Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2023ko ekainaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
2712

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 25ekoa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariarena, zeinaren bidez laugarren aldiz aldatzen baita 2006ko martxoaren 24ko Ebazpena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko lanpostu-zerrenda onartzekoa.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa (DBEB) zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoak ditu, eta herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak, 2/2004 Legearen arabera (2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa).

DBEBren egitura organikoa bere estatutuaren 6., 7., 8., 9. eta 10. artikuluetan dago ezarrita (EHAA, 2005eko azaroaren 9koa, 213. zenbakia) eta bulego horren zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpenaren bitartez garatu zen. Gaur egungo egitura organikoa DBEBren zuzendariaren 2023ko martxoaren 29ko Ebazpenaren bidez zehaztu zen.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutua onartzen duen urriaren 18ko 309/2005 Dekretuaren 7.2.k) eta 15. artikuluen arabera, zuzendariari dagokio, lehenik Kontseilu Aholku-emailearen txostena eginda, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko lanpostuen zerrenda onartzea.

Orduko zuzendariaren 2006ko martxoaren 24ko Ebazpenaren bidez, karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrenda onartu zen. Gerora, 2009ko uztailaren 10eko, 2013ko ekainaren 17ko eta 2018ko azaroaren 22ko Ebazpenen bidez aldatu egin zen. Azken ebazpen hori 2018ko abenduaren 3ko 232 zenbakiko EHAAn argitaratu zen.

Lanpostuen zerrendak administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko txostena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45., 46. eta 47. artikuluetan agindutakoa betetzeko.

Balorazio-batzordeak, 2023ko maiatzaren 16an egindako bileran, proposamena egin zuen zuzendariaren 2023ko maiatzaren 10eko Ebazpena betetzeko, ebazpen haren bitartez hainbat monografia bidali baitzitzaizkion balorazio-batzordeari, lanpostu batzuk aldatzeko prozesua izapidetu ostean. Bada, urriaren 18ko 309/2005 Dekretuaren bidez onartutako Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutuaren 15. artikuluan ezarri ziren eskumenen arabera, eta kontuan hartuta Kontseilu Aholku-emaileak, 2022ko abenduaren 2ko bileran, aldeko txostena egin ziela bulegoaren egitura organikoa berrikusteko eta monografien balorazioa egiteko proiektuaren 2022ko urriaren 27ko Ebazpenetik eratorritako lanpostu-zerrendan aldaketak egiteko proposamenei, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea Datuak Babesteko Euskal Bulegoan karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendaren aldaketa eta eguneraketa.

DBEBko lanpostuen zerrenda ebazpen honen eranskinean adierazten den bezala geratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 25a.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria,

MARGARITA URÍA ETXEBARRIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala