, sortutako berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, entitate onuradun horri dagokionez.

24. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatzen bada, horrekin batera beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko hartu zen erabakia moldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzen onuradun izateko arauan jarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.

Ondorio horietarako, Merkataritza Zuzendaritzak dagokiona aldatzeko ebazpena emango du, non emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko baitira.

Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, kasuan kasuko berandutze-interes eta guzti.

25. oinarria.– Ikuskaritza.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

Ikuskapenak egiaztatu beharko du fakturetan jasotako inbertsioak establezimendu onuradunean egindakoei dagozkiela.

26. oinarria.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak agindu honetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez badu edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta/edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuren batean badago, Merkataritza Zuzendaritzak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren, ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza jasotzeko eskubide osoa edo zati bat galdu duela eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta Merkataritza Zuzendaritzak proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz jardungo du.

27. oinarria.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira, https://www.euskadi.eus/rgpd/1010110 helbidean jasotakoaren arabera.

Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

28. oinarria.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudia.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Horrek ez du alde batera utziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala