Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2023ko maiatzaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2543

2/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, maiatzaren 9koa, hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zergari buruzkoa.

Berriki onetsi den apirilaren 3ko 9/2023 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitira Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, besteak beste, hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga hitzartu du berritasun gisa, eta 34 quater artikulu berrian dio zerga hori tributu itundu bat dela eta, hura arautzeko, Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berak aplikatuko direla. Hala ere, Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek zerga honen karga-tasak handitu ahal izango dituzte, lurralde erkidean une bakoitzean indarrean dauden mugen eta baldintzen barruan.

Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek, halaber, autolikidazio eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa-epeak zehazteko gaitasuna izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Lurralde erkidean, zerga hori Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak arautzen du, ekonomia zirkularra sustatzeko neurri fiskalen esparruan.

Zerga hau tresna ekonomiko gisa eratuta dator, eta funtsezko mekanismoa da ekonomia zirkularrean aurrera egiteko eta hondakinak berrerabili eta birziklatzea bilatzen duten helburuak lortzeko; pizgarririk gabe uzten ditu hondakinen hierarkia printzipioaren arabera hain onuragarriak ez diren beste aukera batzuk, eta lagundu egiten du hondakinak ingurumenaren ikuspegitik mesedegarriagoak diren aukeretara desbideratu daitezen, hondakinetan dauden materialak ekonomian berriro sartzea ahalbidetuz (birziklatuz, esate baterako).

Zeharkako tributu gisa artikulatzen da, eta kudeaketa eragiketa horien bidez tratatzen diren hondakinen gainean aplikatzen da, haien sorrera prebenitzeko eta berrerabilera eta birziklapena prestatzeko, frakzio organikoa eta ingurumen hezkuntza lehentasunezkotzat hartuta, hondakinak zabortegian uztea eta haien errausketa eta koerrausketa sustatzea saihestearren.

Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek posible izan dezaten, Ekonomia Itunaren 34 quater artikuluan ezarritako gaikuntzaz baliatuta, lehen aipatu diren autolikidazio eta ordainketa ereduak onestea eta ordainketa epeak ezartzea, apirilaren 5eko 153/2023 Foru Agindua eman zen, «Hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga. Autolikidazioa» izena duen 593 eredua onetsi, hura aurkezteko era eta prozedura ezarri eta zergaren zergapekoak lurralde erregistroan inskribatzeko modua arautzen duena.

Foru-dekretu arauemaile honen bitartez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga-ordenamendura ekartzen da hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zergaren erregulazioa, eta, horretarako, dekretuak ezartzen ditu Ekonomia Itunean zergaren ordainarazpenaren ondorioetarako finkatutako lotura puntuak.

Alde horretatik, zerga honen zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundiari tributatu beharko diote zerga honen xede diren hondakinak entregatzen diren zabortegia edo errausketa- edo koerrausketa-instalazioa Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean.

Zergaren zerga-egitatea gertatuko da hondakinak entregatzen direnean zabortegietan ezabatuak izateko, edo errausketa- edo koerrausketa-instalazioetan horiek ezabatu edo haien balorizazio energetikoa egiteko, izan instalazio horiek publikoak izan pribatuak. Hala ere, badira zenbait egoera salbuetsita uzten direnak, esate baterako: hondakinak agintari publikoek aginduta entregatzea, ezinbesteko kasuetan, premia larriko egoeretan edo hondamendiak daudenean; suntsitu beharreko ondasunak ondasun konfiskatuak izatea; hondakin horiek ezabatzea legezko betebeharra izatea; edo entregatzen diren hondakinak udal-hondakinen errefusekin zer ikusirik ez duten tratamendu eragiketen ondorioz sortzea eta tarteko tratamendu eragiketak ez diren balorizazio eragiketak egiten dituzten instalazioetatik etortzea; besteak beste.

Alde horretatik, zerga-oinarria zabortegietan utzitako, erraustutako edo koerraustutako hondakinen pisua izango da. Kuota osoa kalkulatzeko zerga-tasa aldatu egiten da tratamendu instalazio motaren arabera. Hauek bereizten dira: hondakin ez-arriskutsuen, hondakin arriskutsuen edo hondakin geldoen zabortegiak; udal-hondakinak errausteko instalazioak, D10 gisa kodetutako ezabatze eragiketak edo R01 gisa kodetutako balorizazio eragiketak egiten dituztenak; errausketako beste instalazio batzuk; edo koerrausketa-instalazioak. Era berean, zerga-tasa ere aldatu egiten da instalazio horietako bakoitzerako, zer hondakin mota den: udal-hondakinak, udal-hondakinen errefusak, Zabortegietan utzitako hondakinak nola ezabatu arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera aurretiazko tratamendutik salbuetsita dauden hondakinak (zabortegietan uzten direnen kasuan), tratamendu-eragiketa jakin batzuen mende ez dauden hondakinak (erraustuen kasuan), eta beste hondakin mota batzuk.

Zerga honi lotutako zergapekoak erregistroan inskribatzea eta erroldatzea Gipuzkoako Foru Aldundiari egokituko zaio, zergaren xede diren hondakinak entregatzen diren zabortegiak eta errausketa- edo koerrausketa-instalazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak zerga-arloko foru-dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, Lurralde Historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga-arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru-arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, Lurralde Historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Izaera eta helburua.

1.– Hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga zeharkako tributu bat da, eta zabortegietan eta errausketa- edo koerrausketa-instalazioetan ezabatzeko edo balorizazio energetikoa egiteko uzten diren hondakinen entrega zergapetzen du.

2.– Zergaren helburua da hondakinen prebentzioa sustatzea eta haien berrerabilera eta birziklapena prestatzea, frakzio organikoa eta ingurumen hezkuntza lehentasunezkotzat hartuta, hondakinak zabortegian uztea eta haien errausketa eta koerrausketa sustatzea saihesteko.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Ekonomia Itunaren 34 quater artikuluan xedatutakoaren esparruan, foru-dekretu arauemaile honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera exijituko da zerga.

2.– Foru-dekretu arauemaile honetan xedatutakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan ezarritakoa aplikatzea.

3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.

1.– Zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundiari ordainduko diote zerga, haren xede diren hondakinak entregatzen diren zabortegia edo errausketa- edo koerrausketa-instalazioa Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean.

2.– Zerga honi lotutako zergapekoen inskripzioa eta errolda egitea Gipuzkoako Foru Aldundiari egokituko zaio, aurreko apartatuan jasotako irizpidearen arabera.

4. artikulua.– Kontzeptuak eta definizioak.

1.– Zerga honen ondorioetarako, definizio hauek ezartzen dira:

a) «Hondakinen koerrausketarako instalazioa»: urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Industriako isurketen Erregelamenduak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duenak, 2.15 artikuluan ezarritakoaren arabera definitutakoa.

b) «Hondakinen errausketarako instalazioa»: urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Industriako isurketen Erregelamenduak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duenak, 2.18 artikuluan ezarritakoaren arabera definitutakoa.

c) «Hondakinen errausketarako instalazioa, D10 gisa kodetutako eragiketa denean»: udal-hondakinak eta udal-hondakinen errefusak errausteko instalazioa, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eranskinean ezarritako atalaseak gainditzen ez dituena.

d) «Udal-hondakinak errausteko instalazioa: R01 gisa kodetutako eragiketa denean»: udal-hondakinak eta udal-hondakinen errefusak errausteko instalazioa, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eranskinean ezarritako atalaseak gainditzen dituena.

e) «Kudeaketa bulegoa»: Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitura organikoari buruzko arauen arabera, hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga kudeatzeko eskumena duen organoa.

f) «Udal-hondakinen errefusak»: Zabortegietan utzitako hondakinak nola ezabatu arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren IV. eranskineko 1. apartatuaren d), e) eta g) letretan aipatzen diren udal-hondakinen tratamenduetatik eratorritako hondakinak. Errefusatzat jotzen dira berreskuratutako erregai solidoak eta udal-hondakinetatik eratorritako erregaiak.

g) «Hondakinak»: Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeren 2.al) artikuluan definitutakoak, lege horren 3.2 eta 3.3 artikuluetan ezarritako salbuespenekin.

h) «Hondakin geldoak»: Zabortegietan utzitako hondakinak nola ezabatu arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 2.a) artikuluan definitutako hondakinak.

i) «Udal-hondakinak»: Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2.av) artikuluan definitutako hondakinak.

j) «Zabortegia»: hondakinak lurgainean edo lurpean utzita ezabatzeko instalazioa. Barruan sartzen dira Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen III. eranskinean D01, D05 eta D12 gisa kodetutako eragiketak egiteko baimendutako instalazioak.

k) «Zerga zer lurraldetan aplikatuko den»: Espainiako lurraldean.

2.– Foru-dekretu arauemaile honetan agertzen diren eta substantibitate propioa duten kontzeptu eta terminoei dagokienez, artikulu honetan definitutakoak kenduta, zergaren eremu objektiboan sartzen diren produktuei buruzko Europar Batasuneko eta estatuko araudian xedatutakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Zerga-egitatea.

Honako hau da zerga-egitatea:

a) Zergaren aplikazio-lurraldean kokatuta dauden zabortegi baimenduetan hondakinak entregatzea, haiek ezabatzeko, zabortegi horiek titulartasun publiko zein pribatukoak izan.

b) Zergaren aplikazio-lurraldean kokatutako errausketa-instalazio baimenduetan hondakinak entregatzea, ezabatzeko edo haien balorizazio energetikoa egiteko, instalazio horiek titulartasun publiko zein pribatukoak izan.

c) Zergaren aplikazio-lurraldean kokatutako koerrausketa-instalazio baimenduetan hondakinak entregatzea, ezabatzeko edo haien balorizazio energetikoa egiteko, instalazio horiek titulartasun publiko zein pribatukoak izan.

6. artikulua.– Salbuespenak.

Zerga honetatik salbuetsita egongo dira:

a) Hondakinak entregatzea zabortegietan edo errausketarako edo koerrausketarako instalazioetan, entrega hori agintari publikoek aginduta egiten denean ezinbesteko kasuetan, premia larriko egoeretan edo hondamendietan, edo suntsitu beharreko ondasun konfiskatuak direnean.

b) Hondakinak entregatzea zabortegietan edo hondakinen errausketarako edo koerrausketarako instalazioetan, hondakin horiek zerga honengatik tributatu duten eragiketa zergapetuetatik datozenean.

c) Hondakinak entregatzea zabortegietan edo hondakinen errausketarako edo koerrausketarako instalazioetan, hondakinak instalazio horietan ezabatzea legeak ezarritako betebeharra denean.

d) Administrazioek lurzoruen deskontaminaziotik datozen hondakinak entregatzea zabortegietan, horiek ezin izan direnean in situ tratatu Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako irizpide eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuak 7.3 artikuluan adierazitakoaren arabera, baldin eta administrazioak subsidiarioki lurzoru kutsatuak deskontaminatzeko jarduketetan aritzen badira, zuzenean edo zeharka, eta jarduketa horiek legez interes orokorreko jarduketa deklaratu badira.

e) Zabortegietan hondakin geldoak entregatzea, bertan zaharberritze, egokitzapen edo betetze lanak egiteko egokiak direnean eta eraikuntzara bideratuta daudenean.

f) Hondakinak entregatzea zabortegietan edo hondakinen errausketarako edo koerrausketarako instalazioetan, hondakin horiek udal-hondakinen errefusekin zer ikusirik ez duten tratamendu eragiketen ondorio direnean, eta tarteko tratamendu eragiketak ez diren balorizazio eragiketak egiten dituzten instalazioetatik datozenean.

7. artikulua.– Sortzapena.

Hondakinak zabortegietan uzten direnean edo hondakinen errausketa- edo koerrausketa-instalazioetan errausten edo koerrausten direnean gertatuko da zergaren sortzapena.

8. artikulua.– Subjektu pasiboak: zergadunak eta zergadunaren ordezkoak.

1.– Zergaren zergadun izango dira pertsona fisiko edo juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 35.3 artikuluan aipatzen dituen entitateak, zerga-egitatea gauzatzen dutenean.

2.– Pertsona fisiko edo juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 35.3 artikuluan aipatzen dituen entitateak zergadunaren ordezko subjektu pasibo izango dira, baldin eta zabortegiak edo errausketa- edo koerrauketa-instalazioak kudeatzen badituzte, eta zerga-egitatea egiten dutenak ez badira.

9. artikulua.– Zerga-oinarria.

1.– Zabortegietan utzitako, erraustutako edo koerraustutako hondakinen pisua izango da zerga-oinarria, tona metrikotan eta hiru dezimalekin adierazia.

2.– Aurreko apartatuan definitutako zerga-oinarria zerga honen zerga-egitate diren jarduerak egiten diren instalazio bakoitzeko zehaztuko da.

3.– Administrazioak ezin badu zerga-oinarria zuzeneko zenbatespenaren bidez zehaztu, zeharkako zenbatespenaren bidez egin ahal izango du, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 52. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Zerga-oinarria zeharkako zenbatespenaren bidez zehazteko, utzitako, erraustutako edo koerraustutako hondakinen pisua kalkulatzeko erabil daitekeen edozein datu, inguruabar edo aurrekari hartu ahal izango du kontuan Administrazioak, eta, bereziki, hondakinen bolumenaren jasotze topografikoa eta utzitako, erraustutako edo koerraustutako hondakinen karakterizazioa, baita dentsitatearen eta osaeraren zehaztapena ere.

10. artikulua.– Kuota osoa.

Kuota osoa zerga-oinarriari dagokion zerga-tasa aplikatuz kalkulatuko da; zehazki:

a) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegietan utzitako hondakinen kasuan:

1.– Udal-hondakinak badira: 40 euro tona metrikoko.

2.– Udal-hondakinen errefusak badira: 30 euro tona metrikoko.

3.– Aurreko 1. eta 2. zenbakietan adierazitakoak ez beste hondakinak badira, zeinak aurretiazko tratamendutik salbuetsita geratu baitira uztailaren 7 ko 646/2020 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritako baldintzetan:

1) Oro har: 15 euro tona metrikoko.

2) Hondakin geldoen osagaia ehuneko 75etik gorakoa duten hondakinen kasuan: hondakin geldoaren zatia, 3 euro tonako, eta gainerakoa 15 euro tonako.

4.– Bestelako hondakinak badira:

1) Oro har: 20 euro tona metrikoko.

2) Hondakin geldoen osagaia ehuneko 75etik gorakoa duten hondakinen kasuan: hondakin geldoaren zatia, 1,5 euro tonako, eta gainerakoa 20 euro tonako.

b) Hondakin arriskutsuen zabortegietan utzitako hondakinen kasuan:

1.– Hondakinak aurretiazko tratamendutik salbuetsita badaude uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritako baldintzetan: 8 euro tona metrikoko.

2.– Bestelako hondakinak badira: 5 euro tona metrikoko.

c) Hondakin geldoen zabortegietan utzitako hondakinen kasuan:

1.– Hondakinak aurretiazko tratamendutik salbuetsita badaude Zabortegietan utzitako hondakinak nola ezabatu arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritako baldintzetan: 3 euro tona metrikoko.

2.– Bestelako hondakinak badira: 1,5 euro tona metrikoko.

d) Udal-hondakinak errausteko instalazioen kasuan, D10 eragiketa gisa kodetutako ezabatze-eragiketak egiten badira:

1.– Udal-hondakinak badira: 20 euro tona metrikoko.

2.– Udal-hondakinen errefusak badira: 15 euro tona metrikoko.

3.– Aurreko 1. eta 2. zenbakietan adierazitakoak ez bezalako hondakinak badira: 7 euro tona metrikoko.

e) Udal-hondakinak errausteko instalazioen kasuan, R01 eragiketa gisa kodetutako balorizazio-eragiketak egiten badira:

1.– Udal-hondakinak badira: 15 euro tona metrikoko.

2.– Udal-hondakinen errefusak badira: 10 euro tona metrikoko.

3.– Aurreko 1. eta 2. zenbakietan adierazitakoak ez bezalako hondakinak badira: 4 euro tona metrikoko.

f) Hondakinak errausteko beste instalazio batzuen kasuan:

1.– Udal-hondakinak badira: 20 euro tona metrikoko.

2.– Udal-hondakinen errefusak badira: 15 euro tona metrikoko.

3.– Aurreko 1. eta 2. zenbakietan adierazitakoak ez beste hondakin batzuk badira eta horiei ez bazaie egin Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinetan R02, R03, R04, R05, R06, R07, R08, R09, R12, D08, D09, D13 eta D14 gisa kodetutako tratamendu-eragiketarik: 5 euro tona metrikoko.

4.– Bestelako hondakinak badira: 3 euro tona metrikoko.

g) Hondakinen koerrausketarako instalazioetan koerraustutako hondakinen kasuan: 0 euro tona metrikoko.

11. artikulua.– Zerga jasanaraztea.

1.– Zergadunen ordezkoek sortzen diren kuoten zenbatekoa jasanarazi beharko diete zergaren zergadunei, eta azken horiek behartuta egongo dira kuota horiek jasatera. Jasanarazpena ezin izango da exijitu Administrazioak egindako likidazioen kasuan eta zergadunak berak dagokion autolikidazioa aurkeztu behar duenean.

2.– Sortutako kuotak fakturan jasanaraziko dira, bertan jasotzen diren gainerako kontzeptuetatik bereizita.

12. artikulua.– Zergaren kudeaketa.

1.– Zergadunaren ordezko diren subjektu pasiboek, edo, hala badagokio, zergadun direnek, hiruhileko natural bakoitzean sortutako kuotak jasoko dituen autolikidazio bat aurkeztu behar dute, bide elektronikoz, hiru hilean behin, eta harekin batera, zerga-zorra ordaindu, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuaren foru-aginduz ezarritako ereduan, epeetan eta baldintzetan.

2.– Aurreko 1. apartatuan ezarritakoaren arabera autolikidazioak aurkeztera behartuta dauden zergapekoak, jarduera hasi aurretik, hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zergaren lurralde-erregistroan inskribatu beharko dira erregelamenduz ezarriko diren terminoetan.

Zerga honi lotutako zergapekoen errolda eta horiek lurralde-erregistroan inskribatzeko prozedura Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuaren foru-agindu bidez arautuko dira.

3.– Zabortegiak edo errausketa- edo koerrausketa-instalazioak kudeatzen dituzten subjektu pasiboek erregistro datatu bat eraman beharko dute, erregelamenduz ezarriko den moduan, utzitako, erraustutako eta koerraustutako hondakinei buruz. Betebehar hori betetzat joko da Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan aipatzen den artxibo kronologikoa eramaten bada.

4.– 10. artikuluko d) eta e) letretan ezarritako zerga-tasak aplikatzeko, hondakinak errausteko instalazioen kudeatzaileek beren esku eduki behar dute autonomia erkidegoak egindako jakinarazpena, non adierazi behar baita energia-efizientziaren balioa zein den eta eragiketa D10 edo R01 gisa sailkatuta dagoen; hori guztia, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Industriako isurketen Erregelamenduak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duenak, 40.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

5.– Zergadunen ordezkoen obligazioa da utzitako, erraustutako edo koerraustutako hondakinen pisua pisaketa sistema homologatuak erabiliz egiaztatzea, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 14.1.b) 5 artikuluan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Industriako isurketen Erregelamenduak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duenak, 30.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ondorio horietarako, zergadunen ordezkoek behar bezala ziurtatutako pisaketa-mekanismoak instalatu eta mantendu behar dituzte.

13. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

1.– Artikulu honetan jasotzen den xedapen berezia alde batera utzi gabe, zerga honekin lotuta egiten diren arau-hausteak kalifikatzeko eta zehapenak ezartzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) eta hura garatzen duten gainerako xedapenak aplikatuko dira.

2.– Zerga-arloko arau-haustea izango da hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zergaren lurralde-erregistroan ez inskribatzea.

Zehapena 1.000 euroko diruzko isun finkoa izango da.

Kasu horretan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 192. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hondakin industrial jakin batzuei aplikatu beharreko araubidea.

Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea indarrean jarri eta hurrengo hiru urteetan, zerga honetatik salbuetsita egongo da hasierako ekoizleak bere instalazioetan dauden zabortegietan hondakin industrial ez-arriskutsuak entregatzea, instalazio horiek bere titulartasunekoak eta bere erabilera esklusiborako badira.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hondakin jakin batzuei 2023an eta 2024an aplikatu beharreko zerga-tasak.

Foru-dekretu arauemaile honen 10. artikuluko a) 4 letran aurreikusitakoa gorabehera, tona metriko bakoitzeko bertan aurreikusitako 20 euroko zerga-tasa 10 eurokoa izango da 2023rako, eta 15 eurokoa 2024rako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Beste xedapen batzuen indarraldia.

Foru-dekretu arauemaile hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarrean jarraituko dute hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga garatu eta aplikatzeko Gipuzkoako Lurralde Historikoan eman diren xedapen guztiek, eta, bereziki, apirilaren 5eko 153/2023 Foru Aginduak, «Hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga. Autolikidazioa» izena duen 593 eredua onetsi, hura aurkezteko era eta prozedura ezarri eta zergaren zergapekoak lurralde erregistroan inskribatzeko modua arautzen duenak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Diputatuen Kontseiluari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuari baimena ematen zaie foru-dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru-dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, Ekonomia Itunaren hamaikagarren xedapen iragankorrean xedatutakoa eragotzi gabe.

Donostia, 2023ko maiatzaren 9a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala