Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2023ko maiatzaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2093

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Muskizko hondakin-uren araztegitik itsasorako hoditeriaren trazatu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita. Proiektua Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak sustatu du, Muskiz eta Zierbenako udal-mugarteetan (Bizkaia).

AURREKARIAK

2022ko abenduaren 30ean, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko Muskizko hondakin-uren araztegitik itsasorako hoditeriaren trazatu-proiekturako, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko urtarrilaren 10ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E. eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan». Proiektuaren arabera, Muskizko araztegiko efluentearentzat hoditeria berria egingo da, itsasorako isurketa-gunea Barbadun ibaiaren ezkerraldetik beste leku batera eramateko. Trazatua gainjarri egiten zaio neurri batean «Barbadun ibaian» (ES2130003) kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) babes-eremu periferikoari.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo horrek baitu horretarako eskumena, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Muskiz eta Zierbenako udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatu duen Muskizko hondakin-uren araztegitik itsasorako hoditeriaren trazatu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea.

A) Proiektuaren xedea da Muskizko araztegiko efluentearentzat hoditeria berriaren trazatua zehaztea, itsasorako isurketa-gunea Barbadun ibaiaren ezkerraldetik beste leku batera eramateko. Muskizko araztegiaren isurketa-gunea ingurumen aldetik hain sentikor ez den eta isurketa diluitzeko gaitasun handiagoa duen leku batera eramanda, nabarmen hobetuko da Barbadun ibaiaren estuarioko eta La Arenako hondartzako uren kalitatea.

B) Muskizko hondakin-uren araztegitik itsasorako hoditeriaren trazatu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiria aztertu da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da Muskizko araztegiko efluentearentzat hoditeria berriaren trazatua zehaztea, itsasorako isurketa-gunea Barbadun ibaiaren ezkerraldetik beste leku batera eramateko. Efluentea «La Cueva» izeneko leize naturalean isuriko da, Petronorrek Bilboko portuaren barruan, Luzueroko industria-instalazioetan esparruan. Leize hori itsasoarekin lotuta dago, zuzenean, eta gaur egun Petronorrek hortxe isurtzen ditu industriako hondakin urentzako duen araztegiko efluentea.

Muskizko araztegiaren isurketa-gunea ingurumen aldetik hain sentikor ez den eta isurketa diluitzeko gaitasun handiagoa duen leku batera eramanda, nabarmen hobetuko da Barbadun ibaiaren estuarioko eta La Arenako hondartzako uren kalitatea.

Muskizko araztegiko itsasorako hoditeriarentzat zehaztu den trazatuak hartzen duen eremuak bat egiten du Petronorrek duen hodi-sorta batekin. Hodi horiek petrolio-findegia Luzueron dituzten instalazioekin lotzen dute eta 20 m-ko zabalera duen zorgune bat dute. Bestetik, Petronorrek poliduktu hori handitzeko asmoa du, zorgunearen barruan hodi gehiago jarrita. Horiek horrela, BBUPek eta Petronorrek akordio bat sinatu dute, araztegiko hondakin uren hoditeriaren proiektua Petronorren hodi-sorta handitzeko proiektuan integratuko dadin eta bi proiektuak modu koordinatuan egin daitezen, nahiz eta lizentziak eta baimenak erakunde bakoitzak bere aldetik kudeatu.

Muskizko araztegiko hoditeriak 560 mm-ko diametro nominala du eta 2.853 m-ko luzera; Muskiz eta Zierbena udalerriak zeharkatzen ditu, eta, ibilbidearen zati handi bat, Petronorren poliduktuaren zorgunearen barruan egiten du, hodi-sortaren ezkerreko aldetik, nahiz eta zatiren batean eskuineko aldera pasatu behar izan, gure kritikoren bat saihesteko edo behar adina leku ez dagoelako.

Hoditeria berriarentzat zehaztutako trazatuan, bi tarte nagusi bereizten dira: lehenengo mikrotunel bat dator 0+000 kp (Muskizko araztegia) eta 0+720 kp-en artean. Zati horretan, lurzoruan izango duen eragina eraso-putzuetara eta hartze-putzura mugatzen da. Hoditeriaren bigarren tartea, 0+720 kp eta 2+800 kp-en artekoa, poliduktuaren zorgunearen barrutik doa. Asmoa da zanga baten barruan sartzea, baina zati batzuetan Petronorren hodien azpitik igaro beharko da, eta horrelakoetan hodia tinkatu egingo da.

Zehatzago deskribatzekotan, tarte hauek bereizten dira:

1.– Muskizko araztegiaren eta Petronorren findegiaren arteko tartea. 0+000 kp-tik 0+308 kp-ra.

Tarte horrek 308 m-ko luzera du, eta hodia Barbadun ibaiaren azpitik igaroko da, tinkatuz.

Hoditeriak 1.800 mm-ko diametroa izango du, araztegiko efluentearen hodiaz aparte, diametro berbera izango duen beste hodi bat ere sartuko baita edateko uren araztegiko ura eramango duena Petronorren instalazioetan berrerabiltzeko.

Eraso-putzuak eta tinkaren irteera putzua Muskizko hondakin uren araztegiaren eta Petronorren findegiaren instalazioen barruan jarriko dira.

2.– Petronorren findegiaren eta BI-2794 errepidearekiko bidegurutzearen arteko tartea. 0+308 kp-tik 0+720 kp-ra.

Tarte horretan, hodia tinkatuta sartuko da 0+308 kp-tik 0+720 kp-ra, trazatuak, poliduktua bi lekutan zeharkatu behar izateaz aparte, Kardeo ibaia, BI-2794 errepidea eta Exolum (CLH) lantegia izandakoaren instalazio zaharrak zeharkatu behar baititu.

Tinkatze-lanak egiteko eraso-putzua findegiaren barruan dago eta irteera-putzua, berriz, tartearen amaieran; baina 0+720 kp-an dagoen putzua ere erabili ahal izango da eraso-putzu gisa.

Tinkatze bidez egingo den tarte horrek, aurrekoak bezala, 1.800 mm-ko diametroa izango du, obra beste bi hodi instalatzeko ere erabiliko baita: BBUPena eta Petronorren hodi berria, enpresaren hondakin-urak isurtzeko egungo hodia ordezkatuko duena.

3.– BI-2794 errepidearekiko bidegurutzetik BI-3794 errepidearekiko bidegurutzerainoko tartea. 0+720 kp-tik 1+320 kp-ra.

0+720 kp-tik hasi eta BI-3794 errepidearekiko bidegurutzeraino, 1+320 kp-eraino, hoditeria zanga baten barruan joango da, Petronorren poliduktuaren ezkerreko aldetik, 0+969 kp eta 1+093 kp-en artean izan ezik, zati horretan bi bide eta La Arenako guneko bolatokia gurutzatu behar dituenez, mikrotunelagailuaren bidez tinkatuko den hormigoizko hodi baten barruan sartuko baita. Tinkatuta egingo den zati horrek 124 m-ko luzera izango du, eta eraso-putzua, zehazki, 0+969 kp-an jarriko da.

4.– BI-3794 errepidearekiko bidegurutzetik Bilboko kanpoko porturainoko (Punta Luzuerorainoko) tartea. 1+320 kp-tik 2+750 kp-ra.

1+320 kp-an, BI-3794 errepidea gurutzatzeko zanga bat egingo da, eta 1+330 kp-tik aurrera, hoditeria Bilboko portura doan errepidearen pare-parean joango da.

Tarte horretan, poliduktua gurutzatu beharko da zenbait lekutan; lehendik dauden hodien sakonerak uzten badu, zanga baten bidez, eta, bestela, lurpeko zulaketa-bidez, hodien azpitik.

5.– Bilboko kanpoko portu barruko tartea, itsasoan (Luzueron) hustu artekoa. 2+750 kp-tik itsasoan hustu artekoa.

Hondakin-uren hodiek zanga baten barruan zeharkatuko dute Bilboko portua, 2+765 ko-ra iritsi arte, eta hor, balbula-kutxatila bat jarriko da. Hor amaituko da presioan joango den tartea.

2+785 kp-tik «La Cueva» izeneko lubakian itsasora hustu arteko tartea, hoditeria airean joango da eta grabitate-indarrak eramango ditu hondakin-urak.

Laburbilduz, proiektatutako 1.941 m-ko zatia zanga barruan joan da, 844 m tinkatuta eta 68 m airean.

Obra egiteko, 6 gune aurreikusi dira obrarako instalazio osagarriak jartzeko eta materiala metatzeko, eta neurri handi batean lehendik erasanda edo zolatuta dauden inguruak baliatuko dira.

Zortasunak eta aldi baterako okupazioak.

Muskizko hondakin-uren araztegiko isurketetarako hoditeria jartzekotan, 5 m-ko zabalera izango duen zortasun iraunkorra ere ezarri behar BBUPen alde, hodiaren ardatza bera erdian duela, mantentze-lanak egin ahal izateko, Petronorren poliduktuarenetik guztiz independentea. Muskizko hondakin-uren araztegiaren zorgunea, trazatuaren zatirik handienean, Petronorren zorgunearen barruan sartzen da; baina zenbait zatitan Petronorrenaren mugak gainditzen ditu.

Obrak egin ahal izateko, poliduktuaren egungo zorguneaz aparte beste eremu batzuk ere okupatu beharko dira aldi baterako; batzuk, zangak egiteko obra-makinak zirkulatzeko baliatuko dira; eta, beste batzuk, hoditeria jartzeko behar diren materialak pilatzeko. Obra egin ahal izateko, guztia, 86.181 m2-ko eremua okupatuko da aldi baterako, eta horietatik 17.522 m2, poliduktuaren egungo zorgunetik at geratzen dira.

Hondakinen sorrera.

Hondakinen sorrerari buruzko azterlanaren arabera, sortutako hondakin gehienak hondeaketetakoak dira. Kalkulatzen da lur-mugimenduen ondoriozko soberakinak 2.819,69 m3 egingo dutela, eta horietatik, 2.669,69 m3 baimendutako betelan batera eramango dira, eta, gainerakoa, 150 m3 hondakin ez-arriskutsuen zabortegira.

Beste hondakin aipagarri batzuk zulaketetako bentonitazko lohiak ditugu. Kalkulatzen da 1.537 m3 egingo dutela.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Hoditeriaren trazatuaren zati batek bat egiten du neurri batean «Barbadun itsasadarra» (ES2130003) kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) babes-eremu periferikoarekin. Esandako KBEa «Barbadun itsasadarra» (A1B1) hezegunearekin gainjartzen da. Hezegune hori xehetasunez antolatuta dago EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialean eta haren azalera KBEarena baino handiagoa da; izan ere, itsasadarra eta ILJPtik errekan gora dauden lurzati mugakideak hartzen ditu barnean.

Barbadun itsasadarra eta hezegunea KBEarekin partzilaki gainjartzen diren intereseko beste naturagune batzuk: «Pobeñako padurak eta la Arena hondartza» eta «Zierbena ingurua», bi-biak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan definituriko azpiegitura berdean sartutakoak.

Proiektua «La Arenako hondartza eta dunak» interes geologikoko lekuaren (IGL) eragin-eremuan ere sartzen da..

Proiektuaren araberako trazatuak hiru ibilgu gurutzatuko ditu: Barbadun itsasadarra, Juenes errekastoa eta Kardeo ibaia; azken bi horiek Barbadun itsasadarrean isurtzen dituzte urak.

Ingurumen arloko dokumentuak hondakin-uren araztegiko efluentearentzako isurketa-hoditeriak erasango duen eremuari buruzko azterlan botaniko xehatua hartzen du; iturri bibliografikoetan oinarritutako aurretiazko azterlan bat egin da (hoditeria erdigunean hartzen duen 300 m-ko zabalerako zerrenda bati buruzkoa) eta poliduktuaren zorgunearen prospekzio exhaustibo bat ere bat. Laginketak egin direnean, katalogatutako espezieen aleak geolokalizatu egin dira, eta arreta berezia jarri da Ononis ramosissima espeziearen presentzian. Halaber, inbentariatu egin dira landare-espezie inbaditzaileak aurkitutako inguruak, Batasunaren intereseko habitatak eta obren erasana jasan dezaketen zuhaitz aleak. Azterlan botaniko horren arabera, trazatuak Batasunaren intereseko habitata hauek zeharkatuko ditu, Geoeuskadik definituriko habitat-kartografia aintzat hartuta:

– 1130 Estuarioak (horren barruan sartzen dira 1140, 1310 eta 1420 habitatak).

– 4040* Erica vagans duten kostaldeko txilardi lehor atlantikoak. (Lehentasunezko habitata).

– 6210* Belardi lehor erdinaturalak eta sastrakadietako fazieak.

– 1230 Atlantikoko eta Baltikoko kostaldeetako landaredia duten itsaslabarrak.

Aurrekoa gorabehera, landa-lanen arabera, azterlan botanikoan ondorioztatu da ez dagoela 6210* eta 1230* habitatik, ez baitago habitat horien adierazgarri zango diren espezierik.

Proposatutako trazatutik gertu, babestutako zenbait landare-espezie daude, Barbadun itsasadarreko duna eta padurekin eta itsaslabarrekin lotuta daudenak, hala nola Chamaesyce peplis, Zostera noltii eta Olea europaea var. Sylvestris. Espezie horiek berreskuratzeko eremuak daude, proiektutik gertu, baina proiektuaren afekzio-eremutik kanpo.

Ingurumen-arloko dokumentuaren arabera, sustatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiari egindako kontsulten ondoren, ikusi da leku batzuetan Ononis ramosissima agertu dela trazatutik gertu, Lastron hondartzarako bidean. Espezie horia Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan ageri da, «Kaltebera» kategorian. Landa-lanaren barruan, zorgunetik hegoaldera ale-multzo batzuk baino ez dira atzeman, 100 metro ingurura, eta zorguneari gainjartzen zaion orban txikia Lotus corniculatus espezieko aleek sortutakoa da, ez Ononisek sortutakoa.

Proiektuaren afekzio-eremuaren barruan, poliduktuaren zorgunearen barruan, Pistacia lentiscus espeziearen 3 ale aurkitu dira. Espezie hori «interes bereziko» kategorian agertzen da Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan. Zehazki hoditeriaren trazatutik 10 eta 15 metroko tartean daude, eta hortaz, babestu eta behar bezala seinaleztatu beharko dira, obren fasean kalterik ez eragiteko.

Proiektuaren eragin-eremuan, ezki, makal, ereinotz, intsusa, sahats eta tamarindoak eta lizar bat ere badaude; gehientsuenak apaingarritarako landatuak. Landare-espezie inbaditzaile eta apaingarrik osatutako orban asko identifikatu dira: kanabera (Arundo donax), Dittrichia viscosa, Dorycnium rectum, panpa-lezka (Cortaderia selloana), Cotoneaster lacteus, Amaranthus retroflexus, Paspalum dillatatum, pikondoa (Ficus carica), gerezi-aranondoa (Prunus cerasifera), udareondoa (Pyrus communis), estramonioa (Datura stramonium), San Jorge lorea (Centranthus ruber) eta mahatsondoa (Vitis vinífera).

Barbadun itsasadarra KBEan handia da interes bereziko faunaren presentzia, batez ere itsas-paduretako komunitateekin lotutako hegaztiak. Hondakin-uren hoditeriak gurutzatuko dituen ibai eta errekak bisoi europarraren hedapen-arlo potentzialak dira kudeatzeko bisoi europarra kudeatzeko planaren arabera (118/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik); baina ingurumen-dokumentu horren arabera aukera gutxi dago espezie hori azterlanak hartzen dituen ibai-zati horietan agertzeko, aurreko urteetan inork ez baitu halakorik aipatu. Gainera, azterlanak hartzen duen eremua oso dago antropizatua, eta errekak ez dira batere iragazkorrak espezie horrentzat, errepide asko baitago.

Hoditeriaren trazatua leku batzuetan itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren eta horren babes-zorgunearen barruan sartzen da. Itsasertzaren babes eta antolamendurako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, hoditeriak «nekazaritza nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko» eta berreskuratzeko eremu narriatu gisa katalogatutako eremuak zeharkatzen ditu, eta babes zorrotz bereziko gisa jotako zona batzuen muga-mugan doa.

Ingurumen-dokumentuari azterlan arkeologiko xehatua erantsi zaio. Azterlan horretan 300 m-ko banda batean dauden kultura-ondareko elementuen informazio bibliografikoa bildu da eta hoditeriaren trazatuaren bi albotara 50 m-ko bandan prospekzio bisual xehatua ere egin da.

Hondakin-uren hoditeriak kostako Donejakue bidea zeharkatuko du, Monumentu-multzo gisa kalifikatutako kultura-ondasuna (EHAA, 19. Zk., 2012-01-27) eta era berean, La Arenako bolatoki ere zeharkatzen du, eta proposamena eginda dago, elementu hori oinarrizko babesa duen kultura-ondasun deklaratzeko. Bi kasuetan, hoditeria tinkatuz gurutzatuko dira elementu horiek, eta, hortaz, ez da aurreikusten inolako kalterik eragitea kultura-ondarearen bi elementu horietan.

Katalogatu gabeko kultura ondarea behar bezala babesten dela bermatzeko, ingurumen-dokumentuak aurreikusi du zangak irekitzeko lanek dirauten bitartean hondeaketen jarraipen eta kontrol arkeologikoa ere egitea.

Hoditeriaren trazatuak zeharkatuko dituen lurrak oso kalteberatasun-maila baxua edo atzemateko modukoa ez den kalteberatasuna erakusten dute akuiferoen kutsadurari dagokionez. Kalteberatasun ertaina duten zona bakarrak La Arena hondartza eta dunen inguruan daude.

Lurzoru potentzialki kutsatuei dagokienez, 3 lurzati daude trazatuarekin bat egiten dutenak, eta beste 2 gertu daudenak.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektuaren inpaktu nagusiak obra-fasean gertatuko dira eta, zehatzago esanda, hondakin-uren hoditeria berria hartuko duten zangak egitekoan sortuko dira. Lan horien ondorioz, baliteke Barbadun estuarioko uren kalitatea gutxitzea, lurrak mugitutakoan solido esekiak ugaritu egingo baitira eta gerta liteke gainera, erabilitako makinetatik ezbeharrez ere zerbait isurtzea errekara. Hondakin-uren hoditeriaren hasierako zatiak «Barbadun itsasadarra» ES2130003 KBEa hasten den lekuan errekan gora gurutzatuko du Barbadun ibaia, eta trazatuaren zati batek bat egingo du babes Eremu Periferikoarekin. Horiek horrela, obra-fasean gerta liteke KBEko intereseko habitatak eta espezieak erasatea.

Ingurumen-dokumentuan Natura 2000 Sarean izango dituen ondorioei buruzko txostena ere jaso da. Txosten horren arabera, trazatuak bat egingo du Batasunaren intereseko habitat hauekin:

– 1130 BIH Estuarioa.

– 1140 BIH. Itsasbeheran, urez estalita ez dauden lautada lohitsu edo hareatsuak eta 1330 Paduretako belardi-ihidi halofiloak.

– 1310 BIH. Urteroko landaredi aitzindaria, Salicornia generoko espezieez eta eremu lohitsu eta hareatsuetako beste espezie batzuez osatua.

– 1420. Sastrakadi halofilo mediterraneoak eta termoatlantiarrak: (Sarcocornietea fruticosi).

Habitat horiek ez dute zuzeneko erasanik izango, landare horiek dauden zatietan mikrotunela zulatuko delako hoditeria pasatzeko. Estuariora ustekabean egin daitezkeen isurketen ondoriozko zeharkako erasanei dagokienez, ingurumen-dokumentuaren arabera ez dira esanguratsuak izango, eraso-putzuak eta tinkatze-lanen irteera Barbadun ibaiaren ibilgutik urrun eta zolatutako inguruetan daudelako. Era berean, instalazio osagarriak eta material metaketak itsasadarretik urruti dauden zolatutako eta iragazgaiztutako inguruetan egingo dira, eta, hortaz, eraginik izateko aukera oso apala da.

Horiek horrela, ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak ez die modu ez hautemangarrian ez nabarmenean eragingo Natura 2000 Sareko espazio horri, eta ez dio Natura 2000 Sarearen osotasunari eta koherentziari ere eragingo.

Esan bezala, hoditeriak Kardeo eta Juenes errekak ere gurutzatuko ditu (bi-biak Barbadun ibaian isurtzen dituzte urak), eta erreka horietan ustekabeko isurketarik edo solido esekiak ekarriko dituen ezer botatzen bada, horrek Barbadun ibaiaren KBEari eragin diezaioke. Kardeo erreka gurutzatzeko lanak tinkatze bidez egingo dira, eta eraso-putzua eta irteerakoa ur-ibilgutik urrun kokatuko dira. Juenes erreka gurutzatzeari dagokionez, eskora-oholtza baliatuta zanga bat egingo den arren, hoditeriak gurutzatu behar duen inguru horretan lurperatuta doa eta erreka bideratzen duen kaxoi horretara ustekabean ezer ez isurtze aldera, metro 1eko tartea utziko da kaxoi horren eta BBUPen hoditeria berriaren artean. Horregatik, ez da zuzeneko eraginik izango erreka horien uren kalitatean eta, ezarriko diren babes-neurriek, hala nola jalkinei eusteko oztopoak, minimizatu egingo dituzte ibilgu horiek jasan dezaketen eragina.

Barbadun ibaiaren beheko zatiak Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialak babes bereziko gisa kalifikatutako zona bat zeharkatzen du, zehazki, EP-2: «Barbaduneko padurak eta hareatzak» LPSak, erabilera eta jardueren erregulazioko matrizean, onargarritzat jotzen du babes bereziko eremuetan zulaketa bideratura edo tinkatze horizontalera jotzea.

Proiektua gauzatzeko obretarako aldi baterako okupazioak egingo dira (guztira 86.181 m2-ko eremu batean; horietatik, 17.522 m2, poliduktuaren egungo zorgunetik at). Aldi baterako okupatutako lur horietan, landareak kendu egingo dira eta zorua trinkotu egingo da, makinen joan-etorriaren eta materialaren pilaketaren ondorioz. Obrengatiko aldi baterako okupazio horiek neurri handi batean lehendik ere degradatutako eta giza jarduerak eraldatutako eremuetan egingo dira (hiri-lurzorua, eremu antropizatu edo degradatuak, espezie inbaditzaileak, tratatutako belardi artifizialak, baratze- eta apaindura-erabilera pribatuak, eta belardi erdinatural zapalduak); guztira okupatuko den eremuaren % 63 hartzen dute, eta gainerako okupazioak ere formazio natural edo erdinatural nahiko degradatuetan edo kontserbazio-egoera edo adierazgarritasun optimotik urrun daudenetan izango dira. Aipatzekoa da 4040*BIHak (Erica vagans landarea duten itsasertzeko sastrakadi-guneak) izango duen erasana, oso kontserbazio-egoera onean baitago, sastrakadi-egitura sendoa eta habitat horrek berezkoak dituen espezieak dituena; baina, edonola ere, Lastron hondartza gainean dagoen gune txiki batera mugatzen da. Eraginpeko eremu hori (398 m2) murriztu egingo da gainera, orografia aldetik dauden mugengatik (aldapa nabarmen handitzen da eta ez da oso bideragarria makina astunek okupatzea) eta lahardi eta espezie inbaditzaileek osatutako zerrenda bat dagoelako (eta obrarako aldi baterako okupazioak hortxe izango dira, ereindako belardi erdinaturaletan) argi eta garbi bereizten duen egungo poliduktuaren okupazio eremua aldapa piko-pikoan dauden itsaslabarretako txilardietatik.

(Ikus .PDF)

Eragin positibotzat azpimarratu behar da hoditeria berriarekin estuarioko eta La Arena hondartzako bainu-lekuko uren kalitatea hobetu egingo dela, hondakin-urak isurtzeko puntua urrundu egingo delako eta Luzueroko harkaitzen inguruan isuriko delako, eta hor itsasertzeko ur-masa gehiago mugitzen delako eta efluenteak pilatzeko arriskua gutxitzen duelako. Aztertutako dokumentazioaren arabera, aurretiazko azterlanak egin dira, Muskizko hondakin-uren araztegia handitu eta hobetzeko proiektuarekin ere lotuta daudenak, eta itsasora isuriko diren hondakin urek indarrean dagoen legerian ezarritako mugak beteko direla erakusten dute. Edonola ere, behar-beharrezkoa izango da Uraren Euskal Agentziaren hondakin-urak isurtzeko nahitaezko baimena eskuratzea.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan eragin negatibo nabarmenik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Muskizko araztegiko hondakin-urak itsasora isurtzeko hoditeriaren proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-dokumentuan eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Hoditeriaren trazatuaren zati bat neurri batean gainjarri egiten zaio «Barbadun itsasadarra» (ES2130003) kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) babes-eremu periferikoari. Proiektuak kontuan izan beharko ditu Eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzeko urriaren 16ko 215/2012 Dekretuan ezarritako erabakiak.

Bai obrak bai lurzorua okupatzen duten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

Obrei ekin aurretik, obrek aldi baterako okupatuko duten lekuan (zangak egingo dituzten obretako makinak zirkulatzeko pista eta materialak eta instalazio osagarriak pilatzeko lekuan) zuinketa egingo da eta balizak jarriko dira, eta ezin izango da obrarekin lotutako inolako jarduerarik egin muga horietatik kanpo. Trazatuaren gune sentikorrenak (itsasoko eta lehorreko jabari publikoaren eta jabari publiko hidraulikoaren zorguneak, Batasunaren intereseko landaredi eta flora mehatxatua eta kostako Donejakue bidearen zatia) babesteko aparteko zedarritze-lana egingo da. Seinaleztapen hori behar bezala mantendu behar dira obrek irauten duten bitarte osoan.

Obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak, makinak gordetzeko guneak eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne, ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira. Ahalegin berezia egingo da, zuzenean edo zeharka, intereseko landare eta florari (Batasunaren intereseko habitatak eta flora katalogatua), ur-azaleko ur-ibilguei eta hezeguneei eragin diezaioketen lokalizazioak saihesteko.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

Landaredi autoktonoa kentzea eta/edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrei ekin aurretik, obren eragina jasan dezan dezaketen eta poliduktuaren zorgunearen barruan ikusitako Pistacia lentiscus landare-aleak eta, ingurumen-dokumentuaren arabera kontserbatu behar diren neurri handiko beste zuhaitz-ale batzuen mugaketa zehatza eta bereziki babesteko zedarritze-lanak egingo dira. Obrek irauten duten bitartean behar bezala babestuko dira ale horiek, kolpeak eta sustraiei eragitea ekiditeko.

Obren aldi baterako okupazio-eremuan Ononis ramosissimaren alerik hauteman ez den arren, azterlanak hartu duen eremuan bada aleren bat. Beraz, obra egin aurreko zuinketa-lanetan arreta berezia jarriko da, halakorik aurkitutakoan bereziki babesteko balizak jartzeko edo, ezinezkoa bada eragina saihestea, eremu seguru batean birlandatuko dira.

Jarduera horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honen 11 puntuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak.

Obrak hasi aurretik, obren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Arundo donax edo beste batzuk).

Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Gainera, lurren jatorria kontrolatu beharko da; bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren kasuan. Ahal dela, ez da erabiliko espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon litekeen lurrik.

Mozte- eta eskokatze-lanei ekin eta obrako makinak sartu aurretik, ingurumen-dokumentuan zehaztutakoari jarraituz, fauna-aditu batek trazatu osoa miatuko du faunaren gordelekurik, habiari, babeslekurik edo etzalekurik baden ikusteko. Aztarnarik aurkituz gero, jakinaren gainean jarri beharko da Bizkaiko Foru Aldundia, zer egin behar den esan dezan.

Eraikuntza-faseak irauten duen bitartean fauna txikia hodi eta zangetan harrapatuta gera ez dadin, egunero-egunero ikuskatuko dira. Gainera, libre dauden hodi-muturrak hermetikoki itxiko dira tapoiekin, lanaldiaren amaieran.

Aktibo daude obra-guneetan, plastikozko banda bat jarri beharko da anfibioak desbideratzeko eta zangara eror daitezen ekiditeko. Gainera, bandaren amaieran anfibioak biltzeko balde bat jarriko da, eta adituak egunero begiratuko dute ezer dagoen. Baldean anfibiorik badago, hartu eta inguruko toki egokiren batera eramango dira. Babes-bandak eta baldeak Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak 2015ean onartutako Faunarentzako pasabideen eta perimetro-hesien diseinurako preskripzio teknikoetako 11. fitxan ezarritako premisak bete beharko dituzte.

Azkenik, Rhinolophus ferrumequinum saguzarrarentzako habia kutxak eta intsektu polinizatzaileentzako hotelak jartzeari buruz ingurumen-dokumentuan definituriko proposamenak burutuko dira.

2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Proiektu hau gauzatzeko egin behar den edozein jarduketa motatan, kontuan hartu beharko dira uren arloan eskumena duen erakundeak prozedura aplikagarrien esparruaren barnean egin dituen txostenetan ezarritako kondizioak. Horri kalterik egin gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

Ingurumen-dokumentuan esandakoarekin bat, Barbadun eta Kardeo ibaiak gurutzatzeko zulaketa horizontal bideratuaren metodoa baliatuko da. Eraso- eta irteera-putzuak ibilguetatik urrun kokatuko dira, inguru zolatuetan.

Juenes erreka gurutzatzeko berriz, ibilgua gurutzatu behar den inguruan lurperatua doanez, zanga bat egingo da, eskora-oholtzarekin. Erreka bideratzen duen kaxoian ustekabeko kalterik ez eragiteko, metro 1eko tartea utziko da kaxoi horren eta hoditeria berriaren artean.

Obra-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean botatzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

Zulaketa horizontaletako hondeaketetako urak eraso-putzuen ondoan egingo den tratamendu-araztegi batera eramango dira. Lohiak dekantatu eta kontzentratzeko prozesuen ondoren, urak jalkinak bereizteko lekura eramango dira, eta lohi mamituak deshidratatu egingo dira, ondoren ebazpen honen 6. puntuan ezarritako baldintzen arabera kudeatzeko.

Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira, Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen 6. puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko dira; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko eremua isolatu egingo dira drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

Edonola ere, Jabari Publiko Hidraulikoa edo hari lotutako babes-eremuetan egiten diren edo korronte-erregimenean eragina duten jarduketek bai eta itsasoko eta lehorreko jabari publikoaren zorgunean egiten direnek URA - Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko dute. Erakunde horrek obren ezaugarriak eta eraginak zehatz-mehaz aztertuko ditu eta, behar izanez gero, dagozkion zehaztapenak ezarriko ditu.

3.– Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

Lur-mugimenduak dauden bitartean, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen leheneratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

4.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Hoditeriaren trazatuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den 3 lurzati daude (kodeak: 48071-00045, 48071-00004 eta 48913-00006). Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluan ezarritakoa betetzeko, kutsatutako lurzoruetan hondeaketa-lanik egin behar bada, hondeatutako materiala bereizi egin beharko dira kudeatu edo berrerabili baino lehen. Hondeaketa-lana horietatik ateratako materialak, zolatak barne, 500 m3ko bolumena gainditzen duenean, nahitaezkoa izango da gaika hondeatzeko plan bat aurkeztea, lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko baimena duen entitate batek egina. Planak Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean deskribaturiko edukia jaso beharko du eta ingurumen-organoak onartu beharko du lanei ekin aurretik.

Hala ere, aurrekoa ezertan eragotzi gabe, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu argirik agertzen bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

5.– Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.

Egikaritze-fasean zehar, zarata gutxitzeko jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira lekuan bertan, ordutegi-mugei eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrei dagokienez; batez ere, biztanleguneen inguruan egiten diren lanetan.

Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makinak kanpoaldean erabilitako makinen soinu emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenei lotu behar zaizkie eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoari ere bai.

Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan ez dira gaindituko, obrek sortutako zarataren ondorioz, kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak.

Horri dagokionez, obren aurreikusitako iraupena (sei hilabetetik gorakoa) kontuan hartuta, aipatu dekretuaren 35.bis artikuluan aurreikusitakoa aplikatu behar da, eta, beraz, obrak hasi aurretik, inpaktu akustikoaren azterketa bat egin beharko da, eta hartan zehaztuko dira obrak egin bitartean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko kontuan hartu beharreko neurriak.

6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta z eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, sortutako lur-mugimenduen balantzeak 2.669,69 3-ko soberakina ematen du, eta hori obren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalak direnez, ukitutako lursaila morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren betelanetara bota beharrean, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Zehazki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

7.– Kutsadura atmosferikoa minimizatzeko eta airera ahalik eta hauts gutxien botatzeko neurriak.

Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatu egingo dira.

Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko zonak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira, hala badagokio.

8.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Proiektuko hoditeriaren trazatua La Arenako hirigunean kokatutako kultura-ondareko bi elementurekin gainjartzen da: Monumentu Multzoa kategoria duen Donejakue Bidearen kostako zatia babes bereziko kultura-ondasuna eta «Bolatokia» tokiko babes-maila eskuratzeko proposaturikoa. Proiektuaren eraginpean geratzen diren elementuen osotasuna babesteko tinkatze bidez egingo da gurutzaketa.

Aurrekoa gorabehera, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

9.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren okupazio-mugen kontrola.

– Arriskuan dauden flora- eta fauna-espezieen, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitaten eta Natura 2000 Sareko Barbadun itsasadarra KBEko (ES2130003) espazioaren gaineko eraginen kontrola.

– Hondakinen isurketa eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuaren eraginpeko herrigunean bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

10.– Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

11.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Muskiz eta Zierbenako udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatu duen Muskizko hondakin-uren araztegitik itsasorako hoditeriaren trazatu-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 30a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala