Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2023ko apirilaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1716

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 27koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, 2023an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Auzolandegiak programako plazen deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak gazteria-politikaren arloko eskumen osoa du. Bestalde, lehendakariaren irailaren 23ko 18/2022 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua bigarrenez aldatzen duenak, Lehendakaritzari esleitzen dizkio gazteriaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.

Lehendakariaren otsailaren 8ko 4/2023 Dekretuaren bidez, lehendakariak Lehendakaritzako idazkari nagusiari eginkizunak eskuordetzan ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren gazte-boluntariotzako esparruko «Auzolandegiak» programako plazen deialdia egiteko 2023an.

Arau-esparru horretan oinarrituta eta jardun-arlo horretako erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritza auzolandegien programa bat kudeatzen ari da Gazteria Zuzendaritzaren bitartez.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2023ko «Auzolandegiak» programako plazen deialdiaren arauak ezartzea.

2. artikulua.– Definizioak.

1.– Auzolandegietan, hainbat jatorritako gazteen talde batek konpromisoa hartzen du, borondatez eta eskuzabalki, gizarte-hedadurako eta jarduera osagarrietarako lan-proiektu bat garatzeko denbora-tarte jakin batean. Proiektua bitarteko bat da honako balio hauek sustatzeko: bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturarteko ikaskuntza, besteak beste.

2.– Auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek ostatua eta mantenu osoa izango dute.

3.– Deialdi honetan eskaini diren auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek asegurua izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak adostutako istripu-aseguruen eta erantzukizun zibileko aseguruen kontratuetan erabakitako baldintzetan.

4.– Euskadiko auzolandegietan, parte-hartzaileek auzolandegi bakoitzeko arauak eta protokoloak bete beharko dituzte.

5.– Gazteria Zuzendaritza gazteen eta autonomia-erkidegoen arteko edo erakunde antolatzailearen arteko bitartekaria izango da beste autonomia-erkidego batzuek edo Nazioarteko Boluntariotza Zerbitzuak antolatutako auzolandegietan (autonomia-erkidegoek eta Nazioarteko Boluntariotza Zerbitzuak beren arauak dituzte). Gainera, honako hauek ez dira izango Gazteria Zuzendaritzaren erantzukizuna: behin betiko onarpena, data-aldaketa, txandak bertan behera uztea, ostatua, janaria, lanorduak, denbora librearen antolaketa eta kuota itzultzea. Beste autonomia-erkidego batzuetako edo atzerriko auzolandegietara joaten diren pertsonek auzolandegietara sartzeko eta bertan egoteko baldintzak, arauak eta protokoloak bete beharko dituzte. Horrek gastu gehigarria ekar badezake eta harrera-erakundeak gastu hori bere gain hartzen ez badu, interesdunaren kontura izango da.

6.– Auzolandegiaren tokiraino joatea parte-hartzaileen kontura izango da. Halaber, parte-hartzaileen erantzukizuna izango da, nazionalitatea kontuan hartuta, auzolandegiaren atzerriko herrialdean sartzeko behar diren agiri guztiak eskuratzea.

7.– Deialdi honen parte-hartzaileek auzolandegi batean baino gehiagotan parte hartu ahal izango dute, baldin eta plaza bat edo gehiago Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan hautatzen bada. Horretarako, ebazpen honetan ezarritako prozedura bete behar da, eta eskatutako agiriak bitarteko elektronikoen bidez bidali beharko zaizkio Gazteria Zuzendaritzari, kuota ordaindu eta gero.

3. artikulua.– Eskainitako plazei buruzko informazioa.

1.– Deialdian eskainitako auzolandegiak Euskal Autonomia Erkidegoan, estatuko beste autonomia-erkidego batzuetan eta, ahal izanez gero, beste herrialde batzuetan egingo dira.

Adingabeek Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste erkidego batzuetako auzolandegietan parte hartu ahal izango dute.

Eskainitako plazak https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian kontsultatu daitezke, baita Gazteria Zuzendaritzan ere (Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan nazioartekoak ez diren auzolandegietan eskainitako plazen % 10 dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordeko dira, auzolandegiaren jarduera motaren arabera.

3.– Dibertsitate funtzionala duten pertsonek laguntzaile bat izango dute auzolandegian dauden bitartean.

4.– Eskainitako plazen zerrenda aldatu ahal izango da eskaerak aurkezteko epea hasten denetik aurrera, plazak erreserbatu ahala kenduko direlako eta plaza gehiago eskain daitezkeelako.

5.– «Auzolandegiak» programari buruzko informazioa https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian kontsultatu ahal izango da, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informazio Zerbitzuetan eta Gazteria Zuzendaritzan ere (Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

4. artikulua.– Plaza lortzeko baldintzak.

Deialdi honen arabera, honako hauek dira auzolandegiko plaza lortzeko baldintzak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea ebazpen hau EHAAn argitaratu baino lehen.

b) Europar Batasunekoak ez diren atzerritarren kasuan, dagokien bizileku-baimena izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea agindu hau EHAAn argitaratu baino lehen. Egoitza baimenik ez duten Europar Batasuneko atzerritarrek Euskadiko auzolandegietan soilik parte hartu ahal izango dute.

c) Eskatutako auzolandegian parte hartzeko adierazitako adina izatea auzolandegia hasten den egunean eta auzolandegi guztian zehar.

d) Guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren adostasuna izatea, eskaera egiteko orduan emantzipatu gabeko gazteen kasuan; edo guraso-ahala edo tutoretza duenaren berariazko baimena izatea, 16 urtetik beherakoen kasuan.

Adingabearen gurasoak epai judizial irmo baten bidez bananduta edo dibortziatuta badaude, horren berri jasoko da inskripzioan, eta epai irmoa beteko da, inskribatzeko prozedura osoan eta adingabea auzolandegian dagoen bitartean. Epai irmorik gabeko banantze- edo dibortzio-prozesuen kasuan, behin-behineko akordioa bete beharko da.

e) Eskaera adierazitako garaian eta moduan egin izana.

f) «Auzolandegiak» programan izena emateko kuota ordaindu izana.

g) Adingabeekin harremana izan behar den ekintzak dituzten auzolandegien kasuan, sexu-delituengatik kondenarik ez izatea. Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, delitu horiengatik zigorrik jaso ez dutela egiaztatzeko; eta, atzerritarren kasuan, jatorrizko herrialdeak ziurtatutako antzeko dokumentua. Halakorik ez badago, herrialdeak igorritako zigor-aurrekarien egiaztagiri baliokidea aurkeztu beharko dute, non ez dagoen sexu-delituen aipamenik.

h) Ezin izango dute izena eman azken hiru deialdietako batean plaza bat esleitu eta auzolandegira joan ez diren pertsonek, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzari uko egin diotela jakinarazi dioten pertsonen kasuan izan ezik. 2022an kanporatutako pertsonek ere ezin izango dute parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan.

i) Dibertsitate funtzionaleko plazak Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako gazteentzat gordeko dira.

5. artikulua.– Behin-behinean izena emateko eta plaza eskatzeko eskaeren epea.

Auzolandegietan parte hartzeko interesa duten pertsona guztiek behin-behinean izena emateko eskaera egin beharko dute, telematikoki, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik maiatzaren 8ra arte (biak barne). Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoekin egingo dira. Baliabide horiek eskuragarri daude hemen: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroan erregistratu beharko da. Hona erregistrora sartzeko helbidea: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

6. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.

Eskabideak hiru prozeduraren arabera izapidetuko dira: Euskadiko eta Estatuko auzolandegietako txanda irekiari buruzkoa, atzerriko auzolandegietarako txanda irekiari buruzkoa eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei buruzkoa.

1.– Txanda irekia Euskadiko eta Estatuko auzolandegietarako.

1.1.– Behin-behinean izena emateko eskaera.

Auzolandegietan parte hartzeko interesa duten pertsonek behin-behinean izena emateko eskaera egin beharko dute, telematikoki, www.gazteaukera.euskadi.eus atarian eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0125606 atarian; horretarako, auzolandegiei buruzko helbideko formularioa bete beharko dute. Hori egin ostean, behin-behineko izen-emate horren erreferentzia esleituko zaie. Interesdun bakoitzak behin baino ezin izango du eman izena behin-behinean. Formularioa betetzean okerren bat egonez gero, harremanetan jarri beharko da Gazteria Zuzendaritzarekin.

Behin-behinean izena emateko eskaerak baliogabetu egingo dira pertsona batek eskaera bat baino gehiago egin duela atzematen bada, eskaerak behar bezala beteta ez badaude edo eskatzaileek auzolandegietan plaza bat lortzeko baldintzak betetzen ez badituzte deialdi honen arabera.

Behin-behinean izena emateko unean adin nagusikoak ez diren pertsonek eskatzailearen aitaren/amaren/tutorearen/tutorearen adostasuna edo baimena aurkeztu beharko dute (V. eranskina), dagokionaren arabera.

1.2.– Zozketa.

Behin-behinean izena emateko jasotako eskaerak egiaztatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da behin-behinean izena eman dutenen zerrenda (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), zozketan esleitutako zenbakiarekin. Behin-behinean izena eman duten pertsonek mezu elektroniko bat eta SMS bat jasoko dituzte, esleitutako zenbakiaren berri emateko.

Jasotako eta egiaztatutako behin-behineko izen-emate guztien arteko zozketa egingo da notarioaren aurrean.

Zozketan zenbaki bat aterako da, eta zenbaki horretatik aurrera egun bat eta ordu bat emango zaizkie eskatzaileei, https://www.gazteaukera.euskadi.eus bidez aplikazioan sartu eta auzolandegia aukeratzeko.

Zozketan ateratako zenbakia lehena izango da aukeratzeko ordenan, eta, hurrenez hurren, horrela, deialdian eskaintzen diren plazak halako bi osatu arte.

Eskainitako plazen halako bi baino behin-behineko izen-emate eskaera gehiago egonez gero, zozketan aplikazioan sartzeko txanda lortzen ez dutenek ezin izango dute deialdi honetan izena eman, artikulu honetako 1.3 eta 1.4 puntuetan aurreikusitako epealdietan izan ezik.

Deialdian eskainitako plazak behin-behineko izen-emateak baino gehiago izanez gero, aplikazioan sartzeko txanda esleituko zaie eskaera guztiei.

Zozketa egin ondoren, hitzordua lortu duten eskatzaile guztiek mezu elektroniko bat eta SMS bat jasoko dituzte. Horren bidez, lortutako hitzorduaren hurrenkeraren berri emango zaie, baita auzolandegian izena emateko eguna eta ordua ere. Informazio hori Nire Karpeta izeneko atalean ere egongo da eskura, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Zozketaren emaitza, esleitutako egunarekin eta orduarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, eta Gazteria Zuzendaritzan ere kontsultatu ahal izango da (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

1.3.– Izen-ematea.

Esleitutako eguna eta ordua aintzat hartuta, aplikazioan sartu beharko da (https://www.gazteaukera.euskadi.eus bidez), une horretan eskuragarri dauden plazen artean bat aukeratzeko. Denbora-tarte nahikoa egongo da plaza hautatzeko eta horretan izena emateko. Denbora amaitu eta plaza aukeratzen ez bada, txanda eta izena emateko aukera galduko dira.

Auzolandegi bat hautatu aurretik, eskatzaileak aukerak lehenetsi beharko ditu, pertsona bakoitzari dagokion denbora-muga kontuan hartuta plazak amaitu daitezkeelako.

Plaza hautatu ondoren, titularra inskribatuta geratuko da.

Plazaren eskaera egiten denean, eskuragarri dauden plazen eskaintzatik kenduko da plaza, izena emateko kuota ordaintzeko epeak iraun bitartean.

Zozketan esleitutako egunean eta orduan izena ematen ez duten eskatzaileek txanda galduko dute.

Izena emateko epean Euskal Autonomia Erkidegoko gazteei esleitutako plaza libreak geratzen badira, izena emateko eguna eta ordua lortu ez duten eta behin-behinean izena eman duten pertsonek beste epe bat izango dute aplikazioan sartu eta plaza libre duten auzolandegietan plaza bat lortzeko. Gazteaukeran jakinaraziko da noiz eta zer ordutan hasi eta amaituko den epe hori.

Plaza guztiak betetzen direnean, https://www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean jakinaraziko da, eta izena emateko prozesua itxiko da.

1.4.– Bete gabeko plazak (bigarren aukerako fasea).

Izena emateko epea amaitutakoan, plaza hutsik geratuz gero, https://www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean jakinaraziko da, eta denbora-tarte bat utziko da interesdunek plaza erreserbatzeko, horretarako jakinaraziko den telefono-zenbakira deituta. Bigarren aukerako fase honetako plazak autonomia-erkidego guztien artean hutsik geratu direnak dira. Behin-behinean izena eman arren plazarik lortu ez duten guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan plaza hutsak geratzen badira, plaza bat bete duten interesdunek ere eskatu ahal izango dute plaza bat, auzolandegi guztiak bete arte. Plazak, erreserbatu ahala, zerrendatik kentzen joango dira.

Egokitutako epearen barruan behin-behinean izena eman ez zutenek ere izena emateko aukera izango dute. Horretarako, behin-behinean izena emateko eskaera bete (https://www.gazteaukera.euskadi.eus bidez) eta dokumentazioa erantsi beharko dute (7. art.). Behin informazioa beteta, aurreko paragrafoan aipatutako telefonora deitu beharko dute plaza erreserbatzeko.

2.– Txanda irekia atzerriko auzolandegietarako.

Atzerriko auzolandegietan parte hartu nahi duten gazteek nazioarteko auzolandegiak hautatzeko aplikaziora sartu beharko dute, Gazteaukeraren webgunearen bidez (https://www.gazteaukera.euskadi.eus). Interesdunek gehienez ere hiru auzolandegi aukeratuko dituzte, eta lehentasun-ordena zehaztuko dute.

Lehentasun-ordenaren arabera, nazioarteko erakundeei galdetuko zaie plazarik badagoen ala ez. Auzolandegi batean plaza hutsik ez badago, hurrengo aukerarako eskaera automatikoki egingo da.

Eskabidea bidaltzeak ez du esan nahi eremuan izena eman denik, eta nazioarteko entitateak hautagaia onartzen duenean bakarrik geratuko da inskribatuta pertsona hori. Ondoren, Gazteria Zuzendaritza gaztearekin harremanetan jarriko da ordainketa egiteko, ebazpen honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nazioarteko entitateak eskaera onartu dion pertsona Gazteaukeraren bidez erregistratu beharko da, Gazteria Zuzendaritzak adierazten dien aplikazioan eta epean, 7.2. eta 7.3 artikuluetako datuak egiaztatzeko.

Nazioarteko auzolandegietan, auzolandegiaren hasieran 18 urte baino gehiago dituzten pertsonek parte hartu ahal izango dute. Atzerriko auzolandegietan izena emateko aukera egongo da gainerako modalitateetako behin-behinean izena emateko aldia hasten denetik uztailaren 1era arte.

3.– Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako txanda.

3.1.– Plaza-eskaera.

Auzolandegietan parte hartu nahi eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek behin-behinean izena emateko eskaera egin beharko dute, Internet bidez, https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0125606 atarian, auzolandegiei buruzko helbidean dagoen formularioaren bidez. Hori egin ostean, behin-behineko izen-ematearen eskaeraren erreferentzia emango zaie. Dibertsitate funtzionala duten pertsonek plaza zehatzak dituzten auzolandegietako bat aukeratu beharko dute.

Interesdun bakoitzak behin baino ezin izango du eman behin-behinean izena. Eskaera betetzean okerren bat egonez gero, harremanetan jarri beharko da Gazteria Zuzendaritzarekin.

Behin-behinean izena emateko eskaerak baliogabetu egingo dira pertsona batek eskaera bat baino gehiago egin duela atzematen bada, eskaerak behar bezala beteta ez badaude edo eskatzaileek auzolandegietan plaza bat lortzeko baldintzak betetzen ez badituzte deialdi honen arabera.

Aurrez izena emateko eskaera egiteko unean adingabeak diren pertsonek eskatzailearen aitaren/amaren/tutorearen/tutorearen adostasuna edo baimena aurkeztu beharko dute (V. eranskina), dagokionaren arabera.

3.2.– Zozketa eta plazaren erreserba.

Jasotako behin-behineko izen-emateak egiaztatu ondoren, dibertsitate funtzionala duen pertsona batek edo bik baino ez badituzte eskatzen auzolandegia eta txanda, zuzenean gordeko zaie plaza, eskaerak egiteko epea amaitu ondoren.

Zozketa egingo da auzolandegiren batean plaza baino eskaera gehiago badago. Zozketaren bidez, aldez aurretik behin-behineko izen-ematean aukeratutako auzolandegian inskribatuta egotera pasatzeko ordena zehaztuko da. Zozketaren emaitza, esleitutako zenbakiarekin eta auzolandegiarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Behin-behinean izena eman duten pertsonek iragarki-taularako sarbidea duen mezu elektroniko bat jasoko dute, baita esleitutako zenbakia zein den informatzen duen SMS bat ere.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat erreserbatutako plazak hutsik geratuz gero, beste auzolandegietan inskribatu eta nahi zuten auzolandegian plazarik lortu ez dutenei eskainiko zaie. Plazak amaitzen direnean edo eskatzaile guztiei aukeratzeko aukera ematen zaienean, www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean jakinaraziko da eta izena emateko prozesua itxiko da.

Bigarren aukerako fasean, dibertsitate funtzionala duten eta horretarako gaitutako aldian aurrez izena eman ez duten pertsonek behin-behinean eman ahal izango dute izena, baldin eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako plazak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan plaza hutsak badaude eta horietan parte hartu nahi badute. Horretarako, aurrez izena emateko eskaera bete beharko da (www.gazteaukera.euskadi.eus) eta dagokion dokumentazioa erantsi (7 art.). Eskatutako informazioa bete ondoren, telefono-zenbaki batera deitu beharko dute plaza erreserbatzeko. Estatuko auzolandegietan, dibertsitate funtzionala duten pertsonen kopurua ezingo da izan % 10 baino handiagoa.

7. artikulua.– Izen-emateak izapidetzea.

1.– Izena emateko kuota ordaintzea.

Eskaera txanda librean egin duten interesdunek izena emateko kuota ordaindu eta ordainagiria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpetatik erantsi beharko dute (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), plaza aukeratu eta hurrengo egunetik hasita bi egun natural igaro baino lehen. Kuota ordaindu ondoren, plaza eskatzailearen izenean erreserbatuta egongo da.

Nazioarteko auzolandegien kasuan, bi egun naturaleko epean ordainduko da, plazaren erreserba berretsi ondoren, eta plaza gordeko da Gazteria Zuzendaritzak adierazitako aplikazioan erregistratu ondoren.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen kasuan, plazaren erreserba jakinarazten zaienetik eta eskatutako dokumentazioa Nire Karpeta atalaren bidez Gazteria Zuzendaritzari aurkezten zaionetik bi egun natural igaro baino lehen egin beharko da ordainketa,.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 110 euroko kuota ezarriko da. Hori xedatzen duen araua hau da: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko apirilaren 1eko Agindua, «Auzolandegiak» programan izena emateko kuotaren prezio publikoa ezartzen duena.

Gainerako autonomia-erkidegoetan, bakoitzean indarrean dagoen inskripzio-kuota ordaindu beharko da.

Beste herrialde batzuetako auzolandegi batzuek ordainketa gehigarria ezartzen dute (kuota gehigarria). Horiek ez dagozkio Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazioari, eta eskudirutan ordaindu beharko dute boluntarioek auzolandegira heltzen diren lehen jarduera-egunean.

2.– Izena emateko behar diren agiriak.

Inskripzioa egin eta bi eguneko epean bidali beharko dira agiri hauek Gazteria Zuzendaritzara, Nire Karpetaren bidez:

a) Izena emateko kuotaren ordainagiria.

b) Guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren adostasuna edo baimena, eskaera egiteko orduan emantzipatu gabeko gazteen kasuan.

c) Behar izanez gero, dibertsitate funtzionalaren ziurtagiria.

d) Dibertsitate funtzionala duten pertsonek, osasun-txartelaren kopia.

e) AIZik ez daukaten atzerritarren kasuan, pasaportearen kopia.

f) Europar Batasunekoak ez diren atzerritarren kasuan, bizileku-baimenaren kopia.

g) Adingabeekin harremana izatea behar den ekintzak dituzten auzolandegien kasuan, sexu-delituengatiko kondenarik ez izatea. Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, delitu horiengatik zigorrik jaso ez dutela egiaztatzeko; eta, atzerritarren kasuan, jatorrizko herrialdeak ziurtatutako antzeko dokumentua. Halakorik ez badago, herrialdeak igorritako zigor-aurrekarien egiaztagiri baliokidea aurkeztu beharko dute, non ez dagoen sexu-delituen aipamenik.

3.– Instrukzio-organoak ofizioz kontsultatu ahal izango ditu nortasun-datuak (NAN, AIZ), salbu eta interesdunak edo haren ordezkariak –behin-behinean izena emateko unean adingabeen kasuan– horren aurka egiten badu modu arrazoituan. Aurka egonez gero, onuradunak dagozkion ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu. Errolda historikoa, bizileku-datuak eta Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa kontsultatzeko, hala badagokio, aldez aurreko baimena beharko da. Baimenik ematen ez bada, 2023ko Auzolandegiak programaren deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren emandako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4.– Izen-emateak ezeztatzea.

Egindako eskaerak kasu hauetan baliogabetuko dira:

– Behin-behinean izena emateko eskabidean emandako datuak identifikazio-datuekin bat ez badatoz.

– Izena emateko kuota ordaindu ez bada ordaintzeko epea igaro aurretik.

– Eskatutako agiriak aurkeztu ez badira aurkezteko epea igaro aurretik, edo interesdunak berariaz eta idatziz eskatzen badu.

– Nazioarteko auzolandegietan, Gazteria Zuzendaritzak aplikazioan izena emateko eskaera egin ondoren, izen-emate hori egiten ez bada edo, datuak egiaztatu ondoren, plazaren esleipenduna izateko baldintzak betetzen ez badira.

8. artikulua.– Eskaeretako akatsak zuzentzea.

Izena emateko eskaeraren izapideak onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun baliodun emango zaizkio interesdunari, akatsak konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpeta atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela iritziko zaiola; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

9. artikulua.– Plazak behin betiko esleitzea.

Gazteria Zuzendaritzak 7.2 eta 7.3 artikuluetan ezarritako dokumentuak eta agiriak jasota, eskatutako plaza esleituko da. Interesdunari berariaz jakinaraziko zaio plazen esleipena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpeta atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Gainera, Gazteriako zuzendariaren ebazpenean jakinaraziko da plazen esleipena, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios) eta hurrengo egunetik sei hilabete igaro baino lehen.

Plaza esleitua duten pertsonek, auzolandegira ez joatea erabakitzen badute, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzari lehenbailehen jakinarazi beharko diote, Nire Karpetaren bidez.

10. artikulua.– Deialdiaren izapidetzearen inguruko argitalpenak zer bitartekoren bidez egingo diren adieraztea.

Deialdi honen izapidetzearen inguruko argitalpenak https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taula elektronikoan, baita Gazteria Zuzendaritzaren iragarki-oholetan ere (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

11. artikulua.– Plazari uko egitea eta izena emateko kuota itzultzea.

1.– Parte-hartzaileek edozein momentutan uko egin ahal izango diote plazari, auzolandegiak hasi baino lehen. Horretarako, agindu honen III. eranskina bete, elektronikoki sinatu eta espedientera erantsi behar dute, Nire Karpetaren bidez.

2.– Gainera, kuota itzultzeko eskubidea badute, dagokion inprimakia bete, elektronikoki sinatu eta Nire Karpetaren bidez espedientera erantsi beharko dute (ikusi IV. eranskina).

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko eta atzerriko auzolandegietan izena emateari dagokion prezio publikoa artikulu honetan ezarritakoarekin bat eginez itzuliko da: irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 34.6 artikulua. Hau da, kasuan kasuko zenbatekoa itzuliko da prezio publikoa ordaindu behar duen pertsonari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik jarduera egiten ez denean edo zerbitzua ematen ez denean, deialdi honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.

4.– Parte ez hartzeko arrazoia Administrazioari egotzi ezin zaionean, honako alderdi hauek egiaztatu behar dira:

4.1.– Auzolandegian parte hartzea eragozten duen arrazoia hauetakoren bat izatea:

a) Gazteak auzolandegira joatea eragozten dion gaixotasun edo istripuren bat izatea.

b) Lehen edo bigarren mailako odolkidetasuna duen senide baten gaixotasun larria edo heriotza.

c) Behar bezala justifikatutako ezinbesteko beste kausa batzuk.

Ordainketa egin behar duen pertsonari egotz dakiokeen arrazoitzat joko dira honako hauek: 7. artikuluko 2. eta 3. ataletan eskatutako agiriak epez kanpo bidali izana edo agiriak bidali ez izana, lanpostu bat lortu izana, eskola-emaitza txarrak lortu izana edo auzolandegiaren data berean egingo den beste jarduera-programaren batean plaza eskuratu izana.

4.2.– Auzolandegia hasi aurretik uko egiteko orria aurkeztu izana Nire Karpetaren bidez (ebazpeneko III. eranskina), Gazteriako zuzendariari zuzenduta, beteta eta elektronikoki sinatuta.

Uko egiteko orria helbide honetan eskura daiteke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0125606

4.3.– Kuota itzultzea eskatu nahi duen pertsonak, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, Nire Karpetaren bidez, 2023ko irailaren 30a baino lehen:

a) Kuota itzultzeko eskaeraren orria (eranskinaren IV. eranskina), beteta eta sinatuta.

b) Auzolandegian parte hartzea eragozten duen inguruabarraren justifikazio fede-emailea, dagokion erakunde publikoak emana, hala badagokio.

c) Hirugarrenaren datuak kontsultatu ahal izango ditu organo instrukzio-egileak, informazio hori organo-instrukzio egilearen artxiboetan badago, salbu eta interesdunak horren kontra egiten badu. Baimen hori ematen ez bada, hirugarrenaren (auzolandegian izena emandako pertsona) datuen alta-orria aurkeztu beharko da, behar bezala beteta eta elektronikoki sinatuta; helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

Kuota itzultzeko eskaera eta hirugarrenaren datuen alta-orria www.euskadi.eus/zerbitzuak/0125606 helbidean eskura daitezke eta Nire Karpetara erantsi beharko dira.

5.– Gaztea auzolandegian parte hartzen hasi ondoren, kuota behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan baino ez da itzuliko. Kasu horietan, parte hartu ez den egunei dagokien zenbateko proportzionala itzuliko da. Egun horiek auzolandegiaren txandaren iraupenaren % 50 izan behar dira gutxienez.

6.– Kuota itzultzeko eskaerak Gazteriako zuzendariak ebatziko ditu, aurkezten diren egunetik bi hilabete (2 hilabete) igaro baino lehen.

7.– Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetako auzolandegietan izena emateko ordaindutako zenbatekoak itzultzeko, halako egoeran gertatuz gero, autonomia-erkidego horietan kuotak erregulatzeko arauetan ezarritakoa bete beharko da.

8.– Nazioarteko esparruetan, kuota ez da itzuliko, baldin eta, Gazteria Zuzendaritzak adierazitako aplikazioan erregistratzeko eskatuta, erregistroa egiten ez bada eta aurrez onartutako boluntariotza-esparruko parte-hartzea ezeztatzen bada.

12. artikulua.– Jarduera bertan behera uztea.

Gazteria Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan egitekoa den auzolandegi bat bertan behera utz dezake, beharrezkotzat jotzen badu ikuspuntu teknikoan eta aukeran oinarrituta. Horretarako, Gazteriako zuzendariak aldez aurretik emandako aldeko ebazpena behar da.

Kasu horretan, bertan behera utzitako auzolandegian izena eman duten pertsonak beste auzolandegi batera bideratu ahal izango dituzte, aukera hori badago eta borondatez hori onesten badute. Horrela ez bada, izena emateko kuota itzultzeko eskubidea izango dute. Hala ere, pertsona horiek, 2023ko irailaren 30a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nire Karpetaren bidez:

a) Kuota itzultzeko eskaeraren orria (ebazpen honen IV. eranskina), beteta eta elektronikoki sinatuta.

b) Hirugarrenaren datuak kontsultatu ahal izango ditu organo instrukzio-egileak, informazio hori organo-instrukzio egilearen artxiboetan badago, salbu eta interesdunak horren kontra egiten badu. Baimen hori ematen ez bada, hirugarrenaren (auzolandegian izena emandako pertsona) datuen alta-orria aurkeztu beharko da, behar bezala beteta eta sinatuta; helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Nire Karpetan eskuragai daude kuota itzultzeko eskaera orria eta hirugarrenaren datuen alta-orria.

13. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Auzolandegietan izena emateko, beharrezkoa izango da aurretik berariazko baimen idatzia aurkeztea, non pertsona interesdunak onespena ematen baitu beraren datu pertsonalak erabiltzeko eta elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, Europar Batasuneko organoei, Estatuko Administrazioko beste organo batzuei, toki-administrazioko organoei eta EAEko beste organo batzuei jakinarazteko, betiere ezinbestekoa denean Auzolandegiak programa kudeatzeko.

Eskaeran jasota dauden izaera pertsonaleko datuak tratatu eta tratamendu–jarduera honetara gehituko dira: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak:

– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.

– Helburua: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko antolakundeak, Europar Batasuneko organoak, Estatuko Administrazioko beste organo batzuk, toki-administrazioko beste organo batzuk eta autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio osagarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/103700-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Lehendakaritzako idazkari nagusiaren ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 27a.

(Lehendakaritzako idazkari nagusiari eginkizunak eskuordetzan ematen dizkion lehendakariaren otsailaren 8ko 4/2023 Dekretuaren arabera).

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JUAN MANUEL CASTILLA ALBISU.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala